Geografia unibertsala»Geografia
Eguratsa
Hau da eguratsaren definiziorik errazena:
Lurra inguratzen duten eta gas egoeran dauden materialen geruza.
Berez, zatiki gotorrak eta isurkariak suspentsioan
dauzkan gas nahasketa da eguratsa,
grabitatearen indarraren bitartez Lurrari loturik dagoena.
Konpresioa dela-eta,
ia egurats guztia (%97) lurretik gertueneko lehen 29 kilometroetan dago,
baina esan daiteke eguratsa
hamar mila kilometroko goratasuneraino iristen dela,
eta han planeta arteko eremuarekin nahasten dela.
Bizitzeko ezinbestekoa delako,
eta orobat erregulatzaile gisa duen zeregina dela-eta,
eguratsean gertatzen dira hautematen ditugun eguraldi gorabeherak,
eta, aldi berean,
klimaren elementuak baldintzatzen dituen eragilea da.Eguratsaren kontzeptua hobeto ulertu
ahal izateko, behar-beharrezkoa da aldez
aurretik zenbait puntu argitzea, eta eguratsaren
izatea ahalbidetzen duen mekanismoa
aztertzea. Horrela, esan behar da materialek,
beren egoera gorabehera, energia
zinetikoa izaten dutela zatikietan, mugimendua
eragiten duena. Aldi berean, zatiki bakoitza
gainerako zatikien erakarpen indarraren
mende ere badago, eta elkartzera egiten
dute. Bi indarren arteko erlazioaren arabera
mugituko da zatiki jakin bat gehiago
edo gutxiago.
Gas egoeran dauden materialen ezaugarri
nagusia da zatikiek masa berean dauden
gainerako zatikiekiko modu librean
mugitzeko adina energia dutela; alabaina,
ez da ahaztu behar badirela erakarpena
eragiten duten bestelako masak ere.
Lurraren kasuan, gas molekulek Lurraren
erakartze indarra (grabitatea) jasaten
dute, indar horrek Lurraren erdialdera bultzatzen
ditu, eta, horren ondorioz, ezin dira
izarrarteko espazioetara joan. Zatiki mota
desberdinak daudenez gero, bakoitzak indar
mota desberdina hartzen du, eta, hori
dela-eta, batzuk lur azaletik gertuago egoten
dira, eta urrunago besteak. Egoera horren
ondorioa geruzetan antolaturiko egitura
bat da, Lur azaletik urrundu ahala gero
eta dentsitate gutxiago duena. Egitura horrek
eguratsaren goiko muga definitzeko
bidea ematen du, hau da, zatikiak oraindik
Lurraren erakarpen indarraren mende daudena;muga hori hamar mila kilometro inguruan
jartzen da, nahiz eta hogeita hamar
mila kilometroko garaieran Lurraren erakarpen
indarraren mende dauden hidrogeno
atomoak ere aurki daitezkeen.
Praktikan, Eguzkia da eguratsean gertatzen
diren prozesu gehienen energia iturri
nagusia; beste zenbait energia iturri ere
badiren arren (Lurraren barne iturri erradioaktiboak
eta bolkanikoak), ez dute ia-ia
eraginik izaten. Horrela, Eguzkiaren igorpen
etengabea da, gehienbat irrada energia
gisa heltzen zaiguna, gure planetara heltzen
den bero energiaren eragile nagusia.
Lurrak, aldi berean, bere tenperatura delaeta,
beroa bidaltzen du kanpoko espaziora
eta, horren ondorioz, energia galerarik ere
bada. Energia sartzeko eta irteteko prozesu
horiek etengabeak dira, eta bi prozesuen
arteko diferentziatik sortzen da Lurra/eguratsa
sisteman dagoen beroaren balantza
orokorra. Balantza hori, gaur egun, hutsa
da, Eguzkitik hartzen den energia kopurua
eta Lurrak kanporatzen duena berdinak direlako;
horrela gertatuko ez balitz, Lurra
berotu edo hoztu egingo litzateke. Horrez
gainera, irradak ez baitira modu berean banatzen
Lur osoan, energia transferitzeko
mekanismo garrantzitsuak sortzen dira
Ekuatore eta lurburu inguruetako lurraldeen
artean, eguratsaren eta ozeanoen bitartez.
Horrek guztiak dakar, zuzenean ez bada
ere, Lurreko eguraldiaren eta klimaren banaketa.
Eguratsaren jatorria
Eguratsaren jatorriak eta bilakaerak erlazio
handia dute Lurrean bizitza agertu izanarekin.
Esan daiteke hasiera-hasierako
eguratsa ez zela gaur egun sumendietan sortzen
den gasaren oso bestelakoa, hau da,
ur lurruna karbono dioxido (CO 2), nitrogeno
eta hidrogeno kopuru txikiekin nahasturik.
Hortaz, pentsa daiteke magmaren gasgabetzeak
sortu zuela hasierako eguratsa.
Hasierako egurats hura hoztu zenean, uraren
parte handi bat euri bihurtuta erori egin
zen eta gasak, aldi berean, goialdean banatu
ziren, zein bere dentsitatearen arabera.
Energia handiko irradak xurgatzeko gai
zen sustantziarik ez zegoenez gero, lehen
uneetan ur lurruna disoziatu, eta oxigenoa
sortu zen (gaur egun dagoenaren %0,1 gutxi
gorabehera). Hasierako oxigeno hari
esker, Lurraren azalean zeuden materialak
oxidatzeaz gainera, sortu ahal izan ziren
aurreneko molekula konplexuak; horrez
gainera, molekula horiek irradetatik babesten
zituen ozono geruza ere eragin zuen.
Babes horri esker molekulak bilakatu ahal
izan ziren, lehenbiziko egitura fotosintetizatzaile
biziak eratu ziren arte (eguzkiaren
argiaren eraginez landareen parte berdeetan,
hau da, klorofila dutenetan, gertatzen
diren prozesu kimikoen multzoa da fotosintesia;
prozesu kimiko horiei esker lurra
osatzen duten elementuak karbono hidrato
bilakatzen dira, batez ere). Egitura fotosintetizatzaile
horiek gehitu egin zuten oxigeno
eta ozono kopurua, gaur egun ezagutzen
diren gainerako forma biziak agertu
ziren arte.
Eguratseko karbono dioxidotik (CO 2)
abiatuta, karbonatoak eratu zirenean (azido
karbonikoaren gatz deribatuak dira, hidrogeno
atomoen lekua elementu metaliko
batek hartzen dutenean sortzen direnak),
osatu zen eguratsak gaur egun duen egoerara
iristeko behar ziren eragileen multzoa.
Hala ere, egoera horrek aldaketa garrantzitsuak
izan ditu XX. mendean, industrializazioa
hasi denetik aurrera, hiriguneetako giza
kontzentrazio handiekin eta erregai fosilen
hedapenarekin, eta gero eta gehiago erabiltzen
den automobilarekin. Horren guztiaren
ondorioz, asko igo da karbono dioxidoaren
kopurua eguratsean. Aldi berean,
erraztu egiten da bero energiaren xurgatzea,
eta Lurreko batez besteko tenperaturaren
igoera eta ozeanoetako uraren mailak gora
egin dezan arriskua ekarri du horrek.
Prozesu horretan errekuntzak berak (industriak,
ibilgailuek, etxeetako berogailuek,
etab.) eragindako kutsadurak ere garrantzi
handikoa da, sortzen duen egurats hautsak
karbono dioxidoarenaren antzeko jokamoldea
baitu, eta, aldi berean, negutegi efektu
izenaz ezagutzen dena eragiten duelako.Efektu horren arabera, eguratsaren beheko
geruzetan geratzen dira Lur azaletik irteten
diren irradak.
Duela denbora gutxi jakin da ozono
geruza meheagotzen ari dela. Geruza horrek
Eguzkiak bidaltzen dituen izpi ultramore
kaltegarrietatik babesten gaitu. Izpi
ultramoreek azaleko minbiziak sor ditzakete
eta, orokorrago esateko, materia biziari eragin
diezaiokete. 1970-80 urteetan hasita,
ozono geruzari egiten zaizkion erasoak direla-eta,
kezka handia sortu da ikerlarien
artean eta baita gizartean ere. Ozono geruzak
industriek jaurtitzen dituzten zenbait
gairen eta, batez ere, klorofluorokarbonatoen
(CFC izenez ezagutzen dira) eragin
kaltegarria izaten du. Izan ere, gas horiek,
hozte sistemetan eta aerosoletan erabiltzen
direnak, estratosferan sartzen dira pixkanapixkana,
eta bertan, fotodisoziazioaren bitartez,
ziklo katalitikoen bidez ozonoa suntsitzen
duten kloro atomoak askatzen dituzte.
Lurburuen gainean dagoen ozono kopuru
osoa ez da bera urtaro guztietan, neguko
aire polarra higitu ezinik gelditzen
baita zelula forman. 1985ean, Antartida gaineko
ozono geruza oso txikitu zela jakin
zenean, berriz hasi ziren estratosferakokutsadurari buruzko eztabaidak. Globoekin
edo sateliteekin egin diren saio eta ikerketa
askok erakutsi dutenez, bada zulo bat
lurburuetako ozono geruzan, urte batetik
bestera handitu edota txikitzen dena.
Beraz, badago pentsatzerik efektu bateraturen
bat (sinergikoa) gertatzen ari dela
eta, faktore bakoitzak bakarka garrantzi
handirik ez badu ere, faktore guztien aldi
bereko ekintzak oso kalte handiak eragiten
dituela ozono geruzan. Bada orekazko
egoera bat, zeinean ozono suntsituaren lekua,
beheko geruzetan, karbono dioxidotik
(CO 2) eta egurats hautsaren laguntzaz sortzen
den ozonoak hartzen duen. Horren guztiaren
ondorioz, galerak berdintzeko prozesuak
badiren arren, kutsadura gero eta handiagoa
eta karbono dioxidoa gero eta ugariagoa
baitira, alarma zabaldu da orain arteko
oreka ahula erraz hautsi daitekeela-eta.
Eguratsaren osaera
Hiru gas nagusik eratzen dute gaur egun
eguratsa: nitrogenoak, oxigenoak eta argoiak,
eguratsaren bolumen osoaren %99,95
osatzen dutenak; nitrogenoa eta argoia geokimikokigeldoak dira, eta eguratsera heltzen
direnean bertan geratzen dira; oxigenoa,
berriz, oso aktiboa da, eta kopurua
aldatu egiten da. Horien ostean, eta esanguratsu
ez diren kopuruetan, hidrogenoa eta
gas nobleak datoz; gas egonkor izeneko
multzoa osatzen dute, proportzioa nahiko
egonkorra baita toki eta une guztietan (80
kilometro inguruko goratasuneraino). Gas
horien multzoak aire garbi lehorra deritzana
osatzen du. Garbi esaten zaio ez zatiki
gotorrik ez isurkaririk ez duen aireari (eguratsean
modu naturalean dagoen arren), eta
ur lurrunik ez duenari esaten zaio berriz aire
lehorra.
Hala ere, eguraldiaren inguruko fenomenoetan
zerikusia duten gasak aldakorrak
izenekoak dira, ur lurrunak eta karbono
dioxidoa batez ere, ozono eta aerosolez
gainera. Zehatzago, ur lurruna da prozesu
meteorologiko gehienen eragile nagusia, eta
beroaren garraioan eta erregulazioan ere
badu efekturik. Horrela, karbono dioxidoa
oso garrantzitsua da, eragin handia baitu
Lurraren tenperatura orokorrean; izan ere,
berak xurgatzen du Lurraren irrada, eta bidaltzen
du berriz eguratsera.
Ur lurruna lur azaleko uraren lurruntzetik
eta landareen izerditzetik sortzen da,eta turbulentzia bitartez hedatzen da eguratsean.
Bolumena aldatu egiten da, Ekuatore
inguruko lurraldeetan lurretik gertu %5
ingurukoa izatetik, ia desagertzera arte hamar
edo hamabi kilometrotatik gora. Karbono
dioxidoa (CO 2) lurreko eta ozeanoko
organismo bizien eraginez heltzen da
eguratsera eta baita, gutxiago bada ere,
osagai organikoen deskonposatzearen eta
erregai fosilen errekuntzaren ondorioz ere;
galera hori fotosintesiak eta biosferak eta
ozeanoek xurgatzen dutenak orekatzen
dute. Hori dela-eta, karbono dioxidoa orekan
eta kopuru txikitan mantendu da, baina
ikerketek erakusten dutenez, urterik urtera
handiagoa da gas horren kontzentrazioa.
Eta horrek, «negutegi efektu» delakoaren
bitartez, lurrak kanporatzen duen
irraden balantzea, eta baita klima bera ere,
aldaraz ditzake.
Eguratsean badago ozonoa ere, kopuru
nahiko txikian; kopuru hori ozonoa sortzen
duten eta deuseztatzen duten erreakzioen
arteko balantzeak finkatzen du. Ozonoa goi
eguratsean sortzen da, irrada ultramorearen
eraginez oxigeno molekulak disoziatu
eta berriz konbinatzen direnean, eta 15-35
kilometro bitartean dago batez ere; dentsitate
handiena hogei eta hogeita bost kilometro
bitarteko goratasunean dago. Ozonoak
garrantzi handia du, eguzkiaren irrada
ultramore gehienak xurgatzen dituen
eguratseko gas bakarra baita, eta, horren
ondorioz, estalki babesgarri bat osatzen du,
zeina gabe desagertu egingo litzatekeen Lurreko
bizia. Ozonoaren kopurua asko aldatzen
da latitudearen arabera; kopuru txikia
da Ekuatorean eta handia latitudeko 50
gradutatik gora; urtaroen arabera ere aldatzen
da, eta, hala, udaberrian izaten da ozono
gehien, eta udazkenean gutxien.
Azkenik, aerosol kopuru aski esanguratsuak
ere badira eguratsean. Aerosolakhauts, ke, errauts, gatz eta materia organikoen
zatiki eskegiak dira, eguratsera giza
jardunaren ondorioz nahiz iturburu naturaletatik
heltzen direnak. Kliman garrantzi
handia duten eginkizunak betetzen dituzte,
batez ere kondentsazio gune gisa jokatzen
dutelako, eta lainoak eta behelainoak
haietatik eratzen direlako. Hala ere, batzuetan,
aire kutsadura maila larriak ere sortzen
dituzte, kontzentrazioa gehiegizkoa
denean.
Eguratsaren egitura
Eguratsa geruza horizontalen kopuru
jakin batean bana daiteke, zenbait aldagai
erabiliz (presioa, tenperatura, dentsitatea,
osaera kimikoa, egoera molekularra, elektrikoa
eta magnetikoa). Lehenbiziko laurogei
kilometroen osaera kimikoa nahiko
iraunkorra da eta, ezaugarriak aldatzen badira
ere, homogeneotzat hartu dira eta homosfera
deitzen zaie. Horrela, eguratseko
lehen mailetan ioietan aberatsak diren geruzak
daude eta, hori dela-eta, ionosfera deitzen
zaio. Ionosfera izenak gasak disgregazio
atomikoko egoeran daudela esan nahi
du, eta karga elektrikoa duten zatikiak ugariak
direla.
Aurreko guneari edo homosferari kontrajarrita,
haren gainetik dauden guneek
eraketa kimikoaren uniformetasuna galdu
dute, jadanik ez dira betetzen hidrostatikaren
lege orokorrak eta geruzen araberako
egitura hobeto zertzen da osaeraren bidez,
ezaugarri fisikoen bidez baino; horrela, nitrogeno
molekularreko geruza (200 kilometroko
goratasuna arte), oxigeno atomikoko
geruza (200 eta 1.000 kilometro bitarteko
goratasunean), helio geruza (1.000 eta 3.500
kilometro artean), etab. bereizten dira. Aldiberean, gas masan turbulentziazko nahasketarik
ez dagoenez gero, difusio bidezko
bereizketa gertatzen da; gas astunenak behealdean
biltzen dira eta arinenak goiko
mailetan kontzentratzen dira. Goiko mailetan
biltzen diren gas arin horiek Lurraren
grabitate eremutik kanpora atera daitezke,
hots, exosferaren eta magnetosferaren
eremura.
Eguratsa geruza horizontaletan ere
bana daiteke, tenperaturaren eta tenperaturak
goratasunarekin izaten dituen aldaketen
arabera. Eguraldiari eta eguraldiaren aldaketei
dagokienez, homosferan gertatzen
den goitik beherako mailaketa termikoa da
garrantzitsuena. Eguratsean eragiten duten
bero iturburu zuzenen emaitza konbinatuaren
ondorio da, eta hiru geruza bereizten
dira: troposfera, estratosfera eta
mesosfera.a) Troposfera eguratseko geruza beherena
da, gizakiarentzat eta ingurugiroarentzat
garrantzitsuena, bertan gertatzen
baitira eguraldiaren ia fenomeno guztiak.
Bertan dago masa molekular osoaren ia
%75 (zehatzago esanez, lehenbiziko bost
kilometroetan masa osoaren erdia dago,
eta hamar kilometrotik behera bi heren),
ur lurrun eta karbono dioxido kopuru
handiena, eta aerosol gehienak; hori
dela-eta, bertan sortzen dira hodeiak,
prezipitazioak eta beste hainbat fenomeno
meteorologiko, zurrunbilo ziklonikoek
eta antiziklonikoek sortuak. Troposferaren
barruan, lehen maila bat bereizten
da, seiehun eta zortziehun metro
arteko goratasuneraino, Lurraren muga
geruza esaten zaiona. Geruza horren
ezaugarri nagusia bere azpiko sustratu
geografikoak eragiten dion efektua da.
Airearen turbulentziazko nahasketa da
nagusi geruza horretan, etengabea baita
lur azal zimurtsuarekin duen igurtzia eta
baita aire burbuilen konbekziozko igoera
ere, airea berotzen denean. Geruza horri,
konbentzioz, 600-800 metroko goratasuna
egozten zaio, baina ehun metro
eskasetik kilometro bat edo biraino luza
daiteke. Eragina dute horretan, besteak
beste, topografiak, lur azalaren zimurrek,
landarediaren nolakotasunak, haizearen
indarrak, lurraren berotze edo hozte mailak,
beroaren eta hezetasunaren adbekzioak
(iristeak), etab. Egunez, beroak eta
beroaren ondorioz sortzen den goitik beherako
aire nahasketak handitu egiten
dute muga geruzaren lodiera; horrela,
lodiera handiena arratsaldeko lehen orduetan
lortzen du. Gauez, berriz, lurraren
hoztearen eraginez ez da turbulentziarik
izaten, eta muga-geruza mehetu
egiten da. Lurraren muga geruzaren goimailatik gora (geruza horri «Ekmanen
geruza» ere esaten zaio, eta bertan gero
eta energia gehiagoz azaltzen da Coriolisen
indarra haizean) troposfera askea
dago, aire garbiagoa eta ez hain lodia
duena. Geruza horretan kilometro bakoitzeko
6,5 gradu zentigradu jaisten da
batez beste tenperatura.
Tenperaturak jaisteari uzten dion goiko
muga tropopausa da. Estratu horrek
konbekziozko mugimenduen «estalki» eginkizuna
betetzen du. Tropopausaren goratasuna
aldatu egin daiteke tenperaturaren
eta itsas mailan dagoen presioaren arabera;
hori dela-eta, zortzi kilometro ingurukoa
da lurburuetan, eta Ekuatorean 16 kilometrokoa,
Ekuatoreko turbulentzia konbektiboa
eta berotze bertikala handiagoak
baitira. Ez da geruza jarraitua, haustura
asko baititu, troposferaren eta goiko geruzen
artean truke garrantzitsuak egoteko
aukera ematen dutenak. Haustura horietan
gainera haizeak azeleratu eta zurrusta
lasterrak sortzen dira, «jet stream» ere deituak.b) Estratosfera tropopausatik berrogeita
hamar kilometro inguruko goratasuneraino
luzatzen den eguratsaren geruza
da. Hogeita hamar edo hogeita hamabostkilometroko goratasuneraino balio termikoak
beti berak dira, edo oso gorabehera
gutxi izaten dute. Hortik gora, ozonoak
eguzkiaren irrada ultramoreak eta
irrada ikusgaien eta infragorrien parte bat
xurgatzen dituenez gero, geruza bero bat
eratzen da, zero eta hamar gradu arteko
tenperaturakoa, estratopausa deritzan estratosferaren
goiko geruzaraino iristen
dena. Gune horretan askotan izaten dira
haize indartsuak, ekialdekoak eta mendebalekoak
aldizka. Oraindik ez dira ongi
ezagutzen haize horien zirkulazio sistemak,
eta ikertzen ari dira gaur egun, abiazioan
duten garrantzia dela-eta, eta hobeto ezagutzeko
ozono geruzaren funtzionamendua,
eta estratosferaren eta tropopausaren
artean izan daitezkeen elkarrekiko eragin
meteorologikoak.c) Goi eguratsa: Estratosferatik haruntzago,
mesosfera deritzan gunean, batez
besteko tenperaturak behera egiten du berriz
ere, eta oso laster, zero azpitik laurogei
eta laurogeita hamar graduko balioetaraino;
laurogei kilometrotatik hurbil beste
eten bat dago, mesopausa izenekoa. Hortik
gora beste gune bat hasten da, guztiz
desberdina, termosfera, ionosfera ere
esaten zaiona, hainbat geruza ioitu daudelako
han. Geruza horretan oxigeno atomikoa
nagusi da; oxigeno atomiko horrek
irrada ultramoreak xurgatu, eta eguratsa
berrehun eta hirurehun graduko tenperaturetaraino
berotzen du. Bostehun eta zazpiehun
kilometro artean exosferaren oinarria
dago; dena den, izen hori ez da batere
zehatza, espazioko gune berberak
izendatzeko erabiltzen baita askotan. Eta,
azkenik, magnetosfera dator, eta magnetosferaren
kanpoko muga, magnetopausa,
Eguzkitik datozen eta Lurraren eremu
magnetikoak beretu dituzten elektroiek eta
protoiek osatua. Eremu horiek bi gunetan
biltzen dira, «Van Allenen irrada eraztun»
izenekoetan.
Eguratsaren ezaugarriak
Eguratsa eratzen duten geruzen eta Lurraren
arteko tartea izan handiagoa ala txikiagoa,
hartara erakarriko ditu gehiago ala
gutxiago geruza jakin batzuen osagai diren
zatiki mota berberak. Fenomeno hori dela
eta, zatiki gehiago bilduko da gune bakoitzaren
behealdean.
Beraz, badirudi normala dela troposferaren
beheko geruzetan handiagoa izatea
oxigeno eta nitrogenoaren dentsitatea, eta
hidrogenorik ez izatea ia, zeren, hidrogenoarenmasa askoz txikiagoa denez gero,
goialdeko geruzetan biltzen baita.
Dentsitate handiago horren ondorioz,
fenomeno bereziak gertatzen dira batzuetan
behealdeko gune horietan, berotzea,
adibidez. Horren arabera, troposferak tenperatura
jakin bat du, eta tenperatura horrek
zenbat eta gehiago egin gora, orduan
eta apalagoa da dentsitatea. Fenomeno hori
tropopausaraino gertatzen da, bertan minus
hirurogeita hamar gradu zentigraduko tenperatura
hartzen baitu. Hortik aurrera, tenperaturak
gora egiten du, beste fenomeno
baten ondorioz: Eguzkiaren irraden zati bat
xurgatu egiten da, eta oxigenoaren molekula
biatomikoa ozono molekula triatomiko
bilakatzen da. Horren ondorioz, tenperaturak
gora egiten du, estratopausan iristen
diren hamazazpi gradu zentigradutaraino.
Hortik aurrera ez da ozono gehiago sortzen,
ez baitago oxigeno nahikorik, eta tenperatura
jaitsi egiten da berriz ere, mesopausaraino,
non minus laurogeita hiru gradu zentigradu
hartzen dituen.
Heterosferan sartzearekin batera, osagarrien
ioitze prozesua hasten da, eta hortik
datorkio gune honi ionosfera izena. Alabaina
fenomeno horrekin batera tenperaturak
gora egiten du, eta horregatik deitzen zaio
baita ere termosfera.
Eguratsaren jokabidea
Eguratsa geruzetan egituraturik egoteak
zerikusi zuzena izan du biziaren agerpenean
eta garrantzi handia du halaber bizi horren
iraupenean. Kanpoalderago dauden geruzetan,
heterosferan, atomoak ioituak daudenez
gero, energia handiko irraden zati
handi bat maila horretan geratzen da, eta
horren ondorioz, materiak, beheko geruzetan,
egitura biologiko konplexuak osa ditzake.
Estratosferan osatzen den ozono
geruzak ere badu zerikusirik horretan.
Beste alde batetik, beheko geruzetan
karbono dioxidoa (CO 2) dagoelarik eta zatikien
dentsitatea handiagoa denez gero, lur
azalera heltzen den irrada energia beheko
geruza horietara joaten da, eta, une batez,
bertan geratzen da. Zatiki horiek libre ibiliko
balira, energia berehala galduko litzateke,
kanpoko espaziorantz. Baina geruza
bakoitzaren barruan goratasunarekin dentsitatea
gutxitu egiten denez gero, troposferan
batez ere, energiak ez du horren azkar
ihes egiten, eta nolabaiteko energia metatzea
eragiten du. Energia metatze horren ondorioz
tenperaturak gora egiten du, eta hori
ezinbestekoa izan zen bizia ager zedin eta
gaur egun iraun dezan.