Geografia unibertsala»Geografia
Geiserrak eta iturri termalak
Lurrean, leku batzuetan, oso ur bereziko iturburuak daude: ura oso
beroa ateratzen da eta gatz asko eta era askotakoak daramatza urturik.
Sumendi inguruetan edo normala dena baino gradiente geotermiko
handiagoa duten lekuetan azaleratzen dira iturburuok; horregatik
ateratzen da ura horren bero eta horrenbeste gatzarekin. Iturburu
batzuetan ura aldizka eta indarrez azaleratzen da, ur eta lurrun turrusta
handitan, eta halakoetan geiser deitzen zaio iturburuari.
Sumendi batek bere erupzio prozesua bukatzen duenean ere gaiak
kanporatzen jarrai dezake; laba jariorik ez bada ere, gasa irteten da
arrailduretatik. Fumarola esaten zaio gas horri, eta zenbat mota
bereizten dira, osagaien eta tenperaturaren arabera.
Bostehun gradu zentigradu artean sodio eta potasio kloruroen lurrunak
–batere urik gabeak– askatzen dituzte fumarolek, eta fumarola
lehorrak edo klorurodunak deitzen zaie. Bostehun eta berrehun gradu
zentigradu bitartekoek, berriz, HCl eta SO 2 askatzen dute eta fumarola
azidoak deitzen zaie. Berrehun gradutatik beherakoek amoniakoa
izaten dute eta amoniako fumarolak deitzen zaie. Ehun gradu
zentigradu inguruan H 2S askatzen dute eta fumarola sulfhidrikoak
deitzen zaie. Inguruneko tenperaturan, berriz, CO 2 darie eta fumarola
karbonikoak deitzen zaie.
Gas horiek sumendi jatorrikoak dira zalantzarik gabe. Ur lurruna,
berriz, magmaren desgasifikazioaren ondorio da (ur gaztea deitzen
zaio ur horri), baina lur azpira iraziriko euri urarena ere izan daiteke.
Iturri termalak
Lurreko leku jakin batzuetan, beraz, ur
bero-beroko iturburuak daude. Sumendi jatorrikoak
dira batzuk, sumendiak isuririko
ur lurruna hoztearen ondorio; hozten ari den
magmazko gune batetik hurbil ur laster bat
igarotzearen ondorio, beste batzuk. Iturriotako
urak bestelakoak baino askoz ere gai
gehiago darama urturik; izan ere, tenperatura
handitzean disolbagarritasuna handiagoa
denez, gaiak urtzeko edo disolbatzeko
ahalmen handia dute ur bero horiek. Ur
gazteek urturik daramatzaten gaiak sumendi
jatorrikoak dira (metal astunak, erradioaktiboak);
bestelako urek, berriz, lur azaleko
haitzen gatzak baizik ez daramatzate.
Lur azpitik kanpora orduko uraren tenperatura
beheratzean, disolbaturiko gaiak prezipitatu
eta iturburuaren inguruan pilatzen dira.
Ur termalek, gainera, gas asko daramate, eta
horregatik ditu isurkariak burbuilak egiten.Zestoa (Gipuzkoa) herrian dago Euskal
Herriko ur beroko iturri aipagarrienetako
bat. Zestoako mea urak 1710. urtean aurkitu
ziren eta Euskal Herriko zaharrenetakoak
dira. 1878an Zestoako bainuetxeko zuzendari
Balbino Quesada y Agíus jaunak Zestoako
urari buruz idatzi zuen lan jakingarri
batean adierazten denez, «elurra sekulan
ezarri ez duen paraje bat dago Gesalagan;
giroan dagoena baino bero handiagoa egiten
du beti han…; zingira bat da, ihiz estalia;
han murgiltzen dira zakurrak eta beste
animalia batzuk, eta hala sendatzen zaizkie,
oharkabean, larruazaleko eritasunak…».
Quesada jaunak bere lanean dioenez, Zestoako
urak 33 eta 35 °C bitarteko tenperatura
zuela aipatzen zen 1845ean argitaratu
zen beste liburuxka batean. Ur horiek azido
sulfurikoa, hidroklorikoa eta karbonikoa,
eta oxido metalikoak, kaltzioa eta magnesioa
dute, eta ur sendagarri gisa erabili izan
dira beti.
Geiserrak
Iturri termalen kasu berezi bat dira geiserrak;
geiser hitza «geysa» eskandinaviarretik
dator eta indarrez isurtzea esan nahi du.
Geiserrak iturri alkalino eta sulfuroso beroen
kasu berezi bat dira. Sumendietako
erupzio azidoetan dute jatorria, edo normala
dena baino gradiente geotermiko handiagoa
duten inguruetan sortzen dira. Aldian
behin isurtzearen arrazoia, iturriok sifoi itxurako
irtengunea izango zutelako-edo izango
zela uste izan zen garai batean. Gaur
egun ordea, John Tyndall fisikariaren ikerketez
gero, beste azalpen bat ematen da:
haren arabera, irakite tenperatura baino
pixka bat gutxiago duen leku batetik irakite
puntuaren tenperatura bera duen beste leku
batera igotzen da ura geiserrean gora, eta
igarotze horretan ura kolpetik lurruntzen da
eta leherketa bortitz bat gertatzen da.
Iturriko ura (jarioan dagoenez, isurkari
egoeran dago hasieran) hodi bertikal adarkatu
edo tximinia gisako batean pilatzen da
eta berotuz doa pixkanaka. Irakite tenperaturara
iristen denean, ur lurruna askatzen
da bat-batean, eta pilaturik dagoen ur horren
gaineko aldea eramaten du lurrunak
berekin batera. Horrenbestez, lurrun eta ur
turrusta handia isurtzen da kanpora.
Isurtze horiek ikusgarriak izaten dira geiserraren
hodiak leizeak dituenean lur azpian.
Leizeetan ur lurruna metatzen da presio
handian, tenperatura igo ahala presioa
ere handitzen da, eta, kanporatzen denean,
berrogei edo berrogeita hamar metro gora
ere iristen da ur eta lurrun turrusta.
Berotze prozesua erregularra denez gero,
geiserrak maiztasun jakin baten arabera eta
antzeko indarrarekin isurtzen du beti. Kanporatzean,
tenperaturaren beheratzea dela
eta, gai batzuk ezin urtuzkoak bihurtzen dira
eta irtengunearen inguruan metatzen dira.
Munduko geiser handienak Islandian eta
Estatu Batuetan –Yellowstone Parke Nazionalean–
daude. Zeelanda Berrian ere baziren,
baina sumendi leherketa bortitz batek
suntsitu zituen 1886an.
Islandian, hegoaldean, ehun bat geiser
daude hiru kilometroko ingurune batean.
Estatu Batuetan geiserrik handienak eta
ikusgarrienak Yellowstongo Parke Nazionalean
daude, Mendi Harritsuetan: hamar bat
mila geiser zulo daude, eta horietako batzuek
sekulako lurrun turrustak jaurtitzen
dituzte –ehun metro gora ere egiten dute
batzuek–, hamar minutuz behin. Bada bat,
«Erraldoia» deitua, bereziki ikusgarria: bi
metroko diametroko turrusta ikaragarri bat
jaurtitzen du hogeita lau orduz behin hirurogei
metro gora; isuraldiak 15 eta 37
minutu bitarte irauten du; horra geiserren
erregulartasun zehatzaren eta intentsitatearen
adibide bikaina.
Energia geotermikoa
Gas beroko jarioak eta iturri termalak
–hala lur barnekoak nola barnera iraziriko
ura berotzean sortuak– lur barnearen eta
eguratsaren artean eta eguratsaren eta espazioaren
artean dagoen energia jarioren
adierazpena besterik ez dira. Energia horren
zati bat gaien urtze eta erreakzio prozesuetan
erabiltzen den arren, bero gisa barreiatzen
da gehiena. Gizakiak betidanik
izan du energia hori baliatzeko asmoa, baina,
hartarako teknologia egokirik ez izaki,
sendagarri gisa baizik ez du erabili ahal izan.
Nolanahi ere, teknologiaren aurrerapenei
esker, eta erregai fosilak agortzeko arriskuari
irtenbidea bilatu nahirik, energia termikoa
baliatzeko proiektuak lantzen ari dira gaur
egun; beroa gizakia bizi den edo lanean
diharduen lekuetara bideratu besterik ez da
egin behar. Gaur egun, oso aurrera egin
baitu teknologiak, ura noiz azaleratuko zain
egon beharrean –beroa behar den lekutik
hurbil edo urrun egon daiteke iturburua–
zulaketak egiten dira ur beroko errekak bilatzeko.
Lur azpiko ur termalak hobeto baliatzea
lortzen da horrela, eta bestela sekula
kanporatuko ez liratekeen energia iturriak
aurkitzen dira, gainera.
Nolanahi ere, energia geotermiko hori
sumendiak dauden lekuetan –hau da, normala
dena baino gradiente geotermiko handiagoa
duten lekuetan– baizik ezin da ikertu
eta erabili, baina leku horiek kontsumo
guneetatik urruti egon ohi dira.