Geografia unibertsala»Geografia
Ibaiaren higadura eta garraioa
Ur laster batek, materialaren garraiorako eralgi dezakeen energiaren
arabera, garraia dezakeen material kopuru handienari
ur lasterraren ahalmena deitzen zaio;
ur lasterraren ahalmen hori emariaren
eta uraren lastertasunaren araberakoa da.
Alabaina, ur laster baten ahalmenak eta ur laster horrek une jakin
batean garraiatzen duen material kopuruak edo kargak ez dira berdinak
izaten normalean, eta beraz energiaren arteko aldea izaten da.
Alde hori positiboa denean, hau da,
ahalmena karga baino handiagoa denean,
garraioan erabiltzen ez den energia hondoa higatzen eralgitzen da.
Lurraren gainetik igarotzen den ura da, ezbairik gabe,
denudazio eragile nagusia.
Ur ibilbideen eraginarekin batera, meteorizazioa,
grabitateak eragindako higakin beheratzeak eta ur laster laminarrak
ibai denudazio deitzen den prozesu orokorraren eragileak dira;
horixe da, hain zuzen ere, lur lehorrean ikus daitezkeen paisaje
gehienak eratu dituen eta eratzen ari den prozesua.
Ur ibilbideen eragin geomorfologikoa
Ibai guztiek ez dute eraginkortasun berberaz
higatzen lurra eta garraiatzen materialak.
Higaduraren eta garraioaren munta
ibaiaren lastertasunaren araberakoa da batik
bat. Ibaiaren lastertasuna handia bada,
turbulentzia handiak izango dira, eta ibilgua
handiagoa izateaz gainera, higatzeko
eta garraiatzeko gaitasuna ere nabarmenagoa
izango du. Modu teoriko eta aldi berean
grafiko batez azalduta, ur lasterraren
lastertasunaren handitze aritmetikoak ur
lasterraren degradazio ahalmenaren handitze
geometrikoa eragiten du.
Ibaiaren ur bolumenak ere badu eraginik
higaduran eta garraioan. Bolumenak eta
lastertasunak zeinek bere aldetik, banaka,
zer eragin duten zehaztea ez da gauza erraza,
ur lasterra ibilgu jakin batean edo haran
estu batean zehar itxita doanean, bolumen
aldaketa batek haren lastertasuna aldatzen
baitu aldi berean.
Haitzek meteorizazioaren eta higaduraren
kontra zer erresistentzia duten, horrekere zuzeneko eragina du ur lasterrak
haranak handitu eta zabaltzerakoan. Haitzak
urraduraren eta meteorizazioaren kontra
gogorrak direnean, asko atzeratzen dute
korronteak ibilguan eragin dezakeen higadura
eta haranen alboetan ere proportzioan
material gutxiago meteorizatutako da;
horregatik, haranaren sakontze eta zabaltzea
atzeratu egingo da.Mugitzen ari den urak era askotara tankeratzen
eta higatzen du lurraldea:
Ur laster laminarra eta ur laster kontzentratua
Ur laster laminarra urak maldan behera
hari bihurrietan egiten duen mugimendua
da. Ur hari horiek adarkatu, elkarrekin
gurutzatu eta etengabe aldatzen dira,
eta geruza mehe bat osatuz elkartzen dira
askotan. Bestalde, isuri kontzentratuak edo
ubide barneko isuriak ur bolumen handiak
jaso ditzake beheragoko mailetarantz doan
ahala. Horixe da, hain zuzen ere, eguneroko
hizkeran erreka edo ibai deitzen duguna.
Ibaien isuri bideak estuak eta luzeakizan ohi dira, eta ibai ibilgu esaten zaie.
Ibilguen bi aldeak –ibaiertzak– altuago
egoten dira eta uraren jarioa mugatzen
dute. Ur laster laminarrak mendi eta muinoen
goialdetan hasten dira eta ibai ibilguetan
biltzen, ura eta sedimentuak ekarriz.
Ur laster laminarrak lurreko hainbat
material, erregolito, harri bigun edo erabat
finkatu gabeak etab. dauden lekutik
kendu eta eraman egiten ditu, euria indar
handiz egiten duenean edota elurra azkar
urtzen denean batez ere. Zatiki mineralak
eta landareentzako elikagaiak pixkanaka
erauzi eta maldan behera garraiatzeari
xafla higadura deitzen zaio. Material
lodiak grabitazioaren eta isuriaren lanari
esker garraiatzen dira hegien behealderaino
eta geruzetan metatzen dira, eta
kolubioi metatzeak sortzen dituzte. Beste
zenbait material ibai ibilguetaraino iristen
dira, haietatik berriro garraiatzen dira
eta azkenean haranen hondoan barreiatzen
eta sedimentatzen dira eta alubioi metatzeak
edo alubioi mantua osatzen dituzte.
Oro har, urak sortutako edozein sedimentu
metatzea adierazteko erabiltzen da
izen hori.
Ibai ibilguak eta ur isuriak
Ibai ibilguen tamaina, errekasto txikietatik
hasi eta ibai handietaraino, oso era
askotakoa izan daiteke. Betiere ur emaria
goragoko lekuetatik beheragoetara joaten
da. Jaiste horren balioari ur ibilbidearen
gradiente edo desnibela esaten zaio. Ur
isuriaren lastertasunak ura ibaian behera
zein azkar mugitzen den esan nahi du.
Urak ibaiaren hondoaren eta ertzen
kontra duen marruskaduraren eraginez, ur
jarioaren lastertasuna oso desberdina izan
daiteke leku batean ala bestean: hondoan
ia zero izan daiteke, eta balio handiena
korrontearen erdian eta hondotik urruti
samar izaten da. Ibilgu homogeneoetan,
emarien mugimendua geldoa denean eta ur
hariak elkarren gainean mugitzen direnean,
isuri laminarra dagoela esaten da. Ibilgua
zimurra denean eta lastertasuna azkarra, ur
harien arteko paralelotasuna hautsi egiten
da eta ur hari horiek elkarrekin gurutzatzen
dira, eta isuri uherra sortzen dute.
Uraren ibilbideak oso irregularrak dira,
eta zurrunbiloak, handiak ala txikiak, etengabe
sortzen eta desegiten dira. Horrelakoak
dira, hain zuzen, isuri laminarraren
zatirik handiena eta ubideetan kontzentratzen
den ia isuria guztia. Horrek garrantzi
geomorfologiko handia du; izan ere, emariek
egiten duten erauzketa eta zatiki esekien
garraioa uhertasun korronteen goranzko
mugimenduen mende baitago. Uhertasunik
ez balitz narrasean, biraka edo jauzika
baizik ezin garraiatu ahal izango bailirateke
material zatikiak, baina garraio mota
horietan ere uhertasunak eragindako goraldiek
ere parte hartu.
Sedimentuen garraioa
Lur gaineko euri ura da higatzaile handiena,
eta ibilguak higatu eta induskatzen
dituelako ez ezik, baita meteorizazioak sortutako
sedimentuak garraiatzeko ahalmen
handia duelako ere. Ibai sistemaren baitan,
materialak hiru modutara garraia daitezke:
? Disolbatuta. Materialak disolbatzean,
ioi kimiko ia ikusezinak bilakatzen dira
eta mugarik gabe garraia daitezke ibaian
behera itsasoraino. Disolbatuta gehien agertzen
diren materialak kaltzioa eta bikarbonatoa
dira (HCO ); sodio, magnesio, bur-
3
din eta sulfato ioiak ere oso normalak izan
ohi dira.
? Zatiki finak igerian garraiatzen dira.
Horrela garraiatutako material ohikoenak
buztina, limoa, eta zenbaitetan harea fina
ere bai, izaten dira. Igerian garraiatzen den
materialari suspentsio karga deitzen zaio
eta karga osoaren parte handi bat izaten da
ur laster gehienetan. Suspentsioan dauden
partikulen garraioak emariaren tamainareneta energiaren arabera irauten du, eta azkenean
partikulak uholde zelaietan, aintziretan
edo itsasoan metatzen dira.
? Hirugarren garraio sistema zatiki
larrienei dagokie. Zatiki horiek jauzika,
biraka eta narrasean garraiatzen dira
eta ur lasterraren hondoko karga osatzen
dute.Uraren lastertasuna oso faktore erabakigarria
da tamaina desberdinetako material
zatikiak garraiatzean. Ur lasterraren lastertasuna
handitu ahala une batean higatze
lastertasuna deitu ohi den puntu kritiko
batera iristen da, eta handik aurrera
tamaina jakin bateko zatikiak ibai hondotik
biraka edo narrasean hasiko dira, edo
igo eta suspentsioan geratuko dira. Jakina,
zenbat eta handiagoa izan partikulen tamaina,
hainbat eta handiagoa izango da haiei
dagokien higatze lastertasuna, aleak zenbat
eta handiagoak izan, orduan eta indar handiagoa
egin behar baita aleak mugiarazteko.
Alabaina, uste horren aurka, buztin
koloidal trinkotuen higatze lastertasuna oso
handia da, ia harkoskor lodien adinakoa,
eta higatze lastertasun gutxiena tarteko tamainako
hareari dagokiona da.Bi faktore nagusik mugatzen dute higatzearen
lastertasuna: zatikien arteko kohesioak
eta haien tamainak. Buztina da, bere
izaeragatik, kohesiorik handiena duen zatiki
mota, baina ur lasterraren kontra ere
buztinak du erresistentzia eta marruskadura
gutxiena. Hondotik errazen garraia daitekeen
materiala, berriz, harea da, kohesio
handirik ez duelako, eta, pikorren tamaina
dela eta, oso erresistentzia gutxi duelako
gainera.
Bestalde, hondoko kargak etengabeko
higadura pairatzen du garraioan zehar, zatikiek
elkar jo eta marruskatzen dutelako.
Ur lasterrak jalkin multzoetatik edo ur korronteen
hondotik hartutako haitz pusketen
ertzak leundu eta biribildu egiten dira
pixkanaka higaduraren ondorioz. Horrez
gainera, beste eragin bat ere badu garraioak:
aleak tamainaren arabera bereizi edo
sailkatzen dira. Xeheenak urrutirago iristen
dira eta lodienak atzerago geldituko dira.
Hori guztia oinarritzat hartuz, jalkin multzoaren
osagaien biribiltasun eta tamainen
berdintasun mailari ehundura heldutasuna
deitzen zaio. Sedimentuaren
ehundura heldua garraio luzearen seinale
izaten da.
Uharren jarduera higatzailea
Uharrek oso eragin geomorfologiko
handia dute. Hegi fenomenoak oso garrantzitsuak
izan arren, uharren emari azkarren
ahalmena ez da agortzen, eta horren ondorioz
jarduera higatzaile lineala oso handia
izaten da ibilguaren hondoan. Hori oso
nabarmena da ibaien goi ibilguen formetan
eta erdiko ibilguen itxura mehartuan.
Materialek troka egitura izaten dute, profilak
malkortsuak dira eta ibilguek forma
bereziko haranak osatzen dituzte, gutxi higatutako
horma bertikalekin eta oso sakon
jandako hondo estuekin.
Dena dela, higadura urradura prozesu
bat da eta zatikiek hondoaren kontra jotzearen
ondorioz gertatzen da batik bat. Errekako
harri zuloak horren adibide dira: bertan
trabatuta geratutako harri gogor batek
hormak eta hondoa marruskatuz eratutako
egiturak dira.
Higadura indarra hain denez handia,
materialen arteko gogortasun desberdintasuna
nabariagoa da eta horren eraginez
egitura edo profil bereziki lakarrak sortzen
dira, ibai lasterrak eta ur jauziak, adibidez.
Fenomeno horiek, dena den, uharren emari
txikiarengatik beragatik, ez dute sekula izaten
ibaietan duten ikusgarritasuna.
Uharrak behera egin ahala, energia gutxitu
egiten da eta uharraren higatze indarra
ere bai; ondorioz ibilgua zabaltzen hasi
eta materialak pixkanaka metatu egiten
dira. Alabaina, normalean uharra haran
batean amaitu eta ibairen batekin elkartuko
da eta ibilgua bat-batean handiagoa egingo
da. Hidrodinamikaren legeen arabera,
une horretan nabarmen jaitsiko da uraren
lastertasuna eta aldi berean sedimentazio
handia izango da, eta higakin kono izeneko
haizemaile itxurako sedimentu metatze
bat sortuko da. Mendipean edo maldapean
horrelako hainbat higakin konoren bategiteak
mendioin deitzen den egitura bat eratzen
du. Egitura horiek oso nabarmenak
izaten dira faila edo hausturaren bat dagoenean.
Ibaien jarduera higatzailea
Nahiz eta ur bolumen berak gehiago
higatzen duen uharrean ibaian baino,
ibai ibilguan zehar doan ur kopuru handi-handia
dela eta, litosferaren ageriko zatian
eragin handiagoa dute ibaiek uharrek
baino.
Ibaien goi ibilguetan edo berriki eratutako
ibaietan uharren antzekoa izaten daegoera; landarediak emandako babesak
urritu egiten du mendi hegietako higadura,
baina emaria handiagoa izaten denez,
hondoko jarduera hori nahikoa izaten da
uharren antzeko formak sorrarazteko. Goi
ibilguek eta ibai gazteek horma bertikaleko
eta egitura malkortsuko haran estuak
dituzte, eta ibaia zahartu edo bidean behera
egin ahala, forma horiek aldatu egingo
dira.
Haranaren hondotik etengabe doan ura
da aldaketa horien eragilea. Ibaiertzak marruskatzean
ibilgua zabaldu egiten du, eta
horren eraginez aldeetako materialak erori
eta ibilgua itxi egingo da, aldi baterako behintzat;
urak, beraz, bide berria urratu edo
materialak herrestan eraman beharko ditu.
Prozesu hori behin eta berriz errepikatzen
bada, harana pixkanaka zabaldu egingo da
eta haranean zehar ebakiak azpil itxura
hartuko du. Horixe izaten da, hain zuzen
ere, ibai heldu samarren erdiko ibilguen
forma bereizgarria.
Ibaiaren ibilgua zabaltzeak uraren lastertasuna
moteltzea eragiten du, eta horrenbestez
higatze ahalmena ere galdu egiten
da. Erdiko ibilguetan goi ibilguan
erauzitako materialak, ibai hondoan herrestan
edo suspentsioan edo disoluzioan, garraiatzea
izaten da prozesu nagusia. Material
horiek, garraioan zehar elkarrekin talka
egitean, txikitu, xehetu eta biribildu egiten
dira, eta ehundura zein konposizio
aldetik halako heldutasun batera iritsiz joaten
dira.Tarte horretan emari aldaketek garrantzi
handia dute. Emaria urritzen bada, material
batzuk sedimentatu egingo dira eta
ibaiaren hondoaren maila igo egingo da.
Ibaiak berak, leku jakin batzuetan, jalkin
horiek higatu eta tartetik sartuz ildo bat
ebakiko du, eta uholde garaian eratutako
ibilgua urez kanpo agerian utziko du.
Ibaian ur goraldia izaten bada, uholde
garaiko ibilgua berriro desagertu egin
daiteke.
Haran hondo ia lau horrek ibaiaren
bidea bihurritu egin dezake pixkanaka
eta sigi-sagan ibilarazi. Ur laster bereko
leku desberdinetan urak dituen lastertasuna
desberdinek sedimentazioa eragiten
dute zenbait lekutan, eta sedimentu metatze
horiek ibaia bere ibilbide zuzenetik
desbiderarazten dute, eta ibaiaren aldapa
ere txikitu.
Ibai ibilbideen higatze eta garraio ahalmena
Ibai hondoaren edozein puntutan, uraren
potentzia barne marruskaduretan edo
hondoaren kontra eragiten den energia
baino handiagoa baldin bada, materialak garraiatzeko
eta zenbaitetan, hondotik erauzteko
eta mugiarazteko ahalmena izango du
urak.Potentzia hori, teorian behintzat, lastertasunaren
eta emariaren arabera ezagutu daitekeen
arren, izatez ordea, oso zaila da ibai
hondoaren puntu bakoitzean zein den kalkulatzen,
lastertasuna ez ezik sakontasuna
ere aldatzen delako, eta uhertasunak ere lastertasuna
aldarazten duelako. Zenbat eta
sakonago, orduan eta potentzia handiagoa
behar da materialak hondotik erauzteko,
hondoaren kontra presioa handiagoa egiten
baita; aldi berean, hondoko aleen arteko
kohesioa ere handiagoa da, buztina dagoenean
batik bat. Kargak ere badu garrantzia;
batzuetan karga hori higadura geldiarazteko
adinakoa bada ere, karga mugatu batean
uraren dentsitatea eta masa handiagoak izango
dira, eta horren ondorioz, baita potentzia
ere. Horrela, material astunagoak garraiatu
ahal izango dira. Adibidez, uhar urak
oretsuak eta dentsoak izan ohi dira eta erraz
garraiatzen dituzte bloke handiak ere.
Esan bezala, zaila da ur korronte baten
higadura eta garraio potentzia aztertu eta kalkulatzea.
Alabaina, aztertzeko leku jakin bat
harturik, urak han garraiatzen dituen materialak
leku hartarako gutxi gorabeherako indizetzat
har daitezke; material horiek izan
dezaketen gehieneko pisua lastertasunaren
potentziaren seiren bat izan ohi da, gutxi
gorabehera. Beste hitz batzuekin esanda,
garraiatutako materialen tamaina biziki handitzen
da lastertasuna handitu ahala: esaterako,
uraren lastertasuna bikoiztuz gero hirurogeita
lau aldiz handiago diren materialak
garraia ditzake ur lasterrak. Formulahorrek, ordea, bost bat milimetrotatik gorako
materialentzat besterik ez du balio.
Ur lasterren garraio ahalmenari dagokionez,
bereizi beharra dago, batetik, garraia
daitezkeen material bakanen tamaina, goian
esandako formularen bidez kalkula daitekeena,
eta bestetik, kargaren pisu osoa. Ur
laster batek garraia dezakeen gehienezko
pisu horri ur lasterraren karga muga deitzen
zaio; horren gainetik, ur lasterrak kargaren
zati bat utzi egin beharko luke. Aldiz, lastertasunaren
arabera ur laster batek garraia
dezakeen materialen gehienezko tamainari
ur lasterraren gaitasuna deitzen zaio.
Ur lasterraren potentzia gutxitzen bada
–ibilgua aldapa gutxiko leku batera iritsi delako,
esate baterako, uharra haran nagusira
iristen denean gertatzen denean adibidez–,
karga osoaren zati bat utzi egingo du eta
material handienak izango dira lehenbizi
metatuko direnak. Baina ur laster batek
berez, bere potentziaren arabera, garraia ditzakeenak
baino material txikiagoak baizik
ez baditu, material handiagoak garraiatuko
balitu baino pisu handiagoa har dezake osotara;
beraz, baldintza beretan, ur lasterraren
karga muga handiagoa izango da zenbat eta
material xeheagoak garraiatzen dituen.
Ur lasterrak garraia ditzakeen materialen
neurriaren eta uraren lastertasunaren
arteko erlazioa desberdina izaten da eginkizun
desberdinen arabera, eginkizun desberdinak
azter baitaitezke material garraio
horretan: lehendik garraiatzen ari ziren materialak
garraiatzen jarraitu ala hondoandauden materialak abian jarri; beste alderdi
batzuk ere begiratu behar dira: garraioa
azkarra den ala ur lasterra baino askoz geldi -
agoa den, materialen dentsitatea eta forma nolakoa
den (biribilak, ertz zorrotzekoak…).
Horiez gainera, ez da ahaztu behar materialak
ibai hondoari atxikitzen zaizkiola.
Materialak zenbat eta xeheago, orduan eta
gehiago atxikitzen dira ibai hondora; esate
baterako, 0,25 milimetrotatik beherako materialek,
zenbat eta txikiagoak izan, orduan
eta ur laster indartsuagoa behar dute gorantz
egiteko. Baina, behin hondotik jaso ondoren,
zenbat eta txikiagoak izan, orduan eta ur laster
ahulagoa aski dute garraiatu ahal izateko.
Hori dela eta, material handiak direnean aski
da urak material horiek garraiatzeko behar duen
lastertasuna izatea erauzte bidezko higadura
gerta dadin; material xeheak direnean, berriz,
material horiexek garraiatzeko urak behar
duen lastertasuna baino askoz handiagoa
behar da gai horiek hondotik erauzteko.
Hondoko herrestatzea batik bat jauzika
egiten da. Uherretan izaten diren goranzko
ur lasterrek material astunenek hondoaren
gainean egiten duten presioa gutxiagotzen
dute, eta horrela, goranzko bultzada horrek
irauten duen bitartean garraioa posible da
eta zatikiak mugitu egin daitezke. Horrela,
garraioa jauzika gertatuko da. Bestalde, badira
ia beti suspentsioan dauden materialen
mugimenduak ere. Material horiei “uhertasunak”
esaten zaie; hain dira material finak,
xeheak, non grabitazioz oso geldiro jalkiko
bailirateke eta horregatik aski dira uherdurak
gai horiek suspentsioan edukitzeko.
Uhertasunen bidez uretan suspentsioan eduki
daitekeen karga aski handia izan daiteke;
kasu batzuetan, uharretan adibidez, isurkariaren
bolumen osoaren %80ra ere iristen
da, eta %10era lurralde idorretako ibaietan.
Eskualde epeletako ibai handietan, aldiz,
%1eko balioa handia da. Uhertasunak
gutxitan metatzen dira ibai hondoan, normalean
itsasoratu arte jarraitzen dute, eta
uholdeak direnean baizik ez dira metatzen
haranen hondoetan. Dirudienez, uhertasun
horiek landarediak gaizki babestutako lurretatik
datoz gehienak. Oro har, ur lasterrek
izaten duten karga osoa saturazio maila
baino askoz txikiagoa izan ohi da, uharretan
salbu. Azkenik, ur lasterrek gai disolbatuak
ere garraiatzen dituzte, kaltzio karbonatoak,
esaterako. Zenbaitetan, kare-harria
ugaria den eskualdeetan adibidez, sustantzia
horien kantitate osoa uhertasunena baino
askoz handiagoa ere izan daiteke.
Guztira, kargaren garraioak, bai herrestan,
bai suspentsioan bai disolbatuta, ur lasterraren
potentziaren zati txiki bat besterik ez du
erabiltzen. Adituek diotenez, batez besteko
balio bat hartuz, marruskaduretan eta batik
bat uherdurek eragindako marruskaduretan,
eralgitzen den potentzia garraioan eralgitzen
dena baino hamar aldiz handiagoa da.