Geografia unibertsala»Geografia
Itsasaldiak
Itsas maila aldatu egiten da egunean zehar, batzuetan gehiago
besteetan gutxiago, lekuan lekuko egoeraren arabera.
Ur masen goranzko eta beheranzko leku aldaketak izaten dira; itsasaldi
izena ematen zaie, eta zenbait indarren konbinazioz sortuak dira.
Indar garrantzizkoena Ilargiak eta Eguzkiak hidrosferan sortzen duten
erakarpen indarra da; erakarpen indar horren ondorioz, hidrosfera,
masa isurkaria denez, itxuraldatu egiten da.
Ilargiaren eta Eguzkiaren leku aldaketek, hau da, Lurrarekiko duten
posizio erlatiboan gertatzen diren aldaketek, hidrosferaren itxura
aldaketen intentsitatea ere aldarazten dute, halaber, eta horren
ondorioz itsasaldiak ez dira leku eta garai guztietan berdinak izaten.
Ilargiak Lurrean sortzen duen grabitazio erakarpena bi argizagien
arteko hurbiltasunaren ondorioa da, Ilargiaren masa eta bolumena oso
txikiak baitira.
Eguzkiak eragiten duen indarra, aldiz, bere masa handiaren ondorioz
sortua da.
Ilargiak Lurraren inguruan egiten duen orbita eta Lurrak Eguzkiaren
inguruan egiten duena plano desberdinean daudenez eta Lurrak bere
buruaren inguruan bira egiten duenez, intentsitate desberdinekoak
izaten dira batak eta besteak Lurraren gainaldeko edozein puntutan
sortzen dituzten indarren osagaiak.
Intentsitatea desberdina izateak gorabeherak sortzen ditu urte sasoien
arabera itsasaldien anplitudean; fenomenoaren aldizkakotasuna, dena
den, ez da aldatzen.Itsasaldiak ikertzerakoan bi ziklo bereizi
behar dira: eguneko zikloa eta urteko zikloa.
Itsasaldien eguneko zikloan Lurraren
errotazioak du eragina. Errotazio hori dela
eta, lur azaleko edozein puntutan itsas maila
goreneko bi une eta gutxieneko beste bi
une bereizten dira egunean. Itsas mailak
txandaka iristen ditu maila goreneko unea
(itsasgora edo goraldi deitua) eta maila
gutxienekoa (itsasbehera edo beheraldi
deitua); batetik besterako tartea sei ordu eta
15 minutukoa da, Ilargiaren errotazioaren
eraginez (kontuan hartu beharrekoa da Ilargiaren
errotazio periodoa 24 ordu baino
luzeagoa dela). Goraldiaren eta beheraldiaren
artean gertatzen den itsas mailaren diferentziari
?itsasaldi anplitudea? esaten zaio.
Ilargiak Lurrarekiko duen distantzia ez baita
beti berdina, itsasaldi anplitudea ere aldakorra
da: 27,5 egunetan zehar aldatuz
joaten da, Ilargiak Lurrarekiko duen periodoa
27,5 egunekoa baita, eta anplitude txikiena
iristen du perigeo momentuan (Ilargia
Lurretik hurbilen dagoenean), eta handiena
apogeo momentuan (Ilargia Lurretik
urrunen dagoenean).
Bestalde, Ilargiaren orbita bat ez datorrenez
Lurraren ekuatoreko planoarekin,
hau da, plano horri buruz deklinazio angelu
bat eratzen duenez, zenbait desberdintasun
sortzen dira egunean zeharreko bi
itsasgoretan eta bi itsasbeheretan; fenomeno
horri ?itsasaldien eguneko desberdintasuna?
esaten zaio, eta gehienez ere hilean
bitan gertatzen da, Ilargiaren orbitaren gehieneko
deklinazioarekin batera.
Eguzkiak zuzeneko eragina du itsasaldien
urteko zikloan eta gorabeherak eragiten
dituela itsasaldien prozesuan, Eguzkiaren
posizioak Lurrarekiko 24 orduko periodoa
baitu. Garrantzi handia dute, orobat,
itsasaldietan eragina duten hiru argizagien
posizioek, hirurak batera hartuta; izan ere,
Ilargiak eragiten duen efektua Eguzkiak indartu
egiten baitu, baldin eta Eguzkia Ilargia
eta Lurra hirurak elkarren parean badaude,
hau da, Ilargi betea edo Ilargi berria
denean. Halako egoeretan itsasaldien goraldiak
punturik altuenera eta beheraldiak beherenekoera
iristen dira. Itsasaldi ekinoidalak,
sizigiak edo itsasaldi biziak dira horiek.Ilargi berriaren eta Ilargi betearen artean,
lehenengo eta hirugarrengo Ilargi laurdenetan
alegia, angelu zuzena osatzen dute hiru
argizagiek, Lurra dagoela angelu horren
erpinean. Itsasaldiak sortzen dituzten indarrak
Eguzkiak eta Ilargiak sortuak direnez
gero, bata bestearen kontra jartzen dira eta,
horrela, indarra ahuldu egiten da; hori dela
eta, goraldia itsasaldi bizietan baino askoz
txikiagoa da eta beheraldia, noski, altuagoa;
era horretako itsasaldiei itsasaldi hil edo
koadratura itsasaldi deitzen zaie.
Eguzkiak eta Ilargiak hilabeteko periodoa
dute. Periodo horretan mota bakoitzekobina itsasaldi gertatuko dira eta Ilargiaren
errotazioak sortzen duen denbora gorabeheraren
ondorioz, itsasaldietan aldaketak
gertatuko dira hilabete batetik bestera.
Gauza jakina da Lurraren gainaldea ez
dagoela urez uniformeki estalia; hori delaeta,
lekuan lekuko itsasaldien periodoa eta
batez bestekoak aldatu egiten dira, eremu
batetik bestera, kostaldearen morfologiaren,
haizearen, egurats presioaren eta itsas hondoko
ezaugarrien arabera. Horiez gainera
badira itsasaldien magnitudean eta itsasgoren
periodoan aldaketak eragiten dituzten
beste eragile hauek ere: Eguzkiaren eta Ilargiarendeklinazioa, Lurrak Eguzkiaren inguruan
egiten duen orbita eta Ilargiak Lurraren
inguruan egiten duena, hain zuzen
ere. Horien eraginez, mugimendu konplexu
eta erritmikoak sortzen dira itsasaldietan,
Ilargiaren itsasaldi nagusiak deusezta ditzaketenak
edo baita itsasaldi bat besteari gainjarri
ere.
Horrela, eguneko bi goraldi eta beheraldien
eredua, egunero 50 minutu berandutzen
dena, aldatu egin daiteke lekuan
lekuko baldintzen arabera eta, kasu batzuetan,
gerta daiteke goraldiaren eta beheraldiaren
artean desberdintasunik ez igartzea ere.