Geografia unibertsala»Geografia
Ozeanoen dinamika
Lurraren funtzionamenduan gertatzen diren energia eraldaketetan,
ozeanoek, eta hidrosferak horrenbestez,
energiak Lurreko gainerako geruzekin harreman zuzenean
betetzen duen katearen maila bat osatzen dute.Ozeanoen dinamikan eragina dute, alde batetik,
Lurreko gainerako geruzekin gertatzen diren energia trukeek,
eta, bestetik, masa isurkariaren beraren baitan
sortzen diren energia aldaketek.
Horren arabera, bi eratako prozesu dinamikoak bereizten dira:
?exogenoak?, ozeanoetara beste ingurune batzuetako energia
dakartenak, eta ?endogenoak?, masa isurkariaren baitako energia
mailaren aldeen ondorioz gertatzen direnak.
Prozesu endogenoek, dena den,
hidrosferak ingurunearekin duen energia trukea dute abiapuntua,
prozesu exogenotzat hartuak ez diren arren.
Sailkapen horren arabera, badira zenbait itsaslaster ?endogeno?,
baina olatuen fenomenoa, adibidez, prozesu ?exogenoa? da.
Azkenik, badira beste fenomeno batzuk, adibidez itsasaldiak,
prozesu endogenoen eta exogenoen ezaugarriak, bietarikoak, dituztenak.
Hidrosferan eragina duen energia ozeano barnekoa edo ozeanoaz
kanpokoa izan daiteke.
Ozeano barnetik datorren energia
espazioarekiko eta denborarekiko konstantea da,
ez du gradienterik sortzen
eta oso efektu dinamiko txikiak eragiten ditu.
Kanpoko energiak,
Eguzkitik datorrenez eta ur azalera era etenean iristen denez,
garrantzi handia du ozeanoen dinamikan.
Energiaren araberako dinamika horren eraginez
bi eratako mugimenduak gertatzen dira ozeanoko uretan:
alde batetik, uhin mugimenduak;
bestetik, ur masak edo itsaslasterrak lekuz aldatzea.
Uhin mugimenduen barruan beste bi sail handi bereizten dira:
uhinak eta itsasaldiak.
Bi uhin mugimendu horiek ur masen leku aldatzea dakarte,
eta leku jakin batzuetan edo denbora tarte jakin batean
itsaslasterrak sor ditzakete.
Baina, oro har, itsaslaster deitzen zaie ozeanoaren gune batetik bestera
beti ibilbide berari jarraituz lekuz aldatzen diren ur masen
mugimendu erregularrei;
itsaslasterrek hainbat jatorri edo zergati desberdin izan ditzakete,
bat baino gehiago ere bai askotan:
ozeano eta itsasoen arteko ur mailaren desberdintasuna,
haizeen ondorioz sortzen den bultzada indarra eta dentsitate aldeak.
Olatuak: energia zinetikoaren adierazpena
Kanpotik datorren energia, hau da,
Eguzkitik datorrena, ozeanoetako uretara
zuzenean sar daiteke eta igoaraz dezake
uraren tenperatura, baina horrek ez du zuzenean
sortzen prozesu dinamikorik. Aldiz,
itsas inguruneari ematen zaion energia
hori energia zinetiko bihurtuta dagoenean
zuzenean sortzen da efektu dinamikoa;
horixe da olatuen kasuan gertatzen
dena.
Itsasoko ur azalean sortzen diren olatuen
jatorria itsasaldietan, lurrikaretan,
ekaitzetan eta beste zenbait eragiletan egon
daitekeen arren, olatuak sortzen dituen eragile
nagusia haizea da, haizeak bere energiaren
parte bat ematen baitio urari.
Mugitzen ari den airearen eta uraren
artean sortzen den marruskaduraren ondorioz,
airearen mugimendua ur azalera
iristen da. Airea zurrunbilorik gabea, gainaldearen
paraleloan eratutako xafla modukoa
denean, ez du aldaketa handirik
eragiten ur azalean. Baina airearen lastertasuna
handitzean zurrunbiloak eratzen
dira haize lasterrean eta aldaketa txikiak
sortzen hasten dira ur azalean. Behin ur
azalean gorabeherak sortu direnean gero
eta handiagoa egiten da airearen eta uraren
arteko marruskadura, eta haizeak jotzen
jarraitzen badu, gero eta olatu handiagoak
eratzen dira.
Haizeak sortutako itsas olatuei aurreranzko
oszilazio uhin esaten zaie, olatua
oszilazio mugimendu bidez hedatzen baita
uretan zehar.
Olatuen ezaugarriei dagokienez, olatuaren
garaierak olatuaren behereneko
puntuaren eta gailurraren artean dagoen
distantzia bertikala adierazten du; uhin luzera,
berriz, bi olaturen gailurren edo behereneko
guneen edo hondoen artean dagoen
distantzia horizontala da. Olatuaren
lastertasuna olatua uretan zein lastertasunetan
hedatzen den neurtzen du, metro segundotan
edo orduko itsas miliatan. Olatu
baten gailurra puntu finko jakin batetik
igarotzen denetik hurrengo gailurra puntu
horretatik bertatik igarotzen den artekodenborari, azkenik, periodo deitzen zaio,
eta segundotan neurtzen da.
Oszilazio mugimendu aurreranzko batean
zatiki txiki batek, ur tanta batek edo
igeri dagoen objektu txiki batek, zirkulu
bertikal osoa edo orbita bat deskribatzen
du uhin bakoitzarekin. Zatikiak aurrerantz
mugitzen dira olatuaren gailurrean, eta atzerantz
olatu hondoan.
Oso sinplea da olatuen sorrera mekanismoa.
Bare dagoen ur gainalde bati haizeak
presioa eragiten badio bat-batean uhin
txikiak sortzen dira uretan; hasierako uhin
txiki horiek gero eta handiagoak egiten dira
eta berehala aldatzen zaie hasieran zuten
egitura. Olatuak kostaldetik zenbat eta urrunago
egon, orduan eta anplitude handiagoa
dute, eta anplitudean eta erritmoan
gorabeherak sortzen dituzten beste eragile
batzuk agertzen dira. Hauek dira olatuen
ezaugarriak finkatzen dituzten eragileak: a)
haizearekin duten erresonantzia, b) haizeak
olatuen mugimenduari egiten dien erresistentzia,
eta c) ingurune bietako korronte
lerroen arteko diskordantzia.
Lehenengo eragileak, haizearekin duen
erresonantziak, ezaugarri jakin batzuk betetzen
dituen uhinak olatu bihurtzen ditu.
Horrela eratzen dira olatuak eta beste bi eragileek
handiarazten duten olatuen anplitudea
eta, haizeak jotzen duen bitartean, baita
intentsitatea ere, harik eta eta grabitateak,
kontrako eragina baitu, olatuen haziera eteten
duen arte. Olatuen intentsitatea, beraz,
haizearen intentsitatearen araberakoa da.
Itsasoko olatuak fenomeno mekaniko
eta dinamikoak direla esan daiteke;
ozeanoetako eta beste ur eremu batzuetako
(aintziretako eta abarretako) gainaldean
gertatzen diren makurtze erritmiko eta mugimendu
sinusoideak dira. Olatuak gainalde
isurkarian igeri dauden zatikiei mugimendu
biribil bertikala eginarazten dien
dardara mugimenduak dira, eta zatikiak ez
dira lekuz aldatzen olatuen eraginez, baldin
eta oso olatu handi eta garaiak ez badira
behintzat. Energia eta mugimendua
bakarrik ematen diote elkarren ondokozatikiek batzuek besteei. Horrela bada, ur
azalean zehar lastertasun jakin baten mugitzen
den eta ur azala anplitude eta denbora
tarte jakin batean dardarazten duen uhin
mugimendu bat da. Uhin mugimendu horretan
ur molekula bakoitzak zirkulu osoa
egiten du ia, nahiz eta molekula bakoitza
beti puntu beretik pasatzen den. Translazio
mugimenduan, aldiz, multzoan aldatzen
dira lekuz molekula guztiak.
Olatuen sailkapen nagusiaren arabera,
haize olatuak eta sagailoa bereizten dira.
Haize olatuak haizeak etengabe jotzean sortzen
eta hazten direnak dira; sagailoa, berriz,
eremu jakin batean sortu eta hura baino
haize gutxiagoko eremuetara edo eremu
bareetara lekuz aldaturiko haize olatuak
dira, neurriz gero eta txikiagoak.
Haize olatuak
Haize olatuak elkarri loturiko bi mekanismori
esker sortzen dira. Batetik, olatuarenhaizaldeko maldari eragiten dion haizearen
bultzadak arrastaka eramaten du
olatua, igeri dagoen edozein gauzaki bezala.
Bestetik, aireak uraren gainaldean egiten
duen marruskadurak olatuari tira egiten
dio olatuaren higidura norabidean. Marruskadurarik
handiena olatuaren gailurrean,
olatuaren punturik altuenean, gertatzen
da, eta puntu horretan higidura orbitalari
energia mekanikoa eransten zaio,
gainera. Sakongunean, olatuaren zatirik
sakonenean, gailurrean baino ahulagoa da
marruskadura eta horrenbestez, ez da gailurreko
energia mekanikoak sortzen zuenaren
mailako higidura orbital alderantzizkorik
eratzen. Horren ondorioz, olatuaren
garaiera eta luzera uniformeki handitzen
dira, harik eta haizearen intentsitate jakin
bakoitzak uzten duen maila gorena iristen
duten arte.
Hiru eragileren mende dago haize olatuen
goreneko garaiera. Lehenengo eragilea,
eta garrantzitsuena, haizearen lastertasuna
da, haizearen lastertasunaren araberako energia kopurua jasotzen baitu olatuak.
Bigarrena haizearen iraupena da, haizerik
ez badago olatuak ezingo baitu bere gorena
iritsi. Hirugarren eragileak, azkenik, mugitzen
ari den olatuaren aurreko itsaso zabaleko
eremua da, zenbat eta espazio gehiago
ibili orduan eta handiagoa izango
baita olatua; olatu bat ozeanoko masan inolako
oztoporik gabe badabil, haizearen lastertasunaren
koadroaren proportzionala
izango da olatuaren altuera gorena. Itsas
zabaleko olatuek eta grabitate arruntekoek
izan dezaketen goreneko garaierari buruz
hainbat iritzi daude, baina orain arteko errejistroen
arabera, olatuek 20 metroko garaiera
izan dezakete gehienez ere. Dena dela,
uhin garaiera oinarri harturik sailkapen hau
egiten dute marinelek ageriko olatuentzat:
?itsaso barea? dagoela esaten da itsasoaren
egoera oso egonkorra denean, uhin luzera
handiko eta garaiera oso txikiko olatuak,
ia ikusten ez direnak beraz, daudenean.
?Itsaso kizkurra» dagoela esaten da olatuak
uhin luzera txikikoak eta 25 zentimetro
baino anplitude txikiagokoak direnean.
?Itsaso handia? da lau metro inguruko anplitudeko
olatuak daudenean; eta ?itsaso oso
handia?, berriz, lau metrotatik sei metro
arteko anplitudeko olatuak daudenean.
Olatuek seitik bederatzi metro arteko anplitudea
duten egoeran ?itsaso zakarra» dela
esaten da, eta hortik gorako anplitudeko
olatuak eratzen diren egoerari ?itsaso hautsia»
izena ematen zaio.
Olatuen sorreran garrantzi handia du,
zalantzarik gabe, haizearen iraupenak. Haize
oso zakarra denean, 55 km/orduko haizea
denean adibidez (30 itsas miliari dagokio
gutxi gorabehera), olatuak 32 ordu baino
gehiagotan zehar hazten dira, nahiz eta
lehenengo 15 orduetan hazten diren gehien.
Olatuak hazi ahala, lastertasuna ez ezik,
luzera ere handitu egiten zaie. Olatuak haizeak
indar handiz jotzen zuen eremu batean
sortu baina haize indar handiko horren
eraginpetik urrunera leku aldatzen direnean,
sortzen da lehen aipatu den bigarren
olatu mota, sagailoa.Sagailoa gailur sinpleko olatu txiki, elkarren
antzeko eta paraleloez osaturiko olatu
sail bat da. Olatuek airearekin duten marruskadura
dela-eta gero eta energia gehiago
galtzen da. Sagailoaren luzera eta periodoa
handitu egiten da olatuak mugitu
ahala; horrela, hasieran 6 edo 10 segundoko
periodoa zuten olatuek 15 edo 20 segundoko
periodoa izan dezakete bost edo
sei mila kilometro egin ondoren.
Olatuek gertaera morfologiko gisa duten
garrantzia, olatuak kostaldera hurbildu
ahala antzematen da gero eta gehiago.
Izan ere, kostaldera hurbiltzen direnean
translazio olatu bihurtzen dira hasieran
oszilazio uhin zirenak. Olatua aldatu egiten
da urak sakonera handirik ez duenean.
Horrela, uraren sakonera olatuaren luzera
baino 1,5 aldiz handiagoa denean, olatua
geroz eta txikiagoa egiten da eta mantsotu
egiten da. Olatuak kostaldera hurbiltzean,
uraren sakonera gutxiagotu egiten denez,
olatuaren zatirik sakonenaren (hondoaren)
eta itsas hondoaren arteko igurtzia
gertatzen da, eta mantsotu egiten da
olatuen zatikien higidura zirkularra. Mantsotze
hori dela eta, olatuaren aurrean,
goialdean, ura pilatzen da, olatuak grabitate
oreka hausten du eta lurrera begirako
malda aldetik erortzen da. Olatua lehertu
edo hautsi egin dela esaten da hori gertatzen
denean, eta gertaera horren ondorioz
ur masa bat aurrerantz mugitzen da, lastertasun
jakin batean. ?Olatu lehertze? hori,
olatuaren gailurrean biraka dabiltzan ur
zatikien lastertasunak olatua eratzeko gutxieneko
lastertasuna gainditzen dutenean
gertatuko da seguru asko, eta horren ondorioz
kostaldeko uraren maila handitu
egingo da.
Une horretan iristen da dardara kostaldera.
Aurrez azaldutako bi prozesuen energiak
kostaldeko material gotorrekin talka
egiten duenean materialak energiaz kargatzen
dira. Olatuaren gailurra lehertzen denean
sortzen den energiak kostaldeko materialak
higatzen, garraiatzen edo kostaldean
materialak metatzen ditu.Haize olatuekin batera beste olatu mota
bat ere bereiz daiteke, olatu ?sismikoak?
hain zuzen ere. Olatu horiek ozeanoaren
hondoan mugimendu sismiko indar handikoak
gertatzen direnean sortzen diren eta
itsasoan zehar hedatzen diren uhin multzoak
edo ?trenak? dira; itsasikara edo
?tsunami» (japonieraz) ere deitzen zaie.
Faila batean zehar gertatzen den irristatzea,
sumendi erupzioa edo ur azpiko lurren
irristatze handia dira olatu sismikoen eragile
nagusiak. Olatu hauen morfologia harri
bat uretara botatzerakoan sortzen diren
uhinen oso antzekoa da. Haize olatuek
dutenaren aldean izugarrizko luzera dute
hauek, eta 200 edo 300 metroko altuera
irits dezakete. Leku sakonetan 0,3 eta 0,6
metroko luzera izaten dute eta, zabalera
handiagoa dutenez goratasuna baino, itsasontzietako
radarrek ez dituzte antzematen.
Hamar eta hogeita hamar minutu arteko
periodoa izaten dute eta hedatze lastertasun
oso handia, bostehun eta zortziehun
kilometro orduko. Oso arriskutsuak
dira, kostaldera iristerakoan ur maila baino
20 metro gehiagoko garaiera izan baitezakete.
Indar handiz sartzen dira kontinente
aldera, eta uholdeak eta txikizio
handiak eragiten dituzte; oso suntsitzaileak
dira oro har. Ozeano Barean eta Ozeano
Bareko mendebaleko Suzko Gerrikoan
gertatzen dira sarrien.
Itsasikarak sortzeko arriskua seismoak
gertatzeko arrisku handia dagoen guneetan
dago, batez ere. Izan ere, itsas hondoan
gertatzen diren lurrikaren ondorioz
sortzen dira uhin sismikoak. Bat-bateko
lurrikara horiek izugarrizko olatua sortzen
dute, Ozeano Barea hainbat aldiz zeharka
dezakeen olatu handi bat. Sumendi erupzioen
ondorio ere izan daitezke; horrela
sortu zen 1883an Krakatoan gertatutako
olatu sismikoa, adibidez. 35 metroko goratasuna
zuen olatu bat lau kilometro sartu
zen lur barrurantz Sumatra eta Javako
kostaldean, eta hogeita hamasei mila hildako
eragin zituen.