Geografia unibertsala»Geografia
Ziklo hidrologikoa, sistema dinamikoen eredu
Erliebeen eraketa prozesuetan oso garrantzitsua da lur azaletik eta
itsasotik eguratsera ura iristea, eta orobat ur hori Lurrera itzultzea eta
lur azalean eta zorupean barrena sakabanatzea. Izan ere, erliebe
formei buruzko edozein azterketa egiteko oso kontuan hartu
beharrekoak dira ziklo hidrologikoaren ezaugarri nagusiak.Ura, bizitzarako ezinbesteko gaia izateaz
gainera, klimaren oinarrizko elementua
da bere forma eta adierazpen guztietan,
energiaren zikloan garrantzi handiko zeregina
baitu eta eskualdekako klimetako eguraldi
aldaketen eragilea baita. Materiaren hiru
egoeratan aurki daiteke ura izadian: izoztuta,
gotortua beraz; lurrunduta, gas gisa, eta
isurkari gisa. Lurreko ur guztia bost zati
handitan banatuta dago, eta orotara 1.385
x 10 6 kilometro kuboko bolumena hartzen
du. Ur bolumen hori Lurraren eremu osoan
uniformeki banatuz gero 2,6 kilometroko
lodierako geruza bat osatuko litzateke; poloetako
izotz eremuetako eta hormaguneetako
ura bakarrik harturik, 57 metro lodi
izango lituzke geruza horrek; lurpeko urekin,
16 metro; ibai, aintzira eta barne itsasoetakoekin45 zentimetro, eta eguratsekoarekin
2,5 zentimetro baino ez.
Airean ur gutxi dagoen arren, gutxi hori
ezinbestekoa da lurreko oreka termikoa eta
hidrologikoa mantentzeko. Ur lurruna kondentsatzen
denean energia asko askatzen
da eta energia horren arabera hainbat aldaketa
gertatzen dira eguratsaren zirkulazio
orokorrean; are gehiago, lurruntze-prezipitatze
zikloan hezetasun garraioaz gainera,
bero trukea ere gertatzen da, eta truke
horri esker lurraren gainaldea hotzagoa eta
eguratsa beroagoa daude prozesu hori gertatuko
ez balitz baino.
Ingurune fisiko geografikoan gertatzen
diren prozesuak “ziklo” gisa azter daitezke.
Baina horrez gainera, denbora eta espazio
eskala bat baino gehiago erabil daitezkeprozesu horien azterketa egiteko; landareen
hazkuntza eta ihartze prozesua, adibidez,
urtebeteko denbora tartean eta leku jakin
batean gertatzen denaren arabera azter daiteke;
lurraren gainaldea estutzen duten xaflen
mugimendua, berriz, oso denbora tarte
luzeetan gertatzen da, pixkana-pixkana, eta
oso espazio handiak hartzen ditu. Dena dela,
espazio eta denbora eskalak prozesu bakoitzean
hain desberdinak izan arren, badago
oinarrizko ziklo bat, paisajean eragina duten
prozesuak aztertzeko erabiltzen dena:
ziklo hidrologikoa, hau da, Lurraren gainaldeko
uraren zirkulazioaren zikloa.
Ziklo hidrologikoan edo uraren zikloan
urak eguratsetik lur azalera, lehenik, eta, ondoren,
lur azaletik eguratsera igarotzeko egiten
dituen urrats guztiak aztertzen dira. Prozesu
horretan prezipitazioa, metatzea, iraztea,
zirkulazioa, lurruntze-izerditzea, kondentsazioa,
eta azkenik, berriro ere prezipitazioa gertatzen
dira. Ziklo hidrologikoan parte hartzen
duten eragile, osagai, jario eta abarrek sistema
osoa eta irekia osatzen dute, eta eguzki
energiaren eta grabitatearen bidez mugitzen
dira eta lotzen zaizkio elkarri: eguzki energiak
lurruntzearen bidez goruntz igoarazten
du ura, eta grabitateak ur kondentsatua prezipitarazten
du eta, behin gainaldera iritsi ondoren,
behereneko guneetara eramaten du.
Ur masa handietatik –itsaso, ibai, aintzira
eta batik bat ozeanoetatik– etengabe
lurruntzen da ura, eguzki irraden eraginez.
Ur lurrunaren dentsitatea airearena baino
apalagoa denez, lurruna eguratsaren goiko
guneetaraino igotzen da, eta hezetasunez
asetzen du airea. Haizeak aire hezeko masak
lekuz aldatzen ditu eta horrela, aire
masa bateko ur lurruna gune hotzago batera
iristean zatiki txiki-txikitan kondentsatzen
da, eta hodeiak eta lainoa eratzen ditu;
zatiki horiek bata bestearekin elkartzen
badira prezipitazioak izaten dira, hau da,
euria, kazkabarra edo elurra egiten du. Hala
ere, prezipitazio guztia ez da lurreraino iristen:
parte bat lurrundu egiten da berriro eta
beste parte bat, berriz, landareek edo gizakiek
egindako eraikuntzetan gelditzen da
lehenik –eraikin, kale, errepide eta abarretan–
eta eguratsera lurruntzen da, berriro,
handik denbora gutxira.
Lur azaleraino prezipitatzen den uretik,
putzuetan eta ildo txikitan harrapatuta gelditzen
da parte bat (gainaldeko biltegi deritzona
osatzen du ur horrek), baina berehala
lurruntzen da eta igarotzen da berriro
eguratsera. Beste parte bat, aldiz, lur azalean
barrena ibiltzen da ibaietaraino iritsi
arte; erreka txikiek erreka handiagoetara jotzen
dute, eta horiek ibaietara. Horri guztiari
lur gaineko isuria deitzen zaio; ur hori
itsasoetan eta aintziretan pilatzen da gero,
eta handik eguratsera lurruntzen da.Azkenik, prezipitaturiko uraren beste
parte bat zoruan sartzen da poroetatik, pitzaduretatik
eta zuloetatik, eta zorupeko zuloak
eta harri multzoetako tarteak betetzen ditu;
iraztea deritzo ura zorupean sartzen den
prozesu horri. Irazitako uraren parte bat ez
da asetako guneraino edo lurpeko ur guneetaraino
iristen, aitzitik, gune ez asean edo
lur hezean gelditzen da. Gune horretatik
eguratsera igaroko da lurruntze bidez edo,
batez ere, landareen izerdiaren bidez. Uraren
lurrean barneko zirkulazioa, lurpeko eta
zorupeko isuria, oso mantso gertatzen da,
grabitatearen eragina dela-eta batez ere.
Laburbilduz, ziklo hidrologikoan Lurreko
ura lurruntze bidez desagertzen da lur azaletik,
baina berriro hara itzultzen da kondentsazioaren
eta prezipitazioaren bidez. Ziklo
hidrologikoaren bilakaera, beraz, hau da: ura
lur azaletik, landareen gainetik eta ibaien,
aintziren eta ozeanoen azaletik lurruntzen da;
landareen izerditzearen bidez ere lurruntzen
da beste parte bat. Ozeanoetatik lurruntzen
da eguratsera doan ur gehiena; ozeanoek
estalia da lur azalera guztiaren heren bat.
Lurruntzearen ondoren, ur lurrunez beterikoairea kontinente aldera mugitzen da haizearen
eraginez; aire masa horiek konbekzio
sistemen eragina izan dezakete, hau da,
ekaitzen ondorioz, ura lurrera prezipitatu
daiteke euri edo elur moduan kondentsaturik.
Ozeanoetan gertatzen diren prezipitazioek
ura zuzenean itzultzen dute jatorrizko
biltegira; lur azalera erortzen den uretik,
aldiz, parte bat berriro lurruntzen da,
beste parte bat lur gainean mugitzen da ibai
iraunkorretara edo iraunkorrak ez direnetara
iristen den arte, eta beste parte bat
zorura irazten da. Zorura irazitako uretik,
berriz, landareen sustraiek xurgatzen dute
parte bat, zurtoinean eta adarretan zehar
igotzen da ondoren, eta hostoetatik eguratsera
lurruntzen da, azkenik. Zoruko gainerako
uraren parterik handiena geruza beheragoetaraino
irazten da eta zoruko ur biltegia
osatzen du; horixe da gainazaleko harrien
gune meteorizatua, arrakalatsua eta pitzatua
bustitzen duen ura. Zoruko uraren beste
parte bat zeharretara mugi daiteke eta gainazalean
agertu, ur irazi edo iturri modura.
Prezipitazio moduan ozeanoetara erortzen
den ur kopurua eguratseko zirkulazioaren eta itsaslaster hotz eta beroen arabera aldatzen
da, oro har. Bi ezaugarri horien eraginez,
ozeanoko zenbait eremutan ur gehiago
prezipitatzen da lurruntzen dena baino,
eta beste batzuetan alderantziz gertatzen da.
Gertaera horiek garrantzi handikoak dira
eguratseko hezetasuna erregulatzeko.
Ziklo hidrologikora iristen den ur gehiena
prezipitazioetatik dator. Irteten den ura, berriz,
lurruntze eta izerdi bidez irteten da. Irteten
den ura eta sartzen dena jarioen bidez nahasten
da eguratsean, ozeanoetan eta kontinenteetako
ur lasterretan. Ur pilaketak, bestalde,
ozeanoetan, kriosfera edo izotzez estalitako
eremuetan, eta lurpean gertatzen dira.
Ziklo hidrologikoan parte hartzen duen
ur bolumen guztitik oso ur gutxi ematen
dio eguratsak Lurrari, ur bolumen guztiaren
%0,005 baino gutxiago hain zuzen. Aireko
ur portzentajea txikia da beraz, eta
txikia da, orobat, ibaietako eta erreketako
urak hartzen duen portzentajea, hidrosferako
ur bolumen osoaren %0,005 baino
gutxiago kasu honetan. Dena dela, ziklo hidrologikoko
lur azaleko ur laster jarraiak
(ibaiak eta errekak alegia) dira higadura
eragile garrantzitsuenak. Lurreko gune hezeetan
ur lasterrek etengabeko higadura
eragiten dute, ibaien kasuan esaterako, edo
aldikakoa bestela, uholde euritetan, esaterako,
isurialdeak arazten edo ur uholdeak
gertatzen direnean. Nolanahi ere, urak, higitzen
ari denean, lur azalean material kopuru
handiak mugitzeko ahalmena du.
Ziklo hidrologikoan bi energia iturrik
parte hartzen dute: eguzki energiak eta grabitateak.
Eguzkiak, ura lurruntzeaz gainera,
ur lurrunez asea dagoen airea mugitzeko
behar den energia ematen du; lur barnera
eguzki energiaren bidez mugitzen da
airea, bai zeharretara, bai bertikalean, tenperatura
aldeen ondoriozko dentsitate aldeen
eraginez sortzen diren konbekzio sistemetara.
Grabitateak, bestalde, energia zinetikoa
sortzen du, eta energia horrek beheranzko
joera dakar, isurialdearen maldarekiko
eta ur bolumenarekiko beheranzko
joera proportzionala hain zuzen ere.
Hala ere, ziklo hidrologikoak ez du eragin
bera Lurreko eremu guztietan. Energia eta
hezetasun handiena, latitude apaletako ozeanoetan
pilatzen denez, gune horietan lurruntzen
da ur gehiena, eta ez latitude garaietako
kontinente aldean. Kondentsazioan eta euri
kopuruan alde handiak daude Lurreko gune
batzuen eta besteen artean; basamortuetako
eremu batzuetan, esaterako, ez du ia euririk
egiten eta Tropiko arteko zenbait eremutan,
aldiz, urtean zehar ehundaka metro kubo
euri egin dezake. Hori dela eta, zenbait lekutan
ez dago ia ibairik eta ez da gainalde
arazketa gertatzen ia; beste leku batzuetan
aldiz, ibaien emaria etengabea da eta askotan
gertatzen da gainalde arazketa.