Geografia unibertsala»Geografia
Hidrosfera
Lurreko gas geruzaren edo eguratsaren, eta geruza gotor edo
litosferaren artean, beste geruza handi bat dago: hidrosfera. Hidrosfera
urez eta uretan proportzio desberdinetan disolbaturik dauden gatz eta
gasez osatua da. Ez da geruza jarraitua, hau da, lur azaleko gune
batzuetan 11 kilometroko lodiera du eta beste gune batzuetan, berriz,
ez da ia existitzen, eta hori du ezaugarri garrantzitsu eta
esanguratsuena. Ezaugarri hori izateko hiru arrazoi nagusi daude:
batetik, hidrosfera kopuruz mugatua izatea; bestalde, hidrosferako ur
masaren barnean molekulak alde batetik bestera mugitzea, eta
azkenik, litosferaren gainaldeak gorabeherak izatea.
Hidrosferak Lurraren osagai isurkari guztiak hartzen ditu bere baitan
eta, klimari dagokionez, bigarren azpisistema garrantzitsuena da,
eguratsaren ondoren. Hidrosferaren osagai dira itsasoak, aintzirak,
ibaiak eta lurpeko urak, baina hidrosferaren ozeanoek hartzen dute
zatirik handiena, ozeanoetan baitago Lurreko ur guztiaren %97.
Hidrosferak ur bolumen handia du orotara, eta horri esker ziklo
hidrologikoko fase guztiak betetzeko adina ur ematen du; lurruntzen
denean eguratsari lurruna ematen dio eta aldi berean baita energia
ere, bero latente moduan.
Edonola ere, hidrosfera ezinbestekoa da izaki bizien garapenerako eta
lurrean bizitzeko baldintzak mantendu ahal izateko.
Hidrosferaren nolakotasuna
Lurraren baldintza termikoek ez dute
parekorik Eguzki sistema osoan. Lurra ez
da ur guztia gotortzeko bezain hotza, eta,
era berean, ur guztia lurruntzeko bezain
beroa ere ez da.
Ur isurkariak, bere propietateei esker,
beste geruza bat osatzen du litosferaren
–geruza gotorra– eta eguratsaren –gas geruza–
artean. Alde batetik, isurkari guztietan
bezala, uretan ere molekulak batetik bestera
mugi daitezke, eta bestetik, gasena baino
pixka bat handiagoa da uraren pisu espezifikoa.
Horrela, Lurreko zati gotorra eta
gas egoerakoa banatzen dituen interfasean
pilatzen da ura. Litosferako puntu guztietan
grabitatearen eragina berdina balitz, hau da,
puntu guztiak zentrotik distantzia berera
egongo balira, ur isurkariak geruza jarraitua
osatuko luke, gune guztietan lodiera berdinekoa
eta litosfera guztia inguratzeko modukoa,
eta grabitazio eremu batek mugaturik
legoke. Baina litosferaren gainaldea ez
da erregularra, eta, horrenbestez, ura sakonguneetanpilatzen da eta bete egiten ditu.
Ur aski balego litosferako gune guztiak litosferaren
goreneko altueraraino betetzeko,
hidrosfera lodiera aldakorreko geruza litzateke,
baina goi maila jakin eta grabitazionala
izango luke. Hala ere, ur masa ez da
hainbestekoa, eta horren ondorioz, urak litosferaren
parte batzuk estaltzen eta betetzen
ditu, eta agerian uzten ditu beste batzuk.
Beraz, Lurreko isurkari geruza, hau da,
hidrosfera, etena eta lodiera aldakorrekoa da.
Hidrosferaren sorrera
Hidrosfera mota desberdineko urez
dago osatua. Lurraren sakoneneko aldeetan
itsaso eta ozeanoetako ura dago, gatz asko
duena disolbatua; Lurreko ur edukin guztiaren
%97,2 hartzen du ur gaziak. Ur geza
da, berriz, euriteen bidez edo izotz biltegietatik
Lurrera iristen eta ondoren ozeanoetara
isurtzen dena. Ur gezeko masak dira,
halaber, litosferaren sakonguneetan aldi
batez harrapaturik gelditzen diren urak.Hidrosferan ur gazia eta ur geza zergatik
dauden ulertzeko, hidrosferaren
sorrerari begiratu behar zaio. Eguratsa
bezala, lurrak berak isuritako gasen ondorioz
sortu zen Lurraren gainaldeko
masa isurkaria ere. Lurrak ur lurrun asko
isuri zuen beste zenbait elementuren artean;
ondoren ur masa horren prezipitazioa
gertatu zen, eta prezipitatzean
arazte lana egin zuen urak: gatz asko
disolbatu zuen eta lehenengo masa ozeaniko
handia osatu zuen horrela. Ur gazi
hori erliebeko behereneko aldeetan pilatu
zen.
Disoluzio batean lurruntzen dena disolbatzaile
isurkaria denez, lurrundu ondoren
litosferara hodeietatik prezipitatzen
da ur geza; ur geza azaleko lur geruzetan
zehar igarotzean disolbatutako gatzaren
ondorioz bihurtzen da ur gazi. Bestalde,
jatorriz itsasokoa den ur masa bat gainerako
ozeanoetatik bereizten baldin bada,
barne itsaso bat eratuko du eta beste edozein
itsas ingurunetan egon litezkeenak
bezalakoxe gaiak egongo dira ur horretan
disolbatuta. Horrela osatua da, besteak
beste, Mediterraneo itsasoa.
Hidrosferaren konposizioa
Hidrosferako ura bi sailetan bana daiteke:
ur mugikorra (kokaleku egonkorrago
bat aurkitu arte mugitzen ari den ur masa)
eta finkoa (ur masa egonkorra, bere baitan
partekako mugimenduak besterik ez dituena).
Lehenengo sailean, ur mugikorren barruan,
ibaiak, uharrak eta, oro har, prezipitazioetako
edo izotza urtzean sortutako ur
lasterrak daude. Bigarren saila, ur finkoena,
aintzirek, poltsa freatikoek, itsasoek eta
ozeanoek osatua da, lekuz aldatzen ez diren
ur masa egonkorrek osatua.
Bigarren sailaren barruan beste bi ur
mota bereizten dira gatz kontzentrazioa
kontuan izanez gero: gutxi gorabehera gatz
kontzentrazio aldagabea eta gai elkartu
mota berberak dituztenak (itsas urak deiturikoak)
daude batetik, eta bestetik gatz kontzentrazioa
aldakorra eta beti gai elkartu
berdinak ez dituztenak (ur kontinentalak).
Sailkapen honek hartu du sailkapen klasikoaren
tokia; izan ere, sailkapen klasikoak
ur gazia eta ur geza bereizten ditu, bainasailkapena egiteko gatz kopurua kontuan
hartzen denez, gerta daiteke bigarren saileko
urak, ur geza deituak, lehenengokoak
baino gatz kopuru handiagoa izatea, etasailkapena onartezina izango litzateke, horrenbestez.
Itsasoko urak osaera berdintsua du beti,
eta litroko hogeita hiru eta hogeita zortzigramo arteko gazitasuna izaten du. Hala ere,
zenbat ur lurruntzen den, kontinentetik
zenbat ur eta zein aldetatik iristen zaion edo
izozmendien eta hormaguneen fusioa gertatzen
den, horren guztiaren arabera
itsasoko urak ez du gune guztietan gazitasun
bera ere izaten: berrogei gramorainoko
gazitasuna izan dezake gune batzuetan eta
hamar gramokoa soilik beste batzuetan.
Itsasoko urak kloro, sodio eta magnesio
ioiak ditu, nagusiki; ioi horiek kloruroak sortzen
dituzte, eta zapore gazia eta mikatza
ematen diote urari.
Hidrosferaren egitura
Itsasoko ur finkoak litosferaren topografiaren
arabera metatzen dira, eremu batzuetan
gehiago eta beste batzuetan gutxiago.
Litosferaren hiru laurden hartzen dute
itsasoko urek, baina ez dute sakontasun
bera gune guztietan eta masa kontinentalen
arabera daude banatuta, hau da, denboran
zehar kontinenteak mugitu ahala aldatzen
da itsasoko ur finkoen banaketa ere.
Esan bezala, itsasoko ur masa ez dago
Lurreko eremu guztietan berdin banatua;
gaur egun Hego Hemisferioan dago
itsasoko uraren erdia baino pixka bat gehiago,
eta bost zatitan banatuta dago, kontinenteek
mugatutako bost zatitan alegia.
Atlantikoa, Ozeano Barea, Indiakoa, Artiar
ozeanoa eta Antartiar ozeanoa dira bost zati
nagusiak, baina itsasertzaren formaren arabera
zenbait azpieskualde bereizten dira
ozeanoetan –kanpo edo barne eskualdeak–,
eta eskualde horiei ematen zaie, hain zuzen
ere, itsaso izena.
Ozeanoek sakonera handia dutenez
–hiru mila metroko sakonera batez beste–
ozeanoko ura azaletik hondorako zenbait
geruza teorikotan banatu ohi da, nahiz eta
ur zatikiak ur masaren barnean edozein
norabidetan mugi daitezkeen. Banaketa hori
azaletik sakonera ezaugarriak nola aldatzen
diren ikusteko egiten da, eta ez hainbeste
geruzen artean alde handiak daudelako;
izan ere, geruza batetik besterako aldaketak
ez dira bat-batean gertatzen eta ur masen
baitan goitik beherako eta behetik gorako
mugimenduak gertatzen dira.
Kontuan hartu beharra dago bero trukea
difusio molekularraren bidez eta, batik bat,
zurrunbilo bertikalen bidez gertatzen dela
uretan. Zurrunbilo bertikalei esker gazitasun
maila eta tenperatura desberdineko
urak nahasten dira. Baina, dena dela, zenbat
eta sakonago jo, orduan eta alde termiko
handiagoa nabarmentzen da urean, hau da,
zenbat eta sakonago jo beheranzko gradienteadu tenperaturak, eta tenperatura gradiente
horren arabera zenbait geruza bereiz
daitezke:
? Lehenengo geruza, goi geruza edo
epitalasa: ur masa guztian dentsitate gutxien
eta bero gehien duen geruza da. Geruza
honetan du ingurugiroko tenperaturak
eragin zuzenena, eta arrazoi hori dela eta,
urteko batez besteko tenperaturan alde handiak
daude geruza honetan zehar horizontalki
mugitu ahala: hogeita hamar gradu izan
ditzake ekuatore inguruan, esaterako, eta
bi zero azpitik lurburuetan. Epitalasak ehun
metro inguruko lodiera du, eta aktibitate
handiko geruza da; itsas uhinek azaleko ur
beroa eta sakoneko ur hotza nahasten baitituzte,
eta, horrenbestez, geruzaren goialdearen
eta behealdearen arteko tenperatura
aldea ez da oso nabarmena, nahiz eta
behean zertxobait hotzagoa den.
? Bigarren geruza edo termoklina
goi geruzaren azpian dago. Geruza honetan
bat-batean jaisten da tenperatura. Ekuatore
inguruko latitudeetan azal samarrean
hasten da eta mila metrotarainoko sakonera
iristen du, oro har.
? Hirugarren geruza ur sakonen geruza
da. Termoklinaren azpitik tenperatura
pixkanaka jaisten da, bat eta hiru gradu arteko
tenperatura arte. Gune horretan, itsas
hondoan, ur masak ia homotermikoak dira,
hau da ez da tenperatura aldaketa handirik
izaten.
Artiar ozeanoan eta Antartiarrean ez dira
hiru geruza hauek bereizten; maila bakarra
dago, ur hotzarena.
Hidrosferaren propietate estatikoak
Lurraren funtzionamendurako ezinbesteko
jarduera betetzen du hidrosferak. Lurreko
materialen dinamikan eragin zuzena
izateaz gainera, hidrosferan pilatzen dira
sedimentuak, eta horrenbestez hidrosfera
behar-beharrezkoa dute izaki bizidunek
bizirik irauteko. Ezaugarri eta magnitude
fisiko jakin batzuei esker du halako garrantzia
hidrosferak; propietate horietako batzuk
finkoak dira (propietate estatiko deritze),
hau da ez dira ur lasterren araberakoak; eta
beste batzuk aldiz, hidrosferako ur masen
leku aldaketen eta astinduen arabera aldatzen
dira, hau da propietate dinamikoak
dira.
Hidrosferaren propietate estatiko aipagarriena
presioa da. Presioak aldaketak izaten
ditu dentsitatearen eta, horrenbestez,
tenperaturaren arabera, baina oro har
banaketa konstantea duela-eta, zenbat
eta sakonago orduan eta handiagoa dela
–hamar metroko atmosfera bat igotzen da–
esaten da oro har. Propietate estatikoa
da, orobat, argia, ekosistementzat ezinbestekoa
baita. Uretara iristen den argi energia
ur zatikiek xurgatzen dute pixkanaka,
eta horrela, zenbat eta leku sakonagoa izan
orduan eta argi intentsitate gutxiago egoten
da, harik eta batere argirik gabeko
gunea (leize ura) hasten den arte. Argiaren
muga laurogei eta ehun metro arteko
sakoneran dago, eta eremu fotikoa (argia
duena) eta afotikoa (argirik gabea) banatzen
ditu. Ur sakonetan argirik ez dagoenez, materia bizi gehiena, algak batik bat,
masa isurkariaren goialdean pilatuta egon
ohi da.
Hidrosferaren propietate dinamikoak
Bigarren multzoan banaketa erregularra
ez duten propietateak daude, hau da, ur
masaren baitako ur lasterren eta astinduen
mende daudenak. Tenperatura eta gasen
kontzentrazioa dira hidrosferaren propietate
dinamiko aipagarrienak.
Uraren tenperaturak aldagabe irauteko
joera duenez, hidrosferak klimaren tenperatura
erregulatzeko ahalmena du; ahalmen
horren erakusgarri da, hain zuzen, egun batetik
bestera edo urtean zehar uretan tenperatura
aldaketa handirik ez izatea. Bi arrazoi
nagusik bideratzen dute joera hori: alde
batetik, beherantz jaisten den energia ur bolumen
handi batean barreiatzen da, bai bertikalean
eta bai horizontalean, bero asko
pilatzen da, eta beroa pilatzeak bero truke
handiak gertarazten ditu ozeanoaren eta
eguratsaren artean, hilabeteetan edo urteetan
zehar, eta are mendeetan zehar ere, orekatze
prozesu luze batean, ur sakonak baldin
badira. Bestetik, kontuan hartzekoa da
uraren bero ahalmen handia; ahalmen hori
dela eta, denbora asko behar da ura berotzekoeta hozteko, energia asko irabazi edo
galdu behar baitu tenperatura igotzeko edo
jaisteko.
Hala ere, uraren bero espezifiko handiari
esker bero asko pila daiteke egunean
zehar eta urte sasoi batzuetan, eta geroago,
beroa pixkanaka kanporatuz, uraren
gradiente termikoa mugatzen eta tenperatura
tarteak mantentzen lagunduko du horrek.
Gauza jakina da Eguzkiak uraren gainaldeko
geruzei ematen dien beroaren araberakoa
dela itsasoko uraren tenperatura.
Horrela, ekuatore aldeko urak poloetakoak
baino beroagoak eta dentsitate apalagokoak
dira; tenperatura alde horren ondorioz ur
lasterrak sortzen dira eta ur laster horiek
ura astintzen dutenez, tenperatura desberdineko
urak nahasten dira.
Dena dela, ur geldien goiko geruzetan
beroak denbora gehiagoz irauten du eta
horren ondorioz tenperatura ez da berdina
izaten azalean eta sakonean: tenperatura
beroena azalean izango da eta zenbat eta
beherago jo, orduan eta hotzagoa izango
da, harik eta lau gradu zentigradutaraino
jaisten den arte. Tenperatura horretan du
itsasoko urak dentsitate gorena; behin tenperatura
hori iristen duenean, ura gorantz
izozten da eta ez dio uzten ur hotzari hondoratzen.
Izotz geruza horrek bakartzaile
funtzioa betetzen du, beraz, eta bero galera
galarazten duenez gero, ez da ur masa
osoa izoztuko. Garrantzi handia du, orobat,
gasen eta gatzen disoluzioak. Gai horiek
errazago disolbatzen direnez ur hotzetan,
lurburu inguruko uretan gas eta gatz gehiago
egoten da disolbatuta; ur hotza hondoratzean
gatzak eta gasak eramaten ditu
hondora, eta horrela, ur sakonetan ur azalean
baino gatz eta gas kontzentrazio handiagoa
izan daiteke ur masa guztian.
Geruza bertikalak edo aldagai jakin batean
sakoneraren arabera aldeak antzematen
diren kasu guztietan –aldagaiak gora egin
ala behera egin–, gradiente jakin bat sortzenda goiko geruzaren eta behekoaren artean.
Gradiente horri esker mugimendu bertikalak
gerta daitezke masa isurkariaren baitan.
Lurreko tenperatura erregulatzeko zeregina
du Lurraren termostato edo bero
energiaren erreserbak, eta lagungarria da,
orobat, ekuatore aldeko eskualde beroetatik
lurburuetako eskualde hotzetara itsaslasterren
bidez gertatzen diren bero garraioa.
Ur masa osoan gertatzen den bero
trukearen herena ozeanoei esker gertatzen
da. Ipar Hemisferioan bero trukearen
%40 gertatzen da ozeanoei esker; fenomeno
honen adibide ezagunena Golkoko
itsaslasterra da, Europako kostaldeko mendebaleko
urari beroa ematen diona.