Geografia unibertsala»Geografia
Hormategiek eragindako erliebe formak
Hormategiek erliebean duten eragina ondorengo mekanismoetan
oinarritzen da: higadura, garraioa eta metatzea.
Izotzak eragiten duen higadura hormategiaren lodieraren eta bere
higiduraren lastertasunaren araberakoa izaten da.
Hormategiek zatiki handiak nahiz txikiak garraiatzen dituzte,
eta horiek hormategiaren hondotik gertu bilduta geratzen dira;
zenbaitetan ordea zatiki batzuk hormategi gainera eror daitezke,
eta finenak izotzaren barnera sartu.
Metatzea batik bat ablazio guneetan edo izotza urtzen den lekuetan
gertatzen da, eta halakotan materiala nahasirik geratzen da.
Zenbaitetan, baldin eta izotza higakinez betetzen bada,
eta hormategi azpia malkortsua baldin bada,
materiala hormategiaren azpiko lurrean metatzen da zuzenean.
Hormategiek eragiten dituzten forma bereziak
metatzearen edo higaduraren ondorio dira.
Inlandsisekin lotuak dauden higadura
formak oso desberdinak izan daitezke:
ildo sinpleenetatik hasita, gainalde osoaren berrantolaketaraino;
halakoetan, guztiz desagertzen dira ibaiek lehendik eragindako arrastoak,
eta hormategiak sortutako sakonguneetan aintzira eta padura asko
eratzen dira, ur hustubideen sare konplexu eta nahasi batekin.
Hormategi alpinoek, zirkuak zulatuz mendien isurialdeetan,
mendi gailurrak eratu dituzte;
horrez gainera, lehendikako ibai haranak, U itxura emanez,
zabaldu dituzte, eta ibar eskegi ikusgarriak sortu dituzte hormategi
txikiak askoz ere sakonagoa den hormategi nagusiarekin elkartzen
diren puntuan.
Metatze moduak zuzenak izan daitezke,
batez ere geruzak osatu gabeko morrenak sorrarazten dituztenak,
hormategiaren albo nahiz aurreko aldean;
baina badira zeharkako metatze moduak ere.
Zeharkako metatze horiei hormategi-ibaiko ere esaten zaie,
metatze geruzadunak edo sailkatuak dira,
eta hormategiko izotzaren mugetatik kanpora garraiatu ditu
fusiotik ateratako urak.
Hormategiek eragindako erliebearen formak dira lur azaleko egitura
berrienak, faila berrienak eta sumendien jarduera alde batera utzita.
Oso eskualde handiak hartzen dituzte latitude garai eta ertainetan,
Antartida osoa barne, eta gailur eta ibar ederrak eratu dituzte
hormategi alpinoak egon ziren edo oraindik ere badauden lekuetan.
Higadura glaziarra
Hormategiak beti izan dira, eta badira,
higaduraren eta materialen garraioaren eragile
garrantzitsuak. Dirudienez, pleistozenoko
hormategiak beren beheko aldeetan
deiekzioz zamatu ziren; deiekzio horiek tamaina
guztietako higakinak omen ziren,
buztinetatik hasi eta harri handietaraino,
gehienak hormategia igarotzen zen lekuetatik
erauziak. Ez dago oraindik erabat argi
gaur egungo hormategiek nola eragiten duten
higadura, baina badirudi blokeak
erauziz eta urraduraz gertatzen dela. Nolanahi
ere, oso eraginkorra da hormategien
higadura lana; hala, ibilgu harritsuetan,
hormategien eragina ibaiek eragindako higadura
baino hamar edo hogei aldiz handiagoa
izaten da. Batez besteko higadura
glaziarra, 0,05 eta 3,0 milimetro urteko (mm/
urte) bitartekoa da.
Dirudienez, hormategietako izotza, plastikoa
izaki, erregolito zatikien gainetik eta
mantu harritsuko bloke askeen gainetik isurtzen
da; eta hormategia lerratzen den neurrian,
materiala altxatu egiten du, eta beherantz
bultzatzen. Material erauziak, orduan,
izotza igarotzen den gainazala urratzen du,
eta, korrosioz, topografia biribil eta leuna
sortzen du. Hormategiaren ekintza, hain
zuzen, lixa paper oso lodi batek egiten
duenaren antzekoa da, irregulartasun handienak
leun-leunak geratzen direlako baina,
era berean, zirrikitu txikiagoak, ildoak
eta urradurak ere sortzen dira.
Hormategi batek eragiten duen higaduraren
batez bestekoa hormategiaren izotzlodierarekin eta lerratze lastertasunarekin
dago lotua, baina badira beste eragile batzuk
ere kontuan hartu beharrekoak, hala
higakinen nolakotasuna eta zenbatekoa, eta
hormategi azpiko haitzaren erresistentzia.
Hala ere, oraindik ez dago argi zein faktore
den garrantzitsuena, lodiera ala lastertasuna.
Nolanahi ere, ibar glaziar batzuk asko
hondoratzen dira ibarraren beheko aldean,
alegia, hormategiek bat egin zuten gunean,
horren ondoriozko hormategiaren lodieraren
eta isuri lastertasunaren gehitzearekin.
Hauek dira higadura glaziarraren prozesu
orokorrenak: urradura, bloke erauztea,
ibilguko harkaitzen apurtzea, fusioko
uraren bidezko higadura eta higakinen garraiatzea.
Hormategietako paretetako harkaitzaren
hausturetan elur ura sartzen denean
abia daitezke mekanismo horiek. Ur
hori izoztu egiten da, berriro kristaldu eta
harkaitza puskatu egiten du, hormategiari
eransten zaizkion zati txikitan. Azpitik, ordea,
lehen esan bezala, izotza plastikotasunez
mugitzen da, bloke diaklasadunak
erauzten ditu eta birrindu egiten ditu, batzuetan
txiki-txiki egin arte. Hormategiak
birrindutako materia harritsuari haitz hautsa
edo irina esaten zaio, eta horrek ematen
die fusioko ura daramaten uharrei beren
esne kolore berezia. Izotzean garraiatzen
diren haitz zatiak neurri guztietakoak
izaten dira, eta ibilgu harritsuan herrestan
doazela, ingurua gastatu, azala zuritu eta
ildokatu egiten dute. Prozesu horri urradura
esaten zaio.
Antzinako ibar glaziarretako azal harritsu
gogorrek hormategi ildo esaten zaienurratu gutxi-asko finak izaten dituzte, eta
garraiatu diren harkaitz zatien ertz zorrotzak
ibilgu harritsua igurtzi izanaren ondorioz
sortuak dira.
Hormategietako fusioko ura kontuan
hartu beharreko elementua da, higaduraren
eragile garrantzitsua izaten baita izotz geruzen
azpian eta ibar glaziarretan. Fusioko
uraren isuriak, hormategiaren azpian, eragin
handia izan dezake tuneletan barrena
badoa, izan ere, presio hidrostatiko handia
sorraraz dezake, korrosioz edo zulaketaz higatzeko
gai dena, eta barrunbeak, hormategipeko
haitzarteak, erretenak etab. ere
eragin ditzake hormategiaren ibilguan. Bestalde,
meteorizazioz eta hormategiaren
hausturaz sortutako higakin asko garraia
edo nahas dezake fusioko urak; prozesu
hori oso eraginkorra da, sedimentu meheetan
batez ere.
Hormategi garraioa
Materiala hormategiari eransten zaionean,
hondoko partean garraiatzen da normalean.
Hormategi gaineko geruzetan, gehienetan,
ez da higakinik izaten; baina hormategi
alpinoen goiko partean aurki daiteke
materialen bat, zeren harkaitzek, izozteen
ondorioz, meteorizazioa izan baitezakete
eta ibarraren alboetako hormetatik
izotzaren gainera eror baitaitezke; era berean,
material finena ere izotzeraino herrestan
eramana gerta daiteke. Hormategiek
berdin-berdin garraiatzen dituzte zatiki
handiak nahiz txikiak, izotzaren likatasunari eta bolumen handiari esker. Hori
dela-eta, hau esan daiteke izotzaren likatasunari
buruz: gorputz gotor baten likatasuna,
eragiten dioten indarren pean gorputz
horrek hautsi gabe moldatzeko duen
erraztasuna da. Hormategi batean, ezaugarri
horri esker, izotzak, hautsi gabe, bidean
aurkitzen duen edozein objektu ingura
dezake.
Metatze glaziarra
Hormategiek beren zama zuzenean
metatzen dute, ablazio edo kolmatazio
bidez, edota zeharka, hormategitik datozen
ur lasterren bidez. Ablazioa batez beste
hormategiaren mugimenduaren parekoa
baldin bada, higakinak hormategiaren ertzetan
metatzen dira. Ablazioak hormategiaren
mugimendua gainditzen badu, ordea,
hormategiaren aurreko aldeak atzeraka
egiten du, eta atzean uzten du izotzaren
fusiotik ateratako urak ezin garraia
dezakeen materiala. Kolmatazioa ere metatze
zuzena da. Hormategiek higakin kopuru
handiak badaramatzate azpialdean,
izotzak aurrera egin ahala higakin horien
geruzak hormategi azpiko lurrean gera
daitezke harrapatuta. Metatze zuzenen
kasuan, materialaren sailkapenik ez da
batere gertatzen; materiala, hortaz, batere
mailakatu gabe, neurri desberdineko zatikien
nahasketaz osatua izaten da gehienetan.
Izotzaren fusioko urak hormategitik
urruti eramandako materiala geruzatan
metaturik geratzen da, hormategiaren parean
edo jatorria hormategian duten ibaien
ibilguetan zehar.
Hormategien ekintzak eragindako erliebearen formak
Hormategiek, higaduraz ala metatzez
jardun, erliebe forma desberdinak sorrarazten
dituzte. Hala ere, ibaien edota
itsasoaren higadurak aldez aurretik eragindako
egiturak moldatu baizik ez ditu egiten
askotan hormategien eraginak. Higadura
glaziarra oso nabarmena da ingurune
menditsuetan, izotzaren isuria, mendi
garaien tarte estuetatik bideratua, aski lasterra
izan zelako; baina halakoetan ere, argi
ikusten da ibaiek lehenagotik sorturiko
higadura. Erliebe apaleko lekuetan, aitzitik,izotz geruzek eragindako higadura
gainaldeko parteetan baino ez da nabaritzen,
eta, hala, ibarrak leunduak, eta punturik
zorrotzenak biribilduak ageri dira.
Bestalde, metatzeen zenbatekoa asko aldatzen
da leku batetik bestera. Izan ere,
leku batzuetan higakinen geruza finegia da
erliebearen jatorrizko edo hasierako formak
estaltzeko; beste batzuetan, ordea, lodia
izanik, bere forma topografiko berezia
taxutu ahal izan du.
Inlandsisen higaduraren ondorioak
Hormategi kontinentalek edo inlandsisek,
poliki eta lurra erabat estaliz mugitzen
baitira, erregolitoa (edo material harritsu
zatitua) eta mantu harritsu gotorraren zati
bat erauzi eta birrindu zuten, atzean gainazal
leun eta lauak utziz. Mendiak, bestalde,
muino biribildu eta leun bihurtu ziren, edo
harkaitz hutsez osatuak; eta ibarrak, berriz,
ireki eta zabaldu egin ziren, alboetako oztopoak
suntsitzen ziren neurrian. Eremu
batean zein bestean, hormategien higadurak
muino asimetrikoak sorrarazi zituen,
alde batean isurialde leun eta lauak eta,
bestean, isurialde aldapatsu eta zorrotzak
dituztenak. Isurialde leunetako muinoak,
edo stoss-ak, aurre egiten baitzieten hormategiaren
norabideari, lautu egin ziren
igurtziaren ondorioz, eta kontrako isurialdeak
berriz, edo lee-ak, malkartsuak geratu
ziren, hormategiak haitzak erauzi zituelako.
Izotzaldietan higatu ziren haitzak harribiribilduak dira. Erregolitoa ez da eraldatu,
edo oso gutxi, izotzak higatu berri
dituen egitura horien gainean. Oraindik ere
ikus daitezke hozkak eta ildoak izotz masaren
eraginpean egon ziren harkaitzen
gainean, harri biribilduen gainean hormategiak
gogor eutsitako haitz sendo eta zorrotzek
grabatuak.
Hormategi kontinentalek eragindako
higadurak zeharo aldatu zituen lehenagotik
zeuden uraren hustubide sareak. Ibaiek
sortutako ibar zahar batzuk, hormategien
eraginpean, sakonago bihurtu ziren, edota
hormategi higakinez erdi beteak geratu ziren.
Geruza harritsua ahula zen edo pitzadurak
zeuzkan lekuetan, izotzak erauzi eta
higatu egin zuen, eta arro itxiak sortu ziren
ibarren hondoan, geroago, hormategiak
urtu zirenean, aintzira bilakatu zirenak. Ibarretako
hondoen desnibelek bilakaera desberdinak
izan zituzten: arro sail bat sortu
zen, edota, bertako metatze eta higadura
baldintzen arabera, lau edota malkartsu bihurtu
ziren. Hormategiak urtzean, hormategiek
eratutako malden egiturara moldatu
behar izan zuten ibaiek. Malda horietan gertatutako
haustura malkartsuek edo desnibelen
inbertsioek ur hustubideen sare nahasi
bat eratu zuten, zingirek, aintzirek, ur
lasterrek eta ur-jauziek baino eteten ez zutena.
Forma irregularreko eta neurri desberdineko
aintzira kopuru handi bat da, hain
zuzen ere, hormategiek higatu izan dituzten
inguruneen ezaugarri fisiko bereizgarria.
Beraz, hormategi kontinentalek edo inlandsisek
eragindako higadurak eremu garaiak
biribildu eta higatu zituen, ibarrak
zabaldu, aintzirek hartzen zituzten arro harritsuak
zulatu, eta aurreko hustubide sistema
aldatu zuen.
Hormategi alpinoen higaduraren ondorioak
Hormategi alpinoen higadurak asko aldatu
du mendi sistema garai gehienen itxura,
nahiz eta aldez aurreko ibai egiturak
hormategiaren isuria bideratu. Jakina da
hormategi garrantzitsuenak ibar zabalenetan
egoten zirela, eta hormategi horiei txikiagoak
elkartzen zitzaizkiela; sistema hori
ere izotzaldiaren aurreko drenaje sistemaren
emaitza da. Izotzak ibarrak bete zituen,harik eta geruza aski lodi bat osatu arte.
Masak, isuri ahala, ibarreko isurialdeak eta
hondoa zulatzen eta suntsitzen zituen, eta,
horrela, hasieran V forma zena (ibarrean),
pixkana-pixkana U forma bihurtu zen. Ibarraren
U formako sekzio zeharkako hori,
neurri batean, hormategiaren higadura izotzaren
lodieraren mendeko izatearen ondorioz
sortu zen. Higadurarik garrantzitsuena
ibaiek sortutako ibarraren hondoan gertatu
zen, izotz masa askoz ere sakonagoa zen
lekuetan. Higadura gutxiagotu egin zen,
ordea, ibarreko isurialdeen goialdean, izotz
geruza finagoa zen lekuetan.
Izotzaren bolumena eta isuriaren lastertasuna,
gehienetan, handiagoak izan ziren
hormategi nagusian adarretan baino; ibarnagusia, beraz, lehenago higatu zen inguruko
ibarrak, edo ibar-adarrak, baino. Hortaz,
ibar nagusiko hondoa baino askoz ere
gorago geratu ziren ibar-adarren alboetako
hormak. Izotza urtzean, beraz, ibar esekiak
agertu ziren, alegia, esekita daudela diruditenak,
ez baitaude ibar nagusiaren maila
berean, eta, oro har, ur-jauziak izaten dituzte.
Ibar glaziarrak, askotan, anfiteatro sakonen
modura egituratu ziren beren alde altuenetan,
albo garai eta maldatsuekin, eta
arro harritsuko hondo zabalarekin. Zirkuak
dira, eta bertan elurra metatzen da, eta
izotz bilakatzen; zirku horiek mendietako
isurialdeetan eratu bide dira, zein eragileren
jardun bateratuaren ondorioz: masaren
mugimendua, hormategien higadura eta
gelifrakzioa (haitzaren haustura prozesua,
haitz horren poroak eta pitzadurak betetzen
duen uraren aldizkako izozte-urtzeen ondoriozkoa).
Elurraren eta elurtegiaren azpian
ura behin eta berriro izozten eta urtzen
delarik, mendietako alboetako zati
harritsuak erauzten dira. Zati horiek maldan
behera garraiatzen dira elur pikortsuaren
eta gainazal harritsuaren tartean, eta
pixkana-pixkana eransten zaizkio hormategiari.
Handitzen ari den zirkutik hormategia
kanporantz isurtzen den neurrian, higatu
eta erauzi egiten du zirkuko zorua, eta
horrela, denborarekin, arro harritsu bat sortzen
da.
Hormategiek eragindako higadura etengabeak
forma fisiko desberdin asko sortzen
ditu mendi alboetan. Mendi bakar bateko
hainbat isurialdetan era eta higa ditzakete
zirkuak. Zirkuak taxutzen diren bitartean,
beren isurialdeak gurutzatu egiten dira eta
piramide formako gailur malkartsuak sortzen
dira, izotzaldi alpinoa izan duten
mendietan ohiko irudi izaten direnak. Zirkuen
arteko harkaitz malkartsuetan, askotan,
gelifrakzioaren ondorioz, gailur puntazorrotzak,
eta koskadunak sortzen dira. Gainera,
askotan, zirkuak oso higaturik geratzen
dira, beren arteko muga, aldez, desagertu
egiten da, eta tarte estu bat sortzen
da, col esaten zaiona; sakongune baten antzeko
profila izaten du tarte horrek.
Izotzaldi alpinoak paisajean duen eragina
bikoitza da. Izotz azpian geratu ziren
erliebearen formak, igurtziak eta marruskatuak,
biribilduak gertatu dira; izotzaren
gainetik geratutakoak, berriz, egitura zorrotzak
bihurtu dira. Erliebeak, beraz, nongoa
den, alde handiak izaten ditu: ibarren beheko
isurialdeak eta hondoak lauak dira,
eta haitz eta gailur gorenak zorrotzak eta
malkartsuak. Areago, egitura naturaletan,
hormategi alpinoek higatutako mendiak
izaten dira, paisajearen ikuspegitik, ikusgarrienetakoak.
Inlandsisen metatzearen ondorioak Haitzartea
Metatze glaziarrak, edo driftak, bi eratakoak
izaten dira, batez ere: tillak eta higakin
glaziar geruzatuak. Tilla hormategiek
eragindako metatze zuzena da, neurri
guztietako harri pusken nahasketaz osatua,
geruzarik eratu gabe. Higakin glaziar geruzatuak,
bestalde, ibaiek utzitako sedimentuak
dira, izotzaren fusioko urak edo izotzaldiaren
ertzeko noizbehinkako aintzirak
eratuak. Zeharkako metatze horiek legarrez,
hondarrez, lohiaz edo buztinez osatutako
geruzak dira, sailkatuak eta geruzatuak.
Hormategi alpinoek eta kontinentalek
antzeko metatze moduak eratzen dituzte;
alabaina, hormategi kontinentalen metatzeak
askoz ere zabalagoak izaten dira, eta,
era berean, askoz ere handiagoak izaten
dira askotan agradazio glaziarrez sorturiko
formak (jatorri kontinentaleko, edo kasu
honetan hormategiko jatorriko materialen
metatzeaz sortu direnak). Horregatik, garrantzi
handiagoa dute gaur egungo paisajean
hormategi kontinentalen edo inlandsisen
metatzeek, hormategi alpinoen metatzeek
baino.
Hormategien metatze zuzena
Metatze glaziar zuzenaren nolakotasunak
adierazten du sistema glaziarraren
egoera. Sistema oreka dinamikozko egoeran
dagoenean, izotzaren ertzen inguruan metatzen
dira higakinak. Sistemak oreka galtzen
duenean, ordea, materiala hormategiaren
azpian metatzen da, aurre nahiz atzera
egiten duenean. Izotzaren higidura proportzioa
eta ablazio proportzioa (alegia, urtzen
den izotz edo elur kopurua guztira) orekatzen
direnean, hormategiaren aurreko aldea
orekatuta mantentzen da; baina materiala
etengabe bultzatzen du aurrerantz, eta hormategiaren
aurrealdean zehar metatzen da.
Higakin heterogeneo horiek izotz geldian
metatzen dira, eta hormategiak atzera egiten
duenean lurraren gainean azaltzen dira
nahasirik; metatze horri morrena esaten
zaio. Hormategiaren zati zabaleneko morrenari
azken morrena esaten zaio. Hormategiaren
aurrealdeak atzeraka egitean gertatzen
diren etenaldietan berriz, atzeranzko
azken morrenak direlakoak sortzen dira.
Izotza desagertzen denean, muino txikiak
eta barrunbeak dituzten zerrenden antza
hartzen dute morrenek, topografia malkartsua
duten girlanden itxuran zabaldurik.Morrenen artean geratzen den eremua
izotzaren azpian metatutako till geruzek estaltzen
dute askotan, zelai glaziarra deritzana
sortu arte. Kontuan izan beharrekoa
da, gainera, mugitzen ari zen izotzaren behereneko
zatiak deiekzioz zamatuegiak
geratu zirenean metatu zirela higakin horiek,
hainbeste non izotzak urtu eta atzeraka
egiten zuenean metatu baitzen zama
hori. Metatze prozesu desberdin horren ondorioz
zelai glaziarren gainaldeak, oro har,
leunak eta lauak izaten dira, goragune zabal
apalak eta sakongune txiki zabalak dituztenak.
Hormategiaren aurretik erliebea
nabarmena izan zen gainaldeetan edo higakinen
mantua mehea den lekuetan, oraindik
ere antzematen zaio ingurunearen jatorrizko
itxurari; baina beste leku batzuetan,
morrena muinoek eta metatzeek guztiz estaltzen
dute hormategia baino lehen inguruneak
zuen itxura.
Zelai glaziar batzuetan muino lauez osatutako
multzoak agertzen dira, baleen bizkarraldeen
antza dutenak; drumlin esaten
zaie, eta, oro har, azken morrenaren edo
atzeranzko morrenaren atzealdean egoten
dira. Ia kilometro bete luze, ehundaka metro
batzuk eta hamabost-hogeita hamar
metro garai izaten dira drumlinak. Gehienetan
ehun muinoko multzoak, edo handiagoak,
izaten dira, eta modu berezian
egoten dira lerrokatuak; izan ere, drumlin
bakoitzaren isurialde maldatsua izotz masa
isurtzen zen norabidearen aurrez aurre egoten
da, eta muinoaren ardatza norabide
horrekiko paralelo. Drumlinak izotz geruzen
ertzen azpian metatu ziren, eta, dirudienez,
hormategiak eragin baino lehenago
gainazalean zegoen irregulartasunen
baten gainean sortu ziren higakin glaziarren
metatzeak finkaturik geratu zirenean.
Hormategien zeharkako metatzea
Higakin glaziar geruzatuak, askotan metatze
glaziar-ibaikoa ere esaten zaienak,beren egituraren, osaeraren eta hormategiaren
aurrealdeari buruz duten posizioaren
arabera sailkatzen dira. Oso urruti, ordea,
morrenak baino haruntzago, zelai glaziaribaikoak
ager daitezke, isurialde lau eta
leunekoak, eta legar eta hondarrezko pilaketa
zakar geruzatuez osatuak. Zelai horiek
oso zabalak dira, ia alubioizko konoak
adina, izotzetik datozen higakinek osatzen
dituzte eta fusioko urak garraiatzen ditu. Batzuetan
pertza formako zulo edo barrunbeak
aurki daitezke bertan, kettle holes
deituak, zenbaitetan aintzira bihurtuak.
Hormategi nagusiak atzera egin zuenean
bertan geratu ziren izotz bloke geldien posizioa
adierazten dute sakongune horiek; eta
izotzezko bloke geldi hori urtu zenean, zulo
edo sakongune bat geratu zen izotzaren
lekuan, lehen aipaturiko kettle holea.Kameak eta kame terrazak hormategiaren
ertzetan zehar metatu diren bestelako
higakin geruzatuak dira. Kame terrazak
hondarrez eta legarrez osatutako metatzeak
dira, hormategiaren eta alboko ibarraren
isurialdearen artean ibaiek utziak.
Izotza desagertzen denean ibarretako isurialdeetan
terraza moduan agertzen dira.
Kame horiek hasieran delta modukoak eratzen
dituzte, edo hormategiaren alboaren
kontra dauden alubioizko kono aldapatsuak;
izotzak atzera egiten duenean metatze
horiek, denborarekin, erori egiten dira,
eta mendixka irregularrak sortzen dituzte.
Izotzaren zulo edo sakonguneetan ere bil
daitezke kameek eratzen dituzten metatzeak,
eta hormategiak, atzera egiten duenean,
lurrean uzten ditu.
Higakin glaziar geruzatuak azal daitezke
esker izeneko legar eta hondarrezko muino
luze eta bihurgunetsutan ere. Egitura
hauen jatorria behin behineko ibaietako
fusioko urak eragindako metatzea izandaiteke, ibaiok hormategiaren azpialdean,
tuneletan zehar, isurtzen zirenean. Esker batzuek,
zenbait kilometro luze ere izan arren,
ez dute aldaketarik izanaren markarik ia,
eta, hori dela-eta, pentsa daiteke urtuz zihoan
izotz geldiaren edo hilaren azpian
metatu zirela, eta gerora ere, ez zirela batere
mugitu.
Denboraldi batez baino irauten ez zuten
aintzira glaziarren hondoan, higakin glaziarrez
osatutako zenbait metatzea ondo
geruzatuak geratu ziren, eta, era horretan,
aintzira horiek desagertu zirenean, aintzira
glaziarren ordokiak sortu ziren. Aintzira
glaziar horiek leku jakinetan sortu ziren,
lurra hormategiaren aurrealdearen parean
jaisten zen lekuetan; era horretan, arro
itxi bat sortu zen hormategiaren ertzaren
eta lur makurraren artean, edota hormategiaren
aurrealdearen eta erliebeak ezarritako
hesiaren artean ura pilatua geratzen
zen lekuetan. Fusioko urak sedimentu fin
asko ipini zuen aintzira hauen hondoan, lohizko
eta buztinezko egitura geruzatuetan
metaturik. Ehundura fineko geruza horiei
barbe esaten zaie, eta, aldizkatuak baitauzkate
geruza argiak eta ilunak, itxura
orritsua izaten dute. Geruza horietako bakoitza
sedimentazio urte bati dagokiola pentsatzen
da. Udan, ura aski indartsu datorrenez
gero, material lodiko geruza argiak baino
ezin meta daitezke, eta neguan, ordea,
aintzira izoztua baitago, buztinezko geruza
iluna sedimentatzen da. Ezaugarri hori delaeta,
Eskandinavia eta beste zenbait lekutako
aintzira glaziarretako sedimentazioa datatzeko
erabili izan dira barbe horiek. Lohi eta
buztinaren sedimentazioak, geruzaz geruza,
ordoki glaziarren gainalde uniformea
sortu zuen aintzira horien hondoan.