Departamento de Cultura y Política Lingüística

Geografia unibertsala»Geografia

Hormategiak

Glaziar sistemaren eredu eskematiko sinplea.<br><br>

Gaur egun hormategiek eragiten duten izotzaldia Groenlandiara, Antartidara, eta lurralde eta eskualde menditsu garai gutxi batzuetara mugatzen da. Baina orain dela gutxiko garai geologiko batean, milioi bat urtetan edo gehiagotan zehar, hormategiak oso ingurune zabaletan aritu ziren. Izotz geruza lodiak sortu ziren behin eta berriro Ipar Ameriketako ipar-ekialdean eta Europako ipar-mendebalean.

Eta munduko mendikate garai gehienetako ibarretan hormategietako izotzaren masa metatzeak gertatu ziren gainera. Antzinako hormategi horiek aldaketa handiak eragin zituzten igarotzen ziren lurraldeetan.

Hormategiak izotz masa handiak dira, duten pisuaren ondorioz gainazalean zehar maldan behera lerratzen direnak. Hormategiaren sakonera hirurogei edo laurogeita hamar metrotik gorakoa denean, oraindik ongi ezagutzen ez den erara lerratzen da izotza. Hormategia mugitzen hasi bezain laster, ordea, izotza dariola ematen du, eta ibarraren itxurara edo lerratzerakoan zeharkatzen dituen edo gainetik igarotzen dituen beste erliebe egituretara moldatzen da. Ibarretako hormategietan egin diren neurketen arabera, hormategiaren erdigunea aldeak baino bizkorrago higitzen da, eta era berean, arrazoi berdinagatik, hondokoa baino azkarrago higitzen da gainazaleko zatia. Bestalde, hormategi adarrak ibar nagusiko hormategian elkartzen dira, ibaietan ibaiadarrak elkartzen diren bezalaxe. Baina, ibaiekin antzekotasun hori badute ere, hormategiak ez dira isurkariak bezala isurtzen.Hormategiek gai plastikoen jokabide bera dutela dirudi; hormategiak, higitzen ari direla, etengabe aldatzen dira, baina, ondoren, aldaketa eragin duen indarra desagertzen denean, izotzak ezin du hasieran zuen forma berriz hartu.

Higidura izotz kristalen lerratzearen ondorio izan daiteke, aldez. Hormategietako azpialdeko izotz kristal askok, pisu handia izaten baitute, errazago lerratzeko moduko norabidea har dezakete. Kristal bakoitza oso gutxi mugitzen da; hala ere, eragin handia izan dezake izotzaren mugimenduan hormategiko izotz kristal askoren higidura osoak. Presioaren ondorioz, izotza urtu egiten da, baina berehala izozten da berriro; horrek guztiak ezegonkortasuna eragiten du, eta nolabaiteko mugimendu bat sortzen du. Bestalde, hormategiko izotza gainaldearen itxurara moldatzen denez gero, gertatzen den deformazio plastikoa ere izotzaren beste higidura modu bat bilaka daiteke.

Higidura hori oso mantsoa da: eguneko zentimetro bat baino gutxiago edo zenbait metro mugi daiteke. Baina hormategiak higadura eta metatze handiak eragiteko gaidira, nahiz eta horrela sortzen diren erliebeak ibaien higaduraz eratutakoak ez bezalakoak izan.

Hormategiak, dauden lekuaren arabera, bi talde nagusitan sailkatzen dira: ibarreko hormategiak edo hormategi alpinoak, eta hormategi kontinentalak edo inlandsisak.

Hormategi alpinoek jatorria eskualde menditsu garaietan dutenez gero, ibarretan sartuta egoten dira, eta lur azalaren gorabeheren araberakoa izaten da isuriaren norabidea.

Hormategi kontinentalak edo inlandsisak berriz, ehunka eta milaka metro bitarteko sakonera duten izotz masa erraldoiak dira; eremua, berriz, ehun eta berrogeita hamar kilometro koadrotik hasi, eta Groenlandiaren hedadura izatera iristen dira, ia bi milioi kilometro koadro, hain zuzen ere, edota Antartidako hamahiru milioi kilometro koadroak. Izotz geruza erraldoi horiek ez dira derrigorrez lur azaleko gorabeheren arabera higitzen. Hormategiak, oro har, izotza trinkoagoa den lekuetatik abiatzen dira, erliebearen egituren gainetik higituz eta egitura horiek lurperatuz.Mendi oineko hormategiak ibarreko hormategien eta inlandsisen tartekoak dira, hormategi alpinoak beren ibarretatik kanpora higitzen direnean eta mendi oinarrietan elkartzen direnean baino ez dira azaltzen, eta izotz geruza handiak sortzen dituzte mendi oinarrietan. Gaur egun, Alaskako hegoaldeko kostaldean eta Groenlandia eta Antartidako kostaldeetan aurki daitezke mendi oineko hormategiak.

Hormategietako izotza ez da guk ezagutzen duguna bezalakoa; prozesu konplexuen ondorioz trinkotzen den elurretik sortzen da batez ere. Neguan eroritako elurraren zati bat lurrundu eta urtu egiten da udan. Lurrundu gabe gelditzen diren elur malutak, koaleszentziaren bidez, ale txiki bihurtzen dira. Eta, aldi berean, fusiotik datorren ur kopuru bat ale horien inguruan izozten da berriz ere, eta, denborarekin, bigarrenez kristaldu diren elurrezko pikor biribilduak sortzen dira: izoztegi esaten zaie horiei. Elurrak urtaro bat edo gehiago behar du izoztegi edo elur pikortsu izateko, eta prozesu hori tenperaturaren araberakoa da. Ondoren elurte berri batek elur geruzalodiago batez estaltzen du izoztegia, eta geruza hori ere, pixkana-pixkana, izoztegi bihurtzen da. Prozesu horrek guztiak eragiten duen presioaren ondorioz, elur pikortsua trinkotu egiten da. Bestalde, prozesua bizkortu egiten da udan, izotz urtua izoztegian barrura sartu eta berriro ere izoztu egiten delako. Izoztegia pixkanaka-pixkanaka izotz egoerara aldatzen da trinkotze, urtze eta izozte berriaren prozesu horri esker.

Beraz, lodiera jakin bat lortu bezain laster hasten da izotz, elur eta izoztegi masa hori higitzen. Baldintza horiek guztiak betetzen direnean hormategia sortu dela esaten da.

Izotza isurtzen hasten denean, era berean hasten da trinkotzen ere, barruko airea kanporatzen edo konprimitzen delako, eta izotz kristalen tamaina handitzen delako.

Isuriak aurrera egin ahala, kristalak itxuraldatu egiten dira, nahiz eta batzuek handitzen jarraitzen duten inguruko kristalei esker.

Desitxuratze horren bidez bihurtzen da izotz arrunta hormategiko izotz.

Hormategi guztiek dute metatze gune bat eta higadura gune bat. Hormategi alpinoen metatze gunea hormategiaren buruan egoten da, eta izotz txanoetan, berriz, normalean, barruko gainaldean. Hormategi mota guztiek dute ablazio gune periferiko bat; bertan gertatzen dira fusioa eta lurruntzea.

Ablazio gunean galtzen den elur kopurua baino gehiago pilatzen bada metatze gunean, hormategia loditu eta luzatu egingo da. Izotza metatze eremutik ablazio eremurantz lerratzen da, eta izotz kopuru hori gehiegizkoa bada, aurrerantz egingo du hormategiaren aurreko aldeak.

Baldin eta ablazioak metatzea orekatzen edo gainditzen badu, hormategiaren aurreko aldea bere horretan gelditzen da edo atzeratu egiten da bestela; dena dela, izotz barruaren aurreranzko higidura ez da nahitaez eten behar. Ablazioak izotz masa lodiera kritiko bateraino urritu duenean, ehun metro gutxi gorabehera, mugimendua gelditu egiten da, eta hormategia izotz metatze geldia bihurtzen da.

Bestalde, hormategi guztietako izotzaren gainazalean izaten dira arraildurak edo arrakalak, tentsioaren ondorioz sortuak.

Arraildura horiek hamar metro zabal, hogeita hamar metro sakon eta ehundaka metro luze izan daitezke. Hormategiaren higiduraren ondoriozko tentsio indarrak izaten dira, indar horien eraginez sortzen dira arrakalak, eta hormategiaren buruan edo aldeetan hobeto ikusten dira erdialdean baino; horrez gainera, ibar hondoaren desnibela handitzen den lekuetan ere sor daitezke arrakalak.

Hormategiaren ertzetan eratzen diren arrakalen bidez ablaziorako eremua handitzen da; bestalde, arrakalak hondar eta legar metatzeen gune bihurtzen dira, eta, denborarekin, izotza guztiz urtzen denean, hormategiek sortutako egitura bereziak eratzen dira.

 

Izotzaldiak eta izotzaldi arteko garaiak

 

Antzinako hormategiak

Gaur egungo Groenlandiako eta Antartidako inlandsisak oso handiak badira ere, pleistozenoan Ipar Amerika, Europa, Asia iparraldea eta Hego Amerika lur eremu handiak behin eta berriro estali zituzten izotz hedadura itzelak baino askoz ere txikiagoak dira.Gutxienez lau izotzaldi garrantzitsu egon ziren pleistozenoan (milioi eta erdi urteetan); aldi bakoitzaren ondoren izotzaldi arteko aldia etorri zen, eta tarteko aldi horietan hormategi kontinental gehienak urtu ziren. Azkeneko izotzaldiak ehun mila urte edo gehiago iraun zuen, eta duela hamar edo hamabost mila urte bukatu zen, poloetako txanoak oso bizkor urtuta.Hormategietako metatzeek edo hormategietako hondakinek izotzaldi horien froga interesgarriak utzi dituzte. Metatzeen ikerketek adierazten dute metatze bakoitzaren ondoren eta hurrengo metatzearen aurretik meteorizazio aldi luze bat izan zela.

Metatze zaharrenek oso profil nabarmenak dituzte gainean eratu zaien zoruan; metatze berriagoekin alderatuz gero, formari dagokionez, ez dute ezaugarri berezirik.

Bestalde, ikerketen arabera, hormategi guztiek ez zuten gehieneko maila bera izan, eta azken izotzaldietako metatze batzuek aurreko izotzaldietakoek estali zituzten.

Azken izotzaldiak lehenagoko izotzaldien gainetik geratu zirenez, gaur egungo hormategiek dituzten erliebe egiturak azken izotzaldiak sortuak direla pentsa daiteke.

Azken inlandsisak duela denbora gutxi egin zuenez atzera, sortu zituen erliebe egiturei aldaketa gutxi eragin diete masa mugimenduek eta ibaien higadurek.

Europan, inlandsisek Britainia Handiko zati handi bat, Alemaniako iparraldea, Poloniako zati handi bat eta Sobietar Errepublika Sozialisten Batasun ohiaren Europako zatirik handiena hartu zuten. Era berean, hormategi asko hedatu ziren eskualde menditsuetan.

Bestalde, Kanadako Mendi Harritsuetako alde bietan eta hegoaldeko Andeen ekialdeko partean, mendi oineko hormategi zabalak osatu ziren. Gaur egun hormategi alpinoak eta mendi oineko hormategiak ia osorik desagertu dira. Mendi oso garaietan eta latitude ertain eta garaietako eskualde menditsuetan daude bakarrik hormategi alpinoak; Alaskako hegoaldean eta Groenlandiako kostaldeetan eta Antartidan ikus daitezke berriz mendi oineko hormategien arrastoak.

 

Hormategien atzeratzearen eta aurreratzearen arrazoiak

Hormategien hedatze eta uzkurtze zikloaren kausak ez dira oraindik ondo ezagutzen.

Badira hainbat azalpen, baina ez dira aski fenomenoa osorik azaltzeko. Teoria batek puntu hauek hartu beharko lituzke kontuan, baliagarri izango bada: ? Bi poloetatik hurbil zentraturik, inlandsis handi eta trinkoak izatea eta alboko uren gainean hedatzea.

? Behin eta berriro batera gertatu diren aurreratze eta atzeratze mugimenduak, bai Ipar Hemisferioan eta baita Ipar eta Hego Hemisferioen artean ere.

? Mendi, ordoki eta ozeanoetan behin eta berriro gertatu diren izotzaren eta elurraren aurreratze eta atzeratzea.? Izotz hedadurak izan dituen aldaketa sailak (eskala txikian), eskala handiagoko gorabeherei gainezarriak; izotzaren zenbait aurreratze eta atzeratzeak hamar urteko multzoetan neurtu dira; beste zenbait kasutan gorabehera gutxi horiek iraupen handiagoko zikloak dira, mendeak esate baterako; eta horiek, aldi berean, aldi luzeagoetan gertatzen dira, izotzaldi eta izotzaldietara iritsi arte.

Ez dago hori guztia ongi azaltzen duen teoriarik. Teoria guztien arabera, neguan metatzen den elur kopurua udan urtzen dena baino handiagoa denean, orduan handitzen eta garatzen dira hormategiak, eta, aitzitik, ablazioak metatzea gainditzen duenean hormategiak txikitu egiten dira. Oinarri horiez gainera, ez dago teoria horietan guztietan hormategia zergatik desagertzen den erabat argituko duen azalpenik.

Hala eta guztiz ere, bada gertaera beharbeharrezko bat, alegia, hormategien haziera aldietan ur kopuru handiak gelditu zirelalurraren gainean metaturik izotz eran.

Beraz, ozeanoetatik ur lurrun asko garraiatu behar izan zen Ipar Ameriketako iparekialderantz, Europako ipar-mendebalerantz eta Antartidarantz, eta lurralde horietan elur moduan prezipitatu zen lurruna. Aire hotzak ur lurrun gutxi baitauka, baita aserik dagoenean ere, horrenbesteko lurrun kopuru handiak garraiatu ahal izateko neguak gaur egungo Amerika iparraldeko eta Antartidakoak baino beroagoak izan behar zuten; baina Europa mendebalean, ordea, gaur egungo tenperaturarekin alderatuz gero, tenperatura pixka bat jaitsiz gero, elur metatze handiagoak eragingo lituzke, segur asko. Nolanahi ere, gehienetan, eguraldi hotzagoak udako ablazioa atzeratzen du, baina, aldi berean, neguko prezipitazioak ere gutxitzen ditu. Aitzitik, eguraldi beroagoak udako ablazioa handitzen du, baina neguan elur prezipitazioak ugaritzen ditu. Eguraldi beroak lurruntzea errazten du, aire masenlurrun kopurua handitzen du eta prezipitazioak errazten ditu, eta, beste alde batetik, eguraldi hotzarekin aireak ur lurrun gutxiago edukitzen du, eta, horren ondorioz, prezipitazioak sor daitezen aukera gutxiago dago.

Begi bistako zenbait frogek azaltzen dute klima beroagoetan ez liratekeela inlandsisak hedatuko. Adibidez, 1900. eta 1940. urteetan, aurreko urteko batez besteko tenperaturak baino gradu bat edo bi igo ziren neguko tenperaturak, eta aldi horretan oso azkar atzeratu ziren hormategiak.

Alabaina, zenbait egileren ustez froga hori ez da sinesgarria, izan ere, denboraldi laburrean gertatu den tenperatura igoera ez da nahikoa antzinako aldi luzeetan klimaren eta izotzaldiaren arteko edozein harreman mota azaltzeko. Horrez gainera, XX. mendeko beroa ez da erabat erreala, izan ere, hirietako behatoki meteorologiko gehienak hirietako behereneko alderdietan baitzeuden, eta garai horretan hainbeste handitu zen gas, ke, errauts eta beste elementu kutsatzaileen kontzentrazioa, ezen hiriko beroa ez baitzen jaisten.

Izan ere, hiri handi eta ertain gehienen gainean bero kupula izugarriak sortu dira, hirietako klimatologia ikerketek ?bero uharte? izendatu dituztenak. Hipotesi hori egiaztatu ahal izan da XX. mendeko bigarren erdialdetik aurrera behatoki asko eta asko hirietako atmosfera berotik aldendu eta aireportuetan kokatu direnean, tenperaturen batez bestekoak egonkortu edo jaitsi baitziren. Nolanahi ere, hori guztia kontuan izanik, oso zaila da jakitea beroak ekarri ote duen orain dela gutxi gertatu den hormategien atzeratzea, edota klimaren aldaketa txikiagoek eragindako metatzea gutxitzea eta ablazio handitzearen ondoriozkoa izan den.

Teoria askok azaldu nahi dute nola gertatzen den hormategien hedatzea eta uzkurtzea.

Teoria horietako batek adierazten duenez, hegoaldetik datozen itsaslaster epelak Artiar ozeanoan sartzen direnean eta hango izotza urtarazten dutenean gertatzen den tenperatura igoera periodikoen ondorioz aurreratzen dela izotza. Neguko klima beroena eta izotzik gabeko itsasoaren lurruntze errazagoa, biak batera gertatzen direnean handitu egiten da aireko ur lurrun kopurua. Ur lurrun horrek, era berean, Artiar ozeanoko ertz kontinentalean elurte gehiago izatea eragiten du, eta horrek denborarekin hormategiak handitzen ditu. Bestalde, teoria astronomikoek Eguzkiaren inguruko Lurraren orbiten aldaketa ziklikoak hartzen dituzte kontuan, Lurrak jasotzen duen Eguzkitiko energiaren kopuru aldaketak eta banaketa zehazteko. Lurraren ardatzak ekliptikaren planoarekiko duen makurdurak (alegia, ekliptikaren desbideratzeak) 21° 39? eta 24° 36? arteko aldaketa izan du. Gutxi desbideratzen baldin bada, urtaroen arteko aldeak ere txikiak izango dira; makurdura handitzen denean, ordea, urtaroen arteko desberdintasunak handitu egingo dira.

Lurraren orbitaren eszentrikotasuna denborarekin aldatzen da gainera. Eguzkia Lurraren orbita eliptikoaren foku batean dago, eta Lurra eguzkitik gertuen dagoen puntuan, ehuneko hiru aldiz gertuago dago urruneneko puntuan dagoenean baino.

Eguzkiarekiko gertueneko puntua Ipar Hemisferioko neguan izaten du Lurrak gaur egun. Beraz, horrek guztiak esan nahi du lurraren orbitaren eszentrizitatean aldaketa gutxi izanez gero, lur azaleko edozein lekutan ere aldaketa gutxi izango litzatekeela eguzkitiko energia jasotzerakoan. Eta azkenik, Lurreko ardatza alde batera eta bestera higitzen da, eta horren ondorioz urtaroak mugatzen dituzten Lurreko orbitaren puntuetan ere aldaketak izaten dira.

Ardatzaren mugimendu koniko txiki horri ekinozioen prezesio* esaten zaio. Ekliptikaren desbideratzeak ziklo oso bat izaten du 40.000 urteko aldian (21° 39?tik 24° 36?ra eta berriro hasten da); Lurreko orbitaren eszentrikotasuna laurogeita hamar eta ehun mila urteko denboraldian aldatzen da; eta ekinozioen prezesioak, berriz, 26.000 urteko periodikotasun ziklikoa du gutxi gorabehera.

Hala ere, teoria astronomikoak