Geografia unibertsala»Geografia
Haizeak sortutako mailaketa eta erliebeak
Erliebearen osaeran haizeak ez duela garrantzi handiko zereginik
pentsa daiteke. Haizea ez da masa mugimenduak, ibaiak edo
hormaguneak bezain garrantzitsua mailaketa eragile bezala,
baina baldintza egokietan garrantzi handia duten azaleko higadura
eta sedimentazioa eragin ditzake, berak ez beste eragilerik ezin eragin
ditzakeenak.
Horregatik, haizearen ekintzaz iraulitako eta metatutako materialaren
masa osoa txikiagoa izaten da beste eragile hauek metatutakoa baino:
meteorizazioa (harkaitzak eta eguratseko eragileak elkar ukitzen
dutenean, harkaitzek izaten dituzten aldaketa kimikoak eta
mekanikoak), edo ur lasterrak, olatuak eta izotza.
Hala ere, basamortu eremu batzuk egokiak dira haizearen jardunerako.
Bestalde, lur hezea eta landaredi trinkoa duten eremu hezeetan ez da
haizearen eragina nabarmentzen; alabaina, halako eremuetan haizearen
eragin nagusia kostaldeko hondar dunetan nabarmentzen da.
Urak mugitzean sortzen duen turbulentziaren antzekoa da airearen
mugimenduak, batetik, eta, bestetik, lastertasun desberdinetara
mugitzen diren aire geruzen arteko marruskadurak sortzen dutena.
Turbulentzia airearen higidura irregularra eta zurrunbilotsua da;
airea gora eta behera higitzen denean sortzen da, eta zerikusi handia
du ezegonkortasunarekin eta haizeak inguruko erliebeekin duen
marruskadurarekin.
Haizearen lastertasuna handia denean, asko areagotzen da
mugitzen diren aire geruzen arteko marruskadura ere,
eta turbulentziak biziagotzen dira.
Haizearen azpiko geruzak berotzen direnean ere,
turbulentziak biziagotu egiten dira.
Baldin eta airea lur azalean berotzen bada,
airea dilatatu egiten da eta dentsitatea gutxitzen zaio,
eta, hori dela-eta, turbulentzia bertikala sortuko da.
Turbulentzia hori airea lur azalean hozten denean baino bortitzagoa
izango da.
Bestalde, ibaietako turbulentzien jatorria mekanikoa da,
eta haizearen turbulentzien jatorria berriz, dinamikoa eta termikoa.
Haizearen higadura
Haizeak bi modutan higa dezake ingurunea.
Alde batetik, lur azalean dauden zatiki
askeak herrestan eramaten ditu, edo
airean altxatzen ditu bestela. Prozesu horri
deflazio esaten zaio (?deskarga? esan nahi
duen latinezko hitzaren eratorria). Bestetik,zenbait lekutan haizeak hondarra eta hautsa
eramaten ditu herrestan harkaitzen eta lurraren
kontra; prozesu horri korrosioa edo abrasio
eolikoa esaten zaio (?marraskatu? esan nahi
duen latinezko hitzaren eratorria). Abrasioa
gertatuko bada, haizeak zatiki zorrotzak
garraiatu behar ditu; deflazioa, ordea, haize
lasterren ondorioz baizik ez da gertatzen.
Deflazioa
Lur azala lehorra den eremuetan, eta
harkaitzen meteorizazioren edo ura, izotza
edo olatuen ondoriozko zatiki aske txikiz
estalita daudenetan, eragiten du deflazioak.
Beraz, deflazioa jasateko gune aproposak
dira ibai lehorren bideak, hondartzak
eta hormaguneetako metatzeen bidez estalitako
inguruak. Klima lehorreko eskualdeetan
ia lur azal guztia deflazioaren mende
dago, harkaitzak eta lur azala agerian baitaude,
inolako landare babesik gabe.
Airearen turbulentziek lur azaleko materialak
mugitzen dituzte, materialen tamainaren
arabera betiere. Zenbait esperimenturen
bidez frogatu ahal izan da hondar fina
eta tamaina ertaineko hondarra errazago higitzen
dela. Haizeak hamabost metro segundoko
lastertasuna hartzen duenean hasten
da higitzen tamaina horretako hondarra, eta
lur azaletik hamabost zentimetrotara
igoarazten du. Limo zatiki finak, 0,025 milimetro
baino diametro txikiagokoak, zailak
dira mugitzen; dena dela, zatiki fin horiek
mugi daitezke, baina bakarrik zatiki
handiagoek lur azalaren kontra talka egin
eta lurreko hauts fin pixka bat zipriztintzen
badute haize lasterraren barruan. Legarra
bezalako material lodia, aldiz, hamasei
metro segundotik gorako lastertasuna duen
haizeak ere ezin mugi dezake, normalean.
Haizeak materiala jaso ondoren garraiatu
egiten du lur azalean zehar, prozesu
hauen bitartez: suspentsioa, jauzikako
garraioa eta creeping edo narrastea.
Haizearen turbulentzia haize lasterren goranzko
lastertasuna zatikien ?garraiatzen direnean?
erortze lastertasuna baino handiagoa denean
gertatzen da suspentsioa. Hortaz, haizeak
oso urrun eraman dezake hautsa hegan.
Bestalde, jauzikako garraioan, hondar zatikiek
lur azalean jauzi egin edo errebotatu
egiten dute, eta horrela higitzen dira. Zatikiek,
zein bere aldetik, kurba ibilbide bati jarraituaz
egiten dute hegan; bat-batean altxatzen
dira, eta ondoren, pixkana-pixkana
jaisten dira, harik eta lurra jotzen duten arte.
Zatikiek lurra jo eta errebotea egin ondoren,
edo airean altxatzen dira edo beste
zatiki batzuek haize lasterrerantz bultzatzen
dituzte; ondoren, berriro hasten da prozesua.
Zatikiek behin eta berriz errebotatzen
dutenez gero, hondarraren gainaldeko geruza
airearen noranzko berean narrastuko da.
Narrastea, beraz, zatikien banakako higidura
da, lurretik goranzko eta beherazko mugimenduek
eragina. Horrez gainera, zatiki
handiak jauzika mugitzeko handiegiak direnez
gero, airearen noranzko berean higi
daitezke hondar zatiki kopuru handi batek
duen ekintza etengabearen ondorioz. Eta
denborarekin, arrastan, hondar lodiz eta legar
finez osaturiko geruza zabalak nahiko
urrun garraiatu ahal izango dira.
Abrasioa
Haize abrasioak osagai zorrotzak behar ditu haizearen energia higatuko den gainazalera igorri ahal izateko. Haizearen bultzadaz zatiki txikiek eta hondarrak agerian dagoen lur azalaren kontra jotzen dutenean, lur azalaren zati hori higatu egiten dute talka mekanikoaren ondorioz. Hondarra daraman haizearen higadurak labarren, muinoen edota ordoki batean dagoen edozein harri masaren oinarriari baizik ez dio eragiten, alegia, lehenengo zentimetroei, hondar pikorrak ezin baitira oso gora altxatu. Haizearen abrasioak zuloak eta erretenak eratzen ditu harkaitzetan. Hortaz, ordoki batean harri masa txiki bat nabarmentzen bada, lehen esan bezala, oinarrian higa daiteke, perretxiko itxura hartuz. Harri mota horiei onddo itxurako haitzak esaten zaie.
Haizearen higadurarako baldintzak
Haizearen degradazioa lur azaleko edozein
lekutan gerta daiteke, baina haizearen
lastertasuna eta indarra hainbat faktoreren
mendekoak dira. Lur azalaren morfologia,
esate baterako, garrantzizko faktorea da.
Inguru malkartsu batean marruskadura handia
izaten da, eta, hortaz, gutxitu egiten da
haizearen lastertasuna. Bestalde, erliebe
mota batzuek haizearen erreten bezala jokatzen
dute eta azeleratu egiten dute haizea.
Deflazioa ondorengo baldintzen mendekoa
da: meteorizazioak prestatutako material
mota, landaredia, mugitzeko prest
dagoen materialaren egitura eta hezetasun
maila, eta, azkenik, lur azalaren tenperatura.
Nahiz eta faktore horien guztien arteko
harremana oso konplexua den, aipagarria
da zeinek bere aldetik duten eragina. Adibidez,
landareek haizearen eraginetik babesten
dute lur azala, eta gainera, higadura gutxitzen
dute, aglutinatzaile lana egiten baitute
sustraiek. Landaredia desagertuko balitz,
lurreko zatikiak haizearen higaduraren
mende geratuko lirateke. Hezetasunak, bestalde,
kohesioa ematen die zatikiei, hau da,
bildu egiten ditu, eta asko gutxitzen du
deflazioaren eragina. Inguruko ur kopurua
gutxitu ahala gutxitu egiten da lur azaleko
zatikien arteko kohesioa ere, eta lurreko
zatikien inguruan dagoen ur geruza txikiegia
da aglutinatzaile lana egiteko.
Hortaz, haizearen higadura gerta dadin,
hauek dira baldintza egokienak: landaredi
urria, lur azaleko materialak tamaina ertaina
edo tamaina konbinazio egokia izatea,eta materiala erabat lehorra egotea. Bestalde,
lur azala beroa izateak ez du garrantzi
handirik, nahiz eta horrek deflazioa errazten
duen, turbulentzia kopurua handitzen
baitu. Oro har, haizeak erraz higa ditzake
soroak eta goldatutako sailak edo sedimentatu
berri diren inguruak, hala nola ibaien
erreten lehorrak, hondartzak eta duela gutxi
hormaguneak metatu izan diren eremuak.
Haizearen eraginaren ondorio zuzena
dira hauts eta hondarrezko ekaitzak. Basamortuetako
eremu lauetan izaten diren
haize indartsu eta bortitzek hauts fin ugari
eramaten dute suspentsioan hodei handi eta
trinko moduan, urtaro lehorretan batik bat:
hautsezko ekaitzak dira horiek. Nekazaritzarako
edo larretarako lurrari landaredia
kentzen zaionean eta inguruneko klima baldintza
lehorrek landareak jaiotzea eragozten
dutenean gertatzen dira. Ekaitz horietan
hautsez osatutako hodei ilun handiek
ehundaka metroko garaiera izaten dute eta
ilun-ilun geratzen dira hodeiak biltzen dituen
lekuak. Ezin da zenbait metrotara besterik
ikusi, hautsak ez du arnasa hartzen
uzten eta tarte guztietatik sartzen da; kalkulatu
da aire kilometro kubo bakoitzeko bederatziehun
tona hauts egon daitekeela suspetsioan.
Hautsak distantzia handiak ibiltzen ditu
airean. Zenbaitetan, hauts ekaitzek lau mila
kilometro ere egin izan dute. Sumendietako
erupzioek oso hauts fina jaurtitzen dute,
kopuru handietan. Hala, Krakatoako (Sumatra
eta Java arteko sumendi uharte txikia)1833ko eztanda ospetsuak hauts kopuru
izugarria jaurti zuen; hauts horren zati
handi bat eguratseko goi geruzatan egon
zen denboraldi luze batez, eta ondoren,
mundu guztian zehar zabaldu zen. Horrez
gainera, britainiar uharteetan XIX. mende
bukaeran ikusi ahal izan ziren ilunabar distiratsu
eta koloretsuak eguratsean zegoen
Krakatoako hautsaren ondorio zirela ere
esan izan da. Ilunabar horiei ?chelsea sunsets?
izena jarri zitzaien, eta garai hartako
artista ingelesen gai gustukoena izan zen.
Baina basamortuko benetako hondar
ekaitza higitzen den behe hodei bat da,
lurretik dezimetro gutxitara egoten dena, eta
gehienez, bi metrotara iristen dena. Hondar
zatiki ugarik osatzen dute, eta haize
bolada bortitzek garraiatzen dute batetik
bestera. Hondar ekaitz batek pertsona bat
inguratzen duenean, gerta daiteke lagun
horrek burua eta sorbalda hodeietik kanpora
edukitzea. Halakoetan hondarra ez da
lurretik asko altxatzen, zatikiak jauzika higitzen
direlako. Beraz, pikorrek ibilbide
kurbatua egiten dute eta lurraren kontra
indar handiz jotzen dute, baina angelu txikia
osatzen dute. Lehen esan bezala, talkaren
ondorioz pikorrak errebotatu egiten da,
eta berriro altxatzen da. Era berean, airearen
noranzko berean higitzen da lur azaleko
kanpoaldeko hondar geruza, geruza hori
haizeak garraiatzen dituen zatikien talkek
eratzen dutelako. Hondar ekaitz horien
higadura lur azaletik 0,3 eta 0,6 metro bitartean
dauden gainazaletan izaten da batez
ere.
Haizearen mailaketaren ondorioz sortutako erliebeak
Higadura eolikoa
Haizearen abrasioak sortzen dituen egitura
fisikoak ez dira garrantzi handikoak.
Hondarrezko eta buztinezko aglutinazio
batean, edo beste sedimentu bigun eta kohesibo
batzuetan, higaduraren ondorioz
yardang (turkieraz alde aldapatsua edo
hasiera esan nahi du) izeneko egiturak sortzen
dira; egitura horiek, ordea, ez dute garrantzi
handirik. Yardang-ak haize jarraituaren
higaduraren eraginpean dauden lur azal
soilduetan eratzen dira; horietan haizeak
sakonera gutxiko ildo luzeak eta gailur zorrotzeko
harkaitz edo masa harritsuak sortzen
ditu. Bigarren mailako beste erliebe
mota batzuk bentifaktoak dira, forma zorrotzeko
aldeak dauzkaten hartxintxarrak.
Ondo finkatu gabeko materialak dauden
inguruetan sortzen dira deflazio mota
nagusiak. Basamortuko blowout-ak deflazioak
sortutako barrunbeak dira: oro har,
metro gutxi batzuk izaten dira sakon eta diametroa,
aldiz, kilometro eta erdi ingurukoa
dute. Alabaina, bada beste blowout mota
bat hondar ugariko hondartzetan izaten
dena: haizearen eraginez hondarra metatu
ondoren, landareek finkatzen dute piloa.
Gainera, ondo finkatu gabeko hondakinetan
eta dimentsio desberdineko metatzeen
inguruetan legarrez osaturiko azal bat
sortzen du deflazio aktiboak; azal mota horri
reg edo basamortuko zola esaten zaio.
Haizeak gainazal horren gainetik jotzen
duenean, partikula finak haizatu egiten dira
eta hegan garraiatzen ditu haizeak; hondar
zatikiak, aitzitik, jauzika eta narrastuz garraiatzen
dira. Bertan geratzen den legarrak,
denboraren joanean, harri koskor biribilduez
osatutako eremua eratuko du. Regaosatzen denean asko gutxitzen da haizearen
higadura, eta, zenbaitetan, desagertu ere
egiten da. Reg izeneko gainazal horiek, oro
har, basamortu ingurune gehienetan azaltzen
dira, baina mendebaleko Saharan hedatu
dira ondoen, bertan reg-ak hamar milaka
kilometro koadro betetzen baititu.
Haizeak garraiatutako materialez eratzen den erliebea
Haizeak mugiarazten dituen hondarra
eta lohia ?mugitu ezinik? geratzen dira denborarekin.
Haizeak eragindako metatze
horien ondoriozko formak zatikien tamainaren
eta zatiki horiek metatzeko behar
diren baldintzen araberakoak dira. Oro har,
zatiki lodiak dauden lekuan bertan metatzen
dira; lohia, aldiz, urrutirago meta daiteke,
hauts geruza finak osatuz. Hauts finak,
gehienetan, oso zati txikia hartzen du,
gainalde osoko material guztia kontuan
hartuz gero. Hala eta guztiz ere, antzina,
lohi zatikiak oso leku sakonetan metatu
ziren eta egitura fineko material biltegi garrantzitsuak
osatu zituzten, loess izenekoak.
Zatiki handienak, beraz, beren jatorrizko
puntutik hurbil metatzen dira, hondar muinoak
osatuz eta haizearen eraginaren mende.
Duna horien forma haizeak metatuko duen
hondar kopuruaren eta haizearen norabidearen
eta izaeraren araberakoa izaten da. Batzuetan,
gainera, lur azalaren gorabeherek
edota ingurunean aurki daitekeen landarediak
ere mugatzen dute dunaren tamaina.
Dunekin batera haizeak garraiatzen
duen materialaz eratzen den beste erliebe
mota bat loessa da, eremu handia hartzen
duen ale fineko metatzea. Loessa osatzen
duten zatikien mea osaera aldatu egiten da
eskualde batetik bestera, baina, hala ere,
zatikiak beti txikiak dira eta deskonposatu
ez diren meak izan ohi dira. Ohiko loessa
kareduna da, eta kaltzio karbonatozko zementuari
esker geruza trinkoetan finkatzen
da. Loessaren jatorri eolikoa zatiki harritsuenhigadura partzialean oinarritzen da eta baita
ere, Asia erdialdeko, Txina iparraldeko
eta Argentinako Panpako basamortuetan,
haizearen aldean dauden loess inguru zabaletako
alderdi batzuen egoeran.
Loessen sorrera azaltzen duen teoria
nagusiaren arabera, deflazioa gertatzeko
baldintza egokienak Europa eta Ipar Ameriketako
hormagune kontinentaletan izan
ziren. Hormaguneetako higakinak (babesik
gabe, kanpoan daudenak) batetik, eta fusioan
sortutako ur kopuru handiek bestetik,
eragin zuten ibaiek sedimentu kopuru
handiz betetzea bailarak, ibaiek urtzen ari
ziren hormaguneen hustuleku funtzioa betetzen
baitzuten. Neguan jalkinak lehortu
egin ziren eta, horren ondorioz, bailarako
jalkin multzoa eta bailara horietako eremu
soilak deflazioaren eraginpean geratu ziren.
Mendebaleko haizeek altxatutako hautsa
bailaratako ekialdeko isurialdeetan metatu
zen batez ere.
Txinan daude loess metatzerik handienak,
asko 30 metro dira lodi, eta 90
metroko bat edo beste ere bada. Txinako
iparraldean ehundaka kilometro koadro hartzen
ditu, eta Asia barrutik datorrela dirudi.
Loessak garrantzi handikoak dira nekazaritzan,
oso erabilgarriak baitira. Loess
ordoki eta goi ordokietan, esate baterako,
laboreak lantzeko egokiak diren lur beltzak,
oso emankorrak, eratu dira. Bestalde, loess
metatzeez osatu dira Errusia hegoaldeko
ordoki emankorrak, Argentinako Panpa eta
Txinako iparraldeko lurralde emankorrak.
Estatu Batuetan, euri nahikoa egiten duen
estatuetako loess ordoki zabaletan lantzen
da artoa, Iowa eta Illinoisen adibidez; garia,
berriz, mendebalerago lantzen da, klima
lehorragoa den lekuetan, Kansas eta
Nebraskako ordokietan eta Washington estatuaren
ekialdean, esaterako.
Loessek bailara ertzetan horma bertikalak
osatzen dituenez gero, eta higadura eragileen
mende gelditzen direlarik, eta horietan
lur jausirik ez baita gertatzen eta, bestalde,
horma horiek zulatzen errazak baitira,
bizilekuak egiteko erabili dituzte Txina
eta Europa erdialdean.