Geografia unibertsala»Geografia
Haizea, higaduraren eta moldatzearen eragile
Higadura eragileen sailkapen guztietan aipatzen da haizea.
Hala eta guztiz ere, haizeak ez du aurrez meteorizatu gabeko materialak
(hau da, zatitu, sakabanatu edo eraldatu gabeak)
mugiarazteko behar adina indarrik.
Horregatik, haizea, oro har, garraiatzaile bezala hartu behar da,
zenbait ñabardura kontuan izanik.
Haizeak ez du tamaina handiko materialak mugitzeko adinako indarrik;
pikor txikiak leku batetik hartu eta beste batera eramaten ditu,
eta han metatu egiten ditu.
Ekintza horren eraginez, hezetasuna jaitsarazten du haizeak,
eta, horren ondorioz,
erliebean eragiten dituen egiturek basamortu tipologia izaten dute.
Meteorizazioa eta higadura
Meteorizazioa lur azaleko gaien deskonposatze
prozesua da. Meteorizazioa izango
balitz ekiten duen prozesu bakarra, sortzen
diren lekuan bertan geratuko lirateke metaturik
prozesuaren ondoriozko hondarrak.
Hori da gutxi gorabehera, lur azalaren sorrera
prozesuan gertatzen dena. Prozesu
hori eremu nahiko makur batean gertatzen
denean, grabitate indarrak eta marruskadura
indarrak angelu bat osatzen dute, eta grabitate
indarra marruskadura indarra baino
handiagoa bada, gai askeak maldan behera
higituko dira. Horrela sortzen dira, adibidez,
hartxintxar guneak, alegia, isurialde
baten oinean isurialde horretako bertako erlaitzetik
askatutako harri pusken pilatzeak.
Halakoetan, hain zuzen, grabitateari gehitzen
zaion beste edozein kanpo indarrek,
elur edo harri jausiek esaterako, edo material
askearen eta haitzaren arteko marruskadura
gutxitzen duen edozein eragilek, lokatz
isuriek adibidez, erraztu egingo dute
material askeen higidura prozesua.
Bestalde, baldin eta material askeak eremu
horizontalean badaude, grabitate eta
marruskadura indarrek norabide berbera
izango dute, beraz, pikorrak batetik bestera
mugituko badira, kanpoko beste indar elkarzutbat behar da. Litosferako estalki jariakari
mugikorren (eguratsa eta hidrosfera) ekintzetatik
baino ezin da indar hori sortu.
Gai askeak kanpoko eragile geologiko
baten edo eragile horren eta grabitatearen
arteko ekintzaren ondorioz garraiatzen direnean,
higadura prozesua izan dela esaten
da, kontuan hartu gabe eragile horrek berak
edo beste batek desegin dituen gai
horiek.Hori dela eta, higadura eragiletzat hartzen
da material askeak garraiatzeko adinako
energia sor dezakeen eragile oro.
Haizea eragile geologiko gisa
Higadura prozesuan materialak puskatzeko
behar den indarra, material horiek
herrestan eramateko edo higitzeko behar
den indarra baino askoz ere handiagoa da.
Eragile batek egiten duen indarra lastertasunaren
araberakoa denez gero, indarrak
muga balioa izango du eta balio horren
azpitik egiten den indarra ez da nahikoa
izango gaiak dauden lekutik ateratzeko,
baina, hala ere, eragileak gaiak higiarazten
jarrai dezake. Muga balio hori kasu batzuetatik
besteetara aldatu egiten da. Haizeak,
adibidez, ez du inoiz balio hori iristen, hots,
balio horren azpitik ibiltzen da beti, eta
horregatik, haizeak, gehienetan, garraiatu
egiten ditu materialak. Horrez gainera, lur
azala landareez babesturik badago, haizeak
nekezago eragingo du lur azalean, landarediak
haizeari traba egiten baitio, eta ondorioz,
moteldu egingo baita haizearen lastertasuna.
Haizea, beraz, landarerik gabeko
eremuetan, ez besteetan, jarduten duen
materialen garraiatzailea da.
Baina material guztiak ez dira tamaina
berekoak, eta ezin dira erraztasun berdinaz
garraiatu. Zenbat eta handiagoa izan gaia,
orduan eta indartsuago izan beharko du gai
hori garraiatzeko haizeak. Hori dela eta,
haizearen garraioa hautazkoa dela esan
daiteke, tamaina jakin batetik beherako
gaiak garraiatzen baititu bakarrik; gehieneko
neurri hori airearen lastertasunaren araberakoa
da.
Jardun mekanismoak
Lehenik, kontuan hartu behar da material
zatiki baten mugimendua zatikiak berak
hartzen duen energiaren araberakoa
dela. Marruskadura gainditzeko adinakoa
den energia kopuru txiki batek zatikia gainazalean
zehar mugiaraziko du, zatikiaren
grabitate zentroaren garaiera aldatu gabe;
oztopo bat aurkitu bezain laster, oztopoa
txikia izanda ere, gelditu egingo da zatikiaren
lerratze mugimendua. Energia zertxobait
handiagoa bada, ordea, zatikia, lerratzeaz
gainera, herrestaka edo biraka higituko
da. Higidura berezi hori zatikiaren
grabitate zentroa gora eta behera higitzen
denean gertatzen da; zatikiak dena dela, ez
du gainazalarekiko kontaktua galtzen, eta
horrez gainera, oztopo txikiak saihets ditzake
eta malda txikietan gora igo ere bai.
Energia handiagoa denean zatikia lurretik
bereizten da, eta aldi batez grabitate
puntua ere gaindi dezake; ondoren, haizeak
herrestan eramaten du eta, poliki-poliki,
lurra jotzen du berriro. Lurra jotzen duenean
botea egiten du, eta prozesu hori, jauzi
prozesua esaten zaiona, hasten da berriro.
Energia kopurua oso handia denean,
zatikia goi geruzetara joaten da arrastan
haizearen gogara; hala gertatzen da, esate
baterako, haize ekaitzetan.
Hortaz, haizearen energiaren eta zatikiaren
tamainaren arabera higitzen da zatikia.
Indar batek material zatiki txiki bat herrestan
edo jauzika higiarazten duen bitartean,
indar horrek berak zatiki handiago bat herrestan
higitu edo lerratu ahal izango du
soilik. Era berean, higidura mota jakin baten
mende dauden zatiki multzo bateko
zatiki txikienak gainerakoak baino urrutirago
arrastatuko ditu. Bi mekanismo horiek
egiaztatzen dute garraioa hautazko prozesua
dela.
Haizearen ondorioak
Landarerik gabeko eskualdeetan, haizearen
eragina bikoitza izaten da. Alde batetik,
zenbait alderdik beren osagai finak
galduko dituzte (deflazio izeneko prozesua),
eta beste alderdi batzuetan, osagai
horiek metatu egingo dira. Lehenengo kasuan,
herrestan eramaten den materiala antzeko
tamainakoa bada, deflazio sakonguneak
osatuko dira: gainalde ahurreko eremuak.
Euri garaian, ura sakongunearen erdialdean
pilatzen da, eta horrela sortzen dira
putzuak. Aitzitik, zatikiak bai osaeraz bai
tamainaz heterogeneoak badira, zatiki finenak desagertu eta neurri askotako haitzak
geldituko; hala, basamortu harritsu edo reg
bat osatuko da.
Bigarren kasuan, zatikiak leku jakin
batean pilatu arte eramaten dira herrestan,
eta hala lodiera handiko geruzak osatzen
dira. Zatikien eta ingurunearen arabera, bi
egitura mota sor daitezke: materialak hareatsuak
badira, erg izeneko hondar eremua
sortzen da, gainaldean dunak dituena;
aldiz, zatikiak buztintsuak badira, loessak
sortzen dira.
Baina haizeak herrestan daramatzan
zatikiek elkar jotzen dute batzuetan, eta,
besteetan, oztopoekin topo egiten dute;
talka egiten dutenean, era batera egin edo
bestera egin, duten energiaren parte bat
igortzen dute. Horrek bi ondorio izan ditzake.
Alde batetik, zatikiek elkar jotzen
dutenean biribildu egiten dira eta gainazala
higatzen zaie; hala gertatzen da, esate
baterako, basamortuetako harearekin. Beste
alde batetik, higitzen diren zatiki horiek
bidean aurkitzen dituzten oztopoak ere higatzen
dituzte. Prozesu horri korrosio esaten
zaio. Korrosioak berez oztopoaren behealdean
eragiten du, jauzi gunean. Beraz,
haitzek dorre edo onddo itxura hartzen
dute, eta alderdi garaienetan barrunbe berezi
batzuk osatzen dituzte.
Basamortuak
Haizeak landarerik gabeko ingurune
lehorretan eragiten duenean, basamortu lehorrak
osatzen dira. Bai reg eta bai erg eremuetan
ur gutxi izaten denez gero, ez da
meteorizazio kimikorik gertatzen, eta horren
ondorioz, antzuak izaten dira bi eremuak.
Hala ere, ez dute egitura bera. Regean
gainazala estaltzen duten material harritsuez
gainera, onddo itxurako gainak izaten
dira, deflazioa pairatu duten material
gogorrez osatuak. Erg-ean, bestalde, hondar
gainaldea horizontala da, sedimentatze
prozesuetan gertatu ohi den bezala; gainalde
hori, bestalde, haizeak aldatzen du eta
dunak sortzen ditu, hondarra metatzen den
beste ingurune batzuetan gertatzen den
bezala, hondartzetan adibidez.Duna horiek hondarrak oztoporen bat
topatzen duenean osatzen dira. Hori gertatzen
denean, hondar aleak bertan itsatsita
geratzen dira, eta bata bestaren gainean metatzen;
azkenik, muino bat osatzen dute.
Prozesu hori ez da amaitzen harik eta muinoak
oztopoaren garaiera gainditzen duen
arte. Une horretan zatikiak gailurrera iristen
dira, baina haizeak sortzen duen zurrunbiloaren
ondorioz, muinoaren atzeko aldetik
erori eta bertan metatzen dira oreka maldaren
arabera. Atzeko malda aurrealdekoa
baino nabarmenagoa izaten da, ez baitago
haizearen eraginaren mende. Haizearen
eraginez hondar aleak aurreko isurialdetik
atera, malda igo eta atzeko isurialdera erortzen
dira; era horretan, dunak aurrerantz
egingo du haizea gelditzen den arte, edo
alearen garraioa galaraziko duen oztoporen
bat (landareak esaterako) bidean aurkitzen
duen arte. Bazterretako aleak errazago
higitzen direnez gero, duna aurrerantz
doan heinean, ilargierdi itxura hartzen du.
Duna horiek ez dira, oro har, bakarturik
egoten, multzoka baizik. Bi dunen arteko
tartea haizearen indarraren araberakoa da;
indarraren muga balio batetik gora ez da
dunarik eratzen.
ERG-a: elkarrengandik desberdinak diren
duna multzoez osatutako hondar metatze
handia. Erga handia denean, dunek
beren morfologia galtzen dute, batzuk besteekin
elkartzen baitira, eta hala, era askotako
topografiak sortzen dira; horien artean
aipatzekoak dira oinarri makurreko duna
lerroak (draa), uhin formako lerroak eta
sare itxurako lerro hareatsuak.
REG-a: eremu idorretako gainalde harritsua,
deflazio eolikoaren ondorioz sortua:
haizeak zatiki finak eraman eta osagai lodienak
bakarrik uzten ditu.
Loessa
Basamortutik kanpora ere garrantzizko
zeregina du haizeak. Hormaguneen ekintzak
ere higadura handia eragiten du, nahiz
eta higadura horretatik sortutako materialak
izotzetan babesturik edo bildurik gelditzen
diren. Hala ere, lurburuetako izotz
eremuak gutxitzen hasten direnean,
kanpoko geruzetako zatikiak babesik eta
landaredirik gabe gelditzen dira. Lurburuetako
haize gogorrek atal horietan eragiten
dute, eta elementu txikien deflazioa gertatzen
da, kasu horretan buztinen eta limoena.
Ingurune periglaziarrak basamortu bihurtzen
dira osagai finak galtzen dituztenean;
osagai horiek, aldi berean, haizeak
herrestan eramaten ditu eta beste gune batzuetan
metatzen dira, baina geruzarik osatu
gabe.
Ale fineko zatiki horiek nahiko zorrotzak
izaten dira, ez baitute meteorizazio prozesurik
jasan. Ondorioz ondo gordetzen
dute ura, eta ez badute higadura sakonik
izaten eta landare estalki bat geratzen bada
gainazalean, oso lur emankorrak izaten dira,
hala nola, Errusiako estepak, Ameriketako
larreak edo Europa Erdialdeko goi ordokiak.
Hala ere, material hori ez da oso trinkoa,
beraz, erraz higa daiteke. Sedimentazioak
gero eta presio handiagoa eragiten du azpiko
masan, eta, horren ondorioz, materiala
trinkotu egiten du, eta gainazala arraildu
egiten da. Efektu horrek, bestalde, haizearen,
ur libreen edota gizakiaren higadura
errazten du.
Material fin eta trinkoak direnez gero,
higadurak erliebe malkartsua sortzen du, eta
erliebe mota horretako hormetan ez da luizirik
izaten.