Departamento de Cultura y Política Lingüística

Geografia unibertsala»Geografia

Ordokiak

Berriki sortutako itsas ordokia.<br><br>Azpiko geruzen inklinazioa berez dena baino handiago irudikatu da, marrazkia errazago uler dadin.<br><br>

Atal honetan ordokiak aztertuko dira: ordoki motak, haien sorrera, haien osagai materialak, eta haien banaketa.

Bestalde, ordokien ezaugarrien eta erliebe forma horien bilakaeran eragina izan duten faktoreen arteko loturak ere aipatuko dira.

Ia lauak direnetatik hasi eta malkortsuetaraino sailkatu dira ordoki motak.

Erliebe gutxiko ordokiak lauak izaten dira, bi arrazoi hauengatik: batetik, sedimentuak itsasoan, aintziretan edo alubioizko ordokietan uniformetasunez banatu zirelako; bestetik, duela gutxi sortutako ordokiak direlako.

Klimak erabat baldintzatzen du mendi oinetako ordokien bilakaera, eta, hortaz, lurralde lehorretan bakarrik izaten dira handiak.

Erliebe ertaineko ordokiei dagokienez, eraketa prozesua hainbat faktoreren mendeko da: haitz mota, egitura, adina, landaredia eta klima, besteak beste.

Hormaguneen edo haizeen eragina izan dutelako dira hain irregularrak, bi elementu horiek ez baitituzte urak bezain metatze uniformeak sorrarazten.

Hormaguneen higaduraren ondorioz, gainera, malkorrak sortzen dira.

Azkenik, disoluzio bidezko higadurak eta ibaiek eraginak ere, badute zerikusirik horretan.

Erliebe garaiko ordokiek lotura estua izaten dute lekuan lekuko klimarekin edo haitzen izaera eta egiturarekin.

Ildo horretatik, goi-ordoki batzuk berriki sortutakoak direla gogoratu behar da, eta horrexegatik iraun dutela, hain zuzen; izan ere, kontuan izan behar da, bestelako faktoreek esku hartzen ez badute, higadurak suntsitu egiten dituela goi-ordokiak.

 

Erliebe gutxiko ordokiak

Ordoki lau hauek hamabost metrotatik beherako erliebea dute, eta ia denak, gainera, maila berdinekoak dira. Gainaldea uniformea da beti; bereizketak egiterakoan, beraz, osagai materialak hartu behar dira kontuan, eta ez gainaldearen itxura. Oro har, urak sedimentuak etengabe banatu dituelako dira hain uniformeak ordoki hauen gainaldeak. Sail honetan ondorengo bereizketa egin behar da: ? berriki sortutako itsas ordokiak, ? aintzira ordokiak, ? alubioizko ordokiak, ? deltetako ordokiak, ? mendi oinetako alubioizko ordokiak.

 

Berriki sortutako itsas ordokiak

Pleistozenoaren azken laurdenean kontinenteen plataforma altxatu egin zen zenbait eremutan. Azaleratutako plataforma ia guztia uniformea zen erabat, tarteka sakongune txikiak ere agertu arren. Kontinenteen plataforma kanporatu ondoren, zabaldi laua bihurtu zen, baina bazituen, ordea, askorik sendotu gabeko harri sedimentarioak ere: hare-harri bigunak, arbela eta kare-harria. Geruza horiek guztiak oso makurdura txikia dute itsasoarekiko.

Berriki sortutako itsas ordokiak ia lauak izaten dira, olatuek eta itsaslasterrek sedimentuak etengabe banatzen dituztelako.

Ordokiak zertxobait altxatu eta kanporatuahala, ibaien mailaketa prozesuak aldaketak eragin ditu ordokien azalean. Ordoki zabal horietatik igarotzen diren ur lasterrek ez dute askotan drenajerik izaten, desnibela oso txikia baita. Horrenbestez, zingira asko sortzen da. Zenbaitetan, ordea, toles txikiz osatutako goraguneak ere agertzen dira, eta ura erraz itsasoratzen da orduan, ordokiaren azaleko materiala hareatsua izaten baita. Atlantikoaren eta Mexikoko Golkoaren kostaldean (Ipar Ameriketan) daude itsas ordoki sortu berriak.

 

Aintzira ordokiak

Erliebe mota lauenak dira, eta azalean ez dute ia inolako irregulartasunik izaten.

Azpian, sedimentu fin-finak dituzte, geruza zapaletan kokatuak. Aipatzekoa da sedimentu horiek aintziretan metatu zirela. Lotura zuzena dago hormaguneen eta aintzira ordokien artean, pleistozenoan hormagune aintziretan geratutako sedimentazioen emaitzak baitira horietako asko. Beste batzuk, berriz, inlandsi edo hormagune kontinentalen ertzetan sortu ziren. Bestalde, hormaguneetako izotzen eraginez, ibai handi asko blokeatuta geratu zen; ibai lasterretan metatzeak sortu ziren eta, hortaz, aintzira ordokiak eratu ziren. Horren adibide nabarmenak dira Aintzira Handien ertzetako ordokiak.

Badira, bestetik, hormaguneekin zerikusirik ez duten aintzira ordokiak, Kongokoa adibidez: erdi eta azken pleistozenoan sortutako aintzira handien emaitza dira. Dirudienez, zenbait goratze tektonikoren ondorioz, sakonera gutxiko sakongune zabalak sortu ziren. Goratze handi horien eraginez, gainera, kontinenteko eremu batzuk barruraka sartuak geratu zirelarik, itsasorako biderik gabeko sakongune bihurtu ziren. Denboraren poderioz, higadura gaitasun handia duten ibai handiek –besteak beste, Nilok eta Kongok–, hustu egin zuten aintziretako ura eta, horien lekuan, ordoki zabalak sortu ziren.

Azken izotzaldian aintzira ordoki handiak sortu ziren barnealdeko huste eremuetan: euria gehitzearen eta lurruntzea urritzearen ondorioz, lurrez inguratuak geratu ziren ur masa handiak, higitu ezinik. Lur horiek gaur egun elkorrak dira. Pleistozeno bukaeran are gehiago lehortu zen ingurunea: aintziretara ez zen jadanik ur lasterrik heltzen, eta laster horiek, etengabe lurruntzen zirenez, azkenean idortu egin ziren.

Gaur egun lauak dira, elkortasunari esker hain zuzen. Aintzira ordokien adibide dira, besteak beste, Txad ibaiaren arroko ordokia (Afrikan) eta Kaspiar itsasoaren ingurukoak.

 

Alubioizko ordokiak

Alubioizko ordokiak neurri askotakoak izaten dira: hektarea gutxi batzuk nahiz milaka kilometro koadro har ditzakete.

Haranak gurutzatzean, ibaiek alubioi kopuru handiak utzi zituzten hondoan, eta alubioizko ordokiak sortu ziren bertan.

Haran hondoak sailkatzeko, alubioien konposizio mota hartu behar da batez ere kontuan, hesi naturalak edo hondar bankuak baino areago. Zoru guztiak ez dira berdinak, aldatu egiten baitira egituren eta ibai haranetan duten kokalekuaren arabera. Bestalde, sistema hidrografiko handietako ibai adarrek eramanda, alubioizko ordoki berean metatzen diren sedimentu guztiek ere ez dute jatorri berbera izaten. Era askotakoak izan arren, zoru horiek, oro har, inguruko lur garaiagoak baino askoz ere hobeak dira nekazaritzarako, bi arrazoi hauengatik, hain zuzen: batetik, berriki sortuak eta sakonagoak direlako eta, bestetik, erraz xehatzeko modukoak direlako.

Alubioizko ordokietan nekazaritza intentsiboa egiten da maiz, eta biztanle askoko eremuak izaten dira gainera, ura eskura baitago eta lurra emankorra baita.

Dena den, nekazaritzarako egokiak izan arren, arazo larri bat ere badute honelako ordokiek: uholde arriskua. Dike artifizialen bidez lortzen da ibai ibilguaren maila igotzea, baina, hala ere, batzuetan urak gainezka egiten du. Ildo horretatik, aipatzekoa da nola, kontrolpeko gainezkatzeak egin izan direnean –adibidez, Egipton–, uztak urritu egin direla, lurreko mineralek ez baitute urteko lokatz metatzeez aberasterik izaten.

 

Deltetako ordokiak

Alubioizko ordokiek ez bezala, deltetakoek itsasoan barneratzen diren ubide naturalak dauzkate, maila hidrostatikoa askoz ere garaiagoa da, eta ibaiertzak etengabe hedatzen dira. Oro har, alubioizko ordoki handiak dituzten ibaiek deltak ere handiak izaten dituzte, alubioizko ordokiak, pixkanaka-pixkanaka, delta bihurtzen baitira.

Dena den, zenbaitetan, ordokiak izan arren, ez da deltarik sortzen, eta gerta daiteke alubioizko ordoki handirik ez duten ibaietan ere deltak sortzea.

Urak gainezka egiteko arriskua egon arren, nekazariz osatutako biztanleria handia biltzen da maiz deltetan. Deltak hustubidez eratutako lubakiz eta hesi artifizialez beteak egon ohi dira gainera. Nilo ibaiaren delta da nekazaritza intentsiborako erabili zen lehenengoetakoa, Antzinako Egipton jada. Ildo horretatik, aipagarria da Herbehereen kasua: hain kokaleku geografiko berezia izanik, mendeetan zehar, lurra kendu behar izan diote itsasoari. Hesi bidezko sistema konplexuak erabiliz, polder derizten eremu itxiak sortu dituzte, alegia, lantzeko moduko lurrak.

 

Mendi oinetako ordokiak

Alubioizko mendi oinak lur garaien behealdean egoten dira, klima lehor edo erdi lehorreko eremuetan. Gainalde tolesduna dute: alubioizko konoak banan-banan elkarren gainka geratu direlarik, isurialde ganbilak eratu dira, eta horren emaitza dira azaleko toles txikiak. Azpialdean, ondorengo materialak daude: mendiaren oinaldean, ertz zorrotzeko legarrak; konoaren oinarrian, berriz, lokatz fina eta buztina.

Konoek ura xurgatu eta gordetzeko ahalmen handia dutenez gero, mendi oinetako zabaldiak oso egokiak dira nekazaritzarako.

Ura isurialde erradialean sartzen da, konoaren erpinean, eta alubioietan zehar iraziz, azkenean, konoaren oinarritik hurbil geratzen da, bertako material finak ez baitio pasatzen uzten. Gordetako ur hori alubioizko konoaren behealdeko alubioirik finenak ureztatzeko erabil daiteke, izan ere, grabitateari esker, erraz banatzen baita.

Tamainari dagokionez, alubioizko mendi oinak oso desberdinak izan daitezke: kilometro koadro gutxiko ordoki txikiak, nahiko bakartuak; laurogei eta ehun eta hirurogei kilometro koadro bitarteko hedadura izanik, hurrenez hurreneko ordoki zabalak... Hainbat lurraldetan daude era honetako mendi oinak: Kalifornian, Los Angeles-San Bernardinoko lur apaletan, Asiako Turkestaneko sakonguneetan etab.

Mendi oinetako ordokiak giza jardueretarako eremu garrantzitsuak ez ezik, kolonizazio guneak ere izan dira.

 

Erliebe ertaineko ordokiak

Erliebe ertaineko ordokiek, hamabost eta ehun metro bitartekoak, lur zabal ia lauak edota gainalde tolesdun irregularrak har ditzakete. Lurraren malkortasuna kontuan hartuta, ondorengo bereizketa egin daiteke: ? ordoki leunak, ? ordoki irregularrak, ? kubeta txikiak dituzten ordokiak.

 

Ordoki leunak

Gorabehera gutxiko erliebea duten ordoki leunetan mendi oinetako ordoki zaharrak dira usuenak, tartean haranak eta mendi hegalak dituzten hainbat lur sailez osatuak, alegia. Haranen hondoa laua izaten da eta, hegalak, berriz, mendien oin aldera hurbildu ahala, gero eta sakonagoak.

Ibai arteak lauak izaten dira, haran bazterretan izan ezik.

Mendi oinetako ordoki zaharrak mendi sistema handien behealdean sortzen dira: lur garaietatik etorritako ibaien bidez metatu ziren bertan. Ordoki haien gainaldea eta egun sortzen ari diren mendi oinetako ordokiena oso antzekoak dira. Dena den, halako batean, ibaiak metatzeari utzi eta higatzen hasi ziren, zergatik ez dakigula. Ziur aski, goraldi tektonikoren baten ondorioz gertatuko zen hori, edo bestela, klima aldaketaren baten eraginez. Litekeena da halaber bi gertaerak batera egokitu izana.Gorabeherarik gabeko erliebea duten ordoki lauen adibiderik ezagunenetakoak Argentinako Pampa eta Los Llanos izeneko Venezuelako zabaldiak dira.

 

Ordoki irregularrak

Hamabost eta ehun metro bitarteko erliebea dute, baina gainaldea ez da, ordea, laua; sarritan, isurialde laburrak baina maldatsuak agertzen dira. Sail honetako ordokien artean beste bereizketa bat ere egin daiteke: – morrenazkoak, – hareatsuak, – hormaguneen korrosioaren ondoriozkoak – ibaien higadurak eragindakoak.

Osagai materialen eta gainaldea taxutu zuten eragileen arabera, aldatu egiten da horietako bakoitzaren ezaugarri bereizgarrien antolamendua.

 

Morrenazko ordokiak

Bi eratakoak izan daitezke: ia lauak, edo tolesdun eta irregularrak, malda labur malkortsu samarrez beteak. Hogeita hamar metrotatik gorako erliebea izaten dute.

Gainaldearen itxura era askotakoa izaten da, nolako pilaketak gertatu ziren inlandsien (izotz eremu izugarriak) azpian, barruan edo inguruan. Leku askotan, hormagune higakinek barru-barruraino sartu zuten bertan zegoen lurra, zenbaitetan baita ehundaka metrotaraino ere: gaur egungo erliebea hormaguneen ekintza horren emaitza da bete-betean. Higakin gutxi batzuk bertan metatu ziren; beste batzuk, berriz, erori eginziren hormaguneak atzera egin zuenean.

Horien gainean sortutako ordokietan tolesak, sakongune txikiak eta, han-hemenka, muinoak agertzen dira. Askotan sakonguneek ez dute irtenbiderik eta, beraz, ordokiak zingiratsuak izaten dira.

Morrenazko ordokiak Estatu Batuen erdialdean eta Europako ipar-mendebalean aurkitzen dira batik bat. Oro har, gaur egungoek azken izotzaldiekin (Wisconsin) dute zerikusia: lehen izotzaldietan sortutako morrenazko ordokien ezaugarri bereizgarriak erabat suntsituta daude ia, ibaien higaduraren eta masa mugimenduen eraginez.

Horrela, bada, klima eta adina funtsezkoak dira morrenazko ordokiak non egon daitezkeen jakiteko.

 

Ordoki hareatsuak

Ordoki hareatsuen gainaldea mailaketa eolikoaren emaitza da batik bat, eta gehienetan duna metatzeak sorrarazten ditu.

Harea eta elkortasuna elkarri lotuta daude beti, baina, hala ere, landaredi urria da ordoki hareatsuen ezaugarririk nabarmenetakoa.

Dena den, elkortasuna ez ezik, badira beste arrazoi batzuk ere urritasun horren agergarri: gehiegizko artzaintza, edota alubioizko kono eta ordokietan, deltetan eta hondartzetan sortzen diren metatzeak.

Atal oso bat eskainiko zaie dunei, gai hori sakon aztertzeko.

 

Hormaguneen higaduraren ondoriozko ordokiak

Hormaguneen higaduraren ondorioz sortutako ordokiek ezaugarri hauek dituzte: azal leun biribildua, maldatxo luzeak, oso haran irekiak eta mendi gailur urratuak.

Hustubidezko sarea ez da behar bezain eragin handikoa izaten: aintzira, zingira eta lur jausi ugariz egoten da osatua, oro har. Lurreko geruza, bestalde, mehea eta etena da, eta, gehienetan, gainaldeak zabalak izaten dira, landarerik gabeko haitz leunduz beteak.

Ordoki hauek Ipar hemisferioko latitude garai samarretan sortzen dira, besteak beste, Kanada ia osoan eta Eskandinavian.

 

Ibaien higaduraren ondoriozko ordokiak

Gaur egun, ordoki guztiek izaten dute ibaien higaduraren eragina. Ibaien arteko gainaldeak leunak izaten dira, edo toles txikikoak bestela, aurretik izan dituzten moldatze prozesuen aztarnak ere agertzen direla.

Haranen hegalak ez dira handiegiak izaten, baina aldapak nahiko malkortsuak dira, eta hondoak meharrak. Haran handietan alubioizko ordoki txikiak ere sortzen dira batzuetan.

 

Kubeta txikiz osatutako ordokiak

Kubeta txikiz osatutako ordokien ezaugarri bereizgarriak sakongune itxiak dira, neurri eta kopuru askotarikoak; Karst deritzana da guztietan hedatuena. Erliebe karstikoak kare-harriz osatuta egoten dira beti. Kare-harria lurpean disolbatu eta higatzen da, eta sakonguneak sorrarazten ditu. Kubeta edo dolinak kare-harria azaleratzen den eremuetan egoten dira. Forma karstikoak kapitulu berezi batean aztertuko dira.

 

Erliebe garaiko ordokiak

Ordokietan erliebe garaiak ere izaten dira tarteka. Bi eratakoak bereizi behar dira: batetik, lurralde lehorretakoak, arro eta mendikatez osatuak; bestetik, erliebe maldatsuak.

 

Arro eta mendikatez osatutako ordokiak

Muinoz edo mendiz inguratutako hainbat arro alubioizko edo poltsa modukoak dira, elkarren segidan daudenak.

Muinoak edo mendiak bata bestearengandik urrun egon ohi dira. Lur garaien sorburua tolesturak edo failak dira eta, batzuetan, biak batera. Lur haietatik aldizka jaisten ziren ibaiek utzitako alubioiek ia osorik estali zituzten sakonguneak. Arro bakoitza barnetik modu zentripetoan husten den poltsa moduko bat da: lurralde elkorren ezaugarri bereizgarria da hori. Lur garaietako ur jarioa ez da arro hondoko lurruntze potentzialaren bidez orekatzen eta, beraz, poltsako urak ez du inon irteterik izaten, ezta mendiko behereneko puntuetan ere. Horrelako ordokiak daude, besteak beste, Mexikoko erdialdean, Argentinako ipar-mendebaleko eremu elkorretan eta Irango goi-ordoki idorren gainean.

 

Erliebe maldatsuak

Erresistentzia maila desberdineko sedimentuzko geruzen gainean sortzen dira, geruzak zertxobait okertu eta higatu ondoren.

Ibai txikiek, geruza ahulenen norabideari jarraiki, haran zabalak irekitzen dituzte; geruzarik gogorrenetan, berriz, ibai arteko muinoak sortzen dira. Zeharkako epai bat eginda, asimetrikoak gertatzen dira erliebe mota horri izena ematen dioten mendixka edo maldak. Ingalaterrako hego-ekialdekolur garai gehienak, adibidez, sedimentuzko geruzen gainean sortutako maldak dira. Pariseko arroa ere maldaz osatutako paisajea da.

 

Goi-ordokiak

Goi-ordokiak elkarrengandik oso urrun dauden ibaiek ordokietan eragindako higadura sakonaren emaitza dira. Goi-ordokietan, zenbaitetan, agertzen dira halaber sedimentu geruza ia horizontalak, labazko uharrak edo higadura luze baten eraginez leundutako haitzak. Azalean gertatutako goratze handien ondorioz, bertatik igarotzendiren ibaien higaduraren ondorioz, haran sakon meharrak sortu dira. Elkortasunari eta haitz gogorrez osatutako estalkiari esker, eremu zabal horietan ez da inolako etenik gertatzen, eta ibai asko igarotzen da bertatik.

Goi-ordokiak, beraz, klima lehorreko lurraldeetako haitz sedimentario horizontalen gainean sorturiko taula formako eremu zabalak dira, ertzak aldapa malkortsuak dituztenak. Ibai sakonak izaten dituzte, eta husteko sistema eraginkorra dute; ibaien arteko banalerroak, hortaz, zabalak eta lauak dira. Coloradoko goi-ordokia da esandako guztiaren adibiderik argiena.