Departamento de Cultura y Política Lingüística

Geografia unibertsala»Geografia

Forma karstikoak

Kare-harrizko erliebearen osagaien diagrama. Kare-harrizko geruza lodiak lurpe buztintsu baten gainean daude.<br><br>Epaiak sakoneko geruzetan urak egiten dituen joan-etorriak adierazten ditu. Lur gainean dolina zuloak ikusten dira han eta hemen. Polje bateko ura isurbide batean galtzen da eta geroago kanoiaren hondotik kanpora ateratzen da berriro. Higaduraren ondorioz, haitz bigunei erasotzen baitie, isurialdeak atzeratzen hasi dira.<br><br>

Kare-harriak dira haitz mota guztietan erlieberik bitxienak eratzen dituztenak.

Kare-haitzezko eskualde batzuek oso ezagun eta famatuak dira morfologiaren aldetik eta are gehiago estetikarenetik duten interesagatik.

Karst erliebea erliebe mota «anormala» da: zintzur itxurako haranak, ageriko hustubiderik gabeko depresio itxiak, kobazulo eta lur azpiko ibaiak –emari handiko Vaucluse iturri edo iturburuetan kanporatzen direnak–, ertz bertikaleko erliebe zutiak eta beste ezaugarri berezi asko izaten baitira erliebe mota honetan.

Kare-haitz erlieberik bereziena karst erliebea da.

Erliebe mota hori higadura prozesua gehienbat disoluzio bidez gertatzen den lekuetan sortzen da.

Karst erliebeak kare-harriak ez diren haitzetan ere era daitezke, gatz eta igeltsu lurraldeetan, adibidez.

Gatzetan eta igeltsuetan ere, disoluzio prozesuak gertatzen dira, baina era honetako karst erliebe gutxi da munduan era horretako lurrak oso urri baitira Lur osoan.

Karst hitza Istriako (Kroaziako) Kartz eskualdetik datorkio.

Karst erliebeetan forma exokarstikoak eta endokarstikoak bereizten dira, lur gainean azaltzen diren ala lurpean gertatzen diren.

Ur emari handiak izaten dira normalean; ur emari horiek kanporatzen diren iturburuei sorburu deitzen zaie.

Euskal Autonomia Elkartean garrantzi handiko karst erliebeak daude, Aralarkoa, esate baterako.

Bizkaiko lurraldean, eta Urdaibai inguruan zehazki –1984an UNESCOk Biosferaren Erreserba izendatu zuen– Bigarren Arokoak dira material gehienak eta tuparriz, hare-harriz eta eskistoz gainera, kare-harriz ere osatuta daude.

Kare-harri horien artean konplexu urgoniarreko (Behe-Kretazeoa) kare-haitz materialak azpimarratu behar dira, garrantzi handiko karst formak baitaude horietan.

Karsta agertze honek lur azpiko uraren ibilbideak eta kobazulo, haitzulo eta leizeak izateko bidea ematen du.

Kobazuloen artean azpimarratzekoak dira 454 metroko desnibeleko Iñeritzako leizea (Nabarnizen), Busturiako San Pedroko haitzuloa eta Santimamiñeko haitzuloak, estalaktita eta estalagmita formazio bikainak eta historiaurreko pintura guztiz ederrak dituztenak.

 

Disoluzio mekanismoa

Kare-harriak ezpurutasun proportzio handiagoa edo txikiagoa izan dezaketen karbonato kaltzikoak (CO 3Ca) dira. Karbonato kaltzikoa disolbagarria da anhidrido karbonikoa duen uretan eta beste zenbait azidotan.

Kare-harria ur karbonikotan disolbatzeko disoluzio mekanismoa oso konplexua da, disolbatutako anhidrido karbonikoaren parte bat baino ez baita urarekin konbinatzen azido karbonikoa emateko. Gainerakoa orekan geratzen da airearekin eta bikarbonatoa osatzen duen partearekin. Eguratseko CO 2-a zertxobait urritzea aski da, CO 2 disolbatua eta konbinatu gabea ere urritzeko; horrek, aldi berean, bikarbonato moduan konbinatuta dagoen CO 2 kopurua ere urritu egiten du eta, horrenbestez, bikarbonato honen parte baten deskonposizioa ere bai.

Baina aireak duen gas karbonikozko edukia oso aldakorra da, presioarekin batera aldatzen baita, eta presioa bera ere oso aldakorra baita lur azpiko ibilbideetan, eta batez ere, landare usteltze maila desberdinen arabera. Bestalde, tenperaturak ere aldatu egiten ditu aireak eduki dezakeen gas karbonikoaren, eta, uretan, disolbatuta eta bikarbonato gisa konbinatuta egon daitezkeen gas kopuruen arteko proportzioak.

Uretako CO 2-aren (karbono dioxidoa) bidezko disoluzioa bizkorra izaten da, baina mugatua. Ezin jarrai daiteke aldez aurretik aireko CO 2-a uretan disolbatuta ez bada, era horretara erreakzio kate bat eratuz.

Disoluzio hori oso geldi gertatzen da tenperatura apaletan, baina nahiko bizkor ur epeletan.

Era horretara higatzen dira disoluzioz kare-haitz eskualde lekuak. Ezpurutasun disolbagaitzezko hondarrak baino ez dira geratzen bertan, haitzaren oso parte txiki bat baino ez baitira izaten normalean.

 

Kare-harri mota nagusiak

«Ezpurutasun» horien arabera ezpurutasun gutxiko kare-harriak eta, beraz, errazkien disolbatzen direnak, eta ezpurutasun askoko kare-harriak bereiz daitezke.

Kare-harria silizeduna izaten da askotan, bai kare-haitzezko zementua duen hareharria delako edo bai silize proportzio jakin bat duen kare-harria delako. Kare-haitzezko zementua duen hare-harria denean, zementua baino ez da desagertzen: haitza,kohesio gutxiko harea xeha-erraza bihurtzen da; kare-haitz multzoak berehalaxe desagertzen dira horrela. Silize proportzio bat duen kare-harria denean, oso era desberdinetako erliebeak eratzen dira silizearen banaketaren arabera. Silizea alde guztietan berdin banatuta dagoenean, geodetan edo zentimetro batzuetako diametroko hutsuneetan meta daiteke silize hori disoluzioz, eta haietan suharria eratzen du; edo gainazaleko disoluzio hutsune ugariak ere estal ditzake edo errota edo geztera harria osatu.

Errotarriak eratzeko, kare-harria disolbatu eta silizea berehala metatzen da disoluzio barrunbeetako hormetan. Modu horretan barrunbeak ezin dira handitu eta prozesua gelditu egiten da, kare-harria ezin baita disolbatu, silize geruza fin batez estalirik dagoelako. Haitz horiek ur beroa ukituz edo klima azpitropikaleko airearenpean higadura fase batean zehar era daitezke, infiltrazio uraren eraginagatik. Errotarri deitu horiek erresistentzia handiko harriak dira eta testigantzazko muinoak era ditzakete.

Hala ere, kare-harrizko hondamen itxurako erliebearen adibiderik onena dolomiena da. Dolomiak kaltzioaren eta magnesioaren karbonato bikoitzak dira. Karbonato kaltziko disolbagarriaren eta magnesio karbonato ia-ia disolbaezinaren proportzioen arabera, oso lastertasun desberdinetan gertatuko da disoluzioa. Teorian dolomia kare-harria baino disolbagarritasun gutxiagokoa izan arren, magnesio karbonatoa duelako, hain zuzen, urak erraz erasotzen du, dolomia oso porotsua denez. Beraz, dolomiaren permeabilitatea hutsuneen tamainaren araberakoa izango da. Bestalde, izotzaren aurrean hauskorra da eta presioarekiko erresistentzia gutxikoa; horregatik, ganga dolomitikoak erraz hondoratzen dira.

Kreta haitza pikor fineko kare-harria da, porotsua, arina eta erraz konprimitzen dena.

Oso era askotako erliebe motak eratzen ditu. Itsasaldean dagoenean eta olatuek jaten dutenean, bizkor atzeratzen diren itsaslabarrak era ditzake, biguna baita, baina trinkoegia da bloke osoetan hausteko. Bestalde, airearen kontra ere ez du erresistentzia finko jakinik, era askotakoa baizik. Badirudi izotzaren eraginez pitzatzeko duen erraztasuna dela higadurarako duen sentikortasunaren arrazoia.

Flysh-a kare-haitzezko eta tuparrizko geruza txandakatze bat da, tuparri eta karehaitz orri pila bat elkarren gainka jarrita baleude bezala. Alpe mendien sorrera garaiko pilaketa lodietan agertu ohi da, eta mendikatea altxatzen ari zen itsasoan eratu ziren. Flysh-aren erliebea muino itxuragabe eta altuez dago osatuta. Flysh-aren adibide bikain bat Gipuzkoako itsasertza inguratzen duten mendietan ageri da, Donostiainguruko Mendizorrotz mendian esate baterako.

Itsasertzari buruz paraleloa den mendi sail horretan egin diren epaietan –A8 autopista egiteko egindakoetan, esate baterako– argi eta garbi ikusten da Hirugarren Aroko materialen (tuparria, kare-harria, eskistoak, etab.) liburu baten orrien gisako antolamendua. Geruza horiek tolestuta daude, Alpe mendien sorrera aldiko tolesdurak beharturik.

Egia da, karst erliebea haitz gogor, hauskaitz eta urari sakoneraino sartzen uzten dion haitz bati (disolbagarria izan dadin) berez dagokion erliebea dela. Hala ere, kreta eta tuparrizko kare-harriek ez dituzte ezaugarri horiek. Ura barreneraino sartzea pitzaduren mende dago, kare-harria pitzatuta dagoenean eta pitzadura nahiko zabal asko dituenean baino ez baita irazkorra, bestela, pitzadura estuak aise bete baitaitezke konkrezioz eta haitza iraztezin bihurtu berriro.

Erliebe bat karstikoa izateko beste baldintza beharrezko bat da haitzak gutxieneko masa izatea, sendoa izatea alegia, eta oso tolestuta ez egotea. Bi baldintza horiek batera doaz, izatez, haitz masa zurrunegia baita asko tolesteko. Hain zuzen ere, haitzak gutxieneko masa ez duenean, tartekatze irazgaitzek ez diote urari barrura sartzen uzten. Haitz bat tolesten bada, pitzadura gehiago egiten dira eta errazago sartzen da ura barrenera; baina lar tolestuta badago, azaleko erreka ibarrak sortzen dira egiturazko gainazal inklinatuetan. Beraz, erliebearen parte handi bat egiturak eragindakoaizango da, eta ez higadura mota jakin batek eragina. Haitzaren kare-haitz izaera horiek airepeko higaduraren kontra eustean baizik ez da islatuko, eta gogortasun horren ondorioz, errazago gelditzen dira egiturazko gainazalak aldatu gabe.

 

Karst erak

Karst erliebeetan ez da ibai higaduraren aztarnarik aurkitzen, hain zuzen ere ia batere urik ez baita ibiltzen lurraren azaletik, berez lurralde horretako klima ibai sare iraunkor bat edukitzeko bezain hezea izanda ere. Karst erliebeetan ura kare-harrian barrena sartzen da eta leku sakonetan zehar isurtzen da, haitza barrutik disolbatuz.

Karst izen hori hedatu egin da, eta disoluzio prozesuen bidez eraturiko edozein erliebe definitzeko erabiltzen da gau egun.

Kasu horietan ez dute zertan agerturik izan daitezkeen kanpo forma guztiak eta izan daitezkeen karst estalitakoak, lur azpian gordeak, zeren ur disolbatzaileek eragindako higadura baita garapen morfologikoaren eragile nagusia.

 

Zintzurra edo arroila

Eskualde karstikoetako forma arrunt bat da hori. Zintzurretan, ordea, agerian zirkulatzen du urak. Zintzurra hegal zuzeneko haran bat da, bi kare-haitz plataformaren arteko benetako zerra-ebakia. ColoradokoArroila Handia da mota honetako formazioen adibide adierazgarriena eta ezagunena.

Isurialdeen gogortasunarengatik eta irazkortasunarengatik gertatzen da, hain zuzen, higadura gehiena ibilguaren hondoan; hegalek, berriz, oso geldiro eboluzionatzen dute, haran barrenaren aldean. Horma malkortsuak, azpitik janak eta malda gutxiagoko ezpondak izaten dira, elkarren segidan, barreneraino, kare-haitzezko geruzen arabera mailakaturik. Karst lurraldeetan zehar arroilak eratuz igarotzen diren ibaiak alogenoak izaten dira, urruti izaten dute iturburua, eskualde irazgaitzetan, eta kare-haitzezko eskualdetik igarotzean oraindik erabat galdu gabe izaten dute iturburuko uraren parte bat.

Zintzurrak existitzeko, arroila dagoen kare-harriak lodia behar du izan, ubidearen hondoan eta isurialdeetan azaleratzeko bezain lodi, gutxienez. Bestela, ur lasterrak azpiko geruza irazgaitza (tuparria adibidez) topatzen badu, oso bestelakoa izango da arroilaren bilakaera. Horrelakoetan haranaren hondoa zabaldu egiten da, haitz irazgaitzaren bilakaera oso bizkorra izaten baita uholdeen eraginez. Horrela U motako profil bat sortzen da. Profil mota horretan malkor bertikalek inguratzen dituzte forma zapalak. Malkor horiek paralelo joaten dira atzeratzen. Ur lasterrean gora, Vaucluse iturburu batean bukatzen da harana, kare-harriak eta azpiko geruza irazgaitzak elkar jotzen duten lekuan. Vaucluse iturburuaz goitik, kare-harrizko malkor batek ixten du harana, hondo lehorreko harana eratuz.

Nafarroako lurraldean eta, zehatzago esateko, Nafarroa Hezea deitzen den eskualdean, bada eremu bat kare-harriz, tuparriz eta flyshez osatua. Eskualde horren ekialdekoaldean Pirinioetako ohiko haranak diren Irati eta Erronkari haranen arteko egiturak dira azpimarragarrienak, mendebaleko aldean, Kantauri alderako haranetan, Urbasa-Andia, Aralar mendilerroa eta beste txikiago batzuk, Lokiz mendilerroa eta Kodeskoa, esate baterako. Urbasa mendilerroea, batez ere, Urederraren Iturburuko Izadi Erreserba guztiz aipagarria da, karehaitz eremu bereziki ederra delako. Nafarroako lurraldeko beste era bateko egitura karstikoen artean bereziki aipatzekoak dira lurralde horretan diren arroila edo zintzur ugariak (Iñarbeko arroila, Gazteluko arroila, Arbaiungoa, Benasakoa, Lekunberrikoa, Burgikoa, Txintxurreneakoa, Irunberrikoa, etab.). Txintxurreneako arroila, esate baterako, Urrobi ibaiak ebakitako arroila txikia da, kilometro bateko luzera ingurukoa, ibai horrek kare-harri multzo handi bat igarotzean ebakia. Kare-harriz eta dolomiaz eratuakditu hormak , 30-50 metro inguruko altuera dutenak. Horma horietan kobazulo eta erlaitz asko dira , hegaztiek habiak egiteko aproposak.

 

Lapiaza ( edo lenarra )

Kare-haitzen gainazaleko epaiak dira.

Epai horiek egon daitezke lurrez beteta edo hutsik, agerian. Lurrez beteta daudenean, haitzari lurreko azido humikoen bidez egiten zaio eraso. Hala ere, lurra izan daiteke geroago han jarria ere. Bigarren kasuan, aldiz, epaiak estali gabe daudenean, azaleko ura izaten da higaduraren eragilea. Ur horren eraginak forma bitxiak sorrarazten ditu, harri zelaiak, kanal sakonak, etab.

Lapiaz artekatuak zentimetro bateko zabalerako artekak izaten ditu, orratzekin, ertz biziekin eta erle habiekin eta beste irudi askorekin batera. Egiturako lerro ahulen denudazioak estratifikazio planoak agerian uzten dituen lapiaza eta diaklasa lapiaza eratzen ditu. Lapiazaren zulo horiek eta erliebeek milimetro batzuetatik eta hamar metro eta gehiagoko neurriak izan daitezke.

 

Leizea

Lur azalean edo ordokian onil baten itxuran agertzen den barrunbe handi bat da leizea. Karst eskualdeetan oso forma arrunta da. Disoluzioak zabaltzen duen pitzadura batetik hasten da. Disoluzio horrek haitzak elkarrengandik gehiago bereiz ditzake eta lurra hondoratzeko baldintzak erraztu; horrela leize horrek lehendik zabalduta dauden pitzadura gehiagorekin bat egin dezake eta tamaina handia har dezake. Pitzadura horiek etenak izaten dira sarritan.

Normalean, leizea dagoen lekuan haitzuloa izaten da haren jarraipena. Haitzulo honen sabaiko zartaduretatik estalagtitak eratzen dira infiltrazio uretako kaltzitaren prezipitazioz. Haitzuloaren hondoan gangatik erortzen den urak ere, kaltzita metatzen du, estalagmitak eratuz.Leizea izateko haitz gogor eta hauskaitza izan behar du. Leizea eratzeko prozesu bik eragiten dute: disoluzioak eta hondoratzeak.

Leize baten adibide hurbila Lantzeko Basajaun Etxea izeneko kobazuloa da.

Nafarroako Izadi Erreserba hau Txorrostarriko erreka arroilaren inguruan dagoen barrunbe bat da, Aierdi mendiaren iparraldeko hegalean. Kobazuloaren eta galerien egiturak 425 metroko luzera dute eta maila bat baino gehiago ditu azpiko ur ibilbidearen gainean. Inguru honek duen berezitasuna, kobazuloaren sabaian dagoen estalaktitazko eta bestelako morfologiako kristalizaziozkomultzoa da, aragonitoz osatua gehienbat; horrexegatik, hain zuzen, multzo hori oso interesgarria da mineralogiaren ikuspuntutik.

 

Dolina

Dolina hitzak sakana edo harana esan nahi du. Arrautza formako sakan bat izaten da; ingurua izan dezake oso sigi-saga itxurakoa, baina inoiz ez angelu bizikoa. Normalean oso malda handiko ertzak izaten ditu dolinak; ertz horretan haitz biluzia ageri ohi da. Aldiz, sakanaren hondoa lurrez beteta egon ohi da. Lur hori deskaltzifikazioaren ondoriozko buztina izaten da sarritan,disolbatutako kare-harriaren hondarra, kolore gorrikoa eta laborantzarako oso egokia.

Neurri oso era askotakoa izan daiteke, metro batzuetako diametrotik kilometrotarainokoa; sakonera, aldiz, metro batzuetik hasi eta berrehun bat metro eta gehiagorainokoa izan daiteke.

Dolinen jatorria oso eztabaidatua da, baina badirudi absortzio puntu batek eragina izaten dela, hain zuzen ere sakan bateko ura, euriaren ondoren, sakonerantz baizik ezin baitaiteke bideratu.

Dolina bat baino gehiagoren loturak sigi-saga formako ertza duten sakanak eratzen ditu, uvala deituak.

 

Poljea

Polje hitzak ordokia esan nahi du; geomorfologoek, ordea, karst jatorriko ordokiak adierazteko erabiltzen dute. Ordoki horien zabalera ehundaka metro batzuetatik zenbait kilometrotara bitartekoa izan daiteke, eta luzera zenbait kilometro batzuetatik hamarka kilometrotara bitartekoa.

Poljearen ertzak aldapatsuak izaten dira normalean, zintzurrarenak bezain malkartsuak izan gabe, eskualde epeletan behintzat; hondoa laua izaten da eta deskaltzifikazio lurrez estalia egon ohi da; lur horia edo gorria izaten da. Edozein kasutan, lur aberatsa izaten da lur hori, harroa eta hezetasuna gordetzeko gai. Hori dela eta, poljeak oso toki egokiak dira herriak edo laborantza ezartzeko.

Normalean errekasto batek zeharkatzen du poljea, baina hori ez da poljetik kanpora ageriko haizpitarte batetik irteten, hustubide batean galdu baino. Jugoslavia ohian hustubide horiei «ponor» deitzen zaie. Geruza freatikoa oso behean dagoenean, errekastoa ponor-era heldu aurretik desagertzen da, lehorte garaietan gertatu ohi den bezala; alderantziz, geruza freatikoa igoz gero, posible da ponor-ak ur gehiagorik ez hartzea, eta Vaucluse iturburuen modura ere joka dezake, eta ondorioz poljea urez bete.

 

Lur azpiko zirkulazioa

Kare-haitz eskualde bateko lurpeko uraren zirkulazioa uraren sarrera puntuen eta irtenguneen artean gertatzen da. Uraren sarrera guneak izan daitezke pitzadurak, leizeak, ponorrak, edo ageriko ibaien ezkutaguneak (hain zuzen, ibai osoa lurpean desagertzen den haranari haran itsua deitzen zaio). Lur azpiko ibilbide batzuk ura tindatuz ezagutu ahal izan dira. Urari ematen zaizkion koloreak naturalak edo artifizialak izan daitezke. Baina beste kasu batzuetan, ur masa batzuek galdu egiten dira, eta ezin izan da jakin non ateratzen den, sakoneko geruzaren batean edo itsaso barrenean aterako balira bezala.Uraren sarrera eta irteera puntuen arteko ibilbideak ez du inolako loturarik lehenagoko ageriko ibaiekin; zintzurren azpian ez dago lur azpiko ibairik; lur azpiko ur lasterren ibilbideek antzinagoko lur azpiko ibaien ibilbideak ebakitzen dituzte batzuetan, Kroaziako Istria eskualdean frogatu den moduan.

Lur azpiko ibilbidea putzu eta galeriatan zehar igarotzen da. Galeria horien zabaltasun neurriak ez dira berdinak izaten uraren zirkulazioa askea baldin bada, grabitateak eragina alegia, uraren eta galeriako gangaren artean dagoen airea presio normalean dagoenean, ala presiopean gertatzen bada, espeleologoek ganga busti deitzen dutenen bidez. Lehenengo kasuan, zirkulazioa askea denean, galeriaren zabaltasun neurria era askotakoa izan daiteke; gela asko izaten dira estalagktitadunak, eta ur lasterrak higadura mekanikoa eragiten du hondoan. Bigarren kasuan, aldiz, uraren zirkulazioa presiopean gertatzen denean, galeriaren profila eliptikoa izaten da gutxi gorabehera, disoluzioz tankeratua baita. Urapresiopean duten galeria hauek aurkako aldapak edo sifoi itxurako egiturak ere izan ditzakete. Honen eraginez aldizkako iturriak sortzen dira. Zirkulazio hori hodi komunikatzaileen printzipioen arabera gertatzen da, oro har.

Lur azpiko ibilbideek haitzaren masaren puntu ahulak jarraitu ohi ditu, geruzatze planoak, diaklasak, failak edo antzinako lapiazaren diskordantzia gainazalak.

Karst bateko uraren zirkulazioak geroz eta hondorago joateko joera du; hondoratze horretan, azpiko galeriek goragoko galeriak baldintzatzen dituzte, zeren pitzadura bertikal edo ia bertikal batek galeria pisu bi lotzen baditu, ura goiko galeriatik behekora joango baita. Hori iturburuaren emaria infiltratutakoa baino handiagoa denean gertatzen da; bestela, lur azpiko zirkulazioa gero eta leku altuagoetara iristen da, eta horrelakoetan ponor bat iturburu bihur daiteke. Beraz, infiltratutako ur kopuruaren eta iturburuko emariaren arteko oreka ala desorekak erregulatuko dute lur azpiko uraren maila.