Geografia unibertsala»Geografia
Subdukzioa
Hirurogei mila kilometroko ibilbide luzean zehar itsas bizkarrek
igorritako labek batez beste 3,5 kilometro koadroko litosfera ozeaniko
berria sortzen dute urtero.
Fenomeno hori orain dela 150 milioi urte baino lehenagotik gertatzen
dela kontuan hartuz, Lurraren azalera handitu egin dela eta beraz
erradioa eta bolumena ere handitu egin direla uste izan liteke.
Hala ere, geofisiko gehienek onartu dute Lurraren bolumenak aldagabe
iraun duela denbora geologikoan zehar.
Arrazoi horregatik itsas bizkarren bidez ozeanoan litosfera eratzeak
esan nahi du beste eremu batzuk ere existitu behar direla nahitaez,
non litosfera hori desagertu egiten baita mantuaren baitan.
Fenomeno horri subdukzio deitzen zaio eta ozeanoetako sakonera
handieneko tokietan gertatzen da, hobietan, alegia.Plaken tektonikaren teoriaren arabera
lur azala eta goi mantua bitan banatzen
dira: litosfera –edo geruza gogorra– eta astenosfera
–edo geruza biguna–. Litosferak
lur azala eta goi mantuaren goiko zatia hartzen
ditu. Ozeanoan, batez beste, lur azalak
bost-zazpi kilometroko lodiera du;
itsas bizkarraren gailurretik urrun, litosferak
ehun kilometro inguru ditu. Litosfera
zenbait plaka zurrunetan apurtzen da, zurruntasun
gutxiagoko astenosferan igeri baleude
bezala edo.
Plakak bata besteari buruz lekuz aldatuz
doaz, urteko zentimetro batzuetako lastertasunean;
bi plakaren arteko muga elkarrekiko
higiduraren arabera deskriba daiteke.
Dibergentzia ertzetan plakak banatu
egiten dira elkarrengandik. Konbergentzia
ertzetan plakak elkarrengana hurbiltzen
dira; eskuarki plaka bat bestearen azpian
hondoratzen da astenosferan, subdukzio
esaten zaion prozesuaren bidez.
Grabitatearen neurketek erakusten dutenez,
hobi ozeanikoetan uste baino apalagoa
da grabitatea. Beraz, anomalia negatibo
bat gertatzen da, hobiaren azpian
dentsitate gutxiko materialak daudela esanez
baizik ezin interpreta daitekeena. Itxuraz,
kontraesana dago horretan, isostasiaren
printzipioaren aurka baitoa, hobiaren
hondoan dentsitate gutxi izateak azpikoaren
goratzea eragingo bailuke, grabitazio
oreka berriro ezartzeko. Horrela gertatzen
ez bada indarren batek hobian behera
eragiten duelako da. Honen arabera,
mantuko konbekzio korronteak badirela
frogatuz gero, badago esatea hobi horietakosubdukzioa eragiten duen indarra
beheranzko higidura konbektibo batek
sortua dela.
Indarrean dauden sumendi ugariak eta
jarduera sismiko handiak dira ozeanoko
hobiko uharteetako arku sistemen bi ezaugarri
bereizgarrienak. Fenomeno natural
horiek arriskuan jartzen dute Ozeano Bareko
uhartedietan bizi diren biztanleen bizia.
Jarduera sismikoa da hain zuzen uharte
arkuen ezaugarri adierazgarrienetako
bat. Itsas bizkarrak eta Alpeetako eta Himalaiako
orogenoak ere jarduera sismiko
handiko eremuak dira. Eremu sismiko
horien artean badira ordea oinarri-oinarrizko
aldeak. Hipozentroen sakonera da alde
nagusietako bat.
Uharte arkuetako lurrikaren hipozentroak
azalekoak (60 kilometro baino sakonera
gutxiagokoak), sakonera ertainekoak
(60 eta 300 kilometro artekoak) eta sakonak
(700 kilometroko sakonera artekoak)
dira. Hipozentroen sakoneraren aldakortasun
berezi hori ez da uharte arkuetan baizik
gertatzen. Gainerako eremu sismikoetan
ia lurrikara guztiak sakonera gutxiko
aldeetan sortzen dira.
Subdukzio eremuetako hipozentroek
sakonerari buruz duten banaketari erreparatuz
gero, ondorio hau ateratzen da: hipozentroa
zenbat eta kontinentetik hurbilago,
orduan eta sakonagoak dira. Oro har,
badirudi hipozentroak ozeanotik kontinenterantz
okertzen den plano batean kokatzen
direla.
Subdukzioa ozeanoko litosfera plaka bat
beste litosfera plaka baten azpian sartzeada. Plaka hondoratua 700 kilometrotarainoko
sakonerara heltzen da, eta hortik aurrera
mantuan sartzen da. Barneratze hori
fenomeno geodinamikoekin batera gertatzen
da, sakonera handietaraino hedatzen
den jarduera sismiko indar handikoarekin
batera, besteak beste. Sakonera ertaineko
hipozentro guztiak (300 kilometro inguruko
sakoneran sortutakoak) sakonera handikoak
bezala (700 kilometroko sakonera artekoak)
subdukzio prozesuarekin daude lotuta.
Orobat dute subdukzioaren zerikusia bolkanismoak,
hain sarri txikizio handiak egiten
dituena, eta, oro har, ezegonkortasunak,
arrisku handiko ingurune bihurtzen baititu
subdukzio eremuak.
Adibiderik arruntena kontinente ertz
baten azpiko subdukzio ozeanikoarena da,
bazterreko itsaso batez bakartutako mendikate
edo uharte arku batek adierazitakoa.
Baina plaka ozeaniko bat beste plaka ozeaniko
baten azpian subdukzioz hondorarazten
duen kasurik ere bada. Kasu horretan
ozeano barneko uharte arkuak sortzen
dira, Ozeano Bareko hego-mendebalean
gertatzen den bezala.
Orain dela gutxi aztertu den kontinenteko
litosferaren subdukzioa, aldiz, desberdina
da. Subdukzio mota honetan kontinenteko
litosfera plaka bat beste kontinente
plaka baten azpian hondoratzen da.
A priori, fenomeno mugatu bat izango litzateke,
kontinenteko litosfera –arina–,
mantuaren goialdean –dentsoagoa– oso
gutxi baino ezin baita hondoratu. Gehienez
ere onar liteke mendikateen azpian
lur azala pilatu izana, beren lur azalekosustraiak hor pilatu izana, alegia, gertaera
horren ondorioa izan zela, aldez bederen.
Bi subdukzio mota bereiztea proposatu
da orain dela gutxi. A motako subdukzioa,
plaka ozeaniko bat plaka ozeaniko
edo kontinental baten azpian sartzen denean
sortua; hau da Lurrean ezagutzen den
motarik zabalduena. B motako subdukzioaplaka kontinental bat beste plaka kontinental
baten azpian sartzen denean gertatzen
da, Andeetan edo Himalaian, esate baterako.
Banaketa honek nahasketak eragiten
ditu, subdukzio gertaerak oso egoera heterogeneoak
eta konplexuak hartzen baititu
bere baitan, eta zaila izaten da gainera, eta
nahasgarria ere bai askotan, gertaera honekin
lotura duen edozein egoera aurrezdefinitutako bi egoera horietako batera
makurtzea.
Zentzuzkoa dirudi subdukzio hitza
ozeanoko litosferaren barneratzearen gertaera
adierazteko baliatzea, plaken tektonikaren
ikuspuntutik. Era horretara, subdukzio
ozeanikoa arrakala mesozeanikoetako
akrezio ozeanikoaren osagarria da,
arrakala horietan sortzen baita litosfera ozeanikoa, eta horri esker mantentzen ditu
Lurrak bere dimentsio ustez finkoak. Subdukzio
eta akrezio gertaerek, biek elkarrekin
konbinaturik, alde batera utziak dituzte
Lurraren uzkurtze –garai batean mendikateen
sorrera azaltzeko erabili ohi zen teoria–
edo zabaltze kontzeptuak, nahiz azken
hori berriz aipatu izan den azken aldi honetan
arrakala mesozeanikoak aurkitzearekin
batera.
Subdukzioaren eta akrezioaren artean
sortzen den konpentsazio gertaera horrek
koherentzia handiagoa ematen dio arrazoibide
geodinamikoari, baina ez dago hala
ere zehatz eta guztiz frogatuta.
Baieztapen horien haritik, eta subdukzio
moten bereizketari argitasuna emateko
bidean, oso kontuan hartzekoak dira
1979an S. Uyeda eta H. Kanamori japoniar
sismologoek subdukzio eremuetako
lurrikaren banaketari buruz egindako azterketak.
Ikerketa horrek ondorio hauek
eman zituen: magnitude handiko lurrikaren
ehuneko laurogeita hamar baino
gehiago arku atzeko arrorik ez zuten
(Ozeano Bareko ekialdea inguratzen duten
uharte arkuak kontinenteko litosferatik
banatzen dituzten arro txikiak) subdukzio
eremuetan gertatzen zirela, Hego
Ameriketako Ozeano Barea aldeko itsasertzeanadibidez; edo halako arrorik izanez
gero ere, arku atzeko arroa ez dagoela indarrean,
Kuril edo Aleutiar uharteetan gertatzen
den bezala. Sismologo japoniar horiek
plaken subdukzioaren mekanikarekin
erlazionatu zuten gertaera hori, eta oinarrizko
bi subdukzio mota bereizi zituzten
beraz: Txileko eredua eta Mariana uharteetako
eredua.
Txileko ereduko subdukzioa arrorik
gabeko edo arroa indarrean ez duten uharte
arkuei dagokie. Hondoratzen ari den
plakaren inklinazio angelu apala da subdukzio
eredu honen ezaugarri nagusia;
plaka horrek gogor estutzen du aurkako
plaka, eta konpresio indar gogor handihandi
horrek lurrikara guztiz bortitzak sorrarazten
ditu.
Mariana uharteko ereduko subdukzio
eremua (Mariana uharteetako arkua, Tongako
hobiko Lau-ko arroko arkua, biak
Ozeano Barean), aldiz, arroa indarrean
duten arkuetan gertatzen da. Kasu honetan,
hondoratze angelua askoz ere handiagoa
da. Hori dela eta, plaka gainkatuaren
ertza ez dago hain konprimitua, eta horrenbestez
lurrikara gutxiago izaten da, eta,
izatekotan, askoz ere arinagoak izaten dira
inondik ere.Subdukzio lastertasuna zeharkako metodoen
bidez neurtu izan da orain arte,
plaken mugimenduaren azterketa orokorraren
ondorio gisa. Metodo horrek konbergentzia
lastertasuna neurtzeko aukera
ematen zuen, kontuan harturik, eta mundu
osoa harturik neur-eremu eta dimentsio
konstantekoa dela ustez izanez, bai
ozeanoetako irekitzeak –ozeano hondoetan
neurtutako anomalia magnetikoei esker
neurtuak– eta bai kontinenteen leku aldatzea
–paleomagnetismoaren bidez neurtua–.
Horri guztiorri esker jakin ahal izan da
lastertasuna gehienez ere urtean hamar zentimetrokoa
dela. Hala ere, berriro esan behar
da, batez besteko balioez definitutako
lastertasunak dira horiek, datu paleomagnetikoen
serie berriekin berrikusi beharrekoak,
eta ez dute inola ere bat-bateko une
baten ideia irudikatzen. Badirudi aurki aurrerapen
handiak egingo direla, eta satelite
bidez lastertasun horiek zehatz-mehatz,
bai zentimetrotan ere- neurtu ahal izango
direla.
Subdukzio plano gehienek kontinenteranzko
aldapa dute; Ozeano Bareko erdialdeko
ertzek adibidez. Baina badaude
ozeanorantz makurtuta dauden subdukzio
planoak ere, Ozeano Barearen mendebalean
adibidez; hain zuzen ere Txinakoitsasoko Manilako eta Tasman itsasoko
Hebrida Berrietako hobien subdukzioen
kasuak dira halakoak.
Subdukzio planoaren malda aldakorra
da ba hobi, bai uharte arku, eta bai mendikate
berberean zehar, hamar graduko
inklinaziotik ia laurogeita hamar graduko
inklinazioraino. Gaur egun arte ezin izan
dira neurtu subdukzio planoaren malda aldaketa
horiek eragiten dituzten ondorioak.
Hala ere, gauza jakina da egitura estentsiboak
askoz errazago sortzen direla malda
handietan –Ozeano Bareko mendebaleko
bazter itsasoen kasua, esate baterako–, eta
egitura konpresiboak, berriz, askoz errezago
sortzen direla aldapa txikietan –Ozeano
Bareko ekialdeko mendikateen kasuan bezala–.
Subdukzioaren ondorio tektonikoak
bi muturren artean daude. Sedimentazioa
handia eta konbergentzia lastertasuna
handia den eremuetan, subdukzioz hondoratzen
ari den ozeanoko litosferaren estalki
sedimentarioko geruza batzuk banatu
egiten dira batzuetan beheranzko plaketatik,
gainean ezartzen ari den plakak
eragiten dien marruskaduraren eraginez.
Beraz, jalkinak gainean ezartzen ari den
plakaren aurrean pilatzen dira, eta kontinente
ertzarekin batera akrezio prisma esaten
zaiona eratzen dute, uharte arkuaren aurreragune
bat osaturik orobat. Mota honetako
egitura bat aurkitu da Antilla Txikietako
arkuan.
Sedimentazio gutxiko eta konbergentzia
lastertasun gutxiagoko eremuetan,
ozeanoko litosfera kontinente ertzaren
azpian hondoratzen da jalkinezko estalkia
eta guzti, ia marruskadurarik gabe;
ez da beraz akrezio prismarik sortzen.
Gertaera hori Erdiko Ameriketako hobian
egiaztatu ahal izan da. Han, subdukzioaren
maila berean, sei mila metroko sakoneran,
antzinako jalkin metatzeak daude,
Goi Kretazeokoak (80 milioi urte ingurukoak).
Beraz, ez datoz bat akrezioa
gertatuko balitz neurtuko liratekeen datekin.
Hori bera gertatzen da Peruko hobian
ere.
Beraz, egoera bi horiek (akrezio prismadun
konbergente-konpresibo motako
ertza eta Erdiko Ameriketako hobiko moduko
ertz konbergente-estentsiboa) muturreko
eredu gisa hartzen badira, badago
esatea edozein ertz bi mutur horien artean
dagoela, jalkinen lodiera, konbergentziaren
lastertasuna, eta subdukzioaren
gainaldearen malda nolakoak diren kontuan
hartuta. Subdukzio esaten zaion gertaerak
emaitza tektoniko desberdinak ditu
beraz.