Geografia unibertsala»Geografia
Magnetismoa Lurrean
XIV. mendean itsasgizonak erabiltzen hasi zirenez geroztik
iparrorratza tresna utziezina izan da geografoentzat. Mundu osoko
esploratze geografikoan eta kartografian erabili izan da harrezkero.
Gaur egun ere oinarrizko lanabesa da planimetria zibilean eta eskala
handiko kartografian. Lurrari buruzko gaur egungo ikuskera
finkatzeko erabakigarria izan da geomagnetismoari buruz bildu den
jakintza guztia.
Barra imandu soil gisa har daiteke Lurra. Barraren ardatza geografia
ardatzarekin bat dator gutxi gorabehera. Lurraren erdi-erdian,
nukleoaren barnean sortzen da magnetismoa. Nukleoa masa esferiko
bat da, metalezkoa, eta diametroa Lurrarenaren erdia du, gutxi
gorabehera. Lurreko ardatz magnetikoa geografia ardatzari buruz
okertua dago zenbait gradutan. Hori dela eta, hegoburu eta iparburu
magnetikoak ez datoz bat hegoburu eta iparburu geografikoekin, ezta
ekuatore magnetikoa ekuatore geografikoarekin ere. Lurreko eremu
magnetikoaren indar lerroak alderik alde zeharkatzen dute Lurra eta
espazioan barrentzen dira. Iparrorratz magnetikoaren orratza —puntu
baten gainean oszilatzen duen barra magnetiko bat— Lurraren indar
lerroen paralelo orientatzen da. Lerro horiek Lur barnerantz bideratzen
direnez, mutur batean kontrapisua jarriz orekatzen da orratza,
zeharretara egon dadin. Eta hala, iparrorratzean orratz muturrak
iparra seinalatzen duenean iparburu magnetikoa seinalatzen du.XI. mendearen inguruan iritsi ziren iparrorratzaren
lehenengo berriak sortaldera,
iman harriaren erabilera itsasgizonen artean
zabaldu zutenean arabiarrek eta pertsiarrek.
Titanomagnetita da imana, magnetitaren
(Fe3O4-ren) aldaera natural bat, non titanio
atomoek hartzen duten burdina atomo
batzuen lekua. Iman harri zati bat egurpuska batean bere gisa utziz gero, beti iparra
seinalatzen zuela ikusi zen. Orobat ikusi
zen burdinazko orratz bat iman harriarekin
ukituz gero magnetizatu egiten zela eta
iparrorratz bezala erabil zitekeela.
Lurreko magnetismoari buruzko lehenengo
azterketa zientifikoa 1600 urtean
azaldu zen William Gilbert fisikari eta sendagile ingelesak argitaratu zuen liburu batean.
Iparrorratzak beti iparra seinalatzen
zuela azaltzeko, Lurra iman esferiko handi
bat zela eta Lurreko polo magnetikoak ia
bat zetozela polo geografikoekin proposatu
zuen William Gilbertek. Eta kontrako polo
magnetikoek elkar erakartzen dutelako eta
polo berdinek elkar aldaratzen dutelako seinalatzen
zuela iparrorratzaren orratz muturretako
batek iparra eta besteak hegoa.
Lurrak iman baten gisara zergatik jokatzen
duen da Gilberten proposamenak sortzen
duen galdera. Soil-soil erantzunez gero,
Lurra berealdiko iman iraunkor baten gisarako
bat da. Gauza jakina zen metal arrunten
artean nikelak eta burdinak baizik ez
zutela ferromagnetismoa, iman iraunkorrak
izateko nolakotasuna. Eta metal horiek direnez
Lurreko nukleoaren osagai nagusiak
geomagnetismoaren arazoa konpondua zirudien.
Hala ere, gai ferromagnetikoek tenperatura
jakin bat iristean –Curie puntua deitzen
dena iristean, alegia: 770 °C burdinaren
kasuan eta 358 °C nikelaren kasuan–
iman portaera galtzen zutela frogatu zenean,
deuseztaturik geratu zen iman iraunkorraren
hipotesia. Lurreko nukleoaren tenperatura
edozein metalaren Curie puntua baino
askoz handiago denez, begien bistakoa zen
ezin ziotela ez burdinak ez nikelak iman
iraunkor baten tasunik eman Lurrari.
1940ko hamarraldiaren bukaeran Lurreko
eremu magnetikoaren jatorria argitu ezinik
zebiltzan geofisikariak. 1947an Patrick
Blackett-ek adierazi zuen ezen, material ferromagnetikoak
gorabehera, Lurraren eremu
magnetikoa, Eguzkiarena eta izar batzuena,
errotazioaren ondorio izan zitekeela.
Beraz, argizagi baten magnetismoa haren
errotazioaren ondorio baldin bazen,
Lurreko eremu magnetikoa ere Lurraren
errotazioaren ondorio izango zen.
Hori egia bazen, zenbat eta gehiago
barrendu Lurrean orduan eta txikiagoa behar
zuen eremu magnetikoak. Hori hala ote
zen frogatzen saiatu ziren 1950eko hamarraldiaren
hasieran, batetik britainiar geofisikari
bat, Runcorn, Ingalaterrako ikatz meatze
batzuetan, eta bestetik Danimarkako
itsasontzi bat, Galathea, Ozeano Barean.
Esperimentu bi-bietan gezurtatu zen Blacketten
hipotesia eta honek oker zegoela
onartu zuen.
Iman iraunkorraren hipotesia eta Blackettena
baztertu ondoren beste aukera bat
geratzen zen. Kontuan harturik iman
iraunkor baten eraginez ez ezik korronte
elektriko baten eraginez ere sor daitekeela
eremu magnetikoa, 1950 ondoko urteetan
Elsasser eta Bullard zientzialariak, Estatu
Batuetakoa lehenengoa eta Britainia Handikoa
bigarrena, Lurreko eremu geomagnetikoa
Lur barneko korronte elektrikoeksortua izan zitekeela pentsatzen eta ikertzen
hasi ziren.
Korrontearen intentsitateak 10 9 anperekoa
izan behar du, gutxi gorabehera, eremu
geomagnetikorik sortuko bada. Hain
intentsitate handiak eroamen elektriko handia
eskatzen du. Eta Lurreko nukleo metalezkoa
da baldintza hori bete dezakeen
Lurreko parte bakarra. Dena den, kontuan
hartu behar da Lurreko nukleoa eroale ona
bada ere, erresistentzia elektrikoa ere baduela
pixka bat.
Beraz, hasierako korronte elektriko hipotetikoa
milaldi gutxi batzuetan desagertu
izango zen. Hura iraunarazteko, nola edo
hala berritu beharko litzateke erresistentziak
galarazitakoa. Ez dagoenez hain korronte
handiak sortzeko gauza den energia iturririk
kanpoan, nukleoan bertan egon beharko
du sorgailuak. Nukleoa, beraz, dinamo
handi moduko bat izango litzateke. Hona
nola dabilen, hitz gutxitan adierazita: eman
dezagun nukleoan korronte elektrikoak
zeudela hasieran. Horren ondorioz eremu
magnetiko bat sortu izango zen. Elektromagnetismoaren
oinarrizko printzipio baten
arabera, eroamen elektriko handiko
metal isurkari bat eremu magnetiko batean
mugitzen bada, korronte induzitu batek
zeharkatuko du, eta korronte berri horrek
beste eremu magnetiko bat sortu behar du,
eta hasierako eremu magnetikoa indartu.
Lehenengo eremu magnetikoa sortzen duen
korronte elektriko bat baldin badago,
nukleoak azken gabe iraunaraziko du eremu
hori korronte berriak sortuz eta, beraz,
eremua indartuz aldi berean.
Lurraren eremu magnetikoa
Lurraren eremu magnetikoa eredu dipolar
erregular baten arabera adieraz daiteke,
eta Lurraren erdigunean eta errotazio ardatzari
buruz pixka bat okertua (11 gradu) legokeen
barra imandu batek sortuko lukeen
eremuaren antzekoa litzateke. Horregatik
polo magnetikoak ez datoz guztiz bat polo
geografikoekin. Gaur egun, ipar polo edo
iparburu magnetikoari 78° 30’ ipar latitudean
eta 69° mendebal longitudean dagoen
puntua dagokio, ipar-mendebaleko Groenlandian,
eta hegoburu magnetikoari, berriz,
78 30’ hego latitudean eta 111° ekialde longitudean,
Antartidan, dagoen puntua.
Azken ehun eta berrogeita hamar urteotako
neurketen arabera iparburu magnetikoaren
latitudea ez da 79° ingurutik aldatu.
Longitudea, berriz, 64° ekialdetik 69°
ekialdera aldatu da. Beraz, errotazio ardatzaren
eta ardatz magnetikoaren artekoangeluak 11°-tan iraun badu ere, lurburuen
longitudea urtero 0,04° inguru mugitu da
ekialderantz. Lurburu magnetikoen lekualdatze
horri mendeetako aldaketa edo desbideratzea
(jitoa) esaten zaio.
Iparrorratza ipar eta hego geografikoaren
arteko lerroaren norabidea adierazteko
erabiltzen da, baina orratzak, egia
esan, ipar magnetikoa seinalatzen du. Ipar
geografikotik ekialdera edo mendebalera
desbideratua egoten da, beraz, iparrorratzaren
orratza. Mendebalerako edo ekialderako
desbideratze angeluari deklinazioa esaten
zaio. Zenbait lekutan oso handia da deklinazioa,
eta esperientzia eta informazio gutxi
duen edozein nahas dezake iparrorratzak;
Groenlandiako erdialdean, adibidez,
60° mendebalera jotzen du deklinazioak;
han iparrorratzak iparra markatzen duenik
ezin esan daiteke.
Orratz imandu bat bere grabitate zentrotik
esekiz gero, ez da horizontal geratzen,
alde batera edo bestera makurtzen
baizik. Ipar Hemisferioan egiten bada froga
iparra markatzen duen muturra makurtzen
da lurrerantz eta Hego Hemisferioan
egiten bada, berriz, hego muturra makurtzen
da. Orratzaren eta horizontalaren artean
dagoen desbideratze angelu horri makurtzea
deitzen zaio: hutsa da ekuatorearen
inguruan, baina latitudea handitu ahala
handitzen da haren balioa.
Deklinazioa eta makurtzea dira orratzaren
norabidea –alegia, eremu magnetikoaren
norabidea– zehazten duten bi parametroak.
Eremu magnetikoak lur azalaren
puntu bakoitzean hartzen duen balioakharen intentsitatea adierazten du. Eremu
geomagnetikoa oso ahula da, jostailuzko
iman batek baino askoz intentsitate
gutxiago baitu.
Gune magnetikoen sare baten bidez eta,
gero eta gehiago, hegazkin eta sateliteen
bidez etengabe jasotzen dira deklinazio, makurtze
eta intentsitate magnetikoen balioak.
Mapetan azaltzean, deklinazio bera duten gune
edo puntuak isogona izeneko lerroen bidez
lotzen dira eta makurtze bera dutenak,
berriz, isoklina izeneko lerroen bidez. Makurtze
zero duen isoklinak ekuatore magnetikoa
adierazten du, Lurra bi hemisferio
magnetikotan banatzen duen lerroa, alegia.
Elementu horien bidez mapa geomagnetikoak
egin daitezke eta mapa horiekin leku
jakin bateko intentsitatea, deklinazioa eta
makurtze magnetikoa kalkula daiteke.
Magnetismoaren aplikazioak Lurraren historia ezagutzeko Geologia aldiak:
Geomagnetismorako lehen neurketak
eta datu bilketak XVI. mendean egin ziren,
baina ez ziren orain dela ehun eta berrogeita
hamar urte arte modu sistematikoan
egiten hasi. Dirudienez, XIX. mendearen
hasieratik ezagutzen zen zenbait harrik,
buztin erreak eta buztinezko ontziek iraganeko
eremu magnetikoaren norabidea atxikitzen zutela. Eta hala, fosil magnetiko haien
azterketak ikerketa alor berri bat ekarri
zuen: paleomagnetismoa.
Sentikortasun handiko magnetometroak
erabiliz froga daitekeenez, sumendi jatorriko
lekuetan harriek eremu magnetiko propioak
dituzte, eremu magnetiko orokorrarenak
ez bezalako intentsitatea eta norabidea dituzte.
Gauza jakina denez, sumendi harria
laba trinkotzean eratzen da. Laba hoztean
eta Curie puntutik igarotzean labaren gai
ferromagnetikoak iman iraunkor bihurtzen
dira, une horretako eremu magnetikoaren
norabidean orientatuta. Hala, beraz, Lurreko
eremu magnetikoaren historia aztertu eta
ezagut daiteke sumendi harrien magnetismo
fosila aztertuz.
1950-1960 bitarteko hamarraldiaren erdialdean
mundu osoko eta garai desberdineko
harrien magnetismoa ikertzen aritu
zen zientzialari talde bat, Blackett eta Runcorn-en
zuzendaritzapean, eremu geomagnetikoaren
historiaren azterketa sakona
egiteko asmoz. Iraganeko eremu magnetikoa
irudikatzen saiatu ziren antzinako Ipar
magnetikoaren kokalekua oinarri hartuz.
Europako harrien ikerketak frogatu zuen,
inolako zalantzarik gabe, poloa lekuz aldatzen
zela sistematikoki. Lekualdatze horri
migrazio polarra esaten zaio. Ipar Ameriketako
harkaitzekin egin ziren azterketek han
ere migrazioa bazela frogatzen zuten. Poloak,
ordea, bere migrazioan, bide desberdina
egiten zuen Europan eta Ameriketan.
Kontraesan horren arrazoia aztertzean, baina,
eta kontinenteak jatorrizko kontinente
handi batean biltzean, Wegener proposatzen
zuen bezala, bai Europan bai Ameriketan
polo magnetikoak bide bera egin zuela
ondorioztatu zuten. Hori izan zen kontinenteen
mugimenduaren gainean Wegenerren
zuen teoria berriz indarrean jarrarazi zuen
lehen urratsa.