Geografia unibertsala»Geografia
Satelite naturalak
Merkuriok eta Uranok salbu, Eguzki sistemako gainerako planeta
guztiek badituzte beren sateliteak, bat edo gehiago.
Sateliteen neurriari begiratzen bazaio, hiru multzotan banatzen dira:
satelite handiak (3.000-6.000 kilometro bitarteko diametroa dutenak),
hau da, Ilargia, Galileok aurkitutako Jupiterren sateliteak (Io, Europa,
Gaminede eta Kalisto): Titan, Saturnoren satelite handiena, eta Triton,
Neptunoren satelite nagusia. Beste multzo bat satelite txikiagoek osatua
da (diametroa 200-1.600 kilometro bitartekoa dutenek), eta hirugarren
multzoa 200 kilometroz behetiko diametroa duten gorputz txikiagoek
osatua. Gorputz txikiok, satelite handiek eta txikiek ez bezala, forma
irregularra izaten dute. Sateliteen osaketari dagokionez, satelite
handietako batzuk haitzez daude osatuta, besterik gabe, Ilargia eta Io,
adibidez; gainerakoak, berriz, eta satelite txikiak ere bai, haitzez eta
izotzez daude osatuta, nahastean, Europa, Gaminede, Kalisto, adibidez.
Titanek eta Tritonek atmosfera dute, gainerako guztiek ez bezala.
Satelite handiak
Ilargia Lurraren satelite natural bakarra
da, eta haren inguruan grabitatzen du. Ilargiaren
osakera, egitura berezia eta bilakaera
geologikoa ezagutu direnetik, gaur egun
satelitetzat ez baina planetatzat hartzeko
dago joera, Merkurio bezalaxe.
Kanpoaldeko planeten satelite handi
gehienek izozturik eta kraterrez josirik dute
azala. Io da salbuespena, Jupiterren Galileok
aurkitutako lau sateliteetako bat, sufre
askoko sumendi egitura pila bat baitu,
eta horrexen ondorio dira haren kolore biziak.
Sumendi jarduera bizia izan du satelite
horrek inondik ere, beste planeta batzuen
grabitazio eraginak sortua seguruenera.
Europak, Gaminedesek eta Kalistok, hiruek
azala izoztua badute ere, oso azal mota
desberdina dute, zeren Europaren azala,
adibidez, oso distiratsua baita, milaka eta
milaka kilometroko arrakalaz pitzatua eta
ia-ia talkaz sortutako kraterrik gabea. Gaminedesen
azala, berriz, askoz ere modu
gehiagotakoa da; baditu gune ilun zabalak,
kraterrez josiak, eta horien artean tarte argiagoak,
krater gutxiagokoak. Kalisto satelitearen
azala iluna da, ziur aski nahasian
silikato asko duen izotzez estalia eta kraterrez
josi-josia; krater horien diametroak 100-
150 kilometrokoak dira batez beste.
Titanen edo Saturnoren sateliterik handienaren
(5.150 km diametro) azala ez da
ikusten, nitrogeno molekularrezko atmosferatrinkoak estaltzen baitu erabat. Baliteke
satelite honen ekuatore aldean metanozko
ozeanoak izatea, eta poloak metano
izoztuz estalita egotea.
Triton, Neptunoren satelite handiena
(2.705 km diametro) 1989an ikusi ahal izan
zen ongi lehendabiziko aldiz, Voyager 2
zundari esker. Tritonen azal izoztua Eguzki
sistema osoko hotzena da, -236 °C. Baditu
kraterrak, gutxi; faila ibar erraldoiak ditu,
baditu nitrogeno likidozko aintzirak, oraindik
haren zergatikoak azaldu ezin izan diren
nolabaiteko barne jarduera baten adierazgarri.
3 km inguru lodiko atmosfera arin
bat du, nitrogenoz eta metanoz osatua.
Saturno, Neptuno, Urano eta Plutonen satelite txikiak
Saturnoren satelite txikiak izotzezkoak
dira, baina badute, ziur aski, haitzezko erdigunetxo
bat. Azalean krater asko dituzte,
meteoritoen talkaz eginak. Horrelako morfologia
erarik ez duten lekuetan, ordea,
kraterrik ez duten lekuetan alegia, oso egitura
handiak dituzte, jatorri tektonikokoak
ziur aski. Krater horien eragilea satelitearen
barrenaldearen berotzea izan daiteke,
era horretara azaleko izotza hautsi eta barrenetik
ateratako izotzez berritu direlarik.Uranoren bost satelite txikiak izotzez eta
silikatoz eratuak dira. Uranoren ekuatore
planoan dute beren orbita, planeta horretatik
130.000-580.000 kilometrotara. Era askotako
morfologia dute beren gainaldean.
Arielek, adibidez, meteorito talkek eragindako
krater ugariekin batera, baditu barnea
laua duten ibarrak ere, jatorri tektonikokoak
ziur aski. Miranda, Uranoren planetarik txikiena,
forma irregularrekoa da, eta faila ertzak
ageri zaizkio garaieraz kilometro askokoak.
Neptunoren eta Plutonen satelite txikiak
ez dira Saturnorenak eta Uranorenak bezain
ongi ezagutzen, ezta gutxiagorik ere.
Caronte, Plutonen satelitea, bitxia da guztiz;
1.200 kilometroko diametroa du; Plutonetik
19.000 kilometrotara dago, eta orbita
oso makurtua du planeta haren ekuatore
planoari buruz. Plutondik horren hurbil
dagoelarik, nekez beha daiteke zehatz, eta
horrexegatik oso gauza gutxi ezagutzen da
haren ezaugarri fisikoez eta haren azalaren
ezaugarriez.