Departamento de Cultura y Política Lingüística

Geografia unibertsala»Geografia

Urrutiko planetak

Urano

Saturno baino haratago, hiru planeta daude: Urano, Neptuno eta Pluton. Bi lehenak Eguzki sistemako gainerako planeten plano berean, hots, ekliptikan, biratzen badira ere Eguzkiaren inguruan, Plutonen orbita 17° markurtzen da plano horri buruz. 247,7 urte igarotzen ditu Plutonek Eguzkiaren inguruan itzuli osoa egiten, eta urte horietatik azken 20 urteetan soilik aurkitzen da Pluton Neptuno baino hurbilago Eguzkitik, 1979. urteaz gero hain zuzen.

Hidrogenoz eta helioz osatuak daude gehienbat Urano eta Neptuno, planeta erraldoiak bezala, eta gune gotorra batez ere izotzez dute osatua, edo etorkian izoztuak zeuden gaiez. Hasierako nebulosatik zetorren izotza ustez urtu egin zen nukleoa bere pisuaren eraginez uzkurtu eta berotu zenean. Bi planetok eremu magnetikoa dute, eta hainbat satelite eta eraztun. Eraztun horietako gehienak meharrak dira eta batzuk hautsez inguratuta daude. Neptunoren eraztunetako bat bereziki heterogeneoa da, hiru «uztai» baititu, material dentsitea handiagoa den aldeei dagozkienak.

Bada berezitasun aipagarri bat, Eguzki sisteman bakarra dena: Neptunoren errotazio ardatza oso makurtua aurkitzen da orbitaren planoan eta ia bermatua ekliptikaren planoan.

Urano eta Neptuno Eguzkitik hain urruti kokatuak daude non ez baita ia urtaro aldaketarik nabaritzen haien atmosfera guztiz hotzetan.

Hortaz, Voyager 2-k Urano igaro zuenean, tenperatura bera neurtu zuen ilunpetan 21 urte emandako poloko lekuan, eta beste horrenbeste urte eguzkitan egon zenean.

 

Urano

Urano 1781. urtean aurkitu zuen William Herschlek eta XVIII. mendeko astronomia gertakari handia bilakatu zen. Ezaugarriei dagokienez Neptunoren bikitzat hartua da, elkarren antzekoak direla eta. Urano Eguzki sistemako zazpigarren planeta da Eguzkitiko distantziari dagokionez; Eguzkitik 3.000 milioi kilometrora dago (Lurraren eta Eguzkiaren arteko distantzia halako hogei).

Eta Eguzki sistemako hirugarren planeta da neurriari dagokionez. Eguzkiaren inguruan 0.047ko eszentrikotasuneko orbita eliptiko bat egiten du eta ekliptikaren planoarekiko 0.77°ko angelua osatzen du. Orbita guztia egiteko 84,01 egun behar ditu.

Uranoren errotazioa, eta bere sateliteena, da orbitaren ezaugarri nagusia, Eguzkiaren inguruko biratze planoaren elkarzuta baita ia. Uranok polo zapalak ditu, biratze lastertasun handia duelako, eta horrela, Uranoren ekuatoreko diametroa poloetakodiametroa baino %6-8 handiagoa da. Diametroa 51.000 km ingurukoa du, Lurrarena baino lau aldiz handiagoa. Batez besteko dentsitatea 1,19 gramo zentimetro kubokoa (g/cm 3 ) da, eta masa Lurrarena baino 14,5 aldiz handiagoa. Dentsitate txikia izateak Lurrarenak baino gai arinagoez osatua dagoela adierazten du; hidrogenoz eta helioz osatua da batez ere, baina baditu karbonoa, oxigenoa edo nitrogenoa ere, eta baita amoniakoa eta ur izoztua ere.

Orain dela gutxi, izar distiratsu bat ezkutatu egin zela eta –hegazkin batetik aztertu ahal izan zen gertaera hori–, Uranok bere inguruan eraztunak zituela ikusi zen. Izan ere, izarraren eta behatzailearen artean eraztun bat tartekatzen denean, izarraren argia moteldu edo desagertu egiten da, eraztunaren lodieraren arabera. 1977an Urano inguruko bederatzi eraztuneko sistema bat ezagutzen zen; 1986. urtean, baina, Voyager 2 zundak Uranori eginiko argazkiei eskerrak, Uranoren hamargarren eraztuna aurkitu zen.

Eraztun horiek Uranoren erdigunetik 32.000eta 51.000 kilometro bitartean aurkitzen dira, meharrak dira –bi eta ehun kilometro artekoa dute zabalera–, elkarretatik oso berezirik daude, eta bat-batean amaitzen dira ertzetan.

Uranoren hamar eraztunetatik hiru biribilak dira; gainerakoak, berriz, eszentrikoak dira. Eraztunak osatzen dituzten puskak hamar zentimetrotik zenbait metrora bitartekoak dira ustez. Eguzki argiaren ehuneko bat besterik ez dute ispilatzen eraztunok, material erabat ilun batek estaltzen baititu; horregatik ez dira erabat garbi agertzen Lurretik eginiko argazkietan. Eraztunak zein gaiz osatuak diren ez da zehatz ezagutzen, baina adituen ustez harri puskak, izotz ura eta polimero beltz, amorfo bat dituzte osagai.

Halaber, hauts mikroskopikozko zerrenda asko aurkitu dira eraztun batzuen inguruan; zerrenda horiek kanpoko eraztunetik hurbil agertzen dira batez ere. Uranoko atmosferak –zeina hedatzen baita hodeien geruzatik askoz haratago– erakarria bide da barneko eraztunetan zegoeen hauts hori.Uranoren atmosfera hidrogenoz eta helioz osatua da, baina espekroskopioz egindako ikerketen arabera, metanoa ere badu.

Uranok, bere eraztun sistemez gainera, baditu hamabost satelite gutxienez. Sateliteak planetaren ekuatorearen plano berean daude, beraz ekliptikaren planoaren elkarzutean.

Bost satelite handienek 310-1.600 km arteko diametroa dute; gainerakoak txikiagoak dira eta Miranda satelite nagusiaren orbitaren barruan daude.

Uranok eta Neptunok ez dute hidrogeno metalikorik; hortaz, hirugarren mota osatzen dute Eguzki sistemako planeten artean.

 

Pluton

Pluton Eguzki sistemaren erdigunetik urruneneko planeta da, baina aldi kosmiko batzuetan Neptunoren orbitaren erradioa baino hurbilago egoten da Eguzkitik. Plutonen orbita oso eszentrikoa da eta ekliptikaren planoarekiko oso makur dago. Orbitaren eszentrikotasuna dela eta, perihelioan Eguzkitik hurbilago dago Neptuno baino.

Eguzkiaren eta Plutonen arteko distantzia Lurraren orbitaren erradioa edo astronomia banakoa halako berrogei da berez, baina errotazioan zehar aldatu egiten da, 30 eta 50 astronomia banako artean egoten da.

Gaur egun bere aldirik beroenean aurkitzen da Pluton, 1989ko irailaren 5ean gertatu baitzen Eguzkitik hurbilen. Egoera honetan bide du dentsitate handiena haren atmosferak.

Egongune horretan, Plutoneko atmosferako presioa, atmosfera horrek estalia zuen izar batez baliatuz neurtu zena, ehun mila aldiz txikiagoa gertatu zen Lurreko gainaldeko batez besteko sakadura baino.Plutonek satelite ezagun bakarra du, Karon, 1978an aurkitua. Karon Pluton baino bi aldiz soilik txikiagoa da, eta elkarretatik hemeretzi mila kilometrora daude.

Satelite hori aurkitu izanari esker zehaztu ahal izan ziren planetaren eta satelitearen beraren masa, diametroa eta dentsitatea.

Plutonen diametroa 3.000-4.000 km artekoa da, Ilargiaren diametroaren bi heren, eta batez besteko dentsitatea 0.4 eta 0,9 g/cm 3 artekoa. Masari dagokionez Karon eta Plutonek Lurraren masaren 1/400 da, eta Plutonek Karonek baino hamar aldiz masa handiagoa du.

Zenbait ikerketaren ondoren ikusi denez, Plutonek ez du beti argitasun bera; argitasunaren aldakortasun hori biratze mugimenduaren eta gainaldearen islatze ahalmena gune guztietan berdina ez izatearen ondorioz gertatzen da. Plutonen eta haren satelitearen gainaldearen osaera zehatz-mehatz ezagutzen ez den arren, metano izoztua eta izotza dira osagai nagusiak, eta adituen ustez metano izoztuaren lurruntze bidez eratutako atmosfera du Plutonek.

 

Neptuno

Eguzkitik abiatuta zortzigarren planeta da Neptuno, eta Eguzki sistemako hirugarrena da neurriz. 1846an aurkitu zuten, nahiz eta antza denez Galileok ikusia zuen aurretik.

Neptuno Uranoren bikitzat hartua da, elkarren oso antzeko ezaugarriak baitituzte, esan bezala, bai tamainari, bai barne egiturari eta bai osaketari dagokionez ere.

Neptunok orbita ia biribila du eta 165 urte behar ditu Eguzkiaren inguruan bira osoa egiteko. Neptunoren masa Lurrarena baino 17 aldiz handiagoa da eta biratze periodoa 15,8 ordukoa da.

Neptunoren osagai nagusiak hidrogenoa eta helioa dira, baina ondorio hori ateratzeko teoria da oinarri bakarra, izan ere atmosfera oso dentsoa duenez eta Lurretik oso urrun dagoenez eta oso distiratsua ez denez ezin izan baitira xehetasunez ikertu Neptunoren ezaugarriak.

Egitura Urano, Jupiter eta Saturnorenaren antzekoa du; harkaitzezko gune bat du, 20.000 km inguruko diametrokoa, eta inguruan 10.000 km inguruko izotz geruza bat eta gas geruza bat.

Neptuno Eguzkitik islatzen duen argiari esker da ikusgai. Kolore berdexka hartzen du Eguzki argitan, bere atmosferan zehar xurgatzen dituen Eguzki izpi gorri, laranja eta horiei esker. Atmosferaren osagai nagusiak helioa eta hidrogenoa dira, baina metanoa ere badu, izpi infragorriak xurgatzeko duen gaitasunak adierazten duenez.

Atmosferaren tenperatura -200 Cº ingurukoadela uste da, eta Neptunoren atmosferako geruza batzuek beroa bereganatzeko ahalmena dutela edo bere baitan berotze iturriren bat duela atera da ondorio.

Bi eraztun mehek eta hainbat eraztun lausok inguratzen dute Neptuno. Planetaren erditik 41.000-63.000 kilometro bitartean daude kokatuak eraztun horiek. Urrutien dagoen eraztuna meharra da, eta hiru «uztai» ditu, izan, benetan, eskualde dentsoagoak direnak.

Voyager 2 Neptunora iritsi aurretik ez ziren haren bi satelite baizik ezagutzen, Tritoi (1846an aurkitua) eta Nereida (1949an aurkitua); orain beste lau ere ezagutzen dira.

Tritoi Ilargia baino zerbait handiagoa da, eta badu ezaugarri berezi bat: bere planetari buruz atzerantz mugitzen da. Orbita biribila du, oso makurra, eta sei egun inguru behar ditu Neptunoren inguruan bira egiteko.

Planetatik 355.000 km-ra dago, hura baino trinkoagoa da eta 3.700 km inguruko diametroa du. Nereidaren orbita, berriz, oso eszentrikoa da, Tritoiren orbita planoaren aldakortasunaren ondorioz seguru asko, eta areago ematen du kometa batena satelite batena baino. Neptunotik 5.562.000 km-ra dago eta 300 bat km-ko diametroa du.

1989. urtean Voyager 2 zunda Neptunoren inguruetara heldu zenez gero, argibide harrigarriak ari da igortzen. Esaterako, 1984. urtean aurkitu ziren bi eraztunak, hasieran osagabetzat hartu zirenak, badirudi planeta osoa inguratzen dutela benetan, nahiz eta eskualde batzuetan ez diren bestetan bezain dentsoak. Beste aurkikunde garrantzitsu bat planeta horren ekuatorean kokatua dagoen orban urdin handiari dagokio; urakan eskerga bat izan daiteke, metanozko hodei zuriz inguratua eta etengabe higitzen ari dena.