Geografia unibertsala»Geografia
Kanpoaldeko planetak
Kanpoaldeko planeten multzoa asteroide eraztunetik harago dago, eta
Jupiter, Saturno, Urano, Neptuno eta Pluton planetez dago osatua.
Planeta multzo hori nahiko heterogeneoa da tamainaz eta osaketaz.
Beraz, zehatzago sailkatu ohi dira: alde batetik, Jupiter eta Saturno,
planeta erraldoiak; bestetik, Urano eta Neptuno, planeta urrunak;
azkenik, Pluton planeta berezia da, astronomoek ez baitakite oraindik
planeta ala satelitea den.
Jupiter eta Saturno dira Eguzki sistemako planeta handienak;
Jupiterren diametroa lurrarena baino 11,2 aldiz handiagoa da
(142.113 km), eta Saturnorena berriz 9,4 aldiz handiagoa (119.916
km). Hidrogeno molekularra dute osagai nagusia, eta hidrogeno hori
hidrogeno atomiko eta metaliko bihurtzen da, planeta horietan zenbat
eta gehiago barruratu. Presioa Lurraren gainaldean baino berrehun
milioi aldiz handiagoa da.
Planeta horiek ez dute benetako gainalde gotorrik, harkaitzezko eta
izotzezko erdigune bat besterik ez dute, bolumenez Lurra halako bi edo
izango dena, eta masaz gutxienez Lurra baino hamar aldiz gehiago.
Hidrogenoa da elementu ugariena, eta helioa gero. Bi osagai nagusi
horiek dituenez –horiek baitira unibertso osoaren osagai nagusiak–,
uste izatekoa da lurrezko planetak esaten zaienak ez bezala, Jupiter eta
Saturno oso gutxi aldatu direla eratu zirenez geroztik. Bi planeta
horiek oso eremu magnetiko indartsua dute, Jupiterrek batez ere.
Orobat dira Eguzki sisteman satelite gehien dituzten planetak: hamasei
Jupiterrek eta hamazazpi Saturnok.
Jupiter, planeta erraldoia
Jupiter da Eguzki sistemako planeta handiena.
Bolumenez Lurra baino 1130 aldiz handiagoa
da; masa Lurrarena baino 318 aldiz
handiagoa du, eta orobat du beste planeta
guztien masak batu eta halako bi handiagoa.
Dentsitatea 1,33 gramokoa du zentimetro
kuboko (gr/cm 3 ), eta horrek esan nahi du
oso elementu arinez dagoela eratua, hidrogenoz
eta helioz batez ere, gas edo isurkari
tankeran. Pentsatzekoa da silikatoak eta
metal zapalduak ere badituela erdigunean.
Lurretik distantzia handira dagoen arren,
740 milioi kilometro baino gehiagora, Artizarra
baizik ez da hura baino argiagoa.
Jupiterrek 11,86 urte behar ditu bira bat
egiteko Eguzkiaren inguruan, eta kanpoaldeko
beste planetek bezala, oso bizkor
egiten du errotazio ardatzaren inguruko
bira, batez beste bederatzi ordu eta berrogeita
bost minututan.
Jupiterren ageriko gainaldea
Jupiterren ageriko zatia oso berezia da.
Teleskopio normal baten bidez ikus daiteke;
baditu hodei batzuk ekuatorearearen
paraleloan zerrenda argi eta ilunezko sistema
bat eratzen dutenak, eta horrez gainera
badu orban gorri handi bat ere, duela hirurehun
urtez geroztik ezagutzen dena.
Baliteke zerrenda gisako egitura hori
errotazio lastertasun handiak eragiten duen
Coriolisen indar handiak sortua izatea, hala
non eguratsaren edozein mugimendu ekuatorearen
paraleloan dabilen urakan bihurtzen
baita berehala.
Amoniakoa kristal itxuran kondentsatzeak
eratzen ditu zerrenda argiak (eremuak).
Hotzagoak dira eta zerrenda ilunen
(eraztunen) gainean daude. Eremu eta eraztun
horiek elkarren kontrako noranzkoan
aritzen dira biraka, alisioek eta kontralisioek
Lurrean egiten duten bezalaxe.Ekuatorearen hegoaldeko Orban Gorri
Handia Robert Hookek ikusi zuen lehenengo
aldiz 1664an. Gaur egun badakigu antizikloi
handi-handi bat dela, eta erlojuaren
orratzen kontrako noranzkoan bira egiten
duela sei orduro.
Jupiterreko eguratsa
Jupiter isurkariz eta gasez eratua dagoenez,
zaila da muga garbi bat zehaztea planeta
horren «gainaldearen» eta eguratsaren
artean. Litekeena da isurkari egoeratik gas
egoerarako iraganbidea lausoa izatea. Baina
gauza ziurra da hodei trinkoek ez dituztela
ikusten uzten eguratseko geruza sakonenak.
Jupiterreko eguratsa hidrogenoz eta
helioz dago gehienbat eratua, bederatzi eta
bateko proportzioan, eta horrez gainera
baditu, kopuru txikian bada ere, amoniako,
metano, sufrezko gai elkartuak, ura eta karbono
monoxidoa.
Barne egitura eta osaketa
Jupiterreko zati barnekoena burdinazko,
silikatozko eta izotzezko erdigune batez
dago eratua; inguruan hidrogeno metaliko
jariakarizko masa bat dauka helioarekin
nahastua, eta, kanpoalderago hidrogeno
molekular eta helio geruza bana ditu, planeta
horren erdigunetik zenbat eta gehiago
urrundu, orduan eta harroagoak.
Hidrogeno metalikozko geruza eroale
handi horrek eta errotazio bizkorrak eremu
magnetiko indartsu bat sortzen dute
Jupiterren, Lurrean baino lau bat mila aldiz
handiagoa. Eremu magnetiko indartsu horren
ondorioz, gertaera elektriko bortitzak
izaten ditu bere eguratsean, tximistak eta
egunsentiak, adibidez.
Horrekin batera, guztiz ere da aipagarria
planeta horren bero irradatze berezia,
Eguzki sisteman antzekorik ez duena, eta
Eguzkitik iristen dena baino 1,6 aldiz handiagoa.
Gertaera hori, eta planeta horren
errotaziozko higidura bizkorra izatea, eta
tenperatura ia berdina izatea lurburuetan
bezala ekuatorean ere, horren guztiaren eraginez,
Jupiterreko eguratsa lurrezko planeten
oso bestelakoa da.
Jupiterren eraztuna eta sateliteak
Jupiterrek eraztun oso mehe bikoitz bat du inguruan. Barruko eraztuna 1979an aurkitu zen, eta 5.200 kilometro da zabal; kanpoaldekoa, berriz, 1985ean aurkitu zen, eta 210.000 kilometro zabal da. Eraztun horiek eratzen dituzten zatikiak silikatoak dira ziur asko, eta oso ilunak baitira, ez dira batere erraz ikusten. Horrez gainera, Jupiterrek hamasei sateliteko sistema bat du. Lau handienak izan ezik, «Galileorenak» esaten zaienak (Io, Europa, Ganimede eta Kalisto), asteroideak dira Jupiterren gainerako satelite guztiak.
Saturno
Saturno da Jupiterren ondoren bigarren
planeta erraldoia, tamainaz Jupiterren antzeko
samarra. Haren masa Lurrarena halako
95 da, eta dentsitatea 0,67 gramo besterik
ez zentimetro kuboko (gr/cm 3 ). Hidrogenoz
eta helioz dago eratua, Jupiter bezala,
baina barne egitura Jupiterrenaren oso
bestelakoa du nolakotasunez.
1610ean Galileok telekospioz behatu
zuen lehenengo aldiz; hura planeta hirukoitzazela uste izan zuen hark, baina geroago
jakin zen Saturno eraztun sistema batez
inguratua zegoela. Lurretik hiru eraztun
baizik ezin daitezke ondo ikusi; bi oso dirdiratsuak
dira, eta hirugarrena, 1848an aurkitu
zena, askoz ere motelagoa da.
Saturno planetak 29,46 urte behar ditu
Eguzkiaren inguruan bira egiteko; Jupiter bezain
bizkor egiten du bira bere ardatzaren
inguruan, eta errotazio osoa egiteko hamar
ordu eta hogeita hamabi minutu behar ditu
batez beste. Errotazioa hain bizkor egiten
duelako da Saturno zapala, ekuatore aldean
erradioa 60.000 kilometrokoa du, eta lurburuetan,
berriz, 54.446 kilometrokoa.
Saturnoren ageriko gainaldea
Saturnoren ageriko gainaldea Jupiterrenaren
antzekoa da oro har. Baditu hodeiak,ez Jupiterrenak bezain nabarmenak,
aldizka argiak eta aldizka ilunak, eta
konbekziozko mugimenduak dituztenak.
Orbanak ikusi izan dira orobat Jupiterren
bezala.
Saturnoren gainaldeko gertaerak Jupiterrekoen
antzekoak dira, baina ez hain
indar handikoak, eta badituzte ezaugarri
berezi batzuk. Haizeen norabideak, adibidez,
ez du erlaziorik zerrendekin, ia korronte
guztiak ekialderantz mugitzen baitira, eta
indar handiagoz ekuatorean, han bostehun
kilometroko indarra izaten baitute segundoko
(km/sg).
Saturnoko eguratsa
Saturnoko eguratsa ustez Jupiterrekoaren
antzekoa da egituraz eta osaketaz.
%85 hidrogenoz eratua du, eta helioa, amoniakoa,
metanoa, etanoa eta beste gai elkartu
organikoz eratua du gainontzekoa.Eguratsaren egitura mailaz mailakoa da,
Jupiterrekoa bezala. Troposfera dago lehenik,
haren goialdeko mugak edo tropopausak
85 °K-eko tenperatura du, eta
400 °K-raino iristen da. Eguratsaz harago
eraztun itxurako hodei handi-handi
bat dago planeta hori ekuatorearen mailan
inguratzen duena, eta hidrogeno atomikoz
eta, agian, hidrogeno molekularraz
eratua. Jakintsu batzuen ustez, eraztun hori
Saturnoren satelite nagusi Titaneko eguratsak
galduriko hidrogenoak eratua da.
Eta, beraz, Saturnoko eguratsa eraztunen
sistema baino harago dago.
Saturnoren barne egitura eta osaketa
Barrualdean, eta kanpoaldetik barrualderantz,
geruza bat dago 30.000 kilometro
lodi dena, eta %93 hidrogenoz eta
%7 helioz eratua dagoena. Haren azpian
bost mila kilometro lodi den geruza bat
dauka hidrogeno metalikoz osatua, haren
barruan helio tantak eratzen dira eta planetaren
erdigunerantz erortzen dira. Uste
izatekoa da grabitaziozko «euri» horrek sortzen
duen energiaren eraginez Saturnok
Eguzkitik hartzen duena baino bizpahiru
aldiz energia gehiago askatzen duela; gainaldean
berriz tenperatura ez da ehun
gradu °K-ra iristen. Barrurago hamar edo
hamabi mila kilometro lodi den geruza
bat dago, hidrogeno metalikoz eta helioz
eratua.
Azkenik, hamabost mila kilometroko
erradioa duen erdigune bat du, silikatoz,
metalez eta, agian, baita helioz ere
eratua.
Saturnoren eraztunak
Saturnoren eraztunak milaka milioi izotz
zatiki txikiz daude eratuta; diametro askotakoak
dira, mikra batekoak txikienak, eta
kilometro batekoak handienak, eta milaka
eraztun zentrokidetan daude bilduta. Oso
zabalak dira, ehundaka milioi kilometro; lodieraz
berriz ehundaka metro besterik ez.
Eraztunaren masa osoa oso txikia da, ehun
kilometroko diametroko satelite batek izango
lukeena gutxi gorabehera.
Galileok 1610ean Saturnoren inguruan
bi «luzakin» zeudela sumatu zuen, baina
ezin izan zituen interpretatu. Huygensek
1655an planeta hartatik bereizita zegoen
disko bat aurkitu zuen, baina hark ere ezin
izan zuen esplikatu. 1675ean J.D. Cassinik
zerrenda ilun bat aurkitu zuen eraztunetan,
materiarik ez egoteak sortua zela uste
izan zuen, eta «Cassiniren tartea» esan zitzaion
zerrenda hari; Cassinik orobat aurkeztu
zuen eraztunak satelite txiki askoz
eratuta daudelako hipotesia. J.C. Maxwellek1857an egin zituen kalkuluek eta Keelerrek
1895ean egin zituen behaketek
hipotesi horiek egiaztatu zituzten. Keelerren
kalkuluek frogatu zutenez, eraztun
horiek elkarrengandik bereiz aritzen dira
biraka. 1911n, H. Poincarék kalkulatu eta
frogatu zuen elkar jotzen duten zatikien
sistema bat disko mehe baten itxuran lautu
daitekeela. 1980ko hamarraldiaren hasieran,
Voyager izeneko Estatu Batuetako
zundei esker jakin ahal izan zen Saturno
planeta inguratzen zuten eraztunak oso
konplexuak direla. Lurretik ez dira bost
eraztun nagusiak baizik ikusten.
Saturnoren sateliteak
Saturnok hogeita bat satelite ezagun
ditu, baina horietatik lau hipotetikoak dira,
behin baizik ez baitira ikusi. Horien artean
handiena, Titan, da Eguzki sistema osoan
eguratsa egonkorra duen satelite bakarra.
%85 hidrogenoa du, %12 argoia, eta metano
pixka bat. Gainaldean tenperatura -109
°C da, eta horri esker badira metanozko
itsasoak eta baita metanozko euri eta elurteak
ere. Gainaldea estaltzen duten hodeiak
hidrokarburo batez daude ziur asko osatuak;
hidrokarburo hori Eguzkiaren argiak
metanoa deskonposatzean sortzen da.
Estatu Batuetako Voyager bi zundak
1977an bidali zituzten espaziora, eta haiei
esker ordu arte ezagutzen ez ziren gauza
asko jakin ahal izan ziren Eguzki sistemako
planeta erraldoiei buruz. Bi zunda horiek
Jupiterren eta Saturnoren gainean ari izan
ziren hegan. Voyager 2 Uranora 1986an
hurbildu zen eta Neptunora 1989an. Espazioan
barrena ibili ziren, eta argibide ugari
eta askotarikoak eman zituzten planeten
arteko inguruneaz. Zunda bakoitzak
tona bateko pisua zuen; neurtzeko hamaika
tresna zituen, horietako batzuk plataforma
orientagarri baten gainean. 3,7
metroko diametroa zuen antena paraboliko
bati esker komunikatu ahal izan zen
Lurrarekin.
Data nagusiak
1610 Galileo Galilei italiarrak Jupiterren lau satelite
nagusiak aurkitu zituen: Io, Europa, Ganimede
eta Kalisto (Galileoren sateliteak).
1655 C. Huygens nederlandarrak Saturnoren lehenengo
satelitea aurkitu zuen: Titan.
1787 W. Herschel britainiarrak Uranoren bi sateliteak
aurkitu zituen: Titania eta Oberon.
1846 W. Lassell britainiarrak Neptunoren lehenengo
satelitea aurkitu zuen: Triton.
1851 W. Lassell britainiarrak Uranoren bi sateliteak
aurkitu zituen: Ariel eta Umbriel.
1877 Estatu Batuetako A. Hallek Marteren bi sateliteak
aurkitu zituen: Phobos eta Deimos.
1892 Estatu Batuetako E. Barnardek Jupiterren
satelite bat aurkitu zuen: Amaltea.
1948 Estatu Batuetako G. P. Kuiperrek Uranoren
satelite bat aurkitu zuen: Miranda.
1949 Estatu Batuetako G. P. Kuiperrek Neptunoren
satelite bat aurkitu zuen: Nereida.
1978 Estatu Batuetako J.W. Christyk Plutonen
satelite bat aurkitu zuen: Caronte.
1979-1980 Estatu Batuetako Voyager zundek
Jupiterren hiru satelite aurkitu zituzten:
Adrastea, Metis, Tebas.
1980-1982 Estatu Batuetako Voyager zundek
Saturnoren 14 satelite aurkitu zituzten.
1986 Estatu Batuetako Voyager 2 zundak Uranoren
10 satelite aurkitu zituen.
1989 Estatu Batuetako Voyager 2 zundak Neptunoren
6 satelite aurkitu zituen.