Departamento de Cultura y Política Lingüística

Geografia unibertsala»Geografia

Galaxia edo Esne Bidea

100.000 argi urte Gure galaxia goitik eta aldamenetik ikusiko litzatekeen bezala.<br><br>

Badirudi ikusten diren izarrak gaueko zeru osoan banatuak daudela; hala ere, bereziki pilatuak agertzen dira arku handi kakotu samar baten itxura duen zerrenda zurixka batean.

Zerrenda horri Esne Bidea esaten zaio, edo Galaxia, besterik gabe; bestalde, Espainia aldean Santiago Bidea esaten dio herriak.

Esne Bidean galaxia ororen bi osagai nagusiak aurkitzen dira: izarrak eta izarrarteko gas lausoa.

Adin guztietako 200.000 milioi inguru izarrek osatzen dute eta oso antolamendu zehatza du, itxura nabarmen kaotikoko beste zenbait galaxiaren aldean.

Galaxia hau oso urrutiko puntu batetik ikusiko bagenu, izarrezko disko eskerga baten gisa agertuko litzateke, zenbat eta ertzaren alderago orduan eta meheago, erraboil esaten zaion konkor baten inguruan bildua.

Sistema zapal horren inguruan, ehunka mulko globularrek osaturiko argi koroa zabal bat hedatzen da.Gure Galaxiaren zernolakoen multzoari eskerrak irudika daiteke haren sortzea, bi alditan gauzatuko zena. Lehen etapan erraboilaren eratze lasterra gertatuko zen, galaxia eliptikoa bailitzan. Oso laster eratu bide ziren han izarrak, baina ez hasierako gas osoa erabiltzeko bezainbateko lastertasunez.

Geroago, uzkurtzeak jarraituko zuen, baina biratze higidura bortitz baten mendean zegoenez gero, disko itxura hartuz zapalduko zen, biratze desberdinduaren eraginez.

Gaur egun ere jarraitzen du gasetik izarretara aldatze hori, baina erritmoa arras apaldu da.

Egia esan, egiteko luze eta zaila izan da astronomoentzat Esne Bidearen morfologia zehazki ezagutzea; eta hori, batez ere, barnetik soilik ikus dezakegulako guk sistema hori, haren barnean baikaude; eta orobat, izarrarteko materiazko hodei asko aurkitzen direlako, irrada ikusgaien hedamenerako eragozgarri.

1610ean dagoeneko, Galileok ikusi ahal izan zuen bere teleskopio landugabearen bidez Esne Bidea izarrez osatua zela. Hala ere, mende bat baino gehiagoz uste izan zen Esne Bideaz bestelako galaxia baten osagai zirela zeru osoan zehar banatuak dauden izar ikusgaiak.1750 inguruan, astronomo batzuek iradoki zuten Esne Bidearen itxura esplika zitekeela izar ikusgai gehienak disko formako egitura baten kide izango balira, hots, gaur galaxia espiral gisa ezagutzen ditugunen antzeko baten kide izango balira.

XVIII. mendearen amaiera aldean, William Herschel britainiar astronomoak uste hori berretsi zuen, esanez ezen izar ikusgaiek banakako izar sistema bat osatzen zutela, erdian erraboil moduko bat duen disko formako galaxia bat, alegia.

Harlow Shapley ipar amerikarrak ondu zuen 1916-1917. urteetan Esne Bidearen egituraren lehen eredu zuzena, oro har bederen. Astronomo horrek helburuan jo zuen Eguzki sistema gure Galaxiaren erdiko gunetik hurbil ez baina haren ertzean zegoelako hipotesia proposatzean.

Horregatik, erdialdera begiratzen denean, hots, Sagitario konstelazioaren aldera, izarrak hain metatuak aurkitzen dira non zerrenda batean kontzentraturik daudela baitirudite. Hortaz, Shapleyk aurkitu zuen argi koroak esfera forma zuela, koroa haren zentroa bat baitator Galaxiaren grabitate zentroarekin, Sagitario konstelazioaren norabidean baitago, hain zuzen, zentro hori.

 

Egitura eta neurriak

Izarrak plano batean kokaturik izateak dakar galaxiaren disko forma. Galaxia kontu handiz aztertzen bada, gorabeherak eta etenak ikusten dira multzo horren egituran.

Hortaz, Esne Bidea ez da disko homogeneo bat; izan ere, baditu izar dentsitate gehiagoko edo gutxiagoko alderdiak, baditu eskualde aski hutsak, eta baditu beste batzuk non bereziki ugariak baitira gas iluntzaile edo nebulosa ilunak, urrutiago dauden izarrak ikustea galarazten dutenak.

Baina Esne Bidearen egiazko egitura ez zen zientifikoki ulertu harik eta aurkitu ez zen arte «nebulosa espiral» izenekoak ez zirela nebulosak, baizik eta ehunka milaka milioi izarren samaldak, gugandik distantzia eskergetara kokatuak daudenak. Urrutiko galaxia horien azterketari eskerrak ezagutu genuen hobeki gurea, hain zuzen.

Gaur egun dakigunez, Esne Bidea espiral itxurako egitura hedatu bat da, 100.000 argi urte inguruko diametroa duena eta 100.000 milioi izar baino gehiago dituena.

Galaxiak badu gune ahaltsu bat, oso dentsoa eta izar materia (oso izar zaharren samaldetan) askokoa, 30.000 argi urte inguru diametrokoa eta erdian 15.000 argi urte inguruko lodiera duena. Orobat, baditu zenbait beso espiral, izar gazteagoek osatuak: horien artean aurkitzen da Eguzkia.

Beso espiral bakoitza 1.000 argi urte lodi da, eta 3.000 edo 4.000 argi urte zabal.

Oraindik ere ez dakigu zehazki besoak nola dauden kokatuak, ezta zenbat diren ere.Ustez lau dira: Sagitariuskoa, Perseokoa, Beltxargakoa eta Normakoa. Bada beste beso bat, Orion izenekoa, lehen besotik askatua, Galaxiaren erdigunetik 30.000 argi urte inguru urrun. Besoak ez dira, hortaz, izarrez beteriko egitura bakarrak, dentsitate handiagoko alderdiak baizik. Bestalde, argi koroa batek inguratzen du Galaxia.

Ia beti mulko globularren eran elkartzen diren izar zaharrek osatzen dute eskuarki argi koroa hori. Egitura horiek ia erabat esferikoak dira, eta ehun milatik hamar mila milioira izar ditu bakoitzak. Horrelako ia ehun aurkitu dira gunea inguratzen duen argi koroa arestian aipatu hori osatzen.

Galaxiaren egiturak eta osaketak eragiten duen interes zientifikoa eta gai honetan egin berri diren aurkikuntzak direla medio, xehetasun handiagoz aztertuko dira orain haren osagaiak: erraboila, argi koroa eta diskoa.

 

Erraboila

Sagitariusko eskualdean hedatzen diren materia ilunezko hodei eskergak desagertuko balira, ilargi betearen distira baino handiagoa izango litzateke Esne Bidearen ageriko distira. Norabide horretan aurkitzen da gure galaxiaren gunea, masa guztiaren eta izar kopuruaren zatirik handiena daukana. Baina ezin dugu erraboila ikusi, Sagitariuseko besoan hain ugari agertzen diren hodei ilun horiek direla eta.

Duela gutxi aztertu ahal izan da Esne Bidearen eskualde hori, hesi hori zeharka dezaketen frekuentzien bidez ?esaterako, izpi infragorriak eta irrati uhinak?. Gaur egun, infragorri sateliteak, IRAS esaterako, edo irratiteleskopio handiak erraboilaren alde ezkutuak agerrarazten hasteko gauza izan dira.

Beste galaxien erraboilen behaketari eskerrak, ikusi da kolore alde bat badela erraboil horiaren eta beso urdinxken artean.Horrek adierazten bide duenez erraboileko izar gehienak ?edo guztiak? horiak edo gorriak dira, eta besoetakoak, aldiz, zuriak eta urdinak.

Espektro analisiaren bitartez izar populazio desberdinen ezaguera egin da. Duela gutxi arte ez zen ezagutzen I Populazioa besterik, gure Eguzkiaren antzeko izarrez osatua dena, hots, batez ere hidrogenoa eta helioa, baina orobak beste gai bakunak, are metal astunak ere badituzten izarrez osatua.Erraboila, berriz, II Populazio izeneko izarrez osatua da. Izar horietan ez dago ia metal astunik. II Populazioko izarrak, oro har, oso zaharrak dira, eta luzaroan irauteko gaitasuna dute orobat, apurka-apurka erretzen baitute hidrogenoa eta anitz mila milioiko urtez iraun baitezakete. Are gehiago, astrofisikari askok uste dutenez II Populazioko izarretan dagoen metal kopuru txikia ezin da esplikatu, aurreko beste batzuen leherketaz ez bada. Hots, III Populazio bat izan bide zen, ia hidrogenoa eta helioa besterik ez zuten izarrez osatua. Ez dugu horrelako alerik ezagutzen, gure Galaxia, beharbada, mota horretako izarrak ez atxikitzeko bezain zaharra delako.

Gure Galaxiaren erdigunean zer dagoen jakitea da zientzialarien jakinmina gehien kilikatzen duen alderdietako bat. Egiazki, izar dentsitate handiagoa dago erraboilean besoetan baino, baina grabitate analisien arabera azken bururaino goititzen da erdigunean dentsitate hori. Hortaz, gaur egun izar koaleszentzia edo batze modeloak ari dira teorikoki lantzen. Bi izar edo gehiago batuko balira, halako masa iritsiko lukete non, edo barreiatuko bailirateke irrada gehiegiaz, edo kolapsatuko bailirateke zulo beltz supermasatsu batean.

 

Argi koroa

Izar zaharrez eratutako argi koroa batek inguratzen du Galaxia; izar horietako gehienak mulko globular eskergetan bilduak agertzen dira, baina agertzen ahal dira bakartuak ere. Horietako batzuek, eta are mulko globular batzuek, halako lastertasuna hartu dute grabitate azelerazioaren eraginez, ezen Galaxiaren mendetik atera eta infinituan gal baitaitezke.

Izar horietan urri dira helioa baino gai astunagoak; eta Galaxiaren eratzearen lehen urratsetan sortu direnez gero, ez dute izar horiek baliatzerik izan hurrengo izar belaunaldiek mailaz maila ekoiztu dituzten gai bakunez, esaterako karbonoaz, nitrogenoaz, oxigenoaz, burdinaz eta abarrez. Nolanahi ere, ez dira inoiz gai horiez erabat gabetuak aurkitzen; hortaz, badirudi izan dela lehen izar belaunaldi bat, gaur egun erabat desagertua, hasierako materia galaktikoa horrelako gai bakunez hornitzen apur bat bederen lagundu duena.

 

Diskoa eta beso espiralak

Gure galaxiaren diskoan izarrarteko gas gehiago dago erraboilean baino; han izarren higidura oso ordenatua da, etaizarrek orbita ia zirkularrak ibiltzen dituzte galaxiaren erdigunearen inguruan.

Diskoa masa handiko izarrez hornituagoa dago, eta badihardu oraindik han izar sortzeak.

Gasaren erdia atomo eran eta beste erdia molekula eran dago diskoan, erraboilean ez bezala. Nolanahi ere, molekula hodei dentsoetan soilik sortzen dira izarrak; hodei horiek ehunka mila milioi eguzki masako egitura zabaletan daude antolaturik.

Lau beso espiralek osatua izatea da galaxia diskoaren funtsezko ezaugarria.

Egungo usteak zuzenak badira, Galaxiaren besoak erraboila baino geroago eratu ziren, gas eta hauts masa eskergen bizkar; aldez hasierako materialean eta aldez supernoben hondarretan edo errautsetan zuten etorkia masa horiek.

Material honek erraboilaren inguruan biratzeko zuen joerak emango zion disko forma. Besoetako izar gehienak I Populaziokoak dira, nahiz eta badiren diskoan II Populazioko izarrak, indar zentrifugoaren eraginez agian, Galaxia biraka ari baita, edo grabitate bidezko elkarren arteko eraginen ondorioz bestela. Ugari dira orobat besoetan gasezko eta hautsezko masak; horiei, halako egitura mugatu bat hartzen dutenean, nebulosa esaten zaie.

Hortaz, nebulosa bat zeru hodei baten pare da, baina nebulosa guztiak ez dira distiratsuak; aitzitik, gehienak ilunak dira eta gehientsuak ez ditugu inoiz ezagutuko.

 

Izar mulkoak eta mulko globularrak

Askotan ikus daitezke bitarte aski laburrean metatuak agertzen diren izar samaldak.

Izar mulkoak dira, dozenaka eta batzuetan ehunka izarrek osatuak. Begi hutsez erraz ikus daitekeen mulko bat Pleiadeak dira, Tauron. Izar talde txiki horiek jatorri komuna dute, eta askotan nebulosekin batera gertatzen dira. Antza denez, oraindik ere izarrak eratuz eta kondentsatzen jarrai dezaketen hodei masen kondentsazioaren ondorio dira. Mulko gehienak Galaxiaren beso espiraletan aurkitzen dira, haietan ugariago baitira gas eta hautsezko hodeiak. Bada kontu bat oraindik argitu ez dena: ea izar guztiak, I Populaziokoak bederen, mulko baten osagai izanez sortu ote ziren.

Badira beste mulko batzuk urrunagoak, oso bestelako egitura dutenak; mulko globular izenekoak dira. Mulko horiek esfera eskergen itxura dute eta izar kopuru eskergek ?ehunka mila, eskuarki? osatuak dira.

Oso urruti daudelako, 50.000-tik 150.000 argi urtetara, ez dira atzematen. Oraindik ez da ongi ezagutzen mulko globularren etorkia; dena dela, badakigu II Populazioko izar oso zaharrez osaturik daudela, izar horiz edo gorriz gehienetan; eta hortik datorkie mulko horietako gehienei kolore horixka edo laranja.

Mulko globularrak Esne Bidearen inguruan biratzen dira eta argi koroaren osagai nagusiak dira. Lastertasun handiz higitzen dira, segundoko ehunka kilometro eginez.

Aldakorra dute ibilbidea, planeten orbitek ez bezala; bestalde, oso hedatua da ibilbide hori, eta hortaz Galaxiaren erraboila edo diskoa igarotzen dute aldiro.