Departamento de Cultura y Política Lingüística

Artea»Erdi Aroa

Erromanikoa : arkitekturaren geografla

St. Gauden elizako erdiko habeartea, kanoi gangaz estalia (Frantzia).<br><br>

Arkitektura erromanikoa aurreko mendeetakoetatik bereizten duen ezaugarri nagusietako bat eraikin kopurua da, eraikinen kopurua izugarri handitzea, alegia. Baina ez hori bakarrik : eraikin berriok handiagoak ziren, aberatsagoak egituran, eta, nolabait esateko, erromatarragoak itxuraz : gangez estalita zeuden, ez zurezko teilez, eta arkitektura egiturez eta eskulturez apainduta kanpotik. Eraikin erromaniko horien banaketak, gainera, oso eremu zabala hartu zuen, mundu kristau osoa, nolabait esateko : hasi Espainiako iparraldetik eta Renaniaraino, Ingalaterra eta Eskoziaren banalerrotik Italiako erdialderaino . Eliza kopuru handiena eta aukera zabalena, ideia ausartenak, Frantzian bilatu behar dira. Ez da izan beste arorik halako asmamen aberastasun handia izan duenik.

Hona garai hartako zenbait eraikin eredu eskualdez eskualde.

 

Frantziako hego-mendebaldea

 

Saint-Sernin (1080-1120)

Eliza handi hau erromes elizen estilokoa da, hala esaten baitzaie Donejakuerako bidean zehar eraiki ziren elizei. Aurreko elizek baino askoz ere konplexuagoa du oina, latindar gurutze bat. Habearte luzeak argi erakusten du eliza hau ez zela monje talde baten zerbitzurako sortu, jendetza handia hartzeko baizik.

Habearte nagusiaren alboetan beste bi habearte daude ; barrengoak deanbulatorioa eratzen du, gurutzaduraren besoak eta absidea inguratuz. Aurreko elizetan deanbulatorioa kriptan izaten zen, baldin bazen, baina Saint-Serninen lur gainera atera zen, alboko habearteak eta transeptua lotuz, absidetik erradio gisa abiatzen diren kapera txikiez hornitua. Alboko habearteak ertz gangez estalita daude, eta lauki itxurako tarteetan banatuta. Tarte horien luzezabalera beste dimentsio batzuetako oinarrizko banako gisa erabili zen : adibidez, habearte nagusiko eta transeptuko tarteak halako bi dira, eta gurutzadurako eta fatxadako dorretakoak halako lau. Horregatik guztiagatik erregulartasun handia du eraikinak.

Elizak barne egituren antolaketa bikaina baldin badu, are bikainagoa du kanpoaldean . Aipagarria da, adibidez, teilatuaren mailakako antolaketa, gangen bultzadari eusteko leihoen artean hormaren sendogarri dauden zutabe modukoak, leiho eta ataurreetako marko apaingarriak eta gurutzadurako dorre garaia.Elizan sartzean atentzioa ematen du eraikinaren garaierak, hormetako arkitektura ederrak eta argitasunak, ahula eta zeharkakoa . Eliza honetan atzera itzuli zen antzinako Erromako arkitekturaren sintaxira (gangak, arkuak, hormari atxikitako zutabeak, ordena koherente eta solido batean lotua dena). Baina Saint-Sernin elizaren eraikuntzan sumatzen den indarra ez da Grezia eta Erromako arkitekturaren indar fisiko hura, beste indar espiritualago bat baizik, miniatura karolingiar eta otondarretan giza gorputza biziarazten zuena bezalakoa . Hornia bururaino iristen diren zutabe erdiak guztiz antinaturalak irudituko zitzaizkion Antzinako Erromako ikusle bati, hain dira luzeak. Esango litzateke presio ikusezin izugarriren batek bultzatu dituela gorantz, habearteko kanoi gangako zehar eustarkuetaraino lehenbailehen iristekoedo . Absidea eta deanbulatorioa argitan blai daudela, zutabe eta arku horien erritmoaren errepika etengabeak elizaren sortalderantz bultzatzen du ikuslea.

Arkitektoak, noski, ez zuen nahita bilatzen efektu hori. Harentzat edertasuna eta teknika banaezinak ziren. Zurezko teilatuak sutzeko duen arriskua galaraztearren, habeartea gangez estaltzea, ez zen soilik helburu praktiko bat, Jainkoaren etxeari handitasun eta maiestasun handiagoa emateko gogoa ere bazen. Eta zenbat eta ganga gorago, zailago baita eustea, zeuzkan bitarteko guztiak baliatu zituen habearteari garaitasun handiena emateko. Horretarako, baina, eta eraikinak zutik eutsiko bazion, uko egin behar izan zien beira leihoei, eta, horien ordez, tribuna batzuk jarri zituen barrengo alboko habearteen gainean, habearte nagusiak eusten duen gangaren albo presioari aurre egiteko.

 

Frantziako mendebaldea : Borgoina

 

Autun-eko katedrala

Borgoinako arkitektoek beste irtenbide bat aurkitu zuten, dotoreagoa : alegia, tribunen ordez galeria itxu bat (trifai-ioa deitua, zutabe-arte bakoitzean hiru irekiune izaten baititu) eta beira-leihoak jartzea gainean. Hiru solairuok eraiki ahal izateko, arku zorrotzak erabili ziren habearte nagusiaren eta albokoaren artean, eta zehar eustarkuak habearte nagusiaren gangan .

 

Areto oineko elizak

Frantziako mendebaldeko eliza batzuetan, Saint-Savin-sur-Gartempe-n, esate baterako, beste irtenbide bat saiatu zen. Eliza horretan habearte nagusia estaltzen duen gangak ez du zehar eustarkurik, etenik gabe nahi baitzen gainaldea, hornia pinturez hornitu ahal izateko gero. Hala, bada, zuzenean eusten diote gangari habearteko arkuek. Hala ere, argiz nahiko ongi hornitua dago, alboetako habearteak erdikoa adinaxe goratu zirelako (horixe da areto oineko elizen ezaugarri nagusia), eta kanpoko hormetan leiho handiak zabaldu zirelako. Eliza mota hauetan habearte nagusia eta alboetakoak teilatu bakar batez daude estalita ; fatxada apala eta zabala izaten da, arku sailez eta eskulturez hornitua askotan.

 

Normandia eta Ingalaterra

iparralderago, Normandian, mendebaldeko fatxadak beste era bateko bilakaera izan zuen. Saint-Etienne-de-Caen-go eliza (1068), adibidez, Notre-Dame la Granderen oso desberdin egin zen. Dekorazioa izugarri urritu zen, horma bular erraldoien bidez hiru atal bertikaletan zatiturik fatxada, eta bertikaltasun hori bi dorre handitan luzatzen da modu harrigarrian.

 

Durham-eko katedrala

Ingalaterrako erromanikoaren obra adierazgarriena Durham-eko katedrala da (1093- 1130). Habearte nagusia Saint-Serninekoa baino heren bat zabalagoa du, eta 120 metro luze da. Hau izan zen, beraz, Europako eliza handienetako bat Erdi Aroan. Ganga du gauza aipagarrienetako bat, lehenbiziko aldia izateagatik hiru solairuko habearte baten gainean gurutze ganga -ertz ganga nerbioduna- modu sistematikoan erabiltzen zena. Oina aztertzean bada gauza bitxi bat : alboko habearteetan gurutze gangaren tarteek ia oin laukia dute eta erdikoetan, berriz, oin lauki-zuzena, eta hala, erdikootan, ojibek eta nerbioek bi x eratzen dituzte, eta sabaia zazpi zatitan banatzen ohiko lauetan zatitu ordez. Habearte nagusiko tarteak albokoak halako bi izanik luzean, bi zutabez behin baizik ez dira jarri zehar eustarkuak, eta, beraz, zutabeak neurri desberdinekoak dira. Ez dago argi nerbio sistema hau Durhamen asmatua izan ote zen, baina segurua da ez zela askoz lehenago asmatu. Durhameko erdiko habeartea arkitektura erromanikoaren ederrenetako bat da.

 

Lonbardia

 

San Anbrosio (Milan)

IV. mendeko eliza baten lekuan eraiki zen, XI. mendearen bukaeratik aurrera, absidea eta hego dorrea izan ezik, horiek X.. endekoak baitira. Kanpotik adreiluzkoa da. Fatxada zorroztasun ederrekoa da, eta arku sakonak ditu. Aldamenetan, eliz horma doi-doi ukituz, bi kanpandorre ditu.

San Anbrosioko habearte nagusia apala eta zabala da (Durhamekoa baino 10 metro zabalagoa), lau zutabe-arte karratu ditu, zehar eustarku sendoez bereiziak. Ez du transepturik, baina habeartearen sortaldeko tarteak zinborrio oktogonal bati eusten dio, gainean kupula edo linterna duela. Atal hau geroago egin zen, barnea argitu beharrez . Durhameko habearte nagusiak bezala, San Anbrosiokoak ere zutabe sistema txandakatua du, horma-arte bakoitza alboko habearteetako bi halako baita. Alboko habearteek gurutze ganga dute, habearte nagusikolehenengo hiru horma-arteek bezala, eta galeriari bati eusten diote. Hala ere, erdiko habearteko gangak iparraldekoak ez bezalakoak dira. Adreiluz eta hondakin puskez eginda daude, erromatarren ertz gangen eraikuntza gogorazten duen teknika baten arabera, eta askoz ere astunagoak dira.

Zehar nerbioek, bestalde, erdi-zikunferentziak eratzen dituzte, eta hori dela-eta zehar arkuak baino askoz garaiagoak dira gangak. Horrek areagotu egiten du ganga efektua, eta tarte bakoitza besteetatik bereizten laguntzen du.

 

Alemania

 

Espira-ko katedrala

Alemaniako arkitektura erromanikoa kontserbadorea da oso, tradizio karolingiar eta otondarraren ondorioz. Obrarik ederrena Espirako katedrala da (1030ean hasia eta mende bete geroago bukatua). Mendebaldea eraikuntza moderno batez estalia du eta ekialdean, berriz, dorre gurutzatu bat eta bi dorre biki daude. Arkitekturaren xehetasunak Lonbardiakoak dira jatorriz, baina eraikuntzaren proportzioak iparraldekoak dira. Oso eliza handia da, garai hartako beste elizak baino handiagoa ; habeartea, adibidez, Durhamekoa baino handiagoa eta zabalagoa da heren batez. XII. mendearen hasieran tarte karratuetan zatitu zen, eta ojibarik gabeko ertz ganga astunez estali.

 

Tournai-ko katedrala

Espirako katedralaren sortaldea askotan kopiatu da Rhin ibairen ibarreko eta Herbehereetako elizetan. Tournaiko katedralean bikoiztua daude dorreok transeptuaren alde bakoitzean, eta arkitektura erromanikoaren dorre multzo gogoangarriena eratzen dute.

Dorre anitzeko sistema hori hartu zen eredu Alpeez iparraldeko eliz eraikinetan, baina horietako gutxi burutu ziren. Gaur egun nekez uler daitekeen modu batez, Erdi Aroko gizonaren eta naturaz gaindiko izakien arteko harremana adierazten zuten dorreok.

 

Toscana

 

Pisako katedrala, bataiategia eta dorrea

Baina dorreetan ospetsuena oker baten ondorioz da ospetsu. Pisako dorrea artean bukatu gabe zegoela hasi zen okertzen, zimentuen sendotasunik ezagatik. Dorre horrek eta inguruan dituen katedralak eta bataiategiak Toscanako erromanikoaren monumentu multzo hoberena eratzen dute, Erdi Aroan Pisak izan zuen oparotasun handiaren erakusgarri. Pisako katedralaren oina basilika paleokristau batena da funtsean ; transeptuko besoek basilika txikiak ematen dute, zein bere absidearekin. Gurutzaduran kupula du, baina gainerakoan egurrez dago estalia, alboko habearteak izan ezik, ertz gangez estaliak. Pisako hiru eraikinok marmol zuriz daude estalita (berde ilun koloreko marrazkiak dituztela txertaturik), Erromako inperioaren garaian ohi zen bezala.

Kanpotik arku itxuak eta galeriak dituzte.

 

Florentziako bataiategia

Florentzian Toscanako erromanikoaren obra nagusia bataiategia da. Katedralaren mendebaldeko fatxadaren aurrean dago : oktogono oineko eraikin handia da, kupula batez burutua. Hau ere marmolez estalia dago, lerro geometriko zorrotzen arabera.

Hain du ldasikoen itxura ezen Marteri eskainitako tenplua izan zela uste izan zuten florentziarrek berek mende batzuk geroago.