Departamento de Cultura y Política Lingüística

Artea»Antzin Aroa

Grezia: aldi arkaikoa

Arkitekturaren alorrean hiru ordena klasiko sortu zituen Greziak : doriarra, joniarra eta korintotarra. Izatez, bi ordena dira, korintotarra joniarraren aldaera bat baita. Doriarra da oinarrizkoa, aurrekoagoa baita eta joniarra baino definituagoa baitago ; ordena doriarra Greziako kontinentealdean nagusitu zen, eta joniarra, berriz, Egeoko uharteetan eta Asia Txikiko kostaldean.

Arkitekturazko ordena greziar arkitekturarako baizik ez da erabiltzen, gainerako sistema arkitektonikoek ez zuten-eta antzeko ezer sortu : ordena jakin bateko tenpluetako elementu guztiak, esate baterako, konstanteak dira bai kopuruan, bai tankeran eta bai haien arteko harremanetan ere ; forma bilduma zehatz mugatu horrek egiten ditu tenplu guztiak ordena bateko edo besteko.

 

Doriar ordena

Ordena honetako elementu finkoak eta haien antolamendua tenplu doriarraren kanpoaldeari dagozkio. Hiru zati nagusi ditu : estilobatoa edo plataforma mailakatua, zutabeak eta taulamendua (zutabeen gainean dauden elementu guztiak). Doriar zutabeak elementu hauek ditu : fustea, ildaxka edo kanal bertikal ez oso sakonak dituena ; kapitela, zutabearen goialdea, bi elementuk osatua : ekinoa, moldura ganbil irtena, eta abakoa, harlauza karratu bat. Taulamendua da hiru elementu nagusietan konplexuena ; hauek ditu zati nagusiak : arkitrabea -harri zerrendak zutabeen gainean jarriak-, frisoa, eta erlaitza. Frisoak bi osagai ditu : triglifoak eta metopak. Triglifoak harrizko puskakoadratuak dira, ildaxka bertikalez apainduak, eta haien artean tarte estuago batzuk ditu, metopak, alegia. Metopak erliebez estaliak egoten dira. Erlaitza oso irtena da, eta behealdean xafla batzuk ditu apaingarri (mutuloak). Bi isuriko teilatu batek estaltzen du eraikin osoa ; fatxada aldera hiruki formako tarte bat eratzen du (frontoia), eta eraikinaren alboetara terrakotazko ertz garai batek inguratzen du eta lauki tankeran mugatzen (gailurra).

Eraikin osoa kareorerik gabe bata bestearen kontra jarritako harlanduz eraikia zen; beraz, harlandu horiek zehatz-mehatz landu behar izaten zituzten, elkarren arteko lotunea lau-laua izan zedin. Behar izanez gero, metalezko grapen bidez lotzen zituzten harlanduak. Zutabeak danborrak esaten zaien hainbat atalez eginak ziren ia beti.

Teilatua terrakotazko teilez zegoen egina, teilatuari eusten zioten habeak eta gapirioak zurezkoak ziren, eta, hori zela-eta, handia izaten zen sute arriskua.

 

Tenpluaren oina

Grezian tenpluen oinak ez dagozkio zuzenean ordena arkitektonikoari, ordena horiek, arestian esan den bezala, eraikinaren atal bertikalei baitagozkie. Tenpluaren tamainaren arabera edo toki batetik bestera aldaketak badaude ere, oso antzekoak dituzte oinarrizko ezaugarriak. Cella edo naos -jainkoaren irudia dagoen aretoa-, eta ataria (pronaos) dira gune nagusiak, bi zutabe dituena. Tenplu askok beste atari bat izaten dute cella-ren atzean, eraikinari simetria emateko. Tenplu handietan peristilo deritzan zutabe multzo batek inguratzen du erdialdeko gorputz hori, eta orduan periptero esaten zaio osotasun horri.

 

Doriar tenpluak

Ez dago zehatz jakiterik nola sortu eta tankeratu zen doriar ordena, ez baita ia aztarnarik gelditzen ordena hori eratze bideanzegoen garaitik. Gaur egun ezagutzen diren lehenengo harrizko tenpluek -Artemisakoa Korfun, adibidez-frogatzen dutenez, doriar ordenaren ezaugarri nagusiak zertuta zeuden K.a. 600 urterako, baina adituek ez dakite ezaugarri horiek nolako bilakaera izan zuten, ezta zergatik hain denbora gutxian sistema bat eratu zuten ere.

Uste izatekoa da harrizko eraikuntzan ari izan ziren lehenengo greziarrek hiru inspirazio iturri izan zituztela : Egipto, Mizenas eta aldi arkaikoaren aurretik Grezian izan ziren zurezko eta pezozko eraikuntzak.

Greziar tenpluaren erdigunea, cella eta pronaosa, Mizenasko arkitekturatik dator. Fusteak edo zutabe ildaxkatuak 2000 urte lehenago Egiptoko tenplu batzuek zituzten zutabeen antzekoak ziren ; Egiptotik ekarria zen baita ere tenpluak harriz eta zutabe kopuru handi batez egin behar zirelako ustea. Orobat egiptoarrengandik ikasi zituzten greziarrek harrizko eskulturagintza, hargintza, eraikinen apaindura eta geometria.

Hala eta guztiz ere, ez dago zehatz jakiterik zer nondik hartu zuten, nahiz gauza ziurra dirudien gauza gehiago hartu zituztela Egiptotik Mizenastik edo Minostik baino.

 

Joniar ordena

Joniar ordena Asia Txikian sortu zen.

Kiribilak dituen kapitela da ordena honen ezaugarri nagusia. Doriar zutabean ez bezala, joniar zutabeak badu harroina ; fustea estuagoa eta luzeagoa du doriarrak baino, eta goitik beherako ildo meheak eta tarte zabalagoak ditu errenkadan, eta ez ildo soilak doriar fusteak bezala. Kapitelak hiru atal ditu : behekoan, ekino edo fustearen eta abakoaren arteko zerrenda, hosto eta gezi irudiak zizelatuak dituena, baita beste zerrenda estuago bat ere ; erdian alboak kiribilduak dituen zerrenda, eta kiribilaren erdigunea edo begia ; eta goian abakoa edo zerrenda luze estua. Azkenik arkitrabea, frisoa eta erlaitza dira zutabearen gaineko egituraren hiru osagarriak. Arkitrabea hiru zerrendek osatzen dute ; goikoa beti behekoa baino irtenagoa izaten da. Frisoa trigliforik gabea da, irudi zizelatuak dituena edo gabea. Hauek dira erlaitzaren hiru parteak : hortzak zizelatuak dituen zerrenda irten bat, astragaloa edo lotura egiten duen zerrenda, eta hostoak eta geziak zizelatuak dituen beste zerrenda bat. Frontoia doriar ordenakoa hezalakoa da : hiruki forala du eta eskulturak ditu hiru ertzetan.

 

Pintura arkaikoa

K.a. VII. mendearen bukaeratik K.a. 480.. rtea arte iristen denari esaten zaio pintura arkaikoa. Ontzien pintura zen garai hartakoa, eta orduantxe iritsi zuen hain zuzen goraldia. Esan daiteke ontzi haiek bereziak izateko asmoz zirela eginak, ez zirela, alegia, eredu baten gainean ohitura hutsez eta erabiltzeko besterik gabe eginiko piezak.

Ontzi arkaikoak ontzi geometrikoak eta ekialde kutsukoak baino askoz txikiagoak ziren, ordurako ez baitziren hilobietan jartzeko egiten. Ontzi horiek apaintzeko askoz gai gehiago lantzen zituzten, mitologiatik, elezaharretatik eta eguneroko bizitzatik hartutako gertaerak besteak beste, eta askotan maila handikoak ziren artearen aldetik, Atenasko ontziak batik bat.

Greziarrek balio handia ematen zioten ontzi haien edertasunari ; VI. mendearen bigarren erdialdeaz geroztik, ontzi ederrenak beren egileen sinadura izaten zuten.

Horrek esan nahi du ez bakarrik artistak -zeramikagileak eta pintoreak- harro zeudela beren lanaz, baita ere ospetsu izan zitezkeela beren estilo bereziarengantik.

Greziako pintura arkaikoa ez zen ontzietara bakarrik mugatu. Horma gaineko eta taula gaineko koadroak ere baziren. Ezer gutxi gorde bada ere koadro haietatik, badago esatea tamaina handiko pintura hark eta ontzietako pinturak bazutela ezaugarrikomun bat : kolore sendoz eta planoz betetako marrazkia.

Iturri idatzien arabera, greziar horma pinturak ez zuen helduaroa iritsi Mediako gerrak bukatu arte (K.a. 475-450), alegia, moldatzea eta espazioaren sakonera pixkanaka-pixkanaka asmatu ziren arte. Harrezkero ontzien pintura bigarren mailako arte bihurtu zen, ontziak pintatzeko teknikak ez baitzuen horretarako gaitasunik ; V. mendearen bukaerarako ontzien pintura gainbeheran etorria zen. Garai arkaikoa izan zuen beraz pintura teknika horrek goraldia. K.a.

475. urtea arte ontzien pintore bikainenak beste alor batzuetako artistak bezain ospetsuak izan ziren.

 

Beltzez margotutako irudiak

K.a. VII. mendearen bukaeran ontzi margolariek irudi beltzen teknika landu zuten ; marrazki osoa siluetan marrazten zuten beltzez buztinaren gainean;,,marrazki barneko xehetasunak ezten batekin egiten zituzten, eta marrazkiaren zati batzuk nabarmentzeko, kolore zuriz eta purpuraz margotzen zituzten beltzaren gainean. V I.. endean atzealdeko buztina margotzen zuten, margoen arteko kontrastea biziagoa izan zedin atzealdearen eta irudiaren artean.

Korinton estalki laranja-kolore batez estaltzen zuten ontziaren gainaldea, eta Atenasen buztin gordinari gai kolore-emaile gorrLxlca bat eransten zioten.

Pixkanaka-pixkanaka apaindurazko zerrenden eta animalien irudien ordez giza irudiak marraztuz joan ziren. Orobat joan zen desagertuz irudiak zerrenda horizontaletan antolatzeko ohitura. Silueta beltza ontziko edozein lekutan marrazten zuten, ontziaren neurriak eta forma zutelarik muga bakarra.

Aurreko garaietan bezala, giza irudia, oro liar, soslaiez zegoen marraztuta, edo soslaiez eta soina aurrera begira ; anatomiaren xehetasunak ia adierazi gabe zeuden, jantziak gainalde lauak bezalakoxeak ziren, batzuetan tolesak zituztela ; jarrera gutxibatzuen bidez oso gertaera desberdinak bizitasunez adierazten zituzten. Mitologiazko gaiak ziren erabilienak, eguneroko bizitzako irudiekin batera.

 

Gorriz margotutako irudiak

Beltzez margotutako irudien teknikak ehun bat urtez iraun zuen, baina artisten premietarako eta asmoetarako traba gertatzen hasi zenean, beste teknika bat nagusitu zen haren ordez. K.a. 530 urtearen inguruan gertatu zen hori. Teknika berri hori ere bi koloreren arteko kontrastean zegoen oinarritua, baina margoak alderantziz erabiltzen zituzten : irudi gorri edo haragi kolorekoak atzealde beltzaren gainean. Hasteko, marrazki baten zirriborroa egiten zuten atzealde margotugabearen gainean, baina irudiaren inguru guztia kolorez mugatzen zuten, eta ez eztenez. Gero lakaz estaltzen zituzten irudirik ez zuten ontziaren zati guztiak, eta, hala, irudiak ondo nabarmen gelditzen ziren. Laka horrexekin marrak eginez, irudiak beste modu batera tankera zitzaketen, eta horrek aukera berriak eskaintzen zizkien.

Anfora margotuen teknikak loraldi bat izan zuen K.a. 530-480. urteetan. Ar-te molde zaharren eta berrien arteko tirabirak bide berriak urratu zituen arte mota horretan.

Gorriz margotutako irudien teknikaren lehen urratsak teknika hartaz jabetuz egin zituzten, eta saio berriak eginez, aldi berean beltzez margotutako irudien teknika ere baliatzen zutela. Trantsizio aldi baten ondoren, belaunaldi berri bat sortu zen, artista gailenak Eutirnides eta Eufronio izan zirenak.

Eutidimidesen lanetan irudiak osotasun bat eratzen zuen atzealdearekin batera, errealitatetik kopiatutako puska bat bailitzan . Eutidirnidesek oso ondo aztertua zuen giza anatomia, eta bikain adierazten zituen beraz giza irudiak, baina jantzietako tolesak irudikatzerakoan teknika arkaikoa ezin gainditurik zebilen.

Garai arkaikoaren bukaeran, aurreko hamarraldietako aitzindarien aurkikuntzak estilo bakar batean elkartuta zeuden.