Historia»Egungo aroa
Kapitalismoa eta lehen industrializazioa
Hego Euskal Herriak azken berrehun urteotan bizi izan duen prozesu historiko garrantzizkoena da, segur aski, XIX. mendearen azken laurdeneko industrializatze prozesua. Aldeko baldintza sail batetik abiatuta, nola ziren kalitatezko burdin mea sobera egotea, Britainia Handiarekin lehengai trukean (ikatza) aritzeko erraztasuna, aurretik zetorren negozioetarako ohitura, Diputaziotik gobernatutako administrazio eta ekonomia baliabideak…, kontua da Bilboren ingurua eta itsasadarra oso bizkor industrializatu zirela. Espainiako lantegi handi bat bihurtu zen Bizkaia, eta milaka langile erakartzeaz gain, Bizkaiko enpresa gizonen, enpresen eta erakundeen ekonomia eta politika arloko ahalmena eta aginpidea ikaragarri indartu ziren. Gipuzkoak, aldiz, beste era bateko industrializazioa izan zuen: motelagoa, haran desberdinetan sakabanatua, produkzio sektore desberdinetakoa, enpresa txikiagoetan gauzatua, kapital kontzentratze arinagokoa eta Bizkaikoak bezainbat etorkin erakarri ez zuena.
Kapitalismoaren sorburuak (1841- 1876)
Kapitalismoaren sorburuak eta 1841etik
1936ra Euskal Herriak bizi izan zuen industrializazioaren
bilakaera aztertzeak, denboran
zehar hurrenez hurren gertatu ziren
garapen eredu sail baten aurrean jartzen
gaitu. Bi etapa bereiziko ditugu: Kapitalismoaren
eta industrializazioaren sorburuak
(1841-1876) eta Lehen industrializazioa eta
gizarte kapitalistaren indartzea (1876-1936).
Ezeren aurretik esan behar da Euskal
Herriaren gaur egungo historia, bere historia
propioaren eta iraultza bikoitzaren (industrian
eta politikan) alaba dela, zeinaren
gainean eraikia dagoen mendebaleko egungo
mundua. Industria iraultzak eta kapitalismoaren
garapenak eraiki zituzten gizarte/ekonomia
harreman berriak. Politikaren
arloko iraultzaren ondoren, berriz, estatunazioetan
antolatu zen gizartea eta politika
egitura berri horietan garatu ziren kapitalismo
sistema eta industrializazioa. Beraz,
Euskal Herriko industrializazioa eta kapitalismoaren garapena, esandako bi prozesuek
baldintzatu zuten: historia propioaren dinamikak
eta iraultza bikoitzak lurralde honetan
eta inguruetan izan zituzten eraginek.
Aro Berrian –XVIII. mendean batez ere–
euskal ekonomiak eta gizarteak izandako
aldaketetan oinarritu, errotu eta garatu zirenindar kapitalistak XIX. mendearen bigarren
erditik aurrera. Ekonomian alor berriak
sortzen joan ziren eta nazio arteko
merkatuari lotutako industria eta merkataritza
sektoreek indar handia hartu zuten.
Lanaren gizarte zatiketa areagotu egin zen,
eta nekazaritza munduaz gain, beste zenbait
ekonomia jarduera sortu ziren, berorietan
nekazari familiek ere parte hartzen
zutela: siderurgiari eta metalurgiari lotuak,
ikazkintza eta baso lana, burdin meatzaritza,
ontzigintza, larru lantegiak, ehungintza,
itzaintza… Itsasoarekin harremana zutenak
ere baziren, itsas garraioa eta arrantza, esate
baterako. Azkenik, merkataritza maila
handira iritsitako ekonomia hura, kostako
hirietan kokatutako –Bilbo, Donostia, Bermeo,
e.a.– burgesia merkatariak zuzendu
zuen, klase hura baitzen kanpoko merkatuarekin
lotzen zuena. Esportatzen zen produktu
nagusia burdina zen, eta metal horren
balioak pisu handia hartu zuen itsasertzeko
probintzietako ekonomian. Euskal
ekonomiaren eta gizartearen berritze maila,
zerbitzuetan lortutako garapenean ere
islatu zen, biztanleko zegoen notario,abokatu, eskribau, maisu, mediku, kirurgilari,
elizgizon, eta abarren proportzioak
erakusten duen bezala. Ondorengo datuak
euskal gizarteak eta ekonomiak garai hartan
zuen dinamismoaren eta dokumentu
formal mailaren erakusgarri gertatzen dira.
Bilbon, Gernikan, Balmasedan eta Durangon,
hiri txikiak izan arren, hara zer nolako
proportzioak zeuden biztanleko
1787an: Bilbon, 240 biztanleko abokatu edo
eskribau bat, Gernikan bat 34 biztanleko,
Balmasedan 323 biztanleko, eta Durangon
195 biztanleko.
Bestalde, industriaren eta politikaren
arloko iraultzek errejimen zaharreko gizarte
krisiarentzat irtenbide bat eskaini zuten.
Kapitalismo industrialaren errotzea eta hazkundea,
eta gizartea estatu-nazioetan berregituratu
izana izan ziren gizarte zaharraren
krisia gainditzen lagundu zuten errealitate
historiko berriak, eta Espainiaren eta Euskal
Herriaren kasuan, estatu-nazioaren
eraikuntza, barne merkatuaren sorkuntza,
eta XIX. mendeko lehen hereneko krisiaren
ondorengo kapitalismoaren sorrera
–lehen gerra karlistaren amaierarekin eta
iraultza liberalaren garaipenaz (1835-1845)
amaitu zen aipatutako krisia– erabakigarriak
izan ziren.
Espainiako estatu berriaren eraikuntzak
ordura arte zergarik jasaten ez zuten probintziak
estatuko besteen baldintza berberetan
jartzea eskatu zuen eta beraz, euskal
probintzietako barrualdeko aduanak kostara
ekarri ziren 1841ean. Horrekin bateratua
geratu zen Espainiako muga zerga sistema,
eta estatu barruko merkatuaren sorkuntzarako
oinarriak jarri ziren, estatua izan baitzen
hasieran kapitalismo industrialaren garapen
esparrua. Gainera, inbertsioa eta industrializazioa
akuilatu zuten beste faktore
batzuk ere izan ziren, hala nola: meatze
aberatsak –ustiatzen errazak, Bilboko portutik
hurbil–, eta Euskal Herriaren geografia
kokapen berezia –iberiar penintsulako
ardatz atlantikoaren eta Europako ipar-mendebal
garatuaren arteko lotunean kokatua–.
Arrazoi horiek zirela medio eta portu natural
handi bat eskura izanda (Bilboko itsasadarra),
Espainia barruko merkatua kanpokoarekin
lotzeko toki estrategiko bihurtu
zen Euskal Herria.
Hitz bitan esanda, aipatutako faktore
horiei guztiei esker kapitalismoari ateak ireki
zitzaizkion eta kapitalismoaren sorburuak
deitu diogun etapa hasi zen. 1841-1876 arteko
aldia hartzen du etapa horrek. Datak
adierazle hutsak dira eta bi gertakari politiko
ekartzen dizkigute gogora: 1841ean
itsasertzera aldatu ziren aduanak eta 1876an
bigarren gerra karlista amaitu zen.
Aldi honetan ezarri ziren hurrengo mendean
(1876-1975) garatuko ziren industrializazioaren
eta kapitalismoaren oinarriak.
Hurrengo mende horretan ekonomiaren etaindustriaren hazkunde ikaragarria gertatu
zen.
Urte hauetan hasi ziren: siderometalurgia
berria, euskal banka, paper lantegiak,
ehungintza industria, ontzigintza berrindartua,
burdin meatzeen ustiaketa kapitalista,
armagintza industria, Euskal Herria Espainiako
merkatuarekin lotzen zuen burdinbide
sarearen eraikuntza eta meatzeetako
burdinbide sarearena (Trianoko burdinbidearen
eraikuntzarekin). XX. mendeko euskal
ekonomiako sektore eta enpresa ezagunenetako
asko urte horietan sortuak dira.
Santa Ana de Bolueta 1841ean eratu zen
eta Nuestra Señora de la Merced –Ibarra y
Cia. enpresa taldeak sortua– 1843an. Enpresa
talde berberak, 1855ean, Nuestra Señora
del Carmen izeneko siderurgia lantegia
sortu zuen Barakaldon, zeinetatik sortuko
ziren hamarraldi batzuk geroago Altos Hornos
de Bilbao (A.H.B.) 1882an, eta Altos
Hornos de Vizcaya (A.H.V.) 1901ean.
Urte horietan jaio ziren Banco Bilbao
eta euskal finantza sistema berria. Bilbo-
Tutera burdinbidea ere orduan eraiki zen,
Irun-Madril burdinbidearekin lotura egiten
zuena. Mendearen erdi aldera sortutako
Gipuzkoako paper lantegietatik jaio zen
1901ean Papelera Española. Enpresa honetan
sartu ziren Bizkaiko eta Espainiako beste
zenbait probintziatako paper lantegiak eta
sektoreko enpresa aitzindaria bihurtu zen.
Laburbilduz, etaparen azken alderako industrializazioak
eta kapitalismoak aurrerapenhandia egin zuten, ondorengo datuetan
argi ikusten den bezala. Hara zer idatzi
zen Jaurerrian 1860ko hamarraldiaren erdi
aldera: «las fábricas de primera importancia
que hay en Vizcaya son: 60 de hierro y
sus derivados, 15 de harinas, 4 de papel,
40 de conservas y escabeches, 4 de yeso, 6
de alfarería y seis de curtidos, que con otras
de diferentes materias ascienden aproximadamente
a 150». 1866an 100.000 tonatik
gora burdin mea ekoizten zen (100.010
tona) eta 1870ean 302.324 tonaraino igo zen
produkzioa. Gipuzkoan, 1841-1860 bitartean,
77 enpresa berri ziren (9 metalurgian,
13 ehungintzan, 19 papergintzan, 12 kimikan,
4 egur arloan, e.a.). Enpresa hauez
gain, enpresa zahar aurreindustrialen eraldaketak
ere kontuan hartu beharra dago,
nola ziren burdinolak eta burdin langintza
zaharrak, armagintzakoak, ontzigintzakoak,
e.a. Arabako industrializazio prozesua astiroago
gertatu zen baina garai hartarako
kontuan hartzekoa da. 1801-1860 bitartean
Araban sortutako 108 industria eta tailerretatik,
%71, hau da, 77 enpresa, 1841-1860
artean sortu ziren eta 510 langile enplegatzen
zituzten. Lantegiak, artisau tailerrak eta
errotak zenbatuta (123 irin errota), guztira
257 ziren 1861ean eta 905 langilek egiten
zuten lan berorietan.
Urte hauetan zehaztu ziren Bizkaiko eta
Gipuzkoako industrializazioaren ezaugarri
nabarmenenak. Bizkaian oso kontzentratua
zegoen, Bilboko itsasadarraren inguruan.Gipuzkoan, aldiz, bailaraka sakabanatua,
Donostia, Irun, Errenteria, Lasarte, Tolosa,
Beasain, Vergara, Andoain, Billabona,
Azkoitia, Azpeitia, Usurbil eta Eibar nabarmentzen
zirela. Demografiaren bilakaerak
are hobekiago erakusten du ezaugarri desberdin
horien izaera. Bilboko itsasadarrean
kontzentratzen joan zen pixkanaka, Bizkaiko
biztanleriaren gehiengoa eta demografia
hazkunde handiena. Baldin 1787an
Bilboko itsasadarreko udalerrietan (Barakaldo
–Alonsotegi barne–, Sestao, Portugalete,
Santurtzi-Urtuella, Getxo, Bilbo, Abanto-Zierbena,
Trapaga Aran, Deustu, Begoña,
Abando, Erandio, Leioa, Basauri) 26.075
lagun bizi baziren –Bizkaiko biztanleriaren
%22,9–, 1857an 40.944 biztanle eta %25,5
ziren eta 1877an 60.906 biztanle eta Bizkaiko
biztanleria osoaren %32,1. 1900. urtean
sartzearekin berriz, 163.389 biztanle
ziren eta Bizkaiko biztanleriaren %52,5.
Kontzentrazio prozesu honek aurrera jarraitu
zuen XX. mendean ere, eta hala, 1975ean,
854.492 pertsona bizi ziren esandako udalerrietan
–Bizkaiko biztanleriaren %74,2–.
Antzeko prozesua gertatu zen Araban Gasteizekin,
batez ere 1940-1975eko bigarren
industrializazioaren garaian. Gasteizek
1787an 6.362 biztanle bazituen, 1857an
18.710 biztanle eta 1877an 25.039 biztanle
izatera igo zen –hurrenez-hurren, Arabako
biztanle guztien %16,3, %20, eta %26,8, alegia–.
1900ean 30.701 biztanle eta probintziako
biztanleriaren %31,8 izatera heldu
zen, 1940an 49.752 eta %44,2 eta 1975ean
170.870 biztanle eta Arabako biztanle guztien
%71,7. Kontzentrazio prozesua ez da
eten azkeneko mende laurdenean eta 1991n
209.704 biztanle eta probintziako biztanleriaren
%76 izatera heldu dira.
Gipuzkoan, aldiz, jendea sakabanatuago
bizi izan da, industria ere halaxe kokatu
baitzen. Udalerri handienak, 5.000 biztanletik
gorakoak, 6 ziren 1857an eta 47.221
lagun biltzen zituzten, Gipuzkoako biztanleriaren
%30,2 –Donostia barne zela 15.911
biztanle eta %10,2rekin–. 1930ean ezaugarri
berorietako udalerriak (5.000 lagunetik
gorakoak) 16 ziren eta 205.436 biztanle eta
probintziako biztanleriaren %68 biltzen zuten
–Donostiak 78.432 eta %25,9 zituen–,
eta 1975ean berriz, 31 udalerri ziren 5.000tik
gorakoak eta 618.465 biztanle eta probintziako
biztanleriaren %90,6 biltzen zuten
–Donostiak 169.622 biztanle eta Gipuzkoako
biztanleen %24,9–. Goiko datu horiek
guztiak hiru probintzien prozesu historikoetan
gertatutako desberdintasun handien
erakusgarri dira eta eragin handiak izango
dituzte lurralde bakoitzaren ekonomian,
ideologian eta politikan, eta kulturan.
Industrializazio prozesu honen finantzaketa
aurrez metatutako merkataritza kapitalean
oinarritu zen –batik bat, XVIII.mendean metatutakoan–, baina partaide
izan ziren orobat, aurreindustriari, artisautzari
eta nekazaritzari lotutako gizarte taldeak
eta Ameriketatik etorritako kapitalak.
Aspalditik ongi errotuak zeuden aurreindustria
eta artisautza sektoreak eta industria
iraultzaren ondoren jaiotako industria berriak
bateratzearekin ezarri ziren Euskal
Herriko industrializazioaren eta kapitalismoaren
oinarriak. Euskal kapitalismo berria,
alde batetik, sektore aurreratuenetako
enpresa egituretan oinarritu zen, nola baitziren
siderurgia, papergintza, banka, burdinbidea,
e.a. Kapital eta langile kopuru
handiak eskatzen zituzten sektoreak guztiak.
Horien sorkuntzan erabilitako kapital
gehiena XVIII. mendean eta XIX.ean metatutako
merkataritza kapitala izan zen. Hona
jarraian enpresa horien sorkuntzaren atzetik
zegoen burgesia merkatariko zenbait
izen ospetsu: Epalza, Uhagon, Arellano,
Ibarra, Mac-Mahon, Aguirre, Uribarren, e.a.
Industrializazio prozesu horren beste alde
bat, aurreko aurreindustria eta artisautza
sektoreetan oinarritu zen, merkatu kapitalistara
egokitzen joan baitziren industria
zahar haiek, enpresa txiki edo ertain bihurtu
ondoren. Burdin langintza, armagintza,
meatzaritza, ontzigintza, e.a. bezalako artisautza
lanbideen ezagutzari eta kapital txikiak
eskura izateari esker, tradiziozko sektore
hauek errealitate kapitalistara egokitu
eta eraldatzeko aukera izan zuten.
Industrializazio eredu horiek, bestalde,
enpresa antolakuntza desberdinetan oinarritzen
ziren. Lehenengo eredukoak, kapital
kopuru handiak kontsumitzen zituztenak,kapital elkarteetan oinarritu behar izan
zuten, eta horrela sortu ziren akziokako edo
parte hartze elkarteak (elkarte anonimoak
eta mugatuak). Enpresa kapitalista aurreratuenak
ziren horiek. Bigarren eredukoak
lanbidearen ezagutzan oinarritzen ziren eta
kapital apalagoak zituzten. Familia enpresa
txiki edo ertainetan antolatu ziren azken
hauek. Bi errealitate horietan oinarriturik
hasi zen garatzen kapitalismoa Euskal Herrian.
Hala ere, lehen gerra karlista amaitu
ondoren euskal gizarteak bizi izan zuen
ekonomia eraldaketa eten egin zen denboraldi
batez, 1872tik 76ra bitarteko bigarren
gerra karlistakoan.
Lehen industrializazioa eta kapitalismoaren garapena (1876- 1936)
1876an bigarren gerra karlista amaitu
ondoren, gerrateagatik baztertu behar izandako
egitasmoak berriro hartu eta XIX.. endearen azken laurdeneko industrializazio
handiari ekin zion indartsu euskal burgesiak.
Aurreko ekonomia eta industria oinarrietatik
abiaturik, burgesia honek ederki
jakin zuen aprobetxatzen teknologia aurrerapen
berriek zabaltzen zizkioten ateak.
Garrantzi berezia izan zuten siderurgiaren
alorrean, Bessemer-en aurkikuntzak eta altzairua zuzenean ekoizteko prozesu berriek.
1856an Bessemer-ek egindako aurkikuntza
XIX. mendearen bigarren erdiko teknologia
berrikuntza garrantzitsuenetakoa izan
zen, nola siderometalurgia industrian, hala
industria osoan. Estreinako aldiz, zuzenean,
merke eta kopuru handitan ekoiz zitekeen
altzairua, nahiz eta teknika honek burdin
mea berezia eskatzen zuen –hematite izenekoa,
oso fosforo gutxikoa–. Bilboko antiklinaleko
arro batean oso ugaria zen mota
horretako burdin mea eta Ingalaterrako siderurgia
industriak guztiz premiazkoa zuen,
eta, hirurogeita hamargarreneko hamarralditik
aurrera, baita Europako beste zenbait
herri garatuk ere, hala nola Frantziak, Belgikak
eta Alemaniak. Eskari handia zuen
beraz burdin mea horrek, Europako siderurgiaren
aldetik, eta eskaintza zabal bat
egiteko aukera ere hor zegoen, beti ere,
mea ustiatzeko behar ziren inbertsioak egiten
baziren. Aberastasuna eta aukera hor
zeuden, eta euskal burgesiak aukeraz baliatzen
jakin izan zuen, atzerriko eta Espainiako
beste eskualdeetako kapitalaren laguntzarekin.
XIX. mendearen azken laurdenean Euskal
Herrian hasi zen aldi historikoa aztertuta
–Bilboko itsasadarra izan zen aldi horretako
zentro nagusi– ikusten da XX. mendeko
Euskal Herriaren zimentarriak urte
horietan ezarri zirela. Orduan sortutako industria
eta finantza egituretan oinarritzen
dira egungo ekonomia eta gizarte garapena,
eta orobat orduan jaio ziren etorkizuneko
euskal politikaren mundua ezaugarrituko
zuten politika/ideologia egitura berriak
(kontserbadurismoa, sozialismoa eta nazionalismoa),
gizarte klase berriak, eta aisia eta
kultura forma berriak. Baina euskal gizartean
eragin handia izango zuten beste gertakari
batzuk ere agitu ziren, hala nola,
demografia hazkunde handia, inmigrazioa
eta espazioaren urbanizazio prozesua.
Demografia hazkundea eta inmigrazioa: industria garapenaren adierazgarri
Demografia adierazleen bilakaera da
–demografia hazkundearen tasak, migrazioak
eta biztanleria aktiboaren konposizio
aldaketak bereziki– industrializazioaren eraginak
hobekien jasotzen dituen aldagaietako
bat, espazioaren alorrean bezala denborarenean.
Aztertutako denboraldia (18761936) bi zati egiten badugu, 1876-1900 eta
1901-1936, ikusiko dugu lehen zatian demografia
eraldaketa handiena jasan zuen
eskualdea Bilboko itsasadarra izan zela, eta
horrek eragin funtsezkoa izan zuen hala
Bizkaian nola Euskal Herri osoan. Horrela,
1860an itsasadarreko biztanleak 43.270 baziren,
1877an 60.906 ziren eta 1900ean berriz,
163.389. Bizkaiak, urte horietan,
168.659, 189.954 eta 311.361 biztanle zituen,
hurrenez-hurren, eta Euskal Herriak
424.014, 450.678 eta 603.596 biztanle. 1877-
1900 bitartean, itsasadarreko biztanleria
%168 igo zen, Bizkaikoa %64 eta Euskal
Herrikoa %34. Baina itsasadarreko industrializazioaren
gauza aipagarriena izan zen
Bizkaia eta Euska Herriarekiko zuen demografia
pisua nabarmenki hazi zela, 1877an
Bizkaiko biztanleriaren %32,1 izatetik,
1900ean %52,5 izatera igo baitzen, eta Euskal
Herriko biztanleriarekin erkatuta %13,5
izatetik %27,1 izatera. Beraz, Bizkaia eta
Euskal Herriaren demografia hazkundearen
zati handi bat itsasadarraren hazkundearen
ondorio izan zen urte horietan: Bizkaiko
demografia hazkundearen %72,3 eta Euskal
Herrikoaren %58,6. Argi ikusten da
zenbaterainoko garrantzia izan zuen itsasadarreko
industria iraultzak mendearen
azken urteetako Euskal Herriaren eraldaketan.Industria iraultza honek indar berezia
eman zien 1840 aldetik Gipuzkoa eta Bizkaiko
bailaretan sortutako industrializazio
joerei, eta lagungarri gertatu zen orobat,
Euskal Herri osoko ekonomia egiturak berritzeko.
XX. mendearen lehen herenean
Bizkaia eta Gipuzkoa osoan hedatu zen
industria, eta horren eraginak biztanleriaren
hazkundean eta gizartearen hiritartze
mailan gauzatu ziren, batik bat.
Hiritartzat hartzen baditugu 5.000 biztanlez
gorako udalerritarrak, «hiri» hauetako
biztanleria 1857an %21,8 izatetik, 1877ko
%26, 6ra, 1900eko %46,6ra eta 1930eko
%65,9ra pasa zen. XIX. mendearen erdi aldera
Euskal Herriko biztanleriaren bosten
bat baizik ez zen hirian bizi. Bigarren Errepublikaren
ateetan, 1930ean, hiru euskal
biztanletatik bi hiritarrak ziren, pertsona
horien bizi jarduera ez baitzegoen nekazaritzari
lotua, industriari eta zerbitzuei baizik.
Hiriak, 1877an 9 izatetik, 1900ean 20,
eta 1930ean 34 izatera pasa ziren, eta hirietako biztanleak berriz, 120.014 izatetik,
281.268 eta 587.680 biztanlera, hurrenezhurren.
Baina berritze mailari dagokionean
garrantzi handienekoa izan zen demografia
hazkundea hirian eta hiriko biztanleetan
oinarritu zela. 1877-1930 bitartean hiriko
biztanleriaren urteko hazkunde tasa
%3koa izan zen, eta Euskal Herriko gainerako
herriek, aldiz (5.000 biztanlez azpitikoek),
galdu egin zituzten biztanleak
–emigrazioaren bidetik– eta hazkunde tasa
negatiboa izan zuten (–0,16). Azpimarratzeko
beste datu bat da geroz eta eragin
handiagoa izan zutela hiru jende metaketa
handienek (itsasadarra, Donostia eta Gasteiz)
Euskal Herri osoarekiko. Izan ere,
1857an, 75.565 biztanle eta euskal biztanleriaren
%18,4 izatetik, 1930ean 419.013 eta
%47 izatera pasa baitziren.
Datu horietan antzematen da jende
metaketa horien dinamismoa eta demografia
kontzentrazio maila handia gertatu zela
Euskal Herrian lehen industrializazioaren
garaian.
Biztanleriaren bilakaera hiru hiriguneetan
(Bilboko itsasadarra, Donostia eta Gasteiz)
1857-1930.
Industrializazioa eta kanpo merkataritza
Burdin mea eta siderurgia britainiarra
Industrializazioak eta kapitalismoak
nazioartekoa bihurtu dute lanaren banaketa,
alegia, mundu eskualdeka-edo banatu
dute lana; delako eskualde horiek erdiguneari
edo eskualde garatuari buruz duten
garapen maila kontuan harturik egiten da
banaketa. Herrialde garatuek –sistemaren
erdigunea, alegia– manufakturak, kapital
ondasunak eta ondasun kapitalak esportatzen
dituzte, eta lehengaiak eta elikagaiak
inportatzen hainbeste aurreratu ez duten
beste herrialde batzuetatik. Egoera horrenbarruan hasi zen Bizkaiko meatzeen ustiatze
eta esportatze masiboa XIX. mendearen
azkeneko laurdenean eta XX.aren hasieran,
siderurgia britainiarraren burdin
hornitzaile nagusietako bat bihurtu baitzen
Bizkaia; britainiarraren nagusiki, baina baita
frantses, belgiar eta alemaniarrarena ere.
Meatze inguruetan, berriz, herrialde horietako
kapitalez, teknologiaz eta teknikariez
hornitu ziren, eta konpainia siderurgikoak
fundatu ziren, bai meatzeak ustiatzeko bai
meak esportatzeko edota in situ eraldatzeko.
«Cantabrian» da, adibidez, horietako
konpainia bat; Sestaon sortu zen 70eko
hamarraldian kapital ingelesarekin; gero
Mudelako markesak erosi zuen, eta beste
izen bat jarri zion: «San Francisco de Mudela».
Bizkaiko meatokiak, eskaintzen zituzten
abantailak zirela eta, inbertsio erakargarria
ziren inbertsore atzerritarrarentzat, eta baita
espainiarrarentzat eta autoktonoarentzat
ere, kapitalari errentagarritasun handia ateratzeko
aukera ematen baitzuten. Izan ere,
kalitate handiko meatzeak ziren, metal ugarikoak
eta homogeneoak; ezin hobeak,
beraz, labe garaietan tratatzeko eta Bessemer
metodoaz altzairua lortzeko. Gainera,
produkzio kostua txikia zen, eta, hala, kontsumo
merkatuan lehiatzeko modukoprezioa zuen Bizkaiko meak. Bazen, bestalde,
garrantzi handiko beste abantaila bat,
meatzeak portutik hurbil egotea.
Espainiako iraultzako lege ekonomiko
liberalez gero (meatzeen legea, 1868ko
abendukoa; muga zergen legea; 1869ko
uztailekoa; elkarteen legea, 1869ko
urrikoa), ateak zabaldu zitzaizkien kanpotiko
inbertsioei eta kapitalen eta salgaien
zirkulazioari, eta elkarteak sortu ahal izan
ziren. Kapitalismoaren garapenaren aldeko
legediak eta ekimen pribatuak jomuga
bera izateak, eta Euskal Herrian ezarri ziren
egitura kapitalisten eta zegoen burdin
mearen ezaugarri bereziek meatzeen ustiatze
intentsiboa eta burdin mearen esportazio
masiboa ekarri zuten. Kapitalista atzerritarrak,
espainiarrak eta autoktonoak,
meatzeak zer irabazi handiak ematen zituen
ikusirik, baliabide horiek ustiatzera
oldartu ziren. Konpainia asko sortu ziren;
kapital atzerritarra eta autoktonoa partekatuz,
horietariko batzuk, hala nola «Orconera»
eta «Franco-Belga». Burgesia autoktonoak
garrantzi handiko papera jokatu
zuen prozesu horretan: Ibarra, Chávarri,
Gandarias, Durañona, Sota y Aznar,
Martínez de las Rivas, Lezama-Leguizamón…
Horra hurrengo urteetako elite ekonomikoaren
ardatz nagusia, bai Euskal
Herrian eta baita Espainian ere.
Laster heldu ziren inbertsioak. Atzerritik
iritsi ziren kapital eta teknikari ugariei
bertako burgesia autoktonoak eta erakunde
publikoek jarri zituztenak gehitu behar
zaizkie. Bizkaiko Foru Aldundiak, esate
baterako, meatze lanetarako burdinbidea
eginarazi zuen Trianon, eta Portuko Lanen
Junta, berriz, Bilboko itsasadarra ontziz ibiltzeko
egokitzeaz eta kanpoko portua eraikitzeaz
arduratu zen sortu zenetik beretik.
Mende bukaera bitartean inbertsio handiakegin ziren mea garraiorako azpiegitura
hobetzeko: 117,5 kilometro burdinbide, 19
aireko tranbia, 28 kargaleku, katea amaigabeak,
plano inklinatuak eta abar.
Teknologia berriak erabiltzea eta makinen
ahalmena zalditan neurtzea dira
meatzaritza berritzen ari zelako beste adierazleetako
batzuk. 1885ean 118 zaldiko
motorrak erabiltzen baziren, 1900erako
hamabi aldiz ahaltsuagoak erabiltzen ziren,
1.419 zaldikoak, eta 1913rako 7.825 zaldikoak.
Inbertsio horien eta gisakoen bidez
handitu zen kapitalaren eta lanaren
produktibitatea.
1865. urte ingurutik aurrera hasi zen
handitzen mea produkzioa, eta bigarren
gerra karlistak (1872-1876) etenaldi bat ekarri
bazuen ere, gora egiten jarraitu zuen
gerra bukatu orduko. Produkzio eta esportazio
urte oparoenak mendearen azkeneko
bostak izan ziren: ia 5.500.000 tona mea
urtean. Produkzioaren parterik handiena
esportatu egiten zen. 1878-1900 urteetan,
adibidez, ateratako mearen %89 esportatu
zen, Ingalaterrara gehienbat (produkzioaren
%63).Irabazi handiak lortu zituen sektoreak.
Irabazi horiek zirela, batetik, eta produkzioaren
eta esportazioen handia, bestetik,
kapital pila bat metatu zen eta inbertsio
handiak egin ziren meatze inguruetan;
dirutza horren parte bat sektorea bera
indartzeko erabili zen, eta industria, finantzak
eta merkataritza itsasketa sustatzeko,
bestea. Kapital pilatze hori, mearen kalitatea,
eta burdin produkzioaren eta esportazioaren
handia izan ziren, beraz, Bilboko
itsasadarraren ezkerraldean sortu zen siderurgia
modernoaren eta Bilboko merkataritza
ontzidiaren sorreraren ziztatzaile
nagusiak.
Merkataritza ontzidiaren gorapena: kanpo merkataritza eta burdin mea
Bilboko merkataritza ontzidi handia
XIX. mendearen azkeneko hogeita bost urteetan
gauzatu zen, bi zutabe nagusitan oinarriturik:
Euskal Herriaren azkeneko mendeetako
itsaszaletasunean, batetik, eta lehenengo
industrializazioaren hasierarako
osatua zen merkataritza ontzi multzoan,
bestetik. Meatzeen ustiatzeak eta industriaren
aurrerabideak salgai kopuru handia
sortzen zuten (burdin mea, burdin barrak,
eta ikatza gehienbat), eta itsasoz garraiatzen
zirenez salgaiak, itsasadarreko portuan
urterik urte handitu zen itsasontzien sartu-irtena.
Salgaien garraioa zen, beraz, orduko
dirubide nagusietako bat, eta Bilboko burgesia,
aukera aprobetxatuz, negozioan
murgildu zen: Martínez de las Rivas, Ibarra,
Sota y Aznar, Durañona, Gandarias…
Ikusten denez, horietako askok meatzaritzanziharduten, eta inbertsio handiak egin
zituzten bapore modernoak erosi eta salgaien
garraioan lehiatu ahal izateko. Espainiako
merkataritza ontzidiaren (315.000
tona) 1882-1900 bitarteko hazkuntza honela
banatu zen: %76 Bilboko portuari zegokion,
%20 Bartzelonakoari eta %4 gainerakoei.
1900ean Bilbon zegoen matrikulaturik
Espainiako merkataritza ontzidi osoaren
%53a.
Salgaien itsas garraioak irabazi handiak
eman zituen, eta garai hartako industria
errentagarrienetako bat bihurtu zen, meatzaritzarekin
batera. «Sota y Aznar» konpainiaren
irabazi handiak eta amortizazio epearen
laburra ikusi besterik ez dago. Konpainiak
25 bapore zituen (batez beste, 7,3 urte
zerbitzu egiten zuten), eta, 1901. urtea arte,
enpresa sortzeko ezarritako kapitalaren
(9.539.000 pezeta) %20 adinako irazabiak
izan zituen urtero.
Beraz, meatzaritzaren eta ontzigintzaren
–gehi beste sektore batzuen– irabazi handiek
ekonomi jarduera handia sortu zuten
ibaiadarrean, eta enpresa asko eta milaka
lanpostu sortu ziren. Lanaren usainera, jende
asko etorri zen kanpotik, eta izugarri
handitu zen biztanleria hurrengo urteetan:
60.906 biztanle ziren 1877an, eta 163.389,
berriz, 1900erako. Demografia hazkunde
horren eragile nagusia kanpoko migrazioa
izan zen: lautik hiru (80.000 pertsona inguru)
etorkinak ziren, eta horietarik erdia biztanleria
aktiboa.
Siderurgia modernoaren sorrera eta merkatua
Siderurgia da Euskal Herriko industri
iraultza horretan parte hartu zuen hirugarren
sektorea. Metalurgia eta burdina eta
altzairua eraldatzeko industria ere haren
itzalean garatu ziren. Industria horiek sendotuz
joan ziren XX. mendean zehar
(1975ean hasi zen krisialdia arte), eta oso
herri industrializatua bihurtu zen Euskal
Herria, baina gero eta metalurgiara emanagoa.
Hala, industri horren nagusitasunari
buruz ari direla, «monokultibo industriala»
aipatzen dute aditu batzuek. Eta nagusitasun
horrek oso ondorio kaltegarriak izan
ditu euskal industri ehunarentzat XX. mendearen
azken laurdeneko krisialdian.
Espainiako siderurgia modernoa Bilboko
itsasadarraren inguruetan sortu zen
1880-1890 bitarteko urteetan. Hiru eragile
nagusi izan zituen: Bessemer metodoa aurkitu
zenez gero (1856) burdingintza eta altzairugintza
berritzen aritzea; hematite burdinarentzat
merkatu handi samar bat izatea,bai barruan bai kanpoan; eta zenbait
enpresariok lantegi modernoak eraikitzeko
gogoa eta ahalmena izatea, mea bertan eraldaturik,
bere horretan edo produktu landu
gisa esportatu eta saltzeko. Industria horren
sorrerak eta aurrerabideak eraman zuen
Espainia kapitalismoaren bideetan barrena.
Industrializazioak, baina, protagonista berriak
izan zituen XX. mendean zehar: industria
astuna eta hornidura ondasunen
industria.
Hematite mearen ezaugarri kimiko bereziak
(ez du, edo oso gutxi, fosfororik) eta
ugaritasuna zirela medio, enpresa gizon
askoren eta kapital handien jomuga bihurtu
zen itsasadarra, leku ezin hobea baitzen
metala lantzeko eta burdina eta altzairua
eraldatzeko lantegiak eraikitzeko.
1870ean egin zen lehenengo ahalegina;
«The Cantabrian» elkarte ingelesa Galdamesko
meatzeak ustiatzen hasi zen, eta, Sestaon,
burdingintzarako lantegi handi bat
eraikitzen. Gerra karlista hastean, baina,
bertan behera utzi behar izan zen proiektua.
Gerra bukatu zenerako, asmoz aldatu
zuen elkarteak, eta Mudelako markesari
saldu zizkion instalazioak (1879). Markesak
1880ean zabaldu zuen lantegia, Espainiako
lantegirik modernoena, baina izena aldatuta:
«San Francisco de Mudela». Hurrengo
urterako Espainiako burdin produkzio
osoaren %31a egin zen markesaren lantegian,
36.000 tona, eta 1884rako %45a, 56.000
tona.
Handik hara, itsasadarrak siderurgiarako
eskaintzen zituen abantailak ikusirik,
lantegi gehiago sortu ziren enpresario euskaldun,
espainiar eta atzerritarren eskutik.
1882an «Altos Hornos y Fábricas de Hierro
y Acero de Bilbao» (Bilboko Labe Garaiak)eta «Sociedad Anónima de Metalurgia
y Construcciones Vizcaya», biak
12.500.000 pezetako kapital sozialarekin;
artean ez zen Espainia osoan hain kapital
handiko industriarik. Itzal handiko enpresak
ziren, beraz, Espainiako merkatuan.
Bilboko Labe Garaiak «Ibarra y Cía.»
konpainiaren bi fabriken gainean sortu
zen: «Nuestra Señora del Carmen de Baracaldo»
eta «Nuestra Señora de la Merced
de Guriezo». Ibarra-Villalonga-Zubiría familiak
ziren fabrika horien jabeak, eta fabrika
horiez gainera, garrantzizko meatzeak
Somorrostron eta bi meatze konpainia
–»Orconera» eta «Franco-Belga»– zituzten.
Fabrikek 5.500.000 pezetako balioa
zuten; oinarriko kapitala Frantzia, Espainia
eta Bilboko beste sozio kapitalista batzuen
diru laguntzaz osatu zen. Elkarte
horrek inbertsio handiak egin zituen
1880tik aurrera, eta 15 milioi pezetaz gorako
kapital higiezindua zuen 1890erako.
Burdingintzarako lantegi berriak Barakaldon
eraiki ziren, zegoen teknologia aurreratuenarekin,
Ingalaterratik ekarria gehiena:
labe garai berriak, burdina altzairu bihurtzeko
tresneria modernoenak (Bessemer
eta Siemens-Martin), xaflatzeko makinak,
eta abar.
«La Vizcaya» fabrika, berriz, meatzaritzari
eta merkataritzari loturiko kapital autoktonoz
finantziatu zen. Proiektuaren sustatzaile
nagusien artean, hauek dira aipagarrienak:
Chávarri anaiak (Víctor eta Benigno),
Benigno Salazar, Pedro P. Gandarias,
Federico de Echevarría, Olano y Cía, José
Mª San Martín eta Emiliano Olano. Hau ere,
zegoen teknologia modernoenaz, «Cockerill»
etxe belgiarretik ekarria, hornitu zen.
Inbertsio handiak egin ziren hura sortzeko,
eta 13,3, milioiz gorako balioa zuen higiezinduak.
Burdingintzarako hiru enpresa horiekin
–»San Francisco de Mudela», Bilboko Labe
Garaiak eta «La Vizcaya»– goitik behera aldatu
zen Espainiako siderurgia. Arrabio
produkzioa izugarri handitu zen epe labur
batean: 45.530 tona ekoiztetik urtero 1876-
1880 bitartean 184.600 tona ekoiztera urtero
1886-1890 bitartean. Burdin kopuru horren
%31 eta %77 produzitu zen, hurrenez
hurren, Bizkaian. Hau da, bost urteko bi
bitarte horietan Espainako burdin produkzioa
139.100 tonatan handitu zen, eta
Bizkaiari zegokion, handitze horren %87
(121.000 tona). XX. mendearen lehenengo
bost urteetan, berriz, Espainiako estatuan
produzitu zen burdinurtuaren %68a
(245.000 tona) eta altzairuaren %85 (216.00
tona) Bizkaian egin zen.
Bizkaiko siderurgia berriaren sorreraz
gero (1880-1990), Bizkaia izan zen Espainiako
siderurgiaren buru, Asturiasen kaltetan,
eta buru izaten jarraitu zuen mendearen
erdialdea arte.Hasieran esportatu egiten zen produkzioaren
parte handiena, eta barne merkatuan
saltzen, gainerakoa; esportazio gai
nagusia burdin barra zen, eta erraila, gero.
Produktu landuenak (xaflak-eta, baina baita
burdin barrak ere) barne merkatuak kontsumitzen
zituen. Gero, baina, 1895. urtetik
aurrera-edo, galdu egin zenez kanpo merkataritzaren
parte bat, eta handitu, berriz,
produkzioa, barne merkatuari eman behar
izan zitzaion lehentasuna, Espainiako merkatuari
gehienbat. Garai hartan, gainera,
garrantzi handiko aldaketa bat gertatu zen
Espainiako muga zergen politikan, 1891n
muga zerga protekzionista bat onartu zen,
eta siderurgiako enpresak, enpresarioek
Espainiako merkatua banatzea eta monopolio
prezioak ezartzea erabaki ondoren,
kartel batera bildu ziren. Metatze prozesu
kapitalista berri bat hasi zen, eta monopolio
prezio berriek industria siderurgikoen eta
haiekin loturiko enpresarioen alde jokatu
zuten. Beraz, berrikuntza teknologikoek eta
monopolio prezio berriek asko gehitu zuten
lanaren eta kapitalaren produktibitatea.
Bizkaiko altzairu produkzioa 4,7 bider handitu
zen 1876-1880 bitartetik (8,6 tona langileko
urtean) 1906-1910 bitartera (40,2 tona
langileko urtean). Asturiaskoa, berriz, 1,3
bider, (9,2 tonatik 12,2 tonara langile eta
urteko).
Industria siderurgikoaren kartel bihurtze
horrek eragin zuen bateratze prozesuaren
ondorioz, enpresa siderurgiko handihandi
bat sortu zen, Espainiako bi siderurgia
handienen (Bilboko Labe Garaiak eta
«La Vizcaya») eta «La Iberia» metalurgiaren
bat egitetik: «Altos Hornos de Vizcaya», alegia,
Bizkaiko Labe Garaiak. Enpresa berri
horrek Espainiako produkzio siderurgikoaren
%60a baino gehiago fabrikatu
zuen aurrerantzean.
Industrializazioaren sendotzea
Industrialiazioari loturiko hiru sektore
horiek (meatzaritza, ontzigintza eta burdingintza
edo siderurgia) zabaldu ahala, aurrera
egin zuten finantzen sektoreak eta
beste industria batzuek ere, bai siderurgiari
loturiko industriak (metalgintza eta ontzigintza,
burdina eta altzairua kontsumitzen
zutenak) bai lehendik zeudenak (papergintza,
zementugintza, ehungintza) bai merkatuaren
premia berriekin zerikusirik zuten
beste batzuek ere. Bizkaian eta Gipuzkoan,
baina baita Araban eta Nafarroan ere, zabalduz
zihoan industrializazioa. Ekonomia
zabaltzearen ondorio nabarmenetako bat
herrien eta hirien itxura aldatzea izan zen,paisajearen urbanizazioa eta industrializazioa.
Hona horren adibide argigarri bat:
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, 1877an,
120.014 biztanle (biztanleria osoaren %26,6)
bizi zen hirietan (5.000 biztanlez gorako
biztanle guneetan); 1930erako baina, 587.680
biztanle, biztanleria osoaren %65,9 zen hiritar.
Alegia, 1877-1930 bitartean hiru euskal
probintzia horietako biztanle kopurua
%98 handitu zen eta hiri biztanleen kopurura,
berriz, %390.
XX. mendearen aurreneko hamarraldian,
Bizkaian, biztanleria aktiboa industriala
zen langile multzo handiena. Gipuzkoan
1920tik aurrera izan zen hala. Euskal biztanleria
aktiboaren egitura oro har azterturik
ere, 1910erako industria zen buru.XX. mendearen bigarren hamarraldian
bizkortu zen Gipuzkoaren industrializazioa,
Lehen Mundu Gerrak eragin zuen ekonomia
goraldian batez ere. 533 fabrika eta
18.536 langile zituen Gipuzkoako industriak
1915ean. Metalurgia zen nagusi: biztanleria
aktiboaren %31k industrian ziharduen. Hurrengo
urteetan asko handitu zen metalgintzaren
sektorea, eta fabrika asko sortu zen:
114 lantegi zegoen 1915ean eta 391, 1923an.
Gipuzkoako industriaren gainerako jarduera
nagusiak hauek ziren: papergintza (Espainiako
paperaren %60 produzitzen zen Gipuzkoan),
ehungintza, armagintza eta abar.
Kapitalen eta inbertsioen merkatua
Industrializazioa zer izan zen ulertzeko,
haren finantziazio bideak eta kapitalen
jatorria ezagutu behar dira. Labur beharrez,
kapitalak hiru sorburu izan zituela
esan daiteke: enpresaren irabaziak berak
(autofinantziazioa, alegia), mailegua
(hau da, finantza sistemak enpresarioen
esku uztea aurrezki orokorra), eta Balore
Burtsa. Euskal Herriko lehenengo industrializazioa
behintzat, hiru bide horiez
hornitu zen. Batetik, produkzio sektore eta
enpresa askok irabazi handiak lortu zituzten,
eta zabaltzeko eta enpresa berriak
sortzeko aukera eman zien horrek. Bestetik,
euskal bankuek ere laguntasun handia
eman zioten industrializazioari, batez
ere Bilboko banku handiak sortu zirenez
gero: Banco de Bilbao (1857), Banco de
Comercio (1891), Banco de Vizcaya eta
Crédio de la Unión Minera (1901). Bilboko
Merkataritza Burtsa, bestalde, 1891n sortu
zen, eta bere merkatuan sartu zituenelkarteen kotizazioak. XIX. mendearen
bukaerarako zor publikoa gainditu zuten
elkarte anonimoen baloreek. Joera hori
areagotu egin zen hurrengo mendean.
1916rako Burtsaren negozioaren %20 besterik
ez ziren fondo publikoak. Baina euskal
kapitalismoan parte hartu zuen beste
industria berri batek, industria elektrikoak,
Burtsa eta bankuak izan zituen finantzatzio
bide nagusiak.
Bilbo eta euskal bankuak
1876-1930 bitartean Bilbon eta Euskal
Herrian metatu zen kapital pila zela eta,
ekonomia eta inbertsio jarduera handia
izan zen. Horrela sortu zen Espainiako finantza
sistema sendoena: euskal bankuak.
Horiek eta Madrilgoak izan ziren Espainiako
XX. mendeko banku nagusiak. Izan
ere, XIX. mendearen bukaeran, kapital
asko metatu zen Bilbon, eta horregatik,
banku berriak sortu ziren (Banco de Comercio,
Banco de Vizcaya eta Crédito de
la Unión Minera…). Finantza zentro handia
zen Bilbo, eta Euskal Herritik ez ezik
Espainiako beste leku askotatik iristen zitzaion
kapitala. Ekonomiaren goraldiak
1930. urtea arte iraun zuen –tartean bi krisi
labur izan ziren, baina: mende hasieran
bata, eta 1920 ondoko lehenengo urteetan,bestea–, eta nola kapital baliabide pila
bat bildu zen Bilbora, hango kapital diruen
prezioa eta interes tipoak Espainiako txikienak
izan ziren, produkzio eta enpresa
inbertsioaren mesedetan. Bilboko bankuek
eta Burtsak garrantzi handiko papera jokatu
zuten prozesu horretan, eta industrializazioa
aurrera eramateko behar ziren
kapital baliabideak bereganatu zituzten.
1920 ondoko hamarraldiaren lehenengo
urteetarako Bilboko bankuek sekulako pisua
izan zuten Espainiako finantza sisteman.
1922an Espainiako bankuen balore
karteraren %24,4 Bilboko bankuen eskuetan
zegoen, baina hori baino adierazgarriagoa
da oraindik, argi erakusten baitu
zenbateraino laguntzen zieten Bilboko
bankuek enpresei, kuota hori %28rainokoa
zela industria baloreei dagokienez.
Azken batean, euskal burgesiak ongi
aprobetxatu zituen garai hartako legedia
eta kapital metatzea bere mesedetan, eta
enpresa eta enpresario asko sortu zen, bai
enpresa eta kapitalista handiak bai enpresario
apalak eta dirutza kozkorrak, eta,
horrela, joan zen ehunduz, pixkana-pixkana,
euskal industriaren azpiko ehuna, langileriaren
eta erdiko mailako klaseen laguntzarekin
betiere. Ongi asko aprobetxatu
zituen euskal burgesiak kapital elkarketa
hura enpresa proiektu handiei ekiteko
elkarte anonimoen bidez, eta kapital merkatuko
baliabideak eskuratzeko bankuen
eta Burtsaren bidez, aurreztaile txikiarenak
eta ertainarenak batez ere. Euskal Herrian
elkarte horiek egin zuten aurrerabidearen
adibide da 1922rako Espainiako elkarte
anonimoen laurden bat Euskal Herrian izatea.
Enpresa txiki eta ertainari eskaini zitzaizkion
aukera horietatik probetxu ateratzen
asmatu zuen beste enpresa gizon
apal askok, eta horiek ere Euskal Herriko
industria eta enpresa ehuna osatzen lagundu
zuten. Euskal Herriaren industrializazioa
eta modernizazioa, beraz, 1876-1900
bitartean (edo 1936 bitartean, agian) gauzatu
zen. Goraldi luze hark eragin handia
izan zuen herrian, egitura maila guztietan:
ekonomian, gizartean, politikan, kulturan,
aisialdiaren antolamenduan, demografian.
Harretxek jarri zituen Euskal Herria XX.. endean zehar eutsi eta elikatu duten
sustraiak.