Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia»Aro berria

Erakundeak

Foru lurraldeetako erakunde sistema.<br><br>

Euskal lurraldeak, Gaztelako erreinuaren baitan egonagatik, salbuespen bat izan ziren monarkiaren mendeko gainerako lurraldeetan indarrean zegoen administrazio errejimen komunarekiko -bai ekonomiaren eta bai zergaren alorrari zegokiona-. Horregatik, Errejimen Zaharrak iraun zuen artean foru errejimenak izan zituzten euskal probintziek, Gaztelako monarkiaren bat egin berri zuten Aragoi eta Nafarroako erreinuek bezala. Euskal lurraldeek erakunde paraleloak zituzten, nahiz erakunde horien antolamendua ez zen inondik ere berdintsua.

Kostaldeko bi probintzietako erakundeak elkarren antzekoagoak ziren, era askotako arrazoiak tarteko, horien artean aipagarrienak zirela aitoren semetasun unibertsala, eta korrejidorea izatea erregearen aginpidearen ordezkaria. Araban, berriz, ez zen Aro Berri osoan ez aitoren semetasun unibertsalik ez korrejidorerik izan. Nafarroak bere erakunde propioak gorde zituen, nahiz Gaztelako erreinuaren baitan sartu izanak Aro Berri osoan zehar baldintzatu zuen bere bilakaera.Ezer baino lehen “erakunde” terminoari lan honetan zer hedadura emango zaion zehaztu behar da, adiera zabalegiko hitza baita, eta gizakiaren bizitzaren alderdi guztietara hedatzen da (erlijioa, politika, ekonomia, eta abar). Erakunde horietako batzuk entziklopedia tematiko honen beste atal batzuetan (gizartea, ekonomia, kultura…) aztertuko direnez, honako azterlan honetan administrazioari, politikari eta justiziari buruzko erakundeak aztertuko dira soilik.

Euskal Herriko erakundeak aztertzen hasi baino lehen argitu beharreko beste gauza bat Iparraldeko eta Hegoaldeko lurraldeetan nola dauden antolatuta zehaztea da, zeren ezaugarri batzuk lurralde guztientzat berdinak edo berdintsuak dira, baina beste batzuk, berriz, guztiz desberdinak.

Horregatik, eta erakunde guztiak multzo batean aztertzeak dituen eragozpenak kontuan harturik, azterlan honetarako hiru multzo bereiztea hobetsi da: alegia, batetik, (zerga ordaintzetik) “Salbuetsitako Probintziak” (Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba), bestetik Nafarroa Garaia, eta, azkenik, Iparraldea (Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa).

Banaketa horretan Nafarroako erresuma Iparraldearen eta Hegoalderan arteko lotunea da, Pirinioez alde bietara hedatzen baitzen (Nafarroa Beherea eta Nafarroa Garaia) Aro Berriaren hasieran.

 

Salbuetsitako probintziak

Hiru probintziei horrela esateak ekonomiarekin zerikusia badu ere (eta ekonomia ez da hemen aztertuko), izendatze modu hori oso baliagarria zaio lan honi gauzak argitzeko, eta Euskal Herriaz egin diren hiru multzo horietako bat besteetatik bereizteko.

Zergak ordaintzetik salbuetsita zeuden hiru probintzia horiek antzeko erakundeak zituzten, baina antolamendua ez zuten hargatik berdin-berdina. Antzekoenak kostaldeko bi probintziak ziren, arrazoi askorengatik: “hidalgia edo kaparetasun unibertsala”, Gaztelako errege-erreginaren ordezkari gisa korrejidoreak izatea, eta abar.

 

Araba

Erdi Aroan, XV. mendean batez ere, Arabako probintziak harreman berezia izan zuen Gaztelako errege-erreginekin, bai politikan, bai ekonomian eta bai arlo militarrean ere, eta hala, Gaztelako Koroako beste lurraldeek ez bezalako errejimen bat lortu zuen: Diputatu Nagusia, zerga sistema berezia (“gracioso”-a edo nork bere borondatez ematen zuen dohaina), aduanak lurraldeko mugan (abantaila handiakanpo merkataritzarentzat), eta errejimen militar berezia (bakarrik probintzia edo Gipuzkoako eta Nafarroako mugak defendatzera joateko deitzen zituen soldadugaiak, ez ordea handik kanpo joateko). Bereizgarri horiek zirela eta –kostaldeko bi probintziek antzekoak zeuzkaten–, probintziaren gobernuak eta probintziaren eta monarkiaren arteko harremanek ezaugarri bereziak izan zituzten.

Arabako probintzian Aro Berri osoan indarrean egon zen konstituzioak bi oinarri nagusi zituen: batetik, Legeak eta Ordenantzak, eta bestetik, kargu berezi bat, Diputatu Nagusiarena hain zuzen (1476). Ordenantza horiek prestatzeko zenbait urrats eman zen aurretik: 1417an, ezagutzen den lehenengo lege bilduma egin zen; Errege Pribilejio bat da, zeina Koroak Arabari eman baitzion Joan II.a adinez nagusi izan bitartean; Errege Pribilejio horretan Araba gobernatzeko erabili ziren hogeita hamalau Ordenantzak daude bilduta. Dokumentua erregearen ama Katalina Lancasterrek izenpetu zuen Valladoliden (1417). 1458an,Madrilen, Enrike IV.ak berretsi zituen Ordenantzak, baina aldaketa txiki batzuk eginarazi eta gero. Geroago, errege horrek berak, Ordenantzak aldatzeko agindu zuen, eta batzorde bat izendatu zuen testua berridazteko (1463). Ordenantzen berridazketan Pedro Alonso de Valdivielso nabarmendu zen: 60 atal dira guztira, “Cuaderno de Leyes y Ordenanzas con que se gobierna la M.N y M.L. Provincia de Álava” izenez ezagunak.

Ordenantzak Errege-erregina Katolikoek (Zaragoza, 1488) eta Karlos V.ak (Valladolid, 1537) berretsi zituzten. Berreste horretan, eta nola Hermandade alkateak kexu agertu baitziren jaunen justiziaren gehiegikieriak zirela eta, enperadoreak, Errege Probisio baten bidez, hauxe erabaki zuen: berari zegozkion auzietatik kanpo uztea jaunen justizia. Bide batez, justizia erakunde nagusiak aipatzen zituen, haietara jo behar bazen: Diputatu Nagusia, Batzar Nagusiak eta Valladolideko Kantzileria.HermandadeakArabako gobernuaren oinarriak dira.

Erdi Aroan udalerriek eta herriek osatu zituzten Ahaide Nagusien gehiegikerietatik eta gaizkileen jazarpenetatik babesteko. Hermandadeetako Ordenantzak zigor arautegi moduko bat ziren, non lege hauste bakoitzari zegokion zigorra zehazten baitzen: “En aumento de la justicia contra malhechores” zuten goiburu. Ordenantzetan, batetik, Hermandeak zer delitutan esku har zezakeen zehazten zen (ebasketa, lapurreta, sutea, etxera indarrez sartzea eta krimena), eta bestetik, zer jurisdikzio zeukan, besteak beste. Nolanahi ere, Hermandadeak gobernatzeko araudiak ez ziren oso argiak, eta, beraz, ohituraren arabera edota, zalantzazko kasuetan, Batzar Nagusien erabakien arabera arautu ziren.

Araban 53 Hermandade zeuden, sei koadrilatan edo taldetan banatuta. Hona koadrila buruak: Gasteiz, Agurain, Biasteri, Aiara, Zuia eta Mendoza. Hermandadeetako gobernua Gasteizkoaren oso antzekoa zen (Gasteizko gobernua aurreraxeago aztertuko da). Alkate arrunt bat zuen, prokuradore nagusi bat, bi errejidore, eta beste zenbait ofizial. Behin karguak hautatuz gero, Diputatu Nagusiak hamabost eguneko epean berretsi behar zituen. Nolanahi ere, Hermandade guztiek ez zuten berdin antolatzen gobernua. Jaurerrietan, esate baterako (probintziaren parte handi samarra hartzen zuten jaurerriek), alkate arruntaz gainera alkate nagusi bat izaten zen, jaurreriko jaunak izendatua haren jurisdikzioko auziak epaitzeko. Hain zuzen ere, bi justizia horien arteko tirabirak ezabatzeko dekretatu zuen Karlos V.ak goraxeago aipatu den Errege Probisio hura (1537). Batzuetan,Hermandade batean bi alkate arrunt izaten ziren, eta aitzitik, beste batzuetan, bi Hermandadek –edo bik baino gehiagok– bakarra izaten zuten bientzat. Hermandade bakoitzak bere Batzar partikularra zuen, eta Batzar horretan erabakitzen zen nor bidali Batzar Nagusietara ordezkari.Batzar NagusiakBatzar Nagusiek, Diputatu Nagusiak eta Batzar partikularrek osatzen zuten Arabako gobernu zentrala. Hermandade guztietako Batzar partikularretan hautatutako prokuradoreek osatzen zituzten Batzar Nagusiak.

Batzar Nagusiaren burua Diputatu Nagusia zen. Urtean bi aldiz biltzen ziren Batzar Nagusiak, baina beharrezkoa izanez gero – gerra zela, edo erregearen eskari urgenteren bat zela–, Diputatu Nagusiak Ohiz kanpoko Batzarrak deitzen zituen. Ohiko Batzarrak maiatzean (hilak 1-12 bitartean) eta azaroan (hilak 11-25 bitartean) egiten ziren. Felipe III.aren erreinaldian laburtu egin zen Batzarren iraupena: maiatzekoak hilaren 4 eta 8 bitartean egin ziren, eta azarokoak hilaren 18 eta 25 bitartean. Azaroko Batzarrak Gasteizen egin ohi ziren, eta maiatzekoak, aldiz, beste edozein lekutan, Gasteizen izan ezik. Gasteizko Batzarrak zirenean Udalak, txandaka, hiriko kale bateko auzotarrei agintzen zien prokuradoreei ostatu non eman antola zezaten.

Batzarrak aginte legegile moduko bat ziren, eta haien erabakiak probintzia osoan bete behar ziren. Era guztietako auzietan erabakitzeko ahalmena zuten: zerga arloan, administrazioan, justizian, agintarien gestioan, eta abar. Aginte betearazlea Diputatu Nagusiak eta Batzar partikularrek zuten.

Azaroko Batzarren azken bileran sei kontulari izendatzen ziren, zeinek Diputazioko kontuak fiskalizatzeko batzordea osatzen zuten. Batzorde horrek ofizialak (idazkaria, diruzaina, eta abar) galdekatzeko eta agiriak eta gainerako dokumentuak arakatzeko ahalmena zuen. Behin lana bukatuta, txosten bat prestatzen zuten Diputatu Nagusiarentzat, eta honek maiatzeko Batzarrera aurkezten zuen, aurreko urteko gestioa onartzeko.Diputatu NagusiaBera zen probintziako agintari gorena.

Errege-erregina Katolikoek sortu zuten kargua 1576an, Hermandade Santuaren epaile betetzaile gisa. Hermandade hori desagertu ondoren ere (1498), indarrean segitu zuen karguak, eta Arabako Aro Berriko erakunde sarearen kargu nagusia bilakatu zen. Hainbesteraino da hori horrela ezen batzuek Arabako forutasunaren sintesitzat jotzen dute. 1534. urtetik aurrera hiru urtez behin berritu zen, baina ordu arte, 14761534 bitartean, ez zen bi Diputatu Nagusi besterik izan, erregeak izendatuta biak.

1534. urtean, ordea, Gasteizen eta koadrilen artean hala hitzartuta, Arabako agintari gorena sei hautatzaileren artean hautestea erabaki zen. Hautatzaileetako hiru hirikoak behar zuten, eta gainerako hirurak probintziako beste edozein tokitakoak. Aurrenekoak prokuradore nagusia eta bi errejidoreak ziren; probintzietako hautatzaileak, berriz, Batzar Nagusiek izendatzen zituzten azaroaren 25ean. Hautagai izateko zenbait baldintza bete behar zen: pertsona zintzoa izatea, ekonomia eta gizarte maila jakin batetik gorakoa izatea, eta abar. Teorian asko ziren hautagaiak, baina praktikan familia gutxi batzuek zuten karguaren monopolioa.

Familia horietako kideak ziren Gasteizko hiriko patrizioak, zeren teorian Diputatu Nagusia probintziako edozein Hermandadetakoa izan bazitekeen ere, denborarekin ohitura bihurtu zen Gasteizko hiritarra izatea. Diputatu Nagusiaren hautaketa Santa Katalina egunean egiten zen, azaroaren 25ean. Boto gehiago nork, hura izendatzen zuten Diputatu Nagusi. Boto kopuru berdina jasoz gero, zozketa egiten zen hautagai biren artean.

Diputatu Nagusiak aginte politikoak zituen, Diputazioaren eta erregearen ordezkari zen; gerra denboran probintziako gudarosteen buruzagi nagusia zen, eta berak zuen gudarosteen gaineko agintea haiek probintzian zeuden bitartean; erregearen agindu edo dekretuei “foru baimena” ematea edo ez ematea bere esku zegoen (ez ematekotan, garai hartan oso ezaguna zen formula hau erabiltzen zen: “se acata, pero no se cumple”, alegia, “onartzen da, baina ez da betetzen”). Diputatu Nagusia zen probintziako epaile gorena; Ohiz kanpoko Batzarrak, Batzar partikularra edota “probintziako gurasoak” deitzeko ahala zuen. Diputatu Nagusiak, beraz, hiru xede nagusi hauek zituen: foruak errespetaraztea, Batzarren erabakiak betearaztea, eta, oro har, Araba arriskuetatik begiratzea.

Hala ere, haren ahalak Batzar Nagusien erabakien mende zeuden. Diputatu Nagusiak Batzar Nagusietan erabakitakoa betearazteko obligazioa zuen. Batzarretan bera zen burua, baina ez zuen hargatik erabateko agintea, ez zuen Batzarrak bertan behera uzteko ahala, erregeak Gorteak bertan behera uzteko bazuen bezala. Ezin zuen gobernu zentralaren aldetik ez ohorerik, ez izendapenik edo abantailarik jaso Batzar Nagusien baimenik gabe.Batzar partikularraBatzar partikularrak Diputatu Nagusiaren ondoan betetzen zituen bere gobernu funtzioak. Sei kidek osatzen zuten Batzarra: bi komisario eta lau Hermandade alkate.

Hasieran ohitura zen komisarioetako bat hiribilduetakoa izatea eta bestea, berriz, lur zabaletakoa, baina denboraren buruan beste hautabide hau nagusitu zen: komisarioetako batek Gasteizkoa behar zuen, eta besteak eta lau alkateek, berriz, gainerako koadrila buruetakoak, bakoitzetik bat. Hautatuak izan eta hamabost egunen barruan Diputatu Nagusiaren aurrean aurkeztu behar zuten, karguetan berrets zitzan.

Batzar partikularra, Diputatuarekin batera, probintziako ohiko auzien gobernuaz arduratzen zen Batzar Nagusien bileren arteko denboran, eta Batzarretan hartutako erabakiak betearazten zituen. Baina auzi larriak zirenean, bere eskumenez haratagokoak, Batzar Nagusien ohiz kanpoko bilera deitzen zuen, eta Gasteiza deitu betiere.

Auzia gerra bazen, Diputatu Nagusiari zegokion Batzar Nagusiak deitzea. Izan ere, batez ere gerrarekin –barne zein kanpoko gerrarekin– zerikusia zuten auziengatik deitzen ziren ohiz kanpoko Batzar Nagusiak.

Batzar horietan ez zen deialdiaren arrazoiaz beste gairik eztabaidatzen.

Araban bazen beste organo aholkuemaile bat, “probintziaren gurasoak” edo “aberriaren gurasoak” zeritzen kideez osatua. Batzuk eskubidezko kideak ziren eta besteak, berriz, izendatuak. Eskubidezko kideen artean Arabako Diputatu Nagusi ohiak zeuden.

Gainerakoak probintziaren alde egindako lanagatik nabarmendutakoak izaten ziren. Organo honen egitekoa Diputatu Nagusiari eta Batzarrei aholku ematea zen, hala eskatzen zitzaionean.

Erakunde horiez gainera, baziren beste bi elkarte aipagarri: bata plebeiuez osatua, eta bestea, berriz, aitoren semeez. Plebeioen elkartea “Lasarteko gizon onak” deiturikoekosatzen zuten, eta herri xehea nobleen gehiegikerietatik babesteko sortu zen.

Elkartearen izen bereko herrian egiten zuten bilera, eta, dirudienez, ez zuten eragin handirik izan. Erramu egunean olibak eskaintzen zizkieten zaldunei. Aitoren semeez osaturiko beste elkarte horri “Elorriagako zaldunen Batzarra” esaten zitzaion. Aurreko beste horren antzeko helburua zuen elkarte honek ere, baina bere mailara egokitua betiere: alegia, bere eskubideak –foru bereziak eta zerga salbuespena, besteak beste– defendatzea eta sendotzea. Batzarra hamar Hermandadetan banatzen zen, eta oso-oso zorrotza zen kofrade berriak aukeratzeko orduan. Urtero biltzen zen Hermandadeek aurkeztutako hautagai zerrenda aztertzera. Hona Batzarreko kargu nagusiak (urte baterako izendatzen ziren): prokuradore bat, bi diputatu, lau Hermanade alkate eta idazkari bat. Bi diputatuek aulkia eta boto eskubidea zuten Gasteizko udalbatzarrean, eta alkateetako batek Batzar Nagusietan.

Horiek, beraz, Arabako gobernuko erakundeak. Haien arteko harremanak ez ziren bakezkoak izan beti; aitzitik, liskarrak eta tirabirak izan zituzten. Hermandadeak –Diputatu Nagusia buru zela–, gero eta protagonismo handiagoa eta Ordenantzez kanpoko ahalak eskuratzean, tirabirak izan zituen Koroaren funtzionarioekin, Elizarekin eta aitoren semeekin. Hala ere, hori baino arazo larriagoa zen Gasteizen eta probintziako gainerako herrien artean, hiriaren protagonismo nahia zela eta, sortu zen tirabira.

Nobleziaren eta Hermandadeen arteko etsaigoa XVII. mendea arte luzatu zen, eta bi liskarbide nagusi izan zituzten: justizia eta milizia. Araban jaunek jurisdikzio zabala zutenez, jaunak eta Hermandadeak zein bere jurisdikzioaren alde borrokatu ziren, harik eta 1537ko Errege Probisioak Hermandadearen eta Diputatu Nagusiaren jurisdikzioa lehenetsi zuen arte. Auzi militarrak Errege-erregina Katolikoen garaian ebatzi ziren batez ere. Errege-erregina Katolikoek, probintziarekin bat eginda, aitoren semeen aginte militarra mugatu zuten, eta Hermandadeena, berriz, handitu.

Beste liskarbide bat Gasteizen protagonismo nahia zen. Araba “Gasteizko hiriaren probintzia” izenda zezaten proposatzen zuen Gasteizek, baina huts egin zuen ahalegin horretan. Ez, ordea, beste batzuetan, zeren gero eta ahal handiagoak eskuratu zituen erakundeetan: goraxeago aipatuko da nola berehala bihurtu zen arau Diputatu Nagusia Gasteizkoa izatea. Gasteizkoa behar zuen ere Diputatuaren eskuinaldeko lehenengo eserlekuak; Gasteizkoak ziren magistratura horretako sei aukeratzaileetatik hiru; Koadriletako aurreneko botoa Gasteizek zuen, eta Gasteizen sindiku prokuradorenagusia zen Koadrila haien guztien ordezkaria. Horietaz gainera, beste tirabira asko izan ziren: buruzagi militarren izendapena zela, gizonen eta dohainen banaketa zela, eta abar. Aro Berria hartzen duten hiru mendeetan zehar Gasteizko oligarkiaren ahalak eta ordezkaritza handituz joan ziren, gizartearen sektore horrek markatu zituen gobernuaren kontsignak eta jarraibidea.Udal administrazioaArabako udal administrazioa oso konplexua zen. Hiru erakunde mota zeuden: jaurerriak, “lur zabalak”, eta hiribilduak eta Gasteizko hiria. Gainera, bi gobernu mota bereiz zitezkeen: Kontzeju irekia (herri txikietako gobernu mota, antzinakoa, desagertuz joan zen pixkana-pixkana) eta Udala (gobernu mota modernoa, hirikoa eta hiribilduetakoa). Hermandadeez hitz egitean aipatu da jada zer agintari eta nola hautatzen zituzten: batzuk bertako gobernurako eta beste batzuk Batzar Nagusietara ordezkari gisa bidaltzeko. Jaunen mendeko udalerrien gobernua gainerako udalen antzekoa zen, baina hala ere, ezaugarri berezi bat zuen: jaunak –edo haren ordezkariak– berretsi behar zituen karguak, eta alkate nagusi bat izendatzen zuen epaitze lana egiteko. Beraz, Udal modernoa aztertuko da lan honetan, eta probintziako hiriburua hartuko da eredutzat.Gasteizko UdalaGasteizko udalerriaren antolamendua – Erdi Arokoa alde batera utzita– Fernando Katolikoak Burgosko Ordenantzak (1476) onartu zituenekoa da. Ordenantza horiek, ukitu txiki batzuk gorabehera, 1747. urtea arte iraun zuten. Ordenantza haietan udaleko enplegatuak eta ofizial nagusiak izendatzeko modua zehazten zen, besteak beste.

Hona udaleko ofizial nagusiak: alkate arrunt bat, bi errejidore, prokuradore nagusi bat, hamaika diputatu, bi Hermandade alkate, aguazil nagusi bat, diruzain bat eta eskribau bat. Gero ohitura hartu zen diputatuetako bat alkateorde izendatzeko.

Kargudunak urtero berritzen ziren, San Migel egunean, erdi izendapena eta erdi zozketa zen sistema bitxi baten bidez. Betiere hiriko talde goreneko pertsonek hartzen zituzten kargu nagusiak.

Udalak era askotako betebeharrak zituen: polizia, herrilanak, justizia, eta abar.

Udalbatzarra asteazkenetan biiltzen zen.

Udaleko kargudunek ez ezik Elorriagoako Batzarreko bi diputatuk ere hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea zuten. Larunbatetan ospitaleak eta dendak ikuskatzera joan ohi ziren, kalitatea, pisuak eta neurriak egokiak ziren ala ez egiaztatzera. Gasteizko agintari nagusia alkate arrunta zen; epaile funtzioa zuen, baina berak deitzen zituenUdaleko bilerak, eta bera zen burua bileretan, eta baita ekitaldi ofizialetan ere. Hiriko hurrengo agintaritza mailan errejidoreak zeuden, eta haiek arduratzen ziren –txandaka, aste batean bat, hurrengoan bestea– denda, gremio eta abarren ikuskatzeaz.

Prokuradore nagusia zen hiriko lau kargu nagusietako azkena. Hiriaren halako ordezkaria edo zen prokuradorea, hiriaren foruen eta askatasunen defendatzailea. Kargudun nagusi horiez gainera Udalak beste enplegatu asko zituen bigarren mailako kargu xumeak betetzeko: atezainak, merioak, pisu alkateak, merkatu fielak, guardak, pregonariak eta abar.

Gasteizek, bestalde, Dulantzi, Burgelu eta Bernedo hiribilduak eta Zuiako ibarra hartzen zituen bere jurisdikzioaren barruan.

Hiru hiribilduetako agintariek alkatearen aurrean agertu behar zuten San Migel biharamunean, alkateak karguak berrets zitzan.

San Migel baino egun batzuk lehentxeago, bestalde, Gasteizko agintari nagusiak Zuiako ibarrera joaten ziren ibarreko ofizial berriak izendatzera.

Gasteizko sistema Gaztelakoarekin alderatu izan da, baina alde handiak zeuden batetik bestera. Gaztelan gauza normala zen ofizioak erostea eta errejidoreak bizi osorako izendatzea, herritarrak goi karguetatik aparte uzita; Gasteizen, aldiz, ez zitekeen ofiziorik saldu (Felipe IV.ak 1630ean berretsitako pribilejioa zen hori). Horrek ez du esan nahi ordea Gasteizen karguen hautaketa demokratikoa zenik. Hasteko, nahitaez bete beharreko baldintza batzuk zeuden: bertakoa izatea, 25 urte baino gehiago izatea, ezkondua izatea, eta abar, baina berehala nagusitu ziren irizpide ekonomikoak, eta horrek bazterrera utzi zituen gasteiztar xumeak. Era horretara herritar apalengan diruzalekeria sortzea eragozten zela eta dirudunek administrazioko hutsak beren ondasunez ordain zitzaketela, horra zer erabiltzen zen aitzakia gisa. Ofizio mekanikoak ere karguetatik kanpo utzi ziren, eta eztabaida izan zen handizkako salerosleak kanpo utzi edo ez.

Beraz, azkenik, karguduna izateko baldintza nagusia noblea izatea zen (etorki bikainekoak eta odol garbikoak). Hala, hiriko eta probintziako kargu garrantzitsu guzti-guztiak hiriko familia noble eta aberats gutxi batzuen eskuetan gelditu ziren, zeinaek lehendik ere lurralde zabalak zituzten, familiaren distiraren ezaugarri gisa.

Salerosle aberatsen familiak ere –etorkizko aitoren semetasuna frogatuagatik– kargu nagusietatik kanpo gelditu ziren, soilik bigarren mailako karguak onartu zitzaizkien: diputatu, Hermandade alkate… Ikusten denez, azken batean, Gaztelakoaren antzeko egoera zen: garrantzizko gobernu kargu guztiak hiriko klase ahaltsuen mende zeuden.JustiziaArestian aipatu den bezala, justizia izan zen Hermandadeak eta Batzar Nagusiak sortzeko arrazoi nagusia. Justizia, aurreneko auzialdian, Hermandade alkateen eskuetan zegoen (Hermandade auzietan), edo alkate arrunten eskuetan (auzi zibiletan), edo alkate nagusien eskuetan (jaurerrietan).

Bigarren auzialdian Diputatu Nagusira jo zitekeen, bera zen probintziako epaile gorena, eta Batzar Nagusien ordezkaria Batzarra bildu artean. Hermandade alkateek, beraz, Batzarren aurrean ematen zuten haiek epaitutako auzien kontu, eta Batzar Nagusiak alkateak emandako epaia berretsi ohi zuen. Aparteko kasu bat Gasteizko alkatea zen –hirian korrejidorerik ez zelakoedo–, hark emandako epaia apelatzeko Valladolideko kantzileriara jo behar zen.

Azkenik, goragoko epaimahaietara apelatzeko, Valladolideko Kantzileriara edo Gaztelako Kontseilura jo behar zen. Arabak, beraz, legegizonak zituen Valladoliden eta Madrilen, probintziaren arazoez eta gerta zitezkeen auziez arduratzeko.

 

Bizkaia edo Gortean eragina izateagatik nabarmendu ziren bizkaitarren artean. Haren jurisdikzioa arlo zibilera mugatzen zen, eta haren epaiak errekurritzeko korrejidorearengana edo korrejidoreordearengana jo behar zen. Haren zerbitzuak errege ondarearen bizkar ordaintzen ziren, eta beraz doan ziren herritarrentzat. XVI. mendean bertan behera utzi ziren Merindade Batzarrak; haien funtzioak Batzar Nagusiak hartu zituen bere gain.

Bizkaiko Jaurreriko erakundeek Arabakoen antzeko ezaugarri batzuk zituzten, baina baita desberdintasun handiak ere.

Jaurerrian argiago dago bertako administrazioa Gaztelakoaren desberdina dela. García-Galloren arabera hori horrela zen euskaldunak tradiziozaleago zirelako gaztelarrak baino, euskaldunen aldean gaztelarrak aldaketa eta berrikuntza zaleagoak zirelako.

Arrazoi bategatik edo bestegatik, Bizkaiko “gauzak” eta bizkaitarrak berak ere gainerako euskaldunak baino ezagunagoak ziren Gaztelan eta gainerako erreinuetan, eta Bizkaia Salbuetsitako Probintzien banderadunatzat-edo hartzen zen. Eta ez Bizkaiak biztanle gehiago zituelako: XVI. mendean hiru probintziek biztanle kopuru berdintsua zuten; XVII. mendean ordea oreka galdu zen, eta XVIII. menderako nabarmena zen batetik besterako aldea. Bai ordea foru maila eta askatasun handiagoak zituelako, eta ordaindu ere Gipuzkoak baino zerga gehiago ordaintzen zuelako. Nolanahi ere, batzuen eta besteen arteko antzekotasunak eta desberdintasunak argiago geldituko dira Bizkaiko antolamendu politiko administratiboa aztertutakoan.Erakunde probintzialakBatzar Nagusiak ziren jaurerriko lehen erakundeak, eta haietatik sortu ziren Errejimentu Nagusia eta, gero, Diputazio Nagusia.Batzar Nagusiak1630. urteko Konkordia eta gero Batzar Nagusietara 100 diputatu (93 lehen) biltzen ziren, Jaurerriko gainerako administrazio erakundeak ordezkatuz. Probintzia hiru multzo handitan zegoen banatua: hiribilduak, “Lur Zabala” (“Tierra Llana”), eta inguruko lurrak (Durangaldea eta Enkartazioak).

Multzo bakoitzetik diputatu kopuru jakin bat joaten zen: Lur Zabaletatik 72 (elizate bakoitzetik bat), hiribilduetatik 21, Enkartazioetatik 6, eta Durangaldetik 1 edo 2. Batzuen ustez, Lur Zabalak eta hiribilduek osatzen zuten, berez, Jaurerria; gainerako aldeak beste horien inguruak ziren,eta beranduago bildu ziren gobernu komunera (1630).

Batzar Nagusiak ziren Jaurerri osoaren erakunde ordezkaria, baina lurraldea banatua zegoen aldeetako biztanle eta diputatu kopuruen arteko egokitasunari dagokionez, alde handiak zeuden toki batetik bestera, Lur Zabalaren mesedetan. Diputatu hautatua izateko baldintza batzuk bete behar ziren nahitaez: aitoren seme izatea, Jaurerrikoa bertakoa izatea –ordezkatzen zen elizate edo hiribildukoa, eta ez bertan bizi zen “egoiliar” soil bat–, pertsona “egokia eta kargurako gai” izatea, gaztelaniaz hitz egiten eta idazten jakitea, eta diruduna izatea (dokumentuetan zehazten da zenbat diru).

Araban bezala, beraz, Bizkaian ere dirudunek eta aberatsek eskuratu zituzten kargu guztiak.

Bizkaiko Batzar Nagusiak Gernikako arbolaren inguruan egiten ziren, baina eguraldi txarretik babestearren han ondoko eliza batean egiten hasi ziren gero, Antiguako Andre Mariaren elizan hain zuzen.

Hasi ere meza batekin hasten zen bilera.

Batzar Nagusiak deitzeko ez zen epe jakinik: 1558 eta 1605 bitartean (47 urte) 46 aldiz bildu zen (urtean behin batez beste), baina ez urtero-urtero:15 urtetan ez zuten bilerarik egin, 19tan urtean behin bildu ziren, 9tan bina bilera egin zituzten, eta 3tan hiruna. Gero, urtean bilera bat edo bi egiteko ohitura hartu zen, baina batere bilerarik gabeko urteak ere izan ziren tartean.

Bileraren iraupena, bestalde, luzatuz joan zen: XVI. mendean egunean bertan bukatzen zuten, baina XVIII. mendean asteartea eta larunbata bitartean luzatzen ziren.

Batzar Nagusiek beraiek ebazten zituzten auziak, baina aparteko zailtasunak zituztenean, batzorde baten esku uzten zuten delako auzia. Batzordeak, gero, Errementuari edota Diputazioari jakinarazten zion bere erabakia, hura kontuan hartuta Diputazioak behin-betiko erabakia har zezan.

Batzarrean adostasunik ez zenean, bozketa egin, eta gehiengoa lortzen zuenak, hark erabakitzen zuen. Gutxiengoa erabakiarekin bat ez bazetorren, erabakia onartu ez eta protesta egiteko eskubidea zuen; protesta hura legezko inpugnazio baten oinarria izan zitekeen.

Batzar Nagusietako burua korrejidorea zen berak deitzen zituen Batzarrak, Jaurerriko sindikuek hala eskatuta betiere. XVIII.. enderako ordea aldatu egin zen ohitura, eta Errejimentuak edo Diputazioak deitu zituen. Batzarren erabakiak jasotzeko eta dekretuak erredaktatzeko ardura bi idazkarik zeukaten. 1702. urtean Batzarrean hartutako erabakiak inprimatzen eta elizateetan eta hiribilduetan banatzen hasi ziren (Valladoliden eta Kortean ere banatzen ziren), Jaurerriko Foruen eta Legeen jakitun egoteko denak. Diputatuek edo prokuradoreek,nork bere erakundetik jasotzen zuten ordainsaria; edo kopuru jakin bat edo Batzarraren iraupenaren arabera ordaintzen zitzaion. Hain zuzen ere, gastu horiek zirela eta, urtean behin edo bi urtez behin bakarrik egiten ziren bilerak, eta ez lau hilabetez behin, lege zaharrak agintzen zuen bezalaJaurerriaren gobernuaJaurerriaren gobernuan parte hartzeko prokuradore izateko betebehar berberak eta beste berezi hauek eskatzen ziren: elizgizona ez izatea, ezta elizgizon baten semea edo biloba ere, ofizio mekanikoetan ez jardutea, Jaurerriarekiko zorrik edo auzirik ez izatea. Karguduna bandoaren arabera hautatzen zen. Izan ere, bi bando ziren: oñaztarrak eta ganboarrak. 1548. urtetik aurrera nahitaezko betebehar bat ezarri zen, alegia, bando baten aldeko elizate hautatzaileak mugakide ez izatea. Pixkana-pixkana legelari kopurua gehitu egin zen –gutxiengo txiki bat osatzen zuten hala ere–, eta beraz oligarkiak gero eta pisu handiagoa hartu zuen Jaurerriaren gobernuan.Errejimentua eta DiputazioaBatzarrak gehitzea zama garestia zen erakundeentzat, eta zama hori nolabait arintzearren, Errejimentu Nagusia sortu zen 1500. urtean. Haren egitekoa: Batzar Nagusien erabakiak betearaztea Batzarrik gabeko denbora bitartean. Araban Batzar partikularra eta Gipuzkoan Diputazioa ziren organo horren baliokideak. Hogei kidek osatzen zuten Errejimentu Nagusia: 12 errejidore, 2 diputatu, 2 korrejidore, 2 legelari eta 2 eskribau.

Bilera eta gastu gehiegi zirela eta, beste erakunde txikiago bat sortu zen Errejimentu Nagusiaren barruan: Errejimentu partikularra.

Haren eginkizuna Errejimentu Nagusiak enkargatutakoa aztertzea eta konpontzea zen. Baina aurreneko Errejimen partikularrak bildu zirenean (1566) ez zen prozedura arauturik erabili gaiak aztertzeko, eta Lur Zabaleko ordezkariak baino ez ziren azaldu. 1580. urtetik aurrera hasi ziren hiribilduetako ordezkariak bileratara joaten, eta, tarteka, Enkartazioetako eta Durangaldeko ordezkariak gonbidatu ziren.

1630. urteko Konkordia garrantzi handikoa izan zen Bizkaiko erakundeentzat, erakunde bakoitzak bete beharreko funtzioak argitu baitziren. Batez ere Errejimentu Nagusiari egin zion mesede –1611z gero bazuen beste izen bat ere, “Jaurerriko Gobernu Unibertsala”–, eta baita Errejimentu partikularrari ere. Azkeneko organismo horrek Errejimentu nagusiaren mende jarraitu zuen, eta 1645az gero beste izen batez deitu zitzaion: Diputazio Nagusia. Diputazio hori ohiko auziez arduratzen zen,baina baita premiazkoez ere. Nolanahi ere, Errejimentuaren mende egon zen Diputazioa, harik eta XVII. mendearen bukaeraz gero (1696), organo independente bilakatu zen arte. Handik harat, bi erakundeen ebazpenek balio bera izan zuten, baina Diputazioa nola murriztailegoa zen, gero eta atribuzio gehiago eskuratu zuen, Errejimentuaren kalte. Horrek halako elitizazio prozesu bat ekarri zuen, normala erakundeen bilakaeran.Erregearen aginteaMonarkak (jaunak) Jaurerrian zuen agintea korrejidore baten eta bi korrejidoreordeen bitartez gauzatzen zen. Korrejidorea kargu ezaguna zen Gaztelan: Koroaren agintearen ordezkari ofiziala hirietan, Koroaren goren ordezkaria. Bizkaian, berriz, ez zuen halako agintea: batetik, Bizkaiko Erakunde gorenetako buru izan arren, parte hartzen zuelako jaunaren pribilejioak defendatzeko soilik, eta, bestetik, haren agintea ez zelako Jaurerri osora hedatzen, Lur Zabalera eta hiribilduetara soilik. Izan ere, inguruko lurretan (Durangaldea eta Enkartazioak) korrejidoreordeek –bat lurralde bakoitzean– korrejidorearen antzeko agintea baitzuten, aginte delegatua. Korrejidoreordeek haren karguko ekintza eta funtzio guztietan ordezkatzen zuten korrejidorea.Lurralde gobernuaEskualdeetako erakundeak Jaurerriko aniztasunaren isla dira. Hiru eskualde nagusi zeuden: Lur Zabala, hiribilduak eta periferiako lurraldeak (Enkartazioak eta Durangaldea, entitate gutxiagoko beste batzuez aparte).Lur ZabalaLur Zabala, hau da, lurralde edo poblamendu zabala (laua), Hiribilduari kontrajartzen zaio, hiribildua harresiez inguratua izaten baita. Lurralde autoktonoa zen, eta hiribilduen jurisdikziotik at zegoen. Sei merindadetan banatua zegoen (Busturia, Arratia, Bedia, Uribe, Zornotza eta Markina), eta merindadeak, berriz, 72 elizatetan. Merindade izena merio (ibar jauna) izenetik eratorria da. Merioaren kargua zergak biltzeko eta epaitze lana egiteko sortu zen hasieran.

Merindadeetan hiru ofiziale nagusi zeuden: prestameroak, merioak eta foru alkatea. Prestamero eta merio karguak batu egin ziren; bizitza osorako karguak ziren; Justiziaren esanetara zeuden, epaileen aginduz gaizkileak preso hartzeko eta elizateei Batzar Nagusiak deitu zirela jakinarazteko.Foru alkateakForu alkateak erregeak izendatzen zituen, betiko izendatu ere; Koroari laguntzeagatikedo Gortean eragina izateagatik nabarmendu ziren bizkaitarren artean. Haren jurisdikzioa arlo zibilera mugatzen zen, eta haren epaiak errekurritzeko korrejidorearengana edo korrejidoreordearengana jo behar zen. Haren zerbitzuak errege ondarearen bizkar ordaintzen ziren, eta beraz doan ziren herritarrentzat. XVI. mendean bertan behera utzi ziren Merindade Batzarrak; haien funtzioak Batzar Nagusiak hartu zituen bere gain.ElizateakElizateak parrokia barrutiak eta udalerriak bat egitearen ondorio dira. Batzar Nagusietako ordezkaritza elizateen gainean egituratu zenean hartu zuen erakundeak bere baliorik handiena.

Elizateetan udalbatzarra zen gobernu organo nagusia. Urtean lau aldiz biltzen zen (urtarrilean bi aldiz, apirilean behin eta abuztuan beste behin), eta bera arduratzen zen garrantzizko betebehar guztiez: ofizialak eta Gernikarako prokuradorea aukeratzeaz, zerga eta soldadugai bilketa antolatzeaz, ofizialen kontuak aztertzeaz, eta abar.

Udalbatzarrak ofizial hauek izendatzen zituen: bi fiel (errejidore edo zinegotziak), auzo kabuak, Elizaren eskulangileak (hamarrenen administrazioa) eta artxibozain kontularia. Karguak urtean behin berritzen ziren eta udalbatzarraren erabakien mende zeuden. Ofizial horiek, neurri batean, udalaren ordezko ziren, baina udalak baino ahal gutxiagorekin betiere.HiribilduakHiribilduen administrazioan bi gobernuorgano mota bereiz daitezke: Kontzeju irekia eta itxia, edo Udal partikularra edo Errejimentua.

Hiribildu batzuetan –Bilbon, adibidez– ez zen Kontzeju irekirik egiten; ezinezkoa litzateke, oso handiak baitziren horretarako. Elizateen antzeko eskumenak zituzten, eta hautaketa era askotara egin zitekeen: kargua utzitako agintariak berak hautatzea, zozketa bidez hautatzea, eta abar.

XVI. mendetik aurrera karguak halako elitizazio prozesu batean sartu ziren, herriko oligarkiak bultzatuta, eta, aldi berean, Udal sistema nagusitu zen. Errejimentuaren jarduera hiribilduaren izaeraren araberakoa izan ohi zen: alegia, landa hiribilduetan elizateen antzeko izaten zen, baina industria eta merkataritza hiribilduetan lanaren, horniduraren eta zerbitzuen ikuskatze neurriek izaten zuten lehentasuna.Inguruko lurrakGoraxeago aipatu den bezala, bi eskualdek osatzen zituzten periferiako lurraldeak: Enkartazioak eta Durangaldeak. Enkartazioetan hamar kontzeju eta hiru hiribildu zeuden(Portugalete, Balmaseda eta Lanestosa), eta errejimen juridiko propioa zuten.

Kontzeju horien gobernatzeko modua elizateetakoaren antzekoa zen, baina bazuten halere ezaugarri bereizgarri bat, aurreneko auzialdia Kontzejuak berak egitea. Enkartazioetako gobernuan bi ofizial edo erakunde mota zeuden: a) komunitatearen organo ofizialak (Urrestietako Batzarra eta sindikua); b) Jaunaren ofizialak (korrejidoreordea eta beste ofizial mendeko batzuk).Urrestietako BatzarraUrrestietako Batzarra Kontzejuetako eta hiribilduetako ordezkarien, sindikuaren eta eskribauaren batzarra zen XVI. menderako.

Batzarraren buru korrejidoreordea zen.

Urrestietako Batzarra zen agintaritza politiko gorena, Foruak interpretatzen zituen eta sindikua eta eskribaua izendatzen.SindikuaBerak deitzen zituen Batzarrak, berak proposatzen eztabaidagaiak eta kobratzen zergak. Bera zen lurraldeko ordezkaria Gernikako Batzarrean.

Korrejidoreordea korrejidoreak izendatzen zuen; korrejidorearen ordezkoa zen lurraldean. Kontzeju batzuetan auzi kriminalak epaitzen zituen aurreneko auzialdian, eta beste batzuetan, berriz, kriminalak zein zibilak.DurangaldeaDurangoko merindadeak 12 elizate eta lau hiribildu zituen. Elizateak Lur Zabalean bezala zeuden antolatuta. Kontzeju irekia zen eskualdeko arduradun gorena, fiel sindiku prokuradore Nagusi bat buru zuela.

Ohiko gobernua fielari zegokion. Kontzejuak aukeratzen zuen fiela urtarrilaren 1eanurte baterako. Merindadearen gobernuan parte hartzen zuten, batetik, merindade Batzarrak eta sindikuak, eta bestetik, korrejidoreordeak, laguntzaile zituela prestamero ordea eta merioa. Batzarrak eskualdearen eta Jaurerriaren arteko harremanak erregulatzeaz arduratzen ziren, karguak izendatzeaz, kontuak gainbegiratzeaz, eta abar. Durangaldeko ofizialek, bestalde, Enkartazioetako ofizialen betebehar eta funtzio berdinak zituzten. Sindikua 1658. urtean sortu zen.JustiziaGainerako euskal probintzietan bezala, justiziaren administrazioak ezaugarri bereziak zituen Bizkaian. Aurreneko auzialdian epaitze lana tokian tokiko epaileari zegokion: Foru alkateak Lur Zabalean, alkate arruntak hiribilduetan, eta Kontzejuak eta korrejidoreordeak Enkartazioetan eta Durangaldean.

Bigarren auzialdian korrejidorearengana jotzen zen, edota korrejidoreordearengana zenbait lekutan. XVIII. mendean, Jaurerriak apelazio gastuak ordaintzera behartu zituen korrejidoreak, Kantzileriak haien epaiak berresten ez zituenean.

Korrejidorearen auzitegitik, bestalde, Valladolideko Kantzileriara jo zitekeen. Bi auzialdi zeuden: aurrenekoa Bizkaiko Epaile Nagusiak osatzen zuen, eta bigarrena, berriz, Bizkaiko Auzitegiak (hau, izena gorabehera, Euskal Herriko edozein tokitako auziez arduratzen zen).

Bizkaitarrak ez zeuden Gaztelako lege orokorren mende, Jaurerrikoen mende baizik.

Lege haustea Euskal Herriaz kanpo eginez gero, Valladolideko Kantzileriak epaitzen zuen. Baina abaintaila horiek izanarren, bizkaitarrak ez zeuden oso pozik beste arrazoi batzuengatik: auziek luze jotzen zuten, garestiak ziren, eta Valladolidera jo behar zuten kostua 411 errealetik gorakoa zenean.

 

Gipuzkoa

Gipuzkoako erakundeen sarea nahikoa nahasia da, bai erakunde probintzialei dagokionez, bai eskualdeetako eta udalerrietako erakundeei dagokienez ere. Gainera, Gipuzkoak bazuen aparteko ezaugarri bat, muga probintzia izatea. Horrek bestelako arazo batzuk zekartzan: gudarosteen presentzia, kontrabandoa eta abar. Horrek guztiak are gehiago katramilatu zituen Gipuzkoaren eta aginte zentralaren arteko harremanak.Erakunde probintzialakProbintziaren gobernu organoak hiru erakunde hauetan egituratuta zeuden: Batzar Nagusiak, Batzar partikularra eta Foru Diputazioa.Batzar NagusiaKorrejidorea buru zuela, probintziako gobernuaren organo gorena zen, eta aginte handia zuen: legeak egiteko agintea, dekretuek Foruaren alorra gainditzen ez zuten bitartean betiere; zergak biltzeko agintea, nahiz eta ezin zuen zerga berririk ezarri erregearen onespenik gabe; aginte militarra, bere lurraldea defendatzeko; epaitzeko agintea, bai auzi zibilak bai kriminalak; eta noski gobernu, administrazio eta burokraziaahalak, hau da, eskumenak nekazaritzan, basoen kudeaketan, herri lanetan, merkataritzan eta abar, hala nola karguak izendatzeko eta administrazio gastuak egiteko.

Batzar Nagusien helburu nagusietako bat probintziako odol garbitasuna zaintzea izan zen. Beraz, aitoren semetza aztertzeko eta berresteko agintea zuen.

Gipuzkoako Batzar Nagusiak urtean bi aldiz bildu ziren (udaberrian eta azaroan) 1677. urtea arte. Handik aurrera, urtean behin bakarrik –gastuak murrizteko agian–.

Batzarlekua hemezortzi hiribildu hauetako bat zen, txandaka: Azkoitia, Zumaia, Hondarribia, Bergara, Mutriku, Tolosa, Arrasate, Donostia, Hernani, Elgoibar, Deba, Errenteria, Getaria, Zestoa, Segura, Azpeitia, Zarautz eta Ordizia.

Bada, bestalde, gai korapilatsu samar bat: parte hartzearena. Udalbatzarrak deitzen ziren Batzar Nagusietara, baina 1615.. rtea arte Hermandade Nagusia sortu zuten 30 errepublikak baino ez ziren deitu.

Urte hartan Felipe III.ak hiribildu titulua eman zion Ordizia, Segura eta Tolosako jurisdikzioetako beste 35 herriri, eta beraz, handik harat, 65 hiribildu deitu ziren Batzarretara.

XVIII. mendean beste bi gehitu ziren, Antzuola eta Irun.

Arestian aipatutako konplexutasun hori, baina, areago zihoan. Prokuradore-junteroek ez zuten soilik boto bat, bakoitzak bere barrutiko etxe kopuruaren araberako kopuru bat baizik, eta, hala, hamar udalerrik botoen erdia baino gehiago zeukaten. Bestalde, garrantzi handia eman zitzaion Batzarretan parte hartzeari, eta sustatu ere sustatu egin zen parte hartzea, baina hala ere, hiribildu batzuek, arazo ekonomikoak zirela eta, huts egiten zuten noizean behin.

Prokuradorea izatea, baina, ez zegoen edozeinen esku; batzuk ezin zuten (elizgizonak, militarrak eta abar). Gainera, baldintza batzuk bete behar ziren, eta hala, baldintzak estutuaren estutuz, prokuradore kargua hiribilduetako oligarkien erabilerarako eta gozamenerako izan zen azkenik.

Hiribildu bateko prokuradoreak delako hiribildukoa izan behar zuen, diruduna, zintzoa, eta gaztelaniaz idazten eta irakurtzen jakin behar zuen. Prokuradore izatea bateraezina zen beste zeregin batzuekin; Batzarra bitartean adierazpen eta boto askatasun osoa zuten.Batzar partikularraGertaera larri edo ustekabeko bat gertatzen zenean, Batzar partikularra deitzen zen, hurrengo Batzar Nagusien zain egon gabe erabaki beharrekoa erabakitzeko. Gipuzkoako Batzar partikularra, beraz, Arabako Ohiz kanpoko Batzarren parekoa zen.

Egun bakarreko bilerak izaten ziren, eta ez zen Batzarra deitzeko arrazoiaz beste gairik eztabaidatzen. Hauek ziren eztabaidagai nagusiak: errege zerbitzua, kontraforuak, zergak, probintziaren inbasioa, laborearen garestitasuna, eta abar.DiputazioaDiputazioa arduratzen zen probintziaren gobernuaz Batzar Nagusiak deitu arteko denbora bitartean, Batzarretan hartutako akordioak betearazten. Adituen iritziz, Diputazioa sortu, 1461 eta 1550 bitartean sortu zen. 1749. urtea arte korrejidoreak, txanda zegokion hiribilduko Diputatu Nagusiak eta delako hiribildu horretako errejimentuak osatzen zuten Diputazioa. Honako hauek ziren txandako hiribilduak: Donostia, Tolosa, Azkoitia eta Azpeitia. Hiribildu horietan bizi zen hiru hilabetero korrejidorea bere gortearekin eta txanda zegokion Diputatuarekin.

1748. urtetik aurrera araudi berri bat onartu zen, non bereizten hasi baitzen Diputazio arrunta (auzi arruntak) eta Diputazio berezia (auzi bereziak). Bigarrenak aurrenekoak baino kide gehiago zituen.

1800. urtean Tolosan ezarri zen behin betiko korrejidorearen egoitza, auzitegia eta Diputazioa barne.

Diputatu Nagusiak –Batzar Nagusiek hala izendatuta– txanda zegokion hiribildukoa bertakoa behar zuen, diruduna eta abar. Diputazioaren egoitza goraxeago aipatutako lau hiribildu horiek txandaka hartzen zutenez, lau Diputatu izendatzen ziren.

Txanda zegokion hiribilduko Diputatuak zeukan kargua; gainerako hirurak ohorezko Diputatuak ziren. 1800. urtetik aurrera, baina, Diputatu bakarra izendatu zen probintzia osorako. Diputazioa, beraz, honela osatu zen: korrejidorea, Diputatu Nagusia eta Diputatu adjuntua. Txandako hiribilduko errejidore kargua ezabatu egin zen.

Errejidorea zen erregearen agintaritzak probintzian zuen ordezkari gorena eta prestuena.

Arestian azaldu den bezala, Diputazio egoitza izatea zegokion hiribilduan bizi zen bere gortearekin. Beraz, bizilekuz aldatu behar zuen hiru hilabetez behin, eta oso gogaikarria zenez horrela ibiltzea, batetik bestera etengabe, 1746. urtetik aurrera hiru urteko egonaldiak egitea erabaki zen. 1800ean, baina, Tolosan finkatu zen egoitza. Errejidorearen agintaldia urte bat eta hiru urte bitartekoa izan ohi zen, eta Valladolideko epaileen artetik aukeratzen zuen erregeak, alegia, estatuko hierarkiaren goren mailako kideen artetik. 1797az gero Nafarroako Kontseiluko kideen artetik aukeratu zituen.

Errejidoreak ahalmen politikoak zituen: Batzar Nagusietan eta Diputazioan bera zen burua, eta Koroa, militarrak eta batez ere – probintziako apelazio auzitegi gorena zenez– epaitze lana zaintzeaz arduratzen zen.Hain itzal handia izanik, errejidore karguak sekulako eragina izango zuen probintziako erakundeetan, batez ere XVIII. mendean, zentralismoak gora jo zuen garaian.

Errejidorearen azpitik bazen errege funtzionario gehiago ere: erregeak probintzian zituen gotorlekuen kapitain nagusia eta gobernariak, adibidez, zeinek aginte osoa baitzuten gudaroste eta gotorleku horien gainean (Foru antolamendutik kanpo zeuden, eta hori zela eta, arazoak izaten ziren bi jurisdikzioen artean); kontrabandorako ikuskatzailea, zeinak salgaien sarrera zaintzen zuen, kontrabandoa galarazteko; arma fabriketako ikuskatzailea, zeina errege gudarostea hornitzen zuten lantegiak kontrolatzeaz arduratzen baitzen; Ogasunaren administrazioaz arduratzen ziren intendenteak (1718), eta abar.Udal administrazioaGipuzkoako udaletako administrazioan alde handiak zeuden herritik herrira. Herri bakoitzak bere Ordenantzak zituen, erregeak onartuta, eta Ordenantza horietako batzuk elkarren lehian zeuden, edota Foruaren beraren kontra. Hori saihesteko, 1670.. rteko Batzarrak erabaki zuen herrietako Ordenantzek, erregeak berrestekotan, Batzarraren onespena behar zutela aurretik.

Prokuradore izateko bezala, zenbait baldintza eskatzen zen udal gobernuko kide izateko ere: batetik, apaizen semeek, lanbide jakin batzuetako langileek, judu kristautuek, beltzek, mulatoek, ijitu, agot eta bilauek ez zeukaten izaterik; bestetik, ondasun baten jabe izan behar zen (“millarista”), baina ondasunaren zenbatekoan aldeak zeuden toki batetik bestera.

Hautaketa urtarrilaren hasieran egiten zen. Karguak (alkatea eta errejidoreak) urtero berritzen ziren. Alkatea zen Udaleko burua, baina haren eginkizun nagusia aurreneko auzialdietan epaile izatea zen. Udal administrazioaz errejidoreak arduratzen ziren.

XVIII. mendean, horiez gainera kargu gehiago ere bazen: herriko diputatua eta sindikua. Herriko ordezkariak ziren biak, eta ahal berezia zuten biztanleriaren horniduraren eta salgaien prezioen gainean. Nolanahi ere, alde handiak zeuden udalerri batzuetatik besteetara. Tolosa, adibidez, zentsu hiribildua zen, Errenterian oligarkia batek agintzen zuen, Zestoan zozketa bidez aukeratzen ziren ofizialak, eta abar.

Udalbatzarra alkateak deitzen zuen; bera zen buru. Isilpeko bilerak ziren eta, zenbaitetan, ezin utzizkoak, nahitaez joan beharra zegoen. Erabakiak gehiengo bakunez hartzen ziren. Boto berdintasuna hausteko bi aukera zegoen: edo alkateak erabakitzen zuen edo zozketa egiten zen. Udalek herri ondasunetatik jasotako errentez ordaintzen zituzten gastuak, baina errenta horiek askiez zirenean, herritarren artean partitzen ziren gastuak. Korrejidorearen gortea arduratzen zen udaleko kontularitzaz. XIX. mendean prokuradore sindiku nagusia eta probintziako diruzaina arduratu ziren zeregin horretaz.JustiziaGainerako probintzietan bezala aurreneko auzialdiko epaitze lana –bai auzi zibilak bai kriminalak– alkatearen esku zegoen.

Korrejidoreak ere bazuen ahalmen hori, baina alkateak hasitako auzietan ezin zuen alkatea baztertu eta auzia bere gain hartu.

Bestalde, alkateak epaitutako auzi baten ondoren, korrejidorearengana jo zitekeen, horretan nahastua zegoen pertsona horrek hala nahi izanez gero, baina bazegoen bertatik Valladolidera zuzenean jotzea ere. Azkenik, korrejidorearen auzitegiko epaiak apelatzeko Valladolideko Kantzileriara jo zitekeen, eta auzia oso-oso garrantzitsua bazen –erakundeei buruzko auziak eta–, Gaztelako Kontseilura hel zitekeen, Auzitegi Gorenera alegia.

Bestalde, bai Gipuzkoan bai aztertu diren beste bi probintzietan ere, baziren horiez gainera bestelako jurisdikzio batzuk: esportaziorako epailea, elizaren jurisdikzioa, militarrena, inkisizioarena. Hemen, ordea, ez da horien aipamenik egin, ez baitagokio lan honi jurisdikzio horiek aztertzea, baina hala ere baliteke norbaitek obra zabal honetako beste atalen batean aipatzea.

Baina baziren gehiago ere, hala nola “talde konferentziak” zeritzetenak, non hiru probintzietako kide delegatuak elkartzen ziren arazo komunak ebazteko. Auzi horiek konpontzeko Gortera jo behar zenean (Ganbarara, Kontseilura edo erregearengana) hiru probintzien artean banatzen ziren legelarien gastuak. Hain zuzen ere, gastu horien banaketa eta ordainketa zela eta, sarritan hiru probintziak elkarri mokoka aritu ziren.

Salbuetsitako probintzia horien azterketa bukatu baino lehen gauza bat argitzea komeni da, alegia, erakunde ugaritasuna gorabehera erakundeak antolatzeko moduan antzekotasun handiak zeudela probintzien artean. Hiruretan Batzar Nagusiek antzeko eskumenak zituzten, eta funtsean periodikotasuna (berdina Araban eta Gipuzkoan) eta prokuradore-junteroen kopurua ziren desberdintasun nagusiak. Larritasun handiko auziak konpontzeko Ohiz kanpoko Batzarrak deitzen ziren Araban eta Gipuzkoan (Gipuzkoan Batzar partikularrak deitzen zitzaien halakoei); Bizkaian, berriz, ez zen halakorik, ez baitzen epe finkorik Batzarrak deitzeko, baina, aitzitik, probintzia horretan, Merindadeko Batzarrak zituzten, Nagusien azpitik.Hirurek Batzar Nagusien delegazioak zituzten: Diputatu Nagusia Araban, Errejimentu Nagusia eta Diputazio Nagusia Bizkaian, eta Diputazioa, ohikoa edo ohiz kanpokoa, Gipuzkoan. Hiru probintzietan helburu bera zuten erakunde horiek, arazoak kudeatzea Batzarrak deitu bitarteko denboran.

Udal gobernuari dagokionez, berriz, askoz alde handiagoak zeuden probintzia batetik bestera, izenetan bai behintzat. Araban herrixkak edo herriak (“aldeas o lugares”), hiribilduak eta hiria zituzten, Hermandadetan banatuak, eta Hermandadeak ere sei talde edo Koadrilatan antolatuak; Bizkaiko Jaurerrian kofradiak, elizateak, hiribilduak eta Urduñako hiria zituzten –horiek guztiak sei merindadetan banatuak–, gehi Durangaldea eta Enkartazioak; eta azkenik, Gipuzkoan are banaketa konplexuagoa zuten: kontzejuak, alkatetza nagusiak, hiribilduak, bailarak eta entitate lokalen elkarketak.

Erregearen ordezkari nagusia korrejidorea zen Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Diputatu Nagusia, berriz, Araban. Agintari horiexengana jo behar zen hain zuzen ere, epaiak apelatu nahi izanez gero. Eta are gorago jo nahi izanez gero, Valladolideko Kantzileriara eta inoiz Gaztelako Kontseilura jotzen zen hiru probintzietatik. Hiru probintziek, bestalde, ordezkariak edo ajenteak (legelariak gehienetan) zituzten Valladoliden eta Gortean probintziei zegozkien auziak kudeatzeko.

 

Nafarroako erreinua

Nafarroako errejimena erregearen eta erreinuaren arteko itun batean oinarritzen zen, itun bikoitz batean: errege berriak tronua hartzean zin egiten zuen Nafarroako Foruak Legeak eta usadioak gordeko zituela, eta orduan, zin egite horren ondoren, lehenago ez, Nafarroako Gorteek erreinu osoaren izenean leialtasuna agintzen zioten erregeari. Fernando Katolikoak Nafarroa beretu zuenean (1512), baldintza horixe jarri zuten nafarrek, alegia itun hura errespetatu zedila. 1513an zin egin zituen Foruak eta Legeak aurreneko erregeordeak, Komaresko markesak. Gero, errege Fernandok berretsi zuenetik XIX. mendea bitartean, errege guztiek berritu zuten zina.

Konkistatu zutenean Nafarroak bere erreinutasunari eutsi zion, bai eta erresumaren ezaugarri nagusiei: dirua, foruak, legea eta erakundeak. Horrek bereizten zuen Nafarroa Gaztelak Erdi Aroan beretu zituen gainerako erreinuetatik: Toledo, Sevilla, Murtzia eta abar. Austriako etxeko errege-erreginek Nafarroa begirunez hartzensegitu zuten: Nafarroako errege-erreginak ziren, baina Nafarroa ez zen Gaztelaren mendeko. XVIII. mendean tirabirak izan ziren, baina hala ere ez zen hautsi Nafarroaren nortasunari errespetua zor zitzaiolako ideia.ErregeaBera da erreinuko agintari gorena, baina haren agintea ez da sekula absolutua, itunaren ideiak mugatzen du, ituna errespetatzea agindu duenez gero. Erregeak, gainera, Foruak eta legeak errespetatzeaz gain, haiek hobetzeko obligazioa zeukan.

Gorteek proposatutako lege berriei onespena ematen zienean gauzatzen zen hobetzeko obligazio hori. Hona erregeak Nafarroari zion errespetuaren beste erakusgarri bat, erregeak bere burua Nafarroako bertako zenbaketa moldearen arabera izendatzea: hau da, Karlos I.a Nafarroako Karlos IV.a izan zen, Felipe II.a Nafarroako Felipe IV.a, eta abar. Erregeak ahal handiak zituen Nafarroan: auzitegiko eta administrazioko goi karguak izendatzen zituen, berak deitzen zituen Gorteak, eta burua ere bera zen, Gorteetan egindako legeak berak berresten zituen, bera zen gudarosteko agintari gorena, lege hausteak eta gaizkileak barkatzeko ahalmena zuen, eta epaitze eta erresumaren gobernatze lanak haren izenean egiten ziren. Baina erregea ez zen Nafarroan bizi, noizean behin joaten zen, eta orduan festa handiak antolatzen ziren (antolatze lanak zirela eta, herri batzuk zorpeturik gelditzen ziren).ErregeordeaErregea ez zenez Nafarroan bizi, pertsona bat izendatzen zuen haren ordezkoak egiteko, haren izenean erresuma gobernatzeko: erregeordea. Karguak ez zuen iraupen jakinik, baina zortzi urteko agintaldia luzetzat jotzen zen, eta zortzi baino gehiagokoa apartekotzat. Gaztelako goi nobleziako kidea izan ohi zen erregeordea.

Erresumatik irteten zenean –Gortera joan behar zuelako edo– beste norbait izendatzen zuen bien bitarteko erregeorde, haren ordezkoak egiteko.

Guztizko ahalak zituen, ez baita ahaztu behar erregea bera ordezkatzen zuela. Horregatik beste edozein agintarik baino aginte handiagoa zuen. Lau sailetan bana daitezke haren ahalak: Aginte legegilea: Erregeordeak legegintzan parte hartzen zuen batzuetan. Erregearen onespenez, Gorteak deitzen zituen, eta hasiera eta bukaera ekitaldietan bera zen burua. Gorteak egindako legeak dekretatzen zituen, eta arau edo xedapen orokorrak ematen zituen. Xedapen horiek Gorteetan erabakitzen zirenekin berdindu nahiizaten zituen berak, baina Gorteek kontraforutzat jotzen zuten hori.

Aginte judiziala: Auzitegiak erregearen izenean aritzen zirenez epaitze lanetan, erregeordea zen justizia administrazio horren burua. Besteak beste gaizkileak barkatzeko, justiziako karguak izendatzeko eta arauak emateko agintea zuen.

Aginte militarra: Erregeordea zen Nafarroako gudarosteko kapitain nagusia.

Nolanahi ere, militar profesionalek hartzen zuten benetako agintea. Haren esku zeuden Nafarroako gotorlekuak eta Iruñeko gaztelua –gotorlekua, gero–.

Aginte betearazlea: Hau zuen ahalmenetan garrantzitsuena. Kargu hori betetzeko informazioa eta aholkua ematen zioten Errege Kontseilaritzatik. Besteak beste, ohoreak eta tituluak emateko eta funtzionarioak izendatzeko ahalmena zuen, baina ez zeukan askatasun osoz jarduterik, erreinuaren Legeetara lotu behar zen. Gorteek eta Diputazioak arreta handiz zaintzen zuten haren jarduna, foru hausterik egin ez zezan.ErreinuaNafarroako gobernuaz hitz egitean bi aginte iturri aipatu behar dira: erregea eta erreinua, itun baten bidez lotuak biak.

Orain, erregearen eta erregeak Nafarroan zuen ordezkariaren –erregeordea– karguak aztertu ondoren, erreinua ordezkatzen duten erakundeak aztertuko dira, hau da, Gorteak eta Diputazioa.GorteakSalbuetsitako Probintzietako Batzar Nagusiek ez bezala, Nafarroako Gorteek orduko gizarteko estamentu banaketa islatzen zuten, hau da, hiru beso zituzten: noblezia, eliza eta estatu xehea. Elizaren ordezkariak goi karguak ziren denak: Iruñeko apezpikua (berak zuen lehendakaritza), monasterio nagusietako prioreak eta abateak (Leirekoak, Iratxekoak, eta abar), Tuterako deana eta Iruñeko bikarioa. Beste besoetako bat, beso militarra, Gorteetan eserlekua zuten nobleek osatzen zuten, Nafarroako kondestablearen lehendakaritzapean (Leringo kondeek zeukaten kargu hori). Hirugarren besoa unibertsitate edo herriek osatzen zuten: 38 herrik, zein bere prokuradorearekin.

Herri horien artean Nafarroako hiriak zeuden (Iruñea, Lizarra eta Tutera), eta Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko hiribildu nagusiak. Geroago, nobleen parte hartzea urritu zenean, herriaren ordezkaritzak gero eta lehentasun handiagoa izan zuen, eta, azkenean, gizarte sektore hori izan zen foruen defendatzaile nagusia.

Erregeak bakarrik dei zitzakeen Gorteak, baina horretarako ahalak ematen zizkion erregeordeari. 1561. urteaz gero ahalguztiak eman zizkion, Gorteen eskariei arreta eman ahal izan ziezaien. 1512-1800 bitartean 72 aldiz bildu ziren Gorteak, baina bileren maiztasuna urrituz joan zen: 41 aldiz bildu ziren XVI. mendean, 21 aldiz XVII.. endean eta 10 aldiz bakarrik XVIII.ean.

Erregeordeak inauguratzen zituen Gorteak (“Apertura del Solio”), eta deialdia egiteko arrazoiak azaltzen. Besoetako bakoitzak bere aldetik egiten zuen bilera; gero denak elkartu eta batzarrak egiten ziren. Lehenbizi kontraforuak aztertzen ziren, eta erregeak (edo erregeordeak) konponbidea emango ziela agindu ondoren, orduan bakarrik, hasten ziren erregearen eskariak aztertzen.

Dohaina (“donativo”) edo zerbitzua (“servicio”) esaten zitzaion diru emaitzari buruzko eskariak izaten ziren gehienetan.

Amaiera ekitaldiari “Cierre del Solio” esaten zitzaion. Gorteak, berez, legegintzaz arduratu behar ziren, baina garai hartan ez zeuden ongi zehaztuta erakunde bakoitzari zegozkion betebeharren mugak. Horregatik erakunde bakoitzak zeregin bat baino gehiago izan zezakeen. Gorteek, esate baterako, hiru zeregin nagusi hauek zituzten: 1) Kontrol zereginak: bai erregea bai errege funtzionarioak Foruei lot zitezen.

2) Lege zereginak: Gorteek legeak egiteko ahalmena zuten, baina legeek erregearen onespena behar zuten argitaratuak izateko; era askotako gaiei buruzko legeak izan zitezkeen (merkatuak, basoak, salneurriak eta abar).

3) Zerga zereginak: Gorteek bozketa bidez erabaki behar zuten erregeari “zerbitzu” edo “dohain” gisa zenbat ordaindu, eta horretaz baliatzen ziren bidegabekeriarik egin ez ziezaieten. Izan ere, erregeak onespena eman arte Gorteek ere ez zuten dohaina ematen. Bestalde zerga batzuen administrazioa ere haien esku zegoen (tabakoa, txokolatea eta artilearen salerosketa).DiputazioaGorteak biltzeko deialdiak urritu ahala, beste erakunde bat izateko premia sortu zen, Gorteak bildu bitarteko denboran Foruak errege funtzionarioen balizko erasoetatik babesteko eta Gorteek hartutako erabakiak betearazteko. Hauek dira Nafarroako Diputazioa sendotu bitarteko urte nagusiak: 1450, 1501, 1569 eta 1576.

Zazpi diputatu ziren: elizgizon bat, zeina izaten baitzen lehendakaria, boto batekin; nobleziako bi kide, boto banarekin; eta herritarren lau ordezkari: horietako bi Iruñekoak izaten ziren, eta boto bakarra osatzen zuten bien artean; beste biek Nafarroako lau merindadeak ordezkatzen zituzten txandaka, eta iruindarrak bezala boto bakarra zuten haiek ere. Diputazioko beste kide batzuek, berriz, ez zuten ez ordezkaritzarikez boto eskubiderik: idazkaria eta sindikuak ziren. Sindikuak legelariak ziren, eta ongi ezagutu behar zituzten Nafarroako Foruak. Haien zeregin nagusia Diputazioari aholku ematea eta hartzen ziren erabakiak betearaztea zen.

Diputazioan, ohiko auziez jarduteko ohiko bilkurak deitzen ziren, eta gorabehera handiko gaiez jarduteko, berriz, ohiz kanpoko bilkurak. Diputazioak hartzen zituen erabakiei “auto” esaten zitzaien. Foruak zaintzea zen haren zeregin nagusia, eta bitarteko berezi bat zuen horretarako: foru baimena, erdaraz “derecho de sobrecarta” edo “pase foral” deitua. Diputazioaren zeregin nagusia Nafarroako gobernua ikuskatzea zen, Nafarroa gobernatzea bainoago.

Baina arian-arian gero eta gobernu funtzio handiagoak bereganatu zituen, eta era askotako arazoetan esku hartu zuen.

Dena dela, honako hiru gai hauetan aritu zen batez ere: 1) Gai ekonomikoak: ordaindu behar zen dohainetik herri bakoitzari zegokion kuota edo zatia eskatzea; diru horretatik zati bat (“vínculo” delakoa) Gorteetako eta Diputazioko gastuak ordaintzeko gordetzen zen. Artilearen, tabakoaren eta txokolatearen gaineko zergak kobratzeaz ere arduratzenzen. 2) Gai militarrak: soldadu kupoen banaketa, nafar osteak erreinutik kanpo baimenik gabe ateratzea eragoztea, eta abar.

3) Nafarroaren defentsa eta ordezkaritza, hala auzitegietan nola gainerako erresumekiko edo probintziekiko harremanetan.Lurraldearen administrazioaLurralde gobernuaren oinarrian beste bi erakunde zeuden: merindadeak eta udalerriak.MerindadeakNafarroa bost merindade edo barrutitan banatua zegoen: Iruñea, Lizarra, Tutera, Zangotza eta Irunberri. Merioa zen merindade burua, errege agintaritzaren ordezkaria.

Ordena publikoa zaintzeaz arduratzen zen, soldaduak biltzeaz eta abar, eta zeregin horretan bazituen laguntzaileak: merio ordeak eta baileak. Merindade bakoitzak, bestalde, zerga biltzaile bat zuen. Aro Berrian zehar merindadeek gainbehera egin zuten administrazio erakunde gisa, Iruñeko organismoak eta ofizialak bereganatuz joan zirelako merioen agintea. Gainera, herri batzuk –Viana, Cascante eta Corellak, adibidez, hiri titulua eskuratu zutenean– merindadeetatik banandu ziren, eta merioaren agintaritzaz kanpo gelditzea lortu zuten.Udalerriak: bailarak, hiribilduak eta hiriakNafarroako erditik iparralderako herriak bailaraka antolatu ziren gehienak. Hau da, herriek –herri txikiak gehienak– elkartu, eta udalerri bat osatzen zuten. Herri batzuek ordea, hala nola garrantzizko hiribildu batzuk (Bortziriak), edota Erdi Aroan Nafarroako muga gipuzkoarren erasoetatik babesteko sortu ziren beste muga herri batzuk, bestela jokatu zuten, elkartu gabe.

Iruñerrian era horretako herri elkarketari ez zitzaion bailara deitu, zendea baizik. XVI eta XVIII. mendeen bitartean dozena bat herri baino gehiago banandu zen bere bailaretatik.

Nafarroako erditik hegoalderako zatian, berriz, herri gehienak hiribilduak ziren, herri handiak, eta bakoitzak udalerri bat osatzen zuen. Bi hiribildu mota ziren: hiribildu arruntak, batetik, eta bereziak edo “hiri onak” (“buenas villas”), bestetik. Hiri onek besteek baino abantaila gehiago zituzten, eta prokuradorea zuten Gorteetan. XVI.. endearen hasieran hiru hiri zegoen Nafarroan –Iruñea, Lizarra eta Tutera–, baina Felipe IV.ak beste sei izendatu zituen: Viana, Erriberri, Corella, Cascante, Tafalla eta Zangoza.

Udal gobernuaren egituran alde handiak zeuden herritik herrira: udalerri bakoitza bere pribilejioen edo ordenantzen arabera gobernatzen zen. Ofizialen izenak eta funtzioak ere desberdinak ziren. Udaletxeari Errejimentu deitzen zitzaion, eta errejidoreez osatua zegoen, alkate baten agintaritzapean.

Herri gehienetan batzar irekia deitzen zen urtean behin gutxienez. Ofizialenahalak gaur egungoak baino handiagoak ziren. 1547an Gorteek ordenantza batzuk prestatu zituzten udalerrientzat, baina ez ziren leku guztietan berdin bete. Karguak eta erabakiak gehiengoaren arabera hautatzea eta hartzea, eta kargu eta postu berriak sortzea proposatzen zen: diruzaina, errejistroak, eta abar.

Udalek gaur egungoek baino baliabide ekonomiko handiagoak zituzten; lurrak zituzten, mendiak, errotak, eta abar. Udalaren ondasunak bi eratakoak izan zitezkeen: ondasun propioak eta herri ondasunak.

Aurrenekoak akuran uzten ziren, eta hortik ateratzen zen dirua udalerriko administrazio gastuak eta zergak ordaintzeko erabiltzen zen. Herri lurrak, berriz, herritar guztienak ziren, denek zuten haiez baliatzeko eskubidea, eta horretarako, lotetan banatzen ziren; herri lurrak denen onerako ziren, baina batez ere behartsuen onerako.

Udalerrien kontrol organoa Errege Kontseilua zen, zeinak ikustaldiak eta egonaldiak egiten baitzituen tarteka. 1604an ikustaldien ordez urteko kontuen kontrola egiten hasi ziren. Arlo militarrari dagokionez, alkateak erregeordearen esanetara egon behar zuen.

Epaileak ere Gorte Nagusiaren mende zeuden.

Udaletxeek, bestalde, lotura estuak zituzten Diputazioarekin eta Gorteekin; Gorteak zituen besoetako bat ziren hain zuzen ere. Horrexegatik izan zuten horren eragin handia Gorteetan, horrexegatik defendatzen zituen Diputazioak Errege Kontseiluaren aurrean.Justiziaren administrazioaUdalerrietan alkate arrunta zen justizia administrazioaren arduraduna. Udalerri edo bailara bakoitzak bazuen bat, eta hori merkatu alkatearen esanetara egoten zen.Merkatu alkatea udalerriko herri buruan bizi zen, eta haren agintaritza zenbait herri eta bailaratara hedatzen zen. Hiri eta hiribildu forudunak, berriz, ez zeuden merkatu alkatearen mende. Auzitegi horietatik gora jotzean, Gorte Nagusira jo behar zen, Iruñera.

Bertan sortzen ziren edo udalerri eta eskualde epaileengandik heltzen ziren auzi zibilak eta kriminalak epaitzea zen Gorte Nagusiaren zeregina.

Beste auzitegi inportante bat, Iruñean, Kontu Ganbara zen (“Cámara de Comptos” gaztelaniaz), zeina lau epaileez eta bi idazkari laguntzaileez osatua zegoen. Diruzain nagusiak eta ekonomiaz arduratzen ziren beste funtzionario batzuek aurkezten zituzten kontuak aztertzea zen Ganbararen zeregin nagusia. Bestalde, Koroaren zergekin eta ondasunekin zerikusia zuen auzi oro erabakitzeko auzitegia zen Kontu Ganbara.

Azkenik, Errege Kontseilua zegoen, Nafarroako auzitegi gorena, goranzko azkeneko epaimahaia. Erdi Aroan sortu zen, eta hasieran erregeari aholku ematen zion kuria baten gisakoa izan zen, apaizez eta nobleez osatua. Baina pixkana-pixkana legegizonek lekua kendu zieten noble eta apaizei, eta Nafarroako epaimahai gorena bihurtu zen XV. menderako, Gorte Nagusiak baino ahal handiagoak zituela. 1512. urtetik aurrera lurralde auzitegien antzeko erakunde bat zen, baina zeregin bikoitza zuen, hau da, gobernu eskumenak ez ezik justizia eskumenak ere bazituen. Bestalde, bazuen gainerako Errege Kontseiluetatik bereizten zuen ezaugarri bat, egoitza Madrilez kanpo zuen bakarra izatea, Iruñean bertan baitzuen. Abantaila hori erregearen baimena izango zen agian, baina Nafarroako Foru eta Legeetan ere argi adierazten zen auzitegiak Nafarroaz kanpo egoteko debekua.

Erregeordeak eta sei kontseilarik osatzen zuten Errege Kontseilua, denak erregeak izendatuta. Erregeordea eta bi kontseilari ez ziren nafarrak. Hain zuzen ere horiek ziren erregeak izenda zitzakeen bost goi funtzionario ez nafarretatik hiru. Zazpi kontseilarietatik hiru Nafarroaz kanpokoak zirenez, gainerako erakundeak baino errazago makurtzen zen hau Madrilgo esanetara.

Erregeak, bestalde, zenbait bide zuen Kontseilua kontrolatzeko, eta horietan erabiliena “ikustaldia” zen. Ikuskatzaileak, behin ikustaldia bukatuta, Kontseilua zertan zen jakinarazten zion erregeari, eta inoiz aldaketaren bat egiten zen arautegian. Goraxeago aipatu den bezala, Kontseiluak bazituen gobernu funtzioak ere: erregeordeari aholku ematea eta harekin batera beharrezko dekretu edo arau guztiak prestatzea ziren nagusiak.

 

Ipar Euskal Herria

Ipar Euskal Herria edo Iparraldea hiru probintziaz osatua dago: Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa. Aro Berrian nortasun politiko eta juridiko berezia izan zuten hiru probintziek, zein bere gobernu erakundeekin, baina Frantziako Iraultzaren etorrerak berehala ezeztatu zituen ezaugarri berezi horiek guztiak.

 

Lapurdi

Iparraldeko mendebaleko probintzia da Lapurdi (800 km 2 ). Baiona izan zuen hiriburua, baina Lapurditik guztiz banandua gelditu zen 1215erako. Lapurdiko historia ingelesen historiarekin lotua dago XII. mendeaz gero, Ingalaterrako erregeak Akitaniako dukeak baitziren aldi berean. Ehun Urteko gerra amaitu zenean, Zuberoa eta Lapurdi Frantziako Koroaren mende gelditu ziren (1451), baina administrazio eta ohitura tradizionalak gordeaz betiere.

Frantziako erregeen iritziz pribilejio arruntak ziren Lapurdiko gobernuaren berezitasun horiek, eta bazen horiek justifikatzeko aski arrazoi: batetik, Lapurdiko probintzia muga lurraldea zen, eta horrek, gerrak edo inbasioak zirela eta, hondamena zekarkion sarritan; bestetik, lapurtarrak leial egon ziren beti Frantziako Koroari, eta soldadu joaten ziren asko, 1.000 gizon inguru aldi bakoitzean (alegia, gizon bat 60 biztanleko, gutxi gorabehera); azkenik, abantaila bereziak izatea justifikatzen zuen beste arrazoi bat herrialdearen behartasuna bera zen. Horrek guztiak ekarri zuen hain zuzen Lapurdik zerga eta administrazio abantaila bereziak izatea; lapurtarrek urtero ordaintzen zuten zerga kopurua Frantziako gainerako biztanleek ordaintzen zutena baino txikiagoa zen (hiruzpalau libera biztanleko lapurtarrek, eta 10-20 gainerakoek); administrazio abantailak orain hurrengo ikusiko dira, erakundeei buruzko azterketa honetan barrena.

Erregearen funtzionarioen artean bailea zen nagusia. Bailearen kargua Erdi Aroan sortu zen, Lapurdi ingelesen mende zela. Ofizial horrek zituen probintziako ahal nagusiak: milizia eta auzitegi burua zen, eta errege funtzionario guztiak haren esanetara zeuden. Bizi osorako kargua izan zen herrialdeko familia batzuen artean. Bailea seneskalaren esanetara zegoen, eta parrokia bakoitzeko merioak, berriz, bailerenean.

Batzarra zen herritarrak ordezkatzen zituen erakundea. Etxejaunen ordezkariek bakarrik har zezaketeen parte Batzarrean; nobleek eta apaizek ez, horiek ez zuten zeresan politikorik batere. Batzarra parrokietako ordezkariek osatzen zuten, eta sindikuak–ordezkari horiek hautatutako kargu bat, besteak beste bi Batzarren arteko auziak kudeatzeaz arduratzen zena bera– deitzen zuen Batzarra. Etxejaunen batzar nagusietan hautatutako ordezkariak bildu, sindikuak deitzen zituenean biltzen ziren.

Sindikuarengandik aztergaien berri jakin ondoren, beren parrokietara itzultzen ziren.

Han parrokiako batzarraren iritzia eskatzen zuten, eta Batzarrera itzultzen ziren atzera, zer erabaki hartu zuten jakinaraztera. Batzarrak eskumen unibertsala zuen, justiziaren administrazioan izan ezik. Izan ere, haren erabaki garrantzitsuenak zergak eta gastuak parrokien artean banatzeko moduari zegozkion.

Lapurdiko miliziak XVI. mendearen bukaeran sortu ziren, bertako biztanleek bidelapurren erasoetatik eta nobleen gehiegikerietatik babesteko sortu ere. 1.000 gizon ziren guztira, Batzarrak parrokietan banatuak, eta bailearen agintaritzapean.

Udal administrazioa parrokia eta auzo batzarretan gauzatzen zen. Etxejaunek osatzen zuten parrokiako batzarra: parrokiako alkatea eta epaileak (auzo bakoitzeko bana), eta batzarrera bidali beharreko ordezkariak hautatzen zituzten, eta parrokiaren ondasun komunak administratzen zituzten.

Batzuetan ondasun horiek auzoka banatzen zituzten, hobeto kudeatzearren.

Justizia erregearen izenean administratzen zen. Udalerrietan jaunei zegokien epaitze lana betetzea, baina auzi zibiletan bakarrik.

Bailegoaren auzitegia Ustaritzeko gazteluan zegoen; Aro Berrirako soilik funtzionarioez osatua zegoen. Bailegoko burua bailea zen, baina bi teniente nagusi aritzen ziren haren ordez, bat auzi zibiletarako etabestea auzi kriminaletarako. Auzitegi horrek eskumen unibertsala zuen, bailea baitzen bailegoko akzio zibil eta kriminal guztietako epaile arrunta. Auzitegi horren epaiak apelatzeko Lannesko seneskalarengana jo behar zen, Baionara, eta gorago, Bordeleko Legebiltzarrera.

 

Nafarroa Beherea

Nafarroa Garaiaren eta Beherearen arteko loturaren berme nagusia errege-erreginek mugaz iparraldera zituzten ondasunak ziren. Nafarroa zabaltzearen hasierako arrazoia itsasora irteteko bidea izatea zen, Nafarroako merkataritza sendotzearren. Nafarroa Beherea “bailara” edo “herrialde” elkarte bat zen, Nafarroako errege-erreginen agintaritzapean, baina hango errege erakundeak eta foruak ez ziren Nafarroa Garaikoak bezalakoak.

Nafarroako konkista (1512) eta Nafarroa Beherearen banakuntza (1521-1530) zirela eta, mugaz iparraldera eraman ziren Nafarroako monarkiaren erakunde zentralak.

Bien bitartean, 1608-1611 bitarteko urteetan prestatuko Forua (1632an argitaratua) Foru Nagusia ordezkatzen saiatzen zen.

Hurrengo orrietan Nafarroa Beherea Aro Berrian nola administratu zen eta zer erakunde izan zituen ikusiko da.

Aurren-aurrena, azter dezagun errege administrazioa eta administrazio horretako funtzionarioak. Errege administrazioko funtzionario nagusia Donibane Garaziko kapitaina zen, erregearen ordezkari nagusia arlo guztietan: administrazioan, zerga kontuetan, arlo militarrean, eta abar. Lurraldeko bailaretan, baina, beste errege ordezkari batzuk zeuden, kapitainaren esanetara, zeinek tokian tokian izen desberdina zuten: baile, merio edo alkate. Alkaideek bezala, agintari horiek ere, zeinek bere barrutian, aginte militarrak, administratiboak, finantzieroak eta judizialak zituzten.

Finantza arloan bazen kargu aipagarri bat, Errenta Biltzailea, zeina finantzak zentralizatzeaz eta zerga mota guztiak kobratzeaz arduratzen baitzen. Laguntza gisa, zerga biltzaileak zituen, bailara edo herrialde bakoitzean bana.

Nafarroa banandu ondoren, erregeak zenbait erakunde sortu zuen Iruñean zeudenen ordez. Horrela sortu ziren Kantzileria (Donapaleun) eta Estatu Nagusiak.Estatu NagusiakEstatu Nagusiak hiru estatuko kideez osatuak zeuden: hau da, nobleez, elizgizonez eta herri xeheaz edo hirugarren estatuaz.

Elizgizonen estamentuan Baionako eta Akizeko apezpikuen artxidiakonoak, Donapaleu, Utzieta eta Haranbeltzeko prioereak eta Donibaneko parrokoa zeuden. Nobleziaren ordezkariak 118 etxejabe nobleak ziren; eta hirugarren estatuaren ordezkari gisa, berriz, herrialde eta hiribilduetako 25 diputatu zeuden. Azkeneko horiengan zegoen ardura nagusia, soilik hirugarren estatuko diputatuek baitzuten botoa emateko eskubidea eta erabakitzeko ahalmena ekonomia eta finantza arazoetan.Frantziako erregea, aginte zentrala Nafarroa Beherean areagotzeko, noblezian bermatu zen gehienbat. Erregearen esku hartze gero eta handiagorako bilakaera horretan mugarri jakin batzuk aipatu behar dira: 1512an, Fernando Katolikoak Nafarroa bereganatu zuen, Joan Albret eta Katalina I.a Nafarroako errege-erreginei erresuma kenduta; Albako dukeak Donibane Garazi ere hartu zuen. Joan 1516an eta Enrike 1521ean, galdutako lurraldea berreskuratzen saiatu ziren, baina huts egin zuten bi-biek. Azkenik, 1521 eta 1530. urteetan, borrokarik egin gabe eta akordio politiko garbirik hartu gabe, Karlos I.ak bertan behera utzi zuen Nafarroa Beherea. Horrela, urrats handia eman zen muga naturalen alde (Pirinioak), Nafarroa Espainiako eta Frantziako Koroen artean banatzeko politikaren alde. Enrike II.ak Donapaleun ezarri zituen erreinuko erakunde zentralak (Kantzileria, Estatu Nagusiak, moneda, eta abar). Joana Albretekoa eta beraren senarra –Antonio Borbongoa– Felipe II.arekin negoziatzen ahalegindu ziren, baina harremanak gaizkituta zeuden erlijio gerrak zirela eta; izan ere, Joana baitzen higanoten buru. Joanaren seme Enrike III.ak heredatu zuen erreinua; 1589an Frantziako tronua ere eskuratu zuen, Enrike IV.a izenaz. Enrikek Frantziako Koroaz kanpo utzi zituen bere jabetzako lurrak, baina 1620an, haren seme Luis XIII.ak Batasunaren Ediktua ezarri zien Biarnori eta Nafarroa Behereari, Frantziako Koroara bilduz Nafarroa Beherea ez ezik Biarno eta Andorra eta Donezan, eta Legebiltzar batera bilduz, Pauen, Nafarroako Kantzileria eta Paueko Kontseilu Soberanoa. 1611rako jada erregeak ezarria zuen Foru Berria, zeina ez zen zaharra bezain demokratikoa. Nafarroak galarazita, ez zen 1645. urtea arte inprimatu.

Foru Zaharraren arabera erregeak Foruak zainduko zituela zin egin behar zuen, nafarren zina jaso baino lehen. Foru Berrian, aldiz, erregeak ez zuen zin egin beharrik.

Beraz, hautsi egin zen elkar errespetatzeko ituna, eta bide eman zitzaion gobernu absolutuari.

1620ko Ediktuaren bitartez Justizia Paueko Legebiltzarrera transferitu zen.

1643an galdu zen Nafarroako moneda.

1632an erregea Nafarroa Behereko Estatu Nagusiak deusezten ahalegindu zen, baina ez zuen lortu. Hala ere, Estatuek legegintzarako ahalak galdu zituzten pixkanapixkana.

Nafarroa Behereko herrialde edo bailara bakoitzak Gorte Nagusi bat zuen, etxejaunen ordezkariez osatua, herrialdeko bertako arazoak administratzeko. Donibane Garaziko Gortera, adibidez, bina diputatu joaten ziren 24 parrokietako bakoitzetik; nobleen botoa aholku emateko zen bakarrik.

Amikuzen bi Batzar bereizten ziren.

Baileak (erregearen ordezkaria) deitzenzuen –eta bera zen buru–, baina deitzeko agindua ematea sindikuari zegokion (sindikua herritarrek hautatzen zuten). Gorte Nagusiek eskumen unibertsala zuten, baina batez ere lurrak eta ondasun komunak kudeatzeaz arduratzen ziren, beste bailara batzuekin itunak egiteaz, larreak eta luberritzeak arautzeaz, eta abar.Udal administrazioaUdal administrazioaren oinarrizko erakundea Parrokiako Batzarra zen; Lapurdikoen antzeko ezaugarriak zituen. Parrokiako Batzarraren bitartez adierazten zen etxejaunen borondatea. Batzar horiek hautatzen zituzten parrokietako alkateak eta epaileak, bai eta Gorte Nagusietako diputatuak ere, zeinak haien esanetara zeuden.

Bestalde parrokiako ohiko auziak eta herri lurrak administratzeaz arduratzen ziren.Justiziaren administrazioaPlebeioei dagokionez, alkate arrunta izaten zen epaile aurreneko auzialdian; gero, gora jotzeko, Alkate Nagusiarengana jo behar zuten plebeioek. Nobleei, berriz, erregearen Gortearen jurisdikzioa zegokien; Gorte hori 12 aberatsek eta Gorte Alkateak osatzen zuten.

Maila bat gorago bailaretako edo herrialdetako jurisdikzioak zeuden. Gorte –edo auzitegi– horietan erregearen ordezkaria zen buru (merioa, bailea edo alkatea), herritarrek hautatutako epaile batek edo bik lagunduta.

Astero deitzen zen Gortea, baina edozein unetan dei zitekeen, hala behar izanez gero. Eskumena zuen auzi zibiletan eta kriminaletan. Hiribilduetako Alkateek jurisdikzio propioa zuten auzi zibil eta kriminaletan.

Gora jotzeko azkeneko aukera Donapaleuko Kantzileriako auzitegi gorena zen, errege funtzionarioz osatua. Lehentxeago aipatu den bezala, justizia organo hori 1620az gero Paueko Legebiltzarrera aldatu eta bildu zen. Handik aurrera, beraz, Pauera jo behar zen apelatzera.

 

Zuberoa

Zuberoa probintzia horretako bizkondeen mende egon zen, harik eta 1307an Ingalaterrako errege eta Akitaniako dukeak bizkonderria bereganatu zuen arte. XV.. endearen erdialdea arte egon zen Zuberoa Akitaniako dukearen pean, 1449an Gaston IV.a Foixko konde, Biarnoko bizkonde eta Frantziako erregearen teniente nagusiak Mauleko gaztelua hartu zuen arte, hain zuzen ere. Nola 1339rako Felipe VI.a Frantziako erregeak Zuberoa agindu zion Gaston II.a Foixkoari lurraldea ingelesen mendetik askatzen bazuen, Gaston IV.akerregearen agindu hori eta konkista eskubideak argudiatu zituen bere jabetza justifikatzeko.

Nolanahi dela ere, eta zenbait gorabeheraren ondoren, Zuberoa Gaskoinari lotua gelditu zen, Frantziako Koroaren mendean (1500-1510). Handik hara Zuberoako probintzia ofizial eta erakunde hauen administraziopean egon zen:Erregearen ofizialakErregearen agintaritzaren ordezkari nagusiak honako hauek ziren: Mauleko gazteluko kapitaina. Bera zen erregearen lehen ofiziala, haren ahalen ordezkaria: Estatu Nagusien, Justizia Gortearen eta gudarostearen buru zen, eta errege zergak kobratzeaz eta erregearen ondasunak administratzeaz arduratzen zen. Nolanahi dela ere, bera Gaskoiniako seneskalaren esanetara zegoen. Kapitainaren mendeko kargu nagusia, berriz, bailea zen.

Bi baile zeuden, berak izendatuak, bata Iparraldean eta bestea Hegoaldean, gaizkileak jazartzeko eta atxilotzeko. Haren mendeko beste kargu bat mezulariak ziren: Estatu Nagusiak deitzeaz, erabakiak justiziari jakinarazteaz eta abarrez arduratzen ziren.Herriaren ordezkariakHerritik bertatik sortutako erakundeak hauek ziren: Estatu Nagusiak ziren erakunde politiko gorena –1520az geroztik Ordako Gortea deitua–, nobleek, elizgizonek eta herriak osatua. Kapitainak deitzen zituen, Zuberoako “jaun handiekin”, aitoren semeekin eta “jakintsuekin” hitz egin eta gero.

Batzar Handia nobleei eta elizgizonei zegokien batzarra zen.

Zinbideta hirugarren estatuko etxejaun guztiak biltzen zituen erakundea zen.

1520tik aurrera etxejaunen ordezkari gisa “prokuradoreak” bidaltzea erabaki zen.

Nolanahi ere Ordako Gorteak (edo Estatu Nagusiak) zuen lehentasuna, “Batzar Handiaren” eta “Zinbidetaren” batasuna baitzen.

Beraz, ordezkaritza arauak Zinbidetarenak berak ziren. Garrantzi handiko kargu bat Sindiku Orokorra zen; Zinbidetak hautatzen zuen baina Estatu Nagusietan ere kargu hori bera betetzen zuen. Nolabait esateko herria ordezkatzen zuen bilkuretan.

Estatu Nagusiek eskumen ia orokorra zuten.Udal administrazioaLurralde administrazioan hauek ziren erakunde nagusiak: Mezulari eskualdeak, hiru ziren (Pettara, Arballak eta Basabüria), zazpi deganeriatan banatuta. Deganeria bakoitzean hautesten ziren deganak, txandaka, parrokienartean. Sindikuaren eta parrokien arteko lotura ziren, zergak biltzen zituzten, zitazioak entregatzen zizkioten Lextarreko Gorteari, eta Ordako Gortea deitzen zuten.

1520ko kostumaren arabera parrokietako auzokideak ohiko arazoak eztabaidatzera biltzen ziren. Parrokiako Batzar horietan parrokia ofizialak (“sainhoak”) hautesten ziren zozketa bidez. Deganek deganerietan zituzten ahal berberak zituzten parrokia ofizial horiek parrokietan, eta zergak kobratzeaz arduratzen ziren. Maila bat beherago Auzo Batzarrak (“igurbeak”) zeuden. Ordako Gortetik hasi eta igurbeetaraino, batzar sistema oso bat zegoen, bai denei zegozkien negozioak kudeatzeko bai ordezkari hautetsiek batzarretan hartutako erabakiak betearazteko. Baina aginte osoa etxejaunei zegokien, bilera horien oinarria baitziren.JustiziaLextarreko Gortea Lextarreko intxaurrondoaren itzalera biltzen zen. Hura zen Zuberoko justizia erakunde bakarra. Mauleko kapitaina zen Gorteko burua. Zuberoako 10 jaun handik (gaskoieraz, potestat) eta berrgoeita hamar bat aitoren semek –etxe nobleen jabe– osatzen zuten. Azken horiek lau bilkurez behin joateko obligazioa zuten, eta ezpataz, botez eta ezproiez hornituak joaten ziren, beren bikaintasuna areagotzearren.

Lextarreko Gortearen jurisdikzioa auzi zibiletara eta kriminaletara hedatzen zen.

Haren epaiak apelatzeko Akizeko zinpeko epaileen Alkatearen Gortera jo behar zen edota Lannesko seneskalaren Gortera, akusatuari zer komeni zitzaion. Handik Guyenneko seneskalaren Gortera jo zitekeen, eta, azkenik, Bordeleko Legebiltzarrera.Argi dago Iparraldeko hiru probintzietako erakundeek antzekotasun handiak dituztela elkarrekin, nahiz eta xehetasunetan alde handiak izan batetik bestera. Erakunde nagusiak, esate baterako, nahikoa antzekoak ziren (Batzarra Lapurdin, Estatu Nagusiak Nafarroan, eta Ordako Gortea Zuberoan). Argi dago guztiek jatorri demokratikoa zutela eta estamentu pribilejiatuak (noblezia eta elizgizonak) baztertu zituztela, batez ere Lapurdin, non erabat baztertu zituzten, baina baita beste bi probintzietan ere, non parte hartu bazuten ere, herri xeheak hartzen zituen erabaki guztiak.

Erakunde horiek, beraz, etxejaunen agintean eta ordezkaritzan oinarri hartuta sortu ziren.

Erregearen ofizialek (bailea edo kapitaina) eginkizun berdinak zituzten, eta antzeko ahalak. Lurraldearen administrazioan bailarak, parrokiak, auzoak eta abar bereizten ziren, Batzarretan ohiko arazoak eztabaidatzen ziren, ofizialak eta diputatuak hautatzen, eta abar. Justiziaren administrazioan ere antzeko auzitegiak zituzten (Nafarroa Beherekoak konplexuagoak, agian), eta guztietan, gora jotzeko, lurraldetik kanpo jo behar zuten, Pauera behenafartarrek, eta Bordelera lapurtar eta zuberotarrek.

XVI eta XVII. mendeetako Foruak ez ziren berri-berritik idatzi; aitzitik, aurreko kostumen funtsa islatu zuten. Hiru probintzietan etxeen berdintasuna eta iraunkortasuna izan zen administrazioaren printzipio oinarrizkoa; etxeko nagusiak edo kudetzaileak (etxejaunak) beren borondatea askatasunez adierazten zuten batzarretan. Beraz, dudarik gabe probintzia horietako gobernua, udal erakundeetakoa behintzat, demokratikoagoa –eta agian atzeratuagoa– zen “Salbuetsitako Probintzietakoa” baino.