Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia»Erdi aroa - Ekonomia

Biztanleak eta jendeztatzea (XIV-XV. mendeak)

Arabako biztanleria 1537an. Biztanle dentsitatea (auzoak/km 2 ).<br><br>

 

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia

1280tik aurrera, pitzatzen hasten da aurreko aldiko nekazaritza hazkundearen ezaugarri izandako maila guztietako irudi bikain hura. Joera aldaketa horren arrazoiak, hain zuzen ere, aurreko hazkundeak sorrarazitako kontraesanetan bilatu behar dira, Araban, batez ere, lurralde honetakoak izan baitziren emaitza distiragarrienak. Lehenik, demografiaren arloko kontraesanak, produkzioak hazteari utzita ere biztanleriak goraka jarraitu zuelako. Teknika arloko kontraesanak ere sortu ziren, labore lurren eta abeltzaintzaren artean ezarritako harreman korapilatsuen ondorioz. Eta, azkenik, gizarte kontraesanak, aurreko hazkunde aldian ?eta lehendik aipatutako bi gertakarien ondorioz?, sortuak. Lehenengoa, lanaren bidez egindako ordainketen ordez gauzetan ordaindutako zergak ezartzea, eta, bigarrena, gauzetan ordaindutako zergak, diru zerga bihurtzea. Hazkundeak iraun zuen bitartean, errentaren osoko kopuruaren gorakadak orekatzen zuen zerga tasaren jaitsiera, baina hazkundea eten zenean, jaunen errenten gainbeheraldia geldiezina izan zen, lurrak lantzeari uztearen, diru zergak fosildu izanaren, eta diruak balioa galtzearen ondorioz.

1340tik aurrera hasten da nabarmentzen biztanleriaren jaitsiera Bizkaiko hiribilduetako foruen testuetan. Nafarroako su liburuen bitartez badakigu 1348ko Izurri Handiak eragin handia izan zuela Arabako Errioxan. Esate baterako, Biasterin eta honen mendeko auzuneetan, 1350etik 1366ra etengabe jaitsi zen biztanle kopurua. Urte horretan jo zuen hondoa eta kopuru bertsuekin jarraitu zuen 1427ra arte. Baina, esandako atzerakadari buruz dauden albisteek ez dute ia inoiz kopururik aipatzen, aldiz, hustutako herriez-eta hitz egiten dute.Orain arte ezagutzen diren datuetatik pentsa liteke biztanle galera handiagoa izan zela barnealdeko lurretan, itsasertzean baino.

Kostaldean, abeltzaintzan, burdinoletan, eta merkataritzan ere lan egiten zenez, ez bide zen ezagutu barnealdeko demografia beherakada.

Esate baterako, Nafarroako erreinuan biztanle galera nabarmena gertatu zen.

Lurraldearen okupazioan gertatutako atzerakadak bi alderdi ditu: landutako eremuaren gutxitzea, bata, eta, ordu arte jendeztatuak zeuden auzune eta herrixkak bertan behera utzi eta hustea, bestea.

1352an, ?Libro Becerro de las Behetrías? delakoan, Gaubeako Pinedo auzunea aipatzean, zera esaten da: ??an los sennores sus infursiones (lurrak erabiltzeagatik jaunari ordaintzen zitzaion errenta) en los solares poblados e agora non ay solar poblado?? Lurrak uztea, hala ere, konplexutasun handiko gertakaria da, eta, ekonomiaren arloko arrazoiak bezala, gizarte arlokoak ere kontuan hartu beharra dago. XIV. mendearen erdialdetik aurrera gertatzen diren lur uzte hauek ulertzeko, kontuan hartu behar da garai hartako beste gertakari bat ere: jaunen esku hartzea, hain zuzen. Izan ere, jaunei komeni zitzaien euren zergapeko nekazariak lur aberatsen eta errentagarrienetara biltzea, nekazarien kontrola edota babesa erraztu egiten baitzen horrela. Dirudienez, XIV. mendearen bigarren erdian agitu ziren aipatutako bi gertakariak, Europaren mendebalean bezala.

Esandako auzune hustea nahiko doi neur daiteke Arabaren kasuan. Hirurogeita hemezortzi izan ziren guztiz hustu zirenak, hau da, 1300ean jendeztatuak zeudenetatik %14. Dirudienez, harreman estua dago herrixken hustutzean eta herrixka horien altueraren artean. Probintziako biziguneen batez besteko altuera 500-600 metro bitartekoa bada, hustutako gehienak (%43,5) 600 eta 700 bitartean kokatuak zeuden, eta Lautadan, batik-bat. Hustutako auzune hauetako asko aurreko hazkundearen azken aldiansortutakoak ziren, baina izan ziren jauntxoen arteko gerren ondorioz hustu zirenak ere, eta baita biztanleen beraien ekimenez hustuak ere, Araban sortutako azken hiribilduetatik ?Done Bikendi Harana, Legutio, Burgelu, Dulantzi? hurbilen zeuden auzuneetan gertatu zen bezala, eta orobat azkena sortutako hiribilduan, Marakaldan, alegia. Edozein moduz ere, husketa prozesuak, aurreko hazkunde garaian garapen maila handienak lortutako eremuetan gertatu zelarik, biztanleria birbanatzea, ekonomia jarduera abeltzaintzara zuzentzea, eta paisajeen aldaketa ekarri zituen ondoriotzat.

Demografia berriro goraka hasterakoan, abiagune desberdina izan zuten itsasaldeko eta barnealdeko lurraldeek. Azken horietan, handiagoa izan baitzen atzerakada, uste denez, lehenengoetan baino. Kostaldeko lurretan, XIV. menderako ekonomiak zuen dibertsitate mailagatik, demografiaren leheneratze prozesu baten aurrean baino, hazkundearen erritmo azkartze baten aurrean gaudela esango genuke. Hala ere, XIV.. endeko demografia atzerakada sortarazi zuten kanpoko faktoreak ?uzta txarrak, goseteak, izurriak? asko bakandu ziren hurrengo mendean. Gainera, gertatzen direnean ere, erantzun eraginkorragoa ematen zaie aurreko aldian baino.

Nekazaritza mundutik abiatu zen demografiaren gorakada, eta XV. mendearen bigarren erditik aurrera bizkortu egin zen.

1380tik hasita ezagutzen diren datuak hartuta (kopururik ia ezagutzen ez bada ere) badirudi hasia zela biztanleria goraka urte horietarako. Eta aldi horri buruz ezagutzen diren kopuru datu urriek ?Arabako Errioxa eta Trebiñoko konderriko zerga iturrietatik atera dira?, esandako irudipena egiaztatzera datoz. Trebiñoko biztanleria %36 hazi zen 1456tik 1522ra, 1497tik aurrera hazkundea mantsotu egin bazen ere. Irudian ikus daitekeen bezala, 40 su baino gutxiagoko tokiak dira gehien hazten direnak, eta horienartean, esandako bi daten artean, krisialdikoan hustutako tokiak pixkanaka berriro jendeztatzen joaten direla ikusten da, eta, aldiz, behera egiten duela 10 suz azpitiko biziguneen kopuruak.

Arabako Errioxan, Biasteri eta auzuneetako biztanleria ia bikoiztu egin zen 1427- 1537 bitartean, eta beraz, Izurri Beltzaz aurretiko biztanle kopuruak gainditu egin ziren.

Kasu honetan, XVI. mendearen lehen urteetan gertatzen da, batik-bat, esandako hazkundea. Gainera, auzuneetako biztanleria da gehien hazten dena, hiribildukoa atzeraxeago geratzen den bitartean, eta 1507ko izurria ere ez da hiribilduaren mesederako gertatzen.

Bi kasuetan ohartzen gara biztanleriak gora egiten duela XV. mendean, nahiz eta hazkundea txikiagoa izan Biasteriren kasuan, 1464an Gaztelako koroara eratxiki zen arte jasandako erresuma arteko guden ondorioz.

Trebiñoren kasuan ere, hazkundea mantsotu egin zen 1507ko izurriaren ondoren.

Eta gauza bera gertatzen da Arabako beste zenbait eskualdetan ere ?Lautada, Haranak, Zigoitia?, XVI. mendearen lehen urteetan han-hemenka agertzen hasten diren parrokietako lehen datuetatik antzeman daitekeenez. Datu horietatik ikusten da, 1515-1520tik 1540 bitartean gutxienez, behera egin zutela bataioek. Agerian geratzen dira horrela biztanleriaren hazkundetik eratorritako egitura arazo larriak.

Hiribilduetan ?hobeto ezagutzen baitira, utzi dituzten agiriengatik?, egoera desberdinak bereiz daitezke. Lehenik, Biasteriren kasuan esan den bezala, hiribilduko biztanleria ez da hazten inguruko auzuneetakoa bezainbat, aldiz, lehenean gelditzen dela esan daiteke. Irudi hori, ordea, ez dagokie Arabako gainerako hiribildu guztiei ?«auzune harresidun» ere deitu izan zaie?; izan ere, Trebiñoren kasuan bezala, erabat nekazaritza sektorearen mende egoteari esker, berorietako biztanleak asko ugaldu baitziren. Horrela gertatzen da, esate baterako, Antoñanan: «se ha acrecentado de poco tiempo aca mucha mas publacion de la que solia aver a segund la población ay pocas tierras.» Edozein moduz ere, ez batzuk eta ez besteak, ez dago Gasteizekin alderatzerik. Esandako aldi honetan, Gasteizko biztanleriaren gorakada etengabea izan zen 1504-1505eko izurria salbuesten bada, eta hiri barnearen trinkotzean, aldirien hazkundean eta azoka egiten zen tokian sortutako auzo berri baten jaiotzan gauzatu zen aipatutako biztanle igoera.

Itsasaldeko lurraldeetan ere, nekazaritza mundutik abiatu zen biztanleriaren gorakada, eta, adituen iritzian, Bizkaiko kasuan, gainditu egin ziren XIV. mendearen lehen erdiko biztanle kopuruak. Hazkundearen sintomak, XV. mendeko lehen urteetatik hasita, herri hustueetara eta monasterioen mendeko lurralde landu gabeetara jendea bizitzera joatean gauzatzen dira. Era berean, toki izen berri ugari azaltzen da agirietan, seguraski herrixka sortu berriak aipatzeko. Azken datu horrek adieraziko luke XV. mendearen hasieraz geroztik asko ugaldu zirela herrixka horiek. J. Angel García de Cortázarrek eta Luis M. Bilbaok elizate eta etxeetako biztanleriaren bilakaerari buruz aztertutako datuei kasu egiten bazaie, argi ikusten da XV. mendeko Bizkaiko nekazaritza munduko demografiaren gorakada, zenbait kasutan %50 inguruko hazkundeetara iritsi baitzen, batez ere, lurraldearen ipar-sortaldean eta hiribilduetatik hurbil ?Bilbo, Durango, Markina?.

Lurralde hezeetan ere, nekazaritza mundutik zetozen etorkinetan oinarritu zen hiribilduen hazkundea. Elizak handitzea, jatorrizko etxondoak zatitzea, etxebizitza garaiagoakegitea, bebarru edo «bastarden» aipamenak ?Arrasate?, kale berriak egitea ?Bilbo, Durango?, harresietatik kanpo alderri berriak sortzea ?Bilbo, Durango, Elgoibar, Arrasate, Azpeitia, Oiartzun?, edota Bilbon bizitzen jartzea eragozteko idatzitako arauak, biztanle hazkundearen ezbai gabeko seinaleak dira, eta, zenbait alditan, handia izan zen hortik eratorritako demografia bultzada.

Baina hiribilduen hazkundea ez zen denean berdina izan, eta, barnealdean bezala, hiribilduan garatzen zen ekonomia jardueraren arabera, egoera desberdinak bereizten dira. Hasteko, aurreko kasuan Gazteiz bezala, Bilbok eta Donostiak atera zuten etekinik handiena aipatutako biztanle hazkunde horretatik, eta ?Bilboren kasuan, batez ere?, beren gain hartu zuten bakoitzak bere lurraldeko ekonomia, politika eta administrazio arloetako hiriburutza.Bizkaiaren kasuan, gainera, XIV. mendearen erdialdera ordaintzen zituzten zerga datuen eta 1492ko suen konparazioari esker ?E. Férnandez de Pinedok eta L.M.

Bilbaok egin dute?, hiribildu gehienetako biztanleriaren bilakaera desberdinak ezagut daitezke. Irudian ikusten da esaten ari garen aldiko Bizkaiko hiribilduen demografia berrantolaketa: kostako hiribildu batzuek atzera egiten duten bitartean ?Bermeo eta Plentziak? edo lehenean geratu ?Ondarroa?, barnealdeko hiribildu mordoxka batek ?Markina, Elorrio, Gerrikaitz, Balmasedak?, eta batez ere, Bilbok eta Durangok, biztanle hazkunde ikusgarria ezagutzen dute. Krisialdikoan merkataritza jarduerak gutxitzeak, eta batik-bat, jarduera horiek hobekien kokatutako portuetan edo merkatari ahaltsuenak zirenetan kontzentratu izanak argi ditzake Bermeoren gainbehera, eta Bilbo edo Portugaleteren gorakada.

Barnealdeko hiribilduen hazkundeak, berriz, zuzeneko harremana du olen eta oihalgintzaren garapenerakin.

XVI. mendearen lehen erdiko datuak kontserbatu izanari esker ezagutzen ditugu XV. mendeko biztanle hazkundearen azken emaitzak Araban eta Bizkaian. Datu horiek kontuan hartuta baiezta daiteke, aipatutako aldi horretarako, biztanleria atzeraka hasi aurretiko demografia mailak harrapatuak eta gaindituak zirela. Biztanle galera arinagoa izan zutelako-edo, kostaldeko lurraldeak bihurtu ziren jendetsuenak. Bizkaian, 1511n, 65.000 lagun inguru bizi ziren; Arabak, 1537an, 60.000 pasatxo zituen. Gipuzkoak, seguru aski, mendearen erdialdera harrapatu bide zituen antzeko kopuruak.

 

Nafarroa

Bi gertakarik ezaugarritzen dute krisialdi garaiko biztanleriaren bilakaera. Lehena, defentsarako hiribilduen sorkuntza, bidelapurrek indar gehien zuten muga eremuetan ?aurreko puntuan ikusi da gai hau?.

Bigarrena berriz, biziguneak bertan behera utzi eta herriak hustea.

1300 aldera erreinuan erroldatutako 1.170 bizigune ingurutik ?Nafarroa Beherea sartu gabe?, 390 hustu egin ziren XIV eta XV. mendeetan, hau da, %33 gutxi gorabehera.

Eremu batzuetan ia ez zuen eraginik izan gertakari horrek, hala nola Pirinioetako haranetan ?sortaldekoetan bezala sartaldekoetan?, Lizarrako merindadearen iparrekoetan, edo Tuterakoaren ipar-sartaldekoetan.

Beste batzuetan, ordea, eragin larriagoa izan zuen, Gaztelarekiko mugan, adibidez, edo Pirinio aurreko eta erdialdeko sektore gehienetan ?eta erdialdearen barruan, mendialdean, Iruñerrian oso eragin txikia izan baitzuen?. Hustu ziren herri gehienak tamaina txikikoak ziren, erdiakbaino gehiago 20 suz azpitikoak ?gehienak 10ez azpikoak?, eta batik-bat, XI-XIII. mendeetako kolonizatze prozesuan toki garaietan sortuak. 1347tik 1420ra bitartean gertatu zen husketa gehien, eta bi une nabarmentzen dira bereziki: 1347-1349 eta 1362- 1368. Behin betiko hustutako herriak dira ugarienak, %76, eta gainerako %24tik gehienak, XVIII. mendeko hazkundea arte ez dira berriro jendeztatuko. Hala ere, Erdi Arotik jarauntsitako herri sarean gauzatuko zen azken aipatutako hazkunde hori, batik bat. Herri husketa argi dezaketen arrazoien artean, ondokoak aipa genitzake: izurriak, nekazaritzarako toki aldrebesenak bertan behera uztea, biztanleak zahartzea, muga inguruko segurtasun eza ?zenbait kasutan administrazioak bultzatzen ditu herrien husketak, mugako biztanleria berrantolatzeko?, eta toki batzuetatik besteetara zeuden zerga desberdintasunak.

Bestalde, Nafarroako erresumako biztanleei dagokienez, XIII. mendearen erditik aurrera beste iturri batzuk ditugu biztanleriaren bilakaera neurtu ahal izateko.

Zergak biltzeko egindako errolda zerrendak dira; helburua ez zen biztanleria neurtzea, baizik eta ordainketa egin behar zuten banakoak idatziz jasotzea ?suak edo etxeak?, baina guretzat datu baliagarria da ?eta bakarra?, garai hartako biztanle kopurua gutxi gorabehera zenbatzeko.

Bi iturri mota ditugu. Lehenik, zerga jakin batzuk biltzeko egindako su zerrendak.

Erriberrikoak dira zaharrenak, eta udal eremua hartzen dute soilik. 1244an eta 1264an egin ziren. Hurrengoa, erresuma osoari zegokiona, 1330eko ?Libro del Monedaje? (Diru liburua) izenekoa da, baina Lizarrako merindadeko 36 herritako datuak besterik ez da aurkitu; gero, 1350-1353ko Diru Liburuak, zeinetan Zangozako merindadea ia osorik falta baiten; 1366ko Suen Liburua, Nafarroa Behereko datuak osatu gabe dituela, eta Erriberri falta dela; eta 1427-1435eko Suen Liburuak ?hor Erriberri eta Tuterako merindadeak, Nafarroa Beherea eta Iruñeko merindadeko zenbait herri falta dira?. Lurralde zatiei dagozkien datuak izateaz aparte, badira elementu gehiago ere dokumentuak elkarrekin alderatzea oso zail egiten dutenak, esate baterako, ?monedaje? deitu zergatik salbuetsiak zeuden aitoren semeak eta apaizak, eta, beraz, ez dira azaltzen esandako diru liburuetan, eta 1330eko juduak ere ez daude. Hala ere, aparteko zergak zirenean, apaizek eta aitoren semeek ere ordaintzen zituzten, eta jasota daude 1366ko eta 1427-1435eko Suen Liburuetan, baina 1366koan ez daude sartuak jaunen mendeko baserritarrak, eta 1427-1435ekoan, aldiz, gutxiengo erlijiosoak ?juduak eta musulmanak?, jaso gabe dauden arren, jaurgopeko nekazari gehienak azaltzen dira. Erdi Aroaren azkenaldera,alde batetik, Leringo kondearen jabetzen zerrenda dugu, 1495ekoa, eta bestetik, 1501eko Suen Liburua, Zangoza eta Erriberriko merindadeetako informazioa besterik jasotzen ez duena ?Erriberri ez zen azaltzen 1427koan?, baina azken Liburu honetan, beste era batean egin dira herri bakoitzeko izen zerrendak.

Bigarrenez, etxe banako zergen errejistroak ditugu, hau da, zerga orokorren sistematik kanpo geratzen ziren komunitateetako zergapekoen zerrendak, su edo etxe bakoitzagatik ordaintzen zutenak, alegia.

1280tik 1454ra bitarteko tartea hartzen dute.

Iruñea eta Zangozako merindadeetako eta Lizarrako merindadeko Amezkoa Garaia ibarreko 223 herrixketako informazioa ematen digute. Auzune txikiak dira gehienak.

Zerga iturrietako informazioari jarraiki, lau aldi bereizten dira Nafarroako demografiaren bilakaeran.

1300-1346: 25 gose urte izan ziren, horietatik 8 biziki larriak (1305, 1309, 1311, 1313, 1315, 1328, 1335 eta 1336) eta etxe banako zerga ordaintzen zuten herrixketatik %25-33an izan zuten eragina; beste hamabi gose urte ez ziren hain larriak izan; eta beste bost hedapen murritzagokoak.

Batez beste, sei bat aldiz ezagutu zuten herriek gosea, hamar urtetik behin, gutxi gorabehera. Gari eskasia ia ohikoa zen, sarri gertatzen zena. Berria ez da gosea agertzea, baizik eta ia jakineko epeetan gertatzea.

Baina gose hutsa ezin daiteke izan joera demografikoa aldatu izanaren arrazoia. 101 auzunetan eta 6 ibarretan 1280-1321ean harrapatzen da biztanleriaren gailurra. 118 auzunetan eta 18 ibarretan biztanleriak hazten segitzen du 1328-1346 tartean, 39 herrixka eta 6 ibarretan, batez ere, 1340-1346 arte hazten jarraitzen baitute. 1280ko biztanle kopuruei 100eko maila ematen badiegu, 1346an Iruñeko merindadeko biztanle indizea 110ekoa zen, eta Zangozako merindadean 112-120koa. Mundu betea aurkitzen dugu, gehiegi jendeztatua, zenbait bizigunetan; XIX. mendearen hasiera arte ez dira antzeko kopuruak harrapatuko: Iruñea, Lizarra eta Zangozako merindadeetako 194 herritako su kopurua, izurriaren aurretik, 10.590-10.782 bitartekoa zen; 1818an, toki berberetan, 9.342 su ziren.

1347-1350: aldi honetan hasten da biztanleriaren beherakada, goseak eta izurriak batera erasotzen baitute lau urtez segidan.

1347an, izugarrizko gosetea zabaltzen da hego Europa osoan. Iruñeko merindadean du eragin handiena, biztanleriaren %12,72 hiltzen baita: 1800 sutatik 229 erabat desagertzen dira eta beste 74tan galerak gertatzen. Zangozako merindadean, guztiz desagertzen dira suen %4,7. Amezkoa Garaian %11,82 su galtzen ditu heriotzak.

1348-1350ean izurria heltzen da, eta lurralde osoari erasotzen dio: artean jendeztatuakzeuden 212 auzunetatik 15 libratzen dira soilik, oso txikiak denak ?8 suz azpitikoak (Leitza da 30 su harrapatzen zituen bakarra)?. 1347ko gosetearen ondoren geratu ziren 2.933 sutatik, 1350aren hondarrean, 1.141 falta dira (%39 gutxiago); heriotza horiei erabat desagertu ez ziren etxeetako galerak gehituz gero, biztanleriaren erdia inguru galdu bide zen.

Erreinuaren hegoaldean, Lizarrako merindadeko 36 bizigunetako datuetan ikusten da, 1330etik 1350era bitartean, 7.101etik 2.590era jaisten dela su kopurua, %63,54, alegia. Erriberrin, 1264an 1.109 su ziren tokian, 480 geratzen dira (%56,71 gutxiago) 1350ean.

Lau urteren buruan, etxe banako zergapeko suen %75ean lagun bat edo gehiago hil ziren.

1351-1450: gosea eta izurria aldizka agertzen dira, baina orain ez dira aurreko aldian bezain larriak. Erasoak, orokorrak izan ordez, tokian-tokikoak dira, eta biztanleria birbanatu egiten da, Pirinio aldearen eta Iruñea hiriaren mesedetan.

Bi eraso gertatzen dira gainerakoak baino bortitzagoak eta orokorragoak. 1362an, artean jendeztatuak zeuden 196 herrixketatik 163k pairatzen dute, eta Zangozako merindadean %27 jaisten da biztanleria; Iruñekoan, aldiz, %6. 1400-1405ean, 182 auzunetatik 106k jasaten dute eragina eta biztanle galera, oro har, %6,7koa da ?Zangozako merindadean %14,35, Amezkoa Garaian %13,15 eta Iruñeko merindadean %1?. Tuterako merindadean, 1350-1353 eta 1366ko 24 herrixketako datuak erkatuta ikusten da 2.280tik 1.009ra jaisten direla suak, %55,74ko galera alegia, nahiz eta gutxitze ehunekoa txikiagoa izango zatekeen, 1366ko Su Liburuan ez baitaude jasoak jaurgopeko nekazariak.

Aldizka halako heriotzaldiak etortzen zirenez, biztanleriak nekez egin zezakeen gora. 6-12 urtetik behin, gosea eta izurria etortzen zirenean, azken heriotzaldiaren ondoren jaiotakoak hiltzen ziren, batik-bat, hau da, ugalketa adinera heldu gabeko haurrak. Hala, 1433an, Zangozako merindadean, 294 pertsona biltzen zituzten 58 familiatan 110 aurkitzen ditugu (%37,4) hamar urtez azpikoak, baina nerabeak 12 besterik ez ?10etik 19 urtera bitartekoak? (%4,08); Lizarrako merindadean antzeko proportzioak begiztatzen ditugu, 176 familiako 510-624 norbanakotatik, 158 dira hamar urtez behekoak (%25-31) eta 37 nerabe (%5,9-7.25), eta azken hautetatik 22, 10- 14 bitartekoak dira eta 15, 15etik 19ra artekoak.

Hortik ondorioztatzen da, zerga datuek adierazten dituztenak baino askoz galera handiagoak izan bide zirela, etxeko buruaren heriotza azaltzen baita datu horietan, baina ez gainerako kideena, nolaz eta denak ez ziren hiltzen, 1400ean Deierrin gertatu zen bezala: ??Lope Garcia, peytero axadero, eil, su muger et sus creaturas todos son muertos et sus heredades jazen landas?? Aldi berean, biztanleria zahartuz doa, izurrikoan gaixotu eta sendatzen direnak, hurrengoetan bizirik irauteko aukera handiagoa baitute. Esate baterako, Iguzkitza-Oteitzan, 1422an, urte horretako izurrikoan, zortzi egunetan, 50 familiatatik 11 erabat desagertzen dira, 6 etxetan adineko emakumeak soilik geratzen dira, eta guztira, lanerako gauza den 30 biztanle besterik ez da geratzen.

Iruñea, Lizarra eta Zangozako merindadeetako 1366 eta 1427ko Suen Liburuetako datuak elkarrekin erkatzeak, etxe banako zerga errejistroek eskainitako informazioa osatzen lagunduko digu. Iruñeko merindadea, 3.814 su izatetik 1366an, 1427-1435ean 4.882 izatera pasako zen, %28ko hazkundea, alegia; Lizarrakoa, aldiz, 1366ko 4.336 sutik, 1427ko 3.550era jaitsi zen, %18,12ko beherakada; eta Zangozakoa, 1366ko 3.776tatik, 1428ko 3.710era jaisten da, %1,74ko jaitsiera. Oro har, hiru eskualdeen artean, 1366an 11.926 su izatetik, 1427- 1435ean 12.152 izatera pasa ziren, hau da, %1,81eko igoera, nahiz eta benetakoa txikiagoa izan bide zen, 1366an ez zirelako azaltzen jaurgopeko nekazariak, eta bai, ordea, 1427-1435eko zerrendetan. Datu sail horiek elkarrekin konbinatuz, ikusten da XIV. mendearen erdialdetik XV.aren erdialdea bitartean hiru merindadeetako biztanle kopuruak, oro har, lehenean jarraitzen duela, baina aldaketak gertatu zirela eskualde batetik bestera. Hego-erdialdeko lurraldeen joera (batez ere, zerga errejistroetatik ezagutzen duguna), biztanleak galtzea da, ipar-sartalde menditsuaren, Zangozako merindadeko Pirinio haranen, eta Iruñeko hiriaren mesedetan. Azken hori, 1.037 su izatetik 1366an, 1427-1435ean 1.537 izatera pasa zen, jendeztatze sarearen bilakaerarekin bat datorren irudia emanez. Arrazoiak ekonomiaren arlokoak dira, argi eta garbi, eta berorien atzean nekazaritzaren krisialdia ezkutatzen da. Batik bat laborantzara dedikatutako eremuek biztanleak galtzen dituzte, abeltzaintzan, baso lanetan eta olagintzan jarduten direnen mesedetan.

1451-1501: hasteko, aldi honi buruzko iturriak aurrekoetakoak baino gutxiago dira: Lizarran eta Zangozan 1427-1428ko Suen Liburuan jasotako herrien datuak, eta 1495 eta 1501eko zerrendetan agertzen direnak, besterik ez baitugu. Bestalde, konparazioaren emaitzak gutxi gorabeherakoak dira, izan ere, 1501eko errejistroko herri bakoitzeko izen zerrendak beste modu batera egin baitira. 1427ko Lizarrako merindadeko 21 herritako datuek 473 suren berri ematen digute ?elizgizonak salbu?, eta 1495ean 926raino igo dira, hau da, %95,77ko igoera. Zangozako merindadean, 3.458 su izatetik 1428an ?elizgizonak aparte?,1501ean 4.334 izatera pasatzen dira, alegia, %25,29ko igoera, oro har. Eskualdeka xehekatuta berriz, Pirinioetako haranetako biztanleria %45,71 hazi da, erdialdekoa %7, eta merindadeko hiriburuko biztanleak %33,94.

Iturrien nola-halako baliagarritasunak eskatzen duen tentuarekin, beraz, badirudi, XV. mendearen bigarren erdia hazkunde aldia izan zela, inguruko gainerako tokietan bezala. Baldin krisialdi garaian, batez ere laborantzara dedikatutako lurraldeak izan baziren gehien sofritu zutenak, orain beroriek dira biztanlez hornitzen direnak, eta areago Lizarrako merindadea, horixe izan baitzen aurreko gainbeheraldian gehien hustu zena.

 

Nafarroa Beherea

Nafarroa Beherea nafar erresumako lurraldea izan zen Behe Erdi Aroan, eta eskura ditugun iturriak Nafarroa Garairako egindako etxe zerrendekin bateratsu eginak dira, nahiz eta aski zailak gertatzen diren elkarrekin erkatzeko. Horrela, 1353ko ?Monedaje? zerrendan, erregearen eta jaunen mendeko etxeak azaltzen dira ?elizgizonak eta aitoren semeak aparte utzirik?, eta 83 herriren informazioa ematen da. Dena den, beste 11 herritako datuak, Donibane Garazi hirikoak, Luxakoak eta Agramondarren jaurerrietakoak falta dira. 1366ko Suen Liburua ez dago osorik, eta Arbela, Orzaize eta Garaziko ?zati baten? lurretako 40 herritako informazioa besterik ez du biltzen.

Gainera, aitoren semeak eta elizgizonak jasotzen dira, baina kanpoan uzten jaurgopeko nekazariak. Beste errolda bat ere gorde da, zenbait autorek 1412an datatu dutena, baina, izatez, XIV. mendearen bigarren erdialdekoa da, dirudienez, 1368-1380 bitartekoa; azken errolda horretan, aitoren semeak, eta erregearen eta jaunen mendeko biztanleak sartzen dira, eta 92 herritako informazioa ematen da. Baina Mehaine, Landibarre, Luxa, Agramondarren jaurerriak eta Donibane Garaziko zati bat falta dira.

Emaitzak fidagarriak izan daitezen, 1353 eta 1366ko erregearen mendeko nekazari herrietako datuak ?Arbela, Orzaize eta Garaziko 27 herrixka?, eta Bastida, Irisarri eta Baigorriko bizkonderrikoak erkatuko ditugu soilik, 1353 eta 1368-1380ko datuekin, guztira 40 herritako informazioa. 1348- 1350eko Izurri Beltzaren eraginari buruz lekukotasun bakarra dugu, Mehaineko jaurerrikoa, non 10 etxetatik, 4k bestek ez baitzuten bizirik iraun. Esandako 40 herritako erakuskarian, 1353ko Diru Liburuan 594 su azaltzen dira, eta 1366 eta 1368-1380ko datuek aldiz 417 suren berri ematen digute, alegia, %29,79ko jaitsiera, 1362ko gosetearen eta izurriaren eraginez. Eragina ezzen, hala ere, eskualde guztietan berdina izan, hala, Bastidako hiribildua izan zen zigortuena (%68,46 gutxiago), eta haren atzetik Arbela (%36,08 gutxiago), Orzaize ?Irisarri barne? (%37,70 gutxiago), eta Garaziko lurrak (%16,84 gutxiago), baina Baigorriko biztanleriak gora egiten du zertxobait (%5,66 gehiago).

 

Zuberoa

Iturri bakarra dugu Zuberoarako, hau ere zerga arlokoa, ?Censier gothique? izenekoa, alegia. Badirudi Rikardo II.a Ingalaterrako erregearen aginduz egin zela 1377an. ?Censier? horretan, herri guztietako etxe zerrendak jasotzen dira, etxe bakoitzaren gizarte maila eta erregearekiko zerga betekizunak zehazten direla. Etxe nobleak 55 dira, erroldatutako guztien %5,37. Etxe ?frankoak? deituak, nobleak izan gabe, zuzenean erregearen mendekoak ziren etxe jabeak izango ziratekeen: 414 dira guztira (%39,73). Hirugarren maila botoy izenekoek osatzen dute. Zenbait historialariren iritziz, besteren lurretan lan egiten zuten nekazari libreak ziratekeen, baina, segur aski, fivatier-en estatus bertsua izango zuten. 202 etxe dira, guztien %21,32. Fivatier edo feudopekoen etxeak datoz gero, noble edo jaun baten mendean zeudenak, alegia, ez erregearen mende. 354 etxe dira maila horretakoak, errolda osoaren hirutatik bat baino gehixeago (%33,97). Azkenik, paster direlakoak aurkitzen ditugu, ohikoa baino zerga handiagoa ordaintzen zuten fivatieren etxeak. 16 dira horrelakoak, %11,53, alegia.

Laburbilduz, XIV. mendearen azken laurdeneko Zuberoan 1.042 etxetan bizi zen jendea.

 

Lapurdi

Ez da ezagutzen Lapurdin gainerako lurraldeetakoen antzeko Erdi Aroko su zerrendarik.

Dakigun gauza bakarra da, Eduardo II.a erregeak 1311n agindutako inkesta baten arabera, zuzenean Ingalaterrako erregearen mendeko ziren 60-70 bat aitoren seme agertzen direla.

Era berean, 1505eko dokumentu batean ?11 herritako informazioa besterik ez dakar?, non agertzen diren erregeaganako inolako obligaziorik ez zuten abarka handizurenak (baina taille zelako zerga ordaindu behar zuten) eta fivatier-ak, 32 etxe agertzen dira abarka handizurenenak, eta 33 edo 35 fivatier-enak. Sarako informazioa da denetan osoena: 2 etxe agertzen dira abarka handizurenenak, 5 fivatier-enak, eta 75 Frantziako erregeari errenta ordaintzen diotenenak.

Guztira, 82 etxe.