Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia»Historiaurrea

Haitzuloetako artea Paleolitos aroan

Euskal Herriko haitzuloetako santutegien kokalekuak.<br><br>

Atal honen lehenengo partean Paleolitos aroko haitzuloetako artearen definizio labur bat ematen da; arte horren ezaugarriak, teknikak, gaiak, kronologia eta arte lanen aurkikuntzei buruz egin diren interpretazioak ematen dira aditzera. Ondoren Euskal Herrian orain arte aurkitu diren haitzuloetako hamabi santutegien deskribapena egiten da, eta santutegi horietako irudiak, estiloak, kronologiak eta haitzulo barnean duten kokaera eta banaketa aztertzen dira.Goi Paleolitos aroan egin ziren gizonaren historian izan diren irudi bidezko lehenengo arte adierazpenak. Hormetako arte horretako irudi multzoak ez daude, ordea, garai hartan gizakia bizi zen eremu osoosoan banaturik. Europa mendebalean baizik ez baitira aurkitzen labarretako edo haitzulo hormetako artearen adierazpenak, eta ez modu berean ere alde guztietan. Eremu horren barruan ere, hego-mendebalean, Frantzian eta Kantauri itsasaldean daude Europa aldeko santutegi irudidun gehienak.

Eremu horren barruan dago, hain zuzen, Euskal Herria, alde batetik itsasertza eta bestetik Pirinio aldea ere hartzen dituela.

Labarretako artea aipatzen denean, haitzuloetako hormetan aurkitzen den eta leku batetik bestera eraman ezin daitekeen neurri handiko irudizko arte bat esan nahi izaten da beti; irudi horiek kanpoko argia iristen ez den lekuetan egon daitezke, edo egon daitezke orobat kanpoko argia aiseago irits daitekeen haitzulo sarreratik hurbilagoko lekuetan ere. Hormetako arte horren bestaldean arte higigarria jarri ohi da, neurriz txikiagoa, batetik bestera aise erabiltzekoa, normalean eguneroko bizitzarako behar diren tresnetan egina izan ohi dena. Badirudi arte mota hauxe dela lehenengo asmatzen dena eta iraun ere gehien irauten duena.

Haitzuloetako arte honek baditu zenbait ezaugarri aurkitu izan den leku guztietan berdinak direnak. Ezaugarri horien artean aipatzekoak dira, besteak beste, euskarriaren berdintasuna –haitzulo hormetako harkaitz hutsa–, haitzulo sabaietako eta hormetakoberezko sartu-irtenak irudiei errealismo biziagoa emateko baliatu izana, teknikaren berdintasuna –margoa, grabatua eta erliebea–, gaien berdintasuna –animalia irudiak marrazten dira batez ere, hainbesteraino hala ere non abere edo animalia artea ere deitu izan baita arte mota hau–, gizakia irudikatzeko interes edo kezka gutxi izatea, zeinuak ugari izatea, eszenarik edo pasadizorik ez irudikatzea, eta irudien proportzioari baliorik ez aitortzea.

Haitzuloetako arteak, beste edozein arte moduk bezalaxe, historiaurreko gizakiaren gogoeta edo pentsamendu munduan barrena sarrarazten gaitu. Aztergaia ez da beraz tresna ukigarrien mundua, gizakia bere eguneroko bizitzako esturetatik askatu nahi duten sineste, sinbolo eta azti mundua baizik.

Horrexegatik eman dira horrenbeste interpretazio Paleolitos aroko haitzuloetako arteaz: – Zenbaiten iritzian, ehizarako adei zeremonietarako edo ehiztarigaiari ehizako teknika eta trebeziak erakusten zaizkion iniziazio errituak ospatzeko magia edo erlijiozko irudikapenak dirateke arte mota honetako irudikapenak.

– Beste zenbaiten iritzian, aldiz, bizimodu eroso baten ondorioz eta haren isla bezala, historiaurreko gizakia bere artea fintzen eta doitzen egindako ahaleginen fruitu datezke irudiok.

– Beste batzuentzat sinbolo bidezko irudikapenak dira; sinbolo horiek santutegietan ageri dira beteenik, historiaurreko gizakiaren ingurune psikosomatikoaren aurrez pentsatutako asmo baten arabera antolatutakoarte multzoak baitira santutegi horiek.

Baterako interpretazioa eman ala besterakoa eman, gaur egun ezin izango da inola ere asmatu, ziur asmatu behintzat, zer sentipenek eragin zioten historiaurreko gizaki hari arte hori egin zezan, zergatik kokatu zituen irudi batzuk kokatu zituen lekuan eta ez bestean, zergatik pilatu zituen irudiak pilatu zituen bezala eta ez bestela, edo zergatik nahiago izan zituen animalia mota batzuk irudikatu eta ez besteak, bere sentipen hura adierazteko.

Lehentxeagoko orrietan esanik geratu da Goi Paleolitos aro honek guztiz aldi luzea hartzen duela gizakiaren historiaren barruan.

Gizakiaren bilakaera geldi baina geroz eta aurreratuagoak geroz eta harrizko eta hezurrezko tresna hobe, finago, anitzago eta konplexutasun handiagokoak sorrarazi zizkion hari. Arrazoi berberagatik aro horretan izan ziren arte adierazpenak ere ezin geldi zitezken aldaketarik izan gabe, gai eta teknika zaharkitutan ainguraturik eta finkaturik. Historiaurreko haitzuloetako arteak badu, historian izan diren kulturetako arteak bezalaxe, bere bilakaera; hasierako arkaismo batetik hasi, eta zenbait aldi desberdin igaro ondoren, halako espresionismo batera iritsi zen, errealismotik eta naturalismotik igaro ondoren. Ikuspegi horretatik, hain zuzen, A. Leroi-Gourhan irakasleak kronologia eta ezaugarri ongi zehaztuak dituzten lau estilo bereizi zituen Paleolitos aroko haitzuloetako artearen bilakabidean.

Goi Paleolitos aroaren lehenengo kultura aldietan (Arignac aldian) I. Estiloa garatu zen. Ordukoak dira haitzuloetako artearen lehen ahaleginak: animalia zatien irudiak (buruak, atzealdeak, e.a.…), grabatuz eginak, inoiz ez osoak, eta errealismotik urrun. Irudi horien ondoan badira emetasun ezaugarrien irudiak ere (aluak), aski trakes marraztuak.

Goi Paleolitos aroa aurreratuz doan ahala, Gravette aldian eta Solutré aldiarenlehen garaietan, II. Estiloak agintzen dituen kanonak zabaldu eta finkatu ziren. Aurreko aldian bezalaxe, aire zabalera jotzen zuten santutegiak marraztu ziren garai horretan, eguzkiaren argia berez iristen zitzaienak alegia. Une horretan iritsi ziren beren adierazgarritasun gorenera emetasunezko gaiak eta sinbologiak. Animalien irudiak marrazteko arauak ere orduan zehaztu ziren: garro eta bizkar marra ongi markatzea “S” mehe eta nabarmen baten gisa; gainerako osagai guztiak ere oinarrizko egitura horren inguruan kokatzen ziren.

Goi Solutré aldiaren azken aldera eta Magdalen aldiaren lehen uneetan (I. eta II.

Frantzian erabili ohi den aldi sailkapenaren arabera) III. Estiloa gauzatu zen. Aldi eta estilo honetan badirudi historiaurreko gizakiak duen mundu ikuspegian bat-batean aldatzen hasi zela zerbait. Santutegiak haitzuloen alderik barrukoenetara sartu ziren gehienbat, eta han gorde ziren. Ordura arte emetasuna zen ororen goraipamenezko irudiak ia bat-batetik galdu ziren, eta askoz ere mundu erasokor bat hasi ziren irudikatzen.

Animalien irudiak ere askoz ere era errealistagoan hasi ziren irudikatzen. Garrobizkarreko marra, aurreko estilo moduetan finkatutako arauen zordun zena, arindu egin zen, eta aberea aurreranzka bezala irudikatu zen, pisurik eta astuntasunik batere ez balu bezala. Marra modelatua, animalien gorputza kolore desberdinetako orbanez betetzea, bikromiaren lehenengo aztarrenak, mugimendua irudikatzeko lehenengo ahaleginak –irudikatzen den aberearen zati batzuk aurrerago jarriz–, zeinu ugaritasuna, animaliekin nahasian edo haien gorputzak sigi-sagan igarotzen dituzten zerra marrak bezala, garai honetan finkatu ziren irudigintza eta marrazketa moduak izan ziren horiek guztiak.

Magdalen aldiko kulturaren azken garaietan (III-VI. Frantzian erabili ohi den aldi sailkapenaren arabera) IV. Estiloko arauak (ezaugarri berezikotzat eman den azken estilokoak) finkatu ziren. Konplexutasun handiko aldia izan zen hau, Goi Paleolitos aroko azken kultura handiaren azken aldia zelako hain zuzen. Konplexutasun horretan badu eragina alde batetik gizakiak bereingurunearekin duen harmonian bizitzetik lortzen duen ongizateak eta bestetik klimaren aldaketa hasteak eragiten duen sistemaren krisiak; horrek guztiak berehalakoxe ondorioak izan zituen artearen munduan.

Horregatik hain zuzen bi aldi bereizi izan dira Estilo honen barruan: Zaharra eta Berria.

Erdi Magdalen aldian (III-IV. Frantzian erabili ohi den aldi sailkapenaren arabera) Estilo Zaharra izan zen nagusi. Orduantxe izan ziren oparoen eta iritsi ziren beren gorenera santutegiak. Animalien irudiak lehen baino ere errealistago irudikatu ziren, ahalik eta xehetasun gehienak erantsiz.

Garai horretako artistak ahaleginetan saiatu ziren beren obrei bolumen sentsazioa ematen. Era guztietako teknikak baliatu ziren bai pinturan bai grabatuan, era horretako arteetan gehiago inoiz gainditu ez den maila batean. Une horretan, ahalik eta errealismorik handienera jotzeko lehia horretan, zirriborro bilakatuz joan ziren irudiak, hainbesteraino non animalien gorputz atal batzuk –apatxak– batere marraztu gabe uzten hasi baitziren. IV. Estilo Berria Goi Magdalen aldian eta Azken Magdalen aldian egon zen bere gorenean (V-VI. Frantzian erabili ohi den aldi sailkapenaren arabera).

Aldi honetan garrantzi handiko aldaketa gertatu zen artearen munduan, gizakiak bere ingurunearekin zituen harmoniazko harremanetan zerbait eten-edo izan balitz bezala. Haitzulo barreneko santutegi handiak desagertzen hasi ziren, eta ongi grabatu edo ongi pintatutako xaflak azaldu ziren haien lekuan. Animalien irudiak ez ziren aurreko garaietan zuten errealismo berberaz margotu, eta ia irri-marra bihurtzeraino aldatu ziren. Hala bada, artea egiteko modu soilago eta oihesago bat azaldu zen, eta horrek Paleolitos aroko artearen bukaera ekarri zuen.

 

Euskal Herriko haitzuloetako santutegiak

Euskal Herrian ez da aurkitu orain arte behintzat I. Estilokotzat, figurazio aurreko estilokotzat ziur eman daitekeen haitzuloetako arte adierazpenik. Gainerako Estiloei dagokienez, aldiz, adierazpen ugari aurkitu ahal izan da han-hemen diren hamarretik gora santutegietan.

Venta Laperra. Haitzulo hau Karrantzako Molinar-en dago (Bizkaian); santutegia L. Sierrak aurkitu zuen 1904an, Paleolitos aroko haitzuloetako artearen egiazkotasuna frogatu zenetik oraindik urte gutxitara. H.

Breuil, haitzuloetako artearen ezagutza eta aitorpena zabaldu izana zor zaion garaihorretako historialari frantsesak 1906an ikustaldi bat egin zuen haitzulo honetara, eta hango irudietan agertzen ziren animaliak zeintzuk ziren zehaztu ahal izan zituen.

Santutegi honetan bost animalia irudi eta marra multzo bat bereizi ahal izan dira.

Bukatu gabe dagoen hartz bat, hiru bisonte eta behia-edo izan daitekeen bat dira animaliak. Irudi horiek guztiak grabatuz eginak dira, marra zabal sakon batez grabatuak hain zuzen. Kanpoko argia iristen den kanpo alderako leku batean daude.

Kronologiari dagokionez Gravette aldiaren azken aldera kokatzekoak dira irudiok, II.

Estiloari dagokion garaian.

Arenaza I. Galdamesko San Pedron aurkitzen da haitzulo hau, Bizkaian. Margoz eta grabatuz osatutako santutegi bat du barruan. 1973an aurkitu zuen P. M. Gorrocheteguik.

Barreneko santutegi deitu izan direnetakoa da; bi gela ditu guztira: ardatzetik alborako sargune edo barrunbe bat eta galeria nagusia. Albo sargunean hamar orein emetaraino daude margoturik, gorriz, tanpoi teknikaz eginak. Galeria nagusian bada uro handi bat, gorriz margotua eta margoaren gainetik grabatua. Haren ondoan, muturraren aurrean, marra sakon zabalez grabaturik bada behia-edo izan daitekeen animalia baten buru bukatu gabe bat. Eta galeria honetako marrazkien osagarri, kolore gorrikara batez egindako orban batzuk daude. Kronologiari dagokionez, garai zaharretan kokatzekoa da Arenaza I; Gravette aldia, Solutré aldia edo Magdalen aldi zaharra proposatu dira margo eta grabatu hauen sorrera garaitzat.

Santimamińe. Kortezubiko Basondo auzoan dago haitzulo hau (Bizkaian). Irudiak dauden gela ustekabez aurkitu zuten 1916an J. F. Bengoetxeak eta harekin zihoazenek.

H. Breuilek berehalaxe egin zuen ikustaldi bat haitzulo horretara, eta lehenengo ikerketa luze sakona 1925ean argitaratu zen, T. Aranzadi, J. M. Barandiaran eta E.

Egurenek idatzia. Haitzulo honetako santutegia margo eta grabatuzko irudiz osatua da; hiru gela edo barrunbetan banaturik dago: ganbara aurrea, ganbara eta gela berria.

Ganbara aurrean, han eta hemen diren zenbait marrarekin batera badira bisonte irudi osatu gabe batzuk, beste bisonte oso bat, uro buru bat, zaldiak edo zaldi atalak, grabatuak eta pintatuak, eta basurde izan daitekeen bat. Ganbara barruko irudi multzoa ezagunagoa da: beltzez margotutako bederatzi irudik osatzen dute: irudi horietako bat zaldia da, eta gainerako zortziak bisonteak. Bisonte hauetako bi bizkarrez bizkar jarrita daude, eta ez daude osorik.

Gainerakoak osorik daude, bina-bina banaturik, eta elkarri bizkarra emanez. Multzo horren aurrez aurre badira hartz arre baten irudia, orein buru bat, ahuntz bat etabizkar konkordun bat zer den asmatzen erraza ez dena, denak beltzez margotuak.

Ganbara horretan berorretan, estalagmita horma batean badira, elkarren azpian, hiru bisonte, horietako bi elkarren aurrez aurre kokatuak. Azkenik badira ganbara horretako hormetan han hemenka barreiaturik, marrazturik zein grabaturik, bisonte irudiak, basahuntz irudiak eta zer diren nekez zehatz daitezkeen beste zenbait irudi. Gela berrian badira lau irudi margotu, hiru lekutan elkarrengandik urruti. Hiru leku horietako lehenengoan basahuntz irudi bat eta bisonte irudi bat aurkitzen dira, bigarrenean zaldi irudi bat eta hirugarrenean bisonte irudi bat. Kronologiari dagokionez, Magdalen aldiaren erdi aldera egina dateke santutegi hau (III-IV. Frantzian erabili ohi den aldi sailkapenaren arabera), eta estiloari dagokionez, berriz, IV. Estilo Zaharrak finkatutako kanonen barruan behar da kokatu.

Altxerri. Orioko mugapean dago haitzulo hau (Gipuzkoan). 1962an aurkitu zuen espeleologo talde batek haitzulo honetan dagoen santutegia. Haitzulo barruko santutegia da; irudi grabatuak eta beltzez margotutako irudiak ditu. Animalia irudiak eta marrazko zeinuak denak batera hartuta 149 irudi kontatu dira; galeria nagusian eta bi albo barrunbetan daude irudiak, zortzi multzo desberdinetan banaturik. Irudietan agertzen diren animaliak bisonteak, zaldiak, basahuntzak, oreinak eta elur oreinak dira, Paleolitos aroko arteak oso ohiko dituen gaiak guztiak. Gai horiez gainera badira beste batzuk haitzuloetako artean askoz ere bakanago agertu ohi direnak: giza irudiak, piztiak, sugeak eta hegaztiak, adibidez. Irudi horietako batzuek marra edo arrasto sakonak dituzte alderik alde. Kronologiari dagokionez, Magdalen aldiaren erdialdetik amaiera aldera bitarteko aldi luze batean zehar egina da, dirudienez, Altxerriko santutegia, Estilo desberdinetako irudiak baitaude bertakoen artean.

Ekain. Debako mugapean aurkitzen da haitzulo hau. Bertako irudi multzoa R. Rezabal eta A. Albizurik aurkitu zuten 1969an.

Haitzulo barreneko santutegietakoa da Ekaingo hau ere. 70 iruditaraino bereizi ahal izan dira, animalia eta zeinu. Irudi horiek beltzez edo gorri arrez, edo biak tartekatuz, margotuak dira gehienak; beste irudi batzuk grabatuak dira, eta batzuk margoz eta grabatuz batera eginak. Bereizteko modukoak diren berrogeita hamahiru animalia irudietatik hogeita hamahiru zaldiak dira.

Santutegi osoa bost multzotan dago banaturik.

Lehenengo multzoan uhin zeinu batek eta zaldi buru batek –biak beltzez margotuak– sargune batera jotzen dute, eta hartan bi orein, lau basahuntz eta izokin bat, beltzez margotua, aurkitzen dira. Bigarren multzoa, lehenengo zaldi iruditegi handiaduena, hogeitabost zaldik, bederatzi bisontek, beste bi bisonte zalantzazkok, orein eme batek, basahuntz batek, arrain batek eta bestelako zenbait marra eta arrastok osatzen dute. Hirugarren multzoa lehenengo zaldi multzoaren eta barreneko multzoaren artean dago; beltzez margotuta dauden bi hartz irudik osatzen dute. Laugarren multzoa, bigarren iruditegia, zazpi zaldi margotuk eta zenbait marra eta arrasto margotu eta grabatuk osatzen dute. Bosgarren multzoa, azkena, azken iruditegi horren aurrez aurreko horman dago, eta errinozeronteak izan daitezkeen bi irudiren isla grabatuek osatzen dute. Kronologiari dagokionez, Goi Magdalen aldian egina dateke santutegi hau, IV. Estilo Zaharrean.

Alkerdi. Haitzulo hau Nafarroako Urdazubin aurkitzen da. Haitzulo barreneko santutegi bat du barrenean. N. Casteretek aurkitu zuen 1930ean. Santutegi honetako irudi guztiak grabatuak dira, batzuk hala ere, oso marra finez grabatuak. Bi irudi multzotan banatu dira irudiak. Lehenengo multzoa zaldi baten atzeko atalek, bisonte batek, orein irudi batek, zeinu batzuek eta behi eta zaldi irudikapenak izan daitezkeen irudi batzuek osatzen dute. Bigarren multzoa berriz orein buru batek eta otso baten aurrealdea (burua eta lepoa) izan daitekeen irudi batek osatzen dute. Kronologiari dagokionez, Behe Magdalen aldian edo Erdi Magdalen aldian beharko litzateke kokatu santutegi hau.

Isturitz. Isturitzeko haitzuloa Isturiz eta Donamartiri bitartean aurkitzen da, Behe Nafarroan. Gazteluko karaitzezko muinoaren goiko aldean du sarrera. Muino horretan berorretan daude Haristoi edo Oxozelhaia haitzuloak, erdi aldeko mailan, eta Erberuakoa, behereneko mailan. Isturitzeko haitzuloan badira oso marra sakoneko zenbait grabatu, ia-ia behe erliebetzat eman daitezkeenak. E. Passemardek aurkitu zituen 1912tik aurrera haitzulo horretan egin zituen indusketetan. Grabatu horietako parte bat arkeologiazko betegarriz estalita zegoen. Elur orein bat, bi orkatz, hartz bat eta zaldi bat dira lehenbizi aurkituak. Horiez gainera beste irudi batzuk ere aurkitu ziren geroztik: elur oreina edo orkatza izan daitekeen bat, bestelako zeinu bat, zaldi bat eta mamuta izan daitekeen bat. Irudi multzo bau Erdi Magdalen aldian edo Azken Magdalen aldian behar da kokatu.

Haristoi edo Oxozelhaia. Isturitzeko haitzuloa dagoen muino berean dago. Badira bertan irudi multzo grabatuak eta margotuak.

G. Laplacek eta J. D. Larribauk aurkitu zituzten, 1955ean hark eta 1982an honek.

Laplacek aurkituak: hiru zaldi osorik eta beste baten zati bat, orein eme bat eta interpretazio zaila duen marra sail bat, denak grabatuak, eta beste bi zaldi txiki beltzeta bisonte gorri bat, margotuak. Larribauk aurkituak Laplacek aurkituetatik urruti daude: eskuko hatzez markatutako “macarroni” sail bat, giza irudia izan daitekeen bat, bisonte grabatu bat eta beste zenbait irudi, hogeita bat guztira. Horien artean aipamen berezia merezi du zaldi margotu batek, muturrean eta lepoan oso marra markatuak baititu, aho burdin baten uhalak bailiran.

Kronologiari dagokionez, Erdi Magdalen aldiaren eta Goi Magdalen aldiaren artekotzat eman ohi da Haristoiko irudi multzoa.

Erberua. Gazteluko muinoaren behereneko partea da. Haitzulo barreneko santutegi bat du barruan. Cl. Barroumes eta J.

D. Larribauk aurkitu zuten 1973an. Galeria bat baino gehiagotan banaturik dago; grabatuak eta margoak, bietatik ditu. Galerietako batean hiru zaldiren irudi grabatu eta margotuak daude. Beste galeria batean, hormari erantsitako buztin leundura batean grabaturik edo modelaturik, lau bisonte, basahuntz bat, bi zaldi modelatu, beste zaldi bat grabatua, beste bi zaldiren atalak, elur orein bat eta zenbait zeinu. Beste galeria batean hiru zaldi margotu eta grabatu eta katukia izan daitekeen beste irudi bat. Beste galeria batean beltzez margotutako zaldi irudi handi bat, beste zaldi grabatu txikiago batzuk eta hiru esku negatiboz eginak.

Eta azkenik, beste galeria batean hartz irudi bat, kolore gorri arrez margotua. Kronologiari dagokionez, Erdi Magdalen aldian egina dateke santutegi hau, IV. Estilo deitu denaren arauei jarraituz.

Etxeberriko-Karbia. Haitzulo hau Gamere Zihigako udal barrutian aurkitzen da, Zuberoan. Haitzulo barreneko santutegi bat du; P. Boucher eta G. Laplacek aurkitu zuten 1950ean. Irudiak margotuak dira gehienak, eta batzuk grabatuak; bi multzotan banaturik daude gehienak. Hamabi zaldi, bi bisonte, bi orkatz eta marra eta zeinu batzuk ditu guztira. Kronologiari dagokionez, Behe Magdalen aroan edo Erdi Magdalen aroan egintzat eman daitezke, eta estiloz, IV. Estilo Zaharrekotzat.

Sinhikoleko-Karbia. Haitzulo hau ere Gamere Zihigako udal barrutian aurkitzen da, Zuberoan. 1971n aurkitu ziren bertan zenbait irudi margotu: zaldi bat, bi bisonte osatu gabe eta giza aurpegi gisa interpretatu izan den irudi bat. Kronologiari dagokionez, Behe Magdalen edo Erdi Magdalen aldikotzat eman daiteke, eta estiloz IV. Estilo Zaharrekotzat.

Sasisiloaga. Haitzulo txiki bat da Altzürüküko udal barrutian, Zuberoan. Bi bisonte irudi ditu, bata grabatu eta gorri arrez margotua, eta bestea buztinez moldatua. P.

Boucher-ek aurkitu zituen irudiok 1950ean.

Kronologiari dagokionez Etxeberriko-Karbiako haitzuloko irudien garaikidetzat eman daiteke.