Departamento de Cultura y Política Lingüística

Geografia»Bizkaia

Bizkaiko eskualdeak


Ikuspegi demografiko eta sozialetik aztertuta, eskualdeak oso izate lausoa du Bizkaian: alde batetik, Bilboko eremu metropolitanoak eragin handia dauka EAE osoan; bestetik, eguneroko joan-etorriak egiteko bizilekutik lantokira, komunikabideek erraztasun handia ematen dute; eta azkenik, norberaren bizilekuari dagokion eskualdeaz kontzientzia eskasa dago.
Bizkaiko lurraldea bere horretan soilik aztertzen badugu, lau alderdi bereizi beharko genituzke: Ibaizabaleko harana, itsasaldea, Arratialdea eta Enkartazioak; hau da, itsasaldeko Bizkaia, Ibaizabalen ingurukoa, eta barnealdeko lurrak, Bizkaiko golkotik urrun ez egon arren.
Ikuspegi historikoa ezin izango genuke besterik gabe erabili, denboran zehar etengabeko aldaketak egon baitira. Hizkuntzaren ikuspegiak eskualdeak beste era batera bereiztera eramango gintuzke, eta bizibidea hartuko bagenu irizpide nagusi, bestelako eskualdeak bereiziko genituzke. Alde batera utziko ditugu, jakina, herri administrazioek zernahi zerbitzu edo jardueratarako bereizi izaten dituzten eskualdeak, sailkapen desberdin asko aurkituko baikenuke.
Gure ikuspegiaren arabera, eskualde jakin batek oztopo fisikoetan oinarritutako lur eremu zehatz bat izan behar du, homogeneotasun apur bateko ingurua osatuko badu. Hirien arteko sarea errealitate horien gainean moldatua da, bizibideek bilakaerak lurraldeari nortasuna ematen dion bezala. Komunikazioak hobetu diren heinean, eta bat-banakako garraiobideak guztiz hedatu direlarik, eskualdeak bere indar historikoa galdu du, eta eskualde barruan nahiz kanpoan dagoen hiri gidatzailearen inguruko eraginpean dagoen lurralde bihurtu da pixkanaka. Periferiako eskualdeetan, sistema hierarkikoan eremurik ahulenak direnez,joera hori are indartsuagoa da, administrazio zeregin hutsetarako izan ezik, eskualdez kanpoko hiriarekiko dependentzia sortzen baita, gaur egungo hirigintzan ohi denez.
Horren ondorioz, gaur egun eskualdea ez da garai bateko lurralde egonkor, aldagaitz eta finkoa: komunikazioaren hedadurak beharturik, eskualdea errealitate aldakor, dinamiko eta konplexua da, bai bere barne antolamenduaz baita hiri gidatzailearekiko harremanaz. Eskualdeetako herri buruek beren inguruan eragin indarra galdu duten eran, errejio hiriek beren nagusitasuna ezarri dute, eta Bizkaiaren kasuan, Bilboko area metropolitanoak bere nagusigo osoa finkatu du.
Lan honetan bereizi ditugun eskualdeek orain arteko joera desberdin eta kontrajarri horiek guztiak laburbiltzen dituzte nolabait, nahiz arazo asko guztiz konpondu gabe gelditzen direla jakin. Oro har, homogeneotasun fisiko eta espaziala dute; zehatz-mehatz definitutako eskualde buruen inguruan antolatzen dira; ezaugarri historiko sendoak dituzte; eta azken urteotan sortu diren kontzeptu berriekin (batez ere, eskualde fontzionalekin) bat datoz orobat.

 

Enkartazioak

Bizkaiko eta Kantabriako Autonomia Erkidegoaren muga-mugan, Enkartazioek oso topografia konplexua dute, Bizkaiko gainerako eskualdeek ez bezalakoa; nahiz garaiera txikiko mendiez tartekatunk egon, guztiz bereizitako haranak dira.
Kadaguako haranak bakarrak ematen dio batatasuna ekialdeko zatiari; horixe da, hain zuzen ere, Bizkaiko gainerako lurraldeari lotuena dagoen zatia, hurbiltasun fisikoz nahiz ezaugarri demografiko, sozial edo ekonomikoz. Alonsotegitik Urgoien aldera, harana oso estua da, Bizkaiko antiklinalaren mende; errepideak eta bi trenbidek (Bilbotik Santanderrekoa, eta La Roblakoa) gurutzatzen dute alderik alde. Haranean dagoen lur eremu apurra etxebizitza bakanduek, baserri edo nekazari ustiaguneek eta industria sakabanatuek (metalgintza eta, gutxiago, kimika) betetzen dute. Kadagua ibaiak bere adarrak jasotzen dituen lekuetan harana zertxobait zabaldu egiten da, eta ibaien hondakinek sortutako zabalguneotan populazioa trinkoagotu egiten da, Sodupen (Guenes) bezala.
Tolesdura antiklinala gainditurik, Kadagua ibaiak Herrerías ibaiarekin bat egiten duenean, bigarren Enkartazioa sortzen da, bi alderdi berezi dituena Lehendabiziko alderdia hondo zapaleko sakangunez dago osatua topografiaren aldetik, eta horiek baliatuz garatu dira Guenes, Aranguren eta Mimetiz (Zalla). Lur eremua zabalagoa denez, industriak ezarri ziren bertan, batez ere papergintza Arangurenen; baserri eta hiri giro nahastuak lur eremu guztia hartzen du mendi hegaletako pinudietaraino. Zallako mendebalean harana estutu eta itxi egiten da Balmasedako atariraino; oraintsu arte, La Herrerako mendateak oztopoa jartzen zuen, baina gaur egun tunel baten bitartez egiten da bidea.
Balmaseda "kale bakarreko" herria da; ibaiaren ubideari eta Menako haraneko errepideari jarraituz joan da hazten. Burgosetik Gaztelera sartzeko ataria izanik, Enkartazioetako herriburu historikoa izan bada ere, gaur egun erdi bana du nagusitasuna Zallarekin batera, industriaren krisiak eman dion astindua oraino gainditu gabe dela.
Bigarren alderdia Gordexolako haranari dagokio, Herrerías ibaiaren ubideari jarraiki. SW-NE norabidean, haranaren hondoak 200 m inguru besterik ez du, biztanleria sakabanatu eta aldi berean trinkoaz; industria jarduera apur bat badu harakintzaren alorrean, nahiz krisi sakonean sartuta egon. Biziguneak sakabanatuak dira, Molinaren zertxobait bilduago, eta belardi edo soroen artean Erdi Aroko dorretxeak eta indiano etxeak ageri dira tarteka. Herreríaseko haranak lotzen ditu Enkartazioak Arabarekin, Artziniega eta Okondon barna.
Zallako iparrean Enkartazioetako meatokiak daude: Sopuertako eta Galdameseko haranak, S-N norabidekoak; biztanleria sakabanatua dute, herriburuetan zertxobait bilduago (Sopuertan Mercadillo eta Galdamesen San Pedro). Enkartazioetako erdigune historikoa da hau (Somorrostroko harana barne delarik), eta bertan dago Abellanedako Juntetxea. Sopuertan zutik dira oraindik dorretxe batzuk, eta Galdamesen indiano etxeek meatzeak ustiatzen hasi aurreko egoeraren zantzua erakusten digute. Meatze zuloek, edo Allen eta Las Muñecas-eko mendate inguruko meatzari bizilekuek, arkeologia industrialaren berri ematen dute, erromatarren garaiko hondakin arkeologikoen alboan: bide nagusi batek Juliobrigatik (Reinosako inguruan, Kantabrian) abiatuta Sopuerta gurutzatzen zuen, Bizkaiko golkora jotzeko.
Mendebalean, Enkartazioko lurrak Kantabriako itxuragokoak dira: Artzentalesen edo Trutziosen larreak dira nonahi, abeltzaintza nagusitzen da, biziguneak sakabanatuak daude, eta etxebizitzak bizkaitarren gisakoak baino kantabriarren ereduagokoak dira. Belardien berde ozena pinudiek belzten dute han eta hemen. Urak iparrera doaz, Kantabria aldera, baina mendien eragozpena topatzen dute: aldatutako zuhaiztiez jantzitako mendiak dira, behi eta zaldi abereak, baita artalde batzuk ere, hazteko erabiliak. Iparrean ez, baina hegoan eta mendebalean kantabriarrekiko harremana handia da: Trutzios da horren lekuko, Santanderren mende baina Bilboren babesean bizi direnen herri bakartua. Probintzien muga administratiboak definitu aurretik Espainian zegoen egoeraren aztarna besterik ez da, nahiz gaur egun egoera aldatu gabe utzi nahi duenik egon.
Azkenik, Karrantzako herria ibaiak ekarritako hondakinen eraginez sortutako harralde zapal baten gainean dago; ibaiak iparraldera hartzen du La Conchan, eta lubaki garbi baten bitartez gainditurik Raneroko Haitza Ason ibaira amiltzen da, Ramalesen ur barrenean. Karrantzakoa haran biribila da: iparrean, Raneroko kare harri dolomitikoak ditu mugarri; hegoan, Ordunteko mendietako hareharriak; eta mendebalean, Mazoko mendisaileko kare harriak. Bizkaia eta Kantabria ditu kide Karrantzak: muga-mugan dago, aldamuzko etxebizitza ugari ditu, abeltzaintza eta bereziki esnegintzara emana dago, eta itsasoko irtenbidea Colindres eta Laredon barna du.
Bizkaiaren azken muga ez dago Karrantzan: Ubalgo mendatean Mazoko mendikatea zeharkatu eta mendebalera jarraituz gero Lanestosako harana dago. Calera ibaiak, Zalamako gailurretik (1.341 m) behera hamildu ondoren, La Calera del Pradon baretu eta hemen ezkutatu, han lur azalera agertu, Moroko Haitza gainditu ostean Ason ibaia topatzen duen artean sortutako harana da. Orain dela bostehun bat urte sortu zen Lanestosa, Burgosetik Santoña eta Laredoraino den biderik laburrenean barna, Los Tornoseko mendatearen kontrola ezartzeko. Karrantzako errepidetik, Ubalen barna, ikusita, Lanestosa herri txikia da, bere ibaia, bi kale alboz albo, eta etxe baratzadunak dituena, Ameriketara jende ugari joan zen Lanestosatik, betun meak ustiatzen hasi aurretik, XX. mendearen hasieran; bizkaitartasuna, hala ere, harro izan dute: Sobako haran auzoetatik Lanestosara etorri ohi ziren emakumeak haur egitera, seme-alabek bizkaitarren odol garbia izan zezaten.
Enkartazioak, Bizkaiko azken mugan, Burgosekiko eta goi ordokiekiko iraganbide eta lotura izan dira betidanik, Urduñako mendatea zabaldu zen arte. Balmaseda Bizkaiko Jaurerriko ataria zen, aldameneko Burgoseko Menako haranetik; beraz, muga ekonomiko eta aduana zen, Urduña bezala. Komunikabide izate hori trenbideak indartu egingo du: industrializazio garaian bete-betean sarturik, Leongo ikatza La Roblako trenbideak ekarriko du Ibaizabal Behereko metalgintza lantegietara. 1960tik aurrera, Bizkaiko industriak behar zituen eskulangileen eragina Gaztelako iparralderaino heltzen denean, trenbide horrek berak ekarriko ditu nekazari herrietatik familia oso-osoak industriaren garapenak hedatutako bizimodu eta itxaropen berrien bila.

 

Demografia

Enkartazioak osatzen dituzten hamar herrien buruan hiru industrializatuenak daude: Balmaseda (7.300 biztanle), Zalla (7.250) eta Guenes (5.800). Nekazaritzara emanagoak dira Karrantza (3 .100 biztanle), Sopuerta (2 .200) eta Gordexola (1 .500). Hortik aurrera, Lanestosa, Trutzios, Artzentales eta Galdames ez dira mila bana biztanlera iristen.
Industria eta nekazaritza nahasian direnez, dentsitateak ez dira oso handiak Balmasedan (317 biztanle kilometro koadroko) eta Zallan (233); Lanestosak tankera berdineko dentsitatea du (312 biztanle kilometro koadroko), lur eremuz Bizkaiko herririk txikiena baita (2 km' eskas) . Nekazari herrietan, Trutziosek du dentsitaterik txikiena (16 biztanle kilometro koadroko) eta Sopuertak handiena (51).
Enkartazioetako biztanleria Bizkaiko eskualdeen artean zaharrenetakoa da : Zallan izan ezik, gainerako herri guztietan biztanleriaren %20 hirurogeita bost urtez gorakoa da (%30 Artzentales eta Galdamesen) . Jakina, Zalla da herririk gazteena, 20 urtez beherako biztanleria %30 inguru baita.

 

Ibaizabal Beherea

Eskualde honen lur eremuak Ibaizabalen L/azken 25 km hartzen ditu, Galdakaon hasi eta itsasoraino; zabalean, gehienez ere 6 km ditu. Bilboko metropolia da gehienbat.
Egituraz hiru osagai paralelo ditu, Ibaizabal ardatz hartuta SE-NW norabidean kokatuak: erdian, Ibaizabalgo harana; iparrean, Txorierrikoa (Asuako harana); eta hegoan, Ugarte-Muskizeko sakana. Beraz, eskualde honek ez du komunikazio arazo larririk hiru ardatz horien gainean; zeharka,ordea, oztopo batzuk sortzen zaizkio: alde batetik, ibaiaren ubideak jartzen dituenak; eta bestetik, ibaia Txorierritik eta Ugarte- Muskizeko sakanatik bereizten duten errekek jartzen dituztenak.
Bilboko itsasadarrak baldintzatu eta definitzen du eskualdea: Bizkaia barrenak itsasorako duen atea, ontzigintzara eta merkataritzara emana (artilea eta burdina landua lehendabizi, mea geroago); XIX. menderen bigarren erdian metalgintzako industrien jarleku zen, eta lantegi erraldoia bihurtu zen: industria, oholpe, kai, etxebizitza eta zerbitzugune jarrai eta atergabea. Gaur egun, industria hilerri bihurtua eta birmoldaketaren bidezidorretan abiatua, beti egon izan den bezala etengabeko aldakuntzan murgilduta dagoela esan daiteke.
60ko hamarraldiaz gero bere bi aldeetan, Santurtzi eta Getxotik Bilboraino, lur eremu guztia bete-beterik dagoela, Ibaizabal Behereko konurbazioa oso trinkoa da, itsasadarrari ertzetik ertz lotua. Itsasadarrak bi eratako esanahia du: alde batetik, bizitoki da, hiri, itsas portu eta lantoki; bestetik, oztopo da, eragozpen eta muga. Beti gorde du bere baitan izaera bikoitza: modernotasuna bezala gainbehera adierazten du, etorkizunaren erakusle bezala industria arkeologiaren lekuko da; bikoitza baita alor sozial eta politikoan ere: ezkerraldea eskuinaldearen aurrez aurre, ia batere lotura edo zubirik
Bi aldeon elkarlekua da Bilbo. Fontzioaren aldetik begiratuta, esan daiteke Bilbo dela Bizkaiko hiri sistemaren gidatzaile, baita agian euskal hiri sistemarena ere. Gaur egungo parte zaharraren inguruan sortu zen, eta ibaiari jarraituz ezker-eskuin hedatu zen hiria, San Frantzisko eta Bolantin aldera. Berehala, ibaiaz bestaldera jauzi egin zuen Abando aldera, ibaiaren bihurgune zabal guztien eremua hartzeko, Areetatik Olabeagaraino: horiek dira XIX. mendeko eta lehendabiziko XX. mende erdiko zabalkundeak, Deustua eta Erandio bereganatzeraino heldu zirenak. Leku estrategikoa hartzen du Bilbok, ibaiaren bi aldeen elkargunean; ondorioz, gaur egun itsasadar guztiko trafikoaren biltzaile da Bilbo, Errontegiko zubiak zeregin hori ur barrenago eraman duen arte.
Ibaiaren ezkerraldea Deustuko zubipean hasten dela esan daiteke. Ontziolak (batez ere, Euskalduna) aspaldidanik izan dira hor, eta gaur egun etorkizuneko proiektu handiak kokatzekoak dira bertan. Zirga bidean, aldamenean dira Olabeaga eta Zorrotza; aurrerago Barakaldo, burdingintzaren ikur eta herrien arragoa: bertan dira Bizkaiko Labe Garaiak izandakoen lekukoak, lur herdoilduak eta zamalekuen hondakinez beteak. Etenik gabe dator Sestao, bere ontziola eta labeak behean, etxe hits eta estuak ezpondan gora datozela muinoraino. Portugaleteko atarian, burdingintza berriaren arrastoakageri dira, Benedictako kaian. Erdi Aroan sortutako herria da Portugalete, eta 1920 inguruan bilbotar askoren udaleku bihurtu zen, industrializazio trinkoa hasi aurretik; geroztik, lo leku besterik ez da izan. Portugaleten gertatzen da Euskal Herri guztiko dentsitate demografikorik handiena. Azkenik, Santurtzi dago, arrantzale herri txiki izanda jauzian itsasportu garrantzitsu bihurtutakoa; mundu guztirako zamariakgarraiatzen dira bertatik, eta pertsonen garraioko linea dauka Playmouth-era.
Portugaletetik abiatuta Bizkaiko Zubia ibar eskuinaldera iragateko aukera bakarra da Errontegiko zubiraino. Eskuinalde horretan, Areeta (Getxo) dago, orain dela ehun urte inguru harea multzoen gainean sortutako bizigune eta salerosle herria. Zugazartek, giro ingeleseko ibiltokiak, lotzen du Algortarekin; bertan, maila sozial ertaineko biztanleria da nagusi. Aldamenean, Neguri dago, 60ko hamarraldia bitartean Bizkaiko oligarkiaren zentro erabakitzailea, eta oligarkia horrek urte luzetan landutako bizimodu endogamikoa oraindik orain argi samar erakusten duena. Industriaren krisi sakonak, dena dela, Neguriren gainbehera ekarri zuen, eta bertako jauregi eta etxe nagusi asko ez dira gaur egun etxebizitza, zerbitzu enpresen bulego baizik. Kostaldeari jarraiki, Algorta bukatzen den unean hasten da Getxo; azken urteetan, bizi maila garaiko auzoak sortu dira Getxon, familia bakarreko etxebizitzaz osatua. Abraren gainera oratuta, itsas bazterragoan garai bateko jauregi ezkutuak eta, oraindik orain, baserriak gelditzen dira.
Areetatik abiatuta, eskuinaldeak bere gisara moldatzen du aurrez aurre duen ezkerraldearen errainua. Hemen, dena da lasaiago. Padurak eta ibai bazterrak lantegientzat utzirik, barrurago sortu zen Leioa; azken urteotan, ikaragarri hazi da. Erandio industria eta lantegien nahasmendua da, batzuk bizirik edo birmoldatuta, besteak hiltzorian; herrigunea errepidearen inguruan dago trinko bildurik. Erandioren atal berriagoa da Astrabudua, bai sortzez baita herritarren adinez ere; nolabait esateko, Barakaldoren errepika soziala egiten du, maila apalagoan bada ere. Erandion hasi eta Deusturaino biltokiak eta lantegiak elkar gainkatzen dira, Elorrietara iritsi arte: han dentsitate handiko eta kalitate urriko etxebizitzak hasten dira. Hala ere, Deustuan bertan bada oraindik Zorrozaurreko lantegi multzoa. Inguru horretan guztian nabarmen ageri da etxebizitzak egiteko lur eskasia: San Inazioko auzoak frankismo garaiko arkitektura sozial hits, aspergarri eta berdintzailea erakusten du. Ibarra guztiz etxez bete ondoren, beste inora joaterik ez, eta Artxandako magalak hartu zituzten etxebizitza berriek. Ibai ondoko lurrak akiturik, Bilbok gora egin behar izan du, mendi hegalak harrapatuz edo etxe orratzak eginez.
Bilbotik abiatuta ur goienera, Galdakao, Arrigorriaga, Etxebarri eta Basauri daude, Nerbioi eta Ibaizabal elkartzen diren unean: ia 100.000 biztanleko konurbazioa osatzen dute. Lehen industrializazioaz geroztik lantegi askoren sorleku izanik, Galdakao asko ari da hazten azken hamarraldian, bertako etxebizitza merkeagoek bertara erakarri baitute Bilboren ardatz inguruan bizi den biztanleria gaztea. Lehergailu lantegien atzetik, industria kimikoa edo burdingintza etorri ziren, eta 60ko hamarraldiaren azken urteotan era guztietako lantegi eta biltokiak ezarri ziren Galdakaon. Bizimodua Unión Española de Explosivos lehergailu fabrikaren inguruan zegoela antolatua esan daiteke. Arrigorriagan ere antzeko gauza gertatzen zen: Papelera Española papergintza lantegia zen nagusi, baina azken urteetan beste industria alorrak ere ezarri dira bertan. Aurrekoen antzera, Etxebarrik ere bi une ditu ederki berezirik: batetik, trenbide ingurukoa, eta bestetik 60ko hamarraldiko etorkinen etxebizitzez osatutako San Antonio,mendian sartua. Basauri ere ez dago eredu horretatik aparte; lantegiak eta biltokiak orobat ibaiaren inguruan daudelarik, herria Aritzen gora doa mendi aldera; ez dago lur zimikorik ere alferrik galtzeko. Ibarrean, Ibaizabalen ondoan kimika eta metalgintza alorreko lantegiak dira nagusi. Nerbioi eta Ibaizabal elkartzen diren unea izanik, Basauri garraio eta komunikabideen leku estrategikoa da gaur egun; era askotako zerbitzuak bertan ezartzeko arrazoia da hori (espetxea, poliziaren koartela, Bilboko merkatua eta hipermerkatu handi bat).
Ibai iparraldean, Txorierri Bizkaiko sinklinorioko hegoaldean barna luzatzen da, Butroeko haranetik berezirik. Tartean, Axpe, Enekuri, Artxanda eta Santo Domingok osatutako multzoak bereizten ditu Txorierri eta Ibaizabal; egia esan, multzo hori Bilboko atari bidea da (Enekuri eta Santo Domingoko errepideak gainezka egon ohi dira astegun goizero), eta 30eko hamarraldian proiektatutako Artxandako tunelak zain segitzen du 50 urte geroago. Txorierrik herri hauek hartzen ditu: Larrabetzu, Lezama, Zamudio, Derio, Sondika, Loiu, Erandio (Goikoa) eta Leioa. Larrabetzutik abiatuta, hego-ekialdean, nekazaritzako lurrak berehala uzten dio lekua lur industrialari, batez ere Asuan, izen bereko erreka Erandio inguruan Ibaizabalen galtzen den arte. Ibaiaren bi aldeetan gertatzen den nahasmenduaz beste, Txorierrin neurri apaleko herriguneak dira nagusi (2.500-5.000 biztanle bitartekoak), hiru kilometroz behin lerroz lerro ezarriak; herrigune horien tarteetan, lantegi txiki eta ertainak daude, edo Bilboren barazki eta ortugai beharrak asetzen dituzten nekazari ustialekuak. Orobat ere, bertan dira zerbitzu metropolitano asko: Sondikako aireportua, Euskal Herriko Unibertsitatea (Leioa), Teknologia Parkea (Zamudio), hipermerkatu handiak (Asua eta Leioa). Egoera berezia dauka Loiuk, 70eko hamarraldiaz geroztik Bilbotik hara aldatu baitziren ikastetxe asko eta asko.
Ugarte-Muskiz sakana Txorierriren errepika da hegoaldean. Asuako harana den bezala, ibaiaren norabide bera dauka, eta haranaren sakona errepideak eta Kantabriako autobideak hartzen dute. Enkartazioetatik mea mendiek bereizten dute, eta Ibaizabaletik, berriz, Galindo erreka itsasoratzen den lekutik Santurtziraino doan mendi muino apal batek. Muino horretan hasi eta autobideraino dagoen tarte estuan industria da jaun eta jabe: Rontealdeko kimika, Ansio, Babcock- Wilcox, General Eléctrica, Nervacero eta abar luzea; hipermerkatu batzuk besterik ez dira tartekatzen. Barakaldoko Gurutzetan, Errontegiko zubiak ibai gaineko bidea egiten du, bi aldeak elkar lotzeko Bilbo barnetik igaro behar izan gabe. Bere osasun zentro eta guzti, Gurutzeta nortasun handiko auzoa da Barakaldoren barruan. Aurrerago, Trapagaran eta Urtuella mealekuen atari dira; Abanton eta Gallartan argi ikusten dira oraindik Trianoko mendixka osatzen duten arrago eta metal zabortegiak. Hegoan, mendian barna Arboletak mila bider zulatutako lurraren orbainak erakusten ditu; XX. mende hasieran traumatologia zentro ospetsua izandakoaren hormak zutik daude bertan oraindik. Gallartarik ez dagoela esan daiteke: mearen bila lurretik erauzia izan zen, eta bere lekuan hobi handi bat besterik ez da gelditzen. Azkenetaraino, 1992 arte horixe izan zen Bizkaiko azken burdin meategiko sarrera: lur azpian, itsasotik hiru mila metrorainoko bidea egiten zuen, 200 m itsasoz azpitik Meategi hori itxita bukatu zen betiko Bizkaiko meagintza. Gallarta berria nortasunik gabeko herria da, etxegintza modernista eta berdintzailez osatua.
Aurrerago, Kantabriako muga-mugan, Muskizen amaitzen da sakona. Garai batean meatoki izan zen hau ere, eta itsaso gaineko amildegietan erabiltzen ziren zamalekuak (Covarón, besteak beste) ikus daitezke oraindik ere. Itsaso aldera, Zierbenarekin erdi bana du La Arenako hondartza; esan daiteke hori dela ezkerraldeko hondartza nagusia. Zierbenak (Abantoko udaletik oraintsu bereizia) herri arrantzaleen giroa gordetzen du, inguru industrializatu zorrotz honetan. Kantabriako errepidea eta hondartza bitartean, Petronorreko lantegiko (petrolio produktuak) milaka argiek fantasiazko gaztelu baten irudia osatzen dute. Bertatik bertara, Muñatoneseko gaztelua dago, Erdi Arokoa; paduraren gainetik,autobideko zubia altxatzen da. Muskizeko ibaian gora hegoaldera joan daiteke, Sopuertako bidean, Bizkaiko azken burdinola ikusteko: Pobalekoa da, eta laster zaharberritzekotan diren arren, oraindik bere hormatzar, ubide eta mailuak ikus daitezke bertan.

 

Demografia

Ibaizabal Beherean dago Euskadiko Autonomia Erkidegoko hirigunerik handiena,orobat ere Penintsulako iparraldeko hiri erregio nagusietakoa dena. Hiri sistema horretako ardatza Bilbo da, 370.000 biztanlerekin; atzetik ditu Barakaldo (105.000 biztanle) eta beste herri nagusiak, hala nola Getxo (79.000), Portugalete (55.000), Basauri eta Santurtzi (50.000 biztanle bakoitzak). Maila bat beherago daude Sestao (35.000), Galdakao (28.000), Leioa eta Erandio (25.000 biztanle bakoitzak); Trapagaranek 13.000 biztanle ditu, eta 5.000- 10.000 bitartean gelditzen dira Abanto, Arrigorriaga, Etxebarri, Muskiz eta Urtuella. Gainerako herriak 1.500 (Larrabetzu) eta 3.000 (Alonsotegi) biztanle bitartean daude.
Dena dela, biztanleriari buruzko datuek ez dute argi adierazten trinkotasuna: dentsitateak ikaragarriak dira Portugaleten (18.500 biztanle kilometro koadro bakoitzeko), eta ibaiaren bi aldeetan beti ere 1.000 biztanlez gorakoa da (Bilbon 9.000; Sestaon 8.000; Getxon 6.600). Hortik behera daude Txorierri eta Muskiz-Ugarte sakana (100 eta 500 biztanle kilometro koadro bakoitzeko), eta gutxienik Larrabetzun dago (70 biztanle kilometro koadro bakoitzeko).
Ibaizabal Behereko biztanleria gazte samarra da, 20 urtez beherako biztanle tasa %20 baino goragokoa baita (%30 Leioan eta Etxebarrin). Ondorioz, 65 urtez gorakoak ez dira %15 izatera iristen (%20 Muskizen eta Sondikan bakarrik).

 

Butroe harana (Plentzia-Mungia)

Itsasaldea eta Txorierri bereizten dituelarik, Butroe harana Mungiaren inguruan dago antolatua. Ipar-mendebalean, Bakio eta Armintzako itsas amildegiak daude; Billanoko itsasadarrean SW norabidea hartzen dute Plentzia eta Gorlizeko badian zabaltzeko, Butroe ibaia itsasoratzen den unean hain zuzen. Hegoan, Bizkaiko sinklinorioko harearriak daude, Sopela, Unbe, Berriaga eta Gaztelumendik osatzen duten lerroan kokatutako muino lepoetan; muino horiek dira Txorierrirekiko muga naturala, Artebakarra mendatean barna. Ekialdean, Bizkargiko mendilerroak lehenik, eta Sollubekoak iparralderago, bereizten dute Mundakako itsasadarretik eta Matxitxakoko lurmuturretik; azkenik, Jatako mendilerroak egiten du Bakiorekiko muga.
Butroe haraneko sakona aski laua da, muino leun eta zabalez osatua baitago; haraneko ertzetara, aldiz, lurra gero eta garaiagoa da. Mungia dago sakanaren erdian, gainbehera galduta ibaia noraezean gelditzen delarik. Elizatea duen herria da, nekazari eskualde sendo baten buru; Ibaizabal Beherean lur industrialak ahiturik, metalgintzako lantegi asko eta asko etorri ziren bertara. Alabaina, nekazari bizitzaren aurkakoa izan ordez eskualde honetako ekonomiak azken urteetan hartu duen joera, baserria indartu eta modernizatzekoa izan da. Haran sakonak nekazari mundu tradizionalaren ezaugarriak gorde ditu: baserri sakabanatuak, abereentzako larreak, negutegiko ortugintza, eta abar.
Plentzia Butroe ibaiak itsasoratzean sortzen duen itsasadarraren eskuinaldean dago. Aldameneko Gorliz bezala, neguan baketsu eta udan bilbotarrez leporaino beteta izan ohi da. Behinola, Plentzia itsaskari nabarmenen sorleku izan zen; Ternuara balearen arrantzara joandako marinel bulartsuen oinordeko, itsas garraioko kapitain asko eman ditu. Butroen hasten da itsasadarra, Euskal Herri osoan den gaztelurik ederrenetako hormen alboan. Andrakaseko bihurgune dotorea egiten du gero, nahiz eta, Bilboko urbanizazio trinkoegitik ihes etorritako biztanleriaren indarrez, etxe bakanez eta bideskaz hornituegi dagoen azken urteotan. Itsasoratzean, Gorliz parean duela, badia ederra sortzen du, udan hondartzarik jendetsuena duelarik. Itsasadarrean bertan eta badiaren atarian, kirol portu txiki egin berri bat dago. Badia aski zabala da eta NW norabideari dago begira; haize indartsuak muino leunetan banatzen du harea fina, badia inguratzen duen errepideak muga jartzen badio ere. Gorlizen pinudi eder batek betetzen du badia bitartean dagoen unea; bertan, itsas bainuen zaletasuna nagusitu zen garaiko erietxea dago oraindik.
Ipar itsasaldean Armintza dago, Lemoizko arrantzale auzoa; babesleku naturala da, oraintsu arte itsasotik sarbide zail eta arriskutsua izan baldin badu ere. Gaur egun, haitzak berdindu egin dituzte eta garai bateko arriskurik ez dagoenez, itsasontzi multzo polita dago bertan; itsasbazterreko arrantzan jarduten dute, batez ere otarrainetan. Ekialderago, Barasordasko kala guztiz desitxuratuta gelditu zen, lanean hastekotan zela bertan behera utzi zen Lemoizko zentral nuklearra eraiki zutenean. Eukaliptus eta segurtasun hesietan barna, errepideak Bakioko bidea hartzen du. Hogeiko hamarraldian, oraindik turismoak hondartzetarako loetatik hartu ez zuenean, hasi ziren Bakion lehen udako etxeak egiten, hondartzako lehen lerroan, itsaso haserrearen aurrez aurre eta iparrera begira. Geroago, 60ko hamarraldian, turismoaren indar zanpatzaileak Bakioko frantses porru eta tomate ortuak desegin zituen, baita mahastiak ere. Izan ere, Bakiok ezaugarri mikroklimatiko eta litologiko ezin hobeak ditu txakolin mahatsa egiteko. Hirigintzaren aldetik, nahasmendua izugarria da: garaiera eta norabide desberdineko etxe orratzak, lehian; errepide bihurriak, zorian; biztanle dentsitatea, ito beharra. Hitz batera, neguko mila biztanle inguruko herrixka 50 aldiz handiagotzen da udan, eta horrela ezin eskatu ez lasaitasunik, ez bizi maila egokirik. Matxitxakoko lurmuturraren mugan, Sollubeko azken haitzak itsasora barneratzen diren lekuan, Gaztelugatxeko San Joango ermita eta Aketxeko burkaitza altxatzen dira. Inguru horretan oso nabarmen antzeman daiteke itsaso bortitzaren higadura.
Barrualdean gelditzen dira Lemoiz, Maruri, Gatika eta Laukiz; pinuz eta eukaliptusez hornitutako muino leunetan, baserri berrituak eta etxebizitza bakanak, izaera eta maila desberdinekoak, ugaritu dira azken urteotan, baina inguruarekin loturarik gabekoak direla esan daiteke. Berdintsu gertatzen da baita ere Mungian. Ekialderago, Gamiz-Fikan eta Fruizen gauza bera jazotzen da. Aitzitik, Sollube, Meñaka eta Arrietako magaletan, bizirik dirau baserriko bizimolde tradizionalak; horietan, biztanleria urte gutxitan oso zahartu da, gazte jendeak hirietara jo duen neurrian. Sopelako iraganbidean eta Ibaizabal Beheko ingurunean, Urdulizek bakarrik ditu Txorierrin batera gertatzen diren bizimoldeak, baserriak eta industria; azken horretan, Mecánica de la Peña da enpresarik garrantzitsuena.
Butroeko harana da Ibaizabal Beheko hedaleku naturala: hiriko estuasunetik ihesean datorren jendetzaren beharretara, kalitate garaiko etxebizitza multzoak sortu dira, baserri asko etxebizitzatarako egokitu eta berritu dira, eta oro har hirietako bizimoldea heldu da baserri inguru hauetara. Zernahi gisaz, etnografiaz eta kulturaz Butroeko haranak bere nortasuna gordetzen jakin du.

 

Demografia

Ibaizabal Beheko hiri handien aldean, Butroeko haranak baserri giroa hainbatean dauka hiri giroa; ikusi besterik ez dago eskualdeko buru egiten duen Mungiak 13.000 biztanle besterik ez dituela; Sopelarekin (8.000 biztanle) batera, bost mila biztanlez gorako herri bakarrak dira eskualde osoan. Milatik gora, Gorliz (2.900), Urduliz (2.500), Plentzia (2.550) eta Bakio (1.200) daude; gainerako herriek ez dute mila biztanleko muga gainditzen, ezta askotan bostehunekoa ere (Arrieta, Fruizeta Meñaka). Horren ondorioz, dentsitateak ez dira oso handiak, gehienetan ez baitira iristen 100 biztanle kilometro koadroko izatera; erdi bidean, Mungia, Gorliz eta Plentzia bakarrak dira kilometro koadroko 250-500 biztanlerekin; 500etik gora, Sopela bakarrik dago (1.020 biztanle kilometro koadroko).
Adin taldeei dagokienez, nabarmen bereizten dira alde batetik Mungiatik itsasorainoko zatia, eta bestetik ekialdeko baserri giroko herriak: lehendabizikoan, biztanleriaren laurdena (Sopelan %30) 20 urtez beherakoa da; hiri handietatik etorritako bikote gazteentzat egin izan diren etxebizitza ugarien eraginez gertatzen da hori ziur aski, batez ere Sopelatik Gorlizerainoko itsasaldean. Bigarren alderdian, ordea, baserri giroko herrietako biztanleria oso zaharkitua da (Arrieta, Fruiz...), biztanleriaren laurdena batez beste 65 urtez gorakoa baita.

 

Mundakako itsasadarra (Gernika-Bermeo)

Ez da erraza izen zehatz bat ematea Oizeko mendilerrotik itsasoraino doan lur zatiari. Busturialdea esan izan zaio; mende honen erdialdean, Gernika-Bermeoko eskualdea esaten zioten, irizpide fontzionaletan oinarrituta; berriki, Urdaibai neologismoa sortu da lur zati horren espantu handienari deitzeko. Gure ustez, lur sail horren berariazko ezaugarri naturala Oka ibaiaren harana da; Gernikarik abiatuta itsasadar bihurtzen da, Mundakaren parean itsasoarekin erabat nahasten den arte. Agian, azken elementu hori kontuan izanda esan diezaiokegu Mundakako itsasadarra.
Bizkargi eta Oiz mendi sailek bereizten dute eskualde hau Ibaizabaletik. Mendisail sendoek bereizten dute baita ere mendebalean Butroeko haranetik, eta ekialdean Lea ibaiko haranetik, Sollube eta Atxerre-Ereñozar-Nabarnizeko mendi sailetan amaitzeko. Mendi horien guztien arrean gelditzen den lurraldea da, hain zuzen, Oka ibaiaren arroa; ibaia Autzaganeko uren banalerroan sortzen da, Zornotzatik Gernikara doan errepide ondoan.
Ur goienean, Oka ibaia ur-lasterrez egina dago: Zugastietan, esate baterako, gainbehera %12koa da. Handik aurrera, ordea, baretu egiten da berehala, Muxikako ordekan barrena sartzen den orduko; bihurka joango da aurrera itsasoraino. XVI. mendeaz gero, ibai horren ur barreneko zatia bideratzeko xedeak izan dira, baina Errenteriatik Foruarainoko zati laburra besterik ez da bideratu gaurdaino. Gernikako ezkerraldeko ur barrenean, Muruetako ontziolaren jardueraren beharretara, dragatze lanak egin behar izaten dira aldian behin, ontziolan egiten diren itsasontziek uretatu eta itsasora irtetzeko bidea izan dezaten.
Murueta eta Kortezubitik aurrera, padura da nagusi Sukarrieta eta Kanalaraino. Itsasoaren gora-beheraldiez bailaturik, polder gisako xuka lurrak sortu ziren inguru horietan; oraindik zutik diren itsas errotak uraren beste baliabide baten lekuko dira. Gaur egun, Urdaibaiko Biosferaren Babeslekua sortu da, padurak gorde eta artatu beharra baitzegoen; hala ere, babesleku horrek padura lekuak baino askoz ere lurralde zabalagoa hartzen du bere baitan, inguru hori guztia balio natural eta biologiko handikoa baita.
Eskualde hau hiru multzotan banatzen da: itsasaldea, Mundakako itsasadarra eta barrualdeko haranak.Matxitxako lurmuturretik Elantxoberaino doa eskualde honetako itsasaldea, Ogoñoko lurmuturraren aldabean; aurrez aurre, Izaroko uhartea du zaindari. Itsasertz garaia da hau, goitik behera haitzetan eta itsasoan amildua. Ozta-ozta zabaltzen dira hanhemenka harri arteak edo itsaso zabaleko hondartzak (nagusia Laga, Ibarrangeluan); hala ere, mendebaleko haize bortitzetatik babestutako kaiak ezarri izan dira bertan, batez ere Matxitxakon.
Bermeo, Bizkaiko herriburu izana Bilboren aurretik, baxurako arrantzako porturik nagusietakoa da Kantaurialde osoan. Arrantzaren gainbehera hasi orduko, portu horretatik abiatu ziren Afrikako uretara eta izozketa lanetara lehen itsasontzi aitzindariak.Mundaka ere herri arrantzalea izan da betidanik, baina horrez gain udaldiko turismoa erakartzen jakin izan du, eta azken urteotan bere itsaso harroari etekinik ateratzen ahalegindu da: munduko surflarien elkarleku bihurtu da urre gutxiren buruan. Elantxobe Ogoñoko morkaitzak babesten du itsas haizeetatik; mendi magaletik behera itsasora datorren herria da, zabalbiderik gabekoa. XIX. mendearen erdia arre, Ibarrangeluako auzo arrantzalea zen, eta itsastar eta arrantzale asko eta asko eman izan ditu. Ibarrangeluako errepidetik begiratuta Elantxobek eskaintzen duen ikuspegi paregabea hamaika argazki eta pinturatan jasoa izan da. Ekialderago, Ea dago itsasadar estu eta labur batean; herria muga mehar horien barruan bildurik dago, zubi txiki eta ugariez loturik. Eako ekonomia jarduerarik nagusia udako turismoa da gaur egun. Azkenik, Ibarrangelua ezin besteko igarobidea da lehorrez Elantxoberaino iristeko. Herri txikia da, etxe bakanez osatua, udatiarren eraginez jasotako apartamentu multzo bat izan ezik. Ibarrangeluak badu baira ere baserri auzorik mendialdean eta Lagako erreka bazterrean. Akordako erreka, Atxerreko oinean, higadura karstikoaren erakusle bikaina da.
Eskualde honetako hiru hondartzatan biltzen da udako hilabeteetan jendetzarik handiena: Mundaka, Laida eta Lagako (Ibarrangelua) hondartzak dira. Mundakakoa herri barruko hondartza da, eta trenbide ondoan egotea du bere alde. Laidakoa, berriz, lehendabizikoaren aurrez aurre dago, tartean Portuondoko erretena delarik; itsasbehera denean hondartza zabala da. Lagakoa Ogoñoko lurmuturreko mendebalean dago, eta jatorrizko hondar muinoa guztiz desagertzeko zorian dauka. Jende gazteak, itsaso harrotu zaleek eta pinudietako gerizpearen maitaleek azken hondartza hori aukeratzen dute. Udan, Laida eta Lagako hondartzetara doan jendetzak automobil ilara luzeak sortzen ditu egunero, askotan Gernikaraino ere iristerainokoak.
Mundakako itsasadarra berez Gernikan hasi eta Laidaren parean amaitzen da. Mendebalean, Sollubeko mendilerroa eta Busturiako haitza nagusitzen dira; ekialdean, Atxerre eta Ereñozarreko kare harri soilduetan artadi atlantiarra eta gurbiza sortzen dira, bertako mikroklimaren babesean. Hegorantza, Sukarrieta dago, Txatxarramendiko uhartetxoa parean duelarik; bertan dago kokaturik arrantza eta itsas baliabideen azterketa zentro bat. Herri txikia da, familien udaleku izandakoa. Hegoalderago, Busturiako herria dago, bost auzo dituena: Axpe, Altamira, San Kristobal, Parezi eta San Bartolome. Baserria du nagusi, baina azken urteotan industria zertxobait ere ezarri da. Dena dela, udatiarren etxeak gero eta ugariagoak dira, eta badirudi etorkizuneko joera horixe izango dela. Berehala, Murueta dago, baserriz osatutako herrixka, eta Forua (azkenaldian bere herri izatea berreskuratu ondoren), baserriz eta udatiarren etxeez osatua. Azpimarratu beharra dago Forua izenak erromatarren oroitzapena dakarrela gogora, eta azken denboretan bertan zabaldu diren aztarnategi arkeologikoetan lortutako emaitzak izenak adierazten duen uste horren aldekoak direla dirudi. Mundakako itsasadarreko ezkerraldean herrigune eta auzoak multzo txikietan daude bildurik, itsasertzaren lerroan; baserriak, berriz, sakabanatuak daude, gehienetan haitzarteek utzitako zokogunetan.
Itsasadarreko eskuinaldean, Atxerreko San Migelen eta Santimamiñeko haitzuloen gerizpean Kortezubi dago. Azpimarratzekoa da Omako harana, kare harrietan landutako zelai zabala; Atxerre-Ereñozar- Nabarniz mendilerro multzoko eraketa karstiko guztien adibideak dira ikusgai bertan. Kortezubiko baserri gehienak negutegiko lanetara daude jarriak, eta Gernikako asteroko azokan hornitzen dute. Ur barrenean, Arteagako herria itsastar kapitain eta eskuordeko askoren sorleku izan da; neguan herri bildua da, udatiarrez jendetsuago udan. Kale bakarreko herria litzateke oraindik, azken urteetan kanpotik etorritako familientzat egindako etxe bakanengatik ez balitz; dena dela, izadia eta gizakiaren eskua ondo ezkondurik daude. Gaztelu mardula dauka gainera, frantsesen eraginpean egindakoa eta XIX. mendean zaharberritua.
Lekeitioko errepidean, Ereño aurkitzen dugu, harrobi herria: marmol gorrizko harrobiek ospe handia izan zuten garai batean. Orain, baserri sakabanatuen artean, harrobi zaharren ebaki izugarriak adierazten du harria landu zutenen sendotasuna. Gaur egun harnabar gorria ez da ia batere lantzen, bai ordea legarra egiteko kare harria.
Gernikan elkartzen dira itsasadarreko bi aldeak, Bilbon gertatzen den bezala. Kokaleku aparta duelarik, aspaldidanik izan da, zalantza gabe, Bizkaiko erdialdeko itsasalde burua. 1937ko bonbaketak txikitu egin zuen herria, eta geroztik berritu zenean ez zen herrigunea osatzeko berezko Erdi Aroko moldea gorde. Eskualde osoko merkataritza eta industria zerbitzuak Gernikan daude; zertxobait bereiz, Bermeo bakarra gelditzen da. Astelehenetako azokan, eta batez ere urriko azken astelehenekoan, Euskal Herriko saltzaile, erosle eta ikusle andana izaten da. Horrez gainera, Bizkaiko hiriburu politikoa da Gernika, eta Batzar Nagusien egoitza.
Gernikako hego, eki eta mendebalean hasten da eskualde honetako barrualdea: mundu zabalera ateratakoen sorleku, Ipar Ameriketara artzain joandakoak, edo bost kontinenteetako pilotalekuak bete izan dituzten pilotari puntistak, adibidez. Mendebalean Errigoiti dago, abeltzaintzara eta basogintzara emaniko herri txikia. Hegoalderago, Morgako herria, baserri sakabanatuez osatua eta bi auzo dituena: Meakaur eta Andra Mari. Haranaren amaieran, Muxika dago, mendi hegaletan, ibaiaren ertzetan eta Mungia nahiz Larrabetzuko errepide ondoan barreiaturik. Garrantzizkoak dira bertan zurgin lantegiak (Ajuria, Zugastieta, Gorozika, Mauma).
Eskualdeko gainerako herriak trenbidetik eta errepide nagusietatik bereiz daude: Mendata, Oizko mendilerroaren iparraldeko muturrean, ikuspegi aparta duten hiru auzotan banatua; Nabarniz, izen bereko mendilerroaren babesean eta errepideak iristen diren azken lekuan; Ajangiz, urte luzez Gernikari lotua egon ondoren aspaldiko bere herri izaera berreskuratu duena; Arratzu, Markinako errepide ondoan barreiatua. Leku lasai eta isilak dira, basogintzari lotutako industria, larreak, pinudiak eta haize garbia besterik ez dutenak. Hala ere, mendiko herri txiki gehienak bezala "kalearen" mende bizi dira, gazte jendeak Gernikan ikasten baitu, eta bertan bizi nahi luke ziur asko. Gaur egun automobila, gasa, argindarra, telefonoa, ura edo telebista azken baserriraino iritsi dira, baina hala ere baserriaren geroa zalantzan ikusten da. Baserri asko dago utzia, pinudiak ia atariraino etorriak, edo belaunaldi bakarrari eutsiak. "Baserriak ez du etorkizunik" askotan entzuten den esaldia da.

 

Demografia

Mundakako itsasadarreko herrien artean Bermeok (18.000 biztanle) eta Gernikak (16.000) bakarrik har dezakete hiri izena. Bi herrion nagusitasuna, beraz, erabatekoa da eskualdeko gainerako herrien aldean, eta batez ere Gernikak du nabarmenago buru izatea: itsasadarraren hasieran dago eta kokaleku aparta dauka eskualdearen erdi-erdian. Mundakak eta Muxikak 1.500 bana biztanle dauzkate; gainerako herriak ez dira mila biztanleko mugara iristen, ezta hirurehunekora ere batzuetan: Ereño (248 biztanle) eta Murueta (175).
Dentsitateak ez dira handiak, baserri giroko bizimoldea nagusi den eskualdeetan ohi den bezala. Horretan ere, Gernika (888 biztanle kilometro koadroko) eta Bermeo (548) dira alde handiz nagusi. Askoz ere dentsitate txikiagoz, Mundaka (409) eta Sukarrieta (139) daude. Elantxobek bere biztanleria bi kilometro koadro laburreran bildu beharra dauka, zabalbiderik ezean. Gainerako herrietan kilometro koadroko 15 eta 30 biztanleko dentsitatea dago; salbuespen bakarra Busturia da, 82 biztanle baititu kilometro koadro bakoitzeko.
Biztanleriari dagokionez, Mundakako itsasadarreko ekialdea eta mendebala arras desberdinak dira: ekialdean, biztanleria osoaren %23 - %26 gazteak dira; mendebalean, berriz, gazteak ez dira %20ra iristen, itsasertzeko herri batzuetan izan ezik (Kortezubi eta Arteaga). Jakina, 65 urtez gorako biztanleriaren ehunekoak aurreko joera horrekin batera doaz: itsasadarreko eskuinaldeko herrietan biztanleria osoaren %25 - %30 dira 65 urtez gorakoak; Bermeotik Mundakara bitarteko herrietan, ostera, %20 baino gutxiago dira. Biztanle gazteenak Gernikak eta Foruak dituzte , 65 urtez gorakoak ez baitira %15 izatera iristen.

 

Lea eta Artibaiko haranak (Markina-Ondarroa)

Oizko mendi saileko ipar hegaletik behera datozen urek bi erreka sortzen dituzte berehala, baina itsasora bide luzerik ez dutenez, ezin ubide zabalik sortu. Hala ere, malda bizian amildurik daudenez, bi errekatxo horien higadura indarra oso nabarmena da; gainera, euria maiz egiten duelarik, mendi haietako haitzen izaerak ezin dio higadurari aurre egin.
Lea eta Artibaiko haranak parez pare doaz biak, Gipuzkoako mugatik Okako haraneraino eta Mundakako itsasadarreraino; Lea ibaia Lekeition itsasoratzen da, eta Artibai berriz Ondarroan. Lea ibaiaren ur goiena amildegian badago ere, Arbazegin (Munitibar) gainbehera asko apaltzen da; hortik aurrera, harana zabaldu egiten da zertxobait E-W norabidean, eta berehala Nabarnizeko mendisaileko sinklinalean barna sartzen da NE-SE norabidean, lau kilometroko haitzartean mendilerro osoa zeharkatzeko. Oztopo hori gaindituz gero, harana ostera zabaltzen da Aulestin, eta Gizaburuagan barrena Lekeition iristen da itsasora.
Artibaik ekialderagoko urak biltzen ditu eta Learen oso antzekoa da urgoienean. Trabakuatik barrena datorren ubidea Bolibarretik datorrenarekin elkartzen da Iruzubietan, eta horrela indar aski handia hartzen du Santa Eufemiako kare harrietan W-E norabideko harana sortzeko. Markinan berriz Urko-Kalamuatik datorren ubidea elkartzen zaio, Etxebarriako ibarra eratu ondoren. Ubide zabalagoan, ibaiak iparrera aldatzen du bere norabidea; Urberuagan zertxobait estuturik, Berriatuko ibarra zeharkatzen du. Ondarroako atarirako, Aranzibiako dorrearen parean, argi eta garbi antzeman daiteke itsasoaren eragina; Ondarroako herriari loturik bidea egin ondoren itsasoratzen da bertako portuan.
Lea eta Artibaiko haranak oso bereziak dira: nekazaritza eta basogintza nagusi direlarik (Bizkaiko pinudirik handienak Oizko mendisaileko ipar hegaletan daude), ur barrenean jarduera industrialak sortzen dira, eta itsasertzean berriz arrantzari lotutako jarduerak dira nagusi, batik bat Lekeition eta Ondarroan; horrez gain, Lekeition garrantzi handiko jarduera ekonomikoa gertatzen da asteburuko eta udako turismoaren inguruan. Bestalde, eskualde honek ez du buru fontzional argirik: historiaz eta administrazio zerbitzuez, Markinak biltzen ditu eskualdeko eginkizunik gehienak (lanbide hezkuntzako eskola, suhiltzaile etxea, eta abar), baina bigarren hezkuntzako ikastetxeak Ondarroan daude bildurik, eta merkataritzari lotutako jarduerak ere handiagoak dira bertan.
Lea eta Artibaiko haranek duten arazorik nagusia komunikabideena da: lotura zailak dituzte, bai beren barrenean, bai kanpoarekiko. Learen kasuan, Lekeitiotik Ondarroarainoko errepideak itsasertzari loturik egiten du bidea: bihurgune arriskutsuak etengabekoak dira eta errepidearen zabalerak bi norabideko ibilgailuak ozta-ozta onartzen ditu. Barrualdetik, lotura on samar bakarra Milloiko gainetik egin daiteke. Kanpoaldearekiko lotura, berriz, azken denboretan hobetu da zertxobait Durango eta Markina bitartean; konponbide horrek mesede handia egin dio Artibaiko haranari, baina aldiz Lekeitiori Bizkaiko leku gehienetara joateko Gernikatik igaro beharra ezarri dio. Halaber, Ondarroatik Gipuzkoa aldera dagoen irtenbideak ere arazo berdintsua du: bertako portuko arraina batez ere penintsulako hiri handietan saltzen denez (Madril, Bartzelona), lotura azkar eta errazagoa beharko litzateke autobideekin, eta kontu hori oraindik ez dago batere ongi konpondua.
Leako haranean, Munitibarren barrena doa Markina eta Gernika lotzen dituen bidea; Gerrikaitz eta Arbazegi elkartuta sortu zen Munitibar. Herrigune txukuna da, hogeiren bat etxez osatua, denak ibai ondoan; urgoienean, bertatik bertara, Gerrikaitzen baserri zaharren arkitektura tradizionaleko ale mardulak gordetzen dira. Oiz mendiko hegalean barrena Durangora doan errepidean Bizkaiko agerre edo ikustokia dago: Gernika eta Mundakako itsasadarraren ikuspegirik ederrenetakoa bistara daiteke bertatik. Urbarrenean, Aulesti kale bakarreko herri horietakoa da, atzean Nabarnizeko mendilerroa duelarik. Gizaburuaga, berriz, Euskal Herriko nekazari giroko herri txikietan izaten den etxe sakabanatzearen eredu izan daiteke. Azkenik, Lekeitiok bi auzo ditu, eliza gotiko ederraren inguruan: auzo gotikoa alde batetik, eta itsas portuko zabalunea bestetik. Gaur egun, herriaren bizitza portuaren ingurura biltzen da, gerizpe zoragarri eta koloretsuko etxe sailaren oinean. Udan, bizitza sozial ikaragarria du herriak, XIX. mendeaz geroztik datorkion tradizio turistikoaren poderioz. Lekeition zegoen Isabel II. lehenengo errepublika sortua zela jakinarazi ziotenean, eta Lekeition ezagutu zuen halaber Zita, Austriako erregina, atzerriratua bizi zelarik.
Artibaiko harana, neurri batean Leakoaren antzekoa izanik ere, berezi egiten da: Oiz menditik behera datozen urak elektrizitatea sortzeko erabili izan dira ehun urtez geroztik, zentral txikien bidez Trabakuako errepidearen ondoan Iruzubietaraino. Mendebalago, Bolibarreko haranean aurkitzen dugu Ameriketako Askatzailearen leinua sortutako elizatea; aldamenean, harlanduzko estrata batez loturik, Ziortzako kolejiata dago, Santiago bidearen oroimena dakarkigun leku baketsua. Markina askoz ere leku lasaiagoa da Ondarroa baino. Erdi Aroko egitura urbanoa gordetzen du oraindik, eta zaharberritutako dorretxeak ere baditu. Garai batean Urberuagako urak hartzera joaten zirenen ibilaldiak ikusten ziren bere kaleetan barrena, baina 1983ko uholdeaz geroztik itxita dago bainuetxea. Markinak bere baserri auzoa dauka, herria inguratzen duten mendi hegaletan sakabanaturik; molde tradizionaleko baserriak dira gehienak, oraintsu arte Ameriketara emigrazioan joandako jende askoren sorleku.
Ekialderago, Etxebarriak probetxu handia atera du aldamenean dituen Eibar eta Markinaren eraginetik. Tamalez, 60ko eta 70eko hamarralditan jasotako etxe multzo itsusiek nortasun guztia kendu zioten herriari, nahiz urbanizazio zabal samarra izan.
Urberoagatik behera Berriatua dago, 1960tik 80ko hamarraldiaren erdiraino Ondarroako udal barrutian egona. Sagardogintza tradizionalaz gain, arrain kontserbak, metalgintza eta plastikoei lotutako industriak ugari dira bertan, Ondarroak ez baitauka lur industriala eskaintzeko aukerarik. Berriatuak soro zabal, eder eta eguzkitsuak ditu, eta hortxe sortzen da Ondarroak eta inguru guztiak behar dituen barazkiak. Azkenik, Ondarroa dago Artibai itsasoratzen den lekuan. Antiguako ermita buru duelarik, leku faltan inguruko mendi hegaletan gora joan da piskanaka herria. Ondarroako herri zaharra, Kamiñazpitik porturaino, kale bakarreko herria da, estua eta nortasun berezikoa. Ibaiaz bi aldeetako komunikazioa egiteko dituzten zubi guztiak dira ikusgarriak.

 

Demografia

Hiru herri dira bakarrik mila biztanletik gorakoak: Ondarroa (10.200), Lekeitio (6.700) eta Markina (4.900). Bostehun eta mila biztanle bitartekoak dira: Berriatua (955), Etxebarria (800) eta Aulesti (640). Biztanle gutxieneko herria Gizaburuaga da (122 biztanle). Dentsitateetan alde handiak daude: Lekeitiok 3.390 biztanle ditu kilometro koadro bakoitzeko, lur eremu txikia baitauka; Ondarroak, 1.140 ditu; aitzitik, gainerako herrietan 15-20 biztanle dira kilometro koadro bakoitzeko. Markina bera (75 biztanle kilometro koadro bakoitzeko) ez dago joera orokor horretatik aparte. Biztanle dentsitaterik txikiena Munitibarrek du (17 biztanle kilometro koadroko).
Biztanleriaren adin taldeak aztertzen baditugu, Leako haraneko biztanleria Artibaikoa baino zaharragoa dela ohartuko gara: Artibaiko haranean 65 urtez gorakoak biztanleriaren % 15-20 bitartean daude; Leakoan, berriz, %20-25 bitartean. Biztanleriarik gazteena Ondarroak (25 urtez beherakoak %25 dira) eta Lekeitiok dute.

 

Durangaldea

Eskualde honek leku estrategikoa dauka: Bizkaitik Gipuzkoa alderako lotura egiten du; Bilboko hiri handitik Bizkaiko itsasalde eta erdialdera joateko derrigorrezkoa iraganbidea da; eta lotura paregabea dauka Gasteiz eta Arabarekin. Oro har, eskualde hau fontzio nagusiez bete-beterik dago: etxebizitzak, industriak eta komunikabideak.
Historiaz, tradizioz eta bizimoldez eskualdeak batasun handia baldin badu ere, bere barnean lau alderdi bereiz daitezke:
a) Ibaizabal Garaia: Gipuzkoako mugan hasi eta Zaldibar nahiz Zumelegi ibaiek kurritzen duten lurraldea da. Lehen ibaiari loturik, Zaldibar eta Berriz daude; bigarrenari loturik, berriz, Elorrio, Atxondo eta Abadiño, Anboto mendiaren oinean.
b) Mallabia eta Ermua: Eibarri oso loturik daude, eta 60ko nahiz 70eko hamarraldietan Eibarren zabalkundea jaso zuten. Hidrografiaz Deba arroari atxikirik daude.
c) Ebroko harana: Urkiolako mendatearen bestaldean, Atlantiko eta Mediterraneoko uren banalerroaren hegoan dauden lurraldeak dira. Otxandio, Urkiola eta Amaitermin (Abadiño) hartzen ditu. Zati batez, Urkiolako Naturaguneko eki eta erdialdea ere hartzen ditu.
d) Ibaizabal Erdialdea: Durangotik Zornotzaraino doan lurraldeak osatzen du, iparrean Oiz mendia eta hegoan Aramotzeko harria (Anbotoko mendilerroan) dituelarik.
Anbotoko mendilerroa gailentzen da eskualde honetan: kare harrizko multzo trinko eta ikaragarria da, SE-NW norabidekoa, Atxarte eta Mañarian barrena doazen ibaiek zorrotz ebakia. Geologiaz bigarren arokoa da, tolesdura antiklinal baten hego muturra da, eta haren ipar muturra higadura diferentzialak desagertarazia du. Haran sakonetik begiratuta, eguraldi argia den egunetan ikuspegi alpinoaren antza hartzen du, horma ia berrikalak ageri baitira.
Ibaizabal garai eta ertaina oso anitza da ekonomia jardueretan; nekazari giroa bizi-bizirik dago herri guztien inguru-minguruetan baserri sakabanatu bezain ederretan, baina gehienetan baserri lanarekin batera beheko lantegietan ere lan egiten dute baserritarrok. Industriaren alorrean, bizirik daude baita ere aspaldidanik datozen langintzak, hala nola fundizioa, forja eta burndingintza. Horiez gainera, 60kohamarralditik aurrera metalgintzak ere indar hartu zuen, aldameneko Ibaizabal Beheretik eta Deba arrotik iritsitakoaren eraginez. Bestalde, komunikabideak eta loturak oso egokiak direnez, eskualde honetan bizileku fontzioa oso hedatua dago, eta horrela etxetik lanera doazenen joan-etorriak oso ugariak dira, norabide guztietan gainera.
Durango da eskualdeko burua, baina xehetasun batzuk ere egin behar zaizkio burutasun horri: Otxandio gauza gehienetan Gasteiz aldera begira dago; Mallabia eta Ermua, berriz, Eibarren inguruan bizi dira; eta Zornotzak bietara jotzen du, Durangora eta Bilbora. Dena delarik, Durango eskualdearen erdi-erdian dago, eta errepideko trafikoaren banatzaile garbia da: Markina eta Ondarroa aldera; Gipuzkoara, Ermua eta Elorrion barna; Gasteizera, Urkiolan barna; eta Bilbora. Eskualde osorako zerbitzuak biltzen dira bertan (epaitegia, bigarren hezkuntzako ikastetxeak, osasun zentroak, eta abar), baita saltoki handi samarrak ere. Ezkurdi kaleko ardatzetik abiatuta 70eko hamarraldiaz geroztik Landako eta Iurreta aldera jo duen sare urbano trinkoak Erdi Aroko herrigunea ia guztiz itoa dauka gaur egun.
Ibaizabaleko urbarrenean, Zornotza ere trafiko banatzaile nabarmena da: Gernika, Gasteiz, Bilbo eta Durangora doazen bideen gurutzean, Bermeora doan trenbideak garrantzi handia eman zion urte luzetan. Herriak izar egitura dauka, errepideen ardatzari jarraiki, eta horrek arazo larriak sortu izan dizkio trafiko astunak herria erdiz erdi iragan behar baitzuen. Azken urteotan gisa horretako oztopo gehienak gainditu ditu autopistaren alboan doan saihesbideak. Bizkaiko erdigune estrategikoan denez, 60ko hamarraldiko garapen garaietan Erakustazoka jartzeko lekurik egokiena zela pentsatu izan zen, eta 90ko hamarraldiaren hasieran automobil lantegi berri bat ezartzeko lekuen artean kontsideratu izan zuten; landa lurreko milioi bat metro koadro erosi zituen Udalak, lur industrial gisa kalifikatu eta lantegi hori bertan kokatzeko, baina automobilen alorrean sortutako krisi sakonaren eraginez bazter gelditu zen azkenean proiektu hori.
Durangotik Urkiola aldera goazela, Izurtza eta Mañaria baserri giroko herriak dira, baina badute industriarik ere, metalgintzan edo kare harria ateratzeko harrobietan.
Haranaren goiburuan, Abadiñok izaera bikoitza du: batetik, Zelaietan nekazaritza eta industria dira elkarrekin; eta bestetik, Matienan industriak eta etxebizitzak dira nagusi, 60ko hamarraldian Eibarko industriaren zabalkunde azkarrak eragindako aldakuntzaren eraginez. San Blaseko feria Euskal Herriko ospetsuenetakoa da. Anbotoren gerizpean, Atxondo munduko zaratatik ihes egiteko lekurik egokiena da: isiltasuna "entzun" egiten den lekua da. Arrazolan, berriz, 20ko hamarraldian burdina lurpetik ateratzen zuten meatzarien zalaparta entzungo zen noski. Haraneko azken muturrean Elorrio dago. Ondare historiko-artistiko izendatutako harrizko herrigune mardula du; nabarmentzekoak dira bertan indiano etxeak, armarridun baserri sendoak eta Ama Birjina Sortzez Garbikoaren elizako erretaula. Iparraldera, Zaldibarren baserri auzoa mendi magalean bildurik dago, eta industria beheko haranean, Abadiñoko Matienan gertatzen den bezala. Berrizen nahastuak dira Eibartik etorritako lantegiak eta Durangoko azoka hornitzen duten negutegiak; bitartean, autobidea etxe nahiz lantegien gaindi doa, herriko lur onenak harrapatuz.
Eibarko eragina garbi duela, Mallabia nekazaritza giroko herria da, nahiz 60ko hamarraldian Eibarko industriaren zabalkundea jaso zuen. Han eta hemen sakabanatutako baserriek, Areitiotik Trabakuako gainera bitartean, beren lur sailak Ganbeko industriagunearekin banatu behar izan dituzte, Eibarren lekurik gabe gelditutako lantegiak jasotzeko. Ermuan, berriz, alderantzizkoa gertatzen da: 1960-1970 bitarteko hamarraldian Euskal Herrian gehien hazi zen herria da, aldameneko Eibarrek lur sail guztiak agortu zituenez; ezin konta ahalako etxe sailak jaso ziren Ego ibaiko arroa bete arteraino. Ermua hazkunde azkar eta araugabearen eredu izan da; 1959an egindako Estabilizazio Planaren ondorioz, Espainiako lurralde guztietatik trumilka iritsitako etorkinez bete zen.

 

Demografia

Ibaizabal garai eta ertaina oso orekatua dago hierarkia urbanoari dagokionez: eskualde burua, Durango (22.500 biztanle) nabarmentzen da demografiaz gainerako herri guztietatik; atzetik dira Ermua (17.700 biztanle) eta Zornotza-Etxano (15.700). Dena dela, Ermuaren pisu demografikoa ez da berez behar lukeen bezain nabarmena, Ibaizabaleko eskualdeari baino askoz ere hurbil eta lotuago baitago Eibarri. Abadiño eta Elorrio (7.000 bana biztanle) ez dira asko hazi, aldameneko Durangoren erakar indarraren poderioz; hala ere, Elorrio fontzionalki bere buruaren jabe izateko joera duela esan daiteke. Bost mila biztanle bitarteko herri artean daude berriko Durangotik berezitako Iurreta (4.800 biztanle), Berriz (4.100) eta Zaldibar (3.100). Hortik behera, Atxondo (1.600 biztanle), Mallabia eta Bedia (l.l00na); bostehun biztanle baino gutxiagokoak dira Izurtza, Garai eta Mañaria.Kilometro koadro bakoitzeko dentsitatea maila ertainekoa da oro har: Zornotzan 265 biztanle kilometro koadroko; Iurretan, 250; Abadiñon eta Elorrion, 200. Goi mailako dentsitatea Ermuan (2.500 biztanle kilometro koadroko) eta Durangon (2.250) bakarrik dago. Gainerako herri gehienek behe mailako dentsitatea dute (50-100 bitartean); Mañaria, Garai eta Mallabia bakarrik daude muga horren azpitik.
Demografiaz, Durangaldeak antza handia dauka Ibaizabal garaiarekin: biztanleria zaharraren tasa ez da %15 baino handiago, Garai eta Mañarian izan ezik. Aldiz, 20 urtez beherako biztanleria %26 eta %30 bitartekoa da eskualde osoan, eta neurri horren gaindi da Atxondon edo Abadiñon. Alde handi horien jatorria, agian, izan daiteke Matiena (Abadiño) eta Atxondo bihurtu direla Durangoko edo Elorrioko gazteen bizileku.

 

Arratia eta Nerbioiko Harana

Eskualde honetan Arratia, Indusi, Zeberio, Altube eta Nerbioi ibaien haranak sartzen dira, guztiak Bizkaiko hegoaldean. Gorbeiako mendikatea dute Arabako muga, eta mendilerro horren aldiriek berezi eta bakantzen dituzte haranok.
Ibaiaren ibilbidea jarraituz, herri hauek osatzen dute Arratia eta Nerbioiko harana:
Arratia: ekialdean dago, Barazarreko gainean sortzen den ibaia alderik alde duela; itsasotik urruneneko eta baserri giro garbiko Bizkaia da. Hala ere, aitortu beharra dago aspaldidanik Bilborekin harreman fontzional estuak dituela, Arratiako trenbidearen loturaz arratiar asko eta asko joan izan baita Bilbora lanera.
Zeanuri: haran sakonean dago, Barazarreko mendigainaren oinean. Gaur egun, herria haranean barna handitu da, baina baserri sendo ugari ditu Gorbeiako mendi saihetsetan barreiaturik: euskal baserriaren eboluzioaren laburbilduma egin daiteke bertatik atera gabe.
Areatza: haran honetan "hiri" izendapena duen herri bakarra; kale bakarreko herria da, atsegina eta ederra.
Arteaga: aspaldi bainuleku ospetsua izana eta ondoren apaizgaitegi, Zeberio eta Orozkora doan errepidearen hasieran dago. Ibai ertzean hasi eta mendialderaino han-hemenka sakabanatutako baserri ugari ikus daitezke, eta Bizkaian den artadi hegotarrena gordetzen du.
Arantzazu: Igorreren atarian, lurralde antolakuntzako ikuspegi fontzionalaren arabera hauxe da eskualdeko burua, eta horregatik ditu bigarren hezkuntzako ikastetxea eta industrialde nabarmena.
Dima: Igorreko ekian, Arratia eta Indusi ibaiek sortzen duten tartea utzirik, Dima dago: ipuin eta elezahar, sorgin eta lamiak gogorarazten dizkigun herria da, haitzuloz inguratua (Baltzola...). Hala ere, dena ez da zahar Diman, Otxandiorako bidean, Lapurerreketa auzoan aerodromo txiki bat baitago; 1936an eta 1937an gerra zibilaren garaian egin zuten, eta gaur egun pinudiak fumigatzen ari izaten diren hegazkinek erabiltzen dute.
Lemoa: Bizkaiko porlan lantegirik handiena dago bertan; etxeetako teilatuak hautsak zurituta ikusten dira. Arratia ibaiak bere urak Ibaizabalera isurtzen ditu bertan. Elkarturik, Bedia iragan eta Usansolora (Galdakao) heltzen da ibaia; ospitala bertan duenez gero, auzo hori Galdakaotik berezi nahian dabil.
Zeberio: Arteagan barna iritsiko gara ibai ondoan lerratzen diren baserri auzo multzo honetara; errepideari jarraituta, herrigunea aurkituko dugu. Bertako arkitektura tradizionala, eta batez ere etxeetan erabilitako zurajea nabarmentzekoak dira. Mendietako egur ugariari etekina ateratzen diote herrian ezarritako zerrategiek. Zeberioko haranak Arratia eta Nerbioikoa elkartzen ditu, baina lotura fontzto hori ez da oso indartsua.
Orozko: herri honetara ere Arteagan barna iritsiko gara. Mendate txiki baina bihurria iragan beharra dago bertara heldu aurretik; muino horretatik ikuspegi paregabea azaltzen da begi bistara: iparrean, Anboto; hegoan, Itxinako harkaitza (Gorbeia). Mendatearen bestaldean, Arnauriko haranean Ibarra dago, Gorbeia mendiaren oinean; herriko plaza polita da, eta bista paregabeak ditu Itxinako mendi aldera. Zubiaurreko bidean, Erdi Aroko arrastoak ikus daiteke oraindik dorretxetan edo kanpo patioa duten baserrietan. Orozkok ez zuen industriarik ezagutu bere azken burdinola itxi zenetik, baina 70eko hamarraldiaren amaieran opil lantegi batek Deustuko ibaiondoa utzi eta bertara aldatzea erabaki zuen.
Urduña: Orozkotik abiatuta Laudioko bidean, Anontzibai aurkituko dugu lehenik; multzo ederra osatzen dute dorreak, baselizak, zubiak eta burdinolak. Nerbioi ibaiaren sorreran dago Urduñako hiria, Araba eta Burgosen arteko muga-mugan. Behiala aduana izan zen bertan, eta horregatik gotorlekua da herria, eta ez dira harritzekoak bertako edifizio mardulak (Aduana, Egoitza).Ekonomiaren aldetik, 70eko hamarraldiko krisiak bortizki astindu zuen, eta ez du oraindik zulo horretatik ateratzea lortu. Urduñan bertan hasten da izen bereko mendatea, errepidez nahiz trenez. Mendate horren bidea XVIII. mendean zabaldu zenez geroztik, Urkiola eta Anguloko mendateei garraiabide nagusi izateko lekua kendu zien, eta Urduñako herriak Durangok edo Balmasedak baino garrantzi handiagoa irabazi zuen. Errepideaz gainera trenbidea ezarri zenean, Urduña aduana eta zamaltzainen herria izatetik, trenbideari lotutako herri izatera pasa zen. Ingurune paregabearen erdian delarik, naturarekiko harreman biziak galdu gabe bizi daiteke Urduñan, aldi berean kaleko bizitzaren erosotasunari uko egin gabe. Mendi basoak Bizkaiko garrantzitsu eta handienak dira espezie autoktonoetan.
Arrankudiaga eta Ugao-Miraballes: Nerbioi ibaian behera daude, Laudio iragan ondoren. Ibaiak Bizkaiko antiklinala zeharkatzeko landu duen hobian daude bi herriok. Ibaiak ezker-eskuin zeharkatzen du harkaitza, kare harrizko zimurduretan sakondua, zerua ia ikusten ez duelarik. Arrankudiaga izatez mendiko baserri multzoa eta herrigune txiki bat da, baina azken urteotan etxebizitza bakanak egin dira. Ugao-Miraballes kale bakarreko herria da, Erdi Aroko erdialdea duena; trenbideari lotutako lantegiak ditu, eta arkitektura erromanikoko piezak ere bai.
Laburbilduz, Arratia eta Nerbioiko haranek Bizkaiko barnealdeko bikoiztasuna ageri dute:
Arratian nekazaritza eta basogintza dira nagusi; baserri sakabanatua da bizitoki nagusia; emigrazioak Bilbora jo izan du lanera, eta horren ondorioz biztanleria zahartu egin da.
Nerbioiko haranean, ordea, metalgintza nagusitzen da, Bilboren eraginpekoa noski; biztanleria ibai lerroan biltzen da; kanpoko inmigrazioa jaso du, industriaren egoera txarra eta krisi larriaren eraginak bizi dituelarik.
Biek, alabaina, eskualdeko buru izateko fontzio garbia jasoko duen hirigunea falta dute: Nerbioiko harana Bilbotik hurbilegi dago, eta Arratia Zornotza edo Galdakaotik, eskualdeko buru izatea ez batean ez bestean ez dago garbi artikulatua eta definitua.

 

Demografia

Lehen begiratuan bestelakorik irudi lezakeen arren, Arratia eta Nerbioiko haranetan demografiaren aldetik gauzak ez dira Bizkaiko gainerako baserri aldeetan bezala gertatzen. Arratiako buru fontzional izan daitekeen Igorrek ez ditu 4.000 biztanle (zehazki 3.700 ditu); atzerago dira Zeanuri eta Areatza (1.000 bana biztanle) eta Dima (1.000). Nerbioiko haranean, Ugao-Miraballes (4.100 biztanle) eta Urduña (4.200) dira nagusi, eta gero Orozko (1.900) dago. Mediterraneoko isuraldean eta Gasteizi loturik, Otxandio (1.100 biztanle) eta Ubidea (160) daude. Beheko mailan gelditzen dira Zeberio (900 biztanle), Arrankudiaga (680), Arteaga (600) eta Arakaldo (88), Bizkaian demografia aldetik den herririk txikiena.
Kilometro koadro bakoitzeko dentsitateaz, Ugao-Miraballes (814 biztanle kilometro koadroko), Igorre (227), Urduña eta Areatza (125na) goiko mailan dira, eta behekoan berriz Dima, Orozko, Zeberio eta Zeanuri (15-20 biztanle bitartean kilometro koadroko). Arearza kenduz gero (125 biztanle kilometro koadroko), baserri giroko gainerako herriek ez dute 100 biztanle kilometro koadroko.
Arratiako biztanleria oso bizkor ari da zahartzen, batez ere Diman, Zeanurin eta Zeberion, biztanleriaren %25 eta gehiago 65 urtez gorakoa baita; gainerako herrietan %2otik gora dago. Biztanleriarik gazteena Nerbioi inguruan biltzen da (Ugao-Miraballesen batez ere), bertan 20 urtez beherakoak %25 eta gehiago baitira.