Geografia»Gipuzkoa
Euskal Herriko eskualdeen geografia
Eskualdeak
Lurrak oso eremu handia dauka, gorabehera eta aldaketa handikoa, bai ezaugarri fisikoz eta bai jendez. Aldaketa horiek eraginda, lurraren eremua zati txikiagoetan banatzen saiatu dira aspaldidanik geografialariak, ezaugarri parekoen bidez zati horiek xehekiago aztertu ahal izateko. Banatutako zati horiei herrialde derizte.
Hasieran, lur zatien ezaugarri historiko, politiko edo administratibo berdintsu edo antzekoak izan ziren herrialdeak bereizteko irizpidea. Askotan, beraz, herrialdeen mugak arbitrarioak izaten ziren, baina hala ere ez ziren inoiz zalantzan jarri XVIII. mendearen amaieran herrialdeak ibai arroen arabera mugatzen hasi ziren arte.
XIX mendean herrialde natural kontzeptua finkatu zen: herrialdeen ezaugarri mugatzaileak erliebea, klima eta landaredia ziren, eta garrantzi handia ematen hasi zitzaion gizakiaren eta gizakia bizi den ingurunearen arteko harremanari.
XX. mendean barna herrialdeen geografia asko landu eta garatu da: bere xedeak hobeki definitu ditu eta azterbideak askoz teknikoagoak dira. Oraintsu arte herrialdearen definizio formala izan da nagusi, hots, ezaugarri morfologikoen araberako batasunari begiratu zaio; orain, ordea, herrialde funtzionala definitzen da: artez edo moldez, hiri baten inguruan eta haren eraginpeko eremuan sortutako jende isuri, mendekotasun eta trukeen arabera antolatzen den lur zatia da herrialdea.
Herrialde politikoa beste era batean definitzen da: ezaugarri formal nahiz funtzionalez gainera, oso garrantzizkoak dira alde batetik lur zati horretako herri erakundeen eskumenen antolamendua, eta bestetik erakunde horien kudeaketa gauzatzeko ezarritako muga espazialak. Erraz antzeman daitekeenez, bazter uzterik ez dagoen baldintzak dira horiek, era guztietako interes ideologiko, ekonomiko, politiko, historiko eta administratiboak nahasten baitira elkarrekin. Ezagunak dira aginte politikoak ezarritako banaketa horien poderioz sortu ohi diren arazoak: herrialdeen barruko uharteak, konurbazioak, eremu funtzionalak, edo muga politikoek zatitutako lurralde homogeneoak.
Eskualdeak herrialdeen barruko gune mugatuagoak direnez, herrialdeak mugatzeko izan ohi diren irizpide eta arazo berdintsuak daude haiek definitzeko ere.
Euskal Herria ez da inoiz oso-osorik eta behin-betiko eskualdeetan banatua izan, besteak beste bere lur eremua mendetasun politiko edo administratibo anitz eta aldakorrari lotua egon baita.
Euskal Autonomia Erkidegoan, nolabaiteko izateren bat aitortzen zaio eskualdeari, era ilun eta lausoan bada ere, erdibideko banako politiko eta administratibo gisa, Euskadiko Autonomia Estatutuan, Lurralde Historikoen Legean, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakundeen foru arauetan. Alabaina, eskualdeak ez dira inoiz legez arautu, eta ez zaie inoiz eskumenik, dirubiderik edota araubiderik eman. Foruen lege zaharrean eskualdeek erro sakonik ez izateaz gainera, bi indarren tira-biraren erdian aurkitzen dira gaur egun: batetik, Lurralde Historikoek ahalmen handiak dituzte beren esku; eta, bestetik, beren eskumenak eta autonomia galtzeko beldur dira udalak.
Horregatik, udalaz gaindiko barrutiak dira eskualdeak Euskal Autonomia Erkidegoan, herri administrazioek beren jardunaren alor jakin batzuetan erreferentzia gisa erabiltzekoak, hala nola lurren erabilera planifikatzerakoan, estatistikak egiterakoan, zerbitzuak antolatzerakoan, hauteskunde barrutiak definitzerakoan, eta abar. Nafarroako Foru Erkidegoaz beste horrenbeste esan daiteke.
Urteen joanean eskualdeak ikusmolde askotarik definitu izan dira, aipatutako bide horretan. Batzuetan, horrela mugatutako eskualdeek arrakasta izan dute, baita berezko esparruaz kanpo ere. Oro har, ordea, behin eta berriz definitutako eskualdeak ez dira gehienetan bat etorri kopuruan, mugetan, izendapenetan, edota definizio irizpideetan.
Euskal Autonomia Erkidegoan eskualdeen azken definizioa Euskal Herriko Autonomia Elkarteko Lurralde Antolaketarako Zuzenbideak izeneko dokumentuan egin da. Dokumentu horretan, udala eta lurralde historikoaren arteko erdi mailako eremutzat hartzen da eskualdea, lurrari lotutako arazoak aztertu eta antolamendu erabakiak hartzeko oinarri espazial gisa.
Irizpide funtzionalak hartu dira definizio hori osatzeko: lehenik, eskualdea mugatzen duten ezaugarriak alde funtzional jakin baten erdigune edo buru egiten duen hiri bat seinalatuz finkatzen dira; bigarrenik, hiri horren eraginpean dagoen lur eremua mugatzen da; eta azkenik, irizpide historiko, ekonomiko edo fisiografikoak hartzen dira kontuan. Halako definizio prozesuak ez ditu lurralde historikoen muga politikoak errespetatzen, eta, hala, zaila izango da bide horretatik sortutako eskualdeak behin-betiko finkatzea.
Autonomia Erkidegoko lur eremua hamabost eskualde funtzionaletan banatzen du; horietarik sei Bizkaikoak dira, gehienbat (Balmaseda-Zalla, Bilboko Hirigunea, Durango, Gernika-Markina, Igorre eta Mungia); hiru, Arabakoak (Biasteri, Laudio eta Gasteiz); eta beste sei, Gipuzkoakoak (Beasain-Zumarraga, Donostia, Eibar, Arrasate-Bergara, Tolosa eta Zarautz-Azpeitia).
Dena dela, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan eskualde ezagun eta erabilienak Euskal Estatistika Institutuak (EUSTAT) erabili ohi dituenak dira seguraski, berez dagokion alorraz kanpo ere maiz agertzen baitira. Erabil maiztasun horri begiratu diogu batez ere, orrialde hauetan EUSTA- Ten eskualdeez baliatzeko. Arrazoi berdintsuak gogoan izanda, Nafarroako Foru Erkidegoan Gran Atlas de Navarra lanean erabilitakoak hartu ditugu.
Ipar Euskal Herrian arazo gehiago dago oraindik eskualde finkoak definitu edo erabiltzeko eta, orain arte azaldu ditugun arazo guztiez gainera, Hego Euskal Herrirako erabilitako irizpideekin bat etor daitezen. Lehenik, Frantziako lur eremua departamentuetan banatua dagoelarik, Ipar Euskal Herria Pirinio Atlantikoak izeneko departamentuaren barne da, Biarnorekin batera. Bigarrenik, banakuntza administratiboak ez ditu ezertarako kontuan hartzen ez ezagutzen lurralde historikoak. Bi arrazoi horiek direla medio, Ipar Euskal Herrian gaur egun lurralde historikoak gehiago dira oinarri ideologiko eta historikoko eremuak, herri erakundeen babesa edo eskumena duten errealitateak baino. Kantonamendua izan zitekeen lurra zatietan banatzeko beste oinarria, baina gogoan izan behar da gaur egun kantonamenduen banakuntzak askotan, biztanle batasunaren arabera, udala baino unitate txikiagoak hartzen dituela; beraz, ez du balio lur eremua bateratasun geografikoaren arabera aztertzeko. Bestalde, kantonamenduen banaketak ere ez ditu lurralde historikoen mugak aintzat hartzen: kantonamendu beraren barnean lurralde desberdineko udalak egon daitezke. Hori guztia kontuan harturik, Ipar Euskal Herriko lurralde historikoak (Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa) hartu ditugu eskualdeak aztertzeko oinarri gisa.
Eskualdeak Euskal Autonomia Erkidegoan
EUSTATek Euskal Autonomia Erkidegoko lur eremua hogei eskualdetan banatzen du. Zazpi Gipuzkoakoak dira: Bidasoa Beherea (edo Bidasoa Barrena), Donostialdea, Deba Garaia, Debea Beherea (edo Deba Barrena), Tolosaldea, Goierri eta Urola-Kostaldea; sei, Arabakoak: Arabako Haranak, Arabako Lautada,Arabako Mendialdea, Arabako Errioxa, Gorbeialdea eta Arabako Kantaurialdea; eta zazpi, Bizkaikoak: Arratia-Ibaizabal, Bilbo, Durangaldea, Enkartazioak, Gernika-Bermeoaldea, Markina-Ondarroaldea eta Plentzia-Mungialdea.
Gipuzkoa
EUSTATek erabiltzen dituenak edo Euskal Herriko Autonomia Elkarteko Lurralde Antolaketarako Zuzenbideak dokumentuak azaltzen dituenak aparte utzita, urteen joanean eskualde proposamen anitz egin izan da. Garrantzizkoenak dira: aspaldiko eskualde tradizionalak, hau da, Goierri, Beterri eta Kostaldea; A. Precedok 1973an proposatutakoa España: geografía y guía (Valle del Deba, Valle del Urola, Valle del Oria y Gosta guipuzcoana) liburuan; J.M. Azaolak (1976) Gipuzkoan zati hauek berezi zituen: Ipar-ekialdea (Donostia, Oria beherea eta Urola garaia), Mendebala (Deba arroa, Eibar eta Arrasateko eskualdeetan banatua) eta Erdiguneko eskualdea (Urola erdialdea eta beherea); Iñigo Agirrek Eusko Lurra obran (1974) eskualde hauek berezi zituen: Ekialdeko Kostaldea, Mendebaleko Kostaldea, Urola erdialdea, Deba erdialdea, Deba garaia, Goierri eta Oria erdialdea. INGEBAk, Euskal Geografia Institutuak, euskal lur eremua bederatzi eskualdetan banatu zuen: Bidasoa beherea, Donostialdea, Oria erdialdea, Kostaldea, Urola erdialdea, Urola garaia, Deba erdialdea, Goierri eta Deba garaia (Arabako Aramaio ere hartzen duelarik).
Bidasoa Beherea (edo Bidasoa Barrena)
Lur eremu txikiena hartzen duen eskualdea da (71,6 km 2 ); hori horrela delarik, eskualde osoa dena batera begi bistan eduki daiteke, bertan diren talaia zoragarriren batetik. Gipuzkoako ekialdean dago, eta hauek ditu mugak: iparraldean Bizkaiko itsasoa, hegoaldean Nafarroa, eta ekialdean Donostialdeko eskualdea.
Eskualde honetan hiru parte bereiz daitezke, morfologia eta egiturazko kidetasunak kontuan izanda: iparraldean, Kostaldeko hirugarren aroko mendilerroa; hegoaldean, Bortzirietako mendilerro paleozoikoa; eta bion artean, Irun eta Donostia bitarteko igarobidea.
Kostaldeko hirugarren aroko mendilerroa ekialdetik mendebalera doan mendi multzoa da. Jaizkibel mendiak mendebaleko ertza egiten du, eta bertatik luzatzen da Ulia, Urgul, Igeldo mendietan barna, Zumaiaraino iritsi arte. Jaizkibel mendiak 400 m ditu batez beste, eta punturik garaiena (547 m) mendebaleko muturrean du.
Lurraren erliebea monoklinala da, kuartzozko hareharri multzo eozeniko sendoz —kolorez gris-urdinxka— eta kare harrizko zimentuz osatua. Iparreko isuraldeak, itsasora jotzen duelarik, muino eta hegal leunak ditu ekialdekoko muturrean, zenbat eta mendebalerago orduan eta zorrotzago. Hegoaldeko isuraldea, berriz, azkar beheratzen da 300 m-ko amildegian behera, Kostaldeko igarobide deritzanaren aldera. Igarobide hori flysch erako formazio bigun baten gainean eratzen da.
Hegoaldean, Bortzirietako mendi sail paleozoikoa du mugakide kostaldeko igarobideak. Batez beste 600 m-ko goratasuna du. Nabarmentzeko gailurra Aiako Harria (830 m) da, Euskal Autonomia Erkidegoko granitozko mendi bakarra. Gainerako gaiak arbelak, konglomeratuak eta hare harriak dirak. Mendilerroaren gorputz nagusitik bereizirik, San Nartziso eta San Martzialeko mendiak daude, igarobidean barneraturik.
Bidasoa ibaia da eskualde honetan Gipuzkoa eta Frantziaren arteko muga naturala. Txingudiko badian itsasoratzen da 66 km-ko bidea egin ondoren, batez ere nafar lurretan barna. Badiara bertara heldu aurretik, padurak sortzen ditu itsasoko urarekin nahasirik, nahiz eta azken urteotan padura horien luze-zabalera asko urritu den. Bidasoa ibaira isurtzen dute ura Errolasarko eta Jaizubia errekek.
Giza jardueraren eta etengabeko suteen eraginez, Jaizkibel mendiko iparraldeko isuraldea eta hegoaldekoaren gaina txilarrak hartuak dauzka (Calluna vulgaris, Erica cinerea, Erica vagans, Daboecia cantabrica); baita ere, otea (Ilex gallii), garoa (Pteridium aquilium), harizti txiki batzuk (Quercus robur), eta pinudiak (batez ere Pinus insignis eta, gutxiago, Pinus pinaster). Hegoaldeko isuraldeko behean eta kostaldeko igarobidea belardian eta soroak dira. Hegoaldean, Bortzirietan, pinudiak dira behealdean, eta hariztiak eta ameztiak goragokoan.
Oraindik orain, erreka bazter batzuetan haltzak (Alnus glutinosa) ikus daitezke, baita lezkak (Phragmites australis) ere. Antzinako padura zabaletatik, gaur egun sail txiki batzuk besterik ez dira gelditzen Behobia eta Hendaiako nazioarteko zubien bitartean: Santio, Kalera, Aurrera era Irukanaleko uharteak dira. Padura horiek, Aiako Harria eta Txigudiko badia eremu natural interesgarriak direla esan daiteke.
Bidasoa Beherean bi udal bakarrik daude: Irun (54.000 biztanle), Gipuzkoako bigarren herririk handiena, eskualdearen barnealdean; eta Hondarribia (13.600 biztanle), badiaren alboan. Bi udal horien herriguneak elkarturik daude gaur egun, eta elkargune hori Donostiaren eraginpean dagoen azpimultzo baten buru gertatzen da.
Frantziako mugakide izanik, ekonomia jardueraren zati handi bat aduanaren burokraziaren ingurukoa izan da, baita eskualdea zeharkatzen duten komunikabideen ingurukoa ere: A-8 autobidea (Bilbotik Behobiarainokoa) eta N-1 errepidea (Madrildik Iruneraino datorrena), gero Pariseko bidea hartzen dutenak. N-121 eskualdeko errepideak Bidasoa Beherea Nafarroarekin lotzen du; errepide horri esker eskualde honek harreman estuak ditu ipar-ekialdeko nafar herriekin.
Trenbide komunikazioetarako geltoki handi bat dago Irunen, Espainiako trenbide nagusia bertan lotzen baita Frantziakoekin. Bada bide estuko trenbide bat, Eusko Tren enpresearen mendekoa, Donostia eta Hendaia lotzen dituena: Topo izenez ezaguna da. Bi trenbide horiekin batera, agian denbora gutxi barru abiadura handiko trena ere izan daiteke.
Garraiabideetan, azkenik, Hondarribia ondoan 50. hamarraldiaren amaieran egindako aireportua dago. Pista bakarrekoa da, eta txikia gainera; handitzea, bestalde, ia ezinezkoa da, lehendik ere itsasoari kendutako lurren gainean baitago egina. Urtean 125.000 bat bidaiari ibiltzen da aireportuan, batik bat Madril eta Bartzelona aldera egindako hegaldi erregularretan. Izan ere, charter edo nazioarteko hegaldietarako, inguruko aireportuek (Miarritze, Sondika, Foronda) eskaintzen dituzten zerbitzuen aurrean txikia baita Hondarribikoa. Abiadura handiko trenak ibilbide labur eta ertainetan hegazkinari egingo dion lehia dela eta, Hondarribiko aireportua kinka larrian egon daiteke datozen urteotan. Egoera hori iristen ez den bitartean, bertako instalazioak eta zerbitzuak hobetzen saiatu dira aireportu arduradunak: hegazkin indartsuagoak ipini, eta zerbitzu tekniko hobeak jarri dituzte bidaiariaren esku.
Espainia Europako Batasunean sartu zelarik, eta bertako estatuen arteko mugen zorroztasuna arindu denez geroztik, salgaiak mugetan barna iraganarazteko egin beharrekoak askoz ere errazagoak dira. Horren eraginez, aduanari lotutako lanpostu asko galdu dira Bidasoako eskualdean; herri aginteak galera hori leuntzeko eta lanpostu berriak sortzeko bitartekoak jartzen saiatu dira. Hala ere, hirugarren sektoreak lanean ari diren guztien %60 egiten du; Donostialdean bakarrik dira proportzioan gehiago.
Hondarribiak turismorako jite garbia dauka. Bere gauza ikusgarrien artean, nabarmentzekoak dira antzinako plaza militarra izatetik gelditu zaizkion eraikinak, herrigune zaharra eta hondartza. Hoteletan ez du eskaintza zabalik (200 bat lagunentzakoa), baina hala ere udatiar asko bertaratzen da, bai kanpotarrak bai inguruko herritarrak. Azpimarratu behar da, baita ere, oporretarako edo asteburuetarako bigarren etxe asko direla herrian (1.374).
Irunen inguruan antolatzen da aidameneko nafar herrien merkataritza. Diru trukea liberaren aldekoa denean, mugaz bestaldeko biztanleak ere asko joaten dira Iruna beren erosketak egitera. Alderantziz, egoera pezetaren aldekoa denean, gipuzkoar asko eta asko joan ohi da Hendaia, Donibane Lohizune, Baiona edo Miarritzeko saltokietara. Irun epai barrutiko burua da; lehen instantziako hiru epaitegi ditu, eta beste hainbeste instrukzioko epaitegi. Osasunaren alorrean, eskualdeko ospitalea dago bertan.
Industrian langile guztien %26 ari da, gutxi gorabehera, baina gogoan izan behar da industria alorreko langile horietarik asko eskualdeaz kanpoko enpresetan ari deia lanean. Guztira, bederatzi langilez gorako hirurogei bat lantegi dago Bidasoa Beherean, eta orotara 3.000 langile dira lantegi horietan.
Lehen sektorean 1991n langile guztien %3,6 ari ziren. Azken egindako baserrien erroldan guztira 747 baserri edo nekazari ustialeku erroldatu ziren; oro har 5.192 ha lantzen zituzten.
Ustialeku horietan batez ere basogintza (%40) eta belardiak (%40) aipatu behar dira. Belardietatik ateratako bazkak jaten ematen die baserrietan diren 2.000 inguru behiei eta 3.000 inguru ardiei. Baserri lanetan ari diren jabe edo morroiek ez dute hori egun osoko lana izaten askotan, baizik eta lehen edo bigarren sektoreko beste lan baten osagarri.
Hondarribiko portua (badiaren barruan, Jaizkibelgo magalaren babesean) Gipuzkoako nagusia da baxurako portuen artean, eta euskal itsasaldeko bigarrena, Ondarroakoaren atzetik. Guztira, 58 itsasontzi ditu, 500 bat arrantzale, eta urtean 9.5001 arrain harrapatzen dira. Itsasontzi horietarik erdia gutxi gorabehera arrantza teknika tradizionaletan aritzen da (pintxoa edo kanabera erabiliz), Cap-Bretongo itsas hobiaren inguruan.
Donostialdea
Gipuzkoako ipar-ekialdean dago. Iparraldean Bizkaiko itsasoa du muga, eta ekialdean Bidasoa Beherea eta Nafarroa. Hegoaldean, Tolosaldea eta Nafarroa ditu mugakide; mendebalean, Urola-Kostaldea eta Tolosaldea. Guztira 305,2 km 2 ditu.
Morfoegituraren aldetik ikusita, Bidasoa Beherean bezalako formazioa dago: iparraldean hirugarren aroko mendi saila dago, Pasaiako itsasarteak, eta Zurriolako eta Kontxako badiak etenik.
Itsasaldeko mendikatearen lehen sektorea Jaizkibelgo (547 m) mendebalak osatzen du esku alde honetan. Bigarren sektorea, garaiera apalagokoa, Ulia mendiak (231 m) osatzen du; Oiartzun ibaiak itsasoratzean sortzen duen Pasaiako itsasarteak bereizten ditu bi mendiok. Hirugarren sektorea Urgull mendiak (128 m) osatzen du, ekialdean Zurriolako itsasartea eta mendebalean Kontxako badia dituela. Hareharrizko adar batek lotzen du kontinentearekin; hain zuzen ere Donostiako hiriaren zati handi bat adar horren gainean dago jasoa. Hirugarren aroko mendi sail horren jarraipena da, baita ere, Santa Klarako uhartetxoa (60 m), badiaren erdi-erdian. Azken sektorea Igeldo- Mendizorrotz (419 m) lerroak osatzen du, Oria ibaia itsasoratzen denean amaitzen dena, eskualde honetatik kanpo.
Itsasaldeko mendikatea hare harri multzoek osatzen dute, kuartzoz txertaturik; urdin kolorekoak dira, edo horixkak batzuetan. Baita ere, kare harrizko zementu multzoak daude, buztinezko geruza meheekin. Estratuen makurtzea Bidasoaldean baino handiagoa da, askotan 75° edo 80° ere hartzen baitu. Beraz, mendia goitik behera sartzen da itsasoan, amildegi handietan; Kantauri itsasoaren oldarrak higadura handia eragiten dio hare harriari, eta horrela itsasaldeko lerroa gero eta atzeratzenago doala esan daiteke. Bestalde, itsasertzeko hareharrizko haitzetan "Gruyèreko gazta" itxura ikus daiteke, higaduraren indarrez zulo eta taffoni gisakoak maiz ageri baitira.
Eskualde honen hegoaldean, Nafarroako mugan, Bortzirietako mendi sail paleozoikoa dago. Ez da oso garaia (600 m inguru); litologiaren alderik, ekialdean Aiako Harria (832 m) dago, granitozkoa, eta mendebalean arbelak, hareharriak eta konglomeratuak daude; aipatzekoak dira Bianditz (711 m), Aldudekogaina (526 m) eta Adarra mendia (817 m).
Itsasaldeko mendikatearen eta Bortzirietako mendi sailaren artean, Irundik Donostiaraino doan igarobidea dago. Igarobide horretan Bortzirietako mendi sailari lotutako gain apal batzuk nabarmentzen dira: Karrikako dibertikula, Oiartzungo diapiroa, San Markoseko mazizoa, Santiagomendiko segmentua (jurasikoa eta interes paleontologiko handia duena) eta Martuteneko domoa. Eskualde honetako erdialdea Bortzirietako mendi sailari atxikitako eremu batek osatzen du (Errekaldeko antiklinorioa, Buruntzako ezkata, eta abar), hegoekialdean Hernanitik Urnietara bitarteko igarobidea gelditzen delarik.
Klima ozeanikoa da. Batez beste, urteko euri kopurua Donostiako 1.500 mm eta Oiartzungo 2.200 mm bitartean dago; udazkena da euritsuena, uda berriz idorrena. Halako eremu txikiko eskualdean gorabehera handiak daude urteko eurialdietan, bistan denez Oiartzualdean euri gehiago egiten baitu: bertan mendi hegalak NE aldera begira daude; itsasaldeko haizeari eragozpena jarriko dion oztoporik ez dagoenez, maiz itsasoko lainoa mendi hegal horietara bildu eta euria ekartzen du bertara.
Tenperaturak leunak dira urtaro guztietan. Igeldoko meteorologia zentroan, batez besteko tenperaturarik hotzena otsailean izaten da (8 °C) eta epelena berriz abuztuan (19,5 °C). Urte osoa hartuta, tenperatura 13,2°C da batez beste.
Oiartzun, Urumea eta Oria ibaiek jasotzen dituzte eskualdeko urak; lur gaina zeharka zatikatzen dutelarik, airetik ikusita kuadrikula itxura ematen diote. Oiartzun ibaia Aiako Harrian sortzen da; 15 km-ko bide laburra egin ondoren, eta Arditurri nahiz Sarobe erreken urak jasota, itsasoratzean Pasaiako itsasadarra osatzen du.
Urumea Nafarroan sortzen da; Hernani eta Donostia zeharkatu ondoren, Zurriolan itsasoratzen da 40 km-ko bidea egin eta gero; bidean Landarbaso eta Añarbe erreken urak biltzen ditu.
Oria ibaia Gipuzkoako ibairik luzeena (66 km), ugariena (26,3 m 1 segundoko) eta arro zabalenekoa (871 km 2 ) da. Eskualde honetan, Andoain, Urnieta, Donostia eta Usurbil zeharkatzen ditu, eta Leizaran eta Abalozerreken ura jasotzen du. Irudi luke Oria ibaiak hartzen duen joera ikusita Donostian itsasoratu beharko lukeela, baina Zubietan 90 °C-ko jira egin, eta bihurgune zabaletan barna, eskualde honetatik irten eta Orion itsasoratzen da.
Gaur egungo landaredian, belardia da nagusi eskualdeko iparraldean, baina tartekaturik badira oraindik hariztiak edota haritzez nahiz bestelako zuhaitzez osatutako baso atlantikoak. Gero eta hegoalderago, pinu arbolak gailentzen zaizkie belardiei. Pagadi mardul bakarra eskualdearen hegoekialdean dago, Añarbeko urtegiaren (Gipuzkoako urtegirik handiena da) inguruetan; hor, haritzez nahiz bestelako zuhaitzez osatutako baso atlantikoko sail nabarmenak daude.
Ibai nagusien ibilbidean, badira oraindik ere Kantauriko haltza ale sendo batzuk (Alnus glutinosa), baina gehienetan edo oso hondaturik daude edo erabat desagertu dira, lekua platanondo, izai edo haritz gorriari uzteko.
Donostialdea da Gipuzkoako eskualdeetan biztanleriarik handienekoa. Hamaika udal dira; Donostia, Pasaia, Lezo, Errenteria, Oiartzun, Astigarraga, Hernani, Urnieta, Andoain, Lasarte-Oria eta Usurbil. Udal barrutirik handienak Donostiakoa (61,5 km 2 ) eta Oiartzun (60 km 2 ) dira.
XX. mendearen hasieran 64.000 biztanle ziren eskualde honetan, horietatik 41.000 Donostian. Mendearen erdian, 164.000 biztanle baziren, eta 1975ean 312.000 biztanle erroldatu ziren. Gaztela, Errioxa eta Extremaduratik 1960 eta 1970 urteetan iritsitako etorkin andanari zor zaio, batez ere, biztanle hazkunde hori.
1991n eskualdeko biztanleria 315.758 lagunek osatzen zuen (Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleria osoaren %14,8, eta Gipuzkoako %46,2). Bilboko eskualdearen atzetik, Donostialdea da Euskal Autonomia Erkidegoan biztanleria handieneko eskualdea (1.032 biztanle kilometro koadroko). Udalik jendetsuenak Donostia (176.637biztanle, %60) eta Errenteria (41.572 biztanle, %13) dira; Hernani, Lasarte-Oria eta Pasaia biztanleriaz berdinak dira (18.000 biztanle, %5,7).
1950az geroztik, Donostialdeko demografiak Euskal Autonomia Erkidegokoaren joera berdintsua izan du. Hiriburua eskualdeko gainerako udalak baino motelago hazi da, eta 1986-1991 bitartean biztanleriak ez du gorabeherarik izan. Aitzitik, Lezok, Pasaiak eta Errenteriak, Donostiarekin jarraitasun urbanistiko osoa dutelarik, nabarmen galdu dute biztanleria.
Biztanleria elebidunaren proportzioa txikia da Donostialdean, Bidasoa Beherean bezala: bi urtez gorako biztanleria hartuta, %30 mintzatzen da euskaraz; horiekin batera, %20 euskaraz ulertu eta zertxobait hitz egiteko gai da.
Eskualde hau izaera metropolitanoa hartzen ari da pixkana-pixkana, baina prozesu hori Bilbon baino astiroago doa oraindik. Bidasoa Behereko eskualdearekin harreman hain estuak direnez, esan daiteke bi eskualdeok area funtzional bakarra osatzen dutela, Donostiaren eraginpean; Irun da eskualdeko bigarren burua.
Dena dela, Donostiaren eragina eskualdeaz haratago doala esan behar da. Orio oso lotua dago Donostiarekin, nahiz hurbilago duen Zarautzek lotzen duen oraingoz. Beste muturrean, Billabonak eta Zizurkilek badute loturarik Donostiarekin, nahiz Tolosaren eragin eremuan bizi.
Errepideko komunikabideetan, A-8 autobidea (Bilbotik Behobiarainokoa) aipatu behar da lehen-lehenik; ekialdera, Bidasoa Behereko eskualdearekin lotzen du, eta mendebalera, berriz, Zarautz, Eibar eta Bizkaiarekin. N-1 errepideak (Madrildik Irunainokoa) Beasaindik Donostiara bitartean autobide itxura dauka; bertatik abiatzen da A-15 Nafarroako autobidea, Iruñearekin eta Ebroko arroarekin lotzeko. Itsasaldeko N-634 errepide bihurriak kostako herriak lotzen ditu, Eibar eta Bilbo aldera jotzeko.
Trenbideetan Madrildik Irunainoko burdinbide zabala nabarmendu behar da alde batetik, eta Donostiatik Hendaiarainoko (Topoa) nahiz Bilborainoko bide estukoak bestetik. Bilbora doan azken trenbide horrek nekez egin diezaioke lehia errepide gaineko garraioari, joan-etorri laburretan ez bada. Abiadura handiko trenaren proiektuak eskualdea zeharkatzeko asmoa dauka, baina erabaki gabe dago Donostiarekin nola lotuko ote den.
Itsas garraioa Pasaiako portuaren bitartez egiten da. Oiartzun ibaiak itsasoratzean sortzen duen itsasadarra hartzen du portuak, Donostia, Pasaia eta Lezoko udal barrutietan. Merkataritzaz gainera, arrantzako itsasontzi asko du portuak, eta azterkizun dago kirol jardueretarako nasa edo eremu berri bat egokitzeko proiektua. Merkataritzaren aldetik, Pasaiako portuak 4.200.000 t salgai higiarazten ditu urtean, batez ere burdina, autoak eta petroliotik eratorritako gai birfinduak. Zernahi gisaz, baditu bere eragozpenak: sarrera zaila dauka, hondoak (10 edo 12 m) muga jartzen die itsasontzi handiei, eta, batez ere, lehia handia egiten dio Bilboko portuak, egoera fisiko eta tekniko hobea baitauka.
Ekonomiaren aldetik ikusita, Donostialdea Euskal Autonomia Erkidegoko bigarren gunea da, Bilbokoaren atzetik. Lanean ari den biztanleria 106.793 lagunek osatzen dute; gehienak hirugarren sektorean ari dira (%60), batez ere hiriburuan (%70).
Donostian administrazio jardun handia dago: bertan dira Estatuko administrazioaren ordezkaritzak eta Eusko Jaurlaritzako sailen ordezkaritzak. Horiez gainera, Lurralde Historikoko Foru Aldundiaren administrazioa eta Udalarena ere Donostian daude.
Justizia administrazioak Donostian dauka Probintziako Auzitegia eta gainerako epaitegiak (sei lehen instantziakoak, bost instrukzioko eta penalekoak, eta lau sozialekoak). Andoain ez dago Donostiako epai barrutiaren barnean, Tolosakoan baizik.
Osasun etxe eta ospitaleak, Osakidetzarenak gehienak, Zorroagako inguruan daude bildurik: Arantzazuko Ama Ospitalea da nagusia, Gipuzkoa osoko ospital burua; Gipuzkoako Ospitaleak eskualdeko zerbitzu gisa dihardu; Ama-haurren Ospitalea ere badago, Arantzazuko Ama Ospitaleari erantsia; Amarako Ospitalea, berriz, ospitaleratze luzeetan dago espezializatua. Osasun etxeen sarea Ospitale Onkologikoak, Gurutze Gorriko Ospitaleak, Gipuzkoako Poliklinikoak, Matia Fundazioko Ospitale Geriatrikoak eta bestelako klinika txikiagoek osatzen dute. Bestalde, anitz dira anbulatorio, erietxe eta gisakoak.
Euskal Herriko Unibertsitateko fakultate eta goi mailako eskola tekniko asko dago Donostiako campusean (zientzia kimikoak, informatika, zuzenbidea, filosofia eta hezkuntza zientziak, enpresa zientziak, eta arkitektura). Horiez gainera, Deustuko Unibertsitateko fakultate batzuk (enpresa zientziak, filosofia eta letrak) eta Nafarroako Unibertsitateko bat (ingeniaritza) daude. Halaber, unibertsitate eskolak (irakasletza, ingeniaritza teknikoa, erizaintza, eta turismoa) eta Musika Kontserbatorio Nagusia daude Donostian.
Euskal telebistak programak ekoitzeko zentroa dauka Miramonen, Euskadiko Orkestraren egoitzaren aldamenean. Irrati publiko nahiz pribatu askok dute estudiorik eskualde honetan, batez ere Donostian. Egunkarietan, El Diario Vasco egunkariak bere erredakzioa eta makineria Donostiako Ibaeta auzoan dauzka, eta Egin egunkariak berriz Hernanin. Euskaraz oraingoz argitaratzen den egunkari bakarrak, Euskaldunon Egunkaria-k alegia, Andoainen dauka egoitza.
Turismoari lotutako jarduerek tradizio handia daukate eskualde honetan XIX. mendearen amaieraz geroztik; hiriburuan batez ere, sektore garrantzitsua da gaur egun turismoa. Hoteletan 1.500 bat gela daude (3.000 pertsona ingururentzako lekua), eta horietarik erdia lau edo bost izarretako hoteletan dira. Ez dira, noski, kopuru handiak, baina oro har hotelen eskaintza ondo orekatua dagoela esan diteke, turismoa urtaro jakinetan etortzen baita.
Biltzarrak eta bestelako kultura jarduerak sustatzen badira, eta turismoa erakartzeko zailtasunak ipintzen dituzten bestelako faktore sozialak desagertzen badira, ez da zaila hotelen kalitatezko eskaria urte osoan zehar banatzea, eta ez bakarrik urtaro jakin batzuetan. Oporretarako bigarren etxebizitzak 5.000 inguru dira eskualde honetan; Donostian daukate batez ere garrantzia.
Donostialdean sei bat mila saltoki txiki daude, gutxi gorabehera erdiak Donostian bertan. Alde horretatik ikusita, Donostiaren eragina probintzia osoko herrietara hedatzen da; bakar-bakarrik esan daiteke ipar-mendebaleko bazterra dagoela eragin horretatik aparte, Bilboko eraginpean baitago, eta hego-mendebalekoa, Gasteizeko eraginpean. Nabarmendu beharra dago, baita ere, bi hipermerkatu edo saltoki handi direla Oiartzunen, eta beste berri bat egiteko bidean dela Donostiako Intxaurrondo auzoan.
Bigarren sektorean eskualdeko biztanleria langilearen %30 ari da gutxi gorabehera; Lasarten, Usurbilen eta Lezon %40ra ere iristen da. Bederatzi langilez goitiko industriak laurehun bat dira, eta guztira 20.000 langile hartzen dituzte. Sektore horretan diren langile kopuruen arabera, nabarmentzekoak dira Donostia, Usurbil eta Hernani.
Lehen sektoreak ez du eragin nabarmenik eskualdearen ekonomian, baina hala ere Euskal Autonomia Erkidegoan lehen sektorean jenderik gehiena ari den eskualdea da (2.500 bat pertsona), nahiz proportzioan langile guztien %2 besterik ez izan.
Bi mila inguru nekazari ustialeku edo baserri daude erroldaturik, guztira 24.000 ha hartzen dituztenak; lur horietan gehiena basogintza (%38) eta belardiak (%4l) dira. Belardi horien bitartez baserrietan diren abelburuen mantenua egiten da; guztira, 12.000 behi eta 15.000 ardi inguru dira.
Donostian eta Pasaian itsas arrantzako portuak dira. Baxurako arrantzan 30na ontzi dira, 145 eta 171 arrantzalerekin guztira. Donostiako itsasontzi gehienak tretzako arrantza teknika zaharretan daude espezialitaturik; ez da harritzekoa, beraz, donostiarrek urtean 1.6001 arrai harapatzen duten bitartean, pasaitarrek 5.500 t harrapatzea.
Pasaiako alturako itsasontziak asko izan ziren 60.go hamarraldian: 280 ontzi izatera ere heldu ziren. Gaur egun ordea 58 besterik ez dira, horietatik 20 bakailotarakoak, 9 izozkailuak eta 29 arrastreroak; guztira 1.000 arrantzale dituzte.
Urola-Kostaldea
Eskualde honen iparreko muga Bizkaiko itsasoak egiten du. Ekialdean Donostialdearekin eta Tolosaldearekin egiten du muga; hegoaldean Goierrirekin; eta mendebalean Deba Garai eta Beherearekin. Guztira 327,2 km 2 -ko lur eremua dauka, hau da, Gipuzkoakoaren %16,5.
Morfoegituraren aldetik ikusita, hiru gune daude. Iparraldean, hirugarren arozko itsasaldeko mendi saila, hau da, Igeldo- Mendizorrotzeko mendebaleko muturra; Oria ibaiak itsasoratzean sortzen duen adarrak eteten du. Handik aurrera, mendi sailak ozta-ozta jarraitzen du, Orioko gainetik, berriz ere Getariako sektore deritzanean agertzeko, hots, San Antongo mendian edo Getariako saguan. Sektore hori Urola ibaiaren itsasoratzeak eteten du, eta handik aurrera Mariantongo muturrean eta San Telmoko hondartzan jarraitzen du.
Itsasaldeko mendikatearen hegoaldean, sakonune bat osatzen dute kanpoaldeko igarobideak (Oriako sektorea) eta Zarauzko apalguneak. Litologiaren aldetik ikusita, kanpoaldeko igarobidea tuparriz eta kare harri nahasiz dago osatua. Hemen sartzen da, hain zuzen ere, sektore hori itsasoan; horrela zabaltzen da, hondar pilaketa batek lagundurik, Zarauzko hondartza. Alderdi horretan dago baita ere Zarauzko diapiroa.
Eskualdeko hegoaldea Tolosa-Arnoko antiklinorioak osatzen du, SE-NW aldeko joera duenak. Lurra osatzen duten gaiak gogortasun desberdinekoak direlarik, higadura ere ez dago berdinduta, eta ez dira harritzekoak erliebearen irauliak, Ernio (1067 m) edo Erlo (1030 m) mendietan ikusten den bezala. Oro har, lur azaleran nabarmentzen diren gailur horiek kare harri urgoniarrez osaturik daude, eta karst sakonez hornituak.
Urola ibaia Aizkorriko mendilerroaren iparraldeko isuraldean (Goierriko eskualdean) sortzen da, karst-etako ur jarioen indarrez. Altzolaraz, Ibaieder (urtegia dauka), Errezil eta Urrestila erreken urak jasotzen baditu ere, isuria batez beste ez du oso ugaria, 8,5 m 3 segundo bakoitzeko. Ur goienean Urolak S-N orientabidea hartzen du, baina Zumarraga eta Azkoitia bitartean bihurgune zabal bat egin ondoren, W-E noranzkoa hartzen du Azpeitiraino; bertan, alubioizko ordoki bat osatzen du Izarraitz mendiaren oinean Azpeitiko diapiroan barrena. Handik aurrera, S-N bidea hartzen du ostera Zestoa, Aizarnazabal eta Zumaia zeharkatuz itsasoratzeko, hondar multzo handiak utzirik, 51,5 km-ko bidea egin eta ur barrenean bihurgune handiak egin ondoren.
Eskualdeko ipar-ekialdea Oria ibaiak zeharkatzen du. Itsasoratzean alubioizko ordoki bat osatzen du; oraindik orain, padura txiki batzuk gelditzen dira alderdi horretan. Moila luze baten babesean Orioko hondartza dago.
Iparraldean eta alderdi lauetan belardiak dira nagusi eskualde honetan. Gainerakoan, pinudiak, larreak eta hariztiak dira. Azpimarratzekoak dira mendi goietan diren belardi eta larreak. Interes naturalistiko berezia dute Pagoeta-Ernio-Andatzako gune natural babestuak, eta Izarraitz nahiz Murumendiko (Beizama) naturaguneek.
Hamaika udalek osatzen dute eskualde hau, guztira 63.693 biztanle dituztela. Zarautz (18.461 biztanle) eta Azpeitia (13.411) dira hirigunerik garrantzitsuenak. Zarautzen eraginpean daude itsasaldeko herriak: Aizarnazabal (539 biztanle), Aia (1.689), Zumaia (8.257), Getaria (2.367) eta Orio (4.288); azken herri hori oso lotua Donostiari. Azpeitiak bere eraginpean ditu barrualdeko herriak: Azkoitia (10.473 biztanle), Zestoa (3.370), Errezil (671) eta Beizama (170); azken herri hori bestalde dago Tolosari.
Herrien arteko harremanen hierarkiak urteetan zehar izan duen bilakaera kontuan izanik, argi ikus daiteke Zarautz eta Zumaia gora doazen herriak direla, eta Azpeitia, Azkoitia edo Zestoa berriz behera.
Eskualdeko biztanleriaren bilakaera oro har bide onetik joan dela esan daiteke. 1950ean guztira 40.000 biztanle ziren; 1975ean, 58.000; eta 1992an, 63.693. Gehienetan, itsasaldeko herriak dinamikoagoak izan dira 1986-1991 bitartean, batez ere Zumaia, Zarautz eta Aizarnazabal, baina Orion berriz ez dira biztanleak gehitu.
Tolosaldearekin batera, Gipuzkoako eskualderik euskaldunena da Urola-Kostaldea: biztanleriaren %80 mintzatzen da euskaraz.
Zerbitzuen sektorean eta industrian lanean ari diren kopuruak berdintsuak dira (%40 inguru); era berean, eraikuntzan eta lehen sektorean kopuru berdintsuak ari dira lanean (%8 inguru).
Lehen sektoreak beste eskualdeetan baino pisu nabarmenagoa dauka hemen; bereziki herri txiki batzuetan garrantzi handia dauka: Getarian (%36), Aian (%33), Beizaman (%28), Errezilen (%22) eta Orion (%14).
Getarian eta Orion arrantzak duen pisuak eragin handia izan dezake lehen sektore horretan hainbeste langile izateko. Eskualde honetan arrantzako 73 itsasontzi dira, horietatik 41 Getarian, 30 Orion eta 2 Zumaian. Getariako portuan urtean 7.000 t arrain lehorreratzen dira. Orioko portuak ur hondoan lohi arazoak ditu, behin eta berriro egin dizkioten obren bidez arazo horiek konpontzen saiatu diren arren.
Erroldatutako bi mila baserri edo nekazaritza ustialekuek eskualdeko lur eremuaren %80 hartzen dute. Lur horietarik, %45 basogintzarako erabiltzen da eta %41 belardiak dira, 18.000 behi eta 25-000 ardi inguru bazkatzeko erabiliak. Azpimarratzekoa da txakolina egiteko lantzen den mahatsa, Kantauriko itsasaldean ezohikoa baita; Getarian, Zarautzen eta Aian 38 ha mahastiak dira.
Bederatzi langilez goitiko lantegiak edo industriak 175 dira eskualde honetan; guztira 7.000 langile. Nabarmentzekoak dira metalezko osagaiak eta eskulangintzari, batez ere altzarigintzari, lotutakoak.
Komunikazioak, W-E norabidean, errepide hauen bitartez egiten dira: Bilbotik Behobiaraino doan A-8 autobidea; N-634 kostaldeko errepidea; eta Elgoibar, Azpeitia, Azkoitia, Errezil eta Tolosa lotzen dituen GI-2634 errepidea. Bestalde, norabide berean, Gipuzkoa eta Bizkaia lotzen dituen bide estuko trenbidea dago. Urolako arroarekin lotura GI-631 errepidearen bitartez egiten da (Zumaiatik Zumarragaraino doana), eta Goierrirekin berriz GI-2635 errepidearen bitartez (Azpeititik Beasaineraino doana). Urolako trenbidea azken errepide horren alboz albo zihoan, baina urte luzeen ondoren 80ko hamarkadan zerbitzua kendu eta trenbidea deuseztu zuten. Azpeitiko geltoki zaharrak Trenbidearen Euskal Museoa gordetzen du egun.
Turismoari lotutako jarduerak garrantzi handikoak dira kostaldean, batez ere Zarauzko hondartzaren inguruan eta Zestoako bainuetxearen inguruan. Oporretako bigarren etxeak eta udaldiko alokairuzkoak ugariak dira Zarautzen. Azpeitia epai barrutiko burua da; barruti horretan eskualdeko herri guztiak, eta orobat ere Tolosaldeko Bidegoian sartzen dira.
Deba Garaia
Gipuzkoako hego-ekialdeko 348,4 km 2 -ko lur eremua hartzen du. Iparraldean Deba Beherea du muga; ekialdean, Goierri; mendebalean, Araba eta Bizkaia; eta hegoaldean, Arabako lurraldea.
Eskualde honen hegoaldea Bizkaiko antiklinorioaren ipar hegian sartzen da, mendilerro hauek osatuz: Aizkorri (Aloña 1.373 m), Urkila (Pagaelortza 1.215 m), Elgea (Saiturri 1.190 m) eta Arlaban. Deba ibaiaren ur goienean tolesdura antiklinalak dira nagusi, kare harriz osatuak. Lerro horren gisako bigarrena Udalaitz (1.092 m) eta Asalditako (947 m) mendiek osatzen dute. Lur azala oso aldapatsua da alderdi horietan, baina pixkana-pixkana leundu egiten da kare harriek, buztinek eta konglomeratuek ordezten duten heinean. Iparraldea Bizkaiko sinklinorioaren ekialdeko jarraipena dela esan daiteke. Flysch erako formazioak dira nagusi, sumendi harriez txertaturik.
Deba ibaia Elgeako mendilerroan jaiotzen da, kars-etatik sortutako iturri txikien elkarbidez; Arrasate bitarte, gainbehera aldapatsuan datoz urak. Ezkerraldetik, Aramaio eta Angiozar erreken urak jasotzen ditu; eskuinetik, Aizkorritik datorren Oñati errekarenak. Erreka horretara doan Urkulu errekak urtegia dauka.
Landaredia belardi era basogintzako sailek osatzen dute batez ere. Eskualdearen hegoaldeko muturrean, ur banaketaren iparraldeko isuraldeak hosto zabaleko zuhaitz atlantikoez estalirik daude: haritza, eta 600 metroz gora, pagoa. Aipatzekoak dira baita ere Arrasateko udal barrutiaren ekialdeko artadi txikiak, eta eskualdearen hego-ekialdean dagoen Aizkorri-Aloña-Leintzeko Gune Natural Babestua.
Zortzi udal dira eskualde honetan, Arrasate (25.300 biztanle) buru dutelarik. Arrasaterekiko mendekotasun urbanoa oso agerikoa da Aretxabaletan (6.185 biztanle), Oñatin (10.645), Eskoriatzan (3.862) eta Leintz-Gatzagan (282). Bergarak (15.564 biztanle) berriz eskualdeko bigarren buru izateko joera dauka; Bergararen eraginpean dira Antzuola (2.025 biztanle) eta Elgeta (1.000), nahiz azken herri hori nolabait Eibarrekin ere lotua egon. Soraluze (gazteleraz Placencia de las Armas) Deba Behereko eskualdean egonda ere, Eibar eta Bergararen eraginpean bizi da.
Bilakaera demografikoa goranzkoa izan da 1950-1975 urteetan; egonkorra 1975- 1981 urteetan; era beheranzkoa berriz 1981-1991 urteetan (64.820 biztanle azken urte horretan): hamarraldi horretan herri guztiek, Aretxabaletak izan ezik, galdu zituzten biztanleak.
1991. urtean eskualde honetan lanean ari ziren 23.978 pertsonak kontuan hartuta, %60 industrian ari ziren: Gipuzkoako eskualde guztietan proportziorik handiena. Horren ondorioz, hirugarren sektoreak ez du indar handiegirik, langileen heren bat ari baita zerbitzuen sektorean. Bederatzi langilez goitiko 150 bat lantegi dira eskualdean, guztira 15.000 inguru langilerekin. Lur industriala herri batzuetan eskas denez, eskualde honetako industria batzuk beren zabalkundea egiteko Arabako industrialdeetara jo dute.
Industriak eskualde honetan duen pisu nabarmena neurri handi batean kooperatiben mugimenduari zor dio. Mugimenduaren sorlekua 1941 ean Arrasaten zabaldutako Lanbide Eskola izan zen; eskolan ari izandako bost ikaslek ULGOR sortu zuten, lehendabiziko kooperatiba. Kooperatibetan lanean ari ziren langileen behar sozial eta ekonomikoek eraginda, 1959an kreditu kooperatiba sortu zuten, Lankide Aurrezki Kutxa; hortik aurrera, kooperatiben mugimenduak urrats handiak egin zituen, langintza anitzagoetara zabalduz eta Arrasatez kanpora hedatuz. Gaur egun, Mondragon Korporazioak berrehun bat kooperatiba elkartzen du industrian, agro-elikaduran, irakaskuntzan eta zerbitzuetan.
Donostiarekiko komunikabideak kaskarrak direnez, eskualde honetako hego-mendebaleko muturra askoz ere gehiago lotzen zaio Arabako hiriburuari.
Deba Garaiko komunikabiderik nagusiak oinarriko errepide sareko GI-632 (Beasain, Zumarraga, Bergara eta Durango lotzen dituena) eta GI-627 errepideak dira (Maltzaga, Bergara, Arrasate eta Gasteiz lotzen dituena); azken errepide hori aurki Maltzagatik Urbinarainoko autobideak hobetuko du. Abiadura handiko trenak eskualdea E-W norabidean zeharkatuko du, Bergararen inguruan, eskuartean den proiektuaren arabera.
Osasun zerbitzuen atalean nabarmentzekoa da Arrasaten dagoela Euskal Herriko ospitale psikiatrikorik handiena.
Lehen sektorean bi mila inguru nekazari ustialeku edo baserri daude, guztira 28.852 ha lantzen direla. Horietarik, hiru laurden basogintzarako erabiltzen dira, eta gainerakoa batez ere belardiak dira, 5.500 behi eta 19.000 ardientzako bazka egiteko erabiliak. Bitxikerien artean, eskualde honetan Euskal Herriko erroldaturiko hegazti kopururik handiena dago, batik bat Bergarako galeper haztegien eraginez.
Deba Beherea
Deba Behereko eskualdeak 180,3 km2-ko lur eremua hartzen du Gipuzkoako hegomendebalean. Markina-Ondarroaldea eta Durangaldea ditu mugakide mendebaletik; ekialdean, Urola-Kostaldea; hegoaldean, Deba Garaia; eta iparraldean, Bizkaiko itsasoa.
Egituraren aldetik, hiru zatitan bana daiteke eskualdea. Hegoaldea Bizkaiko sinklinorioaren parte da; litologiaz sumendi harriak dira (basaltoa), hare harriz eta tuparriaz txertaturiko lutitak, eta kare harri buztintsuak. Mendirik garaiena Urko (791 m) du.
Eskualdearen erdigunea Tolosa-Arnoko antiklinorioan txertatzen da. Hemen harri nagusiak kare harria, hareharria eta lutitak dira mendebaleko sektorean (Arno 612 m); ekialdekoan (Andutz 610 m), horiez gainera tuparriak daude. Andutz mendiaren hegoekialdean, Lasturko ibarrean, prozesu karstikoak antzeman daitezke.
Itsasaldeko lerroak flysch kretazikoan oinarritutako sakonaren parte egiten du. Oso izaera desberdineko materialez osatua dagoenez eta kokapen geometriko irregularra duenez, itsasoak eragindako higadura ez da uniformea.
Itsasaldeko lerroan hiru parte nabarmentzen dira. Lehen parteak Debatik Mendatako muturreraino hartzen du (behe kretazikoko hareharriak eta lutitak); bigarren parteak Mendatako eta Aitzuriko muturren artekoa hartzen du (behe kretazikoko kare harriak eta tuparriak); eta hirugarrena, Aizkorriko muturrean amaitzen da (goi kretazikoko tuparriak eta kare harriak). Nabarmentzekoa da halaber Deba eta Zumaiaren artean itsasoko mareak eragindako lubakia. Hiru bat kilometroko luzera du eta itsasbehera denean 300 m inguru ikus daitezke, uren azpian ere jarraitzen baitu. Europako itsasaldean higadurak eragindako plataformarik nabarmenena da.
Eskualde honetako hondartzarik garrantzitsuenak dira: Debakoa, eta Mutrikuko herrian, Ondarbeltz, Mutriku eta Saturraran.
Deba ibaiak bere ur barrenean bihurgune handiak egiten ditu Altzolara heldu bitartean; hortik aurrera, Arnoko alderdira sartzen da berriro ere, itsaso aldera jo aurretik; 58km egin ondoren, estuario bat sortzen du itsasoratzean.
Eskualde honetako landarediaren ezaugarririk behinena kare harriz osatutako eremuetan diren artadiak dira. Hariztiak bakanagoak dira eta hegoaldean daude; itsasaldean eta haran sakonetan belardiak dira nagusi. Pinu beltza (pinus insignis) ugaria da. Izarraitz mendiaren ingurua interes bereziko gune natural izendatu dute.
Eibar (31.738 biztanle) da eskualde honetako herririk nagusia. Eibarren eraginpean bizi dira: Elgoibar (7.423 biztanle), Deba (5.000). Soraluze (4.732), Mutriku (4.653) eta Mendaro (1.403). Bizkaiko Ermua eta Mallabia ere Eibarren eraginpean sartzen dira guztiz; halaber, Bergarak gisa bereko eragina du Soraluzeri buruz.
Eskualdeko demografia, 1950-1970 urteetan, biztanleriaren hazkunde azkarrak eta etorkinen uholdeak markatu zuten. Geroztik, 1975etik aurrera, biztanleriak beheranzko joera hartu zuen, langabetuen tasak gora egin zuen hein berean.
Deba Beherean industrian ari diren langileak biztanleria aktiboaren erdia dira gutxi gorabehera; hirugarren sektoreak %40 hartzen du, eraikuntzak %5 eta lehen sektoreak %3. Pisurik handiena metalen transformazioko industriak dauka.
Komunikabide egokiak ditu eskualde honek. Bilbotik Behobiarainoko A-8 autobideak eta kostaldeko N-634 errepideak lotzen dituzte herri nagusiak, eta euskal itsasaldearekin nahiz Donostia edo Bilborekin harreman bideak jartzen dituzte. Bizkaiko hiriburua hurbil izanik, merkataritzaren aldetik eskualde honetako herri gehienek Bilbora dute joera, ez Donostiara.
Oinarrizko sareko GI-638 errepideak Mutriku eta Ondarroa Debarekin lotzen ditu. GI-2634 errepideak Elgoibar Azpeitiarekin lotzen du, eta GI-2636 errepideak Elgoibar Markinarekin. Eskualdea burdinbide bakarrak zeharkatzen du, Donostiatik Bilboraino doan bide estukoak; garrantzi handia dauka Elgoibar, Eibar eta Ermua bitarteko hurbileko garraiabide gisa.
Turismoari lotutako jarduerak Deban eta Mutrikun bakarrik dauka pisurik. Debak 176 leku ditu hoteletan (eskualde osoan guztira 320). Mendaron dago eskualdeko ospitalea, eta Eibarrek eskualde osoko epai barrutiko buru egiten du; lehen instantziako eta lehen instrukzioko bina epaitegi ditu.
Lehen sektorean mila baserri edo nekazari ustialeku daude gutxi gorabehera eskualde honetan, guztira 13.771 ha lantzen direla. Lur eremu horren erdia basogintzarako erabiltzen da, eta herena belarditarako. 1989an 8.000 behi eta beste horrenbeste ardi ziren eskualdeko baserrietan.
Itsasoko arrantza Mutrikun egiten da bakar-bakarrik. Hamahiru itsasontzi ditu, eta guztira 149 arrantzale. Urtean 2.300 t arrain lehorreratzen dira bertako portuan.
Goierri
Gipuzkoako probintziaren hego-ekialdean dago; 340,5 km 2 -ko lur eremua hartzen du, Urola eta Oria ibaien ur goien eta erdibidean. Iparraldean Urola-Kostaldeko eskualdea du muga; ipar-ekialdean, Tolosaldea; mendebalean, Deba Garaia; eta hegoaldean, Araba eta Nafarroa.
Eskualde honen zatirik handiena Bizkaiko antiklinorioko ekialdeko ertzean txertatzen da, E-W norabide orokorreko tolesdura antiklinalen lerro batez osaturik. Harriak batez ere kare harri jurasiko eta urgoniarrak dira, oso sakoneraino karst bihurtuak. Horixe da hain zuzen Aralarko mendien formazioa (Txindoki edo Larrunarri 1.341 m; Irumugarrieta 1.427 m; Artubi 1.265 m), baita Altzaniarena edo Aizkorrirena ere (1.544 m). Eskualdearen hegoldea guztiz betetzen duen mendilerro horrek Kantauri eta Mediterraneo itsasoen arteko ur isuraldeen banakuntza egiten du, Urola eta Oria ibaien buru. Isuraldearen iparraldeko mendietan lur azala leunagoa da (Arrolamendi 910 m; Itzaspi 973 m; Murumendi 868 m). Kare harrien ordez nagusi dira hareharriak, buztinak eta konglomeratu albense-zenomanenseak. Garaienak gehienetan kare harriak dira, eta haitz bigunagoek berriz sakonuneak eratzen dituzte. Eskualdearen iparraldea Bizkaiko sinklinorioaren barruan sartzen da; nagusi da bertan flysch erako formazioa, tarteka sumendi harriak ere ikus daitezkeen arren.
Urola eta Oria ibaiek jasotzen dituzte eskualdeko urak. Urola ibaia Aizkorriko mendietan sortzen da, Arbelaitzen (1.513 m) inguruan; Legazpi, Urretxu eta Zumarraga zeharkatu ondoren, irten egiten da eskualde honetatik. Oria ibaia, berriz, Otzaurte aldean sortzen da, eta eskualdeko lurretan barrena Itsasondoraino doa; bidean, Mutiloa, Estanda, Santa Luzia, Arriaran (urtegia dauka), Urtsuaran, Agauntza (Lareoko urtegia dauka) eta Zaldibia erreken urak biltzen ditu.
Goierriko landaredia batez ere larreek eta pagadiek osatzen dute ur isuraldea erabakitzen duten mendietan: Aralar, Altzania, Urkila eta Aizkorri; 600 metroz behera, ordea, hariztiak daude pinu sailekin batera; behe lurretan, pinudiak eta belardiak dira nagusi.
Izadiaren aldetik interesekoak dira: hegoaldean, Aralar eta Aizkorri-Aloña-Leintzeko Gune Natural Babestuak; iparraldean, Murumendiko Gune Naturala.
Eskualdeko biztanleria 66.246 lagunekoa da, hau da, Gipuzkoako biztanleriaren %10gutxi gorabehera. Beasain (12.450 biztanle) eta Zumarraga (10.915) dira eskualdeko geografia urbanoko buru; guztira 21 herri dira.
Beasaingo, Ordiziko (9.351 biztanle) eta Lazkaoko (5.034) herriguneek izan duten zabalkundearen indarrez, hiru udal barruti horiek elkartu egin direla esan daiteke, eta eskualdearen buru egiten duen konurbazioa sortu. Bere eraginpean bizi dira Olaberria (1.080 biztanle), Arama (153), Ormaiztegi (1.230), Mutiloa (177), Zerain (238), Zegama (1.401), Segura (1.275), Idiazabal (2.034), Ataun (1.690), Zaldibia (1.569), Gaintza (128), Altzaga (100) eta Itsasondo (618). Legorretak, nahiz Tolosaldearen barruan egon, harreman estuak ditu Goierrirekin.
Urola Garaian ere beste horrenbeste gertatzen da: Zumarraga eta Urretxu (6.134 biztanle) ia elkartu direlarik, halako konurbazio txiki bat sortu dute; esan daiteke eskualdeko bigarren burua dela hori, eta bere eraginpean bizi direla Legazpi (9.723 biztanle), Gabiria (431) eta Ezkio-Itsaso (520). Baserri giroko alderdi paregabean diren azken bi herri horiek ere eskualdeko buruaren eragina jasotzen dute.
Legazpi, Zegama eta Idiazabalgo herrien hegoaldean Araba eta Gipuzkoako Partzuergoa dago (Urbiako ordokia eta Ataungo ekialdean dagoen Enirio-Aralar hartzen ditu).
Goierriko biztanleria oso bizkor hazi zen 1950etik 1960ra bitarteko hamarraldian, baina 1970etik aurrera hazkundea oso moteldu zen. 1981ean egindako erroldan biztanleriak beheranzko joera hartu zuela ikusten zen, eta handik aurrera joera hori bizkortu egin dela esan daiteke. Gaur egun, Deba Beherekoekin batera biztanleak galtzen ari dira Goierriko herri guztiak; hala ikusten da 1985etik 1991ra bitartean egindako azterketan.
Komunikabideetan, eskualdeko bizkar hezurra Madrildik Irunainoko N-1 errepidea da; gaur egun karril bikoitzekoa da zatirik handienean, eta Nafarroa nahiz Araba aldera (Etxegarateko gaina, 658 m) lotzeko bidea da, Artsuaranen barrena.
Beasaindik GI-120 errepidea abiatzen da, Nafarroarekiko lotura egiteko (Lizarrustiko gaina, 822 m). Zumarraga eta Deba Garaiarekiko lotura (Deskargako gaina, 587 m) GI-632 errepidearen bitartez egiten da. Zumarragatik Urola-Kostaldera jotzeko GI- 631 errepidea erabil daiteke, eta Legazpi edo Deba Garaira jotzeko (Udanako gaina, 617 m), berriz, GI-2630 errepidea.
Trenbideak ere garrantzi handia izan du eskualdearen bizitza eta egitura sendotzeko. Oriako haranetik sartzen da Gipuzkoara trenbidea, Urolan barrena Urretxu eta Zumarragara heltzen da, eta handik ostera Oria aldera jotzen du, Irungo bidean Beasain eta Ordizia zeharkatuz. Abiadura handiko trenak Goierri E-W norabidean zeharkatuko du, gutxi gora-behera gaur egungo bidean Urretxuraino; handik Antzuola eta Elorriora joko du, Gasteizetik eta Bilbotik datozen adarrekin elkar lotzeko. Ezkio-Itsason bazterbide bat egiteko asmoa dago.
Goierriko ekonomia industriaren gainean dago antolatua; sektore horretan 11.000 pertsona ari da lanean (langile guztien %51 ) Bederatzi langilez gorako lantegiak ehun eta gehiago dira; guztira, 9.000 langile hartzen dituzte. Gehienak metalgintzarekin lotutako jardueretan ari dira: Patrizio Etxeberria, Legazpin; Esteban Orbegozo, Zumarragan; Aristrain, Olaberrian; CAF (Trenbidetarako Eraikuntza Osagarriak), Beasainen. Lantegi handi horietako batzuk herri barrenean daude.
Jakina, lantegi nagusi horien inguruan enpresa txikiagoak sortu dira, metalaren transformazio lanetan espezializatuak: Indar, Estandako Fundizioa eta Ampo, Beasainen; Jaso garabiak, Idiazabalen eta Itsasondon; Irizar autobusak, Ormaiztegin; Irimo eta Sarralde, Urretxun; eta abar.
Lehen sektorean 2.500 bat baserri edo nekazari ustialeku daude, guztira 36.000 ha lantzen dituztenak; horietatik herena belardiak dira, eta erdiaz goiti basogintzarako erabiltzen dira. Abeltzaintzan, 10.000 behi eta 30.000 ardi inguru dira. Aipatzekoa da Ordizian astero egin ohi den azoka.
Tolosaldea
Gipuzkoako ekialdean, 332,7 km2-ko lur eremua hartzen du eskualde honek. Iparraldean mugakide du Donostialdea; ekialdean, Nafarroa; hegoaldean, Goierri; eta mendebalean, Urola-Kostaldea.
Bortzirietako mendi sail paleozoikoa eta hari lotutako parteak eskualdearen iparekialdera sartzen dira. Hor, lur azala oso aldapatsua da: lurraren osagaiak bigunak diren alderdietan haran sakonak daude (Leitzaran, Zelai, Araxes...), eta osagai gogorragoek garaiera ertaineko mendiak sortzen dituzte: Urepel (1.059 m), Mandoegi (1.43 m), Ipuliño (935 m), Urdelar (849 m), eta abar.
Eskualdearen mendebala Tolosa-Arnoko antiklinorioari loturik dago; horren parte egiten dute Ernioko (1.072 m) sinklinal zintzilikatuak, Mendikute eta Belauntzako anriklinalek, eta Uzturreko (735 m) sinklinalak.
Bizkaiko sinklinorioaren jarraipen gisa, Haitzurdinezko kapusaia bi eremu horien hegoaldean dago; hareharriak eta tuparriak dira nagusi. Goierriko muga-mugan Aralarko mendikateko antiklinalaren iparraldeko azken mendiak aurkitzen dira (Txindoki edo Larrunarri, 1.341 m).
Tolosak (18.166 biztanle) eta Ibarrak (4.425) elkarrekin sortzen duten herrigunea da eskualdeko buru; bere eraginpean beste 26 herri txiki bizi dira: Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Bidegoian (Bidania eta Goiatz), Elduain, Hernialde, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu-Gaztelu, Legorreta, Lizartza, Orendain eta Orexa. Billabona (5.422 biztanle) eta Zizurkil (2.705) dira bi mila biztanlez gorako herri bakarrak. Billabonak eragin handia du bertatik Zarautzeraino doan G1-2631 errepidean dauden herrietan, Donostiara nahiz Tolosara jotzeko bertatik pasa beharra dagoenez zenbait zerbitzu bereganatzen baititu.
XX. mendearen erdirik 1981 arte biztanleriak goranzko joera izan zuen eskualde honetan, baina beti ere joera hori Euskal Autonomia Erkidegoko hazkundea baino apalagoa izan zen. Ibarrako herriak, berriz, hazkunde bizkorragoa izan zuen, batez ere aldameneko Tolosaren zabalkundearen parte bat bereganatu zuelako. 1981etik aurrera eskualdeak oro har biztanleria galdu egin du.
Herri batzuk Tolosaldeaz kanpoko herriguneen eragina dute: Billabona, Zizurkil eta Adunak, Donostiarena; Legorretak, Beasain-Ordizia-Lazkao multzoarena. Alderantziz,Beizama, nahiz Urola-Kostaldeko herria izan, Tolosak eta Ibarrak osatzen duten gunearen eraginpean bizi da.
Etxebizitza bakanetan (baserri gisakoetan, alegia) bizi den biztanleriaren proportzioa Gipuzkoako handiena da: biztanleriaren %15. Herri txikietan (Alkiza, Belauntza, Hernialde, Leaburu-Gaztelu, Orexa, eta abar) ehuneko hori oraindik handiagoa da.
Komunikabide sarearen elementurik nagusiak Madrildik Iruneraino doan N-1 errepidea eta trenbidea dira. Ibilbide laburretan, trenak garrantzi handia dauka eskualde honetan. Abiadura handiko trenak oraingo trenbidearen bide berdintsua izango du. Gaur egun diren proiektuen arabera, Tolosatik adar bat abiatuko da Iruñea, Zaragoza eta Bartzelona aldera.
Gipuzkoak Nafarroarekin aspaldidanik izan duen lotura zaharra, N-130 errepidea alegia, guztiz bazterturik utzi du Andoaindik Irurtzuneraino doan A-15 autobideak. Horren eraginez, eskualde honen zentroa ziur aski Tolosatik Andoain alderago joango da piskanaka. Beste errepide nagusiak dira: Tolosatik Azpeitiraino doan GI-2634 errepidea (Bidaniko gaina, 532 m); eta Tolosatik Leitzara doan G1-2130 errepidea (Urtoko gaina, 610 m).
Tolosaldeko langileria 16.048 lagunek osatzen dute; horren %43,8 bigarren sektorean ari da lanean. Bederatzi langilez gorako lantegiak ehun eta berrogeita hamar inguru dira; guztira 6.000 langile hartzen dituzte.
Tolosaldeko industria gehienak txikiak dira, metalgintzan eta papergintzan ari direnak. Papergintzako lantegiak teknologia aldetik zaharkiturik gelditu dira oso, eta horren eraginez enpresa asko itxi eta beste asko berregituratu behar izan dira. Bestalde, Tolosak eta Billabonak industriagintzarako lurrak prestatzeko arazo larriak dituztenez, industria berri asko Oriako haraneko beste herrietara joan da (Aduna, Zizurkil, Anoeta, eta abar).
Zerbitzuen sektorean langileriaren %42,7 ari da. Inguru guztiko herriak oso txikiak eta biztanle gutxikoak direnez, ez da harritzekoa eskualdeko zerbitzurik gehienak Tolosan bertan bildurik egotea.
Tolosak epai barrutiko buru egiten du; Tolosaldeko herriez gainera (Bidegoian izan ezik, Azpeitikoan baitago), barruti horretan sartzen da Andoain ere, eta Goierri, mendebaleko herriak izan ezik (mendebalekoak Bergarako epai barrutian baitaude). Lehen instantziako eta lehen instrukzioko hiruna epaitegi ditu.
Lehen sektorean langile guztien %5 ari da gutxi gora-behera. Bi mila inguru baserri edo nekazari ustialekuek 26.885 ha lantzen dituzte; horietatik %34 belardiak dira eta %52 basogintzarako erabiltzen da. Abeltzaintzan, 15.000 inguru behi hazten dira 1.123 ustialekutan, eta 23.000 ardi 361 ustialekutan.