Departamento de Cultura y Política Lingüística

Geografia»Industria

Industriaren geografia

Ajuriako urtzagintza (Araia) galdaldia . 1890. urte ing.

 

Hego Euskal Herria

 

Araba

 

Industrializazioa

Beste lurralde batzuekin alderatuz gero, Araba —Nafarroa bezala— berandu sartu zen 1950 ondoko industrializazio prozesura. Izan ere, Euskadiko lurraldeen artean aurrerabidera beranduen sartu zen lurraldea da Araba. Hango industrializazio prozesua, gainera, makrozefalia gaitzak jota bezala egon zen, dena Gasteizen inguruan bilduta; salbuespen bakarrak Nerbioi ibaiaren urgoiena (industriagune nagusitzat Laudio zuena) eta eskualde batzuetako herriburuak izan ziren.
Arabako industrializazioaren eragile nagusietako bat Administrazioa izan zen (Gasteizko Udala eta Arabako Foru Aldundia), diru laguntzak emanez industrialdeak eragin baitzituen, Gasteizko udalerrian lehenbizi, eta, eskualde batzuetako herriburuetan geroago. Urbanizatutako lurra merke eta eskumenean eskaintzeak dirua industrian ezartzera bultzatu zuen. Horra hor, bada, nola erantzun zitzaion Arabako agintaritzak -zuzenean esku hartuz, Gipuzkoan eta Bizkaian ez bezala— bultzatu zuen industriaren aldeko ekimenari. Harrezkero, eta 1970 ondoko krisia bitartean, industria izan zen Gasteizko hiriaren eta etorkinak erakartzeko eragile nagusia.

 

Artisautzatik 1950-1960 urteetako industria garapenera

Industrializazio prozesu hau hasi bitartean, nekazaritzan oinarritu zen Arabako ekonomia. Gero, eraldatze industriako lantegiak zabaldu zirenean, baleztak, kandelak, gozokiak, zurezko aulkiak... egiten hasi ziren. Metalurgiari dagokionez, burdingintza errotua egon zen toki batzuk ere ezagutzen dira, burdin meak eta ur indarra zeuzkaten lekuak noski: Arabako Mendialdea (Laudio), Urkila mendien ekialdea, Aizkorri aldea, Araia (Asparren).
Gasteizen, XVIII. mendearen bukaera arte behintzat, tradizio handiko lanbidea zen eskulangintza, erroak Erdi Aroan eginak zituena: kandelagintza, gozokigintza, larrugintza eta baleztagintza garrantzi handiko langintzak ziren. XVIII. mendearen bukaeran, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak lagunduta, zenbait produkziogune zabaldu zen hirian (aulkiak, burdinazko tresnak, eta oihalak egitekoak). Horietan inportanteenak bi ziren: batean ihizko ipurdiko aulkiak egiten ziren, eta artilezko ehunak bestean.1832an, M. A. Zarateren arabera, garrantzizko 37 bat industria lantegi zeuden hirian -338 langile guztira-: ihizko eta lastozko ipurdiko aulkiak, artilezko oihalak, larruzko gaiak, eta kapeluak egiten zituztenak ziren inportanteenak.
XIX. mendearen erdialdetik bukaerara eskulangintzaren zuzperraldia izan zen, lantegi berriak zabaltzearekin batera tailer txikietako batzuk ixteak frogatzen duen bezala. Gainera, urte oparoak ziren haiek: karlistaldia amaitu zen, burdinbidea Gasteizaino iritsi zen (1864), eta Espainiak koloniak galdu eta gero (1898), kapitala sorterrira itzuli zen atzera. Industria banaka batzuk ere baziren, eskuzko langintzen ezaugarriak zituztenak. Industria horien artean hauek dira garrantzitsuenak: kandelak egiteko lantegiak, Quintín Ruiz de Gaunarena (1840), eta Berardo Lascarayrena (1845); larrua zurratzeko eta lekeda egiteko lantegia, Bruno Quintanarena (1840); zalgurdiak konpontzeko tailerra, Justo Montoyarena (1840); Santa Isabel paper margotua (1846); kanpaiak egiteko lantegia, Murga y Echevesterena (1850); metalezko uztaiak eta belarriak egiten zituzten Hijos de Lopez y Cia.; Riscalgo Markesaren ondorengoen ardandegia (1862); karta jokoak egiteko lantegia, Heraclio Fournierrena (1868); aulki tolesgarriak egitekoa, Antolio Lópezena (1872); eta beste batzuk: Maquinista de Alava, Metalúrgica, Fábrica de Herraduras eta Industria Alavesa. Azken hori izan zen, bestalde, Espainian lehenbiziko autoa egin zuena, patente frantses batekin. Horiez gainera, baziren ere beste lantegi batzuk, hala nola altzariak egiten zituztenak (Apellaniz, Aguirre, Ibargoitia, Murguia, Azpiazu...) edota irin eta azukre lantegiak, hala nola Sociedad General Azucarera de España. 1874an Gasteizko Merkataritza, Lantegi eta Industria Batasuna eratu zen, 1904an sortu zen Arabako Merkataritza eta Industria Ganbararen aitzindaria.
Elektrifikazio prozesua 1892an hasi zen, Eléctrica Vitoriana sortzean alegia, eta horrekin, metalurgiako lantegiak zabaldu ziren: Aranzabal (1895), Ajuria (1908), Metalurgia de Genaro Echauri (1907), Sierras Alavesas (1908), Mendi y Corres S.R.C., Fundiciones el Pardo... Kimika arloko lantegi batzuk ere zabaldu ziren: Pirotecnia Lecea (1900), Española de Purpurinas (1908), Explosivos Alaveses eta abar. Gasteizko industriaren egoera industria urriko Espainiako beste edozein probintziako hiriburuarena bezalakoa zen, hau da, bertako jendearekin eta diru ezarpen txikiak eginez sor zitekeena. Tokian tokiko merkatura zuzentzen zen gehienbat, eta lehen sektoreak menderatzen zuen.
XX. mendearen lehen berrogeita hamar urte bitartean, 1920-1930 eta 1940-1950 hamarraldiak izan ziren industriarentzat urterik oparoenak. Batetik, XX. mendeko bigarren hamarraldiko «urte zoriontsu» haiek oso garai ona izan zelako mundu osoko ekonomiarentzat, eta bestetik, Espainian egin zen politika protekzionista eta autarkikoagatik. Batez ere eraldatze industriari egin zion mesede politika horrek. Gasteizen bertan, metalgintzako bi industria nagusiak —Aranzabal eta Ajuria— ekonomiaren egoera aldeko horiei esker hazi ziren, eta horren ondorioz, industria enpleguak ere gora egin zuen jarduera adar horretan. 1930ean metalgintza zen Gasteizen lanpostu gehien eskaintzen zituen arloa (1.404 enplegu: industria enpleguaren %22,4). Izan ere, lehengo lantegiez gainera -gerrako eta nekazaritzako gaiak, kamioiak... egiten zituztenak—, bestelako tailer txiki batzuk ere —errementaldegiak, fundizioak, lanabesak eta latorrizko gauzakiak egiteko lantegiak— metalgintzan ari baitziren. Hala, XX. mendearen hasieran, ehungintzaren eta zurgintzaren ondotik zegoen metalgintza, baina lehenengo tokia hartzeraino aurreratu zen hirugarren hamarraldirako. Ez da ahaztu behar, bestalde, ekonomiak gora egin zuen urteetan metalgintzak ez ezik beste sektore batek ere, eraikuntzak, gora egin zuela.
XX. mendearen hasieraz gero, hiriburuan ez ezik beste toki batzuetan ere baziren lantegiak, pattarra, irina, edari biziak, adreiluak eta makinak egitekoak. Laudion hauek ziren aipagarriak, hirugarren hamarraldian denak: Tresmafil (1932), Vidrieras de Llodio (1935), eta Espainiako Gerra zibila eta gero, Aceros de Llodio (1940), La Vasco- Africana (1940) -1952tik aurrera Maderas Reunidas deitua—, eta Industrias Plástico y Metalurgica (1955), ibilgailuetarako motelgailuak edo amortigoadoreak egiten zituenak. Baziren gehiago ere: Saratsuko General Quimica (1948), Kanpezuko asfalto ustialekuak, San Pedro Araiako burdina lantegia. Azkeneko horrek kontuan hartzeko moduko produkzioa zuen, eta Bizkaia aldera bideratzen zuen gehienbat.

 

1.1950. urtetik gaur egun arte

Industriaren aurrerabide bizkorra zela eta, Arabako hiriburuak eta herriek aldaketa handiak izan zituzten urte horietan, bai ekonomiari, bai lurraldeari, eta bai espazioari zegokienez ere. M.A. Zárateren arabera, Gasteizen, 1950ean, 9.564 langile ari zen industrian; 1970ean, berriz, 29.981. Hau da, industria sektoreak gorakada handia izan zuen, biztanleria aktiboaren %44,3 hartzetik %63 hartzera. Hiriburua alde batera utzita, berriz, industriak biztanleria aktiboaren %17,4 hartzen zuen 1950ean eta %47,9 1970ean. Urte horietan etorkin asko iritsi zen Arabara Espainiatik, industria lantegi berrietako enplegu eskaintzak erakarrita.
Arabako eta, batez ere, Gasteizko industriaren aurrerapen bizkorra 1950. urtean hasi zela esan daiteke, Imosa zabaldu zutenean hain zuzen ere. Imosa-k kapitala Bilbokoa zuen, eta Alemaniako Auto Union etxearen parte hartzearekin DKW autoak egin zituen 1954tik aurrera. Geroago, Mevosa jarri zioten izena, eta lantegi horren inguruan sortu zen jardueraren eraginez beste ehun bat industria sortu ziren, aldez edo moldez autogintzari lotuak. Lantegi horiek erakarrita, eta lekurik ezak sortzen zizkien arazoak zirela eta, Eibar, Soraluze, Elgoibar, Oñati eta Arrasateko tailerrak —Deba aldeko industriaren espezialitateak (autoentzako osagaiak, bizikletak, armak eta makina lanabesak) egiten zituztenak— Gasteiza aldatu zituzten 1950-1965 bitartean. Lekuz aldatu ziren enpresa horien artean hauek dira aipagarrienak: CIL bizikleta fabrika, Beistegui Hermanos, Esmaltes San Ignacio, Cremalleras Areitio, eta abar. 1957. urtean Gasteizko Udalak industrialdea eraikitzeko baimena eman zuen arte, lantegiak hiri inguruetan zeuden, aldirietan, hiri sarreretako errepideetatik eta Madril-Irun eta Ferrocarril Vasco-Navarro burdinbideetatik hurbil batez ere. Lantegi pilaketa handienak ekialdean (Explosivos Hijos de Orbea S.A., Explosivos Alaveses, Pirotecnia Lecea, Yoldi) eta hego-ekialdean (Heraclio Fournier, Esmaltaciones San Ignacio, Beistegui Hermanos) zeuden. Beste lantegi batzuk Madril-Irun burdinbidearen helgoaldean kokatu ziren: Textil Alavesa eta Cremalleras Areitio esaterako. Mendebalean, berriz, metalgintzan ziharduten bi lantegirik handienak zeuden, Aranzabal eta Ajuria, beste lantegi batzuekin batera: Textil Vitoria, Terciopelera Vasca, eta abar. Iparraldean Movesa zegoen. Hirigunetik aldenduago zeudenen artean, 1950. urte inguruan sortutako Forjas Alavesas da aipagarriena.
Arabako industria aurrerapenaren eragileen artean, bada bat guztien gainetik nabarmendu zena: Arabako hiriburuak eskaintzen zituen abantailak —berezkoak zein irabazitakoak-, hau da, eskualde zelai eta zabal baten erdigunean egotea, eta lurra urbanizatua, merke eta eskumendean eskaintzea. Gasteiz Arabako Lautadaren erdian dago, Kantaurirako isuraldearen eta Gaztelako Mesetaren elkargunean, garraiobideek Bizkaiarekin eta Gipuzkoarekin lotzen dutela (Bilbori lotua CÑ-240 errepidearen bidez, eta Altube, Urkiola, Dima eta Barazar mendateen bidez; Pasaiako portuaren inguruko industrialdeari lotua CN-I errepidearen bidez, eta Madril-Irun burdinbidearen bidez; eta Malzaga-Zumarraga adarri lotua Ferrocarril Vasco-Navarro burdinbidearen Gasteiz- Mekolalde adarren bidez). CN-232 errepideak Logroñorekin lotzen du, eta CN-I eta Madril-Irun burdinbideak Gaztelako Mesetarekin. Ondoko lurraldeetako industrialdeekin lotzen duen eskualde-errepide sare ona du, gainera. Industriaren hazkundeak izan zuen bestelako eragilerik ere, hala nola ur eta energia baliabideak izatea: Uribarri-Ganboako eta Urrunagako urtegia (40ko hamarraldiaren bukaeran eraikia), batetik, eta Vitoriana de Electricidad (1950) —akzioak erosita zituela Iberduerok- eta Compañía Electra Hidraulica Alavesa -Iberduerok bereganatua—, bestetik.
Bestetik, Espainiako eta nazioarteko ekonomia haize alde zihoazen, eta horrek ere, noski, gora egiten lagundu zion Arabako industriari. 1959. urteko Plan de Estabilizacion (Egonkortasun Plana) eta gero, gainera, protekzionismoa eta autarkia bukatu, eta ekonomiaren goranzko aldia hasi zen, gutxi gorabehera 1975-1980 arte iraun zuena. Goraldi horrek ezaugarri jakinak izan zituen: Espainia O.E.C.E. erakundean sartu eta gero, muga zergak eta hornidura ondasunen inportazioa zabaldu egin zituzten; kapital sarrera handiak izan ziren; kanpoko teknikari asko etorri zen; kontsumoak gora egin zuen Estatuan; kreditu laguntzak ere, hala ofizialak nola pribatuak, ugaldu egin ziren.
Baina Arabako industria hazkundearen laguntzailerik handienak Administrazioa -batez ere Gasteizko Udaletxea, eta Arabako Foru Aldundia-, eta Gasteizko Aurrezki Kutxa Munizipala izan ziren. Industriaren hazkundea bideratzeko eta indartzeko laguntza berezia eskaini zuten: batetik, industrialdeetan lantegiak eraikitzeko lurra eta pizgarri edo eragingarri batzuk; bestetik, diru laguntzak, zergak aldi baterako murriztea eta abar. J.M. Olloraren arabera, zerga abantaila gehienak Diputazioaren eta lantegia hirian ezarri nahi zuten enpresen artean erabakitzen ziren. Gauzak egoera horretara bideratu zituen beste bi eragile ere aipatu behar dira: batetik, Espainiako estatuaren Politika Zabaltzailea (1963), zerga salbuespenak emateaz gainera, makinak inportatzeko ordaindu beharreko muga zergak gutxitu zituena; bestetik, Aurrerapen Ekonomiko eta Sozialerako Lehenengo Plana, I Plan de Desarrollo Económico y Social delakoa, besteak beste ondorio hauek izan zituena:lurrak desjabetzea industriak ezartzeko; amortizatzeko askatasuna izatea lehenbiziko bost urtean; kreditu ofizialak lortzeko diru laguntzak eta abantailak izatea, eta abar. Eragile horiei guztiei, beste bat gehitu behar zaie, Estatuaren eta Foru Aldundiaren arteko Ekonomia Hitzarmenaren bidez Arabak lortu zuen ekonomia eta zerga politika berezia, horri esker industriaren aldeko ekimena errazten zuen zerga sistema malgua izan baitzuen. Gasteizko Aurrezki Kutxa Munizipala bi gauzez arduratu zen batez ere: lurra erosteko behar zen dirua ezartzeaz (zer lur erosi Diputazioak esaten zion) eta industrialdea beharrezko azpiegituraz hornitzeaz.
Era horretako ekimen publikoak 1956an hasi ziren, Gasteiza Citroen enpresa ekarri nahi izan zenean; lehenengo ahalegin hark, ordea, huts egin zuen. Gasteizko Udaletxeak gaur egun Gamarra-Betoñuko industrialdeak hartzen dituen lurrak erosi zituen horretarako, eta hala, handik aurrera, hirian beste industrialde batzuk antolatzeko oinarriak jarri zituen. Ekimen hori, lur horiek landa lurtzat hartzea erabaki berri zuen egitasmoa alde batera utzita egin zen, eta 1964. urtetik aurrera, Polos de Desarrollo izenarekin, Espainiako Administrazioa bultzatzen hasi zen beste ekimen haren aitzindari izan zen. Arabako hiriburua, beraz, Estatuari berari aurreratu zitzaion.
Industrialdea lur horietan ezartzeko erabakia hartzean hainbat gauza hartu zen kontuan: hirigunetik hurbil egotea; komunikazio onak izatea (Gasteiz-Mekolalde burdinbidea, eta Bilboko eta Bergarako errepideak); ura hartzeko eta ur zikinak isurtzeko Zadorra ibaia eta horren adarra, Santo Tomas erreka, zituen; gainera, alde batean, herri lurrak ziren, eta horrek gestio lanak errazten zituen, eta industrialde osorako lurraren prezioa merkatzen. Foru Diputazioak errepideak zabaldu eta Santo Tomas erreka bideratzeko ubidea egin zituen; Aurrezki Kutxa Munizipalak, berriz, lurrak erosi zituen. Aldi berean, Industria Injineru Teknikoen Eskola sortzeko gestioak egiten hasi zen Udaletxea, eta Zaramagan etxebizitzak egiteko lurrak erosten, berriz, Aurrezki Kutxa.
Industrialde horretan ezarritako enpresa gehien-gehienak metalgintza arlokoak ziren; besteak, berriz, kimikaren eta ehungintza arlokoak. Enpresa nagusiak hauek ziren: Herza, Cincor, Zayer, Llama Gabilondo y Cía., Cablerías del Norte eta Knorr Elorza.
Lehenengo industrialde horrek arrakasta handia izan zuenez, Udaletxeak bide horretatik jarraitu behar zuela erabaki zuen, eta hala, industrialdea zabaltzea proposatu zen, geroago Gamarra-Arriagako industrialdea deitu zitzaiona sortzeko. Hala ere, orduko ahalegin hartan, Lurraren Legeak ezarritako tramiteak bete behar izan ziren, eta horrek merkaturatzea atzeratu zuen. Baina, 1962an, Safe Neumáticos Michelín enpresa bertan ezartzeko aukeraren aurrean, udal batzak lurrak lehenbailehen hartzea erabaki zuen. 1961-1970 bitartean 932 enpresa berri ezarri ziren Gasteizen; gehikuntza handiena (312 lantegi) 1961-1964 bitartean izan zen, industrialde hori antolatu zen urteetan, alegia.
Industrialde horretan ezarri ziren enpresa gehienek, edo metalaren eraldatze industriako tresnak, makina eta material elektrikoak, edota makina ez elektrikoak egiten zituzten. Hona industrialde horretako enpresa nagusiak, kimika arloko Safe Neumaticos Michehín-ez gainera: Hofesa, Saft Iberica, Industrias Arrieta, Miguel Carrera y Cía, Kieserling Fabril, Metalurgica Cerrajera de Mondragón, Tornillería de Placencia, Novi España S.A., Cegasa, Pilas Tximist, eta abar.
1963. urteko Plan Orokorra -1956koa berrikusia eta osatua— onartu eta gero, industriak ezartzeko lur gehiago izendatu ziren hiriaren iparraldean (Betoñu eta Larragana aldean), hego-ekialdean (Olarizu aldean), ipar-mendebalean (Ali-Gobea aldean), eta mendebalean (Jundizko erreserba handian), industriaren gorakadari eusteko. Arabako hiriburua industrialde horiez inguraturik zegoen. Larragana, Ali-Gobeo eta Jundizko industrialdeak sustapen publikokoak izango ziren.
Sustapen publikokoen artean, Betoñu- Larragana-ko industrialdea (1964) Gamara- Betoñu aldekoa zabaltzeko hartu zen; ez, ordea, lantegi handiak ezartzeko, tailerrak, biltegiak eta industria txikiak baizik. Era guztietako industriak ezarri ziren, larrugintza eta zapatagintza kenduta denetarik zegoen. Nolanahi ere, metalgintza arloko industriak nagusitzen ari ziren berriz ere, metalaren eraldatze industria batez ere. Hona industrialdeko lantegi nagusiak (nagusiak sortzen zuten enpleguaren kopuruari dagokionez, industria txikiak baitziren gehien-gehienak): Hermanos Echevarría, Olazabal y Huarte S.A., Kemen Industrial SA., Grupos Diferenciales SA. eta Inovac Rima S.A.
Ali-Gobeoko industrialdeak (1967) —hiritik urruti samar baina Zadorra ibaiaren ondoan— garrantzi handiko lantegiak zituen (Sociedad General Azucarera de España eta Imosa) onartua izan baino lehen ere. Batez ere hiritik ateratako industria lantegi txikiak ezarri zituzten bertan, metalaren eraldatze industriari lotuak gehienak.
Gasteizen antolatutako azken industrialdea, Jundizkoa (1975), burdinbidearen eta CN-I errepidearen ondoan antolatu zen, Foronda aireportutik hurbil. Hura zen, Gasteizko industrialdeetan, lur eremu handiena hartzen zuena (450 Ha). Bertako industriak hartzeko, eta hirigunean zeudelako traba egiten zuten enpresek nora joan izateko eraiki zen. Kanpoko enpresa handiak ez ziren jada (nazioarteko ekonomia egoera gainbehera egiten hasi zenean) hiri barruan eraikitzen. 1975. urte inguruan Gasteizko hiriguneak industria handiak zituen oraindik; 100 enplegatutik gora zituzten, adibidez: Aranzabal,Ajuria, Heraclio Fournier, Iriondo, Movesa, Areitio, Crenor, Compañía Vitoriana de Electricidad, Invisa eta Sanchiz- Bueno. 1980. urtean Jundizko industrialde zegoen.
1975-1980 biurteko urteetarako Gamarra-Betoñu-Arriaga industrialdeak ia beterik zeuden, 200 bat lantegi zituzten, eta 22.000 lanpostu inguru. Metalgintzaren sektorea zen nagusi, eta, ondoren, kimika eta material elektrikoak arloak zetozen. Gasteizko industrialde horietako lur eskaintzak erabateko arrakasta izan zuen, Administrazioaren gestioa hurbilekoa, zuzena eta eraginkorra izan zelako. Hala, industria lur urbanizatua eta merkea eskaini zuten, Espainiako beste hiri batzuetan antzeko ezaugarriak zituzten -estatuak sustatuak eta- industrialdeetakoak baino askoz merkeago.
Diru pribatuak sustatutako industrialdeen gainean, esan behar da gestio publikoaren ausartasunari esker desagertu zeia industriaguneak sakabanatuta eta aldirietan eraikitzeko jokabidea; izan ere, horrela jokatu baitzuen ekimen pribatuak 1963. urtean hirialdea ordenatzeko plana, Plan General de Ordenación Urbana delakoa, indarrean jarri zen artean. Olarizuko industrialdean, esate baterako, geldiarazi egin zen ekimen pribatua; izan ere, udaletxeak lur politika egin aurretik ere erabiltzen ari ziren industrialde hura. Industrialde horretan batez ere bitarteko tamainako enpresak ezarri zituzten, kanpotik heldutako lantegi handiekin batera, hala nola Esmaltaciones San Ignacio, atzerrian bi lantegi zituena; Beistegui Hermanos, BH markako bizikletak egiten zituena; eta Urssa S.Coop. Hala ere, ekimen pribatuko industrialde gehienak 1970. urtea baino lehenxeago eraiki ziren, eta ekimen publikokoen aldean, hirigintzarako baliagarriagoak ziren, ez zeuden horren urbanizatutak, eta gainera, bigarren mailako tokia bete zuten hiriaren industrializazio prozesuan. Ekimen pribatuko industrialdeetako bat Polígono 10 zen, Pequeña Industria de Betoño ere deitua. Hirigunetik hurbil zegoen, eta, batez ere, hiri barrutik atera ziren tailerrak ezarri zituzten bertan, enpresa txikiak gehienak, eta horietan garrantzitsuenak: Ocariz eta Ladislao Aramburu. Hango industria gehienak metalgintza ariokoak ziren, metalaren eraldatze industriakoak gehienbat. Gainerako langintzak hauek ziren: oinarrizko metalgintza, eraikuntza, eta auto konponketa. Ekimen pribatukoa zen ere Uritiasoloko industrialdea, orubearen jabeek beraiek sustatu zutena; 1975. urtean hasi ziren eraikitzen bertan. Beste industrialde bat: Ansoletakoa.
Gasteizko industrialdeetan eta hirigunean ezarritako lantegiez gainera, baziren beste produkziogune batzuk ere: esate baterako, Armentiaren ondoan, Gasteiztik Madril aldera atera eta berehala; Donostia alderako bidearen hasieran; eta Gasteizko auzo edo kanpo herrietan ere, hala nola Aretxabaletan (Logroñoko bidean), Gamarran (Bilboko errepidean) eta Abetxukon.
Argi geratzen ari den bezala, Arabako industrializazio prozesua hiriburura mugatu zen. Hori dela eta, Gasteiz inguruko zentralizazioa eta polarizazioa -hamarraldi batzuk lehenago hasiak- hazten zihoazen. Gasteizez gainera leku bakar bat zegoen Araba osoan industria, gehiagoko edo gutxiagoko neurrian, espezializatua zuena, Laudio-Amurrio, eta hori Bizkaiko Ibaizabal ibaiaren urbarrenean zegoelako. 1966an, Arabako Foru Aldundiak, lurraldeko udalerri gehienak husten ari zirelako kezkaturik, Ekonomia Deszentralizatzeko Plana prestatu zuen, Arabako herrietako ekonomia mugiarazteko eta aurrerabidea lurralde osora zabaltzeko asmoz. Hala, bada, probintzia antolatzeko pian bat, Plan General de Ordenación Provincial delakoa, prestatu zuen, eta plan horren osagarri, beste bat, aurrekoa gauzatzeko eta indarrean jartzeko, Plan Especial de Actuaci6n delakoa. Planaren helburua industrialdeak sortuz eskualdeetako herriburuak indartzea zen. Amurrion, Aiaran eta Legution jarriko zen indarrean plana, leku horiek tradizioz industriaguneak izateaz gainera, Bilboko metropolitik hurbil zeudelako. Hegoalde-hegoaldean, Miranda de Ebrotik hurbil zegoelako, Rivabellosa- Beranturi-Zanbrana industrialdea antolatu zen, eta Logroñotik gertu zegoelako, Oingoa. Erdialdean, Arabako Lautadan, Dulantzi, Agurain eta Araiakoak Gasteiztik ekialdera, eta Oka-Iruñakoa Gasteiztik mendebalera. Gasteiz inguruko industrialdeak hirian industria pilaketa saihesteko prestatu ziren. Hala ere, industrialde horiek ez ziren 1972. urtea arte eraikitzen hasi, eta hiriburukoek bezala, lur urbanizatu merkea eta zerga abantailak eskaini zituzten.
1978ko Espainiako Industria Erroldaren arabera, Araban 1.522 lantegi ziren, eta 47.152 langile, lantegi horietan enplegatuta. Lantegi horiek lurraldean zehar nola zeuden banatuta aztertzerakoan, datu hauek azpimarra daitezke: enpleguaren %65 eta ia lantegien erdia Gasteiz inguruan ziren; 5.000 biztanlez beherako udalerriek (Aiara, Agurain, Asparren...) enpleguaren %17,5 zuten, eta 10.000-20.000 biztanle artekoek (Laudio eta Amurrio) %12,3. Datu horiek, ordea, ez datoz guztiz bat Arabako Industria eta Merkataritzako Ganbara Ofizialaren Memoriako datuekin; horien arabera 1975. urtean enpleguaren %72,5 Gasteizek zuen, %12,5 Laudiok, %2,3 Amurriok, %2,2 Agurainek, eta %1,9 Oionek. Laudio zen, Gasteizen ondotik, industriagune nagusia, eta, Amurriok bezala, oso lotura estua zuen Bilbo aldeko industriarekin. Legutio da industriak aurrerapen handiena egin zuen herria; hango industrialdea, hiriburutik hurbil, eta autobideari esker komunikazio onak zituena, ia osorik bete zen.
Enpresa gehienak enpresa txikiak ziren; lantegi bakoitzak 31 enplegu eskaintzen zituen batez beste, eta lau lantegitik hiruk 20 enplegatu baino gutxiago zituen. Enpleguaren %36, nolanahi ere, 500 enplegatuz gorako hamahiru enpresek zuten: batez beste 1.306 enplegu lantegi bakoitzeko. Lantegirik handienak metalgintzakoak eta metalen lehenengo eraldatze industriakoak ziren (223 enplegu lantegiko), eta txikienak janari, edari eta tabakoaren industriari zegozkienak (3,1 enplegu lantegiko). Enpresa handienen artean, aipagarriak dira SAFEN Neumaticos Michehín, Heraclio Fournier, Mevosa, Esmaltaciones San Ignacio, Forjas Alavesas, Aranzabal eta Areitio. Denak, Safen Neumaticos Michelín izan ezik, 1970 baino lehenagotik zeuden Gasteizen. Guztietan zaharrena Aranzabal zen, 1895. urtean sortua.
Bigarren sektore horren barruan metalak eraldatzeko eta doitasun handiko makinak egiteko industria zen nagusi (enpleguaren 2/5 baino gehiago); lana batez ere metalezko produktuak egitera bideratzen zen (enpleguaren %25), eta ondoren, makinak eta ekipo mekanikoak fabrikatzera. Beste langintza hauek ere garrantzitsuak ziren: metalgintza eta metalen lehenengo eraldatze industria (enpleguaren %15); kautxuaren eta plastikozko gaien eraldatze industria (%11); janariak, edariak eta tabakoa (%7); eta makinen eta ekipo mekanikoen fabrikazioa (%6,5). Lan motari eta lantegiko enplegu kopuruari dagokionez, Arabako enpresak eta Euskadiko beste lurraldeetakoak antzekotasun handiak zituzten, lurraldeen artean harreman handia zegoelako seinale nabaria.
1975etik gaur egun arte, Euskadiko ekonomia 70eko hamarraldiko nazioarteko ekonomia krisiaren eraginpean egon da. Krisiak batez ere industrian izan zuen eragina; haren eragile nagusia petrolioaren eta lehengaien prezioen gorakada izan zen. Krisialdiaz gainera, kontuan hartzeko beste gertaera bat aipatu behar da, harekin batera etorri zena: Herrialde Industrializatu Berriak sortzea. Herrialde horien industrializazio prozesua teknologia helduko produktuetan eta sektoreetan oinarritzen da (siderurgia, metalezko produktuen eraldaketa, ontzigintza, ehungintza...). Sektore horien mendeko arloetako batzuek pisu handia izan zuten euskal industrian, baina eraldatze lanaren kostuak askoz handiagoak ziren betiere. Herrialde Industrializatu Berri horiek, lanerako beso merkeagoaz baliatuz eta produkzio prozesuetan teknikak sartuz Lanaren Banaketa Berria eragin dute, eta beste era batera antolarazi dituzte —produkzioaren arabera, hain zuzen ere— lurralde industrializatuetako eskualdeak eta metropoliak.
Horrek enpresa asko ixtea eta beste askotan aldaketak egin behar izatea ekarri du, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian. Araban gutxiago, Euskadiko hiru lurraldeetatik bera baita krisiari aurre egiteko baliabide hobeak izan dituena, askotariko industria izateari esker. Euskadiko industriaren birmoldaketa eta berregituraketa prozesuak ez dira 90eko hamarraldiaren erdialdean bukatu; 1994an, esate baterako, Araban, beste era batera antolatu zen soldadurarik gabeko hodien sektorea. Laudioko Tubacex-Tubos Inoxidables S.L. enpresaren egituraketa berritzeak adibidez 450 bat langile ukituko ditu; dirudienez, 1996an bat egingo du Union de Tubos Vascos osatzen duten gainerako enpresekin (Tubos Reunidos y Productos Tabulares Bizkaian eta Reinosa Kantabrian). Hor da ere altzairu berezien sektorea: urte horretan bertan birmoldaketaren eta ondasunaren onbideratze prozesuaren azken fasean sartuko da, behin Sidenor konpainia publikoaren akziodunen batzordeak kapitala 48.000 milioi pezeta -Instituto Nacional de Industria-k eta Instituto de Crédito Oficial-ek erdibana ordainduta— handitu eta gero. Sidenor-en aktiboak berrantolatzeak desagertzera behartuko ditu Acenor (Gasteizko eta Basauriko lantegiak) eta Reinosa (Kantabria).
Birmoldaketak eta berregituraketak direla eta, Euskadi osoan Administrazioak egoerari konponbidea ematen saiatu da (teknologia ekarri, produktu eta merkatu berriak bilatu, kostu finkoak gutxitu, eta abar), eta kapital pribatuaren eta publikoaren arteko lankidetza bultzatu du. Guzti horren helburua gero eta zabalagoa den merkatuan lehiatzeko moduko industria lortzea da.
Eman den laguntzari dagokionez, aipatu beharrekoak dira Espainiako Administrazioa 80ko hamarraldiaren hasieran industria sustatzeko abiarazi zituen politika sektorial, horizontal eta espazialak: Fondos de Promoci6n de Empleo (edo Enplegua Sustatzeko Fondoak) eta Zonas de Urgente Reindustrializacion (edo Lehenbailehen Industrializatu beharreko Tokiak) direlakoak. Geroago, Euskadiko Adminstrazioak bi programa onartu zituen, Apoyo Excepcional al Relanzamiento eta Plan de Relanzamiento Excepcional, Euskadin erroak eginak zituzten baina Espainiako planak kontuan hartzen ez zituen sektoreei laguntzeko. Politika horizontalei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak 1983an Pymes Hitzarmena eta 1988an Programa de Apoyo a la Inversi6n delakoa abiarazi zituen. Programa horiez gainera, Foru Aldundi bakoitzak berea prestatu zuen; Arabak, adibidez, Subvenciones a las Inversiones de Interes Preferente deritzon programa bultzatu zuen.
90eko hamarraldiaren hasieran Eusko Jaurlaritzaren industria politikak Zonas de Interes Preferente izendaturiko guneetara zuzendu zuen bere jarduera publikoaren ekintza. Gaur egun ZID esaten zaie gune horiei. Araban, Aiarako Harana -Urduñako udalerria barne- hartzen du ZID guneak. Alde horiei kalte handia egin zien 1975- 1985 urteetako krisiak, eta, 1985-1989 bitarteako ekonomia zuzperraldia gorabehera, ez zuten 1975. urte aurreko baldintza sozioekonomikoak berreskuratzerik izan. Beste zenbait neurri ere hartu zituzten aldi berean, hala nola lanak kualifikatzeko, teknologiari buruzko politika aurreratzeko, Unibertsitateari lotua egongo zen ikerketa sistema bat garatzeko, ingurugiroa hobetzeko eta industria azpiegitura sendotzeko.
Industria politika horren babespean sortu zen «Garapen» programa (1982), Eusko Jaurlaritzak diseinatua, gutxienez 500 milioi pezetako inbertsioak behar zituzten eta 50 lanpostu sortuko zituzten ekimen handiak bultzatzeko. 1994an Araban diruz lagundu zituzten enpresak hauek dira: Gasteizko Horpremesa eta Aluminios Esmaltados del Norte (Esmaltaciones San Ignacio tresneria etxearen mendekoa), Laudioko Vidrala, Aiarako udalerrian dagoen Murgako Holtzland, Arpin Europa, HT Fluid Control eta Embalaje Flexible de Alava; guztira 570 enplegu sortu zituzten. Hori baino lehen, Mercedes Benz eta Gamesa Aeronáutica enpresetan 56.000 milioi pezeta inguruko inbertsioak egin zituzten —inbertsio estrategikoak—, eta 900 enplegu baino gehiago sortu.
Aipamen berezia merezi du Sociedad para la Promocion y Reconversion Industrial elkarteak -Ekainaren 10-eko 5/81 Legea—, euskal industria sustatzeko eta birmoldatzeko sortua. Elkarte horrek hainbat programa sustatu ditu: IMI, CN-100, ECTA, SPRO- TEL..., eta baita industrialdeak sortzeko garrantzi handiko beste bat -«Industrialdeak»(1982)—, Foru Diputazioekin eta tokian tokiko Udaletxeekin elkar hartuta.

 

Produkziogune berriak

Industrialdeak tamaina txikikoak dira (1- 10 bitarteko Ha.), moduluka antolaturiko pabilioiak dituzte, eta zerbitzu amankomunak (bilera aretoa, idazkaritza, telefono zerbitzua, garbiketa zerbitzuak, telex, telefax, Spritel sarera lotzeko terminala, eta abar).
Industrialdeak programa enpresa txikiei eta bitarteko tamainakoei zuzendua dago, batez ere sortu berriei, berritzaileei, eta handitu ahal izateko nahitaez lekuz aldatu behar dutenei. Orubeak behar bezala antolatuta daude, eta lokalak zein bere jardueraren ezaugarriei egokituta (300-700 m 2 arteko eremua izaten dute). Lantegiak errentan uzten dituzte, baina erosi ere egin daitezke; dena den, proiektuaren helburua enpresei hastapenetan handitzen laguntzea da, gero beste norabait alda daitezen.
Araban, Laudion antolatu zen era horretako lehenengo industrialdea, 1984. urtean. Ondoren, 1989-1991 bitartean, beste toki hauetan antolatu ziren: Agurain, Aiara, Amurrio, Oka-lruña, Kanpezu, Biasteri eta Legutio. Ekimen publikoak leku horietan antolatu zituenaz gainera, beste zenbait herritan ere —Araia, Aiara, Laudio, Legutio, Agurain, Biasteri, Uriona eta Lantaron- industrialdeak eratu zituzten, Arabako Foru Aldundiaren mendeko Sociedad Prinia elkarteak bultzatuta. Sociedad Sprilur elkarteak (Eusko Jaurlaritzak eta Sociedad para la Promocion y Reconversión Industrial elkarteak parte hartzen dutelarik) Arabako «Industrialdeak» eta Gasteizko Centro de Empresa e Innovación (Enpresa eta Berrikuntza Zentroa) kudeatzen zituen, eta Prinia-ren industrialdeak koordinatzen. Dudarik gabe, lantegiak eraikitzeko lekua eskaintzea, lurraldearen kokalekua -Bilboko portutik hurbil-, azpiegiturak, Administrazioaren laguntza, dagoen industria giroa eta abar dira, neurri handian, 1996ko martxoan Eusko Jaurlaritzak eta Koreako Daewoo multinazionalak Jundizko industrialdean (Gasteiz) hozkailu fabrika bat ezartzeko hitzarmena izenpetzea eragin dutenak. Inbertsioa 10.000 milioi pezetakoa izango da, eta 400 bat enplegu sortuko dira lantegian bertan.
Industriak eraikitzeko, eskaintzen diren lurrez gainera, hor dago «Arabako Parke Teknologikoa» ere, 1992ko urrian sortua, 600 milioi pezetako kapital sozialarekin, eta Sociedad para la Promoción y Reconversi6n Industrial elkarteak (%51) eta Arabako Foru Diputazioak bultzatuta-geroago, Gasteizko Udaletxea sartu da elkarte eragilearen akzionista-. Parkea Miñano-n dago, hiriburutik 5 km iparraldera, eta garraiobideei dagokienez, autobideak lotzen du Foronda- Aireportuarekin (10 km), Altubetik eta Barazartik zehar Bilborekin, Burgos eta Madrilekin, eta Donostia eta Iruñearekin; Leintz ibarrera sarrera ere badu. Parkeak guztira 117 Ha ditu, eta horietaik 30,5 Ha dira lantegiak eraikitzeko; gainerako eremua azpiegiturak, komunikazioak, berdeguneak, hotelak eta bestelako zerbitzuetarako (saltokiak, kirolguneak...) da. Lehenengo fasean 46,6 bat Ha okupatuko dira, eta asmoa da 2001. urterako Parkea bukatuta egotea.
Teknologia berrikuntza sustatzeko eremu honen kudeatzaileek jakingai hauetan sakondu nahi dute bereziki: aeronautika,ingurugiroari buruzko teknologiak, material berriak, nekazaritzako elikagaiak, elektronika, informatika, telekomunikazioak, industriarako automatizazioa, optoelektronika, ongizatearen teknologia eta energia. Parke hau hainbat tamainako enpresak hartzeko prestatu da, eta hiru eremu handi antolatu dira horretarako (PT-1, PT-2 eta PT-3), 58,5 Ha guztira.
1994. urtean bultzada handia izan zuen Parkearen proiektuak, 29.000 m 2 -ko eraikuntza bat egin baitzuen Gamesa Aeronáutica enpresak, Embraer brasildar etxearekin EMB-145 hegazkina egiteko hitzarmena izenpetu ondoren. Proiektu honek 600 bat lanpostu sortuko ditu, eta 24.000 milioi pezeta ezartzea beharko du. Enpresa horretaz gainera beste hauek daude Parkean: Estudio Atlas S.L. (topografia ikerketa aurreratua), Omron Electronics S.A. (industriarako automatizazioa), Laboratorio de Ensayos Industriales de Alava (Leia) eta Guascor Investigaciónn y Desarrollo (gas naturala darabilten diesel motorrak saiatzeko). Bestalde, Centro de Empresas e Innovacion de Alava (Arabako Enpresa eta Berrikuntza Zentroa) dago (4.200 m 2 ), eraikuntza bukatu artean Gasteizko Enpresa Zentroan dauden enpresa berritzaile batzuek erabiliko dutena

 

Industrien kokalekua

 

Industria jardueren kokalekua

Arabako industria makrozefalia gaitzak jota bezala dago, Arabako hiriburuaren inguruan bilduta, industriaren aurrerabidea aurreko hamarraldietako ereduaren arabera prestatu den bezain batean. Aldi berean, inguruko udalerrietako batzuk —Oka-Iruña, Agurain eta Dulantzi— sartuak dira aurrerabide horretara. 1995- urte inguruan Arabako hiriburuak industria erakartzen jarraitzen du, hala industria sortu berriak nola handitutakoak. Deszentralizazioa Agurain eta Oka-Iruña inguruetan antolatutako industrialdeetara bideratu da.
Bada Araban industria duen beste eremu bat —besteak bezain garrantzitsua ez bada ere, tradizioa baduena- Arabako iparralde iparraldean, Bizkaiarekin muga egiten. Industriagune horretako herri aipagarrienak Laudio, Amurrio eta Aiara dira, Bilboko ibaiadarraren, Legutio eta Zigoitia aldeko industrializazio prozesuaren eraginpean. Lehenago ere aipatu den bezala, udalerri horietan daude, hain zuzen ere, ekimen publikoak bultzatuta 80ko hamarraldiaren bukaeran eta hurrengoaren hasieran sortu ziren industrialde berrietako asko: Murgako gunea —Aiarako udalerria—, esate baterako, inguru horietan industria sustatzeko egin den inbertsiorik handiena.
Hiriburuaren hegoaldean hirugarren industriagune bat dago; udalerri hauek hartzen ditu: batetik, Erreibera Beitia eta Lantaron, Miranda de Ebroko industriagunetik hurbil daudenak, eta, bestetik, Logrofiotik urruti ez dauden Oion, Eltziego eta Biasteri. Ekimen publikoak bultzatuta, industriaren aurrerabidea Lantaron eta Biasteri aldera bideratzen ari da.
Orain arte esandako hau argi geratzen da industria, eskualdetan nola banatzen den aztertuz gero. Lautadan daude Arabako bigarren sektorean diharduten langileen hiru laurdenak baino gehiago (%78,7); Kantaurirako isuraldean, berriz, langileen %14,8; Arabako Errioxan eta Gorbeialdean langileen %2,5 eta %2,2, hurrenez hurren; eta azkenik, Arabako Mendialdean eta Arabako Haranetan, ia industriarik gabe, ezta langileen %2 ere.
Udalerriz udalerri aztertuta, eta mapan ikus daitekeen bezala, hiriburuko industria enplegua Arabako gainerako udalerrietakoa baino askoz handiagoa da. Gasteizek 22.000 bat enplegu ditu, eta industria gehien duten gainerako udalerriek -Laudio, Amurrio, Oion eta Legutiok-, aldiz, 1.000-3.000 baino ez.

 

Ekonomia jardueraren kokalekurako lurralde eredua: arabako ekonomia jardueraren sektorekako plana

«Arabako Ekonomia jardueraren Sektorekako Plana», 1994ko abuztuaren 29an onartua, Araban ekonomia jardueretarako dagoen lurra nola ordenatu beharko litzatekeen zehazten duen proposamena da, «urbanizazio plangintza arautzeko eta diru publikoz sustatutako industrialde estrategiko berriak non kokatu beharko liratekeen erabakitzeko gidari eta eredu izan dadin» egina.
Proposamen horrek, beraz, Esparru Estrategikoak edo Logistika Ekintzetarako Lehentasuna duten Eremuak mugatzen ditu Euskadiko lurralde bakoitzean; Arabari dagokionez, Gasteiz ingurua da hautatutako lekua, hori baita garraio eta garraiobide sistemaren estrategia gunea, Iparralde-Hegoalde ardatzaren eta Ebroren korridorearen arteko lotunea.
Esparru Estrategiko batzuk ere —ekonomiaren aurrerabidea bultzatzeko lehentasuna dutenak alegia— mugatzen ditu aldi berean, Euskadiko Eskualde Egitura bakoitzaren aurrerabiderako buru gisa. Esparru horiek garrantzizko industria duten lekuak dira, edota korridore ekonomiko nagusien barruko esparru estrategikoetan lur erreserbak dituztenak. Gasteizko Eskualde Egituran —Arabako Lautada, Arabako Haranak, Arabako Mendia eta Arabako Kantaurirako isuraldea-, hiriburuaren inguruko aldea nabarmentzen da, eta beronen irteera adarrak: Miranda aldera (Oka-Iruña), Bilbo aldera (Etxebarri), Durango eta Deba Garaia aldera (Miñano eta Legutio) eta Gipuzkoa eta Nafarroa aldera (Agurain eta Araia).
Gasteiz, Asparren, Donemiliaga, Agurain, Oka-Iruña, Legutio eta Zigoitikako udalerriek lehentasuna berezia dute, ekonomia gorakada leku horietara bideratuko dela sumatzen baita. Erreserba estrategikorako lurra, berriz, Agurain, Dulantzi eta Ebroren erribera (Lantaron aldean) ingurukoa da, eta, baita, Legution N-240, A-627 eta A- 3.006 errepideek mugatzen duten eremua, eta Miranda de Ebro aldean A-l eta A-8 autopistek eta CN-232 errepideek mugatzen dutena. Aipatu behar da, gainera, eredu horren helburua industriaren aldeko ekimenak Eskualde Egitura horretaz kanpora ateratzea dela, hiriburu inguruko zentralizazio gehiegizkoa galarazteko.
Kantaurirako isuraldeko udalerri batzuek eta Bizkaiko Arratia-Ibaizabal eskualdeko beste batzuek osatzen duten Eskualde Egituran (Laudio), Laudio eta Amurrio dira lehentasunezko interesa duten udalerriak, eta Luxaondo-Amurrio korridorea erreserba estrategikorako lurraldea izendatu da, okupatu gabeko lur asko duelako. Bestalde, Laudioko udalerrirako, zaharkitutako industriak berriz moldatzea eta antolatzea proposarzen da, eta Amurriorako, berriz, diru publikoz sustatuko lur eskaintza handitzea.
Azkenik, Biasteriko Eskualde Egituran, hau da, Arabako Errioxan, bakarra da lehentasunezko interesa duen udalerria, Oion, hain zuzen, Logoñotik hurbileko alde horretan, eta bakarra da ere erreserba estrategikorako lurra, udalerri horren hego-ekialdean, herrigunearen eta Logroño-Iruñea errepidearen (N-lll) artean hain zuzen. Eskualde Egitura horretako parterik handiena interes bereziko lurralde izendatu da, nekazaritza, ardogintza eta turismoagatik duen garrantzia dela eta.

 

Industriaren egituraketa

Arabako industrien jarduerak 1993. urtean 221.395 miloi pezetako Barne Produktu Gordina sortu zuen, hau da, lurralde horretan sortu zenaren %35,2, bai eta 227.110 milioi pezetako Balio Erantsi Gordina ere, hau da, Araba osoan sortu zenaren %4l,4 (1975ean %58,2 zen). Barne Produktu Gordinaren banaketa ekonomia sektoreka, eta Balio Erantsi Gordinarena industria arloka, ondoko koadroetan ikus daiteke.
1994. urtean 1.978 industria zeuden Araban, eta horietan lanean 35.715 enplegatu, 42.599 eraikuntza arloa barne hartuz gero; hau da, batez beste 5,4 enplegu lantegi bakoitzeko. Arabako industria enplegua arloz arlo banatua nola dagoen ikusteko, jo dagokion grafikora.
Espainiako Industria Erroldaren informazioaren arabera, 1978. urtean aurreko erroldan baino 4.000 enplegu gehiago zeuden. Bestalde, bederatzi enplegatuz gorako lantegi gehiago zegoela ikusten da, baina enpresa horietako enpleguak behera egin zuela.
1978.urtean bederatzi enplegatuz gorako lantegi bakoitzeko 83,4 enplegu bazeuden, 1993an 49,8 baino ez. Industria enpleguak 1978-1994 bitarteko urteetan jarduera talde handien arabera zer bilakabidea izan duen ikusteko, jo dagokion grafikora.
Lantegi handienen artean —500 enpleguz gorakoak— hauek dira aipagarrienak: Gasteizen, SAFE Neumáticos Michelin, Mercedes Benz España S.A., Grupo Auxiliar Metalúrgico S.A. eta Acenor S.A., eta Laudion, Tubacex-Tubos Inoxidables S.L.
Industriaren egituraketari erreparatuz gero, aipatzea merezi duen datu bat da «metalak eraldatzeko eta doitasun handiko makinak egiteko industria» taldeak toki handia zuela 1994an Araban: enpleguaren %38,3 eta industria sektorearen Balio Erantsi Gordinaren %4l,3. Dauden lantegien %30 arlo horretakoak dira, eta horien barne hartuz gero bederatzi enplegatuz gorako lantegiak, arlo horretan diharduten lantegien %53,4 eta industria enpleguaren %47 hartzen dute. Talde horren barruan, bada jarduera aipagarri bat, «metalezko gaiak eta eraikuntza metalikoak», talde horretako enpleguaren %34 hartzen baitu. Horren ondoren datorren jarduera garraiorako materialarena da (%25,4). Lantegirik handienak garraiorako materialaren azpisektoreari dagozkio, alde handiz gainera (86,5 enplegu/lantegi bakoitzeko. Baina 9 enplegatuz gorakoak barne hartuz gero: 160,9 enplegu/lantegiko). Araban ezarri diren produkzioguneen artean hona aipagarrienak: Mercedes Benz Española S.A., Esmaltaciones San Ignacio S.A., Echevarria Cablerías del Norte S.A., Zayer S.A., Celaya Emparantza y Galdos S.A., Herramientas Arregui S.A., Urssa S. Coop., Sagola S.A.,eta Kranel, denak Gasteizen. Artziniegan Saflt iberica dago, Amurrion Talleres de Amurrio S.A., Oka-Iruñan Explosivos Alaveses S.A., eta Laudion Encases Metalurgicos de Alava S.A. eta La Industria Plástica y Metalúrgica, besteak beste.
Bigarren talderik inportanteena, bai sortzen duen enpleguagatik (industria sektore osoaren %34,3), bai Balio Erantsi Gordinari ematen dionarengatik (%33,2), «Beste Manufaktura Industriak» taldea da. Talde horren barruan, aipatzekoak dira: batetik, «kautxua eta plastikoa» azpisektorea, talde horretako enpleguaren 2/5 baititu; eta, bestetik, «elikagaigintza», enpleguaren %27. Lantegirik handienak «kautxua eta plastikoa» azpisektoreak ditu: 88,8 enplegatu lantegi bakoitzeko (147,4 enplegu/lantegiko bederatzi enplegatuz gorako lantegiak barne hartuz gero). Lantegirik txikienak, aldiz, «elikagaigintza edo janari industriak» ditu:5,2 enplegu lantegi bakoitzeko. Talde honetako lantegien artean, hauek dira aipagarrienak: Gasteizen dauden Safe Neumáticos Michelín S.A., Tuboplasc Hispania S.A., eta Vinilika Industrial S.L., denak «plastikoa eta kautxua» azpisektoreari dagozkionak; elikagaigintzaren sektoreko Helados y Congelados S.A., Compañia de Bebidas Pepsico S.A., eta Donuts Corporation Vitoria S.A., horiek ere Gasteizen; papergintzaren sektorean, berriz, Gasteizko Kemen Industrial S.A., eta Artziniegako Scott Iberica S.A.; azkenik, ehungintzan, Gasteizko J. López de Heredia S A.
«Mineral ez energetikoen erauzketa eta eraldaketa eta Kimika Industriatik eratorritako gaiak» taldeak enpleguaren %26 hartzen du, eta Balio Erantsi Gordinaren %18,1. «Oinarrizko metalgintza» azpisektoreak talde horretako enpleguaren ia bi herenak sortzen ditu, eta «industria ez metalikoak», berriz, ia laurden bat. Lantegirik handienak «oinarrizko metalgintza» azpisektoreak ditu: 50 enplegu lantegi bakoitzeko (eta 190,4 enplegu/lantegiko bederatzi enplegatuz gorako lantegiak barne hartuz gero). «Industria ez metalikoak» azpisektoreak 25,8 enplegu ditu lantegi bakoitzeko, eta «kimikak», berriz, 24. Talde horretako produkzioguneen artean, hauek aipagarrienak: Laudioko Vidrala S.A., Aguraingo SAPEM, Gasteizko Acenor S.A., Fundix S.A., Siderúrgica de Tubos Soldados S.A., Pferd-Rurggeberg SA., eta Ocariz S.A., eta Abadiñon, Coop. Ind. Fundiciones Metalicas San Vicente. Kimika industrian, berriz, Lantarongo Sociedad Española de Productos Químicos S A.
«Energia era Ura» azpisektoreak industrian sortzen den Balio Erantsi Gordinaosoaren %7,3 berak sortzen du, baina enpleguari dagokionez, oso kopuru txikia hartzen du (%0,8). Lantegiek 14,5 enplegatu dituzte batez beste. Arabako talde horretako enpresen artean, hauek aipagarrienak: Gasteizko Aguas Municipales de Vitoria-S.A. eta Oka-Iruñako Enagas S.A.

 

Bizkaia

 

Industrializazioa

 

Burdinoletatik (XIII. m.) industria modemora (XIX. mendearen eidialdea-bukaera)

Gipuzkoan bezala, Bizkaiko industria jardueraren aurrekoak aurkitzeko burdinoletara eta burdinaren eta basoaren ustiaketara jo behar da. Lurrak aberaspiderik ez zekarrenez, lurralde honetako jendeak beste era bareko lanetara jo zuen, inportatu behar zituen oinarrizko produktuak ordaindu ahal izateko.
XIII. mendean egin ziren Bizkaiko lehenbiziko burdinolak -«haize olak»-, eta XV. mendearen erdialdeko foru barean arautu ziren. Burdinola handietan —«zeharrolak» ere deituak— meatik burdina ateratzeaz gainera, burdina landu eta lanabesak eta tresnak egiten ziren, baserritarrentzat, itsasgizonentzat, era arma gizonentzat. Beste burdinola mota batzuk ere baziren, txikiagoak, bakarrik gauzaki txikiak egiten ziruztenak. Burdingintzaren garrantzia zela era —XV. mendeaz gero barez ere—, Koroak zergak ezarri zituen langintza kontrolatzeko, ordenantzak eta foruak eman, eta mea herrialdetik ateratzea debekatu zuen, era, aldi berean, pribilejioak era frankiziak eman zizkien burdinola era olagizonei.
Burdingintza indartzen joan zen XV. mendean zehar, era are gehiago XVI.ean; indartze horren arrazoien artean, hauek dira aipagarrienak: Gaztelako eskaria handitzea, Europako gerrak ugaltzea, biztanle kopurua gehitzea eta Ameriketako koloniazio prozesua hastea. Eskariak handitzearekin, produkzioak ere gora egin zuen, eta horrekin batera hainbat berrikuntza egin zen burdinoletan: urak mugitutako gabia erabiltzen hasi ziren, eta hala, handik aurrera, basokoak utzi eta ibarretan eraiki zituzten burdinolak, erreka eta ibaietako uraren indarraz balia zitezen.
Teknikaren hobekuntzak zenbait aldaketa ekarri zuen, jabetzari eta lanaren antolaketari buruzko aldaketak, hain zuzen. XVI. mendea arte leinuek edo lur jabe txikiek izan zuten burdinolen jabetza, baina handik aurrera kontzejuek beraiek sortu zituzten burdinolak.
Burdingintzak garrantzi handia izan zuen Bizkaia osoan, baina baziren eskualde batzuk —Durangaldea, esate baterako— herrialdearen batez besteko produkzioa gainditzen zutenak. Aipagarria zen Durangoko errenteria -mea zein burdina totxoak edota burdinazko tresnak eta lanabesak miatzen eta biltzen ziren tegia-. Burdina gordina, Somorrostrotik heldu zena, Durangoko errenteriatik eskualde osoko burdinoletara banatzen zen, Bilboko errege bidetik edo Galindo ibaiaren portuan zamatutako gabarren bidez. Arma industria era bazen inguru horietan: Durango eta Elorrio ziren Koroa armez hornitzen zuten bi produkzioguneak. Garai hartan ospe handikoak ziren Elorrioko pikak eta alabardak eta Durangoko ezpatak. Geroago, Ermua, Gipuzkoako beste herri batzuen laguntzaz, giltzak eta suzko armetarako kanoiak egiten hasi zen.
Zenbait iturriren arabera, XVI. mendearen hasieran Durangaldeak berrogeita hamar burdinola baino gehiago zituen, eta berrogei bat errementaldegi eta sutegi. Kontuan hartuta Bizkaian eta Gipuzkoan hirurehun bat zirela osotara —mendian gora zeudenak alde batera utzita—, oso kopuru handia da hori. XVII. mendearen erdialdean (1658) 177 burdinola zegoen Bizkaian, 107 handi eta 70 txiki; 1787an I40tikgora; 1826an, Miñanoren Hiztegiaren arabera, 117 zegoen, eta 1846an, Madozen Hiztegiaren arabera, 99 burdinola ziren (10 Bilboko auzitegi barrutian, 46 Durangokoan, 6 Gernika-Lumokoan, 12 Markina-Xemeingoan eta 25 Balmasedakoan). Ikus daitekeen bezala, burdinola kopurua gutxituz zihoan, urteko batez besteko produkzioa bezala. Garai batean ola bakoitzak 100.000 kintal burdina ekoizten zuen urtean, baina XVI. mendearen erdialderako 500-600 bat baino ez. XVIII. mendean erauzketa eta eraldatze lanak artisau fasea gainditu gabe zeuden oraindik.
Burdinolaren gainbehera XVII. mendearen bukaeran hasi zen, arma zuriak eta burdinazko beste produktu batzuk egiten zituzten fabrikak Toledora aldatu zituztenean; Bizkaia aurrerantzean burdina gordinaren esportazioan arituko zen batez ere. XVIII. mendearen erdialdean beste atzerakada bat izan zuten burdinolek. Frantsesen kontrako gerran Bizkaiko ekialdeko burdinola gehienak galdu izatea, eta beste batzuk sutegi bihurtu izateaz gainera, hauek dira gainbehera horren arrazoi nagusiak: Europan beste produkziogune batzuk sortu ziren, burdinaren eta altzairuaren kalitatea hobetzeagatik lehian elkarren artean; Iberiako penintsulara burdina ekartzen hasi ziren kanpotik, Ingalaterratik batez ere, eta Nerbioi ibaian husten zen; Asturiasen eta Andaluzian burdinolak jartzekoak ziren; atzerritartasun eskubidea ere indarrean jartzekoak ziren (1779), eta horregatik, Gaztelan sartzen ziren manufakturei zerga ezarri zitzaien, eta horren aurrean burdinolak lekuz aidatu zituzten, salbuetsita ez zeuden Penintsulako beste leku batzuetara. XIX. mendeko gertaera batzuek —Ameriketako merkatua galtzeak, Frantziari 1830eko iraultza eta gero errenterian murrizketak ezartzeak, eta siderurgia lana hasteak- burdinolak behin betiko desagertzea ekarri zuten ondorioz.

 

Industrializazioaren sorrera: XIX. mendearen erdialdetik 1939ra

Protekzionismoaren aldeko kexak zirela eta, 1841. urtean mugak itsasaldera aldatu zituztenean, berriro zuzpertu zen industria, eta euskal ekonomia Espainiako aduana politikari atxiki zitzaion. Bizkaiko siderurgia Espainiako merkatua konkistatzen ahalegindu zen, eta bide horretan bi gauza aprobetxatu zituen: industriak Espainian zekarren atzerapena, eta atzerriko produktuak zergapetzen zituzten eta Espainiako industriaren produkzioa babesten zuen muga zergen politika protekzionista. Baina izan zen Bizkaiko industrializazio prozesuari lagundu zion bestelako faktorerik ere, hala nola mea esportatzeko baimena izatea (1849) eta teknologia berriak erabiltzen hastea (Bessemer sistema eta Martin-Siemens bihurgailua) burdingintzan eta altzairugintzan. Teknologia berri horiei buruz esan, fosforo gutxi zuen burdina mea erabiltzea eskatzen zutela, eta horixe zela hain zuzen Somorrostroko burdinaren ezaugarria, eta ez, aitzitik, Ingalaterrako burdinarena. Horrek Bizkaiko meatzeen errentagarritasuna handitu zuen, harik eta geroago, XIX. mendearen bukaeran, Thomas bihurgailua asmatu zuten arte, burdina fosforatua ere onartzen baitzuen hark, eta horrek Europa aldetik egiten ziren eskari batzuk Frantziara (Lorrenara) edo Suediera aidatu zituen. Bizkaiak burdina meak izateak lehengaien urruntasunak edo hurbiltasunak industrian sekulako eragina zuen garaian, garrantzi handia izan zuen lurralde horren industrializazio prozesuan.
Baliabide naturalak izatearen abantailari beste bi gehitu behar zitzaizkion: portua eta kapital endogenoa. Portua merkataritza jarduera handikoa izana zen mendeetan, eta hori mesedegarri izan zitzaion beste herrialde batzuekiko harremanetan. Kapitala, berriz, Bizkaiko burgesia ahaltsuaren industria eta merkataritza jardueretatik zetorren. Burgesia horrek ezarri zuen dirua siderurgiaren industria modernorako eta bankuak sortzeko (Banco de Bilbao, 1857an; Banco de Comercio, 1891n; bien bategitea, 1900ean; Banco de Vizcaya, Banco de Crédito de la Union Minera, eta Banco Financiero, 1901ean) erabili zen. Finantza erakunde horiek harremanetan zeuden Bizkaiko meagintza, ontzigintza, siderurgia eta metalurgia arloko beste enpresa askorekin.
Aipatutakoaz gainera, kontuan hartu behar da ere aldaketa handiak izan zirela XVIII. mendearen bukaeraz gero demografian (haurren hilkortasun tasa jaitsi eta biztanleria handitu zen), eta, XIX. mendearen lehen erdian, baserriaren inguruan (herri eta eliza lurren desamortizazioa, maiorazkoa kentzea...).
Industrializazio prozesu hori askotariko produkzio jardueratik sortu zen, eta oinarriak, XIX. mendearen erdialdean, metalurgian (burdina, kobrea eta galdaragintza), kontsumo ondasunetan (ehungintza eta elikagaigintza) eta ontzigintzan zituen. Siderurgia lanari dagokionez, bi fabrikatan galdaketa metodo berriak erabiltzen hasi ziren. Bi fabrika horiek dira: bat, Santa Ana de Bolueta (1841), Bilbo ondokoa, erregai gisa egur ikatza zerabilena; bestea, Nuestra Señora del Carmen (1854), Barakaldokoa, Ibarra y Cía.-k sortu zuena, eta erregai gisa kokea zerabilena. Lehenengo industriak Bilbo inguruetan (Abanto eta Zierbena, Deustua, Begoña eta abar), hiriburuaren ondoko udalerrietan (Galdakao, Basauri eta Arrigorriaga), Balmasedan eta Durangon ezarri ziren.
1860. urtetik aurrera gora egin zuen burdina mearen esportazioak. Bessemer eta Siemens-Martin sistemak aurkitu eta erabiltzen hasi izanari zor zitzaion gorakada hori. Arestian esan dugun bezala, fosforo urriko burdina erabiltzen zen sistema horiekin, eta, hala, Bizkaian mea saltzen hasi zitzaizkion Ingalaterrari. Ontziak ikatzaz zamaturik itzultzen ziren Ingalaterratik, eta horrela, bide batez, gutxitu egiten zen kokea erabiltzeak zekarren energia gastu handia.
Hura izan zen burdinaren galdaketak Nerbioi ibaiaren ertzean egin zuen aurrerabide handiaren hasiera: Recalde y Castrejana (1876), Sestaoko San Francisco (1879) eta Metalurgia y Construcciones La Vizcaya (1882) —Chavarri eta Gandariasek sortua—, eta Bilboko Altos Hornos y Fábricas de Hierro y Acero (1882), Ibarra anaiek Barakaldoko Nuestra Señora del Carmen eta Guriezoko (Santander) Nuestra Señora de la Merced lantegiak batuta. Azken bi lantegi horiek eta Sociedad Anónima Ibérica izenekoak bat egin zuten 1902an, Barakaldon Sociedad Altos Hornos de Vizcaya (AHV, Bizkaiko Labe Garaiak) sortzeko.
Hala, bada, 1885. urte inguruan Bizkaia zen Espainiako siderurgia gune nagusia. Burdin gozoa egitetik altzairua egitera igaro zenez geroztik lortu zuen lehentasuna, Asturiasko lantegien kalterako.
XIX. mendearen bukaeran zenbait tailer eta metalaren eraldaketarako enpresa batzuk sortu ziren lantegi horien inguruan, Nerbioi ibaiaren ezkerraldean, eta hala, industria astuna oinarri izango zuen gune bat osatu zen. Gainera, itsasontzien joan-etorri handia zela eta, ontziolak eta ontzi elkarteak sortu ziren: Astilleros del Nervión (1888), Astilleros Euskalduna (1900), Sota y Aznar. Geroago, 1915ean, Sociedad Española de Construcci6n Naval eratu zen Sestaon, 1929an Astilleros del Nervión erosita, merkantzia ontzien Espainiako olarik garrantzitsuena bilakatu zen. Aipatzekoak dira ere meagintza eta burdinbideak sektoreetan egin ziren inbertsioak.
Hasieran metalurgia astunak ez zuen aurrera egiteko aukera handirik izan: batetik, kobre, berun eta zink hobi gutxi zelako; bestetik, beste lurralde batzuetan (Gipuzkoan, esate baterako) ezarri zirelako era horretako lantegiak.
Kimika industria ere ez zen gehiago zabaldu. Orduko lantegirik aipagarrienak: Arrigorriagako Sociedad Vasco-Asturiana, eta Galdakaoko Dinamita S.A. Azken hori Unión Española de Explosivos izenekoari lotu zitzaion 1896an, eta 1904an horren beste lantegi bat zabaldu zuten Lutxanan.
Metalaren eraldatze industriak -1914tik aurrera sendotu zena— Gernika-Lumon, Durangon eta Zornotzan zituen lantegiak. Paper fabrika nagusiak, berriz, Kadagua ibaian zehar zeuden: Sociedad Papelera Española (1901) Arangurenen eta Arrigorriagan. Lehenago ere aipatu den bezala, finantza kapitalak babestuta hazi zen industria, eta, gainera, hazkunde prozesu hori kapital pilaketa, hiri aglomerazio eta espazioaren eraldaketarekin batera etorri zen.
1914-1939 bitartean lortu zuen Nerbioi aldeak Espainiako industria astunaren (forja, ontziolak, tailer mekanikoak eta abar) lehenengo produkziogunea izatea. Lehen Mundu Gerrak mesede handia egin zion Bizkaiko industriari. Izan ere, Europako herrialde ahaltsuenak lanik ezin eginik zeudenez, herrialde neutraletara jotzen zen baliabide bila, batez ere siderurgia eta ontziolak zituztenetara. Orduko eskari haiei esker, Bizkaiko industria sektorea, askoz aurreratuago zegoen Europako Mendebaleko beste herrialde batzuenarekin berdindu zen, eta irabaziak ere handiak izan zituen. Hala ere, egoera horrek ez zuen industria lantegi horien autofinantzaketa ekarri, dirua beste negozio koiuntural batzuetarako ezarri baitzuten. Bestalde, gerra zela eta, Ingalaterrako harrikatzaren inportazioak behera egin zuen, Asturiaskoaren mesedetan.
Gerra bukatu eta gero ekonomiaren beheraldia etorri zen, Diktadura ezarri zuten arte (1923), eta beheraldia orokorra zelarik beste herrialdeetan ere, protekzionismoa sendotu eta herrilanak bultzatu zituzten. 1930. urte inguruan Espainiako altzairuaren eta burdin totxoen %50 Asturiasen eta Bizkaian egiten zen.
Garaitsu hartan sortu ziren gerora, urteen poderioz, ibaian zehar eta garraiobideen inguruan sendotu ziren industriak. Industria gehienak Nerbioi-Ibaizabal ardatzean zeuden, Bilbo-Santander, Bilbo-Burgos eta Bilbo-Donostia garraiobide ardatzek babestuta. Siderurgia eta ontzigintza Nerbioi ibaiaren ezkerraldean (Barakaldo eta Sestao) zeuden; paper fabrikak Arrigorriagan eta Zallan; kimika industria Galdakaon eta Arrigorriagan; ehungintza Galdakaon eta Balmasedan, Kadagua ibaiaren ondoan; elikagaigintza Gernikan, Arrigorriagan eta Basaurin; metalaren eraldatze industria Barakaldo, Sestao, Bilbo, Gernika, Durango, Basauri eta Zaratamon; eta eraikuntzako materialak Zornotzan.
Garai hartan gauzatu ziren enpresa ekimen garrantzitsuenak: Sociedad Española de Construcción Babcock y Wilcox (1918), General Eléctrica Española (1929), Trapagan, eta hurrengo hamarraldian, Firestone Hispania Basaurin.

 

1939tik 1959ko egonkortasun Planera

Espainiako Gerra Zibila eta gero, autarkia denboraldi bat etorri zen, protekzionismo gogorra ezarri zen, eta deusestu, ia erabat, produktuen inportazioa eta esportazioa; hori zela eta, industria jarduera barne merkatura zuzendu zen. Denboraldi horretan, eta «inportazioak ordezkatzeko politika» ezagunari lotuta, sendotasun gutxiko jarduera batzuen aldeko neurriak hartu ziren, kanpotiko eskaintzarik eza orekatzeko.
Siderurgiak -oinarrizko industria gehien-gehienek bezala— geldialdia izan zuen. Inportazioak bertan behera utzi eta gero, baliabideak (lehengaiak eta energia) urritzeak, eta horrek enpresa askoren produkzioa geldotzeak eragin zuen, neurri batean behintzat, geldialdia. Lehiarik ezak, inportatzeko aukerarik ezak eta produkzioa saldu egingo zela jakiteak teknifikazioaren kalterako izan ziren.
Politika autarkiko hori zela eta, Estatuak INI sortu zuen (1941) ekonomian esku hartzeko. Bizkaian —gaur egun Euskadi osatzen duten beste bi lurraldeetan bezala— ez zen diru inbertsiorik egin, baina zenbait ekimenaren bidez bultzada eman zitzaion industriari: Babcock y Wilcox eta Euskalduna enpresei eskaera handiak egin zitzaizkien, eta Bizkaiko Labe Garaietan zabalkuntza lanak egin ziren. Siderurgiaren geldialdi orokorra zela eta, estatuak Empresa Nacional de Siderúrgica (Ensidesa) sortu zuen Avilesen, 1950ean; enpresa horrek sektore horren egitura monopolista haustea ekarri zuen, besteak beste.
Gauzak horrela, siderurgiaren produkzioa urria eta ontzi industriaren egoera larria zirelarik, eta nahiz eta 1941-ean Ontzi Eraikuntza Babesteko Legea eman zen, eraldatze industriak gora egin zuen (ez baitzegoen inportatzerik altzairu berezirik, ez makina lanabesik, ez eraldatutako metalezko gairik...). Gora egin zuen kimika industriak ere: 1939an Unión Química del Norte de España (Unquinesa) sortu zen, Bizkaiko Labe Garaiak (AHV) kokez hornitzeko; 194lean, berriz, Sefanito sortu zen, Bizkaiko Labe Garaien eskumende, ongarri nitrogenatuak egin eta Bizkaiko Labe Garaietako azpiproduktuak aprobetxatzeko. Hala, Espainiako gune nagusietako bat bilakatu zen Bizkaia. Bestalde, Bizkaian zen ere, Galdakaon, Union Explosivos Rio Tinto.
Bizkaiko industria, geldialdia gainditu, eta 1951n hasi zen berriz mugitzen. Goraldi horren arrazoietako batzuk: beste industriaren adar batzuei hazteko laguntza eman izana eta zenbait lege onartzea, hala nola merkatari ontzidia babesteko eta berritzeko lege bat, Ley de Protecciónn y Renovaciónn de la Flota Mercante delakoa (1956). Lege hori zeia eta, kredituak—itsasontziaren balioaren %80 ere— eman zizkieten ontziolei, ontzidia eraberritzeko, eta orduan hasi ziren Bizkaiko ontziolek —Naviera Vizcaína, Euskalduna, Cadagua, Ruiz de Velasco, Murueta eta abar- produkzioa handitzen, eskaerak ere handitu egin baitziren, harik eta 60ko hamarraldiaren hasieran berriz behera egin zuten arte.
Protekzionismoa indarrean egon zen deboraldi horretan produkzioa txikia izan zen, baina, hala ere, Bizkaiko industriak irabazi handiak izan zituen: lanerako besoa merke zegoelako, teknologia hobetzeko inbertsiorik egin ez zelako, eta jardueraren adar batzuetan monopolioa izan zutelako, besteak beste.
1958an Bizkaiko industria egiturak ezaugarri hauek zituen: batetik, siderurgian, metalezko gaien eraldatze industrian eta ontzigintzan espezializatua egotea -jarduera horrek industria enpleguaren %54 hartzen zuen—, eta bestetik, dibertsifikatu gabe egotea. Azken horrek, alegia dibertsifikaziorik ezak, arazoak ekarriko zizkion epe erdira. Itsasadarraren bi aldamenetan Bilboko metropoliaren industriagunea eratu zen. Metropoliko udalerririk aipagarrenak, zuten industriagatik, hauek ziren: Bilbo, Barakaldo, Sestao eta Trapaga ezkerraldean, eta Getxo, Sondika, Leioa eta Loiu eskuinaldean.Ibaizabal ibaiaren zehar, berriz, Basauri, Arrigorriaga, Zaratamo eta Miraballes ziren aipagarrienak. Industriaguneak zeuden halaber, Kadagua ibaian eta errepide nagusietan (CN-634 eta CN-625) zehar ere.

 

1959tik gaur egun arte

Urte horietan, bereizgarri gisa, bi gertaera aipa daitezke: bata, Espainia OECE erakundean sartzea, eta bestea, Egonkortasun Plan Nazionala, alegia Plan Nacional de Estabilizaci6n delakoa antolatzea (1959), aurreko produkzio eredu eta egoera ekonomiko berrira -ezaugarritzat kanporako irekitasuna zuena- egokitzearren. Lege eragozpenak kendu eta gero, Europako eta Ameriketako kapitalen sarrera baimenduta zegoen, eta baita teknologiarena ere, herrialde zentraletatik periferikoak —Espainiako estatua adibidez— deiturikoetara. Espainiak errentagarritasun handia eskaintzen zien inbertsioei eta/edo zabalkuntzei, eta lehenago esandakoari ez ezik, etekina atera zion eskalako ekonomiari, Bilboko metropoliari, eta 1960-1975 bitartean azpiegituretan egin ziren hobekuntzei -Deustuko kanala, Solución Sur, eta autopistak (A-8, A-68 eta A-l), Gipuzkoarekin, Ebro ibaiaren arroarekin eta Mesetarekin zuen komunikazioa hobetzen zutena—. Siderurgia enpresa handiek ere etekina atera zioten Acción Concertada delako ekimen itunduari, instalazioak hobetzea eta produkzioa handizea ekarri zuten kreditoak jasota.
Denboraldi luze horren barruan bi aldi bereiz daitezke: bata, desarrollismo aldi bat, 1959. urtetik 1975 ingurura bitartekoa, eta, bestea, krisi aldi bat, 1980 aurrexeko urteetarik gaur egun artekoa; bigarren aldi horretan bada, ordea, zuzperraldirik ere, hala nola 1985-1989 bitartekoa. Lehenengo aldi horretan, desarrollismo aldian (Espainako Nazio Produktu Gordinak %7ko metatze hazkundea izan zuen) espazioaren eta lurraldearen eraberritze lan handiak egin ziren Espainiako metropolietan, Bilbo barne. Industria Bilbo Handian pilatu izanaren ondorioz, jende asko joan zen Bilbora, Estatuko beste lurralde batzuetatik; hala, etxebizitza pilaketa handiak eta lanaren egituran aldaketa handiak izan ziren oso denbora gutxian.
1960-1965 bitarteko urteetan Bilbo Handia eta Durangaldea ziren industrian dinamismo handiena erakutsi zuten eskualdeak. Dinamismo hori Bizkaiko gainerako eskualdeetara zabaldu zen gero, CN-634 errepidea lagun, Gipuzkoa alderantz. Inbertsio berriei dagokienez, proportzioan Zornotza zen diru gehien jaso zuena, eta zabalkuntza lanetarako diru kopuruari dagokionez, Bilbo, Barakaldo eta Basauri.
1965. urtetik aurrera industria jarduera lurraldeaz kanpora aldatu zuten, Arabara. Lekualdatze horren arrazoi nagusiak bi ziren: bat, Bizkaiak zituen abantailak galtzea -lur gutxiago eta garestiago, ibilgailu pilaketak, soldatak igotzearen aldeko grebak eta abar-, eta bi, Arabak abantaila handiak eskaintzea. Bizkaiko industria gehitzearen arrazoia Bilbo Handiko lantegiak eskualde horren inguruko udalerrietara zabaltzea izan zen (Abanto-Zierbena, Galdakao eta Basauri). Durangaldeak -Durangok eta Ermuak gehienbat— kapitala erakartzen jarraitzen zuen. Ermuatik, bestalde, industriak, etenik gabe, Gipuzkoa aldera «jarraitzen» zuen zabaltzen (Ermua-Eibar).
Lehenengo aldi hori bukatu eta gero ere, Bizkaia industrializazioaren gune nagusietako bat izaten segitzen zuen (Nazio Produktu Gordinaren %55,5 ematen zuen, eta biztanleria aktiboaren %43,2 enplegatzen), Bartzelonaren eta Madrilen ondotik, metalezko gaien eraldatze industrian eta industria metalikoetan espezializaturik. 1978an, Espainiako Industria erroldaren arabera, 4.616 lantegi eta 158.565 enplegu zeuden erroldaturik Bizkaian: enpleguaren ia heren bat, eta lantegien %36 Bilbon zeuden. 10.000 eta 20.000 biztanle bitarteko udalerriek enpleguaren %21,6 eta lantegien %14,9 zituzten; 50.000 biztanlez gorakoek enpleguaren %20,4, eta lantegien % 16,6; eta 5.000 biztanlez beherakoek enpleguaren %11,1, eta lantegien %17,4.
Enpresa moten artean -handiak, txikiak eta bitartekoak—, txikiak ziren nagusi. Batez beste, lantegi bakoitzak 31 enplegatu zituen, eta lautik hiruk 20 enplegatu baino gutxiago. Enpleguaren %40, nolanahi ere, 500 enplegatuz gorako 44 enpresa handietan banatua zegoen. Lantegirik handienak metalaren eraldatze industriari zegozkion, hau da, metalgintzari eta metalaren lehenengo eraldaketari (443 enplegatu lantegi bakoitzeko).
Bigarren sektorearen barruan metalezko gaien fabrikazioa gailentzen zen (enplegu osoaren %23), eta ondoren: metalgintza eta metalaren lehenengo eraldaketa (%17,6), makinak eta ekipo mekanikoak (%9,2), makinak eta material elektrikoak (%8,2), makinak eta metalezko gaiak (%7,8), ontzigintza, ontzi konponketa (%7,3), eta kautxuaren era plastikoaren langintza (%6,8).
Industriaren banaketari dagokionez, esan behar da industria gehienak lurraldeko lekurik jendetsuenean zeudela: itsasadarrean zehar, Nerbioi-Ibaizabal ardatzaren alde bietan. Industria finkaturik gelditu zen Bilbo Handiko udalerri gehienetan, Durangaldean, Mungian eta Gernikan.
Industrializazio zaharreko metropoli horretan 70eko krisiak (krisi horren ezaugarriak Arabari buruzko kapituluan aipatu dira) metropoliaren ezaugarri ekonomiko, sozial eta espazialak aldatu zituen. Hala, industrializazio aldian lurralde antolaketaren protagonista nagusia industria izan baldin bazen, industriaren berregituraketa prozesuan ere hura bera izan zen.
Krisialdi horrek Bizkaia espezializatuta zeuden azpisektoreetan eragin zuen batez ere, hau da, siderurgian eta ontzigintzan, eta zeharbidez bada ere, baira gainerako industria laguntzaileetan ere. Horren ondorioak: enpresa ixteak eta berregituratzeak. 1975- 1988 bitartean krisia gehien pairatu zuten langintza adarrak: eraikuntza metalikoak, garraiorako materiala, material elektrikoa, oinarrizko metalgintza eta kimika industria; aitzitik, beste azpisektore hauek hazkundea izan zuten: elikagaigintza, edariak, tabakoa, papera, eta arte grafikoak.
Krisiaren eragina areagotu zuten egiturazko arazoen artean hauek dira aipagarrienak: produkzio ahalmena gehiegizkoa izatea; produkzio kostuak zirela eta, produktuek lehiatzeko ahalmenik ez izatea; produktuen dibertsifikaziorik eza; teknologiarekiko mendekotasun handia; zorrak izatea; produktu gutxi esportatzea, produkzioa Espainia barruko merkaturako izaten baitzen gehienbat; azkenik, enpresak berregituratzeko neurriak berandu hartzea, egoerak txarrera egitea eragiteraino. 80eko hamarraldiko azkeneko urteetan, Europako Ekonomia Erkidegoan (EEE) sartu aurretik, egiturazko problema horietako asko konpondu gabe zeuden artean.
Bai Bizkaia bai Gipuzkoa ere «gainbehera hasitako lurralde industrializatu»-tzat hartu ziren, industria birmoldaketa sakona izan zutelako, eta industria helduak pisu handia zuelako haien ekonomia egituran. Batetik etxetresna elektrikoen, siderurgia integralaren eta altzairu berezien sektoreak birmoldatzeko eman zituzten dekretoek —irailaren 26ko 2.200/80, urriaren 32ko 2.206/1980, eta maiatzaren 8ko 878/1981 Errege Dekretoek, alegia-, eta bestetik, ontzigintza, altzairu arrunta, forja astuna, oinetakoak, osagai elektrikoak, kobrezko gaien eraldatze industria, automobilgintzarako ekipo elektrikoak birmoldatzeko eman zen ekainaren 5eko 9/1981 Lege Dekretuak, ezaugarritzat lantegiak birmoldatzea, batzea, ixtea, eta langile kopurua beharren arabera egokitzea izan zituen aldi berri baten hasiera markatu zuten.
Birmoldaketarako Elkarteei dagokienez, lurralde honetaz kanpoko enpresak ere hartu zituzten lehenbizikoen artean, hauek aipa daitezke: Aceriales (1980) -S.A. Echevarría, P. Orbegozo, Aceros de Llodio, Babcock Wilcox, Olarra, Aceros de Irura eta Fundiciones Echevarría-, Acenor (1983) —Echevarria, P. Orbegozo, Aceros de Llodio, Forjas Alavesas (1984), eta Olarra (1985)-, eta Sidenor holding-a, Acenor-ek eta Foarsa-k (Forjas y Aceros Reinosa) osatua (azken horren 1944. urteko egoera Arabako Lurralde Historikoari buruzko kapituluan azaldu da). Enpresa horiek guztiak altzairu berezien sektorea birmoldatzeko sortu ziren.
Siderurgia integralari dagokionez, Bizkaiko Labe Garaiak (AHV) arazo handiak izan zituen: langile gehiegia, zor handia, instalazioak saka banatuta, lurrik eza enpresa zabaltzeko..., eta administrazioak enpresa onbideratzeko neurriak hartu arren, enpresa aurrera ateratzea ezinezkoa zen. Hala, 1944an, Sestaon Altzairutegi Trinkoa sortzea erabaki zen. Enpresa horren —kapitalaren %60 pribatua, eta 380 langile— bideragarritasuna ziurtatua dago, GSI holding publikoak (Corporación Siderúrgica AHV eta Ensidesa) bere gain hartu duelako lantegiaren produkzio osoa komerzializatzeko erantzukizuna. Lantegi Trinko horrek Bizkaiko Labe Garaien (AHV) lehenengo instalazioak ordezkatuko ditu.
Bestalde, enpresa bategiteak ere izan ziren: Astilleros del Cadagua (Barakaldo), Marítima Axpe (Erandio) eta Astilleros Ruiz de Velasco (Erandio) enpresek Astilleros Reunidos del Nervión (Erandio) eratu zuten; Astilleros y Talleres Celaya (Erandio) eta Fundiciones de Asua-k Astilleros Españoles de Sestao; Forjas de Elorrio, Tolsan, Forjas de Lazcano, Irimo, Norberto Arizmendi eta Ochandiano-Echeverria-k San Valentin de Berriochoa taldea; Tubos Reunidos, Productos Tubulares (Babcok Wilcox zena) eta Tubacex-ek Unión de Tubos Vascos, eta abar. Zenbait multinazionalek ere dirua ezarri du Bizkaiko enpresetan; Ameriketako Estatu Batuetako Mead Corporacion-ek, esate baterako, Industrias Bilbaína de Embalaje enpresan.
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako gobernuak Bizkaiari eman dioten laguntzarik eta kreditotik gehien-gehiena siderurgiaren azpisektorera bideratu da, eta ontzigintzara gero. Industria Politika nagusiak eta horiei buruzko programak Arabako Lurralde Historikoari buruzko atalean aipatu dira. Hauek dira «Garapen» programari heldu dioten enpreseak: Compañía General Española de Estampación (Gesptam) eta Frantziako Heuliez etxea, 80 enplegu berri sortzeko eta Estampaciones de Bizkaia-k -Gesptamen eskumendekoak— Abadiñon dituen instalazioen parte bat erabiltzeko asmoz; Zamudioko Industrias de Turboporp; Zaratamoko Outokumpu Copper; Zamudioko FPK; Etxebarriko Mecanica de Mallabi eta Eika; Guenesko Reckitt & Colmannen; Alonsotegiko Elf Atochem, eta abar. Turboprop izan ezik -214 enplegu sortzea aurreikusten baitzuen-, gainerako enpresek 50-60 enplegu zuzen dituzte.
Berregituraketek eta murrizketek enpresa handiak eta txikiak erasan zituzten gehienbat, eta ondorio zuzen bat izan zuten: 1977tik hurrengo hamarraldiaren bukaera bitartean industria enplegua galtzea. Hamarraldi horretako lehenengo erdikoak izan ziren urterik gogorrenak. Euskadiren barruan Bizkaia zen langile aktibo gehien galdu zituena, eta Bizkaia barruan Bilbo Handia -Sestao eta Basauri gehienbat-, Barakaldo, Etxebarri, Zaratamo, Trapaga, Basauri, Loiu eta Erandio. 1985-1989 bitarteko urteetan industria lantegien gehikuntzak enpleguaren gehikuntza ekarri zuen ondorioz, eta aurreko urteetako galera berdintzeko adina izan ez bazen ere, joera aldaketa ekarri zuen behintzat.
Hona krisi haren ondorioak: langabezi tasa gehitzea (1986an %24,4); biztanle bakoitzeko errenta murriztea—Bizkaia Espainiako errenta handieneko probintzia izatetik (1975) hogeita batgarrena izatera igaro zen (1985)-; txirotasun guneak sortzea, Bilbo Handian batez ere, eta, txikiagoak badira ere, baita Durangaldean, Enkartazioetan eta Gernika-Bermeon ere; emigrazioa gehitzea —joan-etorriko emigrazioa—; saldo natural negatiboak; aspalditik industria arloko jardueratarako erabiltzen zen lurra beste jarduera batzuetarako erabiltzea, hirugarren sektoreko jardueratarako gehienbat, nahiz eta badiren orube batzuk hornidurarako erabili direnak atzera: Bilboko Echevarría fabrika, esate baterako; industria arloko jarduetarako lurrak erabili gabe uztea, alegia instalazioak bertan behera uztea, Ibaiadarraren ezkerraldean eta Nerbioi-Ibaizabalen urbarrenean, eta abar. Azkenean, Bizkaiko lurralde desoreka areagotu egin da, lehenbizi industrializatutako lurrek, industriaren berrigurraketak gehien erasan zituenak, ez baitute inbertsiorik erakartzerik izan, eta, aitzitik, krisiak gutxiago erasan zituenak -sektorean gutxiago espezializatuak- erakarri dute inbertsiorik gehiena.
Aurreneko industriagune horrek, alegia ezkerraldeak eta Nerbioiren urbarrenak, enpresa handiak eta astunak baizik ez zituela eta, arazo handiak izan zituen -enpresa gehiegi izateak eta eskalako ekonomiak sortzen zizkionak, besteak beste-: ingurugiroaren hondamena, langabezia tasa handia, batez besteko errentaren gainbehera, emigrazioa, txirotasun guneak, lantegiak ixtea eta/edo birmoldatzea, eta abar. Industria krisiaren ondorio kaltegarriek bete-betean harrapatu zuten industriagune hori, eta garai bateko garrantzia gaitzen joan zen, etorkizuna kili-kolo izateraino, ez baitzuen erakartzerik izan tz industria berririk, ez zerbitzurik. Izan ere, sektore horiek bestelako abantailak nahi zituzten: komunikabideetatik (autobideak, aireportua...), azpiegituretatik, edota hirigunetik hurbil egotea, kalitate oneko ingurugiroa izatea, lurra aukeran eta merke izatea, komunikazio sare berrietara sartzeko aukera izatea eta abar. Lurralde Antolamendurako ildoen arabera, eskualdea «bakandu» egin behar zen, eta zeuden ekimenak Kadagua eta Aiara aldera bideratu.
Industriagune horren kontrara, eskuinaldeak eta Plentzia-Mungia osoak -ondoko leku bat aipatzearren- ez zituzten krisiaren ondorio larriak hainbeste pairatu. Alderantzizko egoera horren arrazoi nagusiak : langile gehienak zerbitzuetan jardutea, industria gutxi egotea, eta zegoena hiriguneaz kanpo egotea, kalitate oneko ingurugiroa izatea, hondartzatik hurbil egotea, eta, hornidurari dagokionez, maila ona izatea, besteak beste. Ibaiaz bestaldeko udalerriekin alderatuz gero, eskuinaldean eta Plentzia-Mungian bizi mailak gora egin zuen nabarmen, eta hori dela eta, leku horietara bideratu da hazkundea
Aipatu beharreko beste eskualde bat Durangaldea da. Enpresa txikiak eta bitartekoak ditu gehienbat Durangaldeak, eta industria metalen eraldaketara eta papergintzara bideratua. Eskualde horretan, industrian diharduen biztanleria aktiboaren kopuruak behera egin du, eta langabezia tasa handia da. Nolanahi ere, udalerri batzuetan, Durangon eta Ermuan esate baterako, jende asko dago bigarren sektoreko jardueretatik bizi dena. Eskualde horrek eskulana erakarri izan ohi du, baina, bestalde, bertako langile asko inguruko beste leku batzuetara joan izan da lanera, Arratiako haranera eta Bilbora gehienbat. Krisi aldiko urteetan ere, Durangaldean nahiko ongi eutsi zioten, eta enpresa berriak ezarri zituzten. Gaur egun, industria lurra hartzeko eskaria eskaintza publikoa baino handiagoa da. Eskaintza publikoak Elorrioko industrialdeko lurra eskaintzen du gehienbat, baina Zornotza-Durango ardatzera bideratzeko asmotan dabiltza.
Azkenik, beste bi toki aipatu behar dira, Bilbo aldea eta Txoriherriko harana. Enpresa txikiak eta bitartekoak dituzte gehienbat, baina 70eko hamarraldiaren azken urteez geroztik, udalerri batzuek, hala nola Bilbok eta Loiuk, oso espezializazio handia lortu zuten zerbitzuetan. 70eko hamarraldiaren krisiak galera handia eragin zuen biztanlerian -emigrazioa- eta industria langileen artean -langabezia-. Bestalde, industria dentsitate handiko udalerriak ere badira, hala nola Bilbo eta Erandio, eta baita industria ezartzeko erakargarriak direnak ere, hala nola Txoriherriko harana eta Mungia-Derio ardatza. Oro har, hau da krisi aldian inbertsiorik gehiena erakarri zuen aldea. 70eko hamarraldiaren industria krisia eta gero, eta Euskal Herriko Parke Teknologikoa Zamudion ezarri zutelarik, Txoriherriko haranaren balioa asko handitu da, eta ingurugiroari dagokionez zainduta egonik, inbertsioa erakarri du. Bilbo da langile gehien erakartzen duen udalerria, eta lan egitera handik kanpora ateratzen direnak Arratia eta Uribe-Kostara joan ohi dira.

 

Produkziogune berriak

Industria lurra eskaintzea -batez ere sustapen publikokoa dena—, merkeagoa baita, ekonomia sustatzeko tresna da, eta krisiak lurraldeari ekarri dion egoera sozioekonomiko txarrari aurre egiteko baliatu behar da. Hala, instituzio publikoek industria lurra eskaintzea estrategia baten barruan dago, herriak eta eskualdeak aurrerabidean jartzeko, industria eta zerbitzu enpresak sortzen laguntzeko, eta hirigunean dauden lantegiak, edo dauden tokian handitzeko lekurik ez dutenak industriaguneetara aldatzen laguntzeko. Industrialde horiek, bide batez esanda, zerbitzu osagarriak eskaini ohi dituzte, oso interesgarriak enpresentzat. Ez da ahaztu behar Bizkaian, Gipuzkoan bezala, lurraren gorabeherak direla eta, lur gutxi dagoela, eta espekulatzeko arrisku handigoa. Bizkaian ezarritako produkziogune berri hauek inbertsioa erakartzea lortu dute.
Lurraren arazoari konponbidea emateko lehen urratsa 1982an eman zen, «Industrialdeak» programa sortu zenean, SPRI-ren eskutik eta Foru Aldundien eta Udaletxeen laguntzarekin. Hala, industriak ezartzeko tokia izanda, produkzioguneen eredu berri bat zabaldu zen Euskadi osoan (Horren ezaugarri nagusiak Arabako Lurralde Historikoari buruzko kapituluan adierazi dira).
Bizkaian horrelako ezaugarriak izan zituen lehenengo produkziogunea Guizaburuagan antolatu zen (Okamikako industrialdea). Ondoren, gehiago antolatu ziren: Abanto- Zierbenan, Igorren, Gernika-Lumon, Elorrion... Azpimarragarria da Zamudioko Enpresa Gunea, lantegi zaharberritu batean sortutako «Industrialdea» bakarra baita, 1983an Denac-ek sortua, Aceriales-en kapitalarekin, eta 1990ean SPRI-k erosi zuena, udalerri berean ezarrita dagoen Parke Teknologikoaren arraste efektuaren ondorioz.
Bada beste produkziogune eredu bat ere, «Elkartegiak» deitua, bakar-bakarrik Bizkaian zabaldu dena. Eredu hori, Azpiegiturak bultzatua, eta Europako Erkidegoen proiektu batean oinarritua, utzitako industria eraikuntzak zaharberritu eta haietan industrialdeak sortzean datza; modulu behar bezala hornituak eskaintzen ditu, bertan enpresak ezartzeko, eta hainbat zerbitzu ere eskaintzen ditu —harrera gela, bilera aretoa, argindarra, ura, enpresa aholkularitza, zaindaritza, telex eta posta zerbitzuak, publizitatea eta abar—, enplegua sustatzeko, industria lurra azpiegituraz hornitzeko eta industria sarea berritzeko. Degradatutako industriaguneak eraberritzea lortzen da ekimen horiei esker.
Lur eskaintza horri heldu ahal izateko, baldintza hauek bete behar dira : enpresa berria izatea, gutxienez 4 eta gehienez 24 langile izatea, helbide fiskala eta soziala Bizkaian bertan izatea, eta produkzio ibilgetua 250 milioi pezetaz beherakoa izatea. Hasieran lagatze erregimenean eskaini ziren lokalak, hiru urterako, epea beste bi urtetan luzatzeko aukerarekin ; bakar-bakarrik zerbitzuen erabilerari zegozkion gastuak ordaindu behar izaten zituzten. 1993tik aurrera alokatze erregimenean eskaini zituzten, hiru urterako, betiere erabiltzeko epea beste bi urtez luzatzeko eta, ondoren, erosteko aukerarekin. Lehenbiziko «Elkartegia» Mungian sortu zuten (Belakoko «Elkartegia»), 1985urtean, eta gero, haren ondotik, beste hauek sortu zituzten: Alonsotegikoa, Larrabetzukoa, Trapagakoa eta Bilbokoa (Aranako «Elkartegia»). «Elkartegiak» industria arloko jardueretarako erabiltzen dira, bat izan ezik, azkena, hirugarren sektoreko jardueretarako erabiltzen dena. Produkzioguneak berdintsu banatu dira lurraldean zehar. Industria lurra eskaintzeko modu hau oso erakargarria izan zaiei molde berriko enpresa txikiei.
Badira beste era bateko ekimen batzuk ere, hala nola Sociedad Progesinsa-k bultzatu dituenak, lurra erosi, urbanizatu, eta sailetan banatua saltzeko, pabilioirik gabe. Era horretakoak dira esate baterako Bermeo, Ortuella eta Igorreko industrialdeak.
Arestian aipatu ditugun produkziogune berriez gainera, 70eko hamarraldiko krisiaren ondotik sortuak, aipagarria da «Zamudioko Parke Teknologikoa», bestelako deituraz «Euskal Autonomia Erkidegoko Parke Teknologikoa».
1985. urteko irailaren 30ean Parque Tecnológico-Teknologi Elkartea S.A. elkarte publikoa eratu zen, 50 milioi pezetako kapitalarekin. Honela egin zen diru banaketa: SPRI-k %51, Bizkaiko Foru Aldundiak %48, eta Zamudioko Udalak %1; portzentaia horiek aldatuz joan dira, ezarritako kapital sozialaren arabera. Zamudion dago Parkea, urbanizatutako 150 Ha-ko lur sail batean, hurbilean dituela Europako autopista sarearen lotunea (6 km), Sondikako aireportua (3 km), Bilboko portua (16 km), Euskal Herriko Unibertsitatea (6 km), Deustuko Unibertsitatea (12 km), eta Bilboko hiria (12 km), Espainiako iparraldeko finantzen eta zerbitzuen hiriburua, milioi bat inguru biztanle dituen metropoli handia.
Goi teknologia darabilten enpresa berritzaileen aldeko ekimena eta inbertsioa sustatzeko eratu zen Parke hori, Unibertsitatea eta zenbait I+D gune ondoan dituela kontuan hartuta, teknologia transferentzia eta enpresen arteko lankidetzaren efektu sinergikoak bultzatzeko, eta, bide batez, eskualdean industria sare sendoa antolatzeko, kanpoko enpresak erakartzeko, eta Euskal Herriaren modernotasun irudia zabaltzeko, alegia, Euskadiko goi teknologiako gune nagusia izateko.
Xede horretara heltzeko produkziogune berri horrek kalitate handiko azpiegitura eskaintzen du (nekazari giroko ingurunean), hainbat laguntza zerbitzu osagarrirekin (kongresu, bilera eta erakusketa aretoak, jatetxe eta kafetegia, osasun, finantza, eta informatika zerbitzuak, itzulpen zerbitzuak, bidaia ajentzia, garbiketa zerbitzua, posta zerbitzua, aholkularitzak, zuntz optikoa, Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Teknologia Zentroekin lotzeko aukera eta abar). Enpresa mitengi gisa dagoen gunean bada Edificio Nido edo «habia» esaten zaion egoitza bat,molde berriko enpresak hartzen dituena hiru urtez, alokatze erregimenarekin edota alokatu eta handik hamabi urtera erosteko aukera ematen dien beste erregimen mota batekin, eta ia dena hartua dagoenez gero, 700.000 m 2 -tan zabaltzeko asmotan dabiltza.
1989. urteko urrian hasi ziren erabiltzen Parkea, Indelec enpresa ezarri zutenean hain zuzen. Enpresa hori, 1984an sortua, komunikazio higigarriaren sistema lantzen dihardu (irrati telefonia eta telefonia higigarria). Harrezkero, eta 1995. urtea arte, beste hogeita hemeretzi enpresa ezarri dituzte bertan, guztira 1.398 langile enplegatu dituztenak. Enpresa horien artean, aipatzekoak dira: E.I.T.E., Gaiker eta Robotiker (Transferentzia Teknologikorako Zentroak), Europako Software Institutua (software-ren bitartez lehiakortasuna indartzeko), Ingemat (industria automatizazio eta kontrola), Lambda (zuntz optikoko ingeniaritza), Labein (Ikerkuntza Teknologikorako Zentroa), eta abar.
Enpresa horietako batzuek 100 enplegatu baino gehiago dituzte, eta egoitza propioa, baina konpainia txikiak dira gehienak (%85ek 50 enplegatu baino gutxiago ditu). Enpresen erdiak duela bost urte baino gehiago daude bertan, eta %85ek alokatze erregimena dute.
Parkeko enpleguaren sektorekako banaketan hiru jarduera gailentzen dira: aeronautika (%26,8), komunikazioa (%19,9), I+D (%19,1), eta utomatizazioa (%15,5), hurrengo koadro honetan ikus daitekeen bezala:
«Industrialdeak», «Elkartegiak» eta Zamudioko Parke Teknologikoa sortzean gauzatu zen ekimen publikoarenaz gainera, Neinor, Inbisa, Esser eta Pronaves-ek sustatutako ekimen pribatuaren lana ere aipatu behar da. Inbertsioa batez ere Bilboaldean egin da, salmenta segurtatua duen aldea baita hori, baita krisian egonda ere. Industrialde berri horietako gehienak, beraz, Zamudion, Derion, Arrigorriagan, Loiun eta Barakaldon daude. Ekimen gehiago ere bultzatu dira, tokian tokikoak, hala nola Miarritzeko industrialdea (Zornotza), Zuloaga taldeak bultzatu eta kudeatzen duena; Neinor konpainiak bultzatzen dituen Enpresa Jardueretarako Parkea Asuan, Erletxeko industrialdea Galdakaon eta Elotxerrikoa Loiun; eta lnbisa eta Esser Zamudion, besteak beste.
Salmenta segurtatua izatea da, baita krisi aldietan ere, ekimen pribatuak Bilboko metropolian kokatzeko arrazoi nagusia. Komunikabide handietara (autobideak eta errepide nazionalak), garraio azpiegitura handietara (Sondikako aireportua eta Bilboko portua) eta Parke Teknologikora lotzeko erraztasunak dira kokaleku hori aukeratzeko arrazoi nagusiak.

 

Industrien kokalekua

 

Industria jardueren kokalekua

Industrien kokalekuari dagokionez, gorabehera handiak daude leku batetik bestera.
Industri gehienak, dena den, ibaien —Nerbioi-Ibaizabal ibaiaren, batez ere— eta Gipuzkoarako CN-634 errepidearen alboetan daude.
Ibai inguruko industrietan Bilbo Handikoa nabarmentzen da; han dago bilduta Bizkaiko langune kopururik handiena, udalerri hauetan, hain zuzen ere: Bilbo, Barakaldo, Trapaga, Sestao, Basauri, Galdakao, Erandio, Zamudio eta Leioa. Eskualde horren luzapen gisa edo, Durango, Zornotza, Abadiño eta Ermuako industria herriak daude,CN-634 errepidearen inguruan. Bestalde, aipagarriak dira ere Mungiako eta Gernika- Lumoko herriburuetako industriaguneak.
Bilbo eta Bilbo inguruko industriaren eginkizun nagusia etxebizitzak eta industria eskaintzea eta zerbitzuak bultzatzea da. Ezkerraldea (Barakaldo, Portugalete, Santurtzi) industriagunea eta zerbitzugunea da, eta langileen bizilekua. Eskuinaldea (Getxo eta Areeta), berriz, zerbitzugunea da soilik, eta dirudunen bizilekua. Bestalde, Txorierriko ibarra (Sondikako aireportua eta Zamudioko Parke Teknologikoagatik ezaguna) eta Basauri-Galdakao-Arrigorriaga industria eskualde horren osagarri dira.
Gaur egun ere Bilbo Handia (Barakaldo, Bilbo, Galdakao eta Zamudio) eta Durangaldea (Abadiño batez ere) dira eskualde eraginkorrenak, eta inbertsioa erakartzen segitzen dute. Gainera, eskalako ekonomia eskumenean izateak ere horren alde jokatzen du. Bilbok "hiri" industria erakartzen du, hau da, hornitzaileen eta bezeroen arteko harreman zuzenean oinarritzen dena. Hala ere, industria mora horren antolatzeko modua eta ezaugarriak direla era, produkzioa zatikatua dago eta azpikontratuak egiten dira. Zamudio eta Mungiako industrialdeetan, bestalde, teknologia berriak ikertzen dira, elektronikari eta elektrizitateari buruzkoak gehienbat. Abadiñoko udalerriaren kokalekua oso erakargarria da industriarentzat, Nerbioiko ardatzaren jarraipena delako, batetik, eta Gipuzkoatik hurbil dagoelako, bestetik.
Industria jardueraren eskualdez eskualdeko azterketak erakusten duen bezala, aipaturiko inguru horietan daude Bizkaiko biztanle multzo handienak. Bizkaiko industria langileen %72,9k Bilbo Handian eta%12,9k Durangaldean egiten du lana. Gainerako industria langileak beste sei eskualdetan daude banatuta: Gemika-Bermeo (%3,7). Plentzia-Mungia (%3,2), Enkarterriak (%2,6), Arratia-Nerbioi (%2,6) eta Markina-Ondarroa (%2,1).
Enplegua udalerriz udalerri nola dagoen banatua erakusten duen mapak arestian azaldutakoa baieztatzen du. Bizkaiko hiriburua da industria udalerri nagusia, eta alde handiz, gainera (Nolanahi ere, askoz alde handiagoa dago Gasteiz inguruaren era Arabako gainerako eskualdeen artean). Bilboaldea da, beraz, Bizkaiko industria eskualde nagusia, han baitaude, Bilbo bera ez ezik, Bizkaian lanpostu gehien dituzten udalerriak: Basauri, Sestao, Trapaga, Barakaldo, Galdakao eta Zamudio.

 

Jarduera ekonomikoaren kokalekuari dagokion lurralde eredua: ekonomia jarduerei buruzko lurralde plana lan sektoreka

Bizkaiko Eremu Estrategikoa edo Logistika Ekintzetarako Lehentasuna duen Eremua Bilboaldea eta Durangaldea dira: alegia, Bilboko portutik hasi eta Durangalderaino, Asuako Ibarretik eta Zornotzatik barrena. Garapen ekonomikoan lehentasuna duen Esparru Estrategiko horren zeregina da ibaia birmoldatzea eta bokalez kanpoko portua sustatzea, besteak beste. Ardatz nagusi horren luzapena dira Nerbioi ibaiaren ibarra (Laudio eta Amurrio), Ibaizabalen ibarra (Zornotza eta Durangaldea) eta Asuarena (Txorierri), bai eta Derio-Mungia arteko pasabidea ere.
Eskualde Egituren azterketa soil bat aski da Bilbo Metropolitanoan garrantzi ekonomikoa duten herriak zein diren bereizteko: Sestao, Barakaldo, Alonsotegi, Bilbo, Basauri, Erandio, Muskiz, Abanto eta Zierbena, Santurtzi, Ortuella, Portugalete, Trapagako Ibarra, Etxabarri, Galdakao, Zaratamo, Arrigorriaga, Miraballes, Arrankudiaga, Lezama, Zamudio, Derio, Sondika, Loiu eta Leioa. Aurreneko seietan gomendagarria da zenbait tokitan birmoldaketaren aldeko politika bultzatzea. Ekonomia jardueretarako erreserba eremua Lezama-Larrabetzu eskualdeari dagokio. Asuako ibarra (125 Ha.), Trapaga aldea eta Nerbioi- Ibaizabal dira Bilboko metropoliko industrializazio prozesuan lehentasuna dutenak. Behar-beharrezkoa da, bidenabar, erdialdeko industria pilaketa arintzea, eta leku horiei beste erabilera bat ematea, edota hiriaren gozamenerako hursik uztea. Kontuan hartu da, bestalde, beharrezkoa dela garapen ekimenak ondoko Eskualde Egituretara bideratzea (Zalla-Gueñes, Barbadun ibaiaren arroa, Lemoa-Igorre pasabidea), gehiegizko zentralismoa baztertzeko eta Bilboaldeko Eskualde Egituran dagoen pilaketa arintzeko.
Mungiako Eskualde Egituran (Plentzia- Mungia eskualdea hartzen du batez ere) "interes bereziko" udalerria izendatu dute Mungia, bertako premiak betetzeko asmoz. Helburu horixe bera dute Gernika- Markinako Eskualde Egituran (Gernika- Bermeoko udalerriak, eta Markina-Ondarroako gehienak hartzen ditu), eskualde horretan interes berezia duten udalerriak (Bermeo, Gernika, Ondarroa eta Markina ingurukoak), oinarrizko errepide saretik aparte samar egonik, ez baitira beste eskualdeetako pilaketa arintzeko aukeratuko.
Igorreko Eskualde Egituran (Arratia-Ibaizabal eskualdeko udalerriak hartzen ditu batez ere) Bedia, Lemoa eta Igorre izendatu dituzte interes bereziko udalerri. Lemoa- Igorre pasabidea da, berriz, ekonomia jardueretarako erreserba eremua.
Durangoko Eskualde Egiturak (batez ere Durangaldeko udalerriak hartzen ditu), Bilbo Metropolitanoaren eta Deba ibarraren arteko pasabide naturala osatzen du. Eskualde horretako interes bereziko udalerriak Zornotza-Etxano, Iurreta, Durango, Izurtza, Abadiño, Atxondo, Elorrio eta Berriz dira. Zornotzako Boroa auzoak eta Ibaizabalen ibarrak osatzen dute, berriz, etorkizuneko ekonomia jarduerei aurre egitea helburu duen erreserba eremua.
Balmaseda-Zalla eskualdean (Enkartazioak) Balmaseda, Zalla eta Gueñes izendatu dira interes bereziko udalerri. Kadaguako ibarra (Sodupen eta Zallara artean) eta Mercadilloko arroa (Muskiz, Galdames eta Sopuerta) dira, bestalde, Egitura Eskualde horretako erreserba eremua.

 

Industria egitura

EUSTAT erakundearen arabera, Bizkaiko industria jarduerak 1993ko Barne Produktu Gordinaren (BPG) 580.819 milioi pezeta sortu zituen, hau da, Bizkaiako urte hartako BPG osoren %27,7, Gipuzkoakoeta Arabako industriak zein bere lurraldean sortu zuena (%34 eta %36, hurrenez hurren) baino gutxiago. Balio Erantsi Gordinari dagokionez, 580.365 milioi pezeta sortu zituen (Bizkaiko BEG osoaren %31,2), Euskal Autonomia Erkidegoko beste lurraldeetako industriak baino gutxiago betiere.
Industria enplegua jardueraka banatzen den grafikoan argi ikusten den bezala, 1992an 84.539 pertsona ari zen industrian lanean (are gehiago, 110.470 pertsona, etxegintza barne hartuz gero), azpisektore hauetan banatuta: metalgintza, metalezko tresnak, makinak, material elektrikoa eta elektronikoa, garraio hornidura, kautxua eta plastikoa.
1978an, Espainiako Estatistika Erakunde Nazionalak egin duen Industria Erroldaren arabera, 70.000 lanpostu galdu ziren Espanian. Lantegiek, beste alde, enplegu gutxiago eskaintzen dute: 1978an 34,3 enplegu lantegi bakoitzeko, eta 1994an, berriz, 13,7 enplegu lantegi bakoitzeko. Enplegu galera hori are nabarmenagoa da 9 langile baino gehiagoko lantegiak soilik kontuan hartuz gero: 1978an 81,5 enplegu lantegi bakoitzeko, eta 1994an, berriz, 55,8 enplegu lantegi bakoitzeko.
500 lanpostuz gorako lantegien artean hauek dira aipagarrienak: Barakaldoko Altos Hornos de Vizcaya S.A.; Sestaoko Astilleros Españoles S.A.; Basauriko Sidenor S.A., Bridgestone Firestone Hispania S.A., Laminados Velasco S.A., eta Acenor, S.A.; Bilboko Babcock Wilcox Española S.A. eta Tubos Reunidos S.A.; Galdakaoko Union Española de Explosivos S.A.; Leioako Vidriera y Cristalería de Lamiaco, S.A.; Getxoko Petróleos del Norte, S.A.; Bermeoko Conserveras Garavilla S.A.; Trapagako Productos Tabulares S.A.; Zaratamoko Outokumpu Copper Tubes S.A. eta Derioko Lantegi Batuak S.A.
Industria egituren azterketan gehiago sakonduta, beste datu aipagarri batzuk azaltzen dira: 1994an metalak eraldatzeko eta doitasun handiko makinak egiteko industriak Bizkaiko industria enpleguaren %43, industria lantegi guztien %38, eta bigarren sektoreko Balio Erantsi Gordinaren %39 hartzen zituen. Sektorearen barruan, metalezko tresnen azpisektorea gailentzen da (sektore osoko enpleguaren laurdena baino pixka bat gehiago, %26), eta horren ondoren, material elektrikoa (%20,98), makinak (%20,.5) eta garraio materiala (%19,3) datoz.
Sektoreko enplegu/lantegi erlazioan garraio materialen azpisektorea gailentzen da, hori baita lantegi bakoitzeko enplegu gehien eskaintzen duena (46,3 enplegu/lantegi); horren ondotik makinak (21,5 enplegu/lantegi), material elektrikoa (20,1 enplegu/lantegi), metalezko tresnak (9,4 enplegu/lantegi), eta eraikuntza metalikoa (9,8 enplegu/lantegi) azpisektoreak datoz. Sektore horretako Bizkaiko produkziogune nagusien artean hauek dira aipagarrienak: Bilboko Babcock Wilcox Española S.A. eta Matricería Nervion S.L.; Zamudioko Matrici S. Coop.; Gernika-Lumoko Malta S.A.; Urdulizko Mecaner S.A. eta Mecanica de la Peña; Derioko Medex S.A.; Mungiako Manufacturas Eléctricas S.A.; Ermuako Monroe España División de Tenneco España S.A.; Lemoako Ormazabal y Cía. S.A.; Sondikako Troquenor S.A.; Bilboko Vicinay Cadenas S.A.; Zamudioko Troquelerfas Irurak S.A.; Abadiñoko Carbureibar S.A.; Etxebarriko Elka S. Coop.; Lezamako Sachs Iberica S.A.; Barakaldoko Protecciones Eléctricas de Alta Precisi6n S.A.; Gernika-Lumoko Rinder Industrial S.A.; Abadiñoko Super Ego Tools S.A.; eta Igorreko Tarabusi S.A..
Garrantzi handiko bigarren taldeak, «Mineral ez energetikoen erauzketa eta eraldaketa eta Kimika Industriatik eratorritako gaiak», industria enpleguaren %26,6 eta Balio Erantsi Gordinaren %19 hartzen du. Taldearen barruan oinarrizko metalgintza nabarmentzen da, taldeko enpleguaren %70 hartzen baitu. Kimika azpisektoreak, berriz, %16,5 hartzen du. Lantegi bakoitzen enplegu batez bestekoari dagokionez, metalguitzakoak dira lantegi handienak (35,3 enplegu/lantegi), eta industria ez metalikokoak, berriz, txikienak (12,7 enplegu/lantegi). Talde horretako industria nagusiak, kimikaren sailekoak, hauek dira: Barakaldiko Sefanitro S.A.; Galdakaoko Fábrica Española de Explosivos S.A.; Leioako Fábrica Española Productos Químicos Farmaceúticos S A; Bilboko Discosa S A; Erandioko Prisma S A., eta abar. Metalgintza sailekoen artean, berriz: Barakaldoko Altos Hornos de Vizcaya SA; Trapagako Productos Tabulares SA; Zaratamoko Outokumpu Copper Tubes SA; Basauriko Sidenor SA, Acenor SA, Metacast SA eta Laminados Velasco SA, Bilboko Tubos Reunidos SA, Nervacero SA eta Industria Cerrajera SA; Durangoko Laminación y Derivados S A, eta abar. Industria ez metalikoen artean hauek dira garrantzitsuenak; Leioako Vidrieras y Cristalerfa de Lamiaco SA eta Bilboko Cementos Lemona S A.
Hirugarren taldea «Beste Manufaktura Industriak» da. Industria enplegu osoaren %26,1 hartzen du. Talde horren barruan, enpleguaren laurdena baino gehiago hartuz, kautxua eta plastikoa azpisektorea gailentzen da. Horren atzetik elikagaigintza (%23,8), eta papera eta arte grafikoa (%22,1) datoz. Enplegatu/lantegi erlazioan ere, horiexek berak dira talde honetako azpitalde nagusiak: alegia, «Beste Manufaktura Industria» (18,8 enplegatu/iantegi), elikagaigintza (10 enplegatu/lantegi), eta papera eta arte grafikoa (9,4 enplegatu/lantegi). Ehungintzako eta altzarigintzako lantegiak dira txikienak: 3,9 eta 4 enplegu lantegi bakoitzeko, hurrenez hurren. Elikagaigintza azpisektoreko lantegian artean, hauek dira aipagarrienak: Bermeoko Conservas Garavilla S A eta Pesqueras Echebaster; Ondarruko Conservas Ortiz SA; Galdakaoko Compañia Norteña de Bebidas Gaseosas SA; Bilboko Schweppes SA, eta abar. Papera azpisektorean, berriz, beste hauek aipatu behar dira: Iurretako Celulosas del Nervión SA; Atxondoko Celulosas Moldeados Hartmann SA; Arrigorriagako Cartonajes International S.A.; Santurtziko Mancomunidad Municipal Pro- Minusválidos Psíquicos; Zallako Scott Ibérica, eta abar. Plastikoa eta kautxua azpisektorean, berriz, beste hauek: Basauriko Bridgestone Firestone Hispania SA, Zaratamako Plásticos Zaratamo S.L.., eta Berriatuako Cikautxu S. Coop.
Azkenik, «Energia eta Ura» azpisektoreak industria enplegu osoaren %4,7 hartzen du bakarrik, eta, hala ere, sektore horretako Balio Erantsi Gordinaren %20,3 ematen du, «Mineral ez energetikoen erauzketa eta eraldaketa eta Kimika Industriatik eratorritako gaiak» taldeak baino gehiago. Enplegu/Lantegi erlazioari dagokionez, Energia eta Ura azpisektoreak ditu lantegi handienak (39,9 enplegu/lantegi), garraio material azpisektorearen ondorik. Talde horretako lantegi gehienak hiriburuan bertan daude: Iberdrola S A, Consorcio de Aguas y Saneamiento, Aguas del Norte S.A., eta Sociedad de Gas Euskadi S.A.; Naturgas S.A., berriz, Trapagan dago. Iberdrola da Espainiako ekoizle pribatu nagusietako bat, Espainiako estatuko argindarraren %27 sortzen du.1970-1980 hamarraldiko krisiaren ondotik, metalaren eraldaketa eta kimika arloetan sortu dira enpresa gehienak Bizkaian; enpresa zabalkuntza gehienak ere arlo horretakoak dira. Horien ondotik, elikagaigintza eta garraio materiala arloak datoz. Lanpostuak sortzeari buruz, metalaren eraldaketa izan da emankorrena, eta eraikuntza eta material elektrikoa eta elektronikoa ondoren.

 

Gipuzkoa

 

Industrializazioa

 

XIII. mendetik XIX. mende erdialdea arte: olen aroa

Gipuzkoan, Bizkaian bezala, olak dira industria aurreko ekonomia jardueraren agerpenik onena. Burdin meatzeak zeuden Legazpi, Oiartzun, Arrasate, Zerain, Mutiloan..., bai eta nahikoa egur ere herri basoetan. Horrek guztiak bultzatu egin zuen burdinolaren aurrerapena, Arrasateko XII. mendeko agirietan azaltzen den bezala.
Burdin gaien produkzioa (laborantzako lanabesak, armak eta abar) handia izaki, bai Gipuzkoako agintariek bai Espainiako Koroak berak ere jarduera babestu eta sustatu zuten, eta hainbat Ola Foru argitaratu zituzten horretarako (1290ean Seguran, 1388an Oiartzunen, l437an berretsi Arrasaten). Bestalde, Probintziako Ordenantzak promulgatu ziren olen funtzionamendua eta produkzioaren esportazioa ziurtatzeko, Euskal Herria babesten zuen mugazergan oinarrituz.
XVI. mendeko baso soilketak zirela eta, kexu ziren udalerri asko, basoak ez ezik meatzeak ere agortzen hasiak zirelako. Eta horren aurrean, mea Somorrostrotik ekartzen hasi ziren, Gipuzkoako meatokiak ez zirelako, ez kalitatez ez produkzioz, Bizkaikoak adinakoak. Bizkaiko mearen mende egon behar horrek metalgintza Gipuzkoan Bizkaian baino indartsuagoa zela frogatzen du.
XV. mendearen bukaera eta XVI.aren erdia bitartean lan asko egin zuten Gipuzkoako olek. Ameriketako kolonizazioa, Gaztelako demografia hazkundea eta Europaren aurkako gerrak (armak egin beharra) izan ziren lan eskaria handitzearen arrazoi nagusiak. Ehun eta laurogeiren bat ola izango zen garai hartan, eta 150.000 edo 200.000 kintal burdina inguru ekoizten zuten urtean. Aipagarriak dira Deba ibaiaren ertzeko olak, batez ere Soraluzeko Erret Arma Fabrika sortu (1573) eta produkzioa handitu zutenez gero (arkabuzak, karabinak, mosketoiak eta pistolak), eta baita Tolosako Erret Arma Fabrika ere, 1616an, arma zuriak egiteko sortua. Garrantzi handiko olak ziren Arrasaten, Eibarren eta Oñatin ere.
XVI. mendearen erditik aurrera, ordea, gainbehera egin zuten burdinolek. Horri aurre egiteko babes politika berezia jarri zen indarrean,eskaria handitzea eta Ameriketako merkatua kontrolatzea ekarri zuena. Baina laguntzarik handiena bertako erakundeek eman zuten, Real Compañía Guipuzcoana de Caracas-ek eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak. 1792an 94 burdinola zegoen Gipuzkoan: Oria ibaiaren ibarrean (Andoain, Hernani, Tolosa), Urola ibaiaren ibarrean (Azpeitia, Legazpi...) eta Deba ibaiaren ibarrean (Oñati, Elgoibar, Eibar, Arrasate...). Ekoiztutakoaren parte bat baino ez zen Gipuzkako produkziogune horietan lantzen; gainontzeko burdin erdilandua esportatu egiten zen.
XVIII. mendearen bukaera eta XIXaren hasiera bitartean areagotu egin zen burdingintzaren gainbehera, harik eta, azkenean, desagertu zen arte. Besteak beste, hauek izan ziren burdinolak desagertzearen arrazoi nagusiak: ikatza garestitzea, suediarren lehia, Ingalaterrako burdinaren inportazioa, eta mugazergen aldaketa, aldaketa hori zela eta, asko erraztu baitzen atzerriko produktuen inportazioa, eta handitu, beraz, konkurrentzia.
Egoera horren aurrean, aduanak Ebrotik kostaldera aldatu zituzten 184lean, eta Gipuzkoako ekonomiak beste bide bati heldu behar izan zion.
XVIII. mendearen bukaeran kapitalismoaren aldeko lehenengo saioak egin ziren larru, irin eta oihal fabriketan. Jarduera horiek, hala ere, huts egin zuten; izan ere, Euskal Herritik Gaztelara eramaten ziren produktuengatik mugazerga ordaindu beharra zegoenez, zerga hori zuten probintzietara aldegin baitzuten fabrikatzaileek.

 

XIX. mendearen erdialdetik lehenengo mundu gerra arte

Gipuzkoako industrializazioa, beraz, aduanak batuta eta Espainiako estatuak babestua hasi zen, industria astunean oinarritua gehienbat. Hala ere, izan zen beste alderdirik industralizazioa bultzatu zuenik: a) lurraren jabetasuna zena bezalakoa izatea, esate baterako, zeren maiorazkoa ez zirenak industrian lan egitera behartuta egon baitziren; b) kanpotik teknikariak eta langileak etortzea, ezaguera berriak eta fabrikatze prozesu hobeak ekarri zituztelako; c) eta ur baliabideak eta argindarra izatea.
Burdinolak, pixkanaka, desagertzen ari ziren. Garai hartan sortu ziren labe garaiak, burdinolak baino askoz ere ekoizpen ahalmen handiagokoak. Burdin meatzerik ezean, Gipuzkoako industria jarduerak beste zenbait arlo landu zituen: metalaren eraldaketa, papergintza, ehungintza eta elikagaigintza, besteak beste.
Gipuzkoa, beraz, poliki-poliki sartu zen industrializazio prozesuan, ez baitzuen, Bizkaiak bazuen bezala, burdinaren esportazioaren irabazpiderik. Bazuen hala ere, beste finantzabiderik, Real Compañía de Caracasek XVIII mendetik aurrera egindako merkataritza jardueratik zetorkiona, alegia. Bankuetxeek ez zuten esku hartu industria jardueretan; interes handiagoa izan zuten burdinbideetako negozioetan. Industria inbertsiorako kapital gehiena bertakoa zen, baina kanpotik ere iritsi zen dirurik, Frantziatik eta Kataluniatik, besteak beste.
1841-1914 bitartean Gipuzkoan izan ziren metalgintzako lantegien artean aipagarria da Fundicion Afinación de Hierro Batido (1855), beste Maquinística Guipuzcoana de Beasain (1894) haren aitzindaria, eta, Sociedad Española de Construcciones Metálicas de Bilbao enpresak bere baitan hartu zuenez gero (1925), Compañía Auxiliar de Ferrocarriles (CAF) deitu dena. Aipagarriak dira ere Bera-Iraetako Ybarra y Compañía burdina fabrika, Elgoibarko San Pedro (1877), Pasaiko Echeverria y Cía. (1889), Legazpiko P. Echeverría (1908), eta Arrasateko Vergarajauregui, Rezusta y Cía. (1869) —gero Union Cerrajera deitua— eta Cerrajería Guipuzcoana (1901). Azkeneko bi horiek, Aretxabaletako beste lantegi batekin elkartuta, Unión Cerrajera sortu zuten 1906an.
Eibarren, Gipuzkoako armagintza gune nagusian, hauek dira aipagarrienak: Arritua y Cía (1848), Orbea (1859), Crucelegui (1860), Aurrera (1883) eta V. Sarasqueta (1890), besteak beste. Batzuk material elektrikoa egiten zuten (Arricua-k, adibidez), eta beste batzuk, berriz, makina lanabesak (Paraban y Cía. eta Orbea y Larrañaga, esate baterako). Damaskinatua zen Eibarko garrantzizko beste langintza bat: Guisasola, Larrañaga, Zumaran... Soraluzen, berriz, torlojugintza hasi zen indartzen Alberdiren fabrikari esker, eta alde batera uzten hasi zen ordu arteko langintza nagusia, 1862an sorturiko Compañía Euzkalduna lantegiko armagintza, alegia.
Oihalgintzak, bertako eskulangintza tradizionalaren ondorengoa, nahiko lan izan zuen aurrera segitzeko, lehia handia egiten baitzion Kataluniak. Azpimarragarria da, dena den, Bergarako Blanc fabrika (1846), geroago, 1894an, Echaide y Cía.-ren esku, Algodonera San Antonio deitu zena. Hori izan zen XIX. mendearen bukaeran azpisektore horretako gune nagusia, hain ezaguna den "Bergarako urdina" lantzen zuena. Garai horretakoak dira ere Lasarte-Oriako Brunet y Cía (1846), Azkoitiko Tejidos de Lana (1846), Tolosako La Casualidad (Elosegi txapelak), (1859), Billabonako Compañía Fabril Subijana (1860), eta Andoaingo La Algodonera Guipuzcoana (1863). Azpimarratzekoa da, orobat, Azkoitiko espartingintza, ia 1.600 langile zituena, Espainiako lehen espartin ekoizlea zelako.
Lehenbiziko paper fabrikak Oria ibaiaren ertzean ezarri ziren, Lasarte-Orian -Brunet jaunaren La Esperanza (1842)- eta Tolosan -La Providencia (1856)-. Harrezkero, Gipuzkoako papergintzaren beste gune nagusiak Irun, Billabona, Hernani era Errenteria izan dira. Errenteriako Sociedad Papelera Española (1901) -Espainiako hainbat enpresa batuta sortua- izan da guztietan indartsuena. Erakunde horien jardueran garrantzi handiko zeregina bete zuen Pasaiko portuak, handik banatzen baitzen paper orea, Eskandinaviatik ekarria. XX. mendeko lehen urteetan Espainiako paperaren %60 Gipuzkoako paper fabriketan egiten zen.
Orduan aurreratu ziren, besteak beste, Azkoitiko eta Azpeitiko altzarigintza, eta Oñatiko eta Donostiako elikagaigintza (garagardoa, txokolatea, gailetak). 1878an lau garagardo fabrika zeuden (Viuda de Pozzy, Kutz, Escala eta La Deliciosa), eta XX. mendearen hasierarako, bi txokolategi (Louit eta Suchard). Errenterian, bestalde, La Ibérica (Olibet) gaileta fabrika zegoen. Garai hartan finkaturik ziren beste azpisektoreen artean aipagarriak dira kimika industria —Errenteria (1884)- eta porlangintza -Zumaia (1845) eta Donostiako Añorga, Rezola (1901)-.

 

Lehen mundu gerratik hazkunde garaia arte (1959)

1914-1959 bitartean metalgintza arina sendotu ez ezik, Gipuzkoako gainerako industria jarduerei gailendu zitzaien, Lehen Mundu Gerran eskariak handitzeak emandako bultzadari esker. Azpisektore horri lotutako beste zenbait jarduera (fundizioa, forja, estanpazioak, burdindegia, sarrailgintza...) ere sendotzea ekarri zuen hazkuntza horrek.
Gerra amaitu ondoren armagintza gainbehera etorri zen, arma esportazioak behera egin baitzuen, eta, armen azpisektoreak, beraz, beste arlo batzuk landu behar izan zituen: bizikletak -G.A.C. (1925), Orbea (1929)-, josteko makinak eta makina lanabesak. Azkeneko jarduera horrek sekulako hazkundea izan zuen Espainiako gerra zibilaz (1936-1939) gero.
1930-1940 urteetarako lantegi handi-handi gutxi zegoen (Union Cerrajera, C.A.E, Michelin, Luzuriaga, Rico Echeverría...). Izan ere, lantegi txikiei laguntzen zieten lantegi autonomoz osaturik baitzegoen industria sarea. Gerora, lantegi txiki horietako asko handitu egin ziren. Hauek ziren Gipuzkoako orduko industria gune nagusiak: Debako Ibarra (Arrasate, Eibar eta Bergara), Urola (Legazpi eta Zumarraga), Oria (Beasain eta Tolosa), eta Donostia ingurua (Lezo, Errenteria, Pasaia...). Azken eremu hori hiri eta industria gune nagusi bilakatu zen, Pasaiako portuaren eraginari esker.
Espainiako gerra zibilak kalte handia egin zion industriari, Gipuzkoari izan ezik, Gipuzkoako metalgintza gerra material egiten hasi zelako.
1939-1959 bitartean industria osoa bizkortu zen, estatuaren babespean (Inportazioen Ordezkatze Politika). Eraldatze industria asko hazi zen. Gipuzkoa, egoeraz baliatuta, Espainiako lurralde guztien buru jarri zen metalgintza arinaren arloan, metalezko eraldatze gaien eskari handia baitzegoen.
Orduan sortu ziren Gipuzkoako metalgintzaren lantegi handienak: Orbegozo (1944) Lezon eta Zumarragan; Luzuriaga (1952) Usurbil, Pasaia eta Errenterian; Aceros y Fundiciones del Norte, Pedro Orbegozo (1953) Hernanin; Aristrain (1956), eta abar.
Papergintzak 1914-1939 bitartean bezain geldo eta ahul segitu zuen urte horietan, eta ehungintzak ere —Bergarako Inquitex (zuntz sintetikoak) da aipagarriena— ez zituen urterik onenak izan. Altzarigintza tradizionala, edo desagertu edo eraberritu egin zen, eta kimika industria, berriz, elikagaigintzarekin batera, Donostia inguruan kokatu zen (Koipe eta abar).
1950-1960 hamarraldiaren azken urteetan Arrasateko kooperatiba taldea sortu zen -Mondragon Corporación Cooperativa (M.C.C.)-, Jose Maria Arizmendiarrieta apaizak bultzatuta. Arizmendarrietak 1943an sortu zuen Arrasateko Lanbide Eskolatik ateratako bost gaztek sortu zuten hain zuzen lehenengo industria kooperatiba (ULGOR) 1956an, Arrasateko San Andres auzoan, berogailuak eta petroliozko sukaldeak egiteko. Handik hara kooperatiba gehiago sortu zen : Funcor, Arrasate eta San Jose Kontsumo Kooperatiba, orain Eroski dena. Kooperatiba horiek bermatu zuten 1959an Lan Kide Aurrezki Kutxa (orain Euskadiko Kutxa dena) finantza eta kreditu erakundearen sorrera. Handik aurrera ere mamitu zen beste zenbait egitasmo : Copreci y Comet (gaur egun Ederlan) eta Ularco (Ulgor, Arrasate, Copreci eta Ederlan batuta), besteak beste. Mugimendu horren eraginez, ekonomia sozialean oinarritutako egitura berezia taxutu zen Debako eskualde osoan. Ez da ahaztu behar, baina, mugimendu hura baino lehen ere izan zela antzeko egiturarik : La Eibarresa (1892) eta Alfa (1920), esate baterako.

 

1960tik gaur egun arte

Araban eta Bizkaian bezala, Gipuzkoan ere bi aldi bereizi behar dira bitarte horretan: batetik, hazkunde urteak (1960-1975), eta, bestetik, ondoko urteetako krisia eta krisia gainditzeko eta industria berpizteko ahalegina. Industriak lehiatzeko ahalmena handitzen eta merkatu berriak bilatzen saiatzen ari ziren bitartean, krisiak aurrera segitu zuen 80ko hamarraldian, eta ondorengoan, zuzperraldiak gorabehera (1985-1989 eta 1995). Espainia OECE erakundean sartuz hasi zen lehenengo aldi hori (1960-1975). Bestalde, garaitsu hartan amaitu zen autarkia, eta horren ordez, Egonkortasun Plana (1959) bideratu zen. Plan horren xede nagusia produkzioaren arrazionalizazioa zen, kanpoko lehia gero eta handiagoari aurre egin ahal izateko.
Lehenengo Garapen Planaz geroztik (1964) argi eta garbi ikusi zen behar-beharrezkoa zela altzairu eta xafla produkzioa, eta banaketa, hobetzea. Espainiako Metalgintza Plana (1964-1972) prestatu zen horretarako, eta Gipuzkoan sei enpresa lotu zitzaizkion plan horri: E. Orbegozo, Aristrain, Union Cerrajera, Luzuriaga, Acerfas y Forjas de Azkoitia, eta R Orbegozo. Inbertsio handiak egin behar izan zituzten enpresa horiek, punta-puntako teknologiaz horniturik kalitatea hobetzeko, kostuak ahalik eta gehien apaltzeko, lehengai eta energia kontsumoa gutxitzeko, eta, bidenabar, produktibitatea handitzeko.
Metalaren eraldatze industriak egoerari egokitzeko gaitasun handia erakutsi zuen orduan ere, eta lantegiak berritu ondoren, Gipuzkoako industria jarduera nagusia izaten jarraitu zuen. Garai hartan, Espainiako estatuan, Gipuzkoa zen makina ekoizle nagusia: industria makinak, josteko eta idazteko makinak, makina elektrikoak, makina lanabesak... Jarduera horiek bizkortzeko eta batzeko, horietako asko zatikatuta baitzeuden, enpresa txikiak elkartzea bultzatu zen: Elgoibarko ACME, AGUIMEX (1968)...
Gipuzkoako gainontzeko azpisektoreek produkzioguneei eusten segitu zuten, nahiz eta egiturazko ezaugarak, eta modernizazio eta egokitzapen maila ezberdinak izan. 1950-1960 hamarraldiaren bukaeran, eta 1960-1970 bitartean batez ere, Gipuzkoako zenbait lantegi kili-kolo hasi zen. Eraikitzeko lurrik ezak, lurraren garestitasunak, lantegien kokaleku txarrak edo ezegokiak (hirien erdigunean)... hazkundea eragotzi ez ezik, produkzio prozesuaren berregituraketa zentzuz planifikatu eta gauzatu beharra ekarri zuen. Egoera horren aurrean tokiz aldatu zituzten lantegi batzuk, zatika edo osorik, batez ere Debako eskualdetik (Eibar, Ermua, Soraluze...) Arabara -Gasteiz ingurura gehienbat-, Logroñora, Burgosa, Nafarroara edo Nafarroa inguruko eskualdeetara.
Aldaketa horiek beste industria lantegi batzuk ere ukitu zituen, hala nola Lasarte- Oriako Safe Michelin, Donostiako Cervezas El Leon eta Chocolates Suchard, Irungo Chocolates Elgorriaga, eta abar, kokaleku desegokia edo zabaldu beharra zuteiako.
Industriaren zabalkundeak biztanleria gehitzea ekarri zuen, bai biztanleriaren berezeko hazkundearengatik bai imigrazioarengatik. Gipuzkoak enpleguaren banaketan ere izan zen aldaketarik: 1950ean enplegatuen %4l,6 ari zen industrian lanean eta 1970ean, berriz, %50,8.
Espainiako 1975eko Industria Erroldaren arabera, Gipuzkoan 3.561 lantegi zeuden, eta 111.063 pertsona lantegi horietan lanean. Lantegi horien banaketan ez dago alde handirik eskualde batzuetatik besteetara: hiriburuak enpleguaren %10,9 hartzen du, eta 10.000-50.000 biztanle arteko udalerriek enpleguaren %58 eta lantegien erdia.
Enpresa txikiak ziren gehienak batez beste, 31,2 enplegu/lantegi bakoitzeko. Araban bezalatsu, nahiz eta lantegi horien %53k 10 enplegatu baino gutxiago izan, eta enpleguaren %63 100 langile baino gehiagoko enpresetan bildu. Bostehun enplegatu baino gehiago zituzten 24 lantegiek enpleguaren laurdena hartzen zuten (%27). Enplegatu kopuruaren arabera, jarduera hauei zegozkien lantegi handienak: metalgintza (440 enplegu/lantegi), etxeko tresna elektrikoak (344 enplegu/lantegi), kautxuaren eraldatze industria (200,6 enplegu/lantegi), doitasun handiko industria (138,2 enplegu/lantegi), eta txokolate fabrikak (113,7 enplegu/lantegi).
Bigarren sektorearen barruan jarduera hauei zegokien enplegu kopuru handiena:metalen eraldatze industria eta doitasun handiko mekanika (enpleguaren %58,7), lanabes fabrikak (enpleguaren %16), eta makinak eta tresneria mekanikoen eraikuntza (enpleguaren %15,2). Jarduera horietan ez ezik beste batzuetan ere bazen garrantzizko enpresarik: mea ez energetikoen erauzketa eta eraldaketa, industria kimikoa (enpleguaren %13,4), tresna elektrikoak (enpleguaren %8), altzarigintza (%6,6), papera eta arte garfikoak (%6,6) eta, kautxu eta plastikoa (%6).
1975etik aurrerako guztia 70eko "nazioarteko krisi ekonomikoak" markatu zuen. Arabari buruzko kapituluan azaldu dira jadanik batez ere industria ukitu zuen krisi horren ezaugarri nagusiak. Espainiako estatuaren produktu eskari handiaren aurrean, Gipuzkoako industriak ez zuen neurri berezirik hartu egokitze prozesuari ekiteko, eta egoera berri horrek ez zuen berehalako eraginik izan. Hala ere, produkzio kostuen igoerak, batetik, eta barne merkatua murriztean produkzioak izan zuen geldialdiak, bestetik, atzerrian nolabaiteko baldintzetan saltzera behartu zituen industriak. Eta horrek arazo larriak ekarri zituen ondorioz.
Kanpotiko faktoreez gainera, badira barne eraketarekin zerikusia duten beste batzuk ere, elkarrekin lotuak: tresneria zaharkitua egotea, teknologia berritzeko eta produktu berriak garatzeko ahalegin urria, ikerketak bideratzeko eta langileak trebatzeko egitasmorik eza, langile zerrenden zurruntasuna, industria jardueretan inbertsioak egiteko malgutasunik eza, enpresak eta merkataritza behar bezala antolatu gabe izatea, salerosketak egiterakoan eta merkataritza bideratzekoan enpresak ez elkartzea, enpresekin zerikusia duten zerbitzuen garapen eskasa, indarkeria, eta hiri orubeen garestitasuna edo gabetasuna.
Horrek guztiak ondorioak izan zituen epe labur eta erdira: produkzio gehiegi sortzea; zenbait fabrika ixtea (Acenor, Papelera Arzabalza, Bianchi, Fabrica de Tejidos Brunet, A.T.C., P. Orbegozo, eta abar); langile kopurua murriztea (V. Luzuriaga, E. Orbegozo, eta abar); langabezia handitzea; erretiroa lehenago eman behar izatea; biztanle bakoitzeko errenta bere horretan gelditzea edo beheratzea; biztanleria murriztea -berezko hazkundea eta migrazioa, itzulera migrazioa, negatiboak izaki); gizartean behartasuna areagotzea; garai bateko industriaguneak hustea edo beste zeregin batzuetarako erabiltzea (Benta Berri, Donostian); jarduera piska bat aldatuz bakarrik edo besteren batekin aldi baterako elkartuta segitzea (Lasarte-Oriako Brunet y Bianchi), beste enpresaren batekin behin betiko bat egin arte, atzerrian epe finkorako lanak burutzearren (horrela gertatu zitzaion CAF enpresari, Bases Conversion Developpement Authority enpresarekin elkartu baitzen Manilaren eta Clark hegazkin basearen arteko burdinbidea egiteko).
Aipatua izatea merezi du orain Grupo Siderúrgico Vasco (GSB) enpresaren kasua. Enpresa hori altzairugintzan eta forja lanean aritzen ziren P. Echeverria-PESA eta Aceros Forjas de Azkoitia (AFORA) enpresak elkartzetik sortu zen. Eusko Jaurlaritzak, bestalde, %15 du enpresa horretan, SOCA- DE elkartearen bitartez. Talde horrek, urtero, 150.000 tona altzairu berezi eta beste 15.000 tona produktu -estanpaziozko forja lana- egiten ditu. Espainiako GSB, forja lanetarako holding handienaren buru da, Alcorta, Unzueta, Comfursa (Katalunia) eta Forjas de Galicia partaide dituela.
Gipuzkoako makina lanabesaren azpisektoreak 1990 ondoren pairatu zuen krisialdiari irtenbidea eman nahirik, 1994. urte bukaeran elkartze itunak egiten hasi ziren Euskal Autonomia Erkidego osoan industria garrantzitsu hori nola edo hala indartzeko.
Elkartze horien artean, aipagarria da Loire, Gamei eta Orni-k Grupo de Deformación y Acabado (GDA) taldean sartuz egindakoa, edo Lan-Bi, Aguirregomezkorta Hermanos, Evec eta Precisystem enpresekosatzen zuten Ezten elkarteak, arrisku publikoko kapitalezko elkartea, Grupo Tinko taldean sartuz egindakoa. Aipagarria da ere GMH taldea (besteak beste Agrupación Elgoibarresa harrzen duena). Corporaciónn Mondragón elkartearen alboan daude Danobat, Soraluce eta Lealde, lehenago aipatutakoak buru egiten duelarik elkarlanean 1984az geroztik. Eta, azkenik, Arrasate, enpresa hauek osatua: Fagor Arrasate, Goiti, Ona-Press, Proin eta Mebusa.
Gipuzkoako industria bi alde nagusitan banatua dago, Donostia inguruan eta Deba hegoaldean. 1975-1985 bitarteko krisiak gogor jo zituen bi alde horiek. Bidasoa Behean ere izan zuen eraginik egoera berriak, 1992ko hasieran, muga kendu zutenez gero ondasunen eta salgaien trafikorako.
Garapen Planari (1992) dagokionez, aipagarriak dira inbertsio proiektu hauek Cuadrimaran enpresa mixtoaren eta Pasaiako Ascorreta ontziolaren arteko ituna punta-puntako ferry-ak egiteko, Azpeitiako Pemec altzariak egiteko, Andoaingo Arria harria ustiatzeko, eta Irungo Betapack ontzi tapoiak egiteko.
Produkzioaren antolamendu berri horrek industria birmoldatzea ekarri zuen. Aldaketa hori erabakiorra izan zen Euskal Autonomia Erkidegoarentzat 1981. urtetik aurrera, Europako Erkidegoan 1975erako ezagutu bazuten ere.
Berrindustrializazio prozesuetan, jarduera berrietan (elektronikan eta telekomunikazioetan, besteak beste), eta transferentzia teknologikoaren arloko enpresetan ere, antolamendu berri hori nagusitu zen: Ceit, Inamet, Ikerian, Tekniker, Gaiker, Robotiker eta Labein enpresek osatzen duten Zentro Teknologikoen Sarean (EITE), adibidez. Aipatu berri diren enpresa horietako lehenengo lauak Gipuzkoan daude (Donostian, Arrasaten eta Eibarren), eta Bizkaian gainontzekoak. Talde horrek Transferentzia Teknologikoa kontzeptua egia bihurtzeko erronka publikoari eutsi nahi dio, eta material berriak fabrikatzeko teknologiatik hasita,telekomunikazioak, kalitatea, energia eta ingurugirorainoko arloak landu nahi ditu.
Badira, gainera, ikerketan ari diren beste zenbait erakunde pribatu, hala nola, Elgoibarko Fatronik System eta Ideko, bai eta unibertsitate zentroak ere. Aipagarria da alde horretatik 1994an Irunen zabaldu zen Plasmaren Zentro Nazionala, Euskal Herriko eta Espainiako industrian aplikazio industrialak hedatzeko asmoz sortua. Gorabehera horiek guztiek aldaketa ekonomiko, sozial eta espazial handiak eragin dituzte.

 

Produkziogune berriak

1980tik aurrera lurraren arazoak jarduera publikoko politika ezberdinak ezartzera behartu du, bai hirigintzari dagokionez bai industria kudeaketa eta sustapenari dagokionez. Bestalde, zenbait industria lantegiren kokaleku ezegokia dela, batetik, eta inbertsioa erakarri beharrak, bestetik, industria biltzera bultzatu ditu Gipuzkoako udalerri handienak (batez ere Donostiako hiri ingurunean).
Azken urteotan sortutako edo sortzear diren produkzioguneen tipologiari dagokionez, Industrialdeak dira nagusi (Arabari buruzko atalean aipatu dira industrialde horien ezaugarriak). 1982an hasi zen egitasmo hori, Deba Garaiko udalerrietan, eta handik zabaldu zen lurralde horretako gainerako eskualdeetara. Hauek dira Gipuzkoan Industrialdeak ereduari segitu dioten udalerriak: Aretxabaleta, Azkoitia, Eibar, Elgoibar, Hernani, Irun, Lasarte-Oria, Legazpi, Lezo, Mendaro, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Zarautz eta Zumarraga.
Industrialdeak ez ezik Enpresa Zentroak ere sortu dira Azpeitian, Lazkaon eta Urnietan (Sprilur-en mende horiek ere), eta bai eta Eibarren eta Zestoan ere, Progesinsa-k sustatuta.
Gipuzkoako ekimen pribatuak oraindik bukatu gabe dauden beste zenbait proiektu ere bultzatu du, Miramongo Parke Teknologikoa eta Zuatsuko Enpresa Parkea, besteak beste, Donostialdean biak ere. Sociedad Parque Tecnológico de Miramon 1994 hasieran sortu zen erakunde hauek osatua: SPRI (%51), Kutxa (%25) eta Donostiako Udala (%5). Miramonen hiru gune nagusi bereizteko asmoa dago: batetik, parke teknologikoa (116.000 m 2 ), goi mailako teknologiako enpresak eta ikerketa zentroak ezartzeko; bestetik, bizitzeko gunea edo, berrehunen bat landetxez osatua (103.000 m 2 ); eta, azkenik, aisiagunea edo natur parkea (650.000 m 2 ). Eraikuntza eta hirigintza lanak Kutxak finantziaturik egingo dira. Kutxak, ordainez, etxeak alokatuz aterako dio etekina inbertsioari.
Zuatsuko Enpresa Parkeari (Errotaburu) dagokionez, honela dago banatua parte hartzea: SPRI (%51), Gipuzkoako Foru Aldundia (%24,5), eta Donostiako Udala (%24,5). Parke horretan goi mailako berrikuntza teknologikoa duten enpresak kokatuko dira, eta produkziogune bat sortzea da asmo nagusia, Industrialdeen eta Parke Teknologikoen ereduen arteko zerbait, Miramongoaren osagarri.
Enpresa Parke horretan (45.000 m 2 ) industria arinak eta industriarekin loturiko zerbitzu enpresak jarriko dira, eta besteak beste Enpresa Zentro bat (6.000 m 2 ) eta bilkurak eta feriak egiteko Erakusketa Zentroa (10.000 m 2 ) eraikiko dira.
Ekimen pribatua Donostia inguratzen duen industria aldean garatzen da, Hernanin eta Oiartzunen dauden hainbat industria eremuren bitartez.

 

Industrien kokalekua

 

Industria jardueren kokalekua

Nahiz eta aldeak dauden eskualde batetik bestera, industria lurralde osoan banatua dagoela esan daiteke, eta batez ere ibarretako lautadak hartzen ditu. Industria horrela banatua egoteko arrazoien artean tradizioa da bat, industria tradizioa alegia, ibarretako herriei lotua. Izan ere, ibarrak eskueran jartzen baitzuen ura, zura eta zenbait mea, eta horrela sortu ziren burdinolak Gipuzkoan zehar. Gipuzkoan ibarrak elkarrekin lotzeko bide egokirik egon ez zenez, ez eta itsas bazterrean aukerako gunerik ere, ezinezkoa izan zen industria leku batean bildu eta haztea, Bizkaian ez bezala. Gainera, eraikitzeko lur egokiaren eskasiak lantegiak ibai ondo estuetan eraikitzera behartu zuen. Gipuzkoako industriaren banaketan, beraz, Donostialdeko hiri ingurunea nabarmentzen da, ardatz nagusia Pasaiako portua duela, probintziako ibar nagusien (Oiartzun, Oria, Deba eta Urola) aurretik.
Eskualdez eskualde egindako azterketak argi erakusten duenez, Gipuzkoako industria langileen heren bat gutxi gora-behera, %32,9, Donostialdean bizi da, %11,1 Deba Garaian, %12,8 Goierrin, %10,3 Urolaldean, %11,1 Deba Beherean, %8,5 Tolosan eta, azkenik, %5 Bidasoa Beherean.
Banaketa hori ez dator bat eskualdeen espezializazio tasaren banaketarekin. Izan ere, Deba Garaia baita espezializazio tasa handiena duena. Deba Garaiaren ondoren, eta espezializazio tasa handienetik txikienera, Goierri, Deba Beherea, Tolosa, Bidasoa Beherea eta Donostialdea datoz.
Sailkapena udalerriz udalerri eginez gero, eta mapak argi erakusten duen bezala, Donostia eta Arrasate dira Gipuzkoan industria enplegu gehien eskaintzen duten udalerriak. Eta horien ondoren, 2.000 enplegu baino gehiago eskaintzen dutela, Eibar, Bergara,Irun, Usurbil, Hernani, Elgoibar, Azpeitia, Oñati, Beasain eta Oiartzun datoz.

 

Ekonomia jardueraren kokalekuari buruzko lurralde eredua: ekonomia jardueretarako lurralde plan sektoriala

Gipuzkoari dagokionez, Irún-Donostia- Andoain bidearekin daude loturik lurraldeko Esparru Estrategikoak edo Logistika Ekintzetarako Lehentasuna duten Eremuak, bide hori baita Frantziara eta Pasaiako portura joateko ardatz nagusia.
Gipuzkoan hauek dira ekonomia bultzatzeko lehentasuna duten udalerriak:
Donostialdean eta Bidasoa Beherean (Donostiako Eskualde Egitura): Pasaiako Portua, Irun, Urumeako Korridorea, Urnieta-Andoain Korridorea, Lasarte-Oria-Usurbil, eta Donostia bera. Urumeako korridorea eta Irun-Gaintxurizketa-Lezo, gainera, erreserba estrategikorako eskualde izendatu dira. Bidasoa Behealdeko aduanak kendu ondoko gainbeherari aurre egitea da azkeneko eskualde horren izendapenaren arrazoia.
Tolosako eskualdean (Tolosako Eskualde Egitura): Aduna, Zizurkil, Billabona, Irura, Anoeta, Tolosa, Alegia eta Ikaztegieta. Bestalde, hedatze gune bat ere izendatu da (eskualde mugaz haraindi doana), Adunako ibarra, N-I errepidearen, Nafarroako autobidearen eta Madril-Irún burdinbidearen alboan.
Goierriko eskualdean (Beasain-Zumarraga Eskualde Egitura): Legorreta, Itsasondo, Arama, Ordizia, Zaldibia, Beasain, Lazkao, Olaberria, Idiazabal, Ormaiztegi, Gabiria, Ezkio-Itsaso, Zumarraga, Urretxu eta Legazpia. Ormaiztegi, Gabiria, eta Ezkio-Itsaso herriek osatzen duten korridorea, bestalde, erreserba estrategikorako eremu izendatu da.
Zarautz-Azpeitia Eskualde Egituran (Urola Kostaldea eskualdean): Zarautz, Zumaia, Zestoa, Azpeitia eta Azkoitia. Zumaia eta Zestoa aldean dago, bestalde, erreserba estrategikorako eremua, Arroa Bekoa inguruan, iristen erraza delako (N- 634, GI-631 eta A-8) eta Zarautz eta Azpeitia arteko erdibidean dagoelako. Zarauzko udalerria enpresen zerbitzu gune gisa indartu nahi da industria gune gisa baino gehiago.
Debako eskualdeak ez dira oso-osorik Eibarko eta Arrasate-Bergarako Eskualde Egiturekin bat etortzen, batean Bizkaiko Ermua eta Mallabia ere sartzen direlako, eta Aramaio bestean. Eskualde horretan nekez aurki daiteke hartua ez dagoen oruberik, Deba Behealdean batez ere, bazter guztiak bete-bete eginda baitaude jadanik. Egoera horri aurre egiteko birmoldatzeak egin behar dira, zaharkituta edo gaizki kokatuta dauden enpresak tokiz aldatu, zaharrak eta gainbehera egin dutenak eraberritu, eta abar. Bestalde, behar-beharrezkoa da ere lur gutxi behar duten jarduerak erakartzea. Udalerri hauek dute ekonomia bultzatzeko lehentasuna: Deba Behereko Mutriku, Deba (Itziar), Mendaro, Elgoibar, Soraluze, Eibar eta Ermua, eta Deba Garaiko Bergara, Antzuola, Oñati, Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatza. Azkeneko eskualde horretan Debaren saihets ibarrak izendatu dira erreserba estrategikorako eremu: Zubillagako ibarra (Oñati), Garagartzako ibarra (Arrasate) eta San Joan (Bergara). Deba Behereko erreserba gune nagusiak Itziarren daude, eskualdeko eragin gune nagusitik aldenduta.

 

Industria egitura

EUSTAT erakundearen arabera, Gipuzkoako industria jarduerak Barne Produktu Gordinaren 1.029.972 milioi pezeta sortu zituen 1993an -kopuru horrek behera egin zuen 80eko hamarraldiaren bukaeratik 1992ra, baina 1993an handitzen hasi zen berriz ere-. Balio Erantsi Gordina 405.577 milioi pezetakoa izan da, alegia, Gipuzkoako ekonomiaren %45 ia, eta Gipuzkoako Barne Produktu Gordinaren %36,7 (432.836 milioi pezeta). 1980an, berriz, %53 izatera iritsi zen. Ondoko grafiko hauetan ikusten da Balio Erantsi Gordinaren eta Barne Produktu Gordinaren baneketa, ekonomia arloka eta jardueraka.
Urte horretan 5.755 industria lantegi ziren guztira, eta 76.233 enplegatu. Ondoko grafikoan ikusten da urte hartako industria enpleguaren banaketa arloz arlo sailkaturik.
1978an Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak egin zuen Industria Erroldaren arabera, ia 35.000 enplegu galdu ziren, azpisektore guztietan, baina batez ere metalezko gaien fabrikazioan, eta metalen produkzioan eta lehen eraldatzean. Energia eta ura arloa izan zen, bestalde, enplegu kopuruak gora egin zuen arlo bakarrenetako bat. Lantegi bakoitzeko enplegatu kopuruak, berriz, behera egin du: 1978an 31,2 enplegatu zituen lantegi bakoitzak eta 1990 ondoko urteetan, berriz, 13 baino ez. Beheratze horrek erakusten duenez, industria lantegiak txikiagoak dira orain duela urte batzuk baino.
1990 ondoko lantegi bakoitzeko enplegatu kopuruari dagokionez, hauek dira daturik aipagarrienak: lantegien %40k 3 enplegatu baino gutxiago zituen eta Gipuzkoako industria enpleguaren %4,1 hartzen, %49,5ek 3-19 arteko enplegatu zituen eta enpleguaren %25,9 hartzen zuen, %5,8k 20-49 arteko enplegatu eta enpleguaren %13,3, %2,6k 50-99 arteko enplegatu eta enpleguaren %13,5, %l,9k 100-499 arteko enplegatu eta enpleguaren %29,4, eta, azkenik, soilik %0,2k 500 enplegatu baino gehiago. Argi ikusten den bezala, enpresa txiki asko dago, eta 100 enplegatu baino gehiago dituztenek enplegu osoaren 2/5 hartzen dituzte. 1978ko urteko egoearen aldean, enplegatu askoko lantegi kopuruak behera egin du: 1975ean lantegien %70ek 20 enplegatu baino gutxiago zituen, %12,4k 20-49 artean, %5,5ek 50-99 artean, eta %6k 100dik gora.
Lantegi handi-handien artean (500dik gora enplegu) hauek dira aipagarrienak: Beasaingo C.A.F. SA, Azkoitiko G.S.B. Acero SA, Arrasateko Alecop. S. Coop. eta Fagor Electrónico S. Coop., Oñatiko Ulma S. Coop., Olaberriako Siderurgia Aristrain S.L., Legazpiko Bellota Herramientas SA., Usurbilgo Safe Neumáticos Michelin S A, Hernaniko Orona S. Coop., Aretxabaletako Copreci S. Coop., Eskoriatza Fagor Ederlan S. Coop., Oiartzungo Ramon Vizcaíno SA, Bergarako Mayc S A, eta Donostiako Bodegas y Bebidas SA.
Industria egituraren azterketa eginez gero, beste datu jakingarri batzuk ateratzen dira. 1993an metalak eraldatzeko eta doitasun handiko makinak egiteko industria arloak indar handia izaten segitzen zuen Gipuzkoan, bai abagune bakoitzera egokitzeko izan zuen gaitasunagatik —lantegi txiki malguak izateagatik, alegia— eta merkatuan eskari handia zuten produktuak egiteagatik, eta ondo egiteagatik gainera. Horri guztiari esker, hamarraldi honetan, industria arlo horren Barne Produktu Gordinak industria osoak sortutakoaren erdia hartzen du ia-ia (%47,5), hau da, 205.366 milioi pezeta. Bestalde, Balio Erantsi Gordinaren %50,7 sortu du. Gipuzkoako lantegien erdiak ario horretakoak dira. ARlo horretako langileek Gipuzkoako industria enpleguaren %62 osatzen dute. Lantegi bakoitzak, bestalde, 16enplegatu ditu batez beste. Arlo horren barnean azpisektore hauek nabarmendu behar dira: makina ez elektrikoak, 8.619 langile eta 524 lantegirekin (16,4 enplegu/lantegi); metalezko tresnak, 12.782 langile eta 1.393 lantegirekin (9,2 enplegu/lantegi); makina elektrikoak eta elektronikoak, 8.619 langile eta 23 lantegirekin (37,3 enplegu/lantegi); eta eraikuntza metalikoa, 9.089 langile eta 651 lantegirekin (14 enplegu/lantegi).
Lantegien artean aipagarriak dira, besteak beste: Zumaiako G.K.N. Ayra Durex, Beasaingo C.A.F. S.A., Aretxabaletako Copreci, Arrasateko Fagor Arrasate eta Fagor Electrónica, Bergarako Fagor Electrodomésticos, Oñatiko Fagor Industrial, Donostiako Ikusi, Eibarko Jose Ormaechea, Zarauzko Manufacturas Aranzabal, Bergarako Mayc, Oiartzungo Ramon Vizcaíno, Elgoibarko Danobat eta Productos Sigma, Oñatiko Ulma, eta abar.
Enplegu kopuru handiena sortzen duen bigarren taldea edo arloa Beste Manufaktura Industriak da: industria sektore osoaren %27, 8,6 enplegatu lantegiko, industria lantegien %4l, Balio Erantsi Gordinaren %25 eta Barne Produktu Gordinaren %23,6. Talde horren barnean papera eta arte grafikoak da azpisektore nagusia, 5.009 langile eta 494 lantegirekin (10,1 enplegu/lantegi). Hauek dira azpisektore horretako lantegi aipagarrienak: Errenteriako Papresa, Amezketako Papelera Aralar, Tolosako Papelera del Araxes eta Papelera de Amaroz., eta Hernaniko Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga... Beste azpisektorea , zura eta altzariak da: 4.685 enplegu, 760 iantegi (6,2 enplegu/lantegi). Hauek dira azpisektoreko lantegi nagusiak: Azpeitiako Danona, Lan-Mobel eta Azkue y Cía., Zumaiako Xey, Hondarribiako Biok, eta abar. Elikagaiak, edariak eta tabakoa taldeak 4.413 enplegu sortzen ditu 506 lantegitan (8,7 enplegu/lantegi). Hauek dira aipagarrienak: Donostiako Ipariat, Bodegas y Bebidas, Koipe eta Tabacalera, Irungo Productos Recondo eta Chocolates Elgorriaga, Oñatiko Zahor, eta abar. Azkena kautxua eta plastikoa azpisektorea da, 4.350 enplegu eta 206 lantegirekin (21,1 enplegu/lantegi). Aipagarriak dira Usurbilgo Michelin, Hernaniko Gomaytex, Oiartzungo Manufacturas Guipuzcoanas de Caucho y Latex, eta abar.
Mea ez energetikoen erauzketa eta eraldaketa, eta Industria Kimikoa taldeak enpleguaren %10 hartzen du, industria lantegien %5 (24,8 enplegu/lantegi), Balio Erantsi Gordinaren %14, eta Barne Produktu Gordinaren %15. Metalen produkzioa eta lehenengo eraldatzea azpisektorea nabarmentzen da talde horren barruan. Izan ere, 70eko krisiaren aurretik garrantzi handia izan baitzuen Gipuzkoako industria eraketan (3.164 enplegu eta 43 lantegi).
Jarduera horretan ari diren lantegien batez besteko enplegu kopurua (73,6 enplegu/Iantegi) kontuan hartzekoa da, beherakada handia egin badu ere. Hauek dira lantegi aipagarrienak: Azpeitiako M. Ucin, Bergarako Altos Hornos de Bergara, Zumarragako E. Orbegozo; Eskoriatzako Fagor Ederlan, Arrasateko Fundiciones Gelma, Olaberriako Siderúrgica Aristrain, Usurbilgo V. Luzuriaga, Beasaingo Fundiciones del Estanda, Azkoitiko G.S.B. Acero, eta abar. Gipuzkoan dauden metalgintzako konpainia pribatu inportanteenak, Espainiako beste zenbait probintzitan ere lantegi jabe direnak, Grupo Ucin eta Corporación J.M. Aristrain dira. Altzairuaren kontsumoak zenbait urtetan behera egin ondoren, lantegi horien produkzioak gora egin du 1994an, automobilgintza, ekipamendu ondasunak eta eraikuntza bizkortu ahala. Nolanahi ere, produkzioa mugatzera beharturik daude enpresa horiek, Bruselak hala aginduta.
Beste azpisektore nagusi bat, Barne Produktu Gordinari dagokionez, Energia eta Ura da: industria guztiaren %15,9, 1.023 enplegatu 111 lantegietan (9,2 enplegu/lantegi). Lantegi gehienak Donostialdean daude: Fábrica Municipal de Gas de San Sebastian, Iberdrola eta abar.

 

Nafarroa

 

Erdi arotik XX. mendearen erdialdea arte

Nafarroako industrializazio prozesuak Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak ez bezalako ezaugarriak izan ditu, nekazaritzak Nafarroako ekonomia egituran beste lurralde horietakoan baino askoz eragin handiagoa baitu. Hori dela eta, guztiz bestelako industria ezarri da lurraldean zehar. Gainera, mea lehengaien urritasunak behartuta -ez baitago meatze garrantzizkorik, potasa eta magnesita meatzeak izan ezik— mugatu behar izan du industriak bere jarduera arlo berezi batzuetara.
Industria, Nafarroan, metalgintzarekin hasi zen. Izan ere, Nafarroako ekonomia, Gipuzkoakoa eta Bizkaikoa bezala, burdinolekin eta meatzeekin loturiko zereginetan oinarritzen zen erromatarren garaiez geroztik.
Erdi Aroan burdin meatze asko zegoen Nafarroan, oso onak ez baziren ere. Meatze horiez hornitzen ziren Nafarroako iparmendebaleko olak. Aipagarriak dira, besteak beste, Aezkoako iparraldeko burdin, zilar eta berun meatzeak ere.
Burdinolak Nafarroako iparraldeko eskualde menditsuetan zeuden, eta batez ere lanabesak, armak, burdin sareak, etxeko tresnak... egiten zituzten baserrian erabiltzeko. Eskariak batez ere bertatik egiten ziren, baina baita Espainiako beste lurralde batzuetatik, eta are Ameriketatik ere.
Nafarroako Atlantiko alderako olek —Eugiko Errege Ola eta beste zenbait arma fabrika izan ezik— oso produkzio urria zuten, eta Hego Euskal Herriko beste hiru probintzien osagarria izaten zen. 1784an Espainiako estatuak meatzea erosi eta fundizioa ezarri zuen Orbaitzetan. Ola horretan milaka tona burdina egin zen, harik eta XIX. mendearen bukaera aldera bertan behera utzi zuten arte.
Nafarroako burdina produkzioaren beherakada eragin zuten faktoreen artean bada, Gipuzkoako eta Bizkaiko olez esandakoaz gainera, beherakada horren beste eragile bat: 1830ean, Frantzian, liberalak garaile ateratzea, gertaera horrek eragina izan baitzituen Frantziaren eta Nafarroaren arteko mugazergetan (Julio Caro Baroja). Hala, XIX. mendearen hasieran, Nafarroako burdinola gehienak desagertuak ziren.
Burdingintzaz gainera, bazen eskuzko langintza gehiago Nafarroan: larru zurratzea, ale ehotzea, teilagintza, ubideetarako adreilugintza eta hodigintza, beiragintza, ehungintza... Jarduera horiek guztiak, salbuespen bat edo beste eginda, bertako eskari xumea asetzera mugatzen ziren.
Nafarroa industrializazio prozesuari berandu lotu izanaren arrazoien artean, industriarako tradiziorik eza ez ezik lurralde horretako kapitalistek edozein aldaketari zioten beldurra aipatu behar da. Ferrer Regalesek dioenaren arabera: "nahiago izan zuten dirua estatuko zedulatan ezarri, edota bono eta obligazio nazionaletan, industrializazioari eutsi baino". La Vasconia eta Crédito Navarro banketxeen jarduera urriak eta lurraldearen isolamenduak ere izan zuten eraginik, txarrerako noski. Izan ere, XIX. mendearen bigarren aldian Nafarroa lotu gabe baitzegoen oraindik Madril-Irún burdinbidearekin eta errepide nazionalarekin.
XX. mendearen hasieran, batez ere nekazaritza giroko ekonomia inguruetan, nekazaritza baliabideen ustiaketarekin eta eraldaketarekin loturiko jardueretan oinarritzen zen Nafarroako industria (ongarriak, zementua, papera, larru landua, azukrea, eta abar). Garai hartako industria jardueren artean aipagarriak dira Olatzagutiako Cementos Portland eta Iratiko zurgintzaren sektorea, Zangotzako merindade osoari bizibidea eman ziona.
Hego Euskal Herriko industriarentzat Lehen Mundu Gerra oso abagune ona izan zen aurrera egiteko, zeuden meatoki bakanak ustiatuz burdingintzaren garapenari lagundu ziolako pixka bat. Zenbait labe garai ere eraiki zituzten Beran, Olatzagutian eta abar, gerra armetarako materiala prestatzeko. Bake ituna izenpetu ondorengo beheraldiak behartuta itxi ziren industria gune txiki horiek.
1950-1960 hamarraldia arte Nafarroako industria jarduera nagusia artisautza industria zen. Lantegi txikietan lehen sektoreko lehengaiak eraldatzen ziharduen industria horrek. Industria horren banaketan ez zegoen alde handirik merdindade batetik (Zangotza, Lizarra, Iruñea, Erriberri eta Tutera) bestera, familia ustialekuak baitziren gehienak. Hala ere, zenbait jarduera leku jakin batzuetan indartu zen: Tafallan oinetakoak, Iruñean eta Nafarroako hegoaldean eta hego-mendebalean elikagaigintza (irina, kontserbak, txokolateak, olioa, ardoak, azukrea...). Elikagaigintzan kontserbaren industria bultzatu zen Erribera inguruan eta azukregintza Martzilan, Tuteran eta Iruñean. Metalgintza —errementaritza eta sarrailgintza batez ere— poliki-poliki hasi zen Iruñea inguruan (Industrias Istúriz, Industrias Huarte y Cía., Fundiciones Astibia, eta abar), bai eta meatze ustiatzea ere Olatzagutiako Cementos Portland S.A. eta Zubiriko Magnésicas de Navarra S.A. lantegietan. Ehungintza eta arte grafikoak, 40ko hamarraldiaren azken aldera, hiriburu inguruan bildu ziren.

 

1955 ingurutik gaur egun arte

1950-1960 hamarraldiaren hasieran, eta poliki-poliki bada ere, industriak gora egin zuen, batez ere Gipuzkoako, Bizkaiko, Kataluniako eta Nafarroako bertako kapitalari esker. a) Gipuzkoako eta Bizkaiko enpresak, bertan zabaltzeko lekurik ez, eta Nafarroara aldatu ziren. b) Espainiako gerra zibilaren ondoren Kataluniatik Nafarroara joan eta bertan gelditu ziren industriariek ekarri zuten Kataluniako kapitala, ehungintza, kimika industria eta arte grafikoak bultzatzeko balio izan zuena. c) Nafarroa bertako kapitala Huizi eta Huarte familiek jarri zuten batez ere. Nafarroako kapitalari dagokionez, Felix Huarte aipatu behar da, Nafarroako industrializazioaren eragile nagusia, inbertsio handiko lanak eginarazi zituena.
Industriaren gorakadarekin batera ekonomia eraketa aldatu egin zen. Lehen sektorea bigarren sektorearen mesedetan murriztu zen, eta hala, bigarren sektorea 1950ean enpleguaren %20,8 izatetik 1960an %30 izatera igaro zen. 1958ko industria erroldaren arabera ehungintza, metalgintza eta kimika arloak ziren ariorik indartsuenak. Arlo horietako lantegi gehienak Iruñean zeuden (%40), Lizarran, Tuteran eta Zangozan. Gaur egun, industria enplegu osotik (42.291 enplegatu), elikagaigintzak %30 hartzen du, eta ehungintza-oinetakogintzak %18. Nafarroan azken urteotan hirigintzak egin duen aurrerapena dela eta, etxegintzak ere (17.796 enplegu) indar handia hartu du. Aipatzekoa da arlo horretan Huarte y Cía. enpresa.
Nafarroako enpresak, inguruko lurraldeetako gehienak bezala, txikiak dira oraindik ere, nahiz eta zenbait lantegi handitzen hasia bada ere. Metalgintzan aipagarriak dira Nafarroa hezeko zenbait lantegi: Industria Navarra del Aluminio S.A. edo INASA (1956), Laminaciones de Lesaca (1958), Fundiciones de Alsasua edo FASA eta Fundiciones de Vera SA. Makinak eta eraikuntza metalikoak arloan aipagarriak dira Tornillería Fina de Navarra - TORFINASA (1955) eta Girling, beste hiru enpresak, Agni (1950), Super Ser eta Imenasa -k, bat egitean sortuak; kimika arloko enpresen artean Potasas de Navarra (1963- 64), Industrias Químicas de Navarra (INQUINASA), Industrias y Abonos de Navarra, Penibérica SA, eta Magnesitas de Navarra (MAGNASA); papergintzan Sarrio (1958) eta Papelera Navarra SA (1956); elikagaigintzan Conservas Chistu SA, Industrias Muerza, Industrias Mina, eta Industrias Pamplonica; eta larru langintzan eta oinetakogintzan Hijos de Silvio Ruiz de Alda. Oro har, enpresari pentsamolderik ez izateak eta bertako industrien txikitasunak berez dakartzan arazoak oztopo izan ziren Nafarroako industriaren aurrerabidean.
Nafarroako industriaren aurrerabideak ez zuen orduan zegoen industria sarea izan bultzagarri bakarra. Laborantzaren mekanizazio hasi berriaren ondorioz langile kopurua ugaltzea ere lagungarri izan zitzaion, eta horri, lehen sektoreko kapitala -bertakoa, Kataluniakoa edo atzerrikoa izan- metatzea gehitu behar zaio. Bestalde, eragingarri edo bultzagarri horiez gainera, Nafarroako Foru Aldundiak izan zuen zeregina ere azpimarratzekoa da. Izan ere, Nafarroako Foru Aldundiak argitaratuak zituen 1953rako industria sustatzea laguntzeko zenbait agindu. 50eko hamarraldiaren bukaeran ere, Iruñeako Udala industria sustatzen saiatu zen, eta ahalegin horri esker lanpostu asko sortu ziren, bai Iruñean bertan bai inguruetan ere, enpresa eta tailer berriak sortu edota ekarri baitziren: Orbaiceta, Matesa, Urra, Iruña, eta abar. Denboraldi batean Nafarroako hiriburua industriaren aurrebidearen erdigunea izan zen, eta horrek galarazi egin zuen Nafarroako eskualdeen artean ordu arte egon zen berdintasuna.
Administrazioak bultzatutako egitasmoen artean aipagarria da Nafarroako Foru Aldundiak industria sustatzeko prestatu zuen plana, 1964ko apirilaren 1 In argitaratua, Nafarroako gaur egungo industria aurrerabiderako eragingarri handia izan baitzen. Lehen sektoreko langile langabeak lurraldetik ez aldegitea izan zen egitasmo horren helburu nagusia. Izan ere, nafarrak emigratzen hasiak baitziren beste probintzia batzuetara. Hona egitasmo haren beste helburu batzuk: industria lurralde osoan berdintsu banatzea eta hiriburuko pilaketa arintzea; Nafarroako natur baliabideak behar bezala ustiatzea; langile gazteentzat, ongi prestatuak, lanpostu berriak sortzea eta ziurtatzea; aurrezkia eta bertako finantza baliabideak bizkortzea; kanpoko kapitala erakartzea. Industria sustatzeko egitasmo horrek jadanik abian ziren industrialdeetara eraman zituen industria berriak; eta bertako lehengaiak erabiliz Nafarroarentzat onura ekonomikoa eta soziala ekartzen zuten enpresei are laguntza handiagoa eman zitzaien. Hala, 50eko hamarraldian abian jarritako prozesua indartzeko erabaki sendoa hartu zen Nafarroan, industrializazio prozesuan atzera ez geratzeko asmoz.
Industria sustatzeko egitasmoaren barruan, bestalde, industrialde sare bat —hemeretzi industrialde guztira— sortzea erabaki zen, Nafarroako eskualdeen garapena berdintsua izan zedin, eta Iruñeko pilaketa arintzeko. Gehiegizko zentralizazioa saihesteko ere, eskualde buruan kokatu zituzten industrialdeak, leku zelaietan, saneamendu sistema egoki batez, urez eta argindarrez hornituak.
Aurrena Landabengo industrialdea sortu zen, eta bera izan da Iruñerriko industrializazio prozesuaren bultzagarri nagusia. Landaben sortzeko asmoa 1960an sortu zen Bianako Printzea erakundearen Ekonomia Ikerketak sailaren baitan. Espainiako Etxebizitza Ministerioak orubeak erosi eta Foru Aldundiari eman ondoren hasi ziren eremua urbanizatzen, eta 1965ean garrantzi handiko lantegia zabaldu zen, automobilak muntatzeko Authi lantegia (lehen BMC, gero British Leyland eta, azkenik, Volkswagen lizentziarekin).
Industrialde horren ondotik beste asko prestatu ziren Nafarroako hainbat udalerritan, herrian herriko udalaren ekimenariesker, eta Foru Aldundiaren laguntzarekin betiere: Agoitz, Altsasu (Ondarria eta Ibarrea industrialdeak), Zangotza, Doneztebe, Tafalla, Tutera, Lizarra, Etxarri-Aranatz, Irunberri, Lodosa, Biana eta Huarte-Arakilen. Nafarroako hiriburuan eta eskualde burutan ezarri zituzten guztiak. Eskualdeen artean, azpiegitura onak izateaz gainera zerbitzuak eta ongi prestatukoa langileak zituztenak aukeratu ziren. Hala ere, denbora igaro ahala, oreka galdu eta alde handiak sortu ziren Iruñerriaren eta Nafarroako gainontzeko eskualdeen artean.
Nafarroako natur baliabideen artean ere industria azpisektoreei loturikoak nagusitu ziren, hau da, zurgintzari, elikagaigintzari, alabastro langintzari eta abere hazkuntzari loturikoak. Bestalde, bertako enpresak bizkortzeko asmoz laguntza berezia eman zitzaien enpresei. Lagundutako enpresen artean aipagarriak dira, besteak beste, Cementos Portland, Industrias y Abonos de Navarra, Industria Pamplonica, La Vasco-Navarra, Sarrió, Perfil en Frío, Orbaiceta, Papelera Navarra, Iruña Palace, Ingranasa, Imenasa, Bendibérica eta Ruiz de Alda SA. Beste enpresa batzuei, berriz, zeuzkaten tituloak Ondasun Higigarrien Inbertsiozko Nafarroako Elkartea osatzeko egokiak zirela onartu zitzaien. Horien artean aipagarriak dira Aguas de Belascoain, Porcelanas del Norte, Fundiciones de Alsasua, Viuda de Edmundo Aznar, Vinícola Navarra, Pingón Internacional, Enrique Jimenez, Torfinasa eta A.P. Amortiguadores.
1967ko azaroan aldaketak egin ziren proiektu horretan, inbertsio gehiago erakartzeko asmoz. Izan ere, industria ez baitzen aurreikusi bezain azkar aurreratzen ari. 1970ean ere aldaketa gehiago egin ziren, inbertsioei eginiko subentzioak salmenten arabera baldintzaturik geratu zirelako. 1974an, berriz, industria sustatzeko egitasmoaren erredakzio berria egitea onartu zen, eta handik hara, lantegi berriak egiteko proiektuei baino ez zitzaien laguntza eskaini.
Industria sustatzeko egitasmo horren babespean (1964-1975 bitartean), 19.173 lanpostu berri sortu ziren (horien %53 1965ean). Lanpostu berri horiek lau azpisektore hauetan sortu ziren batez ere: metalgintzan (enpleguaren %44,4) —metalgintzaren barruan eraikuntza eta makinen eta garraio materialen konponketa izan ziren arlorik bizkorrenak-, elikagaigintzan (enpleguaren %19,3), zur eta papergintzan (enpleguaren %17,6), eta ehungintzan (enpleguaren %7)
Epe horretan industrian egin ziren inbertsioak ez ziren bertako diruz egin soilik. Arestian aipatu den bezala, kapitala kanpotik ere heldu zen, Gipuzkoa, Bizkaia, Katalunia, Madril eta Santandertik batez ere, eta baita atzerritik ere. Hala sortu ziren Nafarroako multinazionalak: Norton, Sanyo, Eaton, Morris, Bendix.
Enpresen banaketa lurraldean honelakoa izan zen: enpresen heren bat baino gehiago Iruñerrian ezarri zen, %21 Erriberan, eta %13,5 Nafarroa Erdiko Mendebalean. Mendialdeak (Pirineoko Haranak, Erronkari, Zaraitzu eta abar) eta Nafarroa Erdiko Ekialdeak (Tafalla, Zangotza eta abar), berriz, ez zuten industria inbertsiorik erakarri.Erriberako enpresak dira aipagarrienak, bai kopuruagatik bai sortu duten enplegu guztiagatik, hala nola abian jartzeko behar izan duten diru inbertsio apalagatik.
Oro har, Industria Sustatzeko Egitasmoak, 1974an berritua izan aurretik, "Nafarroan ekonomia bizkortzea helburu izan zuen giza, finantza eta teknika baliabideen bilduma" eragin zuen. 1960-1975 bitartean emigrazioa -100.000 biztanletik gora mende hasieraz gero— gutxitu egin zen, eta lanpostu kopurua gehiago handitu zen biztanle kopurua baino. Aipatutako denbora bitarten horretan (1960-1975) bigarren sektoreko biztanleria aktiboa %27,3 izatetik %44,5 izatera gehitu zen eta lehen sektoreko, berriz, %44,5 izatetik %17,7 izatera. Nafarroako lan banaketaren egitura, beraz, goitik behera aldatu zen denbora gutxian.
Hala ere, Industria Sustatzeko Egitasmo horrek ez zuen industria banaketa orekatua ekarri, industrialde batzuk eta eremu batzuk —Iruñerria bereziki— beste batzuk baino erakargarriagoak zirelako enpresentzat. Gainera, inoiz ere, prestatutako eremu horiez kanpora ezarri ziren lantegiak.
Espainiako 1978ko Industria Erroldaren arabera, 3.602 lantegi eta 63.320 enplegu zeuden Nafarroan. Lantegi horien kokalekua aztertzean ikusten denez, enpleguaren %60 eta lantegien %68 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan zeuden, eta enpleguaren %17,4 eta lantegien %11,7, berriz, hiriburuan, Iruñean. Enpleguaren banaketan zerikusi handia izan zuen Nafarroako biztanleriaren eraketak. Izan ere, 1975 aldera, 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerri gutxi zegoen Nafarroan, eta hiriburuaz aparte, udalerri bakarra zen 20.000 biztanle baino gehiago zituena, Tutera. Erriberako udalerri horrek Nafarroako enpleguaren %5,9 eta lantegien %3,4 zituen.
Nafarroan bestalde, enpresa txikiak —langile gutxikoak, alegia— ziren nagusi: batez beste 17,6 enplegatu zituzten. Gehienek 10 langile baino gutxiago zituzten. Hamazazpi lantegi zegoen 500 enplegatu baino gehiagorekin, eta Nafarroako industria enplegu osoaren laurdena hartzen zuten. Arloka, hauek ziren lantegi handienak: material elektronikoa (234,6 enplegu/Iantegi), metalen ustiaketa eta lehen eraldaketa (184,1 enplegu/lantegi), eta automobilgintza (143,7 enplegu/lantegi).
Bigarren sektorearen barruan arlo hauek aipatu behar dira: elikagaigintza (enpleguaren %18,6), metalezko gaiak (%10,9), papera eta arte grafikoak (%8,3), zura, kortxoa eta altzariak (%7,2), metalen produkzio eta lehen eraldaketa (%6,7), eta mea ez metalikoen industria (%5,5).
1975 aldera industria gehiena Iruñean, Iruñea inguruan eta Mendebalean zegoen. Erdialdea eta hegoaldea metalgintzan zeuden espezializaturik (Iruñean, Altsasun eta Tuteran zeuden lantegi nagusiak). Hegoaldean, Erriberan, elikadura eta edariak ekoizten ziren. Ehungintzak, berriz, krisi gogorra pairatu zuen hamarraldi horretan Nafarroan —Gipuzkoan, Bizkaian eta Espainia osoan pairatu zuena bezain gogorra izan ez bazen ere-. Nafarroako bigarren sektorearen barne eraketa berezia zeleta, ekonomia atzerakada ez zen horren gogorra izan, beste alde batzuek pairatu zuten atzerakadaren aldean behintzat. Hala ere, lantegik batzuek, Danone esate baterako, jarduera bertan behera uztea, eta beste batzuek -Eaton Ibérica, Motor Ibérica, Iberica del Frio, Inepsa, eta abar-, berriz, berregituratzea beste aukerarik ez zuten izan.
1975-1985 bitarteko epean, alegia krisi betean, azpisektoreek bilakabide desberdinak izan zituzten. Elikagaigintzak, meak eta metalezko gaiak, energia eta urak, ehungintzak eta kimika industriak langile galera handia izan zuten bitartean, beste zenbait arlotan, hala nola garraio materialetan, gehitu egin zen langile kopurua.
1985ean enpleguaren egoera 1981eko mailara iritsi zen berriro ere, baina 70eko hamarraldiko mailatik urrun. Garai horretan, industria langileen %70 metalezko gaiak, elikagaigintza, garraio materiala azpisektoreetan eta beste zenbait industriatan ari zen lanean. Haatik, 1990-1993 bitartean, industriaren krisiak batez ere garraio materialak eta metalezko gaiak sektoreak jo zituen. Nolanahi ere, Espainiako estatuko produkzioak izan zuen beherakadaren aldean, Nafarroakoa inguruko beste lurraldeetakoa baino apalagoa izan zen. 1993ko enplegu maila 1985ekoaren oso antzekoa zen. Zera esan nahi du horrek, 1985etik aurrerako goraldian sortutako lanpostu berriak desagertu egin zirela. 1993-1994 bitartean, berriz, eta Industria Jardueraren Indizearen arabera, azpisektore guztiek -ehungintza, larru langintza eta oinetakogintza salbu— gora egin zuten.
1995. urte inguruan industriak gainbehera egin zuen Nafarroan, eta baita Espainian eta Europako Erkidegoko beste herrietan ere. Barne kontsumoaren beherakada izan zen gainbehera orokor horren eragile nagusia. Garraio materialak eta manufaktura metalikoak izan ziren industria enplegu gehien zeukaten azpisektoreak. Gero, goi mailako teknologia (elektronika) zuten enpresak hasi ziren azaltzen, eta inbertsioak ere egin izan ziren. Alemaniako Isphording Hispania taldeak lantegi berria zabaldu zuen 1996an, Altsasun zuen lantegiaren alboan. Aipagarria da ere Sociedad Cooperativa Agropecuaria Navarra elkarteak Taxoaren zabaldu zuen pentsu fabrika, Nafarroako, Euskadiko, Aragoiko, Errioxako eta Gaztela-Leongo 144 nekazaritza kooperatiba biltzen baititu.
Ikerketa eta Garapen teknologia arloetan aipatzekoak dira Nafarroako Foru Administrazioak bultzatu zituen ekimenak, batez ere Industria politika, eta Inbertsioa eta Enplegua Sustatzeko Abaguneei buruzko Arauak argitaratu zirenez gero (1982). Ekimen horien artean aipagarriak dira zenbait ikastetxe laguntzeko hartutako neurriak. Besteak beste, ikastetxe hauei lagundu zitzaien: Escuela de Ingeniería Técnica Agrícola, Evena, Institutos Técnicos de Gestión (IGT), Centro Láser de Navarra, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Escuela de Ingeniería Técnica Industrial, eta abar —horiek guztiak Nafarroako Gobernuaren mendekoak—, AICV Laboratorio del Ebro, Asociaci6n de la Industria Navarra, Universidad de Navarra, Centro de Investigaci6n de Farmaco-Biología Aplicada (CIFA), eta abar.
Beste ekimen gehiago ere bultzatu zen, arestian aipatutako jardueren eragingarri: industriak eraikitzeko lur gehiago eskaintzea (Elordiko industrialdea Ultzaman, Danone multinazionalak alde egin ondoren inbertsioa erakartzeko asmoz prestatu zen), proiektu berritzaileak laguntzeko enpresa zentro bat sortzea, finantza kostuak murrizteko neurriak hartzea, eta abar.
Europako Erkidegoak, bestalde, kontuan hartu du Nafarroako eskualde batzuetan -Gipuzkoatik hurbil diren herrietan, Iruñean eta Iruñea inguruan, alegia lurraldearen %75 eta biztanleriaren %60 gutxi gorabehera— industriak gainbehera egin duela, Bruselako Egitura Fondoetatik (FEDER) laguntza hartzeko eskubidea izan dezaten.

 

Industrien kokalekua

Nafarroako bigarren sektorea lurralde historiko horren mendebalean dago kokatua,Sakana-Iruñea-Tutera korridorean batez ere, bai era Ebroko Erriberaren ardatzean ere, handik abiaturik Lizarraraino iristen baita. Ekialdean, berriz, Zangotza da industria duen hiri bakarra.
Industriako enplegu gehiena Iruñeako eskualdean dago, lurralde osoko industria guztiaren ia erdia baita, 16 industrialdetan banatua; Landaben (Orkoien) da industrialde garrantzitsuena, bai daukan hedaduragatik (11,5 Ha.), bai Seat-Volkswagen enpresa han dagoelako. Arlo horretako enplegua lurraldean nola banatua dagoen ikusita, garbi dago industria jarduerak inguruko udalerrietara jotzeko joera zentrifugoa duela (Antsoain, Huarte, Aranguren, Elortz, Galar eta Oltza aldera, alegia) eta, beraz, Iruñeako udalerriak eskualde horretako enpleguaren herena baizik ez duela hartzen. Kimikaren eta garraio materialaren sektoreak dira industria jarduera nagusiak.
Bidasoa ibarrako eskualdean (Lesaka- Bera) eta Gipuzkoatik hurbil dauden Sakana-Larraun-Ultzama eskualdeetan (Altsasu, Leitza, Arakil) langile kopuru handia dago; lantegi handiak dira eskualde horietakoak, oso espezializatuak eta bereziki metalen inguruko arloan dihar dutenak.
Eskualde buru diren udalerrietako industria guneen artean Lizarra eta Tafalla dira garrantzitsuenak. Lizarran era askotakoa da industria jarduera: makinagintza eta material elektrikoaren fabrikazioa, kautxuaren eta gai plastikoen eraldaketa eta oinetakogintza eta jantzigintza. Tafallan automobilgintza da jarduera nagusia eta, maila apalagoan, zurgintzan, kortxogintzan eta altzarigintzan dago espezializatua.
Erribera Ebroko era Aragoiko ibarretako elikagaien industrian dago espezializatua (kontserbaren industrian batez ere); produktu landuak egiten dituzte, bertako nekazaritza baliabideak input gisa erabiliz. Horrez gainera, garrantzi handikoak dira Tuteran bertan material elektronikoa, makinagintzaeta ekipamendu mekanikoa ekoizten duten lantegiak.
Eskualdeka, Iruñeako arroa, Erribera eta Sakana dira industria eremu nagusiak; Nafarroako mendebaleko erdialdea, berriz, indar handia hartzen ari da industriaren aldetik.
Udalerrika, eta mapan ikus daitekeen bezala, industriako enplegu gehiena Iruñea, Oltza, Tutera, Antsoain, Tafalla, Galar eta Lesakan bilduta dago, horietako herri bakoitzak 1.500 lanpostu baino gehiago baititu. Asko dira Nafarroan 50 lanpostu baino gutxiago duten udalerriak, batez ere ekialdean eta Nafarroako mendebaleko erdialdean, (Lizarra, Villacuerta eta Aiegi izan ezik).

 

Industria egitura

Estatistikako Erakunde Nazionalaren datuen arabera, Nafarroako industria egiturak balio erantsi gordinaren %33,4 sortu zuen 1993an, 1992an baino hiru puntu gutxiago, alegia. 1992ko balio erantsi gordinean alde handiak daude industria jarduera batetik bestera, garrantzitsuenak elikagaien, edarien eta garraioaren azpisektoreak direla.
1990ean barne produktu gordina 261.848 milioi pezetakoa izan zen, Nafarroako ekonomia guztiaren %34,1, alegia, eta alboko taulan ikus daiteke ekonomia arloka nola banatua eta sailkatua dagoen.
Laurogeita hamarreko hamarraldiaren hasieran 1.172 ziren bost lanpostu baino gehiago zuten industria lantegiak eta lantegi horiek 56.421 lanpostu biltzen zituzten. Elikagaiak-edariak, garraioak eta metalezko produktuak dira Nafarroako industria jarduera nagusia, jarduera horiek eutsi egin diote Nafarroak aspaldidanik zuen industria espezializazioari eta orobat dira Nafarroako industriaren garapenaren oinarri.
1978an, eta Estatistikako Erakunde Nazionalak egiten duen industria erroldaren arabera, 6.500 edo 7.000 lanpostu inguru galdu ziren, gehienak arlo hauetan: metalen ustiaketa eta lehenengo eraldaketan, material elektriko eta elektronikoan, ehungintzan eta zurgintzan, kortxogintzan eta altzarigintzan. Beste arlo batzuetan, berriz, lanpostu kopurua asko handitu zen: garraio materialgintzan, papergintzan eta grafikagintzan batez ere.
Enplegu/lantegien batez bestekoak gora egin du, 1978-an 21,5 zen eta laurogeita hamarreko hamarraldian 48raino igo zen; lantegiak handitu egin direla adierazten du horrek, baina datu hori ez da zehatza, bost enplegatu baino gutxiago duten laurogeita hamar lantegi estatistika horretan jasoak ez daudelako.Lantegi/enplegua erlazioari dagokionez, laurogeita hamarreko hamarraldian lantegien %12,5ek 5etik 9 enplegatu bitarte zituzten eta industriako enpleguaren %1,8 biltzen zuten; %70,9k 10etik 49ra enplegatu zituzten eta enpleguaren %28,3 biltzen zuten; %7,9k 50etik 99ra enplegatu zituzten eta enpleguaren %11,5 biltzen zuten; %7,3k 100etik 499ra enplegatu zituzten eta enpleguaren %32,1 biltzen zuten; eta % 1,4 lantegi besterik ez ziren 500 enplegatutik gora zituztenak, industria enplegu guztiaren %23,6 biltzen zutela. Enpresa txikia da beraz nagusi eta sektore horretan daude lanposturik gehienak.
Hauek dira enpresa handiak, 500 enplegatu baino gehiago dituztenak, alegia: "Sociedad Española de Automóviles de Turismo, S.A. (Seat-Volkswagen)", Oltzan; "Cheswick, S.A.", Oltzan; "Laminaciones de Lesaca, S.A.", Lesakan; "Victorio Luzuriaga, S.A. (Visa)", Tafallan; "Perfil en Frío, S.A. (Perfrisa)", Iruñean; "Industria Navarra del Aluminio, S A. (Inasa)", Arakilen; "Unicables, SA. (Ucab)", Iruñean; "Safel", Galarren; "Navarra Componentes Electrónicos, SA. (Nacesa)", Tuteran; "A.P. Amortiguadores, SA. (Apa-Kyb)", Oltzan; "Eaton, S.A.", Iruñean; "TRW Torfinasa, S.A. (Trw)", Iruñean; "Lucas Girling, S.A.", Oltzan; "Graficas Estella, SA.", Villatuertan; "Sarri6, S.A.", Leitzan; "Skf Española, S.A.", Tuteran; eta "Potasas de Subiza, S.A. (Posusa)", Galarren.
Industria egitura sakon aztertuz gero, ikus daiteke 1990ean metalak eraldatzeko industriak eta mekanika zehatzaren industriak, Nafarroan automobilaren eta siderometalurgiaren jarduerarekin lotura handia duenak, Nafarroako industria enpleguaren %43,2 eta industria lantegien %35 biltzen duela, eta batez besteko enplegu/lantegi tasa 60koa duela. Talde horren barruan ibilgailuena eta garraio materialarena da azpisektore nagusia; izan ere, metalen industria eraldatzaileko enplegu osoaren ia erdia hartu ez ezik, lantegi bakoitza batez beste nahiko egokia da tamainaz (202 enplegu/lantegi), izan ere, Nafarroan garrantzi handiko automobil lantegiak daude, gehienak Iruñean eta Iruñeako arroan. Aipa ditzagun, besteak beste, lantegi nagusiak: "Seat-Volkswagen","Apa-Kyb" eta "Cheswick, S.A.", Oltzan; "Eaton, S.A." eta "Bendix España", Iruñean; eta "Nissan Motor Ibérica", Noainen. Horrekin batera garatu da material elektriko eta elektronikoari lotutako industria jarduera, metalen industria eraldatzailearen bostetik bat biltzen duena herri hauetan: Tuteran, ("Nacesa y Sanyo España, S.A."); Iruñean, ("Unicables, S.A."); Lizarran eta Galarren ("Safel, S.A."); Elortzen, ("Mepansa"); Etxarri-Aranatzen ("UFESA"), eta abar. Arlo horri dagokio orobat metalezko produktuen fabrikazioa, Nafarroa osoan lantegi txikietan (20,7 enplegu/Iantegi) barreiatua dagoena. Fabrika nagusiak: "Vitrometal, S.A.", Cortesen;"Embega, S.C.I.", Villatuertan; "Isphording-Hispania, S.A.", Altsasun. Makineria eta ekipamendu mekanikoan ari diren enpresek, berriz, lanpostu gutxiago dituzte: "Skf España", Tuteran; "Ibérica del Frío, S.A.", Iruñean; "Comansa", Huarten; "Imenasa Grúas, S.A.", Iruñean; eta "Magotteaux Luzuriaga, S.A.", Urdiainen; azpisektore horretan daude lantegi handienak (367 enplegu/lantegi, batez beste).
Beste industria eraldatzaileen multzoa ere garrantzitsua da Nafarroako enplegu tasaren aldetik (industria osoko %42,5 eta 38 enplegu/lantegi batez beste). Tradizio handiko industria da, bertako nekazaritzaren input-ekin lotura handia duena. Horien barruan elikagaien eta edarien azpisektorea da nagusia, industria multzo horretako enpleguaren erdia baino gehiago eta industria enplegu osoaren %20 baino gehiago hartzen baitu, 1.256 enplegu eta 283 lantegi (44,4 enplegu/lantegi). Jarduera horrek mende honen hasieran izan zuen sorrera, garai hartan hasi baitziren industria batzuk Erriberako eta Iruñerriko ardoa eta barazkiak ekoizten, saltzen eta erosten. Elikagaien industria Iruñean, Bianan, Martzilan eta Tuteran dago batez ere. Industriaren krisiak eragin gogorra izan zuen jarduera horretan eta lanpostu asko galarazi zituen. Gaur egun jarduera horrek hiru arazo nagusi ditu: lantegien tamaina, eskaintzaren dibertsifikazioa eta produktuen eta sektorearen arteko lotura.
Azpisektore horren barruan bada Nafarroan arlo garrantzitsurik. Barazkien kontserba industria da garrantzitsuena, betidanik Erriberan finkatua izan dena, hain zuzen ere herri hauetan: San Adrian, Mendavia, Lodosa, Andosilla, Azagra, Funes, Valtierra, Fustiñana eta Ribaforada. Ardoaren industria Erriberan, Lizarraldean eta Nafarroako erdialdean dago, eta Corella eta Erriberri ditu kokaleku nagusiak. Haragiaren industria Iruñea inguruan dago. Esnea Ultzaman eta Iruñean ekoizten da; eta Viana eta Iruñea dira irinaren, ogiaren eta gaileten produkzio gune. Hauek dira aipatu berri ditugun produktuen enpresa nagusiak: "Conservas Taboada, S.A.", Mendavia, Funes, Marcilla eta Lodosa; "Corporaci6n Alimentaria lbérica, SA. - (Cai)'\ Iruñea; "Bajamar, SA.", Zarrakaztelu; "Bonduelle España, S.A.", Milagro; "Conservas Murciano Navarras, SA", Lodosa; "Conservas Napal, SA", Valtierra; "Conservas Chistu, S.A.", San Adrian; "Marbu, S.A.", Viana, eta abar.
Jarduera multzo horren barruan badira beste azpisektore garrantzitsu batzuk: papergintza, grafikagintza eta argitaletxeak; industria horiek lau mila enplegu baino gehiago biltzen dituzte, industriako enplegu guztiaren %7,4, alegia, eta lantegien tamaina 69 enplegu/lantegikoa da batez beste; lantegi garrantzitsuenak herri hauetan daude: Zangotzan eta Galarren, ("Papelera Navarra, S.A."); Leitzan eta Allon, ("Sarri6, S.A."); eta Villatuertan, ("Gráficas Estella, SA"). Altzarigintzak eta zurgintzak ekonomiaren %4,2 hartzen du eta lantegien tamaina erdikoa edo txikia da (17 lanpostu/lantegi); jarduera horiek Nafarroa osoan daude banaturik, batez ere Vianan, Eulaten eta Iruñean. Ehungintzak industria enpleguaren %3 hartzen du eta lantegi txikitan dago banaturik (26 enplegu/lantegi batez beste), Erriberako hegoaldean (Fitero, Cascante, Caparroso), Lizarran, Artaxonan eta Iruñean.
Azkenik, «Energiarik sortzen ez duten mineralen erauzketak eta eraldaketak eta kimika industriatik eratorritako gaien industriak» industria enpleguaren %14,3 eta lau lanpostu baino gehiago dituzten lantegien % 11,8 hartzen ditu. Lanpostu horien erdia, gutxi gorabehera, metalen produkzioari eta lehen eraldaketari dagokio, lantegiak tamaina erdikoak dira (185 lanpostu/lantegi) eta ipar-mendebalean daude finkatuta, Gipuzkoako lurralde historikoaren mugan, alegia: "Laminaciones de Lesaca", Lesakan; "Inasa", Arakilen; eta "Perfil en Frío", Iruñean. Metalezkoak ez diren mineralen azpisektoreak multzo nagusi horren barruan sortzen den industria enpleguaren herena baino gutxixeago hartzen du eta lantegiak txikiak dira (29,5 enplegu/iantegi). Fabrika nagusiak herri hauetan daude: Olazagutian, ("Cementos Cangrejo, S.A."); Antsoainen, ("Norton, S.A."); Esteribarren, ("Magnesitas Navarras, S.A."); eta Iruñean ("Porcelanas del Norte, S.A.L."). Industria kimikoak jarduera multzo horretako enpleguaren %22 hartzen du eta lantegi bakoitzak 65 lanpostu ditu batez beste. Hiriburuan dago finkatua industria hori eta Iruñeako "Enquinasa" eta Galarreko "Potasas de Subiza" dira lantegi nagusiak.
Nafarroan gutxi dira handik kanpo administratzen eta kudeatzen diren enpresak, eta are gutxiago oraindik beste probintziekin konparatuz gero, bertako enpleguaren herena baino zerbait gutxiago baitago kanpotik kontrolatua (egoitza soziala Nafarroatik at duten enpresak, alegia). Baina kapitalari begiratzen badiogu, gehixeago dira kapitala Nafarroakoa ez duten enpresak, egoitza Nafarroan izanagatik jabetza eta erabakiak atzerriko industria talde handien esku dituztenak, alegia; enpresa horien artean garraio materiala, meak, burdinezko materiala eta burdinezkoa ez dena eta industria kimikoa dira garrantzitsuenak. Azken aldi honetan atzerriko enpresak gero eta gehiago ari dira esku hartzen Nafarroako elikagaien enpresetan ("Txistu" esate baterako). Finantza egituraren aldetik Nafarroako industria kanpoko baliabideen mendeegi dago oro har eta, beraz, finantza kostuak Espainiakoak baino handiagoak dira batez beste.

 

Ipar Euskal Herria

Ipar Euskal Herriko industria ez dago hegoaldekoa bezain espezializatua. Jarduera horretako enplegu kopuru txikia (langile guztien %17,3) Akitaniakoaren antzekoa da (%18), eta frantses estatuko batez besteko %22,7 baino askoz txikiagoa, baita alboan dauden Bearne, Gipuzkoa eta Nafarroakoak baino askoz txikiagoa ere. Nolanahi ere, "kostaldeko eta barnealdeko industria enpleguaren kokalekua" erakusten duen grafikoan ikus daitekeenez eta "industria lantegi nagusiak" aipatzen dituen maparen arabera, alde handia dago kostaldearen eta barnealdearen artean. Kostaldea (Baionako, Angeluko, Miarritzeko, Donibane-Lohizuneko, Hendaiako eta Hiriburuko Kantoiak) askoz industrializatuagoa dago jarduera nagusia nekazaritza duten Lapurdiko beste kantoiak eta Nafarroa Beherea eta Zuberoa baino.
Ipar Euskal Herriak gaur egun duen industria antolamendua "industria jardueraren bilakaera sektoreka" adierazten duen grafikoan ikus daiteke; horren arabera ekipo ondasuneko industriak dira nagusi eta maila apalagoan kontsumo ondasunak.
Hauek dira, besteak beste, egoera horren arrazoiak: industria tradiziorik eza; Iparraldean lehengairik, energiarik eta bertako bankarik ez egotea; bide azpiegitura kaskarra; goimailako teknikorik eta langile kualifikaturik eza; biztanle askok lan bila gazterik herritik joan beharra; Iparraldearen kokalekua bera (kontsumoko zentru nagusitik urrun); bertako enpresen erabaki zentruak Euskal Herritik kanpo egotea.
Lanean dihardutenen bi herenak ari dira hirugarren sektorean lanean (merkataritzan eta turismoan batez ere), lehen sektorean, berriz, %8. Bigarren sektorean lanpostuen galera hiru puntukoa izan zen (%20-tik %17,3-ra),1982ko datuekin konparatuz gero, baina 1954ko datuekin konparatuz gero, askoz lanpostu gehiago galdu dira, garai hartan langileen %26k lan egiten baitzuen sektore horretan.
Industria jarduerak behera egin du azken berrogei urteetan, biztanleriak ordea ez, gaur egun 65.000 pertsona gehiago baitaude.

 

Lapurdi

 

Industrializazioa

 

Eskulangintzatik berrogeita hamarreko hamarraldia arte

XVIII. mendeaz geroztik eskulangintza aski hedatua zegoen Iparraldean, eta jarduera batzuk, txokolatearen produkzioak adibidez, ospe handia zuten Frantzia osoan zehar. XIX. mendearen erdi aldera, berrehundik gora txokolategile zeuden Baiona inguruan, R Labordek esaten duenez, eta horien artean Kanboko Fagalderen lantegia zen ospetsuena.
Hazparnen XVIII. mendetik aurrera hasi ziren larrua ontzen eta 1786 urterako baziren 235 zapatagile eta 107 larru ontzaile. Ustaritzen artilea garbitzen jarduten zuten eta gaztagintzak garrantzi handia zuen leku askotan.
XIX. mendeko bukaera aldetik aurrera, zapaten eta sandalien produkzioak gora egin zuen, lanbide hori, eskulana izanik, oso ondo egokitu baitzizaion nekazari giro hari, eta hura izan zuen luzaroan Ipar Euskal Herriko eskulangintzak ezaugarri berezi. Zapatagintzan oso ezaguna zen Hazparneko lantegia, eta J.Amespilek bultzada eta indar handia eman zion aspaldian sustraitutako tradizio hari, 1880an zapata lantegi bat ireki zuenean. Ekimen hark izan zuen jarraitzailerik, eta 1906rako jarduera hori arras finkatua zegoen: 3.000ren bat lagunek 700 edo 800 zapata egiten zituzten egunero eta Lehenengo Mundu Gerra aurreko lantegi garrantzitsuenak Hazparnen zeuden. Garai hartan Hazparne lehia bizian zegoen Limoges, Nancy, Fougères eta horien gisako goi mailako hiri industrialekin, baina hiri horiek bide azpiegitura hobea zuten, baita burdinbidea ere, Lapurdik ez bezala.
1940 inguruan krisi ekonomikoak kalte handia egin zion zapatagintzari, Bigarren Mundu Gerraren eraginez, batetik, eta larru onduen kalitatea lehen bezain ona ez zelako, bestetik. Hala ere, berrogeita hamarreko hamarraldian Hazparnek zapatagintzaren zentro nagusia izaten jarraitzen zuen, oraindik ere 1.300 bat pertsona ari baitziren lanean, dozenaren bat fabrikatan. Sandaliagintzak, berriz, Baionako eskualdea izan zuen gune nagusi, goraldia izan zuen unetik beretik.
Metalgintzaren industriak eragin handia izan zuen Lapurdiren industrializazioan. 1881ean "Compagnie du Midi" enpresak "Forges et Acieres de la Marine et Homécourt" zeritzan burdin fundiziorako industria astun handia sortu zuen Aturri ibaia itsasoratzen den ondoan, Bokalen alegia. Fabrika horren atzetik beste lantegi batzuk sortu ziren, batzuek labe garaietan sortzen zen zepa erabiltzen zuten, beste batzuek azido sulfurikoa eta fosfatoak egiten zituzten; burdinola horiek bultzada handia eman zioten Bidaxunen eta Ahurtitin ateratzen zuten kareharriari eta Baigorrin, Orzaizen eta Itsasun ateratzen zuten burdinari. Fundizio horrek 1.500etik 1.800cra langile zituen, baina oso produkzio apala izan zuen hasiera hasieratik; 1952an, esate baterako, Bizkaiko Labe Garaiek baino sei aldiz gutxiago produzitu zuen.
1920an, Frantziako barnealdetik etorrita, "Fonderies et Ateliers de Mousserolles (Sefam)" izeneko lantegia finkatu zen han, burdin urtuzko eta brontzezko piezak egiten espezializaturik zegoena. 1937an sortu zen Angelun, Aturriren beste aldean alegia, "Societe Industrielle d'Aviation Latécoère" lantegia, 1939an "Société Méridionale Aéronautique" izena hartuko zuena. Gerra aurretik 1.700 langile inguru zituen hegazkin lantegi horrek kopuru horren herena besterik ez zuen berrogeita hamarreko hamarraldiaren erdi aldera. Huts egindako ekimenik ere izan zen, esate baterako, hogeiko hamarraldiaren bukaeran, "Société Miniére et Metallurgique de Penarroya"k zink fabrika bat eraiki nahi izan zuen Lapurdin, baina hango biztanleek uko egin zioten, fabrika horrek urak kutsatu eta turismoa uxatuko zuen beldurrez.
Lapurdiko kostaldean kontserba industria ere izan zen, sardinen kontserbak batez ere. "Chancerelle Frères de Nantes" erakundeak lantegi bat sortu zuen Ziburun (1914) eta lantegi horrek bultzada handia eman zion eskualde horretako arrantzari. Horren ondoren, Bretainiako beste zenbait enpresa gizon ere inbertsioak egiten hasi ziren Euskal Herriko kostaldean (Donibane Lohitzunen), eta 1932an zortzi lantegi zeuden eta mila bat langile. Hogeita hamarreko hamarraldiko krisi ekonomikoak eta Bigarren Mundu Gerra ondoko egoerak produkzioa jaitsiarazi zuten. Kontserben industriak goraldi labur bat izan zuen gero, lantegi berriak ireki ziren (Bidarten, Hendaian) eta produkzioa gehitu egin zen, 4.800 tona arrain ekoiztu ziren eta 1.700 langilek ziharduten langintza horretan. 1950etik aurrera sardina desagertzen hasi zen Euskal Herriko kostaldean eta kontserba industriak ere behera egin zuen.

 

Berrogeita hamarreko hamarralditik gaur arte

Garai hartan industriak, oro har, hazteko joera izan bazuen ere, krisialdirik ere izan zen, egitura oso sendoa ez zuten arloetan eragina izan zutenak. Arestian esan dugun bezala, kontserba industria izan zen horietako arlo bat, Bizkaiko golkoan sardina desagertu izanak eta hirurogeita hamarreko hamarraldian jarri ziren mugak, lehorretik 200 miliara arrantza egiteko debekuak, alegia, kalte handia egin baitzion kontserba industriari. Horren guztiaren eraginez lantegi asko itxi ziren. 1956an hogeitik gora kontserba industria zeuden Ipar Euskal Herrian, lantegi horiek 7.500 tona arrain ekoizten zuten urtero eta 1.700 bat lagunek egiten zuen han lana. Handik sei urtera hamairu kontserba fabrika baizik ez ziren geratzen, eta 1970ean, zortzi besterik ez, nahiz urte hartan 20.000 tona arrain harrapatu zituzten. Laurogeita hamarreko hamarraldiaren erdi aldera bi enpresa besterik ez ziren geratzen Donibane Lohitzunen eta bakarra Hendaian.
Oinetakogintzak ere, tradizio handiko industria izan arren, beheraldi handia izan zuen, barne merkatuko gorabeheren eta atzerriko produktuen konkurrentziaren eraginez. Krisialdi horrek Hazparnen izan zuen eraginik handiena, izan ere, 1950etik 1968ra hamar enpresa itxi baitziren eta langile kopurua ere txikitu egin baitzen, 1.300 pertsonatik 550era. Hiruregoita hamarreko hamarraldiko krisiak larritu besterik ez zuen egin jarduera horren egoera.
Baionak eta Baionako inguruak 1964ean izan zuen lehen krisi handia, "Forges et Acières de la Marine" lantegia itxi zenean, alegia, enpresa horrek diru galera handiak izan baitzituen, Frantziako eta atzerriko lehia gogorrari ezin eutsiz, nahiz eta ordurako hasiak ziren Lacqeko gas fabrika ustiatzen eta itsaso bidez ekarritako burdina inportatzen. Itxiera horrek 1.700 langilerengan izan zuen eragina eta ondorio ekonomiko eta sozialak hain larriak izan ziren, non administrazio publikoak zerga eta finantza laguntzak eman behar izan baitzituen. Laguntza horiei esker ibaiaren eskubialde osoak eraberritze prozesu bati ekin zion, eta prozesu horren buruan alderdi hori eskualde horretako eta Ipar Euskal Herri osoko tokirik industrializatuena bihurtu zen. 1965ean "Forges" lantegian ari izandako langile gehienak lanean zeuden berriro, eraberritze prozesu hartan sortu ziren lantegi berrietan, batik bat Tarnoseko Turbomeca (1965) lantegian. Hirurogeiko hamarraldia bukaeran "Latimier","Sciaky" eta "Biarritz-Shoes" (1971) lantegiak itxi ziren.
Harrezkero industriak gora egin zuen kostaldean, Baionako portuari esker batez ere (hirurogeiko hamarraldian portu horretako produkzioak gora egin baitzuen, Lacqeko gas fabrikari -1959- eta Elf Aquitaine taldearen - 1957- esportazioei esker). Gainera, "Sociétè d'Equipement des Pyrénées Atlantiques" erakundeak eta Frantziako estatuak laguntza handiak eman zituzten; izan ere, Frantziako estatuak laguntza berezi bat sortu zuen 1972an, baliabide gutxi eta azpiegitura eskasa zuten lurraldeen industrializazioa bizkortzeko; Baiona, Miarritze, Ustaritze eta Hazparnek jaso zuten "Prime de Développement Régional" zeritzan laguntza hori. Horrez gainera, "Conseil General des Pyrénéess Atlantiques" eta "Société de Développement Régional" erakundeek diru laguntzak eta maileguak eman zituzten.
Horren guztiaren ondorioz, indar handia hartu zuen gerora Baionako industria eskualde bihurtu zen eremua, luze-zabalean 150 Ha. hartzen zituena eta sei industria gunetan banatu zena. Industria gune horien artean handiena, eremu osoaren ia erdia hartzen baitu, Bokalen hasi eta Tarnoseraino iristen dena da (Tarnos ez dago, administrazioaren ikuspuntutik, Lapurdiren barne) eta orain duen jarduera 1965etik aurrera hasi zuen, "Forges et Aceries de la Marine" desagertu ondoren. Beste industria gunea Aturriren ezkerraldean dago, Lazaret eta Pontots alderdian, eta 1973tikaurrerahainbat eskulangintza eta hiriaren barnealdetik hara aldatutako biltegiak hartzen ditu bere baitan. Hirugarrena, Mugerren dago (Aturri ibaian gora). Hendaian badago beste bat, Intzurako aldean, hirurogeita hamarreko hamarraldiaren hasieran indartu zena. Azkena, Donibane Lohitzunekoa, hirurogeita hamarreko hamarraldiaren bukaera aldera sortu zen zabaldegian dago.
Horrekin guztiarekin batera, portuko instalazioak ere zabaltzen hasi ziren, Baiona barneko Saint-Esprit zubitik itsaso aldera. Ibaiaren eskuinaldean zementu olak, ale biltegiak eta produktu kimikoen fabrikak daude; ezkerraldean, berriz, hidrokarburoak, sufrea eta merkantziak daude. Hauek dira, besteak beste, portuko enpresa nagusiak: "Sotrasol" (produktu kimikoen azken biltegia), Midiko ("BH", "Shell" eta "Total") petrolioa fintzeko ola, Bizkaiko Labe Garaiak (altzairugintza), ongarria jasotzeko biltegia duen "Agropecuaria de Navarra" nekazari kooperatiba, (Pabeko kooperatibarekin eta "Matrama" elkartearekin loturik dagoena), "Socadour", "Reno- Satec", "Bois de Bayonne" zerrategiak...
Lapurdiko barnealdean industria sortu ahal izateko, industria lurra sortu behar izan zuten lehenik eta hori egin zuten laurogeita hamarreko-hamarraldiaren hasieran, ordu arte nekazaritzatik bizi izan ziren Hazparne, Askain, Itsasun, Senperen eta beste herri batzuetan.
Hirurogeita hamarreko hamarraldiaren erdialdetik aurrera nazioartean izan zen krisi ekonomikoak eragina izan zuen bitarteko ondasunetan, batez ere fundizioan eta zeregin metalikoetan oinarrizko kimika gaietan eta etxegintzako materialen produkzioan. Energia produkzioan eta banaketan, berriz, enplegu kopurua handitu egin zen, bai eta ekipamendu ondasunen industrian ere, eraikuntza elektriko eta elektronikoari esker. Epe horretan bertan enplegu kopurua gutxitu egin zen ontzigintzan eta hegazkingintzan. "Sony" multinazionalak garrantzi handia izan zuen Baionan. 1980ean finkatu zen eta gaur egun Baionako aglomerazioko hirugarren lantegia da, Tarnoseko hegazkin fabrika kontuan harturik (fabrika hori geografiaren aldetik Baionako aglomerazioari dagokio, administrazioaren aldetik Landetakoa bada ere).
Nekazaritzako elikagaien industriak eta kontsumo ondasunenak eta eraikuntzarenak lehengo enplegu mailari eutsi diote.

 

Industrien kokalekua

Bigarren sektoreak ez du espezializazio handirik Lapurdin, baina Ipar Euskal Herri osoa kontuan hartuz gero, Lapurdin biltzen da industriako enplegatu guztien %83, 13.263 pertsona, alegia. Industriako enpluguen ia hiru laurden kostaldean daude, bai eta hegazkingintzako, material elektriko-elektronikoko eta inprimategi-prentsa-argitaletxeetako ia lanpostu guztiak ere.
Arestian esan dugunez, industriako enplegua kostaldean dago bildua, BAB inguruan batez ere (Baiona, Angelu eta Miarritze), bai eta Hiriburuko, Donibane Lohitzuneko eta Hendaiako kantonamenduetan ere. Eskualde horretan daude Lapurdiko bigarren sektoreko lanpostuen hiru laurdenak. Aurreko hamarraldiekin konparatuz gero, Baionako aglomerazioko industriako enpleguak gora egin du, Hazparneko (Lapurdi) eta Maule- Lextarreko (Zuberoa) lanpostuen kaltetan.
Hauek dira laurogeita hamarreko hamarraldiaren hasieran, industrian lanean biztanle gehien zituzten Lapurdiko kantonamenduak: Hiriburu (%24,7); Bastida (%22,4); Hazparne, (%20,6), Bidaxune (%20,5), Donibane Lohitzun (%17,8), Ezpeleta (%17,1); Ustaritze (%17); BAB, (%16) eta Hendaia (%15,4). 1982ko datuekin konparatuz gero, kantonamendu guztiek, portzentaian, lanpostuak galdu dituzte industrian, Ezpeleta, Bastida eta Ustaritzekoak izan ezik. Hauek dira lanpostu gehien galdu dituzten kantonamenduak: Hazparne, (%33,3tik %20,6ra jaitsi da); Hiriburu, (%29,2tik %24,7ra); eta BAB (%19,4tik%16ra).
Gorago aipatu ditugun "Industria enpleguaren banaketa, jarduera arloka sailkatua - Kostaldea-Barnealdea-" taulek garbi erakusten dute azken zortzi urteetan handitu egin dela, industria enpleguaren kokalekuari dagokionez, kostaldeko eta barnealdeko herrien arteko aldea, kostaldeko herrien alde. Baionako aglomerazioak jarraitzen du Lapurdiko hiriburura industria inbertsioa erakartzen; hori gertatu zen "Marcial Ucin" Gipuzkoako altzairu enpresarekin, Japoniako "Mitsui" erakundearekin bat eginik, 1996ko bukaeran altzairu fabrika bat ireki baitzuen Baionan eta zuzenean 175 enplegu sortu. Arrazoi askok bultzatu dute enpresa hori Baionan finkatzera, Gipuzkoako Lezok egin zion eskaintzaren kaltetan: portu ondoan kokatuta egoteak ematen dion abantailak, Frantziako gobernuak kaian 550 metro erabiltzen utzi izanak eta argindarraren eta txatarraren prezioa lehiakorragoa izateak.
Badira Baiona inguruan finkatu diren beste industria batzuk, besteak beste: "Euskal Kostaldeko Parke Teknologikoa", 1995ean Bidarten finkatua, 30 Ha. luzezabal dena; Izarbeleko Parkea, ingurune atseginean kokatua, hondartzetatik eta eski estazioetarik hurbil, eta Miarritzeko aireportua, Baionako aglomerazioa, Paris-Madril eta Bilbo-Milan autopistak eta Abiadura Handiko Trena eskura dituela; berriki sortua du teknologia eta industria berritzeko enpresen zentroa "Institut du Logiciel et des Systèmes" erakundeak, (Baionako Merkataritza eta Industria Ganbararen Goi mailako Trebakuntza eta Teknologia Transferentziaren Sailekoa), eta robotika arloko "Robosoft" erakundea da zentro horretan egoitza finka dezakeen enpresetako bat.

 

Industria egitura

Industria sailaren barruan kimika-farmazia eta material elektriko eta elektronikoa dira arlo nagusiak, baina enpresa horiek Euskal Herririk kanpo, merkatu urrunetan, eskuratzen dituzte lehengaiak eta saltzen dituzte produktuak. Jarduera horren zatirik handiena Baionan dago, eta hegazkin industria du arlo nagusia, ia 3.000 lanpostu baititu Angeluko "Dassault" hegazkin fabrikan eta Tarnoseko "Turbomeca" eraikuntza aeronautikorako lantegian. Zeregin horri loturik tailer batzuk sortu dira: "Société de Mecanique et d'Electro-mécanique des Pays de l'Adour" , "Société Maser" eta "Société Eskualanak" Hasparrenen eta "Traimeca" Hendaian. Ia metalgintza guztia ere Baionan finkatua dago: "Safam (Société des Fonderies et Ateliers de Mousserolles)", erakundearekin, fundizioa, seinalizazio panelak eta bitrina errefrigeratzaileak egiten dituena eta 300 bat langile dituena; Behobian, berriz, "Neuhaus", "Bonnet" eta "Baby Relax" lantegiek 600 bat langile dituzte.
Material elektriko eta elektronikoen arloan hauek dira enpresa garrantzitsuenak: "Sat (Société Anonyme des Télécommunications)", osagai elektronikoak egiten ditu eta 1.050 bat enplegatu ditu, 350 bat Mugerreko eta Angeluko lantegietan; "Sony", Baionan dago eta 500 lanpostu ditu gutxi gorabehera; eta Angeluko "Télérad Laboratoires", 125 lanpostu. Industria kimikoan hauek dira lantegi nagusiak: "Socadur" eta "Satec -Société Atlantique d'Engrais Chimiques-", Tarnosen; "Fertiladour", Bokalen; "Société Industrielle et Salines de Bayonne", Mugerren; "Plastitube", Baionan; eta "Alphean", Hazparnen. Bestelako materialak egiten dituzten tailerrak: motozikleten osagarriak, Bidarten; itsasontzi gaiak, Ahurtin; armak, Hendaian eta Urketan; gai elektro-termikoak, Azkainen; eta medikuntza eta kirurgia materiala beste herri batzuetan.
Industria handi samar horiek igo egin badute ere Lapurdiko industria maila, ezin esan daiteke Lapurdi industria eskualdea denik.
Ekipamendu ondasunetako industriak ez ezik, badira kontsumoaren arlokoak ere: altzarigintza (lanpostuen herena), inprimategi argitaletxe-prentsa, ehungintza, larru ontzea eta oinetakogintza; industria horiek guztiek2.000 lanpostu dituzte guztira. Nekazaritzak eta elikagaien industriak esnea eta haragia ekoizten ditu batez ere, eta 1.600 edo 1.700 bat lanpostu ditu. Larrua ontzeko fabrika gehienak Ezpeletan daude; oinetakogintza, Hazparnen; esnekiak, Lekuinen; arrain kontserbak, Donibane Lohitzunen, Ziburun eta Hendaian; zementuaren fabrikazioa, Bokalen, eta abar.
Bertan finkatutako lantegiek erabaki zentroak Euskal Herritik kanpo izatea eta beraz kanpoko kapitalen mende egotea du Lapurdiko industriak, eta oro har Ipar Euskal Herri osokoak, ezaugarri nagusi. Tradizio handiagoa duen industriek haatik, oinetakogintzak eta kontserba fabrikek, bertakoa dute kapitala.
Lantegien tamainak eta kapitalaren jatorriak oso lotura estua dute. Lapurdiko enpresa gehienak txikiak dira, familia enpresak gehienak; gutxi dira ordea enpresa handi eta bitartekoak, eta horiek atzerriko enpresen adarrak dira: "Dassault", "Turbomeka", "Sony" edo "Sat".
Lauregoita hamarreko hamarraldiaren hasieran Ipar Euskal Herria osoan bost ziren 201etik 500era langile zituzten enpresak; hamabi, 101 eta 200 artekoak; eta hogeiren bat 50 eta 100 langileen artekoak.

 

Nafarroa beherea

Nafarroa Beherean ez da eskulangintza tradiziorik izan, eta dauden lantegi apurrak bertako baliabide naturalak ustiatzeari loturik egon dira. XIX. mende bukaeraz geroztik hauek izan dira langintza nagusiak: mea erauzketak Mandiben, Bankan eta Baigorrin; taninoen erauzketa, Orzaizen; gaztategiak eta artile garbiketa, Donibane Garazin, eta sandalien produkzioa, Irisarrin.
XVIII. mendetik XIX. mende erdira arte Nafarroa Behereko herri batzuetan txokolatea egiteko lantegiak izan ziren. XIX. mende bukaera arte, burdina lantzen zuten mendialdeko herrietan, Bankan eta Baigorrin, adibidez; eta XX. mende hasieran, 1900ean hain zuzen ere, Bastidan baziren oraindik zaldi ferrak egiten zituzten laurogeiren bat eskulangile. Eskulangintza gehienak galtzen joan ziren denboran zehar (P. Labordek dioenez, 1856an Orzaizen zeuden 56 ehungileetatik, 1891ean ez zen bakar bat ere geratzen; eta 1856an zeuden 25 zapatagileetarik, 1891ean hiru baizik ez ziren geratzen).
Berrogeita hamarreko hamarraldian txikia da oraindik ere Nafarroa Behereko industria lantegien kopurua, eta zeudenak baserri giroko eskulangintzan ziharduten lantegi txikiak ziren, nekazaritzako eta harrobietako premiak asetzera bideratuak. Langintza horietan bi udalerri ziren nagusi: Akamarre, jarlekugintzan hirurogeiren bat lagun zituena, eta Donapaleu, oinetakogintzan ziharduten lantegi txiki batzuk baitzituen.
Laurogeiko hamarraldian Aiherrako udalerrian industrialde berri bat sortu zen, bertako administrazioaren eraginez eta "Société d'Equipement des Pyrénées Atlantiques"en laguntzaz, industria erakartzeko eta garatzeko asmoz.
Laurogeita hamarreko hamarraldian nagusi ziren jarduerak bertako baliabideei eta nezakazaritza giroko lanei lotuta zeuden, ordu arte bezala: altzari fabrikak, Irulegin; nekazaritza makineria, Aiziritzen; gaztategiak eta nekazaritzako makineria konpontzeko tailerrak beste udalerri batzuetan.
Jarduera horiek ez zuten garrantzi handirik; 1990ean lanean ari ziren pertsonen artean %11,3k bakarrik ziharduen industrian, eta tasa hori %6,8koa zen. Ipar Euskal Herri osoa kontuan hartuz gero, kantonamenduka, Donapaleukoak biltzen du bigarren sektoreko enpleguaren portzentaiarik handiena (Nafarroa Behereko enplegu guztiaren %36,4), gero Donibane Garazik (%24,2), gero Iholdik (%23) eta Baigorrik (%16,4). 1982an, arlo horretan ziharduen langile kopurua zertxobait handitu zen, kantonamenduka gorabehera handiak izan baziren ere; izan ere, Donibane Garazin eta Baigorrin enpleguak behera egin zuen, Iholdin gora, eta Donapaleuk lehengo kopuruari eutsi zion.
Nafarroa Beherean nekazaritzakoak dira oraindik ere jarduera nagusiak, azken urteetan beheradaka handia izan badute ere.

 

Zuberoa

Garai batean burdina lantzearen inguruko eskulangintzak indar handia izan zuen Zuberoan, Larrañe eta Ligi Athereiko eskualde menditsuetan, bereziki. 1850etik aurrera abarketak egiteko lantegiak sortu ziren Maule Lextarren. Zeregin horri lotuta, merkataritzaren eta burdinbidearen laguntzaz eta baserri giroan kokatua egotearen abantailaz, jarduera horrek indar handia hartu zuen udalerri horretan eta inguruko beste zenbaitetan. R Labordek dioenez, 1895ean 537 zapatagile zeuden Maule Lextarren, eta 1911n,berriz, 1.585 inguru. 1890etik Lehenengo Mundu Gerra arte lanbide horrek goraldi handia izan zuen, hainbestekoa non urrezko aroa esaten baitzaio. Garai hartan, eskulangintzan ziharduen hiri txiki bat zen Maule Lextarre, Biarnoko hainbat behargin herriren antzekoa, baina hura zen Ipar Euskal Herri osoko abarketa zentro nagusia.
1930eko krisi ekonomikoak eragin gogorra izan zuen abarketagintzan, horrez gainera meategietan abarketak erabiltzeko debekuak, segurtasun neurriak zirela medio, eta Bigarren Mundu Gerran langile kopurua txikitu izanak ere izan zuen eraginik langintza horretan. Berrogeita hamarreko hamarraldiaren erdiaz geroztik, abarketagintzak beste beheraldi bat izan zuen egitura arrazoiak zirela medio: ez zegoen merkataritzas are egokirik, ez lanerako teknifikazio handirik, ezta kapitalik ere... Bestalde, jendeak utzi egin zion abarketak lanerako erabiltzeari eta garai hartan bertan beste oinetako mota batzuk (kirol zapatilak) azaldu ziren, abarketen kaltetan. Aljeriako gerra ondoren, abarketaren merkatuak are egoera larriagoa bizi zuen (izan ere, ordu arte gudarosteak abarketen %20 erosten baitzuen), eta 1970ean, kalitatea eta merkatuaren antolamendua hobetzeko asmoz, "France Espadrilles" erakundea sortzea erabaki zuten. Produkzioak gora egin zuen harik eta 1978an, krisiaren eraginez, lantegi askok itxi behar izan zuten arte. Laurogeiko hamarraldiaren erdi aldera Zuberoako abarketagintzaren egoera areago larritu zuen Txinatik inportaturiko abarketak merkatuan agertu izanak.Berrogeita hamarreko hamarraldian 1.500 pertsona inguru ari ziren jarduera horretan, laurogeiko hamarraldiaren bukaera aldera, berriz, 532 besterik ez zeuden.
Hirurogeita hamarreko hamarraldiaren erdi aldera Zuberoako industria jarduera batik bat Maule Lextarren zegoen kokatua; 1977an 2.800 bat langile ari ziren industrian lanean, eta handik hamar urtera 1.616 besterik ez. hirurogeita hamarreko hamarraldiaren bukaeran, Maulen ere, beste udalerri askotan bezala, industrialde bat sortu zuten, 6 Ha.koa, industria jarduera bizkortzeko.
Laurogeita hamarreko hamarraldian, Maule Lextarrek, aurreko garaietan ez bezala, era askotako lantegi gehiago ditu. Oraindik ere badira abarketa lantegiak, ("Hnos. Serrano", "Sotraf', eta abar), beste batzuek oinetakogintzara hedatu dute produkzioa, eta bestelako gaiak produzitzen dituzten lantegiak ere badira gaur egun: plastiko lanetan diharduten enpresak ("Woold Mine Dennery Cy"), eta eraikuntza metalikoak eta nekazaritza materiala egiten dutenak. Bada gainera altzairugintza lantegi bat, SNCF burdinbide erakundearentzat trenbide-trebesak egiten dituena. Gune industrializatuenak Maule Lextarren eta Bildoze Onizepian daude.
1990ean lanean ari zen Zuberoako biztanleriaren %28ak industrian lan egiten zuen, Ipar Euskal Herri osoko %10ak, alegia. Maule Lextarreko kantonamenduak Zuberoako ia langile guztiak biltzen ditu, %90 alegia. 1982ko datuekin konparatuz gero, enplegua asko jaitsi zen, ia %24 (500 pertsona gutxiago), izan ere, aurreko hamarraldian lanean ari zen biztanleria osoaren %32,5 industrian baitzebilen.
Garai batean industria hiria izana zen Maule Lextarrek eta bere inguruak indarra galdu dute Baionako aglomerazioaren mesedetan, eskualde hori baita gaur egun eta azken urteetan Ipar Euskal Herriko industria inbertsioa bideratzen duena. Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdi barnekaldeko kantonamenduak nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin eta baso ustiaketarekin lotutako arloetan daude espezializatuta. Zehatzago esanda, Ipar Euskal Herri osoa kontuan harturik, eremu horretan dago haragiaren eta esnearen industria osoaren %75, oinetakogintzaren %75, kautxuaren eta plastikoaren %40,5, eraikuntza mekanikoaren %38, etxegintzaren %37, zuraren %36,3 eta ehungintzaren %35,5. Larru ondua, oinetakogintza eta altzariak dira kontsumo ondasun nagusiak. Elikagaietan, haragia eta esne industria dira nagusi. Bitarteko ondasunetan, kautxua, plastikoa, eraikuntza materialak eta fundizioak; eta ekipamendu ondasunetan, eraikuntza mekanikoa.