Departamento de Cultura y Política Lingüística

Geografia»Nekazaritza

Euskal Herriko nekazaritza inguruneko paisajea: tradizioa eta aldakuntza espazio antolaketan

 

Euskal Herriko nekazaritza inguruneetako paisajea: giza jarduerak horretan izan duen eragina

 

Euskal Herriko nekazaritza ingurunea: Euskal Herriko nekazaritza sistema nola zertu den lurraldeari dagokionez

Espazioaren ageriko aldea edo begi hutsez ikus daitekeena da paisajea. Bere gisa edo gizakiaren eraginez izadian agertu diren formen edo "morfologiaren" arabera definitzen, deskribatzen eta esplikatzen da paisajea. Inguruneko elementuek eta gizakiak espazioan eragindako aldaketek ematen diote paisajeari duen egitura. Sistema jakin bat eta geografi egitura jakin bat dute paisaje guztiek, eta batzuk eta besteak lotuz artikulatzen diren geografi elementuz osatuak daude. Beraz, ingurune naturala osatzen duen elementu sail handi horren ageriko aldea da paisajea. Elementu horiek badute, orobat, gizakiak bere beharrak betetzerakoan espazioan eragiten dituen aldaketak eta moldaketak berriz bere erara moldatzeko ahalmena. Gizakiak ingurune naturalean eragindakotik begiratu ahal balitz, gizarteak eratua izango litzateke paisajea.
Ingurunean diren egiturak edo ingurune hori zer modutara antolatua dagoen aztertzea eta barneko ordenean dituen elementuak eta faktoreak ikertzea da geografiaren lana. Nekazaritzako inguruneaz arduratzen den geografiako sailak alor horretako estrukturak interpretatu eta baloratu beharko ditu:zein elementuz osatuak dauden, zein faktore darabiltzaten azpian, zein funtzio dituzten, zein bilakaera historiko izan duten eta zerk bultza dituen diren bezalako izatera.
Paisajeak lekuan lekuko nekazaritza motak bereizten ditu. Eta horiek behar bezala ulertzeko, García Fernandezen iritzian, espazio horietan jaso izan den gertaera sail luze bat aztertu behar da aurrena, eta horiek elkarrekin zer harreman dituzten, nola elkarretaratzen edo konbinatzen diren, eta zer estruktura geografiko duten arakatu behar da aldi berean.
Paisajea osatzen duten elementuak, gauza naturalen sailekoak, abiotikoak edo bizigabeak, dira batzuk: klima, ur bilguneak, geologia sustratuak, eta abar; eta bizidunen sailekoak, gainerakoak: biosfera osatzen duten landare eta animalia taldeak, sortu, hazi eta, bizigabekoen saileko elementuak direla bide, atzera lurrera bihurtzen den guztia, alegia. Multzo edo "eszenario" horretan, gauza naturalaren eragile edo aldatzaile gisa sartzen da gizakia, eta bere erara moldatzen eta ordenatzen ditu bizidunen saila eta paisajea.
Paisaje baten azterketa eta sailkapena zuzen egiteko, berriz, multzo hori (paisajea) osatzen duten oinarrizko azpimultzoak bakandu behar dira aurrena. G. Bertrandek hiru azpimultzo bereizten ditu: "ahaltasun ekologikoa" deritzana edo bizigabeek osatzen dutena; "ustiatze biologikoa" deritzana edo bizidunen taldeek osatzen dutena; eta "baliamendu antropikoa" deritzana edo helburua espazioa modu jakin batera ordenatzea duena. Azpimultzo horiek batzuk besteekiko duten eragin dialektikoaren arabera aldatzen da, berriz, osatzen duten multzo orokorra edo "paisajea", baina horrek ez du, azpimultzo horietako bakoitzak aldatuz joateko bere erritmo propiorik, aldaketak sentitzeko modu berekirik eta bilakaeraren denbora bere eskala propiorik ez duenik esan nahi.
Paisajea metodoz aztertu nahi duen geografoak, beraz, azpimultzo horietan sartzen diren formak sailkatu beharko ditu, batetik, eta azpilmultzo bakoitzeko elementuek eta azpimultzoek berek elkarrekin zer harreman dituzten aztertu beharko du, bestetik, horrela bakarrik bereiziko baitu lurraldeak zertan diren edo ez diren antzeko, edota homogeneo. Paisaje bat osatzen duten elementuak behar bezala bakandu eta sailkatuz gero, ez da, horien arteko harremanak zein diren, lurralde bateko zein parajetan diren eta leku horretan aurkitzeak zer esan nahi duen esplikatzea, lan gaiztoa.
Paisaje bat defini daiteke, bada, osatzen duten elementu guztiak eta horietako bakoitza izendatuz edo nekazaritza ingurunekoa den edo ez den argi erakus dezakeen elementu baten ezaugarri bat agertuz ere.
Eta garrantzi handiko gauza bat lortzen da horrekin, paisajea dituen ezaugarrien arabera banatzea, izan ere, betekizun jakin batek elkarretaratzen baititu ezaugarriak ere. Hori da paisajearen erabilera albora utzi gabe -tokian tokiko jarduera sozioekonomikoak kontuan hartuz, alegia— lurralde bat mugatzeko modurik egokiena.
Nolanahi ere, gaur egun diren nekazaritza ingurune konkretuak hiru gauzok eragin ditu duten antolaketa izatera: paraje horietan nagusi den egitura sozioekonomikoak, duten maila teknikoak eta lortutako integrazio ekonomikoak, hala biztanleguneen edo herrien estrukturari eta lantzen diren sailen formari dagokienez, nola ingurune horietan diren bide banaketari eta beste inguruneetako edo hurbileko biztanleguneekin dituzten harremanei dagokienez, zeren eta horietatik baitatozkie nekazaritza lanerako behar dituzten hainbat lanabes.
Paisaje bati eitea ematen dion elementu askok oraindik paisaje horretan betekizun konkreturik izateak ez du, elementu horiek orain-oraingoak direnik esan nahi, nekazaritza ingurune horretan den produkzio moldea horrelakoa izatera eragin duten iraganeko elementuak edo ondarea dela baizik. Eta horrela, nekazaritzako bizimoduan hainbeste sujezio eskatzen dituen biztanleztatzeko era, etxealdeen antolaketa, mendietako sailei eman izan zaien erabilera eta jabetza bera, etxaldeak halako edo holako izatea eta lurrak maizter gisa edo bestela erabiltzea eragiten duena, horiek guztiak aldi joanetan eta beste aurkientza sozioekonomiko batzuetan sortutako fenomeno geografikoak dira, dio García Fernandezek, baina denbora igaro ahala aldatzen eta orainagoko faktoren arabera moldatzen joan direnak, aldi berean. Zernahi ere den, ez dago, elementu horiek, duten funtzioa —handiagoa edo txikiagoa edo jatorria gorabehera, nekazaritza inguruneko egitura sozioekonomikoa baldintzatzen dutela eta nekazaritza inguruneko paisajeari itxura bat edo bestea ematen dion espazio antolaketaren parte direla, dudan jartzerik. Ez da, beraz, aipatu diren elementuak eta horien arteko harremanak aztertzea, harreman horiek nekazaritzako inguruneari funtzionaltasuna, eta honek paisajeari duen egitura eman arren, nahikoa berez; hainbat gertakariren bilgune den nekazaritza inguruneko paisajearen bilakera historikoa ere, nahitaez aztertu behar da horiekin batean. Zeren eta, espazioaren nondik norakokoekin batean, denborarenak aztertuko baitira hori eginez gero.
Gizakiak laborantzaren, abere hazkuntzaren, eta baso ustiatzearen edo sustratu ekologikoaren ustiatze ekonomikoaren bidez paisajean zer aldaketa eragiten dituen jakitea edo ikertzea da nekazaritza inguruneko paisajea edo paisajeak funtzionaltasunaren arabera aztertzearen helburua. Nekazaritza ingurunea esatean, hiria eta hirikoa ez den guztia esan nahi da. Bereizketa hori ingurune batek eta besteak oinarrian eragile bera (gizakia) dutelako egiten da.
Gizakiak ez du, nolanahi ere, paisaje horietako batean eta bestean eragin berbera. Hiri inguruneko paisajeetan beste ezerk baino eragin handiagoa du gizakiak; nekazaritza ingurunekoetan, aldiz, elementu abiotikoek eta biotikoek ere, azkeneko horiek, batik bat ikuskizun handia dute.
Nekazaritza inguruneko paisajeak ere ez dira guztiak molde berekoak; gauza askok bereiz litzake: lurraldearen ezaugarri fisikoek edo abiotikoek; klimak; lurra lantzeko teknikak; lurraren jabetza moduak; eta ekonomia bideratzeko erak edo joerak, besteak beste.
Ez da, bestalde, nekazaritza inguruneko paisajeak, bere-bereak ez diren zenbait elementu bereak balitu bezala hartzen dituela ere ahaztu behar: biztanlegune txikiak eta nekazaritza inguruneko arkitekturako elementuak bezala baso ustiaketako areak, esate baterako.
Baso baliabideek, izan ere, garrantzi handia izan baitute Euskal Herriko nekazaritza inguruneko paisajearen eraketan, itsasalderako eskualdeetan, batez ere (Gipuzkoan, Bizkaian, Lapurdin, Nafarroa Beherean, Zuberoan eta Arabako nahiz Nafarroa Garaiko iparraldean), baina, ez horietan bakarrik, oraindik Bardeetan-eta geratzen diren baso kondarretatik igerri daitekeenez.
Eta paisajearen eratzaileetako bat ez ezik, Euskal Herriko ustiatze moduan gertaturiko aldaketa sozioekonomikoen adierazle ere bada baso ustiatze hori. Industria sartu eta hiriak hazten hasi zirenean, nekazaritzak behera egin zuen, adibidez, nekazaritzaguneak eta industriaguneak elkarrengandik hurbil egonik, hainbat baserritar bateko eta besteko lana konbinatzen hasi eta batzuk, bizitzera ere, azkenean, hirira aldatu zirelako. Eta baserriko lana gutxi-asko alde batera uztearekin batera hedadura handiagoa hartu zuen basoak. Baina kanpoko zuhaitzak aldatu zituzten, bizkor hazten zirenez bertakoak baino errentagarriagoak zirenak, alegia: eukalitua eta insignis-pinua, batik bat.
Nekazaritza inguruneko paisajearen eraketan zeresan handia dute, halaber, erabiltzen diren teknikek (laborea txandatzeak, lugorri uzteak eta abar), etxaldeen neurriak (minifundioak, latifundioak etab.), lantzen dituzten sailekin dituzten loturak (jabetzakoa, maizterretan hartua, partzuergokoa), eta joera ekonomikoak edo etekina ateratzeko moduak. Lurrari etekina ateratzeko erak lau modutakoak izan daitezke: 1) biologikoa: ez botika edo ongarri kimikorik ez goi mailako teknologiarik erabiltzen ez duena; 2) etxeko mantenurakoa: familiako beharren erdia edo gehiago etxeko jeneroz estaltzen duena; 3) intentsiboa: sailei labore gabeko tarterik uzten ez diona; horrelakoa da Euskal Herriko baserrietako laborantza; 4) estentsiboa: sailei labore gabeko tartea uzten diona, helburua lurrari ahal den etekinik handiena ateratzea ez baina, ateratzen zaiona kostu txikian atertzea duena, Euskal Herriko Mediterraneo alderako bioklimakoa, Nafarroako Erribera aldekoa eta Arabako Errioxa aldekoa, adibidez; mahats eta labore lurrak dira horiek.
Etxaldearen luze-zabala eta forma, berriz, lekuan lekuko faktore fisikoek, hots, parajeaketa erliebeak (paraje hori harana, ordokia, ibai arteko muinoa edo beste izateak) erabakitzen dute, batik bat, baina baita urezta daitekeen lekua edo lehordia, edota diren muga klaseek ere (hesiak, hormak eta abar izateak edo ez izateak, alegia).
Hartuz gero lursaila paisajeari nortasun propioa eragiten dion unitate tekniko gisa, eta hartuz gero hori leku horretako lurrak zein laboretarako erabiltzen diren edo horien banaketa nola egina dagoen adierazten duen unitate gisa, lursailen (edo etxaldeen) arteko mugen ezaugarriak, nekazaritza inguruneko paisajearen forma baldintzatzen duten lehen mailako elementu gisa agertzen dira orduan: horien arabera esaten da ingurune bat alor irekia (edo"openfield") dela edo alor itxia dela; "bocage" ere baderitza azkeneko horri, hesi biziz (sastrakaz edo zuhaitzez) mugatua bada.
Alor irekiak zerrendakako sail banaketa eragiten du normalean, eta zerrenda bakoitzean labore mota bat egin ohi da (garia batean, garagarra bestean, artoa hurrengoan, eta abar).
Alor itxiko banaketan, ordea, barrutitan edo esparrutan bezala mugatuak egoten dira lursailak eta/edo etxaldeak.
Zein labore mota landu, berriz, lekuan lekuko klimak eta lurraren gizentasun edo mehetasunak agintzen du neurri handi batean, baina ez bakarrik, zeren eskualdeetako tradizioak ere garrantzi handia baitu. Mediterraneo alderako eremuan (bide batez, Nafarroako Erriberan) hain tipikoa den trilogiaz edo hirukoteaz (mahasti, olibondo eta labore sailak) osatutako paisajea eta Atlantiko alderako bestea (baserri inguruneko arto sailak) dira esandakoaren lekuko.
Nekazaritza inguruneko paisajea halako edo holako izateko eragin handia du arkitekturak eta etxebizitzak egiteko moduak ere; eginkizun sozioekonomikoari eta batik bat lekuan lekuko kultibo edo ustiatze motari begira eginak ohi dira horiek. Eskualde bakoitzean egiten duen giroak, bertako tradizioak eta erabiltzen den esplotazio moduak ere zerikusi handia dute nekazari inguruneko etxeak era batera do bestera egiteko orduan. Baserriak dira horren eredu garbia; Atlantiko alderako eskualdean, hots, paraje euritsuan direnez, bi isuraldeko teilatua eman izan zaie; sukaldea, logelak eta gizakiak erabiltzen dituen barrunbeak hegoaldera begira ohi dituzte, eta iparraldera begira, berriz, ukuilua eta aziendak egoten direnak.
Argi ikusten da esandakotik, nekazaritza inguruneko paisaje horiek, gorago aipatu bezala, funtzio nagusia laborantzarako, abere hazkuntzarako eta baso ustiaketarako baliabideak produzitzea dutena, zeinen konplexuak diren. Gauzen, bizidunen eta gizakiaren artean izan daitezkeen harremanek eragitzen dituzte paisaje mota ezberdin horiek.
Elementu horiek zer harreman dituzten, nekazaritza inguruneko espazioaren itxuran nabari ohi da. Faktore fisikoak nagusi diren lekukoa paisaje naturala izango da, beraz, eta paisaje gizakeratua edo humanizatua, gizakiaren eraginezkoa nagusi den lekukoa. Nekazaritza inguruneko paisaje bat ezin daiteke paisaje gizakeratua baizik izan, zeren gizakiak aukeratzen baitu horietan zein kultibo mota landu edo lursailei zein erabilera eman, eta ingurune fisikoari ere horiek ematen baitiote duen itxura. Lekuan lekuko gizarteak zein teknologia maila duen paisajean antzemango da, eta espazioa batean zenbatsu jende bizi den ere kontuan hartu beharreko beste osagai garrantzitsu bat izango da. Paisaje bat hartarako edo honetarako aukeratzeko orduan funtsezko garrantzia dute, nolanahi ere, leku horretan diren baliabide naturalek eta horiek urri edo oparo izateak, zeren erabili ere etekina ateratzeko erabiltzen baita espazioa, eta, besteak beste, giroak, erliebeak eta zoruak egiten dute espazioa den bezalako, errendimendu handiko edo txikiko.

 

Nekazaritza inguruneko paisajeen osagaiak

Nekazaritza inguruneko paisajeari lurra lantzeko erak ematen dio, beraz, duen itxura; nola erabili halako aztarna uzten baitu lantzean.
Geografiako zientzia sailean uste izan da bi faktorek hartzen dutela nekazaritza sistemen eraketan parte, alegia, faktore fisikoek eta antropikoek (edo, gorago esan den bezala, elementu bizigabeek, bizidunek eta antropikoek); faktore horiek, ordea, ez dutela eraketa horretan eragin erabakiorrik izan, eta ez dagoela, halaber, ingurune jakinen eta leku horietako jarduera moten artean mendekotasun erlazio estu zuzenik, ezberdina baita horietako bakoitzak aldi eta leku bakoitzean izan dezaketen eragina ere.
Nafarroa adibide gisa harturik, nekazaritza lorzoru eta klima desberdinen arabera bideratu izan dela esan ohi da, alubioi lurretan erregadiozko kultibora eta lurzoru detriktikoetan mahatsetara, adibidez. Horietan bertan ere, aukera egiterakoan gizakiak gehiago begiratu izan dio askotan lekuan lekuko ohiturari, tradizioari edo kulturari, eta ez izadiak eskaintzen zizkion abantailei.
Faktore fisikoek, giroak, erliebeak eta zoruak nolakoak, ondo aprobetxatzez gero, landare mota batzuk edo besteak lantzea eskatzen dute, den klima eta zorua batzuei baino besteei hobeto doakienez. Baina, berebat nekazaritzari zenbait muga ezarri ere egiten diote faktore horiek, hotz edo bero handiegia egiteak edo aldaparen handiagatik lurra ezin asentatuak, esate baterako.
Badute giza faktoreek ere, bai leku batean bizi den biztanlegoak, eta horren egitura sozialak eta lursailekiko lotura moduak, diren nekazaritza sistema desberdinen antolamenduarekin eraginik, eta arrastorik ere uzten dute horrenbestez.
Nekazaritza giroko inguruneari mugak jartzeko kontuan, dena den, faktore ekonomikoek eta politikoek indar handiagoa dute faktore sozialek baino, egon ere, faktore ekonomikoa baitago espazio erabileran eta nekazaritza giroan gaur egun gertatzen ari den aldaketa askoren oinarrian.
Eta baieztapen horien ondoren —baieztapen akademiko samarrak, gainera— ordua da atzera gorago utzitako eztabaidari heltzeko, faktore fisikoek eta humanoek nekazaritza o sistema desberdinen eraketaren gain duten eragina erabakiorra den edo ez, eta zenbateraino hala den aztertzeko, alegia. Leku batean bizitzen jarri eta jarduera ekonomiko bati aurre egiteko inon ingurune naturalak oztopo gogorrak jarri izan badizkio gizakiari, gaur Euskal Herria den honetan jarri izan dizkio. Gizakia bizi ahal izateko leku txartzat jo izan da hau beti, hala baliabidez, urri baitira, nola parajez. Ez da, Euskal Herriko Atlantiko alderako eskualdearen ezaugarri nagusia giza asentamenduak "bailaraka" antolatuak egotean, eta bailara bakoitzeko biztanleak gainerakoetatik interes bertsu samarrak izatean, beharkizun eta ohitura juridiko komunak eta are euskara mintzatzeko era propioa izatean bereizten direla, esateagatik esan izan.
Dena den, aipatu diren oztopo horiei begira edo delako beste determinismo horren zain egon gabe hasi zen gizakia ingurunean parte hartzen, hain zuzen ere, Behe Paleolitos aroko aldi urrunetan hasi baitzen horretan, eta, inguruneko aldaketak gorabehera, geroztik gai izan da bizirik irauteko.
Dena den, ez daiteke paisajean zerikusirik duten faktoreen zerrenda kultura aipatu gabe utzi, horren eragina ere nabari izaten baita paisajeetan. Gizatalde bakoitzak bere modura edo garaian garaiko bere interesen eta sinesteen arabera interpretatzen du paisajea, eta duen teknologiaz baliatzen da horretan parte hartzeko. Paisaje jakin bat eratzen duten faktore fisikoak eta bizi den paisaje horri buruz gizatalde batek bere bilakaerako aldi desberdinetan egin dezakeen interpretazioa bereizi beharreko bi gauza dira, beraz.
Bada, paisajearen moldaeran kulturak zenbaterainoko eragina izan dezakeen argi erakusten duen adibide bat Euskal Herrian, eta nekazaritzaren antolamenduan garrantzi berezia duena, edo izan duena, gainera: lurraren jabetza eta ustiatze sistema juridiko jakin batean oinarritua egotean datza hori, eta sistema horrek esku ematen du bai lursailak herendentzia gisa uzteko, bai horiek inori saltzeko edo emateko, eta baita erabiltzeko eta onura atera ahal izateko ere. Lursailak errentaz eskuratu ahal izatea eta baserria erabiltzeko eskubidea inori utzi ahal izatean datzan figura juridikoa garrantzi handiko faktoreak izan dira, beraz, Euskal Herriko nekazaritza sistema eta ingurune bereko paisajea eratzeko orduan.
Nekazaritza inguruneko paisajeak aztertzeko, metodo gisa arrazoiketa zientifikoaren funtsezko bi prozesu hartuko dira oinarri: analisia eta sintesia.
Zernahi dela ere, nola ingurune geografiko bat artertzea nahikoa lan konplexua den, behar beharrezkoa da nekazaritza ingurune jakin baten eraketan eragina izan duten elementuek eta horiek elkarrekin dituzten harremanak argi ager ditzaken metodoari jarraitzea (analisia), eskualde horretan bizi izan diren giza taldeek erabili duten nekazaritza moduaren arbera guzti hori nola gauzatu izan den ikus ahal izateko gero (sintesia).
Baldin eta paisajea, gorago aipatu bezala, gizakiak lurralde batean izandako jarduera konkretuaren ondorio bada, produktu sozial edo paisaje hori ere bilakaera dinamikoan dagoen "sistema" gisa ulertu beharko da. Dagoen nekazaritza inguruneko paisajea ez da, horretara bitartean izan duen bilakaeraren ondorio edo denbora igaro ahala aldatuz joan diren elementu sail baten eta horien arteko harremanen ondorio edo ailegaera puntua baizik; izan ere, aldaketa horien gain eragile gisa jokatu izan duenaren, hau da, gizartearen emaitza eta produktu baita.
Nekazaritza inguruneko paisaje bat aztertzerakoan kontuan hartu beharko da, berebat, horren aldaera historikoak edo gaur dena izatera iritsi arteko bilakaera ere.
Gaur egun Euskal Herrian dagoen paisaje aniztasuna, bai paisaje naturaletakoa eta bai nekazaritza ingurunekoetakoa, pixkana-pixkana aldatuz joan izanaren ondorio da, dena den; izan ere, pixkanakako aldaketek ez baitute paisajean desberdintasun handi eta bat-batekoak izateko biderik uzten. Pixkanakako aldaketa hori, diren bi gradiente morfologiko eta bioklimatikorengatik gertatu da lurralde osoan horrela. Gradiente horietako baten norabidea Iparretik Hegorakoa da. Laboreak eta lurra lantzeko eraz polikultibokoa eta nekazaritza intentsiboa dira iparraldean, Atlantiko alderako lurraldeari duen paisaje egitura ematen dion baserri ingurune-edo delako horretan. Hegoaldera ahala paisajea eta lurra lantzeko era aldatuz doaz, Nafarroako Erribera alderaino. Erriberan laborea lantzen da gehiena, era estentsiboan landu ere; etxebizitzak ere herrigunearen inguruan pilaturik daude alde horretan. Aipatu diren bi paisaje modu horien arteko eskualdeetan, aldiz, bateko eta besteko elementuak aurki daitezke, Arabako Lautada eta Nafarroako Erdialdean, esate baterako, eta lursailak ere herriguneen edo herrixken ingurunean banatuak daude eskualde horietan.
Bigarren gradientea, berriz, Mendebaletik Ekialderakoa, Euskal Herriko mendebalean (Araban eta Nafarroan), edo Ebro ibaiak bere igarobidean sorrarazten dituen paraje zabal muino txikizkoetan hasi, eta ekialdera luzatzen da; zenbat eta ekialderago -Pirinio mendien arteko haran sakonetara bitarteraino-, orduan eta erliebe konplexuagoa eratzen du.
Begi hutsera ere argi bereiz daitezke bi gradiente horien arteko aldeak. Zenbat eta ipar-mendebalerago orduan eta ezkoagoa da ingurunea, urriagoa Mediterraneo aldeko laborantza modua, eta sarriagoa, aldiz, ingurune hezeetakoa. Olibondorik eta mahastirik, esate baterako, ez da eskualde horietan, eta Mediterraneo aldeko parajeetan garia eta garagarra diren bezala, artoa da horietan nagusi. Belardi asko da eta sorosail gutxi, belardiekin konparatzeko; bestalde, "bocage" edo sail itxiko paisajeak dira nagusi; "openfield" edo sail irekirik, berriz, ez da. Halaber, zenbat eta ipar-mendebalerago eta garrantzi handiagoa du abere hazkuntzak eta txikiagoa, berriz, laborantzak. Antzeko zerbait gertatzen da iparraldetik hegoaldera hasiz gero ere. Iparraldeko eskualdeetan polikultiboa da nagusi, eta nekazari inguruneak eta hiriak edo herri handi samarrak elkarrengandik hurbil direnez, fruituak eta barazkiak lantzen dira gehienbat, biztanlegune horietarako batik bat. Kontrara, zenbat eta hegoalderago eta orduan hedadura handiagoa dute olibondo, mahats eta labore sailek -gorago aipatu den hirukoteak, alegia—, eta horietan bertan ere, zenbat eta Ebrora hurbilago orduan eta zabalera handiago labore sailek.
Aipatu ditugun ezaugarri horiek kontuan harturik, bi bioklima modutan banatu da Euskal Herriko geografia. Lehenbizikoan Ozeano Atlantiko alderako lurraldeak sartu dira: Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeak (Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Zuberoa), Hego Euskal Herriko bi lurralde oso (Gipuzkoa eta Bizkaia), Arabako ipar isuraldeko haranak (Arabako Kantabria aldeko udalerriak, Ertziniega, Aiara, Laudio, Zuia, Legutio, Aramaio eta Baias, eta Zadorra ibaien buru aldeak) eta, "Navarra 2.000" azterketaren arabera, Nafarroako Mendialdea deritzana (ipar-ekialdea eta Pirinio aldea). Klimari dagokionez, euri asko egiten duen eskualdeak (1.000 mm baino gehiago urtean) dira aipatu diren horiek, baina, duten erlibeagatik, eta itsas haizeak jotzen duenez, tenperatura epelekoak, aldi berean.
Mediterraneo alderako biokliman, aldiz, eskualde hauek sartzen dira: Nafarroako Erribera Garaia eta Tutera, Arabako Lautadaz hegoalderako eta mendebalerako lur zerrendak, Arabako mendebaleko Haranak, eta Arabako Errioxa aldea. Eskualde horietan euri gutxi egiten du (500 mm-rik ere ez, batez beste urtean) eta udaldi lehorra izaten dute.
Aurreko bi eremu horien arteko eskualdeetan erdibideko bioklima da. Hauetan garbi ikusten da nola, hegoalderago ahala, Atlantiko alderako bioklimako ezaugarriak indargetzen eta Mediterraneo aldekoak, berriz, nabarmenagotzen diren. Erdiko eremu hori ere Ipar eta Hego aldetan banatu izan da inoiz. Eremu horretan sartzen dira Nafarroako Erdialdea eta Arabako Erdi-Ekialdeetako eskualde menditsua, Trebiño edo Udako Konderria barne.
Euskal Herriko Pirinio aurreko haranak, beraz, batzuk Atlantiko alderako eremuan eta besteak Mediterraneo alderakoan sartuko lirateke, osorik hartuta batean edo bestean sartzeko ñabardura gehiegi denez; baina badute, orobat, aurreko bietatik banatzen dituzten eta "erdibideko" eremu batean sartzea bidezko egiten duten zenbait ezaugarri ere.
Zaila da erdibideko geografi eremu horretan mugak non diren zehaztea, eta hori, ezaugarri nagusia beste bien artekoa edo erdibidekoa izatea delako, hain zuzen. Eremu horren iparraldeko muga, gauza gehiago zehaztu arte behintzat, gutxi gorabehera bi ur isuraldeak (Atlantiko alderakoa eta Mediterraneo alderakoa) banatzen diren mendietan (Anboto, Gorbeia, Urkiola eta Elgea mendietan) eta Nafarroa Erdialdeko Erreniaga, Alaitz, Izko eta Leire mendilerroetan jar daiteke. Azkeneko horiek ez dira, izatez, oso mendi garaiak, baina bai Atlantiko aldeko haizeari eusteko eta orobat alde horri kontinente aldeko kutsua emateko hainbatekoak. Arabari doakionez, Trebiñon edo Udako sinklinalean, Entziako eta Iturrietako mendilerroetan eta Gasteizko mendietan luke erdibideko eremu horrek hegoaldeko muga. Nafarroari dagokionez, berriz, muga halako edo holako lekutan duen esatea ez da, ez, gauza erraza. Geografi eremu horretan, batez beste 500-800 mm euri egiten du urtean.
Erilebeak ere garrantzi handia du Euskal Herrian; tenperaturari eta prezipitazioei dagokienez behintzat, lehen egindako sailkapenean agertzen ez diren zenbait aldaera eragiten ditu horrek, eta bidea ematen du, halaber, sailkapenean laugarren eremu bat sartzeko ere, 1.200 eta 1.600 m bitarteko mendiek osatzen dutena, hain zuzen. Garaiera horretako mendiak Nafarroako ipar-mendebalean aurkitzen dira. Paraje hotza denez, landarediak epe laburreko indarraldia izaten du. Zuhaitzei dagokionez, baso-pinua da nagusi, iparralderako isuraldean pago eta haritz basorik ere baden arren.

 

Lurraren erabilera eta nekazaritza inguruneko paisajeen moldea balditzatzen dituzten faktore fisikoak

Sailak zertarako erabili aukeratzerakoan, zeresan handia dute, dudarik gabe, delako paraje batek dituen gaitasun naturalek, gaitasun horietan baitago lurraren oparotasuna edo elkortasuna. Gaitasun horiek ez dira, nolanahi ere, erabakiorrak, mugatzaileak baizik, zeren, paraje hotzetan bere gisa utzita onduko ez litzatekeen zenbait barazki eta fruitu hazteko mintegiak asmatuak daudenez, bai baitago erremedioa; aldapak berdintzeko lur-eutsiak dauden bezala.
Aurreramenduak aurreramendu, eta teknologia teknologia, oraindik ere ingurune fisikoak zeresan handia du nekazaritzan. Berrikuntza tekniko horiek doitu eta leku bakoitzera egokitzerako orduan, oso kontuan hartu izan dira faktore naturalak eta horiek landareen hazkuntzan izan dezaketen eragina, izan ere helburua, eragin txar horiei aurre egitea eta erremedioa aurkitzea baitzen. Paraje bat zertarako erabili tokian tokiko erliebeak, klimak eta lurzoruak agintzen dute neurri handi batean, zeren horiek esaten baitute lursail jakin bat laborantzarako, baso ustiaketarako edota, larre berriak sortuz, abere hazkuntzarako, zertarako den hobea.
Erliebeaz minzatzean kontuan izan behar da topografiari buruzko zenbait gorabehera ere: paraje garaia edo aldapatsua den, zorua zerez eratua duen eta abar, zeren, gutxi-asko, halakoa izango baitira higadura eta hango lurraren oparotasuna ere.
Euskal Herriak, eta duen bioklima bikoitzari dagokionez, badu iparraldean eskualde menditsu nahikoa zabala, Alpe Mendiak sortu ziren garaikoa. Gizakia aspaldidanik bizi da mendiarte, haran eta malda horietan, eta lur-eutsiez eta, aldapak berdindu ere egin izan ditu ahal izan duen lekuetan. Aldapa lagun txarra da, noski, soro lanetarako, lur gizen edo sendorik eta sail laurik ez baita eratzen, berez behintzat, horrelako lekuetan. Eta lurra eroso samar landu ahal izateko, 35 graduko aldapan (%70eko aldapa) jarri ohi da okerreneko muga, hori baino aldapa zorrotzagoak lan eta kostu handiegiak eskatzen baititu behar bezala egokitzeko.
Kontrara, eremu lau eta muino txikiko ibai arte zabal asko da Euskal Herriko hegoaldean, eta paraje lauak izatearen erosotasuna lagun, nekazaritza ere aspaldidanik eta ondo finkatua dago alde horretan.
Beste zenbait aldeketen oinarrian dagoen faktore gisa har daiteke, beraz, erliebea, zeren eta, garaierak eragin zuzena baitu tenperaturan, zenbat eta gorago orduan eta hotzago egiten duenez.
Klima aldaketen eta garaieraren araberako tenperatura mailak izatearen eragile ere bada, beraz, erliebea; orain arte esanak eta orobat haizeen eta eurien banatzaile izateak Euskal Herriko nekazaritza sistema bi aldetan banatuta egotearen eragile bihurtzen dute erliebea. Euskal Herriko nekazaritza sistema bitan banatu ez ezik klima berezi edo mikroklimak sortu ere egin dezakete topografiako sailean sartzen diren zenbait elementuk, garaierak, erliebe moduek, alde egutera edo laiotza izateak, aldapak eta abar, horiek guztiek ere bai baitute zein leku halako klima (mikroklima), eta, beraz, horrekin landare motak propioak sorrarazteko orduan zeresana.
Batetik, klima aldaketaren eragile da, beraz, erliebea, hori osatzen duten elementuak, tenperatura eta prezipitazioak honen arabera daudelako, baina, zenbait kultibo motarentzat mugatzaile ere bada aldi berean, zenbat eta gorago, batez beste, are eta hotzago egiten duelako (180 metroko gradu bat hotzago, gutxi gorabehera), eta horrek zenbait landareri behar bezala hazteko oztopo handiak jartzen dizkiolako. Erliebeak, bada, bi modutara eragin lezake lantzen edo landu nahi diren kultiboen gain: zorua osatzen duten harri edo gainerako material moten bidez, batetik, lekuan lekuko zoruaren emankortasuna edo elkortasuna horien arabera dagoenez; eta leku horietan diren elementu topografiko eta morfologikoen bidez, bestetik.
Nekazaritza inguruneko espazioa baldintzatzen duten faktore naturaletan klima da, oro har, eraginik handiena duen elementua, eta hain da hala gainera, non nekazari lanetarako oztopo larria ere gerta baitaiteke zenbait lekutan. Hori dela eta, oztopoei aurre egiteko teknikak asmatzen aritu behar izan du gizakiak, eta erremedioak aurkitu ez ezik, zenbait lekutako baldintzak hobetu ere egin izan ditu inoiz. Nekazaritza ingurunetik hurbil diren hiriguneetako biztanleen eskeak eraginik, barazkiak plastikopean hazaraziteko teknika, gaur egun hain zabaldua dagoena, litzateke horietako bat. Teknika hori oso zabaldua dago, besteak beste, Oiartzunen (Gipuzkoan), Amurrion (Araban) eta Mungian (Bizkaian).
Nekazaritzako jarduera eta horren bilakaera baldintzatzen dituen faktore gisa hartu behar da, beraz, klima, hori osatzen duten elementuak nola konbinatu izan direnaren arabera baitago barazki eta laboreen hazkuntza. Beroa, argia eta euria zenbatekoak izan klimak agintzen duenez, landareek hazteko sasoian dauden bitartean zenbat bero, argi eta ur (euri) izan dezaketen da garrantzizkoa.
Faktore horiek nekazaritza ingurunean zer eragin izan dezaketen Ipar Euskal Herrian ikusten da garbi. Föehn haizearen eskueran aurkitzen denez, inguruko eskualdeetan baino beroago egiten du alde horretan. Haize horri esker, latitude bertsuko beste eskualdeetan (Kosta Urdinean, adibidez) baino negu epelagoak egiten ditu, baina Mediterraneo inguruko lurraldeetan baino udaldi freskoagoak, aldi berean. Föehn haizeak Iparraldeko kliman horrelako eragina izatean badu Pirinio Mendilerroak zeresanik. Haize hotz hezeak jotzen du Pirinio Mendien Hegoaldetik. Mendilerro horrekin topatzean gora egiten du aireak, baina igo ahala, duen presioa gutxitzen joaten da. Orduan airea hodei bihurtzen da eta euri edo elur forman hustutzen du hezetasuna. Mendilerroen erpin parera iristean, beraz, hezetasuna galtzen du, eta Pirinioz bestaldean edo haizebean behera hastean, handituz joaten da presioa eta gero eta beroago bihurtzen da haizea, lehorgarri bilakatzeraino azkenean.
Non zer landu aukeratzeko orduan, eta zer horien hazkuntzan, zerikusi handia du tenperaturak ere, hori baita landareek bizitzeko behar beharrezkoa duten energia termikoaren (argi orduak) iturri; tenperaturen eragin biologikoa deritza horri. Barazki eta laboreetan, muturreneko tenperaturak dute, noski, eraginik handiena edo zuzenena.
Euskal Herriko gainerako ekonomia jarduera bezala, nekazaritza ingurunea ere aldaketa prozesuan sartua dago gaur egun;bi joera nabari daitezke aldaketa prozesu horretan: nekazaritzarako tradizioa handia izan arren faktore fisikoek produkzioa dibertsifikatzeko aukerarik eskaintzen ez duten aldeetan, jendea urritu egin da, gazte jendea batik bat, eta biztanlegoa, berritze faltaz, gero eta zaharragoa bilakatu da. Eta horrek aurreramendurik ez egitea, nekazaritzari are gehiago lotzea eta, zerbitzu publikoak modu errazionalagoan kudeatu beharrez, ziren haiek (eskolak, osasun zerbitzuak eta) desagertzea ekarri du berekin. Horrela gertatu da Enkartazioetan eta Arratia-Ibaizabal aldean (Bizkaian), eta orobat Arabako Mendialdean eta Haranetan ere.
Beste alde batzuetan, berriz, nekazaritza modernizatzeak, garraioak hobetzeak, eta hirien "hedatze prozesua" dela medio, nekazaritza inguruneetan industriako enpresak ezartzeak eta baliabide berriak, batez ere turismoarekin zerikusirik dutenak, ustiatu ahal izateak, eragin baikorra izan du, ekonomia mailan ere, nekazaritzako diru iturriari aipatu diren langintza berri horietakoak gehitu baitzaizkio. Hori dela eta, biztanle kopuruak beherakada txikiagoa eman du alde horietan, gehienetan behera egin duen arren; izan ere, gazteriaren parte bat behintzat herrietan geratu baita eta ekonomiak nahiko indarrean jarraitzen du: Arabako Errioxaldean, Nafarroako Erdialdean, Iruñerrian, Nafarroako Erriberan edo Lapurdin, adibidez.
Prezipitazioena da, tenperarurarekin batean, klima osatzen duen beste elementua. Laborantzari nahi bezalako etekina kendu ahal izateko behar beharrezkoa da nahikoa ur izatea, zeren, hein handi batean, horren arabera baitago uztaren oparotasuna, eta are uztarik izatea edo ez izatea ere, batzuetan. Behar bezala garatuko bada, uztagaiak ezinbestezkoa du hazteko sasoian nahikoa ur izatea; euriaz mintzatzean, zein urte sasoitan eta zenbat egiten duen jakiteak du garrantzirik handiena.
Nafarroako Lurraldean hiru alde bereizi ohi dira: Mendialdea, Erdialdea eta Erribera. Bi arrazoi nagusi daude banaketa hori horrela egiteko: alegia, batetik, alde bakoitzak bere berezitasun orografikoak izatea, eta, bestetik, egiten duen euri kopurua, honek ere funtsezko garrantzia baitu biokliman. Euria ere ez du, beraz, kantitate bera egiten aipatu diren Nafarroako hiru alde horietan: Mendialdean, batez beste 800 mm baino gehiago egiten du urtean; Erdialdean edo bi muturren artekoan, 500 eta 800 mm bitarte, eta, azkenik, Hegoaldean (Erriberan), 500 mm ere ez. Erriberak, beraz, Mediterraneo aldeko eta lur barruko eskualdeen ezaugarriak ditu. Eskualde horretan Aragoi ibaiaren behealdea eta Tuterako hego-ekialdea dira alderik lehorrenak, Ebro inguruko sakonuneko erdialdearen antzekoak, horrenbestez.
Nekazaritza bide batetik edo bestetik bideratzerakoan eta horrek ondorioz dakarren ingurune eraketan zerikusi handia dute, halaber, tokian tokiko lurzoruak eta landarediak ere.
Hain daude lurzorua eta kultiboa edo uztagaia elkarrekin loturik, non gauza beraren alde bi bezala ere har baitaitezke, ia esaterako. Bi faktore motak egiten dute lurzorua den bezalakoa: faktore naturalek (klimak, topografiak eta landarediak), batetik, eta gizakiaren eraginak edo laborantzak, bestetik.
Elementu fisikoz, kimikoz eta biologikoz eratua dagoen osotasun konplexu bat da lurzorua, landareen hazkurri eta euskarri izateko gaitasuna duen osotasun bat, alegia. Eta landareak ere, orobat, animalien bizigarri direnez, lurzorua nekazaritzari begira aztertzerakoan, dituen ahalmen ekologikoak eta ekologiaren katean joka dezakeen paperak du interesik handiena. Lurreko osagai fisikoen eta kimikoen arabera dago, noski, leku batean landare mota batzuk edo besteak haztea. Zoruaren gizentasunaren edo elkortasunaren arabera dago, halaber, leku batean behe mailako landaredia (belar landareak), erdikoak (zuhaixkak) edo goi mailakoak (zuhaitzak) haztea ere.
Landarediak ere zeresan handia du nekazaritza inguruneko paisajearen eraketan. Hainbat elementu fisikoren eta gizakiak izadiaren gain eragindako aldaketek elkarren artean izandako haremanen ondorioz sorturiko produktu bat da landaredia. Honek ematen die landare paisajeari eta, hedaduraz, nekazaritza inguruneko paisajearen parte bati ere, duten itxura.
Landareak eta landare taldeak ingurugiroko faktoreen agindura daude neurri handi batean, zeren, lekuz aldatzeko ahalmenik ez dutenez, ingurunea arrotz zaienean horretara egokitu behar izaten dute bizirik iraungo badute. Tenperaturak eta prezipitazioek garrantzi berezia dute, beraz, landare mota batzuk edo besteak leku batean finkatu eta garatu ahal izateko.
Landaretzari dagokionez ere, bi eskualde bereiz daitezke Euskal Herrian: Atlantiko itsasoaren eskuerakoa, edo horren eraginpean dagoena, bat, eta Mediterraneo aldeko eraginaren eremukoa, bestea; udaldi nahikoa lehorra egiten du bigarren alde horretan.
Lehenbizi aipatu den eremu horretan, klima epel eta euritsu samarra da, eta hosto erorkorreko zuhaitz eta zuhaixka mesofiloak hazten dira basoetan, leku ezkoetan hazten den landaredia, alegia; ezkotasuna dela bide, izerditu ere aiseago izerditzen baitira hostozabala eta zapala duten zuhaitzak, baia nola, haritza, pagoa eta gisakoak.
Bigarren eremuan, berriz, Aralarren hegoaldeko isuraldea, Nafarroako Erdialdearen parte handi bat eta Erribera hartzen dituen aldeko basoetan, alegia, artea da nagusi. Mediterraneo aldeko lurraldeetako zuhaitza da hori, zenbat eta hego-ekialderago are eta udaldi lehorragoa egiten duen horretara egokitua dagoena, hain zuzen.
Aipatu diren bi eremu handi horien artean bada erdibideko edo deritzaiokeen beste bat. Aipatu diren bi eremu horietako zuhaitz eta zuhaixka motez osatuak ditu basoak, baina beste eremuetan baino laritz-pinu, ametz eta erkametz gehiagorekin. Hosto erorkorreko zuhaitzak dira ametza eta erkametza, hostoa martxoan galtzen dutenak.
Bestalde, zenbat eta klimak Mediterraneo aldekoaren antz handiagoa izan, haninbat eta ugariago da arte-baso xerofiloa edo bertakoa (zuhaitz mota hori hobeto moldatzen baita muturreko hotz-beroetara eta ur gutxitara).
Mendialdea edo deritzan eremuari dagokionez, berriz, alde horretan den landare gradientea da azpimarragarriena. Alde batetik, zenbat eta Pirinioetan ekialderago orduan eta ugariago da lurbarruko eskualdeetan ohi den landaredia, baso mistoak, pagadiak eta izei sailak; eta orobat, zenbat eta gorago eta Pirinio Mendilerroan ekialderago, orduan eta sarriago dira koniferoak; Iratiko Basoan, Zaraitzuko eta Erronkaribarko haranetan, esate baterako.
Landareak leku batera edo bestera egokitze kontuan, edo landare banaketan, zerikusi handia du, halaber, gorago aipatu den beste faktore fisiko batek, lurzoruak, alegia, zuhaitzek ez ezik gainerako landareek ere bai baitituzte beren leku kutunak. Horrela, haritzak nahiago izaten ditu zoru siliziotsuak; pagoak, berriz, azpi kararritsuak nahiago.
Lurzoruaren barne egiturak nolako garrantzia duen argi ikusten da artearen kasuan ere; zuhaitz hori, izatez, eskualde hezeetakoa ez den arren, arte sail dezente da Atlantiko alderako eremuan, baina azpi kararritsuetan, arteari ondo doakion lehor puntu jakin bat den lekuetan, batik bat.
Faktore biotikoetan, dudarik gabe gizakiaren eragina da landare taldeen leku banaketa gehien eta zuzenen baldintzatu duena. Giza jarduera suntsitzailea izan da askotan; ekonomia eta produktibitatea aitzaki (paper industriarako, ontzigintzarako, ola lanetarako, basoak soro edo belardi bihurtzeko eta abar) bota eta deusestu dituen hainbat eta hainbat baso (eta horien ordez sortutakoak)dira horren lekuko. Gehiegikeria horiek zuzentzeko, kanpotik zuhaitzak ekarrita (insignis-pinua, eukalitua), baso landaketan ere aritu izan da inoiz, horiek sartzearen onura eztabaidagarria bada ere, batzuen iritzian.
Landaredia da baso ustiatze horrek Euskal Herriko nekazaritza inguruneko moldaera sozioekonomikoan izan duen eraginaren lekuko. Neurri handi batean, baso aberastasuna hondatuz eta basoak lardaskatuz egin du Euskal Herriko ekonomiak aurrera. Hiru dira baso ondarearen suntsitze horretan zuzen eragin duten faktoreak: XV. eta XVTI. mendeetan ontzitegietan izan zen zur beharra; XVI. mendetik XVIII. mendera bitarteko ikazkintza, hau baitzen oletan erabiltzen zen energi iturri nagusia; eta etxaldeak handitu beharrez XIX. eta XX mendeetan soro edo belardi bihurtu izana hainbat eta hainbat baso.
Basoen kontrako hiru etsai horiei beste bi gehitu zitzaizkien XIX mendean: administrazioaren eskutik edo desamortizazio legeen bidetik etorri zitzaiona da bata, alegia, ordura arte herri sail zen alor eta -batez ere- baso asko salmentan jarri, eta, pertsona partikularren eskuetara iritsirik, berehala basoak botatzen hastea eragin zuena Eta gaitzen atetik, haritzetan oidioaren bidez eta gaztainondoetan tinduaren bidez sartu zena, bestea.
Faktore horiek ez zuten, zernahi dela ere, Euskal Herriko alde guztietan jokabide bera eta homogeneoa ere izan. Gaur egun, bada, hiru azpimultzo bereiz daitezke basoek osatzen duten paisajean, Atlantiko alderako biokliman dira bi, eta Mediterraneo alderako eremuan, bestea. Jatorrizko basoak (hosto erorkorreko zuhaitzez osatuak) bota ondoren, kanpotik ekarritako zuhaitzez, batez ere isignis-pinuz basotutako aldeak osatzen du paisaje horietako bat. Molde horretako paisajeak Hego Euskal Herriko kostaldean (Gipuzkoan eta Bizkaian) dira batik bat. Kanpotikako eraginik izan ez duten baso paisajeak sartzen dira bigarren azpimultzoan, hosto erorkorreko zuhaitzez, bereziki haritzez eta pagoz, eta mendigoietan hazten diren koniferoez, izeiz eta baso-pinuz osatutako basoak, alegia. Ipar Euskal Herrian, Nafarroako Mendialdean eta Arabako ipar isuraldean dira horrelako paisajeak. Ipar Euskal Herrian, biztanleria urrituz joan izan zelako eta burdinolen ondoren industrializaziorik izan ez zelako geratu ziren jatorrizko basoak osoago.
Gorago esan bezala, Mediterraneo alderako eremuan da hirugarren azpimultzoa, Nafarroako Erriberan, alegia. Laborantzak eta abere hazkuntzak hondatu eta galdu zituen alde horretan ziren basoak. Lehen artea eta pinua ziren nagusi, bertan den giro lehorra ondo doakien zuhaitzak biak. Gaur egun, ordea, desagertzeko zorian daude horiek, eta makala da hedadura pixka bat duen zuhaitz bakarra.
Pirinio mendien iparralderako eta egoalderako isuraldeen artean ere bada baso paisajeari dagokionez alderik. Hego Euskal Herriko baso paisajean (Gipuzkoan eta Bizkaian) insignis-pinua besterik ez da, ia esateko, eta Ipar Euskal Herrian, berriz, (Nafarroa Behereak eta Zuberoak, batik bat), baso ustiatze handirik izan ez delako-edo, nahikoa osorik geratu dira jatorrizko paisajeak. Beraz, bada hor Hegoaldetik Iparralderako baso gradiente bat.

 

Nekazaritza inguruneko paisajea holako edo halako izatea eragtn duten giza faktoreak

 

a. Demografia. Nekazaritza inguruneko biztanleguneak

Biztanle kopurua handituz joan zelako eta horrek egunean baino egunean behar handiagoak ekarri zituelako sortu zen nekazaritza inguruneko paisajea. Geroagoko aldaketak ere, gero eta gehiago peoduzitu behar horrek eragin ditu, neurri handi batean bederen. Paisajearen eraketa kontuan zeresan handia du, beraz, demografia faktoreak, zeren, zenbat eta biztanle gehiago bizi leku batean, orduan eta beharretara gehiago egokitu behar baita berez naturala zen paisajea.
Azkenean, nekazaritza inguruneetako sistemen faktore nagusi eta moldatzaile bilakatu da gizakia, zeren, dituen premiak beteko baditu, behartua baitago lurra hala edo hola banatzera, produzitzera, kontsumitzera, eta, horrenbestez, zerbait desegitera, eta jarduera hori guztia ez dezake gizakiak bizi den lekuan aztarnarik utzi gabe burutu. Paraje bat erabili beharrak leku hori bizileku gisa hartzera eta hala edo hola moldatzera, egokitzera eta antolatzera behartzen du gizakia; nekazaritza inguruneko paisajea horren guztiaren ondorio, adierazle eta gauzatze modu gisa definitzea ez da, beraz, batere burugabea.
Gizakiak zeresan handia du landare eta animalia elkarteak leku jakin batean finkatze eta non nola banatze kontuan. Zenbait landare mota edo landare talde hobetzeko egiten dituen lan batzuez beste (baso-berritzea, lurzorua hobetzea eta abar), nekazaritza ingurunea hondatu besterik ez du ia egiten gizakiak (zuhaixka sailak moztu, artzaintza intentsiboa egiteko prestatu, basoak erre eta abar).
Biztanleriak hiru modutara eragiten du nekazaritza inguruneetako sistema desberdinetan: lantzen duen jendearen bitartez, nekazaritzako produktuak kontsumitzen dituen biztanleriaren bitartez eta horien lekualdaketen bitartez.
Nekazaritza inguruneetako biztanlegune esatean, nekazaritzarako erabiltzen diren lekuetan eta/edo biztanle kopuru jakin batetik behera nekazaritza ingurunekotzat jo ohiden biztanle bilguneetan gizataldeak banatzeko era adierazi nahi da batik bat. Biztanlegune hitzari nekazaritza inguruneko izenlaguna eransten zaionean, hiri inguruneko izenlagunaren kontrakoa adierazteko, nekazaritza ingurunean bizi den jendez edo, batez ere, nekazaritzatik bizi den jendez osatuta dagoen biztanlegunea adierazi nahi da. Nolanahi ere, nekazaritza inguruneko bizatanlegunea non bukatzen eta hiri inguruneko biztanlegunea non hasten den bereiztea ez da lan erraza gaur egun, zeren, elkar ukatzen ez duten, baina, izatez, bi gauza diferente diren arren, gero eta lotuagoak baitaude bata eta bestea.
Zein zer eratako den bereizteko irizpide gisa biztanle kopurua hartuz gero, jende gutxiko biztanleguneari legokioke nekazaritza inguruneko izatea. Horri jarraituz, askotan eman izan da ontzat Espainiako Instituto Nacional de Estadística erakundearen eredua: bi mila biztanle bitartekoak nekazaritza inguruneko izatea. Baina bada hori neurtzeko beste modurik, nekazaritza inguruneko izatea edo bestelako izatea biztanle kopuruaren arabera ez baina, biztanleek duten lanbidearen arabera neurtzen duena, esate baterako; hauen iritzian, biztanleen %25 nekazaritzatik bizi den herri edo biztanlegunea litzateke ingurune horretako.
Nekazaritza inguruneko biztanleguneei dagokienez, funtsean hiru bizileku molde bereiz daitezke Euskal Herrian: baserria, herria edo herrixka eta herribildua edo herri handia. Euskal Herriko Atlantiko alderako eremuan bakarrik dira baserriak, Ipar Euskal Herriko haranetan, Gipuzkoan eta Bizkaian, eta Nafarroako eta Arabako Iparraldean. Banaketari dagokionez, ez daude baserriak molde jakin baten arabera banatuak, baina kokagunez, haran barrenetan eta bide ondoetan finkatuak daude gehienak, edo errekondoetan eta mendi maldetan; bada, bestalde, multzoan eta auzoa osatzen duela dagoenik ere. Euskal Herriko nekazaritza inguruneko paisajeak oso berea du biztanlegune mota hori, baserria. Zabaltzen, Behe Erdi Arotik aurrera hasi zen, baina hedadurarik handiena XVIII. mendeaz gero izan zuen.
Txikitik handira, herria edo herrixka dator hurrena; 250 biztanle baino gutxiago ohi ditu biztanlegune mota horrek. Euskal Herriko alde hezearen eta alde lehorraren arteko eremuan dira horrelakoak, lur zerrenda horren iparraldean batez ere: Arabako Haranetan, Iruñerriko eta Irunberri-Agoitz aldeko haranetan, eta ur isuria Ebro aldera duten Nafarroako mendialdeko haranetan. Biztanlegune horiek etxadi edo auzo handi baten egitura izaten dute, baina elkarri erantsitako etxe gutxi ohi da horietan; etxe gehienek baratze sailen bat izaten dute tartean, puska askotan banatua sarritan. Horietako biztanlegune bakoitzak, herriko eta jabetza pribatuko sailekin batera, kontzejua osatzen du, ez bazaio behintzat, lehen jaurerri izana delako, biztanle asko duelako, edo noiz edo noiz gertaera politiko bereziren bat gertatu izan delako, herribilduaren edo nortasun bereziko herrigunearen gradua aitortu.
Herribilduek edo herri handiek, eta duten biztanle kopuruagatik edota ekonomia garapenagatik garrantzi handi samarra duten jendeguneek, 2.000 biztanle baino gehiago ohi dituzte normalean. Euskal Herriko Mediterraneo alderako eremuan edo Euskal Herri lehorrean dira gisa horretako biztanleguneak: Arabako Lautadan eta Errioxa aldean, Nafarroako Erriberan eta abar. Biztanlegune horiek hiri egitura dute; aldez alde elkarri erantsita eta kaleak eta enparantzak eratzen dituztela antolatuak ohi dituzte etxeak. Kokagunez, garaiera pixka bateko lekuetan edo etsaiengandik ondo defenditzeko moduko lekuetan dira horietako asko.

 

b. Faktore sozioekonomikoak

Faktore sozioekonomikoen eragina ez da paraje guztietan bera; eskualde edo lurralde guztiak ez baitira eskuera berean garraiorako, merkataritzarako edo gainerako herrialdeekin zeinahi beste harreman izateko; ez da harritzekoa, beraz, eskualde bi, hiru edo gehiagotan, ekologiari dagokionez antzekoak izan arren, batzuek eta besteek historia propioa eta ekonomiaz ere integrazio maila diferentea badute, nekazaritza sistema eta paisaje desberdinak izatea.
Aipatu diren faktore sozioekonomiko horiek eragin handia izan dute diren nekazaritza sistemen eraketan, sistema horietan mamitu baitira nekazaritza inguruneko elkarteekin eta horien antolaketarekin zerikusirik duten gertakariak, lurraren jabetzari eta horrekiko lotura moduari, lantzeko eta erabiltzeko moduari dagozkionak eta abar.
Laborantza jarduera ekonomiko bat eta produkzio modu bat da, dena den, eta biztanle multzo handi batentzat ogibide ere bai, horrenbestez. Hutsik etekin iturri gisa hartzen duenarentzat, produkzioaren gainerako adarren helburu bera du laborantzak ere, hots, pertsonako eta saileko ahalik gehiena produzitzea eta hori ahalik eta kostu txikienean egitea. Eta horrekin, ezaugarri bereziko unitate multzo ordenatu bat, eskualde multzo estrukturatu eta funtzional bat sortzea ere lortzen du laborantzak. Horiek nekazaritza inguruneko paisaje mota desberdinetan gauzatzen dira.
Lehen sektoreak ez du, oro har, Euskal Herriko ekonomian pisu handirik, gainerako sektoreekin konparatzeko adinakorik behintzat, eta ez du ere, lekuan lekuko ekonomiari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan edo Nafarroa Behereko, Lapurdiko eta Zuberoako lurraldeetan pisu bera. Euskal Autonomia Erkidegokoari dagokionez, Barne Produktu Gordinaren %3 baino gutxiago produzitzen du lehen sektoreak, eta diren langileen %3 ari da sektore horretan lanean. Nafarroako Foru Erkidegoan, berriz, Barne Produktu Gordinaren %6a prodizitzen du, eta diren langileen %10 baino gehixeagok lan egiten du sektore horretan.
Euskal Herriko nekazaritza inguruneko paisajeei moldea ematen dieten elementuetatik bat berezi da: biztaleen banaketa modua edo biztanleguneen antolaketa. Izan ere, beste elementu asko horren inguruan gauzatzen denez, hutsik horren arabera ere bana daitezke eskualdeak. Izan ere, biztanlegunea baita, nolazpait, gizakiak, bizi den lekuari ahalik eta etekin handiena kendu beharrez, hori modu errazionalean ordenatzean eta estrukturatzean uzten dituen aztarnak laburbiltzen diruen faktorea. Hartu ere, gizakiak bere bizilekua moldatzeko edo tradizio familiar, sozial eta kulturalei eusteko eraikuntzak egiterakoan erabili izan dituen elementuak baino gehiago hartzen baitu biziguneak; bizi den lekua bere beharretara egokitzerakoan ingurune biotikoan eta abiotikoan eragin dituen aldaketak ere biztanlegunearen sailekoak dira. Biztanlegunea nekazaritza inguruneko paisaje bat osatzen duten giza faktoreak biltzen dituen elementua litzateke izatez, landaredia paraje bateko faktore fisikoak biltzen dituen elementua litzatekeen bezala.

 

Euskal Herria: nekazaritza inguruneko paisajeen marko geografiko gisa

Euskal Herriak 20.558 Km 2 ditu luzezabal, eta Aturri ibaitik (Iparraldean) Ebro ibaiaren ibarrerainoko (Hegoaldean), eta Biarno eta Aragoiko Autonomia Erkidegotik (Ekialdean) Kantabriako Autonomia Erkidegora bitarteko eremua hartzen du. Hiru eskualde ditu Frantziako estatua osatzen duen eremuaren barnean: Zuberoa (ekialdean), Nafarroa Beherea (erdian), eta Lapurdi (mendebalean) : 2 .869 Km guztira. Eta lau, Espainiako estatuan; bi, Gipuzkoa eta Bizkaia, Atlantiko alderako bioklimaren eskueran, eta beste bi, Araba eta Nafarroa, Mediterraneo alderako bioklimaren eskueran: 17.700 Km guztira. Espainiako estatuan dagoen parteak Euskal Herri osoaren %85 hartzen du, beraz, luze-zabal.
Ipar Euskal Herria Pirinio Atlantikoetan edo, eskualde horrez gainera, Biarno ere hartzen duen departamentuan dago, eta diren datu gehienak departamendu osoari buruzkoak dira. Ipar Euskal Herriko lehen sektorea aztertzea (hori dagokio lan honi) lan zaila da, beraz, eta are zailagoa departamendu hori, dagoen bezala, barrutitan, kantonamendutan eta udalerritan banatua egonik, zeren, ikuspegi zehatz bat izatez gero, diren datuak sailkatzen, batzen eta konparatzen aritzea eskatzen baitu horrek. Ipar Euskal Herriak Pirinio Atlantikoak Departamenduaren herena pasatxo, %39, eta Euskal Herriaren %14 hartzen du. Lapurdik 859 Km 2 ditu; Nafarroa Behereak 1.318 Km 2 , eta Zuberoak 785 Km 2. Garrantzi handia du administrazio banaketa hori ondo aztertzeak, baina handiagoa, lan honi dagokionez, Lurralde horretako nekazaritza geografiaren eta ingurune naturalaren arabera aztertzeak. Azkena aipatu den ikuspegi horretatik begiratuta, hiru alde bereiz daitezke Ipar Euskal Herrian: Kostaldea, Muino edo Mendi apalen aldea, eta Mendi garaiagoen aldea. Banaketa horrek zerikusi handiagoa du, berez, giza faktoreek eta faktore fisikoek eraginik, laborantzak eta abere hazkuntzak alde horietako bakoitzean hartu duten moldearekin eta sorrarazi duten paisaje, ñabardura anitzeko eta eduki desberdinekoarekin. Nabardurak ñabardura, guztiak Atlantiko alderako bioklimaren markoan sartzen direla, eta baserria, arkitektura mota jakin baten eta giza jarduera jakin baten bilgune denez, alde horretako nekazaritza ingurunearen antolatzaile eta estrukturatzaile dela ahaztu gabe, dena den. Lurralde banaketa hori ez da asmatua, G. Viersek 1978an proposatua baizik. Bestalde, kantonamenduz osatua dago eskualde bakoitza: Kostaldea BAB deritzan aglomerazioko (Baiona - Angelu - Miarritze), Donibane Lohizuneko, Hendaiako, Uztaritzeko eta Ezpeletako kantomenduek osatzen dute; Muinoaldea, Hazperneko, Bidaxuneko, Donapaleuko, Iholdiko eta Maule-Lextarreko kantonamenduek; eta, azkenik, Mendialdea, Baigorriko, Donibane Garaziko eta Atharratze-Sorholüzeko departamenduek.
Eta, Ipar Euskal Herriko nekazaritzaren eskutik datorrenez, zergaitik ez aipatu beste hau: izanik Frantziako estatua Europako Erkidegoko kideetako bat, eta sortu zenean bertan (1957) sinatu zuenetako bat, gainera, hala ere, laborantzako teknika eta sistema kontutan, Ipar Euskal Herria beranduago modernizatu zela, alegia, Hego Euskal Herrian baino. Besteak beste, faktore fisikoak direla-eta exaldeak txikiak izateagatik, laborantza, neurri handi batean, abere hazkuntzako beharretara zuzendu izanagatik, sail handiak larrerako eta landu gabe uzteagatik, eta produkzioa familiakako eta tradiziozko sisteman errotua egoteagatik gertatu zen hori. Horrek guztiak nekazaritza modernoa antolatu ahal izateko -Europako Erkidegoaren Nekazaritza Politikaren hasierako helburuetako bat hori izan arren- oso bide estua uzten zuen, noski.
Dituen paisaje egitura batzuk sortzezko estrukturek eraginak ditu Ipar Euskal Herriak; higadurak edo haizeak, euriak eta klimak sortuak, beste batzuk.
Mediterraneo alderako eremuko parterik handiena kare harriz osatua da, izatez, ura ondo irazten uzten duena, alegia; diren ibai gehienen norabidea iparralderik hegoalderakoa da, Pirinio Mendietatik Ebro alderakoa; bildu ere, Ebro ibaiak biltzen du isuralde horretako ibaietako ura; are gehiago dena, horietako ibai gehienek, norabidez aldatu eta ekialdetik mendebalerako joera hartzen dute Pirinio Mendien paraleloan doan antiklinaletara irsitean, eta atzera iparraldetik hegoalderako norabidea hartzen dute behe ibilgoan.
Ekialdetik mendebalerako antiklinal horrek klima aldetik-eta garrantzi handia du; izan ere, muga edo oztopo geologiko gisa jokatzen baitu. Lur tolestura hori Iruñerriko arroan barna Gasteizko Lautadatik hegoaldera luzatzen da eta Euskal Herrian diren Mediterraneo bioklimako bi ingurune sozioekonomiko nagusiak ezker-eskuin banatzen ditu.
Atlantiko alderako eremuan beste era batera dira gauzak, higatzen bortitza egin baitute zoruan diren material gogorrek, jalkinek, malda gogorrek eta eurite handiek.
Bidasoa ibaiaz mendebalerako eskualdean diren ibai eta erreken isuriera edo hidrografia sarea nahikoa konplexua da, nolanahi ere. Oiren ibaiak (Urumea, Urola, Deba, Artibai, Oria, Oka, Gernika eta abar) independienteak dira batzuk besteekiko, zeren eta, besteak beste, kostatik hurbil baitira, eta isuria kostari buruz buru eta elkarren paraleloan dauden lur-tolesturen, hau da, Bigarren Aroan sortutako materialen artean dutelako.
Bestalde, higaduraren ondorioz jalkinezko zabaldiak eratu dira ibai ondoetan, eta ez bakarrik behealdeko haranetan, baita Gipuzkoako edo Bizkaiako goi aldeetako eremuetan ere, Durango eta Oñati aldean, esate baterako. Behe aldeko haranetan zabaldi handiagoak eratu dira, noski, Aragoi edo Ebro ibaiek sorrarazi dituzten zabaldiak lekuko.
Bi bioklima horien artean zer alde egon daitekeen, oinarri oinarrizko konstatzio batek, eskualde bateko eta besteko orografia konparatzeak erakus dezake argien; izan ere, Atlantiko alderako eremuan mendien garaiera 2.500 eta 1.500 m bitartekoa baita: Ahuñemendik 2.507 m, Orhik 2.021, Aizkorrik 1.544 m, Gorbeiak 1.475 m. Eremu bereko mendiarteko lepoen garaiera 1.500 eta 600 m bitartekoa da, eta Mediterraneo alderako eremuan, berriz, batez besteko garaiera Ebro ibaiarena hartuz gero, 200 eta 400 m bitartekoa da.
Bi bioklima horien arteko kontrastean faktore klimatikoak agintzen du batik bat, gainerako faktore fisikoek baino gehiago behintzat. Lau aldetako eragina jasan lezakete eremu horiek mendi aldekoa, Gaztelako mesetakoa, Mediterraneo aldekoa, eta Atlantiko aldekoa. Iparralderako isuraldean itsasaldeko eraginak du indarrik handiena, eta hegoalderakoan, Mediterraneo aldekoak; bi eremu horien arteko eskualdeetan, berriz, non batek non besteak, baina zenbat eta Ekialderago, are handiagoa mendialdekoak.
Esan bezala, erliebeak eta klimak agintzen dute leku batean zein landaredi mota izan; horien arabera ere bereiz daitezke, beraz, bi isuraldeen arteko kontrasteak, eta halaber, diren mendi apalengatik eta bi bioklimatatik datozkion eraginengatik, baita Euskal Herriko lurraldeen artean diren nabardurak ere.

 

Ozeano alderako bioklima eremua

 

Eremu horren ezaugarriak, inguruneak eta faktore fisikoek eragindakoak

Ez dira landare paisajea eta landare taldeak berak ere sistema itxi aldaezinak, dinamika eta bilakaera propioa duten sistemak baizik, eta ekologia kontzeptua bera ere, Margalefek esaten duen bezala, elkarren artean harreman konplexuak dituzten faktore pila baten aldi bereko eraginean oinarritzen den zera bat baizik. Ingurunea osatzen duten faktore moten artean, klimari, geomorfologiari, hezetasunari eta bizien munduari dagozkionak sartzen dira.
Atlantiko alderako bioklimako eremuan, baso mesofiloa da nagusi, leku epeletako eta hezetasunak gora-behera handirik izaten ez duen lekuetako landarez osatua, alegia; asko izerditzen den hostoko zuhaitz eta zuhaixkak dira alde horretan, hosto zabala, zapala eta erorkorra edo urtebeteko bizia duten zuhaitz eta zuhaixkak.
Haritza eta pagoa dira eremu horretako zuhaitzik tipikoenak. Haritza beheko eta erdialdeko paraje epel argitsuetan hazten da, siliziozko zorua den lekuetan; eta pagoa, goialdean, kararrizko zorua den paraje itzaltsuetan.
Lehen harizti edo pagadi ziren sail asko, pixkana-pixkana gaztainadi bihurtu zituen gizakiak, baina gaztainadiak ere gutxitik gutxiagora joan dira gero, eta denborarekin koniferoek eta kanpotik ekarritako zuhaitz motek, eukalituak-eta, hartu dute horien lekua. Fabrikak hurbil samar izanik baserritarrek etxeko eta fabrikako lana konbinatu ahal izan dutelako eta horrekin gutxi-asko baserriko lana alde batera utzi izan dutelako eta, batez ere, paper industriak indar handia hartu zuelako gertatu zen hori.
Itsasaldeko eskualde horretan bada, halaber, beste landare eremu edo paraje zuhaitz gabe bat, ahaztu behar ez litzatekeena, hariztiak hondatzean edo galtzean sortua, eta zuhaixka txiki xeromorfoz, belar gramineoz, goroldioz eta aukaz osatua dagoena. Landa Atlantiko izenez ere ezagutzen da landare eremu hori. Ipar Euskal Herrian eta oro har itsasaldeko eskualdean nahikoa zabaldua dago. Ez daude landa-edo direlako horietan jatorrizko zuahiztiak erabat galduak, baina bai nahikoa hondatuak, eta berriz basotzera jarriz gero, kostu handiaren truke egin beharreko moduan geratuak. Basoa berritzez gero, bada, koniferoak aldatu beharko lirateke lehenbizi, basoa erabat gal ez dadin eta bide batez leku horietarako egokiagoak diren zuhaitz motak landatu ahal izateko baldintzan sorraraz ditzaten.
Ontzitegiek, olek eta gainerako lantegiek zura beharrez zuhaitz gehiegi bota izanak, eta artzainek bezala nekazariek —larreak eta sorosailak zabaldu beharrez— beste hainbat baso erre edo bota izanak eragin zuen aipatu dugun landa Atlantiko hori sortzea.
Nafarroako Mendialdean oso bestela gertatu da gauza. Alde horretan, landarediak oso urte sasoi laburra du hazteko eta ugaltzeko —urtean 200 egun gehienera—, baina aldi berean oso bioklima egokia da hosto erorkorreko zuhaitzentzat. Mensuak hiru landare eremu bereizten ditu eskualde horretan: bat, Baztango haranekoa, hariztiz osaturik dagoena eta lurzoru azidoa duena; bi, Kantauri- Mediterraneo banalerroko eta Pirinio mendietan estatuen arteko muga egiten duen aldeko lurzoru azidoetako pagadiena (Aralarretik Erronkari Garaira luzatzen dena); eta, hiru, Prinioetako ekialdeko haranetakoa (Esteribar beherea, Aezkoa beherea, Zaraitzu eta Erronkaribar hartzen dituena), basopinuz osatua.
Zernahi dela ere, itsasaldeko eremu horretan eragin txikia izan du lehen sektoreak, ekonomia mailan behintzat; ez hala, bigarren eta hirugarren sektoreek. Eta badira laborantzak eta abeltzaintzak horren eragin txikia izateko arrazoiak, izan ere, oro har eremu menditsua baita alde hori, haran estu askoz eta zabaldi handi gutxiz osatua, alegia. Dituzten mendiarte estu sakonekin, horiek han eta hemen sorrarazten dituzten klima bereziekin eta malkarrekin, esandakoaren lekuko garbiak dira Gipuzkoa eta Bizkaia; eta laborantzarako paraje eroso gutxi eta baso sail handiak dituzten lurraldeak, horrenbestez.

 

Giza baldintzak

 

a. Baserria: Euskal Herriko nekazaritza inguruneko antolaketaren muina

Ozeano alderako laborantza arakatzeak baserria eta horren ingurunea aztertzea eskatzen du, zeren, izan ere, hori baita diren jendegune motetan oinarrizkoena eta nekazaritza inguruneko esplotazioei duten egitura ematen diena. Ozeano alderako bioklimako eremuan den biztanlegunerik bereziena ez ezik, espazioa antolekatzeko era horren oin-oineko egitura eta nekazaritzako bizimoduaren, lursailak ustiatzeko eta paisajea antolatzeko eraren muin ere bada baserria. Nekazaritza inguruneko paisajearen eraketan zerikusi handia dute horri eman nahi izan zaizkion funtzioek, zeren ez baita baserria nonahi eta nolanahi kokatzen eta egiten, zein funtzio eman nahi zaion, leku horretan nolako klima den, lanerako erosotasun handiagoa zein kokaerak eskaintzen duen, han baizik, alegia, sailen erdian, bazter batean, edo landu behar diren sailetatik urruti, eta dituen funtzioei hobekien egoki liezaiekeen bezala, gainera, teilatu eta itxitura modu jakin batekin, alegia.
Hasteko, bizileku gisa hartuko eta aztertuko da baserria, izan ere, nekazaritza inguruneko paisajean ikaragarrizko garrantzia baitu eraikuntzaren egiturak —baserriarenak kasu honetan. Belaunaldiz belaunaldi baserriak batu eta elkarretaratu izan ditu familia osatzen zuten kide guztiak. Esan ere, ongi asko esaten zuen J. M. Barandiaranek baserria zer zen: familiaren "aterpe, lanleku eta biltoki, kapera, eta baita hilobi ere". Baserrietxea orobat erakunde ekonomiko, sozial eta erlijiozkoa zenez, gizarteko gainerako antolaketa nola moldatu ere horrek agintzen zuen.
Bestalde, beste hainbat gauzatarako erreferentzi puntu ere bazen etxea. Etxejaun edo etxearen jabe ez zenak ez zezakeen, ez lekuan lekuko batzarretan, ez administrazioan eta ez politikan parte hartu. Ez zuen pertsona soilak inolako itzalik, zeinezkorik eta izenik ere, esateko, baserriaren izenaz ezagutzen baitziren horiek.
Halako garrantzia zuen horrek gizartean eta hain sakratua zen familiarentzat edo familiako antolaketan, non, heredatu ere, etxalde osoa, eraikuntza eta sailak batean heredatzen baitzituen oinordekoak. Ez zegoen, bada, etxea eta lursailak oinordekoen artean banatzerik, bereiz ezinak zirenez, puska batean eta oinordeko bakarrari uztekoa zen ohiturazko legea ere. Zuten etxaldeari edo ondareari osorik eustea eta hori ziurtatzea zen ohiturazko lege horren helburua. Euskal Herriko nekazaritza inguruneko paisajearen moldaketan zeresan ikaragarria izan du etxaldea edo jabetza heredatzeko modu horrek, izatez nekazaritza giroko kulturaren ezaugarririk adierazgarrienetako bat den horrek; ziren eta diren geografia baldintzek, sailak minifundio gisa antolaturik egoteak eta ustiatu ere, modu intentsiboan ustiatzeak eskatzen zuen horrela egitea, izan ere, konponketa bihurriak ekar baitzitzakeen puskatan banatzeak.
Nolanahi ere, familia erro sendoen gain bermatua zegoela eta lanerako orduan senitartekoek bat hartzen zutela adieraten du sailak lantzeko modu horrek. Batez beste zortzi pertsona bizi ziren Ipar Euskal Herriko baserri bakoitzean, eta horretan oinarritu izan da zenbait baserrik tarteka hainbesteko hedadura hartu izana esplikatzeko. Gaur egun, erdira etorri da kopuru hori, eta, oro har, lau pertsona bizi da etxe bakoitzean, bat gutxiago, hiru, Kostaldea deritzan eskualdean. Hor ikusten da industriak, zerbitzuak hurbil izateak, heredatzeko sistema monolitikoa eta familiaren egitura galdu izanak nolako eragina duten eskualde horretan.
Euskal Herriko baserriak itxiak, tinkoak eta puska bakarrekoak dira egituraz, eta ekonomikoak aldi berean, zeren eraikuntza bat berak betetzen baititu bizi behar dutenei dituzten egitekoetatik sor liezazkiekeen premia guztiak, familiarentzat teilatupe bat izatea, aziendak eta laboreak non gorde izatea, eta abar.
Izatez, betekizun bertsuak dituzten arren, ez dira baserri denak egitura berekoak, ez kanpotik ez barrutik. Baina, gauza batean behintzat berdinak dira guztiak. Bi alde ondo bereziak dituzte denek: familiako kideak bizi diren aldea, batetik, eta aziendak, uztak, tresneria erta abar edukitzen diren aldea -ukuiluak, ganbarak, sabaiak eta etxordeak- bestetik. Pertsonek eta aziendek leku bertsua izaten zuten garai batean; gaur egun, ordea, alde banatan egoten dira batzuk eta besteak, garbitasunari eta osasunari garrantzi handiagoa ematen zaie eta.
Solairu bat baino gehiago izaten dituzte baserriek; lehenbizikon ohi dituzte familiako kideen beharretarako gela eta gainerako barrunbeak. Bada logelaren bat beheko solairuan duenik ere, altura gutxiko eta egitura zabaleko baserrietan batez ere.
Teilatua, berriz, bi isuraldekoa eta atari gainetik atzera berdinean doan gailurrekoa dute gehienek; beheko gelak eta sukaldea —beheko solairuan, hau— atari aldera begira, eta ataria bera hegoaldera begira ohi dituzte; etxe atzea, aldiz, iparraldera nahiz ipar-mendebalera edo ospel aldera begira; aterik, leihorik eta gainerako zulorik gabea izan ohi da hori, eta horma alde horretan izaten dute ukuilua eta aziendentzako beste lekuak.
Nekazaritzako sistemaren ikuspegitik begiratuta, eta Martin Galindoen arabera,"Euskal Herriko ipar isuraldeko eta itsasaldeko esplotazio moduaren oin-oineko unitatea" da baserria. Nekazaritza inguruneko paisajea antolatzeko modu bereizi bat da, horrenbestez, baina klimaz antzekoak izan arren, Kantauri alderako beste aldeetan berdinik ez duena aldi berean.
Baserri inguruetan bada, halaber, paisajeari itxura berezia ematen dioten beste elementurik ere, soro-belardiak eta etxalde bat besteetatik bereizten dituzten sastraka ilara eta gainerako hesiak, alegia, metalezkoak zein harrizkoak. Etxaldeak eta sailak mugatzeaz aparte, beste eginkizun bat ere badute hesi eta sastraka horiek, abereei soroetan edo besteren sailetan sartzen ez uztekoa, besteak beste. Elementu horiek are zailago bihurtzen dute nekazaritza inguruneko paisajea definitzeko lana, bestela kontuan izango ez liratekeen ñabardurak sartzen baitituzte horiek. Etxaldeak eta sailak sastrakaz eta hesiz banaturik dituzten parajeak nekazaritza inguruneko paisaje mistoen artean sailkatzen dira, beraz; izan ere, alor irekiak edo zabalak eta "bocages" edo barrutiak, biak baitituzte.
Etxalde edo esplotazio bereizi autonomo gisa, indarrik eta zabalerarik handiena, XVIII. mendeko luberritzeen ondoren hartu zuten baserriek.
Baserri gutxi zen Erdi Aroan, eta zirenak, gehienak behintzat, haran barrenetan eta jabearen etxearen inguruan, ez hari erantsita, talde sozioekonomikoak eratzen zituztela egon ohi ziren. Inguruko sail gehienak, landu ahal zitezkeenak bederen, jaun horrenak izaten ziren, eta auzo-edo delako horretan bizi ziren laborariek tratu bat egiten zuten sailen jabe horrekin. Etxejaunak lursailak uzten zizkien eta laborariek lurrari kentzen zioten etekinaren parte bat eman behar izaten zioten errenta gisa. Batez ere, garitan ordaintzen zioten errenta hori. Aziendak eta fruitu arbolak erdibana ohi zituzten, bestalde, eta etxejaunari zenbait lan egiten lagundu ere laborariek egin behar zioten. Zernahi ere den, abeltzaintza laborantza baino zabalduago zegoen garai horretan.
XVI. mendetik aurrera, hau da, segurtasun handirik eskaintzen ez zuen egoera hura desagertu zenean hasi ziren baserriak haranetatik mendi aldera zabaltzen eta labore lurrek hedadura handiagoa hartzen. Jendea gehitzeak eta behar gehiago izateak zeresan handia izan zuen horretan. Eta abeltzaintza, lehen alde gehienetan nagusi zena, leku menditsuetan bakarrik geratu zen indartsu. Laborantzarik gehiena polikultibokoa eta etxeko mantenurako zuzendua zen; garia eta artatxikia lantzen zen gehiena, ogia egiteko biak. Batez ere bi gai horiez, eta babaz eta gaztainaz elikatzen zen jendea, baina bazen sagardi, kalamu eta lio sailik ere. Sagarra edariak egiteko erabiltzen zen, sagardotarako, alegia, eta jantziak egiteko, berriz, beste biak.
Babarruna, patata eta artoa (Ameriketatik ekarritako uztagaiak, hirurak) lantzen hasteak ere aldaketa handiak eragin zituen baserrietako produkzioan. Pixkana-pixkana artoak hartu zuen gariaren lekua eta babarruna ere zabaltzen joan zen artoarekin batean. Ez zuen mahatsak sagarra baztertu, baina hedadura handi samarra hartu zuen; txakolina egiteko erabiltzen zen batik bat.
Baserriak gehialdiaren onenean egon arren, eraikitzerakoan tarte handia uzten zen batetik bestera, eta XVIII. mendetik aurrera ere sakabanaturik jarraitu zuten. Jabetza kontuan ere zen aldaketarik izan: laborariek kolono gisa-edo landu arren lursailak, lekuan lekuko jaunak jarraitu zuen sailen jabe. Laborariak etxeko mantenua ateratzeko erabiltzen zituen jadanik lursailak, eta abere hazkuntza laborantzaren osagarri baino ez zen orain.
Industria indartu eta hiriak zabaldu ahala, aldatuz joan zen baserria eta lursailak erabiltzeko eta ustiatzeko modua, eta orobat Atlantiko alderako nekazaritza inguruneko mundua ere. Ez zegoen nekazaritza, sortu ziren beharkizun handiei, eta nolazpait berriei, aurre egiteko prestatua eta, hasieran bederen, motz geratu zen. Krisi edo eskasia horri irtenbide bat aurkitu beharrez, zenbait bide ibili alde batera utzi eta berrietara jo zuten nekazariek: esnea zela haragia zela, abere hazkuntzari ahalik eta etekin handiena ateratzera, batetik, eta, inguruko hiriguneetan zegoen eskeari erantzuteko, barazkiak era intentsiboan lantzera, bestetik, hala nola kanpotiko zuhaitz motez mendialdeak basotzera, etxetik kanpora lan egitera, baserriak agroturismorako-eta erabiltzera, eta etxe berriak eta enpresak egiteko sailak saltzera, besteak beste.
Zernahi ere den, baserriari berez dario, baratza nahiz soro, belardi, larre edo baso, ingurua beharren arabera antolatzea. Normalean, azaldu den ordenean, biribilean eta hurbiletik urrunagora antolatuak zituzten sailak: baratzak hurbileneko sailetan; arto, gari eta patata soroak hurrena; belardi eta larreak urrunago; basoak eta mendiko belardiak, aparteago; eta sagastiren bat, guzti horien osagarri gisa, egutera aldeko aldapaxkaren batean.

 

b. Nekazaritza, lana eta gainerako gorabeherak

Ekonomiari dagokionez, eta gainerako sektoreekin konparatzeko, nekazaritzak garrantzi txikia du gaur egun Euskal Herriko Atlantiko alderako eremuan; Lapurdi, Bizkaia eta Gipuzkoa dira horren lekukorik argienak; izan ere, eta hurrenez hurren, lan egin dezaketenen %2,4, %3,1 eta %1 baino ez baita eskualde horietan nekazari. Ez hala Ipar Euskal Herriko beste bi eskualdeetan, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, batean %10 eta bestean %7,3 bizi baita nekazaritzatik.
Ikusi ahal izan den bezala, Atlantiko alderako eremuan jende gutxi bizi da nekazaritzatik, baina ez da hori lehen sektoreak duen alde txar bakarra; izan ere, gutxi izateaz aparte, adinean aurrera doan jendea baita gehiena, eta ez da hori, diren estrukturak eta merkataritzako produkzio moduak direla eta, aldaketak egiteko eta berrikuntzak sartzeko egokierarik onena. Izan ere, baserri asko lehengo modu zaharrei loturik eta bide berrietarako atezulorik gabe jarraitzen baitu. Dena den, 55 urte baino gehiago ditu Atlantiko alderako eremuko laborarien erdia pasatxok; eta are gehiagok Bizkaian, lurralde horretan %66 baita urte muga hori pasea duena. Ez hala Ipar Euskal Herrian, Nafarroa Beherean eta Zuberoan %33 inguru baita 55 urteko muga pasea duena, eta %44, Lapurdin.
Datu horien arrastotik nahikoa etorkizun beltza leukake nekazaritzak, eta are beltzagoa Hego Euskal Herrikoak. Bada, ordea, gauza horren itsusi ez doala adierazten duen zantzurik ere, baserrien kopuruari dagozkionak, hain zuzen. Duela urte batzuk ezkero, baserriak gutxitik gutxiagora joan izan dira Hego Euskal Herrian, baina, berriz ere gehitzen hasi bide dira, azkeneko errolden arabera. Ez daiteke Ipar Euskal Herriaz gauza bera esan, kontrako joerak lehenean jarraitzen baitu alde horretan. Eta 1979ko eta 1988ko zentsuen arabera, Lapurdin urritu dira gehiena: ziren baserrien %21 hustu da bitarte horretan. Etxaldeen tamainan,aldiz, ez da aldaketa handirik izan, ez bada Lapurdikoetan, guztira eta batez beste hiru puntu txikiago baitira orain.
Neurriz, Gipuzkoako eta, batez ere, Bizkaiko etxaldeen ondoan handiak dira Arabakoak, batez beste behintzat. Eta bi lurralde horietako gehienak minifundioak izanik, ez da harritzekoa.
Euskal Herriko nekazaritza aztertzerako orduan garrantzi handia du, halaber, lurralde bakoitzak zenbateko zabalera eta baserri edo etxalde kopurua duen kontuan izateak ere. Hego Euskal Herriko kostaldeko bi lurraldeetan etxalde txikiko baserri asko da, esate baterako. Eredu gisa Gipuzkoan 5 hektareako etxaldea eta Bizkaian 2 hektareakoa hartuz gero, eta ondoren neurri horietara iristen direnak eta ez direnak kontatzen hasi, neurrietan gora bezala kopuruak behera hasten direla ikusten da, eta kopuruak gora, berriz, neurrietan behera eginez gero. Bizkaian, etxaldeen %36 ez da hektarea batera iristen, eta %20, Gipuzkoan. Datu horiek argi erakusten dute eskualde horietan minifundioa zeinen zabaldua dagoen.
Jabetza kontuan ere izan dira aldaketak lehendik oraina. Duela urte batzuk arte maiztertzak tradizio handia izan du Euskal Herrian, itsasalderako eskualdeetan behintzat. Etxaldearen jabea baserritik aparte bizi izaten zen, eta hasieran, errenta jenero edo laboretan (garitan) ordaintzen zitzaion horri, eta dirutan, gero. Azkeneko aldaketa horek, errenta dirutan ordaindu beharrak alegia, produkzioaren parte bat saltzera behartu zuen maizterra. Baserrien jabeak ez dira, errentatik etekin handirik ateratzen ez bazuten ere, oso etxaldeak salduzale, harik eta, industria indartu eta hiriak zabaltzean,prezioen espekulazioa zela bide, diru iturri hoberik ikusi ez duten arte behintzat.
Baserritar gehienak ez ziren etxaldearen jabe, Gipuzkoan eta Bizkaian, batean %92 eta bestean %88 ziren maizter, adibidez.
Gorago esan bezala, etxalde edo baserriak osorik aldatu ohi ziren eskuz, minifundioak izanik; izan ere, ez baitzuen bestela egiteak zentzurik. Oinordekoz aldatze hori jabearen baimen isil edo hitzezkoarekin egiten zen, eta ez zen oinordekoa, beti eta nahitaez, seme zaharrena izan ohi, baserrirako zaletasun edo gaitasun handiena erakusten zuena, baizik.
Berez, lagun txarra jabetza modu hori, maiztertza alegia, etxaldea ustiatze kontuan inor aurrerapen berriak sartzera eragiteko; izan ere, nekazari edo ez nekazari, urri baitira, norberaren hobe beharrez ere, besteren ondasunetan inbertitzearen zaleak.
Atlantiko alderako etxaldeak txikiak dira oro har, baina ez du etxalde baten errentagarritasunean tamainak bakarrik agintzen, horretan zeresan handia dute beste elementu batzuk ere. Dena den, ezin da etxalde baten errentagarritasuna neurtzerakoan tamaina bazterrera utzi, zeren, beste zenbait elementu mugatzailerekin oso lotua baitago hori: zoruak dituen gaitasunekin, klimarekin eta produkziorako teknika batzuk edo besteak erabili beharrarekin. Nekazaritza inguruneko paisajea sistema integratu baten arabera definitu nahi denean sartu ohi diren faktoreen arteko harremanak tamainan gauzatzen dira behintzat, azkenean. Tamainaren hori maila handian produzitzeko eta etxaldeak errentagarri bihurtzeko orduan zenbaterainoko muga izan daitekeen aipatu diren etxalde txiki horietan teknika berriak sartu nahi izan direnean ikusi da garbi. Neurri handi batean, bi arrazoi horiengatik, etxaldeak tamainaz txikiak zirelako eta berrikuntzak sartzeko erosotasunik ez zelako, jo zuen laborari askok lan bila kanpora eta urritu zen nekazaria Atlantiko alderako eremuan, edo geratu zirenak hasi ziren baserria modernizatu ahal izateko lursail berriak erosten, baserriko lanaz aparte kanpoan (industrian edo zerbitzuetan) lan egiten eta baserriak beste zeregin batzuetarako antolatzen (agroturismorako eta).
M. Etxezarretaren iritzian, gutxienez lau hektarea izan behar ditu baserriak baserri izateko. Errealitateak, ordea, neurri kontuan lurralde batzuetatik besteetara alde handiak daudela erakusten du, zeren, Gipuzkoan adibidez, zortzi hektareako baserriak dira erdiko tamainakoak, eta Bizkaian, berriz, hamairu hektareakoak.
García Fernadezek beste kontu batzuk egiten ditu; haren arabera, 4-15 hektarea bitartekoen sailean daude baserri gehienak, eta oso gutxi dira hamar baino gehiago eta lau baino gutxiago dituztenak. García Fernandezen kontutan, sei hektarea litzateke batez besteko neurria, eta, baratzeak, soroak, sagastiak, belardiak-eta barne, sei hektarea izango lituzkete baserri gehienek.
Urruti gabe hiriren bat edo industriaguneren bat izateak izan du baserriarentzat alde onik, baina baita alde txarrik ere. Alde txarrak, hiriak eta industriak baserritarren gain zuten tira zela-eta, hauek nekazaritzako lanari denbora gutxiago eskaintzea eta horrekin gizakiaren elikadurarako uztagaiak urritzea izan ziren, nahiz eta horrek abereen bazkarako kultiboak gehitzea ekarri bide batez.
Nolanahi ere, zer labore landu zer ez, aldaketa handiak izan dira mende honetan Euskal Herrian: gari-garagarrak egiteari uztea izan da aldaketa horietako bat. Izatez, bazen, garia egiteari uzteko bai behintzat, horretarako arrazoirik. Atlantiko alderako eremua paraje gaiztoa da gariarentzat; hezetasuna eta eguzki eskasia lagun txarrak hura behar bezala kontserbatzeko. Artoa, berriz, dituen gaitasun biologikoengatik-edo, oso ondo moldatu da eremu horretako klimara, eta eutsi ere, gariari-eta baino luzaroago eutsi izan zaio horegatik artoari, arestian esan denagatik, batetik, baina baita errendimentu handiagokoak ematen zituelako eta babarrunarekin konbinatu ahal daitekeelako ere, bestetik.
Giza janaritarako erabiltzen diren uztagaietatik, Euskal Herrian patata, barazkiak eta babarruna egiten edo lantzen da gehiena. Eta produzitu ere, etxean patata, barazkiak edo babarruna jan gabe geratzen ez diren arren, etxerako baino areago inguruko herri eta hirietako eskeari erantzun ahal izateko produzitzen dute horrenbeste, eta soberakinak hiri eta herri horietako azoketan saltzen dituzte gero.
Esan bezala, gehien lantzen den uztagaietako bat da patata, baina beste gauza bat ere esan beharra dago horri buruz, nola soroetan hala baratzetan, gero eta gutxiago egiten dela, alegia, eta lurralde guztietan, gainera. Beherakada hori are nabarmenagoa da Nafarroa Beherean eta Zuberoan, bi lurralde horietan egin ere ez da egiten eta, esateko. Araban eta Nafarroa Garaian egiten da gehiena, Euskal Herriko produkzio guztiaren %72, Araban, eta %20, Nafarroan.
Gorago esan bezala, eta portzentaiak lekuko, Euskal Herrian oso jende gutxi bizi da nekazaritzatik bakarrik. Gutxi horretan bertan ere, ordea, badira lurralde batzuetatik besteetara diferentziak, eta diferentzia horiek Ipar Euskal Herrian ikusten dira garbien; Nafarroa eta Zuberoan, adibidez, langileen %10 eta %7 da, hurrenez hurren, nekazari, eta %1 pasatxo besterik ez, Lapurdin. Lapurdi aparte, Ipar Euskal Herriko portzentaiak nahikoa altuak dira, halere, Hego Euskal Herrikoen ondoan behintzat; izan ere, Gipuzkoa-Bizkaietakoak %3,1 eta %2,4 baino ez baita nekazaritzatik bizi. Baina ez da hori, gero eta gutxiago izatea, nekazaritza alorrean dagoen akats bakarra, hori baino okerragoa da, agian, gazteek baserrian geratu nahi ez izatea eta lan bila kanpora jotzea, zeren, hori dela eta, egunean baino egunean zaharrago bilakatzen ari baita laboraria, hala adierazten dute behintzat Lapurdiko datuek; azkeneko datuen arabera, lurralde horretan, nekazarien %43 dago 55 urte baino gehiago duena.
Bestalde, eta azkeneko zentsuek adierazten dutenez, Ipar Euskal Herriak lehengo eran jarraitzen du baserriak hustutze edo baserriko lanari uzte kontuan ere: 1970etik 1979ra bitartean, ziren nekazarien %14k utzi zion etxaldea lantzeari, eta geratu zirenen %17k, 1979tik 1988ra bitartean.
Guztiaz ere, eta estatistikek diotenez, ez doa nekazaritzan dena gainbehera, sail txikiak dituztenek baserria uzten dutelako edo geratzen direnek sail gehiago erosten dutelako, etxaldeak gero eta handiago dira oro har: 1970ean, batez beste 12-15 hektareako etxaldea zuten, eta 17 hektareakoa 1988an. Baina, dena multzo batean aztertzea baino interesgarriagoa da eskualdeka aztertzea, zeren, horrela hobeto ikusiko baita esplotazio kontuan zer diferentzia dauden batzuetatik besteetara.
Kostaldeko baserriek Ipar Euskal Herrikoen %11 hartzen dute portzentaiatan, eta neurriz, batez beste eginez gero, 8 hektarea izango litzateke bakoitza. Barnealdekoekin (Muinoaldea eta Mendialdea) zera bera eginez gero, berriz, 18 hektarea izango litzateke eskualde horretako bakoitza. Kostaldeko baserriak edo etxaldeak oro har txikiagoak izate horrek badu bere esplikazioa. Baiona- Miarritze-Angelu hiriguneak hurbil edo hurbil samar izanik, baserrietako sailak eta produkzioa horietan bizi den jendearen beharretara edo barazkiak produzitzera egokitu izana da arrazoi bat; eta eskualde horretan bestean baino baserriko eta industriako edo zerbitzuetako lana konbinatzen duen nekazari gehiago izatea, berriz, bestea. Lapurdi eta Nafarroa Beherea hartzen dituen Baionako arrondisement edo deritzan horretan, baserritarren %32k du, hain zuzen, etxekoaz aparte beste lanbideren bat.
Barnealdeko etxaldeak oro har handiagoak izatearen arrazoia, berriz, sailen erabileran datza, arestian aipatu den lehenengo arrazoian, alegia; izan ere, eskualde horretan belardiek eta larreek hartzen dute erabiltzen diren sailen parte handi bat (%65, adibidez, Mendialdean).
1988an, erabiltzen edo zaintzen ziren lursailen zabalera (soro, belardi eta larreena) 118 hektareakoa zen Mendialdea. 118 hektarea horietatik % 10 erabiltzen zen laboretarako, %13, ganadu janetarako, eta %70 belarditarako edo larre lekutarako. Eskualde horretan, nekazaritza abere hazkuntzarako moldatua dago batez ere, datu horien arabera. Faktore ekonomikoak ez ezik faktore fisikoek eta geografikoek ere zeresan handia izan dute hori horrela antolatzeko orduan. Eskualde horretako laborantzaren barruan, aipagarria da, halaber, Irulegiko ardogintza ere, eta ez bakarrik Jatorrizko Izen baten jabe egin delako, baizik baita bere inguruan, hala Baigorriko kantonamenduan nola ardogintzaren beraren inguruan, lan guztia kooperatiba gisa antolatu delako ere. 1986an, ehun mahasti jabe pasatxo ziren kantonamendu horretan, eta Irulegi izeneko lau mila hektolitro ardo egin zen, 1970ean halako bi, hain zuzen.
Laborea, berriz, eskualde horretan produzitzen den gehiena, ez bada guztia, ganadu janetarako produzitzen da.
Makineria sartuz nekazaritza modernizatu nahi izan duen askok bi oztopo handi aurkitu ditu Ipar Euskal Herrian eta, oro har, Atlantiko alderako eremuan: eskualde horietako topografiatik zetorrena bat, paraje aldapatsua izatea, eta alor banaketatik zetorrena bestea, sail txikiak izatea, alegia. Eta sartu ere, ahal izan denean, gehiena makineria txikia sartu izan da: traktore koskorrak, rotabatoreak eta sega makinak. Hori esanik, Ipar Euskal Herriko etxaldeak aztertuko dira atzera. Kostaldeko esplotazioen %50k ez du5 hektarearik ere. Barnealdeko etxaldeak portzentaia horretan bildu nahi izanez gero, berriz, Mendialdean 12 hektareako esplotazioak lirateke %50, eta Muinoaldean, berriz, 17 hektareakoak. Beste modu batera esateko, eskualde horietan, eta hurrenez hurren, 5, 12 eta 17 hektareako etxaldeak lirateke erdiko tamainako. 15 hektareaz azpikoak, %85 dira Kostaldean, eta %50 Barnealdean. Datu horiek 1980an Europako Erkidegoak Nekazaritzari buruz egin zuen informean esaten denarekin konparatuz gero -errentagarri izateko gutxienez 50 hektarea izan behar zituela esplotazio batek— argi ikusten da informean jarritako eredutik zein urruti dabiltzan.
Gaur egun Ipar Euskal Herrian diren traktoreak eta rotabatoreak hektareaka banatzera, laborariek traktore bat lukete 22 hektareako eta rotabacore bat, 34 hektareako. Banaketa hori eskualdeka egingo balitz, berriz, Kostaldean 13 hektareako lukete traktore bat; Muinoaldean 22 hektareako, eta Mendialdean 25 hektareako. Datu horietatik garbi ikusten da faktore fisiko edo geografikoak makineria sartzeko zenbateraino oztopo gerta daitezkeen. Makinak sartze hori laguntza handiko izan zen nekazarientzat, zeren, zegoen beso falta gutxi-asko konpondu ez ezik, 1960ko hamarralditik aurrera, lehen mendi zen zenbait alde luberritu ondoren, ganadu janetarako artosail edo beste bihurtu ere egin ahal izan baitzen horrekin.
Marko sozioekonomikoari dagokionez, Ipar Euskal Herriko nekazaritzak ere, bioklima bereko beste eskualdeetako nekazaritzaren oztopo berberak edo bertsuak ditu dirudienez. Oztopo horiek direla eta, azpisektore bat edo sortu da nekazaritzan, egiten den lanari, legokiokeen fruiturik ateratzen ez diotenen azpisektore bat, hain zuzen. Oztopo horiek eta hobe beharrak inguruetako hirietara eragin du jende asko, etorkizun hobea eta erosotasun handiagoa eskain lezaketeen lanbideren baten bila. Nekazaritza sistema horren alde txarrak ondoko lau hauetan bil daitezke: etxaldeen estruktura, ekonomiari dagokionez, ahula izatea; baserriburuak oro har gero eta zaharrago bilakatu direla medio, lana egiteko modu tradizionalei eutsi izana; baserriburu gehienek prestakuntza handirik ez izatea; eta terrenoentzat beste zenbait erabilera modu izanik ere (industriarako, turismorako, etxeak egiteko eta abar), laborantzarako erabiltzea. Hobera egin du baserriburuen prestakuntzak 1970az gero, orduan %80 baitzen batere prestakuntzarik ez zuena, eta %70, gaur egun, baina portzentaia handia da oraindik ere.
Guztiaz ere, ez dira baserritarrak beti modu berean gauza berak produzitzen ari izan, jakin dute aldatzen eta labore mota bati besteari baino garrantzi handiagoa ematen. Lehen soro lana izan ohi zen garrantzizkoena, urte batzuetatik hona, berriz, horri baino garrantzi handiagoa ematen diote abere hazkuntzari. Horrek soroetan lan gutxiago egitea ekarri du batetik, eta baserriko eta industriako lana konbinatu ahal izatea, bestetik. Baserrian lanerako jende gutxiago izateak soro lanetarako makineria sartzea eragin du, bestalde. Atlantiko aldeko eremuetan, gehiena makineria txikia sartu da, dena den, diren leku aldapatsu eta sail txikietarako egokien zetorrena, alegia.
Euskal Autonomia Erkidegoaz ere lehen Ipar Euskal Herriaz esan den gauza bertsua esan daiteke mekanizazioari dagokionez, hots, ez dela alde guztietan neurri berekoa izan. Araban adibidez, rotabatore eta segamakina baino traktore gehiago sartu da, haiek halako bi hain zuzen (1989). Gipuzkoan eta Bizkaian, berriz, justu kontrara gertatu da. Eta normala da bi probintzia horietan Araban baino makina txiki gehiago sartu izana, sailak ere txikiak eta aldapatsuak direnez gero. 1989an, batez beste hektareako traktore bat eta hektarea erdiko makina txiki bat zen Gipuzkoan eta Bizkaian. Atlantiko alderako eremuan makineria horren zabaldua egoteak berriz ere lehengo gogoeta bera dakar burura: industria hazi eta zabaldu izanaren ondorioa dela baserrian jende gutxiago geratzea. Arabako makina kopuruak, berriz, lurralde horretan etxalde handiagoak direla eta, industria beste bi probintzietan adina ez dela hazi eta zabaldu adierazten du.
Ez dago Atlantiko alderako eremuan lurra modu intentsiboan erabiltzea eta kentzen zaion etekina kentzea lurrari ongarria eman gabe egiterik. Lehen, baserriko sailak batik bat etxeko mantenurako erabiltzen zirenean, karea ematen zitzaion lurrari. Eta Atlantiko alderako eremuetako lurrak behar beharrezkoa du hori, zeren, den klima izanik eta sailak ustiatzen diren moduan ustiatzen direlarik, hori gabe berehala geratuko bailitzateke kaltzio eskasian, eta kaltzioa garrantzi handiko elementu kimikoa da pHa berritzeko eta azido gehiegi izatea galarazteko. Garia egin nahi den leku aldapatsuetako lurrak behintzat nahitaez behar du karea, euriteetako urak eraman egiten baitio zenbait sustantzi.
Karea ongarri gisa erabiltzen, XVII. mendean hasi ziren, eta oso bizkor zabaldu zen horretarako ohitura; izan ere, berehala konturatu baitziren nekazariak zer alde on zituen. Batetik, irazkorrago bihurtzen ditu buztin lurrak, beraz, ura errazago barneratzen da karea emandako lurretan, eta urbilduak sortzea galarazten du gainera. Kimika aldetik begiratuta ere, baditu bere abantailak, karearen ioiek berehala egiten dute zorukoekin bat, eta horrela bizkorrago askatzen dira nitratoak, potasioak eta gainerako gai ongarriak, eta aiseago bilakatzen ere horiek landareen bizigai. Lurraren egitura hobetu ere egiten du orobat, mokorrak eratzea eta euriteek lurra eramatea galarazten baitu.
Dena den, teknika berriak aurkitu ahala hobetu eta gehitu ere egin da ongarrien erabilera. XVII. mendean, lurrari emateko erabiltzen zen batez ere, sailek gero eta gehiago produzi zezaten, alegia. Karea emanez gero, urtebete lugorri utzi gabe ere, sailek uzta ematen zutela ikusi zuten, eta, hala, sailak urtebete lugorri uzteko ohitura galduz joan zen. XVIII. mendean, desinfektatzeko ere balio zuela jabetu ziren; gariari kare piska bat nahastuz gero, aleak zomorro gutxiago izaten zuela, esate baterako. Handik hara, aziendak gaitzik izan zezan galarazteko ere balioko zuela pentsatu zuten, eta ukuiluetan botatzen hasi ziren gero.
Industrializazio aurreko garaian, familiazko estrukturen gainean antolatua zegoen baserrietako lana, eta familiako kide guztiek hartzen zuten lan horietan parte. Beso faltarik nola ez zegoen, laiaz eta gisako lanabes zaharkituez lantzen ziren lurrak. Eta izatez, sail txikietarako eta lurra modu intentsiboan baina etxean ziren besoez bakarrik lantzeko, nahikoa tresna egokiak ziren horiek. "Etxeko besoez bakarrik" horrek ez du, nolanahi ere, soil-soilik etxekoak eta beti etxerako ari zirenik esan nahi, bai bazekiten lan asko zenean, soroak laiatu edo karobia erre behar zenean eta, bailaraka edo bestela, elkarturik batzuk besteei laguntzen ere.
Baserrien arteko elkartasunaren antolaketa herri sailak ustiatzeko era kolektiboan ikusten da garbi. Gipuzkoan, adbidez, soro gisa erabiltzen ez ziren alor guztiak berehala herri sail biurtu izan ziren l457ko Ordenantza Orokorraz ezkero.

 

c. Abere hazkuntza

Badu abere hazkuntzak ere, laborantzarekin batean nekazaritzako ekonomiaren parte denez, ingurune horretako paisajearen eraketan eraginik, zeren, laborantzarekin konparatzeko zenbateko garrantzia duen, hala antolatzen baitira lursailak eta egokitzen ere kultiboak. Garrantziaren arabera,hiru aldi bereiz daitezke Euskal Herriko paraje hezeetako abere hazkuntzan. Lehenengoak XV mendera arte iraun zuen, eta hori zen, esateko, orduko nekazaritza bakarra, probintzietako batzarretan edo instituzioetan babes handia zuena, bestalde. Bigarren aldiak, berriz, XV mendetik XVI. mendera bitarte iraun zuen. Laborantzak indar handia hartu zuen mende horretan, eta lehen baso edo belardi zen sail asko luberritu zen, laborantzako produkzioa gehitu ahala. Abere hazkuntzak, berriz, atzera egin zuen. Laborantzaren gorakada hori argi ikusten da, besteak beste, XV mendean herrietan hartu ziren neurrietan eta herrietako Foru eta Ordenantzetan. Aurreko bi aldi horiek, garaiari dagokionez, industrializazioa bitartekoak dira; hirugarrena berriz, industria indartzen hasi zenetik gaur artekoa. Abere hazkuntza hirietako eskera egokitze garaiari dagokio hirugarren aldi hori.
Tradiziozko abere hazkuntzak, besteak beste, bi ezaugarri nagusi zituen: alegia, batetik, produkzioa bideratzeko eraz estentsiboa izatea, eta, bestetik, baldintza teknikoak nahiz ekonomikoak zirenak izanik, beste aukerarik izan ez eta laborantzako inguruan bertan ere abere hazkuntzako produktuez baliatzea. Abere hazkuntza bideratzeko era estentsiboan ere bi modu bereiz daitezke: abereak baserriko beharretarako hazten zituenarena, eta abereak batik bat helburu ekonomikoari begira hazten zituenarena. Bigarren horretan bertan ere, beste bi modu bereiz daitezke, abereak mendian libre hazten ziruenarena eta abereak zaintzen zituenarena, benetako abeltzaintza, alegia. Urte guztitsuan nahi adina larre zen lekuetan egiten zen abereak mendian libre utziz bideratzen zen abeltzaintza. Abeltzaintza mota horrek ez zuen errendimendu edo etelun handirik ematen. Abeltzaintza mota horretan sartzen dira artzaintza eta larre eskasia trantsumantziaz edo abereak beste lurralde batzuetara aidatuz konpon ohi zuten sistema tradizionala. Lana nahiko ondo antolaturik eta artaldea begipean edukitzea eskatzen du abeltzaintza tradizionalak. Ardiek edo abere taldeek —txikiak normalean— mendiko larre edo baserri inguruetako belardietan ematen zuten eguna eta artzainek bordetara edo harrizko artegietara biltzen zituzten iluntzean. Zituzten behiak, betizuak edo pirenaica arrazakoak izaten ziren, eta uztarlanetarako nahiz esne edo haragitarako erabiltzen zituzten.
Artzaina edo abeltzaina eta abere taldeak - ardi aziendaz osatuak gehienak— urte sasoi jakin baterako mendietatik behe aldera edo batekoz bestera larre bila aldatzeari deritza trantsumantzia. Trantsumantzian, bi mota bereiz daitezke, halaber, larre bila urruti joan beharrik ez zutenena (hamar kilometro baino gutxiagokoa), udan mendira eta neguan kostaldera edo ibai inguruetako belardietara aldatzen zirenena, eta larre bila urruti eta epe luzerako joan behar zutenean (Pirinioetakoa). Hurbileko trantsumantzia Lapurdiko barrualdean, Nafarroa Behereko mendietan, Gipuzkoan, Bizkaian eta Arabako Atlantiko alderako eremuan egin izan da batik bat. Urrutira aldatzen zirenek -Pirinoetako trantsumantzia ere esaten zitzaion horri- egun dezente ematen zituzten bidean (larre bideetan). Eta arautua zegoen larre bide izatea zein bideri zegokion. Zenbait eskualdetatik, berrogei kilometrotaraino joan behar izaten zuten larre bila, Zuberoatik, adibidez, eta ehun kilometro eta gehiagotara, beste batzuetatik, Erronkaritik eta Zaraitzutik, besteak beste. Nolanahi ere, joera bera zuten biek: neguan mendietatik kostaldera edo behe aldera jaisten ziren eta udarako mendira igotzen ziren berriro; Nafoarroako mendietakoa Bardeetara eta Zuberoakoak Aturri aldera, adibidez.
Baserrian hazten ziren aziendak, berriz, gorago esan bezala, uztarlanerako erabiltzen ziren batzuk (behiak, idiak) eta urtean zer jana izateko, beste batzuk (behiak, zerriak, oiloak eta.).
Abere hazkuntza tradizionalean, pertsona bat izaten zen abere taldearen jabe, bai baserrian eta bai mendian; pertsona hori egiten zen zegozkion lanen kargu.
Abere hazkuntza tradizionala zein bidetatik ibili zuzen aztertzeko, garrantzi handia du, halaber, herri sailen fenomenoa ezgutzeak. Ez zaie herri sailei edo lur komunei probetxubide bera eman izan alde guztietan, herrien eta lurraldeen arteko akordioen bidez arautzen zen zer erabilera eman. Herri sailetan tipikoena edo zabalduena partzuergo-edo deritzana da. Nafarroan dira partzuergorik handienak. Hirurogeitaraino edo ziren orain dela gutxi arte; guztira hogei mila hektarea inguru hartzen zuten. Nafarroa Garaiaren eta Euskal Herriko Atlantiko alderako hiru lurraldeen artean dituztenak dira aipagarrienak: Lau Haranen (Erro, Baztan, Luzaide eta Baigorri) arteko partzuergoa deritzana; Aezkoako haranaren eta Uharte-Garaziren artean dutena, Zaraitzuko haranaren eta Zuberoaren artean dutena, eta Erronkariko haranaren eta Zuberoaren artean dutena. Pirinio aldeko eskualdean, Zaraitzuko eta Aezkoako partzuergoa dira aipagarrienak, eta Bidasoa aldeko mendietakoa eta Aralarkoa, ipar-mendebaleko eskualdean. Luze-zabalean handiena, Bardeetakoa da. Bardeetako hori ez da partzuergo bat, Floristanen iritzian, Nafarroako Erregeek Erriberako hemeretzi herriri, Olibako Monasterioari eta Erronkariko eta Zaraitzuko haranetakoei betiko utzitako paraje lehor, berrogeita bat mila hektareako bat, baizik.
Ipar Euskal Herrian, izen bereziaren aurrean "vallee" edo "pays" ezartzen zuten lur komunak izendatzeko; "Vallde" edo "pays" aipagarrienak: Zuberoakoa, Ostibarrekoa, Garazikoa, Uharte-Hirikoa eta Baigorriko ibarrekoa. Frantziako Iraultzaz gero, ibarretako sindikuek administratu zituzten lur komun horiek, eta gaur egun ere, ez dute sindikuarenak-edo deritzaten lur komunek eta besteek errejimen bera. Ipar Euskal Herrian bost partzuergo edo lur komun handi dira gaur egun: Baretous edo Ibarrettokoa, Zuberoakoa, Garazikoa, Sarakoa eta Baigorrikoa.
Euskal Autonomia Erkidegoan Arabako eta Gipuzkoako Partzuergo Orokorra da aipagarriena; luze-zabalean hamaika mila hektarea inguru hartzen du partzuergo horrek Aizkorri inguruko larre leku eta basoetan. Partzuergo horretan, Gipuzkoatik Zegamak, Zerainek, Segurak eta Idiazabalek dute partea, eta Arabakoetatik, Agurainek, Donemiliagak eta Asparrenek.
Arabako partean, Salvada Mendietakoa eta Gorbeiakoa dira ezagunenak. Lahenbizikoan Amurrioko, Laudioko, Aiarako eta Okondoko bailarak sartzen dira, eta bigarrengoan, Arabak eta Bizkaiak, biak dute parte.
Gipuzkoan, Aralarkoa eta Erniokoa dira partzuergorik aipagarrienak eta handienak.Euskal Herrian lau ardi arraza nagusi dira, bi Ipar Euskal Herrian, manexa eta Biarnokoa, eta bi Hego Euskal Herrian, latxa eta txurra. Latxa arrazari, paraje hezeak doazkio berez; eta ardi esnetsua da izatez. Txurra arraza, berriz, hezeetara eta lehorretara, bietara moldatzen da, eta erakutsi ere ondo erakutsi du hori, Pirinio mendietatik Bardeetarako trantsumantzian. Ardi hau hobea da ileetarako edo haragitarako esnetarako baino. Manex arraza, Nafarroa Beherekoa da jatorriz; horri, hobeto doakio mendiko klima, eta erabili, batik bat esnetarako erabiltzen da. Biarnokoa, aldiz, ardi iletsua da; manexa bera baino hobeto egokitzen da mendi garaietara, eta izenak besterik adierazten badu ere, Zuberoakoa da jatorriz.
Azkeneko abere zentsuen arabera, behi, ardi eta ahuntz taldeak batean harturik, Bizkaian eta Araban handitu egin da abere kopurua. Gipuzkoan, berriz, behera egin du, eta nabarmen, gainera. Abere kontuan, Bizkaiko kasua da aipagarriena. Lurralde Historiko horretan, 1982-1989 urte bitartean %8 gehitu baita ardia, baina aldi berean, % 77 gutxitu zerria.
Ipar Euskal Herrian, abere hazkuntzak garrantzi handia izan du beti, eta hala du gaur egun ere, nekazaritzaren barruan behintzat. Ibarrak iparraldetik hegoalderako joeran egotea abantaila handia da trantsumantzia egin ahal izateko. Diren parajeak eta baldintza naturalak, landa zabalak, larre komunak eta abar, oso egokiak dira abere hazkuntza modu estentsiboan egiteko, eta, dirudienez, oraindik ere etorkizun ona du horrek Ipar Euskal Herrian. Eskualdeka aztertuz gero, garbi ikusten da abere hazkuntza nola dagoen banatua, zenbat eta hegoalderago eta parajea edo erliebea aldapatsuago, orduan eta abeltzaintza gehiago da.
Esan berri den hori argi ikusten da 1979tik 1988ra bitarteko datu estatistikoen konparaketa egiterakoan, hain zuen ere, ardi eta gainerako abere-taldeak gutxitzen joan diren bezala, eskualde guztietan handituz joan baita abere banakoen kopurua, zaldiena izan ezik; hauena kostaldean bakarrik gehitu dira. Belardi eta gainerako bazkagaien sailak gehitu eta handitu izanarekin zerikusi zuzena du horrek. 1979tik 1988ra bitartean %44 emendatu ziren horiek.
Azpisektore horretan, hobekuntza handiak izan direla adierazten du horrek; teknika mailan, errendimendu mailan eta planifikazio mailan egin den birmoldaketak aldaketa dezenteak eragin dituela, alegia.
Ipar Euskal Herrian, ardia da gehien dagoen azienda, eta eskualdeei dagokienez, Muinoaldean gehiena (%65), Mendialdean hurrena (%33) eta Kostaldean gutxiena, alde askoz gainera (%1,45). 1979az gero %13 gehitu da ardi azienda. Neurri handi batean, esneari garrantzi berezia emateak eragin du hori, esnearentzat merkatu on bat aurkitu izanak, alegia. Produzitzen den esnearen parte handi bat Roquefort gazta egiteko saltzen da gaur egun.
Eta ez dute, duela urte batzuk ezkero nekazaritza asko aldatuagatik, udako trantsumantzia bazterrera utzi; izan ere, bitarte horretan (3-6 hilabete) biltzen duten larrea, merkea izateaz aparte, ez baitute etxeko sailetan jaten, eta horrela, negurako behar dituzten etxeko zelaiak berritzen baitira bide batez.
Ardiak ez ezik, abelgorriak ere garrantzi handia du Ipar Euskal Herriko abere hazkuntzan, eta esnetarakoak baino handiagoa, batez beste, haragitarakoak; baina ez alde guztietan. Mendialdea deritzan eskualdean, adibidez, esnetarako behia gehiago baita (%76) haragitarakoa baino, eta haragitarako gehiago Muinoaldea-edo deritzanean.
Aipatzekoa da, halaber, ahuntzen kopuruak 1979tik 1988ra egin zuen goarakada ere, %l6koa, zehatz esateko. Eskualdeei dagokienez, ahuntz azienda Kostaldean ugaritu zen gehiena. Arestian aipatu den urte bitarte horretan, ahuntzen kopurua bikoiztu egin zen eskualde horretan. Neurri handi batean, ahuntz esnearentzat merkatu ona aurkitu izanak eragin du azienda mota hori ere gehitzea.
Datu horiek, ordea, zenbat hektarea larre eta zenbat hektarea belardi den jakitean hartzen dute esanahi betea, orduan bakarrik suma baitaiteke batzuen eta besteen artean harremanak zer nola lotzen diren. Betabereen eta ardi azienden kopuruari dagokienez, elkarren kontrakoak dira Pirinio mendiez hegoalderako eskualdean den joera eta mendiez iparralderako isuraldean dena, eta orobat ganadu bazkatarako eta larrerako edo belarditarako erabiltzen diren sailen luzezabalari dagokionez ere. Hego Euskal Herriko Atlantiko alderako eremuan, Bizkaian ardia izan ezik, urritu egin da ardi eta behi azienda. Larre tokiek, aldiz, are zabalera handiagoa hartu dute 1982tik 1989ra bitartean: %38, Gipuzkoan, eta %26, Bizkaian. Baina, bazkagaietarako sailak murriztu egin dira urte horietan, %62, Gipuzkoan.
Datu horiek bizpahiru gogoeta dakartzate eskutik: abere hazkuntza muga batara iritsita, horretan geratua, edo jadanik beheraka hasia dagoela, da bata; sorolan gutxiago egiten denez eta horretarako erabiltzen ziren alor asko belardi edo larre utzi direnez, hauek gero eta zabalgo direla, da bestea.
Dena den, aipatu ditugun datuekin ez da, laborantza egundo baino beheraldi handiagoan dagoela uste izatea eragin nahi, baizik eta, seguru asko, merkatuko eske berriei behar bezala erantzun ahal izateko eta soro lurrak ahalik hobekien aprobetxatu beharrez, barazkiak, fruituak eta, oro har, jenero freskoa produzitzera emana izango dela. Eta goegoeta horren arrastotik, laborantza hutsetik bizi den jende kopuruan 1982tik hona izan den aldaketa dator bidera, izan ere, hirutik bat edo lautik bat baino ez baitzen bizi orduan laborantzatik bakarrik, eta hirutik bik edo lautatik hiruk zuen ondoan beste lanbideren bat; gaur egun, berriz, justu orduko kontrara daude kopuruak.

 

d. Landare paisajea

Orain dela hogeitalau urte (1972), Hego Euskal Herriaren %37 zen baso; orain hamalau urte (1982), berriz, %32, eta 1989an, %33. Gaur egun, 1972an lortutako mailatik pixkana-pixkana urritzen joan ondoren, orain dela zenbait urte jotako mugan geratua dago.
Lurralde Historikoak banan-banan hartuz gero, baso hedaduran alde dezenteak ikusten dira batzuetatik besteetara. Nafarroak du basorik gutxiena. Lurralde horretan, duen zabaleraren %25 da baso. Gipuzkoan eta Bizkaian ere, 1960ko hamarraldiaz gero behintzat asko murriztu da; hamarraldi horretan lurralde horien %50 hartzen zuen gutxi gorabehera basoak, eta %30 baino zertxobait gehiago gaur egun. Basorik gehiena Araban da, eta 1972az gero gehitzen joan da, gainera; orduan lurraldearen %35 inguru hartzen zuen eta, orain, berriz, %43 inguru. Azkeneko urte hauetan, basoa gainerakoari lekua kentzen joan dela adierazten dute portzentaia horiek. Eta ez da hori Arabako Foru Aldundiak nahi gabe gertatu; izan ere, garrantzi handia eman dio erakunde horrek basotzeari. Izan ere, oraintsu arte koniferoz basotzen baitziren zuhaitza kendutako sailak, eta ez bertako zuhaitzez.
Basoak erretxinadunetan eta erretxinagabeetan edo bi sailetan banatu ahal izanez gero, erretxinadunez osatutakoari legokioke zabalerarik handiena, basoen %50 hartzen baitute horiek, eta %48 errerxinagabez osatutakoak. Portzentaia horiek ez dira lurralde eta eskualde guztietan horrela, zeren, Koastaldean erretxinadunak nagusi diren arren, eta alde handiarekin bainera, basoen %80, hain zuzen, Araban eta Nafarroan gehiago baita hosto-zabala, %65 eta %63, hurrenez hurren. Nolanahi ere, pagadi sail handiak ditu Nafarroak, baita Espainiako estatuan direnekin alderatuta ere, eta ez da baso horiek duten entzutea gaurkoa, pago enborrak Pirinio mendieetako haranetatik ibaiez Ebrora eramaten ziren garaierakoa baizik.
Eta Nafarroako pagadiez mintzatzean, aipagarria da, aipagarriena ez bada, Iratikoa.
Erretxinadunetan, insignis-pinua dago zabalduena, Euskal Autonomia Erkidegoan batik bat, eta insignis-pinua hurrena, batez ere Nafarroako Mendialdean, azkeneko hori. Hosto-zabaletan, barriz, pagoa, artea eta haritza daude hedatuenak, eta hiru horietan, pagoari dagokio lehenengo lekua, artearen, haritzaren eta gainerakoen aurretik.
Aipatzekoak dira, halaber, Ipar Euskal Herriko basoak ere. Sailei dagokienez, eskualde batzuetatik besteetara alde dezenteak diren arren, oro har baso asko da alde horretan, eta hosto-zabalez osatutakoek hartzen dute, gainera, basoen parterik handiena, pagoa buru dutela. Hedaduraz, koniferoei dagokie bigarren lekua, eta horietan mendi garaietako izaia da nagusi. Baso kontuan, Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan Nafarroa Beherea da aipagarriena.
Bada, bestalde, basotzea edo baso berritzea dela bide, insignis-pinuak Kostaldeko eskualdeetan hartu duen zabalerari buruz zer esana, bai baita basoak berritzeko zuhaitz mota hori besterik erabiltzen ez dela dionik ere. Pinu mota hori sartzeko joera areagotu egin zen industria hazi eta hiriak zabaltzearekin baserriak gainbehera jo zuenean. Lanerako besoa urritzean, soroetako eta belardietako lana pixka bat bazterrera uztera behartu zituen baserritarrak. Lugorri geratu ziren sail horietan pinua sartu zuten gero, bizkorrena hazten den zuhaitz mota hori zenez. Gaur egun, nahikoa gaizki ikusia dago pinua, aditu batzuen iritzian lurra pobretzen (azidotzen) duelako, izurriteak izaten dituelako (prozesionaria edo pinu beldarra), eta pinudiak garbitzeaz eta zaintzeaz arduratzen ez direnez, su ere erraz hartzen dutelako. Zenbaiten iritzian, pinuak ez du aurrerantzean, gaur izan duen adinako arrakastarik izango, zeren paperaren industriak behera egin izanaz gainera, garestia baita produzitzeko, Atlantiko alderako eremuan antolatua dagoen bezala, minifundiotan antolatua egonik bederen.
Basolan edo baso ustiatze gutxi egiten da gaur Ipar Euskal Herrian, ez bada Senpereko eta Sohutako harizti koskorretan (Muinoaldean) eta abeltzainen interesagatik zaindu diren Mendialdeko baso handixeago batzuetan.
Ipar Euskal Herriko baso ondarea pagadiz osatua dago batik bat, Hairako, Oriongo, Ibanteliko eta Irariko pagadiez, hain zuzen.
Baso berritzeak gaur egun Ipar Euskal Herrian duen etsairik handiena abeltzaintza da, handia baita, izan ere, abeltzainek lur komunak kudeatzeko ardura duten "sindikatuen" gain duten eragina.

 

Mediterraneo alderako eremu bioklimatikoa

 

Dituen ezaugarriak: fisikoak eta gainerakoak. Zer eragin izan duten erregadioak eta "hiribilduak" sortu izanak

Gorago esan den bezala, bi bioklima mota nagusi dira Euskal Herrian: Atlantiko alderakoa eta Mediterraneo alderakoa. Ez ditu azkeneko honek bestearen faktore fisiko berberak, baina badu beste diferentziarik ere, laborantza antolatzeko era komunitarioa, besteak beste. Alde honetan, etxe multzo handiago edo tinkoagoz eratutako herrietan bizi dira nekazariak. Beharrak eragin zituen antolaketa edo bizitzeko modu horretara; izan ere, udako beroak ekarri ohi duen lehorteari aurre egiteko, erregadiorako azpiegitura antolatu behar izan baitzuten, eta horrek elkarri laguntzera eraman zituen. Erregadioko azpiegitura horiek eragin handia izan du paisajearen eraketan, are esan daiteke paisajean eraginik handiena hori teknikoki aplikatzeak izan duela ere. Ubide, erreten eta tuberia azpiegitura horrek, sailei beste eite bat eman zien hasteko, lehen lantzen ez zen hainbat lur zerrenda, soro edo labore sail bihurtu baitzen. Bestalde, lehen egiten ez zen erara lurra landu ahal izateko bidea ere jarri zuen erregadioak: sailak modu intentsiboan lantzeko modua, aziendak ukuiluan hazteko era, baratzak eta fruitu arbolak lehen ez bezala landu ahal izateko aukera.
Etxalde sakabanatuak eta jarrera indibidualistak nekez uztar daitezke, bestalde, erregadioarekin eta jabelur edo etxalde handiekin.
Herria edo biztanlegunea non kokatu aukeratzerakoan garrantzi handia zuten lekuaren ezaugarri fisikoek eta defentsarako erosoa izateak. Mediterraneo alderako eremuan udan euri jasa labur baina bortitzak sarri ohi direnez, leku garai samarrak, goi ordokiak eta alubioiez eratutako zabaldiak edo terrazak aukeratzen zituzten horretarako. Eremu horretan, eta batez ere Erribera aldean, bestalde, garrantzi handia zuen herria erraz defenditu ahal izateak, zeren, ondoan baitzituzten Aragoiko eta Gaztelako erresumak, eta ez baitziren horiekin, beti lagunen moduan konpontzen.
Eremu horretako herri edo biztanlegune askok -Floristanek "hiribilduak" deritze Nafarroakoei- hirien antza dute, esateko. Herri edo hiribildu zaharrenek kaleak eta enparantzak eratzen dituztela antolatuak dituzte etxeak, baina antolamendu jakinik ez dute horiek. Orainagoko herriek, berriz, egitura jakin samarrean antolatuak dituzte kaleak eta etxe multzoak ere, laukiak eratzen dituztela gehienak, Behe Erdi Arokoek eta Aro Modernokoek, behintzat. Hori da Ebro ibaiaren inguruko eta Mediterraneo alderako herri gehienen egitura tipikoa.
Herriek ez ezik, ez dute eremu bateko eta besteko nekazari etxeek ere egitura bera, ez duen bezala hango eta hemengo biztanleentzat etxeak esanahi bera. Mediterraneo alderako eremuan, bestean baino askoz euri gutxiago egiten du, bestalde, eta ez du etxeak bi isuraldeko eta erlaitz zabaleko teilatuaren beharrik. Egin ere, halaber, baso eta egur gutxi denez, ez dira horiek oro har zurez egin izan, adreiluz eta pezoz baizik, ibai ondoetan buztin lurraren faltarik ez denez.
Atlantiko alderako eremuan, baserriaren inguruan antolatzen da nekazaritzako lan guztia, eta horregatik du duen arkitektura; Mediterraneo alderako eremuan, berriz, erregadioko sistemen edo lehorrekoen arabera antolatzen dira lursailak.
Sailak ureztatzeko euria beste baliabiderik ez duenari deritza lehorreko sistema. Ibaietako edo beste edozein urbildutako ura alorretara bideratzeko azpiegitura moldatua duenari eta ureztatzeko erregadioa erabiltzen duenari, berriz, lehorreko sistema. Lehorreko sistemak bidea ematen du, bestalde, ur asko behar duten labore motak sartzeko ere.
Mediterraneo alderako eremuan, bada, ibaien eta ubideen arabera antolatu izan dira alorrak, eta erregadioz ureztatzen ibaietik eta beste ubideetatik hurbil diren sailak. Hurbiltasunari dagokionez, hiru alde bereiz daitezke sailetan: hurbilenekoak edo, ibaiak handitzean sailak urpean geratuko liratekeenez, baso edo belardi uzten direnak; ibaietatik urrunxeago direnak edo ubidez eta erretenez era jakin samarrean banaturik daudenak, Mediterraneo alderako eremuetan, batik bat mahastitarako, olibo sail edo garisorotarako erabiltzen direnak; eta etxe ondoan edo biztanleguneetatik oso hurbilen direnak, baratze modura eta barazkiak produzitzeko erabiltzen direnak; aziendarik sar ez dadin hesiz babestuak egon ohi dira horiek.
Lehorreko nekazaritza sistema ibaiak eratutako zabaldi edo terraza garaietan egiten da. Alde horietako sailak larrerako edo ganadujanetarako erabiltzen dira;"Corralizas"deritzate horiei. Lehen lur komunak izan ohi ziren gehienak eta partzuergoan erabiltzen zituzten. Denborarekin, ordea, jabetza pribatuko bihurtu dira horietako asko, laborariek eta desamortizazioko legeek horretara bultzaturik.
Nekazaritza, lehen, herri sailekiko atxikimenduan, nekazarien arteko elkartasunean, eta abeltzaintzan oinarritua zegoen. XIX. mendea bitartean, ordea, pixkana-pixkana galdu egin zuen kutsu hori eta jarrera indibidualistagoa hartu zuen, izan ere, laborantzak indar handia hartu baitzuen mende horretan. Lehenago partzuergo eta herriko sail zen alor asko XIX mendean soro bihurtu izana da esan denaren lekukorik argienetako bat. Nekazariak laborera eta bereziki garitara ematea eragin zuen horrek. Mahatsak ere, Frantzian filosera gaitza sartu zela eta, indar handia hartu zuen, hala Nafarroako eta Arabako mahastietara zabaldu eta horietan kalte handiak egin bazituen ere gero. Lehen ureztatzen ez ziren sailetara erregadioa zabaltzeak bidea eman zuen orobat, artoa, patata, azukre erremolatxa eta gisako beste zenbait uztagai, ordura arte lantzaen ez zena, lantzeko ere. Eta berebat, nekazaritza inguruneko erregadioko paisajea aldatzea eragin zuen horrek.
Paisajea paraje edo alor zabalekoen antzeko bilakatzen da horrela, eta jabetzak berak ere zabalera handiko lur komunen itxura hartzen du erregadioko sailen inguruan. Horrek itxura berezia ematen dio alde horretako paisajeari, Mediterraneo alderako paisaje tipikoen itxura, hain zuzen.
Eta ez daiteke izan bestela, zeren, lau ubide handik, Aragoi ubideak, Taustekoak, Lodosakoak eta Bardeetakoak, Ebro ibaiari ateratako zenbait erretenek eta horren beste hainbat adarrek zeharkatzen baitute Nafarroako alde hori. 1990eko hamarraldiaren hasiera aldean, erregadio sistema horri esker hirurogei mila hektarea lur ureztatzen ziren Nafarroako alde horretan, eta era intentsiboan lantzen ziren inguruetako sailak. 1989an mila hektarea baratze ureztatzen ziren erregadioz, Ebro ibaiko Erribera aldean, gehienak. Batik bat, esparragoa, alkatxofa, tomatea eta piperra lantzen da Nafarroako hegoaldeko erregadio sailetan: batez ere, esparragoa eta alkatxofa Tutera aldeko Erriberan, eta piperra eta tomatea, Lizarra aldeko Erriberan.
Mediterraneo alderako eremuan, Euskal Herritik hiru alde sartzen dira: Araban, Kantabriako Mendietatik hegoaldera dagoen aldea eta Nafarroan, Erdialdea eta Erribera. Hiru parte bereiz daitezke Arabako alde horretan, eta nahikoa desberdinak hirurak: Arabako Lautada, Errioxa Aldea eta Arabako Haranak.
Berez, hasieran aipatu den Kostaldetik Hegoalderako gradiente bioklimatikoan sartzen da alde hori ere, baina ez du Kostaldeak duen giro bera, zeren, Kostaldean baino euri gutxiago egiten baitu, batetik, eta, lur barruan ohi denaren antz handiagoa baitu gainerakoan ere. Kantauri Itsasotik alde horretara bitartean diren mendilerroengatik du horrelako klima, mendilerro horiek igarotzean hasieran zuten hezetasuna galdu egiten baitute lainoek, foehn fenomenoa dela bide.

 

Laborantza

Euskal Herriko Mediterraneo alderako eremua paraje lehorra da, izatez, baina orobat laua, oro har. Horregatik du Arabak luze-zabalaren laurena laborantzarako egokia, edo landu ahal izateko modukoa.
Zernahi ere, ez ditu alde guztiak lauak, higadurak eragindako "badlands" delakoez osatutako parajeak ere bai baititu, leku lehorretan ohi den bezala. Gisa horretako paisaje naturaletan eragin handiagoa dute faktore bioklimatikoek geomorfologikoek baino.
Hozberoan alde handiak izatea, hots, neguan oso hotz eta udan oso bero era lehor egitea dira Mediterraneo alderako eremuen ezaugarri nagusiak. Batez beste, urtean 500 mm euri baino gutxiago egiten du eremu horietan.
Modurik zorrotzenean Erriberan nabari dira Mediterraneo alderako ezaugarri horiek. Hori deia bide, basaespartzu, ezkai eta milazka tortoz estalitako estepa itxurako zenbait zabaldi ere bada gatz-lurrezko malkar goietan.
Bizibideari dagokionez, alde horretan indar handiagoa du laborantzak nekazaritzako beste bi azpisektoreek edo abere hazkuntzak eta baso ustiaketak baino. Eta bada hori horrela izateko arrazoirik: oro har paraje laua izatea da bat, sail handitako etxaldeak izatea, eta ondorioz alorretan makineria handia, kosetxadorak eta traktoreak eta abar sartu ahal izatea, bestea, eta gehien lantzen den uztagaia laborea izatea, bestea.
Beste lanbide edo produkzioko sektoreekin konparatzera ere, Nafarroa da Hego Euskal Herrian nekazaritza indartsuena dagoen lurraldea, eta jarraian datozen datuak dira horren lekuko: lurralde horretan, lana dutenen %9,5 ari da lehen sektorean, modu batera edo bestera, duen zabaleraren %90 erabiltzen da nekazaritzarako eta horietatik %31 da soro lur. Baina bada esandakoa aurreko hiru horiek baino argiago adierazten duen beste datu bat, Hego Euskal Herrian nekazaritzarako erabiltzen diren lurren %60 Nafarroan dela, alegia.
Eta datuek erakusten dutenez, ez dira lehen sektoreko jabedunak -ez hutsik laborantzatik bizi izan direnak ez ondoan beste diru iturriren bat zutenak ere- gainerako sektoreetan ekonomia nola zebilen begiratu gabe ibili; 1972an, adibidez, Nafarroako lur jabeen erdiak zuen laborantzaz aparte beste diru iturriren bat ondoan, eta are gehiagok, hirutik bik,1982an. Nekazaritzaz kanpo beste lanbideren bati heldu nahi hori urte horietan bigarren eta hirugarren sektorea ekonomia-aldarte onean aurkitzeak eragin zuen, nekazaritza guneetatik hurbil ziren industria enpresetan edo zerbitzuetan zegoen lanerako beso beharrak, alegia. 1989an, berriz, aldekoz bestera jarri zen egoera. Urte horretan, laborantzatik bakarrik bizi zen lur jabeen hirutik bi. Gainerako sektoreak hala-hola zebiltzanez, lur jabeek ere, hara-hona lan bila arriskatu baino ogibideari eutsi nahiagoizan zuten, noski. Zernahi ere, laborantzaz gainera beste diru iturriren bat duten lur jabeek oso sail txikiak dituzte gaur egun: bi hektarea eskas, %54k, eta hektarea bat eskas, %37k. Orain hamabost urte, berriz, %47k zuen bi hektarea eskas, eta %27k, hektarea bat eskas.
Etxaldeak batez beste neurtzera, Nafarroan eta Araban dira handienak; erdiko neurri horietara edo zein bere lurraldekora, ordea, Araban baino etxalde gutxiago iristen dira Nafarroan; %34, lehenengoan eta %23,5bigarrengoan; horietan baino gutxiago, Gipuzkoan eta Bizkaian, eta Nafarroa Garaian baino gehixeago, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, hurrenez hurren, %26 eta %27,6, hain zuzen.Landu ere, ez dira Araban eta Nafarroan uztagai berak lantzen. Araban, laboreari ematen zaio garrantzi gehiena, eta, beraz, hori produzitzen da gehiena; patata bigarren gehiena, eta mahatsa, erremolatxa eta lekaleak edo eltzekariak, hurrenak. Nafarroan, aldiz, barazkiei, fruituei eta patatari ematen zaio garrantzia, eta horietarik produzitzen da gehiena, eta laborea eta mahatsa, hurrena.Lursailak zertarako erabilian ere, diferentzia handiak daude lurralde batzuetatik besteetara. Nafarroan, adibidez, laboretarako erabiltzen da lantzen diren sailen lautik bat. Atlantiko alderako eremuan laboretarako erabiltzen denak, artotarakoa aparte, aipatzeak ere ez luke merezi ia. Mahats lanak ere garrantzi handi samarra du Nafarroan, lantzen diren lurren %6 hartzen baitute mahastiek. Mahats lanak beste alde onik ere badu lurralde horrentzat, mahats industriako lantegiek hartzen baitute janari industriako lantegien %20.
Erregadiorik ez zen lekuetan edo lursailak lehorreko modura lantzen zirenetan, aldiz, era estentsiboan eta familiako beharrak betetzeko erabiltzen ziren horiek, eta produzitu ere, familiak eta etxeko abereek jateko behar zuten guztia produzitzen zen. Lurra lantzeko sistemarik erabiliena, bi urtez behingoa-edo deritzana, soroak urtebete lugorri utzi eta hurrengoan luberritzean datzana, alegia. Alde horietako kultiboa, laborea batik bat, olibondoen eta mahatsondoen artean egiten zuten, sailak ahalik hobekien aprobetxatu beharrez, izan ere, mendibarrenetako lur harritsuak ere –Nafarroako erdialdean ekialdera direnak eta Arabako Errioxa aldekoak, adibidez- mahastitarako egokiak zirela geroago konturatu baitziren. Eta azkenik, ibai ondoetako sailak erabiltzen zituzten barazkiak eta eltzekariak produzitzeko.
Eta horrenbestez, abeltzainak sorondoetan edo lugorri utzitako alorretan larratu behar izaten zuen aberea, abere hazkuntza laborantzaren osagai eta bigarren mailako langintza gisa hartzen zenez. Lugorri zeuden alorrak eta sorondoak garbitzeaz aparte beste alde on bat ere bazuen azienda horietan ibiltzeak, sailak ongarri organikoa emanda uzten zuten horrela.
Biztanlegoa gehitzeak eta behar ekonomiko berriak sortzeak erregadioa are gehiago zabaldu beharra ekarri zuen gero, eta lursail horiek urtebeteko etenik gabe lantzea ez ezik, hori era intentsiboan egitea eta laboreari behar adinatsu ur eman ahal izatea ere lortu zen erregadioa sartzearekin.
Hasieran ordea, etxean zer jana izatearren, alor lehorretako kultibo berberak landu zituzten erregadioko horietan ere. Baina, errendimendu handiagoa atera zieten, erregadioari esker. Eta landu, laborea lantzen zen geheiena, garia batik bat, baina, baita mahatsa, olibondoa, kalamua eta lihoa ere, jantziak egiteko, azkeneko biak. XVIII. mendean, Ameriketatik ekarritako landareak (artoa eta patata, batik bat) sartu ziren, eta horiek zabaldu ahala, pixkana-pixkana urritu egin ziren mahatsondoak eta olibondoak, eta desagertu, kalamua eta lihoa.
Gaur egun, lursail edo paraje jakinetara mugaturik eta horietan finkaturik daude bi sistemak, erregadiokoa eta lehorrekoa, antolaketari dagokionez, lehen ere sail banaketa jakin bat, etxalde neurri jakin bat eta jabetza-modu jakin bat izan baitzuen bakoitzak.
Lehorreko sistema zen lekuetan, handiak eta maizte eskukoak ohi ziren etxaldeak; Nafarroan"corralizas" zeritzaten etxalde horiei. Sistema horrek zerikusi estua zuen abeltzaintzarekin. Erregadioko lekuetan, aldiz, etxalde txikiak ziren, baina lantzen zituena bera zen horien jabe.
Industria eta hiriak zabaltzen bezala, indarberritzen eta modernizatzen hasi zen Mediterraneo alderako eremuetako laborantza ere, aurrerapauso handia eman zuen horretan. Orduan hasi ziren lanerako teknika berriak sartzen, ordura arte landu ez ziren sailak luberritzen -herri-sailetakoak asko-, tradiziozko erregadioa erregadiorik ez zen sailetara zabaltzen, haziak hobeto aukeratzen, lekuan lekuko zoruak zer gaitasun eta zein osagai zituen aztertzen, lurrari ongarri kimikoak emanez eta filoxerak utzitako hutsunea pixkana-pixkana Ameriketako mahatsondoekin betetzen. Aurrerapausorik handiena gauden mendearen erdialdetik hona eman da, halere, harrezkero sartu baitira traktoreak eta kosetxadoreak. Horrek, noski, labore sail handiak segatzeko beso gutxiago behar izatea ekarri du berekin, eta makineria mota hori edozein tokitan sartu ezin denez, laku aldapatsuetako sailak bazterrera uztea ere bai, orobat.
Aurrerakuntzak aurrerakuntza, etxeko mantenua ziurtatzen duen laborantzari edo polikultiboari eutsi diote alde batzuetan, azken urteotako joera orokorra erabat bestalderakoa, hots, labore hutserakoa, mahats hutserakoa edo, merkatuko eskea zein, hartara bakarrik dedikatzekoa izan arren. Joera horri jarraituz, 1970eko hamarraldiaren erdialdean eta Nafarroan, garia baino garagarra gehiago zen, sailez. Ardo mota batzuk ere entzutearekin batera indar handia hartu dute Jatorrizko Izena ematea dagokion Kontseilu Arautzaileak kalitateko izena aitortu dienez gero; Nafarroakoak, Erriberakoak eta Arabako Errioxa aldekoak, batik bat. Gaur egun, batez ere sail harritsuetan edo alubioi lurretan eta glazis izenekoetan dira mahastiak, eguzki errainuei eta beroari hobeto eusten diotenez, mahatsak azukre gehiago izango duen lekuetan, alegia. Eta uzta bakarra egin behar hori hainbeste sartu da leku batzuetan -Arabako Errioxa aldean mahatsa, adibidez-, eta halako aldaketa eragin du horrek paisajean, non besterik ez dela landatzen ere esan baititeke ia. Urtean berrogeita hamar mila tona mahats biltzen eta ardo bihurtzen baita alde horretan, eta Arabari dagokionez, lantzen diren sailen % 10 hartzen dute mahastiek. Dudarik gabe, egiten den ardoaren kalitateak zerikusi zuzena izan du horretan, eta, neurri handi batean, arrazoi beragatik dira Arabako Errioxa aldeko mahastiak hain errentagarri.
Nola ahaztu, bestalde, olibondoa, hain Mediterraneo alderako eremuetakotzat eduki izan den fruta arbola, Nafarroan Mediterraneoaren eraginpeko eremuaren iparraldeko mugarri gisa jartzen dena Kodes, Lokiz, Urbasa, Andia, Erreniega, Alaitz, Izko eta Leireko mendietan.
Eta nola ez aipatu, azkenik, Arabako hazi patata, kalitate mailan pareko askorik ez duena.
Erregadioko uztak indarberritu handia hartu zuen sail horietan fruituak eta barazkiak lantzen hasi eta Bilbo, Zaragoza, Iruñea, Gasteiz eta gisako biztanlegune handietan horientzako eskea sortu zenean. Indarberritze horretan zerikusi zuzena izan zuten, halaber, garraioko sareak hobetu eta bizkortu izanak eta produktuak izozteko sistema berriak asmatu eta zabaldu izanak ere, zeren, uzta produkzioari bultzada handia emateaz aparte, Euskal Herriko Mediterraneo alderako eremuan kontserba industria indartzea ere eragin baitzuten aldi berean. Barazkietan, batez ere, esparragoa, babarrun leka, tomatea, piperra eta tipula produzitzen da eremu horretan, eta etekin handia ateratzen zaie gainera; fruituen artean, berriz, melokotoia, sagarra, udarea eta almendra produzitzen da gehiena.
Gorago esan bezala, erregadioa da Mediterraneo alderako paisajea definitzen eta duen eiteko egiten duen elementu nagusia. Bestalde, zenbat eta hegoalderago eta handiagoa da horrek paisajean duen eragina. Paisaje horren ezaugarrak garbienik Nafarroako Erriberan nabari dira, beraz; izan ere, alde horretan baitira gauza horrela izateko baldintza naturalik egokienak, alubioi lurrez eratutako zabaldi handiak, emari handiko ibaiak eta erregadioko sistemari eusteko nahikoa beso inguruko herriguneetan izatea, besteak beste. Eta, laborea eta mahatsa lantzeko moduari eta erregadiozko baratze lanketari dagokionez, oinarriak erromatarren eta arabiarren -batez ere azkeneko horien- esperientzian dituen tradizio historiko aberats bat, horiez aparte.

 

Abeltzaintza

Abeltzaintza jarduerak bilakaera berezia izan du Mediterraneoaren eraginpeko eremuan. Egitate hori Nafarroako Erriberan egiaztatzen da argienik. Erdi Aroan abeltzaintzaren nagusitasuna inoiz ez zen erabatekoa izan, laborantza ustiategiek garrantzi aski handia zutelako. Nolanahi den, hori ez zen batere traba izan Errege Bardeetan ardi aziendak garapen handia erdiets zezan; partzuergo hori, lehen adierazi bezala, inguruko udalerriek eta Erronkari zein Zaraitzuko ibarrek erabiltzen zuten. Nekazarien eta abeltzainen arteko tentsioak etengabeak izan dira historian zehar, batzuek zein besteek beren interes ekonomikoak gailen irtetea nahi baizuten. Hala eta guztiz, XVIII. mendeaz geroztik, nekazarien interesak abeltzainenei nagusitu zitzaizkien. XLX. mendean, luberriak atera zituzten behin eta berriro herri lurren kontura. Garrantzia galtze horretan, abeltzaintzaren punturik beherena nekazaritza lanen mekanizazioarekin iritsi da, abereak nekazaritza tresneriaren premiazko osagaiak ez diren garaiotan.
Nafarroan eta Araban, Mediterraneokoaren ezaugarriak dituen bioklima horren eraginez, ardi azienda abelgorria baino askoz ugariagoa da. Egitate hori bereziki agerikoa da Nafarroan, bertako ardi aziendak Hego Euskal Herriko guztiaren %67 hartzen baitu. Garrantzi hori begibistan azaltzen da Nafarroako lurralde osoan zehar; izan ere, ardi aziendak garrantzi berdintsua du, bai ozeano aldeko bioklimaren eraginpeko eskualdeetan, ipar-mendebalean eta Pirinioetan, non portzentaiarik gorenak hurrenez hurren %23 eta %15 diren, eta bai mediterranear bioklimaren eraginpeko eskualdeetan, hots, Goi Erriberan (%15,4) eta Tuteran (%16,5).
Abeltzaintza jarduerak, beraz, Atlantiko aldean duen garrantziaren aurrean eta laborantzaren aldean, bigarren mailako garrantzia besterik ez du hegoaldeko eremuan.
Bigarren eremu horretan esanahi berezia du, abeltzaintza ustiapenaren eredu gisa, Mediterraneoko transhumantzia handia izenekoak, justu gorago aipatu den Pirinioetako transhumantziaren alderantzizko bidea hartzen duena. Udako lehortea dela eta, Tuterako Erriberako edo Arabako Lautadako artaldeak, goialdetako larreak bilatu nahiz, lehenengoak Urbasa eta Andia mendialdeetara igotzen ziren, eta Gipuzkoaren eta Bizkaiaren arteko muga ondoko mendietara bigarrenekoak. Gero, negua iristean, abiapuntuetara itzultzen ziren. Nabarmendu daitekeen larrebide edo ardibide bakarra Taustetik hasi eta Urbasa-Andiara zihoana da, Caparroso eta Larragan zehar igarotzen zena.

 

Landare paisajea

Landare paisajeak, bere aldetik, bioklima multzo horren ezaugarri nagusia agerrarazten du, hots, udako lehortasun handia, transpirazioak baino areago lurrinketak eragindakoa, eta xerofilo izaeradun landaredi bati bide ematen diona, hau da, toki lehorrei oso ongi egokituriko landareak. Lehortasun indize hori, zuhaitz substratua garatzeari dagokionean bereziki negatiboa da. Hala beraz, hosto iraunkorreko basoa da ingurugiro baldintza horietarako egokiena, atsedenaldi biologikorik ez duena eta euria eta tenperatura egokia batera gertatzen diren aldi lagungarri guztiak aprobetxatu behar dituena.
Mediterraneoaren eraginpeko bioklima eremu horretan, artea da zuhaitz espezie nagusia eta adierazgarriena; harekin batera, muturreko klima baldintza horiei eusten dieten konifero bi ageri dira, Alepo pinua eta pinu beltza. Bestalde, hezetasun maila egokia azaltzen duten guneetan, ibaietako ertzetan esaterako, makal eta zumar multzoak aurkitzen dira.
Egungo egunean, eremu horretako landare paisajearen ezaugarri orokorra zera da, zuhaitzez soildua izatea eta garriga moduko sasitza hedadura handiak agertzea.
Landareak motaz mota zehatz aztertuz gero, artadi xerofiloa da Mediterraneoko giroko landare multzo gisa nabarmendu beharrekoa. Zuhaitz honi dagokionez, muturreko tenperaturei eta ur eskasiari eusteko ahalmen handia nabarmentzen dira, 200 eta 1.200 metro artean duelarik kokapen egokiena. Eskuarki ez dira multzo sarri edo itxitan agertzen, baizik eta aski bakanduak, oihanpe zabal bat lagun dutela -ipurua, abaritza, txilarra, ezkaia, eta abar-. Arte multzorik handienak honako mendialdeotan aurkitzen dira: Lokiz, Erreniega, Artederreta eta Koartango eta Alaitz mendilerroetako hegoaldeko hegiak. Artea lehorteari berezeki egokituriko zuhaitz mota da, transpirazioa ahalik eta gutxiena bideratzen duten hosto txiki eta gogorrei esker.
Koniferoen motei dagokienez, Alepo pinua (Pinus halepensis) delakoa Euskal Herriko alderik elkorrenetan ageri da. Ekonomiaren ikuspegitik etekin eskasekoa bada ere, edafologiaren aldetik zeregin berezia du, Nafarroako hegoaldeko muturreko margaigeltsuzko zoruak higaduratik babesten bai.
Zuhaitz hau oso sarriak ez diren multzotan ageri ohi da eta harekin batera azaltzen den basopearen sarria degradazioaren araberakoa izan ohi da.
Mediterraneo alderako ingurune horretako beste landare egitura garrantzitsua sastraka da, hainbat landare usaintsuz eta zuhaixka arantzadunez osaturikoa; halako landareek multzo desberdinak moldatzen dituzte, kokaturik dauden lurrak kare edo silizio zoruak diren heinean.Goian esandakoaren inguruan, 1988an Nafarroako oihan lurretako %70 gutxi gorabehera zurgai basoa zeia ohartarazi behar.

 

Bitarteko bioklima aldea

 

Geografia muga zehazteko arazoa

Euskal Herriko natura eta nekazaritza paisajea arian-arian iragaten dira bioklima batetik bestera, iparraldeko ozeanoaren eraginpeko ingurunetik Mediterraneo aldeko ezaugarri garbiak dituen hegoaldeko inguruneraino. Izan ere, bi mutur horien artean erdibideko zerrenda bioklimatiko bat bereiz daiteke; zerrenda horren barne beste bi zati bereiz daitezke, subatlantikoa bata, eta submediterraniarra bestea. Bitarteko alde horrek jadanik aztertuak ditugun bi eremu bioklimatiko horien elementu guztietako konbinazioa erakusten du: basoak eta nekazaritza lurrak, elkortasuna eta hezetasuna, mendiak eta ordokiak, herrigune txikiak eta handiak.
Geografiaren aldetik, Arabako lurraldean zerrenda hori Erdialde-Ekialdeko Mendialdearidagokio, Trebiñoko konderria barne, bertan altitudeak eragindako aldaketen arabera, Ozeano aldeko eta Mediterraneo aldeko ezaugarriak elkartzen dira. Gehienbat garia eta garagarra ematen dituzten lehorreko labore lurren ondoan, abereen bazkalekuek eremu handia hartzen dute; guzti horrek, baso ustiakuntzarekin batera, alderdi horretako ekonomia norabide nagusia moldatzen du.
Nafarroako lurraldean, alde hori Mendialdearen eta Erriberaren artean badago ere, ez da erraza horren iparraldeko zein hegoaldeko mugak zehatz ematea. Izan ere, muga horiek zehazterakoan, autoreen iritziak ez dira bat etortzen. Zenbait autorerentzat bitarteko alde horren iparraldeko mugak olibondoaren iparraldeko mugarekin bat egiten du, hau da, gutxi gorabehera, Pirinioetako kanpoaldeko eta horren luzapena osatzen duten mendilerroekin bat etorriko litzateke.
Askoz zailagoa da hegoaldeko muga zehaztea. "Navarra 2000" proiektuan burutzen den eskualdekatze saioan, Goi Erribera izena ematen diote Erdialdeko hegoko mendi oinetako eremuari; horrek frogatzen du erdibideko eskualde honetako muga zehaztea bereziki zaila dela, zeren eta, hain juxtu ere, Euskal Herriko hegoaldeko mutur horretan, Mediterraneoko ingurune bati dagozkion elementuak apurka-apurka azaltzen hasten baitira, halako eten garbirik inoiz gertatzen ez dela eta Mediterraneo alderako pasagunea ezbairik gabe zehaztuko lukeen inongo elementu nabarmenik azaldu gabe.
Beste zenbait autorerentzat, bitarteko alde horren hegoaldeko muga, edo gauza bera dena, Erriberako hasiera, zenbait elementu eta ezaugarrirekin lotzen dute, hala nola harri detritikoen ordez agertzen diren ebaporitak, igeltsuaren azaleratze grisaska garrantzitsuak, bai eta ureztaturiko lursailek zabalera handiko eremuak hartzea edota hurbileko mendirik gabeko ordoki handiak agertzea. Horren arabera, delako muga hori ezin daiteke lerro zuzen baten moduan marraztu, lerro ondulatuaren antzekoa litzatekeelako; delako lerro hori, beraz, Ebroko ibaiadarrei jarraituz, Erribera eskualdeko iparraldean sartu eta hegoalderantz ibaien arteko eremuetan zehar hedatuko litzateke.
Beren aldetik, Mensua eta Bielzak bi eskualdetan banatu zuten Nafarroako Erdialdea, gutxi gorabehera Arga ibaiak bereiziak. Ekialdean, Tafalla eta Zangoza inguruko mendi oinak, ibarrak eta mendiak daude (Nafarroako Ekialdeko Erdialdea), eta mendebalean, Lizarraldea edo Nafarroako Mendebaleko Erdialdea deiturikoa.

 

Baldintza fisikoak

Gorago aipatu dugunez, ezaugarri subkantauriar batzuk, Mediterraneo aldeko beste batzuk eta mendialdekoak elkartzea da bitarteko eskualde horren bereizgarria. Lizarraldean, esaterako, azpikantauriar izaera hori, askoz ageriagokoa da Nafarroako Ekialdeko Erdialdean baino, lehenengoa itsasotik hurbilago baitago bigarrena baino. Egitate horrek leundu egiten ditu Mediterraneoko ezaugarriak, eta tenperatura gozoagoak eragiten ditu, udaldi ez hain beroak eta euritsuagoak moldatuz eta, ondorioz, udako lehortasun maila apalduz. Mediterraneo aldeko ezaugarriak kanpoaldeko mendi oinetan nabarmentzen dira, zenbat eta hegoalderago orduan eta ageriago azaltzen direlarik, halako eran non uda partean klima gero eta beroagoa eta lehorragoa den.
Klimaren ikuspegitik Nafarroako Erdialdeko mendialdeak benetako uharteak dira, nahiz eta, tenperatura eta euri ezaugarriei dagokienez, alde horretan ere bereizkuntza egin daitekeen: Nafarroa hezearen antzeko mendialde bat ipar-mendebalera joan ahala eta alpetar ezaugarriez hornituriko beste bat ipar-ekialderako norabidean.
Klimari dagozkion ezaugarrietan oinarritzen den alderdien arteko bereizkuntza hori garbiro egiazta daiteke landaredia aztertuz gero. Iparralde hezeko hostogalkorren multzoen ordez, espezie zimelkor ugari dago erdialde horretan, eta alboko eremuen bakuntasun eta berdintasunaren aurrean, alde honetako gune ohiantsuetan asko dira zuhaitz egitura nahasiak eta hibridoak, batez ere arteen eta haritzen artekoak.
Guztiarekin ere, ohartu beharra dago alde horretan badirela eskualde atlantiko, subatlantiko eta mediterraniarrekoak diren hostozabalak, hala nola ipar eta ipar-mendebaleko mendilerroetan aurkitzen diren haritza eta pagoa: Alaitz, Izko, Urbasa, Andia, Lokiz eta Kodes. Submediterraniar izaeraren lekuko zenbait ere azaltzen dira bertan: pinu gorria Izko mendilerroaren hego isuraldean, ezpela, erkametza (artearen eta haritzaren arteko espeziea) eta mendiko artea, gehienbat Lizarraldean azaltzen dena.

 

Nekazaritza jarduera

Nekazaritzaren ikuspegitik, bertako bereizgarri nagusia mediterranear polikultiboa da. Dena den, mahasti, olibondo, labore eta baratze sailek agertzen zuten betiko paisaje nabar hura, gaur egun askoz ere berdinagoa egiten ari da, mahastiak eta olibondoak laboreen mesedetan desagertuz doazen heinean.
Nekazaritza paisaje horren aldaketa, Mediterraneoko nekazaritza anitzetik laborearen nagusitasuneranzkoa alegia, Nafarroako Erdialdeko mendipeetan eta Pirinio aurreko arroetan ikus daiteke garbienik; horrek bide ematen du labore alorreko openfield batez hitz egiteko. Produkzioaren espezializaziorako joera hori gero eta nabarmenagoa gertatu da filoxerak mahastiak jo zituenetik, harrezkero mahatsak ez baitu lehengo garrantzia eta hedadura berreskuratu.
Industrializazio prozesuak Iruñea eta Iruñeako hiri ingurua, Tafalla, Lizarra eta Zangoza ukitu zituen, eta denbora zatiz diharduen nekazaritzaren garapena ekarri zuen; makinariaren erabilera ahalbideratzen zuten lurrek iraun zuten soilik, laborantza-lurrak murriztu egin ziren beraz, eta eskulanaren premia ere jaitsi egin zen. Horrenbestez, laboreen hedapenerako baldintzak beteak zeuden. Izan ere, bitarteko eskualde honetako gari eta garagar produkzioaren etekinak eta erregulartasuna hegoalderagoko lurrei dagozkienak baino askoz handiagoak dira.

 

Giza ezaugarriak: bitariko herriguneak

Giza alderdiari dagokionez eta, hain zuzen ere, bitarteko eskualde honetako populatze motei dagokienez, izaera zehaztugabea eta bitarikoa da berarena: herriska txikiak iparraldeko azpieskualdean eta gune handi trinkoak hegoaldean.
Biztanleria gune trinkoenak kanpoaldeko mendi oinetakoak dira, hala nola Tafalla, Erriberri, Biana. Erriberako hirien antz handia dute hainbat alderditan: neurria, planoen antolamendua, politika eta administrazio eraketa. Nekazaritza gune horietariko asko, batez ere komunikabide naturaletatik hurbilen daudenak, defentsarako egokiak diren kokalekuetan ezarriak daude, nahiz eta muino kaskoetako habitata arian-arian alde batera utzi eta kokaleku berriak zelaiguneetan moldatu dituzten.
Erdialdeko Nafarroa, orokorrean, biztanleria gaitzen ari da edo, gutxienez, hazkundea oso lekune jakinetan gertatzen da, hala nola Tafalla, Zangoza, Biana edo Lizarran. Toki horietan biztanleria emendatzen ari da, industria enpresak beraietan finkatu direnez gero.

 

Euskal nekazaritza paisajea: aldatuz doan espazioa

 

Jarduera berriak nekazaritza zoruan: euskal nekazaritza paisajean egiaztaturikoak

Oro har, Euskal Herriko nekazaritza eremuaren azterketa egiterakoan azaldu den bezala, nekazaritza sektorearen krisiak eta garaturiko aldeetan orokorrak diren industrializazio eta hirugarren sektorera iragateko prozesuek eragin garbia izan dute, zalantzarik gabe, bertako nekazaritza ingurunean; kasu askotan, gainera, gune horien eraldaketa ekarri dute. Zehaztu beharra dago industrializazioa edo zerbitzuen existentzia ez direla hiri inguruneari bakarrik datxekion errealitatea, zeren eta, nagusiki nekazaritzari emanak ziren Euskal Herriko eskualde askotan, artisau edo industria jarduerak ere baziren, eta, industrializazio eta hiritartze prozesuak iritsirik, haietariko batzuk desagertu baina beste batzuk mantendu egin ziren instalazio eta produkzio prozesuak modernizatzen zituztelarik.
Hiriaren eta nekazaritza eremuaren arteko erlazioen prozesua gero eta hedadura handiagoa hartzen ari da harrezkero, hiri giroa nekazaritza ingurunean hedatuz doan bitartean.
Komenigarria da egoitza, industria eta aisia jarduera berrietan erabiltzen diren laborantza zoruen inguruko lehiak sortu dituen arazoak dagozkien testuinguruan jartzea. Molinerok adierazten duenez, herrialde garatuetako eta biztanle anitzeko eremuetako berezko fenomenoa da, eta zenbat eta bizitza maila goragokoa izan, orduan eta garrantzia handiagoa hartzen du; fenomeno horrek hainbat kausa ditu, hala nola hiri kontzentrazioen baldintza eskasak (eskalako desekonomiak, zirkulazio zailtasunak, egurats eta hots kutsadura, berdegune gutxi izatea, eta abar), bai eta, oro har, nork bere automobila izatea, hiri aldeak landa aldeetara zabaltzea ahalbideratu duten bide azpiegitura modernoak, batez ere hiri inguruko koroa hurbiletan, baina baita, nahiz eta ez horren besteko indarrez, urrunagoko aldeetan ere, haren eragina alde horietara iristeko erraztasunen araberakoa delarik.
Euskal Herriko oraingo nekazaritza sistema, bilakaera oso baten ondorioa da, industria sektorearen egitura eraldatuz zihoan heinean aldatu dena; hala beraz, esan daiteke industriaren garapena eta eragina zinez erabakigarria gertatu dela nekazaritzaren oraingo egoera moldatzerakoan.
Eraldaketa honetan eta industriaren bilakaera erreferentzi gune harturik, funtsezko hiru aldi bereiz daitezke. Gainera, eremu eta paisaje bioklimatikoen aniztasuna dela eta, bereizkuntza garbia egin beharra dago: alde batetik guztiz Atlantikoa den sistema (Bizkaia, Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Nafarroako Iparraldea) eta Mediterraneokoa, erabatekoa edo erdibidekoa (Araba, Erdialdeko Nafarroa eta Erribera).
Hiru aldietatik lehena, industrializazio aurrekoa dei genezake. Garai horretako nekazaritza sistemaren ustiatze unitatea baserria zen; produkzio gune gisa, familia elikatzea zuen helburua eta barreiaturik zegoen biztanleriaren eta produktu anitzeko biziraupen nekazaritza haren antolamendu gunea zen. Baserriaren ustiapen modua minifundista da, kultibo intentsibokoa,eskulan ugari eta ustiategiaren euskarri diren gizarte eta familia lotura sakonak oinarri dituena. Baserririk ez dagoen eremuetan nekazaritza estentsiborako joera azaltzen da, laboreak bereziki, autokontsumorako baratzeak osagai dituena.
Soberakina zegoenean bakarrik bidera zitekeen produktua salmentara eta, modu horretara, mozkin gehigarri batez osatu ahal ziren hein batean nekazarien errenta murritzak Nekazaritza eremua, aldi hartan, biztanleriaren biziraupena xede bakarra zuen laborantza jarduera baten euskarri fisikoa zen. Nekazaritza egiturak ongi sustraiturik ageri dira dagozkien ingurune geografikoan eta sozialean. Nekazaritza jarduera hura sasoian sasoiko lanen batekin osatzen zen, hori egin zitekeen lekuetan: egur bilketa, ikazkintza, burdinoletako lana. Zalantzarik gabe, hor daude geroago zabalduko zen "denbora partzialeko" nekazaritzaren hastapenak. Horrenbestez, errenta gehixeago biltzea zen lan indarren aurreneko dibertsifikazio horren helburua.
Bigarren aldia industriala dei genezake, hitzaren esanahi zabalean. XIX mendearen bigarren erdian abiatu baitzen meatzaritza eta industria hazkundearen hasierarekin batera, eta hirien garapen paraleloarekin batera. Horrek guzti horrek garrantzizko aldaketak ekarri zituen bai nekazaritza jardueran eta bai nekazaritza paisajearen antolamenduan ere. Industria eta ekonomiaren garapen orokorrarekin batera, arian-arian garraio eta komunikabideen hobekuntza ere gertatu zen. Industrializazio eta hirigintza prozesu orokor horrek eta laborantza lanen mekanizazioak, gizartearen ikuspegitik, migrazio mugimendu eta nekazarien hiriratze garrantzitsuak eragiten dituzte; mugimendu horiek direla eta, nekazaritza ingurunearen eta hirien arteko merkataritza harremanak estuagotzen dira eta, ondorioz, familiako nekazaritza ustiategi horiek nagusi den ekonomia industrialaren esparruaren barne geratzen dira. Orduan prozesu garrantzitsu bat gertatzen da: nekazaritzako lan indarraren jarduera bitan banatzen da, nekazaritza zereginak hurbileko fabrika lanarekin konbinatzen baita, hau da, "denbora partzialeko nekazaritza" deiturikoa. Aurrekoaren ondorio gisa, nekazaritza ustiategia hiri eta industria guneen zerbitzura izatera pasatzen da, biak eskulanez, baratzekariz eta batez ere esnea eta haragia bezalako abere produktuz hornitzen dituztela. Nekazaritzako lurzorua mantenu ekonomia baten euskarria izatetik merkataritza egituraren barne dagoen ustiapen ekonomiaren baitan kokatzera pasatzen da. Aurreko garaietako produktu anitzeko nekazaritza intentsiboaren ordez, neurri txikitako ustiategi izateak dakartzan sarrera murritzekin eta sarri asko maizter errejimenean burutzen zena, fabrika eta denda lanarekin partekatzen den nekazaritza eta abeltzaintza jarduera batera pasatzen da, hiriko bizimoldeari dagokion ongizatearekin parekatzea eta diru sarrerak lortzea helburu duena.
Euskal Herriko nekazaritza ustiategi askotan, zatiz edo osoki, laborantza zereginak alde batera utzi egin dira, lurra lantzeari denbora eta lanaren parte bat baizik eskaintzen ahal baitzaie.
Horrenbestez, esan daiteke laborantzari osoki eskaintzen zitzaizkion tradiziozko molde haiek galduxeak daudela eta haien ordez alapide estentsiboak, baso berritzea, eskala txikiko baratze produkzioa eta abar erabiltzen direla gaur egun.
Nolanahi den ere, aldakuntza horrek ez ditu guztiz ezabatu ahal izan Euskal Herriko nekazaritza sistemaren ezaugarri berezienetako batzuk, hala nola lurren eskualdaketa, maiztertza moldearen garrantzia, herri lurren aprobetxamendua, nork bere burua hornitzeko moduak, eta abar.
Hirigintza fenomenoak nekazaritza eremuaren gainean duen eragina begien bistakoa da, bai hartzen duen eremuagatik, askotan landa lurren bizkar gertatzen den hirien hazkuntza dela eta, bai hirietako jarduerak ingurune fisiko naturalaren gainean eragiten dituen aldakuntzengatik, dela lurraldean dela ingurugiroan: lurzoruaren erabilera ukitzen duten aldakuntzak, ajente kutsatzaileak askatzea edo ingurugiroko baliabideen gehiegizko ustiatzea.
Prozesu horren hirugarren aldia industri ondokoa dei dezakeguna da. Hirurogeita hamargarren urteetako ekonomia krisialditik aurrera gertatzen da; ekonomia eta lurralde mailan dakartzan egokitzeko premiek eragina dute produkzio eta gizarte ereduaren aldaketan. Nekazaritza eremuak dimentsio berria hartzen du, hiri habitatak, aurrerakuntzak aurrerakuntza, sortu ezin dituen eta harentzat premiazkoak diren berezko baliabide eta baloreen gordailu gisa. Nekazaritza inguruneak, hiriko eremuaren desberdina eta bestelakoa den heinean, beste balorazio bat hartzen du, aukera berriak sortzeko gai baita, gizakia-natura harremanak errealitatean burutzeko irrikaz dagoen hiriko biztanleriaren eskaera ugaria asetzeko eskaintza gisa, lehengo garaietan interes hori alboratua bazen ere. Aurreko aldiari zegokion industri hazkunde ekonomikoaren aldeko interesaren ondoren, lehen sektorearen bizkar askotan eta beronen oinarrizko bi faktoreak -lurra eta kapitala- sakrifikatzera iristen zelarik, hara non landa ingurunearen alderako joera itzuli den, hiriko biztanlearen garapen pertsonal eta osoarentzat beharrezkoak diren aukera eta baloreen gordailu gisa. Halatan, gizakiaren eta naturaren arteko lotura hori premiazkotzat hartzen da hiritarren oreka fisiko eta psikologikoari begira; zenbait industria enpresa birkokatzeko eremu fisiko gisa baloratzen da, bigarren egoitzen hirigintza fenomenoaren euskarri gisa edo oporretarako eta aisialdirako eskaintza gisa. Hitz batean, zenbait autorek "klorofila ideologia" deitu dute.iaren hedapena industria ondoko gizartean.
Ortega Valcárcelek egokiro azpimarratzen duenez, egungo egoeran nekazaritza jarduerak hurbil dituen bestelako eskaerekin lehiatu behar du, bai industria, bai zerbitzu edota egoitza alorrekoak, eta ez bakarrik lurzoru edo euskarri fisikoagatik, baizik eta nekazaritzako produkzio prozesuan partaide diren faktore multzoagatik. Are gehiago, lehia egoera hori gertatzen den esparrua ere hartu behar da kontuan: lurraren errentagarritasuna eta produkzio kostuen aldean, ustiategia bera bestelako jarduera edo erabilera batera aldatzeak sortuko lukeen errenta alternatiboaren aukera kostua kontsideratu beharra baitago.

 

Industrializazio eta hirigintzaren eragina euskal herriko nekazaritza sisteman eta paisajean

Familiartekoak izanik, beren burua hornitzeko lain ziren nekazaritza egitura haietan industria eta hiri iraultza sartu zirenetik bertatik abiatu zen euskal nekazaritza tradizionalaren krisia. Zehazkiago esanda, arazoaren jatorria egungo ekonomia sistema da, industria sektorea izugarri indartu eta lehen sektorea alde batera uzten duelako.
Euskal nekazaritza inguruneak aldakuntza sakona jasan du bere egituran eta antolamenduan, oso hurbil zegoen hiri ingurunearen hazkuntza eta hedapenaren eraginez, baita berez nekazaritza jarduerakoak ziren inguruneetan ere sartuz.
Etxekoen mantenurako kultibo anizkun hura oinarri zuten produkzio sistema tradizionalak aldaturik gertatu dira, nekazaritza ingurunea kanpoko munduari ireki eta merkatu ekonomiaren jarraipideak bertan sartu ondoren. Egitate hori ezin saihestuzkoa da Europako Erkidegoan barne garenez geroztik, ondorioz Erkidegoko Nekazaritza Politikan definitzen diren baldintza eta printzipioei men egin behar baitzaie. Erkidegoko Nekazaritza Politikak harturiko neurriek, ezaguna denez, ustiategi txikiak eta bazterturiko lurraldeak, hots, mendiko nekazaritzakoak jo ditu gogorrenik. Ondorio horiek arindu nahirik, zenbait neurri osagarri hartu da, hala nola 5b helburu deituriko nekazaritza eskualdeetara zuzentzen diren Egitura Fondoetako Laguntza Programei dagozkienak, geroago xeheki ukituko direnak. Bien bitartean Erkidegoak xede horretan buruturiko arautegia aipa daiteke, hala nola EEko 2328/91 eta 2078/92 zenbakidun Araudiak, nekazaritza egituren eraginkortasunaz dihardutenak. Programa horren helburua Europako Erkidego osoaren ekonomia era gizarte kohesioa sendotzearen alde lan egitea da, lurraldeetako garapen maila desberdinen arteko aldea eta bazterturiko lurralde naturalen atzerapena murriztuz, Europako Erkidegoaren Itun eratzailean adierazi helburu orokorren arabera.
Euskal Herriko nekazaritza sektorearen krisi horren alderik agerikoenetarikoa nekazarien exodoa da, familiak instituzio gisa jasan duen desegituratzearekin batera, instituzio horrek gizarte eta kultura mailako balioak ez ezik, landa lanetan antolaturiko lan indar gisa, ekonomia alorrekoak ere biltzen baitzituen. Are gehiago, ekonomiaren ikuspuntu horretatik, lur sail handirik ez duen nekazaria oso ekonomi baldintza txarretan aurkitzen da, nekazaritza jardueran jarraitu nahi izanez gero. Laborantza lanetan sartu beharreko denbora, edozein industriatan enplegatua izatera eman beharko lukeena baino handiagoa da; horri hiri inguruneak eskaintzen dituen prestazio batzuk erantsi behar zaizkio, nekazaritza ingurunean erdiesteko zailagoak direnak, hala nola osasun ekipamendua, hezkuntza hornidurak, promozio pertsonala, eta abar. Nafarroako kasuan, nekazarien exodoa -bereziki Iruñera baina baita Euskal Herriko beste zenbait hiritara zuzendu dena- eta jaiotze tasa apala,biak dira Nafarroako nekazaritza inguruneko biztanleriaren zahartze maila altua ekarri duten faktoreak, zahartze hori Pirinioetako haranetan eta ekialdeko erdialdean bereziki nabarmena delarik. Are gehiago, zenbat eta herrigune txikiagoak eta komunikazio eskasagokoak izan, orduan era zahartze indize handiagoak gertatzen dira. Arabako hiri eta nekazaritza paisajeari dagokio beste adibide ezagun bat, hots, Arabako hiriburuaren makrozefalia, lurralde horren gainerako basamortu demografikoaren aldean.
Jokabide horretan begien bistakoa da bakardade faktoreak duen garrantzia. Nekazarien exodo prozesuak, hau da, jatorrizko ingurunearekin erabat hautsiz, nekazaritza ingurunetik hirietara irteteko mugimendu horiek, garrantzitsuagoak dira hiri ingurune horretarainoko distantzia handiagoa den lekuetan, zeren eta halako baldintzetan, denbora partzialeko nekazaritza jarduera mantentzea zaila gertatzen baita. Izan ere, baldintza horiek landa lana eta hiriko enplegua barera burutzea galarazi egiten dute; aldi berean, zalantzarik gabe, orografia faktoreak ustiapen baldintzak okerragotzen ditu, hori da Goi Zuberoako edo Baigorriko lurren kasua Iparraldean. Aitzitik, ustiategiak alde batera uzteko prozesu hori ez da hain zabala izaten komunikabide ardatzetarainoko edo industria enplegu eta hirietarainoko distantzia murritza denean. Aurrerago xeheki aztertuko denez, hori da Gipuzkoa eta Bizkaiko mendi mazeletako jarduera anitzen kasua, lurralde horietako ibar hondoetan fabrika eta hirigune garrantzitsuak kokaturik baitaude, komunikabide ardatzen ondoan. Hala berean, Nafarroako Erdialdeak, bertako hiri handiak eta txikiagoak lotzen dituzten komunikabide garrantzitsuekin, esandakoaren beste egiaztapen bat ematen du.
Horrenbestez, Labordek adierazten duenez, nekazarien exodoaren galga eta, ondorioz, Euskal Herriko udalerri askotan gertatzen den nekazaritza inguruneetako biztanleriaren hazkundea, ez dator nekazaritza jarduerarekiko orientabide edo interes berritu batetik, baizik eta hiri multzoen hurbiltasunetik; modu horretara, nekazaritza ingurunea hirien gertueneko hedakuntza gune bihurtu dira. Halatan, nekazaritza inguruneak biztanleria egozten zuen mugimendu zentrifugotik oraingo mugimendu zentripetara pasa dira, non hiriguneetako nekazaritza inguruneak hiritik eta industriatik datozen gizataldeak biltzen dituen.
Euskal nekazaritza sektorearen arazo orokorren barne, ohartarazi beharra dago krisi horrek Atlantikoaren mendeko sistema bioklimatikoari dagokion nekazaritzan azaltzen duela eraginik handiena, beste hitzez, baserriaren krisia deitu izan dena. Arazo horiek hainbat alderditan bereizita azter daitezke.
Ikuspegi sozial batetik, auzoen arteko lokarriek, familia egiturak eta tradiziozko gizarte balioek jasan egin dute zibilizazio industrialak dakartzan ondorioen eragina.
García Fernandezen arabera, baserriaren nekazaritza ekonomiaren aldakuntza horretan -unitate autartikotik guztiz merkatura begira dagoen laborantza ustiategira-, mamiki elkarloturik dauden hiru egitatek hartu dute parte. Lehenengo eta behin, biztanleria sakabanaturik dagoela ere, gertatu den lurzoruaren erabilera trinkoa. Funtsean, baserriko ekonomiaren aldaketa sakon hau antzinako nekazaritza egitura -hein handi batean- ukitu gabe mantenduz burutu da. Hala bada, desamortizazioaren ondoren jabego pribatura pasatu ziren lurrak kanpoko espezietako pinuez, hala nola goian aipatu den insignis-pinuz eta eukaliptoz, oihandu dituzte, belardi eta larre iraunkorrak izan eta gero.
Nabarmentzekoa den bigarren egitatea, abeltzaintza ustiakuntza modernoaren mendeko polikultiboa da. Atlantiko aldeko nekazaritza paisajean belardiaren garrantzia handia bada ere, ez du erabateko nagusitasuna, lurraren parte bat baratzekariei eskaintzen baitzaie, horien merkatu balio handia dela eta. Hala, beraz, egungo nekazaritza paisajeak kultibo anitzeko izaera mantentzen du, baina ez jadanik iraupen edo mantenu nekazaritza hartara zuzendua, baizik eta molde modernoko abeltzaintza ekonomiaren barne. Alabaina, ustiakuntza unitatea beti ere neurri apalekoa denez, lurrak modu intentsoagoz landu behar dira, erein etenik gabe, landa berean uztagai desberdinak bilduz (artoa eta babarrunak, gehi arbiak edo bestelako zuhainak, gehi patatak, eta abar).
Hirugarren egitatea, abeltzaintza ustiakuntzaren bilakaera geldoari dagokio. Industrializazioak eta horren ondorioz gertatu zen baserritarren exodoak, kultiboak gero eta intentsoagoak izateko premia ekarri zuten, bai eta mekanizazio handiagoa ere, batez ere laborantzarako abereek -produkzioaren osagai garrantzitsu gisa- lurraren ustiakuntzan zerikusia zuten etxaldeetan, kasu horietan behi aziendak funtzio bikoitza -lan egitea eta esnea ematea- betetzen zuela. Geroago, hurbileko hirigintza hazteak esne bolumen handia eskatu zuen eta behi espezieak produkzio horretarako bakarrik egokitu behar izan zituzten; halatan, belardiak modu nabarmenez ugaldu ziren eta, ondorioz, uztagaiak gutxitu.
Baserri asko ustiakuntzan jarraitasunik izan ez dutelako desagertu dira. Nekazaritza inguruneetako biztanleria gero eta zaharragoa da, gazteriak errentagarritasun urriko ekonomia jarduera horren aldeko interesik agertu ez duelako. Prozesu negatibo hori moteldu egin da, industria sektorearen krisi ekonomikoak eskulan berri baten enplegu aukerak murriztu dituelako; horrek nekazaritza guneetako jendearen irteera galgatu egin du edo, gutxienez, nekazaritza munduarekiko erabateko etenaren abiadura apaldu, funtzio anitzeko jarduera mantenduz,geroago, xehekiago, ikusiko denez. Laborantza jarduera anitz hori garrantzi handikoa gerta daiteke Euskal Herriko nekazaritza eskualde askoren garapenerako, batez ere giro horretan aurkitzen diren erlazioak eta loturak kontuan hartuz: nekazaritza produkzioaren eta nekazaritza enpresaren artekoak, enpresaren eta familiaren artekoak eta, lotura horien ageriko gauzatze gisa, familiaren eta gainerako lurralde sistemaren eta nekazaritza paisaje orokorraren artekoak. Hala, bada, garbi dago jarduera anitza sendotzea eta euskal nekazaritzaren eta beste jardueren artean erlazioak ezartzea mesedegarria izan daitekeela, bai ekonomiaren egonkortasunerako bai nekazaritza ingurunearen garapenerako.
Ekonomiaren ikusmoldetik, abeltzaintzarako orientabidea gorabehera, haragi eta batez ere esne produkziora zuzendua, baserria ez da errentagarria gertatzen eta esplotazio ekonomiko marjinala da gaur egun. Lan handia eskatzen du eta, ordainez, industriako enpleguetan baino ekonomia etekina murritzagoa ematen du, lan mailako hainbat desabantaila dituela (opor ordaindurik ez, arautu gabeko alokairuak, ekonomia segurantzarik ez, mozkinak aurrikusteko zailak diren biologia eta merkatu faktoreekiko mendetasuna).
Euskal nekazaritzaren ekonomiak funtsean familian oinarritua jarraitzen du beti ere; tradiziozko jarduerak mantentzen ditu eta orekatsu agertzen da abeltzaintzaren, lur lantzearen eta oihangintzaren artean; tokien arabera, alderdi batek edo bestek lehentasuna hartzen badu ere, hiru azpisektore horien kudeatzailea nekazaria denez, ongi adosturik gertatzen dira hirurak.
Egungo errealitateari dagokionez, goian aipatu lehiakortasun handiko europar merkatuetan euskal nekazaritzak egin berri duen sarrerak produkzio egituren errentagarritasun krisi sakona ekarri du, nagusiki mendialdeetan edo behartsutzat hartutako eskualdeetan.
Egoera zail horren aurrean, euskal nekazaritza paisajearen kudeatzaile den nekazaria bi hautabide garbi hauen aurrean gertatzen da: edo produkzioa areagotzera jo edo tradiziozko jarduera hori alde batera utzi. Zalantzarik gabe, bigarren soluzio horrek eragiten dituen zeharkako kostuak zailak dira kalkulatzeko, kalkulaezinak ez direnean, zeren eta dakartzan kualitatezko ondorioak, produkzio edo ekonomia errentagarritasunaren galeraz neur daitezkeen balorazioetatik kanpo geratzen baitira. Hau da, egun jadanik hauskorra den ekologia eta paisaje oreka deuseztea ekarriko luke, arrisku txarrak sortuz uholdeak, lubiziak, lurzoru galerak, suteak basoetan, eta abar, eta, oro har, kontuan hartzeko mehatxua izango litzateke nekazaritza eremuaren kudeaketari begira. Kalitate handiko produkzioa lortzera bideraturiko nekazaritza mota bat, kalitatezko produktuak eskatzen dituzten hurbileko kontsumitzaileen merkatura zuzendua izango litzatekeena, egoera horretatik irteteko aukera bat izan daiteke.
Dena den, hiritar izaerako jarduera eta jokabideek, hiri ingurune hori gainditu eta nekazaritza paisajean ere txertatu egiten direla egiaztaturik dagoen egitatea dugu; horrek zenbaitetan dakarren erreakzio konplexu multzoak eskuduntza tentsioak sor ditzake lurzoruaren orientabide desberdinen artean.
Euskal Herriko hirigintzaren etengabeko hazkundeak, eta horrekin batera doan lurzoru premiak, biziguneak mendi mazeletara iristea ekarri du, nekazaritza ustiategien lurzorua ukitzeraino. Denbora aurrera joan ahala, aurreneko denboretan baketsua zen ukipen gune hura gatazka gune bihurtzen da, nekazaritza lurzorua zen hari aisiarako leku izateko orientabidea ematen zaionean, ingurugiroaz gozatu nahi duten eta gainezka dauden ondoko hiri multzoetako biztanleriaren onetan (bigarren egoitzetarako hirigintza, aisia eta olgetarako guneen sorrera nekazaritza eremuan, eta abar).
Bizimoduaren aldaketak hain azkarrak eta biziak izan dira, ezen nekazaritza eta hiri inguruneen arteko desberdintasunak, hiri eta nekazaritza komunitateen artekoak, gero eta lausoagoak dira, eta horrek nekazaritza paisajea definitzen duten elementuak eta elkarreraginak hain garbi ez azaltzea ekarri du. Zenbait autoreren arabera, hiriaren eta nekazaritza ingurunearen arteko mugaren definizioa, ezin daiteke hitz formal hutsen bidez eman, ez eta zifra bidez ere, hainbat biztanle baino gutxiago duen herrigunea nekazaritza gunetzat hartuz, eta diotenez, mugatzeko modua alderdi funtzionaletan edo sozialetan oinarritu beharra dago. Nolanahi ere, alderdi horiek, ñabardura ugariak eta kontzeptualizazio bateratu bat lortzeko zailtasuna direla eta, konplexutasun handiago baten ondorio dira, hain zuzen ere halakoen izaera subjektiboagatik.
Alabaina, nabarmendu beharra dago egungo nekazaritza paisaje askoren giza osagaia moldatzen duen nekazaritza gizarte berri honek landa gizarte izaten jarraitzen duela, bizi den geografia inguruagatik, baina jadanik ez dela nekazaria hitz horren esanahi literalaren arabera; hori egiaztatu egiten da "nekazaritza gizarte berri" horrek agertzen dituen Hego Euskal Herriko zifrak kontuan hartzerakoan, zeren eta bertan nekazaritza sektoreak langileen %3 baino gutxiago hartzen baitu, hirugarren sektoreak ia biztaleria aktiboaren erdia hartzen duen bitartean.