Geografia»Sarrera
Euskal Herriko Geografia
Natur ingurunea eta giza iharduera Euskal Herrian
20.000 km2 pasatxo hartzen duen euskal lurraldearen nortasun geografikoa bere kokaerak, lekuak berak eta eraketa bereziak baldintzatzen diote, hein handi batean. Kokaerari gagozkiola, 43ºko ipar paraleloak eratzen du euskal lurraldearen bizkarrezurra, eta, horrexegatik hain zuzen, Lurraren latitude ertainetan dago kokaturik Euskal Herria. Hartzen duen lekuari dagokionez, kontuan hartzekoa da Atlantikoko Bizkaiko Golkoaren aurrez aurre izatea, Mediterraneotik aski hurbil aldi berean, eta orobat haren istmo izaera, europar kontinenteko eta iberiar penintsulako masen arteko lotura egituratzen duen Pirinioetako mendebaleko giltzaduran, nolabait esateko. Morfologia eraketari dagokionez, bertako mendialde nagusien ekialdetik mendebalerako erabidea da, lehendabizi, nabarmentzekoa, berebiziko ondorioak izango baititu horrek ingurugiroari dagokionez. Euskal Herria, beraz, europar lurraldearen benetako bilgune den lekunean dago. Egokiera horrek ematen dio Euskal Herriari berez hain eremu urriari ez legokiokeen paisaje ugaritasuna. Hain zuzen ere ugaritasun horrek zerikusi zuzena du oso ingurune gradiente desberdinen —atlantikoak, mediterranearrak, kontinentalak eta mendi garaikoak— bidagurutzean duen kokaerarekin. Horietako bakoitzaren mendeko eremua, alabaina, lurraldearen morfologia erabideak baldintzatua da oso.
Izan ere, mendialde nagusien lerrokaduraren norabideak ingurune eta paisaje zerrenda aski paralelotan zatikatzen du eremua, iparretik hegoaldera bost eskualde eratzen direla:
- Itsasertza eta Atlantiko aldeko Haranak eta Mendiak. Itsasertzak Kantabriatik Akitaniako Landesetako hareatzetaraino hedatzen den kostalde kakoaren isla marrazten du; kostalde garai malkorra, orohar, eta sarrera eta hondartza gutxikoa. Atlantiko aldeko haran eta mendiek Kantabria, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa osoko lurrak hartzen dituzte, ipar-mendebaleko Nafarroa hezearen zati handi bat eta Arabako iparraldeko zenbait haran.
- Kantauri-Mediterraneo Banalerroko Mendiak, Mendebaletik ekialderanzko norabidean hedatzen dira. Lurralde honetako gailurrik garaienak daude mendi horietan. Oro har, 1.500 metro inguruko garaiera badute ere, Nafarroako Pirinioetako ekialdeko mugan 2.400 m.tik gorako altura izateraino iristen dira.
- Haran eta Mendi Subatlantikoak. Mediterraneo aldeko isuraldean daude; Araba- Nafarroako erdialdeko eskualdea eratzen dute. Bertan, banalerroko mendien haizebean ere, kantauriar esparruaren eragina nabaritzen da oraino.
- Haran eta Mendi Submediterranearrak. Kantabriako lurretatik Aragoikoetara hedatzen dira, eskualde eremu zabalean barrena. Hala, Santanderreko zenbait eskualde, Arabako Mendialde eta Haran gehienak eta Nafarroako erdialde ia osoa hartzen ditu eremu honek.
- Ebroko Sakaneko Esparru Mediterranearra. "Kanpoko Mendialdeak" izenekoetatik hegoaldera, eremu honetan Nafarroako Erribera eta Errioxa sartzen dira.
Erliebea eta giza iharduera
Euskal orubearen eraketa morfologikoa bi gradientek markatzen dute: sortalde-sartalde norabidean, piriniar eta kantauriar mendiguneen arteko altuera apaltzen deneko esparrua izatea, alde batetik, eta ipar-hego norabidean, Akitaniako eta Ebro aldeko jalkin arroak bereizten dituzten mendialde eta arteken segida izatea, bestetik. Mendien banalerroan dagokionez, bereizkuntza egin daiteke; alde batetik, Pirinioetako ardatz hertziniarra eta, bestetik, haren luzapena diren eta inguruan dituen mendialde eta sakonuneak, alpetar tektonikakoak hauek. Ardatz hertziniarrak hobi eta bloke altxatuen segida agertzen du, paleozoikoari dagokion litologia anitzekoa eta lekuka paisajean oso nabarmenak diren granitozko stock-en sarreraren ondorioz metamorfizatutik agertzen dena. Sartalderantz joan ahala, material berriagoek ezkutatzen dute ardatza eta leku bakanetan baizik ez da azaleratzen. Pirinio-aurreko Barne Mendikateek Pirinioetako ardatzaren hegoaldeko aldea mugatzen dute; Barne Mendikate horiek 2.400 metroak gainditzen dituzte (Hiru Errege Mahaia) ekialdeko muturreko gailurretan eta antzinako glaziarren formak dituzte zenbaitetan, hormategi ondorengo prozesuek oso eraldaturik badaude ere. Litologia guztiz karbonatatua daukaten Barne Mendikate horiek ekialderantz luzatzen dute uren banalerroa, "Euskal Arkuko" iparraldean barrena, garaiera handieneko gailurrak 1.500 m. ingurukoak direla, Kantabriako Mendikateko lehen euskarriekin elkartu arte; modu horretara, Atlantikoko eta Mediterraneoko inguruneen arteko irazkortasuna oztopatzen dute.Mendikate horren hegoaldera, Pirinioaurreko Erdialdeko Sakonunea luzatzen da; zahalera desberdineko arteka margatsu horrek 500 metroko garaiera du bataz beste eta Arabako Lautada, Sakana, Iruñeko Arroa eta Berdungo Kanala lotzen ditu.
Hegoaldean, Kanpoko Pirinio-aurreko Mendikateak ere ekialdetik mendebalera luzatzen dira; 1.400 metro gainditzen ez dituzten kareharrizko gailur horien eginkizun bioklimatikoa Atlantiko-Mediterraneo banalerroko mendikateek jokatzen dutenaren antzekoa da.
Akitania eta Ebroko sakonune handiei dagokienez, egitura morfologikoa errotik aldatzen da. Biok antzeko jatorri tektonikoa dute, Hirugarren Aroko bertikalean gertatutako egokitze higidurei lotua, eta gehienbat buztintsuak diren sedimentu serie postorogeniko indartsuen pilaketarekin zerikusia duena. Ezberdintasunak, ordea, antzekotasunak baino gehiago dira kasu honetan: aurrenekoa ozeanora zabalkiro irekitzen da, Ebrokoak aldiz, kanpoalderako komunikazio zailak dituen sakan itxi bat moldatzen du; Akitaniakoak flysch-ean moldatu muino itxurako erliebeak ageri ditu, batzuk besteen ondoren emanak, iparraldera zein mendebalera Laugarren Aroko materialak gero eta estaliagoak; Ebrokoan, aldiz, margak, buztinak, kareharriak eta Hirugarren Aroaren amaierako igeltsuak dira nagusi, haren baitan amildegi itxurako ebakiak gero eta ugariago direla, Pirinioetatik mendebalerako norabidea hartuz doan ibai sare joriak drenatzen du Akitaniako sakonunea; Ebrokoa, aldiz, agorraldiak era uharrak aldizkatzen dituen errejimenaren mendeko ibaiadarrek hornitzen duten ur biltegi orokorraren inguru egituratzen da. Eraketa morfologikoa izan da, dudarik gabe, historian zehar biztanleriaren banaketa baldintzatu duten faktoreetako bat eta banaketa hori, batez ere, eremu desberdinen —mendialdea, Euskal Herriko Kantauriko isuraldea eta Ebroko Arroa— arteko demografia kontrastean ageri da. Eskala xeheagoan, topografiak ere habitat-en kokaera baldintzatzen eta eragiten zuen: malda gogorregietatik saihesten ziren, baina horrek ez zeramatzan, ezinbestean, haran hondoak bilatzera, halakoetan, askotan, uholde arazoak edota klimaren erosotasunari zegozkionak gertatzen baitziren. Bestalde, itsasertzaren, ibaien edo mendikate hesien itxurak, bai hiri sarearen eraketa historikoa eta bai horiek elkarrekin lotzen dituen bideen sarea moldatu ditu. Hala, begien bistakoa da Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko itsasertzeko babesgune egokienetatik abiaturik egituratu zela bide sarearen eskema, eta sare horrek, ibai bideak aprobetxatuz, iparraldeko ibarrak elkarren artean eta horiek Nafarroa eta Arabako barnealdearekin lotzen zituela. Malda handiak, halaber, garrantzi handiko muga izan dira Kantauri aldeko eremuaren nekazaritza garapenari dagokionez, Gipuzkoan eta Bizkaiko zati batean batez ere, zeren eta aldapa horiek nekazaritzarako erabil zitekeen lurra mugatzen eta hegi batetik bestera igarotzeko arazoak sortzen baitituzte. Historiaren ikuspegirik erabakigarria izan den beste alderdi bat euskal orubearen izaera litologikoa bera izan da; orohar, beste zenbait faktore bezain garrantzitsua izan ez bada ere, kasu batzuetan berak izan du garrantzi handiena. Hala, kontuan hartzekoak dira mea edo harrobi gisa aprobetxatzeko erakargarri ziren lekuak; edo lurraldeko zenbait eskualdetan kokatzeko eta ustiatzeko ageri diren zailtasunak, hala nola, adibidez, azaleko drenajerik gabeko eremu karstikoetan; edota, alderantziz, irazkortasun desberdineko egitura geologikoen ukipen guneetan habitat-a kokatzeko joera sistematikoa. Fisiografiaren gaur egungo eginkizun erabatekoaren inguruko aldaketak garrantzi handikoak dira. Hala, gizakien kokaleku izateko egoki ez diren mendialdeak eta gizakiek ondo beteriko behealdeko eskualdeak kontrajartzen dituen irudia aldatzen ari da gure egunotan, iristeko eroso den mendi ingurunea aisiarako eta bigarren etxetako tokitzat hartzen duen pertzepzio berriaren aurrean.
Gizakia, halaber, aske bilakatu da neurri handi batean topografiaren mugetatik: teknika modernoek hegi pikoetan eraikitzea ahalbideratzen baitute. Beste aldetik, bide sare tradizionalak gehienbat zutik badirau ere, bide berri azkarrak nabarmenkiro ari dira aldatzen joan-etorrien eskema, gainditurik uzten baitituzte lehen saihestezinak ziren topografiaren baldintzak, batez ere hain zaila gertatzen den iparraldeko ingurunean. Batzuetan, egintza horiek —gehienean bizi kalitate hobe baterako lagungarri badira ere— nahiko arazo larriak eragiten dituzte, batez ere ekar ditzaketen arriskuak saihesteko behar adinako kontu egiten ez bada.
Arrisku horiek, gehienbat, isuraldeen dinamikarekin dute zerikusia. Gainera, uholde euriak maiz aski gertatzen baitira Euskal Herrian, eragin berezia dute egintza horiek, uraren higadura eta hondamen ahalmena handitu egiten baitute. Hazkunde azkarreko landare moten hedatzea ekarri duen Kantauri isuraldeko Euskal Herriko basoen kudeaketa motaren ondorioz gertatutikoa da goran adieraziaren erakusgarri garbi bat. Basoak modu sistematikoan erabat soildu izanak —matarrasa deritzana-— euri uraren higadura ahalmenaren emendatzea ekarri du; izan ere, ur hori, landaredi estalkiak gelditzen ez duenez, hegian behera doa berehala era arrastaka daramatzan jalkinek ibai ubideak itsutzen dituzte. Horrek arras urritzen du, denok ezagutzen ditugun ondorioekin, ubideek ura hustutzeko duten ahalmena, are gehiago aurretik ere ur bazterreko landaredia deusezteak ertzak erroiztea ekarri badu edo, hiri edo industria eremua zabaltzearren, ibilgua bera lur azpitik bideratutik gertatu bada. Mediterraniar barne aldean, bestalde, oihan galtzeak, gehiegizko artzantzak eta nekazaritza jokaera makurrek higadura prozesuak are gehiago indartu dituzte aspaldidanik,eremu zabalak "bad-land" moduko paisaje bilakarazi baitira (Nafarroako Bardeak, kasu). Hala beraz, egokia litzateke iraun arazteko moduko garapen politikak hartu eta baliatzea, higadura arriskuak ahalik eta txikienak gerta daitezen, eta emankortasuna babestearren, arrisku gehien duten alderdiak zein diren ezagutu eta erabilpen gaitasun egokiena zein den zehazteko ere. Beharrik, oraino indarrean dauden praktika txarren eragina mugatzen hasi da lurralde gestioaren eredu alternatibo baten testuinguruan, era horretara sistema naturalaren egitura eta funtzionamendua atzeraezinezko modu larrian hauts ez daitezen.
Klima eta giza iharduera
Latitudeari dagokionez., euskal lurraldea planetaren gerriko epelean kokatua izateak ondorio asko dakar; ondorio horietako garrantzitsuena, Fronte Polarreko eta Antizikloi Azpitropikaletako depresio eremuen arteko dinamika elkarreragileak eragiten eta baldintzatzen duen zirkulazio atmosferikoa da. Izan ere, iharduera gune bi horiek eta dagozkien aire masak elkarren ondoan izateak, erlazio berezi horrek eguraldi moten segida moldatzen du eta, beraz, klimaren izaera orokorra. Kontuan hartu beharrekoak dira, halaber, jatorri termikoa duten iharduera guneak, zeren eta garrantzi handikoak gertatzen baitira batzuetan. Hala eta guztiz ere, egoeren eta egoera horiei dagozkien eguraldi moten eskema orokorra nahasi egiten da oso, tokian tokiko klimari begiratzen bazaio. Hala, euskal lurraren eraketa morfologiko berezia eta inguruko itsas masen ezaugarriak —termikoak gehienbat—, lehen mailako faktore bilakatzen dira, klima inguruneen multzoa eta haien banaketa espaziala zehaztetakoan.
Larriki bada ere, honako mota hauek bereiz daitezke:- Klima ozeanikoak uren banalerrotik iparraldera aurkitzen diren lur guztiak hartzen ditu (Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroako iparmendebala, Arabako ipar-mendebala, Iparraldea).
Bertan ez da benetako urtaro lehor dei daitekeenik, zeren euri ugari egiten du —urteko 1.000 eta 2.000 mm artean, mendebaletik ekialdera eta iparretik hegoaldera emendatzen dira eta ongi banaturik daude urte osoan zehar, gehienekoa udazken-neguari dagokiola—. Tenperatura gozoak dira urte osoan zehar eta tenperaturen gorabehera aski txikia da (18° inguru). Kontinentalitate maila (uneko oszilazio termikoa), uste izatekoa denez, aski apala da, nahiz eta, arinki bada ere, barnealdera sartu ahala gorantz doan, ez hainbat kostatik den urruntasunagatik nola erliebearen eraketagatik.
Neguko termikotasun maila (neguko leuntasun termikoa) garaia da, bereziki mendebaleko itsasertzean, bertan ez baita izotzaldirik gertatzen ia. Mediterraneotasun mailari dagokionez (udako ur defizita), Bizkaiko mendebalean bakarrik aurkitzen dira hein batean kontuan hartzeko moduko balioak. - Barnealdeko klima mediterranearrak Nafarroako Erribera eta Arabako Errioxa ukitzen ditu. Errejimen termikoa ondo berezia dago: negu hotza eta uda beroa.
Euriak, askotan uholdezkoak, urteko 500 mm ingurukoak dira; gehienekoak ekinozioetan agertzen dira (udaberrikoan gehienbat) eta udaldian oso beheraldi nabarmena izan ohi dute. Horrenbestez, Euskal Herriko hegoaldeko eskualdeetako eta Atlantiko aldeko kontinentalitate, neguko termikotasun eta mediterraneotasun errejistroak alderatuz gero, oso balio desberdinak agertzen dira.
Kontinentalitateak aski balio garaiak izaten ditu, zeren eta, lehenago adierazi denez, mendialde hesi nagusien eskualde norabideak oztopatu egiten baitu itsasoaren eragina Ebroko sakonune aldera sar dadin. Neguko termikotasuna apaldu egiten da izotz egunak ugaltzen direlako eta izotzaldi horien maiztasuna eta gogortasuna altimetriaren — Errioxa, Nafarroako Erribera baino hotzagoa da— eta tokiko beste faktore topografikoen araberakoak dira. Mediterraneotasun balioak emendatu egiten dira, halako eran non udaldiko euriek lurrinketaren bostena ere ez duten berdintzen batzuetan. Bi klima horien artean, sartu-irtenez eta bat-bateko jauzi txikiz baterik ageri da tarteko eskualdeetako klima eta zail gertatzen da azpiatlantikoaren eta azpimediterraneoaren arteko muga zehatzik ezartzea. Hemen, beste edozein kasutan baino areago, topografia baldintzek eta tokian tokiko erliebearen eraketak garrantzi nabarmena dute: urtean biltzen den euri kopurua 900 eta 500 mm artean izan ohi da; tenperaturen eta haien oszilazioen berri ematen duten balioak, eskualdeen arabera, nahiko desberdinak dira; bertako neguak luzeak eta hotzak dira, eta udak ez Ebroko sakonunean bezain beroak. Eskualde horietan, kontinentalitate, neguko termikotasun eta mediterraneotasun errejistroek, atlantiko eta mediterraniar muturrekoekin alderatura, distortsio handiak dituzte.
Oro har, aipaturiko balioen artean ipar-hego gradazio bat sumatzen bada ere, altimetriak eta eraketa morfologikoak eginkizun guztiz erabakigarria dute. Neguko termikotasunari dagozkion balioak ia eskualde osoan apalak mantentzen badira ere, kontinentalitateari eta mediterraneotasunari dagozkienak gora doaz iparretik hegoalderantz, gradiente sinkopatu baten arabera. - Mendiko klima inguruneak lurraldeko eremu guztiz mugatua beretzen du (euskal Pirinioerako mendialdeetako gailur garaiak) eta altimetriarekin zerikusia duten distortsioak dira haien ezaugarri. Tenperatura eta euri gradienteek, eta orobat kontinentalitateak, neguko termikotasunak eta mediterraneotasunak ere, altimetriaren datu soiletik hara doazen faktoreei erantzuten diete; izan ere, orientabideak, eguzkitzapen mailak, kokaerak eta toki bakoitzeko topografiak berebiziko garrantzia dute horretan. Mikro era topoklimen ugaritasunak, beraz, ezinezko bihurtzen du guztiak bateratzea; hortaz, "mendiko klima" denik baino "mendiko klimak" direla esatea hobe. - Zalantzarik gabe, iraganeko garaietan, gizakiak klimari buruz zuen mendekotasuna ezin saihestuzkoa zen praktikan. Nahikoa da, adibidez, alde hotzetako —mendialde garaia— eta alde agorretako —barnealdeko estepak— hutsune demografikoari eta Atlantiko aldeak, —epela eta ureztatze orekatuz hornitua— duen biztanle dentsitate handiari begiratzea, eta aurrez aurre jartzea biak. Baina bitasun hori, oro bar hotz-beroarekin eta euriarekin zerikusia duten faktoreei dagokien, areago zehaztu daiteke, bestelako zenbait aldaera kontuan hartuz gero, hala nola eguzkitzapena edo haizeen iraupena, lastertasuna eta norabidea, hau da, ingurune, alde eta toki bakoitzari dagozkion klima erosotasun mailak kontuan hartzen badira alegia. Kantauri isuraldeko Euskal Herriko zerrendan dagokionez, euri kopuruaren neurria ez da gizakien presioaren intentsitate desberdinean eragin nagusia izan duen faktorea —ur baliabideak ugari dira eta ongi banatuak—, baizik eta gradazio termikoa, itsasbazterraren eta barnealdearen artekoa alde batetik, eta haranen era mendien arrekoa, bestetik. Orientabidea, bere aldetik, lehen faktorea izan da etxebizitza kokatzetakoan; egutera aldea laiotza baino estimatuagoa izan da beti, baita etxebizitza.a tradizionala, baserria, eta haren inguruko erabilerak planifikatzerakoan ere. Kantauriko erlaitzean, orobat, ipar-mendebaleko haize bortitzen babesgune topografikoak oso garrantzi handia izan du beti. Bestalde, Atlantiko aldeko isuraldean euri ugari egiteak lehorreko nekazaritza bideratu du, murritzagoa barnealdean izotz egunak gehiago baitira bertan. Baina euri bolumen handi hori eta eguzkitzapen eskasa faktore mugatzaile gertatzen dira labore mota batzuetarako — garia kasu—, nahiz eta horiek behiala, ekonomia itxi baten barne, landatu egiten ziren, beti ere emaitza eskasak lortzen diren arren. Barnealdeko mediterranear lurraldeetan, ordea, uraren erabilgarritasuna izan da faktore erabakigarria. Hala, Ebroko sakaneko hegoaldetik, euriari dagokionez urritasun ohargarrikoa delarik ere, Kantauri aldeko Euskal Herriko ertzetaraino, nabarmen aldatzen da giza paisajea. Gauza bera gertatzen da hobekien hornituriko ibarretatik ibai arteko toki lehorrenetaraino. Tokian-tokian, hegoaldeko latitude honetan haizearen indarra —ipar haizearen kasua— faktore aski erabakigarria izan da gizakiek beren kokalekua aukeratzerakoan. Historian zehar, nekazaritzarako erabiliagoak izan diren Mediterraneoko isuraldeko lurrak, eremu lauek eta ibar zabal emankorrek faboratuak, erromatarren denboretatik ureztatu dituzte. Alde horretan, gainera, malda txikiagoak izateak nekazaritza gehiago mekanizatzea bideratu du. Nekazaritza eremuan, nagusiki, mahatsa eta almendra biltzen da lehorrean, laboreak bai lur ureztatuetan bai lehorrekoetan, patata eta azukre erremolatxa tarteko lurretan eta barazkiak lur ureztatuetan. Zalantzarik gabe, sistemaren osagai guztien artean, klima da nagusi beti ere, ingurunea-giza iharduera eskemaren ahalmenak eta mugak moldatzerakoan. Dena den, alderdi horri dagokionez ere, begien bistakoa da lehengo determinismo estu hura gainditu egin dela gure egunotan. Izan ere, aurrerakuntza teknologikoek, alde batetik, gero eta burujabetasun maila handiagoak lortzeko modua eskaintzen diote gizonari ingurunearen aginduen aurrean eta, bestetik, haien bidez klimaren portaera lehenagotik eta fidagarritasun handiagoz aurreikus daiteke. Ildo horretatik, lehen, tenperatura baldintzengatik (garaiera handietako klimak) edo euri eskasiagatik (klima lehorrak), bazterturik geratzen ziren eskualde batzuek historian izan duten garrantzi urria seinalatzen bagenuen ere, gaur egun balio berria ari dira irabazten, begien bistan ikusien denez.
Hala beraz, esaterako, gure herrialdeko tokirik hotzenak (Pirinio garaia), urtaroen arabera bada ere, gero eta jende kopuru handiagoa ari dira hartzen; halaber, Ebroko Sakonuneko alderik lehorrenetara ere ura eraman eta, lehen zinez antzuak ziten lurrak nekazaritzarako probetxagarri gertatzen ari dira gure egunotan. izan ere, lurzoruen erabilera eta espazioaren zein ekoizpen sistemen antolamenduaren alderdi batzuei dagokienez,aldaketa handiak antzematen dira klima baldintzekiko mendetasunaren alorrean.
Negutegiko laborantzaren hedapena, hain zuzen ere, esandakoaren froga garbia dugu, zeren halakoen bidez, eta klimaren bilakabideak ezarri mugetatik at, etengabe merkaturatzen baitira egun, lehenago sasoiei estu-estu jarraituz egin beharreko barazkiak eta loregintza produktuak. Edota ur gastu minimoak dakartzaten ureztatzeko sistemak, hala nola "tantaz tantakoa" deritzana. Hiri inguruneari dagokionez, klimaren aginduetatik gero eta askeago izateak, eta hori positiboa da zalantzarik gabe, atmosfera kalitateren galera ekarri du eta, horrenbestez, bizi kalitatea ere kaltetua gertatu da oro har. Izan ere, hiri eta industria aldeetan, gehienetan topografia sakonuneetan baitaude kokaturik, hots, atmosfera geruzen truke bertikala —eta are horizontala ere zenbaitetan— behar bestekoa ez den tokietan, fenomeno larria da kutsadura, osasunaren aldetik ez ezik, eragiten dituen ondorio anitzen aldetik ere. Horietatiko bat "negutegi efektua" delakoa da, tokiko hotz-beroen errejimena aldatu egiten duena; "euri azidoa" deitua ere honetarikoa da, horren zorigaiztoko eragin biologikoa kutsadura gunetik urrun diren eskualdeetara ere iristen dela. Kutsadurarekin zerikusia dute, orobat, oraino behar bezala aztertu ez diren beste zenbait fenomenok ere, hala nola balio plubiometrikoen neurketan, intentsitatean eta urtarokotasunean gertatzen bide diren distortsioak, eta horien ondorioz aurrikustekoak diren hidrodinamikoak eta geomorfologikoak. Arazo honen kontzientziazioa zabalduz badoa ere, benetako garapen iraun arazgarri baten planteamenduak gaur arte gauzatu direnak baino askoz ere iharduera hats handiagoko eta orokorragoak eskatzen ditu. Ur baliabideei dagokienez, akuiferoen eta azaleko uraren ustiapenaren alorrean, modu ausartaz aurreratu da industria eta hiri bilbearen eta Mediterraneo aldeko nekazaritza lurren eskaera geroz handiagoa asetzearren. Ura, ordea, baliabide mugatua da, eta hor dago arazoa, zeren eta ut erreserben gehiegizko erabilerak ageriko eragina izan baitezake ziklo hidrologikoaren funtzionamendu normalean. Bestalde, zuzentzeko neurriak gorabehera, ibai, urtegi eta akuiferoen kutsadura egun-egungo arazoa da Euskal Herrian eta irtenbide zaila duen arazoa gainera. Mediterraneo aldeko ingurunean, nekazaritza iharduera benetako ur azpiegitura baten premian gertatu da eta urtegiak, ubideak eta noriak egin dira hartarako, maila freatikotik ere ura hartu dutelarik; horrek guztiak ibai dinamika aldarazi du, neurri handi batean, eta kalte nabarmena ekarri dio uraren kalitateari. Hala, gehiegizko ureztatzeak arras urritu ditu ur emariak; horrek ongarriak, plagizidak, etab. sorburu duten eutrofizazio eta kutsadura maila areagotu egin du, eta hori neurri handi batean gizakien kontsumorako erabiltzen den urari dagokionez. Kantauriko isuraldean, Bizkaiko eta Gipuzkoako ibai batzuek benetan marka txisteak lortu dituzte kutsaduraren alorrean, haien ahalmen biologikoa ia erabat suntsitu arte. Kutsadura errejistro garaiak gorantz doaz, ura —industriarako eta hititarren erabilerarako asmoz— kontrolik gabe hartzearen ondorioz, berezko estiajea areagotu eta luzatzen den neurrian. Egun, alor honetan politika egokia burutzeko asmoa ageri da: ibaira doazen isurkien kontrola, araztegiak eta erreserba uraren hornidura, ur emaria erregulatuko duten erretenen bidez. Modu horretara, denborarekin ibai horiek behialako ugaritasun biologikoa eta berezko arazketa funtzioa berreskura lezakete, eta aisialditako leku egoki bihurtu gainera. Itsasertzean, betiko itsas baliabideen gero eta murrizketa handiagoa da arazo nagusia.
Arrain kopuruen murrizketaren arazo larri eta gatazkatsuaz gainera, uraren kalitatea gero era narriadura handiagoa ari da jasaten, gehienbat kostaldean eta hirigune handienetatik hurbil diren uretan; gero, ur horiek korronte eta mareak lagun, euskal itsasbazter osora hedatzen dira. Azken urteotan, gertaera horrek, hondartzen erabiltzaileak ukitzeaz gainera, kalte handia eragin du uraren kalitate eta aniztasun biologikoari doakionez. Bestalde, itsasbazterreko ingurune hori aspaldidanik, balnearioez gainera, turismo eta aisialditako erakargarri nagusia izan da, nahiz eta, klimak hala agindurik, hondartzaz gozatzeko aldia aski motza den. Hondartzak, aisialeku bihurtu eta, zerbitzuak moldatu behar izan dira haietan erabiltzailearen onetan; horrek, goian aipatu denez, alde guztietan ur kalitatea gutxitzea eragin du eta, sistemari dagokionez, ur horien naturaltasunaren galera handia. Itsasoko uraren eta lur barrukoen arteko elkarrekiko eraginaren alorrean, Kantauri aldeko Euskal Herriko nekazaritza sistema tradizionalak padura aldeetan eta ibai ibarretan aplikatzen zuen baliabideen kudeaketarako ereduak ere kontuzko aldaketak jasan ditu azken garaiotan. Haietariko gehienak desagertu egin dira, nekazaritza eta hirigintza edo industria helburu, dela lehorketaren dela lur azpitik bideratzearen ondorioz; iharduera horiek paisajearen eta izadiaren aldetik balio ohargarria zuten gune batzuen babesaren aurka jo dute. Arazoak areagotu egiten dira, eta hau maiz aski gertatzen da, dinamika hidrologikoa aldatzen denean (dikeak, espigoiak) edota uraren kalitatea hondatzen denean, bai padura bai ibai inguruneetako iharduera biologikoaren baitan eragin zuzena duten isurketa kutsagarrien ondorioz.
Landaredia eta giza iharduera
Euskal Herriko landare paisajeak garbi erakusten du lurralde honen ezaugarria den ingurune gradienteen aniztasuna, bai eta goian aipatu ditugun errekurrentzia eta sinkope fenomenoak ere. Hortik dator, esaterako, erabat alde atlantikoan eta guztiz alde mediterraniarrari dagozkien landare komunitateak behin eta berriro azaltzea, aurrerakadaz eta atzerakadaz betea den esparru batean. Molda dezagun ingurune desberdinen araberako eskualdez eskualdeko zirriborro labur bat, horien ezaugarri ohargarrienak agertuz. Haritz kandudunen (Quercus robur) hariztiaren eremua, itxuraz, zalantzarik gabe, ia sustratu mota guztietan barreiaturik dago, bai itsasbazterreko eskualdean eta bai Atlantiko alderako haranetako muinoetako lurzoru guztian. Horretarik kanpo geratuko lirateke mendiko lurzoru urrian eta klima zein edafologia arrazoi bereziek landare egitura berezietarako bide ematen duten guneetan agertzen diren pago multzoak. Kantauri aldeko artearen (Quercus ilex) eremua, paisajearen aldetik oso deigarria dena, barnealdeko zenbait toki babestutan aurki daiteke, baina Bizkaiko eta Gipuzkoako mendebaleko kostaldea da haren esparru nagusia. Gutxi gizenduriko lurzoruetan aurkitu ohi da, harritsu eta bereziki lehorrak direnetan, gehienbat kareharrien gainean, bai eta, gutxiagotan, silizeoetan ere, non kostaldeko zenbait gunetan artelatza (Quercus suber) ere agertzen den. Ameztiaren (Quercus pyrenaica) eremuak, bere aldetik, askoz ere lurralde hedadura murritzagoa hartzen du. Hareharrizko mendi hegal eta gailurretan aurki daiteke, drenaje errazeko lurzoruetan eta, atmosfera argi eta lehorreko alderdietan hobe hazten bada ere, kostaldeko zenbait gunetara ere iristen da. Gutxi asko pinu gorriak (Pinus sylvestris) lagundurik agertu ohi den erkameztiaren (Quercus faginea) eremuak margazko zenbait haran hartzen ditu Bizkaiaren eta Burgosen arreko mugan, Atlantiko aldeko gainerako haranetan baino izotzaldi zein lehorraldi luzeagoz eta argitasun handiagoz hornitua den alderdian. - Atlantiko-Mediterraneo banalerroko mendiak ez dira inoiz 1.600 metroz gorago altxatzen; horregatik, euri ugariz eta tenperatura freskoz hornitua den mendiko lurzoru bioklimatikoan aurkitzen gara bete-bete-an: pagadiaren (Fagus sylvatica) eremua da.
Horren ondoan, ameztiaren (Quercus pyrenaica) eremuak pagadiaren lekua hartzen du zenbait gunetan —gehienbat hegi ertainetik eguteraraino—, atmosferaren lehortasun eta argi erlatiboarekin batera lurzoru lehor eta hareatsuak biltzen diren lekuetan hain zuzen ere. Banalerroko mendialdeetako egutera horietan ere, baina azaleraturiko kareharrizko litologiaren gainean, ametz ilaundunaren (Quercus humilis) eremua aurki daiteke, jenero bereko kaltzikolekin gutxi asko hibridatua bada ere. Beste zenbait zuhaizti, bala nola haritz kandugabekoenak (Quercus petraea) edota urkiz (Betula celtiberica) osaturiko komunitate iraunkorrak oso gune berezitan aurkitzen dira. Nafarroako eta Zuberoako Pirinio Garaian, landarediaren eremu desberdinen eskema egitetakoan, eguteraren eta laiotzaren arteko disimetria begien bistakoa da.
Oso lurzoru hezeko mendietako laiotzetan —ozeanotik datozen fluxuen aurrez aurre— hariztiak (Fagus sylvatica) eta haritzez eta izei zuriz (Abies alba) osaturiko zuhaiztiak dira. Hegoalderako aldeak, mendiko lurzoru hezean, ametz ilaundunezko (Quercus humilis) ameztiek harturik daude; tarteka ezpeía (Buxux sempervirens) ere agertzen da haien artean, bai eta pinu gorri (Pinus sylvestris) nahikoa, eguterako kontinentalitatera ongi egokitzen baitira itxuraz. Lurzoru azpialpetarra mendiko pinu beltzez (Pinus uncinata) osaturiko pinudien eremua da; pinudi horiek, eskualdeko mendebaleko mugan, mosaiko tankerako itxura nahiko irekia dute, tartean larreak direla. Alpetar lurzoru eskas hori, soropil sarriz estalia ageri da uharte moduko gune gizenago eta iraunkortasun handiagoko batzuetan, eta belardi soilagoz lur meheagokoetan. - Ingurune azpiatlantikoaren alorreko haran hondoetan —inguruko mendi hegaletan zerbait sartzen dela—, lurzoru fresko eta maila freatiko handikoetan, haritz kandudunen (Quercus robur) hariztia da nagusi, ametzarekin (Quercus faginea, Q. humilis) hibridatua askotan. Ur gutxiagoko lekuetan, ameztiak hartzen du haritz kandudunen hariztiaren lekua eta hori garbi ageri da eskualdeko mendi lepo eta mendixka margo-kareharrizkoetan.
Horrenbestez, ameztiaren eremuak paralelismo garbia du Quercus pyrenaica izenekoez osaturiko ameztiekin —azken hauek sustratu silizeoetan—, zeren eta bi-biek haran ondoetako hariztien eta inguruko mendi garaietako pagadien artean kokatzeko joera baitute: bi amezti mota horiek lainoetatik ihes egiten dute, bai inbertsio termikoak eraginda eskualdeko hondoa estaltzen dutenetatik eta bai mendia igotzerakoan, aire hezearen kondentsazioa dela medio, eratzen direnetatik. Mendi horietan, pagoaren eremua (Fagus sylvatica) alde laiotzeko lurzoruan eta gailurretako erliebeetan zehar zabaltzen da.
Klima azpihezera pasatzen den eta lur aske eta hareatsuak azalera agertzen diren tokietan, Quercus pyrenaica ametzak baldintza ezin hobeak aurkitzen ditu bere eremua hedatzeko. Ez da harritzekoa, beraz, alde eguteretako mendi hegi erditsuetan gordetzeko premiarik ez izanik, eskualde horretako (Izkiz) ameztiak Euskal Herriko zabalenetakoak eta hobekien kontserbatu direnetakoak izatea. Pagadiaren eremuan gertatzen den bezala, malda handiak sortzen duen lurzoruan egongaiztasuna nagusi den egoeretan, urkidiak (Betula celtiberica, B. pendula) halako protagonismo bat har lezake ameztiaren eremuan. Tokiko lurraren hezetasuna gehitzearekin batera, haritz kandudunen (Quercus robur) sailak ager daitezke era, bakanago, haritz kandugabeen (Quercus petraea) hariztiak ere.
-Ameztiaren (Quercus Faginea, Q. humilis) eremuak ibarrak eta haran hondoak hartzen ditu, ura ongi atxikitzen duten ingurune azpimediterraneoko lurzoru sakonetan.
Eremu horretan nolabaiteko garrantzia har lezake pinu gorriak (Pinus sylvestris), batez ere eskualdeko mendebal eta ekialdeko muturretan —argitsuagoak eta kontinentalizatuagoak baitira leku horiek—. Drenaje oneko silize lurrak agertzen diren gune bakanetan, ameztiaren (Quercus pyrenaica) eremua aurkitzen da. Era berean, karraskaren (Quercus rotundifolia) eremua garrantzizkoa da, hegi harritsu malkarretan kokatu zalea izanik ere, lurzoru mehe eta irazkorrez hornitu eta ongi babestutako i bai terraza, haran eta ibarretako joera ere agertzen baitu. Eskualde azpimediterranear hau ixten duten mendialdeetako goi laiotzean, pagoaren (Fagus sylvatica) eremua da; zuhaitz hauek gailurren lerrotik beheraxeago ere aurki daitezke, eguterako ibar freskoen eta hezeenen aldera. Ameztiak eta haritz kandudunezko (Quercus robur) hariztiak oso hedadura txikiko eremuak hartzen dituzte.
Horietariko lehena, ametza, eguterako azaleratze silizeo bakanetan, lurzoru hareatsu arinetan; bigarrena, toki laiotzetan, pagoaren eremuaren behe aldeko mugan. Euri errejimen azpihezca duten alderdietan, lurrak karbonatoetan jori diten neurrian beti ere, erkametza nagusitzen da, pinu gorria lagun duela askotan. Hortaz, laiotzetan, hariztiaren ondoko behe mailan kokatzen da eta eguteran, aitzitik, aski goi aldeko zerrendan, mendi hegaletako oinarria karraskarentzat utzirik. Azken honen eremuak atmosferako eta lurreko lehortasun maila handieneko tokiak hartzen ditu, hala nola haize lehorrak jotzen dituen eguterak eta lurzoru guztiz eskaseko harkaitz muturrak. - Barnealdeko ingurune mediterranearrean, karraska edo tartaka (Quercus rotundifolia) da nagusi, aztergai dugun aldeko beste tokietan, goian ikusi denez, lurzoru harritsu eta lehorrenetan baizik aurkitzen ez den bitartean. Eskualde honetako ipar-ekialdea, hala euri eskasiagatik nola kontinentalitatearen gogorragatik are muturragoko klimaz hornitua, abaritzaren (Quercus coccifera) eremua da, Aleppo pinua(Pinus halepensis) kopuru desberdinetan lagun izan ohi duela.
Aitzitik, Quercus faginea ametzak amildegietako freskotasuna nahiago izan ohi du, bai eta zenbait mendiskatako laiotzetako atmosfera hezetasuna ere. Ametz hau, halaber, ibai ertzeko landarediaren eremuan aurki dezakegu, han-hemenka, batez ere Ebro ibaiaren ertzetan. Lehen giza bizilekuak oihanez inguraturik agertzen ziren alde guztietatik. Halako lekunetan bizi ziten gizarte primitibo haiek ez zuten ingurugiroan eragin handirik izateko behar besteko ahalmenik, Kultura neolitikoaren hedapenarekin eta geroko erromanizazioarekin, basoaren osotasuna gaitzen hasi zen nekazaritza eta abere hazkuntza ihardueraren ondorioz. Erdi Aroan, Euskal Herriaren iparraldeko erdian, itsas portuen, ibaien eta mendilepoen inguruko hiri eta bide sarea moldatuz zihoan neurrian, Pirinioetako eta Euskal Arkuko basoak iristeko zailak ziren aldeetara mugaturik geratu ziren. Nolanahi ere den, oreka aldia zen hura oraindik, gizakiak garaiera gutxiko lur lauak landu eta abere hazkuntzarako bere kokalekua zuen lekutik hurbil ziren zuhaitzik gabeko aldeak erabiltzen baitzituen, mendiko larreak udako larre gisa baliatuz. Oihanak hainbat baliabideren iturri ziren. Halatan, baso atlantikoa, antzinako tradizio kulturalean askotan sakratutzar hartua, gaitz orotarako erremedio bihurtu zen: hazkurri iturri abere era gizakientzat; eraikuntzarako eta bestelako tresneria eta erabilgaietarako erregai eta lehengaien gordailua...
Onuradunek beren esku zuten multzo produktiboa, beraz, ia beti herri jabegoaren errejimenean erabiltzen zena. Euskal Herriko baso mediterranearra, Europako hegoaldeko gainerako lurraldeetan bezala, iparraldekoa baino askoz lehenago hasi zen ustiatzen. Basoa, nekazaritzarako nekez ustia zitezkeen mendiska kaskoetara bazterturik, benetako altxorra zen ustiatzeko eskubidea zuten baliatzaile guztientzat.
Atlantiko aldeko basoa baino bakanago agertzen bazen ere, erabateko erabileraren mende zegoen, bai gizakien bai aziendaren premiak asetzearren. Hortik dator sutearen beldurra, lehortasun nabarmenak eta, zenbaitetan, ehiza baliabideen ustiatze zentzugabeak faboratzen zutena. Mendi asko, luberriek eta ontzigintzaren, ikazkintzaren edota burdinolen premiak zirela eta, hondatu egin ziten eta basoa berriro sortzeko gaitasuna gorabehera, egun baino suntsituago ageri ziren iragan mendeetan.
XVIII. mendearen amaieran, Kantauri aldeko Euskal Herriko baso soiltzea garai horretako informazioetan ondo dokumentaturik dagoen erealitatea da. Dena den, baso murrizterik larriena XIX. mendean gertatu zen, batez ere desamortizazioak — herri lurretako zati handi baten pribatizazioa ezarriz— gelditzen ziren basoen ustiatze intentsiboa ekarri zuelako. Etekin gehiena abalik eta denborarik laburrenean lortzeko asmoak ezin geldituzko mugimendua sortarazi zuen. Hori gutxi izan balitz, XX. mendera iragatearekin batera, plaga kriptogramikoek (oidium, tinta) zutik zirauten baso ahulduak jo eta are gehiago bakandu zituen.
Izan ere, gehiegizko ustiatzeak jasaniko baso haiek lurraldean berriak ez ziren eritasun batzuen aukerako biktimak suertatu ziren. XX, mendearen lehen herenean, Kantauri aldeko Euskal Herriko mendiaren egoera larri baino larriagoa zen, hondamenezkoa benetan: ia mendi hegi guztiak zuhaitzik gabe zeuden eta lurzoruen galerak izugarriak ziren. Hegoaldeko Euskal Herrian, Gerra Zibilaren ondoko presio demografiko gogorra, aziendaren espezializazioa, zur industriaren eskaera eta, batez ere, zuhaitz erretxinadun eta exotikoen sarrera masiboa direla medio, bertako basoa ia testigantza hutsezko esparruetara geratu zen murrizturik. Horrek ez bide zuen gehiegi arduratzen orduko gizartea, zeren eta autokontsumotik merka-tu libreko ekonomiara igarotzeko kinkan zegoen baserriaren krisia arindu egiten baitzen, garai hartan erabat hedatzen ari zen industria baterako beharginak bideratuz eta pinua sartutako mendietatik epe motzean irabazi onak atereaz. Izan ere, mende hasieran sartu ondoren, zuhaitz haiek etekin bikainak ari ziren ematen. Ebroko arroan, ekosistemen hauskortasuna oso handia zen tokietan kokaturiko baso mediterraniarrak ere atzerapen handia jasan du, gizakien presio luze bortitzak horretan zerikusi zuzena duelarik. Herri jabegoari dagokion estatus juridikoak bakarrik gerarazi du, oso kasu bakanetan, beheraldi hori. Berezko landare estalkiaren, era gehienbat basoei dagokien, erabateko atzerapen horrek zinez ondorio garrantzitsuak izan ditu eta horrek babesaren, produkzioaren, paisajearen eta aisiaren alorrean dituen funtzioak ukitu ditu. Goian adierazi denez, landare estalkia desagertzeak munta handiko higadura prozesuak eragin ditu, lurzoru galera ohargarriekin, bai Mediterraneo aldeko era bai Kantauri aldeko eskualdeeran.
Efektu hidroerregularzaileak ere hondamen larria jasan du, landareen eta lurzoruaren ura artxikitzeko ahalmena gutxitu delako, uholdeak eta izateko arriskua emendatuz. Bestalde, bertako basoen hondakinetan baliabide tradizionalak biltzeko ahalbideak erabat gutxitu dira. Oro har, bertako basoa ez da anekdota bat baizik oihan landaketen testuinguruan; izan ere, landaketa horien erabilpenak eta ustiatzeak berezko dinamikaren era paisaje kalitarearen nahasketa larriak sortu ditu gertatu den alderdietan. Lurraldeko zenbait eskualdetan, batez ere desamortizazio prozesuek herri jabegoaren errejimena ia ukitu ez zuten aldeetan (banalerroko mendialdeak gehienbat), basoa ustiatzerakoan zentzuzko funtzionalitatea erakusten duten praktikak erabili dira antzinako garaietatik; hain zuzen ere, hori da, zura ateratzerakoan, ondoz ondoko guneak soiltzeko teknikaren kasua. Baina, oro har, antza denez, gauzak aldatzen ari dira azken urteotan, zeren eta geoekologiaren aldetik, paisajearen ikuspegirik eta bizitza kalitatearen hobekuntzari doakionez, bertako basoak duen zeregina gero eta onartuago eta aitortuago baitago. Gutxienez, gure lurraldeetako Administrazioek bestelako ikuspegitik ekin dio te baso politikari eta, garapen iraun arazgarriaren ikuspuntutik, basoaren eginkizun anitza (ekoizlea, babeslea, paisajearekikoa, aisiarekikoa) geroz era gehiago hartzen da kontuan, basoa berritzerakoan bertako motak sartu eta hain erasokorrak ez diren baso ekoizpenerako teknikak baliatzen direlarik.