Departamento de Cultura y Política Lingüística

Euskara eta Euskal literatura»Euskara eta Euskal literatura

Modernitatea euskal literaturan (1950-1996)

Rikardo Arregi, euskal modernitatearen aitzindarietakoa.<br><br>

 

Sarrera

Urtaroen joan-etorri patxadatsuaren hegalpean sortu eta errenditu zen Lizardiren poesia. Naturaren bilakaera berberaren ispiluan babestuz, ez zuen Lizardik hautsi aspaldiko urteetan ikuspegi kristau eta harmonikoa izaten jarraitzen zuen irudi eredugarriarekin.

Orixek berak ere txalotu eta miretsi besterik ezin zezakeen egin haren poesia. Izan ere, bien arteko poesiagintzan alde sakonik izanda ere, bata nahiz bestea grekoengandik sortu eta garatu ondoren, tradizio kristau nasai baten magalean sendotutako gizakiaren eta munduaren ikuspegi ziren. Kosmos kristau horren barnean, baina, bazterrak urduritzen eta geldigortzen hasiak zeuden jada gerra zibilaren aurretik.

Lauaxeta dugu dinamismo horren adibiderik aipagarriena.

Gerra ondoren desegin zen ezinbestean, XVI. mendeaz geroztik literatura landuaren ibilbide osoan arrastoa markatu zuen norabide kristau hori. S. Mitxelenak ezin zituen “Arantzazu” sinbolikoaren aterpean babestu gero eta bihurriagoa agertzen zitzaion historiaren norabidea. Urrunago joan gabe, bere baitan bizi izan zituen S. Mitxelenak mundu eredugarri eta tradizional horren pitzadurak. Ez zuen baina etsi, eta bere inguruan mundua iraultzen ikusi bazuen ere, ezin berak aldaketari ongietorririk eman.

Eginkizun hori, Mendebaleko beste lurraldeetako kultur egoerarekin eta bizikizunekin lotuago zegoen jendeak bete zuen. Krutwig, Mirande eta, geroxeago, Aresti nabarmendu ziren 50eko urteetako hausturaren poesiaren alorrean; Txillardegi nobelarenean.

Maiz aipatu den kontua da nola sentsibilitate literarioa aurreratu zaion urteetan geroago etorriko diren gertaera historikoei.

Horixe adierazi zuen Txema Larreak, esan zuenean, 60tik aurrera gizartean gertatutako aldaketa bortitzenak iragarrita zeudela aldez aurretik literatur lanetan. Krutwig aitzindari zela, mende hasieratik Europako bazterrak astindu zituen mugimendu nihilistaren oihartzunak ekarri zituen Mirandek gure poesiagintzara. Jainkoa hila zen, eta baita hari orpoz orpo ibili zitzaion arrazoimenaren lilura ere. Jainkoa, eta haren hipostasiabaino ez zen arrazoimena Mirandek irazekitako sute askatzaile berean erre ziren. Nietzsche, Schopenhauer eta Dostoievski lagun, pentsamenduaren arrazoibideak bazterrean utzi eta instintuaren eta zinez badenaren senaz arduratuko da aurrerantzean Mirande, ordurako Krutwig “nirvana”-ren aldeko gorazarreak idatziz entretenitzen zen.Rikardo Arregik 60ko urteetan bota zuen aldarri hura –Euskalzaleen Jainkoa hil behar dugu”– betea zen sinbolikoki Arestiren Maldan behera poeman. Beraz, XIX. mendetik hasi eta Mendebalak elikatu zituen esperantzarik sendoenak hondamendira jaurti ziren: arrazoimena, progresoa. Ibilbide hori Lehen Mundu Gerrarekin gertatu zen Europako beste lekuetan, eta bigarrenarekin erabat errematatu. Gurean, berriz, gerrate zibilaren ondoren ere, artean betiereko sinesmen eta bizilegeari eutsi nahi zitzaion; baina gerrako haurren belaunaldiak lehertu egingo zuen betiko mendeetako norabide zaharkitu hori.

Amaitu ziren harrezkero Lizardiren mundu-irudi patxadatsuak, eta haren metaforanagusia, geroago erabili bada ere, dekoratu huts baino ezin izan. Horixe da Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua (1957) eleberrian gertatzen dena, nahiz eta lau urtaroen gainean eraiki bere errelatoa, ezinegona, gatazka, bizitzaren aurreko nazka eta suizidioa dira edukiak. Leturia pertsonaiaren kontzientzia kontzientzia gatazkatsua da, haren barnea alderik alde dago urratua.

Artean Orixe bizi zen, baina nekez uler zezakeen garai berrien sentsibilitatea; ez zegoen norabide –edo norabiderik ez– horretan tradizio errepikatzaile eta balore iraunkorren euskarririk, ez; garai berriak abenturaren garaiak ziren. Non gelditu zen Orixeren hezkuntza klasiko-kristaua? Non Virgilio eta Horacio? Dostoievski, Nietzsche, Unamuno, Heidegger, Sartre, Camus, Gaudi eta abarren sasoi urduria zen Txillardegirena, eta urte batzuk lehentxeagotik Europa osoarena.

Orixeren itzaltzea, gerra aurretik lanean jardundako belaunaldi oso baten itzaltzea zen. K. Zaitegi, A. Ibińagabeitia eta Orixe Venezuelan egon ziren urteetan eta handik honako bidea hartu zutenerako, gauzak aldatzen hasita zeuden Euskal Herrian.

1954ean «Egan» aldizkaria sasoian agertu zenK. Mitxelenaren gidaritzapean; 1956an «Jakin» aldizkari frantziskotar eragingarria sortu zen. «Euzko Gogoa» 1956an euskalerriratu bazen ere, aurreko bi aldizkarien eraginari ezin izan zien aurre egin, eta euskararen aitzakian kateatu bazen ere, eztabaidaren irispidea askoz ere sakonagoa zen. Esan daiteke benetako haustura lanaren alboan Intxausti, Txillardegi, Villasante, Krutwig, San Martin eta beste jarri zirela. Orixeren alboan ere jarri ziren Zaitegi, Onaindia eta beste, baina eragileen kopuru eta gaztetasunak erabaki zuen auzia. 1960an desagertu zen «Euzko Gogoa». Euskara batuaren aldeko eskakizuna gero eta bortitzago agertu zen; ezin ukatu, bestalde, Txillardegi, Aresti, Mirande, Krutwig bezalako euskaldun berri eta idazle eginak bihurtu zirela batuaren ibilbidean eragilerik zorrotzenak. Euskara batuaren aldeko bi batzar nagusietan –Baiona (1964) eta Arantzazu (1968)– erabaki ziren euskara batzeko urratsak. Kultura zahar eta berriaren arteko haustura urtetzat 1956 hartu dugu, beraz; eta kulturalki hurrengo muga urtea 1964 da.

1964an eman zen argitara G. Arestiren Harri eta Herri. Inork ez zuen lortu haren aurretik, poesia eta literaturaren esparruan hark lortu zuen eraginik. Arestik lortu zuen aurreneko aldiz euskal mundutik kanpozebilen askoren arreta biltzea. Euskal literatura eta euskal idazle izatea ohorezko langintzara altxatu zituen. Horra zer zioen I.

Sarasolak 1966an Harri eta Herriri buruzko arrakastaz: “Donostiako Biblioteka Probintzialera joaten naiz estudiatzera. Harri eta Herri da estudiatzen duten unibertsitarioek ateratzen duten euskal-liburu bakarra… Euskara jakin gabe liburu hau erosi duten unibertsitarioak ere ezagutzen ditut. Norbaitek euskal-literaturan zerbait galdetzen badit, Harri eta Herri lagatzen diot”.

Sarasolaren hitz horiek nahikoa ondo adierazten dute Arestiren liburuak izan duen inpaktu sozialaz. Arestiren Harri eta Herrirekin batera derrigorrez aipatu beharreko beste bi liburu argitaratu ziren 1963an: JorgeOteizaren Quosque Tandem eta Federiko Krutwigen Vasconia. Bi liburu horiek lortu zuten arrakasta eta eragina oso zabala izan zen, kulturatik hasi eta politikagintzaren muturreraino. Txillardegik behin baino gehiagotan aitortua duenez, F. Krutwigen Vasconia ETAren biblia bihurtu zen.

Quosque Tandem saioaren eragina kultur esparruetara zuzenago barreiatu zen, hala nola poesiara, kantagintzara («Ez dok Amairu»), pinturara (Zumeta, Ruiz Balerdi), eskulturara («Debako Eskola»). Kultura eta herri dinamika oso kateaturik zeuden urte horietan, kultura eta politika ere elkar hartuta agertzen zaizkigu. Zenbat ote dira liburu horien irakurketaren ondoren politikara –eta urte haietan politika esatea ETA esatea zen– saltoa eman zutenak. Gazteria berria dugu, eta kontzientzia berria. Honelaxe ikusi zuen R. Arregik 60ko oldar berri hori: “Urte hori ezkeroztik, beharbada piska bat lehentxeagotik, euskal adimena eta euskal sentipena berritu egiten da, bere baitan zartada berri bat sentitzen du eta orduz geroztik gertaera hau, belaun berri baten esnatzea, kontuan hartu gabe ez dago aztertzerik ez euskal kultura, ez euskal politika, ezta ere euskaldunen artean dabiltzan ideologiak. Hau da azken hamar urteetako gertaerarik bortitzena.

Gure historia gertuenaren azalpenik ikusgarriena”. Urte horietan ez zegoen euskal kulturaren zirrikiturik ETAren oihartzunen bat jasotzen ez zuenik. ETAren presentzia eta eragina itzela izan da euskal munduosoan, ez bakarrik 60ko urteetan, baita geroxeago ere, norbere imajinarioan aztarka dabilen 90eko urteetako nobelagileen lanak lekuko. Urte horietan, baina, 60ko urteetan alegia, gazteriak abertzaletasun tradizionalak alde batera utzi eta ETAren dinamikan jarri zuen aldaketaren esperantza.

PNVren erreferentzia klasikoak ez zuen asetzen jada, gazteriak sentitzen zuen gizartearekin konprometitzeko gogo suharra.

Konpromezuaren edo konpromezuen urteak dira. 1960-1975 urteak. Politikaz eta ETAren eraginez ari garelarik, urte klabe batzuen datak ere ezagutu behar dira: 1959an sortu zen ETA, eta 1968an borroka armatuaren lehen hilketak gertatu ziren.

Konpromezua ikastolen mugimenduarekin, 50eko urteetan Elbira Zipitriarekin lehen urratsak eman baziren ere, 60ko urteetan gertatuko da Ikastolen aldeko mugimenduaren sendotze eta hedatzea. Konpromezua Rikardo Arregik abian jarri zuen Euskalduntze-Alfabetatze kanpainarekin. Urte horietakoak ditugu, baita ere, Euskal teatro herrikoiaren pizkundea eta “Ez dok Amairu” taldearen euskal kantugintza berria.

60ko urteetan agertu ez bazen ere, urte horietakoa dugu sekulartze prozesu masiboa: 1966an Derioko seminarioa itxi zen, Ońatiko agustindarrak ere 67-70 bitartean sakabanatu ziren, Arantzazuko frantziskotarren ibilbidea motelagoa gertatu da. Ezin esan erabat modernoa zenik kultura eragilerik puntakoenetako asko apaiz eta erlijioso zirenean. Sekularizazioaren oldar eta seminarioaren esperientziak nobelagile askoren lanetan azalduko dira, Txillardegiren Elsa Sheelen-etik, A. Lertxundi Goiko Kale, J.A. Arrietaren Abuztuaren 15eko bazkalondoa eta 90eko azken nobelagileen orrietaraino.

Sekulartze prozesu horrek nahitaez etorri behar zuen euskal kulturaren mundura ere, eta halaxe etorri zen, leherketabat bailitzan gertatuz, sotana eta Biblia gordeaz, marxismoaren biblia ezkutuan askoren kasuan lilura aurkituz. Lehenago fedea zena kontraesanak konpontzeko tresna, aurrerantzean marxismoa izango da. Erlijio tradizional eta ortodoxotik erlijio sekularizatu batera emandako urratsa izan zen askorentzat.

Horra nola laburtu zituen J. San Martinek sekularizazioaren arrazoiak: “Oraingo gazteen ezkerralderako joerak ere badu bestelako arrazoirik. Euskal kultura eta euskal literaturaren mogimenduan ari diren gazte ezkertiarrak, eskumetarren semeak dira gehienak, seminarioetatik irtenak ez direnean. Eliza iherarkia eta estadu boteretsua elkarturik urte askotako joera itsuaren ondorioz sortutako erreakzioa, egonezina da; bestetik, berriz, II. Kontzilio (1962tik ondoren) ondorenak berarekin ekarri duen erlijio krisiaren seme. Erlijioak, bere barne izan dituen aldakuntzekin, bi era nagusitara ebaki zituen joerak, mentalitatez prekontziliar eta poskontziliar direnak; bestetik, bere zentsura irekiago jarri zuen, honekin mila tabu erori ziren eta anitzek ordurarte entzun edo irakurri ez zituen gauzak entzutera eta irakurtzera heldu zen. Egiatzat ziren kontzeptu asko jarri zituen zalantzan, eta dudetatik sortutako kezka urduriak sakabanatzen hasi. Hemendik, askok ezkerraldera ihes egitea. Eta ez dago dudarik, honek ere lagundu zuela mentalitate irekiagoaz girotzen eta bultzatzen 64 gizaldia deitzera etorri garena” (Anaitasuna, 1971- XVIII-30, 16) Ez dugu ahaztu behar 60ko hamarkada izan zela boom ekonomikoaren sasoia ere, eta Espainia Europaratzen eta mundu zabalera irteten hasi zen garaia, irekiera xume baten hasiera izan zen. Marx, Freud, Marcuseeta Russellen irakurleen urteak. Belaunaldi gazteek aise gainditu zuten Onaindia, Erkiaga eta besteren ikusmoldea, bai literaturan eta bai bizitzaren aurreko jarreran.

Inondik ere konparaezina zen gure modernitatea jada itzuleran ere bazetorren Europako modernitatearekin, hau da, ez zitekeen gure tradizio erlijiosoa XX. mendean Europako beste lurraldeetan gertatutako fede erlijiosoaren loraldiarekin alderatu.

Hango T.S. Eliot, Chesterton, Claudel, Peguy, Papini, Maritain edo Graham Greene, konbertsoak ziren gehienak. Modernitateak beren hondoraino arrailatu eta gero, esperientzia horren hustasun metafisikoari mingaina atereaz ortodoxia tradizionalago baten arrastoa aukeratu zutenak. Edozein herentzia dogmatikotatik aske aukeratzeko gaitasun horrek ahalbideratzen du Modernitatea, nahiz eta aukeraketa horretan tradizioaren alde posizionatu. Izan ere, posizionamendu hori aukera pertsonal eta askea baita, inongo tradizio eta agindu dogmatikotatik aske hartutakoa. Esate baterako,nahiz Orixek nahiz T. S. Eliotek Virgilio Mendebaleko tradizioko kultur ardaztzat hartu, aurrenekoak ez luke urrunetik ere ulertuko bigarrenaren klasizismoa. Izan ere, gertatzen dena oso simplea da, Elioten eta Joyceren klasikotasuna Modernitatetik, Modernitatea den hutsune izpiritualetik, birrantolatua da; Orixerena, berriz, S. Agustinetik indarrean zegoen kristautasun klasikotik.

Bataren eta bestearen artean Ilustrazioa, haren arrazoimenaren gehiegikeriak zuzentzera etorri zen erromantizismoa eta XIX.. ende osoa zeuden. Haiek joan-etorria egin zuten, gurean soilik norabide bakarreko bidea. Gure egoera haienekin alderatu nahiaegiazko Modernitatearen sentierari zaputz egitea litzateke. Izan ere, Modernitate literarioaren funtsa kritika da, Jainko kristauaren kritika eta hura ordezkatzera deitua izan zen arrazoimen kartesiarraren kritika; bi kritika horien ondorioa da artista modernoaren hondargabeko kontraesan eta gatazka egoera.1975ean jarri dut gerra osteko kulturari eskainitako sarreraren muga. Zergatik? Franco hil zen urtea delako. G. Aresti ere urte horretan hil zelako. Ordurako Mirande ere zendua zen (1972an hil zen), eta Krutwig ere onenak emanda. Honi guztiari beste arrazoi bat erantsi behar zaio: 1977an argitara eman zen, 1975 arterainoko produkzioa hartzen zuen Euskal idazleak, gaur liburu mardula. Liburugintza osoa aztertu eta arrazoitzen saiatzen den emaitza horretan euskal literaturaren maila apalegi gelditzen dela iruditu zaigu beti. Eta liburuak eskaini dizkigun mailaketak ikusirik ondorio bat bederen atera daiteke: literaturagatik beragatik baino areago beste arrazoi batzuek bultzatzen dituzte euskal idazlea eta irakurlea idaztera eta irakurtzera. Gaur egun oso modan ez egon arren, beste sasoi batzuetan bestelako predikamendua izan zuen “konpromezua” hitzak. Gorago adierazi dugun bezala, 1960-1975 urteak konpromezuarenak izan ziren neurri handi batean. Salbuespen gutxi dira mugimendu zabal horretatik bazter gelditzen direnak, eta arian-arian hori gertatzen ari baldin bada euskal literaturaren barruan, ez zuen Torrealdairen liburuak horrelakorik jaso, begibistakoa zen ikuspegiari itsatsi zitzaion. Kulturaren “militantea” izatea oso barneratuta bizi izan zen, eta sentiera horren ondorioetako bat daeuskal idazle gustukoenen artean nobelagile, saiakeragile eta antropologo inongo ńabardura bereizgarririk gabe azaltzea. Artean asignatura bat zegoen pendiente 1975eko liburu horretan: literaturaren autonomia.

Horixe izango da aurrerantzean, abangoardia kutsuko mugimendu eta talde guztien konkista. «Ustela» sailarekin hasi, «Pott»ekin segi eta «Susa»ra iritsi. 1975eko otsaileko «Anaitasuna»n, “Panpina ustela” edo “literaturaren aldeko garrasi bat” zekarren, eta bere baitan R. Saizarbitoriak 20 urte geroago Hamaika pausoko pertsonaia nagusiaren ahotan behin eta berriz jarriko zuen esaldi ironikoa: “ez dezagula konposturarik gal, halare”. K. Izagirrek eta B. Atxagak sinatzen zuten literaturaren aldeko aldarri hori. Ez zuen 1977ko Euskal idazleak, gaur liburuak horrelako garrasirik jaso. Garrasi hori 1976tik aurrera euskal literaturako zenbait titulu bazterrezinetan mamitu zen: Ene Jesus, Zergatik bai, Ziutateaz… 1975-1983 bitartean «geure» literatur abangoardiak bizi izan genituen: «Ustela», «Pott», «Oh Euzkadi» eta «Susa». 1982an sortu zen Iparraldean «Maiatz», eta hango idazleentzat oinarri sendoa gertatu zen.

Literatura horrek beste bide batzuk hartzen zituen, literaturaren autonomiak estilo eta genero aniztasuna ekarri zuen. Artean urte horretan imajinaezina zen maila lortu behar zuen euskal literaturak.

 

Euskal poesia modernoa

Mendebaleko poesiaren ibilbidea metafora eta irudi gutxi batzuen errepikapena da. Esate baterako, Bibliako gizonaren erorketaren irudiaz, paradisuaz eta haren galtzeaz zenbat poema gogoangarri idatzi ote dira. Horixe da Mendebal modernoak behin eta berriz erabili duen irudi poetiko bat; erabili baino areago esango nuke, poesiak gogoeta egiteko ezinbesteko duen tresna dela irudi bibliko hori. Beste irudi bat Exodoarena izan daiteke, aurreko Paradisuaren irudi biblikoari orpoz orpo dabilkiona; alegia, mundu erori honetako kalamitate ugariren ondoren iritsiko dugu zoriontasunaren ataria, eta handik Agindutako Lurra ikuskatu ahal izango dugu. Aipatu ditudan bi irudi nagusi horiek poetatzat har genezakeen XIX. mendeko lehen poetarengandik, F. Arrese-Beitiarengandik (1841-1906) alegia, Arestiren (1933-1975) azken poemaren muineraino ari dira poeton imajinarioan lanean. Zein da baina, orduan, bi poetonartean dagoen desberdintasuna? Batean, irudi bibliko horien muinean fedeak agintzen zuen, Arestirenean aldiz ez. Irudi horien ondare kulturala baino ez da gelditu Arestirengan, mundua espresatzen jarraitzeko alfabeto bat, alfabeto biblikoa, sinesmen gabea, ordea, edo, hobeto esan, sinesmen sekularizatu edo munduratu batekin lanean diharduena. Arestiren poesia soziala da horren adibiderik garbiena. Bibliaren ikuspegi eta moral tradizionalaren aurka iraultza egin arren, hango irudiak ezin izan ditu baztertu poetak, ezinbesteko tresna gertatzen zaiolako bere munduari tankera eman ahal izateko. Etsaia garaitu bai, baina haren armekin borrokan jarraitzeko, halakoetan ez ote zaio poetari ezinbestean, etsaiaren erretorikaz haragoko funtsezkoagorik ere kutsatzen? Marxismoa ere funtsean ezin da ulertu federik gabe, mundu honetako fedeabada ere, eta ez kristautasun klasiko eta zaharkituko beste mundukoa. Hitz gutxitan azaldu beharko banu zein den Gerrate Zibila arte –eta geroxeago arte ere– landu den poesiaren tonua, gogoa edo izpiritua, ez nuke dudarik egingo: negar-eresia edo hileta-soinua da hori. Hasi Arrese-Beitiarekin eta Lizardirenganaino (1896-1933), etenik gabeko bidelagun dira amonak, asaba zaharrak, zuhaitz ihartuak, baratzeak, eta abar.

Zer ote du euskal poesiak lanturu atergabe hori baino ez agertzeko? Dena delarik ere galdu duguna, lehenaldian kokatu du poetak galdutako unibertsoa. Arrese-Beitiaren olerkigintzan aurreneko begiratuan nabarmentzen zaiguna da orainaren eta lehenaren artean olerkariak egiten duen bereizketa.

Lehena jatorra da, eta oraina berriz arbuiagarria. Bi ziren, funtsean, lehena jatorra egiten zuten dohainak: foruak eta euskara.

Bata nahiz bestea gainbeheran zeuden.

Foruak armen bidez ukatu zizkiguten, bigarren karlistaldiaren ondoren ezabatu egin baitziren. Horren ondorioz euskara ere, gure “amatxo zaarra”, kuxkurtzen ari zaigu; “eta okerrena dena, semeen axolagabekeriagatik aurkitzen da horrela”. Horrekiko axola eta axola ezaz neurtzen da gure ontasuna eta gaiztotasuna. “Ama”k euskara sinbolizatuko du batzuetan eta “Euskal Herria” besteetan. Arrese-Beitiaren ama, amona bihurtu zen Lizardirengan. Jadanik ordudanik aipatzen den jatortasunak, beraz, bi hanka zituen: euskaltzaletasuna eta foruzaletasuna.

Foruzaletasuna abertzaletasun bihurtuko da Lizardirekin. Bi elementu horiek lehenarekin daude lotuta, olerkariak kantatzen zuen garaian jada gainbeheran baitzeuden. Lizardiren “Asaba zaarren baratza” ezagunaren antolamendua ere horixe genuen: lehena, oraina, etorkizuna. Olerkariaren imajinarioan lanean diharduen jostunak irudi bibliko unibertsala dauka gogoan: paradisua eta gizakiaren erorketa.

Lehenaren osagai guztiak dira ederrak eta desiragarriak (gozoak, bareak, harmoniatsuak eta zoriontsuak); oroimenenak, aldiz, erorialdiaren ibilbide atsekabe eta zoritxarrekoez mukuru. Arrese-Beitiaren irudimen xaloan Bibliaren irudi ospetsuenak, edo “fresko” deigarrienak, utzitako aztarnak ari dira lanean. Horra esandakoaren adibide bat: “Arbola bat zan Paradisuan/…/Arbola bat zan Bizkayan bere/…/zeińen azpian, pozez beterik/Egoten ziran asabak/…/Buztarri baga, nasai ta libre,/Bizi ziran bizkaitarrak.” Israelgo herriaren etsai enblematikoak Egipto eta Babilonia izan ziren. Horiek dira bi gatibu lekurik paradigmatikoenak Bibliaren kulturan. Han Egipto eta Babilonia direna, erdal herriak dira Arrese-Beitia, Sabino Arana (1865-1903) eta XX. mendeko erdialde arteko tradizioarentzat: “…Gaztelako arrak/Jan deustuz sustrai guztiak”.Euskal Herria/Israel paralelismo zuzenzuzenak hartu zuen poetikoki tankera Arrese-Beitiaren poema sentibera haiekin, eta Arestiren Maldan behera (1959) poemaraino iritsi zitzaizkigun haren aztarnak: Euskal Herria eta Israel bateratuta agertzen dira imajinarioan. Azken finean, hauxe besterik ez da gertatu: Euskal Herriaren zoritxarrak, historiaren barnean sofritu behar izan zituen zoritxarrak, Israelgoaren ispiluan irakurri eta irudikatu zituen Arrese-Beitiak. Erdi-eskolatu soilik ziren olerkari haiek Bibliako “fresko” batzuk baizik ez zituzten ezagutzen.

Arrese-Beitiaren eta foruen galera jasan zuen belaunaldiarentzat hasi zen historiaren atzaparkaden sofrikarioa, eta, egia esan, Arrese-Beitia eta enparauentzat historia erorketa zen, historia desertualdia zen, historia Babilonia zen, historia Exodoa zen: “Negu baltz onek izango al du/ondoren uda-berria./Ikusi daidan neure Erria/Barriro loraz jantzia”. Eta ildo horretatik, Bibliako tradizio eskatologikoari eutsiz, “belarri motzak” suntsi ditzan eskatuko zaio zeru goi eta guztiahaltsuari, edo bidal diezaien bertatik zigorra.Salbatore Mitxelena (1919-1965) Euskal Herriaren pairamenaren metafora eta sinbolo baten sortzaile da: Arantzazu. Gerraosteko lehendabiziko argitarapena da Arantzazu euskal sinismenaren poema (1949).

Arantzazu da gurutze-bidean dagoen herri baten arnasa: «Erri bat Guruzbidean», horixe da poetaren poema baten izenburua.

S. Mitxelenak tinko eusten dio Iparragirreren kantuetatik, Arrese-Beitia, Arana Goiri eta bestek Gernikako Arbolaren sinbolo bitartekariaren inguruan eraikitako imajinarioari.

Izan ere, Gernikako Arbola baita Euskal Herria eta Jainkoaren arteko aliantza sinboloa: “Gernikako Arbola da bedeinkatua/euskaldun nai garenon ostiral santua/ta il da pizten gaitun Aberri Pazkua”.

Sinesmenean oinarritutako fede tinko bat behar da Aberriaren etorkizuna eta Kristoren berpizkundea elkarri begira paratzeko.

Gernikako Arbola Gurutze bilakatu da, baina horrexek berorrek sendotzen du Mitxelenaren esperantza maila. Azken finean, ez da funtsean ezer aldatu: Euskal Herriarenzorigaitza Israel herriaren ispilutik irakurri eta onartzen ari zaigu S. Mitxelena. Barnebarnean herri aukeratuaren sindromea bizi du tradizio luze horrek. Harrigarria da barne-barnetik agintzen duen ikuspegi osorik erlijiosoak nola zipriztintzen dituen historiaren gertaerak. Azken finean, Bibliaren errelatoak dira oraindik ere nagusi hemen, haien lerroetatik dabiltza ulertu nahian poetak historiaren danbatekoak.

50eko belaunaldi berrian funtsezko aldaketa bat gertatuko da erlijioaren perzepzio mailan, haien barne-erlijiositate, pasio edo utopia norabidez aldatzeraino. Aurreko idazle guztiak kristauak ziren, baina Mirandek, Arestik eta ondorengo askok ez dute itxuran kristautasunarekin zer ikusirik. Mirandek ez itxuran eta ez imajinarioan ere.

Mirandek tradizio eta mitologia pagano bat asmatu nahi izan zuen, horregatik dago tradizio kristauaren imajinariotik aparte. Ez dugu bere poesian baratzeaz (paradisua) edo eremuaz hitz egingo lukeen imajinarik aurkituko. Gauzak horrela, tradizioarekiko eten zakarrik egin gabeko poeta eta apaiz dira Jean Diharce (Iratzeder), Nemesio Etxaniz, J.I.Goikoetxea (Gaztelu), Bitoriano Gandiaga edo Juan Mari Lekuona; eta asko beren buruak kristautzat izan gabe imajinario biblikoa darabilten poeta modernoak.

 

Jon Miranderen poesia: tradizio paganoaren ametsa

Euskal poesiaren berrikuntzarako lehen aurrerapauso erabakiorra, guraso zuberotarrak izanik bere bizitza osoa Parisen eman zuen poeta baten eskutik etorri zen. Oso berankorra eta, aldi berean, berriegia zen.

Garai batean bizitzea suertatu izanak bere baitan sortzen zion garraztasuna errenditu ezinik, euskal gizartean indarrean zegoen moralitatearen zutabe nagusiak astindu zituen, zenbaitetan satiraren bitartez, etsipenaren mugan zegoen ironia batez gehienetan.

Xede horrekin, kristautasuna eta kristautasunaren sinboloak zakarki arbuiatzeaz gain, “itsuskeriaren estetika” delakoan ere aritu zen, edertasunaren berezko sentimenduari kontra egiten dion estetikan, alegia.

Heterodoxo eta nihilista, garaiko sexu joera onartuen hausle –bere idazlanetan–, kultura nagusiaren baloreen zaintzaile ziren zenbaitek baztertu egin zuten. Poeren eta Baudelaireren tradizio estetizistaren jarraitzaile izaki, Poegandik amets-giro malenkoniatsua jaso zuen, eta uraren irudi sinbolikoaren bidez gauzatu. Ur sakonetan desagertzea edo zerumuga urrunean aienatzea, hots, sakontasunarekin edo mugagabetasunarekin bat egitea, Miranderen leit-motiv nagusia dugu. Murgilketa bidezko heriotza etengabe agertzen zaigu: Itsasuntzi Erratuaren mito zaharra, Ofeliaren konplexuaren moldaketa, edo Thérčse, Haur besoetakoa, poetaren nobela bakarraren protagonista den neskatilaren amaiera tragikoa. Ura paisaiaren zati da haren ameskeria zeltan; ninfabizien eta hildakoen aberria. Elementu disolbagarria da, “Zakhur hil bati” poeman, adibidez, baina era berean birsortzailea, itsasmarraren bestaldean kokatzen baitu Mirandek –bizitzaz bestaldekoa irudikatuz– bere ametsaren mezua. Zelten Gazteen Lurra dugu, benetako edertasunaren eta benetako errealitatearen paisajea (ametsetakoa), gogo-min guztiak sendatuko eta oker guztiak zuzenduko diren lekua.Poegandik jasotako eraginarekin batera, azpimarratu beharrekoa da izpiritu heroikoa, Nietzscheren irakurketetan ageri den eta Mendebalaren dekadentziaz Spenglerek teorizatu zuena. Nietzscheren baitan hark bizitzaz eta gizakiaren botereaz egiten duen baieztapen ia organikoak liluratu zuen. Eredu horiei jarraiki, uste du benetako bizitza birsortzeko bide bakarra zibilizazioak kondenaturik eta lurperaturik dauzkan indarren txertoa dela. Horregatik egiten die dei, hain zuzen, iparraldeko mitologia zaharreko jainkoei, eta era guztietako sinbolo paganoei: akelarrea, sorginak, argizagiak irensten dituen otsoak (“Otso” poeman); Wotan jainko gerlariaren gudarosteen lagun diren beleak; Odin eskandinaviarraren bi beleak, hurrenez hurren izpirituaren eta memoriaren sinbolo direnak; ahaztu garbe, jakina, Villon eta Poerenak. Barojaren Alzate harenarengandik hain gertukoa den izpiritu heroiko horri dagokion paisajea kristautasunaren aurreko balada eta elezaharretan dago; baina baita Nietzschek hain maite zuen Sokrate aurreko Grezia hartan ere, Miranderen poema onenetako batek ere intuitu bide zuenez: “Nihil igitur mors est”. Poema horretan, itxaropenari inolako zirrikiturik utzi gabe, jainko metafisikoaren ausentziak utzitako ilunbea antzematen da, gero osotasunaren inkontzientearen altzoan desegiten dena: bizitza gainditzeko gogoa, ez beste bat izanik, inor ez izanik baizik. Mundu soil izateko mina.

Azpimarratu beharrekoa da, azkenik, Baudelaireren eragin erabakiorra; hura bezala, Poeren eta Wagner-en miresle izan baitzen Mirande, eta harengandik jaso baitzuen sinbolismoaren disziplina estetikoa. Haren arrimuan korritu zituen prostituzioaren bazterrak, erotismoa, Lesbosen herria eta gaizkiaren beste zenbait lore (“Zithal-lili”). Bere uztako beste loreren bat ere gehitu zuen, hala nola onanismoarena.

Erromantiko bat izan zen beti; horixe izan zuen pasioa eta muga. Erromantikoa, baita erromantizismoaren iturria bere onenak emanda zegoenean ere, estetizismoa eta neurrigabekeria nagusitu zirela nabarmen ageri zen garaian. Europarra zen aldetik, erromantizismoak zabaldutako tradiziotik zetorren Miranderen poesia; euskal esparruan aritzeko aukera egin zuenez, tradizio horihasiera-hasieratik asmatu behar izan zuen berriro. Zail da imajinatzen nolakoa izan zitekeen Mirande Euskal Herrian bizitzea suertatu balitzaio, ezagutu zitzaion nortasun poetiko eta errebeldia sakonik izango ote zituen ala ez. Zalantza dugu ezetz.

Euskara berreskuratu eta lantzeak sakrifizio eta neke asko eskatu zizkion, inondik ere; alde horretatik eragozpen zuena Parisen, mesede baino ez kulturaren aldetik.Mirandek Europako Modernitatea ekarri zuen euskal literatur eta letretara; eta Modernitatea esaten dudanean, XX. mendean Modernitate horrek beregan dituen konplexutasun eta kontraesan guztiekin ulertu beharra dago. Arte modernoa, surrealismoa, faxismoak, paganismoaren elementalitate eta sentsualismoa, erromantizismoa eta irrazionalismoa, estetizismoa, bitalismoa, existentzialismoa.

Pentsamendu korronte horien guztien zurrunbiloan hazitako Modernitatea da Miranderena.

 

Gabriel Arestiren poesia soziala

Gabriel Arestiren poesiagintza bi sasoi ezberdinetan banatzen da: sinbolismoaren estalpean bil daitekeen poesia (1954-1961) eta poesia sozialarenean bil daitekeena (1962-1975). Egia bada ere bi sasoi poetikoak estiloz nahiz planteamenduz arras desberdinak direla, egia da aspaldikoa dela Arestik herri tradizio eta hizkera zuzenari jarritako arreta. Azken horren adibide dugu Bizkaitarrak poema, 1958 eta 1960 urteen artean argitaratu zena. Horrexegatik diogu, beraz, estilo baten amaiera eta hurrengoaren estraineko erabilera ez zela bat-bateko kontua gertatu. Izan ere, bai baitakigu Maldan behera idazten ari zen epe berean ari zela “Bizkaitarra” poema harilkatzen. Beraz, 1958 inguruan koka daiteke geroago poesia sozialak bere eremutzat hartuko duen zenbait ezaugarriren hastapena. “Bizkaitarrak” poemakosentsibilitatea gehiago dago ikuspegi herrikoi batetik hartua, Barrutiaren Gabonetako Ikuskizuna antzerki laneko herrikoitasunetik alegia, Arestiren poesiagintzan geroago indartuko den mezu sozialetik baino.

Hala ere, batetik bestera doan bidea zuzena da, bien artean ezaugarri asko dira amankomunean.“Zuzenbide Debekatua” poema hartuko nuke sinbolismoaren sasoiko azken emaitzatzat.

Egia esan, tarteko zerbait gelditzen da “Zuzenbide Debekatua”n, ez sinbolismoaren estalpean, ez poesia sozialean osorik. Gauza askotan gertuago dago Maldan beherako literatur eredutik, ondoren etorriko den Harri eta Herri poema liburutik baino. Urteek aurrera egin ahala, Arestik berak aitortu zuen poesia sinbolistaren garaia ahitua zela: “Parabolen denbora sinbolista/iraganda diagok». Ordurako poesia konprometitu edo sozialaren bideetan zaildutako poeta izaki, ibilbide horretan poesiaren mezua, haren gardentasuna eta ulergarritasuna, izaera transzendente baten igurtziaz agertzen zaigu. Arestiren lehen sasoian, izen zabal bat emanez sinbolismoaren sasoitzat hartu dugun horretan, T.S. Eliot eta Nietzsche, Jesukristo, Baudelaire eta Danterekin batera funtsezko erreferentzia guneak gertatuko dira haren hasierako poesian.

Hala gertatuko da Maldan behera poema zail, luze eta bikaina hausnartzeko orduan.

1904 bertso eta 21 ahapaldiak bi zatitan banatuta agertzen zaizkigun Maldan beheraren hari narratibo hauxe da: profeta edo heroi erromantikoa (Kristo, Zarathustra) jaitsi da goialdetik (zerua, mendia) herri-hirira, berri ona zabaltzera, bidean aurkitu du bere mezua ulertu eta konprenituduen emakumea, eta ziutatera heltzen direnean biak gurutze batean josiko dituzte. Hiritartze unean, profeta horrek Jesukristoren traza guztiak bazituen ere, ez da horrela gertatu ibilbidearen aurreko urratsetan, ezta poemaren bigarren zatiko heroi mendekatzailearen izpirituan ere. Hango zein hemengo profetak gehiago du Nietzscheren Zarathustraren izakeratik; bortitzagoa da, eta bere ekintzetan gizakiarenganako mesprezu harroa erakusten du. Ziklo osoaren arketipo nagusia Biblia bera da: hasiera batean jardin bat zen, hurrengoa erorketaren ondorengo basamortua edo Eremua, eta, poemak aurrera egin ahala ikusiko da, berriz ere jardina berreskuratzen dela. Maldan beherako orrietan ageri den kolore eta ukitu nietzschear sakona gorabehera, oinarrizko planteamendua kristautasunaren imajinarioaren barruan ikusi beharko litzatekeen ikusmolde bati itsatsita dago: bizitza-heriotza-berpizkundea.

Aresti ez zen inoiz –Nietzscherekin loturarik bazuen ere– gurutziltzatuaren iruditik aldendu, are gehiago, poetak bereganatu egin zuen figura hori (profetarena, sufritzailearena, sakrifikatuarena) eta ez pentsa eragin makalik izan zuenik Harri eta Herri liburutik aurrera ere. Gerra aurreko euskal poesiaren tradizioarekin egindako kontu garbitze bat da Maldan behera. Gerra aurreko belaunaldi poetiko zahar eta luzea elikatu zuen “Mesias” baten esperantza suharraren amaia. Arestik Harri eta Herri (1964) argitaratu zuenerako jadagainbeheran zetorren poesia mota hori Espainiako esparru poetikoan. 1965a da poesiaren sentsibilitate aldaketa horren mugarria.

Espainiako poesiaren esparruan bilatu behar dira Arestiren ibilbide berrian bazterrezinak gertatzen diren poeta izenak: Blas de Otero, Gabriel Celaya. Itsasoaz bestaldean ere gazteleraz idatzi zuten Leon Felipe, César Vallejo eta Pablo Nerudaren lanak ere gertutik ezagutu zituen.

Handia da Oterok Arestirengan izan zuen eragina. Maileguak direla, autoreari zuzendutako bertsoak direla, eta abar, Blas de Oteroren itzala ezin izan zuen gainetik kendu Arestik; alde nahiz aurka jardun, beti zuen erreferentzia gune Otero. Bertso librearekin hasi, eta erretorika sozialaren oinarrian dagokeen funtsezko alfabeto edo funtsezko hitzetaraino helduz gero, erraz ohardaiteke izan zuela Arestik non ikasia. Poesia sozialera iritsi aurretik oparoa zen Arestiren ahots biblikoa, Harri eta Herriko ahots poetikoak erabat barneratua du profetaren izaera. Hitzarekin borrokan agertzen zaigu poeta, korapilo eta estropozoka ibiliko bailitzan bere hitzak esateko. Esateko askatasuna baino areago askatasuna lortzeko borroka da bere mintzoa eta jardun poetikoa.

Hitza baita, azken finean, gizakiaren armarik boteretsu eta miragarriena. Hitzak emango dio gizakiari helburu utopiko eta itxaropentsurako lizentzia. Isiltasuna hitz zanpatuaren oihu da. Hitzak eta egiak bereiztezinezko binomioa osatzen dute. Gizakiarenahoak itxita daudenean, poetak ezin duenean bere hitza kantatu, edo gizarte guztiaren hitza bahituta dagoenean, poeta sozialaren egitekoa lan prometeikoa bihurtzen da. Poeta sozialak gizarteari zekarkion mezua marxismoaren burdingintzan goritutakoa zen. Oro har, poeta sozialaren horizonte ideologikoan huraxe zen nagusi; horregatik, historiaren norabidea estropozotsua izan arren, helmuga zein zen garbi zegoen.

Poesiaren mezuak ulergarria izan beharra dauka; izan ere, poesia horren helburua ez baita orriaren mugetan itzaltzea, etorkizun eraberritu baten hazia ereitea baizik. Hori horrela gerta dadin, poesiaren tresna, hitza alegia, hitz argia izango da, eta hitz argia horren alde agertuko zaigu Aresti. Hitz argia, ahozko tradizioa ere orpo-orpotik doakio jarrian, horiexek direlarik Arestiren jardun sozialaren poetika bateko puntu nagusiak.

Azken batean gutxiengo baten balizko dorreetatik ihes egin nahi du poetak, eta gehiengo zabalarekin batera taupaka jarri.

Hori dela eta aipagarria da Oteizarekin poetak mantentzen duen solasa. Haren Quosque Tandem (1963) liburua garai hartako erreferentzia bazterrezina zen. Arestiren funtsezko hitz gehienek dute igurtzi biblikoa: harriak, etxea (“Harri honen gainean eraikiko dut nire Eliza”).

Aipagarria da, bestalde, G. Arestik 1966tik aurrera jasan zuen ideologizazio atzeraezina. Arian-arian gero eta bortitzago eta garbiago azalduko ditu marxismoaren ikuspegitik ehundutako zenbait printzipio.

Horietako zenbait ez ziren nazionalismoaren ikuspegitik aise liseritzeko modukoak; hori dela eta Arestik eztabaida gogorrak eta deskalifikazio ugari jasan behar izan zituen.

Esate baterako, espańolistarena bera, inor euskaltzale izatekotan Aresti bera zenean.

Alde horretatik, Harri eta Herri poemako “aitaren etxea”ren mugak askoz ere malguagoak agertzen zaizkigu, 1967tik aurrerako “etxea”rekin alderatuz gero. 1964ko “aitaren etxea” hizkuntzaren aberria izan bazitekeen, 1967an jada ez da nahikoa izango euskaldun izatea poetaren “aitaren etxea”n eroso ibiltzeko. Arestik zioenean: “asko maitatzen dut euskera; asko maitatzen dut nire sorterria, baina are gehiago gizonaren dignidadea”, haren euskalduntasunaren mugak seinalatuz, Arestik berak aukeratutako marxismoaren bidea ere agerian uzten digu. Arestiren marxismoaren bi hankak herri xehea eta gizatasuna ziren. Bere herri aukeratu hori xehe eta pobrea zen. K. Mitxelena izan zen, ohi zuen bezala, zentzu eta konprentsio handiz idatzi zuena: “…Arestik gurekin eta bere buruarekin zeraman borroka Bilbo erdaldunduan oraindik ito ez den euskal kontzientziarena zen. Guztiok baikara, ez Aresti eta Bilbotarrak bakarrik, erdaleuskaldunak, onenean ere, euskal-erdaldunakez bagara. Bina arima ditugu gehienek (…) Eta egunen batean euskaldun huts (ez hain huts, haatik, dugun eta dukegun munduan) bihurtuko bagara ere euskotar guziok, etorkizun lainotsuan dago bihurrera hori.

Ez zigun besterik erakutsi Arestik bere erdal herritik, Euskal Herriaren eremuetan aurkitzen den Erdal herri horretatik (…) Eta egoera horren atsekabea ez zuen Arestik asmatu, bere baitan sofritu zuen eta berak sofritzeaz gainera, soraioei sofrieraziz”.

Aresti hil zen, Franco berehala jarraitu zitzaion, eta Oskorri taldea, Arestiren testigantza plazarik plaza kantatuz zabaldu nahi izan zuenean, arraultzez eta tomatez hartu zuten Euskal Herriko frontoietan. Hala eta guztiz ere, Arestiren kanta batzuk herriaren belarrian gelditu ziren, arrakasta handiz gainera. Herriaren belarrian zoko apal bat aurkitu izana baino gauza handiagorik egon ez arren poeta batentzako, zer gertatu zen kantagintzaren bidez iritsi ez zitzaizkigun Arestiren beste poesiekin? Ez da zaila azaltzen; izan ere, beste lekuetan bezalatsu, hemen ere poesia joera hori bazterrean utzia gertatu baitzen halako batean. Aresti bera hil aurretik poesia sozialaren enborra oso makaldua zegoen jada, eta gure esparruan, giza konpromezuez-eta hitz egiten zenean, konpromezu hori gaur egunera arte ezagutu izan dugun murrizpidera errenditzen hasia ordurako: iraultzaren zuzipean garatutako humanismo zabal batetik nazionalismo erradikal batek ezarritako dinamika eta bideetara. Ibilbide horretan adibide da, esate baterako, Mikel Azurmendiren poesiagintza.

Poesia asko idatzi zen 60ko urteetan: JoxeAzurmendirekin hasi eta Luis Mari Mujika, Xabier Lete, Mikel Azurmendi, Mikel Arregi, Paulo Iztueta edo Xabier Azurmendirekin jarraitu, guztiak kondenatu zituen Arestiren ahots sendoak bere itzal izatera. Nahiz eta Joxe Azurmendiren poema asko Aresti famatu zutenak baino lehenagokoak izan, poeta bilbotarrak erabaki zuen zein zen euskal poesia sozialaren tonua. 1963an argitaratu zuen J. Azurmendik «Poema beltzaren arbola» eta 1968an «Manifestu Atzeratua».

Hitz berdeak (1971) liburuak bildu zituen poetaren lan gehientsuenak. Joxe Azurmendi Arestiren alde batera bildu badugu, bestean Otsalar jarri nahi genuke. JuanSan Martinek (Otsalar) gogoeta soziala eta existentziala bildu zituen bere poesian. Ardura eta kezka existentziala, edozein ikuspegi konfesionaletik aske darabil Otsalarrek.

Espainiako poesiagintzan, 1965erako edo, poesia sozialaren beherakada hasi orduko, bultzaka zetorren, geroxeago –1970ean– Nueve novíssimos izeneko antologiak jasotako joera eta sentsibilitate berri gazteagoa. Tarteko lana gelditu bide zitzaien 1950eko belaunaldia izenez ezagutu diren zenbait poetaren ekarriari, gaur egun hain estimatu eta irakurriak horietako zenbait: hala nola Gil de Biedma, Brines edo Angel González. Gurean ere izan genuen Arestiren eta Pott taldearen tartean bestelako biderik ibili zuen poetarik: Mikel Lasa, Arantza Urretabizkaia eta Ibon Sarasola. Beren artean oso desberdinak badira ere, poesia sozialaren aurrean bide pertsonalagoa aukeratu zuten.

A. Urretabizkaiak, 1972an argitaratu zuen San Pedro bezperaren ondokoak. Egilearen mundu pertsonal eta intimoa da poema liburuan nagusi. Hitz potolo eta hanpatuen sasoia joana da, ordura arte hitz arranditsu eta abstraktuen itzalera etzan zen poeta.

Poeta soziala bere utopiaren tamainako hitz sendo eta boteretsuaren ontzian kulunkatu zen. Handik esnatu, edo idealismoa alde batera utziz gero, norbere mundutxoa osatzen duten elementu eta objektu afektibo apal eta txikiak baizik ez dira gelditzen.

“Kausa gloriosik gabeko” mundu pertsonalaren berreskuraketa da A. Urretabizkaiarena.

I. Sarasolak argitaratu zuen liburu bakarra –Poemagintza– 1969an argitaratu zuen, eta bertan 60ko erdialdetik aurrera idatzitako poemak biltzen dira. Hizkuntz tramankulu bat da Sarasolarentzat poema, eta tramankulu poetiko horri darion ironia kontuan hartuz, poesia sozialaren beste muturrean jarri dela poeta ohartuko gara. Arestiri jaurtitako keinuak ugari dira, eta betiere haren ikuspegi poetikoa iraultzeko. Halako irreberentzia neurtu bat erakusten dute Sarasolaren bertso hauek: “Gabriel Arestiri/ esan behar diot/mailu guztiak/poesia direla/bainan ez/poesia guztiak/Mailu…” Joyce eta T.S. Eliot bezalako maisu europarrak zituen estimu Sarasolak. Outsider-tzat hartuaz bere poemagintza, hamar urte geroago Atxagak azken muturreraino agortu zuen abangoardiaren jestualizazioan zebilen eroso Sarasola.

 

Mikel Lasaren poesia

Desparadisuaren bideetan kokatzen dugu Mikel Lasaren Poemak Bilduma (1971) liburua. Eta harenarekin batera Joseba Zulaikaren Adanen poema amaigabea (1976) eta Felipe Juaristiren Denbora, Nostalgia (1985) liburuak. Afinitate handiko poetak dira hirurak ere. M. Lasa izan zen lehena, eta nahiz eta 1971ra arte liburu batean poemarik bildu ez, oso ezaguna zen 60ko poesiaren esparruan. Orijinala eta fina zen poetak urratutako bidea. M. Lasak 60ko urteetan eraikitako erromantizismo berberaren metafora berria eskaini zigun 70eko urteetan J. Zulaikak bere poema liburuarekin. F.

Juaristi 80ko urteetan iritsiko da; aurrekoen erromantizismoa berreskuratu eta haiek urratutako bidean egin zuen aurrera.

Paradisu galduaren irudi kristauak, eta etorkizunerako amestuak orobat, batasunaren tankera du; hango kolore eta doinuei harmonia betearen igurtzia darie. M. Lasarenpoesia, Denboraren eta Izatearen nostalgiaren artean dabil borrokan. Lehenengoarekin batera euriaren erortze geldo eta makala dator, minutu eta segundoen aletze mantsoa. Bigarrenarekin, berriz, oroitzapenaren igurtzi erdiragarria, galdutako baratze mitikoaren oihartzun bazterrezina, poetaren unibertso barnean kilimaka. Azken finean, geure hiztegiaren muinean ondo errotuta daramagun pisua: “gure hiztegiko zenbait hitz doaz / eta orain ez dira ezer ez bada / memoria desmemoriatu baten oroitzapen gazi-geza”.

Lur madarikatu honetatik, poeta ohartzen da denborari kontzientzia damaion zirkulua hersten ari zaiona inguruka; baina beste hainbeste orbanik gabeko amodio ideialari dagokionez, kontzientzia gabe, katuen amets gozo hondargabearen antzerakoa.

Dena eta Ezereza, azken finean, muturka: borroka horretan denbora erdiragarriak beti errendituko du ideialaren nahi eta ezina.

Ez dago, berez, deusen inoren nostalgia edo desirarik, gizakiaren izatearen beraren funtsezko zatiketa baizik. Ez dago, hala ere, ez mundurik eta ez arterik poetarentzat, funtsezko etendura hori gabe. Bere izate huts horretatik, gizakiak urratu ohi du historian zehar bidezidorrik franko: erlijioarekinhasi eta iraultzaraino, gizakia, bere izate huts hori gaindituko lukeen traszendentziaren egarri ibili da. Egiazko izatearen, edo dena bere baitan biltzen duenaren egarri da poeta. Maiz aurkitu ohi da aukera egin beharrean bere buruaren ala gehiengo baten esku anonimoaren artean. Batak bere bakardadezko zuloa berdinduko liokeen anaitasun zabala dakarkio opari; besteak, aldiz, bakardadezko zulo lazgarriaren kexuaren goxoa. Modernitateko beste poeta askok bezala, Urrezko Garai edo Eden zoragarri hartako Adanen irudiak kilimaku bat baino gehiagoz igurtzi zuen Lasaren imajinarioa.

Izan ere, “Adanek gauza guztiei izen berri bat / ezarri zien… unean… gizonak eta harriak berriro pakeak eginen / dituzte”.

Poetak badaki, hala ere, naturak entzungor egingo diona, nahikotasun mespretxuzko batean dirauela naturak, nahiz eta urruntasun horretatik poetaren baitan batasunaren nostalgia ase ezina sortu.

Dena den, gorago esan dudanez, badaki poetak izadia eskuratzeko modu bakarra etena bera duela. Eta ez da besterik gertatuko amodioarekin ere. Izan ere, egiazko amodio bakarrak amodio galduak baitira hain zuzen, oroitzapenaren igurtzia oparituz betirako desegin zirenak. Eta poeta ohartzen da, iritsi ezina berpiztu nahian egindako hainbeste ahaleginen antzutasunaz.

Ihauteria: nork bere bakardade pisuari ihes egin nahian, gorputzak mozorrotu eta eldarnio faltsuetara lerratzen. Eta, egia esan, aukera asko egon ez arren, poeta behin eta berriz agertzen zaigu lehiatzen, noiz urruneko itsas-marran amets ezinduak paratuz, hala nola zerua itsasoaren beso amultsuetan desegiten; noiz itsas hondoaren oharkabeko desegite kulunkariaren aiduru. Kontzientzia eta kontzientziarik-ezaren solas eternala baino ez da hori. Handik bildu zituen M. Lasak modernitatearen altzoan egoki garatuz, gaur egun ere poeta askoren ahotan zeresana duten sinbolo ugari: jendetza handietan aurkitutako gizabanako isolatua, jai egunetako nekea, hiri urperatuak.

 

Iratzederren eta Gandiagaren poesia

Belokeko beneditarren monasterioko talaiatik idatzi zuen poesia Iratzederrek.

Munduko urduritasun metafisiko, hustasun animiko, eta mota guztietako konpromezu sozialetik urrun. Bere lirika oso landua da; erlijioa, Euskal Herria eta gertuko ahaideak dira haren poesiaren iturri nagusiak. Gerra aurreko Lizardi, eta Lizardiren munduarekin afinitate handiak dituen Francis Jammes baten poesiagintzatik oso gertu sentituko luke berea. Honako hauek dira Xabier Diharcek Iratzederrek (1920) argitaratutako poema liburuak: Pindar eta lanho (1957), Zeru menditik (1959), Argiz argi (1969) eta Uhainei nausi (1971). Haren hainbat poema liburu Biziaren Olerkia (1983) izenekoan bildu dira.

B. Gandiagaren eta J. M. Lekuonaren poesien desberdintasunak gorabehera, badute ezaugarririk ere amankomunean: hala nola Oteiza eskultore eta teorizatzailearen aurrean sentitutako miresmen aitortua, edo 60ko urteetako Arestiren eraginez, bataren nahiz bestearen poesian eragindako aldaketa.

Horixe du gutxienez aitortua Gandiagak bere Hiru gizon bakarka (1974) poema liburuari buruz hitz egiten zuelarik. Izan ere, Arantzazuko bake giroa, Elorri-ren (1962)giro liriko eta harmoniatsua, gainditu eta poetaren gogoetek dimentsio sozialagoa hartuko dute; jada ez dago lehengo izadiarekiko fede sendorik, eta Euskal Arkadia ez da Guzti Sortzailearen isla lasaia. Euskal Herriak eta euskarak kezkatzen dute poeta, eta herriaren neke eta saminak bereak egiten ditu poetak, eta sinbolikoki jasotzen bere poeman. Uda batez Madrilen (1977) zeharo bestelakoa da. Poeta urrun dago Arantzazuko izadiaren magaletik. Gizarte modernoaren paisaje naturalean dago, eta Madrilgo bizimodu hiritarrak sortzen dizkio gogoeta eta harridura ugari. Hori guztia argiak, autoak eta ziutate erraldoiak gizakiaren bizimoduari ezinbestean txertatu ohi dion zurrunbiloaren erdian gertatzen da.

Mugimendu, anonimotasun eta bakardadearen sentipenez jantzitako bertsoak dira. Ziutate-infernuko denboraldi horretan arrotza baino sentitu ez denaren kronika da berea.

J.M. Lekuonak “espresionismo soziala”z bataiatzen zuen Gandiagaren estiloa. Poesiaren forma aldetik Gandiagak dituen baliabideak ugari dira: gutxik duen musikaltasun eta erritmoaren zentzua, hizkuntzaren dominio enbidiagarria eta poesiaren plastikotasuna. 1986an Denbora galdu aldepoesia liburua argitaratu zuen; ez zion liburu horrek aurreko garaian erakutsitako mailari eusten.

“Ez dok amairu”n elkarrekin ibilitako hiru poeta-musikagile aipatuko ditut hemen: Xabier Lete, Joxean Artze eta Joxe Angel Irigarai. 70etik aurrera idatzitako poema liburuen artean X. Leteren Bigarren Poema Liburua (1974) nabarmentzen da. Jada ez dago poeta gertakizun sozialen kateari gertutik lotuta; hori dela eta, poetak barneragokoa den gogoeta dakar, bizitzaren atzaparkadak hausnarketa eta poemaren moldaketa egokiago baten galbahetik iragazita datoz. Leteren poesia sakonagoa bihurtu zen ondorioz. Inoiz ez zitzaion, ordea, berezkoa zuen komunikatzeko dohainik apaldu. Existentzialismo kutsuko gaietan bera izan da kantari askoren iturririk emankorrena.

Artze berriz esperimentalista bat da.

Poesia plastikoa lantzen du asko, poesia bisuala orriaren espazio zuriarekin jokatuz: eskuinetik ezkerretara, batera zein bestera, soilik behera zein aldamenera, espiralean...; mila konbinaketaren artista da Artze. Antolamenduaren eta dudarik gabe musikalitate eta espazioaren artisau orijinala.Koldo Izagirreren Itsaso Ahantzia (1976) tradizio surrealistaren barruan idatzitako poema liburua da. Maitasuna, itsasoa, bakardadea dira liburuaren motibo nagusiak, eta Eluard poeta surrealistaren oihartzunak entzun daitezke poeta euskaldunaren bertsoetan.

1977tik aurrera hitz gutxi batzuen indar itxaropentsuan konfiantza hartu nahian agertzen zaigu poeta. Oinaze Zaharrera poemategia gertatzen da hori. 1989ean Balizko Erroten Erresuma argitaratuko zuen.

 

Bernardo Atxagaren poesia: Etiopia (1978)

Ez da sortu Harri eta Herriz gero, B.

Atxagaren Etiopia adinako arrakasta lortu duen poema libururik euskal poesiagintza modernoan. Ordura arte gaingiroki baizik ukitu gabe zeuden errai izpiritualak barreneraino bortxatu ziren Etiopian, eta Modernitatearen zinezko esperientzia bital eta poetikoak euskal literaturaren zainetan pausatu ziren. Errebeldiaren eta hausturaren poemario horrek Rimbaud/Piolet binomioa kontsagratu zituen, eta non harrika egin, eta non puskatu ugari aurkitu zuen bidean.

Gainetik pasa beharra zegoen «Ars poetica» itxurazkoaren zerraldoa, eta horixe egin zuen Etiopiak. Poema-liburu horrek egin zuen eraisketa lana osasungarria gertatu zitzaion euskal poesiagintzari. Urteak igaro ahala, ordea, poeta bera ere ohartu zen desegitea eraikitzea baino errazagoa zela.

Gerora, nahiz eta Etiopiaren ondoren poema askorik ez argitaratu, poemaren eraikuntzaren eta sendotasunaren aldetik begiratuta, argitaratutako gutxi horien artean «Trikua» bezalako poema ederrak daude. Kantari askoren ahotan dabil haren poesia.

Etiopiako aurreneko pasadizoan, “Kain eta Abel” izenekoan, Paradisuko mugarri hurbilean gertatutako lehen hilketa mitiko hori du poetak lehen urrats. Ez zaigu Adani buruzkorik adierazten, Kain izango da apatrida eta deserrotu andana luzearen profeta lehena. Eta Kain bera dugu, halaber, ziutate askoren eraikitzaile: behin betiko eta errukirik gabe paradisutik egotzia, eta arrotzak zaizkion mapetako desparadisuko ziutate galdu eta noragabetuetara kondenatua. Ziutate ideiala birrasmatu beharko luketen planoak, ordea, zaharkituak eta itxuragabetuak daude dagoeneko. Ziutatearen beste izena labirintua da, eta bertan gordetzen dira kaleetan barrena noraezean dabiltzan ibiltariak.

Hantxe atzemango dugu, ustekabean, poetagairen bat ere, ideologien hondamendiak utzitako ezpalen artean errimen doinu Eder eta Eternaletan aztarka (ez da alferrik poetaren ofizioa gutxirena bezain infamea).

Egia esan, aspaldi dela egin baitzuen ihes bertatik benetako azken poetak; eta bakarren bat geratzen bada ere, eta bere buruaz beste ez egiteko asmoarekin, esploradore, bozeolari edo beste ironiaren baten izenean izango da. Etiopia honen maskara esanguratsuenak hauexek lirateke: Nerval, Rigaud, Rimbaud edo Cravan (poema honetan ere beste baten jantziarekin). Horietatik batak, azkeneko jestuaren ernegazioaz, basamortuko hareak nahiago izango ditu aukeran; besteak itsasoaren mugarik eza; guztiek, Ziutatearen zedarriak –eta ondorioz hizkuntzarenak– lehertuz, egundo ezagutu ez den ukaziorik larrienean, poesia patu bilakatu zuten. Ez zen beste inolakoa izan modernitate poetikoak –aipatutako izenak modernitate horren profeta bikainenak lirateke– bere izateari ezarri zion erronka. Ez dezagun ahantz Piolet, Etiopiako haur-poeta eta Rimbauden anaia ttikia, 1900ean jaio zela; beraz, Europako abangoardiaren urte gorenak bizi izan zituen, eta erreboltako beste poeta horien gisan, bere aitzindariak Lautreamont eta Rimbaud bera izan ziren, biak ere, literaturaren ukatzaile amorratuak.

Ezin dugu ahaztu, bestalde, umorearen maisu izan zen Alfred Jarry hura; autore horren obran umorea ezinegonaren adierazpen larriena izango baita.Etiopian ez dago sinbolismorik, post-sinbolismoa baizik, hau da, sinbolismoaren diskurtsuaren leherketa. Poesia sinbolista –eta diskurtsu poetikoa, oro har, poesia moderno guztia ez baita haren oinordekoa baino– agortua dago, eta Etiopiak agortze horren kontzientzia islatzen du. “Izpiritu berriaren” aldarrikapenak Rimbauden harako “bizitza irauli” agindu hartan aurkitzen zuen bere oinarria; giza-baloreak oro hankaz gora jartzearen abenturak bazuen, ordea, kontraesan eta arriskurik; hots, botereari eta haren sostengu eta eustarri den ziutateko lengoaiari eraso egite horretan, errealitatea ilusio bilakatuko da, eta ilusioa errealitate.

Hala ere, André Bretonek dioen modura, argi distirazko minutu zoragarri horren eragina nahasketa amaigabe bihurtu zaien horiexek dira, oraindik ere, poeta gisa gogoratuak.

Aipaturiko poeta horien izakera eta bizitza bera fantasiarako iturri agortezina bihurtu da Atxagarentzat; izan ere, ohartua baita poesiaren bidezidorrak gizonon bizimoduetan duela abiapuntu –idatzi ala ez–, idatziz utzi digutena edo idatz zezaketenaz harago. Hauxe da Atxagaren Etiopiaren ondorengo obran ikusi ahal izango duguna; eta, agian, bide honetatik uler genitzake Obabakoak liburuko zenbait pertsonaiarennorabideak: Laura Sligo ipuineko pertsonaia hura, kasu, Pioleten garaikidea ere izan zena, Lehen Gerrate Handiaren ondorenean –eta modernitatearen erlijio eta progresoaren filosofiak erakarri zuten hondamendia gaitzetsiz–, zibilizazioaren munduari uko egin zion protagonista. Atxagaren pertsonaiak ere ihesaldi etsitu batean Amazoniakozokorik ezkutuenean gordetzen baitu bere burua. Izan ere orduarteko progresoaren aurpegi liluragarria ilundu egin baitzen betiko: ez al zen bada jendea hitza galduta, mutututa, itzultzen gerra zelaitik? Antzerako zerbait kontatu nahi izan zaigu “Jean Baptiste Hargous” ipuinean. Edo azken hitzaren bilako bestearenean, azken hitza eromenaren altzoan pausatuz, bilaketa bera patu bilakatu zuena.

Ahalegin formalen garaiak igaroa dirudien arren, eta poesiari darion zahar kutsu orotatik ihes egin nahiko lukeen Etiopia honetan badago, ordea, poesia eta anti-poesiaren arteko auzia; erritmoaren zentzuz eta hitzaren xarmaz landutako esaldien alboan,hitzaren lilura eta presijio oroz erantzitako esaldirik. Formaren aldetik taxuketa ezin hobea erakusten duten poemen alboan, dadaismoaren izpirituari jarraikiz “hitz askeak”, esaldi solteak, sintaxi ausarta aurkituko ditugu, besteak beste poema osotan barreiatutako agian horien errepikapena, edozein iritziri berez legokiokeen pausalekua ukatuz, edo “bla, bla, bla” eta enparauen funtzioa, poemaren barnetik globoak bailiren, seriotasunik apurrenak ere lehertaraziz; eta, ez dira, ez, falta Bogarten ahotan entzundako zinema munduaren topikoak, edo marketing modernoarenak (“Made in Germany”), komikiaren mundua eta pop musikarena.

Egia esan, ez legoke inkoherentzia itxura eman lezakeen poesia hau zenbait novissimo-ren mundutik urrun.

Dena den, Etiopiak abangoardiaren izpiritua puri-purian jasotzen badu ere, ezindugu ahaztu liburua, berez, dena: 70eko hamarkadako kronika. Nahikoa da, bestalde, gainezka egiten duen ironiaz ohartzea, azterketa nekoso eta benatsuei uko egiteko; izan ere, poeta bera gorde-gordeka jolasten denean, injenuitatea baizik ez litzateke, irakurlearen aldetik, detektibeetara jolasteko pronto agertzea. Hala eta guztiz ere, etapoetak berak jolaserako egindako gonbiteaz harago, Etiopiako poemarik hoberenetan zail da ez ikustea, poemaren taxuketarako, poetak egin behar izan duen ahalegin tinkoa. B. Atxagaren azken lanetan, tradizio modernoaren ukazioa jestu eta ironiaren mugaz areago doa; izan ere, bata nahiz bestea, ez baitira, erasotzen duten tradizio beraren kume baizik. Literatura baliabide zaharkituenak bertan behera utzi ondoren, hizkuntza berri baten asmatze beharrak ez darama poeta Europako literatura modernitatea gauzatu zutenen mugimenduetara soil-soilik –Apollinaire, abangoardiak, Pound eta T.S. Elioten modernismoa–, tradizio poetiko horretan barrena ere baizik; tradizioan bertan sakonduko du, tradizio horren muina atzeman nahirik. Eta zahar beharrez berria gertatzen den marjinaltasun horretatik hasiko da poeta begiratuaren lengoaia berri bat eskaintzen, hortxe, juxtu, ikasiko du berriro hitz egiten. Ahozko tradizioaren kateara bihurtzea litzateke hori, ordea, baladaren eta kantuaren moldeetara; hasiera-hasierako doinuetan jasotako haur-kanta eta errimatara biltzea. Hantxe ahaleginduko da poeta, halaber, mundua (berea eta trikuarena) biltzen duen hogeitazazpi hitzen alfabetoa berregokitzen. Izan ere, poema horietan zerbait benetan esanguratsua egotekotan, gizakiak bizi duen argiitzalezko egoeraz harago, Ainhoa eta Shola bezalako lekuko tolesgabeak lirateke, inozentziaren lengoaia soilik ezagutzen dutenak.

Edozein barrokismo kutsutatik urrun, eta erreferentzia urbanoak ere ezinbestekoramurriztuz, poetak George Tralk-en –XX.. endeko Hölderlin elegiakoa– Helianekin dihardu ahopeka, bizitzako pasadizo isil eta umilenaz hitz egiten: bihotz txiki eta hauskor baten eguneroko heriotza isilaz. Ez da besterik gertatzen Poemas & híbridos delako liburuko beste poema eta kantuetan ere, ezen bertako protagonistak dira, hala garai bateko ahots épatant hura, nola mendebaleko antropozentrismo oro ahaztuz, trikua eta Shola bezalako animalia bakartiak.

Etiopia poema-liburuko zamalkatze bortitz baten haritik etorri zen Anfetamińa (1983) deritzan Xabier Montoiaren poesia liburua. SUSA bildumako estreinaldia egin zuen liburu horrek, eta haren atzetik etorritako liburu gehienek ez zioten muzinik egingo abangoardia surrealistaren imajina ausart eta gogorren erabilerari. Ińigo Aranbarri, Jose Luis Otamendi, Omar Nabarro edo Itxaro Borda ezinbestean aipatu behar genituzkeen izenak dira; guztiak ere poema liburu bat baino gehiagoren egileak. K. Izagirreren Itsaso ahantzia bezalako izenburuek izan zuten seguruenik eraginik bildumako zenbait poetarengan. Balizko erroten erresuma (1990) poema liburua da bildumako poesia libururik inportanteena.Poemen taxukeragatik, musikaltasun eta erritmoagatik, hizkuntz poetikoarengatik eta irudien indarrarengatik da liburu hori sendoa eta bikaina. Ińigo Aranbarriren Dordokak eta elurrak (1989) poesia liburua dohakio atzetik. Etiopiarekin hasitako ibilbideak Juanjo Olasagarre, Xabier Aldai eta Harkaitz Cano SUSA bildumako gazteenen azken poema liburuen argitarapena arte iraun du, eta adar guztiak garatu ditu bertan abangoardiak, beste hizkuntzetan ere gertatu ohi den moduan, abangoardiaren baliabide nagusien sintesi moduan. Izan ere, aspaldidanik bihurtu zen abangoardia tradizio.

 

Joseba Sarrionandiaren poesia

«Pott»en garaira itzulirik, Joseba Sarrionandiak urratutako ibilbide poetikoa da aipatuko dugun hurrena. Izuen gordelekuetan barrena (1981) poema liburuarekin Europako uharte poetiko ospetsu eta gogoangarrienetara iritsi ondoren, kartzela izan zen nagusi Sarrionandiaren hurrengo poema lerroetan. Poetak Homero eta Melvilleren eskutik bisitatu ditu uharte horiek, Stevenson eta Conradekin; asko dira itsasoak, baina bat bakarra, inongo errukirik gabe, patuak –bizitzak, alegia– bere azken hitza marrazten duen agertokia. Marinel zaharren batek, akaso, edo norbere bidaiari zintzo eusten dion lemazainak barneratuko gaitu misterio bat edo fatalitateren bat gordetzen digun itsaso horretan.Izuen gordelekuetan barrena-k (1981) bidaiaren eskema arketipikoenari erantzuten dio. Bere protagonista nagusia Ulyses dugu, izaera mitikoaren igurtzia duten lurralde eta ziutateetan barrena nekerik gabe nabigatzen. Zazpi lekutara heltzen da ontzia: sorterria edo abialekua (baina baita helmuga ere, zeren Kavafis poetak dioenari estu-estuan jarraituko baitio Sarrionandiak: “eduki ezazu beti Ithaca zeure buruan / hara heltzen zarenean bete baita zure fatua”); Paris mitikoa dator hurrena, imajinazioaren sormen hori; geroago Grezia, Lisboa, Irlanda, Praga eta, amaitzeko, erbestea. Bidaiariaren patua eta paradoxa dugun erbestea, bidaiarako gonbitea eta, era berean, bere ukazioa: noragabeko bidaia.

Egia esan, ez du liburu horrek izan nahi bitakora kaiera batean lemazainak zirriborratu dituen oharren zerrenda baino, nabigantearen oroimen ahularentzat itsasorratz eta eustarri bakarra: “Orduan pentsatzen du oroitzapena bederen sostengatu behar duela / eta bitakora kaier bat eskribatzen du, ilunabarrero”.

Gorago esan bezala, poemarioari bere zabaleran, hezurdura ere ematen dion nabigante mitikoa Ulyses dugu; eta “Ulyses Ithacara heltzean” izeneko poema poetaren imajinario osoaren eragile. Poema horretan, Kavafisen “Ithaca” hartan bezalatsu, heroia, dagoeneko etxera bueltandatorrela, Ithacaren esanahi ezkutuaz ohartzen da eta, asaldatuta, bere martxa sosegatuz, aurkikundeak egokitu dion zalantzazko leize zabalaren aurrean galdezka geldituko da: “zergatik itzuli zara Ithacara, Ulyses?Akiturik zaude? Laket zaizkizu hiletariak? Egiozu kasu izarren bideari, hegaztiak bezala eta bizitzaz bederen badakien Eumeus zahar honi”. Erbesteratzera gonbidatzen du poetak heroia, atsedenik gabeko bidaiara.

Bigarren maila batean, poetak Europako literatura modernoaren zirrikitu majikoak agerian uzten dizkigu. Paisaje literarioaren ispilu barrura egindako bidaia horretan, bere bezalako arimen gordeleku intimo eta kizkurretan barrena lerratzen zaigu, ugarte bakartietan botatzen du aingura, aspaldidanik ainguratuta dauden ontzietara hurreratzen, han, ontzi horien ondoan, behin bitakora kaiera batean beren abentura izkribatu zuten nabiganteen hatsa jasotzeko.

Bidaia ez ezik, poesiari berari eskainitako omenaldia ere bada.

Ez da besterik bere narrazio liburuetan dastatu ahal izan duguna. Narrazioak (1983) liburuan behin baino gehiagotan kontatzen da, duela aspaldi Coleridge-k bere marinel zaharraren baladan ehundutako istorioa; beranduago Baudelairek bere albatrosari eskainitako gorazarrean jaso zuena. J. Sarrionandiak Marinel zaharrak (1987) idazten duenean, badaki dagoeneko –baladako marinel zaharraren modura– poeta kondenatu bat baino ez dela. Bere narrazioetan –salbuespenak salbu, jakina: “Sonbreru baten istorioa” esaterako– nabarmenagoa da poetaren tonu lirikoa kontalariaren ahotsaren aldean. Nire irudipenean “Estazioko begiradak” bezalako narrazio laburretan defendatzen da egokien tonu liriko hori.

Bi zati ditu funtsean, Marinel zaharrak tituluarekin izeneko bigarren poema liburuak: lehen poema liburutik egindako aukeraketa zaindua (berridatzia), batetik;eta, kartzelako egonaldian eta ihesaren ondoren idatzitakoak, bestetik. Bi espazio eta bi tonu –itsasoa eta kartzela, “tren luze eta bustietako” iheslea ahaztu gabe–, garai batean buruz buru zeudenak, gaur egun bilduma osoa biltzen duen ahots nekatu eta etsitu bakarrean harrapatuta. Izuen gordelekuetan barrena liburuan ziutatea baldin bazen poetak bere gainean zeraman zama, oraingo honetan kartzela izango da. Bigarren liburu honetan jasotako poemak aukeratzerakoan, ezin izan ditu Sarrionandiak berridazketaren galbahetik iragazi gabe utzi, lehendik idatziak zituen zenbait bertso. Bere preso egoeratik ez du jada idazten –lehenago egin zezakeen legez– “marionetak marionetentzat” bezala, “pertsonak pertsonentzat” bezala baizik. Ez du idazten itsasozabalean zehar nabigante oharkabeak egingo lukeen eran, sufrimenduak ernarazten duen kontzientzia argitik baizik; alegia, poetak bere gorputzean –marionetak ez du sufritzen, pertsonak bai– “munduaren epilogoa” izenez idatzi duen torturaren kontzientziatik.

Horregatik bueltatzen dio –orain bai– arrazoia T.S. Elioti, apirila hilik krudelena zela zioen hartan. Presoak badaki kartzela apiril luze bat dela, itxarote sasoi luze bat.

Garbi nabaritzen da nola liburuaren testuinguruak markatzen duen irakurketa bera, eta lehen liburutik aukeratutako poemek ere ez diote ihes egiten poetak ezarritako ahots eta ordena sareari.

Marinel Zaharrak (1987) da Sarrionandiaren poema libururik onena. Haren liburuetatik arrakasta handiena, ordea, Izuen gordelekuetan barrenak lortu bide zuen.

Horren adibiderik aipagarriena Luis Berrizbeitiaren Soperna Jenerala (1987) poema liburua dugu. Beharbada bi arrazoi hauengatik lortu zuen aurreneko liburuak bigarrenak baino arrakasta handiagoa: askorentzat metapoesiako lekzio aberatsa gertatu zelako, eta handik aurrera egin zuen bidaian, poesia kontuetan gogaide izatea nahikoa ez zelako. Ez dirudi erraza asmatzen azken poemarioaren atzetik etorriko diren hurrengoen nondik norakoak: izan ere, Marinel Zaharrak poema liburuarekin hasitako bideak garatu baititu jada bere aukera guztiak. Ibilbide hori agortuta dago. Datorrena aurrikusi baino egiten ez bada ere, arras bestelako poesia baten izpiak irakur daitezke azken poemarioaren lerro tarteetan.

Huny illa nyha majah yahoo (1995) poema liburua da poetaren azken lana.

 

Juan Mari Lekuonaren poesia

J.M. Lekuonak Muga beroak poema liburua argitara eman zuen 1972an. Liburu horrek egilearen ordu arteko ibilbide luzea biltzen du bere orrietan, hasi gerra aurrekopoetengandik gertu dagokeen lirikatik, surrealismoaren mugetan lantzen dituen izadiko lehen lau oinarrizko elementuetaraino.

Lurra, sua, ura eta haizea, eta beren baitatik izpiritualizatuz, gizakiaren konprentsio zabalagora iritsi nahi du poetak. Teilhard de Chardin da izpiritualitate kosmiko horren oinarri teorikoa. Nahiz eta mende hasierako eztabaidetan gorputz hartu, ez zen ikuspegi filosofiko hori bi Mundu Gerren artera arte sendotu, eta geroxeago erakarrizuen jende askoren interesa. Gizakia bere baitan soilik hersten duen desesperantza ateoaren aurrean, irudi kosmologiko eta izpiritualetarako arnasa ahalbideratzen zuen T. de Chardinen planteamenduak. Hustasun erabatekoaren aurrean transzendentziarako irekiera xumea. Ilargiaren eskolan (1979) da poetaren bigarren poema liburua.

Liburuaren lehen atalak, “oihu ilunak espiralean” deritzanak, Bergmanen pelikula ospetsu bat du erreferentzia gune. Jon Kortazarrek ondo azaldu duen bezala, emakumeen gorputzak hiru ertz desberdinetatik jaso eta miatzen ditu poetak: horietako ertz bakoitzak poetizazio maila desberdin bati erantzuten dio: fikziozkoari, sinbolista-kulturalistari eta ahozkotasunaren estilizazioari.

Konplexutasun maila honetan, areagotu egiten du poetak emakumeen gorputz horien komunikazio ahalmena. Mimodramak eta Ikonoak (1990) da poetaren azkeneko liburua. Sentimendua eta pentsamendua baino sakonago iritsi nahi lukete bertsoaren silabek eta erritmoek Lekuonaren poesiagintzan. Ahanzturaren eta iragan luzearen urak zeharkatuz, jatorrizko izaeraren balizko ikono eta mimoak berreskuratu dizkigu poetak azken liburuan, Ilargiaren eskolan zaharragoaren mundu zibilizatuaren irudi eta aitormenen albora biltzeko.

Munduaren, estetikaren eta erlijioaren esperientzia eta gogoeta gizakion mundura erakarriz, poema bihurtu du instantzia horien solaskide nagusi. Badago liburu honetan euskal gizonaren esperientzia estetikoerlijiosoa birpentsatzeko ahalegina. Jorge Oteiza eta Joxemiel Barandiaran makulubazterrezinak gertatu zaizkio ibilbide horretan.

Baudelairerengandik surrealismoraino desafioa eta errebolta izan zen punta-puntako poesia. XX. mendearen bigarren zatian, ordea, poesiak ez du erreboltari izan nahi; ez eta bizitzaren mugak aldatu. Rimbauden ekarriari eutsi bai baina haren barne suhar iraultzaileari galga jarri ondoren.

Talaia horretan poesia kantu bihurtzen da berriro, edo magia edo errituala. Edo ezagutza.

Inoiz ez gizakia erro-errotik aldatzea helburu lukeen ekintzarik. Alde horretatik gertuago dago J.M. Lekuonaren poesia Paul Valéry edo Jorge Guillén, edo denboran gertuagoko Rene Char eta Yves Bonnefoy frantsesengandik, Rimbaud, Mallarmé, abangoardia eta surrealistengandik baino. Bigarren aukera hori B. Atxagaren Etiopia eta Susak argitaratutako poesia sailerako geldituko da euskal poesiagintzan.

«Pott» eta abangoardia igurtzietatik aldenduz, Juan Mari Lekuonak egindako bidea askorentzat bihurtu da eredugarri. Hala aitortu dute beren idazkeran eta poetikan, hurrenez hurren, Imanol Irigoienek Argiaren barne distantziak (1989) poema liburuarekin edo Amaia Iturbidek Gelak eta Zelaiak (1994) izenburukoarekin.

Haren ildotik gehiegi urrundu gabe Joxe Auxtin Arrieta, Juan Ramon Madariaga, Juan Kruz Igerabide, Joxerra Garzia, Pello Zabaleta edo Patziku Perurena bezalako poetak aipatuko nituzke hemen, izan ere, bakoitza bere estilo eta berezitasunen jabe izanik, hizkuntzaren erritmo eta musikaltasunari etekina ateratzeko ahaleginean, edo hizkuntza poetikoa estetizatzeko orduan, badute amankomunik poeta horiek.

 

Felipe Juaristiren poesia

Denbora, nostalgia (1985) deritzan poema liburuarekin sinbolismo oparoenaren bideetan umotu zituen Juaristik bere baliabide poetiko ezagunenak. Poema liburu horrek merezitako errespetua bildu zuen poesiazaleen artean. Handik hona, berriz, poema narratiboagoak saiatu ditu, bizitzaren zenbait puskatan sakonduz, Laino artean zelatari (1993) da horren adibide garbia.

Bien tartean Hiriaren Melankonia (1987) idatzi zuen.

Platonek zioenari arreta jarriz gero, mundua bitan banatu behar genuke; eta, F.

Juaristiren poesiagintzan amaierarik ez dukeen dialektikaren gurpilean, bata ez litzateke bestearekiko nostalgia eta edermina baino. Beharbada ez da kasualitate soila, F. Juaristiren liburuaren hitzaurrean Miltonen poesiaren aipua aurkitzea. Miltonen izena entzutearekin batera, Paradise Lost liburuaren oihartzuna esanahi handikoa dugu. Eta, egia esan, ez da falta mito biblikoaren erreferentziarik Juaristiren poesiagintzan: paradisuko zuhaitzarekin hasi eta desparadisuaren zazpigarren egunarekin amaitu. Izan ere, Denbora, nostalgia poema liburu hori zazpi zatitan –genesiko zazpi egunak inbertituak ote?– banatuta baitator; bertan, desparadisuan gizonak egin duen ibilbidearen berri ematen zaigu; azkeneko egunarekin batera suizidioaren aukeraren aurrean jartzen gaituelarik poetak. F.

Juaristiren mundua, mundu sinbolikoa, bi planoren inguruan dabil: galdutako mundua (Paradise lost) eta egunerokoa (desparadisua).Baina badakigu, gutxienez, “lili-usaina” zerion mundua iraganean konjugatzen dela: maite aditza, orobat, iraganean konjugatuko da. Horixe dugu, beraz, maitasunaren garaia: egungo gizakiarentzat sasoi eskuraezina.

Mundu hartatik noizbehinkako distirak baino ez zaizkio iritsiko. Eta, hala eta guztiz ere, konkista horiek ez lirateke poetarentzat “garaipen pirrikoak” baino.

Emakumearen gorputzarenganako arreta eta ahaleginak ez du, Juaristirengan, etenik ezagutuko. Emakumearen gorputzean atzeman nahi baita galdutako sasoi liluragarriaren arnasa. Denboraz harago dagoen munduaren harmonia eta betetasuna betirako galdu ziren, ordea. Ez du, hala ere, berehalakoan etsiko; ez, behintzat, gorago aipatu bezala, paradisu ezin horren errainu-izpiren bat atzeman artean. Ondorengo etsipena garratza izan, ordea. Eta poetaren etsipena gero eta larriagoa da; zenbat eta gehiago saiatu, orduan eta iraganetik urrunago.

Eta desioaren mozkorraldiak ezagutu ondoren, hasierako La Vie, l’espoir Malraux harena etsipen garratzaren kolorez jantzi da: “Desioa mututu zen, zure ezpain, bular, aldaketetan bidaiatu zenean. (Esperantza etsipenaren ataria zela erakutsi zenidan)”.

Denbora eta Nostalgia. Denboraren aletze etengabeak nostalgia aseezinez jantziko du poetaren ahotsa. Denbora horren emaitza baizik ez baita poetak jasan ohi duen kondena: historia eta desparadisua. Mundua bilakatu zaio erbeste, eta bertatik egingo du poetak amets, gure izatea mamitzen duen denboraren gainetik jauzi egin etabestalde erakargarriarekin bat egin nahi alferrikako horretantxe. Denbora gainditzeko ahaleginak poemaren zedarrietara errenditu dira, memoriaren denbora poema bilakatua.

Horregarik dio poetak: “Eta poesia, ez bizitza, momentu madarikatutako maitasun ezinezkoen kutxa izatea”.

Sinbolismoaren irudi eta imajinario zabalaren estalpean aurkitu dute, baita ere, beren ahotsa Teresa Irastorzak, Luigi Anselmik edo Patxi Ezkiagak besteak beste, hirurak ere poeta ugariak eta errejistro poetiko aberatsekoak.

Aparteko atala mereziko lukete Xabier Letek eta Mikel Lasak, Franco hil orduko jada poeta arrakastatsuak biak ere. Lasak Memory Dump (1993) liburuan hibridazio eta marjinaltasuna aukeratu zituen. Bide desbideratuak (1980) poema liburua argitaratu ondoren, urte asko egon zen Lete argitaratu gabe, 1992an Bizitzaren ikurrak liburua argitaratu zuen arte. 1980ko eszeptizismo existentzialista hura barneragoko ikuspegi esentzialagoarekin oretu da, ideologien eta gertakari hurbilen burrunbotsak esanahi ezdeusa duten begiratu biluztuan: bizi izate soilaren harridura eta esker ona, kontenplazio umila eta otoitza.

Jatorrizko ingelesekotik baino gazteleraren esparruan «Esperientziaren poetika» deritzanaren estilotik gertuago dabiltza Mari Jose Kerejeta, Gerardo Markuleta edo Karlos Linazasororen lanak.

Rikardo Arregiren Hari hauskorrak (1993) da, seguruenik, azken urteotako poema-libururik interesgarriena.

Azken hogei urteetako euskal poesiagintza, poetika eta erreferentzia ugariren topagunea gertatu da. Modernitatearen harrobia etxean dugu, edo bestela esanda, euskal poesiak ere Modernitatearen arbola adar gehienak garatu ditu.

 

Euskal nobela modernoa

XX. mende amaieraren talaiatik euskal nobelagintza modernoaz hitz egiteko enbidoa onartu badugu, dagoeneko arruntak diren zenbait ideia errepikatzeko arriskua ere onartu dugulako izan da. Makina bat gauza dago esanda ukaezina den euskal nobelaren atzerapenari buruz. Euskal literatura osoarena da ordea atzerapen hori. I.

Sarasolak, Tx. Lasagabasterrek edo K. Otegik azaldu dutenez, atzerapen horixe da, hain justu, euskal nobelagintzaren ezaugarririk nabarmenena. Poesiarena berarena baino nabarmenagoa gertatzen da euskal nobela modernoaren atzerapena. 1976an K.

Otegik Pertsonaia euskal nobelagintzan liburuari kasu egitera, ordura arte argitaratutako gutxi gora behera 72 nobeletatik, 67 XX. mendekoak dira, eta horietatik 55 gerra ondoan idatzi eta argitaratuak. 72 nobela horiek, 43 nobelagilek idatziak dira, eta horietatik 31, nobela bakarreko egile dira.

Datu benetan interesgarriak. Datu horien haritik gutxienez honako ondorio hauek ateratzen dira: 1) Mendebaleko nobelaren edozein periodizazio asmotatik kanpora gelditzen da euskal nobela. Izan ere, nobelaren hazkundearen, sendotzearen eta heldutasunaren mendean –XIX. mendean–, apenas idatzi zen nobelarik euskeraz. Eta apenas hori eskuzabala izanda erabiltzen dugu: lau nobela baizik ez. XX. mendeko bi gerrateen arteko teknika berrien loraldian, ez zen euskaraz nobela modernoaren eraberriketaren oihartzunik ere jaso. Ez zuen euskal nobelak XIX. mendeko errealismoaren eta naturalismoaren iraulketarik ezagutu, ez eta XX. mendearen lehen herenean gertatu zen iraultzarik bizi. Halakorik bizitzeko, Mendebaleko Modernitatearen parean egon behar, eta euskal mundua handik urruti zegoen.

2) Euskal Modernitatearen, eta honekin batera, nobelaren urruntasunaren arrazoia, euskarak oinarri linguistikotzat zuen gizarte motan kokatu behar da. Ez da egon gurean euskara bere kultur manifestaziotzat zeukan burgesiarik. Ez baita nahikoa hizkuntza ezagutzea –horretarako ere gurean lanak– baizik kultur tresna ere izatea; alegia, bizimodua, gatazkak, mundu afektiboa, amets eta utopiak, azken batean bizitza baten neke eta pasioak, mundu ikuspegi osoa,adierazteko erabiltzen den hizkuntza da kultur tresna hori.

Euskal munduak ezagutu du horrelakorik, baina, erdararen kutsaduratik aske, nekazari eta arrantzale giroan bakarrik. Txomin Agirre izan da mundu horien nobelagile handiena. Garoa (1912) eta Kresala (1906) nobelek makina bat jarraitzaile izan zuten gerra aurre eta gerra ostean. Epigonoen lanak irakurrita, laster ohartzen da bat ez zuela inork izan maisuaren talenturik.

Haien lanak irakurrita sendotu egiten da Tx.Agirreren figura. Etxeitak, Anabitartek, Erkiagak edo Irazustak ez zuten inoiz Tx. Agirreren mailarik lortu. Nekazari eta arrantzale mundu horiek, ordea, bizitza modernoaren txingurriketa urduritik urrun zeuden.

Izan ere, bizitza modernoaren kokagune naturala, hiria da; eta gorago aipatutako nobelagileak hirira hurbiltzen direnean ere ez dira eroso sentitzen. Baina euskal munduak –euskarak kultur tresna gisa– ez zuen kimatzeko lurrik izan, ez zuen non erroturik aurkitu, ez zitzaion, azken batean, inguruko beste kultur hizkuntzekin parekatuko gintuen burgesia euskaldunik suertean egokitu.

Azpiegitura moderno eta ezinbesteko horren faltan, nekazari eta arrantzale txokoetara erretiratu behar nahitaez euskalgintzak.

Bien bitartean modernizatu egin gara, eta hirietako zenbait lanbide jasotara iritsi da euskara, baina maiz agerian du literatur hizkuntzak, bizitza moderno horretan zaildu gabearen kamustasuna, eguneroko tolesdura bihurrietan zalu eta eroso ibiltzeko gaitasun eskasa.3) Gizarte motarekin oso lotuta dago erlijioaren gaia. Askotan aipatutako kontua hau ere: erlijioak eta didaktismoak areagotu egin zuten euskal nobelagintzari zerion anakronismoa. Erlijioari kontu eske joan ala ez gutxi axola dio, ez baita harena kulpa, ez eta gizarte nekazari edo arrantzalearena, euskal munduak erro-errotik bizi zuen tradizionalismoarena baizik. Modernitatea erasotzat bizi zuen mundu horrek, euskarari, euskal arimari eta euskaldungoaren komunitate sakratu baten aurka egindako erasotzat.

Burgesia batetik eta haren erasoei erantzunez baserria/eliza binomioa bestetik.

Baserria edo baso-zelaiak hirien aurka ala alderantziz. XIX. mendeko karlistaldiak dira horren adibide. Baserria da komunitate sakratu horren eredurik garbiena, zinezko sinbolo eta arnasa. Eta euskararen gordailu eta babes izan diren txoko eta paisaje bazterrak izaera erromantiko-nostalgikoz jantzita deskribatuko dira. Euskara bera, tresna soila izan beharrean, altxorrik preziatuena izango balitz bezala agertzen zaigu euskal idazleen eskuetan. Euskara salbatzearren idazten da, eta euskara bera bihurtzen da protagonista zuzena nobela askotan.

Beste lurraldeetan XIX. mendean zehar garbitu ziren kontu zahar horiekin bueltaka jardungo du euskal literaturak gaur egun arte. Auzi hori ia endemikoa bihurtu zaio euskal literaturari, eta gutxien uste duenean ihes egiten dio narratzailearen super-egoari, esate baterako, J.M. Irigoienen Babilonia (1989) nobelaren narratzaile orojakileari.

Ikuspegi hori hor dago, beraz, bizi-bizirik berrehun urte beranduago: Peru Abarkarekin (1804) hasi, euskaraz idatzitako lehen nobelatik, gaur egunera arte.

Mendebaleko historian, nobelak genero gisa arrakasta lortu aurretik, gizarte tradizionalaren ohiko giza harremanen eta giza gogoaren barrenean aldaketa gogorrak gertatu ziren. Ezin da Mendebaleko nobela modernoaren sendotzea ulertu 1889tik 1830era eta handik 1848ko urteen erreferentzia historikoak erabat bazterrean utzita.

Gurean ez zen halakorik gertatu, Modernitatea eta euskal mundua ez baitziren 1960 ingurura arte elkarrengana hurbildu. Ez zen ordura arte nobela modernoaren funtsa den pertsonaia problematikorik agertu euskal nobelagintzan. Izan ere, gauza ezagunak errepikatuz, Lukács-ek esan zuena ekarriko dugu berriz ere gogora, nobela gizarte modernoaren epopeia dela, eta epopeia horretan pertsonaia problematiko batek behin eta berriz bere inguruarekin mantentzen duen harremana –harreman gatazkatsua– kontatzen dela. Tx. Agirreren mundu idealizatu eta harmonikoa mila zatitan desegin behar izan zuen hori gerta zedin. Nobela modernoetako protagonistak nahikoa lan dauka berekiko oreka xume baten hariari eusten. Modernitatearen bilakaera trajikoanaurrenetako ordezkaria izan zen E.A. Poerengandik gaur egunera arte, ihesbiderik ere gabeko egoera limitean borrokatzen ikustera ohituak gauzka protagonista modernoak; erremediorik gabe borrokatzera, edo erredentzio posiblerik gabe. XX. mendeko giza gogoan gertatuz joan diren aldaketek derrigorrez eduki behar zuten bere isla nobelaren egituran ere. 1848ko Parisko gertaeren ondoren, Flaubertek ezin izan bazuen iraganeko kontzientzia lasaiarekin –edo inozentzia berarekin– kontatu, beste hainbeste gertatuko zaio bi mundu gerrak jasan dituen Mendebaleko nobelagile/lekukoari.

XX. mendearen lehen erdian munduaren eta gizakiaren hondoratzearen arrazoiak ezinbestez ekarri behar zuen nobelagintzara osotasunaren zentzuaren galera. Gizakiak ez du jada bere mundua ulertzen.

Nahiz eta XIX. mendean, edo areago, sortze beretik genero konfliktiboa izan nobela, ez zuen bere burua auzitan jarri kontatzearen eskakizuna auzitan jarri zen arte; bilakaera hori Flaubertekin gertatu zen estreinako aldiz. Geroago etorri ziren Joyce, Proust, V. Woolf, Kafka, Pirandello, Beckett.

Beste maila batean, hausnarketaren bidetik, etorriko lirateke Dostoievski, Sartre eta Camus existentzialistak. Erdi Europan gertatutako munduaren hausturak ere izan zituen lekuko pribilejiatuak: Musil, Broch, Svevo. XIX. mendeko nobelagileak Jainkoaren ahalmen eta dohainez hornituta agertzen zaizkigu, guztiz boteretsu eta orojakitun.

Ez da hori XX.aren egoera, izan ere bizi duen mundu bene-benetakoa jasotzen hasita, ezin hain sendo eta ziur agertu, faltsua izango litzatekeelako mundu hori. Egia bada ere, ziurtasuna ematen diola irakurleari esku sendoz garatu eta amaiera koherente batez intriga errematatzen duen egileak; egia da, baita ere, gaur egun errazago aurki daitekeela hori “entretenimenduzko” nobeletan edo telebistan. Aspaldidanik gertatzen dira nobelagile exijenteenak zailak irakurlearentzat. Horixe gertatzen da Saizarbitoriaren Ene Jesus (1976) edo Hamaika pauso (1995) bezalako nobelekin.

 

Txillardegiren nobelagintza

Euskal nobelaren eraberriketa edo modernitatea honako nobelagileen eskutik etorri da: Txillardegi eta R. Saizarbitoria. 1957an argitaratu zuen Txillardegik bere nobelarik inportanteena: Leturiaren egunkari ezkutua, 1969an R. Saizarbitoriaren Egunero hasten delako argitaratu zen, eta 1970ean J.

Miranderen Haur besoetakoa.

1957tik 1969ra arteko urteetan mugarritzen du Jesus Mari Lasagabasterrek euskal nobela modernoaren sorrera. Gorago aipatu ditugun nobelez gainera, Txillardegik beste bi nobela argitaratu zituen epe horretan: Peru Leartzako (1962) eta Elsa Scheelen (1968). Txillardegik euskal nobelara ekarritako berritasunak hauek dira: a) Lehen pertsonaren erabilera. Lehen aldiz erabiltzen da euskal nobela batean lehen pertsona. Mundua lehen pertsona horretatik jasotzekotan, ezinbestean izango du lehentasuna barne-munduak, norberaren etsipen, gogoeta, zalantza, beldur eta sentimenduak. Ordura arteko euskal nobelak, nekazari edo arrantzale munduko protagonisten “kanpo” aldea deskribatzen zuen.

Ohiturazko euskal nobelaren tradizioa ez da tradizio prolematikoa izan; horretarako, izan ere, nortasun prolematikoa behar baita, eta horrelako nortasun batek benetan nobelaren barruan gorputza har zezan, nobelagilearen mundu ideologikoak tradizioaren kateatik aske egon behar zuen. Ezingo du pertsonaiak inoiz nor izan, narratzaile orojakilearen aurrejuzkuetara errenditzen duen txotxongiloa baizik ez bada. Eta horixe gertatzen zen aurreko euskal nobelaren tradizioan, hasi Peru Abarkarekin, jarrai Txomin Agirreren nobelekin, eta ondorengo ohiturazko nobelaren tradizio osoan ez dugu besterik ezagutu. Ohiturazko nobelen egileak berak ere ezingo du tradizioaren aginduetara dagoen mundu ondo errotu eta iraunkorrik zalantzan jarri. Egilearekin horrela bada, ezin protagonista bere aldetik, fantasma bat bailitzan ibili. Azken batean, tradizioa bera da sakratua, eta aldaketa oro da gaiztoa. Erlijioa eta euskara, baserri eta marinel munduko ohitura xalo, kutsagabe eta moralizatzaileekin batera, dira mundu tradizional horretako bi zutabe nagusiak.

Gerra ostean argitaratutako lehen nobelak erbestean egin ziren: J.A. Irazustaren Joanixio (1946) eta J. Eizagirreren Ekaitzpean (1948). Euskal Herrian argitaratu zen lehen nobela Jon Etxaiderena da: Alos-torrea (1950). Egile berak Joanak-joan argitaratu zuen 1955ean. Nobela honetan bihurritzen hasten dira ohiturazko nobelaren mundu idiliko eta harmonikoa, sofrimendua eta bizitzaren atsekabe eta garraztasun handiak estreinako aldiz agertuz. Etxahun poetaren bizitzan oinarritutako errelatoa du kontakizun nobelak. Artean nobela modernoaren eraberriketa eta estilotik urrun badago ere, egia da bortxatzen dela nobelan ordura arte hain irmo eta kutsagabe zegoen baserri giroa. Joanak-joanen atzeko atetik errealitate gordina eta giza makurrak sartu dira euskal nobelako mundu eredugarrian, gorrotoa eta lizunkeria, eta aurrerantzean ez du jada inork nobelaren bebarru hori leheneratuko. Dena dela, J. Etxaide arrotz sentituko litzateke mundu tradizionalaren giza legetik kanpo. Joanak-joan nobela da egilearen nobelarik onena. Hurrengo nobelan (Gorrotoa lege, 1964) gai historiko-elezaharrekora itzultzen da; nobela mota horretan eroso dabil ibili J. Etxaide.

Erdi Aroan dago girotuta nobela eta bertan ońaztar-ganboarren borrokak ditu kontagai.

J. Etxaidek Joanak-joan argitaratu zuen urte berean argitaratu zen lehen euskal nobela poliziakoa: Amabost egun Urgainen (1955).

Loidi aurreneko izan bazen ere, etorri zen atzetik nobela poliziakoa genero gisa estimatzen zuenik: M. Izetaren Dirua galgarri (1962), Tx. Peillenen Gauaz ibiltzen dana (1967), Gereńoren nobela poliziakoak edo Gotzon Garaterenak. Honela idazten zuen M. Hernandez Abaituak gai horri buruz 1982an: «Ikusi den bezala euskal produkzioa ez da aberatsa (15 bat denetara) ez kopuruaren ez kalitatearen aldetik, eta gainera ez dago nobela beltzaren kutsuko obrarik euskal literaturan». Eta, hala ere, Gotzon Garateren zenbait nobelak eta Ińaki Zabaletaren 110. street-eko geltokia nobelak edizio batzuk agortu dituzte. Eskoletako irakurgai izan ala ez, zeresan handia luke horretan.. ) Lehen pertsonan idatzitako nobeletan, protagonistaren eta munduaren distantzia murriztu egiten da nabarmen. Nobelaren “ni”ak gertu-gertutik bizi dituen munduarekiko hartuemanak, sentipenak eta emozioak zinezkoago eta sinesgarriagoak dira, eta halaxe jasotzen ditu irakurleak ere.

Alde horretatik esan genezake existentziala izateko bokazioa duela munduratze horrek, errealitatearen zafladak gertutik bizitze horrek, aurrean dugun munduari aurre egite horrek. “Bakarrik nago zerubiden”, horixe dugu nobelaren lehen perpausa. Lehen pertsonaren erabilerak ziurtatzen duen munduaren gertutasunaz harago, badago erroerrotik Leturiaren sentiera eta mundu ikuskera baldintzatu zuen mugimendu intelektualik: existentzialismoa. Camus, Sartre, Kierkegaard eta Unamuno, Ortega eta Heidegger dira Leturiaren mundu gatazkatsuaren oinarri intelektualak. Ordura arte gertatu gabea zen euskal kulturan, eta ondorioz literaturan, idazlearen ondare kulturala etaidazleari bizitzea egokitu zitzaion garaiarena bat etortzea. Aurretik Miranderekin bakarrik gertatu zen hori poesian. Eta orain Txillardegirekin gertatuko da nobelan. Bataren zein bestearen emaitzek garbi erakusten dute ordurarte endemikoa gertatu zen gaitza –bazterkeria eta zokokeriena, gurea eta besterena bi neurri desberdinez neurtu beharra alegia– amaitzen ari zela. Bai Mirande, bai Txillardegi, geroxeago Aresti eta Saizarbitoria bezala, beren garaiko maila intelektualean bizi ziren. Euskal kulturaren eta Mendebal modernoaren arteko distantzia murriztuz zihoan. Eta hori horrela gerta zedin, hiria ere irabazi beharra zegoen. Baserritik giro urbanoetara, beti ere esaten ari garen bezala, Modernitatearen jatorrizko iturri horretatik ere edan beharra zegoen. Halaxe egin zuen Leturiak eta halaxe Peru Leartzakoak.

Leturiaren egunkari ezkutuan kontatzen zaigun istorioak ez du aparteko korapilo bihurririk. Urteko lau sasoietan oinarrituz, maitasun istorio baten bilakaera kontatzen zaigu. Udalehenean zer egin ez dakiela dabil Leturia, hara eta hona inguruko bakeaz jabetu nahian bezala; baina maitasunaren txinparta piztu da Miren deritzan emakume baten agerpenarekin: maitasunak dakartzan neke eta atseginak, amets eta ezinegonak deskribatzen dira. Udarekin maitasun betearen sasoia da eta literaturak zoritxarrean zorionean baino bazka gehiago izan ohi duenez, salto egin eta udazkenera heldu gara: maitasunaren agorraldia, maitasunean ilusio gehiegi jarriaren damua, maitasuna absolutu bihurtu eta geroko desengainua.Absolutu bihurtu duen zorion-nahi honi uko ezin diola egin eta, alde egiten du etxetik, eta neguan azaltzen zaigu hurrengo, bere buruarekin hizketan hil ala bizi larrian. Udazkenean aurkituko du, aszesi luze baten ondoren, zein den komeni zaion bidea. Beranduegi, ordea, lehengora itzultzeko; izan ere, ez baitago itzulera posiblerik: “Ibilketa bat da, horretaz, bizitza”. Amaieran beti dago heriotza. Leturia da bere buruaz beste egin zuen nobelako lehen protagonista. Horretan ere lehenengoa.

Gerora arruntak bihurtu ziren zenbait planteamendurekin batera badago existentzialismoaren mugimenduak euskal nobelara erakarri zuen balio kultural handiko ondarea: erromantizismoa. Horretan ere Mirande beste guztiei aurreratu zitzaien.

Existentzialismoaren sentipen eta mundu ikuspegiak ere ondo itsatsita zekarren bere baitan erromantizismoaren jatorrizko haustura.

Orduan bihurtu zen estreinako aldiz maitasuna absolutu, Novalisen Enrique Ofterdingen-ekoa, kasu, edo are ezagunagoa den Goetheren Werther nobela. Orduantxe lehen suizidioak eta orduantxe lehen heroi eta protagonista gatazkatsuak. Izan ere, une horretantxe abiatu zen gurea izatera ere iritsi behar zuen aurreneko Modernitatea. Munduak zuen ziurtasun eta osotasuna galdu da, egia difuminatu da: “Egia zein den nola jakin dezaket nik?” galdetzen du Leturiak.

Eta honela ondorioztatzen du: “Horretaz oso erlatiboak dira absolutuak. Absoluturik ez dagoela esan daiteke egiaz”. Leturiaren galdera eta planteamendu horiek oso modu trajikoan eginak daude. Bere bilaketa larrianerlijioaren atariraino ere iritsi da: “Zu al zara egiaz ‘Egia eta Bizitza’?”. Nobelaren barrenbarreneko eraginean Unamunoren kristautasun gatazkatsua ere badago. Ez da halakorik gertatuko egilearen bigarren nobelan.

Existentzialismoa budismoarekin kateatuta agertzen zaigu Peru Leartzakoan. Urte haietan hain sona handia hartu zuten Herman Hesseren zenbait nobela ere ez zen nobelaren gogoeta ildotik urrun ibiliko. Leturia bezain gatazkatsu eta larriminduta bizi ditu protagonistak bizitzea egokitu zaizkion munduarekiko harremanak. Aurreko nobelako erretorika existentzialista badarabil ere –hasierako bi orrietan bakarrik zazpi aldiz agertzen da “nausée” frantseseko hitzaren baliokide den “nazka” hitza–, bigarrenaren kezka ez da berdina: lehenengoan larriminaren iturria aukeratu beharra bazen, bigarrenean denboraren igarotzeak Leartzakoarengan sortzen duen oinazea da. Dena igarotzen da eta dena itzaltzen eta ahazten.

Leturiarenean barnekoak baizik gertatzen ez ziren arazoak, honako honetan gizarte mailara erakartzen dira, hark ezarritako disziplina zentzugabetzat joaz. Ez dago gustura lantegian eta ez dator bat ugazabaren eta gizartearen balore uzkurrekin. Bere bizitzan irauli bat suertatuz lanetik aske gelditzen denean ere, ez da horregatik lehen baino lasaiago bizi. Eguneko ordu guztiak libre izateak ere gogaitu egiten du gizona. Buruko kezkak gehitzen eta korapilatzen zaizkionean, ero etxe batera eramaten dute protagonista.

Horra zein zorrotz idatzi zuen K.

Mitxelenak nobelagilea eta bere pertsonaia horri buruz:“Ez dago urrutira joan beharrik Txillardegi eta Peruren giltz-hitz nagusia aurkitzeko: sasi aurrizkia da, hain zuzen.

…sasi-absolutuak, sasi-helburuak, sasi-kezkak, sasi-bakeak eta nik ahal dakit beste zenbait sasi-gauza. Eta, sasikoa ez dena jatorra eta behar bezalako denez gero, horra non aurkitzen dugun Peru arlotea egiaren eta zuzentasunaren martiri bihurtua, munduarentzat nardagarri baino norbaitentzat –ez den Jainkoarentzat edo– kuttun eta maitagarri”.

Leturiaren egunkari ezkutua nobela bigarrenaren aldean lortuagoa da. Peru Leartzakoan ez zuen asmatu autoreak. Tentatuta egon naiz, esateko, pertsonaiak ihes egin eta egileak ez zuela errenditzen asmatu.

Baina, egia esan, alderantziz gertatzen da, pertsonaiak egilearen ikuskera filosofikoaren morroi zuzenak izaki. Ez, kontua are larriagoa da. Egileari ihes egin diona nobela osoa da; izan ere, ez du asmatu bertan azaldu nahi zituen gizakiaren arazoekin.

Edukinaren aldetik Txillardegiren nobelak modernoak badira, ez da gauza bera gertatzen estiloari eta kontamolde eta teknikei bagagozkie. Alde horretatik igurtzi tradizionala ematen dioten adibide asko dago nobelan, honako jeneralizazio hau, esate baterako: “Ez nuen nik jokaera hau espero; eta emakumeekin gehienetan gertatzen den bezala, hura geratu da garaile”.

Elsa Scheelen nobelan gainditzen saiatzen den arazoa gertatzen zaio Txillardegi nobelagileari, alegia, Txillardegi pentsalariak gaina hartzen diola nobelagileari. Aldeak alde, Sartre pentsalariaren eta Sartre nobelagilearen artean ere gertatzen da halakorik, eta garbi asko ikusi zuten hori nouveau romaneko idazleek. Pentsalari gisa L’Ętre et le néant liburuan proposatutako munduaren eta gizakiaren ikuspegi berriak ez zuen ordainik aurkitu La Nausée nobelan.

Pentsalariaren etorri teorikoak estali egiten du nobela orori arnasbidea gertatzen zaion narrazioaren eta jestu nobeleskoaren baliabidea.

1969an Elsa Scheelen nobela argitaratu zuen. Ordura arteko beste euskal nobelekin konparatuta guztiz modernoak ziren nobelako erreferentzia kulturalak: Poe, Gide, Baudelaire, Marx, Freud, Levi-Strauss, Heidegger, Nietzsche, Simone de Beauvoir, J. Green, eta abar. Mundu erreferentzial hori ez zen berrikuntza egilearen nobelagintzan; izan ere, bai Leturiarenean zein Peru Leartzakoan beste hainbeste gertatzen baitzen.

Nobelaren espazioa erabat urbanoa da: “Millaka argik han eta hemen ńir-ńir, millaka pertsonak honuntz eta haruntz, korrika larrian; millaka berebilak, ia alkar joaz.

Eta zurrunbilo nahasi hartan galdurik harrapatu zuen bere burua ustekabean, argi berdearen zain geldirik, begira, pentsakor,jendetzaren erdian bakarrik, Bruselako erdian Sahara-batean”. Ziutateko bizitza moderno horretan emakumeek “pillurak” hartzen dituzte haurdun ez gelditzeko. Gorago esan dugun bezala, badago egilearen aldetik aurreko nobeletako gogoeten pisua arintzeko ahalegina. Nobela klasikoa da, egituraz eta kontamoldeetan. Egilearen lehen bi nobeletan ez bezala, hirugarren pertsonan dago idatzita nobela. Europako nobelagintzan XIX. mendekotzat edo tradizionaltzat hartuko zuketena, berri gertatzen da gurean, giro kulturalarengatik eta bizitza moderno betearen igurtziarengatik. Euskal nobelagintzaren begitxulotik begiratuta, Elsa Scheelenen alderdirik interesgarriena garaiko eztabaiden eta gizarteko zalaparta eta egonezinen ispilu izatea da. Marxismo-leninismoa zela (aipatu gabe ere, ETA barnean zebiltzan eztabaidak ziren), Vietnam, Luther King, apaiz gorri eta sekularizatuen kasuak, eta abar. Azken puntu hori dela eta, nobela jada aurretuxe dagoelarik, hara non Elsa Scheelenen istorioa bazterrean utzi eta apaizaren nondik norakoak hartzen duen protagonismoa.

Nobelaren amaiera bortxatuegia gertatzen da. Ez zuen 1979ra arte beste nobelarik idatzi. Urte horretan Haizeaz bestaldetik eman zuen argitara.

1979an Haizeaz bestaldetik nobela argitaratu zuen. Nobela honetan jada hogei urte lehenago Leturiarenean erabilitako problematika berbera darabil: gizakiak absolutua bilatzen du. Peru Leartzakoan bezala, honetan ere iheskorrak larrimintzen du protagonista: “Denboratasuna hutsean datza… isilak geldiarazi egiten du denboraren ihesa…”.

Jada hil zen protagonista ezezaguna itzultzen da mundura eta absolutuaren bila, bizitako zenbait peripezia aurkezten zaizkigu.

Kolore desberdinetan ager daiteke absolutu hori: arrazionalismoan, politikazko utopietan, erlijioan, eta abar. Haizeaz bestaldetik nobelan, ordea, egilearen estreinako nobelan bezala, “goiz geldi epel hartan” errepikatuan aurkituko du absolutu hori.

“Goiz geldi epel hartako” oroitzapen hori, Leturiako Mirenen maitasun kixkalgarria ordezkatzera dator. Hori guztia nobelaren zutabe sinbolikoak diren «Lakua»ren eta «Itsasoa»ren arteko dialektika amaigabean: “Eta lakuetako urgainaren geldia gogoratu zitzaidan; eta tema bihurtu ere bai. Uhinik gabeko bare giro hartara bultzatzen ninduten neure arimako asalduek eta ekaitzek.

Kanpoko bakeaz baretu nahi barnea. Ene itsua!… Mugak behar, mugak nahi… mugak maite!… Baina mugak Ezereza adierazten… Heriotza nahi, horretaz, azken funtsean… Ezereza nahi. Eza!” Ur geldiaren baretasuna (Ekialdea) eta bizitzaren zurrunbiloa (Mendebala). Narratzailea, ohituta gauzkan bezala, beti filosofo.

Pasadizo askotan pertsonaiaren hitz jarioa Zarathustrarena da. Gutxiagotan Heidegger, Hölderlin eta Danterena. Heriotzaren erresumatik datorrenaren istorioa da Haizeaz bestaldetik. Nobela hau ez da Paradisutik botatakoaren mitoan oinarritzen; aitzitik, paradisura itzuli nahi duenaren ahalegina da. Munduaren absurdua salatzera etorria, eta “goiz geldi hartako» absolutu bakarra berreskuratzera eta onestera. Huraxe da protagonistaren eden partikularra.

 

Ramon Saizarbitoriaren nobelagintza

Lehen begiratu batean R. Saizarbitoriak idatzi zituen aurreneko nobelen gutxienez bi ezaugarri hauek ezin dira aipatzeke utzi: ordura arte inoiz erabili gabeak ziren teknika eta ironia.

Teknikaren sendotasuna Egunero hasten delako (1969) nobelaren hasieratik bukaera arte antzeman daiteke. Bi plano nagusitan garatuko da nobela –plano desberdinen erabilera Saizarbitoriaren nobela guztietan azalduko den baliabidea da–: estazioko kantinako berritsua batetik eta Giséleren istorioa bestetik. Balirudike bere maleta eskuetan abortatzera doan neskaren istorioa berritsuaren jardunetik gorpuztua dela, ba al zegoen berritsuaren begien aurrean maletadun neskarik estazioan? Berdin zaigu, istorioa, kontatuta dagoen bezala kontatuta dagoelako, erabat sinesgarria egin baitzaigu. Kontamoldeetan dago, baina ez bakarrik, Saizarbitoriaren ekarpen handia.

Txillardegik gertu-gertutik jarraitu zituen Roquentin eta Mersault pertsonaien norabideak, Sastre eta Camusen protagonistak hurrenez hurren, Egunero hasten delakoko nobelagilearen irakurketak ere izan ziren.

Garai hartan puri-purian zeuden irakurketak izaki. Badago alderik, ordea, bi idazleek haiengandik jaso zuten irakaspenetan. Batek, Txillardegik, haien irakaspen metafisikoa jaso zuen, Saizarbitoriak ordea nobelistikoa, narratiboa. Batarentzat filosofia zen garrantzitsua, bestearentzat, berriz, posibilitate narratiboak. Alde horretatik, Txillardegik hizki larrietako “Egia”z eta “Absolutu”az galdetzen duen bitartean, Saizarbitoriak erretorika hori nobelaren material bilakatzen du.

Txillardegirenean Heidegger-en izenak seriotasun metafisikora gonbidatzen du irakurlea, Saizarbitoriaren “Martintxo Heidegger” ek berriz ironiara. Batengandik bestearengana aldatu da gizakiak munduan duen lekua, edo leku horren perzepzioa. Txillardegiren protagonistak bere buruaren eta destinoaren jabe izan nahi zuen; Saizarbitoriarenak badaki «destino» eta horiek hitz potoloegiak direla, ez dela munduko katramilak entenditzeko gai, munduaren balizko zentzuak ihes egiten diola, protagonista ez baita gauza bere norabideaz jabetzeko. Batean pertsonaia beteen egarriz agertzen zaigu nobelagilea, bestean berriz bere jarduna baizik ezagutzen ez dugun pertsonaia dugu kontalari nagusia. Fisikoki eta psikologikoki ondo hornitutako XIX. mendeko pertsonaiarengandik, ez izen-deiturarik eta ez beste bereizgarririk ezagutzen zaion pertsonaia anonimora iritsi gara Saizarbitoriaren kontalariaren kasuan. Egunero hasten delakoren bigarren edizioari Tx. Lasagabasterrek idatzitako hitzaurrean, nobela tradizionalari eta berriari buruzko Ricardouren gogoeta hau jasotzen du: nobela zaharrean adierazpen edo errepresentaziotzat hartzen zen nobela; nobela modernoan, berriz, nobela produkzio gisa ikusten da. Garaiko zinemagile askoren lanetan bezala, muntaiak hartuko du Saizarbitoriaren nobelagintzan berealdiko inportantzia. Egilearen lehen lanean jada planteamendu hori garbi bazegoen, areagotu egingo du bere bigarren nobelan: Ehun metro (1976). Oso egitura konplexuko nobela da, eta ze arrakasta irakurleen artean, hala ere! Leku/denborazko planoak etengabe aldatzen dira, lehen eta bigarren ahotsak, hirugarren ahots neutroagoarekin tartekatuz dabiltza nobelan.

Narrazio erritmoa oraintxe bizkorrago hurrengo motelago doa, ekintzaren garapenarekin ondo sinkronizatuta. Ikuspuntuaren erabilera eredugarria da, behin eta berriz aipatu izan den nobelaren lorpenik handiena izateraino. Ihesi doan ETAko militante baten azken Ehun metroak ditu kontagai nobelak. Hilda erori aurretik protagonistak ibilitako Ehun metroak. Tx. Lasagabasterrek epilogo gisa idatzi zuen bezala: “Zer luze gertatzen diren ihes egiteko, hots, hiltzeraino gelditzen diren metro gutxi horiek! Ze iraupen zabal eta azkengabea duten bizi baten azkeneko segundoek! Kontatzen diren erritmoaz pausoak, segundoak, bizitza osoa agerrerazten da kontzientziaren azaletik, oroitzapenek bultzaturik. Berriro biziko balitz bezala, heriotzaren mugagabeko isiltasunean erori baino lehen, pausoz pauso, segundoz segundo, astiro, geldiro…” Hauxe da, nik uste, nobelaren alderdirik liluragarriena, ikaragarriena.

Ezin dakiguke ahantz, noski, testuan bertan ematen zaigun anekdotaren gehitze eta zabaltze adierazkorra: biografia oso bat argitzen da heriotzaren nahitaezko hurbiltasunak pizturik; biografia hori, azken finean, kolektibitate batena da, hain zuzen, gizarte batena. Ukaezina da, dudarik ez, nobelaren alde historiko eta soziala. Hala eta guztiz ere, aipagarriena –erabatekoena delako– protagonistaren heriotzari buruzko tratamendua da. Antiheroikoa ez bada ere, ageri da ez dela heroikoa. Kanpotik begiraturik gertatzen da heroikoa heriotza; barrutik, heriotza baizik ez da heriotza: gehiagorik ez, guttiagorik ere ez”.R. Saizarbitoriaren nobelen arteko desberdintasunak handiak izanik ere, guztiek dute egilearen zigilua, eta nortasun hori eleberriak idazteko baliabide tekniko eta formaletan antzeman dakioke. Nobelagilearen planteamendu literario horren atzean munduari eta gizakiari buruzko hausnarketa eta gogoeta literarioa dago. Eleberri bakoitza galdera bat eta erantzun bat da: galdera etanobelistikoa. R. Saizarbitoriaren estreinako Egunero hasten delako (1969) eleberritik, Ehun metro (1976) eta Ene Jesus (1976) igaroaz, Hamaika pauso (1995) eta Bihotz bi (1996) azken eleberriraino suma daiteke hori. Eleberri batetik bestera alderik egonik ere –egilearen eleberri guztietan gertatzen den esplorazioaren neurrikoa hori ere–, Saizarbitoriaren emaitza guztien baitan dago nobelaren –edo, beharbada, hobeto esanik– idazketaren gogoeta bat. Eta horrixe deitzen diot nik poetika. Balirudike idazten duen orok duela poetika bat eskura, baina hori ez da hain erraz gertatzen.

Nouveau romanaren eragin literarioak literatur ondare bihurtu dira jada Saizarbitoria bezalako eleberrigile batentzat. Haien teknika eguneroko lanabes da egilearentzat.

Izan ere, Saizarbitoriak ere bai baitaki, Claude Simonek esaten zuen hura, alegia, literaturak gauza berberak kontatzen dituela beti, aldatzen dena kontatzeko modua dela.

Egunero hasten delako zein Ehun metro «nouveau roman» generiko baten ingurumarian koka badaitezke ere, egilearen hirugarren nobela urrutirago dago, Saizarbitoriak egin dituen esplorazio literarioetan eskuragaitzena da; izan ere, Ph. Sollers eta 60ko urteetako beste idazle “estrukturalisten” ildotik, nobelaren erresuman erreferente erreal bakarra lengoaia da. Ene Jesuseko kontalariak bere sabaiko ispiluan islatzen duen munduak ez du lengoaiaren oihartzunik baino jasotzen. Ene Jesus litzateke Saizarbitoriaren nobelagintzan mutur bat. 60koesperimentazio horretan nobela desagertu egiten da, edo historikoki ordura arte nobelez ulertu izan dena; gelditzen den gauza bakarra lengoaiaren saioa da, han frantsesez eta Ene Jesusen euskaraz. Horra nola deskribatu zuen I. Sarasolak nobelaren funtsa: “Gizon bat ohean datza, hil zain, eta ez aspertzeko historia atseginak asmatu eta moldatu nahian ari da. Baina, gaisoaldi edo logabetasunean horrelako zerbaitetan saiatu denak dakienez, hori ez da erraza gertatzen, hariak nahasi egiten baitira eta ezina baita pasarte-segida koherente bat moldatzea.

Hori da dena, edo hori izan daiteke dena”. Orain arteko kritikari guztiek adierazi dute Ene Jesus nobelaren atzean Samuel Beckett-en Malone meurt nobela dagoela.

Egia bada ere, Becketten oihartzun izugarriaren ondoren zail gertatu behar zaiola inori bestelako biderik urratzen, ez nuke atal hau amaitu nahi guztiz interesgarria izan daitekeen erreferentzia bat aipatu gabe.

1971n R. Saizarbitoriaren ipuin bat argitaratu zen; ipuin honen titulua Kapitaina zen.

Ipuin horretako protagonista ere Ene Jesus edo Malon meurteko egoera fisiko berean aurkitzen da: “Pasionistetako azken kanpai hotsa oraindik belarrian dantzatzen zitzaiolarik, bi eskuen laguntzarekin zango paralizatuak posturaz aldatu zituen…”. Literaturan ibilbide paralelo asko gertatu ohi dira; kasualitate bitxi horietako baten aurrean egon gaitezke. Estreina 1971n argitara eman zen ipuin fundazional horretatik Ene Jesusera egingo da salto, eta handik Hamaika pausoko pasadizoan agertzen zaigun “heriotza etor dakion zain ohean dagoen gizonaren etsipen”era.

 

Jon Mirande

Oraindik orain euskal nobelagintzan oso lan gutxi dira Miranderen Haur besoetakoaren (1970) maila lortu dutenak. Ezer baino lehen Mirande poeta da, edo, esan dezagun beste modu batera, nobela bakarreko poeta. Nobela honetan –egileak berak ipuin luzea zeritzon– erabiltzen dituen baliabide kulturalak eta mundu ikuspegia poesietako berbera da. Ez ditut hemen berriz errepikatuko ezaugarri horiek; poesiaren atalean dauzka irakurleak. Pertsona heldu batek hamaika urtetako neska batekin mantendutako harremanak ditu kontagai nobelak. Pertsonaia heldu horren haur besoetakoa da Thérčse. Nobelaren gaiagatik eta, batez ere, nobelaren paganismoaren eta estetizismoaren kutsuagatik, guztiz orijinala gertatu zen nobela euskal nobelagintzan.

Ez zegoen sasoi hartan gaztelerazko munduan ere halako istoriorik. 1970ean argitaratu arren, 1959an idatzita zegoen. Imajina ze eskandalua sortuko zukeen euskal munduan idatzi berritan argitaratua izanbalitz. Eskandalua, ordea, Vladimir Nabokovek sortu zuen Lolita nobelarekin. 1955ean argitaratua eta Stanley Kubrickek zinema filmari esker mundu guztian ezaguna bihurtua.

Mendebaleko literatur tradiziotik edatera baino ez zen mugatu, ostera, Nabokov.

Bere liburuan garbi aitortzen ditu iturri horien nondik norakoak: Teokrito, Virgilio, Dante, Petrarca, E.A. Poe, Lewis Carroll. Beraz, oso ezaguna eta erabilia izan den tradizio bat berreskuratzen zuten bai Nabokovek eta baita Mirandek ere. Poe oso gertutik jarraitu eta estimatu zuen Mirandek, eta baita, urrunagokoa izan arren, Erdi Aroko maitasun gortekoaren tradizioa, geroago Dante eta Petrarcarenganaino iritsiko dena, eta –zergatik ez esan– baita Cervantesen El Quijote-raino ere. Bizitza burgesari mingaina ateratzen dio Mirandek Haur besoetakoa nobela honetan. Ez du ezer gorrotoagorik, arrazoimen antzua eta humanismo progresista hutsala baino, familia eta gizarte antolamenduaren oinarria dituen burgesia baino.

Horren aurrean Miranderen pertsonaia aristokratikoak “kulturaren aristokrazia” hautatzen du bizigai, kristautasun sentibera eta ahula saihestuz. Gehiengoaren bizi-lerroetatik alde egin, artaldekeriaren morrontzatik aldendu, eta aukeran norberak erabaki bere bakardadean. Nietzscheren eragina ere gertu dago nortasun aristokratiko haren formakuntzan.

Gizarte arautu eta abstraktutik bizitzaren zinezko iturrietara jo nahi luke protagonistak. Ahalegin horretan irakurri bide zituen intelektualismoaren aurkako bitalismo eta bestelako estetizismoetan maisu izan ziren egileak. Gideren L’Inmoraliste dela edo Montherlanten Aux fontaines du désir bezalako nobela eta nobelagileak eskura izan zituen Frantzian. Albérčsek dioen moduan, intelektualismoaren aurkako mugimendua, XX. mendeko Mendebaleko kultur krisialdi gehienetan gertatu ohi den bezala, Greziara itzuli zen berriro. Intelektualismo gehiegiaz kutsatutako kulturak, bizitzaren uretan murgildu eta bere burua gaztetu nahi zuen aldiko, Greziara zuzendu zuen begirada. Halakorik egonda ere, begiratu batera nabariagoa da Haur besoetakoa nobelan Europa iparraldeko mitologia eta elezaharren igurtzi paganoa. Horixe izango litzateke kultura zelta zaharrean paradisua: “Gazteen lurra”. Hara zuzentzen ditu nobelako protagonistak bere gogo eta desio suharrak.

Itsasoa dago tartean, itsaso bizigarria.

Uretan murgiltzea izadiarekin eta bizitzaren elementalitatearekin harremana izatea da Miranderentzat.1970etik aurrerakoak Modernitate konplituaren urteak dira, hala poesiaren esparruan nola nobelagintzarenean. Bizimodu, sentitzeko era eta munduaren aurrean gizakiak dituen jarrera eta ikuspegi aldatuak adierazten ditu Modernitate kontzeptuak.

Gizarte bateko bere eguneroko bizimoduan erakusten duen irekitasun eta dinamismo aldakorra. Egia bada ere historikoki definitzera jarrita, Modernitate kontzeptu hori aletu ahal dela zenbait ezaugarri nagusitan, Modernitate horren emaitzak eta agerpenak ugariak dira, bai bizimodua antolatzeko eran nola maila artistikoan. Modernitate horren funtsezko osagai bat nabarmendu beharko banu indibiduotasuna litzateke aukeratuko nukeen balore nagusia. Indibiduoa, nor da gizakia aurrerantzean, nor artista, eta nortasun horrek bere bidea urratu behar du gizartean. Mentalitate berri eta erronkari horrek ezinbestean arte mundura ere bidezidor eta estilo anitz ekarri zuen. Ez dago, jada, ohiturazko nobelen garaian bezala, idazleak derrigorrean jaso behar zituen topikorik, estilo eta literatur ikuspegi hori itxia zen, aurrerantzean nobelagile bakoitzak bere bidea egingo du, bere iturri eta tradizioak aukeratuko ditu. Askatasuna da, arte munduan ere, garaien konkista eta ezaugarri definitzailea. Harrezkero honako edo harako tradizio edo estilo narratibotik ikasitakoa ere, norbere galbahe propialetik pasea izango da derrigorrez, tradizioak berak ere afinitate eta sormen dira beste ezer baino gehiago.

Hala gauzak, gure nobelagintzan ere –poesian eta artearen beste edozein manifestaziotan bezala– bideak ugari dira: Europako abangoardia, espresionismoa, «nouveau roman»a, Erdi Europako nobelagintza, Prousten “oroimena”ren eskola, Hego Amerika edo Ipar Ameriketako estilopoliziakoa gurutzatuko dira euskal literaturan.

Joera berriko lanak argitaratu ahala, ezari-ezarian ahazten eta gutxitzen joango dira joera zahar eta tradizional kutsuko lanak.

 

Nobela abangoardista eta esperimentala: P.

Urkizu, R. Saizarbitoria, K. Izagirre eta B. Atxaga

Lau izen horiek, bakoitzak bere bidetik, euskal nobelaren egiturak azken muturreraino bortxatu zituzten. Nobelarekin eta literatur hizkuntzarekin saiatu zituzten esperimentazioetan, nobela klasikoa eta, modu arruntago batean, gure kulturak nobelatzat duen forma literario anbiguo hori desagertze punturaino eraman zuten. Aurrenekoa P. Urkizuren Sekulorum sekulotan (1975) argitaratu zen. Munduarekiko zubi guztiak eten ditu nobela honetako diskurtsuak: kronologia, denbora/espazioa ordenamendua, haieintriga eta idazketaren ulergarritasunaren beraren puntuazio arauak. Ez punturik eta ez komarik. Saizarbitoriak hitzaurrean idatzi zuen bezala: “Oraingo hitz jarioak ez du deusere esan nahi edo ez dago adierazi nahi baten edo lehen ideia baten zerbitzuan. Hitz jarioa da dena. Hori da guzia. Diskurtsoa diskurtsoa da, eta horrela behar zuen. Ez dago deuseren funtzioan, baina ezta ere ezeren funtzioan…”. Egia esan, sasoi hartan tan Saizarbitoria bera, idazten ari zen Ene Jesus nobelari buruz idatz zitezkeen hitzak ziren horiek. Harenaz baliatuz bere buruaz gogoeta egiten ari zen egilea.

K. Izagirreren Zergatik bai (1976) eta Ziutateaz (1976) liburuetan diskurtsuaren batasuna, edo osotasunaren zentzua, galdu da. Alde horretatik errazagoa litzateke Urkizurenaeta Saizarbitoriarena nobelatzat hartzea, Izagirreren eta Atxagaren genero desberdin eta hibidroak baino. Zergatik bai liburuan testu laburretako esperimentuak saiatu zituen gehienetan, interferentzia diglosiko batean barrena abiatzen diren abenturetan oinarriturik nagusiki. B. Atxagaren Ziutateaz handik gutxira agertuko ziren poema eta errelato askoren abiapuntua da.

Ez dago generoen arteko mugarik, poemak eta errelatoak askatasunez nahastuta eta liburuan zehar barreiatuta datoz. Eta, hala ere, osagai solte horien artean badago barnekoherentzia bat. Abangoardiaren tradizio peto-petoaz hornituta agertzen zaigu Atxaga, lehen abangoardiek eta geroxeago surrealismoak asperdura arte exhibitu zituzten mundu marjinalak dira nagusi. Euskal letretan guztiz berria zen mundu hori, artean Hölderlin bera ere ez zen maizegi aipatua, eta “Scardanelli” eroaldiko poeta, berriz, zer esanik ez; Theo, Van Goghen anaia eta margolariaren gutunen hartzailea, edo guregandik gertuago zegoen Etxahun, ziren nobelako protagonista batzuk. Borrero Profesionalak ere (Franco/Neronen parodia) ez ziren irudimenezkoak soilik, ispiluek eta geroago baliabide narratibo gisa hain etekin bikainak eskainiko zizkion mintzoak itxiko lukete marjinaltasunaren galeria hau. Egia esan, Ziutateaz nobela Pandoraren kutxa bat zen, noiz lehertuko zain.

Hori, baina, orain esan dezakegu, urte haietan inork gutxik asmatu baitzuen halakorik, sentsibilitate berri baten mezulari zen.

Ziutateaz nobelari buruz eta Etiopian eta hurrengo lanetan lehertzeko sorpresaz gainezka zetorren.

R. Saizarbitoriak hemeretzi urte geroago arte ez zuen nobela berririk argitaratu.

P. Urkizuk eta K. Izagirrek ere 1984ra arte ez zuten beste nobelarik argitaratu; eta B.

Atxaga poema eta ipuinen munduan murgildu zen, 1985ean Bi anai nobela argitaratu zuen arte.

Bai gorago ikusi ditugun nobelagileek, bai ondoren datozenek, zentzu klasikoan nobelaz ezagutzen den tramankulu narratiboaren mugak bortxatu zituzten. Nobelak baino areago anti-nobelak ziren. Nobela tradizionalaren azken urratsak ziren, haren heriotza, alegia. Beste modernitate literarioetan mende hasieratik aurrera gauzatu zen bilakaera 70eko urteetan gauzatu zen gurean.

Ez da horretan, ordea, nobela salbuespen, gogora dezagun poesian ere halaxe gertatu zela. 70ekoa da abangoardien sasoia, poesian nahiz nobelan. Urte horiexek dira, bestalde, saiakeragintzaren loraldiarena.

Izan ere, euskal kulturaren erraietan zerbait iraultzen ari zen.

Bide berriak saiatzeko beharra oso barrutik sentitu bide zuen 70eko euskal nobelagintzak.

Mendebaleko beste literaturetanesperimentazioak ere saiatu ziren gurean, eta denbora galduak-edo akuilatuta, nobelagintza modernoaren adar guztietan egin nahi izan zen ahalegintxoa. Horrela sortu ziren, abangoardismotik urrun izanik ere, A. Lertxundiren Ajea du Urturik (1971), M. Zarateren Haurgintza minetan (1973), L. Haranburu-Altunaren Caritate (1979) edo Txillardegiren Haizeaz bestaldetik (1979) nobela gutxienez bitxiak. Alegoria, sinbolismoa eta fantasia neurrigabez idatzitako nobelak laurak; nobela gisa oso bestelakoak izanik ere, Euskal Herriaren errealitatearekiko urrutiramendu alegoriko, fantasiazko, hala apokaliptikoan badute beren artean ikuspegi amankomunik. Euskal Herria jasaten ari den iraulketa soziala du gogoan Zaratek Haurgintza minetan nobelan.

Hara nobelaren amaiera: “Udaberria laister etorriko da baina, ekaitzaren bihotzean nago orain taupadaki… Hilda jaio da haurra ala bizirik?…”. Herri tradizioaren barnetik idatzitako nobela horrek 1968tik aurrerako Euskal Herriaren bilakaera landu nahi zuen, eta horretarako aukeratu zuen estiloa, estilo alegorikoa zen. Ajea du Urturik urperatua gelditu den Euskal Herri urduri baten gatazkak ditu kontagai nobelak.

Caritatek, berriz, gehienetan, neurriz kanpoko fantasia gratuitoan, eta nobelaren sarreran iradokitzen duen igurtzi apokaliptikoan, honela dio: “Izkriba ezak liburu batean ikus dezuana eta bidal ezak eskualde honetara: Laburdira, Xuberoara, Karistira, Barduliara, Arabara, Nafarrora eta Benafarrora.

Izkriba ezak, bai besteek ikusi ezin dutena, heuk dakuskana eta gerokoan gertatuko dena”. Alde horretatik, J. Azurmendik argi antzeman zuen moduan, ukaezina da Txillardegiren Haizeaz bestaldetik nobelak ere zuen oihartzun apokaliptikoa.

Apokalipsia, Zarathustra, eta poeta andana luzeaz hornituta dagoen nobela mitiko-lirikohorrek ere, Euskal Herria zuen gogoeta-gune.

Heriotza bestaldetik datorren jakinduriari nola gailendu, bestalde? Nobela saioak ziren batik bat, nobelaren aukera eta eskaintza desberdinekin saiatzen ziren bideak.

Ez ziren, ordea, 70eko nobela guztiak taxukera horietan idatzi. Planteamenduan modernotasuna agerian egon arren, badira kontamoldeen nahiz egituren aldetik, artean nobela generoarekin leialtasunean sortutako nobelak. Haranburu-Altunaren Itsasoak ez du esperantzarik (1973) adoleszentea, edo M. Onaindiaren Elurretan datzaten zuhaitz enborrak (1977) kafkiano izan nahi zukeena.

 

Anjel Lertxundiren nobelagintza

Hego Ameriketako nobelagileek mundu osoan arrakastatsua bihurtu zuten literatur gustu eta zaporea erakarri zuen euskal literaturara Anjel Lertxundik. X. Letek adierazi zuen bezala: “Hunik Arrats artean (1970) deitutako Lertxundiren lehen liburu hura gauza fresko, berri eta bitxia izan zen; irudimen eta errealitatearen arteko lotura eta harreman berriak narratibarako proposatzen zizkigun liburu arraro eta guztiz irakurgarri bat”. Lehen emaitza horren ondoren Ajea du Urturik (1971) argitaratu zuen, honako hau ere Hego Ameriketako prosa berriaren moldeak gertu zituelarik idatzitako nobela.

Sinbolikoa baino areago alegorikoa da nobela.

Hauxe da nobelaren haria: ohiko bizitza irauliko duen oldar handi batek, itsasoko olatu handi bat bailitzan, urpean utzi du Urturi herria. Izadiaren elementuen erabilera hiperboliko hori idazle hego amerikarren oso gustukoa da. Honako “etengabako eudi horren erremerioa” eta “Noeratu” beharrak, García Márquezen Cien ańos de soledad (1967) nobela arrakastatsua gogoratzen digu. Urturi aldaketa egoera sakon batean murgildurik dagoen herria da, eta zaharberritu behar horretan aurkako indarrek dihardute, eta herriak nahikoa lan du iraulketa hori ulertzen. Alde horretatik begiratuta dago Urturi armiarma sare batean harrapatuta. Urturi=Urduri hori Euskal Herriaren izendapen literarioa da. Herriaren gertaera, kontraesan eta sasi-aterabide asko zituen gogoetagai nobelak. Nobelagilearen hurrengo lanean, Goiko kalen (1973) alegia, aurreko bi liburuen bilakaera nagusitik apartatuz, haurtzaroaren berreskuraketa lanari ekingo dio. Haurtzaro guztiak dira, Proustek bere Ŕ la recherche du temps perdu hartan erakutsi zuen bezala, berreskuragarriak.

Hor, haurtzaroa gaurkotasun pertsonalaren urrutiko iturburu lanbrotsu bezala aztertzen zaigula dio X. Letek. Eta ez zaio arrazoirik falta. Iraganeko denboran aztarka, norberaren biografian arrastoa utzitako zenbait erabaki eta pasadizok hornitzen du nobela. Kontalariak seminariora joateko hartzen duen erabakiarekin amaitzen da nobela. Europako joerak, eta modu apalean izanik ere, aipatu dugun eragin proustianoa bazterrezina bada ere, hego amerikarren eragina ere ikus daiteke egileak atal desberdinetarako aukeratu dituen aipuetan.

Ez du nobelagileak itsasoaz bestaldeko tradizioarekiko haria erabat eten nahi izan.

Horren adierazgarri dira aipuetako Vargas Llosa, Guimarâes Rosa, Lezama, eta hango literaturaren eta testigantza zuzenaren berri ekarri zigun M. Ugalderen aipuak.1983an Hamaseigarrenean aidanez nobela argitaratu zuen. B. Atxagaren Bi anairekin batera, Lertxundiren horixe da 80ko urteetako nobelarik lortuena. Teknikoki primeran soluzionatutako lana da. Egitura guztiz simetrikoa da: hiru zatitan banatzen da nobela, eta zati bakoitzean hiruna atal daude.

“Ez nuen leihorik ireki behar izan gertatuko zitzaidana ezagutzeko”, horixe da nobelaren lehen perpausa. Martzelinaren bihozkada hori nagusitzen da hasiera-hasieratik; eta nobela zehazki ez dakigun gertakariaren inguruko informazioa antolatzea baizik gertatzen ez delarik, hainbestetan aipatu den García Márquezen Crónica de una muerte anunciada (1979) nobelaren kontamoldea gogorazi beharrean gaude.

Hamaseigarrenean aidanezen inportantzia kontamolde horretantxe dago, nobela eraikitzeko Lertxundik jarri duen arretan. Muntaketa lan miresgarria da. Izan ere, anekdotari erakarmenik falta ez arren, motzegia gertatzen da nobela luze bat harilkatzeko.

Baserri giroko trajedia horrek gehiago ematen zuen ipuin baterako, arnasa luzeagoko saio baterako baino. Apostulari baten heriotza du nobelak gertaera nagusi. Pertsonaia desberdin eta ikuspuntu desberdinetan oinarrituz, emakume baten bakardade eta sofrimenduaren ikuspegi sakona eskaini du nobelagileak. Apostu batean senarra hil zaion emakume hori Martzelina da. Ikuspuntuaren erabilera erabakigarria da nobela horretan. Eta ikuspuntuaren erabilera eredugarri horrek ahalbideratzen du Martzelina moduko pertsonaia sendoa eta osorik sinesgarria tankeratzea. Martzelina da pertsonaia zentrala nobelan. Ikuspuntu askotatik begiratuta agertzen zaigu emakumea.

Objektibotasun zorrotza da nagusi nobelaren hasieratik bukaeraraino, eta teknikoki “detektibe”aren funtzioa betetzen duenaren ikerketa bat ere badago. Detektibearen lanak zabaltzen ditu kontaketaren aukerak.

Eta aukera horiek, ikuspuntu desberdinak dituzte oinarrian. Pavese idazlea da gehien aipatua nobelak biltzen dituen aipuetan; nago, ordea, idazle ipar-amerikarren itzulpen eta irakatsietan zaildutako Pavese dugula Lertxundiren nobelakoa. Ipar Ameriketako objektibotasun narratiboan maisu izan zirenen eskolan zaildutakoa, inondik ere.

 

A. Urretabizkaia eta J. A.

Arrietaren nobelagintza

70eko nobelagintzarekin amaitzeko, bi izen nagusi aipatu behar ditugu hemen: Arantxa Urretabizkaia eta J.A. Arrieta. Zein bere bidetik ibili arren, ez sentsibilitateak ez nobelaren planteamenduak elkartukobalitu nobelagintzaren nire ikuspegi honetan badute elkarren ondoan agertzeko arrazoirik. Bi egile horien nobelak baitira urte horietan idatzitako emaitzarik onenak: A. Urretabizkaiaren Zergatik Panpox (1979) eta J.A. Arrietaren Abuztuaren 15eko bazkalondoa (1979).

Zergatik Panpox nobelagilearen lanik biribilena da. Lagunak alde egin ondoren emakume batek bere haurrarekin bizi ohi duen egun normal bat kontatzen digu nobelak.

Goizean goizetik gosaria eman, ikastolara joan behar dela hurrengo, arratsaldean jaso… lotara eraman arte, eta protagonistabera oheratu arte egin eta burutik pasatako gogoetak dira nobelaren edukia. Txema lagunaren ausentzia oroitzapen huts baino zerbait gehiago da nobelan, emakumearen gogoeta gehienetan dago haren ausentzia.

Bakardadea sentitzeko ere ia tarterik gabe dago emakumea, halakoxea baita bere bizitzaren atze-aurrea. Baina tartetxo bakan horietan isurtzen da nobelara etxetik alde egin zuen lagunaren oroimena. Emakumea da kontalaria, eta emakumearen sentsibilitate unibertsalenetik dago kontatuta nobela, haren sentimenduak guztionak baitira.

J. Joyceren Ulysses nobelak L. Bloomen bizitzako egun bat hartzen du kontagai. I. SarasolarenJon eta Ane zigarro bat erretzen (1977) nobela hiper-laburrak zigarroa piztu eta itzaltzen den arteko unea du mugarri.

Zergatik Panpoxek kontatutako esperientzia literarioa ere egun batera errenditzen du.

1988an Saturno izeneko nobela argitaratu zuen. Alargun gelditu den hogeita hamar urte inguruko gizonezkoa du protagonista nobelak. Maitasun berri baten lehen desosegu eta erabakien inguruan sakontzen du egileak. Ez du nobela honetan aurrekoaren mailarik lortu.

1979an argitaratu zuen J.A. Arrietak Abuztuaren 15eko bazkalondoa. Arrietaren nobelak gauza asko kontatzen ditu, baina, jada askotxotan errepikatu dugun moduan, hemen ere ez du horrek hainbesterainoko axolarik; izan ere, nola dagoen kontatuta inporta baitzaigu honakoan ere, eta koska hori bikain gaindituta dagoela aitortu behar.

Kontamolde modernoaren baliabideak ondo menderatzen ditu egileak, Joyce, Proust eta beste. Motibo baten oihartzunari jarraituz leun-leun igaroko gara pasadizo edo oroitzapen batetik bestera. Hamasei urteko seminarista baten ikuspuntuan oinarrituz, Parte Zaharreko etxeko sukalde euskaldun, abertzale eta kristauan gaude. Etxeko emakumeek sukaldea jasotzen duten bitartean, askotan kontatutako gerra denborako pasadizoak harilkatzen hasiko da aita.

Gerra galduaren zama kontagai bihurtu duen familia abertzale eta tradizional samarraren aita horri zuka zuzentzen zaio kontalari gaztea, bere buruari zuzentzeko ordea hika erabiliko duelarik. Gerrako pasadizoek nobelaren orri asko betetzen dute.

Aitaren begi horiztatuetan biltzen dira haren gerra, kartzelaldi eta derrotak: “Aitaren begi abailduetan, orain, bonba ulukarien urradura odoltsuak pilatzen dira, begi horiztatuetatik haranzko hondo beltzetan borbor dirakite, orain, oroitzapen gorriek” (65.. r.). Tartean, apaizgaiaren oroimenak ere lanean dihardu, eta adabakika bere biografiaren pasadizo desberdinak ezagutuko ditugu: Urgull aldean egindako jolasak, seminarioa, eskola, familia, nerabe aroa, Marisa, eta abar. Marisaren eta seminarioaren arteko norgehiagokan, badirudi neskaren alde erabakiko dela mutila. Nobelan zehar agertzen diren elementu eta objektu guztiak dira sinbolikoki esanguratsuak: kaiola eta eperra, neskak ontziak garbitzen, leihoa zabaldu eta itxi, Azor itsasontzia, eta abar. Esate baterako: “Isilunea berriro. Patioan ez da somatzen lehen adineko zarata eta festa girorik. Horretaz jabeturik agian, ama jeiki egin da eta leihoa ixtera joan, entzun ote gaituzte?, buruari eraginez.” (69.. r.). Familiaren intimitatea bera urratzen duen egoera historikoaren eta kulturalaren testigu da sukalde hori, 1965eko abuztuaren hamabosteko sargoriak sentiarazten duena. Familia, hala ere, aita guda-gizonaren eta, aldi berean, antiheroiaren kontakizun erritualaren xuxurlan bilduko da behin eta berriro. Sukaldeko marko fisikotik gizartearen zati handi baten erretratu psikologiko eta politiko-soziala eskaintzen zaigu.

Inork, baina, ezingo du definitu J.A.

Arrietaren nobela izenondo horiekin. Halakorik gertatzeko arrazoirik balego, XIX.. endean ginateke oraindik, nobela tradizional baten aurrean, nobelaren egin beharra ispiluaren mimetismora errenditzen zen ikuspegi zaharkituan. Hemen ez dago halakorik, nobela moderno baten aurrean gaudelako.

Ez du teknikak moderno bihurtuko lan bat, munduaren aurrean nobelagileak duen ikuspuntu eta jarrerak baizik; horrek bultzatuko du teknika honetara ala bestera, errealitatearen perzepzioak eskatzen dion erronkari ondoen erantzuteko ezinbesteko baliabidea baino ez baita hura.1987an Manu Militari argitaratzen du egileak. Nobela luze honek ez du zerikusirik aurrekoarekin. Antolamendu konplexuko nobela da. Zinez abentura nobelistiko anbiziosoa saiatu du nobelagileak. Aurrekoan asmatu zuen bezala, oraingoan gauza bera, edo neurri berean behintzat, gertatu ez delakoan nago. Nobela astuna eta eramangaitza gertatzen da. Kontamolde aniztasuna eta idazketaren saio sendoa gorabehera, testuak arazoak dauzka literatura bilakatzeko orduan. Ez du abiadurarik hartzen.

Soldaduska egiten ari den Ińakiren eta Izaskun andregaiaren arteko gutunen trukaketa du oinarri nobelak. Nobela autobiografikoa da, eta, nola ez, belaunaldi baten esperientzia sozio-politiko eta kulturala ere biltzen duena. Zinema, telebista, literatura eta beste dabiltza nahasian nobelaren testuan. Umberto Ecoren Arrosaren izenaren parodia luzeak, Gunter Grassen Latoizko danborra edo “demagun” esanez, istorioak antolatzeko lizentzia hartzen zuen Max Frish idazlea daude oihartzunez gainezkako Manu Militari nobelan.

J.A. Arrietaren Abuztuaren 15eko bazkalondoa ez da ez lehena ez azken nobela Gerrate Zibileko oroitzapenak jasotzen.

1996an argitaratu zen R. Saizarbitoriaren Bihotz bin ere halaxe gertatzen zen, eta lehentxeago P. Zabaletak argitaratutakoan.

Baina halamoduzko kronologia bati eutsiz, aipatu beharreko hurrengoa K. Izagirreren Euskadi merezi zuten (1984) nobela da.Gerratearen atari eta ondorengoak errealismo zorrotz eta zehatz batean girotzean datza nobelaren meriturik handiena. Errealismoa esan dudanean, ez beza inork pentsa K. Izagirre ohartzen ez denik hizkuntzaren estilizazio eta erabilera doi eta zehatzaren bidez lortzen duena garai haren errekreazio lan bat dela. Izan ere, irakurle injenuoren batek pentsa baitezake garai hartako hizkuntz xehetasun eta ohiturei modurik estuenean atxiki zaiela idazlea. Ohitura eta halako tradizioetatik urrun gaude, nobelak duen kontatzeko era nahikoa da halako asmoetatik apartatzeko. Nobelaren bertute nagusia teknikaren eta hizkuntzaren arteko sinbiosi erabatekoa da. Ez galdetu, ordea, zer den justu kontatzen dena, nekez erantzungo baitizu inork.

 

Hego Ameriketako literaturaren eragina: Joan Mari Irigoien

A. Lertxundik Hamaseigarrenean aidanez argitaratu baino urtebete lehenago agertu zen J.M. Irigoienen Poliedroaren hostoak (1983). Nobelaren mardulak ez dio iruzurrik egiten saioaren ahaleginari. Ahalegin horretan anbiziosoegi ere jokatu ote zuen pentsa liteke. XIX. mendeko lehen karlistaldiarekin hasten da, eta bigarrenera igarotzen; gero XX. mendera sartzen gara, eta geroxeago Gudu Zibilera iristen. Frankistekin gudu egindako Joxe pertsonaia dugu nobela osoaren abiapuntua, pertsonaia hori Joan Mari deritzan hurrengo belaunaldiko pertsonaiaren osaba da. Joxe da idazle sena duena; bere burua mila zatitan kraskatuta dago, eta poliedro bat bezala, aurpegi askotarikoa da. Hark utzitako eskuizkribuetatik jarraituko du ilobak irakurleak eskura duen nobela taxutzen. Joxe harengan irudikatzen du idazleak bere burua, eta baita –nola ez– ilobarengan. Ilobarekin Euskal Herriko gerra ondorengo gatazka politikoetaraino iristen gara: pertsonaia hori oso gertu dago idazlearengandik, kontalariak eta idazlearen bizitzaren pasadizo askok parekotasun asko dituztelarik. Esate baterako, Joan Mari pertsonaiak Hego Amerikara egindako bidaiak, Venezuelara hain justu. XIX. mendeko lehen karlistaldiaren eta Hego Ameriketako bidaiaren artean barreiatzen da nobela. Bost belaunaldi igaroko dira hurrenez hurren Poliedroaren hostoaken orrietatik; eta, nola edo hala, Euskal Herriaren ikuspegi literario bat eskaini nahi izan du idazleak.

Lehenengo lau belaunaldien eta bosgarrenaren artean badago literarioki ere aldaketarik.

Izan ere, nobelako lehen lau belaunaldien mundua maila magikoan baitago kontatuta, bosgarrena aldiz maila errealistago batean. Zenbat eta idazlearen belaunalditik gertuago, orduan eta errealistago gertatzen da nobela. Edo, beste modu batean adieraziz, zenbat eta XX. mendean sartuago, orduan eta errealagoak dira pertsonaiak.

Errealismoaren kontzeptu literarioak ez du testuinguru honetan zehatza izan nahi, J.M. Irigoienen nobeletan ez baitago halakorik; nobelaren nondik norakoak hobeto azaltzeko baizik ez darabilgu kontzeptu hori.

XIX. mendetik XX. mendera arte, errejistro magikoan funtzionatzen du, handik aurreragokoaberriz errealago bihurtzen da. Ez du Poliedroaren hostoak nobelan bakarrik erabiliko Irigoienek jokabide hori, hurrengo nobelan ere, Udazkenaren balkoitik (1987) deritzanekoan, gauza bera gertatzen da, modu apalagoan gertatuta ere. 1987ko gerra garaileen belaunaldi zaharrenaren igurtzi magikoa askoz ere nabarmenagoa da ondoren datozen belaunaldien aldean.

Poliedroaren hostoak nobelaren hari narratiboa belaunaldiz belaunaldi doa. Hasieran bi sendi aurkari zirenak –Elizalde eta Ibargoyen– bildu egiten dira laugarren belaunaldian, magikoki (literarioki) hirugarrenetik batuta zeuden arren. Karlisten sinboloa lurra da: lurrarekin lotuta daude iraunkortasuna eta kristautasunaren sendotasuna.

Lurrak betiere sustraidura adierazi ohi du.

Erro-errotik finkatuta dagoenaren irudi unibertsala da. Liberalen sinboloa haizea da: ametsa, arintasuna, askatasuna, ezein sustraidura jauzi zalu baten bidez zeharkatzen duenarena. Sinbolo eta ikuspegi kontrajarriok karlistaldian lehertu ziren. Hala gertatzen da lehen eta bigarren belaunaldietan.

Hirugarrenean, aldiz, haizezkoak eta lurrezkoak batu egiten dira, sendien arteko nahasketa ekarriz: Leandro eta Doroteo bizkiak dira. Leandro gerritik behera lurrezkoa da, eta gainekoa haizezkoa; Doroteo gerritik gora lurrezkoa eta gerritik behera haizezkoa.

Orain artean nobelen pertsonaia nagusirik edo funtsezkorik baldin badago, hori Martzelina da. G. Márquezen Cien ańos de soledadeko Ursularen izpirituak ehun urte iraun bazituen, honako Martzelinarena ere ez da makalagoa agertuko, XIX. mendetikXX. menderainoko ibilbidea bere ardatzari harilkatuta egiten du nobelak. Martzelinaren gorputza eta itzala lehen zati luze horren bazter guztietan agertzen da. Orain artean XIX. mendetik XX. mende erdi alderantz doan Euskal Herriaren sustraiak ulertzen ahalegindu da nobelagilea. Norabide hori errejistro magikoan eskaini da. Euskal Herriaren etsaiak kanpoan egongo dira aurrerantzean, nahiz eta apaiz, eskribau, militar, herriko jauntxo eta bestek “de facto” betetzen duten boterea hemen egon. Bi sendiak batu ondoren, kanpotarren eta botere faktiko horien aurka egingo da borroka. Zati honetan, Joxe pertsonaiaren paraderoa dela eta, detektibe miaketa baten aurrean jartzen gaitu nobelak. Joan Mari bihurtuko da detektibe lan hori beteko duena, eta, jakina, bera izango da kontalari nagusi. Lehen zatian sinbolo eta mundu banaketa jakin batera errenditzen zen nobela; bigarrena, aldiz, arinagoa da, zama sinbolikotik arindua, eta kontatzeko baliabideak ere ugaltzen dira: amets danteskoak, oroitzapen eta dedukzioa, eta abar.

Beharbada, gehiegi dago, eta gehiegi horretan eskematikoegia gertatzen da XIX.. endeko karlistaden planteamendua. Historiaren barrutik egindako interpretazio magiko baten ordez, historiaren “topiko” nagusien errekreazio magikoa dirudi gehiago.

Gauza bera gertatuko zaio nobelagileari hurrengo lanetan ere, hurbileneko Udazkenaren balkoitik hasi eta Babiloniaraino.

Esanak esan ondoren, nobelari berea eman behar zaio, eta literatur saio benetan interesgarri eta estimagarria da Poliedroarenhostoak. Nire irudirako, egilearen lanik sendoena da. Alderdi teknikotik begiratuta, artean euskal nobelagintzan inoiz erabili gabeko kontamoldeak darabiltza, Hego Ameriketako idazleen lanek asko lukete horren gainean esateko. Hango bi nobelagile nagusiren eragina zabala da: García Márquezen Cien ańos de soledad eta Juan Rulforen Pedro Páramo. Lehenengoaren belaunaldiz belaunaldiko “ibai-kontaera” eta magizismorako lizentzia aipatuko nituzke, eta bigarrenaren Pedro Páramoko kanposantuaz baliatzen da, gorpuek elkarrizketa luzeak izango baitituzte Poliedroaren hostoaken ere, duen forma berezia nobelari emateraino.

1973tik zetorren J.M. Irigoienen joera magikoa, Oilarraren promesan, Altzako bilakaera magikoa saiatu zuenetik. Hego Ameriketatik itzuli berria zen orduan egilea.

Poliedroaren hostoak nobelatik Udazkenaren balkoitik nobelara dagoen jauzia leuna da. Kronologikoki aurrekoaren jarraia baino ez da bigarrena: “Haizea… Lurra eta haizeaz bere gogaide Joxe Ibargoienez oroitu zen –lurra eta haizearen arteko metafora duk bizia– esan zion Joxe Ibargoienek behin batez” (9. or.).

Poliedroaren hostoakeko planteamenduei jarraituz, gerra galtzaileak eta gerra irabazleak daude, eta gerra irabazleen ordezkariek dute Altza=Ollaran, lepotik oratuta.

Altza=Ollaran=Euskal Herria Joxepa eredugarriaren arima da. Honelaxe deskribatzen du nobelagileak emakume hori: “Ama lurraren irudi idealizatua bailitzan, Ollarango edozein baserritakoa izan zitekeela gogoratu zitzaion, lurrak arnasa har zezakeenedozein tokitakoa izan zitekeen bezalaxe.

Lur haren altzoan gordea, irentsia izatea desiratu zuen…” (13. or.). Bere senar Indaleziok ere “gehienaz gaztelaniaz irakurri arren, biziro maite zuen bere hizkuntza”.

Eta aurreraxeago: “Gainera, hizkuntza, hori baino gehiago zela uste zuen Indaleziok.

Arima moldatzen ari zen zerbait, adibidez: “Hik nahi duana esan, baina niretzat gizonaren arima baserri bat bezala duk, egunero osatzen ibili behar duguna. Eta Txirritaren bertso bakoitza edo emaztearen esaera bakoitza baserri horri eusten dion harria duk (Ibid.).”“Ollaran” paraje ederra zen bizitzeko, harik eta etxebitzez erlategi bihurtu zen arte, hango baserri paisajea porlanezko pareten artean itota gelditu zen arte. Hango hizkuntza euskara zen, emigrazio basati baten ondoren nor bere etxean arrotz sentitzeraino egoera aldatu zen arte. Euskara gazteleraren oldarrean ito zen. Etsaiak gehienetan gazteleraz hitz egiten du: “–ˇYa te voy a joder!” (26. or.). Euskararen barrutik hitz egiten dutenek, ordea, ia errefrauka egiten dute, tradizioaren barne-barnetik. Txillardegik esaten zuen, frankismoak emigrazioa arma politiko gisa erabili zuela, eta atzerritarrak etxean sentitzen direla hemen eta besteak arrotzak. Egoera hori herri zapaldu batena zela. J.M. Irigoienek ere baietsiko lituzke Txillardegiren gogoetok.

Azken batean, jadanik XIX. mendetik XX. mendera arteko euskal ohiturazko nobela elikatu duen mundu ikuspegi berbera darabilgu lanean. Peru Abarkan estreinako aldiz gorputza hartu zuen imajinarioa, hain zuzen: baserria=euskara (paradisu sinbolikoa) versus kaletarrak=gaztelera (infernu petrala). “Ollaran” versus “Amilbe”: “Amilbeko aire kirastuan zehar abiatu ziren. Amilbe: Agustinek ordurarte amestu zuen aberriaren antitesia. Bere ametsetan, Ollaran txikitan ezagutu zueneko herri bukolikoa bait zetorkion: hiru behi bazkan hemen, bi meta han, guztiak euskaraz… Amilbe, aldiz, aberriaren mugetan barne egon arren, hiri zatar bat zen…; eta bera bizi zen auzoan euskaraz egiten zuen edonor benetako rara avis bat kontsidera zitekeen” (171. or.).

Agustin seminarista da. Krutwigen Vasconia irakurri zuenean, berriz, “aberriaren deia sentituko zuen…” (162 or.). Aberria eta iraultza hitzek zurrupatzen zuten Agustinen ezinegona. Marxismoa, Marcuse, Kuba, Aljeria, Vietnam eta 60-70eko modernitatearen seme zen Agustin. ETAn sartzea erabakitzen du, eta poliziak hil egiten du: “Eta hire azken arnasa garrasi bilakatu: –ˇHijoputas!” (178 or.). Esan gabe doa, baliozko gauzekin batera, “topiko”z betetako nobela ere badela Udazkenaren balkoitik. Gorago deskribatutako munduaren planteamendu eskematikoegia muturreraino eraman daETAn sartzea erabaki duen Agustinengan.

Ezagunegiak, eta ezagunegiak izatearren baldarregiak gertatzen diren “topiko” horietaz harago egin beharko luke lan idazleak.

Ez da hemen, Saizarbitoriaren kasuan bezala, barnetik kontatzen heriotza: justu alderantziz dago kontatuta, anekdotikoena baino jasotzen ez duenaren kanpoko begiratutik.

Saizarbitoriaren Hamaika pausoko Daniel Zabalegi bera ere ez zen ausartuko hil aurretxoan hitz horiek idazten: “Aberria ala hil”. Heriotzaren trajediaren aurrean hitzak baino ez izaki. Udazkeneko balkoitik nobelako pasadizo labur hori gertuago legoke X. Amurizaren Hil ala bizi nobelako militantearen ikuspegitik. Aldaketa gogorrean murgildutako gizarte baten irudia eskaini arren Irigoienen nobelek, idazleak bere baitan eta zirkunstantzietan bizi duena esplikatzeko, XIX. mendetik datorren imajinariora jotzen du. Historikoki Modernitatearen danbatekoak sofritu badituzte Ollarango pertsonaiek, existentzialki ez dute aditzera ematen bizi duten gatazkaren neurririk.

Alderantziz, xaloak dira oso, txistezale eta errefrauzale, eta abar. Pertsonaia errealik ez dago, eskematikoegiak dira, abstrakzio hutsak. Gauza berbera gertatzen da Babilonia (1989) nobelara egiten badugu salto.

“Ollaran”etik “Bedania”ra igarotzen gara.

Erabat planteamendu manikeo batean dago nobela garatuta: Bi anaia biki (Trinido eta Hilario), bata baserriaren alde eta bestea aurka, bata gizalegearen eta tradizioen ildotik, bestea tradizioaren gizalegetik kanpo, bata Bedania (baserri giroa), bestea Itzurun (kalea), batek zaldi txuria eta besteak beltza, bata karlista eta bestea liberala, eta abar. Hilariok, eta hauxe dukegu Hilarioren bekaturik larriena, Ama Lurra ere sakrifikatuko luke diruarengatik, eta halaxe bere egiten ditu Felicianoren hitzok: “–Diruak ez dik bihotzik: horregatik dirua egin nahi duenak bere bihotza hiltzen ere jakin behar dik, hala komeni danean”.Ez dago gehiago erantsi beharrik alde honetatik. Txomin Agirre bera ere ez zen gehiegi aldenduko ohitura-generoko planteamendu horretatik. Bien arteko aldea beste nonbaitetik dator, eta J.M. Irigoienen kasuan, Hego Ameriketako literaturaren igurtzitik, zalantzarik gabe. Ez da J.M. Arguedasena eraginik nabariena, nahiz eta oso estimatua duen egileak. J. M. Irigoienen lirikotasun askean eta anekdota bitxien erabileran gehiago dago Rulfo. Babilonian ere agertzen da han eta hemen haren oihartzunik: “–Gaur gauez arnas-estuka ibili zarelako, eta badakizu, zuri airea falta zaizunean, Peliziano kentzen ari zaizulako da”, “Ez al dakizu, bada, hilak biziak baino biziagoak daudela, etxe honetan behintzat?”, “gau erdian sukaldera joateko, asaben itzalekin hitzegiteko”, eta abar. Consumatum est (1993) hurrengo nobelan ere agertuko da Rulforen mundura begira jartzen gaituen oihartzunik: “Media Luna”. Comala gaineko muinoaren izena da.

Hego amerikarren eragina ez da askotan zuzena izango, zeharkakoa baino, alegia, itxura, igurtzi, anekdota bitxi eta estrafalario samarretarako lizentzia bat, haien eragina baliabide horiek erabiltzeko bultzada ere izan da. Literatura magikoaren xarma haiengandik ikasi eta geure tradizioko ondarean oretzen saiatu da Irigoien Babilonian.

Azken ezaugarri horrek aldentzen du egilea ohitura-generoaren bide klasikoenetik.

Consumatum est izenburua Udazkenaren balkoitikeko sententzia batetik dago jasoa.

Babiloniako mundua aurrez erabat ikusten zena baldin bazen, Consumatum est nobelan ez da horrelakorik gertatzen. Ez dakiguna da onerako ala txarrerako gertatzen den hori. Noragabetua dabil istorioa, eta hasiera batean anbiziosoki urratutako bi planoak zentzua galtzen doaz nobelak aurrera egin ahala. Hasierako pasadizoren batek zera dio, edertasuna egiaren gradu bat dela, baina ezin nobelarik eraiki edertasunaren lilurapean. Ez da bere nobelarik lortuena.

 

Bernardo Atxagaren Obaba

1981ean B. Atxagaren Camilo Lizardi erretorearen etxean aurkitutako gutunak irabazi zuen «Irun Saria». Ipuin horretan eman zen ezagutzera estreinako aldiz Obabapaisaje imajinarioa. Aurrerantzean Obabak hartuko duen erakarmenagatik, imana balu bezala bereganatuko ditu idazteko eta idatzita zeuden ipuin asko. Hori da, esate baterako, Jose Francisco ipuinari gertatu zitzaiona: pare bat urte lehenagotik «Hordago»n argitaratuta egon arren, lur bataioa Obaban egin zuen. Obabakoak (1988), B.

Atxagaren ipuinik aipagarrien bilduma (berridazketa) izanik ere, ipuinok bere barnean bildu eta, aldi berean, gainditzen dituen esparru narratibo berri baten sorkuntzada. Bertan biltzen dira Obabari buruz idatzitako istorioak; bertan Obabaz zuzenean jardun ez arren, Obaban entzun daitezkeenak: eta areago, Obabaz ezagutzen den geografia imajinarioak egileari berari inposatu dion lilurak hartaratuta, Obaba asmatu aurretik eta gerora idatzitako ipuin asko han aurkituko direnak.

1985ean Bi anai argitaratu zuen egileak.

Nobela labur horrek Paulo eta Danielen istorioa kontatzen digu. Nobela zoragarri horren aziertorik handiena errealitate gordin eta mixerablea egitura fantastiko batean jaso izana da. Basoko nekazari giroan Paulok eta atzeratua duen anaia Danielek daramaten bizimodu gupidagabea du kontagai nobelak. Horra, baina, nobelaren berrikuntzarik aipagarriena, istorioan trajedia giroa animalien lau ahotsetan kontatzen zaigu.

Ahots horiek ahots nagusiaren edo Bibliako MINTZO Obabara egokitutakoaren esanetara daude. Honela definitzen zaigu mintzoa Txoriak sugeari begiratzen dionean errelatoan: “Itsasoak eta mendiak baino zaharragoa den lege batek agintzen die, eta erremediorik gabekoa zaie obeditzea”. Azken batean Bibliakoa baino zaharragoa den, edo Bibliako Mintzoak berak ere errespetatzen duen, naturaren lege gupidagabea da Mintzoa. Txoria, kattagorria, sugea eta antzarak dira Bi anaiko kontalariak, eta kontakizuna urtaroen gain eraikitako mundua da. Lau urtaroen babesean eraikitako mundu hori laua da, horizontalean ikusi behar dena, ezer besteren gainetik nabarmentzen ez den mundua. Udaberriari uda, eta udari udazkena, eta udazkenari negua ondo-ondotik doakion eran; txoriari sugea, eta sugeari kattagorria, eta kattagorriari antzara joango zaizkio. Izan ere, Obabako munduan V bat zeruan eginez, joan-etorrian igarotako antzarek esanahi berezia baitute: negua iragarriz urte sasoien itxiera iragartzen dute antzarek, eta itzuleran datozenean udaberriko irekiera. Paulo eta Daniel antzara bilakatuz amaitzen da nobela. Bilakaera horrexek erreskatatzen ditu bi anaiak heriotzaren trajediatik. B. Atxagaren Bi anai da, A. Lertxundiren Hamaseigarrenean aidanezekin batera, 80ko hamarraldiko nobelarik bikainena.

 

Pako Aristiren nobelagintza: Belandiako biolentzia gordina

Kcappo 1985ean argitaratu zen. Artean idazleak hogeita bi urte zituen. Nobelagile goiztiarra eta ugaria dela frogatuta utzi zuen Pako Aristik 80ko urteetako nobelagintzan: Kcappo (1985), Irene (1987) eta Krisalida (1990) argitaratu zituen, aurreneko nobelarekin iragarri zuen trilogia egia bihurtuz.

Hiru nobelak mundu eta mentalitate erruralak pisu handia duen auzune eta herri txikien tamainako leku batean gertatzen dira.

Irene nobelatik aurrera leku horri Belandia deritza. Sonataren ohiko lau mugimenduak hirura ekarriz, nobela bakoitzari tempo edo erritmo narratibo bat txertatu nahi izan dio.

Kcappo nobelak lortu zuen arrakastarik handiena.

Batez ere Kcapporekin, betiere Irene ahaztu gabe, irakurlego zabalarengana iritsi da Aristi, eta gaur egun idazle ezagunik baldin badago, bera da horietako bat.

Pako Aristik eskaini digun narratiba ez da aise ezkontzen honako edo hango literatur tradizioekin. Hego Ameriketako literatura guztion ahotan zebilen garaian, Baroja, Delibes edo Cela jarraituko zituen gertuagotik seguru asko. Eta, beharbada, literaturaren beste harrobi eguneratuago horiek deskubritu zituenean, ordurako Ireneren eta Krisalidaren sasoian gaude, bere estilo uholdetsu eta etorri-erraza motelduegin zen. Izan ere, P. Aristiren idazkera errendiezina da, horretan barojianoa da, estiloak bost axola zaionaren pasioarekin kontatuko baitu. Alde horretatik, gorabeherak daude, egon, orekaren aldetik; esate baterako, Irene nobelako bi zati bereizien artean, lehen hamar kapituluak batetik eta hari detektibeskoa garatzen dituen azken bostak, bestetik. Uholdeka eta askotan galgarik gabe idatzitako aurreneko nobela da, horretan ere, ondoen atera dena. Gauza asko kontatzen dira P. Aristiren nobeletan, eta gauza asko kontatzeak esan nahi du gauza asko gertatzen dela nobela horietan.

Gertaera gordinak dira gehienetan: sexuharreman biolentoak, biolazio eta haragikeria sexual grinatsuak, intzestuak, hilketa odoltsuak, urkatzeak eta abar. Badago Pako Aristiren tenperamentu narratiboan, Espainiako narratibagintzan “tremendismo”az edo ulertu nahi izan zena, biolentziaren gordintasuna nobelaren ardatz zuen estiloa definitzeko.

C.J. Celaren La familia de Pascual Duarte jarri ohi da beti haren adibide gisa.

Hala ere, esan beharra daukat, badagoela Celarenean P. Aristirenean ez dagoen biolentziaren estilizazio bat ere. Kcappoko gordintasunak are oinarrizkoagoak dira, elementalagoak.

Gertuago daude “literatura de cordel” deritzan tradizioan ohikoak ziren kontakizunetatik; egia da ez dugula Kcappon “itsu erromantzeen” kontalaririk, bai ordea azokarik azoka bertso-paperak salduz bizitza ateratzen duenik. Aipatu berridudan tradizio horretan arruntak dira hilketa izugarriak, sexu harreman beldurgarri eta arbuiagarriak, eta abar; azken finean herri xehea goitik behera zirrararazi ohi zituztengertaerak. Izan ere, ez baita ahaztu behar, bertso-paperen eroslea ere herri xehea izan dela, mentalitate tradizionalean bizi den jendea duela Santosek bere bertsoen hartzaile.

Bi anairen kasuan esaten nuena errepikatuko dut, urrun gaude oso ohitura nobelen erruralismo, didaktismo eta gezurrezko mundutik. Moral faltsu hura urratu da eta pasioz eta gorrotoz gainezkako munduak lehertu dira P. Aristiren nobelagintzan.“Barojaren nobelagintza eta euskal nobelaren etorkizuna” (1982) deritzan artikulu bat argitaratu zuen J.M. Lasagabasterrek «Jakin» aldizkarian. Barojaren nobelagintzak euskal nobelari eskain ziezaiokeen bide eta irakasbideez hitz egiten da bertan. Nik uste dut, zein beretik –eta bakoitzaren nortasun literarioaren arabera beti ere– jaso dutela euskal nobelagileek lekuko hori. Alde horretatik, gertuago egon zitekeen haren nobelagintzatik Aristi bat Saizarbitoria bat baino. Edo, zer esanik ez, Aingeru Epalzaren Sasiak begiak baditik (1985) nobela, nobela ederra eta ondo asko kontatua. Lehen karlistaldian kokatu dira nobelako gertaerak. Bando karlisten hondamenaren ondoren liberalengandik iheska doan Pedro Mari Arrieta, patuaren joko petral baten ondorioz, patrulla karlista baten eskuetan erori eta espia liberal ospetsu batekin nahasten dute. Harrezkero nortasun bikoitza bizi du protagonistak, Torres tenientea batzuetan eta Pedro Mari Arrieta besteetan: Behaketarako zehaztasuna etaekintzak erabakitzeko estilo zaluan Barojaren estiloa gogorazi digu A. Epalzaren nobelak. Karlistaldien gaiak, Zalakain eta ahaideak oso kuttun izan zituen Barojak.

B. Atxagak ere aspalditik buruan bueltaka zebilkion istorioa mamitu zuen Sara deitzen den espia baten izena (1996) nobelan.

Epalzaren nobela eta Atxagaren nobela mundu narratibo berberetik hornitu dira.

 

Modernitarearen bi aurpegi: Juan Luis Zabala eta Pello Lizarralde

Bi idazle hauek elkarren alboan jartzeak ez du esan nahi ezaugarri berberekin bien literatur munduak uler daitezkeenik. Aitzitik, Modernitatean sortutako zinezko emaitzak ezin dira beren artean konparatu, bere autonomia jatorrizkoenean atzematen dute lan horiek duten zentzua. Bereziak dira. Eta erokeria baizik ez da berezitasun horretaz haragoko beste ezaugarririk bilatu nahia; izan ere, balizko ezaugarri hori Modernitatea bera baizik ezin baita gertatu. Modernitatea, baina, ezaugarri bat al da? Ala kontzeptu bat? Kategoria bat? Esan dezagun munduari begiratzeko eta sentitzeko modu bat dela. Eta modu hori, horrela esanik hain abstraktu gertatzen den hori, nobela konkretuetan aletzen dela. Horra zer esaten digun Juan Luis Zabalak Kaka esplikatzen (1989) nobelari buruz: «Liburu gaixo bat da hau,inoiz, besteak beste, Fernando Pessoak, Cesare Pavesek, Thomas Bernhardek edo Peter Handkek egin izan dituztenen antzekoa neuk esan behar banu eta literaturako hainbat izen handi aipatu behar banitu». Juan Luis Zabalaren nobelagintza oso barnerakoia eta gogoetatsua da, intimista eta intelektuala.

Munduaren eta gizakiaren aurrean sentitzen duen errebeldia sakona disimulatu gabe erakusten duen literatura da berea. Gogoetaren eta barne-sentipenaren hariak agintzen du haren nobeletan, haren arabera eraikitzen da nobela. Munduaren aldetik jasandako erasanak sakonegiak izaki estiloari erreparatzeko. Zigarrokin ziztrin baten azken keak (1985) da egilearen lehen nobela.

Ez da gauza bera gertatuko Pello Lizarralderen lanetan. Estiloa da, estiloaren finezia, Lizarralderen lanetan nabarmentzen dena. Estiloa, azken finean, kontatzeko modua da, eta Lizarraldek, kontatzen duena kontatu, betiere objektibotasun zehatza du ikuspuntutzat. Kontatzeko era zorrotz hori, ikuspuntuaren erabilerak behin ere hutsik egingo ez dion estiloan idatziz liburua, nobelaren edo ipuin liburuaren ezaugarri nagusia bihurtzen da. E pericoloso sporgersi (1984) da bere lehen nobela. Irakurlea eroso sentiarazten duen idazketa zorrotz eta objektibo batean garatzen da Joxe Azkueren bidaia.

Ezkondua eta bi semeren aita eta kooperatibako teknikaria da protagonista. Haren gogoeta eta bidaia-ibilerak guztiz arruntakdira. Nork esango gizon arrunt eta gris horren baitan balizko estranguladore bat zegoenik.

Kontaketa objektibo eta laua irauliz, Euskal Herrira itzuli aurreko gauean, lanean berarekin aritu den hango idazkariarekin oheratu eta gorbatarekin ito egingo du. Hatza Mapa gainean (1988) istorio onirikoa da. Amets-giroan gertatzen den ihesaldi amaigabea kontatzen zaigu bertan.1984an Sargori ipuin liburua argitaratu zuen; egilearen libururik onena da. Narrazioaren baliabideen eta teknikaren erabileran maisu agertzen zaigu. Ipar Ameriketako kontalari trebeenak bereganatuak ditu Sargorik: hasi Faulknerren Hegoalde dentso eta izerberatik, Raymond Carver eta Tobias Wolffen esaldi motz eta ebakitzaileetara.

 

90eko nobelagintza

90eko euskal nobelagintzaren norabideak eta estiloak banan-banan aztertzeak luze joko liguke; izan ere, asko baitira hamarraldi artean ahitu gabeko honetan idatzi diren nobelak. Esan bezala, gai eta traza desberdin ugariko ekoizpena mende amaierakoa. Urte hauetako ekoizpenari begiratuz gero, nabarmena da nobelagintzak izan duen igoera. 80ko urteetan generorik aberatsena, eta emaitzarik umoenak eman zituena ere bai, ipuingintza izan zen. 90eko urteotan, berriz, nobelagintza bilakatu da generorik landuena.

Inguruko beste literaturetan gertatzen ari den fenomeno berbera dugu hemen ere: garai batean ipuingintzaren eta poesiagintzaren esparruak landutako idazle asko eta asko nobelagintzara igaro dira 90eko urteetan. Joera honetan, aipagarriak dira Edorta Jimenez, Itxaro Borda, Xabier Montoia, Ińigo Aranbarri, Rafa Egiguren edo Juan Garziaren izenak.

70ekoetan nobelarik idatzitako zenbaitek ere azkeneko hamarkada honetan argitaratu ditu lanik sendoenak: Erdiko Europako joeren ildoan Joxean Agirreren Gizon bat bilutsik pasiloan barrena (1991) edo Aingeru Epalzaren Ur uherrak (1993) nobela bikaina. Beste maila batean kokatuko genuke Joxean Sagastizabalen arrakasta handia; Kutsidazu bidea, Ixabel (1994) nobelak irakurlego zabal baten onespena lortu zuen. Gure artean kontsumoko nobelarik izatekotan, horixe dugu horietako bat. Zientzia fikzioa eta polizia nobelak lirateke kontsumoko ohiko beste generoak, eta gurean ere bada bide horiek jorratzen dituenik. Eta nobelagile gazteenen artean Harkaitz Canoren Beluna Jazz (1996) lan estimagarria aipatu nahi nuke.

Lehendik ere arrotza ez bazen euskal nobelagintzan Gerra Zibilaren gaia, 90eko urteotan areagotu da haren oroitzapena; belaunaldi zaharragoaren oroimenaren jazargoa ezin saihestuz, nonbait. Asko dira gerra garaiko gertakari eta pasadizoetara itzuli diren nobelagileak: Joxemari Iturralderen Izua Hemen (1990), Luis Mari MujikarenLoitzu herrian uda-partean (1993), Patxi Zabaletaren Badena dena da (1995) edo Ramon Saizarbitoriaren Bihotz bi (1996). Eta azkenik, ETAk gure imajinarioan utzitako arrastoa aztergai duten lanak.

 

ETA eta gure literatura

Lehentxeago edo geroxeago idazleen imajinarioan atea jo eta bere eskubideakeskatu behar zizkien nobelagile eta besteri, gizartean ohikoa bihurtu den gatazka egoerak. Izan ere, nahi ala ez nahi, urteak pasa ahala gero eta nabarmenago ikus daiteke ETAren eragina euskal kulturaren zirrikitu guztietan. Alde horretatik, idazle askorengana iritsi bide da beren barne munduan burubide pixka bat ezartzeko beharra. Behartuta dago idazleamemoriaren munduari erantzuten, haren aginduak betetzen, eta betebehar horri zintzo heldu dionik bada gure artean.

Nobelak hartzen duen taxukeraz harago, interesgarriagoa da idazleak berak bere iraganarekin egiten duen kontu garbiketa, iragan gertuaren, eta ez hain gertuaren, psikoanalisia. Poesiatik antzerkiraino, ez dago literatur generorik gatazkaren ondorioetatik kanpora geldituko denik.

Honako honetan nobelagintzara mugatuko da gure ahalegina, eta 90eko nobelagintzara bereziki.

Asko ez izan arren, dexente ziren 90eko urteak baino lehen, ETArekin zerikusirik zuten nobelak. Honako hauek dira aipagarrienak: X. Amurizaren Hil ala bizi (1973), R. Saizarbitoriaren Ehun metro, M. Onaindiaren Gran Placen aurkituko gara (1983), Txillardegiren Exkixu (1989), Hasier Etxeberriaren Mugetan (1989). Eta 90etik aurrera honako hauek ditugu: Mikel Hernandez Abaituaren Etorriko haiz nirekin (1991), B. Atxagaren Gizona bere bakardadean (1993) eta Zeru horiek (1995), L. Mintegiren Nerea eta biok (1994), R. Saizarbitoriaren Hamaika Pauso (1995) eta Patxi Zabaletaren Arian-arian (1996).

90etik aurrerako nobelagintzaren ikuspegi honetan hiru nobelagileren lanekin arduratuko naiz: A. Lertxundi, B. Atxaga eta R. Saizarbitoria.

 

Anjel Lertxundiren 90eko nobelagintza

A. Lertxundik aspaldidanik erabili zuen Europako Ipar eta Hegoaren tarteko paisajea eta jitea, Hunik Arrats arteanetik (1970), Aise eman zenidan eskuako (1979) ipuin batzuetan, eta handik Carla (1989) nobelara, betiere Hego Ameriketako narrazio-ereduaren kontrapuntuan. Kapitain Frakasarekin sakonago murgildu zaigu Europako tradizioan. 1987an argitaratu zuen Tobacco Days kotrabandoaren munduan harilkatutako abenturatik Carla nobelara egileak eman zuen urratsa oso haundia da. Zein ote tamaina horretako jauzia eragin zuen arrazoia? Egilearen beraren barne-bilakaera inoiz baztertu gabe ere, literaturaren ikuspegitik begiratuta erantzun batzuk aurrera daitezke: 1987an I. Mujikaren Azukrea belazeetan argitaratu zen, eta Lertxundik berak artikulu batean aitatu zuen bezala, ordura arteko paisaje errural, basoko eta herrikoagoak ere betiko gainartuta utzi zituen lan handi baten argitarapena gertatu zen, Bernardo Atxagaren Obabakoak (1988).

Atxagaren lanaren eragina handia gertatu zen euskal idazle eta literaturaren corpus osorako. Lan horrek erronka zailagoetara bultzatu zuen Lertxundi. Carla izan zen literaturarekin konpromezu serio horretan lehen emaitza. Eszenatokia, kontamoldea eta baliabideak berriak zitzaizkion egileari.

Gainera puzzleak, ispiluak, mise en abîmeak, marrazki espresionistak, errealitate eta fantasiaren arteko nahasmenduak, eta, ondorioz, eromena agertzen da Lertxundiren nobelan. Ezin esan nobela arrakastatsua izan zenik. Alderantziz ere ez. Nobela horretan, egileak, baliabideen eta hizkuntza literarioaren aldetik, tour de force ikaragarria mantendu zuen. Trantsizio nobela da: S. Altuberen sintaxia muturreraino saiatu zuen nobela horretan, betiko alde batera utzi behar dela garbi frogatuz. Izan ere, nobelaren eramanezintasun horren arrazoietako bat horixe baita, erabili nahi izan zuen sintaxi eredua. Hizkuntza literario eta mundu berrien esplorazio sasoia izan zen Carla, gorago esan dudan bezala; trantsizio nobela baten aurrean gaude. Carlaren saioaren ondoren ziurtasun handiagoz heldu zion hurrengo proiektuari: Kapitain Frakasa (1991). Grahan Greene edo tradizio poliziakoa gogoratzen digun Kapitain Frakasak mafioso talde baten barruko korapiloak kontatzen dizkigu. Nobela modernoaren heroi hunkigarrienak pertsonaia arrunt, xume eta anbiguoak izan dira. Haien heroitasuna norbere baitan aztarka bildutako bizipusketak idatziz jartzera mugatu ohi da. Izan ere, jasanezina zaigu taxu eta zentzurik gabeko bizitzarik: bizitza fikzioaren zedarrietan eraiki beharra dago. Are gehiago, nobela honetan gertatzen den modura, Kapitain Frakasak porrotaren arrazoiak ere ezagutzen ez dituelarik. Hala ere, badaki zerbait, alegia, nondik datorren ez dakien pasaporte hori eskaintzen zaionean, bereak egin duela. Aurrerantzean, atsedenik gabeko oroimenaren azterketa urduria baino ez zaio geldituko. Helburua ez da, dagoeneko, ihes egitea, baizik eta ezerezaren atari huts ez bilakatzea heriotza. Horixe da nobela honetako protagonistari geratzen zaion heroizidade mixerablea. Bere buruarekiko kontugarbitzea luke garaipen, erredentzio badaezpadakoa.

1994an Otto Pette argitaratu zuen nobelagileak.

Nobela zaila eta korapilotsua.

Carlarekin konparatuta aurrerapauso inportantea.

Carlan artean gordin zeuden baliabideak ondo menderatuta darabiltza azkeneko nobelan.

Erdi Aroan girotutako nobela da Otto Pette. Ez dakar nobelak ez denbora historikoari buruzko erreferentziarik, ez espazio geografiko errealen aipamenik. Nobelaren antolamendu horrekin garbi uzten du nobelagileak ez duela Erdi Aro historikoki zehatz batean kokatu nahi izan bere nobela.

Otto Petterena Erdi Aro sinkretikoa da. Hau da, nobela honetako buruhausterik handiena ez da izan erabili diren Erdi Aroko elementu eta estereotipoak arretaz zaintzea. Ez zuen horren beharrik nobelagileak, ez baitzion segizio zehatz horren faltak inongo kalterik ekartzen nobelari. Badira, hala ere, nobelan zehar zantzuak gutxi gorabeherako Erdi Aro batean kokatu ahal izateko. Nobelan deskribatzen zaigun Errondalen koadroak XV. mendeko Jean Van Eyck pintorea du inspirazio iturri. Jean Van Eyckek 1430ean margotutako Arnolfini senar-emazteak koadroan ere hantxe dago gelaren barrenean ispilua, koadro osoa bikoizten.

Errondalek ere oleoa asmatu zuen nobelaren barruan, eta baita J.V. Eyckek ere. Hori guztia XV. mendeko lehen zatian gertatu zen. Nobela barneko Erdi Aroko keinuetara jaitsiz, nabarmena Fiamettarena da. Fiametta horixe dugu Boccacioren Dekameron liburuan, beste bost lagunekin Florentziako hiria utzi eta izurriteari ihesi kanpora zegoen jauregi batean ostatu hartu zuen pertsonaietako bat. Beraz, badira keinu horretan pare bat puntu aintzat hartzeko modukoak.

Bata, izurritea bera, eta Erdi Aroaz eta izurriteaz hitzegiten ari garenean, XIV.. endeko izurriteaz ari gara gehienetan, hau da, 1348an Europako biztanlegoaren heren bat bere segaz hil zuen izurrite ankerraz.

Gaitz horretaz ilustratzeko orduan Daniel Defoeren A journal of the Plage Year (“Izurritearen urteko egunkaria”) izan du gidaliburu egileak.Otto Pettek ez du zerikusirik Mendebaleko literatur irakurlegoaren imajinarioa elikatu duen zenbait Erdi Arorekin, hala nola Cervantes eta Ariostoren ametsekin, Walter Scott eta Eco berarenekin ere. Ecoren Il nome della rosa nobela historikoa ez baldin bada ere, Erdi Aro historiko horren disziplinara errenditzeko bokazioa agerian du.

Hala ere, badu Lertxundirenak Erdi Aroko beste zenbait imajinariorekin amankomunagorik, esate baterako Erdi Aroa aitzakiatzat hartu duen ametsarekin: Erdi Aroan girotutako gertaerak izan arren, literatur pultsioan egungo norabidetik zuzendua dago.

Gauza asko kontatzen dira Otto Petten.

Zein da, baina, nobelaren estratejia narratiboa? Otto Pette bere urrutiko jauregian dago izurriteak jota. Heriok bereganatu baino lehen bere barnearekin kontu-garbiketan agertuko zaigu protagonista nagusia. Nobelan zehar agertzen diren beste pertsonaia guztiak oroitzapenaren ganduak ekarritakoak dira. Otto Petteren bizitzaren pasadizo eta enkontru jada urruti eta lausoetatik heldutako mamuak. Hala dira Errondal eta Ionane, eta halaxe Battis Tobera eta satorjaleak.

Benetako pertsonaien gorputzarekin nobelan barrena ibili ondoren, Izurrite Beltzak gonbidatuko ditu Herio-dantzara. Otto Pette ere Heriok eramango du, azkenean, herrestan.

1996an Azkenaz beste argitaratu berri du “Ifrentzuak” sailean.

 

B. Atxagaren 90eko nobelagintza: gizon-emakumeak beren bakardadean

Obabakoak liburutik Behi euskaldun baten memoriak liburura pasatu ginenean, fabulatik historiara heldu ginen, edo zehazkiago adieraziz, fantastikotasunaren gailurretik mundu errealistago batera. Bigarren liburu horretan datak dabilzkigu saltoka, 1936, 1940 edo Gerra Zibilari buruzko aipamenek alderik alde zeharkatzen dute liburua.

Beraz, denbora zehazgabetik historiaren denbora zehatz eta gertuagokora pasa gara Behi euskaldun baten memoriak liburuarekin.

Obabakoak liburuan badago noski denbora historiko bat, egileak berak argitu du gorabehera hori behin baino gehiagotan, liburuko gertaerak mende hasiera inguruan irudikatuz.

1982ko munduko futbol txapelketa jokatzen ari da eta ETAko komando bat dauka gordeta Carlos deitzen dioten pertsonaiak Bartzelonako kanpoaldean dagoen hotel bateko okindegi batean. Liburuko lehen orrietako Carlosen aurreneko amets jelatutikaurrera bost egun besterik ez dira igaroko nobelan. Bost egun horiexek dira, beraz, Gizona bere bakardadean nobelako bizkarrezurra. Bost egun horien erritmo antolamenduan datza nobelaren xarma eta nobelaren aziertorik biribilena. Erritmo hori nobelak hasiera-hasieratik planteatutako suspense egoeran errendituko da. Suspensearen baliabideari harik eta etekin handiena ateratzeko moduan dago garatuta nobelaren erritmoa. Nobelaren abiapuntuko tentsio unea, inoiz baretu beharrean, areagotu egingo da nobelak aurrera egin ahala: zenbat eta poliziak okindegiko arrastotik gertuago, orduan eta tentsio unean koska bat estuago.

Lau urte kartzelan igaro ondoren, eta hogeita hamazazpi urte dituelarik, Bartzelonan autobusa hartu eta Bilbora bidaia egiten duen emakume baten istorioa kontatzen du Zeru horiek nobelak. Txantajeatzeko emakumea estutzen duten polizien ahotik dakigu “damutua” dela Irene. Egungo egoera larrienean kokatzen du Atxagak bere pertsonaia, eta guztiz gatazkatsua gertatzen den mundu batera ekarri du. Bakardadea du Irenek bidelagun. Carlosen eta Ireneren nortasunak ez dira berdinak. Carlosen nortasunean sakontzeko orduan, “Arratoia”rengana jaitsi beharra dago ezinbestez. Carlosen bizipoza hozkatzen ari den damu-erresumina da arratoia. Arratoia damu-har horren irudikazioa da. Eta damuharraren menean eroritakoak ez du inoiz atarramendu onik. Irenek bestelako jarrera du bizitzaren aurrean. Bi behatzen artean desegiten sentitzen duen zoriontasun irudikatuak ez du Irene errendituko, ez da eragozpen bihurtuko bizitzari aurre egiteko.

Azken finean, bizitzari aurre egite hori, aurka jarri zaizkion oztopo eta trabak gainditu eta aurrera jarraitzeko erabaki sendoa baino ez da. Irenerena bizitzaren eta biziraupenaren epopeia da.

 

R. Saizarbitoriaren Hamaika pauso

Hamaika pauso halako “summa” bat da.

Sasoi historiko jakin baten presentzia baino areago, belaunalditzat-edo har daitekeen jende baten egoera intelektual eta animikoa jasotzen du nobelak. Daniel Zabalegiren inguruko gertaerek sortzen dituzten espektatiba, alarma, urduritasun eta beldurrak dira Hamaika pausoren orriak zeharkatzen dituzten ezaugarriak. Ez da funtsezkoa jakitea 1973ko udazkenean abiatzen dela Hamaika pauso edo 1984 inguruan amaitzen.

Behin baino gehiagotan irakurri beharko litzateke nobela, denbora historikoen sekuentzia nola garatzen den erabakitzeko. Erreferentzia horiek gabe ere iritsi behar duirakurleak nobelaren muinera. Dena den, badago datu bat, nobelaz kanpokoa izanik, erreferente historiko gisa berezibiko garrantzia duena: 1975eko irailaren 27an Otaegi fusilatu zuten. Erreferente hori nahikoa da, egoera historiko baten zeinu garbia delako.

Eta kanpoko zeinu hori, nobelaren irakurleak buruan duena, oso esanguratsua gertatzenda. Hori horrela delarik, bi irtenbide gelditzen zitzaizkion nobelagileari gertaera historiko horretara hurbiltzeko edo saihesteko orduan: bata kronika historiko literarioa egiten saiatzea; eta bigarrena Saizarbitoriak egin duena, nobela barnera erakarri zeinu hori, eta bertatik saiatu literaturak bereak dituen baliabideez gertaera historikoarenerreferentea neutralizatzen eta, ahal den neurrian, ahantzarazten, are sinesgarriago eta literarioago bilakatuz erreferente hori, autonomia osoko nobela eraikiz.

Zergaitik, baina, «summa» lantzat hartu Hamaika pauso? Erantzuna: egilearen ibilbide literario osoaren adabaki, aztarna eta bilakaera intelektual eta literarioak bildu direlako bertan: literatura existentzialista (Dostoievski, Unamuno, Sartre, Camus), fenomenologia, marxismoa eta psikoanalisia, psikofisiologia, soziologia, heriotzari buruzko gaiak, suizidioa oinarri duen literatura (Rigaut, «Je serai un grand mort»), Bernhard, Pavese, nobela modernoaren maisuak (Flaubert, Joyce, Proust, V. Woolf, Gide), «nouveau roman»a (C. Simon, Butor), nouveau roman ondorengo lan zinematografikoak (Robbe-Grilleten «Pour une revolution ŕ New York»), poesia edo literatur kritika. Nobelak bere burua esplikatzeko, interpretatzeko baliabideak eta baliabide metodologikoak ere, nobelan bertan daude.

Beraz, Franco hil aurreko urteetatik hasi eta trantsizio garaian zehar ahitzen den nobelako erreferentzia intelektual eta kulturalak lirateke horiek. 68ko maiatzaren ondorenak, etsipena barne, hamar urte geroago arte egokitu zitzaizkigun bizitzea. Periodista bati hainbeste erreferentzia kulturalen zergatiaz erantzun nahian hauxe zioen Saizarbitoriak:«Liburutegia ordenatzerakoan, zelako totxoak irakurtzen genituen konturatu naiz, marxismo y sicoanálisis, el capitalismo… ulertu ere egin ez genituenak,toneladak, denak alfer-alferrik. Garai haietan denak behar zuen izan serioa, transzendentala, astuna, eta hori ere adierazi nahi izan dut! (Egin, 1996ko apirilak 28).

Alde horretatik, liburutegia ordenatu zuen modu berean, «bere mundua»rekin ere kontuak garbitu beharra zuen egileak. Eta, egia esan, ez zuen presarik hartu horretarako; baina iragandako garai horretako kontu-garbitzea amaituta dago jada.

Hiru plano ditu nobelak: «Hamaika pauso» deritzan I. Abaituaren nobela; Bartzelona eta Hondarribia arteko Ińaki Abaituaren eta bere ingurukoen ibilerak (Eduardo Ortiz de Zarate ere barne); eta egilearengandik oso gertutik aurreko bi planoak antolatu, planoen arteko zuloak bete eta, finean, nobelaren irakurketa ziurtatzeko lanean ari den kontalari nagusia.

Bigarren mailan I. Abaituaren fikziozko nobelagilearen harreman sentimentalak garatzen dira, eta urteak aurrera egin ahala, heriotzaren fijazioa handiagoa bihurtuko zaio eta bere burua botako du.

Nobelaren bi giltzarri sinboliko nagusiak hauek dira: batetik Abaitua hiztegigilea nobelagile bilakatzen duen kontakizun haria, eta Ortiz de Zaratek Abaituaren erlojua bere eskuturrean hartzearekin batera, nobelan hartzen zuen protagonismo menderatzailea.

Psikoanalitikoki aitaren funtzio zikiratzailea bereganatuz, Abaituaren etxe eta mundu afektibo osoaz jabetuko da. Daniel Zabalegiren inguruko zenbait pasadizo benetan dira ederrak.1996an Bihotz bi. Gerrako kronikak nobela argitaratu du Saizarbitoriak. Iraganarekiko arazo eta kontuak garbitu ondorengo emaitza da nobela hori. Planteamendu eta kontamoldeen aldetik konplikaziorik gabea. Bi plano nagusi ditu nobelak: “Hanbre” deritzan taberna batean kontatu, edo, hobeto esan, behin eta berriz kontatutako Gerra Zibileko pasadizo anekdotikoak eta Flora eta kontalari izengabearen arteko eguneroko gerrak. Ironia eta umorea dira nobelaren baliabide nagusiak, eta hori gainera bikote baten arteko egunerokotasun mixerable eta arrunta erabakitzen den uneetan.

Maitasunaren erromantikokeriak bazterrean utzi eta gelditzen den hondoa du nobelak kontagai: berekoikeria, jeloskeria, samurtasuna, errukia eta gorrotoa.

Memoria oroimin iheskor bihurtu delarik, Paradisutik noragabetuta Donostiako kaleetara kondenatutako gizaki arrunt eta mixerable horien bizitzan ernetuko al da –poeta parodiatuz– behiala landatu zen lorerik? Ironiak azpitik jana daukan lur horretan ezin ordea haren parodia baino errepikatu.

Nekez ernalduko da lur horretan, Bioletaren fantasiaren antzeko ez den ezer.

Saizarbitoriaren azken nobelaren ondoren aipatu nahi nuke Juan Garziaren Fadoa Coimbran (1996). Harenarengandik zeharo bestelako nobela izanik ere, badute beren artean amankomunik.

Nobelagintzaren munduan ere irakurleaz gero eta maizago hitz egiten da. Mende hasierako literaturak ekarri zuen bilakaeran, irakurlearen estereotipo zaharkituak zeharo aldatu behar ziren. Artistak bere gainhartu zuen, politikagintzan beren burua abangoardiatzat zutenen hein berean, sentsibilitate iraulketa horren ardura. Literatura berria behar zuen mundu berriak, eta baita irakurle berriak ere. Gaur egun Modernitate haren hondarrak bizi ditugu, eta proiektu hura azkenetan dago. Gauzak horrela, Postmodernitateaz edo gutxienez Modernitatearen agorraldiaz hitz egiten da. Ibilaldi horretan mutur batetik bestera igaro da egile/irakurle binomioaren arteko oreka. Lehenago egilearen baitan, haren «gorputzaldiak» eskatzen ziona egoeraren diagnostikorik zuzenena bazen, gaur egun irakurleak eskatzen du beretzat eginkizun hori. Irakurlegoaren eta gehiengoaren nagusigopean, artea eta literatura salerosketan neurtzen diren beste objektuen parera etorri dira.

Mundua eta gizakia eraberritzeko edo aldatzeko barne-egarria itzali delarik, artea orokorrean eta literatura konkretuki sekularizatu egin dira. Eta nobela ere bai. Hala eta guztiz ere, ez da gaur egungo mailako literaturarik inoiz idatzi.

 

Mapak eta istorioak.

Euskal ipuingintzari begiratu bat

Mendebaleko beste lurralde batzuetako nekazal eta arrantzale giroan garatutako kultur ikuspegiaren antzera, aberatsa izan da, gurean ere, ahozko tradizioa. XIX. mendeko gizarte aldaketarekin batera ekin zitzaion galbidean ikusi zen tradizio aberatshorren biltzeari. Ez dago dudarik burgesia hiritartu berriaren arrimuan hedatutako mentalitate berriaren eraginik ere egon zela tartean, galtzear zegoen mundu horren aurrean nostalgiaz belaunikatu eta ahurka estreinako ipuin bilduma idatzietan jasotzeko joera urduri horretan. Mendebaleko beste leku batzuetan XIX. mende hasieratik ezagutu baldin bazen joera hori, gurean XX.. endeko lehen zatira arte iraun zuen lan horrek. Azkue eta Barandiaranen bildumak lekuko, ahozko euskal ipuingintzari dagokionez.

XIX. mendean ere izan zen ahozko tradizio horri arreta jarri zionik; hala nola Webster edo Francisque-Michel. Lastima da, hala ere, Grimm anaiak gurean egokitu ez izana; asmatuko zuten, bestela, ahozko altxor aberats horretatik ipuin modernoari leiho bat irekitzen. Ez genuen, baina, ez Grimmik, ez Hoffmannik gurean. XVIII.. endetik XIX.erako mugan gertatutako gizarte aldaketa horren barnean sortu zen, haatik, jatorriz narrazio eredu zaharrenaren bidetik bereizten zen estilo berri bat. Ipuingintza horren esparru naturala, erromantizismoaren uhinekin batera hedatu zen sentiera eta sentsibilitate berria dugu. Esate baterako, ordu arte ez bezalako funtsa izango du aurrerantzean idazlearentzat sorketa lanaren orijinaltasunak. Iragan mendeetan ez zen hori balore estetiko premiazkoena, inondik ere. Modernitatearen atari horretatik aurrera, aitzitik, autorea –sortzaile gisa– eta sormen orijinala inoiz ez bezala hartuko dira aintzat. Artearen barneko bilakaera horretan, harrezkero ezagutu zaion prestijioaren igurtzia bereganatuko du ipuinak bere autonomia jatorrizkoenean. Horrekguztiak agerian uzten du ipuingintzaren helburuetan Erdi Aro eta Berpizkunde inguruko ipuin bilduma haietatik gaur egunekoetara gertatu den bilakaera: ipuin modernoa ez da, ez sortzez eta ez moldez, inongo bildumaren morroi. Euskal literatura urrundu samar ibili da, hala ere, inguruko literaturaren ohiko bideetatik. Horregatik ez dugu aurkitzen gure literatura ondarean ipuin modernorik XX. mendearen bigarren zatira arte. Ez da, bada, nobelarena bakarrik izango narraziogintzan ikusi ohi den urritasuna; ipuingintzarena ere bada. Azken finean, modernotasun girotik urrun ibilitakoaren urritasuna da euskal narraziogintzarena.

Hiriaren eta nobela errealistaren mendean ez zuen gure narratibak halakorik susmatu; Poe, Maupassant eta Txekhoven garaian ez zuen ipuin modernorik ezagutu.

XIX. mendea ia osorik galdu zuen gure narratibak. “Ia” horretan, hala ere, salbuespen gogoangarriren bat biltzen da; bere aurretik P. Axularren eta Tartasen antzera, Agirre Asteasukoak-eta idatzi zuten bizietsenplu ere baziren istorio franko. Didaktismoa eta xede ebanjelizatzailea agerian dago idazlan horietan. I. Mujikak azaltzen duen moduan, ipuina hitza gezurraren eta asmazioaren sinonimotzat darabil Agirre Asteasukoak.

Bere garaiko gizona hura ere.

Zertan da harrezkero gure ipuingintzaren izatea? Hona I. Mujikaren hitzak: “Ipuingintzak bere erroak haur literaturaren pentzean baditu, garbi dago ipuingintza modernoaren bilakaera beste bide batzuetatik joan dela.

“Euskal Herrian ere, ipuinak beti izan du haur literaturarekin harreman estua.

Ipuingintza moderno eta helduentzakoa bete-betean A. Lertxundiren Hunik Arrats artean ipuin bildumarekin hasten da (Lur, 1970). Uler bedi afirmazio honetan, ez ipuin solteak, eskuarki, aldizkarietan erdi galduak edota liburu kolektiboetan agertu zirenak (Elerti 69 eta Literatura 72 kasu); ipuin liburuez ari gara. Ipuina formula autonomo eta osotasun bete baten asmoz egina. Ordu arte hor zeuden Nemesio Etxanizen saio batzuk –Grill-Guibert imitatu nahian, ez da txantxa gero!–, Jautarkol lehenago, beste batzuk bezala, bide tradizionalagoetatik beti ere. Ipuin liburuaren osotasunari buruz saio garbiak aipatuko genituzke, 1960. urteaz geroz egin zirenak. Lehena, Martin Ugalderen Iltzalleak (1961) izango litzateke (Ereinek, 1985. urtean euskara batuan eta bere literatura sailean Hiltzaileak izenburuarekin berrargitaratu zuena); Venezuelan ezagutu zuen argia eta horregatik eragin murritza izan Euskal Herrian. Baina lehen aldiz gai jakin bat hartu eta burutua izan zen batasun literario handi eta duin batekin.

“Ondoren hiru izen aipatu behar genituzke: Gabriel Aresti, Jon Mirande eta Jean Etchepare gaztea. Eta elkarrekin batera aipatzeak badu arrazoin jakinik, bai baitituzte hirurok alderdi amankomunik.

“Hiruretan inork ez zuen bere kabuz ipuin bildumarik argitaratu. Hirurenak bildu eta hil ondoren argitaratu zizkieten bedera, batzuk besteak baino lehenago.

“Arestik Eganen argitaratu zituen bereak 1957-1962 bitarte horretan eta 1979. urtean bildu eta liburuki gisara kaleratu zuen G.A.K.P.-ek Koldo Mitxelena eta Ibon Sarasolaren eskutik: Ipuinak zuen izenburua.

Miranderenak, berriz, 1984 urteararte ez ziren liburu batean bildu eta argitaratu era logiko batean. P. Urkizuri zor zaio lan hori (Gauez parke batean –Ipuin izugarriak–, Elkar, 1984)”. (“Ipuingintzaz” HEGATSEZ 5.. enb., 1991).

Jean Etchepareren liburua 1963an Goiztiri argitaletxeak eman zuen argitara Mendekoste gereziak eta beste izenburuaz.

Hori euskal ipuingintza modernoaren atariari dagokionez. Ipuingintza horren sendotze garaiari erreparatuko bagenio, berriz, 70-80eko azkeneko urteetara jo beharko genuke.

Urte horietan Pott taldearen baitan literaturaren barruko beste paraje batzuk harrotzearen aldeko joera zabaldu zen.

Duela gutxi esaten zuen J.M. Iturraldek «Galeuzca»n, berena tradizio anglosaxoiaren harrobira jotzea izan zela: nobela poliziakoa, zinema, abenturazko fikzioa eta abar. Izan zuten, nahiz eta bakanetakoa izan, sentiera bereko euskal aitzindaririk: Jon Mirande. Jon Miranderen mundu narratiboa Poerengandik Kafkarengana zabaltzen zen. Pott bandako partaideek ere ibili zituzten bide horiek. Bai horiek eta bai Borgesek erakutsitako bidezidor bat baino gehiago. Borges ekarri badut harira, ez da izan bere eragin zuzenik sumatu dudalako gure ipuingintzan, halakorik gertatu bada ere. Ordura arteko literaturan aukeratuz, mapa fantastiko bat eskaini zion irakurle harrituari. Eta ipuina zen mapa fantastiko horretan generorik preziatuena. Borgesek berak berrantolatu zuen fikzio mudu horrek literaturaren aurrean jartzeko modu bat famatu zuen, literaturarekiko eta munduarekiko etika eta estetika bat. Eta zinez arrakasta handia lortu zuten Borgesen ikuspuntu berriek. Ez zen gurean bakarrik gertatu horrela, makina batek begiratu du idazle argentinarrak maileguan pasatako literaturaren begitxulotik; haren arrakasta unibertsala izan da, are literaturan moderno izateko eredu edo modu bat eratzerainokoa. Eta, ikuspegi hori bai aurkitu dudala Pott bandaren izpirituan ere.

1970eko azkeneko urte horietan irakurle berri bat sortuz joan zen, sentsibilitate berri baten eskakizunari erantzutera zetorrena.

1975etik aurrera gertatu zen, egia esan, sentsibilitate berriaren eskaintza hori.

«Ustela» aldizkaritik «Pott»era, eta handik «Susa»ra, urratutako bidea horren lekuko.

Oso oker ez banabil, publiko berri horren heziketa/gustua hornitzera etorri zen B. Atxaga, Etiopiako ipuinekin eta “Joxe Franzisko” (1978), “Drink Dr. Pepper” (1979), “Camilo Lizardi” (1981), “Post Tenebras spero lucem” (1983) eta abar luzearekin.

Joera berri horrek ez zuen etenik izan Obabakoak (1988) liburua arrakasta handiz argitara eman zuen arte. Obabakoak da euskal literaturako lanik ospetsuena, berarekin lortu zuen egileak 1989an Sari Nazionala.

Esan beharra dago lan askok agerian duen ahozko tradizioaren jiteak, eta Agirre Asteasukoaren kontaera moduak, Ziutateazeko edo Etiopia-ko irakurle urri baina leial harengandik irakurle zabalago batera egin zuela jauzia. Irakurlego hori tradizionalagoa zen, eta nonbait hezita izatekotan, XIX. mendeko narraziogintza klasikoan hezia zen.

Bien bitartean, gorago aipatu dudan mapa hura irakurle askoren literatura ondare bilakatuz joan zen. Hitzaldietan, besteak beste, mapa horren zirrikitu ezkuturen bati egiten zitzaion bisita. Gauzak horrela, literaturan moderno izateko beste eredu bat eskaini zuen autoreak, eta artista gisa, hantxe utzi zuen islatuta bere irudia. Literatura lanetan, ordea, beste norabide batzuk ere urratu zituen. Esan berri dudanez, kontaketaren mantsotasunak eta kontagai aukeratutako mundu puska edo paisajeak, modernotasun zalapartari eta urdurietatik erabat aldenduta zebilen irakurle askoren arreta eta oniritzia bildu zuen.

Hiru atal nagusitan bana daiteke Obabakoak liburua: haurtzaroaren garaiarekin zerikusirik duen Obaba, Villamedianakonarrazioa eta «Azken hitzaren bila» fantastikoa.

Hiru paisaje desberdin agertzen dira atal bakoitzean: Obaba baso/mendia da, eta bertako istorioak urruti zehazgabe batean gertatzen dira; Villamedianakoa Gaztelako mesetan dago kontatua, eta hango lautasunak ere badu eraginik pertsonaien mundu ikuskeran; eta azkenik «Azken hitzaren bila» fantastikoak hirian eta ziutatean kokatutako istorioak biltzen ditu. Azken atal honetan, Obabara itzultzen gara, edo bertatik abiatzen gara, baina Obaba hori haurtzaroko Obaba ilun eta izugarri harekin konparatuz askoz ere modernoagoa da. Bi Obabak fantastikotasun giroan murgilduta daude, baina batean sasikumeak basurde zuritan antzaldatzen badira, bigarrenean, ziutatean, eromena eta suizidioa izango dira nagusi. Obabakoak liburua urte askoren emaitza da. Ipuingintzaren tradizio luze eta zabalaren sintesia lortzen du Obabakoakek: Poerengandik XX. mendeko azken ipuinlarien lanetaraino (Maupassant, Txekhov, Villiers de L’Isle-Adam, Schowb, eta gertuagoko Waugh, Quiroga, Rulfo, Cortázar, Borges, Singer, Ipar Ameriketako ipuin tradizioa, eta abar…); ahozko tradiziotik Joxe Arratibelen Kontu zaharrak eta «Auspoa» saila; XII. mendetik Europa liluratu duen Arabiako tradizio paregabea (Mila gau eta bat gehiago, Txinatik heldutako Marco Poloren bidaia fantasiazkoak), eta abar luzea.

Azken finean, literatura oso baten hausnarketa eta sintesi bat eskaintzen du Atxagak bere liburuan. Literatura eta bizitza bera imajinatzeko modu bat, postura bat. Munduari eta gizakiari erantzuna emateko abiapuntu eta begiratu klase berezia. Sinbolismoaren eta erromantizismoaren garaietatik landu eta garatu den tradizioa izan da berea ere. Eta, hala ere, abangoardiak eta Modernitate ausartenak erakutsitako irakasbideei ez die Atxagak ukorik egin, horra bost minututan nola ipuin bat idatzi lezioa. Literatur tradizio zaharra, ahozkotasuna, Modernitatea, zer ez; dena dago egilearen eskura eta guztion ondare da dagoeneko. Ondare aberats horrekin zer egin, horra Atxagaren azierto zoragarria.

Sarrionandiaren “Maggi, indazu kamamila”, “Enperadore eroa” eta Narrazioak (1983) liburua ditugu gorago nioen gustu eta sentsibilitate berria bete-betean hornitzera zetorren hurrengo emaitza.

Obabakoak liburuko ipuinekin batera Sarrionandiaren Narrazioak ipuin liburua da euskal ipuingintzaren emaitzarik arrakastatsuena.

Horra A. Epalzaren hitzak, Narrazioak irakurri eta handik hamar urte geroago zer zioen: «… berrirakurketari ekin diot, mesfidati, hamar urte lehenago bizi izan nuen sentipena berrituko ote nuen. Neretakoharrigarri, orduko lilura bere horretan zegoen, bat ere apaldu gabe. Lilura, haren orrialdeek ageri duten kosmopolitismoak.

Lilura, idazkera dotore nahastezinak, egilearen ama-hizkeraren eta gure klasikoen ekarpenak uztartzen dituenak.

Lilura, esaldi zehatz neurtuen elkar josketak isurtzen duen Mesianismoak. Lilura, hasi eta buka, istorio bakoitza bideratzerakoan erakusten duen birtuosismoak.

Literatura hutseko gure lehen liburutzat jo izan da testu hau (…) Nire irudikoz, egilearen xedeez harata, Sarrionandiaren lan hau, deus bada ere, idaztearen zereginari buruzko eskuliburu bat da» (Hegats 8, 22. or.).Horra hor Sarrionandiaren ezaugarri nagusiak banan-banan azalduta.

Askotan galdetu diot neure buruari ea nolatan ulertu behar nuen idazlearen hogeita hamar urte kunplitu gabeekin Ni ez naiz hemengoako zahartzaro eta jakituriaz gainezkako liburuko tonu apal eta mantso hori. Bada, ez nuke inoiz ulertuko, aipatu berri dudan maparik ezagutuko ez banu.

Autore beraren hurrengo ipuin liburuek ez zuten lortu lehenengoaren adinako arrakastarik.

Beharbada ordurako ezagunegi bihurtzen hasia zen Arthur erregearen zikloa edo Erdi Aro kutsuko ipuinen magia. Eta hala ere, ez da falta Atabala eta Eurian (1986) eta Ifar aldeko orduak (1990) lanean ere ipuin aipagarririk. Etiopiako bidaia marjinalarekin eta Izuen gordelekuetan barrenako kosmopolitismo bidaiariarekin aintzat hartzeko moduko bultzada eman zitzaion euskal poesiagintzari. Ez zen makalagoa izan, inondik ere, esku sendoko bi narratzaile horiek ipuinari ere eman ziotena. Biak ere poesiaren soroan ibilitako ipuinlariak, kontagai hartutako mundu puska pieza laburretara errenditzeko joera horretan, beren aurreko artista handi askoren arrastoan jarri ziren: Poe, Schowb, Txekhov, Borges… Orain arte aipatutako ipuin eta ipuin liburuen ondoren J.M. Iturralderen Dudular (1983) eta Pic-nic arbasoekin (1985) ipuin liburuak, eta M. Hernandez Abaituaren Ispiluak (1983) eta Panpinen erreinua (1985) gogoratuko nituzke. Aipa ditzadan, horien artean, Iturralderen “Lau zaldun” eta M. Hernandezen “Trapezioko bi artista” ipuinak.

Ahozko tradizioaren estilizazioa eta esperimentalismo formal baten aukera muturreraino eramanez, bere garaian bat baino gehiago liluratu zuen K. Izagirreren Gauzetan (1979) liburuko narrazio poetikoak.

Zergatik bai (1976) liburuan bestelako esperimentuak saiatu zituen, testu laburretako esperimentuak gehienetan, interferentzia diglosiko batean oinarriturik dago nagusiki.

Halakoetan esperimentalismo soiletikharago doa, izan ere bere laburrean ipuin bat biltzeraino iristen baita sarritan.

A. Lertxundi, J.M. Irigoienekin batera (nahiz eta Irigoienek ipuinik ez argitaratu), Hego Ameriketako –edo gazteleraz mintzatzen den Amerika– literatur aieka horietan ibili zale temosoa izan da bere narrazioetan.

Mapa horretan García Márquez noski, baina baita autore horren atzetik Faulkner ere. Hitzaurre honen hasieran aipatu den Hunik arrats arteanetik Aise eman zenidan eskuara (1980) egiten du Lertxundiren ipuingintzak jauzi, eta handik Urtero da aurtenera (1984). Ozeanoaren bestaldetik gazteleraz idatzitako narraziogintzak erakutsi zigun mundu errurala ere har zitekeela kontagai, erruralismoak –ismoak, alegia– bere gainean duen ikuspegi tradizionalista kutsukoan lotu gabe. Askatasun iritsi berri horri esker, egunsentiko lurrinetan gertatutako pasadizoak ere ordu arte ez bezalako magia zehaztezina beregana dezake. Bide beretik datoz “Regina”ren antzeko ipuinak, I.

Mujikaren Azukrea belazeetan (1987) liburuaren batasunetik bereizi duguna. Rulforengandik Quirogarengana eta A. Lertxundiren literatura mundura jauzian ibili da ipuinlari gaztea. Levi-Straussen “gordinaren” eta “egosia”ren arteko sailkapenari kasu egitera, agerian du “Regina” ipuinak –urte batzuk lehenago B. Atxagak idatzitako “Joxe Francisco” ipuinaren antzera– “kultura” aurreko bere jatorria. Gaur egun A. Lertxundi nahiz I. Mujika beste bide batzuetatik dabiltza.

Norabide berri horien adibide dira, hurrenez hurren, Euskal ipuinen antologiabat (1993) liburuan argitaratu diren “Arkitektura” eta “Itoak ur azalera bezala” ipuinak.

Dena den, nahikoa al da Hego Amerika aldeko mapa hori A. Lertxundiren ipuingintza ulertzeko? Inondik ere ez. Hasierako ipuin liburuan zeuden, jada, narratzailearen mundua argitzeko behar-beharrezko diren bi mapa, garatzeko erne. Lehenengoa aipatu da; bigarrena, berriz, Italia iparraldetik erdialdeko Europara zabaltzen da, Aise eman zenidan eskua liburutik Kapitain Frakasara (1991) daraman bidea bezala.

Bien bitartean, Carla (1989) argitaratu zuen.

Baserritarraren txapela bota eta Amerika berezi baten bila abiatutako pertsonaia baten pasadizoak ditu kontagai “Pernixio” ipuinak.

Hego Ameriketako ekarriaren mapak (G. Márquez-ena batik bat) osorik ahantzi gabe ere, eklektizismoaren bidean sartua dirudi Juan Garziaren “Pernixio”k, eta baita Akaso (1987) ipuin liburuak ere. Pilotariak, tangoak, loroa, amodio ukatua, prostituta ona eta abar, dira Pernixioren istorioa betetzera datozen protagonistak. Dena dela, ipuin horrek zera erakusten digu, nola eraiki fikzioaren hegalak motibo arrunt eta topiko baten gainean. Garai bateko idazle baten eskuetan nostalgiaren melodrama triste eta ahula izan behar zuenak, tragedia grotesko baten hegada hartzen du kontalariaren urrutiramendu eta umore anbiguoari esker.

J.A. Mujikaren Itzalak (1985) liburuko “Eromen baten historia”; P. Aristik Belandia aldean girotutako “Irene edo itsu bat clavicordioa jotzen” (Plazara, 2. zenb.); JoxerraGarziaren “Demetrio edo Mendekuaren gozoa” (Donostia Hiria IV); J.R. Belokiren “Baina zeini ez zaio esperantzaren bat atxekitzen” (Irun Saria, 1986) edo A. Egańaren Sokratikoek ere badute ama (1989) ipuin liburua ere hementxe aipatu nahi nituzke, zein bere bidetik.

Horiekin batera, arras bestelako estilo batean idatzitako ipuin libururik ere bada: M. Antzaren Lehen bilduma (1985) eta Odolaren usaina (1988); K. Izagirreren Mendekuak (1988). Liburu horietan bildutako ipuinen artean M. Antzaren “Suzko gezi bat bezala” (Susa, 1983) bereiziko nuke.

Beste paraje batzuetatik dabil, orobat, Juan Luis Zabala: Erdi Europa aldeko mapetara egokitutako planteamendu erradikala du berea. Gertaerei begira (1988) dugu Zabalaren ipuin liburuaren izenburua.

Nolanahi ere, 1990etik talaiatik ibilitako bideari gainbegirada bat botako bagenio, gauza batez bederen konturatuko ginateke: gaur egun hitz egin daiteke ipuin corpus bati buruz. Eta, jakina, corpus hori osatzeko literatura unibertsalaren ondaretik gurera ekarritako adar ugariren ahalegina ez da makala izan. Kontuz, hala ere! Izan ere, nork ukatu gurean ere ipuin unibertsalik sortu denik? Gu ere mundu honetakoak baikara.

1990 ingurutik aurrerakoari ez diot arreta berezirik jarri. Argitaratu dena kontuan hartzera, ez dut uste aurreko hamarraldiko idazleak errenditzeko egokiera iritsi denik oraindik.

Asko dira, bestalde, ipuingintzaren lehiara etorri direnak 1990az gero: F. Juaristi,K. Linazasoro, Pello Lizarralde, E. Jimenez, X. Montoia, A. Iturbe… Baita aspalditik argitaratu gabe zeuden ipuinlarien lanak itzuli ere: X. Mendigurenek, lehenagotik Sei ipuin amodiozko (1984) zuen argitaratua, oraingo honetan berriz Hamalau (1992); M. Hernandez Abaitua, berriz, Bazko arrautzak (1995) ipuin liburuarekin.

Aspaldidanik literaturaren inguruan eratuz joan den azpiegiturak bultzaturik, ipuinlari asko dira aldizkari eta sariketa ugarietan beren lanak argitaratu eta aurkeztu dituztenak.

Hori izan daiteke, besteak beste, ipuin bilduma askoren arrazoia. Gero eta gehiago dira, baina, liburuaren batasunari erreparatzen dioten narratzaileak. I. Mujikaren Azukrea belazeetan ipuin bilduma izan daiteke horren adibide. Helburua istorioak kontatzea izanik, eta istorio horien arteko lotura gorde nahiz gainera, asmatu da gurean ere ipuin solteen gainetik hedatzen diren marko narratiboak. B. Atxagaren Obabakoak, F. Juaristiren Arinago duk haizea, Absalon (1990), Juan Garziaren Itzalen itzal (1993) eta Pello Lizarralderen Sargori (1994) dira, joera horretan, adibiderik aipagarrienak.

Ezin ukatu, bestalde, irakurlearen arreta bereganatzeko orduan halako saioek duten abantaila. Izan ere, ipuin solte batetik besterako jauzia arindu egiten da horrela; nahiz eta –Julio Cortázarek zioen moduan– K.O.z irabazi beharrean puntuetara irabazi. Julio Cortázarrek puntuena zioenean, ez zuen buruan ipuinen arteko batasuna edo are lotura estuagoko ipuin libururik, baizik eta nobela.

 

Saiakera

Txillardegik esan zuen bezala, artean 1965ean ez zegoen euskal saiakera modernorik.

Ordu arte S. Mitxelenak idatzita zuen Unamuno eta Abendats (1958), eta J. Zaitegik Platonen lanen itzulpenari idatzitako sarrera modukoa, Platon’eneko atarian (1961) liburua. Erlijioa gaitzat zuen beste libururik ere bazegoen idatzirik, esate baterako L. Villasanteren Jainkoa (1962). Hala ere, euskal aldizkarietan ari zen ernaltzen gerora saiakeran ere emaitza umoak emango zituen hainbat idazle. Bai «Jakin» aldizkarian, bai «Egan» aldizkarian zorroztu zuten beren estiloa Rikardo Arregik eta Joxe Azurmendik batetik, eta K. Mitxelenak bestetik.

1965ean argitatatu zuen Txillardegik bere saiakera libururik sonatuena: Huntaz eta hartaz. Sasoi hartan Europako idazle eta pentsalarien artean gogoetagai ziren edukiak garatzen ditu Txillardegik modu aske eta idazkera zalu eta bizian. Existentzialismoa, erlijioa, intelektualen konpromezua edo Marilyn Monroeren heriotza darabiltza gogoetarako gai. 1971n Hizkuntza eta Pentsakera argitaratu zuen, garaiko estrukturalismoaren norabideak garatuz. Urte berean argitaratu zen Mitxelenaren idazlan hautatuak, Patxi Altunak apailatutako liburua, «Egan» aldizkaritik zein beste argitarapen batzuetatik egindako aukeraketa bat da. K. Mitxelenaren lan bilduma hau euskaraz idatzitako saiakeran eredugarria gertatzen da. Klase askotako saiakerak biltzendira bertan, klasikoen eta egungo idazleen liburuen iruzkinetatik zinema kritikaraino.

Rikardo Arregi (1942-1969) izan zen 60ko urteetan kultur eragile nagusietakoa.

«Zeruko Argia»n eta «Jakin»en politikazko eta kanpo arazoetako iritzietan espezialdu zen.

Lur argitaletxearen bultzatzaile eta alfabetatze kanpainaren antolatzaile eta bultzatzaile nekaezina. 1972an argitaratu ziren, egilea hil eta gutxira, haren kazetaritza lan eta saiakerarik esanguratsuenak Herriaren lekuko izeneko liburuan. Politikaren atarian (1969) amaitu gabeak, berriz, politikagintzara egindako sarrera dibulgatiboa izan nahi zuen. Joxe Azurmendi ere idazle oparoa dugu. Hasi «Jakin» aldizkarian, segi «Zeruko Argia»n eta gaur egungo zenbait nobelari idatzitako hitzaurre eta hitzatzeetaraino, ez du atsedenik hartu. Poeta eta saiakeragilea da, eta asko dira argitaratu dituen saiakera liburuak: Hizkuntza, etnia eta marxismoa (1971), Kultura proletarioaz (1963), Errealismo sozialistaz (1978), Arana Goiri-ren pentsamendu politikoa (1978) eta PSOE eta Euskal Abertzaletasuna (1979) politikaren ingurukoak. Literaturari buruzko bere saiakerarik ezagunenak honako hauek dira: Zer dugu Orixeren kontra (1976), Zer dugu Orixeren alde (1977), Mirande eta kristautasuna (1979), Schopenhauer, Nietzsche, Spengler Miranderen pentsamenduan (1989), eta aurrekoaren ildotik baina filosofiara lerratuago, Gizaberearen bakeak eta gerrak (1991). Azken bere lan erraldoia Euskaldunak eta espainolak (1992) liburua da.70eko urteetan saiakera asko argitaratu zen. Giza mentalitate tradizionala guztiz iraultzen ari zen sasoi horretan, sekulartzetik marxismorako joerak ugaldu ziren. Marxismoak, ekonomiak eta gizarte gaiak zuten lehentasuna urte urduri eta esperantzatsu haietan, egin ziren itzulpenak eta idatzi ziren saioak horren lekuko. Joxe Azurmendiren lanekin batera, Mikel Lasaren Nobela Berria Hego-Amerikan (1972) liburua. Hego Ameriketako boom gertatu berriaren joerak aztertzen ditu M. Lasaren liburuak.

80ko urteetan Joseba Sarrionandiaren Ni ez naiz hemengoa (1985) eta Marginalia (1988) lanak aipatuko nituzke. Marginalia liburuko saiakeren planteamenduak ideologia marxistaren ikuspegitik eginak direnez, ez da lana hain orijinala gertatzen; bai ordea Ni ez naiz hemengoako saiakerak.Poetaren formazioan pisu eta esatekorik izan duen egile eta tradizio asko azaltzen da bertan.

Zinez liburu ederra da.

Eduardo Gil Bera da 80ko urteetan nabarmendu zen beste saiakeragile bat. Saiakeragile petoa, Montaignek bere saiakeretarako nahi zuen bezala, bizitzaren gogoeta eta filosofia uztartzen ditu E. Gil Berak ere. Frantziako moralisten irakurle eta itzultzaile saiatua; horiengandik eta Nietzscheren, Schopenhauerren eta Miranderen arrastoa jarraituz mundu klasikoaren, batez ere latinoaren, ezagutzaile ona. Egilearen bi libururik ospetsuenak honako hauek dira: O Tempora! O Mores! (1989) eta Fisikaz honatago (1990), denbora gogoeta-ardatz duen saiakera.Patziku Perurena euskal kultura heterodoxoaren defendatzaile sutsua da. Nietzsche, Baroja, Mirande eta antzeko egileen antzera, tradizio kristaua saihestuz, tradizio erromantiko-trajikoaren miresle da. Euskal tradizio zaharraren aztertzaile eta ezagutzaile handia, honako liburuon aipamena zor zaio: Harripilatan ezkutatzen zeneko apo tipiaren burutazioak (1990), Koloreak euskal usadioan(1992), eta Euskerak sorgindutako numeroak (1993).

Jon Soduperen Ilustrazioaren kriseilupean (1995) liburua ere aipagarria da, filosofiaren itzalpean idatzitakoa. Frankfurt-eko Eskolara itzultzen da egilea Modernitatea ulertzeko argi bila.