Departamento de Cultura y Política Lingüística

Euskara eta Euskal Literatura»Euskara eta Euskal Literatura

Sarrera

 

Euskara: historia eta ingurunea

1. Euskara eta inguruko hizkuntzak Euskara da Mendebaleko Europan mintzaira indoeuroparrak sartu aurretik hitz egiten ziren hizkuntzetarik egun arte iraun duen bakarra. Euskaldunak dira euskaraz mintzo direnak eta Euskal Herria haien herria. Gaurko egunean, 800.000 euskaldun inguru bizi dira munduan, euskal lurraldeetan gehienak.

Euskararen mintzaira aitzindarien eremua egungoa baino askoz ere zabalagoa izango zen lehen hizkuntza indoeuroparrak Mendebaleko Europara zabaldu zirenean (herri zelten inbasio handiak, K.a. VIII.. endetik aurrera) eta, erromatarrak Galian eta Hispanian nagusitu ondoren, herri euskaldunak zabaltzen ziren Ebro eta Garona ibaien arteko lurretan. Izan ere, inolako zalantzarik gabe esan daiteke gaurko egunean, erromatarrek akitaniar deitu herriak euskal leinu eta hizkuntzako herriak zirela, Pirinioez hegoaldeko baskoiak, barduloak, karistioak eta autrigoiak bezala. Beste herri batzuetan gertatu zen bezala, badirudi kultura zeltaren eragina handia izan zela leinu haietako batzuengan. Horixe genuke hego-mendebaleko autrigoien kasua.

Beraz, K.a. I. mendearen bukaeran, Erromako Inperioaren konkista amaitu eta kolonizazioa hasi zenean, herri jatorriz edo kulturaz zeltak bizi ziren euskal eremuaren ipar eta ipar-ekialdeko (herri galiarrak), mendebaleko (kantabroak) eta hegoaldeko (beronak, egungo Errioxako barneko lurretan) mugetan, eta iberoak ipar eta hego-mendebaleko mugetan. Bestalde, zibilizazio zeltiberikoa (zelten eta iberoen artean sorturiko kultura, mintzairaz indoeuroparra) zabaldua zen Ebro, Duero eta Tajo ibaien arteko lurretan, eta gune zeltiberikoak izan ziren egungo Errioxan eta Nafarroako Erriberan. Zeltak izan ziren herri euskaldunekin harremanetan egon ziren lehen herri indoeuroparrak baina haien mintzairek ez zuten arrasto handiegirik utzi euskara zaharrean edo, utzi bazuten, latinak hartu zien lekua hurrengo mendeetan.

Ez dago, ordea, horrelakorik esaterik antzinako euskararen eta ondoan zituen mintzaira ez-indoeuroparren arteko harremanez, ez baita oraino historian ezagutu ziren Hispaniako hizkuntza aurreindoeuroparren eta, bereziki, iberieraren (haren testigantza idatziak aurkitu dira Frantzia hegoaldeko Ensérunetik Andaluziaraino zabaltzen den eremu zabalean) eta euskararen arteko ahaidetasuna frogatuko lukeen erabateko daturik aurkeztu, eta are ondorio gutxiago atera daitezke antzinako lurralde akitaniarren ekialdean eta ipar-ekialdean bizi ziren liguren mintzaira ustez indoeuroparren eta euskararen arteko harremanez.2. Euskararen jatorria Koldo Mitxelenak, Antonio Tovar-en hitzak gogora ekarriz, adierazi zuen bezala, euskara ez da hizkuntza isolatua, «uharte-hizkuntza», izan, baina aldamenean eduki dituen eta dauzkan hizkuntzekiko harremanak ez dira etorki edo ahaidetasun mailan zehaztu. Horrenbestez, bakar ageri da euskara hizkuntza hil eta bizi ezagunen genealogia-sailkapenean.

XVI. mendetik aurrera, ugari plazaratu dira, ordea, euskararen jatorriari buruzko teoriak. Euskararen eta iberieraren arteko ahaidetasuna frogatu nahi izan duten teoriak dira zabalduenak. M. Larramendi (1690-1766) izan zen teoria honen aitzindaria eta W. Humboldtek (1767-1835) eman zion segida, Europako filologoen artera sarrera egiten zion aldi berean. Hugo Schuchardt filologo alemaniarraren (1842- 1927) hipotesiaren arabera, fonologia-sistema ezezik, antzeko deklinabidea zuketen euskarak eta iberierak.

Halako zuhurtziarik gabe, joan den mende hasieratik aurrera eskuarki onartu zen ideia bati jarraiki, Schuchardten ustez iberiera Ipar Afrikako hizkuntza zen jatorriz eta bidezkoa zen, horrenbestez, hizkuntza hamito-semitekin lotzea. Filologo alemaniarraren teoriak, ordea, akats handiak zituen; alde batetik, inolako zientzia-oinarririk gabe irakurri zituen alfabeto iberiarrean idatziriko testuak (Manuel Gómez Morenok zehaztu zuen haien irakurketa, La escritura ibérica y su lenguaje, 1948) eta, bestetik, ez zen konturatu alfabeto horretan idatzi zirela bi hizkuntza-mota desberdin, iberiera bera eta zeltiberiera, mintzaira indoeuroparra zena ezbairik gabe. Itxura guztien arabera, badirudi euskararen eta iberiaren fonologia-sistemak antz handikoak zirela, baina datu horretatik ezer gutxi atera daiteke, gogoan hartzen bada testu iberiarrak irakurri bai baina oraingoz ezin direla ulertu.

Euskararen eta Kaukasoko hizkuntzen arteko ahaidetasunaren aldeko hipotesiak plazaratu zituzten, besteak beste, G. Dumézil (1898-1986), K. Bouda (1901-1979) eta R. Lafon (1899-1974) filologoek, Fidel Fita historiagileak (1835-1917) aurreratu zuen teoriari segida emanez. Historia-hipotesi batzuk argudiatu izan dira espazioan hain urrun dauden bi hizkuntza-esparru hauen arteko harremanak azaltzerakoan: alde batetik, kontuan harturik greziar klasikoek Iberia izenez ezagutu zituztela Mediterraneoaren eki eta mendebaleko muturretako lurraldeak (Kaukasoko herriei deitzeko izen hori hartu zieten greziarrek pertsiarrei), uste izan dute batzuek, mintzaira-eremu baten muturreko lurretan bizi diren hiztunen joera erdialdean bizi direnena baino zaharzaleagoa dela dioen teoriaren ildotik, historiaurreko halako garaian Europa osoan zabalduko zen hizkuntza-familia baten azken lekukoak geratu zirela bi ertz horietan. Beste alde batetik, Kaukasoko jendearen emigrazioa aipatu dute beste batzuek, egun Georgian bizirik dagoen tradizio bati jarraiki; haren arabera, K.a. III. milaurtekoaren hasieran edo, jatorrizko Iberia utzi eta Iberia berria sortu zuten kaukasiar batzuek erromatarrek gerokoan Hispania deituko zuten lurraldean, eta haien ondorengoak lirateke egungo euskaldunak. Beraz, teoria honen arabera ahaidetzat jotzen dira iberiera eta euskara eta zuzeneko harremanetan ezartzen da euskara Kaukasoko hizkuntzekin, hegoaldeko hizkuntza iberiar edo kartveliarrekin bereziki. Koldo Mitxelenak ez ditu ahaidetasun honen inguruan esanikoak aintzat hartu: haren arabera, gramatika mailako antzekotasun batzuk –ergatiboaren erabilera esate baterako– alde batera utzirik, euskararen eta Kaukasoko hizkuntzen arteko loturen aldeko hipotesiek mintzaira horien protohizkuntza berrosatzea eskatzen dute eta hizkuntza horien historia-datuak hartu behar dira oinarritzat horretarako. Mitxelenaren iritziz, garbi dago hipotesi hauek ez dutela inolako emaitzarik ekarri, ezer gutxi esan baitaiteke oraingoz euskararen eta Kaukasoko hizkuntzen historiaurreari buruz eta, bide horretan, ez baitu hizkuntza hauen arteko alderatze metodikoak fruiturik eskaini.

Azkenik, euskararen jatorriari buruzko beste teoria bat zabaldu da XX. mendean arkeologo euskaldun batzuen eskutik (Joxe Miel Barandiaran, Jesus Altuna). Hauen arabera, euskara da historiaurrean Europako Atlantiko aldeko hego-mendebalean eta, beraz, egungo Euskal Herrian ere, hitz egiten ziren mintzairen lekuko historikoa eta haren lehen aztarnen eta jatorriaren bila abiatzerakoan ez da beharrezkoa erbestera jotzea. Gainerakoetan gertatzen den bezala, zera da teoria honen oztopo nagusia, giza eta kultura materialaren azternen kasuan ez bezala, ezer gutxi esan daitekeela, eta hipotesiak baizik ez dira esan daitezkeenak, euskararen historiaurreari buruz.

 

Euskara eta latina

K.a. II. mendetik aurrera, erromanizazioaren garaian, egungo euskararen mintzaira kideak hitz egiten ziren Garona eta Ebro ibaien arteko lurretan, hau da egungo Euskal Herrian eta Gaskoinian, nolabait esatearren. Euskaraz nekerik gabe irakur daitezkeen hitzak (Andere, Cison, Nescato, eta abar) aurkitu dira erromatarrek Akitania deitu zuten lurralde zabaleko inskripzio batzuetan (Bigorra, Couserans eta Armagnac arteko lurretan gehienak). Ekialdeko norabidean etorri zen lurralde hauen erromanizazioa; indartsua izan zen Akitaniako lurretan eta azkar zabaldu zen latina haren barnean sorturiko hirietatik. Pirinioz bestaldean, latinak sarrera errazagoa izango zuen gune zeltiberiarretan, Araba eta Nafarroako hegoaldean, eta autrigoien lurretan. Latina guztiz zabaldu zen zibilizazio-hizkuntza gisa eta euskal familiako mintzairek lurralde asko galdu zituzten. Esan izan da erromanizazioak ez zuela egungo Euskal Herriko eremu batzuetan halako indarrik izan; bestetan gertatu zenaren aldera horrelakoak esan badaitezke ere, erromatarren kulturaren eta hizkuntzaren eragina oso handia izan zen euskaldunen lur guztietan eta, III.. ta IV. mendeetan haien inperio-egiturak hainbestean ahuldu ez balira latinak hartuko zuen euskararen ordea, bestetan bezala. Eragin handi haren lekuko, euskarak hitz mailegu asko hartu zion latinari. G.

Rohlfs filologo alemaniarraren arabera, euskara da hizkuntza ez erromanikoen artetik latinaren mailegu gehien jaso duen hizkuntza, baina tinko eutsi dio horratik bere jatorrizko hizkuntz senari.

Erromatarren administrazio egiturak hondatzearekin batera nabarmen ahuldu zen haien hiri sarea egungo Euskal Herrian eta eten egin zen lurralde askotan latinizazio prozesua. Erromako inperioaren aurrean ez bezala, euskal herriek ez zituzten inoiz onez hartu herri germaniarrak (frankoak eta bisigodoak) eta badirudi V. mendetik aurrera euskara hizkuntza zuten herriak bateratu zituen halako egiturapolitikoa gorpuztu zela Pirinio mendien bi aldeetan. Egitura politiko honen arrimuan sendotu egingo zen berriro euskararen presentzia eta zabaldu egingo zen, halaber, aurreko mendeetan galduriko eremu batzuetara.

Nolanahi ere, euskaldunen (edo baskoien) eta euskaldun erromanizatuen (edo gaskoien) arteko harremanak germaniarren erasoen aurkako ahaleginean biziki estutu ziren arren, bi hizkuntz komunitate eta, horenbestez, bi egitura politiko desberdin gorpuztu ziren arian-arian ondoko mendeetan: Nafarroako erresuma ekarriko zuen batak eta Gaskoiniako printzerria besteak. Honez gainera, latinak zirauen kultura hizkuntza gisa, Erromako zibilizazioaren oinordekoek eta, bereziki, eliza kristauak bultzatuta, eta idatzietatik kanpo segitu zuen euskarak. Egoera honen ondorioz, hitz banaka batzuk baizik ez zizkien euskarak maileguan hartu hizkuntza germaniarrei.

VIII. mende hasieran, musulmanen konkistaren ondoren izugarri ahuldu zen godoen agintea Hispaniako ipar lurretan eta badirudi euskaldunak zabaldu zirela behialako autrigoiek okupatzen zituzten lurralde batzuetara; gune euskaldun batzuek eutsi zioten hizkuntzari XIII. mendera arte (lekukotasunak Ojacastron, Goi Errioxa, XIII. mendearen lehen erdialdean). Halaz ere, IX-X. mendeetan kolono latindunek jendeztatu zituzten lur haiek eta, bi hizkuntzak, euskarak eta latin-erromantzeak, okupatuko zituzten mendebaldeko euskal lurraldeak XIII. mendera arte.

Oso zabaldu den tradizio baten arabera, euskaldunek hitz eginiko latinean du jatorria gaztelaniak.

Hizkuntza honek dituen berezitasun batzuen jatorria euskararen bidez argi litezkeela egia den arren (fonologia-sistema, kontsonante batzuen bilakaera berezia, eta abar), ahantzi egiten da batzuetan gaztelania Hispanian hedatu zen latinaren ondoko hizkuntza dela, hartan dituela mamia eta azala. Beste horrenbeste esan ohi da gaskoieraren izaera eta bilakaera aipatzen direnean, eta argi dago, bereizgarri batzuk gora behera, hizkuntza okzitaniar-kataluniarren aurreko latinean dutela sorburu haren bilakaeraezaugarriek.

Orobat esan liteke Errioxan edo Nafarroan sortu ziren erromantzeen kasuan, mende batzuk geroago gaztelaniarekin nahasiko zirenak. Erromatarren sarrera baino lehen indoeuropartu (kultura zeltak eta zeltiberiarrak erromatarren inperioaren aurretik) edo erromanizazioaren garaian latinak erro guztiz sendoak egin zituen lurretan sortu ziren erromantzeak Pirinio mendien bi aldeetan, behialako euskal lurretan eta haren mugetan. Gaztelaniak, esate baterako, oso hitz gutxi jaso ditu euskaratik maileguan, eta latinaren aurreko substratuan geratu diren hitz asko hipotesi mailan baizik ezin dira lotu euskararekin.

Bestalde, latina izan zen VIII. mende bukaeratik aurrera Euskal Herrian gorpuztu zen egitura politikoaren ondoan bultzatu ziren administrazio eta erlijio-kultura instituzioen hizkuntza. Latina zen erlijio eta kultura hizkuntza nagusia, bakarra idazterakoan, eta Erdi Aroko egitura politiko berriak, Iruñeko monarkiak, egoera hori bultzatu baizik ez zuen egin, betiere nagusi jardun zuen kristau elizaren laguntzaz (Euskal Herriko eliz hierarkia kanpokoa izan da luzaroan, gaskoia bereziki hasiera hartan). Mendeetan zehar luzatu den egoera diglosiko honek berebiziko garrantzia izan du euskararen historian.

 

Euskara Behe Erdi Aroan

X. mendetik aurrera hasi ziren hizkuntza erromanikoak beren itxura eta nortasuna erakusten eta latinak kultura eta administrazio hizkuntza gisa oraindik beste mende batzuk egingo zituen arren, hizkuntza kultoaren (latinaren) eta hizkuntza arruntaren (erromantzeen) arteko bereizkuntzak indarra galdu zuen arian-arian. Euskaldunen artean, ordea, bizirik iraun zuen egoera hark eta, nagusituz joan ziren heinean, erromantzeek hartu zuten latinaren ordea. Euskara hizkuntza unibertsala zen euskaldunen artean, jende ororen hizkuntza, gehienen hizkuntza bakarra gainera, baina idatzizkoaren munduan sarbiderik ez zuena.

Hainbatetan aipatu izan denaren kontra, euskara ez da inoiz izan soilik nekazari munduari loturiko hizkuntza, Euskal Herriko gizarte osoarena baizik. XII. mendean hasi ziren euskal hiriak berregituratzen eta foru bereziez hornitzen. Sendotu egin ziren barnealdekoak eta hiri itxura hartu zuten itsas bazterrekoek, itsas jardunek eta merkataritzak bultzatuta. Hiri euskaldunak ziren guztiak, musulmanen mendean egon zen Nafarroako Erriberako batzuk izan ezik. XII. mende bukaeran, Nafarroako monarkiak bultzatuta hasi ziren gaskoiak eta beste talde okzitaniar batzuk han eta hemen egokitzen, Nafarroako hiri nagusietan eta Lapurdiko (Baiona) eta Gipuzkoako ekialdeko kostaldean (Donostia) bereziki. Hego Euskal Herrian, beren erromantzeari eutsi zioten luzaroan, administrazio hizkuntza izatea lortu zuten batzuetan, baina XIV. mendetik aurrera bide utzi behar izan zioten gaztelaniari egiteko horretan (Fernando III.a Gaztelako erregeak, 1217-1252, xedatu zuen gaztelaniaren ofizialtasuna bere erreinuan, administrazio hizkuntza bakar gisa); honez gainera, euskara ere erabiltzen zuten eta okzitaniera galdu ondoren euskaldun iraun zuten. Ipar Euskal Herrian, gaskoiera jabetu zen ia osorik Baionako hiriaz XIII. menderako etaeuskararekin lehian jardun zuen ondoko mendeetan Biarritzen (XVI. mendean gaskoitua) eta Aturri ibaiaren aldeko lurretan (Bastida hiri elebiduna XX. mendera arte).

X. mende erditsukoak dira egun paperean euskaraz idatzirik ezagutzen diren lehen esaldiak (Glosa Emilianense deiturikoetan. San Millán de la Cogolla monasterioa, Goi Errioxa). Handik aurrera ugari dira euskararen erreferentziak erdal testuetan, baina ez da euskarazko testu oso baten aztarrenik aurkitu.

Bestetan bezala, ahozko literaturak berebiziko indarra izango zuen garai hartan euskal munduan eta XIV- XV. mendeetako poesia epikoaren lekukotasun batzuk iritsi dira gaurko egunera arte, ahozko tradizioaren bitartez batzuk eta XVI-XVII. mendeetan idatziriko testuen bidez beste batzuk.

 

Euskara XVI-XVIII. mendeetan

XV. mende erdialdetik aurrera, garrantzi handiko aldaketa politikoak bizi izan zituzten euskal lurralde guztiek. Aldatze giro betean murgilduak ziren, halaber, Mendebaleko Europako estatuak, eta berritasun haiek giza esparru guztietara zabaldu ziren. Politikaren alorrean, urrats bereziki garrantzitsuak egin zituzten Frantziako eta Gaztelako monarkiek estatu-erreinu bateratu indartsuen alde: XV. mendearen erdialdean Frantziako koroaren mendean geratu ziren Lapurdi eta Zuberoa eta 1512an hartu zuten gaztelauek Nafarroako erreinua konkistan, Aragoiko koroarekin bat egin ondoren. Urte batzuk lehenago, 1492an, sartu ziren espainiarrak Ameriketan eta gertakari hark berebiziko garrantzia izango zuen Hego Euskal Herrian ondoko mendeetan.

Kulturaren alorrean, 1440. urte aldera asmatu zen inprenta eta, haren bidez, indar handiagoz zabaldu ziren Europa osora Berpizkundeko ideiak. XV. mende bukaeran agertu zen inprenta Euskal Herrian, baina ez zuen berehalako eraginik izan euskarazko lanen ekoizpenean. Berpizkundeko ideologiaren poderioz, estatu berrien ikur eta mami gisa bultzatu ziren hizkuntza nagusiak, gaztelania Espainian eta frantsesa Frantzian, eta bazterrean geratu zen berriro euskara. Nafarroako erreinuan, biarnesa izan zen hizkuntza ofiziala administrazioan, Frantziako koroak erabateko anexioa bideratu zuen arte.

XVI. mendearen hasieran, Ameriketan eta Espainiako koroak eskaintzen zizkien abantailetan ezarri zituzten begiak XIII. mendetik aurrera Gaztelako monarkiaren mendean bizi ziren hego-euskaldunek (nafarrek XVII. mendera arte ez zuten hori hain garbi egingo) eta areagotu baizik ez zen egin gaztelaniaren prestijioa Euskal Herriaren mendebaleko hiru lurraldeetan, gizarte mailan gora egiteko baliabide gisa, euskara oro har lurralde horietako gutiz gehienen hizkuntza bazen ere. Erdi Aroan hain garbi bideratu ez zen neurri bati jarraiki, XVI. mende hartan indartu zen gaztelaniaren erabilera lurralde haietako administrazio erakundeetan eta horrenbestez sendotu zuten goi mailako klaseek, aitonen semeek eta jauntxoek, itsas-merkatariek eta administrazio jendeak, beren aginte maila. Bestalde, XVI. mende erditsuan, erroak egiten hasia zen erdara Gasteizko hirian eta nagusi zen Nafarroako hegoaldean, Errioxan, eta Bizkaiko eta Arabako mendebaldeko muturretan. Ipar Euskal Herrian, ordea, lehengo mugetan iraun zuen gutxi gora behera euskarak, gaskoierak bere egin zuen Angelu eta Miarritze aldean izan ezik.

1545ean argitaratu zen lehen liburua euskaraz, Bordeleko hirian argitaratu ere: Linguae Vasconum Primitiae. Bernart Etxepare baxenabartarrak idatzi zuen poesia liburu hau, jakinik, haren irudiz behinik behin (haren garaiko beste bi idazle aipatu zituen Oihenartek, Logras eta Etxegarai, baina ez zuten libururik inprimatuko), euskaraz inprimaturiko lehen lana zela. Monarkia indartsuek estatu-hizkuntzak guztiz sendotu eta zabaltzeko erabakia hartu zuten garaian idatzi zuen Etxeparek Linguae Vasconum Primitiae eta hiru gai nagusi aurkeztu zituen hartan: erlijioa, apeza zen aldetik; amodioa, gizona zen aldetik eta euskaldunen hizkuntzaren ohorea, nafarra zen aldetik. Izan ere, nafarrak izan ziren XVI. mendean euskarazko lanak argitaratu zituzten idazleak: Nafarroa Beherekoak Bernart Etxepare eta Joannes Leizarraga, eta Antso de Elso, baxenabartarra berau ere agian (haren berri baden arren, ez da euskaraz eta erdaraz idatzi zuen dotrina ezagutzen). Elkarren pare inola ere jar ez daitezkeen arren, Leizarragaren eta Elsoren obrak kristau fedea irakurleengan zabaltzea zuten helburu, eta Beskoitzeko apez protestanteak Nafarroako Joana Albreteko erreginaren aginduz bete zuen gainera lana (Bibliaren itzulpena eta beste izkribu batzuk). Elsoren obra Trentoko kontzilioaren (1545-1563) ondorioa izan zen (1561. urtean argitaratu bide zen Iruñean), kontzilio hartan zabaldu baitzen katiximak edo dotrinak herri hizkuntzetan argitaratzeko bidea, Erreforma aurre egin ahal izateko.

Badirudi Pirinioez iparraldeko euskal lurretan egin zirela bereziki euskara alor guztietarako hizkuntza bihurtzeko ahaleginak. Pirinioez hegoaldean, ordea, beste molde bateko erreakzioa bideratu zen euskararen alde: euskara hizkuntza barbarotzat zutenen aurkako apologetika, erdaraz idatzia. Esteban de Garibai historialari eta administrazio gizon oñatiarrak urratu zuen bide hau (Compendio Historial, 1571); haren arabera, euskara zen Espainiaren jatorrizko hizkuntza eta, beraz, hizkuntza espainiarretan espainiarrena zenez, behar bezala ohoratu behar zen. Bide beretik jo zuten ondoren A. Poza Lizentziatu urduñarrak (1587) eta B. Etxabe zumaiarrak (Discursos de la Antigüedad de la Lengua Cántabra, Mexiko, 1607).

Euskararen espainiartasun horren aldeko ideologiak bizirik iraun zuen XIX. mende ateetaraino Hego Euskal Herrian, baina sustrairik ez zuen egin Iparraldean, espainiartasun hura ezin irentsi zutela. Honako bertso hauek ondu zituen Klaberiak Joannes Etxeberri Ziburukoaren ohoretan: Burlatzen naiz Garibaiez, Bai halaber Etxabez, Zenak mintzatu baitire Erdaraz Eskaldunez.

Ezen zirenaz geroztik, Eskaldunak hek biak, Eskaraz behar zituzten Egin bere historioak.XVII. mendeak jarraia eman zion aurrekoari euskarari dagokionean. Erdara zen nagusi administrazioan eta Bizkaian, esate baterako, espreski debekatu zuten 1613tik aurrera ordezkari elebakarren jarduna Batzar Nagusietan. Egoera hura ez zen erosoagoa izango hegoaldeko gainerako lurraldeetan. Gaskoiera zen Nafarroako erreinuko admnistrazio hizkuntza (1611n argitaratu ziren Nafarroako Foruak biarnesez) eta badirudi euskarak ere nolabaiteko sarrera izan zuela erakunde ofizialetan, idatzi ez bazen ere. 1631- 1634 bitarteko matxinadan (Gatzaren Matxinada), ekonomia neurri latzen aurkako eta euskararen aldeko erreibindikazioak uzartu zituen Bizkaiko herri xeheak. Halaz ere, erakundeek ezertxo ere ez zuten egin euskararen alde.

XVII. mendean, dotrinak (edizio elebidunetan gehienak) izan ziren nagusiki Hego Euskal Herrian euskaraz argitaratu ziren liburuak, Eliza katolikoak Trentoko kontzilioan emaniko aginduei jarraiki. Ipar Euskal Herrian, ordea, askoz ere zabalagoa izan zen euskal literaturaren emana, batez ere erlijio gizonek bultzatua zen arren. Garbi dago garai hartan frantsesak ez zuela espainierak Hegoaldean zuen gizarteprestijioa, eta Donibane-Lohizuneko itsas merkatariek, esate baterako, begi onez ikusi zutela euskal literaturaren pizkunde hura (1677an agertu zen euskaraz Ixasoco Nabigacionecoa, Martin de Hoyarsabal izeneko kapitain ziburutarrak frantsesez idatzitako itsas liburua, Piarres Etxeberrik itzulia). Donibane- Lohizunen eta Saran mamitu zen euskal literaturaren lehen eskola klasikoa, Joannes Etxeberri Ziburuko, Axular eta beste idazle handi batzuen eskutik eta lapurtera bihurtu zen euskal literaturako lehen mintzaira.

Nolanahi ere, euskararen aldeko mugimendu hark Lapurdiko mugak ere hautsi zituen eta lehen mailako idazleak, eta horien artean, Arnalt Oihenart (1592-1668), euskal literaturako lehen idazle laikoa, eman zituen Zuberoak ere. XVIII. mendearen hasieran, sarrera egin zuen euskal literaturan beste idazle laiko batek, Joannes Etxeberri Sarakoak hain zuzen ere (1668-1749). Euskara, haren etorkia, defentsa eta irakaskuntza, izan zuen ardatz nagusi bere idatzietan eta mende erdi bat lehenagoko idazleengan euskararen aurrean hain argi azaldu ez ziren kezkak plazaratu zituen. Izan ere, garbi ikusi zuen Etxeberrik euskarak ez zuela etorkizunik izango hezkuntzan eta administrazioan sartzen ez bazen eta hainbat proiektu aurkeztu zituen horren alde (hiztegiak, latina ikasteko metodoa, euskara eta frantses gramatika bat) eta Lapurdiko Foruak euskaratu edo euskaratuko zituela adierazi zuen. Lapurdiko Biltzarrak ez zituen asmo haiek aintzat hartu. Honez gainera, badirudi gisa bereko eskariak egin zituela Etxeberrik Gipuzkoan, Hondarribian eta Azkoitian bizi izan baitzen Nafarroako Beran egon ondoren.

XVII. mendean ez zen euskararen lurraldea nabarmen aldatu, baina aurrerapen nabarmenak egin zituen erdarak Bilbo, Gasteiz eta Iruñeko hirietan, hegoaldeko lurrak arian-arian irabaziz zihoan bitartean.

XVIII. mende hasieratik aurrera ekonomia eta gizarte krisi larri batek astindu zuen Lapurdi eta Ipar Euskal Herri osoa eta egoera haren isla da, modu batean, Etxeberriren kezka handia. Iritsi zen, beraz, Hego Euskal Herriaren tenorea literaturaren alorrean, Manuel Larramendi jesuita andoaindarraren eskutik (1690-1766). Larramendi euskararen apologista sutsua izan zen eta erdaraz idatzi zuen arren, egoaldeko euskal literatura bultzatuko zuten funtsezko obrak idatzi zituen (El Imposible Vencido, gramatika, 1729; Diccionario Trilingue, hiztegia, 1745). Haren eraginez etorriko ziren Hego Euskal Herriko lehen euskal idazle klasikoak, apaizak guztiak (eta gehienak jesuitak): Agustin Kardaberaz, Sebastian Mendiburu, Joaquin Lizarraga, Juan Antonio Ubillos. Badirudi zuzenean ezagutu zituztela Larramendik-eta Etxeberriren teoriak eta kezkak. Ondoren etorri ziren Azkoitiko Zalduntxoak, Peñafloridako Kondea buru, Ilustrazioko ideia modernoak onartu zituzten aitonen semeen aitzindari, eta atzealdetik edo bada ere, ate-zirriku bat zabaldu zioten euskarari. Giro horretan agertu ziren, ondoren, bizkaieraz idatzi zuten batzuk eta haien artean Juan Antonio Mogel handia (1745-1804).Halaz ere, euskarak lurralde ugari galdu zuen XVIII. mende bukaeran: Arabako lurralde gehiena, iparraldea izan ezik, gaztelaniaren mendean geratu zen eta Lizarra-Tafalla lerroa gainditu zuen erdarak Nafarroaren hegoaldean. Bilbo eta Iruñea ere askoz erdaldunagoak ziren. Ipar Euskal Herrian ez zen egoera nabarmen aldatu. Euskara hizkuntza debekatua zen administrazioan, hezkuntzan eta kulturan, debekatu egiten ziren liburuen argitalpenak eta, Araban eta Nafarroan bereziki, euskararen aurkako debekua eta zigorra (eraztunaren praktikarekin batean, Agustin Kardaberazek salatu zuen bezala) erabili zituzten apezek ere dotrina eskoletan. Erakunde ofizialen alorrean, espreski debekatzen zen euskaldun elebakarrek inolako kargurik bete ahal izatea (kontuan har bedi, Arabako lur gehiena, Nafarroako hegoaldea, Bizkaiko Enkarterriak eta hiri nagusi batzuk alde batera utzirik, euskal lurretako biztanle gehienak zirela euskaldun elebakarrak garai hartan).

 

Euskara XIX. mendean

1789ko Iraultzaren ondorioz, frantsesa nazio-hizkuntza gisa bazter guztietara bultzatzeko xedea hartu zuen Frantziako estatuak eta, «nazio bakar bat, hizkuntza bakar bat» lemapean, gogor eraso zieten ondoren Frantziako estatuan frantsesa ez beste hizkuntzei, «ezjakinaren» aurkako banderaren izenean. Ideia berrien eta «berdintasunaren» izenean, jarraia eman zitzaion, horrenbestez, aurrez zegoen ideia eta politika bati; izan ere, Iraultzaren garaian Frantziako estatuko biztanlegoaren herenaren hizkuntza baizik ez zen frantsesa, beste herena gai zen hura ulertzeko eta beste herenak norberaren hizkuntza (euskara, okzitaniera, bretainiera, alemaniera, katalana, korsoa, eta abar) baizik ez zuen ezagutzen. Ipar Euskal Herriko aurreko erakunde politikoak kendu zituztenean hasi ziren lehenengoz euskararen eta berezko instituzioen arteko loturak egiten (1789-1790, Garat anaiak eta departamendu berriaren aurreko auzia).

Era berean, arian-arian bazter guztietara zabaldu zen frantses eskolaren bidez sendotuz joan zen XIX.. endean barrena Frantziarekiko eta haren kulturarekiko atxikimendua Ipar Euskal Herrian. Aldaketa handia izan zen, handia bezain traumatikoa. Herriak bere hizkuntzari eutsi zion baina euskara administrazio edo irakaskuntza hizkuntza bihurtzeko saio guztiak zapuztu zituzten. Honez gainera, ekonomia krisi larri amaiezinak eraginik, emigrazio lurra bihurtu zen Ipar Euskal Herri osoa. Egoera hartan, bi jokamolde nagusitu ziren euskararen aurrean: alde batetik, XIX. mende hasieran zabaldu zen Europan euskararen hizkuntza ezaugarri bitxien aldeko jakinmina: era guztietako teoriak egiten hasi ziren euskararen inguruan eta horrek ere onurarako alde izan zuen, jakinmin hartatik sortu baitzen euskal dialektoei buruzko lehen zientzia-lana, Bonaparte printzeari esker. Beste alde batetik, XIX. mendean errepublikar gorrien aurka ziharduten euskaldunek, eliza katolikoko apezek buru, euskararen zapalkuntzaz baliatu ziren beren ideologiaren alde eta horrenbestez sortu zen 1887an Eskualduna Euskal Herriko lehen euskarazko kazeta. Aldi berean, herri eta hizkuntza txikien aldeko joera erromantikoak bultzaturik, zabaldu ziren Lore-Jokoak Antoine d’Abbadieren eskutik, Ipar Euskal Herrian, lehenik, eta egoaldean, ondoren.

Frantziako Iraultzaren izpiritua sartu zen neurrian sendotu zen Espaniako estatuaren barnean gaztelania ez beste hizkuntzen aurkako erasoa. Foruen eta euskararen arteko uztarria argiro erakutsi zuen Juan Ignazio Iztueta zaldibiarrak (1767-1845) eta ideologia horrek erro sakonak egin zituen lehen karlistaldiaren ondoren. Bigarren karlistaldiaren eta, beraz, euskal foruak betiko lurperatu ondoan, era guztietako ahaleginak egin ziren euskararen alde. Egoerak ere hala agintzen zuen: Nafarroan eremu zabal handiak galdu zituen euskarak XIX. mendean zehar eta industria-gizarte berria samaldaka erakartzen hasia zen emigrante erdaldunak. XIX. mendearen bukaeran sarrera egin zitzaion euskarari diskurtso politiko-ideologikoetan, aintzat hartzeko hizkuntza moduan eta Asociación Eúscara de Navarra taldeak (1877-1883, Arturo Campión buru), lehenik, eta Sabino Aranak, ondoren (1886tik aurrera) berealdiko garrantzia izan zuten alor honetan, euskara jarri baitzuten etorkizunerako proiektu politikoen ardatz nagusi.

Industria iraultzaren poderioz, XIX. mende bukaeran hasi zen ordura arteko euskal gizarte tradizionala hausten eta industria hirien eta, nekazaritza aldeen arteko bereizkuntza gero eta handiagoa egin zen heinean, bete-betean bultzatu zen aurreramendua erdararekin eta atzerakoikeria euskararekin lotzen zituen binomioa. Horrez gainera, oldar betean eraso zien errejimen berriak euskarari eta euskaldunei, eskola erdaldunaren eta era guztietako debekuen bitartez. Forurik gabe, bestalde, Euskal Herritik kanpoko jendearen esku geratu ziren administrazio-postu asko. Giro hartan hasi zen Euskal Herriko notableen artean halako giro euskaltzalea gorpuzten eta XIX. mendeko azken urteetan hasi ziren lehenengo urratsak egiten —oso urrats txikiak— euskara eskolan eta administrazioan sartzearen alde.

Bestalde, XIX. mende bukaeran hasi ziren itxuratzen hurrengo mendearen hasieran zorionez gorputz sendoa hartuko zuten hizkuntza erakunde batzuk. Alde batetik, bazter guztietara zabaldu zen Euskararen Akademiaren beharra, euskarak ezinbesteko zuen batasunari lehenbailen heldu ahal izateko, eta, bestetik, elkarri begira jarri ziren, aspaldiko partez, Ipar eta Hego Euskal Herriko euskaltzaleak, elkarretaratze hori guztizkoa izatetik oso urrun zegoen arren. Apez batzuk gailendu ziren lan honetan, R. M. Azkue buru, elizaren hierarkia oro har euskararen aurka zegoen arren, eta haiekin batean Julio de Urquijo, A.

Campión, Karmelo Etxegarai eta Eleizalde, besteak beste.

XIX. mendean galera handia pairatu zuen euskarak Nafarroan eta sarrera bizkorra egin zuen gaztelaniak Bizkaia eta Gipuzkoako hirigune askotan. Industrialde eta hirigune batzuk izugarri hazi ziren bitartean, emigrazioa izan zen nekazari aldeetako biztanleen irtenbidea eta joera hori ez zen XX. mende barrenera arte baretu.

 

Euskara XX. mendean

Abertzaletasunaren sorrerak garrantzi izugarria izan zuen euskararen iraupenean. Askok uste zuten euskara iraungiko zela XX. mendean zehar, baina, euskararen aurkako eraso guztiengatik ere, bizirik dirau euskarak, etorkizunaren aurrean kezkati baina itxaropentsu, eta eutsi izanaren arrazoi nagusietako bat da euskara Euskal Herriko nazio-hizkuntzatzat hartuko zuten ideia abertzaleen zabaltzea. Ez da arrazoi bakarra, ordea, gogoan eduki behar baita, gorabeherak gorabehera, euskaldunak bere hizkuntzarekiko atxikimendu handia erakutsi duela historia osoan zehar.

Hala eta guztiz ere, galera handiak izan ditu euskarak XX. mendean zehar eta, maila koalitatiboan berebiziko aurrerapausuak eman dituen arren, ongi gogoan eduki beharra dago, gutxiengoaren hizkuntza dela Euskal Herrian bertan.

XX. mende hasieran bere horretan zirauen euskararen eremuak Ipar Euskal Herrian, baina sarrera bipila egina zuen frantsesak Lapurdiko kostaldean, Miarritzeko hegoaldean. Euskarari arnas egiteko betarik eskaintzen ez zion ideologia frantsesa arian-arian sartu zen bazter guztietan eta, gainera, emigraziolurra izaten segitu zuen barnealde osoa. Bestalde, ideologia abertzaleak ez zuen leku erosorik izan hango euskaldunen artean, euskaltzaletasuna III. Errepublika gogor borrokatu arren frantses harrotasunean murgildurik zeuden xurien eskutan baitzen. Gerra karlistetan ere askotan gertatu zen bezala, ideologia katoliko-integristak gaina hartu zien gehienetan euskararen aldeko jarrerei. Logika frantsesa zen, beraz, nagusi, eta bi mundu-gerrek indartu baizik ez zuten egin ideologia hori, herriak neurri handi batean euskaldun zirauen arren.

Hego Euskal Herrian, Espainiaren logika hausten zuen ziria sartu zuen abertzaletasunak eta akuilukada haiek hasieran hain eraginkorrak ez ziren arren, nolabaiteko giro euskaltzalea ekarri zuten lau lurraldeetako diputazioetara; horren fruitu izan ziren Eusko Ikaskuntza (1918) eta Euskaltzaindia (1918). Euskaltzaindia izan zen, gainera, Ipar eta Hego Euskal Herriko ordezkariak bildu zituen lehen erakundea.

Instituzio mailan halako urrats batzuk eman ziren arren, kamutsagoak gertatu ziren administrazioan eta irakaskuntza alorretan egin ziren ahaleginak. 1930. urtean, Primo de Riveraren diktaduraren ondoren, autonomia-estatuari begira jarri ziren indar politikoak, alde batzuek eta kontra besteak, eta euskararen ofizialtasuna eta estatusa auzitan. Aurrerapenik ez zen egin Errepublikako urteen garaian eta bazterretik, bide pribatutik, baizik ez ziren iritsi lehen euskal eskolak. Gerra ekarri beahr izan zuten faxistek, Espainiako Errepublikak Euskadiko autonomia aldarrikatzeko (1936ko urriaren 1a) eta ofiziala izan zen euskara, gaztelaniarekin batean, Eusko Jaurlaritzak Euskal Herrian iraun zuen bitartean (1937ko ekaina).

Gerra garaian eta ondoren, debekatu egin zen euskaraz hitz egitea eta debekatu zen euskararekin lotura zuen oro, aurreko urteetan sorturiko erakunde gehienak tartean. Bi errepresio-bide desberdin eraman zituzten Espainiako eta Frantziako gobernuek praktikara, baina helburu berbera zuten, bata faxismoan eta bestea demokrazian oinarritu baziren ere. Espainiako erregimenak espreski debekatu, borrokatu eta zigortu zuen euskara eta harekin zerikusia zuen oro; Frantziako gobernuak, ordea, euskararik ez balego bezala jokatu zuen, eta hala dirau: ez dago horrelakorik eta, beraz, ez dago arazorik.

Hego Euskal Herriari dagokionez, kontuan hartu behar da Errepublika garaiko loraldia bultzatu zuen gizataldea arras deseginik geratu zela: hilik (Lauaxeta eta Aitzol, adibidez, fusilaturik), espetxeraturik, atzerritaturik (lehenik Frantzian, gero ia denak Ameriketan). Ez da ahaztu behar, ezta ere, Errepublika garaian euskararen loraldian, eta euskal kulturarenean, oro har, partaide zirenak, euskararen normalizazioari, barrutik (euskarazko idazle, irakasle, kazetari… gisa) zein kanpotik (euskal kulturaren eztabaidetan parte hartuz) laguntzen zioten gizataldeak, euskal intelligentsia, ia arras ezabatu zela, hildakoen eta deserrituen artean.

Hegoaldean, euskara etxean gelditu zen gordean, ezinbestean, eta izugarri ahuldu zen, horrenbestez, euskal hiztunen gizartea; bestalde, erbesteko euskaldunen eta barneko ekintzaileen zeregin bihurtu zen euskararen aldeko borroka.Horrez gainera, euskarak urte horietan izan zuen galera handiaren eragileen artean, urte horietan Hego Euskal Herrira Espainiako beste lurraldeetatik izan zen inmigrazio handia ere kontuan hartzekoa da, inmigrazio hori hizkuntzaz bertakotu zezakeen egiturarik ez baitzen izan urte horietan guztietan.

1960an Hego Euskal Herriko biztanleen ia %30 Espainiako beste lurraldeetan jaioa zen, hain zuzen.

1950. urtetik aurrera lasaitu egin zen egoera neurri batean, hasi ziren euskarazko artikuluak, liburuak, eta abar, han eta hemen azaltzen, oso gutxi, halere, eta Elizaren babespean gehienetan, eta ugaltzen hasi ziren, halaber, euskarazko agerraldiak jendaurrean (bertsolariak, bilerak,…). 1954. urtean sortu zen Donostian lehen ikastola, klandestinitatean ia, eta 1960ko hamarraldiko lehen urteetatik aurrera hasi ziren herri eta hirietara zabaltzen. 1966an hasi ziren jardunean helduak euskaldundu eta euskaraz alfabetatzeko saioak, gau-eskolak, hamar urteren ondoan euskaltegi izaera hartuko zutenak. Ikastola eta gau-eskolen mugimenduari esker, herri-izaera hartu zuen euskararen aldeko mugimenduak eta jendeak ulertu zuen gizarte euskalduna amets bat baino zailtasunez beteriko proiektu bideragarri bat zela. Aldi berean, euskal literaturak (eta harekin batera, euskal kazetagintzak eta kantagintzak) eta, oro har, euskarazko testugintzak zuzperraldi ederra izan zuen urte haietan eta Euskaltzaindiak berebiziko urrats garrantzitsuak egin zituen euskararen batasunaren alde (1968, Arantzazu).

1969. urtean sortu zen Ipar Euskal Herriko lehen ikastola. Egoera politikoa desberdina zen arren, zailtasunak ez ziren hegoaldean baino gutxiago izan. Iparraldeko ikastolek ere bete-betean hausten zuten frantses hezkuntza-sistemaren logika, hizkuntza bakar ukiezin baten garapenari, frantsesaren garapenari, hertsiki lotua, eta horrenbestez desbideratze arriskutsutzat hartu zen saio hura. Nolanahi ere, Iparraldeko ikastolek aurrera egin zuten bide patartsu hartan eta geroz eta sostengu handiagoa dute gaurko egunean, haien egoera oso zaila den arren maila guztietan.

1970 aurreko hamarraldian zehar, eta batez ere ondoko hamarraldietan, euskararen normalizazio prozesuak garrantzi handiko pausoak egin ditu zentzu guztietan. 1967an euskal idazle talde handi batek Baionan egin zuen Biltzarrean erabaki finkoak hartu ziren hain beharrezko ikusten zen euskararen batasunaren alde egiaz eta elkarrekin baturik jokatzeko. Irizpideak batzeko ahaleginak egin ziren, eta haren fruitu, batasunerako asmoz oinarrizko hiztegi bat argitaratu zen. Euskal idazle gazteenen aldetik etorri zen batez ere bulkada hori, baina ezin esan daiteke belaunaldi etenik izan zenik horrenbestez. Euskararen zabalkundeak berak, eta egoera berrietara, jakintza eta informazio berrietara, horiek gertatu ahala, egokituz joan nahiak behartu zituen batez ere erabaki horiek. Hala, 1968an Euskaltzaindiak eta euskal idazleek Arantzazun egin zuten Biltzarrean batez ere Koldo Mitxelena euskaltzainaren proposamenen ildotik euskara batua zehazkiago definituz joan eta haren alde jokatzeko erabaki sendoa hartu zenean, euskararen normalizazioan aurreratzeko prozesu bizkor eta aski garratz bat hasi zen, euskal idazleen artean ez baitziren izan ere denak ados batasunerako zenbait irizpiderekin ez batasun prozesu horri eman nahi zitzaion lastertasunarekin. Zenbaitek belaunaldien arteko eten bezala sentitu zuen hura, belaunaldi berriek zaharragoen eginak gutxietxiko balituzte bezala, edo zaharragoek gazteagoen burubideak hutsaltzat emango balituzte bezala; edozeinetara ere, belaunaldi eten baino ideologiazko eten gehiago izan zen, euskara mundu zahar ustez garbi eta jator baten sinbolotzat zutenen eta euskara bera Euskal Herrian garai berean gertatzen ari ziren aldaketen adierazle gisa zerabiltenen artean; izan, adin guztietako idazleak ziren alde bateragokoen eta besteragokoen artean. Zenbait urtez eztabaida garratz suminak, artikulu eta liburu mingarriak, argitaratu ziren han eta hemen, alde batetik zein bestetik.

Etenak eten eta sumindurak sumindura, ordea, euskararen normalizazio prozesuak aurrera egin zuen, hizkuntzaren zabalkundeari eta berorren erabileraren indartzeari hizkuntzaren normatibizazioa zerraikiola.

Egia esan, Euskaltzaindiak euskararen batasunerako bidean argitaratzen zituen araubideak, «arau» gabe «proposamen» izendatzen zituen kontu handiz. 1971n puntuazio eta ortografia arauak batzeko proposamenak agitaratu ziren; 1973an eta 1977an aditzaren batasunerako arauen proposamena; 1974an h-z idatzi beharreko hitzen zerrenda argitaratu zen; hauxe zen, izan ere, ia hasieratik euskara batuaren eztabaidaren ikur bihurtu zena: H bai, H ez. Nolanahi dela ere, oso urte gutxiren buruan, Arantzazuko 1969ko Biltzarraren ondoko liskarren eta iskanbilen ondoren uste izan zitekeen baino askoz errazago, leunago eta bizkorrago joan zen finkatuz euskara batuaren eredu bat, ortografiari eta formari, oro har, zegokienez bederen, bateratua zena. Egia osoa esateko, askotan gertatu zen zenbait idazle, zein bere aldetik eta zein bere joeratik, batasunerako bide horretan Euskaltzaindiaren beraren aurretik joatea, eta batasuna aurreratu nahiz batasunari aurrea hartu eta zaildu izana.

Aldi berean euskal gizartearen egoera ere oso laster joan zen aldatuz eta modu berri batean eratuz.

Horrekin batera euskararen erabilera alorrak ere, batez ere Francoren diktaduraren lehen hamarraldietan oso urri izanak, zabalduz joan ziren; euskararen erabilera, ia guztiz bizitza pribatura eta etxe zokora baztertu eta mugatua izana, erabilera publiko geroz eta zabalagoetara hedatuz joan zen: irakaskuntzara, komunikabideetara, eta azkenik, diktadura desagertzearekin Hego Euskal Herrian erakunde publikoakeratzen direnean, ofizialkidetasun formalera. Ikastolen mugimendua 1960 ondoko urteetan hasi zen Gipuzkoan eta Bizkaian, urte batzuk geroako Araban eta Nafarroan, eta geroxeago Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan. Ikastoletako hasierako ikasle apurrak ia hirurogei mila bilakatu ziren hamar urteren buruan.

Nagusien alfabetatze mugimendua, 1966an Euskaltzaindiaren babesean sortua, berehalaxe indartu eta zabaldu zen. Gerora ordea, helduen alfabetatzea ia erabat alde batera utzirik, helduen euskalduntzea hartu zuen helburu nagusitzat. Milaka lagun asko igaro dira, euskara gutxi edo asko ikasiz, euskalduntze eta alfabetatze eskoletatik. 1976an AEK erakundea eratu zen, mugimendu hori koordinatzeko; geroago, 1981ean, HABE erakundea antolatu zuen horretarako Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak.

Komunikabideei dagokienez, indartze nabarmena izan zen 1960 ondoko hamarralditik aurrera. Garai horretako komunikabideen artean aipatzekoak dira batez ere “Anaitasuna”, “Zeruko Argia”, “Goiz Argi”, Egan”, “Jakin”, era eta helburu desberdinetako aldizkariak, lehenagoko garaietatik zetozenak guztiak.

“Anaitasuna” eta “Zeruko Argita” informazio orokorreko aldizkariak ziren bezala, “Egan” literatura aldizkaria zen batez ere, “Jakin” jasieran teologiazkoa, gerora pentsamenduzkoa, oro har. Aldizkari hauek, berehalaxe, Gerra Zibilaren ondoko urteetan atzerrian argitaratzen ziren aldizkarien lekua artu zuten.

Informazio orokorreko aldizkariek batez ere, zabalkunde handia izan zuten, eta berebiziko eragina izan zuten gerora etorriko zen euskararen erabileraren zabaltze aldiaren bidea errazteko: euskarari ordura arte bereak ez zituen alorretan lekua eman zioten; idazle berrien lehenengo plazak izan ziren; oinarrizko irakurle multzo bat prestatu zuten; hitz gutxitan, euskararen erabilera zirkuitua berreskuratu eta arras zabaldu zuten.

Idatzizko komunikabideekin batera, euskaraz ziharduten irratiak ere ugalduz, euskarazko emanaldien ordutegia zabalduz, mintzagaiak ugalduz eta entzuleria ere hedatuz joan ziren (Segura Irratia, Herri Irratia, etab.). Euskarazko irratsaioak normaldu, eta egun osoko ordutegia betetzera iristeko erronkaren aldarrikatze gisa “24 ordu euskaraz” egun beteko lehen irratsaio bakana antolatu zuen Loiolako eta Donostiako Herri Irratiak 1976ko martxoan.

Irratiarekin oso loturik euskal kantagintza berriaren gertaera ere aipatzekoa da. 1962an Mixel Labegerieren lehen diska argitaratu zen. 1965ean “Ez dok amairu” taldea sortu zen. Diska etxeetan oso ezagunak izan ziren Cinsa, Goiztiri, etab. Diska argitalpenen eta kantagintzaren beraren gainetik, ordea, garrantzi handia izan zuen euskal kantagintza berriak, urte horietan bestela ezinezko ziren mitin politikoen lekua oso maiz kantaldiek betetzen zutelako; alde horretatik garrantzi handiko topagune eta euskalzaletasunaren oinarrizko ideien zabalgune izan ziren kantaldiok.

Liburugintzak 1955 inguruan iritsi zuen berriro, zenbait gorabeherarekin, 1936ko gerra aurretik zuen produkzio maila. 1960 ondoko hamarraldian zehar, poliki-poliki bada ere, indartuz joan zen produkzio hori, eta are indartzenago 1970etik aurrera. Argitaratzen zen liburu motari zegokionez, ordea, esan beharra dago egiazko irakurle multzo baten eskariei baino, kultura asmo batzuk betetzeko egina argitaratzen zirela gehienbat liburu haietako asko; euskarak zituen hutsuneak betetzeko, kultura premiak betetzeko eta irakurlego zabalago bat sortuz eta eratuz joateko. Oso liburugintza “gidatua” izan zen oro har, argitalpenaren ardura zuten taldeek planifikatua. Garai horretan zegoen irakurlegoak, hain zuzen, euskaraz argitaratzen ziren liburu “guztiak” erosten zituen, edo argitaletxe jakin batzuen liburugintza “guztiaren” erostun izaten zen, harpideduna gehienbat.

Euskararen berreskuratzeko ahaleginak mugimendu zabal indartsua sortua zuen 1975eko hondar egunetan Franco hil zenerako. Francoren beriotzarekin eta 1977an Espainiako konstituzioa aldatzeko prozesua hastearekin, Euskal herrian, Hego Euskal Herrian edo Hego Euskal Herriaren zati batzuetan era bateko edo besteko autonomia eta gobernu modu autonomoak izateko esperantza hurbila piztu zen.

1977an Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutua onartu zen eta 1981ean antolatu zen lehenengo Eusko Jaurlaritza Euskadiko Autonomia Erkidegoan. Nafarroako Autonomia berria 1981ean sortu zen, Foruaren Hobekuntza legearen bitartez.

Gertaera politiko horiek guztiek (demokrazia parlamentarioaren ezartzeak eta Euskadiko Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatea sortzea) erabat eta erro-errotik aldatu zituzten euskararen normalizazio prozesuan eragina zuten baldintza politikoak. Era askotara eta alde askotatik aldatu ziren gainera baldintza horiek. Aldaketa horien ikuspegi garrantzitsuenak baizik ez aipatzearren, honako hauek aipatu beharko lirateke lehenik.

Guztietan lehena, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Estatutuan bertan, eta halaber Nafarroako Foru Autonomiarenean, euskararen ofizialkidetasuna ezagutu zen, Espainiako Konstituzioan alor honetan ezartzen diren mugen barruan (gaztelania ezagutu “beharra”, eta gainerako hizkuntzei dagokienez halako betebeharrik ez ezartzea). Ofizialkidetan hori zinez egiazkoa izan zedin, horren ardura zuten erakunde publikoek behar ziren arauak eman eta baliabideak antolatzeko ardura hartu behar zuten; hizkuntzen ofizialkidetasunaren aldarrikapenak berez zekarren ondorioetako bat zen hori.Bide batez, eta egoera berriaren kariaz, ordura arte pertsona edo talde pribatuen, edo ez-publikoen, esku zegoen hizkuntzaren normalizaziorako ahaleginaren pisurik handienak, ekimen pribatuarentzat kargarik handiena zenak (irakaskuntza, komunikabide nagusiak, etab.), ekimen publiko izateko bidea topatu zuen. Euskararen erabilera normalizazio bidean jartzeko eginkizunaren kargarik astunena, ekimen pribatuak nekez inoiz bideratu ahal izango zuena, erakunde publiko berrien eginkizun bilakatu zen.

Erakunde publikoetan beraietan ere euskararen erabilera normalizatu beharra zen hizkuntzen ofizialkidetasun aldarrikapenak zekarren beste ondorioetako bat. Halaxe asi zen Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Administrazioen era bateko edo bestelako euskalduntzea., lurralde guztietan berdina ez dena, eta inoiz osoa izango bada oraindik ere burutzeko bide luzea duena.

Oso urte gutxiren barruan aldi berean sortu ziren beraz alde batetik normalizazio premia berriak eta bestetik normalizazio lan hori bideratu ahal izateko erakunde eta ahalbideak.

Urte gutxi horietako zenbait gertaera gogoratzea aski da azkeneko hogei urteetan izan diren aldakuntzen ikuspegi labur bat izateko. 1977an sortu zen Bilboko Unibertsitate barrutia, gerora Euskal Herriko unibertsitatea izango zena; urte horretan sortu ziren Deia eta Egin egunkariak, euskararen erabilera orri berezietara mugatzen ez zuten lehenak. 1978an eman ziren oraindik publiko izateko biderik ez zuten ikastolentzako lehenengo dirulaguntza publiko ofizialak. 1979an onartu zen hezkuntza sare publikoan euskara irakastea. 1980an Donostiako Itzultzaile Eskola sortu zuen Euskaltzaindiak gertatzen ari ziren aldakuntza sozialek ekarriko zuten itzultzaile premiei erantzun ahal izateko. 1981ean IVAP, IRALE, HABE erakundeak sortu zituen Eusko Jaurlaritzak, administrazioa eta irakaskuntza euskalduntzen laguntzeko, eta helduen alfabetatze eta euskalduntze premiei erantzuteko; hauetan ordea, lehendik ekimen pribatua nolabait betetzen ari zen lekua bete nahi izan zuen administrazio publikoak. 1982an EITB sortzeko legea onartu zen, Euskal Idazleen Elkartea sortu zen eta Euskadi Irratia abiarazi zen. 1983an ETB telebista emititzen hasi zen, euskararen normalizaziorako legea onartu zen, euskara derrigorrezko ikasgai jarri zen irakaskuntzan.

Data eta gertaera zerrenda labur bat da, zerrenda luzea izan zitekeen lekuan. Bere laburrean ordea, gauza bat erakusten du batez ere garbi: euskal erakunde publiko autonomoak eratzen diren une beretik, eta erakunde horiek euskal gizartean euskararen erabilera normalizatzeko lehendik zetorren ahalegina berentzat hartzen duten heinean, normalizazio horren abiada arras azkartzen da.

Euskararen normalizazio prozesuak azkeneko hogei urte honetan izan duen azkartzeak ahalegin handiak eskatu ditu, eta ondorioak ere era askotakoak izan ditu. Oso urte gutxitan milaka pertsona prestatu eta gaitu behar izan dira euskararen inguruan sortuz joan diren eginkizun eta lanpostu berriak betetzeko.

Euskaraz burutzen ziren lanbideak borondate soilezko lanbide bakan batzuk izatetik milaka lagun lanbidez euskarazko adierazpide edo gaietan aritzera izan da aldakuntza. Hizkuntzaren industria zabal bat sortu da euskararen normalizazioaren inguruan. Irakasle, idazle, itzultzaile, ikerlari banaka batzuk ziren lekuan, ehundaka itzultzaile, idazle, kazetari, milaka irakasle (eskoletan, helduen alfabetatze eta euskalduntze eskoletan, eskolaurretik hasi eta unibertsitaterainoko guztian).

Egoera horretan euskararen eta euskarazko irakaskuntza bilakatu zen, lanbidez euskararekin zerikusia duten lanbideetan enplegatzen zen –eta den– pertsona kopuruari dagokionez, euskararen normalizazioaren xede eta eginkizun nagusia. Irakaskuntzaren munduak batez ere (eskoletan eta unibertsitatean) euskararen inguruan egiten ziren ahalegin asko eta asko bere aldera jarri ditu; euskararen mundua nolabait “pedagogizatu” egin du neurriz gaindi, eta horren ondorioak berez irakaskuntzari ez dagozkion alor askotan sentitu izan dira, literatura produkzioan, adibidez.

Ikastolen sorrerak irakaskuntzarako testuen eskaera handia ekarri zuen; ikastoletako irakaskuntza hasieran gaztelaniazko testuetan oinarrituz egiten baitzen, geroago behin-behineko itzulpenak erabili ziren, harik eta poliki-poliki testugintza aski sendoa eratu zen arte. Ikastoletatik lehendabizi, eta geroago eskola publikoetan euskararen irakaskuntza eta euskarazko irakaskuntza hedatzen hasi zelarik, sortu zen irakurleria zabalarentzat, testugintzaz gainera haur literatura, itzulia lehendabizi eta sortzezkoa gero, argitaratu zen. Literatura mota honek zenbait urtetan –oraindik ere bai– beste hizkuntza batzuetako literatura produkzioan izan ohi ez duen bezalako pisua du gaur egungo euskal argitalpenetan. Haur literatura hori irakaskuntzako arauetara mendekoturik dago oraindik ere gehiena, eta irakaskuntzako instituzioaren sareen bidez banatzen da, banatu ere, gehiena.

Joera hori ez da noski, euskararen egoera normaldu izanaren adierazgarri, normalizazio prozesuak, onerako edo txarrerako, euskarazko jarduera guztiak –edo ia guztiak– baldintzatzen dituela erakusten duen froga baizik. Horixe baita, agian, euskararen normalizazio prozesua oraindik ordaintzen ari den zorra: euskararen presentzia, euskarazko jarduera, gizartean duen presentziak berak baino gehiago, itxuraz behintzat, horretarako erabaki politiko batek eragina izatea.

Hala ere, normalizazio bidean, bi zentzuetan, normatibizazioarenean eta erabilerarenean, egin diren aurreramenduak begien bistan daude eta ezin ukatuzkoak dira.Euskara batuaren definizioa oso aurreraturik dago, eta esperientziak erakutsia du horretan egin diren aurrerapausoek onarpen zabala dutela eta ezin atzeratuzkoak direla dagoeneko.

Euskararen erabilera alorren behialako murriztasuna (erabileraren banaketa diglosikoa eragiten zuena) gainditzen ari da.

Euskararen ezagutza maila ere zabaltzen eta indartzen ari da irakaskuntzaren eta famili transmisioaren bidez.

Iraganeko hersturak ahaztu gabe, haiek baino etorkizun zabalagoa eta aberatsagoa eskaintzen zaio gaur egun euskarari.