Departamento de Cultura y Política Lingüística

Atlas Historikoa»Atlas Historikoa

Lurralde eta hirien bilakaera

Bilboko metropolia airetik ikusia («Bilbao y su comarca»).<br><br>

 

EGILEA:

Víctor Urrutia Abaigar Soziologian doktore. Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologiako irakaslea Gizarte Zientzien fakultatean. Besteak beste «El Movimiento Vecinal en el Area Metropolitana de Bilbao» liburuaren egilea da.

 

Euskal Herria, hiri ingurunea

Mende hasieran Baskoniako biztanleria ez zen milioi batera iristen. Biztanle horietatik, laurdena baino ez zen hirigunetan (10.000 biztanle baino gehiagokotan) bizi. Biztanle gehien, udalerri txikietan (3.000 biztanle baino gutxiagokotan) bizi zen, haietan biltzen baitzen biztanleriaren %47. Gaur egun, bi milioi eta seiehun mila biztanletik gora dira, eta horien %77 hirigunetan bizi da. Udalerri txiki haietako biztanleria %12koa da. 1900ean sei ziren 10.000 pertsona baino gehiagoko udalerriak. Gaur egun 46 dira. Kontuan hartzen badugu azken hamarraldietan garraiabideen garapen geroz eta handiagoa eta komunikabideek izan duten hobekuntza, Euskal Herriko lurraldea oso hiritartzat defini dezakegu.

Demografia eta espazio aldaketa horiek, 1950eko hamarraldia arte nahiko bareak izanak, areagotu egin ziren 1960ko hamarraldian eta berriro urritu dira geldiro-geldiro 1980ko hamarralditik aurrera.

Mende honen aurretik, industrializazioaren aurretik, euskal hiriburuak, Erdi Aroko egitura zuten hiri txikiak baino ez ziren. Beraien nagusigoa, euskal ekonomia eta gizartearen artikulatzailetzat, mende bat gutxi gorabehera berandutu zen, horrela gure herriaren historiako aldaketa sendoena betez. Bi prozesu horien uztarketak, industria eta hirigintzarenak, osatzen duen barruti sozialetik azaltzen dira gaur egun Euskal Herriarentzat beste prozesu eta aldaketa batzuk.

Berritzat jo dezakegun hirien nagusigo honek, Bilboko ingurua lehen mailako garapen gune gisa sendotzean izan zuen hasiera, nahiz eta ordurako bazen halako merkataritza tradizio bat, XIV. mendeaz geroztik, Bilbo zen Nerbioi ertzetako herri txiki hura Gaztelaren portu eta erreinuko itsasketa gune izan zen garaietatik.

 

Geografia eta ekoizpena

Euskal Herriaren geografia izaerak, bere haran, kostalde eta barrualdeen tipologiak, berebiziko eragina izan du bai bere ekoizpen tradizioan, bai bere hiri egitura sortzerakoan. Izaera horrek baldintzatu zuen industria aurreko mendeetan ibaien ertzetan burdinolak sortzea, gerora metalgintzan espezializatutako lantegiei bide emango zietenak hain zuzen. Tradizio hori bereziki Gipuzkoan zegoen errotuta.

Bizkaian, burdin mearen aurkikuntzak, Abrako portu inguruko bere meatzeen ustiakuntzak, siderurgia sare sendoaren eraikuntzak eta gerora, mende honetako lehen hamarraldietan, ontzigintzako lantegi sare sendoa eratzeak Nerbioiko Arroan industria astunean oinarritutako espezializazioa bultzatu zuten. Bere historian zehar, Bilboren ezaugarri izan zen merkataritza tradizioa zeharo eraldatu zen denbora tarte laburrean, XIX. mendearen azken urteetan. Eraldaketa horren gune nagusiek (Bilbo eta Nerbioi ezkerraldeko herriek) ikusi zuten, gerra zibilaren ondorengo urteetan espezializazio hori nola sendotzen zen eta nola errotzen ziren gune horietan oinarrizko industriak, kimikoak batez ere. Horrek guztiak dimentsio handiko industrigunea egituratu zuen, eskulan portzentaia handia hartzenzuena eta denboraren poderioz Bilbo Handia hirigunea eratuko zuena, Euskal Herriko garapen ekonomikoaren benetako motorea.

Industrializazioak Nafarroan eta Araban ez zuen izan aurrekoen antzeko eskulangintza tradiziorik. Egitura batik bat nekazaritzakoa zelarik, 1960ko hamarralditik aurrera hasten da industria aroan sartzen, politikako, demografiako eta lurraldeko faktore ezberdinen bateratasunaren ondorioz bultzada indartsua jasoz.

Iruñea eta bere hirigunea dira Nafarroako erakarpen ardatz nagusiak, biztanleriaren %50 bereganatzen baitute. Bestalde, Gasteizen egoera estrategikoak, Irun-Madril ardatzean, industriarako eta egoitzarako lurzoru eskaintzak, gai horietan gainezka eginik dagoen Gipuzkoakoarena baino askoz handiagoa duela, eta Bilbo hiri ingurutik oso hurbil dagoela, Espainiako estatuan industria eta demografia hazkuntza handienetakoa duen hiria bihurtzen du hiri hori.

 

Erdi Aroko hiritik burges hirira

Euskal hirien eraldaketak Europako zabalguneen eta Espainiako hiri handienen (Madrilen, Bartzelonaren) hiri ereduak jarraitzen ditu 1860tik aurrera. Gauzatze luzea du, iragan mendearen amaieran hasita (Gasteiz 1864an, Donostia 1865ean, Bilbo 1866an eta Iruñea 1881ean), eta 1950 ondoko hamarraldia arte luzatzen da. Murru zaharren suntsitzeak eta burdinbide egituren eraikuntzak bugesiaren eta erdi mailako gizarte klaseen hiri berriari lekua uzten diote, astiro-astiro hiriaren espazio zabalago eta hobeto diseinatuak betez, eta kalitate hobeko etxebizitzak eginez, espazio urbanoak eraikitzeko eta egokiago baliatzeko proposatzen diren jokabideen arabera. Zabalgune horien eraikuntzek, behin eta berriz zuzendu diren arren, denboran zehar oreka nabarmena mantendu zuten, bai bere trazatu fisikoari bai egoitza izaerari zegokienean.

Industria hiriaren barneko sare urbano berria, nekazaritzako espazio zaharretan zehar zabaldu zen, mugakide zituen herriak Erdi Aroko hiriaren baitan hartuz.

Anexio horiek, esaterako Abandoren kasua Bilbon, zabalgunearen hedapena bideragarri egiten duen lurzorua eskaintzen dute mende batean zehar. Alde zaharrak eta zabalguneak beren artean artikulatzen dira hiribide eta zumardien bidez (Donostia, Gasteiz), multzo bateratua osatuz, 1960ko hamarraldiko garapen hedapenak eten artean (batez ere Bilboren kasuan).

Erdi Arokoen itxurako hiriak, Euskal Herriko geografia osoan zabaldutako industriaurreko herrien eredu, gaur egun bere oinarrizko egitura gordetzen du, nahiz eta etengabeko berreraikitze eta birgaitzeek ezin izan duten bere hondamen soziala konpondu. Hala ere, Zazpi Kaleak, Nafarreria eta Parte Zaharra espazio pribilegiatuak dira, bertan festa, azokatxoak, “poteoa”, subertsioa, gazte taldeak, betidaniko artisauak eta merkatariak elkarrekin bizi direlarik, ez ordea zenbaitetan liskar bat edo beste izan gabe.

 

Langile hiria eta lorategi hiria

Zabalguneetako bazterrek eta Erdi Aroko hiriak berak, gerra zibilaren aurreko aldian, industrializazioaren banaketa sozio-espaziala islatzen duen hiriguneen aurpegi ezkutua erakusten dute. Bilbo Zaharra, Bilboko meatze inguruetan dagoen auzoa, edo Bolueta edo Barakaldoko Labe Garaietako lehenengo lantegien inguruak orduko hiri industrialen ezaugarri ziren giza metaketaren, hilkortasun tasa handien eta, oro har, bizitzeko baldintza gogorren adibide dira. Langileria hirietako gune baztertuetan kokatzen da, hiriko gune bizi eta ongi hornituetatik urruti dauden auzoetan, hirien geografia berria zipriztintzen duen “kanpoalde langilea” osatzen dutela.

“Etxebizitza merke” deituak dira, 1920 ondoko hamarralditik aurrera, etxebizitzen eraikuntzarako lehenengo sostengu sistemak (kooperatibismo bidez zuzeneko finantzaketa sistema eta eraikuntza bultzatuz) langileriarentzat eta erdi klasekoarentzat antolatuak. Prozesu horren aitzindaria, Bilboko Iralabarri auzoan topa daiteke, horretan Europako industriariek langileen bizilekuak lantegietara hurbildu eta bere langileei etxebizitza merkeak, edo haiek erosteko moduko prezioetan behintzat, eskaintzeko egindako ekimenen ispilu baita. Auzo horrek 3.000 biztanle izan zituen gutxi gorabehera; familia bakarreko edo gehiagotako etxebizitza eskaintza anitz batekin, zinez “hiri satelitea” eratu zuen hiriaren kanpoaldean.

Barakaldoko Trenbideetako Langileen Kooperatiba, Bilboko lorategi hiria, Donostiako Aranzazuko Ama Auzoa eta Gasteizko lorategi hiria, Europako mugimendu higienisten eta garai hartako langileen korronte kooperatibisten urratsak jarraitzen zituzten eraikin horien adibide xorta labur bat baizik ez dira.Familia bakarrarentzako etxebizitza eredua, estilo anglosaxoniarraren jarraitzailea eta hirien zabalguneetan gorantza eraikitzeko zen joeraren kontrakoa, burgesiak ere beretzat hartzen du, mailadi sozialean gora egin izanaren sinbolo gisa. Negurik Getxon, Mirakontxak edo Aietek Donostian eta maila apalagoan Iruñeak eta Gasteizek islatzen dituzte, lorategi hiriaren eredu berberaz, garai hartako egoitza baldintzarik hoberenak, izadiaren eta hiriaren sintesi direnak, hots, txaleta/jauregitxoa botere ekonomiko berriaren erakusle.

Bilboren kasua bereziki esanguratsua da, garai hartako gizarte zatiketak islatzen dituen bi espazio urbanoen egitura ageri-agerian erakusten baitu: ezkerraldea, langile klasearen eremua, eta eskuinaldea, burgesiaren eta aristokraziaren lorategia.

Nerbioi itsasadarra topografiazko gertaera eta sinbolo soziala da aldi berean.

Garapen ekonomikoaren ardatz dinamizatzaile gisa agertzen da, baina industria prozesuan parte diren talde eta eragile sozialak banatzen eta bereizten dituen muga da aldi berean. Burgesak eta proletarioak, egoitza eta lantegia, aisia eta lana, horra egitura sozial horren ikuspegi espaziala ematen duten beste kontzeptu batzuk.

1920 eta 1930 urteen artean, gaur ezagutzen den Bilbo Handia egungo egitura demografikoa hartzen hasi zen.

Donostiaren kasuan, bere testuingurua ez baitu Bilboren berdina, merkataritzak eta, batez ere, turismoak geroz eta interes handiagoko gune bihurtu zituen, bai hiria bera, bai inguruneak, Espainiako eta Europako aristokraziaren artean (bainuetxeak eta hondartza). Bestetik, Frantziako mugetatik hurbil aurkitzeak eta errege-erreginen etorrerak udaldian, denboraren poderioz, Donostia (1920an 61.774 biztanle baino ez zituelarik) irudi kosmopolita eta modernoa eman zioten hiriari.

 

Auzo eta hiri inguru berriak

Gerra zibilaren ondorengo urteek, halako bihurgune puntu bat erakusten dute Euskal Herriko hirien garapenean. Betidaniko hiriburuek eta hiriguneek, nekazaritzako zonaldetatik lan aukera berrien bila haietara joandako biztanleria hartzen dute pixkana-pixkana. Nekazaritzako lurraldeetatik hirirako etorrera hori oso handia izan zen, Bizkaian eta Gipuzkoan batez ere. Bilbon lehenengo etxola auzoak agertzen dira Artxandaren magalean eta Pagasarri inguruetan (Uretamendi,Peñascal, Masustegiko Estrada). Nork bere bizitokia eraikitze horrek, bertan bizitzeko gutxieneko baldintzarik ere gabe, administrazioaren kontrolik gabe, hiri azpiegiturarik, saneamendurik, elektrizitaterik gabe eta, gehienetan, orubea legez kanpo harturik, hirigintzaren garapenaren gertaera eta aldirik hitsenetako bat erakusten du. Iruñeak eta Gasteizek, horietan etorkin gutxiago izan baitzen, era egokiagoan egin zieten aurre arazo horiei.

1960 ondoko hamarraldia gaur egungo hirigintzaren historiaren gailurra dela esan daiteke. Esan daiteke zinez gure hirien aldaketa erabatekoa izan dela garai horretan. Ordu arte izandako biztanleria eta espazioaren arteko oreka nabarmen eta agerian hausten da 1955-1975 bitartean. Hogei urtetan, hiri inguruen hedatze itzelak, euskal hiriburu guztietan gertatzen den “arrabaltze” dei daitekeenak, Euskal Herriaren paisaje fisiko eta sozial berri bat eratzen du.

Biztanleriaren hazkuntza handia ez da adosten eta berdintzen hirien garapen ordenatuarekin; hirien ordu arteko habitatak berebiziko endekatzea nozitzen du: eraikitzen diren etxebizitzek kalitate urria dute, tamaina ere txikia, ekipamendu kolektiboak eta hiri azpiegiturak eskasak, garraio sistemek ez dituzte biztanleriaren mugimendu beharrak asetzen eta ingurugiroaren kutsaduraren indizeak (ibaienak eta airearenak) gero eta handiagoak dira.

Horiek guztiak bereziki larriak gertatzen dira euskal geografiako zenbait udalerritan edo hiriburuetako auzo jendetsuenetan batez ere. Adibide batzuk ematearren, Barakaldo eta Portugalete (Bizkaia), Orereta (Gipuzkoa), Laudio (Araba) edo Antsoain (Nafarroa) ditugu halakoak udalerrien artean, eta auzoei dagokienez Rekaldeberri eta Santutxu Bilbon, Milagrosa eta San Jorge Iruñean, Zaramaga eta Adurza Gasteizen edo Amara Donostian, beste batzuen artean.

Hiriaren aldaketen intentsitate eta azkartasunak eragindako desoreken aurrean berehala sortzen eta eratzen da hiritarren erantzuna ere. 1970-1980 bitarteko hamarraldiak auzo elkarteen igoera nabarmena dakar: hiri inguruen habitat baldintza txarretatik abiatuz (zerbitzu publikoen urritasuna edo gabezia: garraio edo oinarrizko azpiegiturak, ekipamendu kolektiboak, batik bat eskola edo osasun alorretakoak, zona berde edo parkerik eza, ingurugiroaren kutsadura handia, e.a.), protesta mugimendu handia zabaltzen dute euskal hiriburuetara. Klandestinitatean dauden sindikatuekin bat eginik, auzo elkarteek diktaduraren errepresio baldintza gogorrak jasan zituzten. Gertaera beltzena Erandion (1969) jazo zen kutsaduraren aurkako protesta manifestaldi batean, poliziak bi pertsona hil eta beste asko zauritu baitzituen. Bat-bateko txinparta horrek, auzo elkarteak garatzen hasiak zireneko Espainiako beste hiri batzuetara sua hedatu zuen.

Bizilagun mugimendu horrek, Bilbo Handian indar eta hedadura handia lortu zuen. 1980an, lanean ziharduten Auzo Elkarteak 80tik gora ziren (kasik eskualdeko auzo bakoitzeko bana), eta 25.000ren bat kide biltzen ziren horietan. Auzoetako bizitza sozial eta politikoak, kontzientzia zibikoa hartu zuen elkarte horien bidez, eta hirietako gabezia asko konpontzen lagundu duen, gerora udal demokratikoek beren gain hartu zituztenak. Era berean, hirietako erreibindikazioez gainera ekologiari buruzko sentiberatasun berri baten bultzatzaile eta sustatzaile izan ziren elkarte horiek.

 

Metropoliaren hedatzea eta demokrazia

Eraldakuntza sakon horrek behin-betiko finkatzen du euskal hirien metropoli izaera. Industriaurreko Erdi Aroko herri haiek mende hasierako hiri industrialei leku uzten diete, azkenik, aski denbora laburrean, gune metropolitanoen sare dinamiko bihurtzeko.

Hirigintza prozesuaren joera bereziek, demokrazia gabeko errejimen bat izateak eta demokraziara aldatzeko trantsi zio politika luzeak, guztiek batera hiri aldakuntza horren eraginak ugariak eta konplexuak izan zitezela eragin zuten: auzoetako gatazkak mugimendu sozialetan islatuak, hirietako area eta komunitateen espazio banaketa, lurraldearen ordenazioan diren desorekak, Herri Administrazioen krisiak (bai ekonomikoak bai jestiokoak), e.a. Laburbilduz, administrazio “jantzia” motz geratu zen bere hazkuntzan, ez muga, ez ordenik ezagutzen ez zuen hiri “gorputzarentzat”.

Demokraziaren ezarpenarekin konponbide berriak proposatzen dira arazo horientzat guztientzat. Hiriko bizitzaren kalitatea hobetzeko apustua egiten da, herri ogasunen saneamendu ekonomikoaren eta hiri espazioen memoria kolektiboaren aldekoa. 1980ko hamarraldia lasterketa bat da, aurrez galdutako denbora berreskuratu nahi duena, “zimentuzko politikaren” eta kultura politiken bidez, zeina, astiro astiro, Euskal Herriko herri eta hirien itxura eraldatzen baitoa.

Hiri historikoaren berreskuratzeak (alde zaharrenak eta zabalguneenak), oraindik amaitu ez den arren, Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñearen aurpegi berriak erakusten ditu. Ekipamendu kolektiborako (kultura etxe, gune zibiko, kiroletarako azpiegitura, e.a.) eta komunikazioko azpiegituren berrikuntzek, besteen artean, hein handian iraganeko desorekak egokitzea lortu dute. Orohar, hiriko habitatak hobekuntza nabarmena izan du aurreko hamarraldiekiko, oraindik ebatzi gabeko aspektuak izan arren hirietako bizitzan (etxebizitzen urritasuna, sarbideen egoera eta hirietako trafikoa).

Hiriko espazioak aldi honetan frankismoaren garaian izan ez zuen batasuna berreskuratu du. Jaiak areagotu egiten dira beren hiri nortasuna egoki edo desegokiago berregiten duten kultura tradizioa duten ala ez duten guneetan. Auzoak astiro-astiro doaz sozialki integratuagoak diren unitateetarantz eboluzionatuz, “garapen aroan” hiri inguruen ezaugarri ziren giza metaketak atzean utzirik.

 

Hiriak baino haruntzago: ekologia eta bikoiztasun soziala

Geroz eta kontzientzia ekologiko sakonago eta zabalagoak kezka berriak eragin ditu iraganetik jasotako arazo zaharrei buruzko eta lurraldearen prozesu berriei buruz. Gorbeia, Urkiola, Aralar edo Urdaibaiko parke-erreserbak, Leitzaran edo Maltzagako autobide edo autopistak, Itoizko urtegia, lurzoru industrialen kutsaduraren arazketa lana, Bilbo edo Donostiako hiri ordenazioko plan berrietan diseinatutako proiektu berriak e.a. horren adibideak dira, testuinguru horretan, iritzi publikoak hiri eta lurraldeen inguruko gaiengatik jakinmin gero eta handiagoa duela islatzen dutelarik.

Metropoliaren hedatzeak eragindako arazo eta erronkak ez dira soilik bere ordenamendu fisikora mugatzen. Berorren administrazio jestioa burutzeko, herri gobernuak koordinatzeko eta eskualde izaerako lurralde eremuan artikulatu ahal izateko ere badu eragina. Atlantiko aldeko Ardatza deituak, Euskal Herriaren hiri ikuspegia zabaldu egiten du, demografia, ekonomia eta politika joan-etorriak beste area eta komunitate batzuetarantz hedatuz, esaterako Bordelerantz, Ebroko Ardatzerantz eta Kantauri itsasoaren bazter osorantz.

Gaur egungo kinka ekonomiko larria nabarmena da Euskal Herriko gune metropolitanoen barne egokitzapenetan. Orain dela gutxi egin diren pobreziaren azterketetan oro garbi ikusi da euskal autonomia erkidegoan badirela txirotasun guneak hiri inguruetan (Bilboko hegoaldean eta Nerbioiko ezkerraldean), eta badirela orobat “arriskutsutzat” jotzen diren multzoak, krisi ekonomikoak eta langabezia estrukturalak eragina duten guneetan.

Hiriek Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan zein etorkizun izango duten zalantza horretan aurkitzen da, eta horretxek behartzen du, hain zuzen ere, gune metropolitanoek hedatze kontrolatua izan dezaten esku hartzera, kanpo oreka handiagoa ekarriko duten lurralde doitze zenbait lortzearren, eta aldi berean, krisi ekonomikoaren eta bikoiztasun sozialaren ondorioak jasan duten sektoreei, hiriaren barrualdean, aukera gehiago eman diezaieten.

 

Hiriak eta datak

1854 Donostia Gipuzkoako hiriburua.1855 Gasteizko La Florida zabalgunea. Kale zaharren arkupe eta atarien eraistea.1860 Trenbidearen eta Iparraldeko geltokiaren inaugurazioa Iruñean.1862 Madril-Irun ibilbideko lehendabiziko trena iristen da Gasteiza.1863 Donostia. Harresien eraistea. Bulebarra eraikitzen da.1864 Donostia. Kortazar Zabalgunea. Madril-Paris trenbidearen inaugurazioa.1870 Abanto Bilbora biltzen da lehendabizikoz.1873-1876 Bilbo. Atxukarro-Alzola-Hoffmeyer Zabalgunearen onespena.1876 Iruñeko zabalgunearen onespena.1880 Gasteizko zezen plazaren inaugurazioa.1882/99 Argiztapen elektrikoa jartzen dute Donostian.1884 Gorbeiako (Gasteiz) ur garraioaren inaugurazioa.1887 Bilbo-Areatza trenbidearen inaugurazioa.1887-1900 Donostia-Bilbo trenbidearen inaugurazioa.1888 Iruñeko lehenengo zabalgunerako baimena ematen da. Argiztapen elektrikoaren1888-1903 Santurtziko dikearen eta Arriluze kaiaren eraiketa.1890 Donostia-Orereta trenbidearen inaugurazioa. Abanto bigarrengoz biltzen1893 Portugalete-Areatza bitarteko Zubi Esekia eraikitzen da (Alberto Palacio).1895 Iruñea. Artetatik ur garraioaren inaugurazioa.1903 Bilbo. Neguriko Lursail Elkartearen eraiketa.1903-1916 Bilboko Iralabarri auzoaren eraikitzea (aldi anitzetan).1905 Iruñeko San Nikolas hegalaren eta Takonerako atari eta harresien eraistea.1907 Gasteizko katedral berriaren lehenengo harria jartzea.1912 Donostia-Hendaia bitarteko tren elektrikoaren (topoaren) eta DonostiaTolosa bitartearen inaugurazioak.1915-1917 Iruñeko bigarren zabalgunearen erredakzioa.1922 Iruñeko zezen plazaren inaugurazioa.1924 Begoña eta Deustua Bilbora biltzen dira.1930 Bilboko lorategi hiriaren eraiketa.1937 Iruñeko Media Luna Parkeraen egokitzapena.1940 Erandio Bilbora biltzen da.1943 Bilboko Eskualde Planaren erredakzioa.1950 La Txantrea auzoko lehendabiziko harria jartzea.1956 Iruñeko Hiri Ordenazioko Plan Orokorra.1959-1961 Bilboko Otxarkoaga auzoa eraikitzea (Gizarte Premiaren Plana).1963 Gasteizko Hiri Ordenazioko Plan Orokorra.1964 Ziutadela Iruñeko udalerriari uzten zaio. San Joan izeneko hirugarren zabalgunearen1966 Asuako harana Bilbora biltzen da.1968 Deustuko ubidea irekitzen da Bilbon.1969 Bilbo-Behobia autopista egiten hasten da.1970 Iruñea: Eugiko urtegiaren inaugurazioa eta Hegoaldeko Planaren erredakzioa.1972 Lakuako ACTURaren onespena (Gasteiz) 44/75 Legea, Bizkaiko GarraioPartzuergoa eratzen duena, berak egiten duelarik Bilboko Metroaren lehenengo1979 Lehendabiziko udal hauteskunde demokratikoak.1983 Erandio Bilbotik banandu egiten da.1984 Gasteizko Hiri Ordenazioko Plan Orokorraren berrikuspena.1985 Gasteizko Parte Zaharraren Birgaiketarako Plan Berezia.1985/88 Ugaldebieta eta Eskugalde ebazpenen eraiketa, Bilboko itsasadarraren biertzen arteko komunikabidea (Bilbo Handia).1992 Jundizeko garraiogunearen inaugurazioa (Gasteiz).1992/94 Bilbo, Donostia eta Gasteizko Hiri Ordenazioko Plan Orokorren erredakzioa