Departamento de Cultura y Política Lingüística

Atlas Historikoa»Atlas Historikoa

Arte adierazpenak (X-XIX mendeak)

Estibalizko (Araba) Andre Maria elizaren atariko kapitelak.<br><br>

 

EGILEA:

Ignacio Cendoya Echániz Artearen Historian doktore Euskal Herriko Unibertsitatetik. Artearen Historia Saileko irakasle izan da Gasteizko Geografia eta Historiako fakultatean eta Bilboko Arte Ederretakoan. Eusko Ikaskuntzako Angel Apraiz bekaren irabazlea. El retablo vasco en el Goierri argitaratu du (Donostia, 1992).

 

Erromanikoa

Aztertzen ari garen lurralde osoa kontuan hartuz, erromanikoan alde handiak daude toki batetik bestera. Izan ere, itsasertzeko probintzia izan edo lurralde barnekoa izan, gorabehera handiak baitaude arte estilo horren kalitatean eta kopuruan. Badira bestelako arrazoiak ere, soziopolitikoak eta ekonomikoak, baina Santiago Bidea finkatzea izan zen bereizketa horren eragile nagusia. Hala, Zuberoak, Arabak eta batez ere Nafarroak garrantzi handiko arkitektura eta eskultura dute; gainerako lurraldeetakoa aldiz maila apalagokoa da. Nolanahi dela ere, “lehen erromaniko” garaiko obra gutxi dago. Geroago, ordea, “erromaniko betea” garaian hain zuzen ere, asko ugaldu ziren erromanikoko arte adierazpenak; garai horretan guztiz zehaztu ziren arte estilo horren ezaugarriak, monumentuetako eskulturak erabateko garrantzia hartu baitzuen, eta hormek behin-betiko egitura. Erromanikoaren azken alditzat-edo hartu ohi dena, gotikorako igaroaldia alegia –”erromaniko berantiarra” edo, batez ere, “protogotikoa” ere esaten zaiona–, zabalduago dago, uste izatekoa zen bezala, duen kronologia kontuan hartuta. Izan ere, itsasaldeko probintzietan diren obra asko eta asko azken garai horretakoak baitira, eta obra horietan ondo asko antzematen dira gotikoaren ezaugarri batzuk.

Santiago Bidearen eragin hori oso garbi sumatzen da Ipar Euskal Herrian, garai hartan hasi baitzen bidea Ostabat eta Donibane Garazitik barrena egiteko ohitura; hori zela eta, sorospen fundazio asko sortu ziren. Obrarik eder handienak Zuberoakoak dira zalantzarik gabe. Aipatzekoa da eraikuntza horiek Frantziako Biarno eta Bigarran egin zirenekin dituzten antzekotasunak. Eragina, nolanahi ere, Frantzia aldekoa ez ezik –gogoan eduki behar baita Santiago Bidea osatzenzuten bide desberdinak Frantziako Tolosa, Angulema, Périgueux, Poitiers eta garrantzi handiko beste hainbat hiritik zehar igarotzen zirela–, hurbilagoko beste eraikuntza batzuetakoa ere badute. Jakak garrantzi berezia du horretan, agerikoak baitira hango elizarekin Zangozako Santa Mariak dituen antzekotasunak; Burgos aldeko zenbait eraikuntzek Arabako zenbaitetan izan duten eragina, edo Kantabriako itsasaldeko nekazaritza giroko erromanikoak Bizkaiko zenbait elizatxotan duena ere ez dira ahaztu behar. Monumentuetako eskulturari dagokionez, Silos da oso kontuan hartzeko erreferentzia puntu bat, Armentian edo San Pedro de la Ruako elizan (Lizarra) argi ageri den bezala.

Garai horretako arte adierazpen aipagarriei dagokienez, Nafarroan dira horietako asko; horietatik, ordea, bada aipamen berezia merezi duten zenbait: Leireko eliza, Aralarko San Migel santutegia, Zangozako elizak, Eunateko eta Torres del Rioko elizen erdiko plantak. Horiez gainera aipatzekoak dira orobat Olivako, Fiteroko eta Irantzuko monasterio zistertarrak, aztertzen ari garen lurraldean gisa horretako diren bakarrak –Tulebraskoa oso aldatua dago–. Arabako probintzian Armentia eta Estibalizko elizak guztiz aipagarriak dira; gurutze itxurako oinplanoa dute biek, eta, horrenbestez, ez diote probintzia horretako joera nagusiari jarraitzen: oinplano laukizuzeneko eraikuntzak, elizburu karratudunak gehienak.

Ipar Euskal Herriko eliza erromanikoaren ereduak habearte bakarra, zirkulu erdiko absidea, neurri txikiko luze zabalera eta monumentuko eskultura urri samarra eskatzen duen arren, Zuberoan horiek baino handiagoak dira eraikuntzak; Santa Graziko elizak, adibidez, hiru abside eta habearte ditu. Bukatzeko, esan beharra dago, Bizkaian ere badela zenbait eraikuntza –San Pedro Abrisketakoa Arrigorriagan, San Migel Zumetxagakoa Mungian eta San Pelaio Bakion–, aparteko interesik gabeak, beharbada, baina garrantzi handikoak Gipuzkoan dagoentxoenaren aldean. Izan ere, Gipuzkoan, Zumarragako Santa Isabel ermita, erromanikoaren azken aldikoa, da aipagarri dagoen bakarra.

 

Gotikoa

Artegintzan toki batetik bestera zegoen gorabehera hori gotikoa iristean desagertu zen: XIII. mendearen hasieran iritsi zen eskualde batzuetara, eta mende horren erdialdean beste batzuetara. Gipuzkoak eta Bizkaiak protagonismo handiagoa izan zuten garai horretan, probintzia horietako hiribilduen sorrera zelaeta batez ere. Hiriko bizimodua zabalduz eta indartuz joan ahala eliza handiagoak behar ziren gainera, eta horrek garaiari zegozkion eraikuntza modu berriak bereganatzea eta hedatzea ekarri zuen. Arkitektura zibilak ere, dorretxeek batik bat, berebiziko pisua hartu zuen garai berri horietan; dorretxeen ugaltzea garai horretako egoera sozialak berak eragina zen. Oraindik ere eskultura asko egiten zen, bai monumentu eskultura bai eskultura bakandua, baina margo lanak, horma irudietakoak zein bestelakoak, gauza berritzat hartu behar dira; berdin zilargintzazko lan batzuk ere.

Nafarroa Beherean eliza asko ziren Santiago Bidearen ondoan, baina haietako gehienak galduak dira –osorik batzuk, beste batzuek zatiak falta dituzte–, eta gaur egun Baionako Santa Maria katedrala da Ipar Euskal Herri osoan geratzen den aipagarri bakarra; obra bikain hori Reims, Soissons, Bordele eta Bazasko katedralen ereduari jarraituz jaso zen. Edozeinetara ere, eta eraikuntza bere osotasunean harturik oso kalitate handikoa izan arren, oso eragin urria izan zuen, ez baitzituen hiriko mugak ere gainditu. Garai horretako eraikuntzarik ederrenetako batzuk Nafarroan aurkitzen dira; aipagarria da Orreagako Santa Maria eliza, XIII. mendekoa, Frantziako iparraldeko eraikuntzen eragin nabaria duena –nahiz eta ez izan hori lurralde honetan ohikoena, sumatzen den eragin agerikoena Frantziako Tolosako eta hegoaldeko beste zenbait hirietako eraikuntzena baita, izatez–; aipatzekoak dira orobat Iruñeko katedralaren klaustroa, XIII. mendekoa hau ere, klaustroari eratxikitako egoitzak, XIV.enekoak, eta katedrala bera ere, XV. mendekoa. Orreagakoa eta Iruñekoa salbuespenak dira, habearte bakarreko elizak baitira usuenak lurralde horretan; ohitura horren arrazoia Frantzia hegoaldearen eraginean eta eskeko fraideen ordenen eraginean aurkitu nahi izan da.

Araban Gasteizko Santa Maria katedrala, San Pedro, San Bizente eta San Migel elizak, eta Biasteriko San Juan eta Santamariakoak dira ohargarrienak. Bizkaian Begoñako santutegia, Bilboko katedrala, Lekeitioko Santa Maria eta Gernikako Santa Maria dira aipagarrienak; askotan aipatu da, bestalde, azkeneko bi eliza horien eta Gipuzkoako Hondarribiko parrokiaren artean antzekotasunak daudela; Gipuzkoan aipamen berezia merezi du Getariako San Salbatore elizak, kalitate handikoa baita. Arkitektura zibilean ere ugariak dira gotikoaren arte adierazpenak, baina bereziki aipatzekoak hauek dira: Erriberriko Jauregi Berria, Marcillako gaztelua, Gasteizko Jauregiak, eta hainbat dorretxe, Zarauzko Torre Luzea batez ere.

Monumentu eskulturari dagokionez, aipatzekoak dira Gasteizko San Pedro elizako ataria eta Santa Maria katedralaren sartaldekoa, azken hau batez ere; hango ikonografiaren eragina antzematen da, adibidez, gotikoaren azken aldian eraiki zen Debako elizaren tinpanoan. Honek badu garai hartan Nafarroako erresumaren baitan zegoen Biasteriko Santa Maria elizako atariaren eragina. Esan beharra dago, bestalde, XIV. mendean Nafarroako erresumak berebiziko distira izan zuela alor horretan. Frantzia, Germania, Ingalaterra eta Gaztelaren eraginak goren mailako egitateak eragin zituzten Nafarroan; horren erakusgarri dira, adibidez, Iruñeko katedralaren klaustroa eta klaustroari eratxikitako egoitzak, non Ingalaterrako hainbat eskultorek lan egin zuten, Gillermo maisuak eta, geroago, Jacques Perut-ek besteak beste. Ezin amaituko dugu Euskal Herriko beste hainbat eta hainbat “Andra Mari”-ren aipamena egin gabe. Eta horma irudiei dagokienez, bereziki nabarmentzekoak dira Nafarroan, Iruñeko Museoan, gordetzen diren obrak, eta Araban, Gazeo eta Alaizako pintura multzoak.

 

Berpizkundea

Berpizkundeko euskal arkitekturaren ezaugarri nagusia gotikoaren garaiko baliabide askok indarrean jarraitu izana da, hau da, arte estilo berri horren eredu klasikoa gutxitan betetzea oso-osorik. Edozeinetara ere, eliz arkitekturan oinarrioinarrizko ezaugarria espazio bateratua denez, eliza horiek Berpizkundekotzat hartu behar dira, eta, zorrotz izatera, are manieristatzat ere, unean uneko errealitatera egokitzen baita eraikuntza, eta gotikoaren eraikitzeko moldeak indar-indarrean zeudelako oraindik ere. Hego Euskal Herriari bagagozkio –Ipar Euskal Herria krisialdia pairatzen ari zen orduan– bada ezaugarri bat esandako guztia garbi erakusten duena: saloi itxurako oinplanoa duten elizen (“Hallenkirche” deituak) eraikitzea. Eliza horiek “Euskal Gotikoa” esan zaion estiloaren baitan sailkatu izan dira, baina sailkapen horrek ez du zentzurik, eraikuntza molde hori Alemaniakoa delako jatorriz –Rhin Beherekoa eta Westfaliakoa, zehatz esateko– , eta oso zabalkunde handia izan zuelako Iberiako penintsula osoan. Kontua da estilo horretako eliza asko dela Gipuzkoan eta Bizkaian, garai horetako egokiera onaren babesean eraikiak, eta euskal hargin asko aritu zela haietan lanean, taldetan, Espainiako lan merkatuaren zati handi bat bereganatuta. Askok ez zuten teoriazko jakintzarik, baina, hala ere, prestakuntza handiko langiletzat zituzten, oso ondo baitzekiten ofizioa, gurasoengandik ikasia gehienetan; horregatik guztiagatik estereotomia eta soiltasun handiko lanak egin zituzten, eta saloi itxurako oinplanoez gainera habearte bakarrekoak hobetsi zituzten; hala, bada, asko dira Euskal Herrian era horretako eraikuntzak. Badira ere, noski, lan askoz aurreratuagoak, mezenas handiren baten babespean edo garrantzizko egile atzerritarren batek eraginak –biak batera gertatzea da ohikoena–. Horien artean hauek dira aipagarrienak: Oñatiko Unibertsitatea –klaustroa bereziki–, Rodrigo Mercado de Zuazolaren babespean eragina; Donostiako San Telmo komentua, diseinua fray Martin de Santiagorena duena; Bilboko Kontzepzioko komentuko eliza, fatxadak Salamancako San Esteban elizakoarekin duen antzekotasun nabariagatik fray Martinek egina behar duena; Gasteizko Eskoriaza Eskibel jauregia; eta, azkenik, Vianako Santa Maria elizako ataria, Joan Goiazen obra manierista, ausarta benetan, Bramanteren Belvedereko ataurrean oinarritua. Asko ez baina zinez obra apartekoak dira horiek, eraikuntzak oporotasun aldia izan zuen XVI.. endearen irudi sinbolikoak.

Eraikuntzan ez ezik eskulturan ere lan ugari egin zen mende horretan, puntapuntakoak gainera, aldi hartako eskualde mailako eskola aipagarrienetako bat osatu zutenak. Mendearen bigarren herenean Berpizkundeko formak sartu ziren behingoz; izan ere, horren aurretik Hispaniako flandriar moldea izan baitzen nagusi, beste bi joera hauek bere baitan hartzen zituela beti ere: aurretikoa bata, gotikoaren eragin nabarmena zuena, eta ondokoa bestea, Florentziako manierismoa sartu zenekoa. Aurrerakada hori gauzatzen garrantzi handiko papera jokatu zuten eskualdean ziharduten Flandria eta Frantziako maisu batzuek, Beaugranteko Guiot, Joan eta Mateo, Arnao Bruselakoa, Felipe Borgoinakoa eta Pierres Picart tailugileak besteak beste. Aipagarriak dira Joan Aiala II.a eta Andres Araozkoa ere, inoiz beste horietako batzuen laguntzaile aritu zirenak. Honako hauek dira orduko lanik behinenak: Mercado Zuazolakoari Diego de Siloek egindako mauseloaz gainera (1529-1532), Oñatiko elizako Pietate kaperan dagoena, Bilboko Santiago eta Portugaleteko elizetako erretaula nagusiak –Guiot Beaugrantekoarenak–, Oñatiko Unibertsitateko kaperako erretaula –Pierres Picartena–, Elvillar, Genevilla eta La Poblaciongoak –Guiot, Andres Araozko eta Arnao Bruselakoarenak; esan, bide batez, maisu handia zela Arnao hori, Zaragozan Damian Formentekin ikasia–. Mendearen azken herenean “erromanismoa” edo manierismo erromanista nagusitu zen, hala esan zitzaiona Michelangelo Erroman bizi izan zen aldiko obrekin zuen lotura formalagatik, nahiz eta beste artista batzuen ekarria era kontuan hartzen zuen, hala nola Bandinelli, Rustici, Fontana edo Sansovinorena. Andres Araozkoa, Pierres Picart eta fray Juan Beauveskoa nabarmendu ziren iraganaldi labur baten ondoren, erromanismoaren obrarik bikainenak egin ziren: Pedro López de Gámiz mirandarraren Estavilloko erretaula, Zumaia, Caseda, Añorbe eta Aoizko erretaulak, eta garai hartako eskultura egilerik finenak, Joan Antxieta gipuzkoarrak Gipuzkoan eta batez ere Gasteizen egin zituen irudiak eta erliebeak. Antxietaren birtuosismoa iritsi ez bazuten ere, aipamena merezi dute beste hauek ere: Bizkaian, Martin Ruiz de Zubiate; Araban, Lope de Larrea; Nafarroan, Pedro González de San Pedro; eta Gipuzkoan, Anbrosio Bengoetxea. Tamalez, garai hartan Euskal Herrian egin zen pinturak ez du halako mailarik, baina eskulturaren balio handiak bete dezake neurri handian hutsune hori.

 

Barrokoa

Barroko esaten zaion aldiko urteetara igaroaz, azpimarratzekoa da Ipar Euskal Herriak XVII. mendean izan zuen eskualde mailako erlijo arkitektura, inguruko eskualdeetatik ondo bereizia, eta, ondorioz, berezitasunak izan eta berrikuntzak ekarri zituena. Prisma itxurako eraikuntza soilak dira, arkitektura zibilaren edo etxegintza arruntaren eragin handia dutenak: habearte bakarra eta zabala, zurezko teilatupeak, aldare alde garaia, eta bizpalau solairuko tribunak –zurezkoak horiek ere– alboko eta oineko hormetan. Ezaugarri horiek dituzte elizek Nafarroa Beherean –Baigorrin eta Uhartehirin izan ezik– eta Lapurdi gehienean; Zuberoan, aldiz, soilik oineko horma aldea hartzen dute tribunek, eta besteak baino sakonagoak dira. Bestalde, kanpotik ere beste era bateko antolaketa dute eraikuntza horiek; guztietan bitxienak Zuberoako hegoaldekoak dira: kanpandorrea elizaren oinean dute, eta triangelu itxurako hiru erpinetan amaitzen da, horregatik esaten zaie “Hirutasun kanpandorre” edo “Kalbario kanpandorre”.

Horrelakoak dira Gotañe, Altzürükü eta Bidozekoak. Lehenago aipatu den ereduari jarraitzen diotenen artean Donibane Lohizunekoa da aipagarriena.

Bestelakoa zen Hego Euskal Herriko arkitekturaren egoera, Espainiako arkitektura ereduari jarraitu baitzitzaion. Klasizisimoari loturiko aldia zen orduko hura, 1650. urte ingururaino luzatu zena, baina iraun, denbora luzean iraun zuena joera nagusi gisa, barrokoaren eranskinekin nahastuta bazen ere. Hala eta guztiz ere, joera klasizista horren azkeneko aldia –kontzeptuaren aldetik begiratuta erabat barrokotzat har daitekeena– gutxitan agertu zen bere indarren betetasunean, hegoaldeko eskualdean izan ezik, non joera horren adibide garbiak baitira. XVII.. endea krisiak jota zegoenean, eta elizkizunak ospatzeko azpiegiturako premia nagusiak beteta zeudenean, iritsi zen klasizismoa eta oso ondo egokitu zitzaion, bere soiltasunari esker, komentuak egiteko arkitekturari, mende horretan sortu ziren fundazio ugariei esker aparteko garrantzia izan zuen arkitektura modu horri. Edozein modutara ere, mende osoa hartu zuen fenomeno horrek, irtenbide berberei, aurrealdeetan batik bat, iraun arazten baitzaie. Mende horretan hasi ziren komentu eraikuntza aipagarriak asko dira –Bilbo, Urduña, Markina, Durango, Lazkao, Segura, Tolosa, Iruñea, Tutera, Tafalla, Lesaka eta Gasteiz–, baina guztien gainetik gailentzen da Carlo Fontanak diseinatu zuen Loiolako santutegia.

Erantsitako jirola eta basilikako apainketa loratsua gorabehera, Barrokoko eredu italiar bat da hara aldatu zena, eta horrek ez dauka parekorik Euskal Herri osoan.

Corella, Urantzia eta Villafrancako elizez gainera, azpimarra dezagun ere, azkenik XVIII. mendeko udaletxeetan bereziki erdietsi zen kalitate bikaina, lehendik XVI.enean, nahiko eraikuntza ederrak eraiki baziren ere. Adibideak, berriro ere, oso ugariak dira, eta horregatik ez ditugu aipatuko hemen.

Erretauletan eta erretauletako eskultura polikromatuetan ez da kalitate handiko obrarik Ipar Euskal Herrian; aipagarria da, nolanahi ere, Donibane Lohizuneko elizako erretaula nagusia, Martin Bidatxek eta bere lantegikoek egina. Interesgarriagoak dira Hego Euskal Herrikoak, obrarik aipagarrienak, eta eskulturak batez ere, Valladolid eta Madrilgo maisuek eginak badira ere. Erromanismoak erroak eginak bazituen ere, Gregorio Fernandezen eragina poliki-poliki baina indar handiz hedatu zen; Fernandezen obren artean aipagarria da Gasteizen daukan guztia, eta Azkoiti, Bergara eta Arantzazuko irudiak; bestalde, erretaulak ere egin zituen Arantzazun eta Eibarren, baina galduak dira. XVIII. mendeari dagokionez, hauek dira aipagarrienak eskulturan: Luis Salvador Carmona, obra ugaria duena –Bergara eta Segurako multzoak; Lesakan, Idiazabalen eta beste leku batzuetan ere lan egin zuela ahaztu gabe–, Sierratarren lantegia –Segura eta Oñati–, Jose Ramírez –Peralta eta Gares–, Juan Pascual de Mena –Bilbon batik bat–; arkitekturan Migel Irazusta eta Tomas Jauregi izan ziren maisu nagusiak; pinturan, berriz, Vicente Berdusán aragoitarra da gailendu zen bakarra; Nafarroan bizi izan zelako aipatzen dugu hemen, balio handiko eta lan zabaleko artista izan baitzen: Tutera, Corella, Iruñea, Funes, Lazkao eta beste zenbait herritan egin zuen lana miresgarria da benetan.

 

Neoklasikoa

Neoklasikoa XVIII. mendearen azken hogeita hamar urteetan hedatu zen, ia-ia Ilustrazioaren hatsapenen zabalkundearekin batera, eta men egiten die hatsapen haiei, argi eta garbi ikus daitekeen bezala Ventura Rodríguezek diseinatu zuen Noaingo akueduktuaren eraikuntzan, Juan Bautista Belaunzaranen marrazkien arabera Bilbon egin zen Mallonako hilerrian –sarrera baino gorde ez duena–, garbilekuetan eta abarretan. Horri guztiari zegokion gizarte aurrerakuntzak bazuen arteari dagokionez atzeragarri bat: Gaztelako Kontseiluak eta batez ere San Fernando Akademiak ezartzen zuten kontrol zorrotza. Eskulturaren egoera, baina, desberdina da, ez bakarrik aurreko garaiarekiko loturak erabat hausten ez dituelako, alderantziz baizik, ez dituelako guztiz baztertzen elementu barrokoak, ohikoa zen bezala bestalde. Pinturari dagokionez hau da aipagarriena, Luis Paret Euskal Herrian izan zela zenbait urtez, eta besteak beste, dekorazio lanak Vianan, iturriak egiteko proiektu batzuk eta margolanak egin zituela –jakingarriagoa zaigu margolan horiek zer gai darabiltzaten non dauden zehaztea baino, gure lurraldetik kanpo baitaude asko eta asko–.

Euskal Herrian obrak dituzten arkitektoen artean hauek dira aipagarrienak: Ventura Rodríguez –Azpeitiko San Sebastian Soreasukoaren ataria, Santa Maria Larrabetzukoa, Noaingo akueduktua, eta Iruñeko katedralaren aurrealdea–, Silvestre Pérez –Bermeoko Santa Maria eliza, Mutrikuko Jasokunde eliza, Gasteizko Printzipal Antzokia zena, Donostiako Udaletxea, eta Bilboko Plaza Berriko lehenbiziko proiektua– eta Justo Olagibel –Gasteizko Plaza Berria, Magdalena komentuaren aurrealdea eta Los Arquillos, Orendaingo Udaletxea, Eltziegoko San Andres elizako sakristia, eta, ororen gainetik, Armentiako Díaz Espada jauregia.

Bestalde aipatu beharrekoak dira orobat Pedro Manuel Ugartemendiak eta Alejo de Mirandak Donostia eraberritzeko egin zuten proiektua, Antonio Etxebarriaren Gernikako Juntetxea, Martin Sarazibarren Dipuztazioko Jauregia Gasteizen, eta Jose Nagusiaren Iruñekoa. Oso zail da obra horien guztien artean bat nabarmentzen, baina, zalantzarik gabe, garai hartako irudi aurreratuenetako bat Mutrikuko eliza da; hango bolumen ezin garbiagoek beste ezerk baino hobeto erakusten dute Ventura Rodríguezen proposamen barroko berantiarrekiko egina zen aurerapena. Pérezek bokazio sinboliko handiko espazioak sortu zituen, eta aipatu diren haren obra guztietan ageri zuen bere maisutasuna. Tamalez, garai hartako gainerako arte adierazpenek ez zuten hauen gisako distirarik izan.