Atlas Historikoa»Atlas Historikoa
Euskal Herriko kulturak eta hezkuntza (XVI-XVIII. mendeak)
EGILEA:
María Angeles Larrea
Sagarminaga
Historiako doktore. Euskal Herriko
Unibertsitateko Historia Modernoko eta
Gaur egungo Historiako katedradun
Deustuan (Bilbo). Euskalerriaren
Adiskideen Elkartearen zuzendari izana.
Rafael Mª Mieza y Mieg
Historiako doktore. Euskal Herriko
Unibertsitateko Historia Modernoko eta
Gaur egungo Historiako irakasle titularra
Deustuan.
Zer dela eta kulturak eta ez kultura?
Kultura ingurunea interpretatzeko, ingurune horrekin harremanetan sartzeko eta,
ondorioz, horren baitan eraginen bat izateko adierazpen gutxiasko landua dela
onartzeak zenbait kultura adierazpen dagoela onartzea dakar, hala nola arautu
gabeko ikaste prozesutik eratortzen direnak. Horietan, kulturaren transmisiorako
sistemak familian eta adinagatik, lanbideagatik (arrantzaleak, olagizonak, artzainak
e.a.), gizarte egoeragatik, kokaguneagatik (hiri edo herri giroko kultura izan)
e.a. elkarrekin loturaren bat duten taldeetan sortzen dira. Gainera, kultura adierazpen
horien edukiak, oro har, inguru-inguruko gizarte esparru errotuen eta
kutunenei dagozkie. Beste kultura adierazpen bat, lehenengo horri buruz aurrez
aurre dagoena, bide jakin batzuen bitartez (agian, zuzen beharrez, instrukzio dei
genitzakeenak) kodifikatzen, artikulatzen eta zabaltzen den informazioa barneratuz
lortzen dena da. Kultura adierazpen horren eredurik garbiena ikasketak
eginez, mailarik maila –eskola, institutua, unibertsitatea e.a.–, lortua da.Sinplifikazio horretatik iradokitzen denez, badirudi kultura gauza finkoa dela,
ezin alda daitekeena, ez behintzat bere funtsean. Hori ez da egia, inondik ere.
Kultura adierazpen guztiak ez dira berdinak, eta inguruan antzeman daitezkeen
kulturaren aldaera guztietan ere ez da ezin aldatuzko edukirik. Zenbait kontzeptu
–”etiketa”– adierazteko hitz bera erabiltzen da beti –”ongi”, “gaizki”, “zintzo”,
“zuzengabe”…–, baina, aitzitik, hitz horiei dagokien esanahia, desberdina da
kultura eremua bata ala bestea izan. Are gehiago, eremu horietako bakoitzak hitzaz
duen ulerkera aldatuz doa denborarekin: inoiz, egoera jakin batean, egokitzat
jotzen zena, ezegoki izan daiteke beste egoera batean.
Gainera, ingurunearekin erlazionatzeko adierazpen landu horiek ageriko desberdintasunak
dituzte, dagokionaren interesen eta egoeraren arabera azaltzen
direnak. Adibidez, klase sozial batentzat onargarri den jokabidea arbuiagarri izan
daiteke inguruko beste batentzat (platera “garbi-garbi” uztea –eskasiaren adierazpena–
klase batzuentzat onargarria den bezala, izugarri itsusia da beste batzuentzat;
adibidea oso arrunta da agian, baina baliagarria aipatzen ari garen aniztasun
hau nolabait adierazteko). Hemen, aldaketa horien funtsa zertan datzan ezagutu
nahi da, oinarri-oinarrizko jokabideak ezagutzera iritsi ahal izateko.
Arazoaren muina zertan den ezagutzera hurbiltzeko saio horiek zer edo zer
argi dezakete behintzat: kultura fenomenoak oso-oso konplexuak dira, kontu eta
arreta handiz aztertu beharrekoak. Askotan kultura adierazpenak, baita agerikoak
ere, zertan diren antzematea gauza zaila izaten da, are zailagoa kultura adierazpen
hori ehundaka urte lehenagokoa baldin bada. Halakoetan informazio iturrien
mendeko gara, eta iturriek huts egin dezakete informazioa bilatzean, eta,
noski, gure irakurketa nahaspilatu. Ez hori bakarrik, informazio iturriak berak
ere, bere ondorioak alda ditzake, nahita ala nahi gabe, ezjakintasun hutsagatik
edo aipatu berri ditugun “kultura buruzale” horiek hartaraturik. Gainera, kultura
adierazpen ez letratu gehienen transmisioa transmisio bide horien ezagutzarik
ez zutenen esku egon da. Eta orobat esan behar da mataza hau are gehiago katramilatzeko,
transmisioaren arduradun horiek interesgarri jotzen dutena deigarria
izanagatik, ez dela, gehien-gehienetan, funtsezkoena izaten.
Zoritxarrez Euskal Herriko kulturei buruzko maila orokor horiek ez dute historialarien
jakinmina askorik zirikatu, ez bertakoena ez kanpokoena ere. Agian
lehenago aipatu diren oztopoen artean aurki daiteke hori horrela izateko arrazoietako
bat. Esandako horri hizkuntza banaketagatik argi eta garbi bereizi ziren
bi esparruak gehituz gero –batetik, gaztelania eta frantsesa kultura ikasiaren bitartekari
tradizionalak baitziren, eta hizkuntza horietan zihardutenentzat klase
xeheei zegokien hizkuntza traba eragozgarri bat zen beste aldeko kultura mundu
hori hautemateko; bestetik, bereizketa horretatik segitzen zen arbuioa (Aita
Larramendik emana zuen horren lekukotasuna)–, horra isiltasun horren arrazoi
edo desarrazoietako bat. XIX. mendearen bukaeran zenbait erakunde hasi zen,
gaiaz kezkaturik, lanean: euskal jaiak sortu ziren, Iparraldean lehenbizi, D’Abaddie
eta Duvoisin-en eskutik; Nafarroan gero, Asociación Euskara de Navarra sortu
zuen Iturralde Suit-ek, Olóriz, Campión eta abarrekin. XX. mendean nolabaiteko
aldaketa jo du egoerak, Julio Caro Baroja jakintsu hautaren ahaleginari esker neurri
handian. Beratar horren Los Vascos obra da ibilbide horretako mugarri nagusietako
bat. Harekin batera aipagarriak dira ere, besteak beste, On Jose Migel Barandiaran,
sekulako datu bilketa eta azterketa egin zuena, eta hura baino lehen,
Resurrección Mª Azkue eta bere Euskalerriaren Yakintza bikaina. Gainera, historialari
gazteen artean, gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da “mentalitateen
historiaren” azterketa.
Euskal Herriko kultura adierazpenei buruzko daturik fidagarrien eta ezagunenetara
hurbiltzen saiatu gara. Hala, bada, lehenago esandakoaren arabera, herri
jakintzari buruzko elementuak gure azterketatik kanpo geratuko dira, eta, horrenbestez,
XVI, XVII eta XVIII. mendeetako euskal kulturak orduko gizarteko
mailarik ilustratuenen artean sorturiko adierazpenik landuenetara mugatuko dira.Maila horien artean ere, batzuk baino ez dira aztertuko, eta beste batzuk (adierazgarriagoak
beharbada), aldiz, aztarnarik edo erakusgarririk ezean, baztertu egin
beharko dira. Hala, esate baterako, euskal idazleen literaturgintzaren bilduma
osatuxea egingo da, baina, aitzitik, ezer gutxi jakingo dugu literatura horren zabalkundeaz,
eta are gutxiago zabalkunde garaiko giroaz eta horrek izan zukeen
oihartzunaz. Inoiz, notari agiriak arakatuz, norbaiten liburutegiko liburu zerrenda
eta guzti aurki daiteke, liburuen jabea hil eta gero egindako horietakoak. Halako
aurkikuntzak bakanak izanik, ezin da iritzi orokorrik eman, ohiko irakurzaletasunaren
urria egiaztatzea ez bada. Paper horien artean artelanen inbentarioak
ere aurkitzen dira, erlijio gaiko margolanen zerrendak batez ere. Horiek, jendearen
gustuak ezagutzeko aukera ematen badigute ere, ez digute egileen berri
ematen, ezta herrialdean tailerrik, eskolarik edo arte merkaturik ba ote zen argitzen
ere. Ikus daitekeen bezala (eta hau azpimarratu nahiko genuke), hemen
halako titulu orokor eta handizale bat eman zaion lana osatzeko informazio bilketak
muga handiak izan ditu.
Lehenengo oinarriak
• Euskara
Euskal kulturei buruz hitz egiterakoan aipatu behar den lehenbiziko gaia hizkuntza
bera da. Euskal lurrak, kurrikak estutuko balitu bezala, bi esparru ezberdinen
artean egonik, eta batak zein besteak baliabide material hobeak eta, jakintza
arloan, aurrerapen eta prestakuntza handiagoak zituztela, harrigarria da
hizkuntzak bizirik iraun izana, eta harritzekoa haren bizi indarra eta kemena. Baita
zein garrantzi handia zuen ere.
Gure lan honetan aztertzen den denbora bitartean, Lizarra-Gasteiz lerrotik
iparraldera dagoen Euskal Herriko parterik handiena elebakarra eta euskalduna
zen gehienbat. Zati bat –ekonomian eta gizartean, oro har, esku handia zuena–
elebiduna zen, eta beste zati bat, txikiena –baina ez horregatik ahulena–, gaztelania
edo frantses elebakarra (Nafarroako hegoaldean, Kantabriako mendikatetik
hegoaldera dagoen Arabako zatian eta Iparraldeko gune hiritartu batzuetan).
Testuinguru hori kontuan hartu gabe ezin ulertuko litzateke ondoko hau, hots,
hizkuntza komunikaziorako eta beste hartu-eman suerte batzuetarako tresna izateaz
gainera ezagutza eta onarpena lortzeko sistema ere badela: norbait hizkuntzaren
jabe egiten denean, taldeko kide bilakatzen da, taldearen bizimoduan eta
helburuetan parte hartzen du, eta eragina du haren baitan.
Bestalde, laster hasiko zen hizkuntza ezagutzaren esklusibitatea arma gisa
erabiltzen: XVII. mendearen hasieran (1613), Bizkaiko Jaurerriko Batzar Nagusietan
euskaldun elebakarrei ahaldun gisa aritzea debekatu zitzaien. Datu horrek
esan nahi duena esan nahi du, ez gehiago ez gutxiago: euskaldun haiek orduko
gizarteko sektore ekonomiko ahulenekin identifikatu zirela, alegia. Aita Larramendik,
luma zorrotz izan, honela idatzi zuen bere Corografía de Guipúzcoa
liburuan:
“Los que debieran estar más instruídos en lo dicho (el euskara), son los que
están menos y los que hablan el vascuence indignamente y sin rastro de inteligencia.
Estos son los eclesiásticos, religiosos, caballeros y gentes acostumbradas
desde chicos al castellano o a la gramática que aprendieron del latín”. 1
Euskara –eskola barik, etxearen altzoan eta taldeko bizilagunen artean ikasia–
Euskal Herriko eremu zabal batean bizi zen jendearen kultura adierazpenik
errotuena eta nagusia izango zen, eta hiztunek nortasun agerpide gorena bezala
hartuko zuten gainera, hizkuntza bati berez dagozkion zereginez haraindiko garrantzia
emanez. Eta horrela, nortasun ezaugarri hori eta komunitatearen iraupena,
bata bestearekin berdintzeraino iritsiko dira, komunitateari hizkuntzak ematen
diolako entitate politiko berezia: “Euskara bizi den artean, biziko dira Foruak”.• Foruen aldeko “jarrerak”
1526. urtean, Jaurerriko Foruaren erreforma zela eta, Batzar Nagusiek elementu
guztiz berri bat sartu zuten. “Foru Zaharrak” (1452) onartzen zuen gizarte mailen
bereizketaren aurrean, leinargitasun orokorra ezarri zen: Bizkaiko lurreko seme
oro aitoren seme zen. Teoria hori Gipuzkoako probintziara eta Arabako ibar batzuetara
ere zabaldu zen. Nafarroa Garaiko zenbait lurraldek, berriz, lehenagotik
zerabilen. Horrek oinarri bat finkatu zuen, geroko bilakabidea markatuko zuen
jarrera bat: estamentuetan banaturiko gizartea (odolari abantaila ematen ziona)
arbuiatzen zutenen garaipena ekarri zuen, eta horrek, aurrerantzean, arrastoa
utziko zuen Euskal Herriaren historian. Gatazkak izan diren alditako lekukotasunak
aztertuz gero, beti aditzen da aipatzen ari garen horren oihartzunik. Gatzaren
matxindada zela eta (1631-1634), kronikari batek aipatzen du nola Bilbon,
klase arrunteneko emakumeak, Zazpi Kaleetan barrena zihoazen oihuka:
“Pues en Vizcaya todos somos yguales, unas an de ser las haçiendas, que no
es bien que ellos sean ricos y nosotros pobres y que ellos coman gallina y nosotros
sardina, de aquí adelante seremos todos y todas yguales, y ¿por qué raçon se
han de llamar las mujeres destos Don y nosotras no y an de andar mui galanas y
enjoyadas? Sepan que tan nuestras son sus haçiendas como suias y que todos
emos de vivir, comer y bestir ygualmente, que tan buenos somos como ellos.” 2
1718an, beste matxinada batean (aduanak lekuz aldatu behar zirela eta), Jaurerriko
ahaldun nagusia hil zuten Bilboko Areatzan, behe mailako bizkaitarrak
petxero egin nahi izan zituelako (Errege Ogasunaren zergapeko hain zuzen, aitoren
semeak zerga ordaintzetik salbuetsita egon behar zutelarik). Geroago ere
aurki daiteke antzeko arrazoirik, hala nola bi gerra zibiletan karlista boluntarioak
gudura joatera bultzatu zituen beste askoren artean.
Duten balioa eman behar zaie, beraz, giro horri eta XVI, XVII eta XVIII. mendeetako
euskaldun haiek –Historiak isilarazi dituenak– beren buruaz egiten zuten
interpretazioari, jarrera eta jokabide jakin batzuen eragile izan ziren neurrian.
Edo, gauza bera dena, ingurunearekin era batera edo bestera erlazionatzeko eta
hartan eragina izateko eragile izan ziren neurrian.
Lehen aipatu den legez, euskaldun horiei buruzko lekukotasunak biztanleriaren
maila gorenek (ondasunetan zein heziketan) emanak dira. Nolanahi ere,
orduko euskal gizarteko guzti-guztientzat bat bera diren egitasmoak ere badira
Foru, Pribilejio, Usadio eta Ohitura, Lege eta Ordenetan (horixe baitzuten goiburu
gipuzkoarrek): komunitatea subjektu politiko nagusitzat hartzea, pertsona
bakarreko agintzaritza arbuiatzea, berdintasun juridikoa, ahulenen interesen babesa,
e.a. Historian zehar ikusiko da nola, behin legeak eginda, iruzur asko gauzatu
zen. Ez ordea egindako iruzurrari zegokion ordaina (bortxazkoa batzuetan)
eman gabe.
Kultura formala
• Euskarazko liburugintza
Jakinmina duen edozeinek ezagutuko duenez, euskal literaturaren historiak
Bordelen, 1545. urtean, inprimatu zen Linguae Vasconum Primitiae liburua du
hastapena. Egileak, Bernart Etxepare behe nafartar apaizak, bere mezenas Bernard
Lehete errege abokatuari egin zion eskaintzan, zituen kezka eta asmoen
berri eman zion:
“Ceren bascoac baitira abil animos eta gentil eta hetan içan baita eta baita
sciencia gucietan letratu handiric miraz nago iauna nola batere ezten assayatu
bere lengoage propiaren sauoretan heuscaraz cerbait obra eguitera eta scributan
imeitera ceren ladin publicoa mundu gucietara berce lengoagiak beçala hayn
scribatzeco hondela. Eta causa honegatic guelditzenda abataturic eceyn reputacione vague eta berce nacione oroc uste dute ecin densere scriba dayteyela lengoage
hartan nola berce oroc baitute scribantze beryan.”
Nafar apaizari beste elizgion bat jarraitu zitzaion, kalbinista bera: Joannes Leizarraga
lapurtarra. Haren obrek, Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria,
Kalendrera eta, azkenik, Abc edo Christinoen instructionea, aro berri bat zabaldu
zuten, kristau ikasbideari buruzko liburugintzarena eta erlijio ideien zabalkundearena,
aztertzen ari garen denbora bitartean hori izan baitzen joera nagusia
euskal letretan. Egoki deritzogu hemen Koldo Mitxelena maisuaren iritzia ekartzea:
“Si un hecho en la Historia moderna ha tenido una profunda repercusión en
Vasconia, éste es el concilio de Trento, cuyos efectos llegaron a conformar de
modo permanente casi todos los aspectos de la vida del país.” 3
Ondoren ere adierazpen gisa euskara erabili zuen beste zenbait idazle etorri
zen, kalitatean eta merezimendutan desberdinak. Horien artean Pedro Axular da
aipagarriena, apaiza bera. Haren obra, Guero, garai hartako erlijio gaiko obrarik
bikainena da.• Gaztelaniaz
Orduko euskarazko obrarik gehienak erlijio liburuak ziren bezala, gaztelaniaz
idatzitako liburuen artean historiakoak dira nagusi, politika jokabideak justifikatzera
makurtuak askotan. Antzinako gertaera gogoangarrien artean hasi ziren
bilatzen (asmatu ere egiten ziren inoiz), gertaera haien gainean orduko
errealitatea finkatzeko, eta hesiak altxatu ziren foru bidezko errejimena mugatu
nahi zuen edozein ahaleginaren kontra. Ez da gure asmoa orduko liburugintza
osoaren zerrenda ematea lerro hauetan, baina hona zenbait erakusgarri: Compendio
historial, Esteban de Garay arrasatearrarena; Escudo de la mas constante
fe y lealtad, Bizkaiko Jaurrerriak egile izenik gabe argitaratu zuena, baina, uste
zabalduenaren arabera, egiletza, dudarik gabe, Pedro de Fontecha y Salazar arabar
legegizonari dagokiona; Historia del Reyno de Navarra, Jose Moret Mendihistorialari jesuitak hasi eta beste jesuita batek, Frantzisko Aleson bianarrak, jarraipena
eman ziona; edo Averiguaciones de las antigüedades de Cantabria,
Gabriel Henao historialari eta filosofo jesuitarena.
Beste era batekoa da aipatzea merazi duen obra hau: Examen de Ingenios,
Juan Huarte Donibaneko, Nafarroa Behereko mediku eta filosofoarena, psikologia
enpirikora hurbiltzeko ezagutzen den lehen saioa da eta. Liburuari zuen balio
handia aitortu zitzaion, hainbat edizio eta itzulpen egin baitziren.• Latinez
Euskal Herriko idazleek ez zuten obra asko ondu ordu arte nazioarteko jakintza
hizkuntza izan zena baliatuz. Nolanahi ere, bada bat edo beste aipatzea merezi
duena, azpisail hau zabaltzea justifikatzeko adina: hala nola, Notitia utriusque
Vasconiae, Arnaud Oihenart mauletarrarena. Garai hartan Euskal Herri osoko
historiari buruz idatzi zen kritikoena eta egiantza handiena duena da obra hori,
mitologiazko edukirik eta oinarririk gabea. Aipatzea merezi duen beste autore
bat Martin Azpilikueta nafarra da, “Doctor Navarro” izenez ere ezaguna, zuzenbide
alorreko lan garrantzitsua ondu baitzuen.• Artegintza
Gai hau, artea, liburu honetako beste atal batean aztertuagatik, horri buruzko
gogoeta egitea komeni da, kultura adierazpena den heinean.
Arte adierazpenak banatu ohi diren hiru sailei dagokienez –eskultura, arkitektura
eta pintura–, eta aztertzen ari garen denbora bitarte horretan, desoreka handia
dago Euskal Herriko arte produkzioan: handi samarra baita eskulturan,
hainbestekoa arkitekturan eta oso urria pinturan. Eta beste kultura arlo batzuetan
bezala, honetan ere erlijio gaia da nagusi, alde handiz gainera: bide gurutzeak,
kapera pribatuetako hilobiko eskulturak, erretaulak, elizak, berriak zein
mende horietan, osorik edo zatika, zaharberrituak, monasterioak eta komentuak…
Pintura erakusgarriei dagokienez –gehien-gehienak galduak–, alor horretan ere
erlijio gaia nagusi zela esan daiteke, bai baitugu hori frogatzen duen zenbait erreferentzia,
hala nola notari agirietako testamentu inbetarioak:
“Yten dos quadros de lienço al olio nuebos que estan pintados ntra. sra. y San
Ju. Bautista. Yten otros siete quadros medianos y pequeños algo andados. Yten
una estampa de la destruiçion de Jerusalen en su marco.”
Baina, jakina, bazen alor sakratuaz gainera besterik: arkitektura zibila, adibidez,
kontuan hartzekoa da, hala hiri girokoa nola, beste funtzio batzuekin, herri
girokoa. Nolanahi ere, egia da ezagutzen diren arte adierazpen gehien-gehienak
erlijiosoak direla. Horrek, noski, erlijioarekiko kezkak lehentasuna zuen kulturaren
nagusitasuna agerrarazten digu, hala nola K. Mitxelenaren lehenxeagoko hitz
haien egiatasuna eta zorroztasuna ere. Bestalde, argi eta garbi dago, hemengo
erlazio modu batzuk, oinarri-oinarrian berberak izanda ere, elkarrengandik aldenduz
zihoazela.
Margolanen urritasuna eta, gorde diren gutxi horien artean, asko kanpotik
ekarriak izatea, gogoeta beste saihets batetik begiratuta egitera garamatza: pintorea
maisu ospetsuren baten tailerrean trebatzen zen, beste ikasle, asko edo gutxi,
batzuekin batera. Enpresa horrek, iraun nahi bazuen, lan eskariak hartzeko eta
lan horiek garaiz burutzeko ahalmena beharko zuen. Eskariak nondik ordea? Dirua
arte lanetan gastatzeko adina zuenaren aldetik, noski: “mezenas”-en aldetik. Eta,
hala, dirua pintura ez zen beste arte mota batzuetan ezartzeak (jauregi bat eraikitzea;
norbaitek beretzat kapera bat egiteak, familiarako hilobia eta guzti; herriko
parrokiarako kaliza erosteak) inori bere estatus soziala jendaurrean erakusteko
balio zion bezala, koadroak pribatuan erakusteko ziren, familiartekoentzat bakarrik.
Eta, antza denez, merkatarien edo herrietako jauntxo ahaltsuen jokabidea
ez zen, ezta hurrik eman ere, azkeneko hori. Zer dela eta? Haien errentak Gaztelan, Andaluzian eta Aragoin artistei lanak eskatzen zizkietenenak baino urriago
zirelako? Agian, beste jokabide mota baten lekukotasuna besterik ez da, inbertsio
errentagarriagoak egin eta duen gizarte maila agertzeko beste bide batzuk
nahiago dituenarena? Bestalde, pinturaren urritasuna dela eta lehenxeago aipatu
den egoera hori, garaian-garaian zehaztu behar da: izan ere, margolanak, banaka
batzuk XVI eta XVII. mendeetan, ez ziren hain urri XVIII.enean. Dena dela, euskal
gizarteko goi mailako jendeak horrela jokatzearen arrazoia ezezaguna zaigu
oraingoz.
Ordena soziala eta erlijioa
XVI. mendean zehar eta XVII.aren hasieran Euskal Herriko zenbait tokitan azti
eta sorgin ehiza gogorra egin zen, Logroñoko Inkisizioaren Tribunalak aginduta.
Auziperaturiko batzuek autofedean galdu zuten bizia, edo Gorenaren Errioxako
Auzitegiko espetxeetan. Inkisidoreek garbi zuten egin beharrekoa: sorginak eta
deabruaren adoratzaileak –izan, bazirenez– nola edo hala desagerrarazi. Gaur
egungo ikertzaileak, ordea, beste iritzi batekoak dira, eta balizko gertaera haien
erantzukizuna, gehiago edo gutxiago, epaileei beraiei leporatzen diete: Inkisizioak
“asmatu” zuen sorgintza. Gaur egun nagusi den tesiak inkisidore –izutu
baina aldi berean izugarri– haien teoriak baino zuzenagoa dirudi.
Gauzarik deigarriena dena den, eta gutxitan aipatua, hau da: Euskal Herrian
sorgin asko zegoela salatzen zuten eta Inkisizoari gogor egiteko eskatzen zioten
asko eta asko Euskal Herrian agintari ziren. Horrek bide ematen digu azpimarratu
nahi genuen beste fenomeno hau aipatzeko: gizartearen goi mailako zenbait
jendek herrixketako eta baserrietako behe mailako askok beste munduarekiko
zuen erlazio moduari eta erlijiotasunari heteredoxia zeritzon. Bestalde, benetan
zaila da datuen egiatasuna frogatzea; izan ere, Zaraitzuko, Baztango eta Gipuzkoako
ibarretako baserritarrek, edo Lapurdi eta Zeberiokoek, ezin zezaketen
lekukotasunik eman, eta horien testigantzak, noski, beren akusatzaileenak baino
askoz fidagarriagoak ziratekeen irizpide zuzenaren oinarriak ezartzeko. Pentsadaiteke, beraz, Trentoko Kontzilioak, hierarkiaren –hierarkia zibila zein elizakoa–
gidaritzapean, erlijioaren berrikuntzari ekiteko omen zuen interesa zela eta, ez
zuela Luterok eragindakoa bezalako nabarmenkeriarik berriz onartuko, eta hala,
euskal gizarteko sektoreren bat haren manupetik aldentzeko ahalegin hutsari
arrisku handiko seinale iritziko ziola.
Erlijiotasunak, beraz, itzal handia zuen, baina, haatik, ez da pentsatu behar
erlijiotasunari buruzko irizpideak uniformeak eta monolitikoak zirenik, anitzak
baitziren; irizpide aniztasun horren adierazpen eta oinarrietako batzuk gure ezagumenetik
kanpo daude. Ez, ordea, irizpide “ofizialak”, haiei zor baitzaizkie arestian
aipatu diren kultura agerpideak. Gogoratzea komeni da, bestalde, garai hartan,
Hegoaldeko politika eta kultura eragileen kezka nagusietako bat sinesmen
batasuna ezartzea zela (gogoan har juduen eta moriskoen aurkako esetsaldiak
eta konbertsio behartuak), nahiz eta erlijioari berez zegozkion beste arrazoi batzuengatik
izan. Eta, hain zuzen ere, XVI. mendean erantsi zitzaion Euskal Herriari
bertako kristautasunaren antzinatasunaren mitoa, oso lotura estua izan zuena
gipuzkoarren eta bizkaitarren leinargitasun aldarrikapenarekin. Ez da zaila bi
gertaera horien parekotasunaz ohartzea, eta ezta eragileaz –“ba, orduan, gu gehiago”–
ere.
Heziketaren antolakuntza
Goizdanik, dirudienez, Euskal Herriko udalerri askok maisuak kontratatu zituzten.
Oinarri-oinarrizko heziketa ematen zuten: irakurketa, zenbaketa eta ezer gutxi
gehiago. Serorak, gehienetan, nesken heziketaz arduratzen ziren. Itsasaldean, eta
ageriko arrazoiengatik, itsasketa eskolak sortu ziren, pilotu laguntzaileak eta
marinel jendea prestatzeko, besteak beste astronomia eta matematika kalkulu
aplikatua ere ikasten baitziren. Eskola horien artean, aipagarria da Bilboko kontsuletxeak
sortu zuena, eta bertan, Miguel Archer bizkaitar itsasgizonaren irakaspenak.
Notari agirien artean, ez da zaila aurkitzea kontratugile baserritar batek
izenpeturiko eskritura, haurrarenaren antzeko idazkerarekin, lotua bezala. Inoiz,
honelakoak ere agertzen dira: “no firma porque dixo no saber”, ez duela izenpetzen
idazten ez dakielako, alegia. Baina, garai batean –Cervantes bizi zen garaian
behintzat–, “vizcaino” izatea (hedaduraz “euskalduna” adierazten zuena) letratu
izatea zen. Espainiako Administrazioko bulegoetan euskaldun asko izan zen, baita
Despatxuetako Idazkaritzetan ere. Norbaiti harrigarri gerta dakioke Juan de Iciar
(gaztelaniazko kaligrafiaren sortzailea) herri honetako seme izatea, baina, izan
ere, Koroaren Administrazioan garrantzizko karguak bete zuten euskaldunen
zerrenda luzea da. Dena dela gizon horietako askoren eskola oinarriak ez ziren
herriko eskola xume batekoak. Salamanca, Palentzia, Valladolid, Alcala, Paris eta
Boloniako (garai hartan ospe handia zutenetako batzuk bakarrik aipatzearren)
unibertsitateetako errejistroetan arakatuz gero, bertan ikasi zuten euskaldunen
izen zerrenda luzea litzateke. Baina urruntasunak hauta froga gogorra zekarren.
Eta laster hasi ziren “hemen ere, elizako agintariak”, Euskal Herrian goi mailako
ikasketak egiteko eskolak sortu behar zirela aintzat hartzen.
1540an, Rodrigo de Mercado y Zuazola oñatiar apezpikuaren ekimenez, unibertsitaterako
egoitza eraikitzen hasi ziren Oñatin: Sancti Spiritus Unibertsitatea.
Handik urte gutxira hasiko ziren bertan eskolak ematen, bere garaiko irakaskuntza
klasikoaren ildotik. Ikastetxeak oso urte oparoak izan zituen hasieran, baina
gero, pixkana, gainbehera egin zuen. Hasieran, sortu zenean, katedra hauek zituen
unibertsitateak: zuzenbide zibila eta kanonikoa, filosofia, teologia eta medikuntza.
Geroago, diru arazoak zirela eta, katedrak, ikasle kopurua bezalaxe,
gutxitu egin ziren. 1842an, goi mailako eskolak bertan behera utzita, bigarren
mailako Institutu bilakatu zen. Unibertsitateari bere benetako balioa eman behar
zaio: Euskal Herrian zegoen Unibertsitate bat zen, euskal lurrean sortu zen lehena.
Unibertsitate hura “Euskal Unibertsitate” gisa hartzea, gehiegizkoa da.
Euskal Ilustrazioa: Euskalerriaren Adiskideen Elkartea
Dirudienez, XVIII. mendean zehar zabalduz joan zen intelektualen eta eskola
oneko pertsonen artean solasaldiak egiteko ohitura. Dena den, ez da solasaldi
horien arrastorik gorde, ez bada gutunen batean iraizean bezala egindako aipamenen
bat, hala nola Gaztañeta almirantearen Mutrikuko etxean egiten zirenei
buruzkoa, edo Lekeitioko Uriarte dorrekoei buruzkoa, Berrizko Villarealenekoak
eta Tuterako San Adrian edo Montesa markesen etxeetakoak.
Aitzitik, beste etxe batean egiten ziren solasaldiez berri gehiago dago: Azkoitiko
Insausti etxeaz ari gara, Peñafloridako kondeen egoitzaz, alegia. Hala, Insausti
etxeko bilera haietara deitzen zirenak herriaren atzerapen intelektualaz eta
teknikoaz nola ekonomiaren gainbeheraz ohartu ziren pertsonak ziren. Izan ere
nekazaritzaren zabalkundeak, artoa behin egokitu eta gero, goia jo zuen; meatzaritza
eta siderurgia lehenagoko eskema tekniko zaharkituetan zeuden errotuak;
itsasontzigintzak zerabiltzan ereduak besteekiko lehiari ezin eutsirik segitzen
zuen; merkataritzak gero eta eragozpen handiagoak zituen, batetik,
lehenxeago esan bezala, siderurgiaren egoeraren ondorioz, eta, bestetik, erregeari
ordaintzen zitzaizkion zergen gero eta zentralismo handiagoagatik. Egoera
horren aurrean, jakintzan zein gizarte mailan Euskal Herrian gailen agertzen zen
zenbait jendek aintzat hartu zuen euskal ekonomia “modernizatu” beharra.
Insausti etxean, eta Peñafloridako kondearen ekimenez, Gipuzkoar Elkarte
bat sortzeko asmoa gorpuztuz zihoan, helburua letren eta zientzien aldeko lana
probintzia osora zabaltzea zuena. Egitasmo hori Gipuzkoako Batzar nagusien
aurrean aurkeztu zen 1763. urtean. Batzarrak erantzunik ematen ez zuenez, ideiaren
sustatzaileek –Aita Isla, gaztelar jesuitak, ironiaz, “Azkoitiko zalduntxoak”
deitzen zien– urrats bat aurrera egin, eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu
zuten, lan eremutzat Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Jaurreria hartuko zituena.
Lehenbiziko estatutuen arabera, hau zen Elkartearen helburu nagusia:
“El objeto de esta Sociedad es el de cultivar la inclinación y el gusto de la
nación bascongada hacia las ciencias, bellas letras y artes; corregir y pulir sus
costumbres; desterrar el ocio, la ignorancia y sus funestas consecuencias, y estrechar
más la unión de las tres provinvias bascongadas de Alava, Vizcaya y Guipúzcoa.”
4
Elkarteak bi arlotara bideratu zuen bere ekimena. Batetik, eliteko kide batzuek
(Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko bazkide zirenak, alegia) ahaleginak
egin zituzten –profesional gisa ez bazen ere– beste landare eta labore mota batzuk
sartzeko, fundizio sistema berriak asmatzeko, arrain lantokiak sortzeko e.a.
Beste batzuek, berriz, sistema pedagokiko bat bideratzeko asmoa azaldu zuten,
sistema horretan garai hartan Arte Baliagarriak zeritzaien ikasgaiei –Fisika, Kimika,
Matematika aplikatua, Mineralogia, Metalurgia, e.a.– lehentasuna emanez.
Euskalerriaren Adiskideen bigarren egitasmo hori Euskal Herriko handiki jendearen
semeentzat zen, asmoz. Horretarako, Koroak Bergarako jesuiten eskola
utzi zion Elkarteari –jesuitak kanporatu berriak baitziren, izan ere–, eta irakasle
ospetsuak kontratatu ziren: Proust eta Chavaneaux frantsesak, Tunborg suediarra,
Elhuyar anaiak, Samaniego alegilaria, e.a. Handik gutxira, Bergarako Errege
Mintegiak (gaztelaniaz Real Seminario Patriótico Bascongado deritzana) ikerketagune
bikaina zuen: Laboratorium Chemicum delakoa. Garrantzi handiko lanak
burutu ziren han, hala nola, wolframioa xaflakorra zela aurkitzea ahalbideratu
zutenak. Erakunde haren arima eta bihotza Euskalerriaren Adiskideen
Elkartearen disenatzailea eta sortzailea bera zen: Xavier María de Munibe e Idiáquez,
Peñafloridako kondea. Kondeak Azkoitiko Insausti etxea utzi zuen eta Bergarara
joan zen bizitzera. Han hil zen 1785. urtean. Hura hil ondoren, eta egoera
politikoa gero eta nahasiagoa zelarik, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak iparra
galdu eta gainbehera egin zuen, mailaz maila, arruntasunean amiltzeraino.Bestalde, José María Magallón y Mencós, San Adriango markesak, Sociedad
Económica Tudelana de Amigos del País elkartea sortzeko egitasmoa aurkeztu
zuen 1773. urtean. Berehala lortu zuen erregearen oniritza, eta horrekin –Euskalerriaren
Adiskideen Elkarteak lortu zuen bezala–, baita Errege tituluaz izendatua
izateko eskubidea ere. Nafar elkarteak Peñafloridak sortu zuenak baino urte gehiago
iraun zuen, eta garrantzi handiko herri lanak egin zituen eskualde hartan,
hala nola Tutera-Alfaro errepidea eta Ebro ibaiaren ibilbide aldaketa, behar-beharrezkoa
baitzen uholdeak zirela eta. Baina XIX. mendearen azken urteetan,
nafar elkarteak, lehenago Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak bezalaxe, bizi indarra
galdu zuen.
Hezkuntza Euskal Herrian
• XVI-XVIII. mendeak
– Oinarrizko hezkuntzarako udal eskolak (kontzejuko eskolak, parrokiako
eskolak…).
– Gaztelania lehen mailako ikaskuntzako hizkuntza. Eskola liburuak gaztelaniaz
(Hegoaldean) eta frantsesez (Iparraldean).
– Ikasgaiak: 1. irakurketa, 2. idazketa, 3. aritmetika (mutilak). Neskek irakur -
tzen ikasten zuten. Idazten ikasteko irakurtzen ikasteko baino bi aldiz
gehiago ordaindu behar zen, eta zenbatzen ikasteko, hiru aldiz gehiago.
– Herri nagusiek Latin edo Gramatika eskolak zituzten (gaur egungo bigarrenmailako ikasketen pare). Ikasgaiak: Gramatika, Erretorika, Latina,
Filosofia, Antzinateko eta Historia Modernoa.
– Handikien familiek irakasle bereziak –elizgizonak edo laikoak– izaten
zituzten.
– XVI, XVII eta XVIII. mendeetan zehar, Erdi Aroan ere egin izan zen bezala,
Nafarroako Foru erakundeek Unibertsitatea sortzeko eskaria egin zuten,Lizarran lehenbizi, Iruñean gero.
– Goi mailako ikasketa orokorrak egiteko aukera Nafarroako zenbait tokitan.1539 Nafarroan, Iratxeko monasterioak bazuen ordurako ikastegirik.1540 Rodrigo de Mercado y Zuazola apezpikuak Oñatiko “Sancti Spiritus”egin zuen. 1767an lau katedra baino ez zituen, baina 1777an,
hiru probintzien laguntzaz, zortzi izateraino iritsi zen.
1575 Juan Huarte Donibaneko (1530-1591), Nafarroa Behereko mediku
eta filosofoak Examen de Ingenios para las Ciencias argitaratu
zuen.
1580 Jesusen Lagundiak lehen ikastetxea sortu zuen Iruñean.
1615 Aita Santuaren bulda batean Iratxeko Unibertsitatea sortzeko baimena
eman zen. 1807. urtea arte iraun zuen Unibertsitate horrek.
1624 Aita Santuak baimena eman zien domingotarrei Iruñeko komentuan
Unibertsitatea sortzeko. Errege zedula 1630. urtean lortu zen.
1677 Nafarroako Gorteek debekatu egin zieten Gramatika irakasleei600 biztanle baino gutxiagoko herrietan aritzea, baldin eta merindade
buru ez baziren.
1718 Joannes d’Etxeberri saratarrak (Lapurdi) Lau-Urdiri gomendiozco
carta edo guthuna (Baiona) idatzi zion lurralde horretako Biltzarrari,
euskara oinarrizko irakaskuntzako hizkuntza izan zedin
eskatuz.
1733 Larresoroko apaizgaitegia sortu zen Lapurdin. Apaizgaitegiak itzal
handia izan zuen euskal kulturan.
1740 Bizkaiko Jaurerriak, Bilboko Hiriak eta Kontsuletxeak Itsasketa
eta Matematika Eskola sortu zuten.
1757 Iruñeko Erietxea Medikuntza eskolak ematen hasi zen. Hala etaguztiz ere, 1828. urtea arte ez zitzaion ofizialtasuna ezagutu.
1764 Peñafloridako kondeak eta beste “Azkoitiko zalduntxoek” EuskalerriarenAdiskideen Elkartea sortu zuten. Ikastetxeak sortu zituzten
(Oinarrizko Hezkuntzarako eskolak, Marrazketa eskolak,
Bergarako Errege Mintegia). Euskalerriaren Adiskideen kezka
nagusietako bat hezkuntza sustatzea zen.1765 Donostiako Kontsuletxeak Itsasketa Eskola sortu zuen.1770 Iruñeko Unibertsitateak itxi egin zuen Medikuntzako katedra.1774 Bergarako Errege Mintegia sortu zen, Zientzia esperimentalakirakasteko.1776 Bizkaiko Jaurerriko Batzar Nagusien diru laguntzaz (1.500 erreal
urteko) beste katedra bat sortu zen Oñatiko Unibertsitatean.1777 San Migel Kontzilio Apaizgaitegia sortu zen Iruñeko Elizbarrutian.
Manuel de Aguirre y Landázuri-k bere hezkuntza hatsapenak
aurkeztu zituen Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak deituriko
Batzar Nagusian: Sobre la educación.
1780-1781 Nafarroako Gorteetako 41 Legeak nahitaezko hezkuntza ezarri
zuen 5-12 urte bitarteko neska-mutilentzat.
1791 José Agustín Ibáñez de la Renteríak bere pedagogia hatsapenak
aurkeztu zituen Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak deiturikoBatzar Nagusian: Educación de la juventud en punto a
estudios.
1788 Apezpikuaren mendeko apaizgaitegia sortu zen Nafarroan.
1797 Nafarroan 311 maisu-maistra ari ziren, 303 eskoletan banatuak.
Bilbon 7-16 urte bitarteko neska-mutilen eskolatzea %80koa zen.• XIX. mendea
Mendearen hasieran Arte eta Langintza eskolak daude Gipuzkoako herri
nagusietan: Irun, Tolosa, Errenteria, Ordizia, Azpeitia, Bergara, Oñati, Beasain,
Zumarraga, Hondarribia eta Arrasaten.1807 Tolosan Marrazketa Akademia zabaldu zen.1817 Nafarroak Unibertsitatea eskatu zuen. 1828an berriro eskatuko1818 Gasteizko Arte eta Langintza Eskolan Marrazketa ematen hasiziren. Bilboko Merkataritza Eskola sortu zen.1821 Gasteizko Udaletxeak Unibertsitatea sortzea erabaki zuen.1824 Iratxeko ikastegia azaroaren 9an itxi zen.1827 Arabako Oinarrizko Hezkuntzako Eskola Plana argitaratu zen.1828 Iruñeko Arte eta Langintza Eskola sortu zen.
Medikuntza, Kirurgia eta Farmaziako Errege Eskola sortu zen
Iruñean. Erakunde horrek lizentzia eta doktore tituluak ematen
zituen. Garai hartan herriko mediku izateko euskara jakin
behar zen nahitaez. 1839an, Errege Ordenaz, desegin egin
zen eskola hori.
1829-1830 José Pablo Ulibarri arabarrak euskal eskolak sortzea eskatu
zuen Gernikako Juntetxean, ikasketak euskaraz egin zitezen.
Haren eskakizunak Gutun liburua-n azaldu ziren.
1830 Gipuzkoako Batzar Nagusiak Aldundiaren batzorde laguntzailebat sortzea erabaki zuen, industria, merkataritza eta
euskal hizkuntza suspertzeko.Kronologia hau Cultura, Educación y Estudios Vascos: hitos para la recuperación
de nuestra memoria histórica lanaren atal bat da, Rafael López
Atxurrak Eusko Ikaskuntzaren XII. Kongresurako prestatu zuena. Estudios
Vascos en el sistema educativo. Gasteiz, 1993-XI-30 / 1993-XII-3.