Departamento de Cultura y Política Lingüística

Artea»Eskulangintza

Eskulangintza eta herri artegintza

Euskal kutxa, irudi geometrikoak eta erlijiosoak apaingarri dituena. Julio Caro Baroja Bilduma.<br><br>

Gaur egun eskulangintza zer den azaltzeko definizio bat baino gehiago eman daiteke.

Baina definizio horietatik bakar batek ere ezingo luke adierazi eskulangintzak bere baitan hartzen duen guztia, oso kontzeptu zabala baita, eta historian zehar aldatuz joan dena. Definizio bat ematearren, behin eta berriz errepikaturiko arte molde primario bat dela esan daiteke, egunoroko bizitzan erabiltzeko gaiak egiteko helburua duena. Definizio hori zuzena da, baina ez osoosoa.

Eskulana litzateke, oro har, helburu praktikoa duen edozein gauzaki, gauzaki horrek nolabaiteko eite artistikoa badu. Baina beste definizio bat ere eman izan da: eskulangintza dira gizakiaren bizitza atseginagoa edo erosoagoa egiteko sortzen diren gauzakiak, sentimendu artistikoa adierazi ala ez. Baina hori ere motz geldituko litzateke. Izan ere, kontuan hartu behar da eskulangintzaren emaitzek antzina erabilera balioa zuten arren, gaur egun eskulangileen lantegietatik ateratzen diren lanak apaingarri gisa erabili ohi direla. Arrazoi horregatik, eta ez direlako prozesu industrial baten bidez sortuak, obratzat hartzen dira eskulangintzaren emaitzak, eta ez produktutzat.

Horren arabera, eskulangintza eta arte kontzeptuen edukia berbera litzateke. Aspalditik bilatu dira, halere, berdintasun hori saihesteko bideak. Horrela, arte hitza erabili da zentzu zabala adierazteko, eta herri artegintza esapidea, zentzu estuari zegokionean.

Ikuspegi horretatik, bada, artearen definizio gisa profesional batek, artista batek –nahiz eta artista deitzen diren guztiak ez izan artista, eta artista izan artistatzat hartuak ez diren batzuk– gauzaki material bati aplikaturikoedozein edertasun forma dela esaten bada, artearen profesionala ez den batek hainbat gauzakiri –eraikuntzei, ontziei, altzariei, etab.– aplikaturiko edozein edertasun forma da eskulangintza.

Bestalde, arte nagusi –artea– eta arte apal –eskulangintza edo herri artea– bereizketa ere egin da, baina ez da oso bereizketa bidezkoa izaten sarritan.

Baina bada beste arazo bat ere: herri arte guztiak ez baitira beti eskulangintza izaten, eskulangintzaren zentzurik estuenean, nahiz eta historian zehar oso loturik egon diren bi kontzeptuok.

Hasieran gauza bera ulertzen zen artista eta eskulangile hitzez. Ez ziren bi kategoriak bereizten.

Izan ere, antzinateko arte lan handiak hargin eskulangileek eginak dira; arkitektura da joera horren erakusgarri klasikoena.

Gaur egun ordea, artista eta eskulangilea bereizteko obra artistikoa artistak egina den eta eskulangintzako obra eskulangileak egin duen hartzen da kontuan.

Baina bi kasuetan ere, agerikoa da emozio edo sentimendu estetiko bat eragiteko asmoa.

Dena dela, artistak teknika multzo zabala erabiltzen du, oro har, jendearentzat ezezaguna. Aitzitik, eta eskulangilearen teknikak ere ezezagun samarrak badira ere, bere lanak eskuz eginak direla eta helburu praktiko bat izan ohi duela hartzen da kontuan.

Herri artegintzaren eta eskulangintzaren artean beste bereizketa bat ere egin daiteke, alegia, herri artegintza artearen profesionala ez den norbaitek egina dela.

Horren erakusgarri da ermiten kasua, besteak beste; mendeetan zehar herritarrek eraiki eta eraberritu ohi zituzten ermitak, beren bizibideek denbora uzten zietenean eta dirurik jaso gabe.

Eskulangilea, aldiz, bere eskulanetik, bere eskuz sortzen zituen obretatik bizi zen.

Baina honetan bada beste kontzeptu bat, arazo hau gehiago ilun dezakeena. Artista artea egiten duen pertsona da, jarduera horrek dirua ematen badio ez badio. Alegia, artista da bere atseginerako edo bere bizipenen emozioak eraginda artea, nagusia zein apala, egiten duena. Eskulangileak, berriz, bizibidea ateratzea du helburu bere lanei artea aplikatzerakoan. Eskulangile eta artisa hitzak oso loturik daude ordea, lehen aipatu bezala, eskulangintza, lanaren munduarentzat baliagarri izateko antzina zuen helburua galdurik, apainketarako obrak sortzera mugatzen delako, oro har.Adibide gisa uztarria har daiteke.

Izan ere, idiak uztartzea zen uztarriaren zeregina, baina gaur egun idien lana traktoreek egiten dutenez, apaingai soil bihurtu dira uztarriak. Eta gauza bera gertatzen da, besteak beste, kaiku-arekin eta artzainen beste zenbait tresnekin. Horrela, apaingarri gisa erabiltzen dira kaikuak ere, ez dute behinola zuten zeregina betetzen.

Laburbilduz, esan daiteke, herri artegintza eta eskulangintza bereizteko, gizakiaren sentimendu bat-batekoena dela artea, edertasun sentimendua adierazteko joera bat; herri artegintza, berriz, sentimendu artistikoak adierazteko bide eman dezaketen hainbat formari aplikaturiko edertasuna da, gizarte klase apaletako jendeak egina, artista profesionalek ala ez profesionalek egina, eta, oro har, errepikapen teknikoan zein estilistikoan oinarritua; eskulangintza, azkenik, arte adierazpen primario bat litzateke, ez oso agerikoa batzuetan, egunoroko bizitzan erabiltzen diren gauzakiei aplikatua eta jarduera hori bizibide duen langile batek egina.

 

Euskal eskulangintza

Gaur egun fenomeno bitxia gertatzen ari da euskal artegintzan: hainbat artistak herri artegintza hartu dute inspirazio iturri, ez bakarrik obra berriak sortzeko inspirazio iturri, baizik eta baita arte joera berrietan saiatzeko ere. Euskal Berpizkunde moduko bat ari da gertatzen, batez ere joera artistiko berrien protagonistei dagokienez; zura, adibidez, obra abangoardistetan protagonista da. Eta, zuraz gainera, badira beste zenbait material tradizional obra abangoardistetanerabiltzen direnak, adibidez harria, burdina, beira eta zeramika.

Osagai tradizionalez gainera, gero eta gehiago erabiltzen dira teknika tradizionalak ere. Horrela, arte lanek gero eta antz handiagoa dute azken urteotan herri artegintzatzat hartu diren emaitzekin. Ez da harritzekoa hori gertatzea; izan ere, herri artegintza mitologia arkaikoan oinarritua da, eta gaurko arteak gero eta gehiago jotzen du iturri oparo eta zahar horretara. Hala, euskal bizimodu tradizionaletik datozen apaingarriak agertzendira produkzio modernoetan, nazionalismoaren kutsua duten produkzioetan batez ere.

Euskal Herriko herri artegintzaz eta eskulangintzaz mintzatzerakoan, azpimarratu behar daez dela bereizten eskulangintza euskaldun beterik. Europako beste kultura askorekin, iparraldekoekin bereziki, osagai artistikoak, materialak eta gauzakien helburuak kultura askorentzat komunak dira. Horren adibiderik ezagunena zurarena da; Finlandian edo Baltiar herrietan landu den era bertsuan lantzen da Euskal Herrian, apaingarri geometrikoekin, eta herrialde batzuetan zein besteetan zeregin bera zuten altzarietan erabili da.

Ez dago euskal eskulangintza berezirik, beraz, nahiz eta errepikapen estilistikoak ezaugarri jakinez osaturiko idiosinkrasia bat eratu duen Euskal Herrian.

Era berean, ez dago Euskal Herriko probintzia guztiak biltzen dituen eskulangintzarik. Izan ere,ez da berdina kostaldeko eskulangintza eta barnealdekoa; mendialdeetakoa ere, Nafarroako edo Arabako lautadetakoaren desberdina da. Eta gainera, inguruko lurraldeekin ere trukea izan da: Nafarroak eta Zuberoak zenbait ezaugarri eman dizkiete Biarno eta Aragoiri eta beste zenbait hartu dituzte haietatik; orobat gertatu da Bizkaia eta Kantabria inguruan, eta Araba eta Gaztelaren artean ere. Peña-Santiagoren arabera, “truke bat egon dela esan daiteke, xehetasunak, gauzakiak edo apaindura osagaiak eremu askoz zabalago batera hedatzen direnean, adibidez, Pirinioetako lurralde guztira, zehazten oso zaila dena eta ahaidetasun eta kultura komun baten erakusgarri izan daitekeena”.

Egia da eskulangintzako konstanteen ohiturak eta iraunkortasunak molde bereziak finkatu dituela, molde autoktonotzat har daitezkeenak, bereziki forma berriak sortzeari dagokionez.

Baina etnografiaren alor zabal, aberats eta oparo honetan, arriskutsua da zer norena edo zerena den zehatz-mehatz jakin nahi izatea azterketa sakonagorik gabe, eta oraindik ez da egin halako azterketarik. Tradiziozko estilistika jakin bat hartzen da euskal eskulangintzatzat, ohituraren poderioz euskalduntzat hartua izan den estilistika bat.Halere, euskal eskulangintzako moldeetan eta tekniketan konstante historiko bat ikusten bada ere, sorkuntza prozesuan hainbat desberdintasun dira eskulangileen artean. Ez da izan guztiak biltzen dituen eskolarik eta horregatik dira hain desberdinak sorkuntza prozesuak. Izan ere, nork bere familian ikasi zuen bere langintza, eta nork bere metodoa eta lanabesak erabili zituen. Horrela, belaunaldiz belaunaldi, negozioaz gainera ezaguerak eta teknikak ere herentziaz jasotzen ziren. Sukaldari handiek bezala, eskulangileek ere ezkutuan gorde dute ospea eman dien errezeten sekretua.

 

Eskulangileak

Euskal Herriko lehen eskulangileen arrastoak historiaurreko garai ilunetan bilatu behar dira, K.a. 150.000. urte inguruan, hau da, Behe Paleolitos deritzan aroan. Aurkitu diren lehen eskulanak oso bakunak eta landugabeak dira: harrizko aizkorak, hezurrezko puntak, eta gezi moduko armak, denak ere ehiza jardunen erakusgarri. Hurrengo aroan, Erdiko Paleolitos aroan, K.a. 70.000. urte inguruan, harlosak lantzen hasi ziren, eta ofitazko lehen aizkorak agertu ziren.

Goi Paleolitos aroan (K.a.

35.000-9.000), garapen nabarmena iritsiko du industria primitiboak.

Orduan agertzen dira lehen objektu higikorrak, hala nola apaingarri pertsonalak, zintzilikariak eta kutunak, gehienak hezurrezkoak, harrizkoak batzuk; harrizkoak dira halaber armak, tresna zulatzaileak, xaflak, burilak.

Goi Paleolitos aroan esan ohi da agertu zela artea.

Neolitos –Euskal Herrian, K.a.

3.500 urte inguruan– agertu ziren zeramikazko lehen lanak, eta silexko lehen tresnak; hobiko lehen lurperatzeak ere aldi horretakoak dira. Eneolitos edo Kobre aroa arte ordea (K.a.

2.000-1.200) ez da erabat garatuko historiaurreko eskulangintza; orduan sortu ziren metalezko objektuak, lantza puntak eta geziak batez ere, lezna, puntzoi, labana eta apaingarrietan. Zeramikak bilakaera garrantzitsua izan zuen; hala adibidez, ontzi apaindu asko aurkitu dira. Buztina egosteaz gainera, larrua ere lantzen zen, eta, oraindik osobakunak izan arren, baziren artilezko ehunak ere. Geroago, Brontze aroa iristean, K.a. 1.700- 800 urteetan, ehunaren teknika garatu zen, lehen gurdiak sortu ziren eta herrixkak ugaldu. K.a.

800. urte inguruan, eta handik aurrera, Burdin aro bete-betean, burdinazko lanak eguneroko bihurtu ziren. Bestalde, zelten eragina nabaria da eskulangintzaren alderdi guztietan.

Nolanahi dela ere, eta datak, kronologiak eta historiako datuak gorabehera, nahitaezko da beti ere nekazari girora jotzea, giro horretan gauzatu baitira batez ere eskulangintzaren lehen agerpenak. Aspaldi-aspalditik, nekazariak berak izan dira lehen eskulangileak, eta nork bere etxerako egiten zituen lanak.

Gaur egun ere, gauzak asko aldatu diren arren, ikusten ahal dugu baserritarra baserriko atarian, harri baten gainean eseria, segaren ahoa ardura handiz zorrozten; edota atsedenaldietan, tresna baten heldulekua lantzen, makila lodi bat, bai labana batez desgastatuz, bai arotz marrusketaz landuz. Eszena era askotakoa izan daiteke, baina lurra lantzeko tresnak nekazariak berak egitendituela erakutsiko digu beti, zurezko tresnak batez ere, bere ahalmenen eta denbora librearen arabera.

Eskulangintza oinarrizko honi erantsi behar zaio, garai modernoetan jadanik, bere tresna mekanikoak konpontzeko nekazariak egiten duen lana, hori ere, era berean, bere jakintza edo trebetasuna iristen den lekuraino.

Bai baitira euskal baserrian traktoreak, motozerrak eta abar, alegia, lurlana errazteko makineria, eta baserritarra bera arduratzen da haien konpontzeaz eta zaintzaz oro har. Akatsa bere ezagutzatik kanpo geratzen denean bakarrik, oso larria denean, joko du mekanikariarengana.

Ordu arte, ahal bezala moldatukoda jabea, beti ere bere eskuak erabiliz.

Ez da ahaztu behar ordea euskal etxean betidanik izan den beste jardun bat, ehungintza, emakumeen esku egon dena, beste eskulangintza motak ahaztu ezin diren arren, hala nola janarien prestakuntza eta kontserbatzea, eta etxeko lanak, era askotakoak eta amairik gabeak, beti ere etxeko bizimodua erosoago egiteko helburuaz. Nolanahi dela ere, lihoaren lantzea, prestakuntza eta ondorengo irutea da emakumeen eskulan nagusia baserriko bizimoduan.

Euskal Herriko baserri orotan izan da baratzean lihoa lantzeko lekua; etxeko emakumeak arduratzen ziren horretaz, gazteenak bereziki. Izan ere, oso paper garrantzitsua zuen lihoak etorkizuneko ezkontsarian. Lihoa bildu ondoren, ehuna atera, garbitu eta jorratu eta gero, iruteko lan luzea zetorren, gauez egiten zena. Lan haien inguruan sortuak dira jeinuak, ipuinak eta elezaharrak, eta baita esaera zaharrak ere, sineskeriak, jolasak, hitz jokoak, aho korapiloak, Euskal Herriko folklorearen aberasgarri denak.

Eskulanen beste alor oparo bat, nekazari giroan sortua hau ere, eta oso aspalditik ezaguna, artzaintzaren mundua da. Euskal artzainek, bai udako zelai goretan, bai neguko belardietan, eskuz egiten zituzten tresna asko.

Zenbaitetan, horietako objektu batzuk, abarkak, adarkizko edontziak, artilezko galtzerdiak edo zurezko koilarak adibidez, batzuk bakarrik aipatzeko, hasiera batean norberak erabiltzekoak ziren. Batzuetan ordea saldu egiten ziren horietako tresna batzuk, aparteko diruren bat irabaztekoasmoz; azken garaietan gertatu da hori gehien bat, eskulanen eskaera gero eta handiagoa baita.

Eta hori guztia artzain ekonomiaren elementu nagusia ahaztu gabe, osorik eskuz egina baita, alegia, gazta eta esnekiak oro har, gero saltzeko eginak.

Bizibidez eskulangile denari dagokionez, profesionalari beraz, esan beharra dago oso gutxi dakigula nola bizi zen eta nola jarduten zen erromatarrengaraian. Gehienetan, historiako garai hori aztertzean, modu orokorrean deskribatzen dute adituek erromatar hirietako bizimodua, hala adibidez Nafarroako hegoaldean eta Araban izan zirenena. Baina Atlantiko aldeko Euskal Herriko biztanleen bizimoduaz ordea ia ezer ez dakigu, ez ekonomiaz ez bestetaz. Lehen datu fidagarriak XII. mende ingurukoak dira, lehen gremioak agertu ziren garaikoak.

Hiriko eskulangile guztiakbabesteko ardura zuten elkarteak ziren gremioak, ogibideen arabera sailkaturik, haien interesak zaintzeko. Gremioak arautzen zuen ogibidearen ikasketa denbora, hiru kategoria ezarriz, mutil, ofiziale eta maisu.

Maisuen kopurua zainduz, konkurrentzia saihesten zuen gremioak.

Horrez gainera, prezioak, lehengaien banaketa, eta ofizialen eta mutilen soldatak ere kontrolatzen zituen.Esan den bezala, hiri nagusietan besterik ez zeuden gremioak; ogibide bereko eskulangileak auzo berean biltzen ziren, kale berean gehienetan. Bada horren adibiderik, oraindik ere bai baitira, Gasteizen adibidez, Cuchillería edo Zapatería izeneko kaleak, Erdi Aroko gremio haiek gogorarazten dizkigutenak. Gremioak eta haien kaleak asko izan ziren halaber Nafarroako hiri handietan, hala nola Iruñea, Lizarra eta Tuteran. Bilbon eta Baionan ere izan ziren gremioak; Gipuzkoan berriz askoz ere gutxiago izan ziren. Kontuan izan behar da urte haietan eskariaren arabera jarduten zirela eskulangileak lanean, eta, jakina, eskarihandiena zegoen lekuetan hartzen zuten bizilekua. Nekazari lurretan berriz, saltzaile ibiltaria eta behin-behinekoa izaten zen eskulangilea; halaxe gertatzen zen ia beti arotz, eltzegile eta saskigileen kasuan.

Hego Euskal Herriko gremioak 1813an desagertu ziren behin betiko, Cadizko Gorteen dekretuz; Baionakoak lehenago desagertu ziren, 1791n, Frantziako Iraultzaren eraginez. Gremioak desagertu ziren, baina ez noski eskulangileak. Eskuzko lanean jarraitu zuten, industria, laborantza, arrantza edo artzaintzako tresnak egiten. Normalean familia osoak jarduten ziren lanean, eta ogibidea aita-amak seme-alabei erakusten zieten, XIX. mendeko industrializazioak eta makinismoak ekonomia mota hori, eskuzko lanean oinarritzen zena, desagertarazi zuen arte; izan ere, makinen bitartez era guztietako produktuak egin zitezkeen, eta askoz ere merkeago gainera.

Orduz geroztik, tristea bada ere, onartu beharra dago eskulangilea gauza bitxia bihurtu dela, egun galtzekotan dagoela. Egia da gure egunotan eskulangile kasta berri bat ari dela sortzen, helburua “arteari” eskainitako espazio bat betetzea duena, artearen zentzurik zabalenean. Baina egia da halaber oraindik ere gizartearen parte handi batek artista horiek, bidegabe, “apaltzat” hartzen dituela.

 

Apaingarriak eskulangintzan

Euskal eskulangintzako apaingarrietan hiru sail handi bereizten dira. Lehenik apaindura geometrikoak daude; itxuraz, espontaneoak dira, eta adituek diotenez, oinarrizkoak, eskuadraz eta konpasez osatuak. Zuraren tailuan, eta harri eta burdin lanean agertzen dira, oro har, Ipar Euskal Herrian bereziki. Caro Barojaren hitzetan: “Marra zuzeneko apaingarriak aurki daitezke euskal lurralde guztian: zerrenda ez oso zabaleko xakeak, hiruki lerrokatuak, lau triangelutan bereizitako koadroak, bi triangelutan banatutako lauki zuzenak…”. Eta dio: “Irudi horiek egiteko zirkunferentzia (apainketa irudien oinarria) bi zirkunferentzia erditan edo lau, sei zortzi edo puntu gehiagotatik zatitzen da, eta eskuadra, konpasa ala biak batera erabiltzen”.

Irudi geometrikoak ez dira orijinalak, agerikoa baitute beste kultura batzuekiko harremana, baina oso adierazgarriak dira, sarri erabiltzen direlako eta oso ongi mihiztatuakdirelako. Aipagarriak dira zuraren tailuan erabiltzen direnak, batez ere altzarietakoak, “euskal estiloa” deitua osatzen dutenak. Oso ugariak dira errosetoi formako apaindurak; Maltako gurutzeak; Salomonen zigiluak; izar barne-huts ala elkar gurutzatzen diren adarrez beteak; erradio eta abaniko eran antolaturiko gaiak, soilak zein elkartuak; kiribilak, eta marrak, orohar. Baina lauburua da –irudi geometrikoz lagundurik edo bestelako irudirenbatzuen artean kokaturik– euskal eskulangintzako apaingarri bitxiena.

Sarritan agertzen dira landare irudiak, errealismo handiz eginak.

Aipagarriak dira mahats mordoak, eta hostoak eta kardu loreak, atseginerako joera primitiboaren sinboloa batzuetan, babesgarria besteetan, erakusten dutenak. Zuhaitz eta animalia irudiak ere badira, oso sinplifikatuak, euskal etxeetako armarrietan batez ere.

Lorontziak, txarroak eta ontziak ere landare apaindurez hornituak dira, baina irudi simetrikoak eta errepikapen erritmikoa ageri dituztela betiere.

Adierazpen figuratiboetan aipatzekoak dira lanbideenak. Ateburuetan eta hilarrietan agertzen dira batez ere, eta eskulangileen lanabesak agertzen dituzte: aizkorak, ingudeak, mailuak edo goruak.

Beste lanbide batzuei dagozkienak ere badira: nekazaritzakoak, itsasgizonenak edo militarren armak. Aurkitu diren giza irudiak, berriz, eskematikoak eta aski landugabeak dira, zirriborro hutsak. Animalien irudi batzuei dagokienez ere gauza bera gertatzen da, baina, oro har, animalienek grazia gehiago dute eta errealistagoak dira, Nafarroa iparraldeko teilatu hegaletan tailaturik ikus daitezkeenek batez ere. Oilarrarenirudia askotan agertzen da, etxeen zaindari eta gaitz mota guztien kontrako babes sinbolikotzat hartua baitzen.

Sinbolo erlijiosoei dagokienez, aipagarriak dira Kristoren monogramak, sarritan agertzen direlako eta molde askotakoak izan daitezkeelako.

Askotan agertzen dira I.H.S. letrak, elkarrekin gurutzaturik, alfa eta omega letra grekoak gainean dituztela, gehienetan.

Gurutzea Ilargiaren eta Eguzkiaren artean ere agertzen da, eta badira geometria simetrikoko gurutzeak ere. Ama Birjinaren monogramak ere ikusten dira, eta baita bihotzak geziekin, arkumea gurutzearekin eta kaliz distiratsuak ere. Sinbologia mistiko-kristau honek XVII-XVIII. mendeetan izan zuen goren aldia kontinenteko Euskal Herrian, hilarri eta ateburuetan batez ere. Materialak eta teknikak Harria oso ugaria da euskal lurraldean, eta historiaurretik gizakiak bere bulkada artistiko oinarrizkoenak aditzera emateko erabili izan du. Hondatzen zaila den material hau erabili izan du gizakiak arbasoen ondare ezkutuarekin harremanetan jartzeko.

Harria lantzeko teknika nagusiak ondoko hauek izan dira: behe-erliebe motako tailua –sarrera arkuetan, leiho buruetan, arku eta gangetako giltzarrietan eta hilarrietan–, erliebe motako tailua –aurrekoa baino urriagoa, egiten zailagoa baita–, hozkatzea –sarrera arkuetan, ate buruetan eta balkoi zoruetan–, mozketa –oso ugaria balkoi eta arkupeetan, urriagoa arku eta leihoetan–, eta tronadura, gaur egun erabiltzen ez dena baina orain dela urte gutxi arte kaleak zolatzeko erabilia.

Bereziki aipagarriak dira polikromia eta margoketa ere, gaur egun galduak diren arren, erlijio eta heraldika lan askotan ikus daitezkeenak.

Metalei dagokienez, burdina da metal erabiliena. Euskal Herriak ospe handia izan zuen antzinatik burdina zela eta; orain arte iraun du ospe horrek, Bizkaiari dagokionez bereziki. Burdinaren inguruan sorturiko garrantzi handiko industria gaur egun ia galdua bada ere, gelditzen dira zenbait burdinola zahar, behinolako burdingintzaren lekuko. Burdinaz gainera aipatzekoak dira: kobrea –oherako berontziak, sutontziak eta txokolate ontziak–, brontzea –motrailuak, argimutilak eta kisketak–, eztainua –goruak–, letoia –zintzarriak, uhalak– eta latorria –argimutilak, kriseiluak etab–.

Metalezko obretan erabili diren teknikak dira: berotan trokelatzea–zizelez edo trokelez, oso ohikoa–, tinkatzea –hesi eta balkoietako hagak–, biburdinez lantzea –Nafarroan oso erabilia, piezak gogortzeko eta edertzeko–, bihurdikatzea –XIX. mendean oso erabilia, burdin xaflak bihurdikatuz irudiak osatzeko–, berotan zizelatzea –zuraren tailu tankera emateko, hagetan, zurubietan eta maratiletan–, mozketa –iltzeak eta beste pieza txiki batzuk egiteko–, titakatzea –metala hotzik zizelatuz–, txertatzea –brontzezko atalak burdinetan txertaturik agertzen duten obra batzuk badira–, eta beste zenbait, adibidez, ildaxkatzea, leuntzea eta lisatzea.

Zeramikak eta beira, oro har, kalitate artistiko apalagoa dute, harriz, zurez edo metalez egindako lanek baino. Baina balio handia ematen diete antzinatasunaketa zeramikagintzak behinola izan zuen garrantziak. Azpimarratzekoa da Nafarroako produkzioa; gaur egun ere eskualde horretan egina da beirazko eskulangintza gehiena.

Egoste apaleko (800 eta 1.000°C artean) eltzeak egiteko buztin burdinduna eta porotsua erabiltzen da. Eltzeak berun bernizez apaindu ohi dira gero, hosto alkoholetan edo Linaresko alkoholetan urturiko berun bernizez. XIX.. endearen bigarren erditik aurrerako piezak ez dira ordu artekoak bezain ikusgarriak, baina Lizarra aldean herri zeramika interesgarria mantendu da. Atal honetan sartu beharko lirateke azulejugintza eta adreilugintza, oso ugariak ez diren arren; bi material horien adibide jakingarriak daude Nafarroa hegoaldean.Zura da euskal eskulangintzako materialik erabiliena eta berezienetakoa. Altzariak eta beste hainbat gauzaki egiteko baliatzen da, eta baita arkitekturan ere.

Tekniketan azpimarratzekoak dira, besteak beste: behe-erliebe tankerako tailua –altzarietan, teilatu hegaletan eta ontzietan–, erliebe tankerako tailua eta bolumen tailua –oso urriak–, txertatzeak, koarteroiak, estokatua, margoketa eta polikromatua –dagoeneko desagertu diren teknikak biak–, pirograbatua, grabatua eta trokelatua.

Ehunetan, artilea, kotoia eta lihoa dira nagusiak. Ehungintzaren ezaugarri bereziena apaingarrien errepika eta kolore urritasuna dira. Baserri guztietan egin ohi ziren irute lanak oraindik aspaldi ez dela arte, eta baita kakorratz lanak ere, ohe estalkiak, mahai oihalak etab. egiteko. Bordatua ere egiten zen, Iberiako penintsulako eta Europako beste eskualde batzuetan baino gutxiago ordea.

Euskal eskulangintzako beste material batzuk aurki daitezke artzaintzaren alorrean; zuraz gainera eta aipatu berri diren metal klasikoak ahaztu gabe, kontuan hartzekoak dira adarra, eta artilea, kotoia, larrua, zaldi zurda, ganibeta trebeki erabiliz landuak.

 

Baserria

Aspaldiko garaietatik datorren Euskal Herriko baserriak bi alderdi azpimarragarri ditu: batetik, familia osoari bizitoki eta babesa ematen dion tokia da, eta, bestetik, familia horren lanbide eta bizibidea gertatzen da. Azken alderdi horri dagokionez, baserriaren barruan daude bertako bizilagunentzako sukalde, logela, eta bestelakoak ez ezik, ukuilua, zerritegia, oilotegia etab. ere, baserritarraren bizimodua segurtatuko duten behiak, zerriak, oiloak eta beste jasotzeko. Uztak gordetzeko ganbara eta biltegiak, hala nola (Gipuzkoako kasuan), sagardoa egiteko dolareak ere, baserri barnean egon ohi dira.

Gainera, baserriak bere alboan baratzeak eta alorrak izaten ditu, eta inguruan, nahiz eta inoiz hain hurbil egon ez, bazka toki eta belazeak. Aipatu diren etxe ondoko lur horiek egiten dute, udalerri baten barruan, baserriak hain barreiatuta egotea.

Esan bezala, antzinakoa da baserriaren sorrera, eta badira baieztapen hau frogatzeko bizpahiru datu esanguratsu. Herririk txikienean ere, nonahi, bide, bidezidor, estrata eta lasterbide anitz daude, sare bat osatuz edonora joateko, baita tokirik ezkutuenera ere. Gainera, txokorik xumeenak ere, beti, bere izen propioa izaten du. Guzti horrek argi adierazten du gizona aspaldidanik dagoela lurralde horietan.

Etxe motaren bilakabideari dagokionez, hizkuntzak zenbait argibide ematen ditu. Alegia, toki askotan daude “Telletxea” izeneko baserriak, eta horrek esan nahi du aurretik etxearen estalkia zurez edota lastoz eta abarrez egina izaten zela. Bestalde “Ormaetxea” baserri izena ere anitzetan azaltzeak erakusten du lehenago hormaz –edo harriz– egin beharrean zurez egiten zirela baserri horiek.

Egia esan, XV. gizaldia arte, historiak erakusten duenez, gauza jakina da zurezkoak zirela, eta sute asko gertatu ondoren horien arriskuak baztertzeko garai horretatik aurrera harriz egitearen gomendioa barreiatu zela.

Baserriak zuen kokapenaren arabera ere izena aldatu egitenzitzaion. Manuel Larramendik (1690-1766) sailkapen hau egin zuen: laborari etxea herri ondoan zegoenean etxondo izena ematen zitzaion. Herritik ez hain hurbil bazegoen, orduan etxalde izena hartzen zuen. Eta, azkenik, baserri izena ematen zitzaion herritik urrun zegoen etxeari. Esan behar da, gainera, baserria baino urrutiago, mendi–mendian zegoen etxolari borda deitzen zitzaiola.

Baserritarraren eginkizunetarako lagungarri gertatzen zen borda hori, lanabesak edota animaliak jasotzeko edo bertan gau bat edo bi pasa ahal izateko tokia zen alegia, baina normalki ez zen han inor bizi izaten. Antzinako garaietan, hala ere, jendea egoten zen borda horietan bordari hitzak adierazten duen bezala.

Bordaria, beraz, garai batean mendian bizi zen, eta hark zuen bizimodutik gaurko baserritarrak duenera aldaketa asko gertatu dira. Izan ere, XIII. mendea arte baso ustiaketa eta abeltzaintza ziren, seguraski, garai hartako gizonaren eginkizun nagusiak.

Gerora, agian jendea ugaltzen ari zelako edo, baserritarra laborantzari ere lotu zitzaion elikagai gehiago lortu ahal izateko.

Erdi Arotik aurrera baserritarra monasterio edo eliza baten mende egoten zen, eta horrek, behar zen garaian, babesa eskaintzen zion. Bizibidea segurtatu eta babesa eskaintzearen truke, baserritarrak lortzen zuen uztaren zati bat babesle eta nagusi horri ordaintzen zion.

XV. gizaldi aldera sagastien garrantzia gutxituz doa eta laborea, aldiz, hedatzen. Izan ere, maizterrak bere urteko ordainketak egiteko garia erabiltzen du gero eta gehiago.

XVI. mendetik aurrera garia, artatxikia eta gaztainak dira ekoizten diren produktu nagusiak.

Aziendak toki menditsuetan hazten dira gehienbat. Geroago, artoa azaldu zenean, alegia, aldaketa handia gertatu zen, batetik horren kariaz artatxikia desagertzen hasi zelako; eta bestetik, azienda xeheak, ardiak, ahuntzak etab., mendira gabe etxean bertan edo etxetik hurbil gizentzeko erraztasuna ematen zuelako.Patatak, gizonaren elikadurarako, XIX. mendean hartu zuen indar handia; izan ere, ordu arte, Ameriketatik ekarri zenetik, ez baitzen azienden janaritarako besterik erabiltzen. Beraz, baserritarrak garia, artoa eta babarrunak ereiteko zituen alorren banaketa aldatu beharra izan zuen, patata ere ekoizteko, eta horrela, berriro ere, baratze sailetan beste egitura ezberdina ezarri.

XIX. mendetik aurrera baserriak eskaintzen zuen bizimodua nahiko finkatua egon da. Bertan bizi ziren gurasoentzat, seme-alabentzat eta, bere kasuan, morroiarentzat ere, baserriak eman behar zuen elikadura: barazkiak, ogia, txerrikiak, esnea, haragia, etab.

Etxeko andreak egin ohi zituen, gainera, ardien artilearekin, inoiz lihoa ere erabiliz, hainbat oihal eta ehun, ohe estalkiak, janzkiak eta beste egiteko. Baserritarrak laborantzako lanak ez ezik, aziendak gobernatzen ere jakin behar zuen, baita oso zailak ez ziren kasuetan zurgin eta igeltsero lanak egiten ere. Laburbilduz, baserriko bizilagunei bizi izateko behar zuten gehiena baserriak berak ematen zien.Soberakinak, aldiz, inguruko herri nagusiko azokara eramaten ziren bertan saltzeko: esnea, barazkiak, haragia… Esandakoaren arabera argi ikusten da baserriari ateratako etekin horretatik ezinezkoa zela aberastea, lan asko eginez bizitzeko lain besterik ez zuela ematen, alegia.

Mende honen hasierako baserriak minifundio bat osatzen zuen, bataz beste sei hektarea inguruko tamaina zuena. Garai horretan lausei behi izaten ziren baserri bakoitzean.

Normalean baserritarra maizterra izaten zen, eta etxearen ondoan edo inguruan zituen baratzeak eta belazeak. Baserritarra, lehenago esan bezala, aldi berean laborari eta abeltzain izan ohi zen. Bertako lanei erantzuteko senide guztiek jarduten zuten lanean eta kontuan hartuz familia, normalean, zortzi-hamarren bat anai-arrebez osaturik zegoela, guztiek eginiko lanaren beharra zegoen, gizonen eta emakumeen arteko bereizketarik egin gabe.

Egoera hori aspalditik zegoen finkatua eta, gainera, baserri horrenbatasuna puska ez zedin maiorazkoak hartzen zuen segida, horrek zatitu gabe jasoz, hain zuzen ere, gurasoengandik zetorzkion baserria eta baserriko ondasun guztiak.

Esandako garai horretatik aurrera, hala ere, industrializazioa hedatzen joan zen eta, hortaz, industriaguneetan gero eta langile gehiago behar ziren. Egoera berri horrek baserriaren ohiko bizimodua ere aldatu egin zuen.

Batetik, baserrian jaiotako hainbat gazte hirira joaten hasi zelako lan bila, eta baserrian bertan jende gutxiago geratzen zen. Eta bestetik,rrerantzean errenta hori dirutan ordaintzen zuen.

Hirian errazen saltzen direnak barazkiak, esnea eta haragia dira eta, beraz, horiexek ekoiztera jotzen du baserritarrak aurrerantzean.

Izan ere, diru iturri berriak segurantza handiagoa ematen dio: harrezkero ez du autarkia soilean jardun beharrik; pixkanaka baserritarra abeltzain bihurtzen ari da, batez ere, eta garai bateko bostsei behi haiek, kasu askotan hogeitik gora izatera iritsi ziren merkatuaren eskakizunei erantzun ahal izateko.

Bazka tokiak ere, hortaz, hedatzen joan dira eta erabilitako teknikak gaurkotzen eta hobetzen.

Lurrak intentsitate handiagoz lantzen direlako ez da aski ukuiluko ongarri soila, horri industriak ekoizturikoongarri kimikoa ere erantsi behar zaio. Laborantzako lanetan lehengo golde eta idiak, bestalde, bazterrean joan ziren geratzen gero eta gehiago eta, horien ordez, mekanizazioa nagusitzen.

Garai batean osagarri gertatzen zen abeltzaintza, beraz, gerora oinarri-oinarriko lana bihurtu da.

Lehengo Pirinioetako arrazako behiak hobetzen joan ziren Suitzatik ekarritako zezenen bitartezeta, horrela, Suitza-Pirinioetako arraza berria sortu zen.

Mende honen erdialdetik aurrera, gainera, Holandatik ekarritako behiak hasi ziren nagusitzen, horien errentagarritasuna askoz hobea baitzen aurrekoek zutena baino. Izan ere, behi bakoitza urtean 5.000 litro esne ematera ere iritsi daiteke eta, bestalde, esnearekin etekin ederra eskuratu ondoren, baserritarrak hiltegira eramaten ditu behi horiek haragitan saltzeko.

Baserrien kopurua asko gutxitu da azken berrogei urteetan.

Gaur egun, nolanahi ere, baserriaren jabea baserritara bera izaten da gehienetan, eta baserria laborantzarako tresna modernoz osaturiko ustiaketa banako gisa ikus daiteke.

 

Kantaurialdeko etxea

Kantaurialdeko etxea esatean Gipuzkoan ohikoa den baserri mota hartzen da oinarritzat.

Gipuzkoako baserri hori egiterakoan hainbat material erabili bada ere, nagusiak harria, zura eta adreilua dira. Oso zabaldua den etxe mota batean, beheko solairua eta aurreko aldea harrizkoak izan ohi dira. Etxearen gainontzeko parteei dagokienez, adreiluzkoak izaten dira hormak eta zurezkoak, aldiz, eraikinaren zutabeak eta hagak.

Bada Gipuzkoan arrunta den beste baserri mota bat ere. Harrizkoa da, erabat, hormak landu gabeko harriz daude osaturik eta fatxada arras zuritua du.

Batzuetan harria agerian geratzen da kantoietan eta ataburuetan, eta, kasu horietan, harri landua izaten da. Ate nagusia arku batez apainduta dagoenean ere, harria agerian azaltzen da eta, gutxitan gertatzen bada ere, arku horiek bikoitzak eta are hirukoitzak izan daitezke inoiz. Sarritan gertatzen da, bestalde, sarrera nagusiko arku hori txiki samarra denean, zurezko ate batez horniturik egotea; orduan ezkaratza itxi egiten da, eta esparru hori etxearen barruko aldean geratzen.

Horrelako ezkaratzak ez dira Bizkaian ikusten.

Esan behar da, bestalde, Gipuzkoako baserri gehienek bizpahiru sarrera dituztela, eta fatxada nagusikoa zurezko ate xume batez egina izaten dela. Sarrera anitza dutenean, ez da ez arkurik ez ataburu ederturik izaten.Harria nabarmen agertzen duen Gipuzkoako beste baserri mota bat antzina dorretxe izandako eraikina baserri bihurtu dutenen artean ikusten da. Horrelakoetan dorretxearen, jauretxearen eta baserriaren ukitua duen itxura ederreko etxea sortu ohi da. Interesgarriak dira, baita ere, ateetan agertzen diren edergarriak, nahiz eta Gipuzkoan beste Euskal Herriko probintzietan baino bakanagoak izan. Inoiz sarreraren ataburua da landurik azaltzen dena; hala ere, badira ez ohiko kasuak apainketa oso soila izan beharrean ate zangoek edergarri asko dituztenak: giza irudiak, animaliak, arbolak eta zenbait marrazki geometriko.

Askotan, giltzarrietan Kristoren anagrama azaltzen da eta, gutxiagotan bada ere, inoiz jentil kutsuko irudiak ere ikusten dira, eguzkiak eta lauburuak, esate baterako.

Herri barruko kale etxeek aparteko aipamena merezi dute, horiek egiteko gehienetan harria, harlandua maizenik, erabili delako,eta normalean ataburuetan edergarriren bat izaten dutelako.

Aipatzekoa da, bestalde, kostaldeko etxe gehienak hareharriz direla eginak, eta probintziako barnealdean, aldiz, gehiago erabiltzen dela kareharria.

Lapurdin, baserriak antz handia du Gipuzkoan dagoenarekin, honek ere Gipuzkoakoak bezala harria baitu nagusi behe solairuan, etxearen gainontzeko parteak zurez eta adreiluz eginiko nahastura ederrez eginak izanik; inoiz, hala ere, adreiluaren ordez landugabeko harria erabiltzen dute.

Aipagarria da, benetan, zuraren eta adreiluaren bitartez eskualdehonetan lortzen duten edertasuna.

Gipuzkoan gertatzen den moduan, hemen ere, fatxadak igeltsuz estali eta zurituak daude; badute, hala ere, arras bertako den beste berezitasun bat, bai ateak eta baita leihoak ere pintura biziz margotuak egotea, alegia, gorriz gehienetan eta, gutxiago izanik ere, berdez gainontzekoak.

Asko dira sarrera nagusian ate handia duten baserriak, nahiz eta arkurik gabeak izan; sarrera horien ataburuetan, gainera, zurezko haga izan ohi dute. Fatxadetako kantoiak, sarritan, harlanduz eginak daude. Alboetako hormak, bestalde, fatxadakoak baino aurrerago ateratzen dira, kasu askotan, eta honelakoetan etxearen aurrealdeko marra etenik geratzen da.

Etxeen edergarriak anitzak izan ohi dira eta antz handia dute Nafarroako Bortzirietako etxeetan agertzen direnekin. Herri barneko kale etxeetan ikusten diren ataburuak era xume batez dekoratuak daude; horren adibide argia Ainhoako herria izan da. Lapurdiko etxe hormetan agertzen diren armarriak gutxiago dira Hegoaldeko etxeetan azaltzen direnak baino, baina hala ere anitzak dira ataburuetan azaltzen diren idatziak. Lapurdin erabiltzen den harria, bai herri barruko kale etxeetan bai baserrietan, maizenik gris koloreko kareharria izaten da.

Nafarroa Behereko etxeen tipologiak jatorri ezberdineko eragina jasotzen du bere baitan eta, hala ere, ezin esan daiteke etxe horiek erakusten duten kalitatea eta edertasuna beste edonongoa baino eskasagoa denik. Hemengo etxeen egiturari eta dekorazioari dagokionez, esan behar da Lapurdiko etxeen zenbait alderdi jasotzen dituztela, alde batetik; eta Kantaurialderako isuria dutenNafarroako lurraldeko etxeen ukitua dutela, bestetik. Nafarroa Beherean sarrerako atarien artean gutxi dira irekiak direnak; horren ordez itxita geratzen den ezkaratz zabal bati sarrera ematen dion ate bikain batez horniturik egoten dira, eta ezkaratza horretatik, bestalde, sukaldera, ukuilura eta lanabesak jasotzeko biltegira joan daiteke.

Probintzia honetan ere etxeetako alboko hormek fatxada nagusia baino aurrerago jotzen dute; alboko horma horien kantoiek, bestalde, harria agerian dute, harlandua hain zuzen ere. Harlandu hori, gainera, aurrealde eta leihoetan ere azaltzen da. Gainontzeko fatxada motek zurez eta adreiluz eginiko nahastura ez badute ere, Lapurdin bezala, zuriz pintatuta egon ohi dira, eta ateetan eta leihoetako leihatila estalgarrietan, berriz, kolore gorria agertzen da nabarmen. Aipagarria da, era berean, eskualde honetako baserriek balkoi luzea izaten dutela.

Nafarroa Behereko ate giltzarriak, sarritan, ederturik agertzen dira, eta ataburuak idazkunez horniturik izaten dituzte. Aipatu beharra dago armarriak toki askotan ikusten direla hemengo fatxadetan, baita harriz egindako beste zenbait edergarri ere, aurpegiak irudikatuz, batzuetan, eta bestelako sinboloak azalduz, besteetan.

Baserrietan arkuz hornituriko atariak bakanak badira ere, ez da berdin gertatzen hiri barnean dauden kaleko etxeetan; izan ere, kasu horretan eraikinaren behe solairuak, sarritan, harria agerian duen arku zabal bat erakusten baitu. Bukatzeko, esan behar da Nafarroa Behereko etxegintzan kareharri gorria erabiltzen dela, batik bat.

Euskal eiteko etxeak, Kantaurialdeko Nafarroan, hau da, Nafarroako ibaiek Kantaurialderako isuria duten lekuetan, azaltzen dira bereziki, bai herriak nahiko zabalak diren tokietan, bai herri txikietan ere. Kantaurialdeko eskualde honetan daude, hain zuzen ere, jarraian aipatzen diren lurraldeak: Baztan, Bertizarana, Doneztebe, Basaburua, Leitzaran, Urumea, Bortziriak eta Araxes.

Eraikuntza molde hori, zernahi gisaz, aldameneko beste Nafarroako eskualdeetara ere heda daiteke, nahiz eta Mediterraneo alderako isuria dagoen tokietan izan.

Lehenik eta behin, esan behar da lurralde hauetako etxeak gutxitan egoten direla ondoko eraikinari itsatsiak, alderantziz baizik, etxe batetik bestera beti egon ohi delako biak banatzen dituen tarte bat. Etxeen oina laukizuzen edo lauki formakoa da, gainean hiru solairu izaten ditu eta, azkenik, ganbara teilatupean; isurki bikoitzeko teilatua bi hegal ederrez horniturik egoten da. Aurreko fatxadan harrizko arkua dago sarrera nagusia eratuz, nahiz eta batzuetan bakar baten ordez bi arku izan. Balkoi handiak dauzkate, inoiz baita goi aldeko atikoan ere. Etxearen kanpoaldea, alboko lurraldeetan bezala, igeltsuz estaliak eta zurituak egoten da, nahiz eta harria agerian geratu etxearen kantoietan, ateetan eta leihoetan.

Eskualde honetan erruz dira landutako harriak eta irudi apaingarriak.

Harria agerian geratu den tokietan, baita leiho, kantoi eta abarretan ere, edertze lanak egiten dira. Era berean, armarri asko ikusten dira, baita ataburuetan egindako idazkunak ere.

Baztango inguruan etxeak zabalagoak eta ederragoak dira Bortzirietan baino, eta dekorazioa, oro har, landuagoa da harriari dagokionez. Baztanen, bestalde, harri gorria da gehien erabiltzen dena. Bidasoa ibaia Gipuzkoara hurbildu ahala, aldiz, etxeak, gehienetan, kareharri grisez daude eginak.

Benetan dira aipagarri, azkenik, Goizuetako etxeak, zenbait ikertzaileren iritziz Euskal Herri osoko ederrenak baitira.

Bizkaiko etxea ere Kantaurialdeko esparruan sartzen da, Karrantzako eskualdea salbu. Bizkaian ikusten den baserria, oro har, Gipuzkoan dagoenaren antzekoa da, nahiz eta Bizkaikoak ezkaratz zabalagoa izan eta bertara sartzeko puntu erdiko arku eder batez horniturik egon. Arku hori, sarritan, bikoitza izaten da baina, edonola ere, harria beti agerian gertatzen da. Beste lurraldeetan ez bezala, Bizkaiko baserrien hormak ez daude zurituak, kasu bakan batzuetan izan ezik.

Harria, beraz, bere horretan dago fatxadetan, eta esandakoaren adibide gisa, hain bizkaitar diren Elorrioko, Durangoko edo Abadiñoko baserriak aipa daitezke.

Asko dira zura eta trikotea (adreilu trinkoa, alegia) erabiliz egindako baserriak, batez ere Gernikako eta Gordexolako inguruan, baita Abadiñon bertan ere.

Hasieran aipatutako harrizko baserriak topatzeko, Durangaldera jo behar da batez ere. Ezin ederragoak dira Elorrioko baserriak; oinarrian harlandua dute, eta hormetan harri landu gabea; ezkaratzeko sarrerak, bestalde, arku ederrez horniturik daude, eta fatxada nagusietan armarriak ageri dira.

Araba osoko eskualdeetan Aramaioko ibarra da Kantaurialdeko ezaugarriak dituen toki bakarra, bai paisajeari, bai gizonaren eraginari dagokionez. Aramaioko baserriak, beraz, alboan dituen Gipuzkoako eta, batez ere, Bizkaiko baserrien antz handia du.

Ezin ahaztuzkoa da, bestalde, Aramaio etnografiaren ikuspuntutik bizkaitarra dela eta, hain zuzen ere, orain dela bost mende arte Jaurerriaren parte izan zela.

Ibar honetan, hala ere, ez da azaltzen Bizkaian ohikoa den ezkaratz zabala, eta horren ordez, salbuespen txiki batzuk izan ezik, ataburu ederrez hornituriko ateak ikusten dira. Leihoak ere ez dira hain ugariak, eta Bizkaikoak baino askoz txikiagoak izaten dira.

Eraikuntzan, beste material ororen gain, hareharria da nagusi eta, edonolako ukiturik gabe, bere horretan ikus daiteke fatxadetan eta hormetan.

 

Pirinioaldeko etxeak

Pirinioaldeko etxeak, gainerako eskualdeetakoak bezala, ingurunera eta klimara egokituta daudenez, elurte handiak jasateko helburuarekin eraikiak dira. Bestalde, kontuan hartubehar da Pirinioaldeko biztanleak herrixketan biltzen direla eta ez dela ia etxe bakandurik izaten.

Beraz, Kantaurialdeko etxe mota nagusietakoa, hots baserria, ez da inguru honetan ohikoa. Hala ere, Pirinioaldea osatzen duten herrialde bakoitzeko etxeek ezaugarri desberdinak dituzte, eta hori dela eta, Nafarroa Garaiko, Zuberoako eta Nafarroa Behereko etxe motak bereizten dira.

Pirinioko etxeek, orokorrean, malda handiko teilatuak izaten dituzte, zenbat eta maldatsuagoa izan teilatua elur gutxiago pilatzen baitu. Bestalde, bi isurkikoakdira teilatu gehienak.

Hala ere, Pirinioaldeko etxeetako teilatuen bi ezaugarri horiek ikusten dira beste eraikuntza motetan ere, eliza eta monasterioetan adibidez. Era horretakoa da, esate baterako, Orreagako kolejiataren teilatua.

Nafarroa aldeko etxeetan erabiltzen den material nagusia kare harri grisa da, nahiz eta ez den beti materiala agerian uzten.

Erroibar, Auritz edo Luzaideko etxeetako fatxadak, adibidez, zuriz zarpiaturik egoten dira, oinarri, ertz, ataburu eta leihoburuetako harlandua agerian gelditzen dela. Izabako etxeetan, aldiz, harria zarpiatu gabea izaten dagehienetan. Beste zenbait herritan, Erronkari, Otsagabia edo Uztarrozen esate baterako, tartekatu egiten dira bi joera horiek.

Aezkoa eta Zaraitzuko ibarretako etxeetan gehien nabarmentzen den osagaia balkoia da. Fatxadaren alde batetik bestera luzatu ohi da balkoia, eta idortegiaren eginkizunak betetzen ditu.

Erronkarin balkoia txikiagoa izaten da, eta teilatua bi isurkikoa izan beharrean laukoa izaten da.

Antzina Pirinioaldeko etxeetako teilatuak zurezko oholekin estaltzen ziren gehienetan, baina arbelezko teilatuak ere izaten ziren.

Gaur egun, Euskal Herriko gainerako lurraldeetan bezala, Pirinioaldeko herrietan ere teila da material nagusia.

Erroibarko udalerriko etxeek multzo paregabea eta eredugarria osatzen dute Pirinioko ibarren barruan. Bertako etxeetako fatxadak oso garbiak dira, ondo zainduak, armarri ikusgarriez apainduak. Bestalde, aipagarriak dira ataurreak, orokorrean harlanduzkoak.

Inguru horretako etxeek, ordea, badute beste ezaugarriberezi bat: alboetako fatxada nagusia baino irtenagoak izatea alegia. Fatxada irten horien ertzak harlanduzkoak izan ohi dira.

Inguru honetan ataburuak apaintzeko joera dago. Urraul Goitin, adibidez, ugariak dira ataburu apainduak: Zabaltza herriguneko Estoki etxeak giltzarri bat du, eta 1792. urtea irakur daiteke bertan; Ozkoidiko Andoñena etxean, Jesukristoren anagrama eta gurutze bat daude. Gurutze horren besoen azpian izarrak ikus daitezke, eta gurutzearen goialdean beste irudi mota batzuk.

Aietxu auzoko Mina etxeak ere Kristoren anagrama du, baina Ozkoidikoa baino landuagoa da. Aristuko Ziriku etxeko giltzarrian irudi antropomorfo bitxi bat ageri da; bi aurpegi bereizten dira irudi horretan.

Aipagarriak dira bestalde Gardeko etxeak: bi edo hiru solairukoak, bi edo lau isurkiko teilatuekin, eta harlanduzko hormekin.

Ateetan ataburuak nagusitzen dira, baina puntu erdiko arkuak ere ikus daitezke. Udaletxearen pareko XVIII. mendeko etxearen ataurrea oso interesgarria da, idazkuna eta data ere bai baititu.

Izabako hirigunea ere aipagarria da: etxeetan harrizko ataurre handiak daude, eta giltzarriak apaindura askokoak dira gehienetan.

Garrantzitsua da apaizaren etxeko giltzarria, 1674ko idazkun bat duena. Plazaren eta udaletxearen atzealdeko etxeetan adierazgarriak dira harrizko osagaiak.

Bornapea auzoan XVI. mendeko etxe bat dago, Erronkariko armarria duena ojiba arkuko giltzarrian, eta Mendigatxa auzoko etxe batek arku apaldu baten gainean du berriz, giltzarria, urtea idatzia duena.

Ezkarozeko etxe askok ojiba arkuko ateak dituzte, eta leiho maineldunak. Orontzen eta Espartzan ere mota horretako asko dago. Espartzan aipagarriak dira apaiz etxea eta Landa izenekoa.

Landa etxeak Kristoren anagrama du giltzarrian, estilo gotikokoa du ataurrea, eta maineldunak leihoak.

Orbaitzetako zenbait etxetako giltzarrietan ere ikus daitezke osagai interesgarriak; gehienetan osagai sinbolikoak izaten dira.

Ariben, etxearen eraikuntza urtea duten idazkunak ugariak dira,baita ibarraren armarria duten etxeak ere. Hala ere, etxe armarridunak ez dira urtea dutenak bezain ugariak. Garraldan bestalde asko dira idazkunak dituzten etxeak. Horien artean aipatzekoak dira Mutiko etxea, ibarraren armarriarekin, eta Martín García izeneko etxea, harlanduzkoa, armarriaz gainera, apaingarri ugari dituena. Azken etxehorretan “1676. urtea” dion idazkuna ikus daiteke. Burgiko udalerrian ere ugariak dira idazkuna duten etxeak; gehienak XVIII.. ta XIX. mendeetakoak dira.

Zuberoako etxeek antzekotasun handiak dituzte Nafarroakoekin, teilatuak malda handikoak izatea adibidez; baina Nafarroan ez bezala, ez dira hormak zuritzen, eta oinarrizko materiala, kare harri grisa, agerian gelditzen da. Horma sendoak izaten dituzte, eta hormetan irekiune gutxi izaten dituzte kanpoaldera. Hala, leiho gutxiko etxeak dira, eta gutxi horiek txikiak izaten dira gainera. Zenbaitetan ataurrea erdi puntuko arkukoa izaten da. Zuberoako etxeen arkitektura estiloa Biarnokoen antzekoa da, Aragoiko ezaugarriak ere tartekatzen direla.

Herrialde honetako ezaugarrietako bat lau isurkiko teilatua da,oholez edo arbelaz estalia gehienetan.

Oina lauki formakoa dute, eta fatxadetan ez da apaingarririk izaten. Bestalde, etxe asko bi gorputzekoak izaten dira; gehienetan gorputzak erabat banandurik egoten dira, baina batzuetan, bata bestearekin elkartuta jartzen dira. Gorputzetako bat etxebizitza da, eta bestea biltegia edo bihitegia.Ateburuetako apaindurak eta beste apaingarriak ez dira ugariak, ez behintzat beste herrialdeetan adina. Hala ere, badaude zenbait adibide. Orzaizeko Apalatzia etxeak, esaterako, ataurre handia du, ataburuan idazkun bat, eta alboetan leihotxoak. Mauleko eta Atharratzeko zenbait etxetan ere aurkitu dira idazkunak.

Nafarroa Behereko etxeetako fatxadak ia luzera eta zabalera berekoak dira, eta simetria handikoak.

Fatxadaren erdialdean izaten dute osagai nagusia, ataurrea.

Ataurre handia izaten da, lauki-zuzena, puntu erdiko ganga baten itxurakoa. Atearen inguruan harlandua izaten du, baita leihoen inguruan ere. Hormetan ez da irtenunerik izaten. Bigarren solairuak balkoi handi bat izaten du, fatxadaren alde batetik bestera iristen dena, eta bertan ganbara egoten da. Nafarroa Behereko etxe gehienak, bestalde, hesi apal batek inguratzen ditu.

 

Erdialdeko eta hegoaldeko etxeak

Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko etxeakNafarroako erdialdeko eta hegoaldeko lurrak hartzen dituen eremua trantsiziokoa da, nolabait esateko; izan ere, oso iparraldeko zenbait haran sartzen dira eremu horretan (Anue, Atetz, Ultzama, Imotz, Larraun eta Basaburua), baina badira oso hegoaldeko haranak ere.

Erdialdeko etxeak herrixketan bildurik daude, oro har; oso baserri gutxi ikusten dira bakarturik, han-hemenka barreiaturik. Eta joera hori hainbat eta nabarmenagoada zenbat eta hegoalderago.

Oin lauki-zuzena izan ohi dute eremu honetako etxeek, eta zuritu gabeko harrizko hormak dira nagusi, salbu eta iparralderagoko haranetan, Larraunen esaterako; izan ere, multzo zuri ikusgarri bat osatzen dute Larraungo etxeek, harri grisezko eliza nabarmentzen dela multzo horretan. Eraikinen egitura nagusiak harlanduzkoak dira, eta fatxadak, berriz, eskuharriz edo landu gabeko harriz eginak.

Eremu honetako etxeetan aipagarriak dira ataburu apainduak eta armarriak, leihoen taulamenduetan ere ikus daitezkeenak.

Orbako ibarreko zenbait etxetan agertzen dira, besteak beste, osagai horiek, eta ibar horretan ugariak dira, era berean, leiho maineldunak. Teilatuak oso bereziak dira: bi isurkikoak dira batzuk, baina badira lau isurkikoak eta isurki bakarrekoak ere.Mota askotako apaingarriak ikusten dira, sinbologia paganotik hartuak batzuk eta kristauak beste batzuk. Horiez gainera lauburuak eta kiribilak ere agertzen dira, aurrekoak baino jatorri eta sinbologia ilunagokoak. Etxe askotako ateetan idazkunak eta eraikuntza datak agertzen dira, eta armarri ikusgarriak ere gorde dira.

Elortzibar aldeko etxeetan azpimarratzekoak dira ataurre, leiho eta etxe ertzetako harlanduak eta armarriak. Leiho gotiko batzuk ere badira Erdi Aroko zenbait etxetan, eta eraikin batzuetako fatxadak eta ataurreak ereBerpizkunde eta gotiko estiloetan amaituak dira. Interes handiko idazkunak gorde dira bestalde, hala nola Angelena eta Erlarena etxeetan, Elortzen. Han dago Simonenea etxe ikusgarria ere, antzina herriko harginaren egoitza izan zena.

Aitonen semeen armarri bikainak gorde dira Izarbeibarren. Horren erakusgarri da, adibidez, Adiozko Goñi etxea, fatxada bi armarri ikusgarriz hornitua duena; etxe horretan, dena den, sarrera atean bakarrik dago gaur egun harria ikusgai. Nabarmentzekoak dira Zizur, Oltza eta Olloherriguneak ere, bertako etxe tradizional bikainei esker.

Dena dela, Iruñetik iparralderako etxeak dira Nafarroako erdialde eta hegoaldeko eremu honetako ederrenak. Aipagarria da, lehen esan bezala, Larraun.

Larraungo herrigune guztietan aurki daitezke fatxada zurituekiko etxeak, ertzak, leihoak eta ateak harlanduzkoak dituztenak.

Ibar honetako etxeetan azpimarratzekoak dira puntu erdiko arkuz osaturiko ataurreak, eraikinaren atikoa bitartean harlanduz osatuak. Ugari dira, halaber, aitonen semeen armarriak eta beste zenbait apaingarri.

Eremu honetako beste zenbait udalerritan, bestalde, Atlantikoko isuraldeko Nafarroako lurraldeetako arkitekturaren kutsua duten etxeak dira nagusi, esate baterako Lantzen (Baztango arkitekturaren eragin nabarmena dutenak), edo Anue, Atetz, Odieta eta Ultzama ibarreko herrigune gehienetan.

Oso nabarmena da udalerri horietako etxeek euskal etxe tradizionalarekin duten antza, eta hori dela eta nahiko bitxia gerta daiteke Nafarroako hegoaldeko eskualde honetan sartu izana. Antzekotasun hori ikusteko aski da Auzako edo Eltzaburuko kaleetako etxeei erreparatzea.

ArabaArabako etxeak ere tarteko eta hegoaldeko lurraldeez osaturiko eremu honetan sartzen dira, oro har, Aramaio ibarrekoak izan ezik. Orokorrean Nafarroako lurretako etxeen antzeko ezaugarriak dituzte Arabakoek, baina Gaztelako etxeen arkitekturarenzenbait ezaugarri ere aurki daitezke eskualde batzuetan. Dena dela, badira XVI. mendeko zenbait etxe fatxadetan zureria agerikoa dutenak, eta galeria bat, fatxada alderik alde betetzen duela; Caro Barojaren iritzian “herri arkitektura menditarraren ereduei jarraitzen diete” etxe horiek, aurrez aipaturiko ezaugarriek erakusten dutenaren arabera.

Eskualde batetik bestera hainbat desberdintasun bada ere, oin lauki-zuzena, bi isurkiko teilatua, eskuharrizko hormak eta atariko ate handia ezaugarri dituen etxea litzateke Arabako baserriaren eredua; batzuek zuradreiluzko ageriko egitura eta fatxada hegalduna izaten dute.

Hegoalderagoko etxeetan, ordea, ez da hain ugaria atariko atea, eta eskuharrizko hormak dituzte zureria agerikoaren ordez. Apaindura ugari izan ohi dute; harrizko apaingarriak dira bereziki aipagarriak, armarriak batez ere.

Kontuan hartzekoak dira Baeschlin suitzar arkitektoak euskal baserriari buruzko bere lanetan ikerturiko baserri batzuk, harrizko osagai bikainak dituztenak gehienak. Horietako bat da Zioraga deitua, Astobitza auzoan (Amurrio): eskuharriz osaturiko bi tarte ditu teilaturaino, eta harlandu handietan txertaturiko leiho txikiak; atariko ate ataburuduna du, erdian harrizko habe bat duena. Baserri bikaina da, halaber, El Bolo izenekoa, Larrean (Barrundia); dorretxe zahar baten aztarnen gainean eraikia da, eta mendialdeetako etxeek izan ohi dutenaren tankerako korta bat erantsi zaio. Tankera bertsuko korta du El Burgo baserriak ere, Arabako Lautadan hori ere, baina habe landu bat du euskarri El Burgokoak.

Bizkaiko EnkartazioakE skualde honetan nabarmena da Kantabriako eta Burgosko etxeen eragina baserri eraikuntzan, Karrantzako udalerriko etxeetan batez ere. Oro har etxe multzoak izaten dira eremu honetako herrietan, herriguneak edo landa auzoak osatuz eraikitzen baitziren etxeak, eta oso baserri bakartu gutxi ikusten da.

Lurralde honetako etxeen eredu gisa Revillako auzoko baserri bat azaltzen du Baeschlinek. Oin lauki-zuzeneko etxea da, hegal zabal bat duena. Dirudienez, jauregizahar batetik harturiko harriz egina da. Etxeko sarrera, puntu erdiko arku batek osatua, fatxada nagusiaren ezkerraldean du.

Lau isurkiko teilatuak dira hemen ugarienak, baina badira bi isurkikoakere. Fatxada nagusi guztia alderik alde betetzen duten galeria asko ikus daitezke, balkoi gisara irekiak. Fatxada nagusia, berriz, zuritua izaten dute, eta albo hormak harrizkoak, harlanduz edo eskuharriz eginak, kanpoalderako irekiune gutxirekin.

ErriberaNafarroa hegoaldeko gainerako eskualdeetan bezala, Ebro ibarreko etxeak ere ez dira euskal etxeak, euskal etxearen zentzurik estuenean. Alde batetik, eraikuntzan erabiltzen den material nagusia ez da harria, euskal etxeari dagokion bezala; adreilua, lurra eta adobeak erabiltzen dira batez ere eremu honetan.

Bestetik, teilatuak isurki bakarrekoak dira, malda txikikoak.

Erriberako etxerik aipagarrienak, erdialdeko eta hegoaldeko eremu honetako joerari jarraikiz,herriguneetako etxe multzoen barnean daude. Asko dira azpimarratzekoak; elementurik aipagarri eta ugariena armarria dute, harriz edo alabastroz egina izan ohi dena. Armarri ikusgarriak daude, esaterako, Andosillan (XVII. eta XIX. mendeetakoak; udaletxekoa adibidez), Mendavian (XVIII. mendekoak), Sesman (XVII. eta XVIII. mendeetakoak; elizakoa, rococoa, besteren artean) eta Corellan (Cadenas etxekoa). Bargotan, Elizagurrian, San Adrianen eta Torres del Ríon ere badira armarri aipagarriak, barrokoak gehienak. Carcarren ere, armarriez gainera, beste hainbat elementu egiteko erabili zen alabastroa; herrigune honetan dago Corrozas etxea, fatxada eta armarri ikusgarriak dituena. Arasen azpimarratzekoak dira Kale Nagusiko 2.. enbakiko etxea, XVII. mendeko armarria duena, eta Sol kaleko 2. etxea; Sol kaleko etxeak ate alboratua du, puntu erdiko arku dobeladun batek osatua, eta arkuaren gainean bi gurutze ditu zizelaturik. Armañanzasen XVII.. endeko jauregi bat dago, bi armarri dituena, eta XVI. mendeko etxe bat, sarrerako arkuaren giltzarrian armarri gotiko bat duena. Multzo interesgarriak dira, orobat, Tutera eta Viana; Tuteran nabarmentzekoak dira adreiluzko zenbait etxe, harrizko armarriak, eta bereziki, Almirante jauregiko harrizko apaindurak, eta Vianan berriz Erdi Aroko zenbait elementu eta hainbat estilotako etxeak, Erdi Arokotik neoklasizismoa bitartekoak.

 

Etxearen inguruko beste eraikuntzak

GaraiakAntzina oso garai ugari izan zen, Nafarroan eta Bizkaian batez ere, baina XX. mendean zehar desagertuz joan dira gehientsuak; horregatik, oso gutxi geratzen dira gaur egun Euskal Herri osoan. Garai zahar batzuetatik aztarnak bakarrik gelditzen dira, oinak edo habeak, baserri batzuetan eginkizun jakinetarako erabiltzen direnak, adibidez Berrizko baserri batean (Bizkaia), edo Abadiñoko San Martin Gazteluako ermitan (Bizkaia), garaibateko habeen gainean baitaude ataurrearen eskuineko oinak.

Bizkaiko garaia Asturiaskoaren oso antzekoa zen, baina bazituen hainbat bereizgarri haren desberdinak.

Oro har, eraikuntza txikiak ziren; bihitegi gisa erabiltzen ziren batez ere, bihia hezetasunetik, eta sagu eta beste marraskarietatik gordetzeko alegia. Zurezkoak ziren; bi isurkiko teilatua ohi zuten, teilaz estalia. Lau habe izaten zituzten, harrizkoak, kono edo piramide ebaki baten formakoak. Habeen goialdean, habearen eta garaiaren zoruaren artean, harri zabal biribilak zituzten; harri horiek ziren eraikinaren oinarriak.Garaira igotzeko eskailera bat jarri ohi zen, harrizkoa hori ere, eraikinaren kanpoaldetik.

Gaur arte gorde diren garaien artean aipagarria da, besteak beste, Ibarguekoa, Etxebarrian.

Inguru hartako garaien erakusgarri bikainena da, eta esan berri diren ezaugarri guztiak betetzen ditu. Nabarmentzekoak ditu, halere, hegala, baserri askotan eraiki ohi zenaren tankerakoa, eta hagetako tailuak. Bada beste garai bat ere, oso hondatua ordea, Etxeita baserrian, Garain. Alfredo Baeschlin-ek Mendiolako (Abadiño) garai bat ere aipatzendu bere Arquitectura del Caserío Vasco obran, “eskuineko ointzat kono moztuak zituena”.

Gipuzkoari dagokionez, Peña- Santiagok bere ustetan probintzia horretako “azken garaia” zena aipatzen du bere Rincones de Guipúzcoa obran. Agerre baserrian dago, Bergaran, eta honela deskribatzen du Peña-Santiagok: “Bergarako bihitegi hau, troje edo troia izenez ezaguna, ez da ez handia ez txikia neurriz, eta bost metro inguruko fatxada du.

Zurezkoa da, bi isurkiko teilatua du, eta lau habe garairen gainean dago eraikia (batzuk 1,20 m dira altu); habeak laurogeita hamar zentimetroko diametroa duten harri biribil zapalek burutuak dira. Sei maila ditu; zurubiaren balaustrada tailatua du, eta ixteko sistema soila baina oso landua.

Garaiaren barnealdean kutxa handi bat dago, antzina bihia (garia, artoa, etab.) gordetzeko erabiltzen zena. Gaur egun bestelako eginkizun batzuetarako erabiltzen bada ere, ia osorik gorde da troje hau”.Dena dela, Nafarroako garaiak dira aipagarrienak. Osorik harriz egina izatea dute bereizgarri nagusia, baina egitura desberdinak bereizten dira eskualdeen arabera.

Adibidez, Aria, Orbaizeta, Orbara, Aezkoa eta Abaurregaina eta Abaurrepeakoak antzekoak dira: bi isurkiko teilatua dute, malda handikoa, arbelez edo oholtxoz estalia. Ezkanitz eta Zabaltzakoek berriz (Urraul Garaian biak), hargintza lanez eginiko hormak dituzte, eta bi isurkiko teilatuak, aurrekoek baino malda txikiagokoak, teilaz estaliak.

Aezkoako ibarrean daude gaur egun arte gorde diren garai aipagarrienak.

Arian, esaterako, bederatzi daude, Andresana, Apatekoa, Elizaldea, Estebana,Etxeberrikoa, Iturraldea, Jamar, Rekaldea eta Urrutia etxeen alboan.

Orbaran bi dira: bat oso handia da, bost albo habe eta hiru aurre haberen gainean eraikia; bestea txikiagoa, hiru pilare dituela alde bakoitzean.

Urraul Goitin aipatzekoa da Ezkanizko Santa Fekoa; hamabi oinarri ditu, oso garaiak, harri biribil zabal handiez burutuak.

Bestalde, Zabaltzakoa ataletan banaturik dago barnealdetik, bihi motak elkarretarik bereizteko.

Garrantzi handikoa da, era berean, Lusarretako Gardorena etxe aurrekoa (Artze). Harrizko ukuilu bati erantsia da; oin lauki-zuzena du, eta fatxada bakoitzean puntu erdiko bina arku ditu. Teilatua bi isurkikoa du, teilaz estalia.

Dobelak eta eraikinaren ertzak harlanduzkoak dira, eta gainerako atalak, berriz, hargintza lanez eginak. Atea arku apaldu batez burutua da, eta arkuaren giltzarrian gurutze bat dago.

Lusarretakoaren antzekoa da Iratxetako garaia (Leotz), behinola parrokiaren bihitegi izana, IX.. ende inguruan eraikia. Garai txikia da, eta harrizkoak ditu atal guztiak, harlanduzkoak ertzak.

Oin lauki-zuzena du, eta garai tradizionalak ez bezala, atalbakarra da, behealdea edo oinarria puntu erdiko arku dobeladunez osatua baitu; hiru arku ditu alde luzeenetan, eta bi laburrenetan.

Antzina zurezko zurubi bat zuen, baina gaur egun duena harrizkoa du. Atea fatxada luzeetako batean du, puntu erdiko arkukoa, eta teilatua bi isurkikoa da, arbelezkoa.

LabeakL abeetan aipatzekoak dira antzina ogia egosteko erabili ohi zirenak. Behinolako helburu praktiko hura galdua duten arren, apaingarri edo bitxi gisa gordetzen diren baserri batzuetan.

Labeak baserrien fatxadei erantsita egoten dira, lurralde hotzetan batez ere, sukalde inguruan, labearen ahoa sukalde barnera irekitzen dela. Kanpoaldean gelditzen den partea teilatu txiki batek babesturik egoten da. Lurralde epelagoetan, aldiz, etxebizitzatik erabat bereizitako eraikin txiki baten barruan izaten zen labea.

Gerardo López de Guereñuk Apellanizko labeei buruz emanzuen deskribapenaren arabera, “esfera erdi baten forma dute, eta Lurgorriko hareharriz eginak dira, ganga izan ezik; ganga adreiluzkoa da. Zorua harrizkoa dute batzuek, Las Palomas iturri inguruko harrobi txiki bateko harriz egina, material hori ez baitzen beroarekin hondatzen; beste batzuetan, su bizitik babesteko, lurrez estaltzen zen zorua, Azazetatik ekarritako kareharri hauts moduko batez”.

Ogia egostekoaz gainera, azpimarratzekoa da karea egiteko erabiltzen zen labe mota ere, karobi deitua. Karobi gehienakherriarenak izaten ziren. Kanpoaldetik harrizkoak dira, eta barnealdea adreiluz estalia dute.

Forma askotakoak izan daitezke, baina piramide moztu baten forma dute gehienek.

BordakB orda artzain eta abeltzainak babesteko edo aterpetzeko txabola bat da zenbait adituren ustez, baina beste batzuek edozein mendi aterpe izendatzeko erabiltzen dute hitz hori. Dena dela, Caro Barojaren arabera, bigarren etxebizitza moduko eraikin bat da borda, udan abereak zaintzen ziren bitartean bizitoki gisa erabiltzen zena, eta lotura estua du etxe nagusiarekin; izena ere, hain zuzen, haren araberakoa izaten baitu sarritan.

Dena dela, arkitekturari dagokionez, ez da estilo jakin bakar bat bordetan; badira eskualdekako bereizgarriak. Horrela, elkarren oso antzekoak dira Errioxa inguruko bordak edo Pirinioaldekoak, baina ez dira tankera berekoak Pirinioaldekoak ala Errioxakoak.

Borda harrizko babesleku edo aterpe bat dela esan daiteke, batzuetan etxebizitza gisa ere erabili ohi dena. Hormak eskuharriz eginak izaten dira, oso txukun bukatuak batzuetan; teilatua bi isurkikoa izan ohi dute, teilaz estalia gehienetan. Oro har, solairu bakarra dute; ukuilu, sukalde eta logela moduko gela bat izan ohi da barnealdea; batzuek ataletan banaturik izan ohi dute barnealdea, eskuharrizko trenkaden bidez banaturik. Borda garaietan teilatuaren angeluarenbarnealdean ganbara moduko bat izaten da. Ez dute leihorik izaten edo, izatekotan, leiho txikiak izan ohi dituzte.

Borda esaten zaio, nahiz eta berez ez den borda bat, Arabako Errioxako artzain etxola edo aterpe mota bati ere. Oso eraikin bitxiak dira, neurri desberdineko harri itsatsi gabeez eginak.

Eskimoen igluen tankera dute.

Eraikin mota honetan ikusgarriak dira, besteak beste, Biasterikoak.

TximiniakEuskal baserrian forma askotako tximiniak aurki daitezke, baina, oro har, adreiluz eginak dira gehienak, nahiz eta badiren harrizko batzuk ere. Gaur arte gorde diren tximinia gehienak hormari itsatsiak dira, eta barnealdeko harri lanagatik eta erlaitzeko apaingarriengatik (lauburuak, gurutzeak etab.), dira batez ere aipagarriak; gaur egun baserri, etxe eta jatetxe askotan berriro lehengo moduan jartzen ari dira tximiniak, eta euskal tximinien erakusgarri bikainak gorde dira horri esker.

 

Erlijio arte herrikoia

Euskal Herriko erlijio munduan aztertzea merezi duten mota askoko artelan herrikoiak aurki daitezke: ermitek bere horretan dute garrantzia. Gainera, aipatu behar dira eliz barneko koruak, ur bedeinkaturako ontziak, eta ponte edo bataiarriak; eta orobat ere elizaren parte diren ateak, ataburuak eta leihoak. Inoiz kanpoaldean egon daitezke eguzki erlojuak. Eta, azkenik, gurutzeak eta kalbarioak aztertzea ere egokia da arte herrikoiaren ikuspuntutik duten garrantziarengatik.

Ermitak ehundaka dira Euskal Herrian, eta, tipologiari dagokionez ere, itxura, egitura eta mota askotarikoak dira. Gipuzkoan, garrantzitsuenetarikoen artean, Zumarragako Santa Maria (Antiguakoa) dago. Badirudi XIII. edo XIV. mendean eraiki zela, hareharriz egindako hormekin. Oinarri gainean zura da nagusi, eta hori horrela izateak pentsatzeko bidea ematen du aspaldiko garaietako lehen ermitak egitean zura zela erabiltzen zuten material nagusia edo bakarra, eta are teilatua ere zurezkoa izan ohi zela.

Segurako Santa Engrazia ermitak kanpandorre bikaina du. Aipatzekoak dira, baita ere, Aizarnako Santa Engrazia; Oñatiko Santa Maria Magdalena; Abaltzisketako Santa Kruz, eta abar luze bat.

Bizkaiari buruz ere gauza bera esan daiteke, mota askotariko ermitak daudela, alegia. Elexabeitiako San Migelek oso antzinako kutsua du, zurez egina delako osorik. Aipagarriak dira, gainera, Zumetxagako San Migel, estilo erromanikokoa; Abadiñoko San Antolin; Ibarruriko San Pedro; Mendrakako Santo Tomas; eta beste asko eta asko.

Arabako San Bizentejoko ermita estilo erromanikokoa da; estilo berekoak dira, gainera, probintziako ermita gehienak. Kontrastako Elizmendi izeneko ermita ere antzinakoa eta interesgarria da; bertan aspaldiko hilarriak azaldu ziren. Beste bi ermita aipagarriak Urionakoa eta San Bizenten dagoen Santa Teodosiarena dira.Nafarroari buruz ere gauza bera esan daiteke, estilo erromanikoa nagusi izanik mota askotako ermitak daudela, alegia. Aipagarria da Otsagiko Muskilda Ama Birjinarena, erromanikoa izanda ere, alderdi herrikoi asko dituelako.

Beste zenbait ermita interesgarri dira Lesakako San Salbatore, Muruzabal Andiongo ermita; Biotzariko Santa Kiteria, etab.

Iparraldean, Zuberoako kanpandorre hirukoitzak azpimarragarriak dira, adibidez, Muskildiko San Antoniokoa. Nafarroa Beherean, Duzunaritzeko Apat auzoan ermita erromanikoa dago. Esan behar da, hala ere, Iparraldean oso arruntak direla kapera txikiak; teilaz estalitako, bi isurkiko teilatua dute, eta zurezko horma zurituak; esandakoaren adibide gisa Sarako San Isidro aipa daiteke, bidenabar erantsiz Gipuzkoako kostaldeko zenbait herritan ere badirela horien antzeko zenbai.

Koruetan, Lapurdikoak dira gailentzen direnak. Eliza barneko nabea luzetara hartuz alde batean aldarea dago eta bestean, aldarearen parean alegia, korua.

Zurez egindako koru horrek bi solairu, eta are hiru ere, izaten ditu, eta esandako leku horretatik elizaren bi alboetara luzatzen dira.

Nafarroako mendialdeko herrixketan ere agertzen dira bi eta hiru solairuko koruak, baina beti ere alboetako hedadurarik gabe.

Bizkaiko koruetako zenbaitek badu berezitasun aipagarri bat, baranda osatzen duen zutabetxoak landuak daudela, alegia; honela gertatzen da Arteagako San Migelen, Durangoko San Pedro Tabiran eta Elorrioko Gazetan ere.

Ponterik gehienak erromanikoak eta gotikoak dira. Edergarriz horniturik egoten dira eta irudiak, sarritan, Kristorenak eta Ama Birjinarenak dira; beste batzuetan, berriz, ortziko zeinuak, animaliak eta giza aurpegiak ageri dituzte.

Ugariagoak dira ur bedeinkaturako ontziek agertzen dituzten forma ezberdinak, hiru taldetan sailkatu badaitezke ere. Xumeenek horman bertan eginikohutsune bat osatzen dute; beste batzuetan, sarrerako ate ondoan hormari itsatsita daude; badira euskarri baten gainean daudenak ere eta askotan gertatzen da, euskarri hori bera, ontzia bera baino ederragoa eta landuagoa izatea.

Ateak, ataburuak eta leihoak osagai garrantzitsuak dira arte herrikoian. Ateari beti eman izan zaio garrantzi handia, ermitaren lehenengo itxura berak azaltzen duelako. Gehienetan harrizkoak dira eta sarritan estilo erromanikoa edo gotikoa dute, puntu erdiko arku batez osaturik; inoiz bi, hiru edo lau arkibolta dituzte, dekoraziorik gabe edo dekorazio geometriko xume batez horniturik.

Nafarroan horrelako asko dago; Araban, gutxiago izanik ere, badira zenbait.

Erromanikoak diren ateen artean edergarriak mota anitzekoak dira: Salomonen izarra, sei-zortzi petalodun loreak, eguzkia edo lauburua, landare eta animaliak, santuak, Kristoren irudia, eta beste asko eta asko.Ataburuetan maiz ikusten den ikurra JHS inskripzioa da, edo grabaturiko gurutze xume bat. Baina kristautasunaren aurreko jentilen munduko ikurren bat ikus daiteke.

Horixe da, hain zuzen ere, Markinako Iturretako San Kristobalen ermitaren kasua, ulerkaitza den espiral bat erakusten baitu.

Ateei eta ataburuei buruz esandakoak leihoei dagokionez ere esan daitezke, hein handi batean bederen, batez ere erromanikoak edo gotikoak direnetan. Hala ere, badira erromaniko aurrekoak edo bisigodoak diren leihoak ere; ferra luze baten itxura dute. Horrelakoak daude Mutrikun Astigarribiako San Andresen, Arrigorriagan Abrisketako San Pedron edo Zalduondon San Julianen.

Eguzki erlojuak, batzuetan, elizaren horma gainean pintatutako zenbaki soilez daude osaturik, besterik gabe. Besteetan, hormara itsatsitako harlauza karratu batez eraturik daude. Badira, gainera, prismaren, zutabearen edo zirkuluaren forma dutenak ere. Horietako zenbaiti edergarriak erantsi zaizkie: ilargia, eguzkia, izarrak edota gurutzea erlojuaren goiko aldean jarrita. Zenbakiei dagokionez, gehienetan, zenbaki erromatarrak izan ohi dira.

Gurutzeak Euskal Herrian, elizetan ez ezik, beste nonahi ere azaltzen dira: teilatuetan, hilerrietan, alorretan, baita mendi gailur gehienetan ere. Materialari dagokionez zurezkoak, burdinazkoak edo harrizkoak izan daitezke.

Gurutzearen itxura mota askokoa izan daiteke: grekoa, latinoa, San Andres, Lorena edo Malta formakoa.

Ederrenak, nolanahi ere,herri sarreretan eta bidegurutzeetan ipintzen ziren, harlanduz eta edergarri askoz hornituak.

Kalbarioetako gurutzeak xumeagoak izaten dira eta Kristoren Pasioa adierazteko ibilbide bat seinalatzen dute. Hurrenkeran jarritako gurutze talde horrek toki jakin batetik beste batera daraman bidea erakusten du, herriko parrokiatik hilerrirako bidea, sarritan.

Bai gurutzeen kasuan bai kalbarioen kasuan ere, esandako funtzioaz gainera, badute beste alderdi aipagarri bat ere, herriarengan horiekiko fede handia dagoela, alegia, zenbait oker, gaixotasun edo alderdi gaizto deusezteko balio omen dutelako.