Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2012ko martxoaren 8koa, Ingurumeneko sailburuordearena, Donostia udal mugartean Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herrilan eta Garraio Sailak sustatutako Donostialdeko metroko Lugaritz-Anoeta tartearen proiektuak ingurumenaren gainean duen eraginaren adierazpena egiteko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 107
  • Hurrenkera-zk.: 2472
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2012/03/08
  • Argitaratze-data: 2012/06/01

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, I. eranskineko B) atalean agertzen diren proiektuak ingurumenaren gaineko eragina banaka ebaluatzeko jardunbide baten mende egongo dira, eta jardunbide horri amaiera emateko Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpena egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko edo, hala badagokie, baimentzeko hartzen den administrazio-erabakiaren aurretik.

Donostialdeko metroa, Lugaritz-Anoeta zatia izeneko proiektua baimentzeko prozedura hasita, eta ondorengo araudian xedatutakoa aplikatuz: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra eta, bestetik, proiektuek ingurumenaren gainean duten eragina ebaluatzeko legearen testu bategina onartzeko den urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua. Beraz, bi arau horiek betez, proiektu horrekin zerikusia duten eta jarraian aipatzen diren izapideak gauzatu dira, besteak beste:

Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanaren edukia ezartzea. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herrilan eta Garraio Sailak eskatuta, 2010ko ekainaren 21ean Ingurumen Sailburuordetzak kontsulten izapideari hasiera eman zion, proiektuek ingurumenaren gainean duten eragina ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 8.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Behin Ingurumen Sailburuordetzak 2010eko abuztuaren 13an proiektuak ingurumenean duen eraginari buruzko azterlanaren zabalerari eta xehetasun-mailari buruzko txostena bidali eta gero, izapide hori bukatu egin zen.

Jendaurreko informazioaren izapidea. Etxebizitza, Herrilan eta Garraio Sailak, organo eskudunak, jendaurrean jarri zituen proiektua eta ingurumenaren gaineko eraginaren azterketa (2011ko otsailaren 2ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 22. zk.).

Espedientea bidali eta ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena eskatzea. 2012ko urtarrilaren 9an Etxebizitza, Herrilan eta Garraio Sailak espedientea Ingurumen Sailburuordetzara bidali zuen, Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzeko den urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoa betez. Ingurumen-organoak egindako eskaerari erantzunez, 2012ko otsailaren 15ean, Udalak dokumentazio gehigarria bidali zuen espedientea osatzeko.

Aipatutako proiektuaren dosierrean ageri diren txostenak eta dokumentazio teknikoa aztertuta, ikusi da ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlana zuzena dela, eta indarrean dagoen araudian ezarritakoari egokitzen zaiola. Ingurumen Sailburuordetza da ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena emateko eskumena duen organoa, xedapen hauen arabera: alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, eta, bestetik, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretua. Eta, hortaz, honako hau

  1. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herrilan eta Garraio Sailak Donostian sustatutako Donostialdeko metroa, Lugaritz-Anoeta zatia izeneko proiektuak ingurumenaren gainean duen eraginari buruzko aldeko adierazpena egitea. Eta adierazpena proiektuaren aldekoa da.

  2. Honako baldintza hauek ezartzea proiektua burutzeko; baldintzok lotesleak dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraiki.

    A. Proiektua, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztutako agirietan jasotakoaren arabera eta, berariaz, ebazpen honetan finkatutako zehaztapenen arabera gauzatu beharko da.

    B. Proiektua aldatu edo handitu nahi izanez gero, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da, bere II. eranskineko 9.k) epigrafearekin bat, haren bidez onartu baitzen Proiektuek Ingurumenean duten Eragina Ebaluatzeko Legearen testu bategina.

    Proiektuan egingo diren aldaketa jakinak aurreko idatzi-zatian adierazitako garrantzirik ez dutenean, lanak burutzeko falta diren gainerako prozeduretan sortzen direnean, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira, eta aldaketok proiektuko neurri babesle eta zuzentzaileetan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-agirietan sartuko dira.

    C. Neurri babesle eta zuzentzaileak.

    Babesteko eta zuzentzeko neurriak egitasmoaren sustatzaileak ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko aurkeztu zituen agirietan jasotakoaren arabera gauzatuko dira. Era horretan, batetik neurri horiek ezarrita, eta bestetik kontrola gauzatzeko pertsonala jarrita, kalitate-helburuak bermatu ahal izango dira: azterketan finkatutakoak eta ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpen honetan ezarritakoak. Ondorengo idatzi-zatietan adierazitako neurriak gehitu beharko dira.

    Neurri hauek guztiak, obra kontratatzeko baldintzetan sartu beharko dira eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua izan beharko dute.

    c.1. Natur ondarea babesteko neurriak.

    Alde batera utzi gabe Gipuzkoako mendiei buruzko urriaren 20ko 7/2006 Foru Arauan eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko hainbat flora-espezieren babesa agintzen duen urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretuan xedatutakoa, neurri hauek aplikatuko dira:

    1. Lurzorua erabili beharra dakarten obrak eta obra horien eragiketa osagarri guztiak, ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean ezarritako gehieneko afekzio mugen barruan egingo dira. Ahalik eta gehien murriztuko da obretako makinen eta ibilgailuen zirkulazioa aipatutako mugetatik kanpo.

      Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatzen bada, zuzentzeko eta leheneratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, aitatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

    2. «Obrarako sarbideak eta instalazio laguntzaileak» 12.1 zenbakiko planoan grafiatutako instalazio laguntzaileak kontratistak egokitu beharko ditu ingurumenean ahalik eta kalte gutxiena sortzeko.

      Obraren Zuzendaritzak onartu behar ditu kontratistak instalazioak jarriko dituen guneen ezaugarriak eta mugak, 2.c.10. aipatutako ingurumen aholkularitzak txostena egin ondoren.

    3. Tokiko bertako zuhaitz-landaredia naturala ebakitzea saihestuko da zuzeneko okupazioa aurrez ikusten ez den eta behin-behineko obra-sarbideen eragina jasan duten eremuetan, bereziki, Luis Villasante parkeko eta Arbaizenea parkeko magaletan bereziki. Horretarako, obrak hasi baino lehen, zehatz-mehatz mugatu eta balizatuko dira obrak gauzatzeko nahitaez ebaki behar ez diren zuhaitzak eta zuhaitz-unadak. Babestu beharreko eremu horiek berariaz zehaztu beharko ditu ebazpen honetako 2.c.10 idatzi-zatian ezarritako ingurumen-aholkularitzak.

      c.2. Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

      Aplika daitezkeen prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako neurri babesleak eta zuzentzaileak ere hartu beharko dira:

    1. Eraikuntza-fasean, minimizatu egingo dira drainatze-sarera isurtzen diren material finak. Horretarako, urak eramateko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak erabiliko dira. Horrela bertara obren eraginez kutsatutako urak batuko dira.

      Instalazio laguntzaileen eta makina parkeetan dekantazio-putzuak edo solidoei eusteko bestelako gailuak jarriko dira. Gailuok eragingarritasun probatukoak izango dira, eta hidrokarburoak banantzeko sistemak izango dituzte.

      Proiektatutako tuneletako larrialdietarako sarreretan prentsa iragazgailudun orrizko iragazgailuak jarriko dira indusketatik eratorritako efluenteak tratatzeko.

      Gailu horien neurriak ezartzean, beharrezko kalkulu hidraulikoak egingo dira, honako hauek bermatzeko: solidoen atxikipen ezin hobea, eta, nolanahi ere, lokalizatutako isurketa, indarrean dagoen araudiaren araberakoa, uraren parametro fisiko-kimikoei dagokienez.

      Sistema horien kokalekua eta neurri zehatzak ebazpen honetako 2.c.11 idatzi-zatian aipatzen den lan-programan jasoko dira.

      Aurreko epigrafeetan aurreikusi diren hondakin-urak tratatzeko sistemak aldian-aldian mantendu behar dira, tratamendu-sistemaren etekinik onena bermatzeko eta uneoro erabilera gaitasun nahikoa eduki dezaten.

      Dekantatutako sedimentuak aldiro jasoko dira eta kudeatu ebazpen honen 2.c.5 zenbakian xedatutakoaren arabera.

    2. Obra-makineriarako eta haren mantentze-lanetarako utziko den azalera isolatu egingo da drainatze naturaleko sare batekin. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura kutsa ez dezaten. Ezin izango da erregairik zamatu, oliorik aldatu eta oro har tailerreko lanik egin adierazitako gunetik kanpo.

    3. Biribilki moduko hidrokarburoen material xurgatzaile espezifikoa edo material pikortatua eta abar jarri beharko da eskura obretan, ustekabeko isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

    4. Lanen eta ustiapen-garaian sortzen diren efluenteak isurtzeko, isuriak isurketarako baimenean organo eskudunak kasu bakoitzerako ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

      c.3. Airearen kutsadura saihesteko neurriak.

    1. Obrak dirauen bitartean, ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obrek ukitutako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Aldi baterako hutsik dauden edo ibilgailuak pasatzean partikulak jaulki ditzaketen azalerak ureztatzeko eta garbitzeko sistema eduki beharko da.

    2. Obra-guneko irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dituzte, solidoak biltzeko sistema bati kateatuta.

      Aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak ebazpen honetako 2.c.11 puntuan zehaztutako dokumentazioan adieraziko da.

    3. Indusketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreiatu ez daitezen.

      c.4. Soinuek eta bibrazioek eragindako eragina gutxitzeko neurriak.

    1. Eraikitze fasean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, obra-makinen mantentze-lanei eta zarata eta dardarak jatorrian murrizteari dagokienez, bereziki afekziorik handiena aurreikusten diren eremuetan (Kontxara sartzeko arranpan, Errondo pasealekuan eta abar).

    2. Galeria tunela gauzatzean dardara handiagoa sortzen dituzten aurreratzeko metodoak (mailu hidraulikoa, etab.) ahalik eta gehien saihestuko dira dardarok hurbileko eraikuntzetara nabarmenki transmiti daitezkeen eremuetan.

    3. Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta igorpen akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-igorpenei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

    4. Funtzionamendu fasean aurreikusitako kanporako irteera duten trenbide azpiegiturako ekipamenduek (aireztatze putzuak, geralekuetarako sarbideak eta abar) beharrezko neurriak izan beharko dituzte eremu akustikoen kanpoko eta barneko ingurumenera transmiti ez dadin urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 23. artikuluan baimendutako zarata baino handiagoa.

      Era berean, neurriak hartuko dira trenaren jardunak zuzenean nahiz zeharka, zor dezakeen zaratak urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 14 eta 16. artikuluan zarataren gainean ezarritako helburu akustikoak gainditu ez ditzan.

    5. Aurreikusitako mugak gainditzen direla ikusiz gero, zarata egin eta zabaltzeko kasu bakoitzean sistema egokiak jarri beharko dira, zarataren erasana gutxitzeko.

    6. Aipatutako Errege Dekretuko 26. artikuluaren arabera, neurriak hartu behar dira inguruko etxebizitza, egoitza, erietxe, ikastetxe edo kultur etxeetara dardararik jasan ez dezaten, eta ondorioz, aipatutako arauaren 16. artikuluari jarraituz dardararen kasuan ezarritako helburu akustikoak ez gainditzeko, betiere IV. eranskinean ezarritako prozeduraren arabera ebaluatuta.

      c.5. Hondakinak kudeatzeko neurriak.

    1. Proiektuaren gauzapen eta funtzionamenduak iraun bitartean sortutako hondakinak Hondakinei buruzko uztailaren 28ko 28/2011 Legean eta arautegi zehatzetan aurreikusitakoarekin bat etorriz kudeatuko dira.

      Hondakinak teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak badira, baimendutako hondakinen kudeatzaile batengana eraman behar dira.

      Teknikoki, ekonomikoki edo ingurumen-ikuspegitik balioztatzea bideraezina dela behar bezala ziurtatu ondoren soilik deuseztatu ahal izango dira hondakinak.

    2. Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sortzea eta kudeatzea arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan ezarritakoa hartuko da aintzat.

    3. Zabortegira eramateko hondakinak, gainera, hondakinak zabortegian utzita ezabatzeari buruzko abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuari eta hondakinak zabortegian utzita ezabatzea eta betelanak egitea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuari jarraiki kudeatuko dira. Hondakin horiek bereizi egin beharko dira 2001eko otsailaren 19an Kontseiluak hartutako 2003/33/EE Erabakiaren arabera; erabaki horrek hondakinak zabortegietan onartzeko irizpide eta prozedurak ezartzen ditu, 1999/31/EEE Zuzentarauaren 16. artikuluari eta II. eranskinari jarraituz.

      Jarduerako material-soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

      Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Adierazle horiek lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen I. eranskinean daude jasota.

    4. Obraren indusketaren soberakinei dagokienez, proiektuaren sustatzaileak proposatu du proiektuaren ingurumariko beste lan batzuetan erabiltzea, eraikuntza material gisa.

      Sustatzaileak proposamenean kokalekuak eta behin betiko balantzeak zehatu ez baditu ere, jarduketa zehatzak identifikatu ditu lanaren ingurumarian, eta antza lanarekin batera egingo dira eta horietarako, betelanetarako harkaitz materiala beharko da.

      Lurzoru ez kutsatuak eta obra horretan erauzitako natur materialak hondakinen eta kutsatutako lurzoruen uztailaren 28ko 22/2011 Legearen arabera erabiliko dira. Baldin eta eraikuntzarako erabiltzen badira egoera naturalean, erauzi ziren leku eta obretatik kanpo.

      Kudeatzeko modu hori ez da aplikatuko, noiz eta erauzitako materialak Meatzeen uztailaren 21eko 22/1973 Legearen eremuan daudenean.

      Erauzketaren soberakinetarako gordailuak eraikitzea beharrezkoa bada, betelaneko proiektua idatzi beharko da otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan jasotakoarekin bat etorrita. Horrezaz gain, ondokoak ere batu behar dira: kokapen bakoitzerako ingurumen afekzioaren azterketa, hartutako konponbidearen justifikazioa, aurreikusitako leheneratze eta kontrol neurria keta bertan.

      Lanak amaitzean, proiektuaren sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari lurren mugimenduen balantze zehatza eta indusketaren soberakinen jarraipena, alegia, erauzi ez ziren leku edo obretan eraikuntzarako zuzendutako kopuruak eta ezaugarriak ondo adierazi beharko dira. Horrez gain, erabilera baimenak aurkeztu beharko dira, bai hondakinen araudiaren barruan edo meatzeen araudiarekin bat etorrita.

    5. Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

      Hondakin arriskutsuentzako ontzietan uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek) 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte; itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

      Aurreko paragrafoan aipatzen diren ontziek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du; etiketa aipatutako uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa izango da.

    6. Olio erabilia kudeatzeko honako hauek hartuko dira kontuan: industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua eta olio erabiliaren kudeaketa Euskal Autonomia Erkidegoan arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.

      Baimendutako kudeatzaile bati eman arte, erabilitako olioa andel estankoetan bilduko da estalitako biltegi batean; andelok etiketatuta egon eta azpila edo atxikipen-sistemaren bat eduki beharko dute. Zola iragazgaitz gainean egon beharko dute, edozein ihes edo isuriri aurre egiteko prestatuta, elementu nagusia hautsiko balitz ere.

    7. Arau horiek betetzea errazteko, lan-mota bakoitzean sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak ezarri beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemak, langileek sistemak zuzen erabiltzen dituztela ziurtatzeko ardura izango baitute. Bereziki, inolaz ere ez da eragingo kontrolatu gabeko efluenterik erregai eta produktuak biltegiratzean, makineria mantentzeko lanak egitean edo hondakinak erretzean.

    8. Obretan, aurrekoaren haritik, kontratistaren instalazio-eremuan aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko eremu jakin bat egokituko da, hala nola olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak ere jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, sortutako hondakinak biltzeko gailu estankoak (bidoiak, eta abar) ezarriko dira obran zehar eta izaeraren arabera bereiziko dira. Hori guztia, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu aurretik egingo da.

    9. Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsi beharko dira txosten horretan.

      c.6. Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

      Obren ingurumarietan eta trenbide azpiegitura horren kanpoko geroko elementuen (geltokietarako sarbideak eta igigailua) ondoan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretura batutako hiru kokaleku identifikatu dira. Ondokoak dira kokalekuok: 200069-00236, 200069-00235 eta 200069-00028.

      Lurzati horien ingurumarietan edo zerrenda litezkeen beste batzuen inguruan egindako indusketen kontrol zorrotza egingo da, beraz, kutsatze aztarnak topatuz gero materialok ebaluatu baino lehen, horien ezaugarriak aztertuko dira eta proposamena idatziko da materialok erabili eta kudeatzeko, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidali, onar dezan.

      c.7. Kultura-ondarea babesteko neurriak.

      Euskal Kultur Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritakoa kontuan izanda, ondare arkitektoniko izendatutako erakinak babesteko ingurumen inpaktuaren azterlanaren neurri babesleak eta zuzentzaileak aintzat harturik, objetan aztarna arkeologiko bat aurkituz gero, berréala jakianaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Cultura Departamentuari, eta hartu beharreko neurriak hartuko ditu.

      c.8. Obrak lehengoratu eta integratzeko neurriak.

    1. Lanek erasandako alde guztiak leheneratuko dira; baita ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean agertzen ez zirenak baina azkenean, proiektuaren ondorioz kaltetu direnak ere. Lehengoratze horrek esan nahi du, urbanizatu gabeko aldeetan, landarez estali daitezkeen eremu guztiak landareberrituko direla, eta herri barruko aldeetan, berriz, lorategietako elementuak berriro jarriko direla.

    2. Lur-mugimenduak dauden bitartean, landaretza daukaten lur-eremuak kendu, metatu eta era bereizian zabalduko dira, aldatutako eremuan landare berriak jartzea eta eremua lehengoratzea errazteko. Landare berriak landatzean kenduko den landaretza-lurra modu egokian biltegiratuko da, lurra ez trinkotzeko, modu desegokian ez pilatzeko eta euria egiten duen egunetan gaizki ez manipulatzeko. Horrez gain, metatzeak zuzen mantendu beharko dira, beharrezkoa izanez gero, hidroereinduz.

    3. Ingurua leheneratu ondorengo bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak landareberritu. Herbizidak eta pestizidak ahal den gutxien erabiliko dira erein eta landatzeko garaian; prozedura mekanikoak lehenetsiko dira. Halabeharrez erabili behar badira, iraunkortasun eta toxikotasun minimoko produktuak aukeratuko dira.

    4. Landare inbaditzaileak, hala nola, Robinia pseudoacacia, Fallopia japonica, Cortaderia selloana, zabaltzea eragozteko ekintzak burutuko dira. Zentzu horretan, landare-estalkia lehengoratzeko lanetan erabilitako lurren jatorria kontrolatu beharko da bereziki. Edozein modutan, ez dira erabiliko aurreko puntuan aipatutako espeziek kutsatuta egon daitezkeen lurrak.

    5. Jarduketa horiek birlandaratze proiektuan azalduko dira, eta eraikuntza proiektura batuko da. Horretarako, obra kontratatzeko baldintza-agiriak eta aurrekontuek birlandaratze proiektuan aurrez ikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

      c.9. Obra garbitzea eta amaitzea.

      Lanak amaitu ondoren garbiketa-kanpaina zorrotza egingo da, proiektuaren eremutik obra-hondar guztiak garbitzeko. Eraispenetatik, enkofratuak kentzetik, eta oro har, garbitze-lanetan sortutako hondakinak lanen eremutik kendu eta ebazpen honetako 2.c.5 idatzi-zatian xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      c.10. Ingurumenari buruzko aholkularitza.

      Obrak amaitu arte eta horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan, kultura-ondarearen zaingoan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan, ondo jantzitako aholkularitza eduki beharko du obraren zuzendaritzak, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlaneko erabakien arabera. Baldintza-agirian obraren zuzendaritzari izendatutako egitekoak direla eta aipatutako gaiei buruz obraren zuzendaritzak erabakiak hartu aurretik aholkularitza horretako espezialistek egindako txostena hartu beharko dute gogoan.

      c.11. Lan-programaren diseinua.

      Lanak hasi aurretik kontratatzaileak jarraian datozen idatzi-zatietan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehaztua egin beharko du. Proposamen horiek lanen gauzatze-programarekin batera jasoko dira eta lanen zuzendariak berariaz onartu beharko ditu, ebazpen honetako 2.c.10 idatzi-zatian aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren. Honakoak dira agiriok:

      Kontratistaren instalazioen eremuaren kokagunea eta ezaugarriak, Ebazpen honen 2.c.1.b) atalean aurreikusitakoaren arabera.

      Ebazpen honetako 2.c.1.c) zenbakian jarraitakoarekin babestu behar diren zuhaitzak eta zuhaitz-unadak mugatu eta balizatuko dira.

      Ebazpen honetako 2.c.2.a) idatzi-zatian urak bideratzeko eta sedimentuei eusteko aurreikusitako sare eta sistemen xehetasunak.

      c.3.b) idatzi-zatian aurreikusitako kamioien gurpilak garbitzeko gailuen ezaugarriak eta kokapena.

      D. Ingurumena Zaintzeko Programa.

      Ingurumena Zaintzeko Programa sustatzaileak proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginari buruzko ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera egingo da (lekuak, parametroak eta neurketen maiztasuna). Gainera, ondoren zehazten diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

      Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

      d.1. Gorabeheren erregistroa.

      Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, baita neurri zuzentzaileak eta babesleak noraino bete diren jasotzeko ere. Erregistro hori Ingurumen Sailburuordetzak ikuskatzeko moduan egin beharko da, eta, obrak amaitzen direnean, nolanahi ere, Sailburuordetzara bidali beharko da. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Aldaketa guztiak, gainera, ingurumenean eragin dezaketen kaltearen ikuspegitik justifikatu behar dira.

      d.2. Obraren okupazio-mugen kontrola.

      Egindako okupazioa proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatuko da; obrek ez dute aurrez ikusitako azalera baino handiagoa izango.

      Halaber, ondokoak kontrolatuko dira: kokapen zuzena, makinen egoera, instalazio laguntzaileen eremua eta soberakinen biltegiak. Eta neurri zuzentzaile egokiak hartuko dira, alegia, drainatzea, dekantazio sistemak, gurpilak garbitzeko sistemak eta abar.

      d.3. Uren kalitatearen kontrola.

      Oro har, lanean irekitako zuloetatik ingurumen urtarrera isurketak egin daitezkeenean, urak isuri aurretik ur horiek bideratu, drainatu eta eusteko gailuak ondo dabiltzala egiaztatuko dute astean behin.

      Halaber, ebazpen honen 2.c.2.a) idatzi-zatian ezarritako solidoen biltegietataik eratorritako hondakin urak eta gurpilak garbitzeko sistemetatik eratorritakoak isuri baino lehen aztertuko dira. Hilero, parametro hauek analizatuko dira hilean behin gutxienez: Emaria, pH, solido esekiak eta olioak eta koipeak

      d.4. Zarata eta dardara kontrolatzea.

      Zarata eta dardara kontrolak egingo dira obrek dirauten bitartean, afekziootako eremu ahulenetan. Lortutako emaitzen arabera aztertuko da neurri babesle eta zuzentzaile osagarriak hartu behar direnetz.

      Sustatzaileak proposamen zehatza landu beharko du: arriskurik handien duten eremu eta eraikinak (hurbiltasuna, erabilera, lurrazalaren propagazio ezaugarriak, eraikinen egoera edo babes mota, etb.) proposatuko dira neurketak egiteko, baita neurketak egiteko analisi-metodoak, maiztasuna eta erreferentziako balioen atariak ere.

      d.5. Ingurumena Zaintzeko Programari buruzko agiri bategina.

      Sustatzaileak Ingurumena Zaintzeko Programaren testu bategina landu beharko du ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanean, eta ebazpen honetan proposatu diren betebehar guztiak bilduko ditu.

      Programa horretan kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira; horrez gain, laginketarako eta analisirako metodologia, kontrolerako puntuen kokapenari buruzko kartografia xehatua, haien maiztasuna eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren gaineko xehetasunak ere jasoko dira.

      d.6. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

      Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu eta Ingurumen Sailburuordetza honetara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, ingurumenean aditua den erakundeak egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean, emaitzen analisia jasoko da, epe horretan emandako gertakari nagusiak, gertakarien arrazoiak eta konponbideak bereziki aipatuta.

      Sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta Herri Administrazioen ikuskaritza zerbitzuen eskueran egongo dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

      E. Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak edo barneratzen diren sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, baita neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Era berean, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz, ingurumen-organoak neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldaraz ditzake. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumenarekiko eragina saihesteko ezarri diren neurri babesle, zuzentzaile zein osabidezkoak gutxiegizkoak direla egiaztatzen denean.

      F. Ebazpen honen aurreko idatzi-zatietan xedatutakoa kaltetu gabe, sustatzaileak Proiektua onetsi baino lehen, ebazpen honen 2.d.5 idatzi-zatian aurreikusitako Ingurumena Zaintzeko Programa bidali beharko dio Ingurumen organoari, hark onar dezan, Ebazpen honen jakinarazpena jasotzen denetik hasi eta bi hilabeteko epean.

      G. Aurreko paragrafoetan ezarritakoari kalterik egin gabe, sustatzaileak honako agiri hauek igorri beharko ditu Ingurumenaren Sailburuordetzara, espedientean sartu ahal izan daitezen:

      g.1. Eraikuntzako proiektua onartu aurretik, Ebazpen honetako 2.c.8.e) idatzi-zatian aurreikusten den ukitutako eremuak landare-berritzeko proiektua.

      g.2. Obrak amaitu eta bi hilabeteko epea baino lehen, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babesteko eta zuzentzeko neurriak zein neurritaraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen 2.d.1 idatzi-zatian aurreikusitakoaren arabera.

      g.3. Bi hilabeteko epean gehienez, obrak amaituz zirenetik, lur mugimenduen eta erauzketaren soberakinen jarraipenaren balantze zehatza egin behar da, eta ondokoak argi eta garbia zaldu behar dira ere: erauzita zirenak ez beste leku edo obretan eraikuntza erabileretara zuzendutako materialen kopurua keta ezaugarriak. Horrezaz gain, erabilera horretarako gaitzen duten baimenak aurkeztu beharko dira, hondakinen araudiaren markoan edo meatze araudiaren markoan, ebazpenaren 2.c.5.d) letran ezarritakoarekin bat etorrita.

      g.4. Obrak amaitu eta bi hilabeteko epea baino lehen, hondeaketa-soberakinen eta hondakinen ingurumen-jarraipenari dagokion txostena, ebazpen honetako 2.c.5.i) idatzi-zatian adierazitakoaren arabera.

      g.5. Urtero, obrak hasten direnetik, ebazpen honetako 2.d.6 idatzi-zatian aurreikusitako ingurumena zaintzeko programari buruzko dokumentua.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.8 artikuluaren arabera, bi urteko epea ezartzea proiektua egikaritzen hasteko, ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik. Epe hori proiektuari hasiera eman gabe bukatzen bada, sustatzaileari egotzi dakizkiokeen arrazoiengatik, ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen hau baliogabetu egingo da. Hala ere, organo aginpidedunak hasiera emateko epea luzatu ahal izango du, behar bezala justifikatutako arrazoirik balego.

  4. Proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginari buruzko testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari proiektuari dagozkion lanak zein egunetan hasiko diren.

  5. Ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 8a.

    Ingurumeneko sailburuordea,

    1. ª ARANZAZU Leturiondo ARANZAMENDI.