Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2014ko uztailaren 30ekoa, Ekonomia Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, jakitera ematen duena 2014an EAEn nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialei laguntzak emateko deialdia, azaroaren 15eko 233/2011 Dekretuaren barruan («Elkarteak» programa).

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 162
  • Hurrenkera-zk.: 3664
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2014/07/30
  • Argitaratze-data: 2014/08/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza; Ekonomia

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2011ko abenduaren 12an, honako hau argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariko 233. zenbakian: 233/2011 Dekretua, azaroaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialei zuzendutako laguntzei buruzkoa («Elkarteak» programa).

Dekretu horretako 8.6 artikuluan ezarritakoaren arabera, sailburuaren agindu bidez erabakiko da urtero zer eperen barruan aurkeztu behar diren laguntza-eskaerak, zer irizpide aukeratuko diren 7.1 artikuluan ezarritakoen artetik, zein den sektore bakoitzerako (nekazaritza, arrantza, elikagaigintza) aurrekontu-esleipena, eta zer diru-laguntza eman daitezkeen gehienez ere diruz lagun daitezkeen 5. artikuluko gastu hauetarako: a) ordezkaritza-zereginak betetzeari dagozkionak, b) funtzionamenduaren gastu arruntak, c) izaera esperimentala duten jarduerak eta azterlanak egiteari dagozkionak eta d) nekazaritza, arrantza eta/edo elikadurari buruzko azokak eta lehiaketak antolatzeko egindakoak.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2014. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 4/2013 Legeak bideratuta ditu deialdi honetarako aurrekontuak.

Horiek horrela, honako hau

Lehenengoa. 1. Agindu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialetarako laguntzen deialdia egitea 2014. urtean. Laguntza horiek azaroaren 15eko 233/2011 Dekretuan ezarritakoak dira (Elkarteak programa).

Zazpiehun eta laurogeita bat mila zazpiehun eta hirurogeita hamahiru (781.773) euro erabiliko dira guztira horretarako, 2014. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan ezarritako aurrekontu-kredituaren arabera. Honela banatuko da diru-kopuru hori:

Nekazaritza-sektorerako: laurehun eta hogeita bost mila (425.000) euro.

Elikaduraren sektorerako: ehun eta hirurogeita hamasei mila eta laurehun (176.400) euro.

Arrantza-sektorerako: ehun eta laurogei mila hirurehun eta hirurogeita hamahiru (180.373) euro.

  1. Sektore bakoitzerako emango diren diru-laguntzen zenbateko osoa ez da izango artikulu honetan finkatutako diru-kopurutik gorakoa, edo, indarrean dagoen legeriari jarraituz, kredituen arteko loturarik edo aurrekontu-aldaketarik badago, lehengoa eguneratuta sortutako diru-kopurutik gorakoa. Egoera hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Zerbitzu zuzendariaren ebazpen bidez, diru-laguntzak esleitu baino lehen.

    Bigarrena.1. Pertsona onuradun bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, jarraian sektoreka adieraziko diren balorazio-ehuneko metakorrak aplikatuko zaizkio onartutako gastuaren zenbatekoari, aurrez aipatutako dekretuko 5. artikuluan finkatutako mugen barruan betiere:

    Elikaduraren sektorea:

    1. Elkarte edo federazio sortu berriak, lurralde historikoak batzearen ondorioz eratutakoak. (% 10era arte).

    2. Erakunde eskatzaileak defendatzen dituen interes ekonomiko eta sozialen garrantzia. (% 10era arte).

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore zehatz bakoitzaren barruan egiaztatzen duen ezarpen-maila. (% 20ra arte).

    4. Elkarteak jarduteko hartzen duen lurraldearen eremua. (% 20ra arte).

    5. Azoka profesionaletan duen parte-hartzea. (% 10era arte).

    6. Emakumeen ehunekoa zuzendaritza-organoetan. (% 15era arte).

    7. Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzea, elkarte edo federazioaren barne-komunikazioetan zein kanpokoetan. (% 15era arte).

      Nekazaritza-sektorea:

    1. Erakunde eskatzaileak defendatzen dituen interes ekonomiko eta sozialen garrantzia. (% 25era arte).

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore zehatz bakoitzaren barruan egiaztatzen duen ezarpen-maila. (% 20ra arte).

    3. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak dagokion sektorea modernizatzeko eta hobetzeko sustatzen dituen jarduera eta ekimenetan erakundeak izan duen lankidetza-maila. (% 10era arte).

    4. Elkarteak jarduteko hartzen duen lurraldearen eremua. (% 10era arte).

    5. Aurkeztutako proiektuen interes teknikoa eta zientifikoa, bai eta emaitzek sektorea hobetu, garatu eta modernizatzeari begira ekar ditzaketen abantailak ere. (% 20ra arte).

    6. Emakumeen ehunekoa zuzendaritza-organoetan. (% 10era arte).

    7. Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzea, elkarte edo federazioaren barne-komunikazioetan zein kanpokoetan. (% 5era arte).

      Arrantza-sektorea:

    1. Elkarte edo federazio sortu berriak, lurralde historikoak batzearen ondorioz eratutakoak. (% 20ra arte).

    2. Erakunde eskatzaileak defendatzen dituen interes ekonomiko eta sozialen garrantzia. (% 15era arte).

    3. Erakundeak sektore bakoitzean garatu eta/edo sustatzen dituen jardueren garrantzia. (% 15era arte).

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore zehatz bakoitzaren barruan egiaztatzen duen ezarpen-maila. (% 15era arte).

    5. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak dagokion sektorea modernizatzeko eta hobetzeko sustatzen dituen jarduera eta ekimenetan erakundeak izan duen lankidetza-maila. (% 15era arte).

    6. Ekoizpenaren garrantzia, lehen sektoreari dagokionez. (% 10era arte).

    7. Elkartea osatzen duten ekoizle edo egileen kopurua. (% 10era arte).

      1. Lehenengo atalean ezarritako gehieneko diru-kopurua ez bada nahikoa aurkeztutako eskaera guztiei erantzuteko, diru-laguntza proportzionalki banatuko da sektore bakoitzeko onuradunen artean, harik eta funtsak erabat agortu arte. Sektore bakoitzaren barruan diru-laguntza sobera badago, soberakin hori gainerako sektoreei esleituko zaie, harik eta soberakina erabat agortu arte. Ehunekotan neurtuta aurrekontu-beharrik handienak dituenari emango zaio lehentasuna.

        Hirugarrena. Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialei zuzendutako laguntzei buruzko azaroaren 15eko 233/2011 Dekretuan («Elkarteak» programa) ezarritako diru-laguntzak jaso ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

      1. Onuradun izatea, erreferentziako dekretuko 3. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

      2. Dekretu horretako 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

        Laugarrena. 1. Diru-laguntza eskaerak egiteko, aipatutako dekretuko I. eranskineko inprimaki arautuak aurkeztu beharko dira, 8. artikuluan eskatutako dokumentazioarekin batera.

      1. Diru-laguntza eskaerak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren bulegoetara bidali behar dira (Donostia-San Sebastián kalea 1, Vitoria-Gasteiz), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 38.4 artikuluan ezarritako beste edozein bidetatik aurkeztu. Sektore bakoitzak dagokion zuzendaritzara bideratu behar ditu eskaerak:

        1. Nekazaritza-sektoreak Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzara.

        2. Elikaduraren sektoreak Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzara.

        3. Arrantza-sektoreak Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzara.

      2. Aurkeztutako eskabideak akatsen bat badu edo behar bezalako zehaztasunak ematen ez baditu, edota baldintza guztiak betetzen ez baditu, errekerimendu bat egingo zaio interesdunari, akatsa zuzentzeko edo erantsi beharreko agiriak eransteko hamar eguneko epearen barruan. Adieraziko zaio, horrela egin ezean, atzera egin duela ulertuko dela, eta ebazpen bat egingo dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 42. artikuluak ezarritakoari jarraituz.

        Bosgarrena. Azaroaren 15eko 233/2011 Dekretuan ezarritako laguntzak («Elkarteak» programa) jasotzeko eskaerak aurkezteko, hilabete bateko epea egongo da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

        Seigarrena. Dagokion zuzendaritzak, eskaera jaso duenak, izapidetu, ebatzi eta ordainduko ditu laguntza-eskaerak, azaroaren 15eko 233/2011 Dekretuko 9. eta 11. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

        Zazpigarrena. Aurrez aipatutako dekretuko 5. artikuluan adierazitako gastuak lagundu ahal izango dira diruz 2014an, honako zenbateko hauekin:

        1. Ordezkaritza-zereginak betetzeari dagozkion gastuak, % 90era arte.

        2. Funtzionamenduaren gastu arruntak, % 50era arte. Dena den, zenbait funtzionamendu-gastutan (bulegoko langileen gastuak, bulegoen alokairuak, aseguru-primak, garbiketaren eta komunitatearen gastu orokorrak, bulegoko materiala, argitalpenen kuotak, eta zainketa- eta konponketa-gastuak), 50 eurotik gorako fakturak (BEZ barne) soilik lagundu ahal izango dira diruz.

        3. Izaera esperimentala duten jarduerak eta azterlanak egiteari dagozkion gastuak, % 100era arte.

        4. Azokak eta lehiaketak antolatzearen gastuak, % 100era arte.

          Zortzigarrena. Hona hemen diru-laguntzen gehieneko zenbatekoak, kontzeptu jakin batzuetarako:

          75.000 euro, Autonomia-erkidego, Estatu eta Batasunaren eremuetan bazkideen interesak defendatzeko eman eta aitortu zaizkien ordezkaritza-zereginak betetzeari dagozkion gastuetarako.

        1. 100.000 euro, elkarteen funtzionamendurako gastu arruntak ordaintzeko, gastu horiek elkarteen helburu sozialak behar bezala bete daitezen sustatzeko badira betiere.

        2. 120.000 euro, izaera esperimentala duten jarduerak eta azterlanak egiteko gastuetarako, baldin eta jarduera eta azterlan horien helburua bada sektoreetako jardueren baldintzak eta baldintza sozioekonomikoak sustatu eta hobetzea.

          AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

          Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

          AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

          Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

          Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 30a.

          Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

          MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.