Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2012ko otsailaren 19koa, Kulturako sailburuarena, euskal kirol federazioen eta lurralde federazioen hauteskunde-erregelamenduak prestatzeko eta hauteskundeak egiteko irizpideak finkatzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 36
  • Hurrenkera-zk.: 780
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2012/02/19
  • Argitaratze-data: 2012/02/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Herrizaingoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskadiko Kirol Federazioen urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 75. artikuluan xedatzen denez, euskal kirol federazioen eta lurralde federazioen batzar nagusiak lau urtean behin aukeratuko dira, dagokien kirol modalitateko Joko Olinpikoak egiten diren urteetan. Joko Olinpikoetan parte hartzen ez duten modalitateei dagozkien federazioetako hauteskundeak udako Joko Olinpikoak egiten diren urteetan egingo dira. Ondorioz, eta 2012. urtean Londresko Joko Olinpikoak direla kontuan izanik, federazio horiei urte horretan dagokie hauteskunde-prozesu horiek aurrera eramatea.

Euskadiko kirol federazioen 2000ko hauteskunde-erregimena xedapen hauen arabera arautu zen: Kirol Federazioak sortu eta haien jarduera arautzen duen urriaren 9ko 265/1990 Dekretua, Euskal kirol federazioen eta lurralde federazioen hauteskunde-erregelamenduak prestatzeko eta hauteskundeak egiteko irizpideak finkatzen dituen Kulturako sailburuaren 2000ko martxoaren 24ko Agindua eta kirol federazio bakoitzari dagokion hauteskunde-erregelamendua. 2004ko hauteskundeak, halaber, Dekretu horren arabera eta 2004ko ekainaren 22ko Aginduaren arabera burutu ziren (agindu hori, praktikan, 2000ko agindu berbera zen). Geroago, urtarrilaren 31ko Dekretua onartu ondoren, euskal kirol federazioen eta lurralde federazioen 2008ko hauteskunde-erregelamenduak prestatzeko eta hauteskundeak egiteko irizpideak finkatzen dituen Kulturako sailburuaren 2008ko urtarrilaren 28ko Agindua onartu zen.

Testuinguru horretan, eta urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 119. artikuluan berariaz jasotako aurreikuspenaren babesean, beharrezkoa da agindu berri bat onartzea, 2012rako eta ondoko urteetarako hauteskunde-erregelamenduak prestatzeko eta federazioetako hauteskundeak dagokien urte olinpikoan egiteko irizpideak finkatzeko. Aurreko arauen aldean, ezberdintasun esanguratsuena da hauteskunde-esparru egonkor bat eskaini nahi zaiela kirol federazioei, aldiro-aldiro eguneratzen ez ibiltzeko.

Agindua, funtsean, 2008an onartutako bera baldin bada ere, badira aldaketa batzuk. Berritasun horietako zenbaitek 2008an kirol federazioen hauteskunde-prozesuetan sortu diren hainbat zalantza eta disfuntzio argitzea dute helburu.

Ondorioz, hau

Agindu honen xedea da euskal kirol federazioen eta lurralde federazioen hauteskunde-erregelamenduak prestatzeko eta hauteskundeak egiteko irizpideak finkatzea.

  1. Euskal kirol federazioen eta lurralde federazioen hauteskunde-erregimena honako xedapen hauetan xedatutakoari egokituko zaio: Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legea, Kirol Federazioen Eraketa eta Funtzionamendua arautzen duen urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretua, agindu hau berau, eta kasuan kasuko federazioaren estatutu eta erregelamendua.

  2. Hauteskunde-erregimen honetatik kanpo gelditzen da federazioen baitan egiten den zentsura-mozio oro.

  1. Agindu hau Euskal Autonomia Erkidegoko kirol federazioei aplikatuko zaie, baldin eta, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuan xedatutakoaren arabera, 2012tik aurrera beren federazio-organoetarako hautaketa-prozesuak burutu behar badituzte.

  2. Lurraldeko kirol federazioek dagokien urte olinpikoko urriaren 31 baino lehen izan beharko dituzte amaituta Biltzar Orokorrerako hautaketa-prozesuak.

  3. Euskal kirol federazioek urte olinpikoaren ondoko urteko urtarrilaren 31 baino lehen izan beharko dituzte amaituta beren hauteskunde-prozesu guztiak.

  4. Euskal kirol federazioek dagokien urte olinpikoko azaroaren 1ean abiatu ahal izango dituzte beren hauteskunde-prozesuak, nahiz eta lurralde federazioek oraindik amaitu gabe izan beren hauteskunde-prozesuak. Lehenago ere hasi ahalko dituzte, kasuan kasuko modalitateko lurralde-federazio guztiek dagoeneko amaitu badituzte Biltzar Orokorrerako ordezkariak hautatzeko prozesuak.

  5. Finkatutako epean Biltzar Orokorrerako hauteskunde-prozesuak amaitu ez dituzten lurraldeko kirol federazioek ez dute inolako ordezkaritzarik izango dagokien euskal kirol federazioan, harik eta prozesuak amaitzen dituzten arte.

  6. Salbuespenez, eta aldez aurretik berariazko administrazio-baimena eskuratuta, hauteskunde-prozesuen hasiera aurreratu edo atzeratu ahal izango da, baldin eta aurreikusitako hasiera-egunean egitea ezinezkoa bada. Aldez aurreko administrazio-baimen hori eskuratzeko, nahitaezkoa izango da eragindako federazioei eta bidezko administrazio-organoei entzunaldia egitea.

  7. Edonola ere, aurreko hauteskundeetan aukeratutako administrazio-organoen agintaldia hauteskunde-deialdi berriarekin amaituko da, eta handik aurrera jardunean egongo dira, behin-behineko kudeatzaile moduan. Artikulu honetan aurreikusitako epea amaitu eta hauteskunde-deialdirik egin ez bada, epe-muga horietan ere amaituko da agintaldi hori. Jarduneko edo behin-behineko administrazio-organo horien eginkizuna izango da federazioa administratzea eta kudeatzea, harik eta egiteke dagoen hauteskunde-prozesua gauzatzen den bitartean, halako moduz non administrazio eta kudeaketa egintzak baino ezingo baitituzte egin, bai eta hauteskunde-prozesua arazorik gabe bermatzeko beharrezko direnak ere, hauteskunde-prozesuak gobernatzen dituen araudiak dioenari men eginez.

  1. Abuztua ez da baliodun izango hauteskunde ondorioetarako.

  2. Bozketak egiten diren egunetan ez da autonomia edo hortik beheragoko lurralde mailako inolako kirol lehiaketa zein proba ofizialik izango.

  1. Kirol federazioek hauteskunde-erregelamendu bat izango dute ezinbestez. Ezin izango da hasi hauteskunde-prozesua harik eta aplikagarria den hauteskunde-erregelamenduaren administrazio-baimena, esanbidez zein isilbidez, onartu arte eta erregelamendua erregistroan inskribatu arte.

  2. Euskal kirol federazioen hauteskunde-erregelamenduaren proiektua kasuan kasuko Biltzar Orokorrak onartu beharko du, eta gehienez jota agindu hau indarrean jarri eta bi hilabeteko epean bidali beharko da Eusko Jaurlaritzaren Kirol Zuzendaritzara, bertan behin betikoz onartzeko.

  3. Lurraldeko kirol federazioen hauteskunde-erregelamenduaren proiektua kasuan kasuko Biltzar Orokorrak onartu beharko du, eta gehienez jota agindu hau indarrean jarri eta bi hilabeteko epean bidali beharko da dagokion Foru Aldundiaren erakunde eskudunera, bertan behin betikoz onartzeko.

  4. Erregelamenduok Euskadiko Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroak adierazitako euskarri informatikoan.

  5. Organo eskudunak erabakiko du aurkeztutako proiektua legearekin bat ote datorren. Horrela baldin bada, erregelamendua onartu eta Eusko Jaurlaritzako Kirol Erakundeen Erregistrora bidaliko du, bertan inskribatzeko alegia. Horrela ez bada, dagokion kirol federazioari eskatuko dio aurkitutako akatsak zuzentzeko. Federazioko presidenteak, edo, hala badagokio, Zuzendaritza Batzordeak, ahalmena izango du Administrazioak eskatzen dizkion zuzenketa horiek egiteko, betiere zuzenketa horiek administrazio-organoak egindako ohartarazpenak egitean badautza.

    Hauteskunde-erregelamenduak baliogabetzea eskatzeko arrazoibideen funtsa baldin bada Batzar Orokorraren borondatearekin loturiko arau aplikagarriak hautsi izana, ezingo da administrazio-bidea erabili, jurisdikzio eskuduna baizik.

  6. Bi hilabeteko epean ez bada horrelako administrazio-jakinarazpenik egiten, testua dagoen bezala onartutzat joko da.

  7. Kirol federazioen hauteskunde-erregelamenduek bete eta osatu egin beharko dute federazioaren estatutuetan aurreikusitakoa, eta halatan, federazio bakoitzean honako alderdi hauek arautu beharko dira:

    1. Estatutuen araberako estamentu-banaketa ehunekotan.

    2. Hauteskunde Mahaiaren eta Hauteskunde Batzordearen osaketa, izendapen eta eraketa modua, eskumenak eta funtzionamendua.

    3. Errekurtsoak eta erreklamazioak aurkezteko araudia, eta horiek erabakitzeko prozedura.

    4. Hauteskunde-errolda egiteko irizpideak.

    5. Hauteskunde-egutegia egiteko irizpideak.

    6. Hautagai-zerrendak aurkezteko eta aldarrikatzeko baldintzak eta epeak.

    7. Hauteskunde-prozesuaren difusiorako araudia.

    8. Biltzar Orokorra hautatzeko prozedura.

    9. Presidentea edota Zuzendaritza Batzordea hautatzeko prozedura.

    10. Bajak eta hutsuneak ordezkatzeko sistemak eta epeak.

  8. Hauteskunde-erregelamendu bat Erregistroan onartzeak eta inskribatzeak ez dakar ekintza baliogabeak baliokidetzea, ezta ere bertan sarbidea duten ekintzen arau-hasteak ezabatzea.

  1. Federazio bakoitzaren Hauteskunde Batzordea da hauteskunde-prozesua bultzatzeko erakunde arduraduna; bide batez, berari dagokio prozesua modu egokian burutzea, azken batean bermatu egin beharko baitu hauteskunde-prozesua Zuzenbidearen araberakoa dela.

  2. Hauteskunde Batzordearen eginkizunak hauek dira:

    1. Hautesle-errolda eta hauteskunde-egutegia onartzea.

    2. Aurkeztutako hautagai-zerrendak onartzea, aldarrikatzea eta argitaratzea.

    3. Hauteskunde Mahaia izendatzea.

    4. Hauteskunde Mahaiaren erabakien aurka aurkezten diren inpugnazioak, erreklamazioak, eskariak eta errekurtsoak erabakitzea.

    5. Hauteskunde-aginduak interpretatzea eta aurkitzen diren arau-hutsuneak moldatzea.

    6. Hauteskunde-txartel, kartazal, hautagai-zerrendetarako inprimaki eta antzeko agirien eredu ofizialak onartzea.

    7. Hauteskunde-ekitaldiak kasuan kasuko federazioaren lokaletatik aparte egiteko baimena ematea.

    8. Egiten zaizkion kontsultei erantzuna ematea.

    9. Kasuan kasuko diziplina-batzordeari aditzera ematea diziplina-haustetzat har daitezkeen hauteskunde-prozesuarekin lotutako gertakizun guztiak.

    10. Hautagai-zerrendak aldarrikatzea.

    11. Kirol klub edo elkarte bakoitzari dagokion boto haztatua aplikatzea, estatutuetan boto hori aurreikusita badago.

    12. Estamentuei plazak berresleitzea, kirol klub eta elkarteen boto haztatuak estamentu bakoitzaren ehunekoak errespeta ditzan.

    1. Hauteskundeen martxari zuzenean eragiten dioten gorabehera guztiak.

Hauteskunde Batzordea kide bakarrekoa izan daiteke. Kide anitzeko organo gisa eratzen bada, pertsona fisiko kopuru bakoiti batez osatuko da, bost gehienez; presidentea eta idazkaria adinez nagusiena eta adinez gazteena izango dira, hurrenez hurren, non eta federazioak inolako arau-aurreikuspenik egin ez duen horretarako. Hautatzen den pertsona juridikoak izendatutako pertsona fisikoa izango da batzordekide. Pertsona juridikoak ezingo du pertsona fisiko hori aldatu haren agintaldi osoan, salbu eta heriotza, dimisioa, gaitasungabetzea, gaixotasuna edo pertsona juridikoaren borondatez besteko edozein arrazoi tarteko baldin bada.

  1. Hauteskunde Batzordeko kideak, eta horien guztien ordezkoak, federazioaren estatutu edo arautegietan ezarritako prozedurari jarraikiz izendatuko dira.

  2. Aipatutako federazio-estatutu edo -erregelamenduetan horrelakorik jaso ezean, Hauteskunde Batzordeko kideak zozketa publiko baten bidez izendatuko dira, hautagai ez diren hautesleen artetik.

  3. Federazio-estatutu edo -erregelamenduek ezin dute inondik ere onartu federazioaren presidenteak edo Zuzendaritza Batzordeak Hauteskunde Batzordeko kideak zuzenean izenda ditzaten. Orobat, Batzar Orokorrak ezingo ditu kideak izendatu, aurrez federazioaren presidenteak edo Zuzendaritza Batzordeak zuzenean aukeratutako zerrenda murriztu baten gainean.

  1. Hauteskunde Batzordearen eginkizunen iraupena lau urtekoa izango da; edonola ere, epe hori amaitu aurretik Biltzar Orokorrak kargutik kendu eta beste hauteskunde batzorde bat izendatzeko eskumena du.

  2. Kargutik atera den Hauteskunde Batzordeak lanean jarraituko du, harik eta Hauteskunde Batzorde berria izendatzen den arte.

  1. Federazio bakoitzaren Hauteskunde Mahaia da bozketa eta zenbaketa faseak behar bezala garatzeko ardura duen organoa.

  2. Hauteskunde Mahaiaren eginkizunak hauek dira:

    1. Bozketa bakoitza behar bezala garatzeko ardura bere gain hartzea, boto-emaileen nortasuna eta hautesle direla egiaztatuz.

    2. Emandako botoen baliozkotasuna erabakitzea.

    3. Botoak kontatzea.

    4. Bozketarekin edota zenbaketarekin lotutako beste edozein gorabehera erabakitzea.

Hauteskunde Mahaia kide bakarrekoa izan daiteke. Kide anitzeko organo gisa eratzen bada, non eta federazioak inolako arau-aurreikuspenik egin ez duen horretarako, pertsona fisiko kopuru bakoiti batez osatuko da, bost gehienez; presidentea eta idazkaria adinez nagusiena eta adinez gazteena izango dira, hurrenez hurren. Hautatzen den pertsona juridikoak izendatutako pertsona fisikoa izango da mahaikide. Pertsona juridikoak ezingo du pertsona fisiko hori aldatu haren agintaldi osoan.

Hauteskunde Mahaiko kideak, eta horien guztien ordezkoak, Hauteskunde Batzordeak izendatuko ditu, zozketa publiko baten bidez, hautagai ez diren hautesleen artetik.

  1. Hauteskunde Mahaiaren eginkizunen iraupena lau urtekoa izango da; edonola ere, epe hori amaitu aurretik Biltzar Orokorrak kargutik kendu eta beste Hauteskunde Mahai bat izendatzeko eskumena du.

  2. Kargutik atera den Hauteskunde Mahaiak lanean jarraituko du, harik eta Hauteskunde Mahai berria izendatzen den arte.

  1. Hauteskunde Batzordeko zein Hauteskunde Mahaiko kideen artean ez da, inolaz ere, indarrean den hauteskunde-prozesuan hautagai gisa aurkezten den inor izango. Bateraezintasun hau zehazteko, kontuan hartuko da zein egunetan adierazi den hautagaia izateko borondatea, alegia, hautagaien onarpena biltzen duen hautagaitza aurkeztu beharko da, aldarrikapenaren zain egon beharrik gabe.

  2. Hauteskunde Batzordeko zein Hauteskunde Mahaiko kideen artean ez da, inolaz ere, Biltzar Orokorrean, Zuzendaritza Batzordean edo Presidentzian hautagai gisa aurkeztuko den inor izango. Debeku horrek indarra izango du, baita hauteskunde-organo horietan dimisioa eman ondoren ere.

  1. Hauteskunde Mahaia eta Hauteskunde Batzordea kide anitzeko organo moduan osatuta daudenean, eratu ahal izateko, gutxienez kide erdiak eta bat gehiago egon beharko dira bertan.

  2. Hauteskunde Batzordearen eta Hauteskunde Mahaiaren erabakiak, kide anitzeko organoak direnean, botoen gehiengoaz hartuko dira. Berdinketa gertatuz gero, presidentearen kalitate-botoa nagusituko da.

  3. Gehiengoaren aurkako botoek, baldin eta nominatiboki arrazoituak badira, Zuzenbidearen kontrako erabakiak hartzetik ondoriozta daitezkeen erantzukizunetatik salbu uzten dute.

  4. Hauteskunde Mahaiak hartzen dituen erabakien aurkako errekurtsoak aurkeztu ahal izango dira Hauteskunde Batzordean, bi egun balioduneko epean. Epe hori jakinarazpenaren biharamunetik kontatuko da, edota argitalpen-egunaren biharamunetik bestela.

  5. Hauteskunde Batzordeak lehen instantzian hartzen dituen erabakien aurkako errekurtsoak aurkeztu ahal izango dira Hauteskunde Batzordean bertan, bi egun balioduneko epean. Epe hori jakinarazpenaren biharamunetik kontatuko da, edota argitalpen-egunaren biharamunetik bestela. Errekurtso horiei buruzko erabakien aurka errekurtsoa jarri ahal izango da Kirol Justiziaren Euskal Batzordean, zazpi egun balioduneko epean.

  6. Hauteskunde Batzordearen eta Hauteskunde Mahaiaren erabakien berri emango zaie interesdunei, eta kasuan kasuko kirol federazioaren iragarki-taulan ere argitara emango dira.

  7. Premia gertatuz gero, Hauteskunde Batzordeak bere erabakiak posta arruntaren bidez, posta elektronikoz, faxez, pc-konferentziaz, bideo-konferentziaz eta antzeko baliabide teknikoz baliatuz har ditzake, kideek erabakiak jasoko dituzten bermea izanik eta berariaz onartzen badute. Horrelakoetan, Hauteskunde Batzordeko idazkariak kasuan kasuko akta egingo du, federazioaren administrazio zerbitzuen laguntzaz, horrixe erantsirik eskutitz, fax eta antzeko agirien originalak.

Hauteskunde Mahaiko eta Hauteskunde Batzordeko kideei halako diru-ordainketa bat egin dakieke, organo horiei dagozkien eginkizunak betetzearen truke hain justu. Kasuan kasuko kirol federazioaren biltzar orokorrak finkatuko ditu ordainketa horien baldintzak, izendapenaren aurretik inondik ere.

Hauteskunde Batzordearen eta Hauteskunde Mahaiaren saio bakoitzaren akta egin beharko da. Bildutako kide guztiek izenpetu beharko dute akta hori.

Hauteskunde Batzordearen eginkizunak kasuan kasuko kirol federazioaren egoitzan burutuko dira. Aparteko kasuetan, eta kideek aho batez hartutako erabakia baldin bada, Hauteskunde Batzordeak beste lokal batzuetan burutu ahal izango ditu bere eginkizunak.

  1. Hauteskunde Batzordeko eta Hauteskunde Mahaiko kide izateko, pertsonek kargua onartu beharko dute.

  2. Kargua onartu behar horretatik libre eta inolako diziplina-erantzukizunik gabe geratuko dira beren lan, familia, ikasketa, osasun edo antzeko arrazoiak direla-eta bere eginkizunak behar bezala betetzerik ez duten pertsonak.

Eusko Jaurlaritzaren Kirol Zuzendaritza eta Foru Aldundi bakoitzean kirol arloan eskumena duten organoak ahaleginduko dira euskal zein lurraldeko kirol federazioei laguntza ematen arlo honetan, behar diren baliabide materialak zein giza baliabideak eskainiz.

  1. Hauteskunde erroldan jasota ageri da hautagai eta hautesle izateko baldintzak betetzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoen zerrenda, hain zuzen ere kasuan kasuko federazioan sufragiorako eskubidea aldi baterako edo behin betiko galdu ez dutenena.

  2. Lurralde-federazioetako biltzar orokorretako kideek osatuko dute euskal federazioen hauteskunde errolda.

Hauteskunde erroldako inskripzioak, gutxienez, izen-abizenak, nortasun agiria, sexua eta federazio-lizentziaren zenbakia jasoko ditu pertsona fisikoen kasuan. Pertsona juridikoen kasuan, berriz, inskripzioak gutxienez sozietatearen izena, identifikazio fiskalaren zenbakia, Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroko inskripzio-zenbakia eta federazio-afiliazioaren zenbakia bilduko ditu.

  1. Hauteskunde errolda atalka antolatuko da, estamentuka.

  2. Pertsona fisiko bakoitza atal batean inskribatuta egongo da. Inor ezin da atal batean baino gehiagotan inskribatuta egon. Pertsona batek hainbat estamentutan baldin badu federazio-lizentzia, bat aukeratu beharko du. Egoera horretan dagoen pertsona batek ez badu aukeraketa hau berariaz egiten, automatikoki geratuko da lizentzia kopururik txikiena duen estamentuari atxikita.

  1. Kasuan kasuko lurralde federazioaren hauteskunde-errolda onartzeko, Hauteskunde Batzordeak kontuan hartuko ditu erroldak, fitxategiak, estatistika-datuak, zigor-erregistroak eta abar; horiek guztiak, Hauteskunde Batzordeak berak eskatuko dizkio lurraldeko edo euskal federazioaren administrazio-organoari. Hauteskunde Batzordeak ez du eskumenik federazio lizentziak baliogabetzeko edo ezeztatzeko, eta, horrenbestez, aintzakotzat hartuko ditu administrazio-bidean edo bide judizialean baliogabetu edo ezetsi ez diren federazio lizentzia guztiak. Horrek ez du esan nahi edozein interesdunek eskubidea ez duenik organo eskudunei eskatzeko lizentziak baliogabetu edo ezets ditzan.

  2. Euskal federazio guztiek eta lurraldekoek lankidetzan aritu beharko dute dagokien Hauteskunde Batzordeak eskatzen dien informazio eta dokumentazio guztia ahalik eta azkarren igortzearren.

Kirol federazio bakoitzaren hauteskunde erroldaren zabalpen egokia bermatzearren, errolda onartzen duen Hauteskunde Batzordeak iragarki-taulan jarri beharko du errolda bera; bide batez, errolda behar bezala ezagutzeko egoki diren neurri osagarri guztiak hartu beharko ditu.

  1. Interesdunek bost egun naturaleko epea izango dute Hauteskunde Batzordeak behin-behinean onartutako hauteskunde erroldari buruzko alegazioak egiteko. Alegazio horiek Hauteskunde Batzordearen aurrean aurkeztuko dira, eta horrexek erabakiko du bidezkoak diren ala ez, behin betiko onespenaren unean.

  2. Errekurtsoak erabaki ondoren, eta hauteskunde-errolda behin finkatu eta gero, ez da inolako inpugnaziorik egiterik izango erroldaren inguruan hauteskunde-prozesuaren beste faseetan zehar, betiere prozesua amaitutakoan Kirol Justiziako Euskal Batzordean edo auzibidean abia daitezkeen inpugnazioei kalterik eragin gabe.

  3. Euskal federazioek eskubidea izango dute lurralde federazioen errolden aurka alegazioak eta errekurtsoak aurkezteko.

Ez da inola ere onartuko lurralde eta euskal federazioen hauteskunde-prozesuetan posta bidez bidalitako botorik.

  1. Hautagaiek adinez nagusia den eta bere gaitasun zein eskubideez baliatzeko moduan dagoen edozein pertsonaren aldeko ahalordeak eman ahal izango dituzte, kontu-hartzaile gisa aritu ahal izan daitezen, hautagaien beren izenean, hauteskunde-ekitaldietan.

  2. Ahalorde hori notario baten aurrean eman beharko da, edota kirol federazioaren idazkariaren aurrean, federazioaren erregelamenduan ezarritako baldintzak betez.

Kontu-hartzaileen eginkizun bakarra bozketa ekintza bera eta boto zenbaketa ikustea izango da; edonola ere, eskubidea izango dute hauteskunde-ekitaldiaren garapenari buruz egiten dituzten adierazpenak eta bozketa eta boto-kontaketari buruz egiten diren erreklamazioak aktan jasota gera daitezen.

Hautagaiek izendatutako kontu-hartzaile horien parte hartzeak ez du inolako kalterik eragingo urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuak 18. eta 19. artikuluetan Administrazioaren esku-hartzeaz ezartzen duen ahalmen-esparruan.

Kontu-hartzaileek beren izaera egiaztatu beharko dute Hauteskunde Mahaiaren aurrean; horretarako, ahalordea eta Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo antzeko identitate-agiriren bat aurkeztu beharko dituzte. Hauteskunde Mahaiak aukera emango die kontu-hartzaile horiei bozketa eta boto zenbaketa gauzatzen diren tokian egoteko.

Hauteskunde Mahaiaren eta Hauteskunde Batzordearen erabakien aurkako errekurtsoak Hauteskunde Batzordeari berari zuzenduko zaizkio, Kirol Justiziako Euskal Batzordeari dagozkion kontuetan izan ezik. Errekurtsoak aurkezteko epea bi egun baliodunekoa izango da.

  1. Hauteskunde Batzordeak gehienez lau egun naturaleko epean emango du ebazpena, errekurtsoa aurkezten denetik kontatzen hasita.

  2. Ebazpenak oso-osorik edo zati batean baiets edo ezets ditzake errekurtsoan azaldutako asmoak, edota besterik gabe baztertutzat jo.

  3. Errekurtsoa ez bada berariaz erabakitzen ezarritako epean zehar, ezetsitzat jo ahal izango da, eta, hala, zabalik geratuko da Kirol Justiziako Euskal Batzordera jotzeko bidea.

  4. Hauteskunde-errekurtsoen gainean Hauteskunde Batzordeak ematen dituen ebazpenek amaitutzat ematen dute federazio-bidea, eta haien kontra Kirol Justiziako Euskal Batzordean jar daiteke errekurtsoa.

  5. Organo eskudunen hauteskunde-ebazpenak gauzatzea federazioaren Hauteskunde Batzordearen eginkizuna da, kasuan kasuko federazio organoen lankidetzaz.

  6. Hauteskunde Batzordearen erabakiak exekutiboak izango dira.

  7. Halako ekintza batzuk baliogabetuz gero, bere horretan mantenduko dira irregulartasuna bete ez balitz ere bere edukiaz berdin-berdin garatuko ziren ekintzak eta izapideak.

  8. Hauteskunde-prozesuen kontrola eginkizun publiko administratiboa da, eta ezin da inongo arbitrajeren menpean egon.

Hauteskunde Batzorde bakoitzak bermatu beharko du kasuan kasuko kirol federazioko kide guztiek behar besteko informazioa izatea hauteskunde-prozesuari buruz, eta halaz, dagozkien eskubideak erabili ahal izan ditzaten.

Hauteskunde-prozesu batean sartuta dagoen kirol federazioan jardunean den administrazio-organoak behar adina baliabide material zein giza baliabide eskaini beharko dizkio Hauteskunde Batzordeari, hauteskunde-prozesuaren zabalkunde egokia lortzeko.

  1. Hauteskunde-prozesu bakoitzari dagozkion agiri eta erabaki guztiak federazio bakoitzaren iragarki-tauletan azaldu beharko dira, nahitaez. Euskal federazioen hauteskunde-prozesuen kasuan, lurralde federazioen iragarki-tauletan ere jarriko dira jendaurrean. Halaber, lurralde federazioen hauteskunde-prozesuen kasuan, euskal federazioen iragarki-tauletan ere jarriko dira jendaurrean.

  2. Kirol federazio bakoitzean hautesleen eskura jarriko dira hauteskunde-prozesuan diren agiri garrantzitsuenen kopiak, behar adinakoak, esaterako egutegi, errolda eta hauteskunde-erregelamenduarenak.

  3. Aurreko ataletan aipaturiko publizitate-esparru horiek ezberdinak direnez, federatuen eskura behar adina kopia jartzeko obligazioa ez da nahikotzat joko iragarki-taulen bidez egiten denarekin.

Interneten web-orri bat duten kirol federazioek bertan sartu beharko dituzte hauteskunde-erroldaren testuak, hauteskunde-egutegia eta hauteskunde-erregelamendua, eta interes orokorrekoak diren hauteskunde-batzordeen ebazpenak. Publizitate horrek bertan aipatzen diren pertsonen ohorea eta intimitatea errespetatu beharko ditu.

Kirol federazioek hauteskunde-erroldaren, hauteskunde-egutegiaren eta hauteskunde-erregelamenduaren kopia bana igorriko diote dagokion administrazio-organoari, hauteskunde-prozesuaren zabalkunde osagarria zertzeko.

Biltzar Orokorraren osaketan sartuko dira:

  1. Lurralde federazioetan, beren estamentuen ordezkariak.

  2. Euskal federazioetan, lurralde federazioen estamentuen ordezkariak.

  1. Lurralde federazioen Biltzar Orokorrean estamentu bakoitzari dagokion kide kopurua kasuan kasuko estatutuetan finkatuko da.

  2. Euskal federazioen Biltzar Orokorrean estamentu bakoitzari dagokion kide kopurua kasuan kasuko estatutuetan finkatuko da.

  3. Lurralde federazioetan estamentu bakoitzeko biltzarkide kopurua nahikoa izateko euskal federazioen biltzar orokorretako estamentuetan dagozkionak betetzeko, lurralde federazioetako biltzarren osaketari zuzen egokitzen zaion kide-kopurua onartuko du euskal federazio bakoitzaren hauteskunde-batzordeak.

  1. Euskal federazioen eta lurralde federazioen Biltzar Orokorraren osaketan, klub, kirol elkarte, kirolari, teknikari eta epaileen ordezkariak sartuko dira, honako proportzio honetan:

    1. Biltzar Orokorraren kide kopurutik % 70 eta % 90 bitarte izango dira atxikitako kirol klub eta elkarteen ordezkarientzat.

    2. Biltzar Orokorraren kide kopurutik % 5 eta % 15 bitarte izango dira kirolarien ordezkarientzat.

    3. Biltzar Orokorraren kide kopurutik % 5 eta % 15 bitarte izango dira teknikari eta epaileen ordezkarientzat.

  2. Federatutako kirolari gehienak kirol klub edo elkarteetan sartzeke dauden kirol federazioetan, horien ordezkaritza % 60koa izango da, gutxienez. Kirol klub eta elkarteen estamentuaren ordezkaritza, gutxienez, Biltzar Orokorreko kideetatik % 20koa izango da.

  3. Hauteskunde Batzordeak kirol klub eta elkarteei esleitzen dien boto haztatuak beti errespetatu beharko ditu artikulu honetan ezarritako ehunekoak.

  4. Batzarkide izaera pertsona juridikoari dagokio, ez haren ordezkari diharduen pertsona fisikoari.

  1. Federazio batean halako estamentu bat falta baldin bada, beste estamentuek Biltzar Orokorrean duten ordezkaritza handiagotu ahal izango da, proportzionalki betiere. Estamentu bateko hautagai guztiak harturik ere, dagokion ordezkaritzaren gutxienekora heltzerik ez dagoenean, hutsuneak beste estamentuek beteko dituzte, proportzionalki.

  2. Lurralde federazio bateko biltzarkide ez den pertsona edo erakunde bat ezin da izan, inola ere, euskal federazioaren biltzar orokorraren kidea. Era berean, lurralde federazio batean kide izateari uzteak zuzenean dakar euskal federazioan ere kide izateari uztea.

  3. Hutsuneak beste estamentuetara atxikitzeko irizpideak hauteskunde-erregelamenduetan jasota egon behar du, edo, hori ezean, Hauteskunde Batzordearen baitan egongo da. Ez da onartuko lurralde federazio bateko hutsuneak beste lurralde federazio batzuetako ordezkariekin betetzea.

  1. Biltzar Orokorreko kide hautatu batek galtzen badu hautatzeko unean baliagarri izan zitzaion izaera, automatikoki baja izango da Biltzar Orokorrean.

  2. Boto haztatuaren ondorioz kirol klub eta elkarteen kirol egoeran egiten den aldaketak ez du boto haztatu hori aldaraziko lau urteko agintaldian. Klub edo elkarteek baja ematen dutenean soilik kalkulatuko da berriro boto hori. Kasu horretan, kluben bajak hauteskunde-erregelamendu bakoitzak edota Hauteskunde Batzordeak ezarritako irizpideari jarraituz alta ematen duten klub berriek ordeztuko dituzte kluben bajak.

  3. Federazio bakoitzaren hauteskunde-erregelamenduak zehatz-mehatz arautu beharko du Biltzar Orokorreko postu hutsak betetzeko sistema. Hori ezean, Hauteskunde Batzordeak xedatuko ditu postu hutsak betetzeko irizpideak. Horretarako, postu hutsak betetzeko egunean eguneratuta dauden erroldak erabiliko dira beti.

  4. Sistema horrek lehentasuna emango dio estamentu bakoitzeko postu hutsak ordezkoen bidez betetzeko moduari. Ordezkoen bidez ez bada nahikoa, hauteskunde partzialak egingo direla bermatu beharko du kirol federazio bakoitzak. Hauteskunde partzial bana egin ahal izango da, gehienez, lau urteko agintaldietan. Hauteskunde partzial hori ezingo da egin agintaldia hasten denetik bi urte igaro arte, gutxienez.

  5. Aurreko irizpideak erabilita ere ezin badira postu huts guztiak bete, postu horiek amortizatu egingo dira.

Hauteskunde-deialdia egin ahal izateko, kirol federazio bakoitzeko presidenteak kargua utzi eta Hauteskunde Batzordeari dei egingo dio, hauteskunde-prozesua abiatzeko behar diren erabakiak har ditzan.

BIGARREN ATALA

LURRALDEKO KIROL FEDERAZIOAK

  1. Lurraldeko kirol federazioen Biltzar Orokorrean kirol klub eta elkarteen estamentuak izango dituen ordezkariak klub eta elkarteen ordezkariek hautatuko dituzte, beren artetik; hautaketa honetan parte hartuko duten klub eta elkarteek Eusko Jaurlaritzaren Kirol Erakundeen Erregistroan sartuta egon behar dute, eta hauteskundeak egiten diren denboraldian zehar eta aurreko denboraldian kirol jardueraren bat burututa izan behar dute. Hauteskundeak egiten diren denboralditzat hartzen da hauteskunde-prozesua abian jartzen denekoa.

  2. Kirol federazioek klub edo kirol elkarte bakoitzari dagokion boto kopurua finkatuko dute, eskala batez baliatuz; ordezkaritza bereizia izanez gero, kasuan kasuko modalitatean duen kirolari federatuen kopurua hartuko da kontuan, banaketarako.

  3. Kirol jarduera esanguratsutzat zer hartzen den jakiteko, kasuan kasuko estatutuetara edo hauteskunde-erregelamendura joko da. Dena dela, kirol klub edo elkarte batek kirol jarduera burutzen duela aitortzeko, hauteskundeak egiten diren urtean eta aurrekoan indarreko lizentzia duen gutxieneko kirolari-kopuru bat izan behar du. Kopuru hori federazio bakoitzak ezarriko du estatutuetan edo hauteskunde-erregelamenduan. Euskal federazioek ezingo diete kirol klub eta elkarteei eskatu lurralde federazioetan parte hartzeko eskatutako baino lizentzia-kopurua handiagorik.

  4. Lehenengo paragrafoan adierazitako denbora-eskakizuna betetzat jotzeko, nahitaezkoa izango da Hauteskunde Batzordeak hauteskundeetarako deialdia egiten duen egunaren aurreko seihileko bietako bakoitzean kirol jarduerak burutu izana.

  5. Ez da hauteskunderik beharko baldin eta estatutuetan xedatzen bada kirol klub edo elkarte guztiek dutela Biltzarrean parte hartzeko eskubidea, gutxieneko baldintza batzuk betez gero.

  6. Federazioek ezingo dute ezarri Biltzar Orokorrean parte hartzeko edo botoak haztatzeko betekizun gisa ez kirol ekipamenduen titularitatea ezta ekipamendu horien erabilgarritasuna, edukitzea edo jabetza ere.

Lurraldeko Biltzar Orokorrean kirolarien estamentuak izango dituen ordezkariak hautesle-errolda onartzen den urtean hamazortzi urtetik gora dituzten kirolarien artean hautatuko dira; indarreko lizentzia izan behar dute hauteskundeak egiten diren urterako, bai eta aurreko urtean ere. Bozketaren unean hamasei urtetik gora dituzten eta aurreko baldintzak betetzen dituzten kirolariek aukeratuko dituzte ordezkari horiek.

Biltzar Orokorrean teknikari eta epaileen estamentuen ordezkariak hauteskundeak egiten diren urterako eta aurreko urterako lizentzia indarrean duten teknikariek eta epaileek berek hautatuko dituzte, hurrenez hurren, beren artetik, edonolakoa dela ere lizentziaren kategoria.

Lurralde federazioen estatutu eta erregelamenduek beste baldintza batzuk erants ditzakete, baldin eta horrelakoen bidez inolako bazterketarik ezartzen ez bada eta kasuan kasuko kirol modalitatearen ezaugarriak kontuan hartuz justifikatuta badaude.

  1. Hautagai-zerrendak Hauteskunde Batzordeak onartutako ereduan aurkeztuko dira. Federazio bakoitzaren administrazio-zerbitzuek zuzemen bat egin beharko dute, bertan erasota lagaz hautagai-zerrenda aurkeztu den eguna, eta bide batez horren erreziboa emanez zerrenda aurkeztu duenari.

  2. Hautagai bakoitzak Biltzar Orokorrerako hautagai-zerrenda bakarra aurkez dezake.

  3. Euskal federazioen Zuzendaritza Batzorderako hautagai-zerrendetan ez dira sartuko lurralde federazioetako presidenteak, zeren 16/2006 Dekretuaren 90.3 artikuluan xedatutakoaren arabera eskubide osoko kide baitira.

  1. Bozketa estamentuka egingo da, estamentu bakoitzeko kideen artean, barrutirik gabe. Botoa sekretua izango da, eta Hauteskunde Batzordeak emandako txartel ofiziala erabiliko da horretarako. Hautesle bakoitzak bere nortasuna egiaztatu beharko du, nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidatzeko baimena edo nortasuna adierazteko baliagarria den beste agiriren bat aurkeztuz. Pertsona juridikoek klubaren edo elkartearen idazkariak eman eta presidenteak ontzat emandako ziurtagiri bat aurkeztuko dute, bertan adierazi beharko baita nork duen erakundearen ordezkaritza legala, edota nork duen botazioetarako ahalordea.

  2. Izapide hori bete eta gero, hautesle bakoitzak txartela emango dio Hauteskunde Mahaiaren presidenteari, eta horrek hautestontzian sartuko du.

  3. Bozketa amaitu eta gero, Hauteskunde Mahaiko kideek gauza bera egingo dute; lehenik idazkariak emango du botoa eta azkena presidentea izango da.

  4. Teknikari, epaile eta kirolarien estamentuetako hautesle bakoitzak haren estamentuko zenbat biltzarkide, hainbat hautagai-boto eman ahal izango ditu.

  5. Estamentu batean aurkeztutako hautagai-kopuruak aukeratu beharreko pertsona-kopuruarekin bat egiten duenean edo txikiagoa bada, zuzenean egingo du haien aldarrikapena Hauteskunde Batzordeak, bozketa egin beharrik izan gabe.

  1. Bozketa ekitaldia amaitu eta gero, Hauteskunde Mahaiak botoak zenbatuko ditu.

  2. Hauteskunde Batzordeak ofizialki onartutako ereduaz besteko kartazal edo txarteletan emandako botoak baliogabeak izango dira, eta baita kartazalik gabeak edota hautagai-zerrenda desberdinetako txartel bat baino gehiago duten kartazaletan emandakoak ere. Kartazalean hautagai-zerrenda bereko txartel bat baino gehiago baldin badago, baliozko boto bakartzat zenbatuko da.

  3. Botorako txartelean hautagaien izenak aldatu, erantsi, markatu edo ezabatu baldin badira, edota jarrita dauden hurrenkera moldatu, baliogabeak izango dira; gauza bera beste edozein aldaketa gertatu bada txartelean.

  4. Zuriz emandako bototzat hartuko dira txartelik gabeko kartazalak edota txartel zuriz agertzen direnak.

Kasuan kasuko posturako boto kopururik handiena eskuratzen duen hautagai-zerrenda izango da irabazlea.

  1. Boto-berdinketa gertatuz gero, emakumeak buru dituen hautagai-zerrenda izango da irabazlea. Berriro ere berdinketa gertatzen bada, federazioan antzinatasun handiena duen pertsona edo entitatea izango da irabazlea.

  2. Berdinketak bere horretan segitzen badu, Hauteskunde Batzordeak zozketa bat egingo du, berdinduta dauden hautagai-zerrenden artean.

    HIRUGARREN ATALA

    EUSKAL KIROL FEDERAZIOAK

Lurralde federazioen Biltzar Orokorrak hautatzeko epea amaitu eta gero, euskal federazioaren presidenteak Hauteskunde Batzordeari dei egingo dio, hauteskunde-prozesua abiaraz dezan.

  1. Euskal federazioaren Biltzar Orokorreko kideak hautatzeko prozesua hasteko, lurralde federazio bakoitzari ordezkariak izendatuko zaizkio. Izendapen hori euskal federazioaren Hauteskunde Batzordeak egingo du, lurralde federazioek estamentu bakoitzean izendatuta duten kide kopuruaren eta euskal federazioan guztira den kopuruaren proportzioan.

  2. Ordezkari-izendapen hori hauteskunde-ekitaldi bat da berez eta, ondorioz, Hauteskunde Batzordean horren kontrako errekurtsoak aurkez daitezke.

  3. Lurralde federazio bakoitzaren ordezkariak izendatzeko, euskal federazio bakoitzaren hauteskunde-batzordeak bere erroldak, artxiboak edo fitxategiak erabiliko ditu, bai eta lurralde federazioei eskatzen zaien dokumentazio guztia ere.

  4. Euskal federazioen hauteskunde-batzordeek ez dute eskumenik izango ebazteko lurralde federazioetan egindako hauteskunde-prozesuak Zuzenbidearekin bat datozen ala ez datozen, nahiz eta hauteskunde-prozesu horiek gerora ondorioak izan federazioen biltzarren osaketan. Prozesuak baliozkotasunez egindakotzat joko dira eta, hortaz, hauteskunde-batzorde horiek aintzakotzat hartu beharko dituzte hauteskundeen emaitzak eta lurralde federazioetako biltzarkideak onartu, salbu eta dagokien administrazio-bidean edo bide judizialean baliogabetu edo ezetsi ez badira.

Ordezkarien izendapena agiri bidez jakinaraziko zaio lurraldeko kirol federazio bakoitzari, eta euskal federazioaren eta lurralde federazioen iragarki-tauletan jarriko da, hauteskunde-erregelamenduak zehazten duen epean zehar.

  1. Lurralde federazioek epe bat izango dute euskal federazioaren Biltzar Orokorrean izango dituzten ordezkariak hautatzeko. Epe hori euskal federazioaren hauteskunde-erregelamenduak zehaztuko du.

  2. Lurralde federazioen estamentuek Euskal Federazioaren Biltzar Orokorrean kideak izendatu ondoren egingo dituzten beren bozketak. Lurralde federazio bakoitzaren presidentearen eginkizuna izango da Biltzar Orokorraren ohiz kanpoko bilkuraren deialdia egitea, haren hautagaiak hautatzeko. Estamentu bakoitzak bere bozketa egingo du.

  3. Lurralde federazioetan hautatzen diren euskal federazioen Biltzar Orokorreko kideak, lurralde federazioetako kideak izango dira.

  4. Aurrekoa gorabehera, ordezkari horiek zertzen dituzten bozketak euskal federazioaren Biltzar Orokorra eratzeko hauteskunde-ekintzatzat hartuko dira; ondorioz, bozketa horien legezkotasunaren kontrola euskal federazioaren beraren Hauteskunde Mahaiari eta Hauteskunde Batzordeari dagokie.

  5. Ordezkariak hautatzeko bozketetan berdinketarik gertatuz gero, 53, artikuluko irizpideak erabiliko dira berdinketa hausteko.

  1. Presidentea edo Zuzendaritza Batzordea hautatzeko hautesle-multzoa Biltzar Orokorreko kide guztiek osatuko dute, salbu eta Zuzendaritza Batzordea presidenteak zuzenean hautatzen duen kasuetan.

  2. Presidentearen hautaketan hautesle eta hautagai izan daitezke federazio-estamentuetako ordezkari diren Biltzar Orokorreko kideak.

  3. Biltzar Orokorreko kidea den pertsona juridiko baten ordezkaria ezin da izan aldi berean biltzar horretako kide beste estamentu baten izenean.

  4. Biltzar Orokorreko kide diren pertsona juridikoen ordezkaritza, beren presidenteari edota ordezkaritza hori behar bezala egiaztatzen duen pertsonari dagokio. Ordezkaritza hori egiaztatzeko, nahikoa izango da kirol klub edo elkarteko idazkariak emandako ziurtagiria aurkeztea, presidentearen oniritziarekin, non adieraziko den nor den presidente edo nor izendatu den kirol entitatearen ordezkari.

  5. Federazioaren presidente izateko aukeratutako pertsonak Biltzar Orokorreko kide izateari uzten badio, karguan jarraituko du agintaldia amaitu arte, nahiz eta horrek ez duen esan nahi Biltzar Orokorreko postu hutsa bete behar ez denik.

  6. Presidentziak bere Zuzendaritza Batzordea hautatzea ez da hauteskunde-ekintzatzat joko.

Biltzar Orokorreko kideak behin betiko aldarrikatu ondoren, gutxienez 7 egun naturaleko epea izango da presidente edo Zuzendaritza Batzorderako hautagai-zerrendak aurkezteko.

  1. Hautagai-zerrendak aurkezteko inprimakiak Hauteskunde Batzordeak ofizialki onartutakoak izango dira; era berean, federazio bakoitzaren hauteskunde-erregelamenduak finkatutako epean eta moduan aurkeztuko dira. Hauteskunde Batzordeak egiaztatu egin beharko du, ofizioz, hautagaiek beren agintaldiaren mugei buruz federazio-arauek diotena betetzen dutela, presidentziak bidaltzen dion dokumentazioan oinarrituta.

  2. Zuzendaritza Batzorderako hautagai-zerrendetan kide guztien sinadurak izango dira. Hautagai-zerrenda hauek itxiak edo irekiak izan daitezke, hauteskunde-erregelamenduak zehazten duenaren arabera.

  3. Behin aurkeztu ondoren, hautagai-zerrendak ezin dira aldatu.

  4. Zuzendaritza Batzorderako hautagaietan emakumeen eta gizonen arteko ordezkaritza orekatua gorde beharko da. Ordezkaritza orekatutzat joko da baldin eta bi sexuok, gutxienez, % 40ko ordezkaritza badute. Hauteskunde-prozesuaren denboraldian gizonen edo emakumeen federazio-lizentziak % 40tik behera diren kirol federazioetan nahikoa izango da gutxiengoa den sexuaren ordezkaritza berdintzea edo gainditzea berari dagozkion federazio-lizentzien ehunekoa.

  1. Hautagai-zerrendak aurkezteko epea amaitu ondoren, Hauteskunde Batzordea bilduko da, zerrendak onargarriak diren ala ez erabakitzeko.

  2. Hautagai-zerrendak onartzeari edo ez onartzeari buruzko errekurtsoak jar daitezke Hauteskunde Batzordean bi egun balioduneko epean.

  3. Hautagai-zerrendaren batek konpontzeko moduko akatsik baldin badu, eskatu egingo zaio jakinarazitako akats horiek bi egun balioduneko konpontzeko.

  1. Hautagai-zerrendak behin betiko onartu eta gero, jarduneko presidenteak Biltzar Orokorrerako deialdia egingo du, hori eratzeko eta hautagai-zerrendak bozkatzeko. Deialdia egin egingo da, nahiz eta hauteskunde-egutegian bertan Biltzar Orokorrerako eguna zehaztuta egon.

  2. Biltzar Orokorra bildu eta Hauteskunde Mahaiaren presidenteak bilkurari hasiera eman ondoren, hautagai bakoitzak hitz egin ahal izango du bere programa azaltzeko. Horretarako gehienezko denbora hauteskunde-erregelamendu bakoitzak zehaztuko du.

  1. Bozketa estamentuka egingo da eta Hauteskunde Mahaiaren presidenteak haien izenaz hots egingo die biltzarkideei, hautatzen duten hautagai-zerrendaren txartela jar dezaten propio jarritako hautestontzian.

  2. Botoa sekretua izango da, eta Hauteskunde Batzordeak emandako txartel ofiziala erabiliko da horretarako. Botoa emateko, hautesle bakoitzak bere nortasuna egiaztatu beharko du, nortasun-agiri nazionala, pasaportea, gidatzeko baimena edo nortasuna adierazteko baliagarria den beste agiriren bat aurkeztuz. Pertsona juridikoek entitatearen idazkariak eman eta presidenteak ontzat emandako ziurtagiri bat aurkeztuko dute, bertan adierazi beharko baita nork duen erakundearen ordezkaritza legala, edota nork duen botazioetarako ahalordea.

  3. Izapide hori bete eta gero, hautesle bakoitzak txartela emango dio Hauteskunde Mahaiaren presidenteari, eta horrek hautestontzian sartuko du.

  4. Biltzar Orokorraren baitan ez da botoa eskuordetzan ematerik zein posta bidezko botorik onartuko. Kirol klub edo elkarte baten ordezkari den pertsona fisikoak ezingo du beste klub edo elkarterik ordezkatu.

  1. Bozketa ekitaldia amaitu eta gero, Hauteskunde Mahaiak botoak zenbatuko ditu.

  2. Hauteskunde Batzordeak ofizialki onartutako ereduaz besteko kartazal edo txarteletan emandako botoak baliogabeak izango dira, eta baita kartazalik gabeak edota hautagai-zerrenda desberdinetako txartel bat baino gehiago duten kartazaletan emandakoak ere. Kartazalean hautagai-zerrenda bereko txartel bat baino gehiago baldin badago, baliozko boto bakartzat zenbatuko da.

  3. Botorako txartelean hautagaien izenak aldatu, erantsi, markatu edo ezabatu baldin badira, edota jarrita dauden hurrenkera moldatu, baliogabeak izango dira; gauza bera beste edozein aldaketa gertatu bada txartelean.

  4. Zuriz emandako bototzat hartuko dira txartelik gabeko kartazalak edota txartel zuriz agertzen direnak.

  1. Baliozko botoetan gehiengo sinplea lortzen duen hautagai-zerrenda izango da irabazlea.

  2. Hautagai-zerrenda irabazlearen buru den pertsona izango da Federazioaren presidentea.

  1. Boto kopuruan berdinketa gertatuz gero, bozketa berri bat izango da Hauteskunde Batzordeak zehazten duen gehienezko epean. Bozketa berrian parte hartuko dute lehen postuetan berdindurik geratu diren hautagai-zerrendek soilik.

  2. Berriro berdinketa gertatzen bada, emakumeak buru dituen hautagai-zerrenda izango da irabazlea. Berdinketak bere horretan segitzen badu, Hauteskunde Batzordeak zozketa bat egingo du zazpi eguneko epean, berdinduta dauden hautagai-zerrenden artean.

Bat ere hautagai-zerrendarik aurkeztu ezean, Hauteskunde Batzordeak epe berri bat zabalduko du, hautagai-zerrendak aurkezteko.

Bigarren epean ere hautagai-zerrendarik aurkezten ez bada, Hauteskunde Batzordeak egoera horren berri emango dio federazioaren jarduneko presidenteari, aparteko biltzar orokor baterako deialdia egin dezan federazioa desegitea erabakitzeko.

Federazioaren Presidentziarako hautagai-zerrenda bakarra dagoenean, ez da beharrezkoa izango inolako bozketarik, eta besterik gabe Hauteskunde Batzordeak hautagaia izendatuko du Federazioaren presidente.

  1. Bozketa egin eta gero, Hauteskunde Mahaiak zenbaketaren akta idatziko du, ahalik eta azkarren Hauteskunde Batzordeari bidaltzeko, botorako txartelekin batera.

  2. Kontu-hartzaileek eta hautagai-zerrendek eskubidea izango dute agiri horren ziurtagiri bat eskuratzeko, hala eskatzen badute.

  3. Hauteskunde Batzordeak, zenbaketaren emaitzak eta bozketaren gorabeherak biltzen dituen akta jaso ondoren, hautagai-zerrenda irabazlearen buru den pertsona presidente izendatuko du behin-behingoz, eta hala egokituz gero, baita Zuzendaritza Batzordeko kideak ere.

  4. Hautagai-zerrenda irabazleak behin-behinean aldarrikaturik, eta aurkeztutako erreklamazioak edo errekurtsoak ebatzi eta gero, behin betiko aldarrikapena egingo da. Handik hara, hautatutako karguak bere eginkizunak burutu ahal izango ditu, jabetza-ekintza formalik egin beharrik gabe.

Lehenengoa. Datu pertsonalak babestea.

  1. Betiere Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa beteko da.

  2. Hauteskunde-erroldako datuak jendaurrean jartzeko edo lagatzeko ez da beharrezkoa izango federatuen berariazko onespena, baldin eta helburua hauetako bat bada: hauteskunde prozesuan hautesleek, berdintasunezko baldintzetan, beren eskubideak erabil ditzaketela bermatzea, edo agindu honetan federazioetako hauteskunde organoei esleitzen zaizkien eginkizun edo funtzioak gauzatzea.

  3. Hauteskunde Batzordeak behin betiko onartutako hautagai-zerrendek eskubidea izango dute hautesle-errolden kopia bat eskuratzeko.

  4. Hirugarren batzuek erabiltzen badituzte hauteskundeetako datuak hauteskunde-prozesuarekin loturarik ez duten helburuetarako, bidezko erantzukizun diziplinario, administrazio edo penaletan jausiko dira.

    Bigarrena. Egun baliodunak.

    Agindu honetan edo federazio-erregelamenduetan ezarritako epeak, kontrakoa dioen xedapenik ematen ez bada berariaz, egun baliodunei buruzkoak dira; hau da, igandeak eta bestelako jaiegunak kanpo daude.

    Hirugarrena. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta hauteskundeei buruzko legedi orokorra aplikatzea.

    Agindu honetan eta hauteskunde-erregelamenduetan ezarritakoa osatze aldera, prozedura-arloan aplikagarri izango dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak jasotzen dituen irizpide eta arauak. Hauteskunde arloan, hauteskunde-legedi orokorrean jasotako irizpide eta arauak aplikatuko dira.

    Laugarrena. Hauteskunde-erregelamendu berria onartzea eta estatutuak egokitzea.

    Seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren kalte gabe, hauteskunde-erregelamendu berri bat izan nahi duten lurraldeko kirol federazioek zein euskal federazioek agindu hau indarrean sartu eta gehienez ere bi hilabeteko epean onartu beharko dute delako erregelamendu hori. Beren estatutuetan agindu hau urratzen duen xedapenik izanez gero, batera tramitatu beharko dute, baita ere, arau horren egokitzapena, salbu eta aipatu seigarren xedapen gehigarri horretan ezarritakoari eusten badiote.

    Bosgarrena. Batzar orokorretako boto haztatua.

  1. Hauteskunde Batzordeak finkatuko du kirol klub edo elkarte bakoitzari Batzar Orokorretan dagokion boto kopurua, lau urteko agintaldian baliagarria izango dena. Hauteskunde Batzordea da zein klub edo elkartek parte hartzen duen Batzar Orokorrean erabakitzen duena eta horietako bakoitzari zenbat boto dagozkion.

  2. Batzar Orokorraren zenbait bozketatan isilpekotasuna bermatze aldera, klub edo elkarte bakoitzaren botoa sekretua izango dela ziurtatzeko neurri teknikoak hartuko dira.

  3. Lurralde federazioen batzar orokorretan botoa haztatzeak ez dakar nahitaez euskal federazioen batzar orokorretan ere botoa haztatu behar denik.

  4. Batzar Orokorrean parte hartzen duen pertsona juridiko guztiek pertsona fisiko bana edukiko dute ordezkari bertan, alde batera utzita esleiturik duten boto-kopurua.

  5. Inongo klub edo elkartek ezingo ditu boto haztatuaren bidez eskuratu beste kirol entitate baten boto-kopurua halako hiru.

    Seigarrena. Indarreko estatutuak eta erregelamendua aplikatzea

    Baldin eta kirol federazio batek ez badu agindu honetan aurreikusitako epean onartzen bere hauteskunde-erregelamendu edo estatutuen egokitzapena, automatikoki aplikatuko dira bai 2008ko urtarrilaren 28ko Aginduaren babesean onarturiko hauteskunde-erregelamendua, bai indarrean dauden estatutuak, eta indarrik gabe geratuko dira agindu honen aurka doazen erregelamendu eta estatutuetako arauak; berorien ordez, hutsunerik gertatuz gero, aginduan eta bera garatzen duten arauetan xedatutakoa erabiliko baita.

    Zazpigarrena. Lizentzia zenbaketa.

    Agindu honen 45., 46., 47. eta 48. artikuluen ondorioetarako, lurralde federazioek eta euskal federazioek urte olinpikoaren lehenengo seihilekoari dagokion denboraldian dituzten lizentzietan oinarrituko dituzte beren hauteskunde-prozesuak.

Indargabetu egiten da Euskal kirol federazioen eta lurralde federazioen hauteskunde-erregelamenduak prestatzeko eta hauteskundeak egiteko irizpideak finkatzen dituen Kulturako sailburuaren 2008ko urtarrilaren 28ko Agindua eta agindu honen aurka dauden maila bereko edo gutxiagoko xedapen guztiak.

Lehenengoa. Arau garapena eta kasu berezien arauketa Eusko Jaurlaritzaren Kirol Zuzendaritzari baimena ematen zaio agindu hau aplikatzeko behar diren erabakiak har ditzan.

Bigarrena. Indarrean jartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 19a.

Kulturako sailburua,

María Blanca Urgell Lázaro.