Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

47/2016 DEKRETUA, martxoaren 15ekoa. Honen bidez, Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroa (ES2110024) kontserbazio bereziko eremu (KBE) eta hegaztientzako BBEa izendatzen da, hori kontserbatzeko neurriak barne.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 87
  • Hurrenkera-zk.: 1955
  • Xedapen-zk.: 47
  • Xedapen-data: 2016/03/15
  • Argitaratze-data: 2016/05/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Kultura eta Kirola
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Gobernu Kontseiluak 1997ko abenduaren 23an, 2000ko azaroaren 28an eta 2003ko ekainaren 10ean egindako bilkuretan hartutako erabakien bidez, Hegaztientzako Babes Bereziko sei Eremu (hegaztientzako BBE) izendatu ziren, eta 52 gune proposatu ziren Batasunaren garrantzizko leku (BGL) izateko. Proposamen hori Europako Batzordera eraman zen, eta han ontzat eman zuten Batasunaren Garrantzizko Lekuen zerrenda (BGL), 2004/813/EE eta 2006/613/EE erabakien bidez. Erabakiok Atlantikoko eta Mediterraneoko eskualde biogeografikoei dagozkie, hurrenez hurren, eta hortxe kokatzen da gure autonomia-erkidegoa. Horien artean, Valderejo (ES2110001) eta Sobrón (ES2110002) ez ezik, Valderejo-Árcenako mendilerroa (ES0000245) hegaztientzako BBEa ere badago, Arabako Lurralde Historikoan, Mediterraneoko eskualde biogeografikoetan.

Habitat Naturalak eta Basoko Fauna eta Flora zaintzeari buruzkoa den Europako Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren 4. artikuluak eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 44. eta 45. artikuluek ezarritakoari jarraikiz, autonomia-erkidegoek, jendaurrean jarri ondoren, beren lurralde-eremuko BGL guztiak kontserbazio bereziko eremu (KBE) izendatu eta eremuok behar bezala kontserbatzeko neurri egokiak ezarri beharko dituzte, kontuan hartuta lekuan lekuko habitat naturalaren eta espezieen berezitasunen araberako eskakizun ekologikoak. Kontserbazio-neurri horiek izango dira, batetik, kudeaketako planak eta baliabideak, eta, bestetik, erregelamenduzko neurriak, administratiboak edo kontratuzkoak.

Dekretu honen bidez, Valderejo eta Sobrón KBE izendatu eta KBE horiek kontserbatzeko helburuak eta neurriak onartzen dira, baita Valderejo-Árcenako mendilerroa hegaztientzako BBEarenak ere. Baina lurralde-eremu horrek naturagune babestuen tipologia hirukoitza biltzen du, parke naturala, kontserbazio bereziko eremu bi eta hegaztientzako babes bereziko eremu bat; azken biak Natura 2000 Sarekoak dira. Beraz, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren (NKLTB) 18. artikuluari jarraikiz, eremu hori antolatzeko mekanismoak koordinatu egin behar dira, eremuaren plangintza integratuko duen dokumentu bakar batean biltzeko; horrela, kategoria bakoitzean aplika daitezkeen araubide desberdinek osotasun koherente bat osatuko dute.

Parke naturalen kasuan, hiru tipologiak arautzen dituen dokumentu bakarraren lege-aurreikuspena ezin da gauzatu, legeak berak ezartzen baitu tipologia horiek Natura Baliabideak Antolatzeko Plan (hemendik aurrera, NBAP) batek (NKLTBaren 20. artikulua) eta Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plan (EKZP) batek (NKLTBaren 27. artikulua) arautu behar dituztela. Beraz, horrelako kasuetan, bi dokumentu egon beharko dira: bata parke naturalerako izaera bikoitza duen BNAPa eta KBE/hegaztientzako BBErako helburu eta erregulazioak jasotzeko; eta, bestea, izaera bikoitza duen EKZPa eta kudeaketa neurriak jasotzeko.

Gainera, onartzean, kontuan hartu behar da Eusko Jaurlaritzak eta foru-organoek dituzten eskumen konkurrenteek koordinazio-ahalegin berezia dakartela. Izan ere, NBaren tipologia guztien deklarazioa Eusko Jaurlaritzari dagokio edonola ere (NKLTBaren 19.1 artikulua). Parke naturalei dagokienez, NBAPa bideratzea eta onartzea Eusko Jaurlaritzaren eskumena da (NKLTBaren 7.a artikulua); EKZPrako, aldiz, prozedura bifasikoa jarraitzen da. Hau da, lehenik, foru-organoek bideratzen dute eta organo horiek onartzen dituzte parke naturalaren kudeaketari dagozkion jarraibideak; eta bigarrenik, Eusko Jaurlaritzak bideratzen du arau-zatia (NKLTBaren 29.e artikulua). Bestalde, KBE eta hegaztientzako BBEari dagokienez, helburuak eta araudiak onartzea Eusko Jaurlaritzaren eskumena da (NKLTBaren 22.5 artikuluaren lehen paragrafoa) eta neurriak foru-organoei dagozkie (NKLTBaren 22.5 artikuluaren bigarren paragrafoa). Nolanahi ere, baliabide desberdin horiek guztiak EHAAn argitaratu behar izaten dira beti.

Hala ere, Natura 2000 Sareko hiru eremu esparru geografiko batean elkartzen direnez, honako hau adierazi beharra dago: Valderejo KBEa, Sobrón KBEa eta Valderejo-Árcenako mendilerroa hegaztientzako BBEa dira guztira, eta azken horrek lehenengo biak bildu eta beste lurralde batzuk integratzen ditu. Eremu horien eta Natura 2000 Sarearen kudeaketa koherenteagoa izateko, logikoa dirudi babes-figura horiek guztiak naturagune babestu bakar batean bildu beharra. Horrela, horiek guztiek Valderejo-Árcenako mendilerroa hegaztientzako BBEari dagozkion mugak izango dituzte, Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroa KBE/hegaztientzako BBEa (ES2110024) izendapena emanda. Hori lortzeko, mugak zabaldu egin behar dira, bai Valderejo KBEarenak, bai Sobrón KBEarenak; horrela, gaur egun Valderejo-Árcenako mendilerroa hegaztientzako BBEak biltzen duen eremuarekin bat egingo dute, eta bi KBE horiek eta hegaztientzako BBEa biltzen dituen eremu administratibo berria sortuko da. Horrek ekarriko du aurreko izendapenak desegin eta elkarrekin biltzea Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroa KBE/hegaztientzako BBEa (ES2110024) izendapenean. Hortaz, Dekretu honen helburu nagusia Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroa Natura 2000 Sareko kontserbazio bereziko eremu eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (KBE/ hegaztientzako BBE) izendatzea eta Habitat Zuzentarauaren 6. artikuluak horrelako KBE eta hegaztientzako BBEetarako eskatzen dituen kontserbazio-neurriak onartzea da. Horiek, KBEak izateagatik eta Valderejo-Árcenako mendilerroa hegaztientzako BBE izateagatik, izendapenarekin batera aurkeztu behar dira, baita horien mugaketak ere. Hori guztia Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoa da. Geroago, betiere Arabako Foru Aldundiak EKZPa bidalitakoan, KBE/hegaztientzako BBEa kudeatzeko jarraibide eta neurri guztiak sartu beharko dira. Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez onartuko du plan horren arau-zatia eta dokumentu osoa EHAAn argitaratzea aginduko du. Horrela, dekretu honen 3.2 artikuluak ezarritakoarekin bat, EKZP horrek NKLTBaren 18. artikuluak eskatutako izaera bikoitza izango du, hau da, parke naturalerako EKZPa eta KBE/hegaztientzako BBErako kudeaketa jarraibideak izatea, NKLTBaren 22.5 artikuluaren bigarren paragrafoari jarraikiz. Horrela, eremu honen erregulazioa osatuko da eta 92/43/EEE Zuzentarauaren 6. artikulua bete-betean beteko da; ildo horretatik, dokumentuak egokitzea geroko utziko da, Naturagune Babestuen kategoria bakoitzean aplika daitezkeen araubide desberdinek osotasun koherente bat osatu arte, Azken Xedapenetatik Lehenengoan jasotakoarekin bat.

Guztiz eraginkorra izateko, formalki, Natura 2000 Sareko Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroa KBE/hegaztientzako BBE (ES2110024) berriak eskatzen du, KBEa izateagatik, Europako Batzordeak Erabaki bidez eta aldez aurretik baliozkotzea. Horregatik, mugaketaren kartografiak jatorrizko BGLen eta hegaztientzako BBEaren mugaketak ez ezik, KBE/hegaztientzako BBE berriarenak ere jasotzen ditu. Mugaketa berriak Dekretuaren 1.3 artikuluan jasotako baldintzak bete beharko ditu. Hala ere, KBEaren mugaketa berria geroago indarrean jartzeak ez du inolako ondoriorik zabaldutako eremuan kontserbazio neurriak ezartzean; izan ere, bi KBEen eta 2000an izendatu zen hegaztientzako BBEaren mugak eta araudi eta helburuak bateratu direnez gero, dokumentu bakar batek finkatzen dituen araudi eta helburuak Dekretua argitaratu orduko baitira aplikagarriak bi KBEek osatzen duten lurralde osoan.

Hori horrela izanik, 92/43/EEE Zuzentarauak kontserbazio bereziko eremu izendatzeko ezarritako eskakizunak betetze aldera, Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroa KBE/hegaztientzako BBEa (ES2110024) sakon aztertu da, eskala egokian irudikatu da Batasunaren intereseko habitaten banaketa eta haien kontserbazio-egoera ebaluatu da. Horretaz gain, etorkizuneko eremu horretako fauna- eta flora-espezie bereizgarrien banaketa eta kontserbazio-egoera ere aztertu da.

Lurralde zabala da, eta Arabako mendebaldeko eskualde menditsuan (Arabako haranen eskualdea) dago kokatuta. Bertan, populazioaren dentsitate baxuak eta harkaitz-azaleratze garrantzitsuak dituzten baso zabalak daude. Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroa eremuan, Habitaten Zuzentarauaren I. eranskinean jasotako Batasunaren intereseko 28 habitat-mota daudela atzeman da, gutxienez; eta haietatik bost lehentasunezkoak dira. Gainera, ondo kontserbatuta dauden ekosistemen aberastasun aparta du. Horretaz gain, flora-espezie mehatxatu anitzak daude bertan; horien artean, honako hauek dira nabarmentzekoak: Buxbaumia viridis, Orchis cazorlensis eta Ephedra nebrodensis, galzoriko espezieak izateagatik; eta Narcissus asturiensis, Zuzentarauaren II. eranskinean jasota egoteagatik. Bestalde, eta bertako habitaten aniztasun handiarekin bat, fauna-espezie asko daude. Batez ere, honako hauek dira azpimarratzekoak: kiroptero eta hegazti harkaiztarren espezie anitzak, bisoi europarra (Mustela lutreola), igaraba (Lutra lutra), bonelli arrano-aztorea (Aquila fasciata) edo ibai-karramarroa (Austropotamobius italicus).

Kontserbazio bereziko eremu izendatzeko prozeduran, parte-hartze sozialaren prozesua behar bezala bete da, ingurumenaren alorrean informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legearen printzipioei jarraikiz. Prozesu horretan, interes sozial eta ekonomikoen ordezkari diren hainbat eragilek hartu dute parte. Parte hartzeko bideak zabalik egon dira izapidetze-prozesu osoan, bai publiko interesdunari komunikazioak helarazita, bai horretarako prestatu den web-orrialdearen bitartez (http://www.euskadi.eus/natura2000); eremuari buruzko informazioa eguneratuta egongo da beti webgune horretan.

Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroa KBE/hegaztientzako BBEa (ES2110024) kontserbatzeko baliabideak Europako Batzordeak ezarritako printzipioei jarraikiz landu dira, 92/43/EEE Zuzentarauan jaso eta eremuan topatutako habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei erantzuna emateko asmoz.

Apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren 22.4. artikuluarekin bat, Dekretuak izendapena bera, lekuaren eta bere mugaketaren kartografia, izendapena arrazoitzen duten Batasunaren intereseko habitat motak eta animalia- eta flora-espezieak, horien kontserbazio-egoerari buruzko balorazio bat, lekuaren kontserbazio-helburuak eta jarraipen-programa bat ere jasotzen ditu.

Horrenbestez, alde batetik, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren 19.1 eta 22.5. artikuluetan eta, bestetik, Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45 eta 46.1 artikuluetan ezarritakoarekin bat, jendaurrean jarri ondoren, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2016ko martxoaren 15ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Valderejo eta Sobrón kontserbazio bereziko eremu (hemendik aurrera, KBE) izendatzen dira. Horiek, Valderejo-Árcenako mendilerroa Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuarekin batera (hemendik aurrera, hegaztientzako BBE) Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroa KBE/ hegaztientzako BBE osatzen dute (ES0000245), Arabako Lurralde Historikoan.

  2. KBEen mugak Dekretu honen I. eranskinean jasotakoak dira, eta xehetasun-azterketen ondorengo eguneratzearen ondorioz, bat datoz Mediterraneoko eskualde biogeografikoko Batasunaren Garrantzizko Lekuen Zerrenda onartzen duen Europako Batzordearen 2004/613/EE Erabakian jasotako mugekin.

  3. Aurreko idatzi-zatian aipatutako mugaketa I. eranskinean Valderejo-Árcenako mendilerroa hegaztientzako BBErako zehaztu diren muga geografikoetaraino zabalduko da, Europako Batzordeak onartutakoan.

  4. Era berean, I. eranskinean, Babeserako Eremu Periferikoa jasotzen da, Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren 19.2 artikuluari jarraikiz.

  5. Onartu egiten dira Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroa KBE/hegaztientzako BBEa kontserbatzeko II. eranskineko neurriak. Horiek bat datoz Dekretu honen 3. artikuluak ezarritako edukiarekin.

  1. Arau honen xedea honako hau da: KBE/hegaztientzako BBEan bermatzea Batasunaren intereseko habitat naturalak eta basoko fauna- eta flora-espezieen habitatak kontserbazio-egoera onean mantentzen direla edo egoera horretara berriro ekarriko direla. Habitat horiek ezarrita daude Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako Habitat Naturalak eta Basoko Fauna eta Flora zaintzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan. Horretaz gain, arauaren helburua da hegazti-espezieen biziraupena eta ugalketa ziurtatzea dagokion kokaleku-eremuan, eta, bereziki, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak basoko hegaztien kontserbaziori buruz 2009ko azaroaren 30ean emandako 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean adierazitako espezieena, bai eta eranskin horretan adierazi ez diren baina gurera iritsi ohi diren espezie migratzaileena ere. Horren guztiaren azken helburua da ahalegina egitea Europako lurraldean biodibertsitatea kontserbatuko dela bermatzeko.

  2. KBE/hegaztientzako BBEan, honako hauek ezarritako araubide orokorra aplikatuko da: 92/43/EEE Zuzentaraua, 2009/147/EE Zuzentaraua eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea.

  1. Apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren 22.4. artikuluarekin bat, II. eranskinak izendapena argudiatzen duten Batasunaren garrantzizko habitat motak eta animalia- eta landare-espezieak ez ezik, horien kontserbazio-egoeraren ebaluazioa, eremu horren kontserbazio-helburuak, kontserbazio-arauak eta jarraipen-programa jasotzen ditu.

  2. KBE/hegaztientzako BBEa kudeatzeko jarraibide eta neurriak Valderejo eremuko Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planean sartuko dira.

  1. eranskinean funtsezkoa ez den berrikuspen edo aldaketarik behar izanez gero, egoerak berak edo eskura dauden ezagutza tekniko eta zientifikoek hala egitea eskatzen badute, ingurumenaren alorrean eskumena duen sailburuak emango duen agindu baten bidez egingo da, eta, betiere, 92/43/EEE Zuzentarauaren 11. eta 17. artikuluetan eta 2009/147/EE Zuzentarauan ezarritakoa betez. Izan ere, helburua da kontserbazio eta kudeaketa moldaerraz, etengabe eta malgu baterantz jotzea. Prozedura horretan, bermatu egin behar da herritarren parte-hartzea benetakoa eta eraginkorra izango dela, ingurumenaren alorrean informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legeak ezarritakoari jarraikiz; eragindako administrazioei eta erakundeei kontsulta egingo zaie eta Naturzaintza organoaren txostena jasoko da.

Dekretu honi ezarri beharreko zehapen-araubidea, honako hauek araututakoa izango da: apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari ahalmena ematen zaio Eusko Jaurlaritzaren izenean betetzeko legeak ezarritako tramite eta komunikazio guztiak egiteko, bai Estatuaren Administrazio Orokorrean, bai Europar Batasunean. Eta, hala badagokio, neurriak ezartzeak eragingo duen kostu ekonomikoa zenbatekoa den kalkulatuko du, 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluak ezarritakoa betetze aldera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Dekretu hau onartzen denean, Valderejo eremuko parke naturalaren NBAPak Naturagune Babestuen tipologia desberdin horiek arautuko dituen dokumentu bakar bihurtzeko prozedura abiaraziko da, 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren 18. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak Europako Batzordeak Valderejo-Sobrón-Árcenako mendilerroa (ES2110024) zabaltzeari buruz hartzen duen Erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea aginduko du.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Dekretu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2016ko martxoaren 15ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

MARTXOAREN 15EKO 47/2016 DEKRETUAREN I. ERANSKINA

MUGAKETA-MAPA

http://www.euskadi.eus/r33-bopvmap/eu?conf=BOPV/capas/D_47_2016/valderejo.json&lang=eu

(Ikus .PDF)