Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

86/2015 DEKRETUA, ekainaren 9koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Lanbide Heziketaren araubideari eta ezarpenari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 109
  • Hurrenkera-zk.: 2586
  • Xedapen-zk.: 86
  • Xedapen-data: 2015/06/09
  • Argitaratze-data: 2015/06/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren artikulu bakarraren hirugarren paragrafoak Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan hezkuntza-kalitatea hobetzeko egindako aldaketa dela medio, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren barneko Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak sortu dira.

Otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren bidez arautu dira hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren barneko Oinarrizko Lanbide Heziketaren berariazko alderdiak.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 6.bis artikuluan ezarritakoaren arabera, hezkuntza-sistemaren araubide orokorraren gaineko eskumena Estatuko gobernuari dagokio. Halaber, oinarrizko curriculuma diseinatzeko eskumena ere esleitzen dio, prestakuntza komuna eta Lege Organikoak aipatutako titulazio guztiak Estatu osoan ofizialak eta baliozkoak izatea bermatzeko xedez. Lanbide Heziketari dagokionez, oinarrizko curriculumaren edukiei eskola-orduen % 55 eskainiko zaizkie hizkuntza koofiziala duten autonomia-erkidegoetan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak du irakaskuntzaren gaineko eskumena irismen, maila eta gradu guztietan eta modalitate eta espezialitate guztietan, betiere Konstituzioaren 27. artikuluaren eta hori garatzen duten Lege Organikoen kalterik gabe, baita Konstituzioaren 149.1.30.a artikuluak Estatuari esleitzen dizkion ahalmenen kalterik gabe, eta berau betetzeko eta bermatzeko beharrezko ikuskapenaren kalterik gabe ere.

Dekretu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen esparruan, Oinarrizko Lanbide Heziketaren araubidea arautu nahi da hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren barneko Oinarrizko Lanbide Heziketaren berariazko alderdiak arautu, hamalau oinarrizko lanbide titulu onartu, horien oinarrizko curriculumak finkatu eta hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako irakaskuntzei dagozkion titulu akademikoak eta profesionalak emateari eta ezartzeari buruzko abenduaren 4ko 1850/2009 Errege Dekretua aldatzen duen otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren arabera.

Ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Lanbide Heziketako Kontseilua adituta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren eta gainerako kontsulta-organo interesdunen oniritziarekin, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2015eko ekainaren 9an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

Dekretu honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Lanbide Heziketako irakaskuntzen berariazko alderdiak arautzea eta dagokion esparruko zentroetan ezartzea da.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Lanbide Heziketaren eskaintza erregimen presentzialean eta eskaintza osoko modalitatean egingo da. Arau honen ondorioetarako, erregimen presentzialeko eskaintza oso esaten zaio hezkuntza-zikloak osatzen dituzten modulu guztiak, erregimen presentzial arruntekoak eta goizez edo arratsaldez, edota goiz eta arratsaldez ematen direnak, barne hartzen dituenari.

  2. Lanbide Heziketako sailburuordeak Oinarrizko Lanbide Heziketako eskaintzen egokitasuna bermatzeko beharrezko neurriak ezarriko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizpen-sektoreen eta ikasleen prestakuntza-eskariei erantzun koordinatua emateko xedez.

Oinarrizko Lanbide Heziketa hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren barne dago eta profil profesional bati egokitu behar zaio. Iraupen desberdineko lanbide-moduluetan antolatutako hezkuntza-zikloen bidez ordenatuko da.

  1. Oinarrizko Lanbide Heziketako lanbide-moduluak ezagutza-esparru teoriko-praktikoz osatuta daude, ikasleek gaitasun profesionalak, pertsonalak eta sozialak eta bizitzan zeharreko ikaskuntza etengabearen gaitasunak eskuratzeko xedea dutenak.

  2. Hezkuntza-ziklo bakoitzeko lanbide-moduluen artean lan-zentroko prestakuntzaren modulu bat eskaini beharko da.

  1. Oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa-zikloen curriculumak dekretuz onartuko dira.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa-zikloetako curriculumak ezartzeko dekretuek, gutxienez, honako paragrafo hauek barne hartuko dituzte heziketa-zikloetan:

    1. Gaitasun orokorraren arabera zehaztutako lanbide-profila eta kualifikazio profesionalen zerrenda, eta, hala dagokionean, tituluan sartutako kualifikazio profesionalen Espainiako katalogoko gaitasun-unitateak.

    2. Heziketa-zikloa osatzen duten helburuak eta lanbide-moduluak.

    3. Lanbide-modulu bakoitzaren ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak.

    4. Lanbide-moduluen ordu-iraupena.

    5. Lanbide-moduluen denbora-banaketa ikasturteetan.

    6. Sarbide-lehentasuna duten gradu ertaineko heziketa-zikloak.

  3. Oinarrizko Lanbide heziketa zikloen iraupena 2.000 ordukoa izango da; arduraldi osoko bi ikasturte adina.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa-zikloen curriculuma ezaugarri sozioekonomikoak eta ekoizpen-sektoreen berariazko eskakizunak kontuan hartuta ezarriko da.

  2. Betiere Oinarrizko Lanbide Heziketako tituluetan ezarritako oinarrizko curriculuma errespetatuz, beharra dagoenean, lanbide espezializazioko moduluak zehaztu ahalko dira Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan, kasuan kasuko gizarte-inguruabarraren eta ekonomia-ekoizpen ehunaren arabera. Espezializazio-modulu horien xedea tituluan ezarritako oinarrizko alderdien edukiak, Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-zikloetan zehaztutako curriculumaren barne daudenak, hedatzea eta garatzea da, ekoizpen-sektoreek hala eskatutako tituluetan espezializazio-ibilbideak egituratzeko aukerari bide emanez. Ikastetxeek, Oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa-zikloen eskaintzaren esparruan, eskainitako espezializazio ibilbidea(k) ere zehaztuko ditu(zte).

Oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa-zikloek honako lanbide-modulu hauek izango dituzte:

  1. Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren gaitasun-unitateekin lotzen diren moduluak.

  2. Bloke komunekin lotutako moduluak, etengabeko irakaskuntzaren gaitasunak eskuratzea lagunduko dutenak.

  3. Gaitasun-unitateekin lotu gabeko beste modulu batzuk, tartean, Laneko Prestakuntza eta Orientabideei buruzkoa eta, hala dagokienean, dekretu honen 6.2 artikuluan jasotako lanbide-espezializazioko moduluak.

  4. Lantokiko Prestakuntza modulua.

  1. Komunikazio eta Gizarte Zientzietako eta Zientzia Aplikatuetako bloke komunen inguruan egituratuko dira modulu hauek, honela:

    1. Komunikazioa eta Sozietatea I. eta II. moduluak, Komunikazio eta Gizarte Zientzietako blokeari lotuta daudenak, eta honako ikasgaiak emango direnak:

      1. Gaztelera.

      2. Atzerriko hizkuntza.

      3. Gizarte Zientziak.

      4. Euskara eta Literatura.

    2. Zientzia Aplikatuak I. eta II. moduluak, Zientzia Aplikatuetako blokeari lotuta daudenak, eta honako ikasgaiak emango direnak:

      1. Testuinguru Pertsonalera Aplikaturiko eta Lanbide-eremu batean Ikasteko Matematika.

      2. Testuinguru Pertsonalera Aplikaturiko eta Lanbide-eremu batean Ikasteko Zientziak.

  2. Komunikazioa eta Gizartea I. eta II. moduluei loturiko ikaskuntza-emaitzak lortzera bideratutako edukiei barne hartzen dituzten hizkuntzen tratamendu integratuarekin egingo zaie aurre, hizkuntzok izango direlako curriculumean zehaztutako irakur-ulermenarekin, ahozko zein idatzizko adierazpideekin eta ikus-entzunezko komunikazioarekin loturiko zeharkako komunikazio-gaitasunak garatzeko euskarria. Tratamendu integratu hori behar bezala zehaztuta egongo da ikastetxearen curriculum-proiektuan eta kasuan kasuko moduluari dagokion programazioan.

  1. Titulu bakoitzaren curriculumean, zeharkakoak izango dira taldeko lanari, laneko arriskuen prebentzioari, ekintzailetzari, enpresa-jarduerari eta lanbide-orientazioari buruzko alderdiak. Halaber, kalitateari, dieta osasungarriari eta ingurumenarekin errespetuz jokatzeko printzipioei buruzko edukiak sartuko dira. Horiek zehazteko, kontuan hartuko dira tituluaren profil profesionala eta ekoizpen-errealitatearen eskakizunak.

  2. Laneko Prestakuntza eta Orientazioko lanbide-moduluak lan-orientazioko eta ekintzailetzako edukiak ere barne hartuko ditu, hala nola laneko arriskuen prebentziokoak, urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren 35. artikuluaren arabera, laneko arriskuen prebentzio-maila oinarrizkoei loturiko betekizunak gauzatzeko prebentzio-zerbitzuen erregelamendua onartzen duen IV.B eranskinean jasota daudenak. Irakaskuntza-programazioetan zehaztu beharko da edukioi eskainitako denbora-tartea, lanbide-sektorearen arabera eta aipatutako 39/1997 Errege Dekretuan ezarritakoa betez. Laneko arriskuen prebentzioko prestakuntza egiaztatu beharko du ikastetxe bakoitzak, edukia eta ordu-kopurua zehaztuta.

  1. Oinarrizko Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloetako lantokiko prestakuntzako lanbide-modulua informazio helburuetarako baizik ez da eta tituluaren profilari loturiko egiazko ekoizpen-ingurune batean gauzatuko da. Salbuespenez eta behar bezala justifikatuta, enpresetan leku aski ez dagoelako edo ikasleen ezaugarri pertsonal bereziengatik, Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariak prestakuntza-zikloetako lantokiko prestakuntzako lanbide-modulua ikastetxeetan edo erakunde publikoetan gauzatzeko baimena eman dezake. Kasu horietan, garatzeko jarduera egokiak ezarriko dira, enpresaren tutore gisa arituko den profesionalaren ikuskaritzapean, moduluaren ikaskuntza-emaitzetara egokitutako profila izan beharko duena eta hezkuntza-zikloko irakaslea izango ez dena.

  2. Ikasleek nork bere programazioa izango dute, lantokiaren eta egin beharreko lanaren ezaugarriak gorabehera. Dagokion curriculumean ezarritako ikaskuntza-emaitzak lortzea ahalbidetuko dioten prestakuntza-jarduerak jasoko ditu programazioak.

  3. Oro har, Oinarrizko Lanbide Heziketako hezkuntza-zikloetako Lantokiko Prestakuntzako lanbide-modulua heziketa-zikloko gainerako moduluen ostean egingo da. Ikastetxeek, edonola ere, zati bat heziketa-zikloko bigarren ikasturtera aurreratzea erabaki ahalko dute, eta ikastetxeko prestakuntzarekin txandakatuko da. Hala ere, modulua denbora baino lehenago hasi ahal izateko, ikaslearen ebaluazioaz arduratzen den hezkuntza-taldeari eskatuko zaio ikasleek gaitasun garapen nahikoa duten balioetsi dezala, berariazko ebaluazio-saio baten eta aurrez ezarritako zein ikasleei jakinarazitako irizpideen arabera. Dena dela, modulu hori tituluan adierazitako gaitasun-unitateei loturiko lanbide-moduluetan ebaluazio positiboa lortu ondotik baizik ezin ahalko da egin.

  4. Gainera, irakasle-taldearen balorazioak argi utzi beharko du ikasleak, Lantokiko Prestakuntzaren modulua osorik edo zati batean hasi aurretik, oinarrizko lanbide heziketako titulu bakoitzaren profil profesionalari dagozkion lanbide-jardueretako prebentzio-neurriei eta berariazko arriskuei loturiko gaitasunak eskuratu eta edukiak bereganatu dituztela, laneko arriskuen prebentzioko indarreko araudiaren arabera.

  5. Edozein kasutan ere, Lantokiko Prestakuntza moduluaren aurreratutako zatia edo modulu osoa bera hasi baino 15 egun lehenago, Heziketa eta Irakaskuntza Zuzendaritzari proiektua igorri beharko zaio, hautatutako praktiken banaketa jasota dagoen antolaketa-koadroa eta praktikaldia egingo duten ikasleak eta egingo den enpresak adierazita.

  6. Behar bezala justifikatuz gero, heziketa-zikloaren profil profesionalari loturiko ekoizpen-jardueren urtarokotasun edo aldi-baterakotasun arrazoiak direla medio, enpresetan aski lekurik ez dagoelako edo ikasleek ezaugarri pertsonal bereziak badituzte, Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariak baimena eman ahalko du Lantokiko Prestakuntza moduluaren zati batzuk aurreikusitakoa ez den garaian hezkuntza-zentro horretan bertan edo erakunde publikoetan egin ahal izateko.

  7. Lantokiko Prestakuntza modulua egin bitartean, ikasleen segimenduaz bigarren mailako berariazko lanbide-moduluen irakasleak arduratuko dira. Irakasle horiek, enpresako tutoreak emandako informazioa kontuan hartuta, arduratuko dira moduluaren ebaluazioa egin eta kalifikazioa ezartzeaz.

  1. Oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa-zikloetako ikasleen tutoretza bitarteko garrantzitsua da ikasle horiek behar duten hezkuntza integrala gidatzeko.

  2. Tutoretza-lanak partekatu beharko dituzte programaren irakasle guztiek. Ikastetxeko irakasle-taldeak tutore-ekintzen plana osatuko du, gutxienez, honako alderdi hauek jasota:

    1. Ikasleen autoestimua indartzea.

    2. Pertsona arteko harremanak eta gizarte-trebetasunak.

    3. Harreman programatua familiarekin edo legezko tutoreekin.

    4. Banakako eta taldekako ikaskuntza-prozesua gidatzea eta laguntzea.

  3. Ikasle-taldeek, gutxienez, irakasle bana izango dute, tutoretzaz eta tutore-ekintzen plana gauzatzeko koordinazioaz arduratuko dena. Egiteko hori ikasturte horretan eskolak ematen dituen irakasleren baten esku egongo da eta, ahal dela, bi ikasturtetan pertsona bera izango da tutoretza-lanak egingo dituena.

  4. Tutoreak eredu izan behar du ikaslearentzat, irakasle-taldearentzat eta familientzat. Jarduteko orientazioa emango du, irakasle-taldearekin batera, ikasleek estrategia metodologiko eta antolaketa-estrategiak eskuratu eta ahalmen pertsonal eta profesional eta autoikaskuntza-gaitasun hobeak izan ditzaten.

  5. Tutoreak tutore-ekintzen urteko programazioa egingo du, ikastetxeko hezkuntza-proiektuan jasota egongo dena. Helburuko taldearen berariazko alderdiak jasoko ditu programazioak, betiere artikulu honen bigarren lerrokadan ezarritakoa xede dela, oinarrizko lanbide heziketako zikloa amaitzean ikasleek hezkuntza- eta lanbide-ibilbideari buruzko erabakiak egoki hartzeko informazio- eta orientazio-jarduerak barne.

  1. Ikastetxeetan, oinarrizko lanbide heziketa modu malguan antolatuko da, ikasle bakoitzaren egoerara egokitzeko.

  2. Programa horien lanbide-moduluen didaktika garatzeko erabiliko diren pedagogia-irizpideak ikasleen bereizgarrietara egokituko dira eta talde-lana sustatuko dute. Halaber, tutoretza eta hezkuntza- eta lanbide-orientazioa bereziki hartuko dira kontuan.

  3. Oinarrizko lanbide heziketako talde berean eskolak ematen dituen irakasle-taldeak ahalik eta kide-kopuru txikiena izatea saiatu beharko da, tituluan jasotako lanbide-moduluen multzoaren ordutegia eta hezkuntza-elementuak bermatuta.

  4. Erabilitako metodologia globalizatzailea izango da eta titulu bakoitzeko lanbide-moduluen artean gaitasunak eta edukiak partekatzeko aukera emango du. Hori horrela, ikaskuntza-metodologia aktiboak sustatuko dira, arazoak konpontzea eta egin ahala ikastea langai dituztenak. Izaera integratzaile horren araberakoa izango da modulu guztien eta irakaskuntza-jardueren programazioa.

  5. Metodologia hori ikasleen premietara egokituko da, baita ikaskuntza jarraituaren gaitasunak modu mailakatuan eskuratzeari ere, ikasleei bizitza aktibo eta hiritarrerako trantsizioa egiten eta hezkuntza-sisteman segi dezaten errazteko.

  6. Oinarrizko lanbide heziketako heziketa-zikloak eskaintzen dituzten ikastetxeek, dagokien hezkuntza-autonomiaren babesean eta hezkuntza-proiektuaren esparruan, beren curriculum-proiektuan ezarriko dituzte antolaketa-neurriak eta ezarritako curriculumaren garapena, prestakuntza ingurune sozio-produktiboaren berezitasunera egokituta. Halaber, ikasleen ezaugarriak kontuan hartuko dituzte, eta aukera-berdintasuna, tratu-berdintasuna eta arrazoi edo baldintza pertsonal edo sozialengatiko bazterketa eza sustatu, arreta berezia eskainita emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari, hala nola genero-indarkeriaren prebentzioari zein desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak errespetatzeari nahiz irisgarritasunari.

  7. Curriculum-proiektuarekin bat etorriz, oinarrizko lanbide heziketako heziketa-zikloak eskaintzen dituzten ikastetxeetako sailek bertako lanbide-moduluen programazioak garatu eta onartuko dituzte. Programazio horiek barne hartuko dituzte sekuentziatutako unitate didaktikoak, barne hartzen dituzten jarduerak eta lotutako hezkuntza-edukiak zehaztuta egongo direnak eta curriculumean ezarritako ikaskuntza-emaitzak lortzeko bidea emango dutenak, eta jarduera ebaluagarri bakoitzaren ebaluazio- eta kalifikazio-irizpideak eta irizpide orokorrak, ikasturte hasieran jakinaraziko direnak. Modulu bakoitzak bere programazioa izango du eta talde guztietan aplikatuko da, modulua ematen duten irakasle guztiek aplikatuko baitute. Prestakuntza-zikloaren irakasle taldeko irakasle bakoitzak programazio orokorra egokitu eta testuinguruan sartu beharko du, dagokion taldearen inguruabarrak eta ezaugarriak kontuan hartuz.

  1. Oinarrizko lanbide heziketa ikasleen aniztasunari arreta emateko printzipioaren arabera antolatzen da. Aniztasunari arreta emateko neurriak ikasleen hezkuntza-premia zehatzetara bideratuko dira, hala nola tituluaren gaitasun profesionalei loturiko ikaskuntza-emaitzak lortzera, eta hezkuntza inklusiboaren eskubidera moldatuko da, ikasleek aipatutako helburuak eta dagokien titulazioa lor ditzaten, desgaitasuna duten pertsonen eskubideen gaineko eta gizarteratze arloko indarreko legedian ezarritakoaren arabera.

  2. Hezkuntza arloko sail eskudunak aniztasunari arreta emateko neurri metodologikoak sustatuko ditu, ikastetxeek, beren autonomiaren babesean, ikasleen ezaugarrietara egokitutako prestakuntza antola dezaten, arreta berezia eskainiz Komunikazioa eta Gizartea lanbide-moduluetako hizkuntza-gaitasunak eskuratzeari, nagusiki ahozko adierazpidean zailtasunak dituzten ikasleei dagokienez, eta hartutako neurri horiek ikaskuntzaren ebaluazioa txarrestea eragin gabe.

Oinarrizko lanbide heziketako tituluen curriculumek osatuta dauden moduluen iraupena eta sekuentziazioa jasoko dute; oro har, gutxienez, 30 ordu astean, 33 astez, honela banatuta:

  1. Lehen maila:

    1. Batez bestean, 19 ordu astean, Euskal Autonomia Erkidegoko gaitasun-unitateei edo moduluei loturiko lanbide-moduluetara.

    2. Batez bestean, astean ordubete, orientazio-jardueretara eta tutoretzara.

    1. Batez bestean, astean 10 ordu, bloke komunei loturiko modulu orokorretara; 5 ordu Komunikazioa eta Gizartea I. modulua egiteko, eta beste 5, Zientzia Aplikatuak I. modulua egiteko.

  2. Bigarren maila: Lehen 25 asteetan:

    1. Batez bestean, 16 ordu astean, Euskal Autonomia Erkidegoko gaitasun-unitateei edo moduluei loturiko lanbide-moduluetara, tartean, Laneko Prestakuntza eta Orientazioa modulua eta Dekretu honetako 7.c) artikuluan zehaztutako espezializazio-modulua(k). Lantokiko Prestakuntza moduluari ekin aurretiko fasean, laneko prestakuntza eta arriskuen prebentzioari buruzkoa areagotuko dira, modulu horiei esleitutako ordu-kopuru guztizkoa bete arte.

    2. Batez bestean, astean ordubete, orientazio-jardueretara eta tutoretzara.

    1. Batez bestean, astean 13 ordu, 24 astez, bloke komunei loturiko lanbide-modulu orokorretara; 7 ordu Komunikazioa eta Gizartea II. modulua egiteko, eta beste 6, Zientzia Aplikatuak II. modulua egiteko.

  3. Lantokiko Prestakuntzaren lanbide-modulua heziketa-zikloaren bigarren mailan egingo da, dekretu honen 10. artikuluan ezarritako baldintzak betez. Curriculumetan zehaztuko da iraupena.

  1. Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariak zehaztuko du Oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa-zikloen urteko eskaintza, hezkuntza arloko sail eskudunaren mendeko ikastetxeei dagokienez, egindako plangintzaren eta ikastetxeen beraien ezaugarrien eta edukieraren arabera zehaztuta eskolatze-plazak.

  2. Funts publikoen bidez finantzatutako gainerako ikastetxeen eskolatze-plazak irakaskuntzen baimenean ezarritakoaren arabera zehaztuko dira.

  1. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Oinarrizko Lanbide Heziketako irakaskuntza eskainiko die ikasleei, honako baldintza hauek guztiak betetzen badituzte:

    1. Hamabost urte beteak izatea, edo dagokion urte naturalaren barruan betetzea, eta hamazazpi urte baino gehiago ez izatea zikloan sartzean edo dagokion urte naturalean.

    2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren ikasturtea edo, salbuespen gisa, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren ikasturtea eginda izatea.

    3. Irakasle-taldeak gurasoei edo legezko ordezkariei Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo bat hastea proposatu izana.

  2. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, berariazko deialdi baten bidez, Oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskainiko ditu 17 urtetik gorako eta lanbide-heziketako titulaziorik edota bigarren hezkuntza osatu izanaren egiaztagiririk ez duten pertsonentzat, horien enplegagarritasuna areagotzearren.

  3. Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 28.7 artikuluak aipatzen duen orientazio-aholkuak, Oinarrizko Lanbide Heziketari ekiteko irakasle-taldearen proposamenaz gain, proposamena arrazoitzen duten helburuen betetze-maila eta eskuratutako gaitasunak zehaztuko ditu, txosten arrazoitu baten bitartez.

  4. Orientazio-aholku hori ikaslearen espedienteari atxikiko zaio, baita gurasoek edo legezko ordezkariek ikasleak lanbide-heziketari ekiteko emandako baimen-agiria ere.

  1. Onarpen-eskaera aurkeztu beharko dute sarbide-betekizun guztiak betetzen dituzten ikasle guztiek, Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo baten lehen ikasturtea egin nahi badute, baita bigarren ikasturtea beste ikastetxe batean egin nahi badute ere. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak arautuko du onarpena.

  2. Eskaera guztiak onartzeko beste plaza dituzten Oinarrizko Lanbide Heziketako ikastetxeetan eta heziketa-zikloetan, betekizunak betetzen eta onarpen-prozesuan parte hartzen duten ikasle guztiak onartuko dira.

  3. Eskaintza baino handiagoa balitza plaza-eskaria, honako onarpen-irizpide hauek aplikatuko dira, lehentasun-ordena honetan:

    1. Inskripzioa egitean, Euskal Autonomia Erkidegoan eskolatuta dagoen ikaslea edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azken ikasturtean erkidego horretan bertan eskolatuta egon dena.

    2. DBHko 3. edo 4. mailara arte ikasketa arruntak egin dituen ikaslea edo curriculum aniztasunaren bidez ikasi duena eta inskripzioaren urte naturalean 17 urte dituena.

    3. DBHko 3. edo 4. mailara arte ikasi duena eta inskripzioaren urte naturalean 16 urte dituena.

    4. DBHko 3. mailara arte ikasi duena eta inskripzioaren urte naturalean 15 urte dituena.

    5. DBHko 2. mailara arte ikasi duena eta inskripzioaren urte naturalean 16 urte dituena.

    6. DBHko 2. mailara arte ikasi duena eta inskripzioaren urte naturalean 15 urte dituena.

  4. Aurreko paragrafoan adierazitako irizpideen arabera ordenatzeko prozesuaren ondoren helburuko ikastetxean eta heziketa-zikloan plazarik lortu ez duten ikasleek, bigarren fasea, hutsik geratutako plazak betetzeko aukera izango dute.

  1. Oinarrizko lanbide heziketako heziketa-zikloetako ikasleen ebaluazioa jarraitua, hezigarria eta integratzailea izango da. Ikaskuntzak eta hezkuntza-programazioa gidatzeko aukera emango du eta lanbide-moduluka egingo da.

  2. Ebaluazioa ikasleen premietara eta bilakaerara egokituta egongo da, batez ere, desgaitasunen bat dutenen kasuan; irisgarritasun-neurriak ezarriko dira, ebaluazio-proban parte hartzetik ez baztertzea bermatzeko.

  3. Lanbide-moduluek zenbakizko kalifikazioa izango dute, 1 eta 10 artekoa, eta gainditutzat emango da 5eko nota edo hobea lortzean. Lantokiko Prestakuntzaren moduluan, gai edo ez-gai kalifikazioak emango dira.

  4. Ikastetxe batean matrikulatutako ikasleek urtean bi deialdira aurkezteko aukera izango dute lanbide-heziketan igaro ditzaketen lau urteetan, ikasten hasitako moduluak gainditzeko. Lantokiko prestakuntzaren moduluak, ordea, bi deialdi besterik ez ditu izango.

  5. Ikaslea bigarren mailara igaro ahalko da gainditu gabeko gaitasun-unitateei loturiko lanbide-moduluen ordu-kopurua ez bada curriculumak ikasturte horretarako ezarritako guztizko ordu-kopuruaren % 20 baino handiagoa. Gainera, kasu horretan, gutxienez, bloke komunei loturiko moduluetako bat gainditu beharko du, bloke komunei loturiko moduluetan, batez bestean, 4ko nota edo hobea lortuta. Mailaz igotako ikasleek, gainditu gabeko moduluak badituzte, horietan izena eman beharko dute, lehen mailatik gainditu gabeko gisa.

  6. Lehen maila errepikatu behar duten ikasleek, ikasturteko guztizko ordu-kopuruaren % 50 baino gutxiago hartzen duten gainditu gabeko moduluak badituzte, horietan emango dute izena, baina gainerako moduluen jardueren eskoletara joan ahalko dira ikaskuntzak sendotze aldera, irakasle-taldearen aldeko txostena jasoz gero. Lehen maila errepikatu behar duten ikasleek, ikasturteko guztizko ordu-kopuruaren % 50 edo gehiago hartzen duten ebaluazio negatiboko moduluak badituzte, lehen mailako modulu guztiak ikasi beharko ditu.

  7. Bigarren mailako bi deialdietako edozeinen ostean zikloa osatzen duten modulu guztietan ebaluazio positiboa duen ikasleak titulua lortzeko proposamena jasoko du.

  8. Bigarren ikasturteko guztizko ordu-kopuruaren % 50 baino gehiago hartzen duten ebaluazio negatiboko moduluak dituzten ikasleek ikasturtea osorik errepikatu beharko dute. Bigarren ikasturteko guztizko ordu-kopuruaren % 50 edo gutxiago hartzen duten ebaluazio negatiboko moduluak dituzten ikasleek gainditu gabeko moduluak besterik ez dituzte ikasi beharko.

  1. Gehieneko 4 urteko egonaldia gainditu gabe, ikasleek Batxilergoko ikasturte bakoitza behin bakarrik errepikatu ahal izango dute, nahiz eta, salbuespen gisa, bi ikasturteetako bat bi aldiz errepikatu ahal izango duten, irakasle-taldeak horren aldeko txostena egin ondoren.

  2. Lantokiko prestakuntzaren modulua, egiten den unea edozein dela ere, dekretu honetako 7. artikuluko a) eta c) paragrafoetan zehaztutako lanbide-moduluetan ebaluazio positiboa lortu ondoren ebaluatuko da.

Oinarrizko lanbide heziketa irakasten duten prestakuntza-zentroek hezkuntza arloko sail eskudunak ezarritako prozedura informatikoak erabili beharko ditu ikasleen matrikulazio, ebaluazio eta titulazioa proposatzeko helburuetarako.

  1. Lanbide-moduluak, oinarrizko lanbide-tituluak barne, baliozkotzeko eta salbuesteko indarreko legedia aplikatuko da, lanbide-heziketan ezarritako baldintza eta prozedura orokorren arabera.

  2. Gizartea eta Komunikazioa I. eta II. eta Zientzia Aplikatuak I. eta II. moduluak martxoaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritako tituluei dagokien oinarrizko lanbide heziketako heziketa-zikloetako edozeinetan gainditu dituztenei modulu horiek baliozkotuko zaizkie, oinarrizko lanbide heziketako beste edozein heziketa-zikloko moduluei dagokienez.

  3. Hasierako lanbide-prestakuntzako programa egin duten ikasleei, komunikazio eta gizarte arloko nahitaezko heziketa-zikloak eta atzerriko hizkuntzaren modulu bat gaindituta, izan beren eskumenen esparruan hezkuntza-administrazioak ezarritakoa edo ikastetxeek eskainitakoa, Komunikazioa eta Gizartea I. heziketa-modulua baliozkotu ahalko zaie. Halaber, zientzia-teknologia esparruko nahitaezko heziketa-moduluak gainditu dituztenei Zientzia Aplikatuak I. lanbide-modulua baliozkotuko zaie.

  4. Dekretu honetako 16.2 artikuluan aipatutako 17 urtetik gorakoentzako eskaintzan matrikulatutako ikasleei dagokienez, honako hauek baliozkotzea ere eskatu ahalko dute:

    1. Komunikazioa eta Gizartea I. eta II. moduluak baliozkotzea, Komunikazioa eta Gizarte Zientzien blokean sartutako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako ikasgaiak, edozein dela modalitatea, gaindituta dituztenek.

    2. Zientzia Aplikatuak I. eta II. moduluak baliozkotzea, honako betekizunetako bat betetzen dituztenek:

      1. Irakaskuntza Akademikoetara Bideratutako Matematika, Biologia eta Geologia edo Fisika eta Kimika ikasgaiak gainditu dituztenek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako irakaskuntza akademikoen modalitatean.

      2. Irakaskuntza Akademikoetara Bideratutako Matematika eta Jarduera Profesionaleko Zientzia Aplikatuak ikasgaiak gainditu dituztenek, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako irakaskuntza aplikatuen modalitatean.

  1. Oinarrizko lanbide heziketako ziklo bat gainditzen duen ikasleak dagokion prestakuntzaren oinarrizko lanbide titulua eskuratuko du, balio akademiko eta profesionala duena eta baliozkoa dena Estatu osoan.

  2. Oinarrizko lanbide-tituluak erdi-mailako heziketa-zikloetan sartzeko aukera emango du.

  3. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 44.1 artikuluan xedatutakoaren arabera:

    1. Oinarrizko lanbide-titulu baten jabe direnak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako amaierako ebaluaziora aurkeztu ahalko dira, edozein modalitatean.

    2. Oinarrizko lanbide-titulu batean jasotako gaitasun-unitate guztiak 1. mailako profesionaltasun-ziurtagirien bidez zein lanbide-gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduren bidez egiaztatuta dituzten 22 urtetik gorakoek, oinarrizko lanbide-titulua eskuratuko dute.

  4. Ikasketak oinarrizko lanbide-titulua lortu gabe amaitu dituzten ikasleek gainditutako moduluen ziurtagiri akademikoa jasoko dute. Lanbide Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionalaren arabera eskuratutako lanbide-gaitasunak egiaztatzeko ondorioak izango ditu (egiaztatze partzial metagarria).

  5. Oinarrizko lanbide-tituluak eta derrigorrezko bigarren hezkuntzako diplomadun-tituluak lan-ondorio berdinak izango dituzte, enplegu publiko eta pribatuetarako sarbideari dagokionez.

Ikasketak eta enpresako egonaldia txandakatzeko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programen helburua gazteei ikas-ekinezko erregimeneko prestakuntza-modalitatea ahalbidetzea da, heziketa-ziklo baten titulua lor dezaten; kasu honetan, oinarrizko lanbide heziketako titulua. Horretarako, ikastetxean eta enpresan gauzatuko da ikaskuntza-prozesua.

  1. Ikasleek enpresan egingo dituzten jarduerek lotura estua izan behar dute heziketa-zikloko lanbide-profilarekin, eta ikaskuntza ahalbidetu behar dute, baita, azken finean, tituluari dagozkion gaitasunak eta beste gaitasun pertsonal eta sozial batzuk eskuratzea ere.

  2. Oro har, ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programek heziketa-zikloaren lehenengo ikasturtea ikastetxean egitea, eta bigarren ikasturtea, berriz, ikastetxean eta enpresan txandaka egitea aurreikusten dute. Enpresa-egonaldi desberdinak ezarri ahalko dira, ikasturte-aldiaren arabera. Hala ere, heziketa-zikloen ohiko iraupena hiru ikasturteraino luza daiteke, baldin eta ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programak prestakuntza-plan baten bidez garatu behar badira, produkzio-sektore jakin bateko enpresa edo enpresa-talde baten berme edo abalarekin; produkzio-sektore edo enpresa-talde horrek eskatzen duen prestakuntza-osagarria sar daiteke plan horretan. Ohiko iraupena aldatzeko, Lanbide Heziketako sailburuordeak aldez aurretik baimena eman behar du.

  3. Halaber, oro har, Oinarrizko Lanbide Heziketan egindako ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programak urteko eskola-egutegia arautzen duen legedian ezarritako mugaegunerako bukatuta egon beharko dira.

  4. Oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa-zikloetan, lantokiko egonaldia heziketa-ziklo osoaren iraupenaren % 30 izango da gutxienez, zikloaren eta enpresa partaidearen ezaugarriak gorabehera. Prestakuntza-jarduerak dagokion heziketa-zikloaren ikaskuntza-emaitzak lortzea bermatu beharko du. Lantokiko Prestakuntza modulua egintzat hartuko da ikas-ekinezko erregimeneko prestakuntza dualaren barne egindako lana dela medio.

  5. Ikastetxean eta lantokian jarduerak txandakatzea enpresa kolaboratzailearekin izenpetutako hitzarmenaren babesean egingo da. Lanbide-heziketako zentroko zuzendariak, zentroa publikoa bada, edo legezko ordezkariak, lanbide-heziketako zentro pribatua bada, sinatuko du hitzarmen hori.

  6. Hitzarmen horren edukia eta ezaugarriak azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretuaren III. Tituluan ezarritakoaren araberakoak izango dira. Dekretu horrek prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratua garatzen du, eta lanbide-heziketa dualaren oinarriak ezarri. Era berean, hitzarmen horrek lanbide-heziketa dualaren gaineko Euskal Autonomia Erkidegoko legedia bete beharko du.

  7. Ikastetxeko eta lantokiko jardueren ezaugarriak, ikasleei emandako ordainsaria, Gizarte Segurantzan inskribatzea, aseguru osagarriak eta gaineko alderdi komunak azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretuaren III. Tituluan ezarritakoaren araberakoak izango dira. Dekretu horrek prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratua garatzen du, eta lanbide-heziketa dualaren oinarriak ezarri. Era berean, hitzarmen horrek lanbide-heziketa dualaren gaineko Euskal Autonomia Erkidegoko legedia bete beharko du.

  1. Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloen irakaskuntza eskaintzeko, otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuan jasotako betekizunak bete beharko dira.

  2. Otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren 20.3 artikuluan jasotako betekizuna betetzeko, irakasle izateko beharrezkoak diren titulazioen ikasketa-programek lanbide-moduluen ikaskuntza-emaitzak barne hartzen dituztela ulertuko da, gutxienez 24 kreditu aipatutako ikaskuntza-emaitza horietara lotuta badaude.

  3. Lanbide-moduluak euskaraz irakasteko, moduluari dagozkion eskakizunak bete, eta hizkuntza horretan irakasteko gaitasun-tituluaren edo -agiriaren jabetza eskatuko da, euskara-gaitasunaren tituluak eta egiaztagiriak baliozkotzeari eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeari buruzko Euskal Autonomia Erkidegoko indarreko legedia betez.

  4. Lanbide-moduluak atzerriko hizkuntza batean irakasteko, moduluari dagozkion eskakizunak bete, eta dagokion hizkuntzaren Hizkuntzen Erreferentzi Marko Bateratuko B2 maila izan beharko dute, 73/2012 Dekretua, maiatzaren 15ekoa, atzerriko hizkuntzen titulu eta ziurtagiriei buruzkoa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan irakasgaiak edo irakats-arloak atzerriko hizkuntzetan emateko hizkuntza-gaitasunaren betekizunak ezartzen dituena betez.

  5. Hezkuntza arloko sail eskudunaren mendeko ikastetxeetan, Laneko Prestakuntza eta Orientazioaren modulua espezialitate horretako irakasleek emango dute. Ikastetxe pribatuen edo beste administrazio batzuen mendeko ikastetxeen kasuan, modulu hori hezkuntza-sistemako lanbide-heziketan emateko beharrezko betekizunak betetzen dituen irakasleak emango du. Aipatutako ezaugarriak dituen irakaslerik ez badago, ezingo du aipatutako modulua eman heziketa-zikloko beste lanbide-modulu bateko ezein irakaslek.

  6. Euskal Autonomia Erkidegoko berezko espezializazio-moduluak eta gaitasun-unitateei lotuta ez dauden bestelako moduluak, Laneko Prestakuntza eta Orientazioaren modulua izan ezik; alegia, dekretu honetako 6.2 paragrafoan jasota daudenek, dekretu honetako 7. artikuluko a) paragrafoan ezarritako lanbide-moduluak emateko gaituta dauden irakasleek emango dituzte.

  7. Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren hamahirugarren xedapen iragankorrean adierazitakoaren arabera, ezarritako titulazio-betekizunek ez diete eragingo hasierako lanbide-prestakuntzako programen profil profesionalarekin lotutako berariazko lanbide-moduluen irakasleei, aipatutako modulu horiek legedia aplikagarriak irakasle-plaza horiei buruz ezarritakoaren arabera ematen ari badira aipatutako programa horiek ordezteko garaian edo aurreko hiru ikasturteetan.

    Aurreko lerrokadan ezarritakoaren ondorioetarako, betekizun hori hezkuntza-ikuskaritzaren eskola-jarduerari buruzko agiriko ordutegi-koadroetan irakasle gisa ageri direnek edo, hezkuntza-administrazio eskudunak ezarritakoaren arabera, irakasle-izaera bestelako egiaztagiri baten bidez frogatzen dutenek betetzen dutela ulertuko da.

Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak osatzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak oinarrizko lanbide-titulu bakoitzak ezarritakoak izango dira.

  1. Funts publikoen bidez finantzatutako ikastetxeetan, taldea eratzeko, gutxienez 12 ikasle bildu beharko dira.

  2. Oinarrizko Lanbide Heziketako talde bakoitzean gehienez 15 ikasle egongo dira. Hala ere, ikastetxeek 20 ikasleko muga gainditu ahalko dute, mailaz igo ez diren ikasleak eta beste ikastetxe batetik lekualdatutako ikasleak edo eskolatze berantiarrekoak direla medio, Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariak bi baldintzok behar bezala baimenduta.

  3. Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariak lehen aipatutakoaz bestelako ikasle-kopurua duten taldeak baimen ditzake, ikasleen ezaugarriak, ikastetxearen kokapen geografikoa edo oinarrizko lanbide heziketaren zikloaren berezitasunak direla medio.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Hasierako lanbide-prestakuntzako programak eman dituzten ikastetxeen baimenaren eraginkortasuna.

    Otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, 2012-2013 ikasturtetik aurrera hasierako lanbide-prestakuntzako programa eman duten ikastetxeek baimena izango dute dagozkien Oinarrizko Lanbide Heziketako tituluak lortzera bideratutako irakaskuntzan jarduteko, baldin eta titulu horiek ordura arteko programen profil profesionala barne hartzen badute.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Hezkuntza-premia bereziko ikasleei zuzendutako bestelako lanbide-heziketako prestakuntza-programak.

  1. Hezkuntza-premia bereziko ikasleei jarraitzeko aukera ematearren eta premia bereziak dituzten kolektiboei erantzutearren, hezkuntza arloko sail eskudunak premia horietara egokitutako lanbide-heziketako prestakuntza-eskaintzak ezarri eta baimendu ahalko ditu. Programa horiek oinarrizko lanbide-titulu baten lanbide-moduluak eta beren premietara egokitzeko aproposak diren bestelako prestakuntza-moduluak barne hartuko dituzte. Prestakuntza osagarri horrek moduluen egiturari jarraituko dio, eta haren helburuak ikaskuntza-emaitzetan, ebaluazio-irizpideetan eta edukietan zehaztuko dira, indarreko legedian ezarritakoaren arabera.

  2. Oinarrizko lanbide-titulu batean sartutako moduluak eskaintzen badira, haiek gaindituz gero, metatu egin ahal izango dira titulu hori lortzeko. Programa osatzen duten oinarrizko lanbide-titulu batetik kanpo dauden gainerako moduluak gainditu izana egiaztagiri akademiko bidez frogatuko da. Hala, eskuratutako lanbide-gaitasunak laneko esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-gaitasunak aitortzeko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan ezarritako prozeduraren bidez ebaluatu eta egiaztatu ahalko dira.

  3. Programa horien iraupena desberdina izango da, helburuko kolektiboen premiak gorabehera.

  4. Lanbide Heziketako sailburuordeak, desgaitasun baten ondorioz hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, berariazko banakako programak baimendu ahalko ditu. Horietan, Oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa-zikloetako ikasturteetako baten edo bi ikasturteetako moduluak egiteko epea ohiko eskolatzean aurreikusitako denbora halako bi izango da. Ebaluazio-, maila-igoera eta titulazio-baldintzak bi ikasturte arruntetako bakoitzean zehaztutako modulu-multzoa osatzean aplikatuko dira. Halaber, programa horiek ikasleen premietara egokitutako beste prestakuntza-modulu batzuk barne hartuko dituzte. Programa horietan, eduki-bloke komunei loturiko lanbide-moduluen ordu-zama heziketa-zikloaren moduluen iraupen osoaren % 22 txikiagoa izan ahalko da.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Erdi-mailako heziketa-zikloetako irakaskuntzak egokitzeko proiektu bereziak Oinarrizko Lanbide Heziketako tituludunentzat.

  1. Lanbide Heziketako sailburuordeak ikaskuntzako ibilbide integratuak ezarri ahalko ditu Oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa-zikloen eta erdi-mailako heziketa-zikloen artean. Horretarako, erdi-mailako heziketa-zikloen curriculuma aldatu ahal izango da, Oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa-zikloetatik datozen ikasleen prestakuntza-ezaugarrietara egokitzeko. Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoan onartutako curriculumean lanbide-moduluei esleitutako ordu kopurua egokitu ahal izango da, modulu horien ikasturteko sekuentziari eutsiz eta erdi-mailako lanbide-heziketako tituluetan ezarritako oinarrizko curriculuma eta titulua sortzeko errege dekretuan modulu bakoitzari esleitutako gutxieneko ordu-kopurua errespetatuz.

  2. Beren ezaugarri bereziak direla eta, erdi-mailako heziketa-zikloen eskaintza berezirako sarbidea izango dute ibilbide horietarako zehazten diren lanbide-arloko edo arloetako Oinarrizko Lanbide Heziketako titulua duten ikasleek. Eskolatze-plazen eskaerak eskaintza gainditzen badu, adinez gazteenak direnek lehentasuna izango dute. Berdinketa badago, lehentasuna zozketa bidez erabakiko da.

    LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren irakaskuntzen hizkuntza-ereduak.

  1. Hezkuntza arloko sail eskudunak bermatuko du ikasleak prestakuntza hautatutako hizkuntza-ereduan jarrai dezakeela Oinarrizko Hezkuntzan eta Batxilergoan. Halaber, beharrezko neurriak hartuko ditu hezkuntza-sistemaren lanbide-heziketako ikasketak hautatzen dituztenek aurreko etapetan izandako hizkuntza-aukerarekiko haustura izan ez dezaten. Ildo horretatik, euskararen ikaskuntza eta profesionalizazioa indartze aldera, lanbide-heziketan euskarazko hezkuntza-eskaintza bultzatuko du, D ereduko eskaintza zabaldu, eta B ereduaren eskaintza gutxika eta modu planifikatuan ezarri.

  2. Lanbide-heziketako hizkuntza-plangintzaren markoan, hizkuntza-proiektuaren barruan erabakitakoa kontuan izanik, ikastetxe bakoitzak zehaztuko du, curriculum-proiektuan, lanbide-modulu edo ikasgai bakoitzean zenbat ordu ematen dituen hizkuntza ofizial bakoitzean eta, dagokionean, atzerriko hizkuntzan.

  3. Ahal den heinean, lanbide-heziketa ematen duten ikastetxeek neurriak hartuko dituzte ikasleek ikastetxeko eta enpresako jarduerak hizkuntza berean egin ditzaten.

    LEHEN XEDAPEN IRAGANKORRA. Oinarrizko Lanbide Heziketako lehen maila irakastea, 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetan.

  1. 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetan, Oinarrizko Lanbide Heziketako lehen maila irakasteko baimena izango dute udal korporazioek, elkarte profesionalek eta gobernuz kanpoko erakundeek, baldin eta ikasturte horietan emango dituzten Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloekin bat datozen lanbide-profiletako hasierako lanbide-prestakuntzako programak irakatsi badituzte. Kasu horretan, hezkuntzako lurralde ordezkariak zehaztuko du lanbide-heziketako ziklo horiek irakatsiko dituzten tokiko korporazioak, elkarte profesionalak eta gobernuz kanpoko erakundeak zer ikastetxetara atxikiko diren.

  2. 2014-2015 ikasturtean, Euskal Autonomia Erkidegoan Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma sortu eta ezartzen duen Dekretua bigarren aldiz aldatzeko 47/2014 Dekretuak, apirilaren 1ekoak, biltzen dituen Prestakuntza Iragankor Bateratuko programetan matrikulatuta dauden ikasleak Oinarrizko Lanbide Hezkuntzako lanbide-zikloetara aldatuko dira ezartzen diren unean, baldin eta ziklo horietako lanbide-profila eta ikasten ari ziren programetakoak bat badatoz.

    BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren, maiatzaren 3koaren, 93. artikuluan aipatzen diren irakasleak, hasierako lanbide-prestakuntzako programa bateko prestakuntza-modulu orokorrak irakasten dituztenak.

    Prestakuntza-modulu orokorrak irakasten aritu diren irakasleek Komunikazioa eta Gizartea I. eta Zientzia Aplikatuak I. lanbide-moduluak irakasten jarraitu ahalko dute Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloen lehen mailan, hurrengo baldintza hauen arabera:

    1. 2013-2014 ikasturtean modulu horiek irakasteko postua oposizio edo lehiaketa bidez esleituta dutenek moduluak irakatsi ahal izango dituzte haiek kargutik kendu arte edo langile publiko izateari utzi arte.

    2. Aipatutako modulu horiek esleitutako plaza baten jabe izan gabe irakatsi dituztenek aipatutako modulu horiek irakasten jarraitu ahalko dute ondoz ondoko lau ikasturtez 2014-2015 ikasturtetik aurrera. Hezkuntza arloko sail eskudunak aldi iragankorra amaitu ondorengo lekualdatze-prozesuetan parte hartzea eta mugikortasuna bermatzeko beharrezko neurriak ezarriko ditu.

    3. 2013-2014 ikasturtean kontratu finkoa edo aldi baterakoa dutenek xedapen iragankor honek aipatutako moduluak irakatsi ditzakete, harik eta kontratua amaitzen zaien arte.

      HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Lantokiko prestakuntza moduluaren garapena.

      Oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa-zikloetako Lantokiko Prestakuntzaren moduluaren garapena arautuko duen araua indarrean sartu arte, lanbide-heziketako heziketa-zikloen lantokiko prestakuntzaren modulua arautzen duen uztailaren 8ko 156/2003 Dekretuaren I. kapituluan aurreikusitako prozedura bera aplikatuko da.

      LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. 2. maila egin duten ikasleak, programaren ziurtagiria lortu ez dutenak, hasierako lanbide-prestakuntzako programan onartzea.

      1. 2014-2015 ikasturtean hasierako lanbide-prestakuntzako programa bat egin duen ikaslea, programari dagokion ziurtagiria lortu ez duena, Oinarrizko Lanbide Heziketako 2. mailan onartu ahal izango da, baldin eta, lanbide-moduluak baliozkotzeko eskaera baietsi ondoren, Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo baten 2. ikasturtera igaro badaiteke.

      2. Ikasle horiek, otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren 18. artikuluan ezarritakoaren arabera, onarpen-prozesuaren ondoren hutsik geratu diren eskolatze-plazak bete ahalko dituzte, dekretu honetako 17. artikuluan aurreikusitako irizpideak betez.

        AMAIERAKO XEDAPENA

        Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

        Vitoria-Gasteizen, 2015eko ekainaren 9an.

        Lehendakaria,

        IÑIGO URKULLU RENTERIA.

        Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

        CRISTINA URIARTE TOLEDO.