Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

447/2013 DEKRETUA, azaroaren 19koa, Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Osasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 227
  • Hurrenkera-zk.: 5170
  • Xedapen-zk.: 447
  • Xedapen-data: 2013/11/19
  • Argitaratze-data: 2013/11/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Hauek dira osasun arloko gizarte-ezberdintasunak: generoaren, gizarte-klasearen, bizilekuaren, jatorrizko herrialdearen, desgaitasunaren, lan motaren eta horren baldintzen arabera zehaztutako gizarte-taldeen arteko ezberdintasun sistematikoak, baztertzeko modukoak eta bidegabeak. Boterearen, diru-sarreren, ondasun zein zerbitzuen banaketa ezberdinak (munduan zein nazioan) eta horren ondorioz berehala eta ikusteko moduan herritarren bizi-baldintzetan (osasun-arreta, eskolatzea, hezkuntza, lan-baldintzak eta aisialdia eta etxebizitza) eta bizi oparo bat edukitzeko aukeran eragiten duten injustiziek sorrarazten dituzte pobreen osasun txarra, herrialdeen barruko osasuneko gradiente soziala eta herrialdeen arteko osasun-ezberdintasun handiak.

Horiek horrela, Euskadiko Osasun Plana osasun-sistemaren plangintza eta programazioa egiteko goi-mailako tresna bat da; han zehazten dira osasun-politikarako oinarrizko osasun-helburuak, eta han definitzen dira erantzuna eman behar zaien lehentasunak. 2002-2010eko Osasun Planak (indarrean dago geroagoko beste batek ordeztu arte) ezarritako helburu nagusietako bat egoera ahulenean dauden pertsonen osasuna hobetzea da, bai eta osasun arloko ezberdintasun sozialak murriztea ere.

Dekretu honek arautzen duen laguntza-araubideak tratamendua betetzea errazteko tresnak ezartzea du xedetzat, era horretan tratamendu medikoa duten pertsona jakin batzuek izan ditzaketen ezberdintasunak murritz daitezen; izan ere, horrelako pertsonek, muga ekonomikoak edo gizarte-bazterkeriako egoera direla-eta, preskripzio medikoak behar bezala ez betetzeko edo uzteko arriskuan egon litezke.

Ikuspegi horretatik, laguntza edo diru-laguntza batzuen izaera orokorreko erregulazioa baino ez da arau hau. Laguntza horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 48. eta hurrengo artikuluetan zehaztuta daude; haren testu bategina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsi zen, eta kudeaketa antolaturako araubide orokor bat ezartzen du Lege horretan jasotako zuzentarauei jarraikiz (Osasun Sailaren esku uzten du kudeaketa hori).

Izaera orokorra du, gainera, eta laguntzen organo kudeatzaileak emateko orduan bete beharreko araubide juridikoa ezartzen du.

Euskal Autonomia Erkidegoa onartu zuen 1979ko abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 9.2 artikulua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren laguntzen eta diru-laguntzen araubidea betez (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoaren, VI. tituluan ezarrita dago), Osasuneko sailburuak proposatuta eta Gobernu Kontseiluak 2013ko azaroaren 19an eginiko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren,

  1. Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak, finantzaketa publikoa jaso dezaketenak, gaixotasun- eta behar-egoera objektiboan dauden pertsonek bete ditzaten errazteko laguntzak arautzea du xedetzat arau honek.

  2. Laguntza horien bidez aurreko lerrokadan adierazitako moduan agindutako tratamendu mediko bat betetzeko orduan ordaindu behar izan dituzten zenbatekoak itzuliko zaizkie onuradunei, betiere finantzaketa publikoa jaso dezaketen tratamendu farmakologikoei, produktu dietetikoei eta efektu eta osagarriei dagokienez.

  1. Osasuneko sailburuari dagokio laguntza horien deialdia egitea, eta Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko zuzendaria izango da diru-laguntza programaren organo kudeatzailea. Osasun Publikoaren eta Mendekotasunen zuzendariak horiek emateaz ebatziko du, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 195/2013 Dekretuan egozten zaizkion eginkizunak betez.

  2. Osasuneko sailburuaren esku egongo da laguntzen deialdia egitea, barnean hauek hartuko dituen agindu egokiaren bidez: laguntzak zehazteko aldiak, izapideei (zuzenekoei zein elektronikoei) buruzko zehaztapenak, eskaerak aurkezteko epea, tokia eta modua, laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak, bai eta horiek emateko baldintzak egiaztatzeko eskatutako agiriak eta eskaera-eredua ere; hori guztia dekretu honetan jasotako arauak garatuz eta aplikatuz.

  1. Hauek izango dira laguntzen onuradunak:

    1. Gizarte Segurantzan pentsiodun gisa aseguratuta daudenak, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituztenak eta Euskadiko Osasun Sistema bermatzaile gisa duten banako osasun txartelaren titularrak.

    2. Aurreko atalean aipatutako aseguratuen onuradunak, Euskadiko Osasun Sistema bermatzaile gisa duten banako osasun txartelaren titularrak badira.

    3. Langabezia-egoera legalean dauden eta langabezia-prestaziorik eta diru sarrerak bermatzeko errentarik jasotzen ez duten pertsonak, Euskadiko Osasun Sistema bermatzaile gisa duten banako osasun txartelaren titularrak badira.

    4. Aurreko atalean aipatutako aseguratuen onuradunak, Euskadiko Osasun Sistema bermatzaile gisa duten banako osasun txartelaren titularrak badira.

    5. Estatuko Osasun Sistemako aseguratu edo onuradun ez izan arren, ekainaren 26ko 114/2012 Dekretuaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Estatuko Osasun Sistemaren osasun-prestazioak emateko araubideari buruzkoaren, aplikazio-arloan sartzen badira.

  2. Interesdunei laguntzak emango zaizkie haien onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, dela dagozkien agiriak aurkeztuz, dela Administrazioak berau egiaztatuz. Hartarako, interesdunek baimena eman ahal izango dute laguntzen organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatzeko laguntzak ematea dakarten baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten datuak, betiere datu horiek ez badaude Administrazioaren esku eta deialdiaren aginduan zehaztuta badaude.

  3. Baldin eta laguntzen zenbatekoa 3.000 eurotik gorakoa bada, organo kudeatzaileak behar diren aldi guztietan automatikoki egiaztatuko du laguntzon eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, haien baimen adierazia jaso beharrik gabe; hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuaren, bigarren lerrokadaren 50.3 artikuluan xedatutakoa betez.

Arau honek erregulatutako laguntzen bidez gaixotasun- eta behar-egoera objektiboan dauden pertsonei ordaindu egingo zaizkie dagokion deialdian zehaztutako aldian ordaindu behar izan dituzten zenbatekoak, betiere Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoa betetzearekin lotutako tratamendu farmakologikoei, produktu dietetikoei eta efektu eta osagarriei dagokienez (horrelakoak finantzaketa publikoaren xede badira).

  1. Interesdunek prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin ahal izango dituzte; hartarako, administrazioan onartutako sinadura elektronikoko sistemen bitartez identifikatuko dira.

  2. Izapidetze elektronikoa honako hauen bidez dago erregulaturik: Zerbitzu publikoetara bitarteko elektronikoen bidez sartzeari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legea; Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua; Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa -PLATEA- ezartzen duen dokumentua onartzen duena.

  3. Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bide elektronikoen bidez egin ahal izango dira, Eusko Jaurlaritzaren http://www.euskadi.net/misgestiones web-orriaren bidez, hain zuzen ere.

  1. Laguntza hauen onuradun izan daitezkeen pertsonek aurkeztu behar dituzte eskabideak deialdi-aginduan adierazitako tokietan, moduan eta epean. Aurrez aurre edo bitarte elektronikoak erabiliz aurkez daitezke eskabideak.

  2. Eskatzaileek eurek hautatzen duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea, deialdi-aginduan eskatutako gainerako agiriekin batera. Eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, halaber, eskabidetik eratorritako ekintzetan, eta prozedura osoan ere bai, azaroaren 24ko 10/1982 Legearen, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizkoa dena, 6.1 artikuluan ezartzen den moduan.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutakoaren, 50.6 artikulua betez, eskabideen eginbide normalizatuan honako betebehar hauek egiaztatuko dira erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

    1. Beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturi laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu ote zaizkion, helburu berarekin edo antzekoarekin, bai eta halakorik jaso den ere.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik bideratzeko dagoen edozein itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean ez egotea edo amaitu izana.

    3. Zehapen administratiborik edo penalik ez edukitzea, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, edo laguntza horiek jasotzen uzten ez dion legezko debekurik ez edukitzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea aplikatzeak ekarritakoak barne.

    4. Benetakoak izan behar dute eskaeran eta harekin batera doazen agirietan jarritako datuek, eta eskatzaileak bete egin behar ditu laguntzen onuradun izateko betekizunak, indarreko legediak ezartzen dituen horiek, hain zuzen.

  4. Eskabideen bitartez eskatzaileak baimena ere eman beharko du organo kudeatzaileak dagokion organismoaren aurrean automatikoki egiazta dezan onuraduna izatea eragiten duten baldintzak betetzen dituela zein laguntza bideratuko den gastua aldian-aldian egin duela.

  5. Erantzukizunpeko adierazpen bati eransten zaion datu, azalpen edo dokumenturen bat zuzena ez bada, edo faltsua bada, edo haietako bat falta bada, prozedura eten egingo da horren berri jakin bezain laster, eta baliteke erantzukizunak ezartzea ere (penala, zibila edo administratiboa).

  6. Halaber, horrelakorik gertatuz gero, interesdunak laguntza itzuli beharra xedatu ahal izango du gertaera hori adierazten duen Herri Administrazioaren ebazpenak, hori guztia kasuak kasu dagokion prozeduratik etor litezkeen zehatzeko neurrien ondorioz laguntza-eskaera berririk ezin dela izapidetu adierazteari kalterik egin gabe.

Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioak arau honetan ezarritako baldintza guztiak bete ezean, edo agiririk falta bada, eskatzaileari eskatuko zaio, hamar egun balioduneko epearen barruan hutsak zuzentzeko edo agindutako agiriak aurkezteko, eta hau ohartaraziko zaio: eskatutakoa egiten ez badu, eskabidea bertan behera utzi duela ulertuko dela. Dena den, Administrazioa behartuta dago eskabideen gainean ebazpen adierazi bat hartzera eta ebazpena jakinaraztera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoa betez.

Onuraduntzat hartu eta laguntzen xede den gastua egin dela egiaztatutakoan, laguntzok gauzatu egingo dira deialdiaren aginduan zehaztutako aldien arabera.

  1. Osasun Publikoaren eta Mendekotasunen zuzendariaren ebazpenaren bidez xedatuko da dekretu honetan ezarritako laguntzen onuraduntzat hartzea edota, hala badagokio, onuradun izaera ukatzea. Horren berri Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan emango da (www.euskadi.net/egoitza elektronikoa/iragarki-taula), bai eta dagokion deialdian xedatutako gainerako tokietan ere. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartuaren, 49.2 artikuluaren bigarren lerrokadan xedatutakoa betez. Ebazpen horiek argitaratu aurretik iragarri ahal izango ditu Osasun Sailak, interesdunek horren berri jaso dezaten.

  2. Laguntzen onuraduntzat hartzeko eskabideak ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskabidea izapidetzeko eskuduna den organoaren erregistroan sartzen denetik aurrera zenbatuta; epe hori amaitu ondoren, diru-laguntzen eskaera onartutzat joko da ebazpen adierazirik ezean; hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

  3. Indarreko legediaren arabera egokiak diren errekurtsoak aurkeztu ahal izango dira emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka.

  4. Dekretu honetan xedatutako laguntzak onuradunei eman eta ordaindu aurretik, buruturik egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek antzeko laguntzak edo diru-laguntzak pertsona horiei itzularazteko edo haien zioz zehapenak ezartzeko oraindik izapidetze-fasean dauden prozedura guztiak.

  1. Dekretu honetan araututako diru-laguntzen esleipena bateragarria da administrazio berak edo beste batzuek edo erakunde publiko edo pribatuek jarduera bererako emandako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikoekin. Diru-laguntzen zenbatekoa, beste batzuekin batera emanez gero, ez da izango adierazitako moduan agindutako tratamendu farmakologikoa betetzeak ekarritako kostua baino handiagoa.

  2. Lortutako laguntza guztien batuketa onuradunak agindutako tratamendua betetzeko ordaindutako zenbateko osoa baino handiagoa baldin bada, diru-laguntza txikiagoa emango da, gehiegizko zenbatekoa kenduta.

  1. Dekretu honetako xedea betetzera bideratutako baliabide ekonomikoek sorburu hau izango dute: Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan edota aurrekontu-izaerako lege-mailako arauetan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituak. Aurrekontu-ekitaldian guztira emango diren laguntzen zenbatekoak ez du diru-izendapen hori gaindituko, edo, baldin eta, indarrean dauden legeen arabera, aurrekontuetan aldaketak onartzen badira, ez du zenbateko hori eguneratuta sortzen den emaitza gaindituko.

    Eguneratze hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian jakinaraziko da Osasuneko sailburuordearen ebazpen bidez.

  2. Laguntza ukatuko da berau egotzi behar den aurrekontuak ez badu kreditu egoki eta nahikorik nahi den xederako; horrelakoetan, bertan behera geldituko da dekretu honen eraginkortasuna laguntza berria emateari dagokionez. Horregatik guztiagatik, dekretu hau indarrean dagoen bitartean, baldin eta, ekitaldi ekonomiko batean, kontsignatuta dagoen kreditua amaitzen bada, hierarkia-mailan organo kudeatzailea baino gorago dagoenaren administrazio-ebazpena emango da berau jakinarazteko; haren bitartez kreditua amaitu dela adieraziko da, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartuaren, 51.5 artikuluan xedatutakoa betez.

  3. Aurrekontu-ekitaldi batean horren aurrekontu-kredituekin erantzun ezin diren eskabideak badaude, hurrengo ekitaldikoetara egotzi ahal izango dira, eskabidea berriro aurkezteko beharrik gabe, betiere aipatutako egoera horiek dekretu honetan laguntza eskuratzeko ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Nolanahi ere, baliabiderik ezagatik eskabidea ukatu bada, eskabide berria aurkeztu beharko da.

Osasun Sailak Dekretu honen bidez lortu nahi diren helburuak beteko direla bermatzeko beharrezko diren ikuskaritza- eta kontrol-jarduerak egin ahal izango ditu.

  1. EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluak zehaztutako betebeharren kalterik gabe, eta agindu honetan azaldutako beka-modalitate bakoitzean berariaz adierazitakoen kalterik gabe, onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

    1. Diru-laguntza jasotako egoeraren xedea edo izaera asko aldatzen duen edozein gorabeheraren berri ematea, bai eta Osasun Sailari laguntzea ere, jarduera horien egiaztapen-, inspekzio-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

    2. Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen xede direnen fiskalizaziorako.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutakoaren, 53.1 artikuluan ezarritako kasuetako batean egonez gero laguntzaren onuraduna, edo dekretu honetan eta aplika daitezkeen arauetan eta diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak bete ezean, dagokion ebazpenaren bidez hau adieraziko da: ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu egin duela onuradunak, eta hala badagokio, ordura arte jasotako diru-kopuruak eta diru-laguntza ordaintzen denetik aurrera sortutako legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko dituela, bidezko beste akzio batzuk eragotzi gabe.

  2. Aurrekoak ez du eragotziko egokiak diren gainontzeko ekintzak egitea, guztia abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari jarraituta. Dekretu horrek, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen berme eta itzulketei buruzko araubide orokorra arautzen du, eta bertan, diru-laguntzen kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dira. Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizunen erregimena hauxe izango da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoaren, 64. artikuluan ezarritakoa.

  1. Dekretu honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskatzean ematen diren datuak xede horretarako sortzen den fitxategi berezian sartuko dira, eta Osasun eta Kontsumoko Sailburuaren 2011ko abenduaren 22ko Aginduan erantsiko da; agindu horren bitartez arautzen dira Osasun Sailaren eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren izaera pertsonaleko datuen fitxategiak, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesten dituen 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari jarraikiz.

  2. Aurreko lerrokadan adierazitako fitxategiko datuak ezin zaizkie hirugarrenei edo beste erakundeei utzi, eta Osasun Sailak erakunde eskatzaileen laguntzak kudeatzeko baino ez ditu erabiliko.

  3. Nahi izanez gero, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak erabil ditzake nahi duenak, legean xedatutakoarekin bat etorriz; horretarako, idazki bat igorri beharko dio Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Mendekotasunen Zuzendaritzari.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

    Arau honetan erregulatutako laguntzen onuraduntzat hartutako pertsonek, 3.1 artikuluaren a), b), c) eta d) paragrafoetan jasotako definizioetan jasota daudenean, laguntzak eskatu ahal izango dituzte Estatuko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoagatik, finantzaketa publikoa izan dezakeenagatik, benetan ordaintzen dituzten zenbatekoei dagokienez.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako pertsonak izan ahalko dira laguntza horien onuradun, baldin eta MUFACE, MUGEJU edo ISFASek kudeatutako Gizarte Segurantzako araubide berezien titularrak badira eta 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten pentsiodunak badira, betiere horien bermatzailea Estatuko Osasun Sistema bada.

  2. Halaber, aurreko lerrokadan azaldutako pertsonak izan ahalko dira laguntzen onuradun, betiere Euskal Autonomia Erkidegoan erroldaturik jarraitzen badute.

Laguntzek ondorioak izango dituzte 2013ko uztailaren 1etik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA. Ordezko araubidea.

Dekretu honetan laguntza publikoen araubidearekin lotuta aurreikusi gabeko alderdiei dagokienez EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutakoa, hartuko da kontuan, eta administrazio-prozesuarekin lotuta, 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA. Erregelamenduz garatzea.

Osasuneko sailburuak izango du honako dekretu hau garatzeko eta gauzatzeko beharrezko diren xedapen guztiak emateko ahalmena.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA. Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko azaroaren 19an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (13)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.