Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

21/2012 DEKRETUA, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Justizia eta Herri Administrazio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 50
  • Hurrenkera-zk.: 1134
  • Xedapen-zk.: 21
  • Xedapen-data: 2012/02/21
  • Argitaratze-data: 2012/03/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ekonomi jarduerak
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Informazio etak komunikazioak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioak hainbat ekimen eta plan bultzatu du, teknologia berriak erabiltzea eta informazio-gizartea ezartzea lortzeko. Administrazio berritzailea eta irekia, gizarteari zerbitzu eraginkorrak, seguruak eta kalitatekoak eskainiko dizkiona; horrelakoa da eraiki nahi dugun administrazioa, eta, bide horretan, azken bultzada, behin betikoa, Eusko Jaurlaritzaren Berrikuntza Publikoaren 2011-2013 Plana izan da, berriki onartua.

Beste mugarri bat abenduaren 18ko 232/2007 Dekretua da. Administrazio-prozeduretan bitarteko elektronikoak, informatikoak eta telematikoak nola erabili arautzeaz batera, administrazio elektronikoa ezartzeko lantegiari itzalpea eman zion, eta ez nolanahikoa, araugintzaren plazan.

Derrigor aipatu beharreko beste agiri bat Segurtasun Eskuliburua da. Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren otsailaren 26ko Aginduaren bidez onartu zen, eta administrazio elektronikoa garatzeko orduan informazioa benetakoa, osoa, konfidentziala izango dela eta eskuragarri eta ondo jasota egongo dela bermatzeko hartu beharreko neurri orokorrak zehaztu zituen, batzuk teknikoak eta beste batzuk antolakuntza-arlokoak.

Ekainaren 22ko 11/2007 Legea ere etorri zen, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoa, eta, handik apur batera, lege hori garatzeko beste bi dekretu: 3/2010 Errege Dekretua, urtarrilaren 8koa, Administrazio Elektronikoaren esparruan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duena; eta 4/2010 Errege Dekretua, urtarrilaren 8koa, administrazio elektronikoaren esparruan Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala arautzen duena. Bateko eta besteko, administrazio elektronikoaren oinarri juridikoetan berrikuntza handiak iritsi zitzaizkigun, eta, horregatik, bada hainbat zeregin, gurean egiteke daukaguna, besteak beste, Egoitza Elektronikoa, Iragarki Ohol Elektronikoa eta Ordezkarien Erregistro Elektronikoa sortzea, eta agiri eta artxibo elektronikoak arautzea. Azkenean, hobe administrazio elektronikoari buruzko beste dekretu berri bat onartzea, abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuaren ordez.

Administrazio Elektronikoari buruzko Dekretuak zortzi titulu ditu, bi xedapen gehigarri xedapen indargabetzaile bat, eta bi azken xedapen.

  1. tituluan, xedapen orokorrak jaso ditugu, besteak beste, dekretuaren xedea, aplikazio-eremua, printzipio orokorrak, hizkuntzen erabilera eta daturik eta agiririk ez emateko eskubidea.

  2. tituluan, bi gauza sortu ditugu: Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioko Egoitza Elektronikoa eta Iragarki Ohol Elektronikoa. Egoitza eremu elektroniko bat da, eta zerbitzu elektronikoen berri emateko eta segurtasun, kalitate eta erantzukizun aldetik berme bereziak behar dituen informazioaren berri emateko erabiliko da. Iragarki Ohol Elektronikoa iragarki-ohol fisikoa osatzeko edo, beharrezkoa baldin bada, ordezkatzeko erabiliko dugu; noiz, ordea? Legez edo erregelamenduz hala xedaturik dagoela-eta, iragarki-oholean edo ediktu-oholean argitaratu beharrekoak diren egintzak eta komunikazioak argitaratu behar direnean.

  3. tituluan, herritarrak eta administrazioa nola identifikatu eta haien jarduna nola autentifikatu zehaztu dugu. Hor utzi dugu adierazita sinadura elektronikoko zein sistema erabiliko diren administrazio-harremanetan. Laburbilduz: herritarrek, beren buruak identifikatzeko eta administrazio-izapideak sinatzeko, erabil ditzakete nortasun-agiri nazional elektronikoa, ziurtagiri elektroniko aitortuak eta sinadura elektroniko aurreratua. Baina, dena delako izapideak ez baldin badu segurtasun handirik eskatzen, hitzarturiko gakoak edo aurretiaz ezagutzen den beste informazioren bat ere erabil daiteke.

    Ordezkarien Erregistro Elektronikoa ere III. tituluan dago arauturik. Interesdunek, batzuetan, beste pertsona batzuk ordezkari modura jarriko dituzte, beren izenean administrazioan zer edo zer elektronikoki egiteko. Ordezkaritza horien berri jasoko da erregistro honetan.

    Administrazioak, berriz, bi gauza egingo ditu: bere langileei ziurtagiri elektroniko aitortuak emango dizkie, lanerako; eta, berak, bere aldetik, administrazio-jardun automatizatuetan, hau da, pertsonarik behar ez denetan, zigilu elektronikoak eta egiaztapen-kode seguruak erabiliko ditu.

  4. tituluan, Erregistro Elektronikoa dago azalduta. Zer-nolako agiriak onartuko dira bertan? Agiri elektroniko normalizatuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioko organoetara zuzenduta datorren beste edozein agiri elektroniko.

  5. tituluan, komunikazio eta jakinarazpen elektronikoak arautu ditugu. Herritarrek berek aukeratuko dute nola jaso nahi dituzten komunikazioak eta jakinarazpenak: bitarteko elektronikoak edo fisikoak erabilita. Baina, gerta daiteke lege edo erregelamendu batek herritarra kanal elektronikoa erabiltzera behartzea; eta gerta daiteke lege batek aukera bakarra uztea eta administrazioarekiko harremanetan bitarteko arruntak soilik elektronikorik ez erabiltzera behartzea.

    Arrazoi tekniko funtsdunak direla-eta ezinezkoa ez bada, administrazioak bitarteko elektronikoak erabiliko ditu, beti, bai bere organoen arteko komunikazioetan eta baita beste herri-administrazio batzuekiko komunikazioetan ere.

    Agiri elektronikoak eta agiri elektronikoen kopiak VI. tituluan arautu ditugu, xehe-xehe. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioak, dekretu honen bidez, Artxibo Elektronikoa sortu du, eta agiri elektronikoak kudeatzeko bere politika ere onartuko du. Artxibo horrek kudeatuko du agirien bizi-ziklo osoa, sortzen direnetik ezabatzen diren arte, edo, hala egin behar denetan, artxibo horretan gordeko dira behin betiko.

    Benetako kopia elektronikoak ezin ditu edonork egin: horretarako eskumena daukan administrazio-organo batek edo erakunde publiko batek egin beharko ditu, jatorrizkoen edo benetako kopien kalitatea duten agirietatik abiaturik. Benetako kopia elektronikoak egiteko erabili ondoren, paperean edo beste edozein euskarritan dauden jatorrizko agiriak edo benetako kopiak ezin dira edonola suntsitu: Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioak izango du aipatu dugunez agiri elektronikoak kudeatzeko politika bat, eta han jartzen duen bezala egin beharko da.

  1. tituluan, bi gauza arautu ditugu: eredu elektronikoak, eta izapideak elektronikoki egiteko jarraibideak.

  2. tituluan, administrazio elektronikoko zerbitzu erkideak landu ditugu. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publiko guztirako konponbide informatikoak dira, eta zerbitzu elektroniko bateko prozeduraren zati batzuk edo prozedura osoa estandarizatzeko balio dute. Administrazioen arteko elkarreragingarritasuna lortzeko zutarrietako bat dira, baliabideak arrazoiz erabiltzeko bidea ematen digute, eta bermatuko dute dekretuan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan jasota datozen baldintzak eta eskakizunak betetzen direla.

    Lehen xedapen gehigarria prozedura bereziei buruzkoa da. Bigarren xedapen gehigarrian, berriz, prozedurak eta zerbitzuak dekretu honetako betebeharretara egokitu beharra landu dugu. Xedapen indargabetzaile bakarraren bidez, bi arau oso-osorik indargabetu ditugu, eta beste baten zati bat: osorik, abenduaren 18ko 232/2007 Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita bitarteko elektronikoak, informatikoak eta telematikoak administrazio-prozeduretan nola erabili; eta gobernuko presidenteordearen 2009ko urtarrilaren 15eko Agindua, zeinaren bidez arautzen baita ziurtagiri elektronikoak onartzeko araubidea; eta, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko eta erakunde autonomiadunetako erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuaren zati bat.

    Eta, amaitzeko, azken xedapenak. Bi gai hauek landu ditugu azken xedapenetan: apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua nola aldatu (Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko eta erakunde autonomiadunetako erregistroen sorrerari, antolakuntzari eta funtzionamenduari buruzkoa da); eta dekretu hau noiz sartuko den indarrean.

    Ea lortzen dugun gure administrazioa eraginkorra izatea, eskaintzen dituen zerbitzuak kalitatekoak eta hainbat kanaletatik eskuratzeko modukoak izatea. Administrazio irekia, gardentasun zalea, parte hartu zalea eta lankidetza zalea nahi dugu, baliabideak zuzen eta neurriz erabiliko dituena, kudeaketa hobetu, antolakuntza egokitu, prozedurak soildu eta teknologia eguneratuko dituena. Bada, dekretu honek horretan lagundu nahi du. Baina helburu horiek erdiesteko modu bakarra dago: oreka egokia lortzea, bitarteko elektronikoen erabileraren eta datu pertsonalak babesteko beharrezko eskubidearen artean.

    Horregatik guztiagatik, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuko 10. artikuluko 2. eta 6. paragrafoek emandako eskumenak baliatuz, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko otsailaren 21ean eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Zerbitzu publikoez baliatzeko edo administrazio-prozedurak izapidetzeko orduan, herritarrek badute eskubidea administrazioarekin baliabide elektronikoak erabiliz jarduteko, eta dekretu honen xedeetako bat da, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren barruan eskubide hori garatzea. Beste xedea, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko Legeko 6. artikuluan jasota datozen eskubideei zabalbidea ematea da (ekainaren 22ko 11/2007 Legea da hori).

  2. Beste gai hauek ere arautu ditugu: Egoitza Elektronikoa; Iragarki Ohol Elektronikoa; herritarrak eta administrazioa nola identifikatu eta haien jarduna nola autentifikatu; Ordezkarien Erregistro Elektronikoa; Erregistro Elektronikoa; komunikazio elektronikoak; eta agiri elektronikoak eta agiri horiek nola gorde behar diren.

  1. Dekretu hau nori aplikatu behar zaion:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrari, administrazio orokorreko erakunde autonomiadunei, eta administrazio orokor horri loturik edo administrazio orokor horren menpe dauden zuzenbide publikoko gainerako erakundeei.

    2. Zuzenbide pribatuko erakunde publikoei eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeei, zuzenbide publikoaren pean jarduten dutenean.

    3. Pertsona fisikoei, juridikoei eta nortasunik gabeko erakundeei, dekretu hau bete behar duten erakundeekiko harremanetan.

    4. Dekretu hau bete behar duten erakundeen arteko harremanetan.

  2. Dekretu honen ondorioetarako, berariaz beste ezer adierazten ez bada, artikulu honetako 1 paragrafoko a) eta b) idatzi-zatietan zehazturik dauden organoak eta erakundeak izango dira administrazioa.

Administrazioak ezin ditu bitarteko elektronikoak nolanahi erabili, baizik eta datu pertsonalak babesteko eskubidea errespetatuz (eskubide hori zehazturik dagoen arauetan jartzen duen bezala), eta Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legeko 4. artikuluan jasota datozen printzipioak errespetatuz.

Dekretu honetan erabili ditugun terminoen esanahia jakiteko, eranskinean begiratu.

  1. Hizkuntza-koofizialtasuna dakarren araubide juridikoa bete beharko da, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 10/1982 Legean bertan eta lege hori garatzeko arauetan xedaturik dagoen bezala.

  2. Interesdunak aukeratuko du zein hizkuntza erabili nahi duen, euskara edo gaztelania, administrazioarekiko izapideetan edo administrazioko komunikazioak jasotzeko orduan. Berariaz ezer adierazten ez badu, ulertuko da administraziora jo duenean erabili duen hizkuntza aukeratu duela.

  3. Gero, izapideak irauten duen bitartean, nahi duenean alda dezake aukeraketa hori. Baina, hizkuntzaz aldatzea erabakitzen badu, ordura arteko agiriak hasierako hizkuntzan geratuko dira. Eta erabakitzen baldin badu dena delako agiria ez duela ekarriko, administrazioak ere baduelako lehenagotik, agiri hori, ere, dagoen hizkuntzan geratuko da.

  1. Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legeko 6.2.b) artikuluaren arabera, administrazio-prozeduretan, interesdunak ez du zertan, atzera berriz, administrazioak bere esku izan baduen daturik eta agiririk ekartzen ibili behar. Hori eskubidea du, eta administrazioak lagundu egin behar du eskubide hori egikaritzen. Eskubide hori bitarteko elektronikoak erabiliz balia daiteke.

  2. Interesdunari adieraziko zaio, berariaz, horrek esan nahi duela dena delako administrazio-organoak ez duela eragozpenik izango datu edo agiri horiek zein organok dituen ikusi, eta handik berera biltzeko, eta bera (interesduna) ados dagoela horretan, ekainaren 22ko 11/2007 Legeko 6.2.b) zehazturik dagoen neurrian (Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoa da lege hori).

  3. Eskubidea banan-banan erabiltzekoa da, hau da, berariaz prozedura bakoitzerako, eta ez du esan nahi interesdunak dena delako organotan izapidetzen dituen prozedura guztietan hala egin daitekeenik, ez dakar horretarako adostasun orokorrik.

  4. Nahi badu, interesdunak edozein momentutan ekar ditzake datu edo agiriok, eta baita emandako adostasuna datu pertsonaletara iristeko ezeztatu ere.

  5. Beharrezko datuak edo agiriak prozedura izapidetzen ari den administrazio-organoak berak baldin badauzka, edo elektronikoki bildu baditzake, prozedurara erantsiko ditu. Lagatzen dituen organoaren fitxategian jasota geratu behar du organo izapidetzailea datu edo agiri horietara sartu dela.

  6. Prozedura izapidetzen ari den administrazio-organoak ez baldin badauzka datu edo agiri horiek, badauzkan organoari eskatuko dizkio. Horretarako, organo bien informazio-sistemek elkarreragingarriak izan behar dute, hau da, datuak eta agiriak elkarrekin banatzeko edo erabiltzeko gai izan behar dute.

  7. Ezinezkoa baldin bazaio datuak edo agiriak eskuratzea, prozedura izapidetzen ari den administrazioak interesdunari jakinarazi beharko dio, arrazoi eta guzti, eta hark ekarri egin beharko ditu. Prozeduran dago zehazturik interesdunak zein epe duen datu edo agiri horiek ekartzeko eta ondorioak zein izango diren.

  8. Datuak eta agiriak ez ekartzeko eskubidea erabiltzea errazagoa izan dadin, administrazioa gainerako herri-administrazioekin hitzarmenak egiten saiatuko da, ekainaren 22ko 11/2007 Legeko 9. artikuluaren arabera (Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoa da lege hori). Halakoetan, datuak edo agiriak laga dituen organoak moduren bat izan behar du eskubidea behar bezala egikaritzen den ikusteko, eta hitzarmenean egiaztatze-prozedura horiek ere jaso beharko dira. Egindako hitzarmenen eta trukatutako datuen eta agirien berri Egoitza Elektronikoan argitaratu beharko da.

  1. Dekretu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioko Egoitza Elektronikoa sortzea onartzen da.

  2. Egoitza leku edo eremu elektroniko bat da. Bertan argitaratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren zerbitzu elektronikoak, eta baita hainbat informazio ere, hain zuzen ere, berme bereziak behar dituenak segurtasunaren aldetik, kalitatearen aldetik eta erantzukizunaren aldetik.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko eta erakunde-administrazioko organo guztiak egongo dira Egoitza Elektronikoaren barruan.

  4. Lankidetza-hitzarmenak erabiliz, Egoitza Elektronikora dekretuaren aplikazio-eremuan dauden beste erakunde batzuk ere bildu daitezke, eta beste herri-administrazio batzuekin batera erabiltzeko egoitzarik ere sor daiteke.

  5. Egoitza Elektronikoaren helbide elektronikoa https://euskadi.net/ da.

  1. Administrazio elektronikoaren eskumenak dituen saileko burua izango da Egoitza Elektronikoaren titularra eta hura kudeatzeko erantzulea. Organo horren ardura izango da hartu beharreko neurri guztiak hartzea, egoitzak arauzko baldintza guztiak bete ditzan, gauza hauetan: publizitate ofiziala, identifikazioa, irisgarritasuna, eskuragarritasuna, osotasuna eta segurtasuna. Orobat bere ardura izango du bermatzea arauetan eskatzen diren zerbitzu, prozedura eta informazio guztiak izango direla eskuragarri Egoitza Elektronikoan.

  2. Egoitzara biltzen diren organo eta erakundeen titularrak berak izango dira egoitzan herritarrentzat jartzen dituzten edukiak eta zerbitzuak kudeatzeko arduradunak. Ardura-maila ez da beti bera izango: organo eta erakunde bakoitzak legez dituen eskumenen araberakoa izango da.

  1. Hauek dira Egoitza Elektronikoaren gutxieneko edukiak:

    1. Identifikazioak: Egoitza Elektronikoa bera, egoitzaren organo titularra, eta egoitzaren kudeaketaren eta egoitzan eskuragarri dauden zerbitzuen organo arduradunak.

    2. Egoitza Elektronikoa zuzen erabiltzeko beharrezko informazioa, eta jabetza intelektualari buruzko informazioa.

    3. Egoitza Elektronikoaren ziurtagiria egiaztatzeko sistema.

    4. Egoitza Elektronikoan erabiltzen diren zigilu elektronikoen ziurtagiriak egiaztatzeko sistema.

    5. Egoitza Elektronikoa zuzen erabiltzeko, erabiltzaileek eskura izango dituzten aholku-zerbitzuak.

    6. Egoitzan eskura dauden zerbitzuetara nola sartu ere zehaztu beharko da. Zerbitzu horietara iristeko bidea ematen duten bulegoetako helbide elektronikoak, telefonoak, faxak eta posta-helbideak ere bai, halakorik baldin badago.

    7. Ea Egoitza Elektronikoan sinadura elektronikoko zein sistema eta zein ziurtagiri elektroniko onartzen diren edo erabil daitezkeen, eta zein prozeduratarako balio duten.

    8. Egoitzak herritarraren eskura jartzen dituen zerbitzuen katalogoa.

    9. Administrazio elektronikoaren arloko zein zerbitzu erkide dauden erabilgarri egoitzan.

    10. Datuak egiaztatzeko zerbitzua erabiliz kontsulta daitezkeen datu eta agirien zerrenda.

    11. Espedienteen izapidea zertan den ikusteko sarbidea.

    12. Data eta ordu ofizialak.

    1. Egun baliogabeak.

    2. Ea zein formatu dauden onarturik, Egoitza Elektronikoan agiri elektronikoak aurkezteko.

    1. Erregistro elektronikoak eta administrazio elektronikoko zerbitzuak aitortzearren eta datuak trukatzearren administrazioak beste administrazio batzuekin sinatzen dituen hitzarmenak.

    2. Kexa eta iradokizunetarako postontzia.

    3. Egoitza Elektronikoa sortzeko araua; eta sarbidea egoitzatik duen erregistro elektronikoa sortzeko araua.

    4. Administrazio-jardun automatizatuetarako zigilu elektronikoak eta egiaztapen-kode seguruak sortzeko ebazpenak.

    5. Aukera edo modua, ikusteko egiaztapen-kode seguruak erabiliz autentifikatu diren agiriak benetakoak direla eta osorik daudela.

    6. Datu pertsonalen babesarekin zerikusia duen informazioa. Besteak beste, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko Egoitza Elektronikora sartzeko esteka.

    7. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.

    8. Kontratatzailearen profila.

    9. Iragarki Ohol Elektronikoa.

    10. Sinadura elektronikorako politika.

    11. Ezinbesteko arrazoi teknikoak direla-eta egin beharreko etenaldiak.

    12. Arauetan eskatzen den beste edozein zerbitzu, prozedura eta informazio.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioko Egoitza Elektronikoan, bermaturik egongo da edukietara eta zerbitzuetara euskaraz eta gaztelaniaz sartu ahal izatea.

  3. Egoitza Elektronikoaren titularrak beste eduki batzuk ere sar ditzake. Hark eguneratuko ditu helbide elektronikoak, organoen izenak (antolakuntza beste era batera taxutu beharra dagoenean), eta egoitzan eskura dauden zerbitzuetara iristeko kanalen zerrenda eta ezaugarriak.

  1. Dekretu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioko Iragarki Ohol Elektronikoa sortzea onartzen da.

  2. Egintza eta komunikazio batzuk iragarki-oholean argitaratu behar izaten dira, hala jartzen baitu legeetan edo erregelamenduetan. Aurrerantzean, bada, iragarki-oholean argitaratu ordez, edo osagarri modura, Egoitza Elektronikoan argitaratu ahal izango dira. Iragarki-oholean argitaraturik bezain ofizialak eta benetakoak izango dira, eta balio eta ondorio juridiko berberak izango dituzte. Iragarki-oholeko derrigorrezko argitalpen horren ordez, egintza edo komunikazioa Egoitza Elektronikoan argitaratu nahi baldin badugu, dena delako prozedura arautzen duen araudian aukera horrek berariaz jasota egon beharko du.

  3. Iragarki Ohol Elektronikoak eduki beharreko sistema eta mekanismoak eduki behar ditu, bertan ageri dena benetakoa eta osoa dela eta eskuragarri dagoela egiaztatzeko. Eta bermatuko du datu pertsonalak babesturik daudela eta informazioa seguru dagoela.

  1. Pertsona fisikoek bide hauek dituzte administrazioarekin harremanak elektronikoki izateko: nortasun-agiri nazionalak dakartzan ziurtagiri elektronikoak, ziurtagiri elektroniko aitortuak eta administrazioak onartzen dituen sinadura elektroniko aurreratuko sistemak.

  2. Pertsona juridikoek eta nortasun juridikorik gabeko erakundeek bide hauek dituzte administrazioarekin harremanak elektronikoki izateko: ziurtagiri elektroniko aitortuak (pertsona juridikoenak edo nortasun juridikorik gabeko erakundeenak, hurrenez hurren) eta administrazioak onartzen dituen sinadura elektroniko aurreratuko sistemak.

  3. Eta beste sinadura-sistema batzuk ere erabil daitezke, esate baterako, aurretiaz erregistro batean hitzarturiko gakoak; edo administrazioak eta interesdunak ezagutzen duten beste informazioren bat; edo kriptografiarik gabeko beste sistema batzuk. Baina ez dira izapide guztietarako onartuko; datuak eta interesak ikusi, eta erabil daitezkeela erabakitzen bada onartuko dira, proportzionalitate-irizpideen arabera. Sinadura-sistema horien erabilera-baldintzak eta ezaugarriak sinadura elektronikorako eta ziurtagirietarako politikan zehaztuko dira.

  4. Herritarrek sinadura elektronikoko sistemak erabiltzen baldin badituzte, horrek esan nahi du administrazioak ez duela izango, sinadura egiaztatzearren, hango datu pertsonalak tratatzeko eragozpenik.

  5. Egoitza Elektronikoan argitaratuko da sinadura-sistemen eta ziurtagiri elektroniko onartuen zerrenda, eta zein prozeduratarako balio duten.

  1. Administrazioak interesdunen ordezkoak gaitu ditzake, orokorrean edo berariaz. Pertsona fisiko edo juridikoak izango dira, eta jarduera elektroniko batzuk interesdunaren ordez egiteko baimena izango dute.

  2. Administrazioak eta dena delako pertsonak edo erakundeak, aurretiaz, hitzarmen bat sinatu beharko dute, bi gauza hauek zehazteko: zein prozedura eta izapidetarako den gaikuntza, eta hitzarmena sinatu duen erakundearen eta gaitu diren pertsonen betebeharrak. Pertsona horiek hitzarmena berariaz onartu beharko dute.

  3. Hitzarmena sinatu duten erakundeek ez baldin badituzte betebeharrak betetzen, hitzarmena eta gaikuntzak indarrik gabe geratuko dira. Pertsona gaitu batek urratzen baditu betebeharrak, hitzarmenetik at geratuko da. Edonola ere, kasu batean zein bestean, aurretiaz espedientea egin beharko da, eta interesdunari entzun. Horrek ez du esan nahi bestelako erantzukizunik eskatu ezin denik.

  4. Gaitutako pertsonek edo erakundeek kasu edo jarduera bakoitzerako beharrezko ordezkaritza izan beharko dute. Administrazioak edonoiz eska diezaieke ordezkaritza hori egiaztatzeko. Administrazioak onartuak dituen agiri normalizatuen bidez erakutsi beharko dute. Nahikoa ordezkaritzarik ez baldin badute, erantzukizunak exijituko zaizkie.

  1. Dekretu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioko Ordezkarien Erregistro Elektronikoa sortzea onartzen da. Baliteke interesdunak beste hirugarren bati ematea administrazioarekin, elektronikoki, bere izenean jarduteko ordezkaritza. Halakoetan, ordezkaritza horiek erregistro honetan jasota utzi beharko dira, derrigor. Erregistro hau ez da erregistro publikoa.

  2. Pertsona fisikoek eta pertsona juridikoek eman dezakete ahalordea. Pertsona bati edo hainbati eman dakioke, berdin pertsona fisikoei zein juridikoei, kasu batean izan ezik: komunikazioak eta jakinarazpenak elektronikoki jasotzeko baldin bada, ahalordea pertsona fisiko edo juridiko bakar bati eman dakioke.

  3. Ahalordeen ingurumariak administrazio elektronikoaren eskumena duen saileko buruaren agindu bidez zehaztu beharko dira: ahalordea nork nori eman dion, nola egiaztatu behar den, noiz-nola aldatu edo ezeztatu den, eta erregistroaren funtzionamendurako zehaztu beharreko gainerako kontuak.

  1. Kontua da funtzionarioak egitea, bere sinadura elektroniko aitortua erabiliz, herritarraren izapidea. Horretarako, hainbat funtzionario gaituko da.

  2. Aurretiaz, herritarrak eman beharko dio horretarako ahalmena. Horretarako, herritarrak bi gauza egin beharko ditu: funtzionarioari nor den erakutsi, eta berariaz ados dagoela adierazi. Ados egote hori jasota utzi beharko da.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioan, identifikazioa eta autentifikazioa egiteko hainbat funtzionario egongo da gaiturik. Denak ere erregistro batean agertu beharko dira, eta erregistro hori eguneraturik mantentzeko ardura administrazio elektronikoaren eskumena duen sailarena izango da. Dekretu honen aplikazio-eremuan dauden beste erakunde eta beste herri-administrazio batzuetarako ere balio dezake, horretarako lankidetza-hitzarmena eginez.

  4. Erregistro horren funtzionamendua sail horretako buruaren agindu bidez arautuko da, baita gaikuntza nork duen zehazteko sistema bera eta gaikuntza noraino iristen den ere.

  1. Egoitza Elektronikoa identifikatzeko, gailu seguruko ziurtagiriak erabiliko dira, edo, bestela, balio bereko beste baliabide bat. Edonola ere, Egoitza Elektronikoa identifikatzeko eta harekin arriskurik gabe komunikatzeko aukera eman beharko du.

  2. Egoitza Elektronikoaren ziurtagiriak egoitza identifikatzeko besterik ez dira erabiliko. Ez dira agiriak eta izapideak elektronikoki sinatzeko erabiliko.

  1. Bere jardun automatizatua sinatzeko, administrazioak sinadura elektronikoko bi sistema erabil ditzake: zigilu elektronikoa edo egiaztapen-kode segurua. Zer edo zer izapidetu, ebatzi edo komunikatu behar duenean erabili ahal izango ditu, pertsonek parte hartu gabe ere egin baldin badaiteke.

  2. Honako puntu edo gai hauek administrazio elektronikoaren arloan eskumena duen zuzendaritzako buruak definituko ditu, ebazpen bidez (ebazpena Egoitza Elektronikoan argitaratuko da):

    1. Sinadura automatizatuko sistemak zertarako erabili ahal izango diren.

    2. Zein organok duen sistema horiek erabiltzeko ardura.

    3. Erabilitako ziurtagiria egiazkoa dela ikusteko balioztatze-zerbitzua.

    4. Sortzen den agiria egiaztatzeko sistema, eta sistema noiz arte egongo den eskuragarri, egiaztapen-kode segurua erabiltzen denean.

Administrazioak bere langileei ziurtagiri elektroniko aitortuak eman ahal izango dizkie, lanerako. Ziurtagiri horretan bi gauza identifikatuko dira: lanpostuaren titularra eta zein administraziotan edo organotan lan egiten duen.

  1. Herri-administrazioen eta zuzenbide publikoko organo eta erakundeen artean izaten diren komunikazio-ingurune batzuk itxiak dira. Bide horietatik agiri elektronikoak eta datuak transmititzeko, ez da zertan kapitulu honetan aurreikusitako identifikazio- eta autentifikazio-sistemarik erabili behar.

  2. Komunikazioan parte hartzen dutenak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikokoak direnean, administrazio elektronikoaren eskumenak dituen saileko buruak jarriko ditu trukerako baldintzak eta bermeak. Badira gutxieneko zehaztapen batzuk, komunikazio horietan derrigor agertu beharrekoak: igortzaile eta jasotzaile baimendunen zerrenda, eta trukatu beharreko agiriak eta datuak.

  3. Komunikazioan parte hartzen dutenak administrazio publiko berekoak ez baldin badira, aurreko paragrafoan aipaturiko baldintza eta berme horiek hitzarmen bidez adostu beharko dira.

  4. Edonola ere, bada gauza bat beti bermatu beharrekoa: komunikazio-ingurune itxia arrisku gabea dela, eta transmititzen diren agiriak eta datuak babesturik daudela.

  1. Administrazioaren eginbeharretako bat sinadura elektronikorako politika bat onartzea eta argitaratzea izango da. Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalean bertan eta eskema hori garatzeko arau teknikoetan jartzen duenarekin bat etorri beharko du.

  2. Sinadura elektronikorako eta ziurtagirietarako politika horretan, zehaztu beharko dira: sinadura elektronikoak sortzeko, balioztatzeko eta gordetzeko prozesuak; eta ea zein ezaugarri eta baldintza eskatuko diren sinadura elektronikoko sistemetan, ziurtagiri elektronikoetan, data-orduen zigiluak emateko zerbitzuetan eta sinaduren beste euskarri batzuetan.

  3. Administrazio elektronikoaren eskumena duen saileko buruaren agindu bidez onartuko da sinadura elektronikorako politika. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, onarpenaren laburpen bat argitaratuko da, eta Egoitza Elektronikoan osoosorik.

  1. Administrazioak plataforma bat edukiko du, sinadura elektronikoak sortzeko, balioztatzeko eta eguneratzeko zerbitzuak eskaintzeko, sinadura elektronikorako eta ziurtagirietarako politikan jartzen duenaren arabera.

  2. Eskaintzen dituzten zerbitzuak hobetze aldera, plataforma hori egiaztapenetarako eta data-orduen zigiluetarako beste plataforma batzuetara lotu daiteke, hau da, beste herri-administrazio batzuek kudeatzen dituztenetara.

  1. Dekretu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioko Erregistro Elektronikoa sortzea onartzen da. Zertarako? Baliabide elektronikoak erabiliz transmititzen diren idazkiak, eskabideak eta komunikazioak jasotzeko eta bidaltzeko.

  2. Erregistro Elektronikoa bakarra izango da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko eta erakunde-administrazioko organo orotarako.

  3. Erregistro Elektronikoak, idazpenik egin behar baldin badu, dena delako eskabidea, idazkia edo komunikazioa zein organori zuzenduta dagoen begiratu, eta hango erregistro orokorrari jakinarazi beharko dio. Horretarako, erregistro biak informatikoki bat eginda eta komunikatuta egongo dira.

  4. Administrazio elektronikoaren eskumena duen zuzendaritzak kudeatuko du Erregistro Elektronikoa.

  5. Erregistro Elektronikoaren egun eta ordu ofizialak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioko Egoitza Elektronikoarenak izango dira.

  6. Erregistro Elektronikoan bertan jarriko du zein egunetan ezingo den prozedurarik edo izapiderik egin; erregistroko jai-egunen egutegia nolabait. Euskal Autonomia Erkidegoko Jaiegunen Egutegi Ofizialean urtero zehazten diren berberak izango dira.

  1. Erregistro Elektronikoan agiri hauek soilik onartuko dira:

    1. Egoitza Elektronikoan zehazturik dauden zerbitzu, prozedura eta izapideei buruzko eredu elektronikoak edo inprimakiak.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioko edozein organori zuzendutako beste edozein agiri elektroniko.

  2. Prozedura normalizatuetatik aparte, eskabiderik, idazkirik edo komunikaziorik aurkeztu behar denerako (aurreko «b» idatzi-zatietakoez ari gara), inprimaki elektroniko orokorrak erabili beharko dira (Egoitza Elektronikoan egongo dira eskuragarri). Inprimaki horiek organo edo erakunde eskudunari bidaliko zaizkio. Igorleak adierazi beharko du zein den.

  3. Eskabidearekin batera aurkezten diren agiri elektronikoek ezin dute edozein formatu erabili. Zuzen irakurri eta kontserbatu ahal izateko, Egoitza Elektronikoan formatuari buruzko informazioa ere egongo da, eta han jartzen duen bezala aurkeztu beharko dira.

Bitarteko elektroniko bera erabiliz, Erregistro Elektronikoak jaso-agiri bat emango du, dena delako eskabidea, idazkia edo komunikazioa aurkeztuta dagoela egiaztatzeko. Datu hauek izan beharko ditu zehazturik: zein egunetan eta ordutan aurkeztu duten, erregistro-zenbakia, nork bidali duen, zein organotara zuzendurik dagoen eta edukiaren laburpen bat. Eta beste jaso-agiri bat ere sortuko du, eskabidearekin batera aurkeztutako agiri elektronikoak ekarri izana egiaztatzeko.

  1. Epeak zuzen zenbatzearren, Egoitza Elektronikoan, erraz ikusteko moduan, data eta ordu ofizialak erakutsi beharko dira, eta transakzioa egun eta ordu horretan egindakotzat joko da. Data eta orduaren zuzentasuna bermatzeko ardura ere hartu beharko da.

  2. Erregistro Elektronikoan, eskabideak, idazkiak eta komunikazioak urteko egun guztietan aurkeztu ahal izango dira, eguneko hogeita lau orduetan. Dena dela, mantentze-lanak direla-eta baliteke etenaldirik egin behar izatea. Justu behar den denborarako egin beharko dira, eta Erregistroan bertan eta Egoitza Elektronikoan jakinarazi beharko dira.

  3. Interesdunek bete beharreko epeei dagokienez, agiriren bat egun baliogabe horietakoren batean ekarriz gero, eta zenbatu beharreko epea egun baliodunetan jarria baldin badago, hurrengo lehen egun balioduneko lehen orduan ekarritakotzat joko da, non eta arauren batean ez duen berariaz jartzen egun baliogabeetan ere hartu behar dela. Halakoetan, sarrerako idazpenean, aurkezpeneko data eta ordu modura, benetan zein egun eta ordutan jaso den jarriko da, baina, ondorio juridikoetarako, sarrerako data eta ordu modura, hurrengo egun balioduneko zero orduak eta segundo bat agertuko da.

  4. Administrazio-organoek eta zuzenbide publikoko erakundeek bete beharreko epeak zenbatzeko, berriz, agiria erregistroan zein egunetan eta ordutan aurkeztu den hartuko da kontuan, edo, dekretu honetako 22. artikuluko 1.b) paragrafoko kasuan, hartzailearen erregistroan sartu den eguna eta ordua. Nolanahi ere, epeak zenbatzen hasteko egiazko eguna jakinarazi egin beharko zaio idazkia, eskabidea edo komunikazioa aurkeztu zuenari.

Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioak ez du eragozpenik, lankidetza-hitzarmenak erabiliz, dekretu honen aplikazio-eremuan dauden beste erakunde batzuen eta beste herri-administrazio batzuen eskumeneko eskabideak, idazkiak edo komunikazioak bere erregistro elektronikoan hartzeko. Dena delako hitzarmenean egongo da zehazturik zein diren agiri horiek.

Bi kasu hauetan ez da beharrezkoa baliabide elektronikoak erabiliz transmititzen diren agirien sarrerak eta irteerak erregistratzea: komunikazio-ingurune itxietan; eta ondo zehaztutako protokoloen eta arau zehatzen arabera egiten denean.

  1. Legeetan ez baldin badu jartzen derrigor kanal elektronikoa edo derrigor ohiko kanala erabili behar dela, administrazioarekiko harremanetan, herritarrak aukeratuko du zein komunikazio-kanal erabili nahi duen. Hasieran egindako aukeraketa edozein momentutan alda dezake. Aldatzea erabakitzen baldin badu, aldaketaren berri erregistroan jaso eta hurrengo egunetik aurrera etorriko dira ondorioak.

  2. Herritarrak berariaz hala nahi duela eskatu badu edo ados dagoela adierazi badu, administrazioak bitarteko elektronikoak erabiliko ditu, beti, harekiko komunikazioetan. Eskaera eta adostasun hori bitarteko elektronikoen bidez bidali eta jaso ahal izango da, kasu guztietan.

  3. Baliozkoak izango badira, bitarteko elektronikoak erabiliz egindako komunikazioetan bi baldintza hauek bete beharko dira: nonbaiten jasota geratzea komunikazioa bidali eta hartu izana, zein egunetan bidali eta hartu den, eta edukia bera, osorik; eta nork bidali duen eta norentzat den ere zuzen identifikatu beharko da.

  4. Aukeran kanal elektroniko bat baino gehiago baldin badago, herritarrak aukeratuko du zein erabili komunikazioetarako. Kanal horien berri Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Egoitza Elektronikoan argitaratuko da.

  1. Batzuetan, administrazioak, erregelamendu bidez, berarekiko harremanetan bitarteko elektronikoak soilik erabiltzera behartu gaitzake. Noiz? Interesdunak pertsona juridikoak edo pertsona fisikoen kolektiboak direnean eta garbi dagoenean badituztela beharrezko bitarteko teknologikoak. Hori garbi egon daiteke haien ahalmen ekonomikoarengatik edo ahalmen teknikoarengatik, lanbideagatik edo behar bezala arrazoitutako beste motiboren batengatik.

  2. Betebehar hori agintzen duen arauan, gauza hauek zehaztu beharko dira: zein komunikaziori zaion aplikagarri eta jakinarazpenak elektronikoki egin behar diren edo ez, eta Erregistro Elektronikoa erabili behar den; zein bitarteko elektroniko erabili behar den; eta nortzuk diren beharturik daudenak.

  3. Bitarteko elektronikoak erabiltzeko obligazioa baldin badago baina hala ere interesduna beste era batera komunikatzen bada, organo eskudunak oker hori zuzentzeko aginduko dio.

  1. Arrazoi tekniko funtsdunak direla-eta ezinezkoa ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioak bitarteko elektronikoak erabiliko ditu bai bere organoen arteko komunikazioetan eta baita beste herri-administrazio batzuekiko komunikazioetan ere.

  2. Beste administrazio batzuekiko komunikazioetan, bete beharreko baldintzak hitzarmen bidez zehaztuko dira, non eta ez dauden aurretiaz arauturik.

  1. Jakinarazpenak noiz egingo diren elektronikoki: interesdunak berak eskatu baldin badu edo ados dagoela adierazi baldin badu; edo lege-mailako arauren batean edo erregelamendu-mailako xedapenen batean derrigorra dela jartzen baldin badu, dekretu honetako 28. artikuluan jartzen duen moduan.

  2. Jakinarazpen-sisteman, bi gauza hauek noiz gertatu diren egiaztatzeko modua egon behar du, data eta ordua jarrita: jakinarazi nahi den egintza noiz jarri den interesdunaren eskuetan; eta interesduna noiz sartu den edukira. Sartzen den momentutik aurrera pentsatuko da jakinarazpena eginda dagoela. Jakin baldin badakigu iritsi zaiola jakinarazpena, baina hamar egun natural geroago oraindik ez baldin bada edukira sartu, ulertuko dugu jakinarazpena ukatu egin duela. Izapidea eginda dagoela ulertuko da eta prozedurak aurrera jarraituko du, non eta ez den garbi geratzen, ofizioz edo interesdunak eskaturik, teknikoki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea.

  3. Jakinarazpen elektronikoa egiteko modu bat baino gehiago baldin badago, eta arauetan ez baldin badator zehazturik bata edo bestea erabili behar den, interesdunak aukeratuko du zein nahiago duen.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioak honela egingo ditu jakinarazpen elektronikoak: Egoitza Elektronikoan helbide elektroniko bat egongo da habilitaturik, eta interesdunak hara sartu beharko du, bere burua identifikatu ondoren. Bi data eta ordu adierazi beharko dira: jakinarazpena interesdunaren esku noiz jarri den; eta hura noiz sartu den edukira. Aukerakoa da interesduna ohartaraztea, edozein bitarteko elektroniko erabiliz, helbide elektroniko horretan baduela jakinarazpen bat zain. Ohartarazpen hori aukerakoa da, informazio gehigarri bat da, eta egin gabe ere jakinarazpena zuzena da.

  2. Beste jakinarazpen-sistema batzuk ere erabili ahal izango dira, baldin eta jasota geratzen bada interesdunak jakinarazpena jarritako epe eta baldintzetan jaso duela.

Interesduna, behar bezala identifikaturik, Egoitza Elektronikora sartzen da, eta han ikusten du dena delako administrazio-jardunaren edukia. Horrek jakinarazpen modura balio izateko, derrigorra da interesduna sartu izana nonbaiten jasota geratzea, data eta ordua adierazita.

  1. Agiri elektronikoa forma elektronikoan dagoen edozein eratako informazioa da; euskarri elektronikoan artxibatuta dago, formatu jakin batean, eta identifikatu egin daiteke eta tratamendu berezitua izan dezake.

  2. Administrazio-agiri elektronikoa ere agiri elektronikoa da, baina administrazioko organoek behar bezala egina edo emana. Dekretu honetan arauturik dauden sinadura elektronikoetako bat eduki behar du gutxienez, beti.

  3. Elementu hauek osatzen dute agiri elektronikoa:

    1. Edukia, hau da, agiriaren datu edo informazio guztia.

    2. Sinadura elektronikoa, halakorik baldin badago.

    3. Agiri elektronikoaren metadatuak.

  1. Administrazio-agiri elektronikoari denbora-erreferentzia bat jarri behar zaio, derrigor. Erreferentzia hori data-orduen zigilua izango da.

  2. Data-orduen zigilua da agiri elektronikoari, bitarteko elektronikoak erabiliz, data eta ordua jartzea. Ziurtapen-zerbitzuen emaile batek egin beharko du. Zerbitzu-emaile horrek data-orduen zigiluak emateko onarturik egon beharko du, eta bere ardura izango du agiriaren data eta ordua zehatz eta osorik emanda dagoela bermatzea, unean uneko autentifikazio-sistemaren arabera.

  1. Espediente elektroniko batean jaso behar diren agiri elektronikoek metadatuak izan behar dituzte. Beste datu batzuk definitzen eta deskribatzen dituzten datuak dira.

  2. Dekretu hau bete behar duten erakundeen jardun-esparruan, agiri elektronikoak kudeatzeko politikan egongo da zehazturik zein diren administrazio baten barruan kudeatu behar diren agirietako metadatuak. Dekretu honetako 42. artikuluan dago jasota politika horren berri.

  3. Agiri elektronikoetako metadatuek eskuragarri egon behar dute eta osoak izan behar dute, eta metadatuen eta agiriaren arteko lotura ezin da inoiz galdu.

  4. Agiri elektroniko batzuk herritarrek ekarritakoak edo dekretu hau bete behar duten erakundeek emandakoak dira. Bada, metadatuen eta agiri elektroniko horien arteko lotura ezin da edonola egin: agiri elektronikoak kudeatzeko politikan jartzen duen bezala egin behar da.

  5. Administrazioen artean trukatu behar bada, edo herritarrek kontsultatzekoa baldin bada, administrazio-agiriak hainbat baldintza bete behar du: Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalean eta eskema hori garatzeko arauetan zehazturik dauden formatua, egitura eta gutxieneko metadatu-kopurua.

  1. Herritarren edo beste administrazio batzuen eskura dauden agiri elektronikoek irisgarri eta deskargatzeko moduan egon behar dute. Administrazioaren ardura da hori bermatzea, eta bi modutara egin dezake: Egoitza Elektronikoaren bitartez edo kasuan kasuko harrera-kanalak erabiliz.

  2. Administrazio-agiri elektroniko bat edo espediente bateko agiri elektroniko bat eskuratzen dugunean, gauza hauek erakutsi behar zaizkigu:

    1. Agiri elektronikoaren edukia.

    2. Agiriko sinadura bakoitzari buruzko oinarrizko informazioa.

    3. Metadatuen deskripzioa.

  1. Administrazio-prozedura baten barruan dauden agiri elektroniko guztiek osatzen dute espediente elektronikoa.

  2. Espedientea interesdunari bidali ordez, beste aukera bat da, ondorio guztietarako berdin balio duena, espediente elektronikoa haren eskura jartzea. Interesdunak kopia bat eskuratzeko eskubidea izango du.

  3. Izapidetzeko ardura duen organoaren erakuntzukizuna da espediente elektronikoa osatzea, edo, bestela, agiri elektronikoak kudeatzeko politikan zehazturik dagoen organoarena.

Interesdunari bidali edo haren esku jarri behar diren espediente elektronikoek osagai hauek izango dituzte:

  1. Agiri elektronikoak. Baliteke agiri bera espediente batean baino gehiagotan egotea.

  2. Aurkibide elektronikoa. Espediente elektronikoa osorik dagoela bermatuko du, eta, beharrezkoa den guztietan, hura atzera berriro eskuratzeko bidea emango du.

  3. Aurkibide elektronikoaren sinadura. Prozedura aurrera daraman administrazioak, organoak edo erakundeak sinatu beharko du, dekretu honetan aurreikusi ditugun sinadura-sistemak erabiliz.

  4. Espediente elektronikoaren metadatuak.

Espediente elektronikoa interesdunari bidali edo haren eskura jarri behar denetan, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalean bertan eta eskema hori garatzeko arauetan jartzen duen bezala egin beharko da. Espediente elektronikoak herri-administrazioen artean trukatzeko orduan, salbuespen modura, beste egitura batzuk ere erabil daitezke, baina, aurretiaz, administrazio bien artean hartarako akordioa hartu beharko dute.

  1. Dekretu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioko Artxibo Elektronikoa sortzea onartzen da, administrazio-agiri elektronikoak eta espediente elektronikoa osa dezakeen beste edozein agiri elektroniko biltegiratzeko eta administratzeko.

  2. Artxibo Elektronikoa bakarra izango da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko eta erakunde-administrazioko organo orotarako.

  3. Zer bermatu behar du? Agiriak osorik daudela, benetakoak direla, agirien konfidentzialtasuna eta kalitatea, babesturik daudela, irisgarri eta eskuragarri daudela, eta gorde egingo direla.

Bi agiri-mota dira derrigor gorde beharrekoak: administrazio-jardunetan erabili diren eta administrazio-espediente baten barruan dauden agiri elektroniko guztiak; eta herritarren eta administrazioaren arteko harremanen berri emateko froga-balioa duten guztiak. Administrazioak gorde beharko ditu, Artxibo Elektronikoan.

  1. Administrazioaren eginbeharretako bat agiriak kudeatzeko bere politika onartzea eta argitaratzea da. Politika horretan, Elkarreragingarritasun eta Segurtasun Eskema Nazionalak eta eskema horiek garatzeko arauak bete beharko ditu.

  2. Agiri elektronikoak kudeatzeko politikan, besteak beste, gidalerro batzuk ere zehaztuko dira, bi gauza hauetarako: erantzukizunak banatzeko; eta agiriak kudeatzeko eta gordailu elektronikoak administratzeko programak, prozesuak eta kontrolak definitzeko.

  3. Agiri elektronikoetan datu pertsonalik baldin badago, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta lege hori garatzeko arauetan xedaturik dagoena aplikatu beharko zaie (lege hori datu pertsonalak babesteari buruzkoa da).

  1. Benetako kopiak ezin ditu edonork egin: horretarako eskumena daukan administrazio-organo batek edo erakunde publiko batek egin beharko ditu, eskumenei eta prozedurei buruzko arauetan jartzen duen bezala. Arau horiek Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 46. artikuluan daude zehaztuta (30/1992 Legea, azaroaren 26koa).

  2. Benetako kopia jatorrizkoaren kalitateko edo benetako kopiaren kalitateko agirietatik egin behar da.

  1. Jatorrizko agiri elektronikoaren berdin-berdinak direla-eta, ez baldin badakarte inolako aldaketarik ez formatuan ez edukian, kopia elektronikoak, legez, jatorrizko agiri elektronikoen eraginkortasun berekoak izango dira.

  2. Benetako beste kopia elektroniko batzuek formatua aldatuta daukate. Halakoak, agiri elektronikoen artean bihurketa bat aplikatuz lortzen dira. Bihurketa hori Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalean eta eskema hori garatzeko arauetan jartzen duen bezala egin behar da.

  3. Benetako kopia elektronikoak agiri elektroniko berriak dira, eta sorburu-agiriaren edukia jasoko dute, osorik edo zati batean.

  4. Benetako kopia elektronikoaren eta jatorrizko agiriaren arteko lotura kopia elektronikoaren metadatuetan egongo da adierazita.

  5. Benetako kopia elektronikoak ezin dira edonola sinatu: dekretu honetan administrazioaren jardunerako aurreikusi ditugun sinadura-sistemetakoren bat erabili beharko da.

Euskarri elektronikoa ez duten agirien kopia elektronikoa lortzeko, hau da, paperean edo beste edonola dauden agirien kopia elektronikoa lortzeko, jatorrizko agiria digitalizatu egin behar da, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala eta eskema hori garatzeko arauak betez.

Administrazio-agiri elektroniko publikoen paperezko benetako kopiak lortzeko, elektronikoki sortutako kode bat inprimatu beharko da, edo beste egiaztatze-sistemaren batzuk erabili beharko dira; baina, edonola ere, kontua izango da, Egoitza Elektronikoan dena delako agiri elektronikora, agiriaren sinadurara eta gutxieneko derrigorrezko metadatuetara sartuz, dena delako kopia benetakoa dela ikusi ahal izatea.

  1. Benetako kopia elektronikoak egiteko erabili ondoren, paperean edo beste edozein euskarritan dauden jatorrizko agiriak edo benetako kopiak ezin dira edonola ezabatu: agiri elektronikoak kudeatzeko politikan jartzen duen bezala ezabatu beharko izango dira.

  2. Dena delako agiria historikoa edo artistikoa baldin bada edo beste nolabaiteko garrantzirik baldin badu eta gordetzea eta zaintzea komeni bada, ezin da inoiz suntsitu.

  3. Gainerako agiriak ezabatzeko, hau da, artikulu honetan aurreikusi ez dugun beste edozein agiri ezabatzeko, Euskadiko agiri eta artxiboei buruzko arauak bete beharko dira.

  1. Interesdunak diren prozeduretan, herritarrek badute prozedura horietako agiri elektronikoen kopia elektronikoak lortzeko eskubidea.

  2. Kopia elektronikoa egin, interesdunari ez dagokion daturik ez erakusteko moduan egin behar da, horregatik, agiriaren zati batzuk dira kopiatuko. Beste metodo elektroniko batzuk ere erabil daitezke, baina baldintza hori beti da betebeharrekoa.

  1. Interesdunak prozedurara kopia konpultsatuak ekarri nahi baldin baditu betiere jatorrizkoak prozeduran egon beharrekoak ez baldin badira, hartzen dituen bulegoak, beharrezko baliabiderik baldin badauka, agiri horien kopia elektronikoa egin beharko du, digitalizatuz.

  2. Kopia digitalizatu horiek elektronikoki sinatzeko, dekretu honetan administrazioaren jardunerako aurreikusi ditugun sinadura-sistemetakoren bat erabili beharko da. Kopia konpultsatuak edo erkatuak izango dira, baina inola ere ez dute ziurtatzen jatorrizko agiria benetakoa dela.

  3. Dena delako prozeduran, elektronikoki konpultsaturiko agiriek eta jatorrizko agiriak balio berbera izango dute.

  4. Elektronikoki konpultsatu eta gero, jatorrizko agiriak, atzera, aurkeztu dituen horri itzuli behar zaizkio.

  1. Administrazioak, Egoitza Elektronikoan, eskabide-eredu elektronikoak eta gainerako agiri eta izapideen eredu elektronikoak jarri beharko ditu, interesdunaren eskura.

  2. Eredu elektroniko horietan, adostasun eta adierazpen hauek jasotzeko tartea utzi beharra dago:

    1. Jakinarazpenak edo komunikazioak elektronikoki egiteko adostasuna.

    2. Interesdunaren daturik begiratu behar denerako, interesdun horren datu pertsonalak lortzeko eta tratatzeko adostasuna, Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoan jartzen duen bezala.

    3. Dena delako prozedurak halakorik eskatzen badu, erantzukizunpeko adierazpenak eta aurretiazko komunikazioak.

  3. Eredu elektronikoak ezin dira edonola egin. Administrazio elektronikoaren eskumenak dituen zuzendaritzaren jarraibideen arabera egingo dira.

  1. Prozedura bateko interesdunek espedientera agirien kopia digitalizatuak ekartzeko aukera ere badute. Jatorrizkoaren berdin-berdinak direla bermatzeko, sinadura elektroniko aurreratua erabili beharko dute. Agiri elektroniko horiek ez dira benetako kopiak.

  2. Herritarrek aurkezturiko irudi elektronikoek Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalean eta eskema hori garatzeko arauetan onarturik dauden formatuak eta estandarrak bete beharko dituzte.

Interesduna den prozeduretan herritarrari izapideak elektronikoki egiten laguntzearren, Egoitza Elektronikoan, jarraibideak, gida praktikoak eta beste edozein informazio elektroniko lagungarri argitaratuko da.

  1. Administrazioak, Egoitza Elektronikoan, informazio-zerbitzu elektroniko bat jarriko du interesdunen eskura. Interesdunek, zerbitzu horretan, prozeduraren tramitazioa zertan den ikusi ahal izango dute, berdin dio izapideak elektronikoki egin diren edo ez.

  2. Bi gauza hauek ikusi ahal izango dituzte: zein izapide dauden eginda, eta zein egunetan dauden eginda. Era berean, prozedura bitarteko elektronikoak erabiliz izapidetu baldin badute, interesdunek agiri elektronikoak ere eskuratu ahal izango dituzte.

  3. Interesdunek, horretarako, beren burua identifikatu eta beren jarduna autentifikatu beharra izango dute. Horretarako, dekretu honetan aurreikusita dauden sinadura-sistemak erabili beharko dira.

  1. Prozedura bat bitarteko elektronikoak erabiliz ebazteko orduan, derrigorra da organo eskudunaren nortasuna bermatzea, dekretu honetan aurreikusita dauden sinadura elektronikoko sistemetakoren bat erabiliz.

  2. Ebazpenak noiz hartu eta jakinaraz daitezke bitarteko automatizatuak erabiliz? Dena delako prozeduran hala aurreikusita dagoenean.

  1. Konponbide informatikoak dira, eta balio dute zerbitzu elektroniko bateko prozeduraren zati batzuk edo prozedura osoa estandarizatzeko eta soluzionatzeko.

  2. Hauek dira zerbitzu erkideak: Erregistro Elektronikoa, jakinarazpen elektronikoa, ziurtapen elektronikoak, espedienteen tramitazioa zertan den kontsultatzeko aukera, Artxibo Elektronikoa, Ordainketa Pasabidea, datuak egiaztatzeko zerbitzua, Iragarki Ohol Elektronikoa eta Ordezkarien Erregistro Elektronikoa. Zerbitzu erkide berriak sortu ahala, Egoitza Elektronikoan jarriko dira, erabiltzailearen eskura.

  3. Administrazio elektronikoaren eskumena duen zuzendaritzaren ardura da administrazio elektronikoko zerbitzu erkideak ezartzea eta kudeatzea. Bere arduretako beste bat izango du bermatzea dekretu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan jasota datozen baldintzak eta eskakizunak betetzen dituztela.

  4. Administrazio elektronikoaren arloko zerbitzu erkideak berberak dira Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko eta erakunde-administrazioko organo guztientzat. Dekretu honen aplikazio-eremuan dauden beste erakunde batzuek ere erabil ditzakete, eta beste administrazio publiko batzuek ere bai, horretarako lankidetza-hitzarmenetan jartzen duen bezala.

Lehenengoa. Prozedura bereziak.

  1. Sektore Publikoko Kontratuen Legean jasota datozen arau bereziak ere bete beharrekoak dira (30/2007 Legea, urriaren 30ekoa).

  2. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariari buruzko abenduaren 23ko 217/2008 Dekretuko arauak ere bete beharrekoak dira.

    Bigarrena. Prozedurak eta zerbitzuak egokitzea.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoak bere administrazio-prozedurak eta -zerbitzuak egokitu egingo ditu, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legeko 6. artikuluan aitortuta dauden eskubideak erabili ahal izan daitezen. Egokitzapen hori egiteko egutegia Berrikuntza Publikoaren 2011-2013 Planean dago aurreikusita, baina Egoitza Elektronikoan ere argitaratuko da; argitaratu, eta eguneraturik eduki.

  2. Aurreko paragrafoaren arabera egokitzen diren administrazio-prozedurak kudeatzen dituzten organoek badute, gero, derrigor bete beharreko eginkizun bat: jarri beharreko zerbitzu elektronikoak jartzea herritarren eskura, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legeko 6. artikuluan aitortuta dauden eskubideak erabili ahal izan daitezen. Bereziki, dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera, laguntzetarako eta hautaketa-prozesuetarako deialdietan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren kontratazioan, eskubide hori erabiltzeko aukera eman beharko da.

  3. Dekretu hau indarrean sartzen denetik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoak ez ditu administrazio-prozeduretako interesdunak Datuak Egiaztatzeko Zerbitzuaren bidez kontsulta daitezkeen datuak eta agiriak ekartzera behartuko. Besteak beste, hauek kontsulta daitezke: nortasun-agiri nazionala, erroldatzea eta foru-aldundiko eta estatuko zergak eta gizarte-segurantza ordainduta dituztela egiaztatzeko agiriak. Kontsulta daitezkeen datuen eta agirien zerrenda Egoitza Elektronikoan egongo da, eguneraturik. Dekretu honetako 6. artikuluko baldintzetan kontsultatuko dira datuak.

Aurrerantzean, dekretu honetan xedaturikoaren aurka egiten duten maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak indarrik gabe geratuko dira, eta bereziki:

  1. Administrazio-prozeduretan bitarteko elektronikoak, informatikoak eta telematikoak nola erabili arautzeko Dekretua (232/2007 Dekretua, abenduaren 18koa).

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko eta erakunde autonomiadunetako erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko Dekretuko 3. artikuluko 5. paragrafoa eta III. kapitulua (72/2008 Dekretua, apirilaren 29koa).

  3. Gobernuko presidenteordearen 2009ko urtarrilaren 15eko Agindua, zeinaren bidez arautzen baita ziurtagiri elektronikoak onartzeko araubidea.

Lehenengoa. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko eta erakunde autonomiadunetako erregistroen sorrerari, antolaketari eta funtzionamenduari buruzko Dekretua aldatzea (72/2008 Dekretua, apirilaren 29koa).

Bat. Aurrerantzean, 1 artikulua honela idatzita geratuko da:

Dekretu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko eta erakunde autonomiadunetako erregistro orokorren eta erregistro laguntzaileen esparru juridikoa sortu eta arautu nahi da. Erregistro horien antolamendua eta funtzionamendua atontzea ere bada Dekretu honen xedea.

Bi. Aurrerantzean, 3. artikuluko 1. paragrafoa honela idatzita geratuko da:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erregistro orokorrak eta laguntzaileak eratu dira.

Hiru. Aurrerantzean, 3. artikuluko 2. paragrafoa honela idatzita geratuko da:

  1. Dekretu honen 5. artikuluan jasotako Erregistro Orokor Nagusia eta erregistro nagusi horretako erregistro laguntzaileak Administrazio Elektronikoaren eskumena duen zuzendaritzari atxikita egongo dira.

Lau. Aurrerantzean, 4. artikuluko 4. paragrafoa honela idatzita geratuko da:

  1. Sistemak bermatuko du erregistro laguntzaileak erregistro orokorrean guztiz integratuta eta komunikatuta egongo direla.

Bost. 9 bis artikulua erantsi behar dugu. Honela dio:

9 bis artikulua. Erakunde laguntzaileek eta beste antolakunde batzuek nola parte har dezaketen idazkiak, agiriak eta eskabideak aurkezten.

  1. Idazkiak, agiriak eta eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioaren erakunde laguntzaileen bitartez aurkeztu ahal izango dira, dena delako prozedura edo jarduera zuzentzen duten arauetan hala egin daitekeela jartzen baldin badu.

  2. Halakoetan, bi gauza behintzat zehaztu beharko dira: zein kolektibo den tartean dagoena, eta ea lankidetza zertarako den, eskabidea aurkezteko solik, edo beste edozein izapide egiteko ere izan daitekeen.

  3. Teknikaren aldetik eta antolakuntzaren aldetik, jarri beharreko bermeak jarri beharko dira, ziurtatzeko, zalantzarik gabe, aurkezpen-data zein den, interesduna nor den, eskabidea, idazkia edo komunikazioa osorik dagoela eta benetakoa dela, interesdunei eman zaiela jaso-agiria, eta informazio hori guztia gerora datorren prozedura edo jarduera izapidetzeko eskumena duen organoari helaraziko zaiola, bitarteko elektronikoak erabiliz.

Sei. Aurrerantzean, azken xedapenetan bigarreneko 2. paragrafoa honela idatzita geratuko da:

  1. Erakunde autonomiadunen erregistro orokorrak eta laguntzaileak irekita dauden egunak eta orduak aldatu eta eguneratzeko, erakunde autonomiaduna atxikita dagoen sailaren titularrak arau-xedapen bat eman beharko du, eta hori guztia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Bigarrena. Noiztik aurrera indarrean.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera egongo da indarrean dekretu hau.

Bilbon, 2012ko otsailaren 21ean.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

Idoia Mendia Cueva.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (13)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.