Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

260/2010 DEKRETUA, urriaren 19koa, ingurumena babesteko inbertsioak egiteko enpresei diru-laguntzak emateko baldintzak arautzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 203
  • Hurrenkera-zk.: 4827
  • Xedapen-zk.: 260
  • Xedapen-data: 2010/10/19
  • Argitaratze-data: 2010/10/21

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Europako Erkidegoko xedapenek ingurumena babesteko Estatuaren laguntzei buruz ezarritakoaren aplikazio zorrotza eginez, eta apirilaren 23ko 91/2002 Dekretuari jarraiki (haren bidez arautzen baitira ingurumena babesteko inbertsioak egiteko enpresei diru-laguntzak emateko baldintzak), azken urteotan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak bere ingurumen-politikan sartu du, EAEko industriaren produkzio-sistemetan eskuragarri dauden teknologia onenak sartzen errazteko ingurumen-arloko inbertsioak sustatzeko programak betearaztea. Programok diruz laguntzekoak dira eta, haien bidez bilatzen da lehiakortasuna hobetzea, ingurunetan eragiten diren inpaktuak gutxitzea, eta erabakigarritzat jotzea kutsatzen duenak ordaindu egin behar duela dioen printzipioaren benetako aplikazioa eta ingurumen-arloko kostuak erabat barneratzea, betiere kostuok kutsatzen dutenek bere gain har ditzaten.

Orobat, Ingurumen Esparruko II. Programa onartzearekin batera, Administrazioak bere gain hartu zuen EAEko ekonomia iraunkorra lortze aldera aurrera egiteko konpromisoa, beharrezkotzat jo baitzuen ingurumen-faktorea enpresen lehiakortasuna sustatzen duen elementu gisa aprobetxatzea.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak sustatzen duen ingurumen-estrategia berria EkoEuskadi Programan (2020) islatzen da, eta, datozen urteotan, klimaren eta energiaren gaineko politiken garapen integratua lortzeko bere gain hartu beharreko konpromisoak jasotzen ditu, helburu horixe baita Europako Erkidegoak ezarritakoa. Ildo horretan, batez ere indarrean dauden arauak gainditu ditzaten edo ekoberrikuntzan inbertsioak egin ditzaten emango zaizkie diru-laguntzak enpresei, betiere ingurumenarekiko errespetu handiagoa gordetzen duten ereduetara jotze aldera.

Dena den, nahi hori, edonola ere, Europako Erkidegoak ingurumena babesteko Estatuaren laguntzez ezarritako jarraibide berrien (2008/C82/01) edukira moldatu beharra dago. Izan ere, Europako Erkidegoko erakundeek jarraibide horiek onartzearen ondorioz, indarrean dauden laguntza-araubideak egokitu behar dira. Beharrezkoa da, halaber, xedapen berri bat egitea, Europako Erkidegoko organoek ingurumena babesteko diru-laguntzez egin dituzten ebaluazioen ondorioak eta emaitzak jasotzeko.

Ildo horretan, Europako Batzordeak Ingurumen arloko VI. Programaren bidez, indarrean dauden legeen aplikazioa hobetzeko eskatzen die administrazioei, baita printzipio hauek betetzeko ere: «Kutsatzen duenak ordaindu egin behar du», ingurumen-kostuak erabat barneratu behar dira eta kutsadura sortzen den lekuan bertan zuzendu behar da. Horrenbestez, aurreikusitako diru-laguntzak ez dira justifikatuta geratzen xede bakarra ingurumen-arauetara egokitzea izanez gero; aitzitik, laguntzok pizgarri-modukoak izan behar dute eskatutako ingurumen-babesaren maila gainditzerako orduan.

Europako Erkidegoko jarraibide berrietan (2008/C82/01) ezartzen da laguntzek efektu sustatzailea izan behar dutela, hau da, enpresa onuradunek jokabidea aldatzen erraztu behar dutela, eta, horrela, laguntzarik jaso ezean lortuko litzatekeen ingurumenaren babes-maila handiagotu egingo da. Horrenbestez, laguntzok ez dute lortzen inoiz bilatzen den efektu sustatzailea enpresetan, enpresek proiektua hasi ondoren aurkezten dutenean laguntzaren eskaera.

Azken buruan, dekretu honen bidez, Europako Erkidegoko jarraibideek ezartzen dutenarekin bat, enpresa onuradunari aplikatzekoak zaizkion arauak gainditzen errazten dioten ingurumenaren babes-maila lortzera zuzendutako inbertsioak sustatu nahi dira. Horren barruan inbertsiookin zuzenean lotutako ikerketak sartzen dira, ekoberrikuntzako proiektuak bereziki kontuan hartuta, Europako Erkidegoak berrikuntza babesteko duen helburuari jarraiki. Ingurumenaren babesa nabarmen hobetzea helburu edo emaitza duen edozein jarduera berritzaile-mota da ekoberrikuntza.

Jarraibide berriek ezartzen dute, halaber, hondakinak sortzen dituztenei eta beste enpresa batzuek sortutako hondakinak kudeatzen edo birziklatzen dituzten enpresei eman ahalko zaizkiela Estatuaren laguntzak, betiere ingurumenaren gaineko ondorio positiboak bermatzen badira, ez bada «Kutsatzen duenak ordaindu egiten du» printzipioa saihesten, ezta bigarren mailako materialen merkatuen ohiko funtzionamendua desitxuratzen ere.

Jarraibide berrien arabera, badago orube kutsatuak xahutzeko laguntzak lortzeko aukera, ez dagoenean jakiterik zein den kutsaduraren erantzulea edo ez dagoenean horren kostua ordaintzera behartzerik.

Europako jarraibide berrietan aurreikusten da, orobat, kutsadura oso handia sortzen duten enpresak birkokatzeko laguntzak ematea, kutsadura hain kaltegarria izango ez den beste leku batera joan daitezen. Enpresa horiek non kokatzen diren oso garrantzitsua da, hala istripuak prebenitzeko, nola pertsonengan eta ingurumenean kutsaduraren ondorioak gutxitzeko.

Azkenik, jarraibide berrietan aurreikusten da laguntza-mota jakin batzuetan enpresa txiki eta ertainentzako prima bat ezartzea; egoera horietan, Estatuaren laguntzak banakako sustatzaileak izan baitaitezke kutsadurarekin lotutako kanpo-eragin negatiboen ondorioak arintzeko.

Dekretu honek arautzen dituen diru-laguntzak esleitzeko, prozedura bi erabiliko dira: arrunta eta erraztua.

Dekretu honek ingurumena babesteko inbertsioak egin ditzaten enpresei diru-laguntzak emateko esparru orokorra ezarri nahi duenez gero, urteko deialdia egiten duten aginduen bidez ezarriko da aurrekontu-ekitaldi bakoitzean arautzen diren laguntzak eskatzeko epea. Orobat, eta besteak beste, agindu horiek jasoko dituzte erabilgarri dagoen aurrekontu-atala, emango diren diru-laguntzen gehienezko eta gutxieneko zenbatekoak, eta, hala badagokio, esleipena erabakitzeko lehenetsiko diren irizpideak ere bai (azken horiek, hala badagokio, dekretu honen 8. artikuluan jasotakoei gehituko zaizkie).

Azkenik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 45. artikuluan, herri-administrazioei eskatzen zaie teknika eta baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak abian jartzera jotzeko, euren jarduera garatzeko eta eskumenak baliatzeko. Horrela, azken urteotan, EAEko Administrazioak zenbait ekimen garatu ditu baliabide elektroniko eta informatikoak ezartzeko eta zerbitzu publikoak emateko. Horretarako, abenduaren 18ko 232/2007 Dekretua onartu du, administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duena. Etorkizunean, diru-laguntza hauek emateko prozeduraren arauketan, Administrazioarekin bitarteko elektronikoen bidez komunikatzeko obligazioa ezarri ahalko da. Kontua da, alde batetik, Administrazioaren barneko eraginkortasuna hobetzea laguntzak kudeatzerakoan, eta, beste alde batetik, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak erraztea.

Azaldutako guztia dela-eta, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan ezarritakoaren arabera, Ingurumen Batzordeari eta Ingurumenerako Aholku Kontseiluari entzunda, baita Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari ere, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak proposaturik eta Gobernu Kontseiluak 2010eko urriaren 19an eginiko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

Dekretu honen xedea da, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoan ingurumena babesteko inbertsioak egiteko enpresei eman beharreko diru-laguntzen baldintzak arautzea. Diru-laguntzok Europar Batasunaren jarraibideetan (2008/C82/01) ingurumena babesteko Estatuaren laguntzei buruz jasotako baldintzetara eta mugetara egokituko dira. Gainera, prozedura erraztuaren bidez ebaluatzen diren eskabideen kasuan, 2008ko abuztuaren 6ko Batzordearen (EE) 800/2008 Erregelamenduan jasotako baldintzak eta mugak ere hartuko dira kontuan. Haren bidez, Itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatuta, merkatu erkidearekin bateragarriak diren laguntza-maila jakin batzuk ezartzen dira (kategorien araberako salbuespenen Erregelamendu orokorra) (EBAO, 2008ko abuztuaren 9ko L 214).

  1. Industri jardueretan, merkataritza jardueretan edo irabazteko asmoko zerbitzuak emateko jardueretan aritzen diren zuzenbide pribatuko edozein pertsona fisiko edo juridiko izan daiteke dekretu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradun, hala nola pertsona horiek osatutako elkarteak, baldin eta interes orokorrak eta pertsonon interesak ordezkatzen badituzte.

    Toki erakundeak, organismo autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta baltzu publikoak eta sektore publikoko bestelako erakundeak, alegia, fundazio edo partzuergo publikoak, ez dira onuradun izango.

  2. Erakunde onuradunei diru-laguntzak ematea, eta, hala dagokionean, horiek ordaintzea, baldintzatuta egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten xede bererako diru-laguntzen esparruan, dirua itzultzeko edo zigorren bat ezartzeko espedientea hasirik egon eta, oraindik izapideak amaitu gabe baldin badaude.

  3. Ezin izango dituzte arau honetan aipatzen diren laguntzak eskuratu diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penala duten erakundeek, edo legezko debekuren bat dutenek, tartean dela Euskal Herriko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 117. artikuluan eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoa, baldin eta neurri zuzentzaile egokiak betearazten ez badituzte eta zehapena bete ez badute.

  4. Halaber, dekretu honetan araututako laguntzak eskuratzeko, pertsona eskatzaileek egiaztatu beharko dute egunean dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

  1. Ondorengo prozedurak erabiliko dira dekretu honek arautzen dituen diru-laguntzak esleitzeko:

    1. Prozedura arrunta: norgehiagoka-prozedura eta banaketa proportzionala bidezko zenbatzea.

    2. Prozedura erraztua: norgehiagoka ez den prozedura.

  2. Prozedura arruntaren bidez dekretu honen 5. artikuluko 1., 2., 3., 4. eta 5. paragrafoetan jasotako diruz laguntzeko moduko lerroak lagunduko dira diruz.

    Prozedura horretan gutxieneko puntuazioa lortzen edo gainditzen duten proiektuak baino ez dira diruz lagunduko; puntuazio hori urtero finkatuko da dekretu honen 11. artikuluan ezartzen den deialdi-aginduaren bidez.

    Diru-laguntzaren zenbatzea egiteko hurrengoak hartuko dira kontuan: proiektuen diruz laguntzeko moduko kostuak, prozedura horretarako deialdian aurreikusten den aurrekontu-zuzkidura eta lortutako puntuazioa. Diru-laguntzaren proportzio handiagoa emango zaie balorazio hobea lortzen duten proiektuei.

    Ez da diruz lagunduko zenbatze prozesuan deialdiaren aginduan ezarritako diru-laguntzako gutxieneko zenbatekora heltzen ez diren proiektuak.

  3. Prozedura erraztuan, dekretu honen 5. artikuluko 1., 2. eta 6. paragrafoetan ezarritako diruz laguntzeko moduko lerroak lagunduko dira diruz.

    Prozedura horretan, onartutako eskabideen kopuruaren artean zatituko da ildo bakoitzerako eskuragarri dagoen aurrekontu-esleipena, eta ez da, inola ere, dekretu honek finkatutako inbertsioaren gehienezko ehunekoa gaindituko, ezta urteroko deialdi-aginduan ezarriko den laguntzaren gehienezko zenbatekoa ere. Gainera, 2008ko abuztuaren 6ko Batzordearen (EE) 800/2008 Erregelamenduan jasotako baldintzak eta mugak ere hartuko dira kontuan. Haren bidez, Itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatuta, merkatu erkidearekin bateragarriak diren laguntza-maila jakin batzuk ezartzen dira (kategorien araberako salbuespenen Erregelamendu orokorra) (EBAO, 2008ko abuztuaren 9ko L 214).

  4. Dekretu honen 5. artikuluko 1. eta 2. paragrafoetan ezarritako diruz laguntzeko moduko lerroak bai prozedura arruntaren bitartez bai prozedura erraztuaren bitartez esleituko dira, eskatutako proiektuaren inbertsioaren zenbatekoaren arabera.

    Urteroko deialdi aginduak prozedura arruntera jotzeko inbertsioaren zenbatekoa zehaztuko du, eta zenbateko horretara heltzen ez diren inbertsioak dagokion prozedura erraztura bideratu beharko dira.

  1. Ez dira diruz lagunduko eskabidea aurkeztu aurretik hasitako inbertsioei buruzko proiektuak.

  2. Diruz lagundutako inbertsioak betearazteko epea diruz lagundutako proiektuan zehaztutakoa izango da, eta gehienez bi urtekoa izango da diru-laguntzaren emakida jakinarazi zenetik.

    Diruz lagunduko dira, berriz, enpresa onuradunari aplikatzekoak zaizkion arauak gainditzeko bidea ematen dion ingurumenaren babes-maila lortzera zuzentzen diren inbertsioak. Dena dela, diru-laguntzaren xede den proiektuaren baldintza espezifikoekin lotutako eta behar bezala justifikatutako arrazoiak direla eta, pertsona onuradunak, ezarritako betearazpen epea amaitu baino lehen, diruz lagundutako jarduketa egiteko hasieran xedatutako epea luzatzeko eskatu ahal izango du. Epea ezingo da luzatu urte bi baino gehiago, hasieran ezarritako epetik, eta luzapen-eskaera hori Ingurumeneko sailburuordearen ebazpen baten bidez onartu beharko da, organo kudeatzaileak aldeko txostena egin ondoren.

  1. Enpresei eman ahal izango zaizkie laguntzak inbertsio jakin batzuk sustatzeko, alegia, enpresa onuradunak aplikatzekoak zaizkion arauak gainditu ahal izateko behar den ingurumenaren babes-maila lortzera edo aplikatu beharreko araurik ezean ingurumenaren babesa hobetzera bideratuta dauden horiek.

  2. Enpresei eman ahal izango zaizkie laguntzak, indarrean dauden arauak gainditzera zuzendutako inbertsioei lotutako ikerketak egiteko. Prestaketa-azterlanaren emaitzen ondorioz, azkenean ez bada azterlanaren xedea den inbertsioa egiten, orduan ere aplikatuko da hori.

  3. Hondakinak kudeatzeko inbertsioa diruz lagundu ahalko da, baldintza hauek betetzen direnean:

    1. Inbertsioak, beste enpresa batzuek («Kutsatzaileak») sortutako kutsadura gutxitzeko izanik, laguntzaren onuradunak sortutako kutsadura kanpo uzten badu.

    2. Laguntzaren bidez kutsatzaileak ez badira zeharka salbuetsita geratzen Europako Erkidegoko legeen arabera jasan beharko lituzketen zametatik, ezta kutsatzaileentzat ohiko enpresa-kostutzat jo beharko liratekeen zametatik ere.

    3. Inbertsioak «puntako teknologia» gainditzen badu edo teknologia konbentzionalak era berritzailez erabiltzen baditu.

    4. Laguntzarik egon ezean, tratatu beharreko materialak ingurumena gutxiago errespetatzen duten prozeduren arabera eliminatuko edo tratatuko balira.

    5. Inbertsioaren ondorio bakarra ez bada ondoren birziklatu beharreko materialen eskaera handitzea, material haien bilketa handitu gabe.

  4. Enpresei eman ahal izango zaizkie laguntzak, orube kutsatuak xahutzeko, ez dagoenean jakiterik zein den kutsaduraren erantzulea edo ez dagoenean kutsaduraren kostua ordaintzera behartzerik.

  5. Diru-laguntzak eman ahal izango dira kutsadura handia sortzen duten enpresak kutsadurak kalte gutxiago egiten duen beste leku batera eramateko, betiere ere lekualdaketa ingurumena babesteko arrazoiengatik egiten bada eta horrela agintzen badu ebazpen administratibo edo judizial batek edo horrela adosten bada enpresaren eta aginte publiko eskudunaren artean. Gainera, enpresak kokatzen den kokaleku berrian aplikatzekoak diren ingurumenaren gaineko araurik zorrotzenak bete beharko ditu.

  6. Enpresa txiki eta ertainek egindako inbertsioak diruz lagundu ahal izango dira, ingurumenaren gaineko aholku-zerbitzuak ematekoak badira, 2008ko abuztuaren 6ko Batzordearen (EE) 800/2008 Erregelamenduan ezarritakoaren arabera; horren bidez, laguntza-kategoria jakin batzuk merkatu erkidearekin bateragarri deklaratzen dira, Itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatzearen ondorioz (kategorien araberako salbuespenen erregelamendu orokorra). (EBAO, 2008ko abuztuaren 9ko L 214).

  1. Ingurumen-helburuak lortzeko behar den kostu gehigarria baino ez da diruz lagunduko, eta inbertsioaren gastu orokorrak kanpo geratuko dira, ingurumena babestearekin zerikusia ez dutenean.

    Horrela, hauek izango dira lagunduko diren kostuak:

    Enpresa onuradunak aplikatzekoak zaizkion arauak gainditu ahal izateko behar den ingurumenaren babes-maila lortzera edo aplikatu beharreko araurik ezean ingurumenaren babesa hobetzera bideratutako inbertsioen kasuan, aintzakotzat hartzen diren inbertsioak hauexek dira: lurretan egiten direnak, ingurumeneko helburuak betetzeko behar-beharrezkoak badira; eraikin, instalazio edo ekipo-ondasunetan egiten direnak, haien helburua kutsadura eta beste eragin kaltegarri batzuk gutxitu edo kentzea edo ekoizpen-metodoak ingurumena babesteko egokitzea bada.

    Ingurumen-arloko ikerketa eta aholkularitza-lanei dagokienez, kanpoko entitateek ematen dituzten zerbitzuen kostuak.

    Hondakinak kudeatzeko laguntzei dagokienez, hondakinak kudeatzea hartzen duen inbertsioa egiteko, sortzen diren kostu gehigarriak, erreferentzia-inbertsioarekin alderatuta, hau da, hondakinak kudeatu gabeko produkzio konbentzionalaren kostuekin alderatuta. Aipatutako erreferentzia-inbertsioaren kostua kostu hautagarritik kendu beharko da.

    Orube kutsatuak xahutzeko laguntzei dagokienez, xahuketa-lanen kostuak ken lurraren balioaren hazkundea.

    Enpresak birkokatzeko laguntzei dagokienez, enpresak lekualdaketaren ondorioz lor dezakeen edozein abantaila islatu behar da kalkulua egiterakoan.

  2. Edonola ere, diruz lagun daitezkeen kostuen zenbateko garbia hemendik kalkulatuko dira: produzitzeko gaitasuna handituko balitz lortuko liratekeen abantailetatik, inbertsioaren lehenengo bost urteetan sortzen diren kostuen aurrezkietatik eta denboraldi berean izandako produkzio gehigarrietatik.

  3. Baldin eta erakunde eskatzaileak aurkeztutako inbertsio garbiaren datuaren eta Balorazio Epaimahaiak kalkulatutako inbertsio garbiaren datuaren dekretu honen 13. artikuluan xedatutakoa- artean, behin diru-laguntza eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, urteko deialdiaren aginduan ezarriko den ehunekoa baino alde handiagoa egonez gero, epaimahai horrek jakinaraziko dio erakunde eskatzaileari egindako inbertsio garbiaren kalkuluaren emaitza, baita hori ezartzeko kontuan hartutako datuak ere; hamar eguneko epea emango zaio, hala balegokio, egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkeztu ditzan.

    Azkenik, Balorazio Epaimahaiak zehaztuko ditu diruz lagun daitezkeen kostuak.

  1. Diru-laguntzaren zenbatekoa deialdiaren aginduan ezartzen den aurrekontu-zuzkidurara egokituko da.

  2. Ematen diren diru-laguntzek ezin izango dituzte, inola ere, dekretu honen eranskinean azaldutako portzentajeak gainditu, esleipen-prozedura bakoitzerako eta proiektu-mota bakoitzerako. Urteko deialdi aginduan aipatutako gehieneko eta gutxieneko zenbatekoak ere errespetatu beharko dituzte.

Prozedura arruntaren barruan diru-laguntzak emateko, besteak beste, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

  1. Industria-jarduerak ingurumenean duen eragina.

  2. Aurreikusitako inbertsioak ingurumenari ekarriko dion hobekuntza eta inbertsioa ekologiaren aldetik eraginkorra den.

  3. Inbertsioak baso-hegaztiei babesteari buruzko Kontseiluaren 1979ko apirilaren 2ko 79/409/EEE Direktiban eta Habitat Naturalak eta Flora nahiz Fauna Basatiak Zaintzeari buruzko Kontseiluaren 1992ko maiatzean 21eko 92/43/EEE Direktibetan aipatzen diren zona sentikorretan egingo diren, baita natura babestearen ekainaren 30eko 16/1994 Legearen arabera babestutako naturguneetan ere.

  4. Proiektua ekologiaren aldetik berritzailea izatea. Irizpide horretan, proiektua zein graduraino den berritzailea eta transferigarria hartuko da kontuan. Ingurumenaren babesa nabarmen hobetzea helburu edo emaitza duen edozein jarduera berritzaile-mota jotzen da jarduera ekoberritzailetzat. Ekoberrikuntzak hauek guztiak hartzen ditu: fabrikatzeko prozesu berriak, produktu edo zerbitzu berriak, eta enpresa- edo kudeaketa-metodo berriak, haiek erabiltzea edo betearazteak ingurumenarekiko arriskuak gutxitu baditzake funtsean, baliabideak erabiltzeak dakartzan kutsadura eta bestelako eragin negatiboak, haiekin lotutako jardueren bizi-zikloan zehar. Zehazki, martxoaren 14ko 64/2006 Dekretuak aipatzen dituen teknologia guztiak berritzailetzat joko dira, justifikazio gehiago egin beharrik gabe; haren bidez, Teknologia Garbien Euskal Zerrenda arautzen baita.

  5. Proiektuaren koherentzia eta kalitatea.

  6. Pertsona juridiko eskatzailea enpresa txikia edo ertaina izatea, hain zuzen ere, mikroenpresak, enpresa txikiak eta ertainak definitzeari buruzko 2003ko maiatzaren 6ko Batzordearen Gomendioan ezarritakoaren arabera.

  7. Inbertsioa egiten den lekuan ingurumena kudeatzeko sistemen ziurtagiri baliodunak dutela egiaztatzea (ingurumen-kudeaketarako sistemak, IKS).

  1. Hauek dira eskabideak aurkezteko lekuak: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako Sailburuordetza (Donostia kalea, 1; Vitoria-Gasteiz); sail horretako lurralde-bulegoak; Zuzenean zerbitzuko herritarrari laguntzeko guneak, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein.

  2. Laguntza-eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

    1. Eskatzailearen nortasuna egiaztatzeko datuak (pertsona fisikoa edo juridikoa izanik), eta, hala balegokio, NAN, Identifikazio Fiskaleko Kodea edo Ingurumeneko Identifikazio Zenbakia (IIZ-NIMA).

    2. Enpresaren legezko eraketa egiaztatzeko datuak, eta, hala balegokio, enpresa eratzeko eskrituren fotokopia. Enpresa eskatzaile bakoitzak kopia bakarra aurkeztuko du. Aurreko bost urtean enpresak diru-laguntza eskatu badio ingurumen-organoari eta ez bada aldaketarik egon aurretik aurkeztutako eskrituran, baldintza hori bete ordez, dokumentazioa zein datarako eta zein deialditarako aurkeztu zen azaldu ahalko da.

    3. Diru-laguntzaren eskatzailearen alde emandako ordezkaritza-ahalaren kopia, Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribatuta, edo, hala balegokio, behar bezala egiaztatuta. Enpresa eskatzaile bakoitzak kopia bakarra aurkeztuko du. Aurreko bost urteetan enpresak diru-laguntza eskatu badio ingurumen-organoari eta ez badira aldaketarik egon aurretik aurkeztutako ahaletan, baldintza horren ordez agiriak, dokumentazioa zein datarako eta zein deialditarako aurkeztu zen azaldu ahalko da.

    4. Inbertsioa egiteko epea, diruz lagundu beharreko proiektua hasteko eta amaitzeko datak barne.

    5. Zerga-betebeharrak betetzen dituela egiaztatzen duen ziurtagiria.

    6. Gizarte Segurantzaren kuotak ordainduta dituela egiaztatzen duen ziurtagiria.

    7. Jarduerarako udal lizentzia, horrelakorik eduki behar badu.

    8. Diru-laguntzaren eskabidearen helburu berarako beste erakunde batzuei eskatu zaizkion edo erakunde horiek eman dituen diru-laguntzen berariazko aitorpena.

    9. Erantzukizun-deklarazioa, zeinaren bidez eskatzaileak adierazten duen, bere erantzukizunpean, indarrean dauden arauetan diru-laguntza lortzeko ezarritako betekizunak betetzen dituela eta baduela hori egiaztatzen duen dokumentazioa.

  3. Prozedura arruntaren bidezko diru-laguntzen eskabideekin batera, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

    1. Enpresaren jarduera nagusiaren deskribapen laburra eta jarduera horri buruzko EJSNaren zehaztapena.

    2. Ekin beharreko proiektuaren deskribapena, lortu nahi den ingurumen-hobekuntzaren deskribapen kuantitatiboa, eta, hala balegokio, horri eragiten dizkioten arauen eta balioen azalpena.

    3. Hala balegokio, inbertsioa ekologiaren aldetik berritzailea dela justifikatzea.

    4. Inbertsioaren ekonomia- eta finantza-ikerketa. Aurrekontuaren ezarpena. Ingurumen-babesaren helburuak lortzeko egin beharreko inbertsio gehigarrien zehaztapena. Produzitzeko gaitasuna handituko balitz, lortuko liratekeen abantailak ezartzea, inbertsioaren lehenengo bost urteetan sortutako kostuen aurrezkien aurreikuspena, eta, denboraldi berean, bost urtetakoan, sortzen diren produkzio gehigarrienak ere.

  4. Prozedura erraztuaren bidezko diru-laguntzen eskabideekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

    1. Ekin beharreko proiektuaren deskribapena.

    2. Aurrekontuaren ezarpena. Ingurumen-babesaren helburuak lortzeko inbertsio gehigarrien zehaztapena. Produzitzeko gaitasuna handituko balitz, lortuko liratekeen abantailen ezarpena, inbertsioaren lehenengo bost urteetan kostuei dagokienez aurreztuko litzatekeenaren aurreikuspena, baita bost urteko denboraldi berean produkzio gehigarriena ere.

  5. Aurkezten diren eskabideak prozedura arruntaren edo prozedura erraztuaren bidez baino ezin izango dira ebaluatu. Baldin eta proiektu bera bi prozeduren bidez ebaluatzeko aurkezten bada, edo akats baten ondorioz ez dagokion prozedura batentzat aurkezten bada, organo kudeatzaileak erabakiko du zein prozeduratan parte hartzen duen laguntza-eskaerak.

Diru-laguntzaren eskabidean ez badira betetzen aurreko artikuluan eskatutako baldintzak edo aplikagarriak diren lege espezifikoetan eskatutakoak, hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eransteko eskatuko zaio interesdunari; eta, era berean, jakinarazi zaio ezen hori egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, deialdia ebazteko organo eskudunak horretarako ebazpena eman ondoren.

Urtero, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren aginduaren bidez, aurrekontuko ekitaldi bakoitzeko honako alde hauek ezarriko dira:

Ekitaldi horretan eman beharreko laguntza-lerro zehatzak, esleipen-prozedura bakoitzeko, 5. artikuluan xedatutako diru-laguntzen esparruaren barruan, baita lerro bakoitzari dagozkion azpilerroak ere.

Erabilgarri dauden aurrekontu-atal zehatzak, esleipen-prozedura bakoitzeko, eta, hala badagokio, laguntza-lerro eta azpilerro bakoitzeko.

Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabide normalizatuak eta eskabidea aurkeztean entregatu beharreko dokumentazioa, prozedura arruntaren eta prozedura erraztuaren arteko behar diren aldeak ezarrita.

Prozedura arruntaren bidez izapidetzen diren diru-laguntzen eskaerek baloratuak izateko lortu beharreko gutxieneko puntuazioa.

Balorazio Epaimahaiak zein portzentajetatik aurrera jakinaraziko dion erakunde eskatzaileari talde ebaluatzaileak egindako inbertsio netoaren kalkuluaren emaitza.

Esleipen-irizpideak aplikatzeari buruzko ponderazioa.

Esleitzeko irizpideen norainoko zehatza eta, hala balegokio, dekretu honen 8. artikuluan ezarritakoei gehituko zaizkion irizpide berriak.

  • Diru-laguntzen eskaerek bete beharreko esleipen-prozedurak zehazten duen inbertsioaren zenbatekoa.

    Esleitzeko prozedura bakoitzean proiektu eta/edo produkzio-zentro bakoitzeko eman beharreko diru-laguntzen gehienezko eta gutxieneko zenbatekoa.

    IHOBE SA erakunde laguntzaile izendatzea eta gauzatu behar dituen zereginak.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Ingurumenaren Plangintza Zuzendaritzari dagokio dekretu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

  1. Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa IHOBE SA Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendekoa dena, dekretu honetan arautzen diren diru-laguntzak kudeatzeko erakunde laguntzaile izendatu ahal izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

  2. Deialdiaren urteko aginduan ezarriko da erakunde laguntzailearen izendapena, baita erakunde horrek gauzatu beharreko zereginen edukia eta norainokoa ere.

Prozedura arruntaren bidez esleitzeko aurkezten diren diru-laguntzen eskaerak horretarako izendatuko den epaimahaiak baloratuko ditu. Hauek izango dira epaimahaiko kideak: Ingurumenaren Plangintzako zuzendaria, epaimahaiburu, Ingurumenaren Kalitateko zuzendaria eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari atxikitako funtzionario bat, bokal biak. Azken hori, Ingurumenaren Plangintzako zuzendariak izendatuko du.

Aipatu epaimahaiak kasuan kasuko ebazpen-proposamena egingo du, non, esleitzeko irizpideak eta aurrekontu-mugak kontuan hartuta, diru-laguntza lor dezaketen proiektuak ezarriko dira, baita laguntzen zenbatekoak ere, eta ezetsitako eskariak horretarako arrazoiekin batera. Proposamen hori Ingurumeneko sailburuordeari helaraziko zaio, eta berak, dagokion ebazpenaren bidez, deialdia ebatziko du.

Orobat, aipatutako balorazio-epaimahaiak ebazpen-proposamena egingo du, prozedura erraztuaren bidez esleitzeko aurkeztutako diru-laguntzaren eskabideei buruz, eta Ingurumeneko sailburuordeari helaraziko zaio, deialdia ebatzi dezan.

  1. Diru-laguntzak emateko berariazko ebazpena (esleipen prozedura bakoitzean ematen dena), eman eta interesdunei jakinaraziko zaie, sei hilabeteko epean, diru-laguntzen eskaerak egiteko epea ezarriko duen urteko agindua Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

  2. Epe horren barruan erabakiaren berri ematen duen jakinarazpenik jaso ezean, kasuan kasuko eskabidea ez dela onetsi joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

  3. Diru-laguntzak emateko prozeduraren ebazpena Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, publizitate ondorioetarako.

Prozedura arruntaren bidez esleitzen diren diru-laguntzetarako lagundutako proiektu bakoitzaren ezaugarri zehatzei erreparatuta, ebazpenak diruz lagundutako proiektua burutzeko betebeharreko baldintza tekniko eta/edo ekonomikoak ezarriko ditu. Baldintzok baldintzen agiri batetan jasoko dira eta onuradun bakoitzari jakinaraziko zaio.

Baldintzen agiria ez da aplikatuko prozedura erraztuaren bidez esleitzen diren diru-laguntzetarako, 17.3 artikuluan ezarritakoaren kalterik gabe.

  1. Diru-laguntza ordainketa batean emango da, diruz lagundutako inbertsioa bete eta ordaindu dela justifikatu eta gero, pertsona onuradunak eskabide aurkeztu ostean.

  2. Diru-laguntzak prozedura arruntaren bidez lortzen dutenek agiri bidez egiaztatuko dute diruz lagundutako inbertsioa, sei hilabeteko epean proiektua amaitzen denetik.

    Orobat, Ingurumenaren Plangintzako Zuzendaritzak egiaztatuko du onuradunek diru-laguntza esleitzeko ebazpenean eta baldintza-agirian ezarritako betebeharrak bete dituzten, eta, hala balegokio, horretarako beharrezkotzat jotzen diren pertsona onuradunaren instalazioen ikuskapenak egingo ditu, diruz laguntzeko moduko inbertsioa gauzatu den egiaztatzeko.

    Behin artikulu honetan aipatutako baldintzak beteta, diru-laguntza ordaintzeko agindua emango da, Ingurumenaren Plangintzako zuzendariak horretarako emango duen ebazpenaren ondoren.

  3. Diru-laguntzak prozedura erraztuaren bidez lortzen dutenek agiri bidez egiaztatuko dute diruz lagundutako inbertsioa, sei hilabeteko epean proiektua amaitzen denetik. Behin hori bete dutela egiaztatuta, ordaintzeko agindua emango da.

  4. Edonola ere, diru-laguntza ordaintzeko agindua eman aurretik, onuradunek zerga-betebeharrak beteta eta Gizarte Segurantzaren kuotak ordainduta dituztela egiaztatzen duten ziurtagiriak aurkeztuko dituzte.

Dekretu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek baldintza hauek bete behar dituzte, betiere:

  1. Esleitutako diru-laguntza onartu behar dute. Ildo horretan, onuradunak laguntzari uko egin ezean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik 15 eguneko epean, berariaz eta idatziz, diru-laguntza onartu egiten duela ulertuko da.

  2. Diru-laguntza eman den helburu zehatzerako erabili behar dute. Halaber, ekipamendu-ondasunak edo zerbitzuak hiru urtez diru-laguntzaren helburu zehatzerako erabiltzeko konpromisoa hartuko dute, salbu eta Ingurumen Sailburuordetzak denboraldi laburragoa adosten badu, betiere horretarako behar bezala justifikatuta eta proiektuaren ezaugarriekin lotutako arrazoiak egonez gero.

  3. Jaso dituzten diru-laguntzen inguruan Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen dieten informazioa eman egin beharko diete.

  4. Edozein administraziok edo erakunde publiko zein pribatuk helburu berbererako beste diru-laguntza edo laguntzaren bat esleitu badie, horren berri izan eta 10 egun balioduneko epean, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Ingurumenaren Plangintzako Zuzendaritzari jakinarazi beharko diote, baita organo emailea eta laguntza edo diru-laguntzaren zenbatekoa ere.

  5. Proiektua gauzatzerakoan diru-laguntza lortzeko kontuan hartu zen edozein baldintza aldatzen bada, hori ere jakinarazi beharko diote Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Ingurumenaren Plangintzako Zuzendaritzari.

  6. Espedientearen egoeraren berri eman beharko dute, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak hala eskatuz gero.

  7. Proiektua zabaltzeko egiten diren agiri eta publizitate guztietan, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren babesa dutela aipatu beharko dute. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan ezarritakoaren arabera txertatuko da (http:// www.euskadi.net/id_corporativa/indice_e.htm). Edonola ere, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak memoria bat egiteko eskatu ahalko du, lortutako ingurumen-hobekuntzaren ikuspuntutik garrantzitsutzat jotzen dituen proiektuak jendaurrean zabaltzeko.

  8. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 2.3 artikuluan ezarritakoa bete beharko da.

  1. Dekretu honek arautzen dituen diru-laguntzak ezin izango dira metatu Europako Erkidegoak ematen dituen beste laguntza edo ekarpen batzuekin, baldin eta metaketaren ondorioz, laguntzaren intentsitateak 7. artikuluan aurreikusitako gehienezkoa gainditzen badu.

  2. Beste entitate batek emandako laguntzen kasuan, diruz lagun daitezkeen kostu berberei buruzkoak direnean, laguntza onuragarrien gehienezko muga aplikatuko da.

  3. Laguntza esleitzeko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, betiere, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada, eta, hala badagokio, diru-laguntza horrekin batera beste edozein erakunde publikok emandako diru-laguntza edo laguntzarik jaso bada helburu bererako, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, behar den ebazpena emango da, esleitutako diru-laguntzen zenbatekoak moldatze aldera.

Diru-laguntza esleitzea ekarri zuten baldintzaren bat ez dela bete egiaztatzen bada, ez badira ikuskatze-lanak errazten edo onuradunei esleitu zaizkien obligazioak betetzen ez badituzte, jasotako dirua eta horrek sortutako interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio. Hori guztia, Euskadiko Ogasun Orokorraren Printzipio Antolatzaileei buruzko Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak diotenari jarraituz.

  1. Administrazioak behar diren bitarteko elektronikoak izanez gero, eskatzaileen eta onuradunen esku jarriko dira, eta horiek erabiltzera behartu ahalko dira.

  2. Laguntza hauek izapidetzerakoan bitarteko elektronikoak erabiltzeko modua abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuan eta apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan ezarritakoaren arabera arautuko da. Lehenengoa Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren prozeduretan baliabide elektronikoak, informatikoak eta telematikoak nola erabili behar diren arautzen baitu, eta bigarrenak, berriz, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamendua.

  3. Bitarteko elektronikoak erabiltzeko jarraibideak ingurumen-gaietan eskuduna den organoaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira, euskadi.net-en.

Enpresei ingurumena babesteko inbertsioak egiteko diru-laguntzak emateko araudi honetan ez da ordainduko diru-laguntzarik, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak egiaztatu arte laguntza araubide honi buruzko Europar Batzordearen erabakia jaso duela.

Dekretu hau indarrean sartu aurretik emandako diru-laguntzak Apirilaren 23ko 91/2002 Dekretuak, ingurumena babesteko inbertsioak egiteko enpresei diru-laguntzak emateko baldintzak arautzen dituenak, xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Apirilaren 23ko 91/2002 Dekretua, ingurumena babesteko inbertsioak egiteko enpresei diru-laguntzak emateko baldintzak arautzen dituena, indargabetuta geratzen da, baita dekretu honen kontra doazen maila bereko edo gutxiagoko xedapen guztiak ere.

Lehenengoa. Dekretu honetan aurreikusitako guztian Europako jarraibideetan ingurumena babesteko Estatuaren laguntzei buruz ezarritakoa (2088/C 82/ 01), Batzordearen 2008ko abuztuaren 6ko 800/2008 EE Erregelamenduan horren bidez, merkatu erkidearekin bateragarri diren zenbait neurri izendatzen dira, Tratatuaren 87. eta 88. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorrita (salbuespenen erregelamendu orokorra) (EBAO, L 214, 2008ko abuztuaren 9koa)- ezarritakoa eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan ezarritakoa izango da aplikatzekoa. Azken horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen du.

Bigarrena. Europar Batasuneko arau espezifikoek arautzen dituzten sektoretan sartutako enpresei diru-laguntzak emateak beteko ditu, edonola ere, aipatutako xedapenen irizpideak eta edukiak.

Hirugarrena. Ahalmena ematen zaio Ingurumen eta Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari dekretu hau zuzen garatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak emateko.

Laugarrena. Dekretu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2010eko urriaren 19an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ingurumen, Lurralde Plangintza,

Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

Enpresa

txikiak Enpresa ertainak Enpresa handiak

Prozedura Arrunta [Europako Erkidegoak ingurumena babesteko Estatuaren laguntzez ezarritako jarraibideak (2008/C82/01)].

Aplikatzekoak diren arauak gainditzeko laguntzak, edo, aplikatzeko araurik egon ezean, ingurumenaren babesa hobetzekoak. % 70 % 60 % 50

Arauak gainditzeko inbertsioekin zuzenean lotutako ingurumen-ikerketak egiteko laguntzak. % 70 % 60 % 50

Hondakinak kudatzeko laguntzak. % 70 % 60 % 50

Orube kutsatuak xahutzeko laguntzak. % 100 % 100 % 100

Enpresak beste leku batean kokatzeko laguntzak. % 70 % 60 % 50

Prozedura erraztua [2008ko abuztuaren 6ko Batzordearen (EE) 800/2008 Erregelamendua. Haren bidez, Itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatuta, merkatu erkidearekin bateragarriak diren laguntza-maila jakin batzuk ezartzen dira (kategorien araberako salbuespenen Erregelamendu orokorra) (EBAO, 2008ko abuztuaren 9ko L 214)].

Enpresa txiki eta ertainentzako laguntzak, ingurumenaren arloko kanpoko aholkularitza-zerbitzuak ematekoak. % 50 % 50 --

Ingurumena babesteko aplikatzekoak diren arauak gainditzeko edo, aplikatzeko araurik egon ezean, ingurumenaren babes-maila handitzeko inbertsioetarako laguntzak. % 55 % 45 % 35

Arauak gainditzeko inbertsioekin zuzenean lotutako ingurumen-ikerketetarako laguntzak. % 70 % 60 % 50

Dekretu honetako 2. artikuluan aipatzen diren elkarteentzat eman ahal izango diren diru-laguntzen ehunekoa elkarte hori osatzen duten enpresen artean gehiengoa duen motari dagokiona izango da (txikia, ertaina edo handia). Elkarte batean bi enpresa mota nagusi badaude, ehuneko onuragarriena aplikatuko da.