Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

536/2009 DEKRETUA, mekanizazioko teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 210
  • Hurrenkera-zk.: 5840
  • Xedapen-zk.: 536
  • Xedapen-data: 2009/10/06
  • Argitaratze-data: 2009/11/02

Testu legala

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1 artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen ­Katalogo Nazionalean aditzera emandako ­lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten ­profe­sionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30. eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6 artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kon­tsultatu ostean, lanbide-heziketako ikasketei dagoz­kien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antola­mendu orokorra ezartzen duen abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 6. artikuluan definitzen da lanbide-heziketako tituluen egitura. Horretarako, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako arteztarauak, eta ­gizarte-intereseko beste alderdi batzuk hartu dira kontuan. Bestalde, Errege Dekretu horren 7. artikuluak zehazten du titulu horien lanbide-profila, eta horren barnean hartuko dira konpetentzia orokorra, konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak, eta, hala badagokio, tituluei dagozkien Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak.

Urriaren 29ko 1398/2007 Errege Dekretuak Mekanizazioko teknikariaren titulua ezartzen du eta haren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen ditu. Azken arau horrek, hain zuzen ere, ordezkatzen du abenduaren 16ko 2419/1994 Errege Dekretuak ezarritako izen bereko tituluaren erregulazioa.

Bestetik, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 1538/2006 Errege Dekretuaren 17. artikuluak xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek ezarriko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, errege-dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.

Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 140.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egiteke».

Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak hezkuntza-sistemaren barruan Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako.

Azaldutako aurrekarien arabera, dekretu honen helburua da Mekanizazioko teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzea Euskal Autonomia Erkidegorako, Mekanizazioko teknikariaren titulua ezartzen duen eta tituluaren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen urriaren 29ko 1398/2007 Errege Dekretuaren babesean.

Mekanizazioko teknikariaren tituluaren curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: alde batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak eta konpetentzia-atalak zerrendatzen dira, eta konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak deskribatzen dira); eta, bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta lanbide-moduluen bidez, besteak beste, ezarritako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak barne hartuta).

Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atera dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleak bereganatu behar dituen ikaskuntzaren emaitzak lortzeko lehen iturria dira.

Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.

Honako Dekretu hau bideratzean, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.

Hori dela-eta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak proposatuta, Lanbide Hezike­tako Euskal Kontseiluak emandako txostenarekin eta gaine­rako aginduzko txostenekin, Euskadiko Aholku ­Batzorde Juridikoaren arabera, eta Gobernu Kontseiluak 2009ko urriaren 6a egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

Dekretu honek Mekanizazioko teknikari-tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen du Euskal Autonomia Erkide­gorako.

Ikastetxeak duen autonomia pedagogikoaren eta antolamendukoaren ildotik, hari dagokio bere Ikastetxearen Ikasketa Proiektua ezartzea, eta proiektu horretan ezarriko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko, eta lanbide-moduluen programazioak prestatzeari buruzko irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.

Ikastetxearen Ikasketa Proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle-taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programa­zioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta (oso garrantzitsua) irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.

Mekanizazioko teknikari-titulua elementu hauek identifikatzen dute:

Izena: Mekanizazioa.

Maila: Erdi-mailako Lanbide Heziketa.

Iraupena: 2.000 ordu.

Lanbide-arloa: Fabrikazio mekanikoa.

Kodea: INSN-3 (Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).

Tituluari dagokion lanbide-profila, konpetentzia orokorraren, konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialen, lanbide-kualifikazioen eta konpetentzia-atalen bidez adierazten da.

  1. Titulu honen gaitasun orokorra da txirbil-­harroketaren, konformazioaren eta prozesu berezien bidezko mekanizazio-prozesuak gauzatzea, makina-erremintak prestatu, programatu eta maneiatuta, lortutako produktua egiaztatuta, eta kalitate, segurtasun eta ingurumen-babeseko zehaztapenak beteta.

  2. Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak

    Honako hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:

    1. Mekanizazio-prozesuak zehaztea, planoetan, fabrikazio-arauetan eta katalogoetan bildutako informazio teknikotik abiatuta.

    2. Makinak eta sistemak prestatzea, produktuaren ezaugarriak kontuan izanda eta ezarritako prozedurak aplikatuta.

    3. Zenbakizko kontroleko (CNC) makina-­erremintak, robotak eta manipulagailuak programatzea, ezarritako mekanizazio-prozesuaren faseei jarraituz.

    4. Txirbil-harroketako makina-erremintak, konformaziokoak eta bereziak erabiltzea, elementu mekanikoak lortzeko, fabrikazio-planoetan ezarritako zehaztapenen arabera.

    5. Produktu mekanizatuak egiaztatzea, neurketa-tresnak eta zehaztutako prozedurak erabilita.

    6. Mekanizazioko makinen eta ekipoen lehen mailako mantentze-lanak egitea, mantentze-fitxaren arabera.

    7. Bere jarduerarekin lotutako gorabeherak ebaztea, horien sorburuak identifikatuta eta erabakiak arduraz hartuta.

    8. Kalitate-prozedurak, laneko arriskuen preben­tziokoak eta ingurumenekoak aplikatzea, mekanizazio-­prozesuetan ezarritakoaren arabera.

    9. Produkzio-prozesuetako aldaketa teknologikoek eta antolamendukoek sorrarazitako lanpostuetara eta lan-egoera berrietara egokitzea.

    10. Produkzioko helburuak betetzea, lan-taldearekin elkarlanean jardutea, eta erantzukizunaren eta tolerantziaren printzipioen arabera jardutea.

    11. Bere eskubideez baliatzea eta lan-harremanen ondoriozko betebeharrak betetzea, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera.

    12. Lanbide-karrera kudeatzea, enplegurako, autoenplegurako eta ikaskuntzarako aukerak aztertuz.

    1. Enpresa txikia sortzea eta kudeatzea, eta ­produktuen bideragarritasuna, produkzioaren plangintza eta merkaturatzea aztertzea.

    2. Bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean parte-hartze aktiboa izatea, jarrera kritiko eta arduratsuarekin.

  3. Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-atalen zerrenda

    Osatutako lanbide-kualifikazioak:

    1. FME032_2: txirbil-harroketa bidezko mekanizazioa (otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

      UC0089_2: txirbil-harroketa bidezko mekanizazio-­prozesuak zehaztea.

      UC0090_2: txirbil-harroketa bidez mekanizatzeko makinak eta sistemak prestatzea.

      UC0091_2: produktuak txirbil-harroketa bidez mekanizatzea.

    2. FME033_2: urraduraren, elektrohigaduraren eta prozedura berezien bidezko mekanizazioa (otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

      UC0092_2: urraduraren, elektrohigaduraren eta prozedura berezien bidezko mekanizazio-prozesuak zehaztea.

      UC0093_2: urraduraren, elektrohigaduraren eta prozedura berezien bidez mekanizatzeko makinak eta sistemak prestatzea.

      UC0094_2: produktuak urraduraren, elektrohigaduraren eta prozedura berezien bidez mekanizatzea.

    3. FME034_2: ebaketa eta konformazio bidezko mekanizazioa (otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

      UC0095_2: ebaketa eta konformazio bidezko mekanizazio-prozesuak zehaztea.

      UC0096_2: ebaketa eta konformazio bidez mekanizatzeko makinak eta sistemak prestatzea.

      UC0097_2: produktuak ebaketaren, konforma­zioaren eta antzeko prozedura berezien bidez mekanizatzea.

Irudi profesional honek metalak transformatzeko industrietan egiten du lan. Industria horiek makineria eta ekipo mekanikoak, material eta ekipo elektriko elektroniko eta optikoak, eta industria-sektoreari dagokion garraio-materiala eraikitzeko azpisektoreen barruan daude.

Lanbide eta lanpostu garrantzitsuenak hauek dira:

Makina-erreminten langile doitzailea.

Metalen leuntzailea eta erreminten zorrotzailea.

Metalak lantzeko makinen eragilea.

Makina-erreminten eragilea.

Industria-roboten eragilea.

Erreminten fabrikazioko langileak, mekanikariak eta doitzaileak, eredugile matrizegileak eta antzekoak.

Tornularia, fresatzailea eta mandrinatzailea.

Heziketa-zikloko irakaskuntzetan honako alderdi hauek sartzen dira:

  1. Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:

    1. Mekanizazio-faseak identifikatu eta aztertzea, zehaztapen teknikoak interpretatuta eta fase bakoitza ezaugarrituta, prozesu egokiena ezartzearren.

    2. Mekanizazio-prozesua aztertu ondoren, mekanizazioko makinak eta ekipoak prestatzeko tresnak eta erremintak aukeratzea.

    3. Zenbakizko kontroleko programen, roboten eta manipulagailuen ezaugarriak antzematea, eta programazio-­lengoaiak dagozkien aplikazioekin erla­zionatzea, makinak eta elementuak programatzeko.

    4. Makinen kontrolak antzeman eta manipulatzea, eta elementu mekanikoak lortzeko eragiketa-sekuentzia justifikatzea.

    5. Neurtzeko tresnak eta ekipoak aukeratzea, horien ezaugarriak produktuari buruzko zehaztapenekin erlazionatu ondoren, neurketaren fidagarritasuna ziurtatzeko.

    6. Produktu mekanikoen parametroak neurtzea, horien balioa kalkulatzea eta zehaztapen teknikoekin alderatzea, egokiak direla egiaztatzeko.

    7. Makinen eta ekipoen mantentze-beharrak identifikatzea, eta horien garrantzia justifikatzea, funtzionalak izango direla ziurtatzeko.

    8. Kontingentziak antzeman eta baloratzea, ­horien sorburua zehaztea eta dagokion lanbide-jarduerari lotu­tako gorabeherak konpontzeko ekintza zuzentzaileak deskribatzea.

    9. Kalitate-prozedurak, laneko arriskuen prebentziokoak eta ingurumenekoak aztertu eta deskribatzea, eta zehaztutako kasuetan abian jarri beharreko ekintzak adieraztea, arau estandarizatuen arabera jokatzeko.

    10. Produkzio-prozesu batean lan-jarduerak baloratzea eta produkzio-helburuak lortzeko horiek prozesu orokorrean egiten duten ekarpena identifikatzea.

    11. Ikasi eta enplegatzeko aukerak identifikatu eta baloratzea, lan-merkatuko eskaintzak eta eskaerak aztertuta, lan-ibilbidea kudeatzeko.

    12. Negozio-aukerak antzematea, merkatuko eskaerak identifikatu eta aztertuta, enpresa txiki bat sortu eta kudeatzeko.

    1. Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua aztertu ondoren, gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.

  2. Honakoa da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:

    1. Mekanizazio-prozesuak.

    2. Zenbakizko kontrol bidezko mekanizazioa.

    3. Urraduraren, elektrohigaduraren, ebaketaren, konformazioaren eta prozesu berezien bidezko fabrikazioa.

    4. Txirbil-harroketa bidezko fabrikazioa.

    5. Sistema automatizatuak.

    6. Metrologia eta saiakuntzak.

    7. Interpretazio grafikoa.

    8. Ingeles teknikoa.

    9. Laneko prestakuntza eta orientabidea.

    10. Enpresa eta ekimen sortzailea.

    11. Lantokiko prestakuntza.

      1. eranskinean zehaztu da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta lanbide-moduluak zein kurtsotan eman beharko diren.

        Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak arautu ditzakeen heziketa-eskaintzen arabera egokitu ahal izango da moduluen ordu-esleipena eta moduluak zein kurtsotan emango diren, dekretu honen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik.

  3. Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak (prestakuntzaldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen dutenak), eta ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ezartzen dira. II. eranskinean ezartzen da hori guztia.

  4. Lantokiko prestakuntzaren moduluari dagokionez, bigarren kurtsoaren azken 12 asteetan emango da. Modulu hori egin ahal izateko, ikastetxean egindako lanbide-modulu guztietan ebaluazio positiboa lortu behar da.

  5. Europako Batzordeak ezarritako oinarrizko konpetentziak garatzeko eta sakontzeko gomendioei jarraituz eta lehentasuneko arloekin lotzen den prestakuntzaren garapenaren indarrez, curriculumean Ingeles teknikoa modulua txertatuta landuko da heziketa-ziklo horretan atzerriko hizkuntza, betiere Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehazten dira.

  1. Heziketa-zikloko modulu bakoitzerako irakasleen espezialitateak eta irakasteko eskumena IV. eranskinaren 1. atalean ezartzen dira.

  2. Irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezartzen dira. Irakasleen espezialitateetarako 1. atalean adierazten diren titulazio baliokideak (irakaskuntzaren ondorioetarako) IV. eranskinaren 2. atalean jasotzen dira.

  3. Hezkuntzakoaz bestelako administrazioetan barne hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko beharrezko titulazioak eta beste edozein eskakizun IV. eranskinaren 3. atalean zehazten dira.

Mekanizazioko teknikari-tituluaren jabe izateak aukera ematen du:

  1. Erdi-mailako beste edozein heziketa-ziklotan zuzenean sartzeko.

  2. Mekanizazioko teknikari-tituluak aukera emango du, hemezortzi urte beteta izanez gero eta dagokion salbuespenaren kaltetan izan gabe, lanbide-arlo bereko heziketa-zikloetan proba bidez sartzeko; baita beste heziketa-ziklo batzuetan sartzeko ere, eskatutako zikloetarako lotura ematen duen batxilergoaren modalitate berekoak direnean.

  3. Mekanizazioko teknikari-tituluak aukera emango du Batxilergoko edozein modalitatetan sartzeko, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 44.1 artikuluan eta abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 16.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

  1. Zenbait heziketa-ziklok komunak dituzten lanbide-moduluak baliozkotu egingo dira, baldin eta izen berekoak, eduki berekoak, ikaskuntzaren emaitza gisa adierazitako helburu berekoak, ebaluazio-irizpide berekoak eta antzeko iraupenekoak badira. Nolanahi ere, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua edo Enpresa eta ekimen sortzailea modulua gaindituta dituenak modulu horiek baliozkotuta izango ditu lege horren babespeko beste edozein ziklotan.

  2. Urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide-moduluen eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritakoen arteko baliozkotzeak V. eranskinean adierazten dira.

  3. Otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, Lantokiko presta­kuntza lanbide-modulua osorik edo zati batean sal­buestea erabaki ahal izango da, baldin eta heziketa-ziklo honekin lotutako lan-esperientzia egiaztatzen bada, ­artikulu horretan jasotako baldintzen arabera.

  4. «Laneko prestakuntza eta orientabidea» modulua baliozkotu ahal izateko, abenduaren 15eko Errege Dekretuaren 1538/2006 45.3 artikuluan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, gutxienez urtebeteko lan-esperientzia egiaztatu eta laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako teknikari-ziurtagiria izan beharko da. Ziurtagiriak prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera luzatua izan behar du.

  5. Enpresa eta ekimen sortzailea modulua baliozkotu ahal izateko, abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 45.3 artikuluan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko da.

  6. Titulu honen profilarekin lotzen diren konpetentzia-unitate guztiak Aintzatespen eta Ebaluazio Sistemaren bidez egiaztatu dituztenek Ingeles teknikoko modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko dute, abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 45.3 artikuluan xedatutakoaren indarrez.

  7. Ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztatzen diren konpetentzia-atalen eta moduluen arteko egokitasuna (horiek baliozkotzeko), eta titulu honetako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna (horiek egiaztatzeko) VI. eranskinean jasotzen dira.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ziklo honetako irakaskuntzak araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola, moduluen iraupena eta sekuentziazioa) arautuko ditu, hala badagokio.

  1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamaikagarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Hezkuntzari eta Hezkuntzako Erreforma Finantzatzeari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorreko teknikari laguntzailearen tituluek urriaren 29ko 1398/2007 Errege Dekretuan ezarritako Mekanizazioko teknikari-tituluaren ondorio profesional berberak izango dituzte. Hona aipatutako tituluak:

    Mekanikako teknikari laguntzailea, Metala adarra.

    Mekanikako teknikari laguntzailea (Armak), Metala adarra.

    Optikako teknikari laguntzailea, Metala adarra.

    Makina-erreminten eragiketako teknikari laguntzailea, Metala adarra.

    Makina-erremintetako teknikari laguntzailea, Metala adarra.

    Araututako lanbideetan jarduteko gaitzen duten xedapenak betetzearen kaltetan izan gabe ulertuko dira baliokidetasun horiek.

  2. Abenduaren 16ko 2419/1994 Errege Dekretuak ezarritako Mekanizazioko teknikari-tituluak urriaren 29ko 1398/2007 Errege Dekretuan ezarritako Mekanizazioko teknikari-tituluaren ondorio profesional eta akademiko berberak izango ditu.

  3. Errege-dekretu honetan Laneko prestakuntza eta orientabidea lanbide-modulurako ezarritako prestakuntzak trebatu egiten du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueretarako urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritako lanbide-erantzukizunez arduratzeko. Errege-dekretu horrek prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen du.

Indargabetuta geratu dira Dekretu honen aurka egiten duten lerrun bereko edo txikiagoko arauak.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko urriaren 6an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.