Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

427/2009 DEKRETUA, ekainaren 30ekoa, instalazio termiko eta fluidodunen proiektuak garatzeko goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 187
  • Hurrenkera-zk.: 5253
  • Xedapen-zk.: 427
  • Xedapen-data: 2009/06/30
  • Argitaratze-data: 2009/09/29

Testu legala

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1. artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30 eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6 artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, lanbide-heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 6. artikuluan definitzen da lanbide-heziketako tituluen egitura. Horretarako, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako jarraibideak, eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk hartu dira kontuan. Bestalde, Errege Dekretu horren 7. artikuluak zehazten du titulu horien lanbide-profila, eta horren barnean hartuko dira konpetentzia orokorra, konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak, eta, hala badagokio, tituluei dagozkien Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak.

Otsailaren 15eko 219/2008 Errege Dekretuak Instalazio termiko eta fluidodunen proiektuak garatzeko goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen du eta haren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen ditu. Azken arau horrek, hain zuzen ere, ordezkatzen du abenduaren 22ko 2042/1995 Errege Dekretuak ezarritako «Fluido-, bero- eta manutentzio-instalazioen proiektuen garapeneko» goi-mailako teknikariaren tituluaren erregulazioa.

Bestetik, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 1538/2006 Errege Dekretuaren 17. artikuluak xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek ezarriko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, Errege Dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.

Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 140.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egiteke».

Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak, hezkuntza-sistemaren barruan, Lanbide Heziketaren antolamendua eta araudia, eta hura garatzeko jarraibideak ezartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako.

Azaldutako aurrekarien arabera, Dekretu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegorako ezartzea Instalazio termiko eta fluidodunen proiektuak garatzeko goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma, betiere Instalazio termiko eta fluidodunen proiektuak garatzeko goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen duen otsailaren 15eko 219/2008 Errege Dekretuaren babesean.

Instalazio termiko eta fluidodunen proiektuak garatzeko goi-mailako teknikariaren tituluaren curriculumean honako alderdi hauek deskribatzen dira: batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak eta konpetentzia-atalak zerrendatzen dira, eta konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak deskribatzen dira); eta, bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta lanbide-moduluen bidez, besteak beste, ezarritako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak barne hartuta).

Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atera dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleak bereganatu behar dituen ikaskuntzaren emaitzak lortzeko lehen iturria dira.

Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.

Honako Dekretu hau bideratzean, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.

Hori dela-eta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak proposatuta, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostenarekin eta gainerako aginduzko txostenekin, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, irailaren 12ko 167/2006 Dekretuak onartutako antolamendu eta funtzionamendu erregelamenduaren 33. artikuluak zehazten duenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko ekainaren 30ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Dekretu honek Instalazio termiko eta fluidodunen proiektuak garatzeko goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegorako.

  2. Ikastetxeak duen autonomia pedagogikoaren eta antolamendukoaren ildotik, hari dagokio bere Ikastetxearen Ikasketa Proiektua ezartzea, eta proiektu horretan ezarriko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko, eta lanbide-moduluen programazioak prestatzeari buruzko irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.

  3. Ikastetxearen Ikasketa Proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle-taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta (oso garrantzitsua) irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.

Instalazio termiko eta fluidodunen proiektuak garatzeko goi-mailako teknikariaren titulua honako elementu hauek identifikatzen dute:

Izena: Instalazio termiko eta fluidodunen proiektuak garatzea.

Maila: Goi-mailako Lanbide Heziketa.

Iraupena: 2.000 ordu.

Lanbide-arloa: Instalatze- eta mantentze-lanak.

Kodea: INSN-5b (Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).

Tituluari dagokion lanbide-profila, konpetentzia orokorraren, konpetentzia profesionalen, pertsonalen eta sozialen, lanbide-kualifikazioen eta konpetentzia-atalen bidez adierazten da.

  1. Titulu honen konpetentzia orokorra da proiektuak garatzea eta industria-prozesuetan eta eraikinetan instalazio termikoak eta fluidodunak muntatzeko lanak planifikatzea, ezarritako erregelamendu eta arauen arabera, eta kalitate, segurtasun, laneko arriskuen prebentzio eta ingurumenarekiko errespetuko protokoloak jarraituz.

  2. Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.

    Honako hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:

    1. Obrako edo aurreproiektuko abiapuntuko datuak lortzea eta kokalekuaren ezaugarriak identifikatzea, dokumentazio teknikoa lantzeko.

    2. Enpresaren politika eta aplikatzekoa den araudia abiapuntu izanik, instalazioetako ekipamenduek eta elementuek bete beharreko homologazio-ezaugarriak definitzea.

    3. Lortutako datuetan oinarrituta, planoak, eskemak eta abar marraztea, eta, horretarako, bezeroaren eskakizunak eta araudia betetzea.

    4. Instalazioak konfiguratzea eta instalazioa osatzen duten ekipoak eta elementuak hautatzea eta dimentsionatzea, eta, horretarako, bezeroaren eskakizunak eta indarrean dagoen araudia betetzea.

    5. Dokumentazio teknikoa edo obraren ezaugarriak abiapuntu izanik, instalazioen muntaia, probak eta protokoloak planifikatzea.

    6. Obra-unitateak zehaztea, horien motak kontuan izanik eta neurketak eginez.

    7. Egindako neurketetan oinarrituta, instalazioak muntatzeko aurrekontua egitea, obra-unitateekin lotzen diren kostuak aplikatuz.

    8. Fabrikatzaileen gomendioak eta araudia abiapuntu izanik, mantentze-lanen programa lantzea.

    9. Dokumentazio teknikoa eta administratiboa lantzea, betiere indarrean dagoen erregelamentazioa betez, eta muntaia-zehaztapenei, proben protokoloari eta zerbitzuaren eta mantentzearen arloko argibideen eskuliburuari jarraituz.

    10. Sektoreko berezko informazioaren eta komunikazioaren teknologiak aplikatzea, eta etengabe eguneratuta egotea.

    11. Lantokia garbi eta txukun mantentzea, eta konpetentzia teknikoko arauak eta laneko osasun-eskakizunak betetzea.

    12. Pertsona egokiarengana jotzea eta kontsultak egitea, eta mendekoen autonomia errespetatzen jakitea, komeni denean informatuz.

    1. Nork bere lanaren esparruan berritzeko eta eguneratzeko izpirituari eustea, lan-inguruneko antolamenduaren aldaketetara eta aldaketa teknologikoetara egokitzearren.

    2. Sor daitezkeen egoera kolektiboak gidatzea, gatazka pertsonaletan eta lanekoetan bitartekari gisa jardutea, lan-giro atseginean lagunduz, eta, une oro, zintzotasunez, errespetuz eta tolerantziaz jardutea.

    3. Aldaketa teknologikoen eta antolamendukoen ondorioz sortzen diren lan-egoera berrietara eta lanpostuetara egokitzea.

    4. Ezarritako arauei eta prozedurei jarraituz, arazoak ebaztea eta norbanako erabakiak hartzea, bere eskumeneko esparruaren barruan definituak.

    5. Bere eskubideez baliatzea eta lan-harremanen ondoriozko betebeharrak betetzea, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera.

    6. Lanbide-karrera kudeatzea, enplegurako, autoenplegurako eta ikaskuntzarako aukerak aztertuz.

    7. Bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean parte-hartze aktiboa izatea, jarrera kritiko eta arduratsuarekin.

  3. Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-atalen zerrenda:

    Lanbide-kualifikazio osoak (182/2008 Errege Dekretua, otsailaren 8koa, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala osatzen duena, eta Instalatze- eta mantentze-lanak lanbide-arloko hamabi lanbide-kualifikazio ezartzen dituena). Honako konpetentzia-atalak hartzen ditu barnean:

    1. Bero-instalazioen proiektuak garatzea:

      UC1160_3: Bero-instalazioen ezaugarriak zehaztea.

      UC1161_3: Instalazio termikoetako instalazio elektriko osagarrien ezaugarriak zehaztea.

      UC1162_3: Instalazio termikoetako planoak garatzea.

      UC1163_3: Bero-instalazioetako muntaia, probak eta protokoloak planifikatzea eta zehaztea.

    2. Girotzeko eta aireztatzeko/erauzteko instalazioen proiektuak garatzea:

      UC1164_3: Girotzeko instalazioen ezaugarriak zehaztea.

      UC1165_3: Aireztatzeko/erauzteko instalazioen ezaugarriak zehaztea.

      UC1161_3: Instalazio termikoetako instalazio elektriko osagarrien ezaugarriak zehaztea.

      UC1162_3: Instalazio termikoetako planoak garatzea.

      UC1166_3: Girotzeko eta aireztatzeko/erauzteko instalazioetako muntaia, probak eta protokoloak planifikatzea eta zehaztea.

    3. Hotz-instalazioen proiektuak garatzea:

      UC1167_3: Hotz-instalazioen ezaugarriak zehaztea.

      UC1161_3: Instalazio termikoetako instalazio elektriko osagarrien ezaugarriak zehaztea.

      UC1162_3: Instalazio termikoetako planoak garatzea.

      UC1168_3: Hotz-instalazioetako muntaia, probak eta protokoloak planifikatzea eta zehaztea.

    4. Fluidoak banatzeko sareen eta sistemen proiektuak garatzea:

      UC1278_3: Fluidoak banatzeko sareen eta sistemen ezaugarriak zehaztea.

      UC1279_3: Fluidoak banatzeko sareen eta sistemen instalazio elektriko osagarrien ezaugarriak zehaztea.

      UC1280_3: Fluidoak banatzeko sareen eta sistemen planoak garatzea.

      UC1281_3: Fluidoak banatzeko sare eta sistemetako muntaia, probak eta protokoloak planifikatzea eta zehaztea.

  1. Irudi profesional honek instalazio termikoak eta fluidodunak muntatzeko eta mantentzeko industrietan egiten du lan. Industria horiek ur bero sanitarioaren produkzioko azpisektorean eta girotzeko (berotzeko, hozteko eta aireztatzeko) azpisektorean sartzen dira -industria-sektorearen eta eraikuntza eta obra zibileko sektorearen barruan-.

  2. Lanbide eta lanpostu garrantzitsuenak hauek dira:

    Bero-instalazioetako delineatzaile proiektugilea.

    Girotzeko eta aireztatzeko/erauzteko instalazioetako delineatzaile proiektugilea.

    Hotz-instalazioetako delineatzaile proiektugilea.

    Fluidoak banatzeko sareen eta sistemen instalazioetako delineatzaile proiektugilea.

    Bero-instalazioetako muntaien plangintzako teknikaria.

    Girotzeko eta aireztatzeko/erauzteko instalazioetako muntaien plangintzako teknikaria.

    Hotz-instalazioetako muntaien plangintzako teknikaria.

    Fluidoak banatzeko sareak eta sistemak muntatzeko prozesuen plangintzako teknikaria.

Heziketa-zikloaren irakaskuntzetan honako alderdi hauek sartzen dira:

  1. Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:

    1. Dokumentazio teknikoa aztertzea eta, horretarako, proiektuak garatzeko abiapuntuko datuak lortzeko informazio garrantzitsua identifikatzea eta interpretatzea.

    2. Instalazioen eskemak egitea eta, horretarako, espazioa neurtzea eta egiturazko elementuak identifikatzea, datuak obran bertan lortzeko.

    3. Ekipamenduak eta elementuak dimentsionatzea eta instalazioak konfiguratzeko kalkulu-prozedurak aplikatzea.

    4. Diseinu-baldintzak abiapuntu izanik, instalazioen karga termikoak kalkulatzea, ekipoak eta elementuak dimentsionatzearren.

    5. Ekipoen eta elementuen ezaugarri teknikoak konparatzea eta hainbat hornitzaileren katalogoak aztertzea, ekipo eta elementu horiek hautatzearren.

    6. Konfiguratutako instalazioa neurtzea, eta baloratzea eta aurrekontuak lantzeko obra-unitateen eta prezioen datu-baseak erabiltzea.

    7. Trazadura eta xehetasuneko planoak marraztea eta hasierako diagramak egitea, besteak beste, eta, horretarako ordenagailuz lagundutako diseinurako aplikazio informatikoak erabiltzea, dokumentazio grafikoa lantzeko.

    8. Muntaiako zehaztapenak, jarraibideen eskuliburuak eta abar aplikazio informatikoak erabiliz garatzea, proiektuaren dokumentazioa lantzeko.

    9. Instalazioak muntatzeko prozesuak definitzea, faseak identifikatzea eta muntaia-plana lantzeko baliabideak esleitzea.

    10. Arauzko informazioa identifikatzea, eta, horretarako, aplikatzekoa den araudia aztertzea eta sektorean erabiltzen diren formatuak betetzea, dokumentazio administratiboa lantzeko.

    11. Ingurumena babesteko eta laneko arriskuak prebenitzeko neurriak deskribatzea, eta laneko prozeduretan aplikatzekoa den araudia identifikatzea, ingurumena babesteko neurriak eta arauak betetzen diren ziurtatzeko.

    12. Lan-taldeko osagaietako bakoitzaren rolak deskribatzea eta kasu bakoitzaren erantzukizuna identifikatzea, kontsultak egiteko.

    1. Haren jardueran gertatzen diren teknologiaren, antolamenduaren, ekonomiaren eta lanaren arloko aldaketak identifikatzea eta lan-esparruan duten eragina aztertzea, berrikuntzaren izpirituari eusteko.

    2. Egoera kolektiboetan esku hartzeko moduak identifikatzea eta erabakiak hartzeko prozesua aztertzea, horietan gidari izateko.

    3. Proiektuak garatzeko kabinete bateko lan-jarduerak baloratzea, eta, lan-taldeetan parte hartzeko eta produkzio-helburuak lortzeko, prozesu orokorrean egiten duten ekarpena identifikatzea.

    4. Ikasteko aukerak eta lan-munduarekin duen harremana identifikatzea eta baloratzea, lan-merkatuko eskaintzak eta eskaerak aztertuta, eguneratze eta berrikuntzako kulturari eusteko.

    5. Negozio-aukerak antzematea, merkatuko eskaerak identifikatu eta aztertuta, enpresa txiki bat sortu eta kudeatzeko.

    6. Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua aztertu ondoren, gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.

  2. Honakoa da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:

    1. Sistema elektrikoak eta automatikoak.

    2. Ekipamendu eta instalazio termikoak.

    3. Instalazioak muntatzeko prozesuak.

    4. Instalazioen irudikapen grafikoa.

    5. Energia berriztagarriak eta eraginkortasun energetikoa.

    6. Girotzeko, berotzeko eta ur bero sanitarioko instalazioen konfigurazioa.

    7. Hotz-instalazioen konfigurazioa.

    8. Fluido-instalazioen konfigurazioa.

    9. Instalazioak muntatzeko plangintza.

    10. Instalazio termikoen eta fluidodunen proiektua.

    11. Ingeles teknikoa.

    12. Laneko prestakuntza eta orientabidea.

    1. Enpresa eta ekimen sortzailea

    2. Lantokiko prestakuntza.

      1. eranskinean zehaztu da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta lanbide-moduluak zein kurtsotan eman beharko diren.

        Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak arautu ditzakeen heziketa-eskaintzen arabera egokitu ahal izango da moduluen ordu-esleipena eta moduluak zein kurtsotan emango diren, dekretu honen 11. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik.

  3. Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak (prestakuntzaldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen dutenak), eta ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ezartzen dira. II. eranskinean ezartzen da hori guztia.

  4. Lantokiko prestakuntzako modulua, bestalde, bigarren kurtsoko azken 13 asteetan garatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztien ebaluazio positiboa lortu ondoren egingo da.

  5. Europako Batzordeak ezarritako oinarrizko konpetentziak garatzeko eta sakontzeko gomendioei jarraituz eta lehentasuneko arloekin lotzen den prestakuntzaren garapenaren indarrez, curriculumean Ingeles teknikoa modulua txertatuta landuko da heziketa-ziklo horretan atzerriko hizkuntza, betiere Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehazten dira.

  1. Heziketa-zikloko lanbide-modulu bakoitzerako irakasleen espezialitateak eta irakasteko eskumena IV. eranskinaren 1. atalean ezartzen dira.

  2. Irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezartzen dira. Irakasleen espezialitateetarako 1. atalean adierazten diren titulazio baliokideak (irakaskuntzaren ondorioetarako) IV. eranskinaren 2. atalean jasotzen dira.

  3. Hezkuntzakoaz bestelako administrazioetan barne hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko beharrezko titulazioak eta beste edozein eskakizun IV. eranskinaren 3. atalean zehazten dira.

Heziketa-ziklo honetan sartzeko lehentasuna izango dute Zientzia eta Teknologiako Batxilergoko modalitatea egin duten ikasleek.

Instalazio termiko eta fluidodunen proiektuak garatzeko goi-mailako teknikariaren tituluak honakorako aukera emango du:

  1. Goi-mailako edozein heziketa-ziklotara zuzenean sartzeko aukera emango du, betiere ezartzen diren sarbide-baldintzetan.

  2. Graduko unibertsitate-tituluetara bideratzen duten irakaskuntzetara zuzenean sartzeko aukera emango du, betiere ezartzen diren onarpen-baldintzetan.

  3. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zehaztuko du Instalazio Termiko eta Fluidodunen Proiektuak garatzeko goi-mailako teknikariaren titulua dutenen eta horrekin lotzen den graduko unibertsitate-titulua dutenen arteko baliozkotze-erregimena. Baliozkotzeko erregimena errazteko, 120 ECTS kreditu esleitu dira dekretu honetan ezarritako irakaskuntzetan, heziketa-ziklo honetako lanbide-moduluen artean.

  1. Zenbait heziketa-ziklok komunak dituzten lanbide-moduluak baliozkotu egingo dira, baldin eta izen berekoak, eduki berekoak, ikaskuntzaren emaitza gisa adierazitako helburu berekoak, ebaluazio-irizpide berekoak eta antzeko iraupenekoak badira. Nolanahi ere, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua edo Enpresa eta ekimen sortzailea modulua gaindituta dituenak modulu horiek baliozkotuta izango ditu lege horren babespeko beste edozein ziklotan.

  2. Urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide-moduluen eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritakoen arteko baliozkotzeak V. eranskinean adierazten dira.

  3. Otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, Lantokiko prestakuntza lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, baldin eta heziketa-ziklo honekin lotutako lan-esperientzia egiaztatzen bada, artikulu horretan jasotako baldintzen arabera.

  4. «Laneko prestakuntza eta orientabidea» modulua baliozkotu ahal izateko, abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 45.3 artikuluan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, gutxienez urtebeteko lan-esperientzia egiaztatu eta laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako teknikari-ziurtagiria izan beharko da. Ziurtagiriak prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera luzatua izan behar du.

  5. «Enpresa eta ekimen sortzailea» modulua baliozkotu ahal izateko, abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 45.3 artikuluan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko da.

  6. Titulu honen profilarekin lotzen diren konpetentzia-atal guztiak Aintzatespen eta Ebaluazio Sistemaren bidez egiaztatu dituztenek Ingeles teknikoko modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta proiektuko lanbide-modulua gainditzen badute. Edonola ere, gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko dute, abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 45.3 artikuluan xedatutakoaren indarrez.

  7. Ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztatzen diren konpetentzia-atalen eta moduluen arteko egokitasuna (horiek baliozkotzeko), eta titulu honetako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna (horiek egiaztatzeko) VI. eranskinean jasotzen dira.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ziklo honetako irakaskuntzak araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola, moduluen iraupena eta sekuentziazioa) arautuko ditu, hala badagokio.

  1. Abenduaren 22ko 2042/1995 Errege Dekretuak ezarritako «Fluido-, bero- eta manutentzio-instalazioen proiektuen garapeneko» teknikariaren tituluak otsailaren 15eko 219/2008 Errege Dekretuan ezarritako «Instalazio termiko eta fluidodunen proiektuak garatzeko» teknikariaren tituluaren ondorio profesional eta akademiko berberak izango ditu.

  2. Errege-dekretu honetan, «Laneko prestakuntza eta orientabidea» lanbide-modulurako ezarritako prestakuntzak trebatu egiten du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueretarako urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritako lanbide-erantzukizunez arduratzeko. Errege-dekretu horrek prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen du.

  3. Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, dekretu horretan biltzen diren elementuek ez dute osatzen inolako lanbide arauturen jardunaren erregulazioa.

  4. Era berean, otsailaren 15eko 219/2008 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriko 1. atalean ezarritako titulazio akademikoen baliokidetasunak hartuko dira aintzat, lanbide arautuak garatzeko gaitzen duten xedapenak betetzearen kalterik gabe.

Indargabetuta geratu dira dekretu honen aurka egiten duten lerrun bereko edo txikiagoko arauak.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko ekainaren 30a.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.