2018an, Eusko Jaurlaritzak 2,3 milioi euro inguru bideratu ditu landa garapeneko 22 proiektutara Arabako Mendialdea eskualdean, 6,26 milioi euroren inbertsioak eraginda
2019.eko otsailak 27
- Pasa den urtean, exekutibo autonomoak 18 milioi baino gehiagoren laguntzak onartu ditu euskal landa eta itsasertzeko udalerrien garapen sozialean eta dibertsifikazio ekonomikoan aurrera egiteko.
- Izki Landa Garapeneko Elkartearen babesa eta aholkularitza eduki dute proiektuek.
Bernedoko herrian dagoen Angus Etxea izeneko landa turismoko establezimendua; Loganivet nekazaritza eta abeltzaintzako enpresa eta Nora Denda merkataritzako establezimendua –biak Santikurutze Kanpezukoak–; eta Haranako Zaldiharana Zaldi Zentro Integratzailea; lau proiektu horiek dira Eusko Jaurlaritzak Landa eta itsasertzeko guneen garapenerako dituen laguntza programaren bitartez bultzatu dituen 22 proiektuetako batzuk.
Gaur goizean, Landa eta Itsasertzeko Garapenerako zuzendari Irma Basterra Izki Landa Garapeneko Elkarteko lehendakari Mikel Herradorrekin eta Arabako Mendialdeko herrietako alkate askorekin elkartu da, LEADER programaren laguntza eskuratu duten proiektu horiek bertatik bertara ezagutzeko.
Arabako Mendialdeari buruzko datu orokorrak
Leader proiektuak 2018an
LEADER laguntzak landatartasun gradurik handieneko udalerrien sustapenera, garapenera eta dibertsifikazio ekonomikora zuzenduta daude, eta helburu hauek dituzte, besteak beste: enpresak sortu, handitu eta modernizatzea; besteren konturako kontratazioak egitea; azpiegitura eta oinarrizko zerbitzuen eraikuntza eta konponketa; turismoaren sustapena; eta etxebizitzen eskuragarritasuna eta bizi kalitatea areagotzea.
2018an, eskualde honek 2,28 milioi euro baino gehiago eskuratu ditu guztira Leader programaren bitartez, eta diru horrekin ekimen publikoko zein ekimen pribatuko 20 proiektu finantzatu dira. Proiektu horietarako aurreikusitako inbertsioak 6,26 milioi euro baino gehiagokoak dira.
Azpiegiturek, oinarrizko zerbitzuek eta udalerriak eraberritzeko lanek eskuratu dute diru kopururik handiena. Hain zuzen, kontzeptu horren barruan 10 eskaera onartu dira, eta eskari horiek 1,6 milioi euroko diru laguntza eskuratu dute, inbertsioak 4,6 milioikoak izanik.
Horien ostean, enpresak sortu, handitu eta modernitzatzeko inbertsioetarako laguntzak izan dira handienak diru kopuruari dagokionez. Sei eskaera aurkeztu dira eta bost onartu dira, eta onartutako horietarako 621.500 euro jasoko dira, inbertsioak 1,45 milioi eurokoak izanik.
Etxebizitzarako laguntzei dagokienez, hiru eskari aurkeztu dira eta batek bakarrik eskuratu du diru laguntza. 25.000 euro eskuratu ditu, egin beharreko 120.000 euroko inbertsiorako.
Hiru proiektuk 17.000 euroko laguntzak eskuratu dituzte batera, nekazaritzakoak ez diren jardueretako enpresak sortzeko (start up), egin beharreko inbertsioa 31.500 eurokoa izanik. Besteren konturako kontratazioari dagokionez, 56.500 euroko inbertsioa eskatuko duen eskaera bat onartu da, eta horri 7.000 euro eman zaizkio.
Aurkeztutako proiektuen tipologiari dagokionez, zerbitzuen sektoreko autoenplegurako, landa inguruneko turismo enpresetako eta zerbitzuetako inbertsioetarako, zerbitzu enpresek egingo dituzten kontratazioetarako eta herritarrentzako oinarrizko ekipamenduen hornidurarako proiektuak dira. Denek herriko biztanleen bizi kalitatea hobetzen laguntzen dute eta eskualdearen garapen sozio-ekonomikoa eta jendea baserri guneetan kokatzea bultzatzen dute.
PROIEKTUA |
AURREKONTUA |
DIRU LAGUNTZA |
GR 38 TRABESIAREN KUDEAKETA |
20.759,13 |
10.163,00 |
AUTOENPLEGUA |
8.373,90 |
5.788,90 |
AUTOENPLEGUA |
2.400,00 |
1.188,00 |
MENDIALDEKO OGIA DENDA |
54.861,01 |
22.616,49 |
OKINA TABERNA-JATETXEA ETA LANDA ETXEA |
474.720,81 |
200.000,00 |
EBANISTERIA TAILERRAREN ETA LANDA ETXEAREN 1. FASEA |
101.049,82 |
41.954,52 |
APARTAMENTU TURISTIKOAK |
396.531,01 |
184.281,26 |
LANDA ETXEA |
431.800,00 |
172.694,45 |
KONTRATAZIOA |
56.560,00 |
7.000,00 |
ETXEBIZITZA BIRGAITZEA |
120.026,84 |
25.000 |
ZALDIHARANA 1. FASEA |
453.096,60 |
271.857,96 |
LOKALA BIRGAITZEA ASKOTARIKO ZERBITZUETARAKO |
53.584,24 |
24.771,99 |
OINARRIZKO ZERBITZUAK BERRITZEA |
1.967.749,85 |
571.288,63 |
UDAL ATERPETXEAREN 3. FASEA |
454.479,46 |
237.640,10 |
HERRIKO ARGITERIAK ORDEZTEA |
45.683,55 |
19.762,70 |
URBANIZAZIOAREN 1. FASEA |
1.525.806,45 |
448.434,52 |
HERRIKO ARGITERIAK ORDEZTEA |
3.772,05 |
377,58 |
HERRIKO ARGITERIA ORDEZTEA |
10.225,47 |
4.601,46 |
HERRIKO ARGITERIAREN EFIZIENTZIA ENERGETIKOA HOBETZEA |
29.605,10 |
11.377,24 |
UDAL ATERPETXEA EGOKITZEA ETA HANDITZEA |
52.358,84 |
23.561,47 |
Proiektu sozialak
Izaera sozialeko ekitaldiei dagokienez, 2018an bi ekitaldi lagundu dira diruz. Zehazki, “MTB KANPEZU 2018 XIX. Ibilaldia”, Ioar Kirol Elkarteak antolatua, eta Naturgolfek antolatutako “Challenge de España 2018” izeneko ekitaldia. Ekitaldi bien artean 31.000 euro inguruko inbertsioa egin behar izan da eta biek batera 11.300 euro eskuratu dituzte.
PROIEKTUA |
AURREKONTUA |
DIRU LAGUNTZA |
MTB KANPEZU 2018 XIX. Ibilaldia |
6.570 |
1.314 |
“Challenge de España 2018” |
24.367 |
10.000 |
Euskadiri buruzko datu orokorrak
2018an, Eusko Jaurlaritzak 18 milioi euro baino gehiagoren laguntzak onartu ditu Euskadiko landa eta itsasertzeko udalerrien garapen sozialean eta dibertsifikazio ekonomikoan aurrera egiteko asmoarekin. Landa garapenerako dituen programen bitartez eman ditu laguntza horiek, esaterako Leader, Erein eta Itsaspen programen bitartez, bai eta EAEko landa eta itsasertzeko inguruneak dinamizatzeko ekitaldi sozialak egiteko laguntzen bitartez ere.
Finantzatutako ia 600 proiektuek 50 milioi euroren inguruko inbertsioak aurreikusten dituzte eta batez ere enpresak sortzera, handitzera eta modernizatzera, besteren konturako kontratazioak egitera, oinarrizko azpiegitura eta zerbitzuak eraikitzera eta konpontzera, turismoa sustatzera, eta gune horietako biztanleen bizi kalitatea eta etxebizitzen sarbideak hobetzera zuzenduta daude.
Bisitatutako proiektuen gaineko datuak
Hauek dira goizean bisitatu diren proiektuak:
Angus Etxea Landa Turismoa (Bernedo)
Angus Etxea landa turismoko establezimendu bat da eta Bernedoko herrian dago. Udalerrian bertan bizi diren eta sektore primarioan diharduten bi anaiak osatutako sozietate zibil bat da sustatzailea. Establezimendu honekin nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduera dibertsifikatzen dute, behi ustiategiarekin lotuta eta angus arrazako behien aldeko apustu espezifikoa eginda. Sozietate zibilaren kideetako baten bikotekideak kudeatzen du landa turismoko lokala. Etxaldearen bisitak ordubete irauten du gutxi gorabehera, eta bisita horretan instalazioak eta behi etxalde bateko lana ikusten dira, eta ustiategiko bertako behi haragia dastatu ere egiten da. Proiektuaren inbertsioa 274.234 eurokoa da, eta eman zaion Leader laguntza 123.405,29 eurokoa.
Loganivet nekazaritza eta abeltzaintzako enpresa (Santikurutze Kanpezu)
Loganivet nekazaritza eta abeltzaintzako enpresa bat da eta Santikurutze Kanpezun dago. Herriko bikote batek osatzen du enpresa, eta eskualdeko eta probintziako beste herri batzuetako abeltzainei eta inguruko probintzietakoei albaitaritzako laguntza eskaintzeaz gain (enpresako kideetako bat albaitaria da) behi ustiategiak dituzte, non familiako kideek ere egiten duten lan. Enpresa hau handitzeak ahalbidetu du sektore primarioaren barruan logistikako zerbitzu berriak eskaintzea; izan ere, erabiltzaileek baratzetarako landareak, produktu fitosanitarioak, pentsuak eta ganaduarentzako jana erosi ditzakete bertan. Bi pertsonaren kontratazioa ere ekarri du. Langileak gazteak dira eta denak Santikurutze Kanpezun bizi dira. Enpresa handitzeko erabiliko den eraikina Kanpezuko industrialdean dago; beraz, bertako pabiloien jarduerari dagokionez gainbehera zegoen gune hori biziberritzen lagundu da. Proiektuaren inbertsioa 288.815 eurokoa da, eta eman zaion Leader laguntza 123.607 eurokoa.
Nora Denda (Santikurutze Kanpezu)
Nora Denda merkataritzako establezimendu bat da eta Santikurutze Kanpezun dago. Herrian bertan bizi den eta sektore komertzialean esperientzia duen emakume bat da sustatzailea. Herrian elikagai denda bat zuen, baina tokiko merkatuaren egoera dela-eta bertako eta hurbileko produktuetan espezializatu egin zen, bezeroekiko oso harreman pertsonala ere eskainita. Eguneroko kontsumoko produktuak saltzeaz gain dastatze zerbitzuaren aukera ere eskaintzen du (kafea, infusioak…gozogintzako eta opilgintzako produktuekin, esaterako). Proiektuaren inbertsioa 157.306 eurokoa da, eta eman zaion Leader laguntza 48.647 eurokoa.
Zaldiharana Zaldi Zentro Integratzailea (Harana)
Proiektu honen berezitasuna da zaldiak erabiliz minusbaliotasunak edo zailtasun fisiko edota burukoak dituzten pertsonentzako terapiak egitera bideratuta dagoela, hau da, pertsona horien bizi kalitatea hobetzea zaldia izanda profesional terapeutikoen eta desgaitasuna duen pertsonaren arteko komunikazio elementu nagusia.
Zerbitzua Euskadi osorako da, izan ere, goraka doan laguntza zerbitzua da eta ez dago Erkidegoaren lurralde osoan. Proiektuaren izaera berritzailea dela-eta Haranako udalerria zaldi terapiako jardueran honen erreferentzia bihurtu da, udalerriko turismoa eta aisialdia bultzatzeko asmoarekin, jarduera ekonomikoa eta soziala areagotzeko, erabiltzaile guztiak integratzeko balio du eta.
Lanpostuak sortzen dituen proiektutzat jotzen da (Terapian espezializatutako lanpostuak zein zaldin zaintzarako eta arretarako lanpostu orokorrak), eta 5 pertsona inguru dira hipoterapien zentrorako lan egin dezaketen pertsonak. Proiektua Harana udalerriaren pizgarri garrantzitsua da, populazio ezaugarriak eta jarduerarenak oso lotuta baitaude sektore primarioari.
Proiektuaren inbertsioa 453.096 eurokoa da, eta eman zaion Leader laguntza 271.857,96 eurokoa.