Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskadi Literatura-Sariak (2011)

Modalitateak:

  1. Euskarazko literatura.
  2. Gaztelaniazko literatura.
  3. Euskarazko haur eta gazte literatura.
  4. Gaztelaniazko haur eta gazte literatura.
  5. Euskarazko literatura itzulpena.
  6. Literatura lanaren ilustrazioa.
  7. Euskarazko saiakera.
  8. Gaztelaniazko saiakera.

Sarien izaera.

Euskadi literatura sariak 18.000 euro gordinez hornituta daude modalitate bakoitzeko. Diru-kopuru hori saritutako lanen egileei emango zaie. Saritutako pertsonek, era berean, Euskadi literatura sarientzat berariaz Jose Ibarrola Bellidok eginiko “Liburu Nabigatzaile” izeneko eskulturaren ale zenbatua jasoko dute.

Horrez gain, saritutako lanaren egileek (euskarazko itzulpenaren kasuan salbu) beste 4.000 euro gordin ere jaso izango dituzte, saritutako lana jatorrizkoa ez den beste hizkuntza batean argitaratzeko kontratua sinatu ostean.

Betekizunak

Euskadi literatura sariak eskuratzeko aukera, argitaratze unean bizirik dauden egileek idatzi, itzuli edo ilustratutako lanek izan ahalko dute. Lan horiek lehen aldiz 2010. urtean argitaratuak izan beharko dute, argitaratzeko urtea Lege-gordailuaren zenbakian agertzen dena izanda, eta zabalkundea egiteko bete beharreko lege-baldintzak betetzen dituztela. Lanaren zati idatziaren edo grafikoaren egilea pertsona fisikoak izango dira.

Hala ere, kasuan kasuko modalitatean sari hau azken hiru deialdietako batean jaso duten idazleen edo ilustratzaileen lanak alde batera utziko dira, nahiz eta goiko atalean zehaztutako baldintzak bete.

Modalitate bakoitzaren betekizunak:

  1. Euskarazko literatura: jatorriz euskaraz idatzitako literatura-sorkuntzako lanak, lehen aldiz 2010. urtean argitaratuak.
  2. Gaztelaniazko literatura: jatorriz gaztelaniaz idatzitako literatura-sorkuntzako lanak, lehen aldiz 2010. urtean argitaratuak.
  3. Euskarazko haur eta gazte literatura: jatorriz euskaraz idatzitako haur eta gazte literatura-sorkuntzako lanak, lehen aldiz 2010. urtean argitaratuak.
  4. Gaztelaniazko haur eta gazte literatura: jatorriz gaztelaniaz idatzitako haur eta gazte literatura-sorkuntzako lanak, lehen aldiz 2010. urtean argitaratuak.
  5. Euskarazko literatura itzulpena: beste edozein hizkuntzatatik euskarara itzulitako literatura itzulpen lan berriak, lehen aldiz 2010. urtean argitaratuak. Saria eskuratzeko aukera izango dute, baita ere, beste itzultzaile profesional batek gutxienez hamar urte lehenago argitaratutako lan beraren beste itzulpen batekin editatzen diren lanek.
  6. Literatura lanaren ilustrazioa: liburu tankeran argitaratutako literatura lanak, bai albumak edo liburu ilustratuak izan, nobela grafikoak, komikiak eta abar, ilustrazio-zati esanguratsua dutenak. Lanaren zati ilustratua originala izan behar du, aurretik liburu moduan argitaratu gabea alegia.
  7. Euskarazko saiakera: jatorriz euskaraz idatzitako saiakera-lanak, lehen aldiz 2010. urtean argitaratuak.
  8. Gaztelaniazko saiakera: jatorriz gaztelaniaz idatzitako saiakera-lanak, lehen aldiz 2010. urtean argitaratuak.

Gaztelaniazko literaturaren modalitatean, gaztelaniazko haur eta gazte literaturan, gaztelaniazko literatura lanen ilustrazioan eta gaztelaniazko saiakeran, egileek hauetako baldintza bat gutxienez bete beharko dute:

  1. Euskadiko Autonomia Erkidegoan jaio izana edo bertan administrazio-egoitza izatea agindu hau argitaratzen den unean, edo argitaratu aurretik ere administrazio-egoitza eduki izana urte batez gutxienik Euskadiko Autonomia Erkidegoan.
  2. Gaztelaniazko literaturaren modalitatean, gaztelaniazko haur eta gazte literaturan eta gaztelaniazko saiakeran, Euskadiko Autonomia Erkidegoko literatura-elkarteren baten barruan egotea. Literatura lanen ilustrazio sarian, Euskadiko Autonomia Erkidegoko ilustratzaile-elkarteren baten barruan egotea.
  3. Saria irabazteko lana Euskadiko Autonomia Erkidegoko argitaletxe batean argitaratu izana, edo Euskadiko Editoreen Elkartearekin edo Euskal Editoreen Elkartearekin loturiko argitaletxe batean.

Hautagaiak

Edozein pertsona fisikok zein juridikok, bai publikoak bai pribatuak, aurkeztu ahal izango ditu sarirako hautagaiak, baita lanaren egileak berak ere. Edonola ere, hautagaiak aurkezteko baino lehen lanaren egilearen aldez aurretiko onespen dokumentatua beharko da.

Dokumentazioa

Sarirako hautagai bakoitzarekin batera, I. eranskina (pdf, 166 kB) osorik betea eta lan hautagaiaren sei ale aurkeztu beharko dira, lana paperean argitaratzen bada, edo edizio digitalerako esteka hala badagokio.

Nora bidali

Lan hautagaiak honako helbide honetara bidali behar dira: Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritza; Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Epea

Sarirako hautagaiak aurkezteko epea, 2011ko apirilaren 28an hasi eta 2011ko maiatzaren 31n amaituko da.

Agindua

Agindua, 2011ko apirilaren 13koa (pdf, 159,99 kB), Kulturako sailburuarena, Euskadi literatura-sariak arautu eta horretarako dei egiten duena, 79. zenbakidun EHAAn argitaratua, 2011ko apirilaren 27an.