Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Euskadi literatura saria 1999


 
2001
2000
1999

1999



Euskarazko Euskadi literatura saria Anjel Lertxundi
ARGIZARIAREN EGUNAK
Alberdania Argitaletxea
 

Argizariaren egunak SARITUTAKOARI BURUZKO HAINBAT DATU
ANJEL LERTXUNDI (Orio, 1948) Maisu eta Filosofia eta Letra ikasketak egin zituen Donostia, Erroman eta Valentzian. Irakaskuntzan eta kazetaritzan aritu zen hainbat urtez. Idazlea eta telebistako gidoigilea da. 1970. Urtean argitaratu zuen lehen liburua: Hunik arrats artean (Lur, 1970) , ipuin bilduma. Harrezkero, nobelaz eta ipuin bildumaz gainera, artikulugintza, saiakera eta haur eta gazte literatura landu ditu. Bereak dira, besteak beste, Goiko kale (Gero, 1973); Aise eman zenidan eskua (Erein,1979); Tristeak konsolatzeko makina (Erein, 1981) Hamaseigarrenean aidanez (Erein, 1983), Tobacco days (Erein 1887) Carla (Erein, 1989); Kapitain Frakasa (Erein, 1991); Otto Pette (Alberdania, 1994), Piztiaren izena (Alberdania, 1995), Azkenaz beste (Alberdania, 1996) eta Letrak kalekantoitik (Alberdania, 1996).

Gaztelaniara itzulia, bere zenbait ipuin solte ingelesera, frantsesera eta italiera itzuli dira. 1982an Euskadi Literatura Saria irabazi zuen Hamaseigarrenean aidanez eleberriagatik; nobela hau ondoren zinera eraman zen Lertxundi berak zuzenduta.

SARITUTAKO LIBURUAREN INGURUKOAK
Argizariaren egunak eleberria Ifrentzuak sailaren baitan txertatzen da, sail honi amaiera emateko nobela aukera du Lertxundik. Narrazio-forma berritzailea dakarkigu egileak Argizariaren egunak eleberri honetan, eta kontakizun ugariren (askotariko ikuspegien) arteko ispilu joko distiratsua lortu du.

Lertxundiren ispiluek ez dute, ordea, isla laurik eskaintzen, sakonera lerrarazten baitute irakurlearen soa, argizariaren malgutasunez txirikordaturik heriotza, amodioa eta erotasuna dantza hunkigarri batean. Izan ere, ba ote da gizakiaren bizi/herioa bil dezakeen metafora zuzenagorik, ezkoaren malgua baino?.

Ifrentzuak sailak ahozko tradizioa eta Europako tradizio idatzia ditu aztergai, autorearen begietan. Tradizio horiek ifrentzuz jarri eta azpil berriak bilatzen saiatu da Lertxundi. Gai zaharrak, betiko eta betirako gaiak, era moderno eta gustagarri batean ekarri ditu sailera. Gai horietako bat harturik, tonu, idazkera, garai eta estilo desberdinak landu ditu aurkiz eta ifrentzuz.




Gaztelaniazko Euskadi literatura saria Bernardo Atxaga
LISTA DE LOCOS Y OTROS ALFABETOS
Siruela Argitaletxea
 

Lista de locos y otros alfabetos SARITUTAKOARI BURUZKO HAINBAT DATU:
BERNARDO ATXAGA. -José Irazu Garmendia- (Asteasu, 1951). Ekonomi Zientzetan lizentziatu zen Bilboko Unibertsitatean. Eta Filosofia ikasi zuen Bartzelonako Unibertsitatean. Hasiera batean ekonomilari, euskara irakasle, liburu saltzaile, inprimategi batean langile, irrati gidoigile...izan zen.

1980n bere literatur lanari egun osoz ekitea erabaki zuen. 1972n bere lehenengo testua argitaratu zuen, Gabriel Arestiren babesarekin. 1976n bere lehenengo nobela laburra argitaratu zuen, Ziutateaz eta 1978n bere lehenengo poesi liburua, Etiopia. Lan biok kritikaren saria irabazi zuten Euskal Herrian. Obabakoak (Erein, 1988) ipuin-liburuarekin Euskal Herriko hainbat sari irabazteaz gain urte horretarako Espainiako Literatura Sari Nazionala irabazi zuen, Obabakoak euskaratik hamasei hizkuntzetara itzuli da eta beste bost hizkuntzetara moldatzeko bidean da.

Atxagak literaturaren hainbat arlo jorratu ditu, hala nola: eleberria, Behi euskaldun baten memoriak (Pamiela, 1991), Gizona bere bakardadean (Pamiela, 1993); eleberri laburra, Bi anaia (Erein, 1985), Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian (Erein, 1985), Henry Bengoa inventarim, Sugeak txoriak begiratzen dionean, Zeru horiek (Erein, 1995), Sara izeneko gizona (Pamiela 1996); poesia, Etiopia (Pott, 1978), Nueva Etiopia (Detursa, 1997), haur literatura, Chuck Aranberri dentista baten etxean (Erein, 1985), Nikolasaren abenturak, Ramuntxo detektibe (Elkar 1979), Siberiako ipuin eta kantak Ereinek argitaratutako lau libururen bilduma - Jimmy Potxolo, Antonino apreta, Asto bat hipodromoan, Txitoen istorioa-, Elkar-ek argitaratutako Flammery eta bere astokiloak, Xolak badu lehoien berri (Erein, 1995), Xola eta basurdeak (Erein 1996)- liburu honengatik, 1997ko Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria irabazi zuen-, Mundua eta Markoni (BBK fundazioa, 1995); alfabetoak: Zuk-zuk jaunaren alfabeto berria (Zirriska,1995), Groenlandiako lekzioa (Erein,1998) eta Lista de locos y otros alfabetos (Siruela, 1998); antzerkia: Logalea zuekan ekilibristaren kasoa (Maskarada taldeak antzeztua), Henry Bengoa inventarim (Hika taldeak antzeztua) Emigración, 1 (Geroa taldeak antzeztua), Shola eta lehoiak (Porpol taldeak antzeztua).

Bernardo Atxaga-k euskeraz idazten du eta berak berridazten ditu bere liburuak gaztelaniaz. Obabakoak liburuarekin gertatu den legez, bere hainbat lan hizkuntza desberdinetara itzuli dira. Berari buruzko aipamenak eta artikuluak mundu osoko egunkari eta aldizkari anitzetan aurki ditzakegu.

SARITUTAKO LIBURUAREN INGURUKOAK
"Dicen que los monjes de hace ocho o nueve siglos debían enfrentarse a públicos lejanos, a veces hostiles, reacios siempre a marchar tras los pasos de una demostración teológica o de una condena moral, y que de esta dificultad y de la necesidad de vencerla surgieron los Alphabetum enxiempla. Se trataba de que el peso de los discursos estuviera bien repartido, y de que cada una de las veintitantas letras del alfabeto correspondiente contribuyera a llevar la carga: que la A demostrara la existencia del Alma, por ejemplo; o que la B tuviera a bien hablar de San Basilio (...) Cuando uno de estos alfabetos llegó a mis manos, yo ya estaba preparado para entender de qué servía aquel artilugio verbal (...) Decidí, pues, sin apenas dudarlo, apropiarme del método; pasó un año y ya llegaban mis alfabetos para ser leídos en los lugares más dispares. Mis amigos comenzaron a preocuparse."

Horrela azaltzen du Bernardo Atxagak liburu honetan bildu dituen 15 alfabetoak egitera bultzatu zuen ideia. Ertaroko alfabetoetan ez bezala, Atxagak idatzi dituen hauetan teologia ez da gai nagusia, aldiz literatura eta kontakizunak idazteko erak, idazketa eta hizkuntza dira bertan sakontzen diren gaiak. Letren antzerkia bailitzan, letra bakoitzak irakurzaletasunaren misterioan murgiltzen gaitu, antzezlan horretan irakurlea antzezle bilakatzen da eta horrela, hizkiek kontzeptuak eta oroimenak ekartzen dizkigute gogora.

Idazlan oso desberdinak biltzen dira liburu honeta. Narratiboak eta didaktikoak une berean, berritzaileak dira eta antzinatasunarekin lotzen gaituzte. Euskal literaturaren inguruko aipamenak, Borges-en literaturaren aipamenekin bat egiten dute eta Plagioaren goraipamenaren ondoan itsas kantua azaltzen zaigu. Hau guztia Atxagak berezkoa duren estilo eta originaltasunarekin idatzia.



Haur eta Gazte literatura saria Juan Kruz Igerabide
JONAS ETA HOZKAILU BELDURTIA
Aizkorri Argitaletxea
 

Jonas eta hozkailu beldurtia SARITUTAKOARI BURUZKO HAINBAT DATU:
Juan Kruz Igerabide (Aduna, 1956). Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea. Haur eta gazte literaturaren alorrean eskarmentu zabaleko idazle honek poesia eta aforismoak landu ditu, horren lekuko dira Sarean leiho, poesia liburua (Alberdania, 1994) edo Herrenaren arrastoan, aforismo liburua (Alberdania, 1998).

Haur eta gazte literaturaren sailean alor desberdinak landu ditu: Begi-niniaren poemak, poesia (Erein, 1992). Tilin-talan, ipuinak (Elkar, 1992), Egunez parke batean (Grigor eta erlearen ipuinak) (Alberdania, 1994), Gauez zoo batean (Grigor eta erlearen ipuinak) (Alberdania, 1995), Denboraldi bat hospitalean (Grigor eta erlearen ipuinak) (Alberdania, 1995), Oporraldi bat baserrian (Grigor eta erlearen ipuinak) (Alberdania, 1996), Neskatxa telepatikoa (Edebé, 1996), Andretxo bizardunaren uhartea (Edebé, 1997), Gau-gau-gau, nobela laburra -Karlos Linazasororekin batera- (SM, 1997) (Bapore Saria, 1997), Atea koxkox, ipuina (Elkarlanean, 1997), Bota ura (nire terrazatik) (Edebé, 1997), Haur korapiloak, poesia (Pamiela, 1997), Kartapazioko poemak - Karlos Linazasororekin batera- (Ibaizabal, 1998), Ametsontzi, ipuina (Elkarlanean, 1998).

Igerabideren hainbat liburu gaztelaniara eta katalanierara itzuli eta hizkuntza horietan argitaratu dira.

SARITUTAKO LIBURUAREN INGURUKOAK
Juan Kruz Igerabidek idatzi eta Mikel Valverdek ilustrazioaz jantzi duen ipuin honek, hiru urteko ume batek, Jonasek, ama erosketak egitera irten eta bera etxean bakarrik geratzen denean, pasatzen duen beldurra, ikara eta izua kontatzen eta azaltzen dizkigu.



Itzulpangintzarako Euskadi saria Juan Garzia Garmendia (Jorge Luis Borges)
IPUIN HAUTATUAK
Ibaizabal Argitaletxea - Literatura Unibertsala
 

Ipuin hautatuak

SARITUTAKOARI BURUZKO HAINBAT DATU:
JUAN GARZIA GARMENDIA (Legazpi, 1955). Filologia Hispanikoan lizentziatua Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Idazle, itzultzaile eta irakaslea. 1992-1993 epealdian EIZIE, Euskal Itzultzale, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkarteko presidentea izan zen.

Itzulpena, alor desberdinetan jorratu du, hala nola antzerkian (Bederen-1 eta Hika antzerki taldeentzat: Eclipse Vallejo-Najeraren antzerki lana, El relevo Celayarena eta Alpargatak euria ari duenean estatu batuar aktore talde batek idatzitako lanak itzuli zituen) eta literaturaren arlo desberdinetan, Esteve Caseponceren Na Lionor/ Lierni (Erein-Auskalo 1986), Herman Melvillen Bartlebi, the Scrivener/ Bartleby izkribatzailea (Erein,1991)lan honengatik Orixe Itzulpen Saria jaso zuen, Shakespeare`s sonnets/ Soneto hautatuak (Alberdania, 1995), R. Barthes-en Le dégré zéro de l`écriture /Idazkuntzaren zero gradua eta Le plaisir du texte/Testuaren atsegina (biak Klasikoak bildumaren baitan argitaratuak, 1996), G.K, Chesterton-en The man who was Thursday / Ostegun izan zen gizona (Ibaizabal, Literatura Unibertsala bilduma, 1997), Sistema periodikoa (Primo Leviren itzulpena, Alberdania, 1998).

Sorkuntza literarioan ere ugariak dira bere lanak, Pernixio (ipuin honengatik Ignacio Aldecoa ipuin saria jaso zuen, ondoren Euskal ipuinen antologia bat argitaratu zen -Alberdania, 1993-). Akaso (Erein, 1987), Kristo ipuina Tabernako zulokoak bilduma kolektiboan argitaratua (Erein,1990); Gabonak Gubbio-n (1991an Irun Hiria ipuin saria, 1992an Gipuzkoako Kutxak argitaratua), Itzalen itzal (1993), Sudur puntan mundua (1994, Antonio Mª Labaien saria, ipuina. Alberdania 1994). Fadoa Coimbran, eleberria (Alberdania,1995).

Azkenik, saiakera alorrean Txirritaren Baratzea norteko trenbidetik (Alberdania,1997) eta Joskera lantegi (IVAP,1997) liburuak argitaratu ditu.

SARITUTAKO LIBURUAREN INGURUKOAK:
Guztira Jorge Luis Borges (1899-1986) idazle argentinarrak idatzitako 26 ipuin itzuli eta jaso ditu Juan Garziak honako liburu honetan. Hots: La supersticiosa ética del lector / Pierre Menard, autor del Quijote/ La lotería en Babilonia / La Biblioteca de Babel / El jardín de senderos que se bifurcan / Funes el memorioso / Tema del traidor y del héroe / El sur / El inmortal / Los teólogos / Emma Zunz / El Aleph / El pudor de la historia / Diálogo sobre un diálogo / Argumentum ornithologicum / La trama / Borges y yo / In memorian JFK / El evangelio según San Marcos / Hengist quiere hombres / Episodio del enemigo / El Congreso / El espejo y la máscara / El disco / El libro de arena / Epílogo

Borgesen ipuinen bataz besteko luzerak posible egiten du liburu bakar batean haren lanaren erakusgarri aski zabala ematea. Ipuin hautatuak izeneko honetan 26 pieza bildu dira, mende honetako literatur eredua aldatu dutenetarikoak. Kronologikoki ordenaturik datoz, eta Borgesek landu zituen joera nagusiak ordezkatu nahi izan dira (kasuren batean, ipuin hutsetik apartatzen den altxorren bat ere sartuz), beti ere bilduma koherente eta adierazgarri bat osatzeko asmoz. Borgesen hizlauzko lanen aukera ahalik eta zabalena egiteaz bat, liburu gisa atseginez irakurtzeko antolatzea izan da, hain zuzen, antologia honen helburua.

Liburu honen itzulpena Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak EIZIErekin Literatura Ondare Unibertsaleko Obra Nagusien Bilduma euskarara itzultzeko sinatutako hitzarmenaren barruan burutu da.



zabaltzen saria Andoni Egaña
PAUSOA NOIZ LUZATU
Alberdania Argitaletxea
 

Pausoa noiz luzatu SARITUTAKOARI BURUZKO HAINBAT DATU:
ANDONI EGAÑA (Zarautz, 1961). Euskal Filologia ikasketak egin zituen Gasteizen. Bertsolaria, 1993 eta 1997ko Bertsolari Txapelketa Nagusietan txapeldun izatera iritsi zen. Literaturgintzan ere bidea egina du: Sokratikoek ere badute ama (Erein, 1989) ipuin-bilduma izan zen argitaratu zuen lehen liburua eta haren ondoren Aitaren batean (Elkar, 1990) artikulu-bilduma ondu zuen. 1997an, eta Jon Sarasuarekin batera, Zozoak beleari (Alberdania) gutun-hizketa osatu zuen.

SARITUTAKO LIBURUAREN INGURUKOAK
Jaca, 1930eko abendua. Galán kapitaina eta haren soldaduak Errepublikaren alde matxinatzen dira. Kapitainak larrutik ordainduko du pausua garaiz aurretik luzatu izana.

Zarautz 1960. Lanbide Eskolako sortzaile eta zuzendari den fraidea Madrila eramango duen autoaren zain dago. Francok Eskolari eman dion saria jasotzera doa, Diktadorearentzako opari susmagarri bat eskutan duela. Inguruko batzuek luzeegi irizten diote egitera doan pausoari; beste batzuek, berriz, laburregi.

Nobela hau ez da bi une historiko horien kronika soila. Baina bada hori ere. Nobelan aurrera, Zarauzko fraidea Galán kapitainaren matxinoetako bat izan zela ikasten dugu. Era berean, ez da Frai Kandidoren biografia, haren erretratu polifonikoa osatzen bada ere.

Jacako matxinoak Errepublikaren alde odola emateko prest dauden heroi tragikoak dira. Frai Kandidok, ostera, ez du heroi izan nahi. Badu bere utopia, baina utopia horren alde bizi egin nahi du, eta bizi ahal izateko lagungarri zaion edozeri eta edonori heltzen dio, ingurukoen esamesak gorabehera.

Nobela honetan, gailurrera darama Andoni Egañak guztiz berezkoa duen distantziarako eta zehar-esanerako maisutasuna.

Azken eguneratzea: 2004/12/13