Etorkizuna. Laburpena
Etorkizunaren maskarapean iragana ezkutatzen da ia beti. Iragana da etengabe aldatzen dena. Guk aldatzen duguna. Behin eta berriro iraganeko istorioak elkarri (aldiro ezberdin) kontatuz, hura nahierara berreraikitzen saiatzen gara. Narratzaileak badaki orainari ere heltzen, ordea: IKEAko altzariek, Gasteizko parajeek zein protagonistek darabiltzaten musika erreferentziek istorioak oso leku eta garai zehatzetan kokatzen laguntzen dute. Iban Zalduak ez baitio berehala iragan izango den orainari itzuri egiten, eroso sentitzen da modernitateak eskaini dizkion lehengaiekin (pop kultura, komikia, B serieko jenero-literatura).
Zalduaren ipuingintzak bere-bereak dituen ezaugarriak aurkituko ditu hemen ere irakurleak: zientzia fikzio ukituko ipuinak, politikari buruzko elkarrizketak (Hamabost ipuin ia politiko direla gaztigatzen digu azpi-izenburuak), ironia eta sarkasmoa, giza-harremanen tirabira eta tranpak, egunerokotasunean txertaturiko fantasiazko “zulo beltzak”, miseria txiki zein deskalabru handiak.
Etorkizuna. Zatiak
Gehiago izan ziren, baina tira. La casa de Tócame Roque, esaten zidan amak etxeko unean-uneko egoeraz zerbait aipatzen nionean, “la vuestra parece la casa de Tócame Roque”. IKEAra joan ginenerako gauzak dezente aldatu ziren, ordea. Geroz eta jende gutxiago izaten genuen babestuta. Aldaketa pixkanaka gertatu zen, oharkabean, funtsezko aldaketa guztiak gertatzen diren moduan alegia. Halako batean jendea ez zen gurera etortzen asilo bila. (Sofarena)
Europako Konstituzioaren erreferendumaren biharamuna da gaur, eta Karlosek badaki gai hori izango dutela hizpide; aurreko enkontruan ere aipatu zuten zer edo zer. Ezetzaren aldeko agertu zen Karlos, eta Jorgek “bai” bozkatuko zuela iragarri zion. “Ez pentsa ni ere guztiz konbentzitzen nauenik konstituzioak –esan zion Jorgeri–. Baina AEBei eta Txinari tinko aurre egiteko modu bakarra begitantzen zaidak”. “Txinari aurre egiteko, diok? Inposatu genien ekonomia-lezioa bikain ikasi dutelako soilik? Gogoan hartu ezak Opioaren Gerrarena...”. “Ez hasi hire txaplata historikoekin, Karlos. Badakik zertaz ari naizen. Gainera, hire txinitoek tranpa egin zitean: ez al ziren ba komunista egin, halako batean? Eta orain atzera berriro ere, kapitalismoaren arauekin jokatzera? Ez zaidak guztiz garbia iruditzen...”. (Adulterioa)
Xabi gure koadrilakoa da. Festak gorroto ditu, edo zituen. Ez zuen jasaten auskalo zein mendetako baserritar apokrifoz janzteko ohitura hori, agian historialaria delako eta gauza horiek oso gaizki eramaten dituelako; guk, jakina, harekin bat egiten genuen, eta sekulakoak esaten genituen blusei buruz, farolen prozesioari buruz eta Andre Mari Zuri zikinari buruz ere. “Ez zakiat umerik izango dudan inoiz, baina zin egiten diat ez ditudala inoiz baserritarrez mozorrotuko”, aldarrikatzen zuen Xabik, eta guztiok topa egiten genuen horregatik.
Baina adinean gora egin dugu, bigundu gara eta, paternité oblige¸ koadrilako printzipio guztiei traizio egiten joan gara, edo ia guztiei. Baskitoz eta neskitaz jantzi ditugu umeak eta, batzuetan (min ematen du esateak), baita gure buruak ere. Denok, Xabik izan ezik: alabak tema handiaz eskatu bazion ere, hark ez zuen atzera egin, eta Uxue txikia izan zen, pasa den urteko festetan, pseudobaserritarrez jantzi ez zen koadrilako ume bakarra. (Gargantuarena)
Piztu nuenean ez nuen sorpresa berezirik hartu: azken batean, badira urte batzuk merkaturatu zirela Tetrak, eta, iragarkietan ez ezik, zenbait film eta telesailetan izan dugu haiek ikusteko aukera. Nire begien aurrean beste gela bat zabaldu zen, gris kolore ia metalikoduna, dirdira nimiño moduko bat isurtzen zuena etengabe; horregatik deitzen zaie Tetrei “gela grisak” ere. Sei metro luze eta sei metro zabal zen, eta hutsik zegoen, noski. Barrura sartu nintzen, eta pauso batzuk eman nituen, aurrera eta atzera, ezkerretik eskuinera: ez nuen ezer berezirik sentitu. Egia da –hori lehendik entzunda nuen– paretak ez daudela hotz, harrizkoak izan ohi diren bezala, eta ez direla erabat trinkoak, bigunak direla esaterik ez badago ere: zail samarra da esplikatzen. Edonola ere, IKEAn saltzen dituzten gailu itsaskor batzuk erabiliz, nahi erara apain daitezke Tetrak, posterrekin edo are koadroekin ere. Baina Tetren fanek nahiago izaten dute biluzik uztea “gela grisa”, erdian kuxin batzuez edota japoniar tankerako mahai baxu batez hornituta asko jota. (Konponbidea etxebizitzaren arazorako)
Oraindik ez dakit ziurtasun osoz nork aipatu zigun Mantxa turismoa egiteko leku egoki gisa: erruduna nire adiskide txirrindulari-sasiekologista horietako bat izan zela aldarrikatzen zuen Ainhizek, eta nik, ordea, Ainhizeren beraren bulegoko bati buruzko susmo txarrak nituen; ezin ados jarri eta, ondorioz, ez genuen jakin bidaia osoan zehar Kristorenak eta bi noren kontura bota, bata bestearen aurka ez bazen. Mantxa, edo, hobeto esanda, Gaztela-Mantxa, izugarri leku aspergarria iruditu baitzitzaigun, xarmarik gabekoa, oporretan joan behar izanez gero , zerrendaren amaieran kokatzeko moduko aukera. (Mantxa)
Aukera bakarra zegoen beraz. Iriarte doktoreak aspaldi erabaki zuen zein urtetara, zein unetara, nora egingo zuen denbora-jauzia. Ez zuen jakin-gose berezirik: ez zuen interes handirik, esaterako, Jesukristoren gurutziltzatzea zuzenean ikusteko, edo Waterlooko batailaren emaitza alda zezakeen une eta gune konkretura joateko. Bere asmoa xumeagoa zen, eta arranditsuagoa aldi berean: Euskal Herriaren historiaren norabidea aldatu nahi zuen. Eta hori egiteko aukeratua zuen momentua eta lekua.
Euskal Herriaren historia noiz hasi zen okertzen argi zeukan Iriartek: 1960ko hamarkadaren amaieran edo 1970ekoaren hasieran. Bere familian bertan ezagutu zuen samina: artean umea zela, 1982an, ETAk, tiroz hil zuen bere aita, Telefónica-ko ingeniaria. (Iriarte doktorearena)
Egia da. Pixka bat barregarria ere bada manifestazio horrena: iazkoan ez ginen laurogeita hamar bilduko; kalea izugarri zabala iruditu zitzaidan, bete ezinezkoa. Jendea oporretan dabil, kanpoan, Elena eta alaba bezala. Manifestazioan ez dut adiskiderik topatzen ere; ezagunen bat, asko jota: fundamentu askorik gabeko bi edo hiru minutuko berriketa. Normala ere bada: sindikatuko kuota ordaintzea baino egiten ez duen horietakoa naiz. Baina urtero joaten naiz Maiatzaren Bateko manifestaziora. Ez dut behin ere huts egin, azkeneko hamabost urteotan; lanean hasi nintzenetik, alegia. (Maiatzaren lehena)
Loti Ederraren ipuinarekin gogoratzen naiz batzuetan, gertatu zaidanaz pentsatzen jartzen naizenean, hots, ia beti; aitak askotan kontatu zidan txikitan, nire kutunetakoa baitzen. Maitagarri Gaiztoaren madarikazioa bete ez zedin Erregek emandako agindua da, hain zuzen ere, madarikazioa betetzea bermatuko duena: erresumako goru guztiak galaraztean, tresna ezagutzeko aukera kendu zion Printzesari, eta nahitaez ziztatu behar zuen behatza halako batekin lehenengoz topo egin zuenean. Nik gidabaimena hemezortzi urterekin atera izan banu ez nuen agian istripu hori izango. Ergelkeria bat da, badakit, baina ezinezkoa zait halako pentsamenduak saihestea. Halakoak eta are okerragoak, noski. (Aurpegia)